Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.5. Errioxako Autonomia Erkidegoa


8.4.5. Errioxako Autonomia Erkidegoa


8.4.5.1. 3/1982 Lege Organikoa, ekainaren 9koa, Errioxako Autonomia Estatutuari buruzkoa[922]

I. TITULUA
Autonomia Erkidegoaren eskumenak

I. KAPITULUA
Eskumen esklusiboak

8. artikulua

Bat. Errioxako Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa dagokio honako gai hauetan:

24. Ikerketa zientifiko eta teknikoan, Estatuaren eskumen orokorrarekin koordinatuz; arreta berezia jarriko zaio gaztelaniari, berau Errioxako jatorrikoa delako eta haren kulturaren funtsezko zatia delako.


8.4.5.2. 3/1990 Legea, ekainaren 29koa, Errioxako Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Funtzio Publikoari buruzkoa[923]

IV. TITULUA
Funtzionarioen estatutu-araubidea

IV. KAPITULUA
Eginbeharrak, bateraezintasunak eta diziplina-araubidea

56. artikulua.— Diziplina-faltak

1. Funtzionarioen betebeharrak borondatez ez betetzea diziplina-falta izango da, zeinak sorraraziko baitu falta horri dagokion zehapena ezartzea, betiere hark eragotzi gabe ez-betetze hark sorrarazi ahal izan dituen erantzukizun zibil edo penalak gertatzea.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau da diziplina-falten tipifikazioa Errioxako Autonomia Erkidegoan:

1. Hauek dira falta oso astunak:

b) Edozein jarduketa, baldin eta diskriminazioa badakar arraza, sexu, erlijio, hizkuntza, iritzi, jaioleku edo auzotasun edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.

Zortzigarren xedapen gehigarria.— Administrazio bereziko laguntzaile fakultatiboen kidegoa

1. Honako kidego, eskala edo plaza hauetako funtzionarioak administrazio bereziko laguntzaile fakultatiboen kidegoan sartuko dira, baldin eta 2. apartatuan eskatzen den betekizuna betetzen badute:

Errioxako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren interprete-informatzailea.


8.4.5.3. 4/1994 Legea, maiatzaren 24koa, Errioxako Artxiboei eta Dokumentu-ondareari buruzkoa[924]

IV. TITULUA
Dokumentuak eta artxiboak iristea

33. artikulua

1. Errioxako dokumentu-ondarea osatzen duten dokumentuak iristeko eskubidea honako irizpide hauen arabera arautuko da:

a) Herritarrek eskubidea dute, espediente baten zati izanik, titulartasun autonomikoko artxiboetan dauden dokumentuak iristeko, haien hizkera eta euskarri materiala edozein dela ere, baldin eta espediente horiek eskabide-egunean amaitutako prozedurei badagozkie.


8.4.5.4. 2/2002 Legea, apirilaren 17koa, Osasunari buruzkoa[925]

II. TITULUA
Herritarren eskubideak eta eginbeharrak

I. KAPITULUA
Herritarren eskubideak osasunari eta osasun-arretari dagozkienez

11. artikulua.— Asistentzia-informazioarekin eta dokumentazio klinikoa iristearekin lotutako eskubideak

1. Pazienteak eskubidea du bere osasunari buruz lortutako informazio guztia jakiteko eta, berarentzat ulergarriak diren baldintzetan, bere osasunari eta asistentzia-prozesuari buruzko informazio egiazkoa eta egokia izateko, eta horren barruan daude diagnostikoa, arrisku/onura erlazioa, tratamenduaren ondorioak eta ez tratatzearen ondorioak, planteatutako tratamenduaren ordezko aukerak eta, ahal bada, pronostikoa. Pazientearen borondatea ere errespetatu behar da, informazioa jaso nahi ez badu.

a) Informazioa hizkera ulergarrian eman behar da (ezaugarri pertsonalak, kulturalak, linguistikoak, hezkuntzakoak eta abar kontuan hartuta), betiere pazienteari eragiten dion orotan horrek erabakiak hartu ahal izateko behar besteko judizio-elementuak izan ditzan.

12. artikulua.— Osasun-arreta eskuratzearekin lotutako eskubideak

4. Herritarrek eskubidea dute beren osasunerako sendagaiak eta osasun-produktuak eskuratzeko, aplikatzekoa den legeriak ezartzen duen moduan. Osasun-arloko profesionalek pazienteari hizkera ulergarrian eman behar diote informazioa, honako hauei buruz: botiken erabilera zuzena; aurreikus daitezkeen ondorioak; gerta daitezkeen ondorio kaltegarriak; beste sendagai edo elikagai batzuekin izan ditzakeen interakzioak, eta, beharrezkoa izanez gero, sendagaia behar bezala erabiltzeko dauden alternatibak.


8.4.5.5. 1/2003 Legea, martxoaren 3koa, Errioxako Toki-administrazioari buruzkoa[926]

II. TITULUA
Udalerria

III. KAPITULUA
Udalerrien izendapena, hiriburutza eta ikurrak

23. artikulua.— Izendapena

Udalerrien izendapena gaztelaniaz edo toponimiaren hizkuntza tradizionalean izango da.

25. artikulua.— Izendapena edo hiriburutza aldatzeko prozedura

1. Udalerriaren edo haren hiriburuaren izena aldatzeko prozedura udaleko osoko bilkuraren edo auzo-batzarraren erabakiz hasiko da, behar bezala arrazoituta. Hilabeteko epean jendaurrean jarri ondoren, osoko bilkurak edo batzarrak ebatzi egingo ditu aurkeztutako erreklamazioak, eta behin-behinean onetsiko du aldaketa, baldin eta izatezko kopuruaren bi herenek aldaketaren aldeko botoa ematen badute eta kopuru hori bada kideen legezko kopuruaren gehiengo osoa.

2. Espedientea toki-araubidearen arloan eskumenak dituen sailari helaraziko zaio. Proposatutako izendapen berria beste udalerri batenarekin nahas badaiteke, hizkuntza-akatsak baditu edo Errioxako toponimiarekin bat ez badator, toki-araubidearen arloan eskumena duen sailburuak hori udalerri interesdunari jakinaraziko dio, eta hilabeteko entzunaldia emango dio.


8.4.5.6. 7/2004 Legea, urriaren 18koa, Errioxako Ondare Kultural, Historiko eta Artistikoari buruzkoa[927]

Bigarren xedapen gehigarria.— Ondare kultural, historiko eta artistikoan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeak

2. Errioxako Gobernuak San Millán de la Cogolla Fundazioaren jarduerak sustatuko ditu, hargatik eragotzi gabe Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiarekin, Cervantes Institutuarekin edo nazioko edo nazioarteko beste erakunde eta antolakunde batzuekin edozein motatako lankidetza sustatzea, gaztelania zabaltzeko.


8.4.5.7. 3/2005 Legea, martxoaren 14koa, Errioxako Autonomia Erkidegoko merkataritza-jarduera eta feria-jarduerak antolatzeari buruzkoa[928]

II. TITULUA
Merkataritza-jardueraren administrazio-araubidea

I. KAPITULUA
Merkataritza-jarduera egikaritzea

10. artikulua.— Merkataritza-eskaintza, eta artikuluen eskuratzea mugatzeko debekua

1. Merkataritza-jarduera egikaritzeko, merkatuko ondasunen eskaintza osatzen duten baldintzak bete beharko dira, bai eta ondasunok aurkezteko eta etiketatzeko araudia ere. Produktuek honako hauek eraman beharko dituzte gaztelaniaz: legez eska daitekeen eta produktuok ezagutzeko egokia den informazio guztia, produktuok erabiltzearen arriskuak eta, hala badagokio, produktuok eskuratzeko baldintza bereziak.


8.4.5.8. 1/2006 Legea, otsailaren 28koa, Errioxako Adingabeak babesteari buruzkoa[929]

I. TITULUA
Adingabeen eskubideak sustatzea eta defendatzea

II. KAPITULUA
Adingabearen eskubideak babestea eta sustatzea

19. artikulua.— Gizarteratzeko eskubidea

3. Errioxako Autonomia Erkidegoan bizi diren adingabe atzerritarrek eskubidea izango dute, integrazio sozial, linguistiko eta kulturalerako erraztasunak ematen dituzten baliabide publikoak izateko, betiere haien identitatea errespetatuz.


8.4.5.9. 4/2006 Legea, apirilaren 19koa, Errioxako Ikaskuntzen Institutuari buruzkoa[930]

ZIOEN AZALPENA

[…]

[…] Errioxako Autonomia Erkidegoari ataza horiek egiteko gaitasuna ematen dioten eskumenak honako hauetan daude ezarrita: lehenengoz, Konstituzioaren 148.1.1 eta 149.1.18 artikuluetan; bigarrenez, Errioxako Autonomia Estatutuaren 8.1 artikuluaren 1., 2. eta 5. apartatuetan, artikulu horrek, azken kasu honetan, eskumen esklusiboa ematen duelarik Erkidegoaren berezko sektore publikoa sortzeko eta kudeatzeko; eta, hirugarrenez, artikulu horren 23., 24. eta 26. apartatuetan, betiere artikulu horrek kulturari buruz diharduelarik eta Errioxako adierazpide bereziei arreta berezia eskaintzen dielarik, bai eta arreta berezia eskaintzen diolarik gaztelaniari, Errioxako jatorrikoa delako eta haren kulturaren funtsezko zatia delako, eta, azkenik, arreta berezia eskaintzen diolarik Errioxako ondare artistiko, arkeologiko, historiko, kultural, monumental, arkitektoniko eta zientifiko interesgarriari ere. […]

[…]


8.4.5.10. 3/2009 Legea, ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzkoa[931]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Honako hauek dira Berrikuntzako Errioxako Sistemako I+G+Bren adierazle nagusiak: Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Zerbitzua (CIDA), Errioxako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia Berritzeko Zentroa (CITA), Barrengorriaren Ikerketarako Zentro Teknologikoa (CTICH), Errioxako Haragi Industriaren Zentro Teknologikoa (CTIC), Errioxako Oinetakoen Zentro Teknologikoa (CTCR), Ikerketa Zentro Biomedikoa (CBIR), Espainiar Hizkuntza Ikertzeko Nazioarteko Zentroa (CILENGUA), Mahatsondoaren eta Ardoaren Zientzien Institutua (ICVV), Errioxako Zentro Teknologikoa, Errioxako Unibertsitatea (UR) eta teknologia-zentro pribatuak eta enpresetako I+G+B sailak, bakoitza berezia delarik bere espezialitatean) […]

[…]

Estatuko lege-esparruarekin batera, Errioxako Autonomia Estatutuak Errioxako Autonomia Erkidegoari esleitzen dio, 8.Bat.24 artikuluan, “ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloko eskumena, arreta berezia eskaintzen zaiolarik gaztelaniari, berau baita Errioxako jatorrikoa hizkuntza eta haren kulturaren funtsezko zatia” —izan ere, autonomia-erkidego hori ekainaren 9ko 3/1982 Lege Organikoaren bidez promulgatu zen eta martxoaren 24ko 3/1994 Lege Organikoaren eta urtarrilaren 7ko 2/1999 Lege Organikoaren bidez zabaldu— .

[…]


8.4.5.11. 7/2009 Legea, abenduaren 22koa, Errioxako Gizarte-zerbitzuei buruzkoa[932]

ZIOEN AZALPENA

V

[…]

Gai horri dagokionez, Errioxako Autonomia Erkidegoak bere eremu geografikora mugatutako baimenak eta egiaztapenak emateko eskumena baino ez du. Era berean, ezin ditu automatikoki onartu beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen baimenak edo egiaztapenak; izan ere, bere eskumen esklusiboa betez, egiaztatu behar du zentroak edo zerbitzuak Errioxako araudian soilik ezarritako kalitate-parametroetara egokitzen direla, tratamendu juridiko hori bermatzen dutelako interes orokorreko ezinbesteko arrazoiek. Hala ere, betekizunak betetzen direla frogatzen duten beste estatu kide batzuetako dokumentuak onartuko dira. Edozelan ere, interes orokorreko arrazoi berberengatik, jatorrizkoa, kopia konpultsatua edo itzulpen konpultsatua aurkeztea eskatuko da.

[…]

VIII. TITULUA
Erregistroa, baimena eta egiaztapena

III. KAPITULUA
Baimena eta egiaztapena

69. artikulua.— Administrazio-baimena lortzeko gutxieneko betekizunak

2. Beste estatu kide batzuetako dokumentuak onartuko dira, baldin eta dokumentuok frogatzen badute erregelamendu bidez ezarritako betekizunak betetzen dituztela. Edozelan ere, jatorrizko dokumentua, kopia konpultsatua edo itzulpen konpultsatua aurkeztea eskatuko da.

72. artikulua.— Administrazio-egiaztapena lortzeko gutxieneko betekizunak

2. Beste estatu kide batzuetako dokumentuak onartuko dira, baldin eta dokumentuok frogatzen badute erregelamendu bidez ezarritako betekizunak betetzen dituztela. Edozelan ere, jatorrizko dokumentua, kopia konpultsatua edo itzulpen konpultsatua aurkeztea eskatuko da.


8.4.5.12. 5/2010 Legea, maiatzaren 14koa, Errioxako Udaltzaingoak koordinatzeari buruzkoa[933]

V. TITULUA
Estatutu-araubidea

II. KAPITULUA
Eskubideak eta eginbeharrak

41. artikulua.— Eginbeharrak

Errioxako udaltzaingoen kidegoetako kideek toki-administrazioko funtzionarioentzat ezarritako eginbeharrak izango dituzte, bai eta beren eginkizunak egikaritzean jarduteko oinarrizko printzipioetatik ondorioztatzen direnak ere —zeinak Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan jasota dauden—, eta, bereziki, honako hauek:

i) Herritarrekiko tratuan, baita jarreran eta hizkeran ere, kongruentzia- eta proportzionaltasun-printzipioak errespetatzea. Atxilotuei beren eskubideen berri ematea, eta atxiloketaren arrazoiak argi eta garbi jakinaraztea.


8.4.5.13. 5/2013 Legea, apirilaren 12koa, Errioxako Autonomia Erkidegoan Kontsumitzaileak defendatzeari buruzkoa[934]

ZIOEN AZALPENA

[…]

III. kapituluak kontsumitzailearen eskubide hau arautzen du: funtsezko ezaugarriei buruzko informazio egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa estatuko hizkuntza ofizialean jasotzekoa, eta ezaugarriok ezartzea. […]

[…]

II. TITULUA
Kontsumitzaileen eskubideak

I. KAPITULUA
Osasunaren babeserako eta segurtasunerako eskubidea

9. artikulua.— Printzipio orokorrak

2. Ondasunak, produktuak eta zerbitzuak normaltasunez erabiltzeak ekar dezakeen edozein arrisku, betiere haien izaera eta hartzailearen balizko inguruabar pertsonalak kontuan hartuta, kontsumitzaileei jakinarazi beharko zaie aldez aurretik, bitarteko egokiak erabiliz, modu argian, ikusgarrian eta, gutxienez, estatuko hizkuntza ofizialean.

13. artikulua.— Subjektu erantzuleak

9. Kontsumitzaileen segurtasuna arriskuan jar dezakeen produktu bat merkaturatzeko bidea zehaztu nahi denean, kontsumo-arloan eskumena duen administrazioak ekoizleari, banatzaileari edo merkaturatzearen arduradunari eskatu ahal izango dio, zinpeko interpretearen edo harekin berdinetsitako baten bidez, estatuko hizkuntza ez-ofizialean aurkezten diren dokumentazio teknikoa, faktura edo bestelako dokumentuak itzultzeko.

II. KAPITULUA
Interes ekonomiko eta sozialak babesteko eskubidea

18. artikulua.— Aitortutako eskubideak

1. Ondasunak eta zerbitzuak eskaintzean, eskuratzean, erabiltzean eta gozatzean, kontsumitzaileek honako eskubide hauek izango dituzte:

c) Merkatuan eskuragarri jarritako ondasun eta zerbitzuen funtsezko ezaugarriei buruzko informazio osoa, egiazkoa, gardena eta ulergarria lortzeko eskubidea, aplikatu beharreko legeriaren arabera. Informazio hori, gutxienez, estatuko hizkuntza ofizialean aurkeztuko da.

i) Kontratua idatziz jasotzeko eskubidea, gutxienez estatuko hizkuntza ofizialean, eta kontratuak erraz irakurtzeko eta ulertzeko modukoa izan behar du.

III. KAPITULUA
Informaziorako eskubidea

21. artikulua.— Printzipio orokorrak

1. Kontsumitzaileen eskura jarritako produktu, ondasun eta zerbitzuek beren funtsezko ezaugarriei buruzko informazio egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa eraman beharko dute berekin edo aldean, edo informazio hori benetan eta objektiboki jakiteko bide eman. […]

2. Legez eska daitekeen informazio guztia, gutxienez, estatuko hizkuntza ofizialean agertuko da.

V. TITULUA
Zehapen-araubidea

I. KAPITULUA
Arau-hausteak

62. artikulua.— Dokumentazioaren, merkataritza-transakzioen eta prezioen arloko arau-hausteak

Dokumentazioaren, merkataritza-transakzioen eta prezioen arloko arau-hausteak dira:

b) Indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzetan, kontraturik ez entregatzea, argi irakurtzeko eta ulertzeko moduan, eta estatuko hizkuntza ofizialean idatzita.

m) Kontsumitzaileei ez ematea estatuko hizkuntza ofizialean idatzitako erabilera- eta mantentze-jarraibideak edo legeria espezifikoak eskatutako beste edozein dokumentu, betiere ondasun bat erabili, okupatu, mantendu eta kontserbatu ahal izateko.

63. artikulua.— Informazioaren eta publizitatearen arloko arau-hausteak

Informazioaren eta publizitatearen arloko arau-hausteak dira:

a) Elikagaietan eta industria-produktuetan nahitaezko adierazpen guztiak ez sartzea, indarreko araudiaren arabera eta estatuko hizkuntza ofizialean idatzita.


8.4.5.14. 10/2013 Legea, urriaren 21ekoa, Ekintzaileei, Autonomoei eta ETEei laguntzeari buruzkoa[935]

II. TITULUA
Administrazio-sinplifikazioa

8. artikulua.—Prozeduraren sinplifikazioa

2. Aurreko apartatuan ezarritako ondorioetarako, Errioxako Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak edo haren aurrean izapidetutako prozeduretan, honako erregela hauek aplikatuko dira:

d) Beste estatu kide bateko agintaritza eskudun batek luzatutako dokumentuen kasuan, zinpeko itzulpenak aurkezteko betebeharra ezabatzea, legez ezarritako kasuetan izan ezik.

III. TITULUA
Ekintzaileei, autonomoei, mikroenpresei, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko neurriak

II. KAPITULUA
Beste laguntza-neurri batzuk

4. atala
Enpresa-proiektua sendotzeko laguntza

21. artikulua.— Nazioartekotzeari laguntzeko neurriak

3. Arlo horretako prestakuntzari laguntzeko programak sustatuko dira, bai eta sare sozialen erabilera ere, kanpo-jarduerak hasteko bide gisa, beste hizkuntza batzuetako webguneen garapena sustatuz.


8.4.5.15. 11/2013 Legea, urriaren 21ekoa, Errioxako Ogasun Publikoari buruzkoa[936]

VI. TITULUA
Kudeaketa ekonomiko-finantzarioa kontrolatzea

IV. KAPITULUA
Auditoria publikoa

2. atala
Urteko kontuen auditoria

162. artikulua.— Definizioa

1. Urteko kontuen auditoria kontabilitate-erregulartasuneko auditoriaren modalitatea da, eta haren helburua da egiaztatzea ea urteko kontuek, alderdi esanguratsu guztietan, erakundearen ondarearen, finantza-egoeraren eta emaitzen irudi fidela adierazten duten, eta, hala badagokio, ea aurrekontuen betearazpena adierazten duten hari aplikatzekoak zaizkion kontabilitate- eta aurrekontu-arau eta -printzipioen arabera, eta ea jasotzen duten kontuak behar bezala interpretatu eta ulertzeko behar den informazioa.


8.4.5.16. 5/2014 Legea, urriaren 20koa, Administrazio Elektronikoari eta Administrazio-sinplifikazioari buruzkoa[937]

II. TITULUA
Administrazio-sinplifikazioa

35. artikulua.— Araugintza-teknikako jarraibideak

2. Arauak egitean, ahaleginak egingo dira administrazio-hizkera argia, erraza eta herritarrarentzat erraz ulertzeko modukoa izan dadin, eta herritarrak Administrazioarekin dituen harremanen arintasunera bideratuta egon dadin.


8.4.5.17. 1/2015 Legea, martxoaren 23koa, Errioxako Ariketa Fisiko eta Kirolari buruzkoa[938]

IX. TITULUA
Kirolerako azpiegiturak eta espazioak

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

136. artikulua.— Oinarrizko kontzeptuak

Lege honek proposatzen du hizkera erkide bat erabiltzea titulu honen erreferentzia diren elementuetako bakoitza aipatzerakoan.


8.4.5.18. 2/2016 Legea, urriaren 14koa, Errioxako Logopeden Elkargo Profesionala sortzen duena[939]

ZIOEN AZALPENA

I

[…]

Logopedia hizkeraren azterketa ikuspegi jakin batetik bideratzen duen diziplina da; ikuspegi horren helburua da alterazioak eta estrategiak identifikatzea betiere erabiltzaileak ahotsari, hizketari, hizkerari, entzumenari, komunikazioari eta aho eta aurpegiko eginkizunei dagokienez dituen baldintzak hobetzeko. Logopediak ahotsaren, hizketaren, entzumenaren eta hizkeraren oinarri fisiologikoak eta neurologikoak aztertzen ditu; alterazioak eta esplorazio- eta esku-hartzeko teknikak aztertzen ditu; eta hizkeraren prozesamenduaren ikerketa eta ereduak erabiltzen ditu. Logopedia osasunaren arloko lanbideetako bat da, eta hizkeraren erabilera normal eta patologikoan inplikatutako mekanismoen ezagutzan sakontzen laguntzen du. Logopediak gizartean betetzen duen eginkizunak hizketaren trebetasunak hobetzea eragiten du, eta, beraz, pertsonen onerako da haurtzarotik helduarora; hobekuntzok eragina izango dute pertsona horien garapen pertsonalean, emozionalean eta hezkuntza-garapenean, eta gure gizarte-sarearen hobekuntza globala ekarriko dute. Beste alde batetik, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak logopedia lanbide araututzat hartzea ekarri zuen.

[…]


8.4.5.19. 5/2017 Legea, maiatzaren 8koa, Errioxako Administraziorako Kontu Irekiei buruzkoa[940]

Lehenengo xedapen gehigarria.— Inpaktu-azterketa

1. Gardentasunaren arloan eskumena duen sailak, lege honen 1.1.a) artikuluan jasotako subjektuen eremuan, azterketa bat egingo du datu pertsonalak babesteko eskubidean izango duen eraginari buruz, betiere informazioa argitaratzeak datuak babesteko oinarrizko eskubideari eta pertsonen eskubideei eragin diezaiekeen kasuak zehazteko. Horretarako, beste ekintza batzuen artean, normalean erabiltzen diren kontzeptuak aztertuko dira, eta hizkera tekniko, aseptiko eta ez-inbaditzaile baten erabilera ezartzen duten zirkularrak edo jarraibideak egingo dira, bai mugimenduen deskripzio egokia lortzeko, bai informazio pertsonala bidegabe ezagutaraziko ez dela prebenitzeko. […]


8.4.5.20. 7/2017 Legea, maiatzaren 22koa, Komunikazio eta Publizitate Instituzionalari buruzkoa[941]

III. KAPITULUA
Publizitate instituzionala

7. artikulua.— Debekuak

5. Mezu diskriminatzaileak barne hartzen dituzten kanpainak debekatzeari dagokionez, bereziki kontuan hartuko da gizonen eta emakumeen artean irudi berdintasunezkoa, plurala eta estereotiporik gabekoa transmititzen ez dutenak debekatzea, dela irudien bidez, dela ikurren bidez, dela hizkuntzaren erabileraren beraren bidez.


8.4.5.21. 8/2017 Legea, irailaren 19koa, Errioxako Laguntza-txakurrei buruzkoa[942]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, 2007ko abenduaren 12an Estrasburgon sinatuak, giza duintasunerako eskubidea eta haren bortxaezintasuna aldarrikatzen ditu 1. artikuluan, bai eta 3. artikuluan pertsona orok bere osotasun fisiko eta psikikorako duen eskubidea, eta 6. artikuluan pertsonen askatasunerako eskubidea ere. 20. artikuluan ezartzen du pertsona guztiek badutela eskubidea legearen aurrean berdinak izateko, eta 21. artikuluan diskriminazio oro debekatzen du, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa edo sinesmenak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional batekoa izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-orientazioa.

[…]


8.4.5.22. 1/2021 Legea, urtarrilaren 29koa, Errioxako Autonomia Erkidegoaren 2021erako aurrekontu orokorrei buruzkoa[943]

ZIOEN AZALPENA

[…]

[…] Gainera, kontu publikoek Erkidegoaren erronka handiei ere erantzuten diete: jasangarritasunari, digitalizazioari, berrikuntzari, erronka demografikoari, hizkuntzari, enoerregioari eta Administrazio publikoa modernizatzeko prozesuari.

[…]

II. TITULUA
Aurrekontu-kudeaketaren prozedurak

IV. KAPITULUA
Irakaskuntzako aurrekontuen kudeaketa

21. artikulua.— Zentro itunduak sostengatzeko funts publikoak banatzeko modulu ekonomikoa

5. […]

Hezkuntza-proiektu elebidun edo eleaniztunetan parte hartzeko baimena duten zentro itunduei irakasle/unitate ratioak gehitu ahal izango zaizkie, araudiak ezartzen dituen baldintzetan. Era berean, irakaskuntzako zentro itunduek 3.000 euroko zenbateko finko bakarra jasoko dute proiektuaren hasieran, “Beste gastu batzuk” izeneko partidaren bitartez, eta horrek ez du eragotziko ikasturte bakoitzerako zentro publikoek jasotako zenbatekoen baliokide diren zenbatekoak esleitu ahal izatea, betiere elebitasunari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

22. artikulua.— Zentro itunduetan aniztasunari arreta emateko neurriak

2. Zentro itunduei, behar izanez gero, entzumen eta hizkuntzako laguntza-zerbitzuen finantzaketa emango zaie, baldin eta haur eta lehen hezkuntza irakasten badute eta hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzen badituzte. […]

[…]


8.4.5.23. 3/2021 Legea, apirilaren 28koa, Errioxako Autonomia Erkidegoko Mezenasgoari buruzkoa[944]

ZIOEN AZALPENA

I

[…]

Hala, ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloko eskumenak esleitzen dira, estatuko ikerketa orokorrarekin koordinatuta; kulturaren arlokoak, arreta berezia emanez gaztelaniari, Errioxatik datorrelako eta haren kulturaren funtsezko zati direlako; […]

[…]

Errioxako Autonomia Estatutua ekainaren 9ko 3/1982 Lege Organikoaren bidez promulgatu zen, eta 8.Bat.24 artikuluan Errioxako Autonomia Erkidegoari ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloko eskumena esleitzen dio, estatuko ikerketa orokorrarekin koordinatuta, eta arreta berezia eskaintzen zaio gaztelaniari, berau Errioxatik datorrelako eta haren kulturaren funtsezko zati direlako.

[…]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, honela ulertu behar da:

8. Gizarte-interes espezifikoko xedetzat hartuko dira gaztelaniari lotutako ikerketa, kulturaren funtsezko zati gisa, eta San Millán fundazioak Espainiako Hizkuntzaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroak eta Dialnetek garatutako jarduerak.


8.4.5.24. 6/2021 Legea, abenduaren 27koa, Errioxako Autonomia Erkidegoaren 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa[945]

IV. KAPITULUA
Irakaskuntzako aurrekontuen kudeaketa

21. artikulua.— Zentro itunduak sostengatzeko funts publikoak banatzeko modulu ekonomikoa

5. Hezkuntza-arloko eskumenak dituen sailari ahalmena ematen zaio itunaren xede den maila bakoitzean indarrean dagoen ikasketa-plana emateko irakasle/unitateko ratio itundu egokiak finkatzeko, zeinak kalkulatuko baitira asteko hogeita bost orduko irakasle-lanaldiak oinarri hartuta; betiere, sail horrek ezin izango ditu bere gain hartu ordainsari-gehikuntzak, ordutegi-murrizketak edo beste edozein inguruabar, hala nola zuzendaritza-karguen osagarriak edo antzinatasuna, baldin eta horiek gainditzen badute lege honen II. eranskineko modulu ekonomikoetan aurreikusitakoa, hark eragotzi gabe lege honen 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoa.

Hezkuntza-proiektu elebidun edo eleaniztunetan parte hartzeko baimena duten zentro itunduei irakasle/unitate ratioak gehitu ahal izango zaizkie, araudiak ezartzen dituen baldintzetan. Era berean, irakaskuntzako zentro itunduek 3.000 euroko zenbateko finko bakarra jasoko dute proiektuaren hasieran, “Beste gastu batzuk” izeneko partidaren bitartez, eta horrek ez du eragotziko ikasturte bakoitzerako zentro publikoek jasotako zenbatekoen baliokide diren zenbatekoak esleitu ahal izatea, betiere elebitasunari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

22. artikulua.— Zentro itunduetan aniztasunari arreta emateko neurriak

2. Zentro itunduei, behar izanez gero, entzumen eta hizkuntzako laguntza-zerbitzuen finantzaketa emango zaie, baldin eta haur eta lehen hezkuntza irakasten badute eta hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzen badituzte. Hornidura zehatz hori kalkulatzeko, eginkizun horiek betetzeko, oinarritzat profesional egoki baten lanaldi osoa hartuko da, zeina izango baita lehen aipatutako mailetan hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten hogeita hamar ikasleko.

Horretarako, kontuan hartuko dira ikasle horien datuak, arlo horretan eskumena duen zerbitzuak behar bezala baliozkotuak eta Racima hezkuntza-plataforman 2022ko ekainaren 30era arte sartuak. Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak behar bezala egiaztatutako datuak jakinaraziko dizkio zentro bakoitzari, eta laguntza-orduen kopurua zehaztuko du. Eraginpeko langileen lan-kontratuen eguneratzeek 2022/2023 ikasturtearen hasieratik izango dituzte ondorioak.


8.4.5.25. 2/2022 Legea, otsailaren 23koa, Errioxako Autonomia Erkidegoan transexualen eta haien senideen berdintasuna, genero-identitate eta-adierazpena eta eskubideak aitortzeari buruzkoa[946]

ZIOEN AZALPENA

I

[…]

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 1. artikuluak hauxe ezartzen du: «Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela». Adierazpen beraren 2. artikuluak ondoren hauxe baieztatzen du: «Gizaki orori dagozkio adierazpen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor diskriminatuko arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik».

[…]

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak ezartzen du ezen Batasuna giza duintasunaren, askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren balio banaezin eta unibertsaletan oinarritzen dela. Eta 21. artikuluan beren-beregi debekatzen du diskriminazio oro, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa, pentsamoldeak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional bateko izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-orientazioa. Hori oinarri hartuta, Europar Batasunak arau eta ebazpenen multzo sendo bat eraiki du, herritarren genero-identitatearen adierazpen askea bermatzeko, diskriminaziorik gabe.

[…]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

6. artikulua.— Definizioak

Lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek emango dira:

2. Genero-adierazpena: pertsona bakoitzak bere genero-identitatea komunikatzeko edo adierazteko duen modua, estetikaren, hizkeraren, portaeraren, jarreren edo bestelako adierazpenen bidez, eta bat etor daiteke edo ez jaiotza-sexuaren arabera sozialki esleitutako generoarekin lotuta daudenekin.

13. Askotariko diskriminazioa: Diskriminazio anizkoitza egongo da pertsona bat bere genero-identitateagatik diskriminatzen denean beste diskriminazio-kausa batzuekin batera, hala nola, adina, erlijioa edo sinesmenak, ustea edo iritzia, arraza- edo etnia-jatorria, desgaitasuna, gaixotasuna, hizkuntza, egoera ekonomikoa edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial.


8.4.5.26. 5/2022 Legea, apirilaren 12koa, Errioxako Memoria Demokratikoa Berreskuratzeari buruzkoa[947]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

6. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, eta, betiere, 2.2. artikuluak mugatutako denbora-eremuaren barruan, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

b) Biktimak. Lege honen ondorioetarako, biktimatzat hartzen dira banaka edo taldeka kalte fisikoa, morala edo psikologikoa, ondare-kalteak edo oinarrizko eskubideen funtsezko galera nozitu dituzten errioxar guztiak, baldin eta kalte horiek guztiak badira giza eskubideei buruzko nazioarteko arauak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzea dakarten egiteen edo ez-egiteen ondoriozkoak, eta 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpetik, horren ondoriozko gerratik eta diktaduratik Espainiako 1978ko Konstituzioa indarrean jarri arteko aldian gertatu badira, eta bereziki hauek:

11. Beren hizkuntza erabiltzeagatik edo hedatzeagatik errepresaliatutako edo jazarritako pertsonak.


8.4.5.27. 11/2022 Legea, irailaren 20koa, Errioxako Genero-indarkeriaren aurkakoa[948]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Legearen printzipio gidariak botere publikoen jardunean

Errioxako botere publikoek, lege honetan ezarritako helburuak lortzeko, jarduteko irizpide hauek bete behar dituzte:

d) Diskriminazioa debekatzea eta diskriminazio anizkoitzari arreta eskaintzea: instituzio publikoek bermatuko dute lege honetan aurreikusitako neurriak inolako diskriminaziorik gabe aplikatuko direla, honako hauek oinarri hartuta: jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo beste edozein iritzi, jatorri nazionala edo soziala, gutxiengo nazional bateko kide izatea, gaitasun ekonomikoa, genero-identitatea, adina, osasun-egoera, desgaitasuna, egoera zibila, migratzailearen estatusa edo bizilekuaren administrazio-egoera.

IV. TITULUA
Arreta- eta errekuperazio-baliabideak eta -zerbitzuak

I. KAPITULUA
Kontzeptua, printzipioak eta informaziorako eskubidea

37. artikulua.— Informazioa jasotzeko eskubidea

1. Errioxako administrazio publikoak, bere eskumenen eremuan, honako eskubide hauek bermatu beharko dizkie genero-indarkeriaren biktima direnei:

a) Egoera pertsonalera eta beharrizan berezietara egokitutako informazioa, aholkularitza eta arreta jasotzea edozein unetan. Eskubide hori bermatua izango dute desgaitasunen bat duten emakumeek, beharrezko laguntza-bitartekoen bidez, eta emakume atzerritarrek, interpretearen laguntzaren bidez, hala eskatzen denean.

II. KAPITULUA
Arreta- eta errekuperazio-sareko baliabide eta zerbitzuen katalogoa

3. atala
Errekuperazio eta arreta espezializatuko zerbitzuak

48. artikulua.— Emakumeen salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimentzako arreta integrala

Emakumeen salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimentzako arreta integralean sartuko dira, gutxienez, laguntza psikologikoa, esku-hartze soziala, arreta juridikoa, tratamendu medikoa eta bizirik irautea ziurtatzeko neurriak eta aholkularitza haien hizkuntzan ematea.

VI. TITULUA
Laguntza juridikoa, eta justiziarako eta polizia-babeserako irispidea

III. KAPITULUA
Prestakuntza, espezializazioa eta arreta egokia eremu judizialean

62. artikulua.— Interpretea eta bideratzailea izateko eskubidea

Errioxako Autonomia Erkidegoko Administrazioak bermatuko du zentzumen-desgaitasuna duten emakumeek eta hizkuntza ezagutzen ez duten emakume atzerritarrek interprete baten laguntza izango dutela arrazoizko epe batean, emakumeek prozedura judizialaren fase guztietan informazioa eta komunikazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko. Genero-indarkeriaren biktima diren eta desgaitasun intelektuala duten emakumeek bideratzailearen figura izango dute prozeduran zehar, indarrean dagoen legerian aurreikusitako baldintzetan.

Interpreteak eta bideratzaileak genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza nahikoa eta egiaztatua izan beharko dute.


8.4.5.28. 14/2022 Legea, abenduaren 23koa, Errioxako Gazteriari buruzkoa[949]

I. TITULUA
Gazteriaren arloko zeharkako politikak

II. KAPITULUA
Zeharkako jarduketa-sektoreak

27. artikulua.— Gazte-mugikortasuna

2. Errioxako Gobernuko Administrazioak politikak sustatuko ditu gazteak beste autonomia-erkidego batzuetara eta Europako beste herrialde batzuetara batez ere mugitzeko, eta horren helburua hauxe izango da: dibertsitatearen eta kultura- eta hizkuntza-aberastasunaren ezagutza sustatzea, betiere haien prestakuntza aberasteko.


8.4.5.29. 16/2022 Legea, abenduaren 29koa, Errioxako Autonomia Erkidegoaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa[950]

II. TITULUA
Aurrekontu-kudeaketaren prozedurak

IV. KAPITULUA
Irakaskuntzako aurrekontuen kudeaketa

21. artikulua.— Zentro itunduak sostengatzeko funts publikoak banatzeko modulu ekonomikoa

6. […]

Hezkuntza-proiektu elebidun edo eleaniztunetan parte hartzeko baimena duten zentro itunduen kasuan, irakasle/unitate ratioak handitu ahal izango dira, araudiak ezartzen dituen baldintzetan eta hezkuntza-berrikuntzaren arloan eskumena duen zerbitzuaren txostena jaso ondoren; txosten horretan zentro bakoitzerako ratioak zehaztuko dira. Era berean, irakaskuntzako zentro itunduek 3.000 euroko zenbateko finko bakarra jasoko dute proiektuaren hasieran, “Beste gastu batzuk” izeneko partidaren bitartez, eta horrek ez du eragotziko ikasturte bakoitzerako zentro publikoek jasotako zenbatekoen baliokide diren zenbatekoak esleitu ahal izatea, betiere elebitasunari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

12. Eskaintza elebiduneko heziketa-zikloak ituntzen diren zentro itunduetan, irakasle/unitate ratioak gehitu ahal izango dira bigarren hizkuntza batean banatu ahal izateko, lanbide-heziketaren arloko eskumena duen zerbitzuak justifikazio-txostena egin ondoren.

22. artikulua.— Zentro itunduetan aniztasunari arreta emateko neurriak

2. Zentro itunduei, behar izanez gero, entzumen eta hizkuntzako laguntza-zerbitzuen finantzaketa emango zaie, baldin eta haur eta lehen hezkuntza irakasten badute eta hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzen badituzte. Hornidura zehatz hori kalkulatzeko, eginkizun horiek betetzeko, oinarritzat profesional egoki baten lanaldi osoa hartuko da, zeina izango baita lehen aipatutako mailetan hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten hogeita hamar ikasleko.

Horretarako, kontuan hartuko dira ikasle horien datuak, arlo horretan eskumena duen zerbitzuak behar bezala baliozkotuak eta Racima hezkuntza-plataforman 2023ko ekainaren 30era arte sartuak. Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak behar bezala egiaztatutako datuak jakinaraziko dizkio zentro bakoitzari, eta laguntza-orduen kopurua zehaztuko du. Eraginpeko langileen lan-kontratuen eguneratzeek 2023/2024 ikasturtearen hasieratik izango dituzte ondorioak.

II. ERANSKINA
2023. urterako maila desberdinetako hezkuntza-itunak osatzen dituzten kontzeptuen modulu ekonomikoak

III. Beste gastu batzuk.

Sareko sistema informatikoen administrazioa (duala eta elebiduna) - Lehen ikasturtea: 11.103,00.

Sareko sistema informatikoen administrazioa (duala eta elebiduna) - Bigarren ikasturtea: 9.314,27.

Web aplikazioen garapena (duala eta elebiduna) - Lehen ikasturtea: 11.103,00.

Web aplikazioen garapena (duala eta elebiduna) - Bigarren ikasturtea: 9.314,27.

IV. ERANSKINA
Transferentzia izendunak

08. atala. Hezkuntza, Kultura, Kirola eta Gazteria.

08.02.01.3311.441.00 Errioxa Eraldatzeko Fundazioa. Hizkuntzaren ahotsak. 3.000.000.

08.02.01.3311.480.11 Pro Real Academia Española de la Lengua fundazioa.


8.4.5.30. 1/2023 Legea, urtarrilaren 31koa, Errioxako Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa[951]

ZIOEN AZALPENA

IV

[…]

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta duela gutxi aldatu zen martxoaren 31ko 6/2002 Legearen bidez, zeinaren arabera desgaitasunen bat duten pertsonek egikaritu ahal izango baitituzte beren eskubideak gainerako herritarren baldintza berberetan, eta, horretarako, irisgarritasun unibertsala bezalako neurriak hartzen ditu; lege horrek honela definitzen du 2.k) artikuluan: «Baldintza bat da, zeina bete behar baitute inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, bai eta objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek ere, pertsona guztiek segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabili eta baliatu ditzaten, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean». Diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren estrategia eskatzen du, eta ulertu behar da arrazoizko egokitzapenak egin daitezkeela. Gainera, azken erreformak irisgarritasun kognitiboa eta haren exijentzia- eta aplikazio-baldintzak ezartzen eta arautzen ditu; modu eraginkorrean bermatu nahi du ingurune fisikoa, garraioa, informazioa eta komunikazioa ulertzeko eta komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsona guztien irisgarritasun kognitiboa, informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak barne, bai eta eskuragarri dauden edo erabilera publikokoak diren beste zerbitzu eta instalazio batzuk ere, hiriguneetan zein landaguneetan. Lege-aldaketa honek indartu egiten du desgaitasuna duten pertsonen talde handi baten eskubideen egikaritze eta erkidego-partaidetza osoa, eta, gainera, gizarte-sektore hori gainditzen du, eta ongintzako eta hobekuntza kolektiboko ondorioak erkidegoko beste segmentu batzuetara zabaltzen ditu, hala nola adinekoengana, herrialdeko bisitariengana nahiz egoiliarrengana, zeinek hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzen ez baitituzte, eta alfabetatze-maila txikia dutenengana, besteak beste.

Tratu-berdintasunerako eta Diskriminaziorik ezari buruzko uztailaren 12ko 15/2022 Lege Integralak aitortzen du, besteak beste, inor ezin izango dela diskriminatu desgaitasunagatik, eta bermatzen du, behar diren bitartekoen bidez, diskriminazioaren biktima guztiek, bereziki desgaitasuna dutenek, irispide osoa izango dutela beren eskubideei eta dauden baliabideei buruzko informazio osoa lortzeko. Informazio hori formatu irisgarri eta ulergarrian eman beharko zaie desgaitasuna duten pertsonei, hala nola irakurketa erraza, braillea, zeinu-hizkuntzan edo komunikatzeko beste modalitate edo aukera batzuetan, sistema alternatibo eta handigarriak barne.

II. TITULUA
Arkitektura-oztopoak, garraioan eta komunikazioan.
Mugikortasunerako irisgarritasunaren ikurra

I. KAPITULUA
Espazio publiko urbanizatuetara sartzeko eta haiek erabiltzeko irisgarritasun-baldintzei buruzko xedapenak

3. atala
Hiri-altzarien ezaugarriak

18. artikulua.— Hiri-altzarien beste elementu batzuk

4. Jendearekiko elkarrekintzarako bitarteko informatikoak dituzten makina eta elementu manipulagarriek honako hauek izan beharko dituzte: braillea, makrokaraktereak, testutik ahotserako bihurtzea, azpitituluak, audiodeskripzioa, karaktereak handitzea, bideokomunikazioa, zeinu-hizkuntza, bideointerpretazioa, irakurketa erraza, edo informazioa eskuratzea, komunikatzea eta pertsona guztiek erabiltzea ahalbidetuko duten beste egokitzapen batzuk.

II. KAPITULUA
Eraikuntzako irisgarritasunari buruzko xedapenak

3. atala
Suteetarako informazioa, seinaleak eta segurtasuna

32. artikulua.— Informazioa eta seinaleztapena

2. Segurtasun-informazioa erraz aurkitzeko moduko leku batean egongo da, eta erabiltzaile guztiek ulertzeko modukoa izango da, hizkera errazeko, irakurketa errazeko, brailleko eta zeinu-hizkuntzako euskarriak erabiliz (kartelak, ikus-entzunezkoak).

3. Eraikinetako espazio eta ekipamenduak seinaleztatzeko, kontuan hartuko dira argiztapena eta gainerako baldintza bisualak, akustikoak eta, hala badagokio, ukimenezkoak eta hizkera errazekoak eta irakurketa errazekoak, zeinek ahalbidetuko baitute desgaitasun sentsoriala edo intelektuala duten pertsonek hauteman ahal izatea.

III. KAPITULUA
Garraioko irisgarritasunari buruzko xedapenak

1. atala
Irisgarritasuna garraio publikoan

37. artikulua.— Arau orokorrak

3. Logroñon dauden lurreko eta aireko garraio publikoko geltokietan, eta urtean milioi bat bidaiari baino gehiagoko geltokietan, baldin eta Errioxako Autonomia Erkidegoaren edo toki-administrazioaren eskumenekoak badira eta bidaiarien trafikoaren garrantziaren arabera zehazten badira, zeinu-hizkuntzaren interpreteen eta gidari-interpreteen zerbitzua ematea bermatuko da, aurrez aurre edo teleinterpretazioaren bidez, bai eta informazioa emateko eta jendeari arreta emateko guneetan ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiliz ere. Era berean, laguntza-langileak egongo dira, haien bidez errazteko desgaitasuna duten pertsonen geltokiko zirkulazioa eta ibilgailuetarako sarbidea.

IV. KAPITULUA
Eraikuntzako irisgarritasunari buruzko xedapenak

41. artikulua.— Irisgarritasuna komunikazio- eta seinaleztapen-sistemetan

1. Errioxako Autonomia Erkidegoak komunikazioan oztopoak ezabatu beharko ditu, eta mekanismo eta alternatiba teknikoak eta giza mekanismoak ezarri beharko ditu, hala nola zeinu-hizkuntzaren interpreteak, komunikazio- eta seinaleztapen-sistemak herritar guztientzat eskuragarri egon daitezen eremu guztietan, betiere Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen dituen urriaren 23ko 27/2007 Legean ezarritakoaren arabera. Era berean, irakurketa errazeko sistema, braillea eta begizta magnetikoa erabiliko dira, eta komunikazio-sistemak egokituko dira, pertsona guztientzat irisgarriak eta ulergarriak izan daitezen.

2. Errioxako Autonomia Erkidegoak sustatuko du zeinu-hizkuntzaren interpreteen prestakuntza, gorren eta ezpain-hizkuntzaren gidari-interpreteen prestakuntza, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen gidari-interpreteen prestakuntza, bai eta irisgarritasun kognitiboko eta irakurketa errazeko profesionalen prestakuntza ere, betiere pertsonari zuzeneko komunikazioa errazteko eta, era berean, administrazio publiko guztietan langile espezializatu horiek egon daitezen sustatzeko. Lan-eskaintza publikoak deituko dira langile espezializatu horien plantilla egonkorra eratzeko eta mantentzeko.

3. Errioxako Autonomia Erkidegoaren mendeko ikus-entzunezko komunikabideek eta komunikabide idatziek neurri teknikoen plan bat egin eta behar bezala eguneratuko dute, betiere, eta azpititulazioa, audiodeskripzioa, irakurketa erraza eta zeinu-hizkuntzaren interpretazioa txertatuz, desgaitasuna duten pertsonei informaziorako eskubidea bermatzeko, ikus-entzunezko legeria orokorrean berariaz ezarritako baldintzetan.

4. Era berean, gorrek, entzumen-desgaitasuna dutenek edo gor-itsutasuna dutenek zeinu-hizkuntzako profesionalekin eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoekin batera parte hartzeko duten eskubidea bermatuko da, parte-hartzeko eremu guztietan, publikoak zein pribatuak izan, entzumen-desgaitasuna edo gor-itsutasuna duen pertsonak hala eskatzen duenean.

42. artikulua.— Informazioaren eta telekomunikazioen gizartea

4. Errioxako Administrazio autonomikoak ikus-entzunezko komunikazioaren arloko legeria espezifikoan arautuko ditu telebistaren ikus-entzunezko edukien gutxieneko irisgarritasun-baldintzak, azpitituluak, audiodeskripzioa eta zeinu-hizkuntzaren interpretazioa txertatuz.

VII. KAPITULUA
Kulturako, kiroleko eta aisiako ekipamenduetarako irisgarritasuna

48. artikulua.— Kulturako, kiroleko eta aisiako jardueretarako irisgarritasun-baldintzak

1. Kultura-, kirol- edo aisialdi-jarduerek eta antzeko ekitaldi publikoek komunikazio-irisgarritasun nahikoa bermatu behar dute, arian-arian, betiere edozein desgaitasun-mota duten pertsonek haietaz gozatu, haiek erraz ulertu edo horietan parte hartu ahal izan dezaten, eta informazioa hizkera ulergarriaren bidez eskaini behar dute, jarduera-motaren arabera erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

X. KAPITULUA
Justizia Administraziorako irisgarritasuna

50. artikulua.— Justizia Administraziorako irisgarritasuna

3. Justiziaren arloan eskumena duen sailak bideratzailearen figura sustatuko du, desgaitasuna duen pertsonari laguntza ematen dion aditu gisa, eta bi norabideko komunikazioa eta organo judizialaren eta desgaitasuna duen pertsonaren arteko laguntza egituratzen dituen elementu gisa, irakurketa errazeko, brailleko, zeinu-hizkuntzako eta beste komunikazio-modalitate edo -aukera batzuetako mekanismoen bidez, sistema alternatibo eta handigarriak barne.

Bigarren xedapen gehigarria.— Irisgarritasuna eta diseinua gorrentzat, entzumen-desgaitasuna dutenentzat eta gor-itsuentzat

Gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen irisgarritasun unibertsalari eta diseinuari buruzko aspektuek bete beharko dute urriaren 23ko 27/2007 Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoa; izan ere, lege horrek Espainiako zeinu-hizkuntzak aitortu eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu.

ERANSKINA
Lege honetan erabilitako kontzeptuak

1) Irisgarritasun unibertsala: baldintza bat da, zeina bete behar baitute inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, bai eta objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek ere, pertsona guztiek segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabili eta baliatu ditzaten, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean. «Diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren» estrategia eskatzen du, eta ulertu behar da arrazoizko egokitzapenak egin daitezkeela.

2) Jazarpena: pertsona baten desgaitasunarekin lotutako portaera ez-desiratu oro da, helburutzat edo ondoriotzat duena haren duintasunaren aurka egitea edo larderiazko ingurunea, etsaitasunezkoa, apalesgarria, umiliagarria edo iraingarria sortzea.

3) Arrazoizko egokitzapenak: aldaketak eta moldaketak dira, zeinak beharrezkoak baitira eta desgaitasuna duten pertsonen beharrizan espezifikoetara egokitzen baitira ingurune fisiko, kognitibo, sozial eta jarrerazkoen arabera; egokitzapenok ez dute zama neurrigaberik edo bidegaberik ezarriko, kasu jakin batean modu eraginkor eta praktikoan beharrezkoak direnean, bai desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eta parte-hartzea errazteko, eta bai pertsona horiei bermatzeko eskubide guztiak gainerakoen baldintza berberetan baliatuko edo egikarituko dituztela.

4) Irisgarritasunerako oztopoak: pertsonek ingurune fisikoarekin, kognitiboarekin, garraioarekin, produktuekin, zerbitzuekin, informazioarekin eta komunikazioekin elkarreragiteko dituzten eragozpenak, trabak edo oztopoak.

5) Arkitektura-oztopoak: pertsonen eta ingurunearen arteko elkarrekintza eta gizartean erabateko parte-hartzea mugatzen edo eragozten duten oztopo fisikoak.

6) Oztopo kognitiboak: ulertzeko zailtasunari eragiten diotenak dira, eta, beraz, pertsonek ingurunearekin elkarreragitea eragozten dute.

7) Braillea: erliebean irakurtzeko eta idazteko metodo unibertsala itsuentzat edo ikusmen-desgaitasun larria dutenentzat, herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialera egokitua.

8) Begizta magnetikoa edo indukziozkoa: entzumen-protesien (audifonoen eta/edo inplanteen) erabiltzaileentzako laguntza osagarria, ingurunean entzumen-irisgarritasuna errazten duena, bai espazioan orientatzeko eta mugitzeko, bai era guztietako soinu-informazioa eta hizkuntza hautemateko. Soinu-seinalea eraldatzen duen soinu-sistema bat da, entzumen-desgaitasuna duen pertsonaren protesia hartzen duen eremu magnetiko bat sortuz.

9) Komunikazioa: igorle baten eta hartzaile baten artean informazioa trukatzeko prozesua. Mezua hautemateko erabiltzen den zentzumenaren arabera, komunikazioa honelakoa izan daiteke:

a) Entzunezkoa: mezua entzumenaren bidez hautematen den komunikazioa.

b) Ukimenezkoa eta podoukimenezkoa: mezua ukimenaren bidez hautematen den komunikazioa. Barnean hartzen ditu braille irakurketa-idazketa sistema, ikurrak eta grafikoak erliebean, letra larriak esku-ahurrean, ukimenezko alfabeto daktilologikoa edo esku-ahurrean eta ukimenezko euskarria duen zeinu-hizkuntza.

c) Ikusizkoa: mezua ikusmenaren bidez hautematen den komunikazioa. Barnean hartzen du sistema grafiko alfabetikoa eta sinbolikoa, zeinuen, letren, grafismoen, ikurren eta antzeko beste adierazpenen bidez irudikatzen dena edozein euskarri material, elektroniko edo telematikotan; argi-seinaleak, hau da, lurraldean, eraikuntzan eta garraioan arrisku- edo larrialdi-abisua ematen duten argi-errotuluak edo argiak, eta zeinu-hizkuntza, bai eta ulermenari laguntza ematen dioten hizkera piktografikoaren eta irudien bitartezkoa ere.

10) Elkarrizketa zibila: printzipio bat da, zeinaren arabera, desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituzten antolakundeek parte hartzen baitute legeek eta gainerako arau-xedapenek ezartzen dituzten baldintzetan, desgaitasuna duten pertsonen esparruan garatzen diren politika ofizialen lanketan, betearazpenean, jarraipenean eta ebaluazioan; politika horiek, edozelan ere, bermatuko dute desgaitasuna duten haurrek eskubidea izango dutela haiei eragiten dieten gai guztiei buruzko iritzia askatasunez adierazteko eta beren desgaitasunaren eta adinaren arabera egokia den laguntza jasotzeko, eskubide hori egikaritu ahal izateko.

11) Desgaitasuna: egoera bat da, zeina ondokoen elkarrekintzaren ondorioa baita: alde batetik, defizit ziur asko iraunkorrak dituzten pertsonen eta, bestetik, gizartean gainerakoen baldintza berberetan erabat eta eraginkortasunez parte hartzea mugatzen edo eragozten duten edozein motatako oztopoen arteko elkarrekintzarena.

12) Entzumen-desgaitasuna: entzumena erabiltzeko zailtasuna edo ezintasuna, zeina baitator entzumen-gaitasun partziala, hipoakusia edo erabateko kofosia, aldebakarrekoa edo aldebikoa, galtzetik; horrek ahozko hizkera eskuratzeko zailtasuna dakar, eta horrek eragina izango du eskola-, gizarte- eta lan-integrazioan.

13) Desgaitasun fisikoa: eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan gorputzaren edo gorputz-zati baten mugikortasuna edo mugimendua zailtzen edo eragozten duen desgaitasuna.

14) Adimen-desgaitasuna: desgaitasun bat da, zeinaren ezaugarria baita muga esanguratsuak izatea bai funtzionamendu intelektualean, bai moldatze-jokabidean, kontzeptu-trebetasunetan, sozialetan eta praktikoetan. Desgaitasun hau garapen-aldian sortzen da, zeina baita pertsonak 22 urte bete baino lehenagokoa.

15) Buru-desgaitasuna: nahasmendu kognitiboak, afektibotasunekoak edo jokabidekoak, intentsitateagatik edo larritasunagatik kaltetuak funtzionamendu psikologikorako eta sozializaziorako laguntza behar izatea eragiten dutenak.

16) Desgaitasuna edo dibertsitate organikoa: gorputz-sistema batzuen funtzionalitate-galeraren ondorioa da; sistema horiek barne-organoekin edo prozesu fisiologikoekin lotu ohi dira, sortzetikoak edo eskuratuak izan.

17) Zentzumen-desgaitasuna: zentzu bati edo bati baino gehiagori aldi berean eragiten dion desgaitasuna.

18) Ikusmen-desgaitasuna: ikusteko gaitasunaren urritze partziala edo erabateko gabezia, zeinak zaildu edota eragozten baitu ikusmen-atazak normaltasunez betetzea, eta eragindako pertsonaren eta ingurunearen arteko elkarrekintzarako zailtasunak eragiten baititu; erabateko itsutasuna eta ikusmen urriko maila guztiak hartzen ditu.

19) Zuzeneko diskriminazioa: desgaitasuna duen pertsona baten egoera da, desgaitasunagatik edo desgaitasunagatik antzeko egoeran dagoen beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatua denean.

20) Zeharkako diskriminazioa: lege- edo erregelamendu-xedapen batek, klausula konbentzional batek edo kontratu-klausula batek, banakako itun batek, alde bakarreko erabaki batek edo irizpide edo praktika batek, edo ingurune, produktu edo zerbitzu batek, itxuraz neutroa izanik ere, desabantaila partikularra eragin diezaioketenean pertsona bati beste batzuen aldean, desgaitasunagatik edo desgaitasunaren zioz, betiere objektiboki helburu legitimo bati erantzuten ez badiote eta helburu hori lortzeko bitartekoak egokiak eta beharrezkoak ez badira.

21) Elkartzeagatiko diskriminazioa: egoera hori sortzen da pertsona edo talde batek diskriminaziozko tratua jasotzen duenean beste batekin duen harremanagatik edo desgaitasunagatik.

22) Diseinu unibertsala edo pertsona guztientzako diseinua: jarduera honen bidez, inguruneak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, tresnak, programak, gailuak edo tresnak sortzen edo proiektatzen dira jatorritik, eta, ahal den guztietan, pertsona guztiek erabili ahal izango dituzte, ahalik eta gehien, egokitzapenik edo diseinu espezializaturik behar izan gabe. «Diseinu unibertsalak edo pertsona guztientzako diseinuak» ez ditu baztertuko desgaitasuna duten pertsonen talde partikularrentzako laguntza-produktuak, pertsonok produktu horiek behar dituztenean.

23) Dibertsitate funtzionala: termino bat da, zeinak erreferentzia egiten baitio pertsonen ingurunean funtzionatzeko eta jarduteko moduen aniztasunari, betiere ezaugarri pertsonalen eta ingurunearen aniztasuna eta desberdintasuna direla-eta.

24) Urbanizazio-osagaiak: urbanizazio-obren edozein osagai, ur-hornidurarekin eta -banaketarekin, saneamenduarekin, energia-hartzearekin eta -banaketarekin, telekomunikazioekin, bide-segurtasun eta -seinaleekin, lorezaintzarekin eta zoladurarekin lotuta, eta hirigintza-planetako eta urbanizazio-proiektuetako adierazpenek gauzatzen dituzten elementu guztiekin lotuta.

25) Erabilera komunitarioko espazioak eta eremuak: eraikin baten edo eraikin-multzo baten zerbitzuan eta erabiltzaileen eskura modu partekatuan dauden espazioak.

26) Erabilera publikoko hiri-espazioak: jabari publikoa osatzen duten espazioen multzoa; espaziook erabilera publiko iraunkorrerako edo aldi baterako erabiltzen dira eta, indarrean dagoen hirigintza-araudiaren arabera, hiri-lurzoru izaera dute. Kontzeptu hauek sartzen dira:

a) Bide-espazioak: ibilgailuen eta pertsonen zirkulaziorako dauden erabilera publikoko hiri-espazioak.

b) Espazio libreak: erabilera publikoko hiri-eremu edo -esparru eraiki gabeak, bide-espazioez bestelakoak.

27) Aukera-berdintasuna: diskriminaziorik ez izatea, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, diskriminazio horretan sartzen delarik edozein bereizketa, bazterketa edo murriztapen, zeinaren asmoa edo ondorioa baita desgaitasuna duten pertsonen giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak aitor daitezen, goza daitezen edo baldintza berdinetan egikari daitezen oztopatzea edo ondoriorik gabe uztea eremu hauetan: politikan, ekonomian, gizartean, lanean, kulturan edo gizarte zibilean edo bestekoetan. Era berean, ekintza positiboko neurriak onartzen badira, aukera-berdintasuna dela joko da.

28) Gizarte-inklusioa: printzipio bat da, zeinaren arabera, gizarteak balio partekatuak sustatzen baititu, ondasun erkidera eta gizarte-kohesiora bideratuak, eta aukera ematen die desgaitasuna duten pertsona guztiei bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturalean bete-betean parte hartzeko eta gainerakoen baldintza berdinetan bizitzeko.

Gizarte-inklusioak jarduketa hauek dakartza:

a) Lege-esparruan aldaketak egitea.

b) Desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien edo ordezkaritza-antolakundeen parte-hartzea.

c) Desgaitasuna duten pertsonen trebetasunak eta gaitasunak sustatzea.

d) Lotura komunitarioak sortzea eta indartzea.

e) Desgaitasun-egoeratik eratorritako kalteberatasun-faktoreak murriztea.

f) Baliabideen aprobetxamenduan berrikuntza eta optimizazioa sustatzea.

g) Helburu kualitatiboei lehentasuna ematea, kuantitatiboei baino lehen.

h) Dimentsio anitzeko eta diziplina arteko ikuspegia formulatzea.

i) Beharrizan partikularrentzako erantzun espezifikoak diseinatzea.

j) Honako eragile hauek ahalik eta gehien inplika daitezen sustatzea: ordezkaritza-instituzio, -erakunde eta -antolakundeak.

k) Ingurunea eraldatzen duten politikak (irisgarritasuna; aurreiritziak eta estigmak ezabatzea; herritartasun-espazio inklusiboak sortzea; gizarte-ekonomia eta kontratazio publikoa; desgaitasuna eragiten duten faktoreen prebentzioa).

l) Laguntzak ematen dituzten politikak.

m) Lan-inguruneak sortzeko, estimulatzea eta sentsibilizatzea.

29) Zeinu-hizkuntza: ikusmen-, keinu- eta espazio-hizkuntza naturala da, berezko gramatika duena, eta Espainiako Estatuak urriaren 23ko 27/2007 Legean aitortutako beste edozein hizkuntzaren ezaugarri guztiak eta eginkizun berberak betetzen ditu; izan ere, lege horrek zeinu-hizkuntzak aitortu, eta gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak arautzen ditu.

30) Irakurketa erraza: eduki bat errazago irakurtzeko eta ulertzeko aukera ematen duen egokitzapena. Testua ez ezik, ilustrazioak eta maketazioa ere barne hartzen ditu. Irakurketa erraztzat jotzen da, halaber, testuak guztiontzat ulergarriago egiteko metodoa, zeinak ezabatzen baititu ulertzeko, ikasteko eta parte hartzeko oztopoak.

31) Irisgarritasunari eustea: berrikusteko, arazoak detektatzeko eta jarduteko prozeduren multzoa da, betiere espazioak, zerbitzuak edo instalazioak eskuragarri egon daitezen denboran zehar, eta irisgarritasun-baldintzak murriztu edo desagertu ez daitezen beharrezkoak diren elementuen mantentze-lanek behar beste jarraitu dezaten. Irisgarritasunaren mantentze-lanak prebentziozkoa eta zuzentzailea izan behar du.

32) Ekintza positiboko neurriak: desgaitasunaren ondoriozko desabantailak saihestu edo konpentsatzen dituztenak dira, desgaitasuna duten pertsonen egitatezko berdintasuna lortu edo bizkortzera bideratuak, bai eta bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan erabateko parte-hartzea lortzera bideratuak ere, desgaitasun-mota eta -gradu guztiak kontuan hartuta.

33) Laguntza-bitartekoak: ingurunearen eta desgaitasuna duten pertsonen arteko bitartekari gisa jarduten duten laguntzak dira, bizi-kalitatea hobetzeko edo autonomia pertsonala areagotzeko aukera ematen dietenak. Erabilera partikularreko laguntza-bitartekoak beharrezko elementutzat jotzen dira, eta ezin da mugatu horien erabilera, salbu eta segurtasun- edo osasungarritasun-arrazoiengatik edo erregelamendu bidez ezarritako beste arrazoi batzuengatik. Laguntza-bitartekoak honela sailkatzen dira:

a) Laguntza-produktua: tresna, aparatu, tresna, gailu, mekanismo edo antzeko elementu bat, zeinak aukera ematen baitie desgaitasuna duten pertsonei laguntza hori gabe egin ezingo lituzketen jarduerak egiteko, edo ahalegin handi baten kontura bakarrik egin litzaketenak egiteko.

b) Laguntza pertsonala: desgaitasuna duten pertsonei produktu eta zerbitzuen erabilera, komunikazioa edo mugikortasuna errazteko edo bermatzeko prestatutako pertsona, hala nola zeinu-hizkuntzaren interpretea, gidari-interpretea edo laguntzaile pertsonala.

c) Animalien laguntza: desgaitasuna duen pertsona baten beharrizan zehatzak betetzeko bereziki trebatutako animalia, hala nola laguntza-txakurrak.

34) Normalizazioa: printzipio bat da, zeinaren bidez desgaitasuna duten pertsonek aukera izan behar baitute bizimodua eramateko berdintasun-baldintza berberetan, beste edozein pertsonak eskura dituen leku, eremu, ondasun eta zerbitzu berberak eskuratuz.

35) Garuneko paralisia: mugimenduaren garapenaren eta jarreraren nahasmendu iraunkorren multzoa; nahasmenduok jarduera mugatzen dute, eta fetuaren garun-garapenean edo lehen haurtzaroan gertatzen diren alterazio ez-progresiboei egozten zaizkie.

36) Mugikortasun murriztua duten desgaituak: desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektual jakin bat dela eta, ingurunearekin segurtasunez eta autonomiaz mugitzeko edo elkarrekintzan aritzeko gaitasuna mugatuta duten pertsonak.

37) Irisgarritasun-plana: tresna bat da, zeinak identifikatu eta planifikatzen baititu planaren aplikazio-eremuan lege honek eta berari dagokion garapen-araudiak ezarritako irisgarritasun-baldintzak lortzeko gauzatu behar diren jarduketak.

38) Prozesu judizial baten bideratzaileak: profesional espezializatuak eta neutralak dira, zeinek, beharrezkoa izanez gero, laguntza egoki eta beharrezkoak ebaluatu, diseinatu eta eskaintzen baitizkiete adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonei —ofizialki aitortutako desgaitasuna izan edo ez— eta justiziaren eremuko prozesu judizial batean inplikatutako profesionalei; gainera, pertsonoi aholkularitza ematen diete; horren guztiaren helburua, berriz, hauxe da: adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonek justizia iristeko duten eskubidea gainerakoen baldintza berberetan egikaritzea. Laguntza-beharrizanei buruzko ebaluazioa egiteko kontuan hartu behar da zein den pertsonaren eta ingurune zehatzaren arteko elkarrekintza, kasuz kasu; izan ere, pertsonek gaitasun dinamikoak dituzte, eta ingurune polizial edo judizial bakoitzak ere ezaugarri propioak ditu.

39) Erabilera publikoko zerbitzuak: zerbitzu horiek, titulartasuna edozein dela ere, jendearen eskura jartzen dira, eta banaka edo taldeka kontratatu ahal izango dira edo baliatu ahal izango dira, hala nola osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza-, unibertsitate- eta prestakuntza-zerbitzu tekniko-profesionalak, kultura-zerbitzuak, ostalaritza-zerbitzuak, merkataritza-zerbitzuak, larrialdi-zerbitzuak, informazio- eta komunikazio-zerbitzuak edo kirol-zerbitzuak.

40) Gor-itsutasuna: desgaitasun bat da, zeina bi zentzumen-gabeziaren ondorioa baita (ikusmenekoa eta entzumenekoa); gabezia horiek gehiago edo gutxiago agertzen dira, eta komunikazio-arazo bakarrak eta beharrizan bereziak sortzen dituzte; beharrizanok, berriz, sortzen dira ingurunea modu globalean hautemateko, ezagutzeko, eta, beraz, hartaz interesatzeko eta hari moldatzeko pertsona horiek duten zailtasunaren ondorioz.

41) Bidaiarien eskatu ahalako garraioa: bidaiarien garraio-zerbitzua, aurrez finkatutako ibilbide, egutegi eta ordutegiei lotuta ez dagoena.

42) Bidaiarien garraio publikoa: bidaiariak lurretik garraiatzeko zerbitzua, pertsona multzo jakin batek edo beste batzuek edo publiko orokorrak leku batetik bestera joateko erabil dezaketena, prezio bat, tasa bat, kuota bat edo beste kontraprestazio bat ordainduta edo ordaindu gabe.

43) Desgaitasunaren arloko politiken zeharkakotasuna: printzipio bat da, zeinaren arabera, administrazio publikoek garatzen dituzten jarduerak ez baitira mugatzen pertsona horientzat bakarrik pentsatutako plan, programa eta ekintza espezifikoetara soilik, baizik eta barne hartzen baitituzte izaera orokorreko ekintza-politika eta -ildoak, jardun publikoko edozein eremutan, non kontuan hartuko diren desgaitasuna duten pertsonen beharrizanak eta eskaerak.

44) Bizimodu independentea: egoera bat da, zeinean desgaitasuna duen pertsonak bere existentziari buruzko erabaki-boterea egikaritzen baitu eta bere erkidegoko bizitzan aktiboki parte hartzen baitu, nortasunaren garapen askerako eskubidearen arabera.


8.4.5.31. 6/2023 Legea, martxoaren 22koa, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei buruzkoa[952]

ZIOEN AZALPENA

I

[…]

Estigmaren aurkako borroka osasun mentalaren barruan konpondu gabeko gaia da. Beharrezkoa da hizkeratik desagerraraztea gaixotasun mentalari buruzko aipamen oro, gutxiespen- edo diskriminazio-izaerarekin.

[…]

I. TITULUA
Pazienteen eta haien familien eskubideak

9. artikulua.— Adinekoen, umeen eta gazteen eskubideak

Adinekoek, umeek eta nerabeek eskubidea dute arreta publiko espezializatua jasotzeko, zeinak erdigunean jarriko baititu osasun mentaleko gaietan haien beharrizanak, kezkak eta nahiak, eta, zehazki, eskubide hauek dituzte:

1. Osasun mentalari eta garapen psikologiko eta sozialari buruzko informazioa hizkera irisgarrian jasotzeko eskubidea, arreta berezia jarriz gaixotasunaren esku-hartzeari eta tratamenduari dagokienez.


8.4.5.32. 7/2023 Legea, apirilaren 20koa, Errioxako Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa[953]

ZIOEN AZALPENA

IV

[…]

II. tituluak Errioxako administrazio publikoen jardunean genero-berdintasuna sustatzeko neurriak biltzen ditu. Bi kapitulu ditu. Lehenengoak politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzeko neurriak biltzen ditu, zeharkakotasunaren noziotik abiatuta, ekintza zehatzen bidez, hala nola plan estrategikoak, estatistikak eta azterlanak genero-ikuspegiarekin egitea, edo hizkera, komunikazio eta irudi ez-sexistak erabiltzea. […]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Printzipio orokorrak

Legearen xedea lortzeko, Errioxako Autonomia Erkidegoko botere publikoek, beren eskudantzien esparruan, printzipio orokor hauen arabera jardungo dute:

9. Beharrezko neurriak hartzea hizkuntzaren erabilera ez-sexista egiteko.

I. TITULUA
Eskumenak, eginkizunak, antolaketa, koordinazioa eta finantzaketa

I. KAPITULUA
Eskumenak eta eginkizunak

6. artikulua.— Autonomia Erkidegoko Administrazioa

2. Horretarako, Errioxako Autonomia Erkidegoko Administrazioak, funtsean, eginkizun hauen bidez garatuko ditu bere eskumenak sustapen, koordinazioaren eta exekuzioaren arloan:

b) Genero-ikuspegia politika, programa eta ekintza guztietan txertatzea, betiere administrazio-dokumentuetan eta publizitate instituzionalean hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatuz.

7. artikulua.— Toki-erakundeak

4. Haiei dagokien lurralde-eremuan, eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien eskumenak egikarituz, toki-erakundeek honako eginkizun hauek izango dituzte berdintasun-politiken arloan:

c) Hizkuntzaren erabilera ez-sexista sustatzea administrazio-dokumentuetan.

d) Sentsibilizazio-ekintzak egitea emakumeen eta gizonen desberdintasun-egoerari buruz eta egoera hori desagerrarazteko behar diren neurriei buruz.

II. TITULUA
Berdintasunaren sustapena

I. KAPITULUA
Genero-berdintasuna sustatzeko neurriak

20. artikulua.— Hizkera, komunikazio eta irudi ez-sexistak

1. Administrazio publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute. Errioxako botere publiko guztiek hizkera sexistarik ez erabiltzea sustatuko da, eremu sozial, kultural eta artistiko guztietan, bai eta partikularren artean ere.

4. Dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten komunikabideek edo 2.2 artikuluan aipatutako subjektuekin zabalkunde edo publizitate instituzionalerako kontratuak sinatzen dituztenek kode deontologikoak errespetatuko dituzte, hizkera eta irudiak modu sexistan ez erabiltzeari dagokionez, eta genero-estereotipoak ez erreproduzitzeari dagokionez.

5. Kanpaina instituzionalak herritar guztientzako eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonentzako hizkera ulergarrian eta barne-hartzailean egin behar dira: irakurketa erraza, zeinu-hizkuntza, azpitituluak eta interpretazioa errazten duen beste edozein egokitzapen.

III. TITULUA
Esku-hartze arloetan berdintasuna sustatzeko neurriak

I. KAPITULUA
Hezkuntza

32. artikulua.— Langileen prestakuntza

1. Hezkuntza Administrazioak beharrezko neurriak hartuko ditu irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntza-planetan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren, hezkidetzaren, genero-indarkeriaren eta hezkuntza afektibo, emozional eta sexualaren arloko prestakuntza espezifikoa sartzeko, baita irakasleek dokumentuak egiteko erabili ahal izateko hizkera inklusiboaren arloko prestakuntza ere.

33. artikulua.— Hezkuntza Ikuskatzailetza

2. Hezkuntza Administrazioak bermatuko du ikuskatzailetzako langileek genero-berdintasunaren arloko prestakuntza jasoko dutela, batez ere arlo hauetan emango da hezkuntza: emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasunean, hizkera ez-sexistan eta emakumeen aurkako indarkeriaren hautematean.

XII. KAPITULUA
Komunikabideak, teknologia berriak eta publizitatea

66. artikulua.— Komunikabide sozialak

1. Adierazpen- eta informazio-askatasunari zor zaion errespetuaren barruan, Errioxako Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan jarduten duten komunikabide sozialek zainduko dute emakumeen eta gizonen irudi berdinzalea, plurala eta estereotiporik gabea transmititzea, bai eta hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista ere programazioak egitean, bereziki haur eta gazteentzako programazioetan.

67. artikulua.— Teknologia berriak

5. Eremu hauetan, Errioxako administrazio publikoek oso-osoan edo zati batean finantzatutako proiektuetan bermatuko da hizkera eta edukia sexistak ez izatea.


8.4.5.33. 8/2023 Legea, apirilaren 20koa, Errioxako Teknologia eta Berrikuntzari buruzkoa[954]

ZIOEN AZALPENA

II

[…]

Errioxako Autonomia Erkidegoak unibertsitate publiko bat du, Errioxako Unibertsitatea, zeina baita ezagutza berria sortzeko funtsezko elementua. Ikerketa-jarduera irakasleen eta ikertzaileen eskubidea eta eginbeharra da, eta helburuen artean ikerketa sustatzea eta gauzatzea dago. Errioxako unibertsitate-sistema Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalari atxikitako zentro batekin eta lineako unibertsitate pribatu batekin osatzen da. Autonomia Erkidegoak erreferentziazko ikerketa-zentroak ditu osasun-arloan, mahastizaintza- eta ardogintza-arloan, kulturaren eta historiaren arloan eta espainieraren arloan. Ekonomia erregionalaren funtsezko sektoreetan espezializatutako zentro teknologikoen sare bat dago, hala nola nekazaritzako elikagaien sektorean, ontzi eta enbalajeen sektorean eta oinetakoen sektorean, bai eta eraikuntzaren eremuan, automobilgintzarenean, informazioaren eta komunikazioaren teknologienean, bioteknologiarenean edo zurgintza eta altzarigintzarenean espezializatutako enpresa-elkartzeen sare bat ere. Bestalde, Errioxak oso lehiakorra, berritzailea eta nazioartekotua den industria-sare sendoa du; sare hori, funtsean, enpresa txiki eta ertainek osatzen dute, eta, euren tamainari lotuta dituzten mugen ondorioz, laguntza behar dute berrikuntza-estrategiak planifikatzeko eta ezartzeko. Azkenik, Errioxako gizartea zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko interesak eta gaitasunak garatzen ari da, eta horiek indartu eta sendotu egin behar dira. Eragile horiek guztiek erronka konplexu, askotariko eta ukaezin hauei egin beharko diete aurre: osasun eta ongizateari; uraren, nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien katearen kudeaketa jasangarriari; mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuari; hazkunde ekonomikoari; gaitzaile digitalei zein ingurunearen eta ingurumenaren zaintzari; arlo biosanitarioari; agroindustriari, eta komunikazioaren eta adimen artifizialaren teknologiei, kulturari eta hizkuntzaren industriari, garrantzitsuenetako batzuk aipatzearren.

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Helburu orokorrak

Lege honen helburuak dira:

2. Errioxako ondare zientifikoa, teknologikoa, historikoa, kulturala eta linguistikoa zaintzea, gehitzea, aberastea eta zabaltzea.


8.4.5.34. 9/2023 Legea, maiatzaren 5ekoa, Errioxako Autonomia Erkidegoko Funtzio Publikoari buruzkoa[955]

Bosgarren xedapen gehigarria.— Administrazio bereziko kidegoen oinarrizko eginkizunak

Honako hauek dira kidego bereziei dagozkien oinarrizko eginkizunak:

b) A2 azpitaldeko administrazio bereziko kidegoetan:

22) Gizarte ekintzako, gizarte zerbitzuetako eta gizarte osasuneko erdi-mailako teknikarien kidegoan logopeden eskala sortu da. Entzumenaren, fonazioaren eta hizkuntzaren, komunikazioaren eta ahozko eginkizunen (irenstea, murtxikatzea eta arnasketa) nahasmenduak prebenitzeko, ebaluatzeko eta berreskuratzeko jarduerekin lotutako eginkizunak dagozkio, haren diziplinako teknika terapeutikoen bidez.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper