Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.5.30. 1/2023 Legea, urtarrilaren 31koa, Errioxako Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa


8.4.5.30. 1/2023 Legea, urtarrilaren 31koa, Errioxako Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa[951]

ZIOEN AZALPENA

IV

[…]

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta duela gutxi aldatu zen martxoaren 31ko 6/2002 Legearen bidez, zeinaren arabera desgaitasunen bat duten pertsonek egikaritu ahal izango baitituzte beren eskubideak gainerako herritarren baldintza berberetan, eta, horretarako, irisgarritasun unibertsala bezalako neurriak hartzen ditu; lege horrek honela definitzen du 2.k) artikuluan: «Baldintza bat da, zeina bete behar baitute inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, bai eta objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek ere, pertsona guztiek segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabili eta baliatu ditzaten, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean». Diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren estrategia eskatzen du, eta ulertu behar da arrazoizko egokitzapenak egin daitezkeela. Gainera, azken erreformak irisgarritasun kognitiboa eta haren exijentzia- eta aplikazio-baldintzak ezartzen eta arautzen ditu; modu eraginkorrean bermatu nahi du ingurune fisikoa, garraioa, informazioa eta komunikazioa ulertzeko eta komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsona guztien irisgarritasun kognitiboa, informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak barne, bai eta eskuragarri dauden edo erabilera publikokoak diren beste zerbitzu eta instalazio batzuk ere, hiriguneetan zein landaguneetan. Lege-aldaketa honek indartu egiten du desgaitasuna duten pertsonen talde handi baten eskubideen egikaritze eta erkidego-partaidetza osoa, eta, gainera, gizarte-sektore hori gainditzen du, eta ongintzako eta hobekuntza kolektiboko ondorioak erkidegoko beste segmentu batzuetara zabaltzen ditu, hala nola adinekoengana, herrialdeko bisitariengana nahiz egoiliarrengana, zeinek hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzen ez baitituzte, eta alfabetatze-maila txikia dutenengana, besteak beste.

Tratu-berdintasunerako eta Diskriminaziorik ezari buruzko uztailaren 12ko 15/2022 Lege Integralak aitortzen du, besteak beste, inor ezin izango dela diskriminatu desgaitasunagatik, eta bermatzen du, behar diren bitartekoen bidez, diskriminazioaren biktima guztiek, bereziki desgaitasuna dutenek, irispide osoa izango dutela beren eskubideei eta dauden baliabideei buruzko informazio osoa lortzeko. Informazio hori formatu irisgarri eta ulergarrian eman beharko zaie desgaitasuna duten pertsonei, hala nola irakurketa erraza, braillea, zeinu-hizkuntzan edo komunikatzeko beste modalitate edo aukera batzuetan, sistema alternatibo eta handigarriak barne.

II. TITULUA
Arkitektura-oztopoak, garraioan eta komunikazioan.
Mugikortasunerako irisgarritasunaren ikurra

I. KAPITULUA
Espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta haiek erabiltzeko irisgarritasun-baldintzei buruzko xedapenak

3. atala
Hiri-altzarien ezaugarriak

18. artikulua.— Hiri-altzarien beste elementu batzuk

4. Jendearekiko elkarrekintzarako bitarteko informatikoak dituzten makina eta elementu manipulagarriek honako hauek izan beharko dituzte: braillea, makrokaraktereak, testutik ahotserako bihurtzea, azpitituluak, audiodeskripzioa, karaktereak handitzea, bideokomunikazioa, zeinu-hizkuntza, bideointerpretazioa, irakurketa erraza, edo informazioa eskuratzea, komunikatzea eta pertsona guztiek erabiltzea ahalbidetuko duten beste egokitzapen batzuk.

II. KAPITULUA
Eraikuntzako irisgarritasunari buruzko xedapenak

3. atala
Suteetarako informazioa, seinaleak eta segurtasuna

32. artikulua.— Informazioa eta seinaleztapena

2. Segurtasun-informazioa erraz aurkitzeko moduko leku batean egongo da, eta erabiltzaile guztiek ulertzeko modukoa izango da, hizkera errazeko, irakurketa errazeko, brailleko eta zeinu-hizkuntzako euskarriak erabiliz (kartelak, ikus-entzunezkoak).

3. Eraikinetako espazio eta ekipamenduak seinaleztatzeko, kontuan hartuko dira argiztapena eta gainerako baldintza bisualak, akustikoak eta, hala badagokio, ukimenezkoak eta hizkera errazekoak eta irakurketa errazekoak, zeinek ahalbidetuko baitute desgaitasun sentsoriala edo intelektuala duten pertsonek hauteman ahal izatea.

III. KAPITULUA
Garraioko irisgarritasunari buruzko xedapenak

1. atala
Irisgarritasuna garraio publikoan

37. artikulua.— Arau orokorrak

3. Logroñon dauden lurreko eta aireko garraio publikoko geltokietan, eta urtean milioi bat bidaiari baino gehiagoko geltokietan, baldin eta Errioxako Autonomia Erkidegoaren edo toki-administrazioaren eskumenekoak badira eta bidaiarien trafikoaren garrantziaren arabera zehazten badira, zeinu-hizkuntzaren interpreteen eta gidari-interpreteen zerbitzua ematea bermatuko da, aurrez aurre edo teleinterpretazioaren bidez, bai eta informazioa emateko eta jendeari arreta emateko guneetan ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz ere. Era berean, laguntza-langileak egongo dira, haien bidez errazteko desgaitasuna duten pertsonen geltokiko zirkulazioa eta ibilgailuetarako sarbidea.

IV. KAPITULUA
Eraikuntzako irisgarritasunari buruzko xedapenak

41. artikulua.— Irisgarritasuna komunikazio- eta seinaleztapen-sistemetan

1. Errioxako Autonomia Erkidegoak komunikazioan oztopoak ezabatu beharko ditu, eta mekanismo eta alternatiba teknikoak eta giza mekanismoak ezarri beharko ditu, hala nola zeinu-hizkuntzaren interpreteak, komunikazio- eta seinaleztapen-sistemak herritar guztientzat eskuragarri egon daitezen eremu guztietan, betiere Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen dituen urriaren 23ko 27/2007 Legean ezarritakoaren arabera. Era berean, irakurketa errazeko sistema, braillea eta begizta magnetikoa erabiliko dira, eta komunikazio-sistemak egokituko dira, pertsona guztientzat irisgarriak eta ulergarriak izan daitezen.

2. Errioxako Autonomia Erkidegoak sustatuko du zeinu-hizkuntzaren interpreteen prestakuntza, gorren eta ezpain-hizkuntzaren gidari-interpreteen prestakuntza, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen gidari-interpreteen prestakuntza, bai eta irisgarritasun kognitiboko eta irakurketa errazeko profesionalen prestakuntza ere, betiere pertsonari zuzeneko komunikazioa errazteko eta, era berean, administrazio publiko guztietan langile espezializatu horiek egon daitezen sustatzeko. Lan-eskaintza publikoak deituko dira langile espezializatu horien plantilla egonkorra eratzeko eta mantentzeko.

3. Errioxako Autonomia Erkidegoaren mendeko ikus-entzunezko komunikabideek eta komunikabide idatziek neurri teknikoen plan bat egin eta behar bezala eguneratuko dute, betiere, eta azpititulazioa, audiodeskripzioa, irakurketa erraza eta zeinu-hizkuntzaren interpretazioa txertatuz, desgaitasuna duten pertsonei informaziorako eskubidea bermatzeko, ikus-entzunezko legeria orokorrean berariaz ezarritako baldintzetan.

4. Era berean, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek edo gor-itsutasuna dutenek zeinu-hizkuntzako profesionalekin eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoekin batera parte hartzeko duten eskubidea bermatuko da, parte-hartzeko eremu guztietan, publikoak zein pribatuak izan, entzumen-desgaitasuna edo gor-itsutasuna duen pertsonak hala eskatzen duenean.

42. artikulua.— Informazioaren eta telekomunikazioen gizartea

4. Errioxako Administrazio autonomikoak ikus-entzunezko komunikazioaren arloko legeria espezifikoan arautuko ditu telebistaren ikus-entzunezko edukien gutxieneko irisgarritasun-baldintzak, azpitituluak, audiodeskripzioa eta zeinu-hizkuntzaren interpretazioa txertatuz.

VII. KAPITULUA
Kulturako, kiroleko eta aisiako ekipamenduetarako irisgarritasuna

48. artikulua.— Kulturako, kiroleko eta aisiako jardueretarako irisgarritasun-baldintzak

1. Kultura-, kirol- edo aisialdi-jarduerek eta antzeko ekitaldi publikoek komunikazio-irisgarritasun nahikoa bermatu behar dute, arian-arian, betiere edozein desgaitasun-mota duten pertsonek haietaz gozatu, haiek erraz ulertu edo horietan parte hartu ahal izan dezaten, eta informazioa hizkera ulergarriaren bidez eskaini behar dute, jarduera-motaren arabera erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

X. KAPITULUA
Justizia Administraziorako irisgarritasuna

50. artikulua.— Justizia Administraziorako irisgarritasuna

3. Justiziaren arloan eskumena duen sailak bideratzailearen figura sustatuko du, desgaitasuna duen pertsonari laguntza ematen dion aditu gisa, eta bi norabideko komunikazioa eta organo judizialaren eta desgaitasuna duen pertsonaren arteko laguntza egituratzen dituen elementu gisa, irakurketa errazeko, brailleko, zeinu-hizkuntzako eta beste komunikazio-modalitate edo -aukera batzuetako mekanismoen bidez, sistema alternatibo eta handigarriak barne.

Bigarren xedapen gehigarria.— Irisgarritasuna eta diseinua gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat

Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen irisgarritasun unibertsalari eta diseinuari buruzko aspektuek bete beharko dute urriaren 23ko 27/2007 Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoa; izan ere, lege horrek Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu.

ERANSKINA
Lege honetan erabilitako kontzeptuak

1) Irisgarritasun unibertsala: baldintza bat da, zeina bete behar baitute inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, bai eta objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek ere, pertsona guztiek segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabili eta baliatu ditzaten, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean. «Diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren» estrategia eskatzen du, eta ulertu behar da arrazoizko egokitzapenak egin daitezkeela.

2) Jazarpena: pertsona baten desgaitasunarekin lotutako portaera ez-desiratu oro da, helburutzat edo ondoriotzat duena haren duintasunaren aurka egitea edo larderiazko ingurunea, etsaitasunezkoa, apalesgarria, umiliagarria edo iraingarria sortzea.

3) Arrazoizko egokitzapenak: aldaketak eta moldaketak dira, zeinak beharrezkoak baitira eta desgaitasuna duten pertsonen beharrizan espezifikoetara egokitzen baitira ingurune fisiko, kognitibo, sozial eta jarrerazkoen arabera; egokitzapenok ez dute zama neurrigaberik edo bidegaberik ezarriko, kasu jakin batean modu eraginkor eta praktikoan beharrezkoak direnean, bai desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eta parte-hartzea errazteko, eta bai pertsona horiei bermatzeko eskubide guztiak gainerakoen baldintza berberetan baliatuko edo egikarituko dituztela.

4) Irisgarritasunerako oztopoak: pertsonek ingurune fisikoarekin, kognitiboarekin, garraioarekin, produktuekin, zerbitzuekin, informazioarekin eta komunikazioekin elkarreragiteko dituzten eragozpenak, trabak edo oztopoak.

5) Arkitektura-oztopoak: pertsonen eta ingurunearen arteko elkarrekintza eta gizartean erabateko parte-hartzea mugatzen edo eragozten duten oztopo fisikoak.

6) Oztopo kognitiboak: ulertzeko zailtasunari eragiten diotenak dira, eta, beraz, pertsonek ingurunearekin elkarreragitea eragozten dute.

7) Braillea: erliebean irakurtzeko eta idazteko metodo unibertsala itsuentzat edo ikusmen-desgaitasun larria dutenentzat, herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialera egokitua.

8) Begizta magnetikoa edo indukziozkoa: entzumen-protesien (audifonoen eta/edo inplanteen) erabiltzaileentzako laguntza osagarria, ingurunean entzumen-irisgarritasuna errazten duena, bai espazioan orientatzeko eta mugitzeko, bai era guztietako soinu-informazioa eta hizkuntza hautemateko. Soinu-seinalea eraldatzen duen soinu-sistema bat da, entzumen-desgaitasuna duen pertsonaren protesia hartzen duen eremu magnetiko bat sortuz.

9) Komunikazioa: igorle baten eta hartzaile baten artean informazioa trukatzeko prozesua. Mezua hautemateko erabiltzen den zentzumenaren arabera, komunikazioa honelakoa izan daiteke:

a) Entzunezkoa: mezua entzumenaren bidez hautematen den komunikazioa.

b) Ukimenezkoa eta podoukimenezkoa: mezua ukimenaren bidez hautematen den komunikazioa. Barnean hartzen ditu braille irakurketa-idazketa sistema, ikurrak eta grafikoak erliebean, letra larriak esku-ahurrean, ukimenezko alfabeto daktilologikoa edo esku-ahurrean eta ukimenezko euskarria duen zeinu-hizkuntza.

c) Ikusizkoa: mezua ikusmenaren bidez hautematen den komunikazioa. Barnean hartzen du sistema grafiko alfabetikoa eta sinbolikoa, zeinuen, letren, grafismoen, ikurren eta antzeko beste adierazpenen bidez irudikatzen dena edozein euskarri material, elektroniko edo telematikotan; argi-seinaleak, hau da, lurraldean, eraikuntzan eta garraioan arrisku- edo larrialdi-abisua ematen duten argi-errotuluak edo argiak, eta zeinu-hizkuntza, bai eta ulermenari laguntza ematen dioten hizkera piktografikoaren eta irudien bitartezkoa ere.

10) Elkarrizketa zibila: printzipio bat da, zeinaren arabera, desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituzten antolakundeek parte hartzen baitute legeek eta gainerako arau-xedapenek ezartzen dituzten baldintzetan, desgaitasuna duten pertsonen esparruan garatzen diren politika ofizialen lanketan, betearazpenean, jarraipenean eta ebaluazioan; politika horiek, edozelan ere, bermatuko dute desgaitasuna duten haurrek eskubidea izango dutela haiei eragiten dieten gai guztiei buruzko iritzia askatasunez adierazteko eta beren desgaitasunaren eta adinaren arabera egokia den laguntza jasotzeko, eskubide hori egikaritu ahal izateko.

11) Desgaitasuna: egoera bat da, zeina ondokoen elkarrekintzaren ondorioa baita: alde batetik, defizit ziur asko iraunkorrak dituzten pertsonen eta, bestetik, gizartean gainerakoen baldintza berberetan erabat eta eraginkortasunez parte hartzea mugatzen edo eragozten duten edozein motatako oztopoen arteko elkarrekintzarena.

12) Entzumen-desgaitasuna: entzumena erabiltzeko zailtasuna edo ezintasuna, zeina baitator entzumen-gaitasun partziala, hipoakusia edo erabateko kofosia, aldebakarrekoa edo aldebikoa, galtzetik; horrek ahozko hizkera eskuratzeko zailtasuna dakar, eta horrek eragina izango du eskola-, gizarte- eta lan-integrazioan.

13) Desgaitasun fisikoa: eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan gorputzaren edo gorputz-zati baten mugikortasuna edo mugimendua zailtzen edo eragozten duen desgaitasuna.

14) Adimen-desgaitasuna: desgaitasun bat da, zeinaren ezaugarria baita muga esanguratsuak izatea bai funtzionamendu intelektualean, bai moldatze-jokabidean, kontzeptu-trebetasunetan, sozialetan eta praktikoetan. Desgaitasun hau garapen-aldian sortzen da, zeina baita pertsonak 22 urte bete baino lehenagokoa.

15) Buru-desgaitasuna: nahasmendu kognitiboak, afektibotasunekoak edo jokabidekoak, intentsitateagatik edo larritasunagatik kaltetuak funtzionamendu psikologikorako eta sozializaziorako laguntza behar izatea eragiten dutenak.

16) Desgaitasuna edo dibertsitate organikoa: gorputz-sistema batzuen funtzionalitate-galeraren ondorioa da; sistema horiek barne-organoekin edo prozesu fisiologikoekin lotu ohi dira, sortzetikoak edo eskuratuak izan.

17) Zentzumen-desgaitasuna: zentzu bati edo bati baino gehiagori aldi berean eragiten dion desgaitasuna.

18) Ikusmen-desgaitasuna: ikusteko gaitasunaren urritze partziala edo erabateko gabezia, zeinak zaildu edota eragozten baitu ikusmen-atazak normaltasunez betetzea, eta eragindako pertsonaren eta ingurunearen arteko elkarrekintzarako zailtasunak eragiten baititu; erabateko itsutasuna eta ikusmen urriko maila guztiak hartzen ditu.

19) Zuzeneko diskriminazioa: desgaitasuna duen pertsona baten egoera da, desgaitasunagatik edo desgaitasunagatik antzeko egoeran dagoen beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatua denean.

20) Zeharkako diskriminazioa: lege- edo erregelamendu-xedapen batek, klausula konbentzional batek edo kontratu-klausula batek, banakako itun batek, alde bakarreko erabaki batek edo irizpide edo praktika batek, edo ingurune, produktu edo zerbitzu batek, itxuraz neutroa izanik ere, desabantaila partikularra eragin diezaioketenean pertsona bati beste batzuen aldean, desgaitasunagatik edo desgaitasunaren zioz, betiere objektiboki helburu legitimo bati erantzuten ez badiote eta helburu hori lortzeko bitartekoak egokiak eta beharrezkoak ez badira.

21) Elkartzeagatiko diskriminazioa: egoera hori sortzen da pertsona edo talde batek diskriminaziozko tratua jasotzen duenean beste batekin duen harremanagatik edo desgaitasunagatik.

22) Diseinu unibertsala edo pertsona guztientzako diseinua: jarduera honen bidez, inguruneak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, tresnak, programak, gailuak edo tresnak sortzen edo proiektatzen dira jatorritik, eta, ahal den guztietan, pertsona guztiek erabili ahal izango dituzte, ahalik eta gehien, egokitzapenik edo diseinu espezializaturik behar izan gabe. «Diseinu unibertsalak edo pertsona guztientzako diseinuak» ez ditu baztertuko desgaitasuna duten pertsonen talde partikularrentzako laguntza-produktuak, pertsonok produktu horiek behar dituztenean.

23) Dibertsitate funtzionala: termino bat da, zeinak erreferentzia egiten baitio pertsonen ingurunean funtzionatzeko eta jarduteko moduen aniztasunari, betiere ezaugarri pertsonalen eta ingurunearen aniztasuna eta desberdintasuna direla-eta.

24) Urbanizazio-osagaiak: urbanizazio-obren edozein osagai, ur-hornidurarekin eta -banaketarekin, saneamenduarekin, energia-hartzearekin eta -banaketarekin, telekomunikazioekin, bide-segurtasun eta -seinaleekin, lorezaintzarekin eta zoladurarekin lotuta, eta hirigintza-planetako eta urbanizazio-proiektuetako adierazpenek gauzatzen dituzten elementu guztiekin lotuta.

25) Erabilera komunitarioko espazioak eta eremuak: eraikin baten edo eraikin-multzo baten zerbitzuan eta erabiltzaileen eskura modu partekatuan dauden espazioak.

26) Erabilera publikoko hiri-espazioak: jabari publikoa osatzen duten espazioen multzoa; espaziook erabilera publiko iraunkorrerako edo aldi baterako erabiltzen dira eta, indarrean dagoen hirigintza-araudiaren arabera, hiri-lurzoru izaera dute. Kontzeptu hauek sartzen dira:

a) Bide-espazioak: ibilgailuen eta pertsonen zirkulaziorako dauden erabilera publikoko hiri-espazioak.

b) Espazio libreak: erabilera publikoko hiri-eremu edo -esparru eraiki gabeak, bide-espazioez bestelakoak.

27) Aukera-berdintasuna: diskriminaziorik ez izatea, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, diskriminazio horretan sartzen delarik edozein bereizketa, bazterketa edo murriztapen, zeinaren asmoa edo ondorioa baita desgaitasuna duten pertsonen giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak aitor daitezen, goza daitezen edo baldintza berdinetan egikari daitezen oztopatzea edo ondoriorik gabe uztea eremu hauetan: politikan, ekonomian, gizartean, lanean, kulturan edo gizarte zibilean edo bestekoetan. Era berean, ekintza positiboko neurriak onartzen badira, aukera-berdintasuna dela joko da.

28) Gizarte-inklusioa: printzipio bat da, zeinaren arabera, gizarteak balio partekatuak sustatzen baititu, ondasun erkidera eta gizarte-kohesiora bideratuak, eta aukera ematen die desgaitasuna duten pertsona guztiei bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturalean bete-betean parte hartzeko eta gainerakoen baldintza berdinetan bizitzeko.

Gizarte-inklusioak jarduketa hauek dakartza:

a) Lege-esparruan aldaketak egitea.

b) Desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien edo ordezkaritza-antolakundeen parte-hartzea.

c) Desgaitasuna duten pertsonen trebetasunak eta gaitasunak sustatzea.

d) Lotura komunitarioak sortzea eta indartzea.

e) Desgaitasun-egoeratik eratorritako kalteberatasun-faktoreak murriztea.

f) Baliabideen aprobetxamenduan berrikuntza eta optimizazioa sustatzea.

g) Helburu kualitatiboei lehentasuna ematea, kuantitatiboei baino lehen.

h) Dimentsio anitzeko eta diziplina arteko ikuspegia formulatzea.

i) Beharrizan partikularrentzako erantzun espezifikoak diseinatzea.

j) Honako eragile hauek ahalik eta gehien inplika daitezen sustatzea: ordezkaritza-instituzio, -erakunde eta -antolakundeak.

k) Ingurunea eraldatzen duten politikak (irisgarritasuna; aurreiritziak eta estigmak ezabatzea; herritartasun-espazio inklusiboak sortzea; gizarte-ekonomia eta kontratazio publikoa; desgaitasuna eragiten duten faktoreen prebentzioa).

l) Laguntzak ematen dituzten politikak.

m) Lan-inguruneak sortzeko, estimulatzea eta sentsibilizatzea.

29) Zeinu-hizkuntza: ikusmen-, keinu- eta espazio-hizkuntza naturala da, berezko gramatika duena, eta Espainiako Estatuak urriaren 23ko 27/2007 Legean aitortutako beste edozein hizkuntzaren ezaugarri guztiak eta eginkizun berberak betetzen ditu; izan ere, lege horrek zeinu-hizkuntzak aitortu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu.

30) Irakurketa erraza: eduki bat errazago irakurtzeko eta ulertzeko aukera ematen duen egokitzapena. Testua ez ezik, ilustrazioak eta maketazioa ere barne hartzen ditu. Irakurketa erraztzat jotzen da, halaber, testuak guztiontzat ulergarriago egiteko metodoa, zeinak ezabatzen baititu ulertzeko, ikasteko eta parte hartzeko oztopoak.

31) Irisgarritasunari eustea: berrikusteko, arazoak detektatzeko eta jarduteko prozeduren multzoa da, betiere espazioak, zerbitzuak edo instalazioak eskuragarri egon daitezen denboran zehar, eta irisgarritasun-baldintzak murriztu edo desagertu ez daitezen beharrezkoak diren elementuen mantentze-lanek behar beste jarraitu dezaten. Irisgarritasunaren mantentze-lanak prebentziozkoa eta zuzentzailea izan behar du.

32) Ekintza positiboko neurriak: desgaitasunaren ondoriozko desabantailak saihestu edo konpentsatzen dituztenak dira, desgaitasuna duten pertsonen egitatezko berdintasuna lortu edo bizkortzera bideratuak, bai eta bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan erabateko parte-hartzea lortzera bideratuak ere, desgaitasun-mota eta -gradu guztiak kontuan hartuta.

33) Laguntza-bitartekoak: ingurunearen eta desgaitasuna duten pertsonen arteko bitartekari gisa jarduten duten laguntzak dira, bizi-kalitatea hobetzeko edo autonomia pertsonala areagotzeko aukera ematen dietenak. Erabilera partikularreko laguntza-bitartekoak beharrezko elementutzat jotzen dira, eta ezin da mugatu horien erabilera, salbu eta segurtasun- edo osasungarritasun-arrazoiengatik edo erregelamendu bidez ezarritako beste arrazoi batzuengatik. Laguntza-bitartekoak honela sailkatzen dira:

a) Laguntza-produktua: tresna, aparatu, tresna, gailu, mekanismo edo antzeko elementu bat, zeinak aukera ematen baitie desgaitasuna duten pertsonei laguntza hori gabe egin ezingo lituzketen jarduerak egiteko, edo ahalegin handi baten kontura bakarrik egin litzaketenak egiteko.

b) Laguntza pertsonala: desgaitasuna duten pertsonei produktu eta zerbitzuen erabilera, komunikazioa edo mugikortasuna errazteko edo bermatzeko prestatutako pertsona, hala nola zeinu-hizkuntzaren interpretea, gidari-interpretea edo laguntzaile pertsonala.

c) Animalien laguntza: desgaitasuna duen pertsona baten beharrizan zehatzak betetzeko bereziki trebatutako animalia, hala nola laguntza-txakurrak.

34) Normalizazioa: printzipio bat da, zeinaren bidez desgaitasuna duten pertsonek aukera izan behar baitute bizimodua eramateko berdintasun-baldintza berberetan, beste edozein pertsonak eskura dituen leku, eremu, ondasun eta zerbitzu berberak eskuratuz.

35) Garuneko paralisia: mugimenduaren garapenaren eta jarreraren nahasmendu iraunkorren multzoa; nahasmenduok jarduera mugatzen dute, eta fetuaren garun-garapenean edo lehen haurtzaroan gertatzen diren alterazio ez-progresiboei egozten zaizkie.

36) Mugikortasun murriztua duten desgaituak: desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektual jakin bat dela eta, ingurunearekin segurtasunez eta autonomiaz mugitzeko edo elkarrekintzan aritzeko gaitasuna mugatuta duten pertsonak.

37) Irisgarritasun-plana: tresna bat da, zeinak identifikatu eta planifikatzen baititu planaren aplikazio-eremuan lege honek eta berari dagokion garapen-araudiak ezarritako irisgarritasun-baldintzak lortzeko gauzatu behar diren jarduketak.

38) Prozesu judizial baten bideratzaileak: profesional espezializatuak eta neutralak dira, zeinek, beharrezkoa izanez gero, laguntza egoki eta beharrezkoak ebaluatu, diseinatu eta eskaintzen baitizkiete adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei —ofizialki aitortutako desgaitasuna izan edo ez— eta justiziaren eremuko prozesu judizial batean inplikatutako profesionalei; gainera, pertsonoi aholkularitza ematen diete; horren guztiaren helburua, berriz, hauxe da: adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonek justizia iristeko duten eskubidea gainerakoen baldintza berberetan egikaritzea. Laguntza-beharrizanei buruzko ebaluazioa egiteko kontuan hartu behar da zein den pertsonaren eta ingurune zehatzaren arteko elkarrekintza, kasuz kasu; izan ere, pertsonek gaitasun dinamikoak dituzte, eta ingurune polizial edo judizial bakoitzak ere ezaugarri propioak ditu.

39) Erabilera publikoko zerbitzuak: zerbitzu horiek, titulartasuna edozein dela ere, jendearen eskura jartzen dira, eta banaka edo taldeka kontratatu ahal izango dira edo baliatu ahal izango dira, hala nola osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza-, unibertsitate- eta prestakuntza-zerbitzu tekniko-profesionalak, kultura-zerbitzuak, ostalaritza-zerbitzuak, merkataritza-zerbitzuak, larrialdi-zerbitzuak, informazio- eta komunikazio-zerbitzuak edo kirol-zerbitzuak.

40) Gor-itsutasuna: desgaitasun bat da, zeina bi zentzumen-gabeziaren ondorioa baita (ikusmenekoa eta entzumenekoa); gabezia horiek gehiago edo gutxiago agertzen dira, eta komunikazio-arazo bakarrak eta beharrizan bereziak sortzen dituzte; beharrizanok, berriz, sortzen dira ingurunea modu globalean hautemateko, ezagutzeko, eta, beraz, hartaz interesatzeko eta hari moldatzeko pertsona horiek duten zailtasunaren ondorioz.

41) Bidaiarien eskatu ahalako garraioa: bidaiarien garraio-zerbitzua, aurrez finkatutako ibilbide, egutegi eta ordutegiei lotuta ez dagoena.

42) Bidaiarien garraio publikoa: bidaiariak lurretik garraiatzeko zerbitzua, pertsona multzo jakin batek edo beste batzuek edo publiko orokorrak leku batetik bestera joateko erabil dezaketena, prezio bat, tasa bat, kuota bat edo beste kontraprestazio bat ordainduta edo ordaindu gabe.

43) Desgaitasunaren arloko politiken zeharkakotasuna: printzipio bat da, zeinaren arabera, administrazio publikoek garatzen dituzten jarduerak ez baitira mugatzen pertsona horientzat bakarrik pentsatutako plan, programa eta ekintza espezifikoetara soilik, baizik eta barne hartzen baitituzte izaera orokorreko ekintza-politika eta -ildoak, jardun publikoko edozein eremutan, non kontuan hartuko diren desgaitasuna duten pertsonen beharrizanak eta eskaerak.

44) Bizimodu independentea: egoera bat da, zeinean desgaitasuna duen pertsonak bere existentziari buruzko erabaki-boterea egikaritzen baitu eta bere erkidegoko bizitzan aktiboki parte hartzen baitu, nortasunaren garapen askerako eskubidearen arabera.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper