Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.12.67. 17/2010 Legea, ekainaren 3koa, Zeinu-hizkuntza Katalanari buruzkoa


8.4.12.67. 17/2010 Legea, ekainaren 3koa, Zeinu-hizkuntza Katalanari buruzkoa[1268]

HITZAURREA

Zeinu-hizkuntza katalana da zeinuak egiten dituzten Kataluniako gorren eta gor-itsuen hizkuntza. Keinu eta ikusmen bidezko hizkuntza naturala da, eta gorrek eta gor-itsuek erabiltzen dute lehen mailako hizkuntza-sistema gisa. Munduko edozein lekutako zeinu-hizkuntzen kasuan bezala, hizkuntza oso gisa ez zen aitortu xx. mendearen bigarren erdira arte, batez ere hura erabiltzen zuten pertsonen gizarte-diskriminazioarengatik eta hizkuntzalariek haien ezaugarriak ez ezagutzeagatik.

Gorren elkarte-mugimenduen emantzipazio-korrontearen eta hizkuntza-ikerketaren emaitzen ondorioz, zeinu-hizkuntzen erabiltzaileen eskubideak pixkanaka onartzen hasi ziren; izan ere, hizkuntza-ikerketa hark zeinu-hizkuntzen zuzenbide osoko hizkuntzen izaera frogatu zuen.

2005eko ekainetik, zeinu-hizkuntza katalanak bilduta du oinarrizko gramatika; gramatika horrek, lehendik zeuden zenbait material lexikografikorekin eta hizkuntza-ikerketako lan batzuekin batera, zeinu-hizkuntza katalanaren corpusaren deskripzioaren hasiera markatzen du eta hizkuntza hori arautzeko oinarri gisa balio behar du.

Kataluniako Hezkuntza Administrazioak tradizio luzea du jada haur gorrentzako ahozko hezkuntza-modalitatearen edo hezkuntza-modalitate elebidunaren arteko aukera askeko eskaintzan. Ildo horretan, gogorarazi behar da Katalunian haur gorrentzako irakaskuntzak esperientzia aitzindariak dituela, Bartzelonako Gor-mutuen Udal Eskola, esaterako (1800-1802).

Nabarmendu behar da ezen Katalunian zeinu-hizkuntza komunikabide gisa erabiltzen duten pertsonek zeinu-hizkuntza katalana erabiltzen dutela, hau da, zeinu-hizkuntzan ez da gertatzen lurralde berean hitz egiten diren ahozko hizkuntzen pareko elebitasun-erregimenik.

Bestalde, kontuan izan behar da gor guztiek ez dutela zeinu-hizkuntza erabiltzen komunikatzeko, eta, batez ere, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzen dituztela. Hala, zeinu-hizkuntza erabiltzen duten gorrak edo zeinu-erkidego gorrak aipatzen ditugu, batez ere zeinu-hizkuntzan komunikatzen diren gorren kolektiboaz ari garenean; oralistak, berriz, aipatzen ditugu, ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz komunikatzen diren gorrak aipatzen ditugunean.

Autonomia Estatutuaren 50.6 artikuluak ezartzen du zeinu-hizkuntza katalanaren erabilera bermatzea dela politika publikoen printzipio gidaria. Manu horrekin, Estatutua, Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuarekin batera, zeinu-hizkuntza, kasu honetan katalana, babestea arautzen duen estatuko lehenengo lege-testua da. Gainera, estatutu-mailarekin egiten du, eta horrek, Finlandiarekin eta Portugalekin batera, zeinu-hizkuntzaren lege-babesean jartzen du buru.

Era berean, Hezkuntzari buruzko uztailaren 10eko 12/2009 Legearen 81. eta 176. artikuluek hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleen arretari egiten diote erreferentzia.

Aurretik ere, Kataluniako Parlamentuak borondatea erakutsi zuen zeinu-hizkuntza katalana babesteko eta zabaltzeko. 1993ko otsailaren 17an, Zeinu-hizkuntza Erabiltzeko Zailtasunak Aztertzeko Batzordea eratu zen; batzorde horrek gai horretako erakunde, espezialista eta aditu guztiak hartu zituen agerraldian, eta 1993ko azaroaren 25eko bilkuran itxi zituen bere lanak, hizkuntza horri buruzko azken gomendio batzuk eginez. 1994ko ekainaren 30ean, azterlan-batzorde horren gomendioen ondorioz eta parlamentu-talde guztien ekimen bateratu batean oinarrituta, Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez onetsi zuen 163/IV ebazpena, zeinu-hizkuntza katalanaren ezagutza sustatzeari eta hedatzeari buruzkoa.

Europako Kontseiluak zeinu-hizkuntza aipatzen du, Gutxiengo Nazionalen Eskubideei buruzko 2001eko 1492 Gomendioaren esparru orokorrean. 12.XIII artikuluan, Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrak Europan erabiltzen diren zeinu-hizkuntzei Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutunak ematen duen babesaren antzekoa emateko eskatu du, eta estatu kideei eskatzen die, ahal dela, gomendio bat har dezaten. Gogoratu behar da, era berean, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak ezartzen duela hizkuntza guztiek izan behar dituztela eginkizun guztietan garatzeko behar diren baldintzak.

2003ko martxoaren 17an, beste urrats bat egin zen zeinu-hizkuntzak hizkuntza osotzat hartzeko. Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarraren 1598 Gomendioak, zeinu-hizkuntzak estatu kideetan babesteari buruzkoak, aitortzen du zeinu-hizkuntzek Europako kultura-aberastasunaren adierazgarri gisa duten balioa, eta baieztatzen du zeinu-hizkuntzak Europako hizkuntza- eta kultura-ondarearen elementu direla. Era berean, esplizituki komunikabide natural eta osotzat hartzen ditu zeinu-hizkuntzak, eta hizkerari buruz hitz egiteari uzten dio eta zeinu-hizkuntzari buruz hitz egiten hasten da. Azkenik, Ministroen Batzordeari gomendatzen dio estatu kideei adore eman diezaiela beren lurraldeetako zeinu-hizkuntzak formalki aitor ditzaten; interpreteak presta ditzaten; gorrei eskain diezaietela ahozko hezkuntza-modalitatea edo zeinu-hizkuntza darabilen modalitate elebiduna askatasunez hauta dezaten; gor helduei zeinu-hizkuntza irakasten saia daitezen; bigarren hezkuntza orokorrean zeinu-hizkuntzari buruzko prestakuntza sar dezaten; zeinu-hizkuntza heda dezaten telebista-programen bidez; lan didaktikoak susta ditzaten, eta, oro har, herritarrak sentibera ditzaten zeinu-hizkuntzarenganako.

Beste alde batetik, Nazio Batuen Erakundeak, 1993ko abenduaren 20ko 48/96 Ebazpenean, hauek aipatzen ditu: haur gorren hezkuntza-, familia- eta erkidego-eremuetan zeinu-hizkuntza erabiltzearen komenigarritasuna, eta zeinu-hizkuntzak interpretatzeko zerbitzuak emateko beharra.

Era berean, gor-itsuen eskubideei buruzko Europako Parlamentuaren 1/2004 Adierazpenak adierazten du ezen gor-itsuek Europar Batasuneko gainerako herritarren eskubide berak izan beharko lituzketela. Eskubide horiek estatu kide bakoitzari egokitutako legeriaren bidez bermatu behar dira, eta legeria horrek, besteak beste, laguntza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea jaso behar du.

Estatuaren eremuan, abenduaren 2ko 51/2003 Legeak, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak, beren-beregi xedatu zuen zeinu-hizkuntza eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautu behar zirela. Abiagune hartatik hasita burura heldu zen 2007. urtean, abenduaren 5eko 27/2007 Legea onetsi zenean; izan ere, lege horrek Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu zituen, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautu zituen. Diziplina anitzeko testua da, zeinak arautzen baitu, zeinu-hizkuntzen erabilera ez ezik, gorren eta gor-itsuen komunikaziorako laguntza-bitartekoen erabilera ere —pertsona horiek zeinugileak izan, zein oralistak izan—; laguntza-bitartekook, berriz, bide eman behar diete pertsona haiei komunikazio-oztopoak gainditzeko, eta bermatu behar diete informazioa, komunikazioa eta oinarrizko zerbitzu publikoak berdintasun-baldintzetan iristeko aukera. Lege horrek, era berean, ahozko hizkuntza edo zeinu-hizkuntza aukeratzeko askatasunaren printzipio orokorra aitortzen du. Era berean, espainiar zeinu-hizkuntzaren inguruko hizkuntza-manuak jasotzen ditu (ikaskuntza, hezkuntza, Espainiar Zeinu-hizkuntzaren Hizkuntza Normalizaziorako Zentroa sortzea). Beste alde batetik, eta zeinu-hizkuntza katalanari dagokionez, legez aitortzen du hizkuntza hori badela, baina ez du arautzen, zeren berariaz zehazten baitu, 1. artikuluan, Kataluniako Generalitatek duela eskumena hizkuntza hori lege eta erregelamendu bidez arautzeko. Azkenik, eta ez garrantzi txikiagokoa, oinarrizko araudia du gor edo gor-itsu zeinugileen edo gor edo gor-itsu oralisten parte-hartzeari, aukera-berdintasunari eta irisgarritasunari buruz; horretarako, alde batetik, espainiar zeinu-hizkuntzaren erabilera arautzen du, eta zeinu-hizkuntza katalanaren erregulaziora igortzen du, eta, beste aldetik, gorren eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu.

Katalunian, 2007ko apirilaren 11n, Parlamentuak aho batez onetsi zuen 32/VIII Ebazpena, zeinak Gobernua esplizituki babestu baitzuen lege-proiektu bat egiteko ekimenean zeinu-hizkuntza katalana aitortu eta sustatze aldera; ekimen hori 2007ko martxoaren 8an jendaurrera atera zuen Gobernuko presidenteordeak. Ebazpen horren arabera, hizkuntza-eremua bera arautu behar duen testua egiteko lanei ekin zitzaien, eta irisgarritasunaren arloko legeria orokorrerako utzi ziren aspektu hauek: hizkuntza horren erabilera, eta gorrek eta gor-itsuek komunikaziorako irispidea izango dutela bermatzeko komunikaziorako laguntza-bitartekoak.

Legean zuzenean interesa duten pertsonen parte-hartzea eta entzunaldia bermatzeko, hau da, zeinu-hizkuntza katalana komunikabide gisa erabiltzen duten pertsonen, hizkuntza horren interpretazioa egiten duten profesionalen eta haren araupetzea zaindu behar duten zientzialarien parte-hartzea eta entzunaldia bermatzeko, Presidenteordetza Sailak lantalde bat eratu zuen, Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak zuzendua eta lehen aipatutako eremuetan gor zeinugileen erkidegoko erakunde ordezkatzaileak direnek osatua; hauek dira eremuok: zeinu-hizkuntza katalanaren erabiltzaileak; haur gor zeinugileen gurasoak; zeinu-hizkuntza katalanaren interpreteak, eta Ikaskuntza Katalanen Institutua.

Lantalde hori 2007. eta 2008. urteetan batzartu zen, erregulazio-proposamenak egiteko, elkarrekin eztabaidatzeko eta adostasunez testu bat lortzeko; izan ere, testu hori Gobernuak 2008ko azaroan jendaurreko informazioan jarri zuen. Nabarmendu behar da ezen, jendaurreko informazioaren izapide horretan, lehen aldiz, testua zeinu-hizkuntzan ere erakutsi zela Generalitaten hizkuntza-atarian, eta ekintza gor zeinugileen erkidegoarekin koordinatu zela, erkidego horren webguneetatik ahalik eta zabalkunderik handiena egin zezaten; horren helburua hauxe izan zen: zuzenean eragindako pertsonen parte-hartze osoa bermatzea eta herritar guztiek legegintza-prozesurako irispidea izan zezaten ahalbidetzea.

Legea, beraz, lan horien, Gobernuaren bultzadaren eta Kataluniako Parlamentuak 32/VIII ebazpen horren bidez aho batez adierazitako borondatearen emaitza da, eta lege hau ematen da Generalitatek Autonomia Estatutuaren 127. eta 131. artikuluetatik eratorritako zeinu-hizkuntza katalana arautzeko dituen berezko eskumenak egikarituz; Estatutuaren 50.6 artikuluaren manua betetzen du, eta estatuaren oinarrizko araudia (27/2007 Legea) partzialki garatzen du zeinu-hizkuntzen eremuan.

Irisgarritasunari buruzko Kataluniako legeriari dagokio Autonomia Estatutuaren 50.6 artikuluak berak hizkuntza hori aukeratzen duten gorren berdintasuna lortzea ahalbidetu behar duten baldintzak bermatzeari buruz ezartzen duen manua garatzea, bai eta 27/2007 Estatuko Legea garatzea ere, betiere gorren eta gor-itsuen irisgarritasunarekin eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoekin zerikusia duten aspektuei dagokienez.

Zehazki, honako hauek dira lege honen gaiak: zeinu-hizkuntza katalana ikastea; zeinu-hizkuntza katalanaz irakastea; hizkuntza hori interpretatzeko egiaztapen profesionala ematea; instituzio akademikoa izendatzea, eta hizkuntza horrekin lotutako hizkuntza-politiketan gizartean parte hartzeko bideak aurreikustea. Legearen edukiaren eta irismenaren arabera, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailari dagokio zeinu-hizkuntza katalana Kataluniako hizkuntza-ondare gisa arautzea eta haren erregulazioa bultzatzea, eta hizkuntza horren araugintza, babesa eta zabalkundea zaintzea, hargatik eragotzi gabe gizarte-ekintzaren arloan eskumena duen sailaren bultzada, erregulazio honen eta irisgarritasunari buruzkoaren arteko loturari dagokionez.

Legeak hamaika artikulu ditu, hiru kapitulutan egituratuta. Lehenengo kapituluak legearen xedeari eta helburuei buruzko xedapen orokorrak jasotzen ditu, bai eta lege-definizioak ere. Bigarren kapituluak eskubidea bermatzen du Kataluniako administrazio publikoen eremuan zeinu-hizkuntza katalana erabiltzeko, eta hizkuntza horren ikaskuntza, irakaskuntza, ikerketa eta interpretazioa arautzen ditu. Hirugarren kapituluak, hedapenerako, araugintzarako eta parte-hartze sozialerako organoei buruzkoak, honako hauek ezartzen ditu: Generalitateko Administrazioaren eginkizunak; plangintzarako eta sustapenerako hizkuntza-politiken esleipen organikoa; zeinu-hizkuntza katalana arautzeko aginpidea, eta hizkuntza horrekin lotutako hizkuntza-politiketan parte-hartze sozialerako organo egonkor bat sortzea.

Legearen azken zatiari dagokionez, lehenengo xedapen gehigarriak xedatzen du ezen komunikazioaren irisgarritasunari buruzko araudiak arautu behar dituela zeinu-hizkuntza katalanaren erabilera eta zerbitzu publikoetarako irispidean egon behar duten ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak, betiere gorren eta gor-itsuen berdintasun-baldintzak bermatzearen esparruan. Bigarren xedapen gehigarriak hezkuntza-arloan eskumena duen sailari ahalmena ematen dio erregelamendu-xedapenak eman ditzan hezkuntza-modalitate elebidunean sartzeko baldintzei buruz. Azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Gobernuari legea garatzeko eta betearazteko, eta azken xedapenetako bigarrenak ezartzen du noiz jarriko den indarrean legea.

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.— Legearen xedea

Lege honen xedea zeinu-hizkuntza katalana arautzea da, Kataluniako gor eta gor-itsu zeinugileen berezko hizkuntza-sistema den aldetik.

2. artikulua.— Legearen helburuak

Lege honen helburuak dira:

a) Zeinu-hizkuntza katalana hizkuntza-sistematzat hartzea eta botere publikoek hizkuntza horren irakaskuntza eta babesa arautzea, betiere Autonomia Estatutuaren 50.6 artikuluarekin bat etorriz.

b) Zeinu-hizkuntza katalanaren ikaskuntza, irakaskuntza eta interpretazioa arautzea, eta organoak ezartzea eremu horretako politika publikoetan ikerketa eta sistematizaziorako, aholkularitzarako eta parte-hartze sozialerako.

c) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa printzipio informatzaile gisa bermatzea, zeina integratu behar baita zeinu-hizkuntza katalana arautzen duen araudiaren interpretazioan eta aplikazioan eta bete beharrekoa baita.

d) Zeinu-hizkuntza katalana katalanaren hizkuntza-eremuan dagoela eta haren ezagutza zabaltzea.

3. artikulua.— Definizioak

Lege honek ezartzen dituen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira oinarritzat:

a) Zeinu-hizkuntza katalana: Kataluniako gor zeinugileen hizkuntza edo keinu- eta ikus-modalitateko hizkuntza-sistema, zeinak gor-itsuek ere erabiltzen baitituzte beren zentzumen-egoeraren arabera egokituta.

b) Ahozko eta idatzizko hizkuntzak: idatzizko transkripzioa duten hizkuntzak edo ahozko eta entzunezko hizkuntza-sistemak.

c) Zeinugilea: zeinu-hizkuntza katalana erabiltzen duen pertsona, ingurunearekin komunikatzeko.

d) Zeinu-hizkuntzaren interpretea eta gidari-interpretea: zeinu-hizkuntza katalanez egindako informazioa interpretatzen eta ahozko zein idatzizko hizkuntzetara, eta alderantziz, itzultzen duten profesionalak. Gor-itsuen kasuan, komunikaziorako laguntzarako erabiltzen dituzten sistemei eta bitartekoei ere egiten die erreferentzia; izan ere, horiek komunikazioa testuinguruan jartzen duen eta mugikortasun-egoeretan gidari gisa jarduten duen ingurunearen informazioa ematen diete gor-itsuei.

e) Hezkuntza-modalitate elebiduna: hezkuntza-proiektu bat da, zeinean elkarrekin bizi baitira zeinu-hizkuntza katalana, ikasketa-gai eta komunikazio-hizkuntza gisa eta eskola-curriculumerako irispide gisa, eta ahozko zein idatzizko hizkuntza ofizialak, zeinak ikasketa-gai ere baitira.

II. KAPITULUA
Zeinu-hizkuntza erabiltzeko, ikasteko, irakasteko, ikertzeko eta interpretatzeko eskubidea

4. artikulua.— Zeinu-hizkuntza zerbitzu publikoetan erabiltzea

Gor eta gor-itsu zeinugileek bermatuta dute zeinu-hizkuntza katalana erabiltzeko eskubidea Kataluniako administrazio publikoetan, betiere lehenengo xedapen gehigarrian aipatzen den araudiaren arabera.

5. artikulua.— Zeinu-hizkuntza katalana ikastea

1. Hezkuntza-zerbitzu publikoek haur gorren eta gor-itsuen amei, aitei edo tutoreei informazioa bermatzen diete eskolatzeko dauden hezkuntza-modalitateei buruz, betiere gurasoek zein tutoreek aske aukeratu ahal izan dezaten ahozko hezkuntza-modalitatea edo hezkuntza-modalitate elebiduna —lehenengo modalitatean ahozko hizkuntza da komunikazio-hizkuntza, eta bigarrenean, berriz, zeinu-hizkuntza katalana da komunikazio-hizkuntza—, betiere Kataluniako hizkuntza ofizialak ikastearekin batera.

2. Eskola-eremuan, zeinu-hizkuntza katalanaren ikaskuntza bermatzen da hezkuntza-modalitate elebidunean, zeinean hizkuntza hori baita irakaskuntza-hizkuntza katalanarekin batera, zeina baita hezkuntza-sistemaren berezko hizkuntza eta komunikazio-hizkuntza, eta Kataluniako gainerako ahozko eta idatzizko hizkuntza ofizialen ikaskuntza.

3. Hezkuntzaren arloko eskumenak dituen sailak, ikasketa-plan orokorren bidez, zeinu-hizkuntza katalanaren berri eman behar du, eta hizkuntza-aniztasunaren balioekiko errespetua sustatu.

4. Unibertsitateaz kanpoko goi-mailako irakaskuntzan, zeinu-hizkuntza katalanaren titulazio profesionala eduki behar da.

5. Hezkuntza Administrazioak zeinu-hizkuntza katalanaren ikaskuntza errazten die gorrei eta gor-itsuei eta, oro har, hizkuntza hori ikasi nahi dutenei.

6. artikulua.— Zeinu-hizkuntza katalanaren irakaskuntza eta ikerketa

1. Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak, eskumena duten sailekin koordinatuta, erregelamendu bidez ezarri behar ditu irakasgaiak eta haiei dagokien ziurtagiria, betiere zeinu-hizkuntza katalana erabiltzen duten gorrekin eta gor-itsuekin lan egin behar duten irakasleek prestakuntza eta egiaztagiri egokiak dituztela bermatzeko.

2. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak prestakuntza-plan espezifikoak ezarri behar ditu ikasleei zeinu-hizkuntza katalanean arreta eman behar dieten irakasleentzat, bai eta prestakuntza horren ziurtagiria ere.

3. Gobernuak lehentasuna eman behar die zeinu-hizkuntza katalanari buruzko ikerketa-akordioei, Ikaskuntza Katalanen Institutuarekin eta unibertsitateekin, hargatik eragotzi gabe eremu horretan ikerketa-jarduerak egiten dituzten beste instituzio edo erakunde batzuekin ere akordioak lortzea.

7. artikulua.— Zeinu-hizkuntza katalanaren interpretazioa

1. Hezkuntza- eta lan-gaietan eskumena duten sailek ezarri behar dute zeinu-hizkuntza katalanaren interpretearen lanbide-kalifikazioa.

2. Generalitateko Administrazioak zeinu-hizkuntza katalanaren interpretazioko unibertsitate-prestakuntzaren eskaintza bultzatu behar du.

III. KAPITULUA
Zabalkunderako, araugintzarako eta parte-hartze sozialerako organoak

8. artikulua.— Zeinu-hizkuntza katalana sustatzea eta zabaltzea

1. Generalitateko Administrazioak zeinu-hizkuntza katalanaren berri eman behar du.

2. Generalitateko Administrazioak sustapena egin behar du administrazio publikoetako langileek zeinu-hizkuntza katalana ikas dezaten, betiere langileok ematen dituzten zerbitzuetan hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea bermatze aldera.

9. artikulua.— Zeinu-hizkuntza katalanaren inguruko hizkuntza-politikaren zuzendaritza, plangintza eta sailen arteko koordinazioa

Gobernuak, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailak proposatuta, erregelamendu bidez ezarri behar du zein den organo eskuduna zeinu-hizkuntza katalana hedatu eta sustatzeko hizkuntza-politikaren sailen arteko zuzendaritza, plangintza eta koordinazioa egiteko, hargatik eragotzi gabe zeinu-hizkuntzaren erabilera arautzeko eskumena duten sailek dituzten eskumenak gor eta gor-itsu zeinugileek zerbitzu publikoak iristeko, betiere indarrean dauden araudi sektorialen eta irisgarritasun-araudien arabera.

10. artikulua.— Agintaritza arauemailea

Ikaskuntza Katalanen Institutua da zeinu-hizkuntza katalanaren hizkuntza-arauak zehazten dituen eta haren ikerketa eta sistematizazioa bultzatzen duen instituzio akademikoa.

11. artikulua.— Zeinu-hizkuntza Katalanaren Gizarte Kontseilua

1. Gobernuak Zeinu-hizkuntza Katalanaren Gizarte Kontseilua sortu behar du, zeina egongo baita 9. artikuluan aipatzen den organoaren mende; kontseilu hori aholkularitza, kontsulta era parte-hartze sozialerako organoa izango da Gobernuak zeinu-hizkuntzari buruz duen hizkuntza-politikan.

2. Gobernuak, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailak proposatuta, Zeinu-hizkuntza Katalanaren Gizarte Kontseiluaren funtzionamendua, eginkizunak eta osaera arautu behar ditu; kontseilu horrek genero-parekotasunaren irizpideei erantzun behar die karguagatik kontseilukide ez diren pertsonak izendatzeko orduan. Edozelan ere, Kontseiluaren osaerak bermatu behar du zeinu-hizkuntza katalanaren erabiltzaileen eta profesionalen elkarte profesional eta zibikoek ordezkaritza egokia izango dutela.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Araugintza osagarria

Lege honen 4. artikuluan zeinu-hizkuntza katalanaren erabilerarako ezartzen den bermea gorren eta gor-itsuen komunikaziorako irisgarritasunari buruzko araudiarekin osatzen da, zeinak arautzen baititu zeinu-hizkuntza katalana komunikabide gisa erabiltzeko baldintzak, bai eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak ere, eta, betiere, zerbitzu publikoetarako irispidea berdintasun-baldintzetan bermatzen baitie.

Bigarren xedapen gehigarria.— Hezkuntza-modalitate elebidunerako irispidea

Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak erregelamendu bidez ezarri behar du zein diren baldintzak haur gorrek eta gor-itsuek hezkuntza-modalitate elebiduna irits dezaten, baldin eta haur horien gurasoek edo tutoreek modalitate hori aukeratu badute, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Erregelamendu-garapena

Gobernuak beharrezko xedapenak eman eta neurri egokiak hartu behar ditu lege hau garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.— Indarrean jartzea

Lege hau Kataluniako Generalitateko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper