Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.12.59. 12/2009 Legea, uztailaren 10ekoa, Hezkuntzari buruzkoa


8.4.12.59. 12/2009 Legea, uztailaren 10ekoa, Hezkuntzari buruzkoa[1255]

HITZAURREA

[…]

Arrazoi kultural eta zibikoak kultura erkide batekin identifikatutako herritartasun katalana eratzeko borondateak bultzatzen ditu, non katalana gizarteratzeko oinarrizko faktorea izango den.

[…]

Beste alde batetik, eskola-instituzioak bizirik mantendu ditu herrialdeko hizkuntza eta tradizioak, batez ere askatasun demokratikorik gabeko uneetan. Horregatik guztiagatik, Kataluniak pedagogian eta hezkuntza-berrikuntzan esperientzia aberatsa du gaur egun, elkarte-sare zabal eta askotarikoa du, eta hainbat hezkuntza-ekimen gauzatzen dira zentro publiko eta titulartasun pribatuko zentro ugaritan.

[…]

Hala, Hezkuntzari buruzko Legeak Estatututik eratorritako hizkuntza-araubidea ere garatzen du, eta Estatutuaren 143.1 artikuluak ezartzen du Generalitati dagokiola berezko hizkuntzaren arloko eskumen esklusiboa; horrenbestez, hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araubidea zehaztu dezake, betiere katalanaren hizkuntza-normalizazioa bermatzeko. Horrela, Estatutuaren 35.2 artikuluaren arabera, zeinak arautzen baitu Kataluniako hezkuntza-sistema, eskola-ume guztiei bermatzen die, irakaskuntzari ekitean haiek duten ohiko hizkuntza edozein dela ere, katalana eta gaztelania ahoz eta idatziz behar bezala ezagutzeko eginbeharra eta eskubidearen egikaritzea.

Lege honek indartu egin nahi ditu katalanaren garrantzia eta haren ikaskuntza, katalana berezko hizkuntza eta gizarteratzeko faktorea den aldetik, eta eskoletan eleaniztasuna indartzearen aldeko apustua egin nahi du, betiere gutxienez hirugarren hizkuntza baten ikaskuntza-maila ona bermatzeko, estatutuaren 44.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Kataluniak berezko identitatea osatzen duten kultura eta hizkuntza ditu. Kataluniako hezkuntza-sistemak bide eman behar du Katalunian sustraitzea iratzarri eta indartzeko. Norberarena ezagututa soilik ireki daiteke beste errealitate batzuetara, eta haien berezitasunak aitortu.

[…]

Legeak hezkuntzaren antolaketa eta curriculumaren hedapena ere garatzen ditu hezkuntza-etapa eta -modalitate guztietan: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; Batxilergoa; Lanbide Heziketa; hizkuntzen, arteen eta kirolaren irakaskuntzak, eta helduen hezkuntza.

[…]

Premisa horietan oinarrituta, Hezkuntzari buruzko Legeak arau-multzo koherentea, osoa eta etorkizun-ikuspegia duena proposatzen du, eta:

[…]

– Irakaskuntzaren eremuan hizkuntza-araubidea arautzeko printzipio orokorrak finkatzen ditu, eta hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko gaitasun-mailak zehazten ditu.

II. TITULUA
Kataluniako hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araubidea

9. artikulua.— Hizkuntza-araubidea

1. Hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araubidea titulu honetan ezarritako printzipioek eta Generalitateko Gobernuak emandako erregelamenduzko garapen-xedapenek eraentzen dute.

2. Gobernuari dagokio, 53. artikuluaren arabera, hizkuntzen irakaskuntzaren curriculuma zehaztea, zeinak barne hartzen baititu helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak eta ordutegi-esparruaren erregulazioa.

10. artikulua.— Hizkuntza ofizialak jakiteko eskubidea eta eginbeharra

1. Curriculumek, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, katalana eta gaztelania hizkuntza ofizialak erabat menderatzen direla bermatu behar dute, betiere hizkuntzak ikasteko, irakasteko eta ebaluatzeko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

2. Hezkuntza-sisteman bi hizkuntza ofizialetako bat jakin gabe sartzen diren ikasleek eskubidea dute hizkuntza-laguntza espezifikoa jasotzeko. Zentroek harrera pertsonalizatua eman behar diete heldu berri diren ikasleei, eta, bereziki, hizkuntza-arreta, katalanez ikasten hasi ahal izateko. Era berean, zentroek behar diren jarduerak programatu behar dituzte ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza arian-arian hobetzen dutela bermatzeko, eta bat etortzeko hizkuntza-laguntzako ekintza akademikoen eta zentroko irakasleen eta gainerako langileen hizkuntza-praktiken artean.

3. Gobernuak lanbide-heziketako irakaskuntzetarako eta araubide bereziko irakaskuntzetarako onetsitako curriculumek, hizkuntzen irakaskuntzan izan ezik, bermatu behar dute ikasleek irakaskuntzaren berezko hizkuntza-gaitasun instrumentala eta lanbide-eremukoa eskuratuko dituztela.

4. Gobernuak erraztu behar du eskolan ez dauden biztanleek katalana ezagutzeko eskubidearen egikaritzea, bai eta biztanleok katalana ezagutzeko duten eginbeharra ere; helburu horri begira, katalanaren irakaskuntza-eskaintza nahikoa bermatu behar du, Estatutuaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

11. artikulua.— Katalana, irakasteko eta ikasteko hizkuntza

1. Katalana, Kataluniako berezko hizkuntza den aldetik, hezkuntza-sistemako irakaskuntza-hizkuntza eta ikaskuntza-hizkuntza gisa erabili ohi den hizkuntza da.

2. Hezkuntza-jarduerak, ahozkoak zein idatzizkoak, material didaktikoa eta testuliburuak, bai eta curriculumaren arloak, ikasgaiak eta moduluak ebaluatzeko jarduerak ere, normalean katalanez egin behar dira, salbu eta gaztelar hizkuntza eta literatura, eta atzerriko hizkuntza irakasgaien kasuan, hark eragotzi gabe 12. eta 14. artikuluetan ezarritakoa.

3. Ikasleak ezin dira zentroka edo gela-taldeka banandu bakoitzaren ohiko hizkuntzaren arabera.

4. Ikasleek lehen irakaskuntza hasten duten ikasturtean, ohiko hizkuntza gaztelania duten ikasleen gurasoek edo tutoreek eska dezakete, matrikulatzeko unean, eta sailak ezarritako prozeduraren arabera, seme-alabek hizkuntza horretan jasotzea hizkuntza-arreta indibidualizatua.

12. artikulua.— Atzerriko hizkuntzak

1. Gobernuak onetsitako curriculumek gutxienez atzerriko hizkuntza baten irakaskuntza barne hartu behar dute, ikasleek entzuteko, irakurtzeko, elkarrizketak egiteko, hitz egiteko eta idazteko gaitasunak eskura ditzaten, betiere hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

2. Hizkuntza-proiektuak zehaztu behar du, sailaren aginduen arabera, atzerriko zein hizkuntza irakasten den atzerriko lehen hizkuntza gisa, eta zein edo zeintzuk bigarren hizkuntza gisa.

3. Hizkuntza-proiektuak irizpideak ezar ditzake curriculumeko edukiak eta beste hezkuntza-jarduera batzuk atzerriko hizkuntzetako batean emateko. Lehenengo kasuan, sailaren baimena behar da.

13. artikulua.— Irakasleen, hezkuntza-arretako profesionalen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen hizkuntza-gaitasuna

1. Zentro guztietako maisu-maistrek eta irakasleek eskatzen zaien titulazioa izan behar dute, eta egiaztatu egin behar dute, erregelamendu bidez zehazten den moduan, bi hizkuntza ofizialak menderatzen dituztela, betiere bi hizkuntzak behar bezala erabili ahal izateko, ahoz zein idatziz, irakaslanean ari direnean. Maisu-maistrek eta irakasleek, beren eginkizunak egikaritzean, normalean katalana erabili behar dute, bai irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueretan, bai zentroaren eremu orokorrean.

2. Sailak behar diren neurriak hartu behar ditu irakasleen hizkuntza-gaitasuna eguneratzeko, eta katalanaren eta katalanezko irakaskuntza erraztuko duten tresna didaktikoak sortzea eta erabiltzea sustatu behar du.

3. Hezkuntza-zentroetako hezkuntza-arretako profesionalek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek katalana eta gaztelania ezagutu behar dituzte, betiere haiei dagozkien eginkizunak egikaritzean bi hizkuntzak behar bezala erabiltzeko moduan egon daitezen. Sailak mekanismoak eta baldintzak ezarri behar ditu ziurtatu ahal izateko Hezkuntza Administrazioko langile ez-irakasleek katalana eta gaztelania ezagutu eta menderatzen dituztela.

14. artikulua.— Hizkuntza-proiektua

1. Zentro publikoek eta funts publikoen sostengua duten zentro pribatuek, hezkuntza-proiektuaren barruan, hizkuntza-proiektu bat egin behar dute, zentroan hizkuntzak zelan landu behar diren zehazteko.

2. Hizkuntza-proiektuak barne hartu behar ditu zentroko irakaskuntzari eta hizkuntzen erabilerari buruzko aspektuak, eta horien artean honako hauek agertu behar dute:

a) Katalana irakaskuntza-hizkuntza eta ikaskuntza-hizkuntza gisa tratatzea.

b) Gaztelania irakasteko eta ikasteko prozesua.

c) Atzerriko hizkuntzei buruzko aukerak.

d) Hizkuntzen irakaskuntza-prozesua, oro har zein banaka, zentroko errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak.

e) Hezkuntza-arloko jarraitutasuna eta koherentzia, hizkuntza-erabilerei dagokienez, eskola-zerbitzuetan eta ikasleen guraso-elkarteek antolatutako jardueretan.

15. artikulua.— Hizkuntzan murgiltzeko programak

1. Sailak, katalanak erreferentziako hizkuntza eta gizarte-kohesiorako faktore gisa funtziona dezan, hizkuntzan murgiltzeko hezkuntza-estrategiak ezarri behar ditu, irakaskuntza- eta ikaskuntza-hizkuntza gisa modu intentsiboan erabiliko dela bermatzeko. Estrategia horiek definitzeko, kontuan hartu behar dira errealitate soziolinguistikoa, ikasleen hizkuntza edo hizkuntzak eta gaztelaniaren irakaskuntza-prozesua.

2. Zentroek hizkuntzan murgiltzeko programen ezaugarrietara egokitu behar dituzte ordutegiak, betiere etapan eman beharreko hizkuntza-arloen ordu-kopurua kontuan hartuta.

16. artikulua.— Katalana, Kataluniako Hezkuntza Administrazioaren hizkuntza ofiziala

1. Katalana, Kataluniako berezko hizkuntza den aldetik, Hezkuntza Administrazioaren hizkuntza ere bada.

2. Hezkuntza Administrazioak eta zentroek katalana erabili behar dute, normalean, bai barne-harremanetan, bai euren artean dituzten harremanetan, bai Kataluniako administrazio publikoekin, Kataluniako gainerako hizkuntza-domeinuekin eta haien mendeko ente publikoekin dituzten harremanetan ere. Katalanak ere ohiko hizkuntza izan behar du sailak kontratatutako zerbitzuak emateko.

3. Zentroen barne-araubideko administrazio-jarduketak normalean katalanez egin behar dira, hargatik eragotzi gabe Hizkuntza Politikari buruzko Legean ezarritakoa.

4. Zentroek katalanez eman behar dute dokumentazio akademikoa, hargatik eragotzi gabe Hizkuntza Politikari buruzko Legean ezarritakoa. Estatuko Administrazioan edo Kataluniako hizkuntza-eremutik kanpoko autonomia-erkidego batean eragina izan behar duen dokumentazio akademikoak elebiduna izan behar du, katalanez eta gaztelaniaz.

5. Hizkuntza ez-ofizialak komunikazioetan erabil daitezke, heldu berriei harrera egiteko. Kasu horretan, idazkiekin batera katalanez idatzitako jatorrizko testua aurkeztu behar da, eta hori izango da beti lehentasunezko bertsioa.

17. artikulua.— Arango irakaskuntza-zentroetako hizkuntza-araubidea

1.[1256] Okzitaniera, Aranen aranera deiturikoa, lurralde horretako berezko hizkuntza da, Estatutuaren 6.5 artikuluaren arabera, eta, beraz, Arango irakaskuntza-zentroetan erabili ohi den irakaskuntza- eta ikaskuntza-hizkuntza da.

2. Titulu honetan Kataluniako irakaskuntzaren berezko hizkuntza gisa katalana aipatzen den guztietan, okzitanierara zabaltzen da Arango hezkuntza-zentroetarako.

3. Arango irakaskuntza-zentroetako hizkuntza-proiektuek, era berean, katalanaren presentzia egokia bermatu behar dute, bai eta derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek katalana eta gaztelania erabat menderatzea ere.

4. Arango irakaskuntza-zentroetako irakasleen eta gainerako langileen hizkuntza-gaitasunari buruzko aipamenak okzitanierara zabaltzen dira.

5. Titulu honetako xedapenak, baldin eta hizkuntzan murgiltzeko programei badagozkie, hizkuntza-arreta indibidualizatuari badagozkio eta Hezkuntza Administrazioaren hizkuntzari badagozkio, xedapenok okzitanierara egokitu egin behar dira Aranen, betiere okzitaniera Arango berezko hizkuntza eta Katalunian ofiziala baita, Estatutuak esleitzen dion izaera hori duen aldetik.

18. artikulua.— Katalanaren erabilera eta sustapena

1. Kultura-adierazpen publikoetan katalanak duen komunikazio-izaera agerian uzteko, irakaskuntzako zentro publikoetan eta funts publikoekin sostengatutako irakaskuntzako zentro pribatuetan katalanak ohiko adierazpidea izan behar du kanpo-proiekzioko jardueretan.

2. Gizarte-kohesioa eta irakaskuntzan eta katalanaren erabileran hezkuntza-jarraitutasuna lortzeko, irakaskuntzako zentro publikoek eta funts publikoekin sostengatutako irakaskuntzako zentro pribatuek beren jarduketak koordinatu behar dituzte inguruko instituzioekin eta erakundeekin.

3. Gobernuak kanpoko irakaskuntza-zentroak sustatu eta babestu behar ditu, kultura eta hizkuntza katalanaren nazioarteko proiekzioaren esparrurik zabalenean, eta haiei sostengua ematen lagundu behar du, batez ere historia-, hizkuntza- eta kultura-arloko loturak dituzten lurraldeetan.

4. 3. apartatuan aipatzen diren irakaskuntza-zentroak sustatzeko, Gobernuak lankidetza-akordioak formalizatu ahal izango ditu zentro horiek dauden lurralde eta herrialdeetako instituzio eta erakundeekin, eta, hala badagokio, gai horri buruzko hitzarmenak sinatzeko proposatu ahal izango dio estatuari.

III. TITULUA
Hezkuntza-erkidegoa

VI. KAPITULUA
Hezkuntza aisialdian

40. artikulua.— Gizarte- eta hezkuntza-arloko planak eta programak

2. Hezkuntza-administrazioek lankidetza-akordioak bultzatu behar dituzte, ingurumarian hezkuntza-ekintzak elkarrekin bultzatzeko. Jarduketa horiek lehentasuna izan behar dute herritarren elkarbizitza eta parte-hartzea eta katalanaren erabilera indartzea, betiere ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera berdinak dituztela bermatzeko.

IV. TITULUA
Kataluniako Hezkuntza Zerbitzua

II. KAPITULUA
Eskolatzea eta doakotasun-bermeak

47. artikulua.— Sartzeko lehentasun-irizpideak

7. Lehentasun-irizpideek ez dute inoiz diskriminaziorik ekarriko ikaslearen edo haren familiaren jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi, hizkuntza edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonalengatik.

V. TITULUA
Irakaskuntzen antolamendua

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

51. artikulua.— Irakaskuntzaren antolaketa

Ordenamenduaren arabera, hezkuntza-sistemak irakaskuntza hauek biltzen ditu:

f) Hizkuntzen irakaskuntza.

52. artikulua.— Curriculuma

2. Curriculuma, besteak beste, honako helburu hauek lortzera bideratuta dago:

c) Ikasleek herrialdeko ezaugarri sozialak, kulturalak, artistikoak, ingurumenekoak, geografikoak, ekonomikoak, historikoak eta linguistikoak ezagutzea lortzera, baita beste herri eta erkidego batzuk ezagutzea lortzera ere.

d) Ikasleek komunikazio-trebetasun onak, mintzamen eta ahozko ulermen egokiak, idatzizko adierazpena eta irakurmena eta hizkuntza berriak menderatzea lortzera.

II. KAPITULUA
Araubide orokorreko irakaskuntzak

56. artikulua.— Haur Hezkuntza

5. Haur Hezkuntzaren lehen zikloan malgutasun-neurriak hartu behar dira, betiere haurren eta familien beharrizanetara egokitu ahal izateko, eta antolaketa-, funtzionamendu- eta aholkularitza-eredu batzuk hartu behar dira, betiere familiek seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan duten erantzukizun nagusia lan-bizitzarekin bateratu ahal izateko. Haur Hezkuntzako lehen zikloko curriculumak honako aspektu hauekin zerikusia duten hezkuntza-edukiak izan behar ditu ardatz: haurren mugimenduaren garapena, haien gorputz-kontrola, haien komunikazioaren eta hizkuntzaren lehen adierazpenak, elkarbizitzarako eta gizarte-harremanetarako oinarrizko jarraibideak, eta haurren ingurune hurbilaren aurkikuntza.

6. Gobernuak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko curriculuma zehaztu behar du, irakaskuntza-zentroak autonomia pedagogikorako tarte zabala izan dezan, betiere lehen irakaskuntza zentroaren hezkuntza-proiektuarekin bat etor dadin eta ingurunera egokitu dadin. Curriculumak lagundu egin behar die ikasleei beren burua segurtasun eta ongizate emozionala duten pertsonen gisa identifikatzeko gaitasunak garatzen, beren buruarekin eta besteekin harreman afektiboak izaten, ingurunea ezagutzen eta interpretatzen, lengoaien bidez komunikatzeko, adierazteko eta ulertzeko trebetasunak garatzen, ikasteko tresnak eskuratzen eta autonomia pertsonala arian-arian garatzen, eta atzerriko hizkuntza batera lehen hurbilketa bat egiten.

57. artikulua.— Oinarrizko hezkuntza

4. 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe, katalanaren, okzitanieraren, gaztelaniaren eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzak arreta berezia jaso behar du oinarrizko hezkuntzan. Etapa hori amaitutakoan, ikasleek komunikazio-gaitasun sendoa lortu behar dute, hizkuntza ofizialak normaltasunez eta zuzen erabili ahal izateko eta zentroak hezkuntza-proiektuan zehaztu dituen ahozko eta idatzizko mezuak atzerriko hizkuntzetan ulertu eta igorri ahal izateko.

61. artikulua.— Batxilergoa

7. Sailak beharrezko neurriak hartu behar ditu Batxilergoan hizkuntzaz kanpoko irakasgaiak atzerriko hizkuntzan eman daitezen errazteko eta zentro guztietako ikasleek jendaurreko adierazpen-maila ona zenbait hizkuntzatan lortu dutela bermatzeko.

III. KAPITULUA
Araubide bereziko irakaskuntzak

1. atala
Hizkuntzen irakaskuntzak

64. artikulua.— Hizkuntzen irakaskuntzak

1. Hizkuntzen irakaskuntzen helburua ikasleak hizkuntza desberdinen komunikazio-erabilerarako gaitzea da, hezkuntza-sistemaren ohiko etapak alde batera utzita.

2. Hizkuntzen irakaskuntzak arautuak edo ez-arautuak izan daitezke. Irakaskuntza arautuek ziurtagiri homologatuak lortzera bideratzen dute, ordenamenduan zehazten diren mailetan antolatzen dira, eta hezkuntza presentzialaren, hezkuntza erdipresentzialaren eta hezkuntza ez-presentzialaren modalitateetan eskaintzen dira.

3. Hizkuntzen irakaskuntza arautuak hizkuntza-eskola ofizialetan eta zentro publiko eskuordetuetan ematen dira, zeinak horretarako haien mende dauden. Oinarrizko mailari dagozkion hizkuntzen irakaskuntza arautuak ere zentro pribatu baimenduetan eman daitezke, betiere ziurtagiri homologatuak lortzeari buruz erregelamendu bidez zehazten denari kalterik egin gabe.

4. Gobernuari dagokio hizkuntzen irakaskuntza arautuetako mailen curriculumak zehaztea, eta hizkuntza-eskola ofizialek, zentro publiko eskuordetuek eta zentro pribatu baimenduek bete beharreko betekizunak zehaztea.

5. Hezkuntza Administrazioak ebaluazio- eta homologazio-proben ezaugarriak arautu behar ditu hizkuntzen jakite-mailaren egiaztagiriak lortzeko.

IV. KAPITULUA
Helduen hezkuntza

69. artikulua.— Helduen hezkuntzaren xedea eta eremua

2. Helduen hezkuntza-programek eta horiei dagozkien prestakuntza-ekintzek, gutxienez, eremu hauek izan behar dituzte:

b) Lanbide arteko gaitasunak eskuratzeko hezkuntza; horren barruan sartzen dira informazioaren eta komunikazioaren teknologietako prestakuntza eta hizkuntzen irakaskuntza.

c) Kohesio eta partaidetza sozialerako hezkuntza, zeinak hartzen baititu etorkin helduei prestakuntza-harrera ematea, hizkuntza ofizialetarako eta atzerriko hizkuntza baterako hastapenak, informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako hastapenak, eta oinarrizko gaitasunak eskuratzeko estrategiak erabiltzen gaitzea.

VI. TITULUA
Irakaskuntzako zentroak

II. KAPITULUA
Zentroen antolaketa pedagogikorako irizpideak

81. artikulua.— Zentroen antolaketa pedagogikorako irizpideak, hezkuntza-beharrizan espezifikoak dituzten ikasleei arreta emateko

5. Hezkuntza-beharrizan espezifikoak dituzten ikasleei dagokienez, betiere ikasleok berandu sartu badira, Hezkuntza Administrazioak baliabideak eta neurriak ezarri eta eman behar dizkie zentroei hizkuntza ofizialen ezagutza edo oinarrizko gaitasun instrumentalak ebaluatzeko, bai eta harrera-neurriak hartu ere.

84. artikulua.— Berrikuntza pedagogikoko proiektuak

1. Sailak pedagogia- eta curriculum-berrikuntzako proiektuak garatzeko ekimenak erraztu behar ditu, baldin eta ekimenok helburu badute sustatzea ikasteko gaitasuna, trebetasun eta ahalmen pertsonalak, ikasle guztien eskola-arrakasta, hezkuntza-jardueraren hobekuntza eta Kataluniako hezkuntza-zerbitzua ematen duten zentroen hezkuntza-proiektuaren garapena, eta sailak bereziki erraztu behar ditu ikerketa eta berrikuntza-proiektuak, betiere ikasleek ikaskuntzarako eta ezagutzarako behar duten informazio- eta komunikazio-teknologien erabilerarekin lotuta, eta ikasleak eleaniztasunean prestatzearekin lotuta. Proiektuak zentro bati edo gehiagori buruzkoak izan daitezke, eta, hala badagokio, unibertsitatearekin, sektore ekonomikoekin edo beste antolakunde batzuekin lotura izan dezakete.

III. KAPITULUA
Hezkuntza-zerbitzuak eta zentroei laguntzeko zerbitzuak

86. artikulua.— Hezkuntza-zerbitzuak

3. Hezkuntza-zerbitzuen eginkizunak dira, kasuan-kasuan erregelamendu-mailako arau bidez zehazten denaren arabera:

c) Arreta berezia ematea ikasle heldu berrien edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskua dutenen eskolatzeak hizkuntza-integrazioaren eremuan ondorioak dituen egoerei.

VII. TITULUA
Irakaskuntzako zentroen autonomia

I. KAPITULUA
Printzipio orokorrak eta hezkuntza-proiektua

91. artikulua.— Hezkuntza-proiektua

4. Hezkuntza-proiektuak, gutxienez, osagai hauek eduki behar ditu:

e) II. tituluko zehaztapenen arabera, inguruko errealitate soziolinguistikoan oinarrituta zehazten den hizkuntza-proiektua.

II. KAPITULUA
Kataluniako hezkuntza-zerbitzua ematen duten zentroen autonomia

97. artikulua.— Autonomia pedagogikoaren eremua

3. Kataluniako hezkuntza-zerbitzua ematen duten zentroek tutoretza-ekintzaren, hizkuntza-proiektuaren eta hezkuntza-konpromisoko gutunaren ezaugarri espezifikoak zehaztu behar dituzte.

VIII. TITULUA
Zentroetako irakasleak eta gainerako profesionalak

II. KAPITULUA
Irakasleak prestatzea

109. artikulua.— Hasierako prestakuntza

2. Irakasleen hasierako prestakuntzak honako hauek bildu behar ditu: lege honen printzipioen esparruan hezkuntza-sistemak dituen erronkei aurre egiteko gaikuntza egokia; ezagutzak eskuratzea eta lanbide-gaitasunak eta -jarrerak garatzea, zeinen artean baitaude diziplinen edukiak eta aspektu psikopedagogikoak modu orekatuan menderatzea, atzerriko hizkuntza bat nahiko ezagutzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak menderatzea, eta Kataluniako instituzioak eta kultura ezagutzea.

III. KAPITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoaren antolamendua

113. artikulua.— Irakasle espezialistak

Salbuespen gisa, lanbide-heziketako irakaskuntzetako, arte-irakaskuntzetako, goi-mailako arte-irakaskuntzetako, hizkuntza-irakaskuntzetako edo kirol-irakaskuntzetako modulu edo ikasgai jakin batzuk emateko, lan-araubidean edo administrazio-araubidean kontratatu ahal izango dira, irakasle espezialista gisa, beren kualifikazioaren eta hezkuntza-sistemaren beharrizanen arabera, lan-eremuan jarduten duten eta nahitaez tituludunak izan behar ez duten profesionalak. Kirol-irakaskuntzen kasuan, irakaskuntzoi dagokien kualifikazioa egiaztatu behar da, Kiroleko Lanbideak egikaritzeari buruzko apirilaren 23ko 3/2008 Legean ezarritakoaren arabera. Hizkuntzen irakaskuntzak eta goi-mailako arte-irakaskuntzak emateko, Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako profesionalak kontrata daitezke.

114. artikulua.— Lanpostuak irakasleen plantilletan egituratzea

2. Generalitateko irakasle-plantillek eduki hau izan behar dute, gutxienez:

b) Irakasleen kidegoak edo lanbide-kategoriak, eta plazak betetzeko eskatzen diren betekizun espezifikoak; horien artean sartu behar dira irakaskuntzako espezialitatea edo espezialitateak, katalanaren ezagutza eta, hala badagokio, zentroaren hezkuntza-proiektuaren arabera, titulazio espezifikoa edo egiaztatutako prestakuntza.

IV. KAPITULUA
Irakasleak hautatzea eta funtzionarioen kidegoetan sartzea

119. artikulua.— Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko sistema

2. Lehiaketa-fasean, besteak beste, honako merezimendu hauek balioetsiko dira: prestakuntza akademikoa, aurretiazko irakaskuntza-esperientzia eta atzerriko hizkuntzak menderatzen direla egiaztatzea. Oposizio-fasean, berriz, honako aspektu hauek balioetsiko dira: aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak izatea, irakaskuntzarako gaitasuna, eta irakaskuntza-jardunerako beharrezkoak diren teknikak menderatzea. Praktikaldiak bide ematen du izangaien gaitasun profesionalen garapen-maila balioesteko.

5. Katalanaren ezagutza nahikoa eta egokia egiaztatu behar da, bai ahozko adierazpenari dagokionez, bai idatzizkoari dagokionez, betiere hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren C2 mailari dagozkion gaitasunen arabera, eta esparru beraren B2 mailari dagokion gaitasun-maila egiaztatu behar da atzerriko hizkuntzen ezagutzari dagokionez, betiere atzerriko hizkuntzen espezialitatean sartzeko eskatzen den mailari kalterik egin gabe.

6. Oposizioko probak katalanez egiten dira, hargatik eragotzi gabe erregelamendu bidez hizkuntza-espezialitateetan sartzeko zehaztu daitezkeen salbuespen partzialak, eta Kataluniako instituzioei eta kulturari buruzko ezagutzak jaso behar dituzte.

121. artikulua.— Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzea

3. Oposizio-fasean proba bat egin behar da, zeinean balioesten baitira ezagutza pedagogikoak, administrazio-ezagutzak eta hezkuntza-legeriari buruzkoak, bai eta ezagutza eta teknika espezifikoak ere; gainera, katalana nahiko eta egoki ezagutzen dela egiaztatu beharko da, bai ahoz, bai idatziz, baldin eta aurretik hori egiaztatu ez bada, .

V. KAPITULUA
Irakasle-lanpostuak betetzea

123. artikulua.— Xedapen orokorrak

4. Irakasleen lanpostuak betetzeko edozein prozeduratan destinoa lortzeko, katalana ezagutzen dutela egiaztatu behar dute, bai ahoz, bai idatziz, betiere erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

VI. KAPITULUA
Irakaskuntzako karrera profesionala

132. artikulua.— Senior kategoria gorena

Kataluniako Generalitateko maisu-maistren kidegoaren eta irakasle teknikoen kidegoaren barruan, eta kidego horietako bakoitzeko plaza-kopuruaren % 30eko gehieneko muga globalarekin, irakaskuntzako karrerak bide ematen die kidego berean irakaskuntzako lau gradu pertsonal lortu dituzten funtzionario irakasleei senior kategoria gorenera heltzeko. Kategoria hori lortzeko, horretarako deitutako hautaketa-prozesu bat gainditu behar da; prozesu horretan, balioespen-batzordeak egiaztatu behar ditu izangaiek irakaskuntzan eta prestakuntzan dituzten merezimenduak, haien irakasjarduera eta haiek espezialitatean dituzten ezagutzak; gainera, izangaiek katalanaren ezagutza nahikoa eta egokia dutela egiaztatu behar dute, bai ahozko adierazpenean, bai idatzizko adierazpenean, baldin eta aurretik hori egiaztatu ez badute. Senior kategoria gorena eskuratzeak eskubidea ematen du hari dagokion ordainsari-osagarria jasotzeko, eta kategoria hori irakaskuntza-merezimendu espezifiko gisa balioesten da merezimendu-lehiaketa publiko guztietan.

IX. TITULUA
Irakaskuntzako zentroen zuzendaritza eta gobernua

I. KAPITULUA
Titulartasun publikoko irakaskuntza-zentroen gobernua

142. artikulua.— Zuzendaria

5. Zuzendaritzako eta lidergo pedagogikoko eginkizun hauek dagozkio zuzendariari:

c) Hezkuntza-konpromisoaren gutuna, hizkuntza-proiektua, eta tutoretza-, hezkidetza- eta inklusio-planteamenduak aplikatzen direla ziurtatzea, bai eta zuzendaritza-proiektuan jasotako zentroko hezkuntza-proiektuaren gainerako hezkuntza-planteamendu guztiak ere.

d) Zentroaren jardueretan katalana hezkuntzako, administrazioko eta komunikazioko komunikazio-hizkuntza izango dela bermatzea, II. tituluan eta zentroaren hizkuntza-proiektuan xedatutakoaren arabera.

X. TITULUA
Hezkuntzaren administrazioa

II. KAPITULUA
Administrazioek hezkuntza-arloan dituzten eskumenak

161. artikulua.— Aranerako araubide berezia

Arango Kontseilu Nagusiari dagokio, Arango araubide berezia arautzen duen legeak zehazten dituen eskumenen esparruan:

e) Gobernuak eskuordetzen dizkion ahalak egikaritzea, Arango irakaskuntza-zentroen hizkuntza-araubideari buruz 17. artikuluan xedatutakoa erregelamendu bidez garatzeko.

IV. KAPITULUA
Elkarlana beste administrazio, organismo eta instituzio batzuekin

167. artikulua.— Katalanez hitz egiten duten beste lurralde batzuetako administrazioekiko harremanak

Sailak lankidetza sustatu behar du Kataluniarekin berezko hizkuntza partekatzen duten lurraldeetako hezkuntza-administrazioekin. Era berean, sailak elkarlanean jardun behar du katalanez hitz egiten duten lurraldeetako hezkuntza-erakundeekin.

[1257]Hogeita hamahirugarren xedapen gehigarria.— Sailburu titularra gaitzea curriculum jakin batzuk ezartzeko.

Indarrean dagoen araudia eta 53.1 artikuluaren arabera curriculuma zehazteko Gobernuari dagozkion eskumenak alde batera utzi gabe, sailburu titularra gaitu egiten da, agindu baten bidez, honako curriculum hauek ezar ditzan:

b) Hizkuntza-eskola ofizialetako irakaskuntzen curriculuma.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Toki-enteak

2. Sailak aurrekontu-partidak gaitu behar ditu, beharrezkoak eta nahikoak diren baliabideekin, toki-enteekin egindako hitzarmenetan hartutako konpromisoak finantzatu ahal izateko, betiere Haur Hezkuntzako bigarren zikloari, derrigorrezko hezkuntzari, Batxilergoari, hasierako lanbide-prestakuntzako programei, Lanbide Heziketari, hezkuntza bereziari, hizkuntzen edo kirolen irakaskuntzei edo Kataluniako hezkuntza-zerbitzuaren ekitatea eta kalitatea hobetzeko adostu daitezkeen beste batzuei dagokienez.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper