Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.12.43. 6/2006 Lege Organikoa, uztailaren 19koa, Kataluniako Autonomia Estatutua erreformatzekoa


8.4.12.43. 6/2006 Lege Organikoa, uztailaren 19koa, Kataluniako Autonomia Estatutua erreformatzekoa[1219]

HITZAURREA

[…]

Katalunian gizartegintza eta asoziazionismorako den tradizioak betidanik azpimarratu izan du garrantzi handikoak direla bai Kataluniako hizkuntza eta kultura, bai eskubideak eta eginbeharrak, bai jakinduria, bai prestakuntza, bai gizarte-kohesioa, bai garapen iraunkorra baita eskubide-berdintasuna ere, gaur egun, bereziki, emakume eta gizonen arteko berdintasuna azpimarratuta.

[…]

ATARIKO TITULUA

5. artikulua.— Eskubide historikoak

Kataluniaren autogobernua Kataluniako herriaren eskubide historikoetan, haren mendetako instituzioetan eta Kataluniako tradizio juridikoan dago oinarrituta. Estatutu honek tradizio hori bere baitara bildu eta eguneratu egin du, 2. artikuluaren, bigarren xedapen iragankorraren eta Konstituzioko beste agindu batzuen itzalpean. Hain zuzen ere, horiek ematen diote Generalitati halako egonleku berezia zuzenbide zibilean, hizkuntzan, kulturan, horiek hezkuntza-esparruan duten proiekzioan eta Generalitat antolatzeko sistema instituzionalean.

6. artikulua.— Berezko hizkuntza eta hizkuntza ofizialak

1. Katalana da Kataluniako berezko hizkuntza. Hala, bada, bai administrazio publikoetan bai Kataluniako komunikabide publikoetan katalana da usuen eta lehenen erabiltzeko hizkuntza, eta irakaskuntzan ere normalean katalana erabili ohi da bai komunikaziorako bai ikasteko.

2. Katalana da Kataluniako hizkuntza ofiziala. Gaztelania ere bada, Espainiako estatuko hizkuntza ofiziala baita. Pertsona orok du bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, eta Kataluniako herritarrek, biak jakiteko eskubidea eta eginbeharra. Kataluniako botere publikoen ardura da eskubide horiek erabili ahal izateko eta eginbehar hori betetzeko beharrezko neurriak hartzea. Dena dela, 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezin da diskriminaziorik egon hizkuntza bat erabili nahiz bestea erabili.

3. Generalitaten eta Estatuaren ardura da egin beharreko ekintzak egitea, Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna aitor dezaten eta kulturaren edo hizkuntzen arloko nazioarteko organismoetan eta nazioarteko tratatuetan katalana ager dadin eta katalana erabil dezaten.

4. Generalitatek komunikazioa eta lankidetza sustatu behar ditu hizkuntza-ondarea Kataluniarekin banaturik duten gainerako erkidegoekin eta gainerako lurraldeekin. Halakoetan, katalana kanpoan sustatzeko eta zabaltzeko, Generalitatek eta Estatuak —dagokionean dagokionak— beren esku dute tratatuak, hitzarmenak eta beste lankidetza-tresna batzuk hitzartzea.

5. Okzitaniera —aranés izena du Aranen— da lurralde hartako berezko hizkuntza, eta hizkuntza ofiziala da Katalunian, estatutu honetan eta hizkuntza-normalizaziorako legeetan ezarrita dagoenaren arabera.

11. artikulua.— Aran

2. Aran nazio-errealitate okzitaniarra da, eta kultura, historia, geografia nahiz hizkuntza aldetik bere nortasuna du; arandarrek halaxe defendatu dute mendeetan zehar, eta halaxe aitortzen dute Kataluniako herritarrek eta instituzio politikoek. Estatutu honek berezitasun hori aitortu, babestu eta errespetatu egiten du, eta aitortzen du Kataluniaren barruan Aran lurralde-erakunde berezia dela, eta, hala izanik, babes berezia ere badu, araubide juridiko berezi baten bidez.

12. artikulua.— Historiaren, hizkuntzaren eta kulturaren aldetik Kataluniarekin lotura duten lurraldeak

Generalitatek komunikazioa, kultura-trukea eta lankidetza sustatu behar du historiaren, hizkuntzaren eta kulturaren aldetik Kataluniarekin lotura duten erkidego eta lurraldeekin, Espainiako estatukoak izan zein ez. Horretarako, Generalitatek eta Estatuak —batak zein besteak egokiera-legez— beren esku dute tratatuak, hitzarmenak eta beste lankidetza-tresna batzuk hitzartzea, organismo erkideak sortzeko aukera ere barnean dela, eremu guztietan.

[…]

I. TITULUA
Eskubideak, eginbeharrak eta printzipio artezkariak

III. KAPITULUA
Hizkuntza-eskubideak eta -eginbeharrak

32. artikulua.— Hizkuntzak jakiteko eta erabiltzeko eskubideak eta eginbeharrak

Pertsona orok du eskubidea, hizkuntza dela-eta inork diskrimina ez dezan. Bi hizkuntza ofizialetako batean nahiz bestean gauzatutako egintza juridiko guztiek, hizkuntzaren aldetik, erabateko balioa eta eraginkortasuna dute.

33. artikulua.— Administrazio publikoetan eta Estatuko instituzioetan diren hizkuntza-eskubideak

1. Herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubidea dute. Pertsona orok du, Katalunian dauden instituzioekin, antolakundeekin eta administrazio publikoekin dituen harremanetan, berak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea. Eskubide hori errespetatu beharra dute instituzio publikoek, antolakundeek eta administrazio publikoek, baita hauteskundeetarako administrazioak ere Katalunian, eta, oro har, haien mendeko erakunde pribatuek ere bai, eginkizun publikoak darabiltzatenean.

2. Pertsona orok, Justizia Administrazioarekin, Fiskaltzarekin, notarioekin eta erregistro publikoekin dituen harremanetan, berak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea du epaitegietako, notariotzetako nahiz erregistroetako jarduketa orotan, eta Katalunian sortzen diren dokumentu ofizial guztiak aukeratu duen hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea ere bai, aukeratutako hizkuntzarengatik inolako babesgabeziarik edo beharrik gabeko atzerapenik jasan gabe, edo ezeren itzulpenik aurkeztu beharrik gabe.

3. Hizkuntza aukeratzeko eskubide hori bermatuta egon dadin, epaileek eta magistratuek, fiskalek, notarioek, jabetza-erregistratzaileek eta salerosketa-erregistratzaileek, Erregistro Zibileko arduradunek eta Justizia Administrazioko langileek, Katalunian lan egin ahal izateko, hizkuntza ofizialak behar beste eta egokiro ezagutzen dituztela egiaztatu beharko dute, legeetan ezarritakoaren arabera, duten karguaren edo lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko gai izateko bezainbatean.

4. Hizkuntza aukeratzeko eskubide hori bermatuta egon dadin, Katalunian dagoen Estatuko Administrazioak egiaztatu behar du bere zerbitzurako lan egiten duten langileek bi hizkuntza ofizialak behar beste eta egokiro ezagutzen dituztela, duten lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko gai izateko bezainbatean.

5. Kataluniako herritarrek konstituzio-organoekin eta estatu osorako jurisdikzio-organoekin dituzten harremanetan idatziz katalana erabiltzeko eskubidea dute, dagokion legerian ezarritako prozeduraren arabera. Instituzio horiek katalanez aurkeztu diren idatziak onartu eta izapidetu behar dituzte, erabateko eraginkortasun juridikoa baitute kasu guztietan.

34. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

Ondasunak, produktuak eta zerbitzuak erabiltzerakoan eta kontsumitzerakoan, pertsona orok du eskubidea berak aukeratutako hizkuntza ofizialean kasu egin diezaioten, bai ahoz bai idatziz. Katalunian jendaurreko lana egiten duten erakunde, enpresa eta establezimenduek nahitaezkoa dute hizkuntza-aukera horiek eskaintzeko eginbeharra, legez ezarritako moduan.

35. artikulua.— Hezkuntza-arloko hizkuntza-eskubideak

1. Pertsona orok du irakaskuntza katalanez jasotzeko eskubidea, estatutu honetan ezarritakoaren arabera. Hezkuntzan, bai unibertsitatean bai unibertsitatetik kanpora, irakasteko eta komunikatzeko ohiko hizkuntzatzat erabili behar da katalana.

2. Unibertsitateaz besteko mailetan, ikasleek irakaskuntza katalanez jasotzeko eskubidea dute. Era berean, eskolan hasten direnean dakarten ohiko hizkuntza edozein dela ere, nahitaezko hezkuntza amaitzen dutenerako, katalanez eta gaztelaniaz bai ahoz bai idatziz behar bezain ondo egiteko eskubidea eta eginbeharra dute. Bai katalanaren bai gaztelaniaren irakaskuntzak behar besteko lekua izan behar du ikasketa-planetan.

3. Ikasleek eskubidea dute bakoitzaren ohiko hizkuntzaren arabera ikastetxeka edo gela-taldeka bana ez ditzaten.

4. Kataluniako hezkuntza-sistemara eskolan hasteko adina baino geroago etorri diren ikasleek hizkuntza-indargarri bereziak hartzeko eskubidea dute, baldin eta ondo ulertzen ez dutela-eta nekeza gertatzen bazaie eskolan normaltasunez ibiltzea.

5. Unibertsitateko irakasleek eta ikasleek bakoitzak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea dute, bai ahoz bai idatziz.

36. artikulua.— Araneraren inguruko eskubideak

1. Aranen pertsona orok du araneraz jakiteko eta aranera erabiltzeko eskubidea, eta administrazio publikoekin eta haien mendeko erakunde publiko nahiz pribatuekin diharduelarik, pertsona orok du eskubidea araneraz kasu egin diezaioten, bai ahoz bai idatziz.

2. Arango herritarrek, Generalitatekin dihardutelarik, aranera erabiltzeko eskubidea dute.

3. Araneraren inguruko gainerako hizkuntza-eskubideak eta -eginbeharrak legez zehaztu behar dira.

V. KAPITULUA
Printzipio artezkariak

44. artikulua.— Hezkuntza, ikerketa eta kultura

2. Derrigorrezko irakaskuntza amaitzen dutenerako ikasleek hirugarren hizkuntza bat ere behar bezain ondo jakin beharra dute.

50. artikulua.— Katalana sustatzea eta zabaltzea

1. Botere publikoek katalana eremu guztietan eta arlo guztietan babestu behar dute, eta haren erabilera, zabalkundea eta ezagutza sustatu. Aranerarako ere printzipio horiek guztiak aplikatu behar dira.

2. Gobernuak, unibertsitateek eta goi-mailako hezkuntzako instituzioek, bakoitzak bere eskumenen barruan, irakaskuntzako jardueretan, irakaskuntzaz kanpoko jardueretan eta ikerketa-lanetan, eremu guztiotan, katalana erabiliko dela bermatzeko hartu beharreko neurriak hartu behar dituzte.

3. Katalana sustatzeko politikak estatu osora zabaldu behar dira, Europar Batasunera eta munduko gainerako lekuetara.

4. Botere publikoek ahaleginak egin behar dituzte Katalunian zabaltzen diren produktuetako etiketetan, estalkietan eta argibideetan datozen datuak katalanez ere egon daitezen.

5. Generalitatek, toki-administrazioak eta Kataluniako gainerako korporazio publikoek, mendean dituzten instituzioek eta enpresek, eta zerbitzu-emakidapean dituztenek katalana erabili beharra daukate bai barruko jarduketetan bai beren arteko harremanetan. Katalana erabili beharra dute, era berean, egoitza Katalunian duten pertsona fisikoei edo juridikoei igorritako komunikazio eta jakinarazpenetan ere, herritarrek, hala eskatzen badute, ezertan galarazi gabe jakinarazpenak gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea.

6. Botere publikoek katalanezko keinu-hizkuntzaren erabilera bermatu behar dute, eta gorreria duten pertsonek, hizkuntza hori aukeratuz gero, aukera berberak izateko behar diren baldintzak ere bai, hizkuntza hori irakatsi, babestu eta errespetatu egin behar baita.

7. Estatuak, Konstituzioak xedatzen duenaren arabera beti, artikulu honetan ezarrita dauden printzipioak betetze aldera egin behar du. Printzipio horiek eraginkorragoak izateko, behar diren koordinazio-tresnak ezarri behar dira, eta, hala badagokio, batera jarduteko beharrezko tresnak ere bai.

II. TITULUA
Instituzioak

I. KAPITULUA
Parlamentua

65. artikulua.— Legeak aldarrikatzea eta argitaratzea

Generalitateko presidenteak aldarrikatzen ditu, erregearen izenean, Kataluniako legeak, eta agintzen du argitara daitezela Kataluniako Generalitaten Aldizkari Ofizialean, legeok onetsi eta hamabost eguneko epean, bai eta Estatuko Aldizkari Ofizialean ere. Lege hau Kataluniako Generalitaten Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Generalitatek egindako itzulpena da gaztelaniazko bertsio ofiziala.

III. TITULUA
Kataluniako botere judiziala

III. KAPITULUA
Generalitatek Justizia Administrazioan dituen eskumenak

101. artikulua.— Oposizioak eta lehiaketak

3. Artikulu honetan arauturiko lehiaketa eta oposizioetako probak, Katalunian egiten direnean, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango dira, izangaiak aukeratutakoaren arabera.

102. artikulua.— Kataluniako Justizia Administrazioan lan egiten duten langileak, epaitegietakoak nahiz gainerakoak

1. Katalunian magistratu-, epaile- edo fiskal-plaza bat betetzen dutenek katalanez behar bezain ondo eta behar beste dakitela egiaztatu behar dute, herritarrek beren hizkuntza-eskubideak baliatzeko modua izan dezaten, legean zehazturiko modua eta irispidea aintzat hartuta.

2. Plaza Katalunian betetzen duten magistratuek, epaileek eta fiskalek Kataluniako berezko zuzenbidea behar bezain ondo ezagutzen dutela egiaztatu behar dute, legean zehazturiko modua eta irispidea oinarri hartuta.

3. Lekualdatze-lehiaketetan plaza bat lortzeko orduan, bertako hizkuntza eta zuzenbidea behar bezain ondo ezagutzea bereziki eta berariaz balioetsiko da kasu guztietan.

4. Katalunian Justizia Administrazioan eta Fiskaltzan lanean diharduten langileek, bi hizkuntza ofizialak behar beste eta egokiro ezagutzen dituztela egiaztatu beharko dute, karguaren edo lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko gai izateko bezainbatean.

IV. TITULUA
Eskumenak

II. KAPITULUA
Eskumenen gaiak

143. artikulua.— Berezko hizkuntza

1. Kataluniako Generalitati dagokio berezko hizkuntzaren arloko eskumen esklusiboa; eskumen horren barruan izango da beti haren ofizialtasunaren irispidea, erabilerak eta ondorio juridikoak zehaztea, eta katalanaren hizkuntza-normalizazioa iristea.

2. Generalitati dagokio, eta Aran haraneko Conselh Generau izeneko kontseiluari ere bai, okzitaniera, Aranen aranera deitutakoa normalizatzeko eskumena.

146. artikulua.— Komunikabide sozialak eta ikus-entzunezkoen zerbitzuak

3. Kataluniak kultura eta hizkuntza aldetik duen pluraltasuna sustatuko du komunikabide sozialetan Generalitatek.

147. artikulua.— Notariotza eta erregistro publikoak

1. Kataluniako Generalitati dagokio jabetzari, merkataritzari nahiz ondasun higigarriei buruzko erregistro publikoen eta notariotzen arloko eskumen betearazlea, hauek ere beti barruan direla:

a) Jabetzaren, merkataritzaren eta ondasun higigarrien arloko erregistratzaileak eta notarioak izendatzea; horretarako, oposizio libre nahiz murriztuak eta lehiaketak deitu, administratu eta ebatzi behar ditu, izendapenak formalizatu arte berari baitagokio horiek guztiak deitzea eta burutzea. Notariotza eta erregistroetako postuak betetzeko orduan, izangaiek eskubide-berdintasuna izan behar dute, eta hizkuntza eta zuzenbide katalanak badakizkitela egiaztatu behar dute, betiere, estatutuan eta legeetan ezarritako modu eta neurrian.

[…]

3. Generalitati dagokio, araudi orokorraren esparru barruan, Erregistro Zibilaren arloko eskumen betearazlea, horren barruan zeregin hauek sartuta: bertako arduradunak, bitartekoak zein ordezkoak izendatzea, horien gainean diziplina-eginkizuna betetzea, eta bete beharreko eginkizunak betetzeko beharrezko diren giza eskuarteak eta eskuarte materialak hornitzea. Arduradun horiek hizkuntza katalana eta zuzenbide katalana badakizkitela egiaztatu behar dute, betiere, estatutuan eta legeetan ezarritako modu eta neurri horretan.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper