Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.4.59. 1/2022 Legea, martxoaren 8koa, Balear Uharteetako Hezkuntzari buruzkoa


8.4.4.59. 1/2022 Legea, martxoaren 8koa, Balear Uharteetako Hezkuntzari buruzkoa[909]

ZIOEN AZALPENA

I

[…]

Hezkuntza-zentroak gure gizartearen kultura-aniztasunaren isla dira; izan ere, gure gizartean askotariko balioak, kultura desberdinak, erlijio, ohitura edo hizkuntza desberdinak biltzen dira, zeinak dibergentetzat har baitaitezke. Kultura-aniztasunetik eta integraziotik haratago doan hezkuntza sustatu beharko da, elkarrizketaren, bizikidetzaren eta errespetuaren ondoriozko hezkuntza, zeinak ahalbidetuko baitu lurralde berean bizi garen kultura guztien arteko benetako trukea. Ataza hori ikuspegi inklusiboaren eta kulturarteko hezkuntzaren esparruan bakarrik egin ahal izango da, gure gizartean benetako integrazioa eta harrera lortzeko helburuarekin, gure kultura propioa errespetatuz.

[…]

Inklusio-printzipioaren barruan, Balear Uharteetan, hizkuntza-ofizialtasun bikoitza duen erkidegoa denez, erronka berezia da ikasleen hizkuntza-inklusioa. Hain zuzen ere, Balear Uharteetan herritartasuna erabat gauzatzeko, hezkuntza-sistemak bermatu behar du derrigorrezko hezkuntza amaitzean herritar guztiak gai izango direla bi hizkuntza ofizialak zuzen erabiltzeko. Egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, eta gizarte-bizitzaren esparru askotan gaztelaniaren nagusitasuna oso handia denez, beharrezkoa da hezkuntza-sistemak katalanaren ohiko erabileraren eta erabilera funtzionalaren behar adinako lekua bermatu behar izatea, betiere Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren 4.3 artikuluan jasotzen den bi hizkuntza ofizialen ezagutza-eskubidea bermatzen laguntzeko modu gisa.

[…]

Hezkuntza, beraz, pertsona guztien eskubidea da, bizitza osoan zehar bermatuko dena eta haien garapen pertsonal, emozional eta profesionalaren alderdi guztiei erantzungo diena. Botere publikoen funtsezko betebeharretako bat da hezkuntzarako eskubide hori modu eraginkorrean bermatzea eta hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren eskuarteak ematea, honako hauek ahalbidetzeko: ezagutzak eguneratzea, hezkuntza-tresna berriak ezartzea, irakasleen prestakuntza hobetzea, hezkuntza-zentroen kudeaketa arin eta eraginkorra, hezkuntza-erkidego osoaren parte-hartze eta erantzunkidetasun handiagoa, eta hezkuntzaren eta gizartearen interesen eta gainerako eragileen arteko zubi eraginkorrak ezartzea, betiere kalitatezko hezkuntzaren abantailak herritar guztiengana hel daitezen, edozein izanik ere herritar horien jatorria, eta kontuan hartu barik zein diren haien kultura, hizkuntza, genero edo erlijioko gaitasunak eta ezaugarriak.

[…]

Hezkuntza-politika publikoak ezinbestekoak dira matxismoari aurre egiteko eta sortzen diren desberdintasun-egoerak salatzeko eta arintzeko. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko uztailaren 28ko 11/2016 Legean adierazten den bezala, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa eta sexuagatiko edozein diskriminazio-motaren berariazko debekua jasota daude zenbait arau juridikotan. Inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntzak genero-ikuspegia aintzat hartzea, genero-estereotipoak eta -rolak eta sexu-orientazioa eta -identitatea alde batera utzita pertsonaren garapen integralean oinarritutako hezkuntza-eredua lortzeko. Hezkuntza-sistemaren zutabeetako batek hezkidetza izan behar du. Hezkuntza-politika publikoek, hezkidetza ezinbesteko tresnatzat hartuta, indarkeria matxisten prebentzioan eta aniztasun afektibo-sexualaren errespetuan lan egitera bideratu behar dituzte ahaleginak. Hezkidetza-eskolen esparruan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta emakumeen eta gizonen irudi plurala, askotarikoa eta estereotiporik gabea erreproduzitzea sustatuko da. Era berean, arreta berezia jarriko zaio zeharkakotasun- eta intersekzionalitate-printzipioari hezkuntza-politika publikoen esparruan.

[…]

II

[…]

Dokumentu hori Illes per un Pacte plataformak egindako lanean oinarrituta egin zen; plataforma horrek hezkuntzaren eremuan eragina duten Balear Uharteetako berrogei gizarte-erakunde baino gehiago biltzen ditu. Dokumentuak araudi bat eskatzen du, gehiengo sozialak onar dezakeena, hezkuntza-sistemaren benetako beharrizanak asetzea ahalbidetuko duena eta kalitatezko hezkuntza bultzatuko duena. Hezkuntza horrek oinarri hauek izango ditu, besteak beste: kalitatezko eta ekitatezko hezkuntza sustatu beharra, balio zibikoetan oinarritutako hezkuntza berreskuratzea, hezkuntza-erkidegoaren parte-hartze demokratikoa, ikaskuntza-prozesua hobetzera bideratutako prestakuntza-ebaluazioa, curriculumen deszentralizazioa eta konpetentzien araberako curriculum-ikuspegia, irakaskuntza-ataza duintzea, hezkuntza-azpiegituren hobekuntza, katalana hezkuntza-sistemaren komunikazio-hizkuntza gisa eta gizarte-kohesioari eusteko funtsezko elementu gisa onartzea, eskola-arrakasta eta bizikidetza hobetzeko planak, prestakuntza eta baliabide didaktiko eta teknologikoak hezkuntza-beharrizan berrietara egokitu beharra, eta zentroen sare publikoa sistemaren oinarrizko elementutzat hartzea, betiere irakaskuntza itunduarekin batera, zertarako eta horrek guztiak ahalbidetu dezan hezkuntza kalitatezko zerbitzu publiko gisa hartzea.

[…]

III

[…]

Atariko tituluak legearen xedea ezartzen du, hezkuntzarako eskubide konstituzionala promulgatzen du, berdintasun-baldintzetan egikaritu behar dena, Balear Uharteetako Gobernuak bermatu behar duena, eta Balear Uharteetako hezkuntza-sistemaren printzipio orokorrak, pedagogikoak eta antolakuntzakoak ezartzen ditu. Apartatu honetan nabarmentzen da hezkuntza-sistemari ematen zaion kontsiderazioa, zeina baita tresna nagusia izatea Autonomia Estatutuak Balear Uharteetako herritarrei bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko bermatzen dien eskubidea bermatzeko; hain zuzen ere, autonomia-estatutua da esparrua, zeinean ulertu behar baitira legeak hezkuntza-sisteman hizkuntza ofizialak erabiltzeari buruz jasotzen dituen xedapenak.

[…]

VI. titulua Balear Uharteetako hezkuntza-sistemaren elementu espezifiko propioei buruzkoa da. Hala, eskolako hizkuntza-eredua sartu da, zeinak jarraitzen baitio Autonomia Estatutuak eta Balear Uharteetako Hizkuntza-normalizazioari buruzko apirilaren 29ko 3/1986 Legeak zehazten dutenaren arabera hizkuntza-bateratze edo elebitasun integraleko ereduari. Hizkuntza ofizialen ikaskuntzan eta atzerriko hizkuntzetako hizkuntza-gaitasunen eskuratzean oinarritzen da, eta Balear Uharteetako hizkuntza propioa irakaskuntzaren hizkuntza egituratzaile gisa erabiltzea sendotzen du. Horrela, jarraipena ematen zaio pixkanaka ezartzen ari den eredu bati, zeina koherentziaz kokatzen baita Estatuak eta, zehazki, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak definitutako arau-esparruan.

Hizkuntza-ereduaren helburua da ikasleek, irakaskuntza hastean beren ohiko hizkuntza edozein dela ere, katalana eta gaztelania normaltasunez eta behar bezala erabili ahal izatea bermatzea, eta derrigorrezko eskolaldiaren amaieran gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatzea eta, aldi berean, Estatutuaren aginduz ezarritako hizkuntza-normalizazioko prozesuaren berezko helburuak betetzea. Hala, autonomia-estatutuaren arabera, bermatzen da oinarrizko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak erabat eta modu baliokidean menderatu beharko dituztela eta atzerriko hizkuntza batean hizkuntza-gaitasunak eskuratu beharko dituztela. Jurisprudentzia konstituzionalak behin eta berriz bermatutako eredua da, Konstituzio Auzitegiaren abenduaren 23ko 337/1994 epaiaz geroztik. Epai horrek, gaztelania irakaskuntza- eta ikaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzeari kalterik egin gabe, aukera ematen du, aldi berean, katalana desabantaila-egoeran jartzen duten desoreka-egoera historikoak eta gaur egungoak konpentsatzeko, eta hori orain arte lortutako emaitzek justifikatzen dute.

IV

[…]

Lege hau bat dator sinplifikazio-printzipioarekin, herritarrei laguntzen baitie araudi osoa eta herritarroi eragiten dieten arau-neurriak hobeto ezagutzen eta ulertzen. Lege horrek aukera emango du ondorengo araudia garatzeko, sinplifikatzeko eta hari koherentzia handiagoa emateko. Arau-testu bat da, arau argiak dituena eta errazago bete ahal izateko hizkera eskuragarria duena.

[…]

ATARIKO TITULUA
Legearen xedea eta printzipioak

1. artikulua.— Legearen xedea

1. Lege honen xedea da: Balear Uharteetako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako mailetan hezkuntza-sistema arautzea; hezkuntza-erkidegoaren parte-hartzea sustatzea; hezkuntza-arrakasta eta -ekitatea eta aukera-berdintasuna ahalbidetzea, ikasle guztiak beren ikaskuntza-maila onenera irits daitezen; herritar guztiei bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzea; zentroei autonomia handiagoa ematea, eta ebaluazioa instituzionalizatzea, betiere eskumen propioen arabera eta Espainiako hezkuntza-sistemaren esparruan.

2. Lege honen xedapenek eta lege hau garatzen duten arauek Balear Uharteetako berezko hezkuntza-eredu bat definitzen dute, zeina baita interes publikokoa, parte-hartzekoa, kalitatezkoa eta ekitatezkoa, bai eta aukera-berdintasuna ere.

3. Hezkuntza-sistema da Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoak duen tresna nagusia Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren 4. artikuluan jasotako mandatua gauzatzeko, betiere bi hizkuntza ofizialen ezagutza ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeari dagokionez. Horregatik, aipatutako mandatua betetzeko, ulertu behar da ezen hizkuntza ofizialen erabilerari, haien ikaskuntzaren ebaluazioari eta hezkuntza-sistemaren arrakastaren ebaluazioari buruzko xedapen guztiak helburu horretara bideratuta daudela.

4. Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da Balear Uharteetako unibertsitate-sistema, zeinak araudi espezifikoa baitu.

3. artikulua.— Printzipio orokorrak, pedagogikoak eta antolaketakoak

1. Honako printzipio orokor hauek arautzen dute Balear Uharteetako hezkuntza-sistema, Espainiako Konstituzioak eta Balear Uharteetako Autonomia Estatutuak definitutako balioen esparruan:

j) Hezkuntza-sistemak badu erantzukizunik bermatzeko ikasle guztiek gaitasuna dutela derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran bi hizkuntza ofizialak zuzentasunez eta arintasunez erabiltzeko, bai ahoz, bai idatziz.

t) Balear Uharteetako lurraldearekiko, ondarearekiko, kulturarekiko, historiarekiko, hizkuntzarekiko eta tradizioekiko konpromisoa.

w) Balear Uharteetako katalana ardatz izango duen sistema eleaniztuna eraikitzea.

I. TITULUA
Balear Uharteetako hezkuntza-sistemaren egitura

II. KAPITULUA
Haur-hezkuntza

6. artikulua.— Haur-hezkuntzaren helburuak eta printzipioak

2. Haur-hezkuntzak lagunduko du umeengan gaitasunak garatzen, betiere hauek egin ahal izateko:

f) Komunikazio-trebetasunak garatzea zenbait hizkeratan, adierazpidetan eta bi hizkuntza ofizialetan.

g) Atzerriko hizkuntza batean hastea.

h) Trebetasun logikoetan eta matematikoetan, irakurketan eta idazketan, mugimenduan, keinuan eta erritmoan, eta ikusizko lengoaietan, plastikoetan eta musikaletan hastea.

III. KAPITULUA
Oinarrizko hezkuntza

12. artikulua.— Lehen hezkuntzaren helburuak eta ezaugarriak

1. Lehen hezkuntzaren helburua ikasle guztiei prestakuntza integrala ematea da, zeinak haien nortasuna erabat garatzen lagunduko dien eta, curriculumean finkatutako konpetentzien arabera, ahalbidetuko dizkien honako hauek:

b) Hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean, ikasle bakoitzari dagokion mailan, ahozko adierazpenari eta ulermenari, idatzizko adierazpenari eta irakurritakoaren ulermenari buruzko trebetasunak eta gaitasunak eskuratzea eta garatzea.

14. artikulua.— Derrigorrezko bigarren hezkuntzaren helburuak eta ezaugarriak

1. Derrigorrezko bigarren hezkuntza etaparako ezarritako konpetentziak eskuratzera bideratuko da, eta ikasle guztiei honako hauek ahalbidetuko dizkien hezkuntza ematea du helburu:

a) Oinarrizko kultura-elementuak eskuratzea, bereziki Balear Uharteetako kultura propioa aipatuz, batez ere hizkuntzari, arteari, zientziari, humanistikari eta teknologiari dagokienez.

f) Trebetasun eta konpetentzia kulturalak, pertsonalak eta sozialak garatzea, alde batetik, hizkuntza ofizialen mintzamenean eta ahozko ulermenean, idazmenean eta irakurmenean betiere, nahitaezko eskolatze-aldiaren amaieran, behar den maila lortzeko hizkuntzon erabilera normal eta zuzena bermatze aldera, eta, bestetik, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten maila ertaineko erabilera bermatzeko; horiek ez ezik, egokia bada, oztopoak kentzea ahalbidetzen duten ikaskuntza-diseinu unibertsaleko sistemak nahiz edozein motatako neurri inklusiboak ezarriko dira, eta ikasle guztientzako laguntzak sortuko dira, askotariko gaitasunetan arreta berezia jarriz.

m) Balear Uharteetako erkidegoko kide izatearen kontzientzia hartzea eta erkidego horren hizkuntza-, historia-, lurralde-, arte-, kultura- eta ingurumen-ondarea ezagutzen eta balioesten laguntzea.

V. KAPITULUA
Lanbide-heziketa

22. artikulua.— Hasierako lanbide-heziketa

6. Ezartzen diren curriculum propioetan, konpetentzia profesionalekin lotutako moduluez eta prestakuntza lantokietan egiteko modulu batez gain, honako hauek jasoko dira: laneko arriskuen prebentzioari eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko prestakuntza; bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten ezagutza indartzea; ekonomia jasangarrirako ekimen ekintzailea eta balioak sustatzea; ingurunea eta langileen duintasuna errespetatzea, eta Europar Batasunak ezarritako jarraibideen esparruan aurreikusten den prestakuntza.

VI. KAPITULUA
Helduen etengabeko hezkuntza

30. artikulua.— Helduen hezkuntzaren helburuak eta eremuak

3. Helduen hezkuntzako programek, bigarren aukerako prestakuntza-ekintzen esparruan, hauek txerta ditzakete: irakaskuntza formalaren eremua (unibertsitateaz kanpoko titulazio ofizialak lortzeko) eta irakaskuntza ez-formalaren eremua (proba libreak eta sistemaren ibilbideetara sartzeko probak prestatzera bideratuak); heldu berriak gizarte-ingurunean sartzea erraztera bideratutako prestakuntza-ekintzak; baita, ezartzen diren baldintzetan, onarpen ofiziala duten hizkuntza-ikastaroak egitera bideratutakoak edo oinarrizko araudiak ezartzen dituen zehaztapen-tresnei buruzko prestakuntzako eta lanbide-heziketako beste jarduera batzuk ere.

VII. KAPITULUA
Araubide bereziko irakaskuntzak

34. artikulua.— Araubide bereziko irakaskuntzen ezaugarriak

Araubide bereziko irakaskuntzak hizkuntzen irakaskuntzei, arte-irakaskuntzei eta kirol-irakaskuntzei dagozkie.

35. artikulua.— Hizkuntzen irakaskuntzak

1. Hizkuntzen irakaskuntzen helburua ikasleak hizkuntza desberdinen erabilera egokirako gaitzea da, hezkuntza-sistemaren ohiko etapak alde batera utzita.

2. Hizkuntzen irakaskuntza arautuek ziurtagiri homologatuak lortzera bideratzen dute, ordenamenduan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera zehazten diren mailetan antolatzen dira, eta hezkuntza presentzialaren, hezkuntza erdipresentzialaren eta hezkuntza ez-presentzialaren modalitateetan eskaintzen dira.

3. Hizkuntzen irakaskuntza arautuak, irakaskuntza presentzialen modalitatean, hizkuntza-eskola ofizialetan ematen dira. Sustapena egingo da bigarren hezkuntza ikasten ari diren ikasleek hizkuntzen irakaskuntza arautuetako maila ezberdinetako probetarako tutoretza eta prestakuntza jaso ahal izan dezaten eta probok egin ahal izan ditzaten.

4. Hezkuntza-administrazioari dagokio hizkuntzen irakaskuntza arautuetako oinarrizko mailen curriculumak eta hizkuntza-eskola ofizialek bete beharreko betekizunak zehaztea.

5. Hezkuntza-administrazioari dagokio hizkuntzen irakaskuntza publikoa sustatzea hizkuntza-eskola ofizialen bidez.

II. TITULUA
Balear Uharteetako Unibertsitatearekin eta administrazio publikoekin lankidetzan aritzea

I. KAPITULUA
Hezkuntza-administrazio autonomikoaren, Balear Uharteetako Unibertsitatearen eta beste unibertsitate-instituzio batzuen arteko lankidetza

40. artikulua.— Lankidetzaren helburuak eta ezaugarriak

1. Hezkuntza-administrazioa eta Balear Uharteetako Unibertsitatea lankidetzan arituko dira hezkuntza-sistema hobetzen laguntzen duten aspektuetan eta, batez ere, honako eremu hauetan:

e) Irakaslana egiteko behar den hizkuntza- eta komunikazio-konpetentzia bermatzea.

j) Jarduera akademikoa, autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialetan ez ezik, atzerriko hizkuntzetan indartzea.

II. KAPITULUA
Beste administrazio batzuekiko lankidetza eta elkarlana

48. artikulua.— Beste administrazio autonomiko batzuekiko elkarlana

2. Sailak, bere eskumenen arabera, Balear Uharteekin hizkuntza- eta kultura-loturak dituzten erkidego eta lurraldeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea sustatu ahal izango du, hizkuntzaren irakaskuntzaren eta interes komuneko beste hezkuntza-gai batzuen arloan.

III. TITULUA
Hezkuntza-erkidegoaren parte-hartzea

I. KAPITULUA
Hezkuntza-erkidegoa

50. artikulua.— Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak egikaritzeko bermea

2. Balear Uharteetako Gobernuak bermatuko du aukera-berdintasunean hezteko eskubidea egikaritzea, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasleek dituzten hasierako desabantaila ekonomiko, sozial, kultural, linguistiko edo pertsonalak konpentsatzeko.

51. artikulua.— Ikasleen eskubideak

1. Ikasleek hezkuntza-eremuan dituzten eskubideak eta askatasunak honako hauek dira:

f) Irakaskuntzan zeinu-hizkuntza erabiltzea, bai eta braille irakurketa-idazketaren kodea zein ikaskuntza-zailtasunetan laguntzeko beste eskuarte batzuk ere, baldin eta inguruabar pertsonalak direla-eta horiek guztiak behar badira.

52. artikulua.— Ikasleen eginbeharrak

Hezkuntza-prozesuan, ikasleek honako eginbehar hauek dituzte:

j) Hezkuntza-erkidegoko kide bat ere ez diskriminatzea jaiotza, arraza, generoa, hizkuntza, sexu-orientazioa, erlijioa, iritzia, gutxiengoetako kide izatea edo aniztasun funtzionala dela-eta, ez eta beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik ere.

IV. TITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoa Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan

I. KAPITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoaren ezaugarriak

84. artikulua.— Eginkizun espezifikoak dituzten lanpostuak

5. Hezkuntza-administrazioak, garatzen den araudiaren arabera, beste herrialde batzuetako irakasleak sartu ahal izango ditu, funtzionarioentzat eskatzen den titulazio berarekin, bai hizkuntzak irakasteko, bai atzerriko hizkuntza batean garatzen diren beste irakasgai batzuk emateko.

6. Salbuespen gisa, beste herrialde batzuetako profesionalak kontratatu ahal izango dira arte-irakaskuntzetarako eta hizkuntzen irakaskuntzetarako, irakasle espezialista gisa, Estatuko oinarrizko araudian aurreikusitako baldintzetan, baina ez dute nahitaez bete beharko oro har ezarritako titulazio-baldintza.

II. KAPITULUA
Sartzea eta betetzea

85. artikulua.— Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzea

2. Edozelan ere, katalanez dakiela egiaztatu beharko da, erregelamenduz ezarritako moduan.

IV. KAPITULUA
Irakasleen Erregistro Orokorra eta konpetentzien aitorpena

99. artikulua.— Konpetentziak aitortzea

2. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuak honako eskudantzia hauek izango ditu:

d) Hala badagokio, hizkuntza-eskakizunak eta eska daitezkeen beste batzuk ezartzea irakaskuntzako funtzio publikoan lanpostu jakin batzuk betetzeko.

V. TITULUA
Irakaskuntzako zentroak

I. KAPITULUA
Balear Uharteetako irakaskuntzako zentroen sarea

107. artikulua.— Zentro publikoen tipologia

2. Balear Uharteetako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-zentro publikoek honako tipologia hauetako bat har dezakete, haiek baimenduta dituzten ikasketen arabera:

k) Hizkuntza-eskola ofizialak (HEO).

II. KAPITULUA
Eskolatze ekitatiboa

112. artikulua.— Hezkuntza-laguntzako beharrizan bereziak dituzten ikasleen eskolatze orekatua

3. Hezkuntza-laguntzako beharrizan espezifikotzat hartuko dira hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleei eragiten dietenak, bereziki honako hauek: mugikortasun murriztua, aniztasun intelektuala edo sentsoriala, espektro autistaren nahasmenduak, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak, jokabidearen nahasmendu larriak, nahasmendu mental edo endekapenezko gaixotasun larriak eta minoritarioak; ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleak; adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak; baldintza pertsonalak edo eskola-historia dituzten eta curriculum-desfase esanguratsua duten ikasleak; hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren ikasleak; bi hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituzten ikasleak; egoera sozioekonomiko eta soziokultural txarrenetatik eratorritako hezkuntza-beharrizanak dituzten edo eskola uzteko arriskua duten ikasleak; eta araudiak onartutako beste egoera batzuk.

IV. KAPITULUA
Hezkuntza-proiektua

122. artikulua.— IHPk jaso beharreko aspektuak

2. IHPk honako hauek barne hartuko ditu: pedagogia-antolamenduaren irizpideak; hezkuntza-lehentasunak eta -planteamenduak; zentroaren ezaugarri diren oinarrizko printzipio eta irizpideak, hezkuntza-arloko esku-hartzeari, orientazioari, tutoretzari, ebaluazioari, eta curriculumen zehaztapenari eta garapenari dagokienez, betiere irisgarritasun unibertsala bermatzen duten diseinu unibertsaleko edo planteamenduko eredu alternatiboen arabera; antolaketa-egitura propioa definitzen duten irizpideak; hizkuntza-proiektua; hezkuntza-inklusioko prozedurak; elkarbizitzaren ikaskuntzan, berdintasunean, hezkidetzan eta genero-identitateen errespetuan nagusi diren balioak eta helburuak; zentroan eta ikasleen ingurune pertsonalean eta sozialean ingurumen-jasangarritasuna sustatzeko irizpideak; hezkuntza-erkidegoaren parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko irizpideak; zentroaren eta gizarte-ingurunearen arteko harremana eta zentroko irakasleen etengabeko prestakuntza taxutu behar dituzten ildoak, bai eta zentroaren antolamendu- eta funtzionamendu-arauak eta hura ezaugarritzen duten beste jarduketa eta ezaugarri batzuk, eta hezkuntza-proiektua zabaldu, haren jarraipena egin, eta hura ebaluatu eta berrikusteko neurriak ere. Era berean, hobekuntza-plan bat jasoko du, zeinak ahalbidetuko baitu hezkuntza-kalitatea eta -ekitatea eta eskola-arrakasta sustatzeko behar diren neurriak hartzea.

V. KAPITULUA
Curriculumaren garapena

123. artikulua.— Hezkuntza-curriculuma

3. Ematen diren ikasgaien eta arloen curriculumak, eta Balear Uharteetako hezkuntza-sisteman hezkuntzaren helburuak lortzera bideratutako beste edozein jarduerak, honako helburu hauek izango dituzte:

f) Natura-ingurunea, historia, kultura, hizkuntza, uharte-modalitateak, bertako uhartearen antropologia eta nortasuna eta Balear Uharteen multzoa ezagutzea, balioestea eta errespetatzea, berezko ondare gisa eta kultura unibertsalaren esparruan.

g) Espainiako Estatuaren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna errespetatzeko eta aitortzeko prestakuntza, bai eta eleaniztasun horren izaera aberasgarria ere, kultura desberdinen arteko harremanak ezartzeko oinarri gisa.

h) Katalanaren ikaskuntza eta erabilera sustatzea, komunikaziorako ez ezik, Balear Uharteetako nortasun kultural eta historikoa interpretatzeko eta transmititzeko eta gizarte-kohesiorako ezinbesteko elementu gisa.

i) Gaztelania ikastea, Estatu osoko hizkuntza ofizial gisa, komunikatzeko eta hizkuntza horretan adierazitako kultura iristeko.

j) Atzerriko hizkuntza bat gutxienez ikastea, gero eta lotura handiagoa duen mundu honetan hizkuntza-gaitasun handiagoa duten herritarrak prestatzeko bitarteko gisa.

VI. KAPITULUA
Zentro publikoetako zuzendaritza eta gobernu-organoak

134. artikulua.— Irakasleen klaustroa

2. Klaustroaren eskumenak dira:

a) Zuzendaritza-taldeari zentroaren hezkuntza-proiektua, antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua, hizkuntza-proiektua eta erabakitzen diren zentroaren beste proiektu batzuk egiteko proposamenak aurkeztea, baita urteko programazio orokorra ere.

VI. TITULUA
Hezkuntza-eredu propioaren elementu pedagogiko espezifikoak

I. KAPITULUA
Hizkuntza-eredua

135. artikulua.— Hizkuntza-ereduaren printzipioak

1. Balear Uharteetako eskolako hizkuntza-ereduak printzipio hauek ditu:

a) Komunikazio-konpetentzia eskuratzea katalanez (Balear Uharteetako hizkuntza) eta gaztelaniaz, derrigorrezko hezkuntzaren amaieran ikasle guztiak gai izan daitezen bi hizkuntzak erraztasunez erabiltzeko, ahoz zein idatziz.

b) Hizkuntza-konpetentzia ertaina eskuratzea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean, derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran.

c) Ikasleek lehen irakaskuntza beren hizkuntzan jasotzeko duten eskubidea, hizkuntza hura autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat bada.

d) Katalana, Balear Uharteetako berezkoa, gizarte-kohesiorako tresnatzat hartzea hezkuntza-jardueretan eta jarduera osagarrietan, bai eta adierazpide normaltzat ere hartzea komunikazioetan eta administrazio-eremuan.

e) Hizkuntzak eraginda, ikasleak ez direla diskriminatzen eta zentro eta ikasgela-talde desberdinetan ez direla bereizten bermatzea.

f) Hizkuntza-harrera Balear Uharteetako hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren ikasleentzat, arreta berezia katalanari jarriz, zeina baita Balear Uharteetako berezkoa.

g) Irakaskuntzako zentroek autonomia pedagogikoa izatea beren hizkuntza-proiektua indarrean dagoen araudiaren esparruan egiteko eta ezartzeko, besteak beste, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiei bi hizkuntza ofizialen ezagutza ziurtatze aldera.

h) Balear Uharteetako irakasleen beharrezko hizkuntza-gaitasuna egiaztatzea.

i) Katalanak uharteetan dituen modalitateak erabiltzea, Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren 35. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Balear Uharteetako Gobernuari dagokio, bere eskumenen esparruan, hizkuntzen irakaskuntzaren curriculuma zehaztea, zeinak barnean hartzen baititu helburuak, konpetentziak, edukiak, ebaluazio-irizpideak eta metodologia didaktikoa.

3. Katalana izango da gutxienez eskola-ordutegiaren erdian erabiliko den irakaskuntza- eta ikaskuntza-hizkuntza, betiere hizkuntza-normalizazioaren helburuak lortzen direla bermatzeko. Helburu horretarako, eta derrigorrezko irakaskuntzak amaitzean bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko konpetentzia osoa eta baliokidea eskuratuko dela bermatzeko, proportzio hori handitu ahal izango da irakaskuntzako zentro bakoitzaren erabakiz, hizkuntza-proiektua onetsiz. Gaztelania, irakaskuntza- eta ikaskuntza-hizkuntza gisa, irakaskuntzako zentro bakoitzaren erabakiz ere erabili ahal izango da, haren hizkuntza-proiektua onetsiz, batez ere beharrezkotzat jotzen denean nahitaezko irakaskuntzak amaitzean bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko konpetentzia osoa eta baliokidea eskuratuko dela bermatzeko. Irakaskuntzako zentroetan hizkuntzak erabiltzeko baldintzak erregelamendu bidez garatuko dira, lege honetan aurreikusitako irizpide eta printzipioen arabera.

136. artikulua.— Zentroaren hizkuntza-proiektua

1. Irakaskuntzako zentroek, beren autonomiaren esparruan eta hezkuntza-proiektuaren zati gisa, hizkuntza-proiektu bat egingo dute, non jasoko baita zer tratamendu emango zaien zentroan hizkuntzei. Proiektu hori ingurumariaren aldagaien arabera diseinatuko da, ikasleek bi hizkuntza ofizialetan eta, gainera, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean aurreikusitako hizkuntza-konpetentziak lor ditzaten.

2. Zentroaren hizkuntza-proiektuak zehaztuko du zein den lege honetan ezarritako hizkuntza-ereduaren printzipioen aplikazioa, eta, besteak beste, jasoko du zein diren hizkuntzen irakaskuntzaren oinarri diren planteamendu didaktikoak eta irizpide metodologikoak, zein diren hizkuntzak irakasteko prozesua zentroaren errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpideak, eta zein diren hizkuntza-proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpideak eta tresnak.

3. Zentroaren hizkuntza-proiektuan zehaztuko da zein den hizkuntzaz bestelako arlo, eremu, ikasgai, modulu edo proiektuen irakaskuntza- eta ikaskuntza-hizkuntza, lege honen 135. artikuluan ezarritako printzipio eta irizpideekin bat etorriz.

4. Hezkuntza-administrazioak sistema bat ezarriko du zentroaren hizkuntza-proiektuak ebaluatzeko, hezkuntza-ikuskatzailetzak gainbegiratuta, proiektu horiek berrikusi eta egokitu ahal izateko, betiere ikasleek komunikazio-konpetentzian eta hizkuntza-normalizazioan ezarritako helburuak lortzen dituztela ziurtatze aldera.

5. Hezkuntza-ikuskatzailetzak zentroen hizkuntza-proiektuak egiteko prozesuak gainbegiratuko ditu, eta ebaluatuko du zein izan diren proiektuok emaitza akademikoetan eta ikasleen kohesio- eta inklusio-prozesuetan izandako eragina eta ezarpena. Ezarritako helburuak lortuko direla bermatzen ez badute proiektuok, horiek aldatzeko eskatuko du.

137. artikulua.— Hizkuntza-harrerako programak

1. Hezkuntza-administrazioak Balear Uharteetako hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituzten ikasle berantiarrei zuzendutako hizkuntza-harrerako programak arautuko ditu, ikasleok curriculum-edukiak iristeko behar dituzten trebetasunak emateko eta ikasle horiei benetako inklusio akademikoa eta soziala bermatzeko.

2. Irakaskuntzako zentroek arreta linguistiko eta pedagogikoa eskainiko dute, hizkuntza-urritasuna duten ikasle berantiarrak eraginkortasunez sar daitezen ikaskuntzan, betiere zentroaren hizkuntza-proiektuaren arabera. Horretarako, hezkuntza-administrazioak emandako baliabideak izango dituzte, eurenak osatzeko.

138. artikulua.— Langileen hizkuntza-eskakizunak

1. Balear Uharteetako Gobernuak ezarriko du zein betekizun bete behar diren hizkuntza-gaitasuna katalanez egiaztatzeko Balear Uharteetako zentro publiko zein pribatuetan irakaskuntza-eginkizunak betetzeko.

2. Sailak ezarriko du zein izango diren betekizunak Balear Uharteetako irakaskuntzako zentroetan katalana irakasteko.

3. Balear Uharteetako Gobernuak ezarriko du zein betekizun bete behar dituzten irakasleek hizkuntza-gaitasuna atzerriko hizkuntzan egiaztatzeko bai zentro publikoetan, bai pribatuetan, baldin eta irakasleok hizkuntzaz bestelako arloak atzerriko hizkuntzan ematen badituzte Balear Uharteetan.

4. Hezkuntza-administrazioak irakasleen hizkuntza-gaitasuna eguneratzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

5. Irakaskuntzako zentroetako irakasle ez diren langileek hizkuntza-gaitasun egokia izango dute dagozkien eginkizunak behar bezala betetzeko.

III. KAPITULUA
Irakasleak prestatzea

143. artikulua.— Irakasleen hasierako prestakuntza

3. Hasierako prestakuntzako ikasketa-planek, prestakuntza zientifikoaz gain, honako hauek ere bermatuko dituzte: aspektu psikopedagogiko eta didaktikoetan beharrezkoak diren konpetentziak eskuratzea, bi hizkuntza ofizialak jakitea, atzerriko hizkuntza bat jakitea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak menderatzea, taldean lan egitea eta irakaslana egiteko gizarte- eta tutoretza-trebetasun egokiak izatea.

VII. TITULUA
Hezkuntza-sistemaren jarraipena eta ebaluazioa

II. KAPITULUA
Hezkuntza-sistemaren ebaluazioa

160. artikulua.— Irakaskuntzako zentroen ebaluazioa

7. Zentroaren ebaluazioak kontuan hartuko du, era berean, ea betetzen den zentroaren hezkuntza-proiektuan jasotako hizkuntza-proiektua eta zenbat doitzen zaien proiektu hori lege honetan hizkuntza-ereduari buruz ezarritako xedapenei.

Zortzigarren xedapen gehigarria.— Curriculum-material didaktikoak

1. Irakaskuntzako zentroetako koordinazio didaktikorako organoek irakaskuntzetan erabiliko diren testuliburuak eta bestelako curriculum-material didaktikoak hautatuko dituzte, beren hezkuntza-proiektuaren arabera. Material horiek editatzeko eta hartzeko ez da aldez aurretik hezkuntza-administrazioaren baimenik eduki behar. Edozelan ere, zurruntasun zientifikora eta hezkuntza-administrazioak ikasleen adinerako onetsitako curriculumera egokituko dira, eta Espainiako Konstituzioan, Balear Uharteetako Autonomia Estatutuan eta lege honetan ezarritako printzipioak, balioak, askatasunak, eskubideak eta eginbeharrak sustatuko dituzte. Era berean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatuko dute, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta sexu-orientazio eta -identitatearekiko errespetua bermatuko dituzte, ez dute estereotipo sexistarik edo diskriminatzailerik izango, eta Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako uztailaren 28ko 11/2016 Legean ezarritako printzipio eta balioetara egokituko dira.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper