Andres Urrutia
Santiago Larrazabal
Gotzon Lobera
«Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz (2. argitaraldi berrikusi eta emendatua) lanak berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen Euskaltzaindiak 2007an argitaratutako Hizkuntza-zuzenbidearekin alderatuz gero». Horrelaxe genioen 3. argitaraldian, 2021ekoan. Zazpigarren argitaraldi honi buruz, berriz, antzeko zerbait esan dezakegu testuen kopuruari buruz, ez formatuaren gainean, bera aurrekoaren berdina baita.
2026ko urtarrilaren 29an itxi dugu argitaraldi elektroniko hau, 2025eko apirilaren 1etik honako testuak jasoz. Horrela, 7. argitalpen berrikusi eta emendatu honen bitartez jarraipena eman zaio 2007an hasitako bideari.
Argitalpen honen bereizgarri nagusiak, aurrekoarekin alderatuz, testuen kopuruari eta bilaketak egiteko moduari dagozkie.
1. Hedadura instituzionala
7. argitaraldi honetan aurreko argitaraldian zeuden instituzio berak ageri dira.
2. Edukia
Alde batetik, 7. argitaraldi honetan, aurrekoaren bidetik jarraituz, hizkuntza-eskubideen alderdi pertsonala arautzen duten legeak sartu dira; beste alde batetik, hizkuntza-eskubideak jaso dira, bai xede-eskubideak direnak, bai tresna-eskubideak direnak (aurreko lau argitaraldien bide beretik); hirugarrenik, eta lorratz beretik, Espainiako Erresuma osoko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen eta erregioen testu instituzionalak, eta Frantziako Errepublikarenak ere ekarri dira argitalpen honetara, testu horien araudiek hizkuntza-eskubideak ukitzen dituztenean; laugarrenik, hizkuntza-zuzenbideaz ateko lege-testuak eta nazioarteko hitzarmenak sartu dira aldez edo moldez gizabanakoen hizkuntza-eskubideak ukitzen dituztenean. Ondorik, instituzio testu-emaileen batzar legegileen erregelamenduak ekarri dira argitalpen honetara. Azkenik, gaztelaniazko eta frantsesezko testu elebakarrak euskaratu egin dira.
Oin-oharrei dagokienez, 4. argitaraldian esan genuen legez, ohartu gara paperezko argitaraldietan erabiltzen diren erreferentzia batzuk ezin daitezkeela argitaraldi elektroniko batean eman, berbarako, id. eta horrelakoak. Arrazoia begi-bistan da: testuok kontsultatu nahi dituenak id. erreferentzia bat ikusten badu argitalpen elektroniko batean testuinguru barik jasotzen du. Arazo hori saihesteko, oin-oharren testuak errepikatu egin ditugu, irakurleak testu batera jotzen duenean informazio osoa jaso dezan tekla-joaldi batez.
Oin-oharrei dagokienez ere, esan behar da oin-oharrok eguneratu direla.
3. Denbora-eremua
Argitalpen elektroniko honen beste berritasun bat hauxe dugu: 2025. urteko apirilaren 1etik 2026ko urtarrilaren 29ra arteko testuak sartu ditugu.
4. Antolaketa
Antolaketaren ikuspegitik, ez dago aldaketarik seigarren argitaraldiarekin erkatuz gero.
5. Testuen kopurua
6. argitaralditik hona 40 testu berri sartu dira. Irakurleak 6. eta 7. argitaraldien datuak begi-bistan izan ditzan, zenbakiak emango ditugu jarraian:
Lehenengoz, Nazio Batuen atalean, lehen bezala, 36 testu daude.
Bigarren, FAOren atalean, lehen bezala, testu bat dago.
Hirugarren, LANEren atalean, lehen bezala, 3 daude.
Laugarren, UNESCOren atalean, 34 daude lehen bezala.
Bosgarren, Lankidetza Islamikorako Erakundearen atalean, lehen bezala, testu bat dago: Islamgo Giza Eskubideen Adierazpena.
Seigarren, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala da atal osoa, orain arte bezala.
Zazpigarren, Europar Batasunaren atalean, testuak 29tik 30era igaro dira. Izan ere, hauxe da banaketa: a) Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioaren azpiatalean, testu bi daude, lehen bezala; b) Europako Parlamentuaren azpiatalean, testuak 22tik 23ra igaro dira, eta c) Europako Kontseiluaren azpiatalean, 5 testu daude, lehen bezala.
Zortzigarren, Espainiako Erresumako Gorteei dagokienez, berriz, 8 testu sartu dira eta 151 testu ageri dira. Gainera, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Adingabearen Babes Juridikoarena, Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren aldaketa partziala egiteko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Senatuko Erregelamendua eta Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko Lege Organikoa eguneratu dira.
Bederatzigarren, Euskal Autonomia Erkidegoaren testuak 106tik 107ra igaro dira, testu bat gehituz.
Hamargarren, Nafarroako Foru Komunitatearen testuak 60tik 63ra igaro dira, hiru testu erantsiz.
Hamaikagarren, Espainiako Erresumako gainerako autonomia-erkidegoen atalean, 642 testutik 666ra igaro gara, 24 testu gehituz. Azpiatalak honelaxe banatzen dira: Andaluziak 54 testu ditu, hiru gehiago; Aragoik 53 testu ditu, aurreko argitaraldian bezala; Asturiasek 38 testu ditu, lehen bezala; Balear Uharteak 75etik 78ra igaro dira; Errioxa 37tik 40ra igaro da; Extremadura 29 testutik 30era igaro da; Galizia 83tik 84ra igaro da; Gaztela eta Leónek 16 testu ditu, lehen bezala; Gaztela-Mantxa 22 testutik 23ra igaro da; Kanariak 39tik 44ra igaro dira; Kantabria 18 testutik 22 testura igaro da; Katalunia 96tik 98ra igaro da; Madrilek berdin dirau 17 testurekin; Murtzia 27tik 28ra igaro da, eta Valentziak berdin dirau 41 testurekin.
Azkenik, Frantziako Errepublikaren lege-testuak 113tik 116ra igaro dira; testu horietatik, berriz, 38 kodeak dira, eta beste 78ak legeak. Atal honi dagokionez, esan behar da hiru koderi aldaketak gehitu zaizkiela.
Laburbilduz, 2019ko argitaraldian 94 testu jasotzen ziren bitartean, hirugarren argitaldari elektronikoan 786 testu jaso ziren, laugarren argitaraldian 1051 testu jaso ziren, 2024ko urtarrilekoan 1102 testu jaso ziren (nahiz eta V. argitaraldiaren “Argitalpen elektroniko honen ezaugarriak” atalean testu bat gutxiago azaldu), 2025ekoan 1169 jaso ziren eta 2026koan 1207 jaso dira. Hau da, 40 testu gehitu dira aurreko argitaraldiarekin erkatuz gero, eta 1115 testu berri 2. argitaraldiarekin alderatzen badugu.
Irakurlea errazago kontura dadin aldaketa honekin, beste datu hauek emango ditugu paperezko edizioa egin balitz bezala. Horretarako, ondoko lauki hau erantsiko dugu:
|
Itema (2026-01-29) |
HZ2 |
HZ3 |
HZ4 |
HZ5 |
HZ6 |
HZ7 |
|
Orrialdeak bilatzaile barik |
199 |
1.714 |
2.357 |
2.476 |
2.721 |
3.025 |
|
Orrialdeak bilatzaileekin |
277 |
2.417 |
3.772 |
3.971 |
3.537 |
- |
|
Hitzak |
40.488 |
310.484 |
452.950 |
476.389 |
532.242 |
545.581 |
|
Karaktereak tarte barik |
316.786 |
2.483.082 |
3.622.131 |
3.810.685 |
4.262.320 |
4.372.838 |
|
Karaktereak tarteekin |
355.136 |
2.775.337 |
4.050.419 |
4.261.103 |
4.764.622 |
4.887.584 |
|
Lerroaldeak |
2.239 |
19.274 |
26.343 |
27.728 |
31.884 |
32.850 |
|
Lerroak |
5.954 |
50.332 |
71.496 |
75.169 |
84.509 |
86.748 |
|
Oin-oharrak |
109 |
935 |
1.474 |
1.571 |
1.720 |
1.795 |
|
Bilatze-hitz eta esapideak |
4.086 |
35.702 |
39.021 |
39.609 |
40.323 |
- |
|
Testuak |
94 |
786 |
1.052 |
1.102 |
1.169 |
1.209 |
***
Euskararen estandarizazio eta batasunaren ikuspegitik, 2019ko, 2021eko, 2023ko, 2024ko eta 2025eko argitaraldietarako erabilitako irizpide eta oinarri berberak ezarri dira oraingo argitaraldi elektroniko honetan ere, ordutik hona hartutako erabakien ondoriozko aldaketak sartuz.
Gauza bera esan daiteke terminologiari dagokionez. Izan ere, ahalegina egin dugu bertsio guztietan terminologia bera erabiltzeko.
Hori ez ezik, Euskaltzaindiaren 196., 197., 198. eta 200. arauak galbahe gisa erabili dira Euskara Batuaren Ortotipografiaren inguruan Euskaltzaindiak ezarritako irizpideak aplikatzeko.
Aurreko argitaraldietan (2007koan, 2019koan, 2021ekoan, 2023koan, 2024koan eta 2025ean) egin zen moduan, oraingo argitalpenean ere Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak administrazio publikoko langileentzat emandako irizpideak hartu dira kontuan.
Argitaraldi honek hiru formatu ditu: argitalpen digitala, EPUB formatua eta PDF formatua (azken formatu biotan argitalpen osoa eskura daiteke).
2019tik 2025erako argitaraldietan bilaketak egiteko erabilitako modua aldatu egin da zazpigarren argitaraldi honetan. Izan ere, 2025eko martxoaren 31n aurkeztutako Euskararen Erreferentzia Corpusa (EEC) egitasmoaren teknologia erabiliz bilaketa zabalagoak egin ahal izango dira, bai Euskaltzaindiaren webgune osoan, bai “Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz” atalean ere.
Argitalpen hau, zuzenbidearen edukiari dagokionez, 2026ko urtarrilaren 29an, San Petri Nolaskoren egunean, itxi da.