Andres Urrutia,
euskaltzainburua
1. Hizkuntza-zuzenbidea eta euskara: testu-bilduma eguneratu honen zergatia
Begi-bistakoak dira Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz izeneko lana 2007an argitaratu genuenetik hona hizkuntza-zuzenbidean gertatu diren aldaketak, batez ere hizkuntza gutxituen inguruko kezkek eta ardurek sorrarazitakoak. Sarritan bizirik irautea dute helburu horiek, hamaikatxo oztopo eta arazoren aurrean.
Funtsezkoena, ahalegin horietan, halako hizkuntzak eurak gizartean erabiltzea eta zabaltzea da, eremu berrietara heldu nahian, lehendik berezkoak dituenak alboratu gabe. Beharrezkoena, ordea, hizkuntza horietarako berme juridikoa izatea da, zuzenbideak eremu jakinak babes ditzan horientzat.
Hizkuntza-zuzenbide esan ohi zaio horri, horretara bildu baitira, bateko, hizkuntza gutxituen araubidea osatzen duten xedapenak; eta, besteko, araubide horrek ekarri du, lege-munduan ohikoa den bezala, eskubide eta betebeharren multzoa, hizkuntzaren inguruan moldatua.
Hortaz, kontzeptu berria ere sortu da, alegia, hizkuntza-eskubideena, gizabanakoaren eskubideen alorrean, lehendik ezagunak direnen aldamenean (hots, politika-, ekonomia-, gizarte-arlokoak…), hizkuntza gutxituen hiztunak bere baitara biltzen dituena.
Zuzenbideak hitzetan adierazten du bere edukia: ius semper loquitur. Hartara, euskaldunoi ere zuzenbideak hitz egiten digu ahots desberdinekin: batzuk, mundu-mailakoak, beste batzuk, Europa mailakoak; ukatu gabe, Euskal Herrian bertan, euskararen araubidea dela eta, indarrean ditugunak.
Ahots desberdinak, hizkuntza desberdinetan. Horregatik, hain zuzen ere, berebiziko ahalegina egin du oraingoan Euskaltzaindiaren Jagon Saileko Sustapen batzordeak ahots eta mezu horiek, hizkuntza-zuzenbidearenak, euskaraz eguneratzen, 2007ko, 2019ko, 2021eko eta 2023ko argitalpenetakoen osagarri, euskaldun orok eskura izan dezan hots horiek barruratzen dituen mezua.
Bilduma eguneratu batera ekarri du Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak egun euskarari bere herrialde guztietan aplikagarri zaizkion testu nagusiak. Ipar zein Hego Euskal Herrian, osterantzeko ordenamendu juridikoen gainetik, hizkuntza-zuzenbidea helburu duten eta aplikagarri diren arauak eta bestelakoak dira honen eramaileak.
Hori ez ezik, Espainiako Erresumako araudiak eta Frantziako Errepublikakoak emendatu egin dira.
2. Bildumaren nondik norakoak
Araubide baten bildumaz denaz bezainbatean, egitura jakineko argitalpena da hau. Izatez, piramide baten antzera jokatu da oraingoan ere, 2007ko, 2019ko, 2021eko eta 2023ko argitalpenetan egin genuen bezalaxe, maila geografiko eta inoizkorik gehien duten testuetatik abiatu, eta egun Euskal Herriko herrialdeetan aginduzkoak direnak zehaztu arte.
Piramide horren mugarriak honelaxe daude sailkatuak:
1. Nazio Batuak; 2. FAO; 3. LANE; 4. UNESCO; 5. Lankidetza Islamikorako Erakundea; 6. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (Bartzelonakoa, 1996ko ekainaren 6koa); 7. Europar Batasuna; 8. Espainiako Erresuma; 9. Frantziako Errepublika. Ikusten denez, Lankidetza Islamikorako Erakundea emendatu da oraingo argitalpen honetan.
Bide horretatik eskura dezake liburu honen erabiltzaileak halako ikuspegi orokorra, egun Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan hizkuntza-eskubideen nondik norakoak egoki barruratzen dituena.
Hizkuntza-araubidea emateko orduan, bestalde, arreta eta harrera bereizia eskaini zaio euskarari berari. Izan ere, testu guztiak euskaraz eman dira, uste izanik, nazioarteko testuen jatorrizko bertsioari muzin egin gabe, behar ditugula euskaldunok halako testuak euskaraz eta argitalpen fidagarri baten bidez bildurik izatea. Horregatik, kontzeptuak bateratu egin dira, testu lokabea izango bada hori beharrezkoa baita.
2007an ahalegina zen, testuak, kasurik gehienetan, euskaraz besteko hizkuntzetan emanak baitziren, aginduzkoa eta araubidezkoa dutena barruratzeko. Horren jakitun izan ginen, eta, hala eta guztiz ere, euskaraz eman izan ziren horiek, sakabanatuak baino, estekatuak eta lotuak izan zitzaten euskaldunek 2019ko, 2021eko eta 2023ko argitalpenetan. Oraingoan, berriz, testuak eta instituzioak emendatu egin dira.
Badakigu, horrela jokatuta, gure testua ez dela hainbat kasutan (batez ere, nazioarteko testuen kasuan) aginduzko letrak bilduko dituena. Badakigu, orobat, horrek behartu egiten gaituela zenbait testu moldatzera eta beste batzuk itzultzera.
Hala egin da argitalpen elektroniko honetan eta PDF eta EPUB formatuetan eskaini diren horietan ere. Dena den, 2007ko, 2019ko, 2021eko eta 2023ko argitalpenetan bezala, baziren lehendik ere liburu elektroniko honetara bildutako testuetatik zenbaiten euskaratzeak. Horiek ere baliatu izan ditugu erreferentzia gisa, eta jatorrizko bertsioen erreferentziak oin-oharretan ipini ditugu, irakurleak jakin dezan zein izan zen testu horien jatorrizko bertsioa. Betiere, 2016an Euskaltzaindiaren Hiztegia argitaratu zen, 2018an, berriz, Euskara Batuaren Eskuliburua eta 2023an Euskal Gramatika; bada, horiek izan dira argitalpen honen gidari, testu guztiak euskara berri, berritu eta berriztatzailean argitaratzeko.
Hautua egin da. Hala nahita, gainera, hizkuntza-legeriaren multzoan modu askotara joka daitekeelako. Sustapen batzordearen aburuz, testu nagusiak bildu beharrekoak ziren, hots, lege-maila edota nazioarteko hitzarmenarena dutenak. Eduki horiez landa ere, ukaezinak dira jurisprudentzia eta gainerakoen zereginak. Azkenak, esan gabe doa, lan honen proiektutik baztertu ditugu, 2007., 2019., 2021. eta 2023. urteetan egin genuen bezala, baina bihar-etziko beharrizanei begira gaudelarik.
Bada, alabaina, nabarmendu beharreko puntua halakoetan, bizpahiru salbuespen egin baititugu. Lehena, eta agian nabariena, egun arauzkoa izan ez arren, aipagai den Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Bartzelonakoa, 1996ko ekainaren 6koa. Hurrena, Europan hizkuntza-eskubideetan berebiziko oihartzuna izan duten ebazpenetatik zenbait (Kuijpers ebazpena, Pasquale ebazpena, Killilea ebazpena, Alfonsi ebazpena eta Minority Safe Pack — Europako aniztasunaren aldeko milioi bat sinadura). Eta, azkena, egun indarrean ez diren lege-testuak, nahiz eta garai batean oinarri sendoa izan mota horretako hizkuntzen garatze-bidean.
Euskarari gagozkiola, bidenabar agertzen da euskarak duen araubide linguistiko nagusia. Jakina da, bestalde, araubide horretan Hego Euskal Herrian (Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroako Foru Komunitatean) duen ofizialtasuna, gaztelania bezala. Ofizialtasun horrek ekarri du, besteak beste, testu ofizialak ere herrialde horien aldizkari ofizialetan agertzea. Hartara, testu ofizial horiek barruratu dira bilduma honetara, gaur egungo hizkuntza- eta terminologia-moldeen arabera.
Jakin beza, hortaz, irakurle eta erabiltzaile horrek, halako zorra ordaindu behar izan duela bilduma eguneratu honek, nahiz eta aringarri moduan azaldu, halako kasuetan eta oin-oharren bidez, ezinbesteko gaurkotze laburrak, batik bat toponimiaren alorrean egin izan direla.
3. Sustapen batzordea: bilduma honen bidea
Aspalditik izan du Sustapen batzordeak bilduma hau eguneratzeko asmoa. Iturriak bildu, testuak antolatu eta egitura baten barruan eman, 2007an, 2019an, 2021ean eta 2023an argitaratu zituen lanei segida emanez. Izan ere, Sustapen batzordeak du horretarako agindua Euskaltzaindiaren barruan, batzordekide baititu euskararen gizarte-kezka duten adituetatik hainbat: soziolinguistak, legelariak, irakasleak, funtzionarioak… hau da, egunero euskararekin bizitzaren hainbat esparrurekin harreman estuak dituztenak, euren lanbideak direla eta. Hori aski ez balitz, gogora bedi Euskal Herriko herrialdeetan Euskaltzaindiak dituen ordezkariak ere kide direla, horretan ere Euskal Herriko ikuspegi osoa biltzen dela.
2007ko, 2019ko, 2021eko eta 2023ko argitalpenetatik oraingo argitalpen honetara, testu asko gehitu dira, batez ere Nazio Batuenak, Europar Batasunarenak, Espainiako Erresuma osokoenak eta Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoenak, eta honetan Lankidetza Islamikorako Erakundearen testurik garrantzitsuena.
Batzordearen barruan, ni neu, Santiago Larrazabal Basañez eta Gotzon Lobera Revilla ahalegindu gara orduko lanei behar besteko segida ematen.
Horretara jarriak, tresna lagungarria eskaini nahi izan die Jagon Saileko Sustapen batzordeak Euskaltzaindiari eta euskaldunei, euskararen aitzinatze-bidean, protagonista ez ezik, hainbat testu juridikoren eramaile ere izan dadin euskara, gure eguneroko bizitzan hizkuntzaren nondik norakoak erro-errotik markatzen dituzten testuena, hain justu ere.