Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.4.4.1. 3/1986 Legea, apirilaren 29koa, Balear Uharteetako Hizkuntza Normalizazioari buruzkoa


8.4.4.1. 3/1986 Legea, apirilaren 29koa, Balear Uharteetako Hizkuntza Normalizazioari buruzkoa [834]

ZIOEN AZALPENA

Balear Uharteak katalanezko eremu linguistikoan honela sartu ziren: Mallorca Jaime I.a erregeak konkistatu zuenean (1229); Eivissa eta Formentera Tarragonako artzapezpiku Guillem de Montgrík konkistatu zuenean (1235), eta Menorca Alfontso “El Liberal” erregeak konkistatu zuenean (1287).

Ordutik, katalana Balear Uharteetako berezko hizkuntza da, eta uhartetarrek kultura unibertsalari beren ekarpenik handienak egiteko erabili izan duten tresna izan da beti, bai eta gure herriaren jeinua artikulatzea ahalbidetu duen tresna ere, horrela haien aztarna Mendebaldeko herrien ondare kulturalean ezabaezin geldi zedin.

xiii. mendetik aurrera, katalana, latinarekin batera, zeina erabilera jakin batzuetarako erabiltzen zen, kantzilergoaren eta, oro har, administrazioaren hizkuntza bihurtzen da, bai eta predikazioarena eta beste jarduera publiko eta formal batzuena ere; eta herriak gizarte-komunikaziorako tresna gisa erabiltzen duen hizkuntza ere bada.

xviii. mendean, Planta Berriko Dekretuek Aragoiko Koroaren autogobernu-organoak deuseztatzen dituzte, eta katalana gero eta marjinazio-prozesu handiagoa jasaten hasten da erabilera publiko eta formaleko zenbait eremutan. Horrela, 1768an, Karlos III.aren pragmatika baten bidez, katalana kanporatu egiten da dokumentazio ofizial, zibil eta eklesiastiko gehienetatik; eta zenbait lege-testuk, xix. mendearen erdi aldera, gure hizkuntza irakaskuntzan erabiltzea debekatzen dute. xx. mendean, Bigarren Errepublikako tarte laburraz gainera, katalanak marjinazioa jasan zuen, are nabarmenagoa, bai eskolan, bai komunikabideetan, baita Francoren diktaduran amaitzen den erabilera ofizialean eta publikoan ere. Azkenik, komunikabide modernoak orokortu egin dira, batez ere irratia eta telebista, zeinetan katalana baztertuta geratzen zen, eta horrek gure hizkuntza desagertzeko arriskuan jarri du norabidea zuzendu ezean.

Era berean, kontuan hartu behar da beste hizkuntza-eremu batzuetako etorkin asko heldu direla azkenaldian, eta gure gizarteak ezin izan diela eskaini haiei normaltasunez integratzea erraztu diezaiekeen tresnarik.

Horregatik guztiagatik, gure hizkuntza, kultura unibertsal baten tresna izan dena eta izaten jarraitzen duena, gaur egun, ahul dago. Hona hemen egoera horren ondorioak: herritarrek hitz egiten duten hizkuntzan barbarismo gehiegi dago; ez dira adierazpide kultu tradizionalak ezagutzen; aurreiritzi linguistiko batzuk orokortu dira, bai eta hizkuntza bera gutxiesteko zenbait jarrera ere.

Demokrazia berrezartzearekin batera, Konstituzioak eta Balear Uharteetako Autonomia Estatutuak lege-esparru bat ezarri dute, zeinak bide ematen baitu Balear Uharteetako berezko hizkuntza berreskuratzeko eta sustatzeko prozesu bati ekiteko, betiere egungo egoera partzialki arindu ahal izate aldera.

Espainiako Konstituzioak, 3. artikuluan, honako hau dio: “Gaztelania da Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala”, “espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea”, “Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz” eta "Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultura-ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du”.

Balear Uharteetarako Autonomia Estatutuari buruzko otsailaren 25eko 2/1983 Lege Organikoak 3. artikuluan ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza katalana da, gaztelaniarekin koofiziala dena, eta adierazten du ezen herritar guztiek hura jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dutela, hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ezin izan daitekeelarik.

Bestalde, 10.21 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Autonomia Erkidegoari “Autonomia Erkidegoko kultura, ikerketa eta hizkuntzaren irakaskuntza sustatze”ko arloan. Eta, 14. artikuluan, hizkuntza-normalizazioa agintzen die botere publikoei, Autonomia Erkidegoari ematen dio katalana irakasteko eskumen esklusiboa “... estatuko ikasketa-planekin bat etorriz...”, eta adierazten du, gainera, ezen katalanaren uharte-modalitateak aztertu eta babestu egingo direla, hizkuntzaren batasunari kalterik egin gabe.

Irailaren 7ko 2193/1979 Errege Dekretuak, 1979ko urriaren 25eko Aginduaren bidez garatuak, Autonomia Erkidegoko hizkuntza eta kultura Balear Uharteetako hezkuntza-sisteman sartzeko bidea hasi zuen, autonomia-estatutua promulgatu arteko autonomia-aurreko etapan; izan ere, autonomia-estatutua onetsi zenean, Balear Uharteak autonomia-erkidego gisa eratzean behin-behinekotasun-aldia amaitutzat jo zen, otsailaren 25eko 2/1983 Lege Organikoaren 1. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

Katalana eta gaztelania Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak dira, maila berekoak, baina izaera desberdinekoak: Balear Uharteetako berezkoa den katalanaren ofizialtasuna lurralde-estatutu batean oinarritzen da, hizkuntza bakoitzak bere lurralde historikoan duen nagusitasunari euts diezaion. Gaztelaniaren ofizialtasuna Konstituzioak ezarri zuen estatu osoan, eta hura estatutu pertsonalean oinarritzen da, betiere herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko, nahiz eta haien hizkuntza ez izan lurraldekoa.

Beraz, lege-esparru horrekin bat etorriz, Autonomia Erkidegoak anormaltasun soziolinguistikoko egoerarekin amaitzeko eskubidea eta eginbeharra ditu, eta konpromisoa hartzen du katalanaren erabilera Balear Uharteetako berezko hizkuntza gisa eta gaztelaniaren erabilera estatu osoko hizkuntza ofizial gisa arautzeko. Horregatik, hizkuntza-eskubideak bermatu beharko ditu eta guztiek bi hizkuntzak ezagutzea ahalbidetuko du, hain zuzen ere, eskubide horiek gauzatu ahal izateko.

Era berean, beharrezkoa da Balear Uharteetako herritar guztiak, edozein dela ere haien ohiko hizkuntza, katalana babesteko eta hedatzeko konpromisoa hartzea, gizarte-egoera jakin batean, herritar guztiek bi hizkuntzak ezagut ditzaten eta katalanaren defentsa eta normalizazioa beren gain har dezaten, Balear Uharteetako herrien nazio-identitatearen funtsezko osagaia baita.

Azken batean, Autonomia Erkidegoaren helburua da maila instituzionaleko ekintza egokiak egitea, katalana uharteetako jenioaren elementu kohesionatzailea izan dadin berriz ere, adierazpide moderno, eginkizun anitzeko, argi, malgu eta autonomoko tresna den aldetik, eta herri gisa dugun identitatearen ikur nagusi den aldetik, betiere Balear Uharteetako berezko hizkuntza gisa dagokion lekua har dezan. Horregatik guztiagatik, Administrazioaren erabilera ofizialeko eremu guztietan, masa-komunikabideetan, eskolan eta gizarte-bizitzan egon behar du; eta errespetua izango zaie tradizio literario autoktonoaren berezko hizkuntza-modalitateei, hark eragotzi gabe katalanaren batasuna.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua

1. Lege honen xedea da: alde batetik, Autonomia Estatutuaren 3. artikulua garatzea, katalana eremu guztietan normalizatzeari dagokionez, hura Balear Uharteen berezkoa baita, eta, bestetik, katalanaren eta gaztelaniaren erabilera bermatzea autonomia-erkidego honetako hizkuntza ofizialak direnez gero.

2. Legearen helburuak dira, beraz:

a)[835] Eremu ofizial eta administratiboan katalanaren erabilera pixkanaka eta normaltasunez egitea.

b) Katalanaren ezagutza eta erabilera progresiboa irakaskuntzaren eremuan ziurtatzea komunikazio-hizkuntza gisa.

c) Katalanaren erabilera komunikabide sozial guztietan sustatzea.

d) Kontzientzia soziala sortzea herritar guztiek katalana jakin eta erabiltzeak duen garrantziari buruz.

2. artikulua

1. Katalana Balear Uharteetako berezko hizkuntza da, eta guztiek dute jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Eskubide horrek esan nahi du katalanez jo ahal izango dela, ahoz edo idatziz, Administraziora, organismo publikoetara eta enpresa publiko eta pribatuetara. Era berean dakar edozein bileratan katalanez hitz egin ahal izatea eta jarduera profesionalak, laboralak, politikoak, sindikalak, erlijiosoak eta artistikoak hizkuntza horretan egitea, bai eta irakaskuntza eta komunikabide sozial guztietako informazioa katalanez jasotzea ere.

3. Katalanezko adierazpenek, ahoz edo idatziz, publikoan edo pribatuan, ondorio juridiko osoak sortzen dituzte, eta eskubide hori egikaritzeak ezin du itzulpen-errekerimendurik edo atzerapen- edo diskriminazio-eskakizunik ekarri.

4. Inor ezin izango da diskriminatu berak darabilen hizkuntza ofiziala dela-eta.

5. Katalanaren uharte-modalitateak aztertu eta babestuko dira, hizkuntzaren batasunari kalterik egin gabe.

3. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritako puntuak Balear Uharteetako lurralde-eremuko pertsona juridikoek ere bete behar dituzte.

4. artikulua

Botere publikoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte katalanaren sustapena, ezagutza eta erabilera eraginkorrak izan daitezen.

5. artikulua

1. Herritarrek epaileengana eta auzitegietara jo dezakete babes judiziala lortzeko, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubideari dagokionez, indarrean dagoen legeriaren arabera.

2.[836] Autonomia Erkidegoko Gobernua legitimatuta dago ukituekin ofizioz edo alde batek eskatuta edo bereiz jarduteko; horretarako egikarituko ditu Autonomia Estatutuko 3. artikuluan eta lege honetan aitortutako herritarren eskubideak benetakoak eta eraginkorrak izateko beharrezkoak diren ekintza politiko, administratibo edo judizialak.

I. TITULUA
Erabilera ofiziala

6. artikulua

1.[837] Katalana, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren berezko hizkuntza den aldetik, Gobernu autonomoaren, Parlamentuaren eta uharteetako kontseiluen hizkuntza da, eta, oro har, Administrazio Publikoaren, Toki-administrazioaren eta Autonomia Erkidegoaren mendeko korporazio eta instituzio publikoen hizkuntza ere bada.

2. Katalana eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan, eta Administrazioak nahitaez erabili behar ditu, legeak araututako moduan.

7. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Parlamentuak onetsitako legeak, legegintzako dekretuak, xedapen arauemaileak eta Administrazio Publikoaren ebazpen ofizialak katalanez eta gaztelaniaz argitaratu behar dira, “Butlletí Oficial de la Comunidad Autónoma de les Illes Balears” delakoan.

Interpretazioa zalantzazkoa bada, katalanezko testua izango da kautoa.[838]

2. Hizkuntzari dagokionez, administrazio-jardueretatik eratorritako dokumentazioak, abisuek, formularioek eta aipatutako erakunde publikoek katalanez idatzitako inprimakiek baliozkotasun ofiziala eta eraginkortasun juridiko osoa dute.

8. artikulua[839]

1. Herritarrek katalana erabiltzeko eskubidea dute, ahoz edo idatziz, Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan Administrazio Publikoarekin dituzten harremanetan.

2. Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek emandako kopiak zein ziurtagiriak katalanez luzatu behar dira, salbu eta interesdunak edo hori eskatzen duen pertsonak edo erakundeak gaztelaniazko bertsioa eskatzen badu.

3. Balear Uharteetan, administrazio-jarduketak baliozkoak dira eta erabateko ondorioak dituzte, edozein dela ere erabilitako hizkuntza ofiziala.

9. artikulua[840]

1. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Gobernuak arautu behar du, erregelamendu-xedapenen bidez, katalanaren ahozko zein idatzizko erabilera normala bere eskumeneko organoen administrazio-jardueretan.

2. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Gobernuak katalanaren ahozko zein idatzizko normalizazioa sustatu behar du Autonomia Erkidegoaren mende ez dauden erregistro publikoetan.

3. Uharteetako kontseiluek eta toki-korporazioek katalanaren erabilera arautu behar dute beren eskumenen eremuan, lege honetako printzipio eta arauen arabera.

10. artikulua

1.[841] (Indargabetua).

2.[842] (Indargabetua).

3. Balear Uharteetan emandako dokumentu publikoak egilesleak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatzi behar dira, edo, egilesle bat baino gehiago badago, egilesleek adostutako hizkuntzan.

Desadostasuna egonez gero, dokumentuak bi hizkuntzetan idatziko dira.

Kopiak matrizean erabilitako hizkuntzan luzatuko dira.

4. Autonomia Erkidegoan jarduten duten botere publikoek ziurtatu behar dute Administrazio Publikoan erabilitako dokumentu inprimatu edo eredu ofizial guztiak, herritarren eskura daudenak, katalanez eta gaztelaniaz idatzita daudela.

11. artikulua

1. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, herritar guztiek dute eskubidea Justizia Administraziora jo ahal izateko, eurek egoki deritzoten hizkuntza ofizialean, eta ezin zaie ezelako itzulpenik eskatu. Bestalde, egitate horrek ezin du atzerapenik eragin haien uzien izapidetzean.

2. Hizkuntzari dagokionez, katalanez egindako edo idatzitako jarduketa, dokumentu eta idazki guztiak erabat baliozkoak eta eraginkorrak dira Balear Uharteetako auzitegi eta epaileen aurrean.

Edozelan ere, interesdunek eskubidea dute eurek aukeratzen duten hizkuntzan informazioa jasotzeko.

3. Autonomia Erkidegoko Gobernuak, organo eskudunekin bat etorriz, katalanaren erabilera pixkanaka normalizatzea sustatu behar du Balear Uharteetako Justizia Administrazioan.

12. artikulua

1. Dokumentuak Autonomia Erkidegoko erregistro publikoetan inskribatzeari dagokionez, dokumentua adierazi, egiletsi edo idatzi den hizkuntza ofizialean edo adierazpena egin den hizkuntza ofizialean egin behar dira idazpenak. Dokumentua elebiduna bada, hura Erregistroan aurkezten duenak adierazten duen hizkuntza ofizialean inskribatuko da. Edozelan ere, idazpenak interesdunak edo interesdunen adostasunez eskatutako hizkuntzan aurreaktibatu behar dira.

2. Ziurtagiriak luzatzeari dagokionez, erregistro horietako funtzionarioek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinen itzulpena bermatu behar dute, eskaera egiten duenaren borondatearekin bat etorriz.

13. artikulua[843]

(Deuseztatua).

14. artikulua[844]

1. Balear Uharteetako toponimoen forma ofizial bakarra katalana da.

2. Autonomia Erkidegoko Gobernuari edo uharteetako kontseiluei dagokie, Balear Uharteetako Unibertsitatearen aholkularitzarekin bat etorriz, udalerrien, lurraldeen, biztanleguneen, oro har hiriarteko komunikazio-bideen eta Autonomia Erkidegoko toponimoen izen ofizialak zehaztea. Herri barruko bideen izenak udalek zehaztu behar dituzte, baita aipatutako aholkularitzaren arabera ere, herri-toponimia tradizionalari eta bertako kultura-elementuei lehentasuna emanez.

3. Izendapen horiek legezkoak dira ondorio guztietarako, eta errotulazioak bat etorri behar du horiekin. Autonomia Erkidegoko Gobernuak errotulazio publikoaren normalizazioa arautu behar du, betiere estatuak sinatutako nazioarteko arauak errespetatuz.

15. artikulua

1. Errotulazio publikoa katalanez egingo da, eta, behar izanez gero, katalan-hiztunak ez direnek errazago ulertzeko moduko zeinu grafikoak izango dituzte. Inguruabar soziolinguistikoek hala eskatzen dutenean erabiliko da katalanezko eta gaztelaniazko errotulazioa.

2. Oro har, elebidunak diren errotulu, adierazpen eta idazki guztietan, lehenengo ikuspegiak katalana izan behar du, Balear Uharteetako berezko hizkuntza gisa, eta bigarrena gaztelaniazkoa.

3. Garraio publikoko zerbitzu guztietan, inprimakiak, abisuak, komunikazioak, zerbitzu publikokoak, katalanez eta gaztelaniaz egin behar dira.

16. artikulua

1.[845] Lege honen artikuluetan aitortutako eskubideak eraginkorrak izan daitezen, botere publikoek dagozkien neurriak sustatu behar dituzte, Balear Uharteetako Administrazio publikoko eta sektore publikoa osatzen duten enteetako langileak pixkanaka gaitu daitezen katalanaren erabileran.

2. Balear Uharteen lurralde-eremuko Administrazioko plazetara sartzeko egiten diren hautaprobetan hizkuntza ofizialen ezagupen-maila hartuko da kontuan merezimendu gisa, besteak beste; maila hori Administrazioak finkatuko du lanbide-maila bakoitzerako zein pisu izango duen.

II. TITULUA
Irakaskuntza

17. artikulua

Katalana, Balear Uharteetako berezko hizkuntza gisa, ofiziala da hezkuntza-maila guztietan.

18. artikulua

1. Ikasleek lehen irakaskuntza beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute, katalanez edo gaztelaniaz.

2. Horretarako, Gobernuak neurri egokiak hartu behar ditu eskubide hori bete dadin. Edozelan ere, gurasoek zein tutoreek eskubide hori egikari dezakete beren seme-alaben izenean, agintari eskudunei eskubide hori behar bezala aplikatzeko eskatuz.

19. artikulua

1. Hizkuntza eta literatura katalanak, Balear Uharteen ekarpenei arreta berezia jarriz, nahitaez irakatsi behar dira unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren maila, gradu eta modalitate guztietan. Xedapen hori irakaskuntzako zentro guztietan betetzen dela bermatu behar da.

2. Hizkuntza eta literatura katalanak irakasteari buruzko hezkuntza-programetako ordu-arduraldia bat etorriko da estatuko ikasketa-planekin, eta, gutxienez, gaztelaniaren hizkuntza eta literatura ikastera bideratutakoaren berdina izango da.

3. Autonomia Erkidegoan ofiziala ez den hizkuntza bat oinarri hartuta, funts publikoekin diruz lagunduta egonik irakaskuntza arautuak ematen dituzten zentro pribatuek katalana eta gaztelania derrigorrezko irakasgai gisa eman behar dituzte, arlo horretan Estatuari dagokion araudiari kalterik egin gabe, betiere Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoaren 12.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

20. artikulua

1. Gobernuak beharrezko xedapenak eman behar ditu, bermatzeko Balear Uharteetako ikasleek, irakaskuntza hastean duten ohiko hizkuntza edozein dela ere, katalana eta gaztelania normal eta behar bezala erabili ahal izango dituztela derrigorrezko eskolaldiaren amaieran.

2.[846] (Deuseztatua).

21. artikulua

Titulu honetan proposatutako helburuetara egokitu behar dute ikasketa-planek.

22. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak, katalanezko irakaskuntzarako eskubidea betearazteko, beharrezko bitartekoak ezarri behar ditu, irakaskuntzako zentro guztietan hizkuntza hori irakaskuntzaren eremuan ohiko bide gisa erabil dadin.

2. Administrazioak neurri egokiak hartu behar ditu katalana pixkanaka irakaskuntzako zentro guztietan erabil dadin, adierazpen normaleko tresna gisa erabiltzen dela bermatzeko, bai barruko bai kanpoko jarduketetan, eta bai administrazio-jarduketa eta -dokumentuetan.

3. Administrazioak behar diren bitartekoak jarri behar ditu ikasleak hizkuntza-arrazoiengatik zentro desberdinetan bananduko ez direla bermatzeko.

23. artikulua

1. OHOko irakasleak prestatzeko unibertsitate-eskoletako, eta irakasleak prestatzeko, hobetzeko eta espezializatzeko beste zentro batzuetako ikasketa-planak prestatu behar dira, eskolak katalanez emateko eta lege honetan aitortutako eskubideak gauzatzeko zentro horietako ikasleek behar duten hizkuntza-gaitasuna eta -gaikuntza eskura ditzaten.

2. Bi hizkuntzen ofizialtasuna dela eta (katalana eta gaztelania), Balear Uharteetako lurralde-eremuan irakaskuntza ematen duten irakasleek bi hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz menderatu behar dituzte, kasuan-kasuan egin behar dituzten hezkuntzako eta irakaskuntzako eginkizunetarako.

3. Lege hau indarrean jartzen denetik katalana behar bezala ezagutzen ez duten irakasleak pixkanaka gaituko dira birziklatze-ikastaroen bidez; ikastaro horien ordu-zenbaketa kontuan hartuko da irakastorduz kanpoko lanaldiaren ondorioetarako.

4. Administrazio autonomikoak ahaleginak egin behar ditu sistema egokia ezar dadin irakasleak irakaskuntza-eginkizunetara iristeko araudian, artikulu honetan ezarritako hizkuntza-gaitasunak irakasle sartu berri guztiek izan ditzaten.

24. artikulua

1. Katalanak, Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza gisa, derrigorrezko gaia izan behar du helduen hezkuntza iraunkorreko programetan.

2. Era berean, irakaskuntza espezializatuetan, zeinen programetan hizkuntza irakasten den, nahitaez sartu behar da katalanaren irakaskuntza.

3. Autonomia Erkidegoko Gobernuaren mendeko irakaskuntza-zentro espezializatuetan, zeinetan hizkuntza irakasten ez den, katalanaren ikastaro osagarriak eskaini behar zaizkie hizkuntza hori behar bezala ez dakiten ikasleei.

4. Urritasun psikikoak edo sentsorialak dituzten ikasleentzako hezkuntza bereziko zentroetan, ikasle bakoitzaren familia-inguruabarrak kontuan hartuta, hura garatzen ondoen laguntzen duen hizkuntza instrumentala erabili behar da ikaskuntzan.

25. artikulua

1. Goi-mailako irakaskuntza-zentroetako irakasleek eta ikasleek eskubidea dute haiek nahiago duten hizkuntza ofiziala ahoz zein idatziz erabiltzeko.

2. Autonomia Erkidegoko Gobernuak eta unibertsitateko agintariek konpromisoa hartzen dute, ikastaroen eta beste bitarteko batzuen bidez, unibertsitate-irakaskuntzako irakasleek eta ikasleek katalana, ahozkoa zein idatzizkoa, ulertu eta erabili ahal dutela ziurtatzeko.

26. artikulua

Autonomia Erkidegoko Gobernuak katalanaren eta katalanezko irakaskuntza ahalbidetzeko behar den material didaktikoa egitea sustatu behar du, eta horretarako erabiliko ditu dagozkion aurrekontu-partidak.

III. TITULUA
Komunikabide sozialak

27. artikulua

Autonomia Erkidegoko Gobernuak hizkuntza eta kultura katalanaren ezagutza eta garapena sustatu behar ditu, batez ere Balear Uharteen ikuspegitik, komunikabide sozial guztietan.

28. artikulua

1. Katalanak ohiko hizkuntza izan behar du Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko edo haren kudeaketaren mendeko irratietan eta telebistan eta bestelako komunikabide sozialetan.

2. Autonomia Erkidegoko Gobernuak katalanaren normalizazioa bultzatu behar du irrati eta telebista-kate estatal eta pribatuetan, katalana erabil dadin sustatzeko, hura Balear Uharteetako berezko hizkuntza den aldetik.

29. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak bermatzen du herritarrek eskubidea dutela komunikabide sozialen bidez informazioa jasotzeko, bai gaztelaniaz, bai katalanez.

2. Herritarrek katalana erabiltzeko eskubidea dute, ahoz edo idatziz, gaztelaniaren baldintza berberetan, Balear Uharteetako komunikabide sozial guztietan.

30. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak lankidetza-politika bat eraman behar du irrati eta telebistaren arloan, katalana berezko hizkuntza duten beste autonomia-erkidego batzuekin.

2. Edozelan ere, Autonomia Erkidegoko Gobernuak beharrezko kudeaketak egingo ditu, Balear Uharteetako herritarrek errazago jaso ahal izan ditzaten beste autonomia-erkidego batzuen mendeko katalanezko telebista-emanaldiak.

3. Era berean, hizkuntza-normalizazioa sustatuko du RTVEk Balear Uharteetan dituen emisio-zentroetan, katalanaren presentzia egokia bermatzeko, Balear Uharteetako berezko hizkuntza den aldetik.

31. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak bultzada emango dio katalanezko ikus-entzunezko baliabideetatik eta edizio fonografikoetatik egindako, bikoiztutako edo azpititulatutako filmak ekoitzi eta erakusteari.

2. Era berean, neurri egokiekin bultzatu eta sustatu behar ditu katalanezko antzezpenak, ikuskizunak eta beste kultura-adierazpen batzuk.

3. Era berean, gaztelaniazko liburua eta beste argitalpen batzuk sustatzen lagundu behar du, argitalpen-ekoizpena eta zabalkundea indartzeko neurriekin.

4. Ondorio horietarako, Gobernuak lankidetza-politika sustatuko du beste autonomia-erkidego batzuetako instituzioekin, bereziki katalanez dihardutenekin.

32. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko botere publikoek laguntza ekonomikoa emango diete katalana ohikotasunez erabiltzen duten komunikabideei.

2. Balear Uharteetako berezko hizkuntza erabiltzen duten komunikabideak sustatzeko Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Gobernuak hartzen dituen laguntza ekonomiko eta materialeko neurriak irizpide objektiboen arabera diskriminaziorik gabe aplikatu behar dira, betiere aurrekontu-aurreikuspenen barruan.

IV. TITULUA
Botere publikoen eginkizun normalizatzailea

33. artikulua

Autonomia Erkidegoko botere publikoek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko dituzte katalana ezagutu eta erabiltzeko gizarte-bizitzako eremu eta jarduera guztietan.

34. artikulua[847]

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak katalanaren erabilera ziurtatuko du bere mendeko instituzio eta organismoek egiten dituzten administrazio-eginkizun eta -jarduera guztietan.

2. Era berean jardun behar dute uharteetako kontseiluek eta toki-korporazioek, lege honen xedapenen arabera.

3. Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta toki-korporazioetan plazak betetzeko deialdi-oinarriek espresuki aipatuko dute katalanaren ezagutza.

35. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak katalanaren irakaskuntza bermatuko die Administrazio autonomoaren zerbitzuko funtzionarioei eta beste enplegatu publikoei. Betebehar bera izango dute uharteetako kontseiluek eta toki-korporazioek, beren eskumen-eremuan.

2. Era berean, katalanaren irakaskuntza bultzatu behar da Administrazio zentralaren mendeko funtzionarioentzat, administrazio horrekin hitzartutako moduan.

36. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak helduentzako katalanaren irakaskuntza sustatu behar du.

37. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko botere publikoek katalanaren erabilera publizitatean sustatu behar dute.

2. Era berean, katalanaren ingurumen-erabilera bultzatu behar da, eta, bereziki, katalanezko errotulazioa, gizarte-, kultura-, merkataritza- eta jolas-erakunde guztietan.

38. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak eta toki-korporazioek, betebehar fiskalei dagokienez, Balear Uharteetako berezkoak diren hizkuntza eta kultura katalanak sustatzearekin, zabaltzearekin eta hedatzearekin zerikusia duten egintzak eta adierazpenak salbuetsi edo hobaritu ditzakete.

2. Gobernuak, interesa duten toki-korporazioekin bat etorriz, zentroak sortu behar ditu, zeinek, osorik edo zati batean, bereziki Balear Uharteetako hizkuntza eta kultura katalanaren ezagutza, erabilera eta zabalkundea sustatuko duten. Era berean, helburu hori duten fundazioak eta beste erakunde guztiak diruz lagundu ahal izango ditu.

39. artikulua

Autonomia Erkidegoko Gobernuak bere gain hartuko du katalanaren normalizazio-prozesuaren planifikazio, antolaketa, koordinazio eta gainbegiratzea, eta Balear Uharteetako Parlamentuari eman beharko dio urtero prozesu horren bilakaeraren berri. Xede horrekin, zerbitzu bat sortu eta abian jarri behar du, zeinaren xede izango baitira adierazitako eginkizunak, hargatik eragotzi gabe Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen gehigarrian Balear Uharteetako Unibertsitateari aitortutako eskudantziak.

40. artikulua

1. Autonomia Erkidegoko Gobernuak plan bat ezarri behar du, unibertsitatearen aholkularitzarekin, herritarrak jabetu daitezen katalanaren normalizazioak eta Balear Uharteetako berezko kultura kontserbatzeak eta sustatzeak eta transmititzeak duten garrantziaz eta erabilgarritasunaz.

2. Era berean, katalanak Balear Uharteetan gaur egun duen egoerari buruzko inkesta bat egin behar da, herritarrek hizkuntza hori ezagutzeari eta erabiltzeari dagokienez, eta Balear Uharteen mapa soziolinguistikoa egitea sustatu behar da.

3. Inkesta eta mapa aldian behin berrikusi behar dira, hizkuntza-politikaren ekintza arautzailea eta betearazlea errealitatera egokitzeko, eta, aldi berean, plangintzak katalanaren ezagutzan duen eragina balioesteko.

Lehenengo xedapen gehigarria

Autonomia Erkidegoko Gobernuak, organo eskudunekin bat etorriz, katalanaren erabilera normalizatzea sustatu behar du Estatuko Administrazio periferikoan, Justizia Administrazioan, erregistroetan, enpresa publiko eta erdipublikoetan eta Autonomia Erkidegoko Gobernuaren mendekoa ez den edozein administrazio-eremutan.

Bigarren xedapen gehigarria

Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren arabera, katalana beste autonomia-erkidego batzuen ondarea ere bada, eta, aipatutako erkidegoetako instituzioen artean ezar daitezkeen loturez gain, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoak lankidetza-hitzarmenak eta egokitzat jotzen diren harremanak eskatu ahal izango dizkie nazioko Gobernuari eta Gorte Nagusiei, bai hizkuntza-ondare erkidea zaintzeko, bai eta arestian aipatutako erkidegoen arteko kultura-komunikazioa egiteko ere.

Hirugarren xedapen gehigarria

Era berean, Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren arabera, Balear Uharteetako Unibertsitatea izango da katalanari erreferentzia egiten dion guztirako instituzio aholku-emaile ofiziala, eta hizkuntza-batasuna zaintzeko instituzio batean parte hartu ahal izango du, zeina osatuko baita, Estatuko legearen arabera, katalanaren koofizialtasuna aitortzen duten eta bertako kide izatea erabakitzen duten beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan.

Laugarren xedapen gehigarria

Salbuespen gisa, Balear Uharteetan aldi baterako bizilekua izanez gero, gurasoek edo tutoreek eskatu ahal izango dute beren tutoretzapeko seme-alabak hizkuntza eta literatura katalanaren irakaskuntzatik kanpo geratzea. Adin nagusiko ikasleek ere salbuespena eskatu ahal izango dute. Edozelan ere, bizilekuan igarotako denbora gehi aurreikusitako denbora hiru urtetik gorakoa ez denean soilik eskatu ahal izango dute gai horretatik salbuestea. Salbuespenak ikasturte baterako balioko du, baina gehienez hiru ikasturteraino berritu ahal izango da. Erregelamenduz zehaztuko da salbuespenaren prozedura.

Bosgarren xedapen gehigarria

Irakaskuntzako zentro guztietan, beharrezkoa den kasuetan, katalana irakasteko hiru eskola ezarriko dira, hizkuntza katalanaren erkidegotik kanpoko ikasleak irakaskuntzara egokitzen laguntzeko.

Harrera-eskola horiek eskola-ordutegitik kanpo emango dira, eta ezin dute ordeztu ikasle horiek beren mailan ikasgaia egiteko duten betebeharra.

Seigarren xedapen gehigarria

Espainiar estatuko beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen irakasleek, katalanaren ahozko eta idatzizko ulermen-maila nahikorik ez badute, birziklatzeko lehenengo bi mailetako probak gainditu beharko dituzte hiru urteko aldian, lanpostuaz jabetzen direnetik zenbatzen hasita.

Zazpigarren xedapen gehigarria

Lege hau argitaratzen den unean Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako zentroetan lan egiten diharduten irakasleek hiru urteko aldia izango dute, lege hau promulgatzen denetik zenbatzen hasita, birziklatzeko lehenengo bi ikasturteetan behar bezalako ebaluazioa lortzeko.

Zortzigarren xedapen gehigarria

Seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarrietan adierazitako denbora-mugak luzatu ahal izango dira Gobernu Kontseiluak onetsiko duen dekretu baten bidez.[848]

Lehenengo xedapen iragankorra

Administrazioaren eremuan, katalanaren erabilerari dagokionez, lege honek zerbitzuak eta organismoak egokitzeko xedatzen duen epea ezin da hiru urtetik gorakoa izan Autonomia Erkidegoko Gobernuaren kasuan, ez eta uharteetako kontseiluen, Toki-administrazioaren eta Autonomia Erkidegoko Gobernuaren mendeko beste erakunde publiko batzuen kasuan ere.

Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Estatuko Administrazioari eta Justizia Administrazioari dagokienez, Autonomia Erkidegoko Gobernuak akordioak sustatu behar ditu organismo eskudunekin, antzeko egokitzapen-aldiak ezartzeko.

Bigarren xedapen iragankorra

14. artikuluan aipatzen diren errotulu adierazle guztiak, baldin eta katalanez idatzita ez badaude edo oker idatzita badaude, hizkuntza horretan behar bezala idatzi behar dira, gehienez ere hiru urteko epean.

Hala ere, errotulazio berriaz gain, balio historiko-artistiko nabarmena duten errotulu edo adierazle zaharrak kontserbatu ahal izango dira.

Hirugarren xedapen iragankorra

OHOko irakasleen ikasketa-planetan, nahitaezkotzat jo behar dira titulua ematean hizkuntza eta literatura katalanaren ezagutza nahikoa bermatzeko behar diren irakasgaiak, Balear Uharteen ikuspegitik; horren helburua da irakasgai horiek Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko irakaskuntzako zentroetan eman ahal izatea gehienez ere lau urteko epean.

Harik eta irakasleen prestakuntzarako zentroek beren ikasketa-planak egin eta titularrek Balear Uharteetako irakaskuntzako zentroetan eskolak eman ahal izateko katalanaren ezagutza dutela bermatzen duten arte, Autonomia Erkidegoko Gobernuak beharrezko bitartekoak jarriko ditu zentro horietan ikasten duten ikasle guztiek katalanaren ezagutza-maila hori lortuko dutela ziurtatzeko.

Laugarren xedapen iragankorra

Lehenengo artikuluan adierazitako helburuak lortzen ez diren bitartean, Autonomia Erkidegoko Gobernuak, uharteetako kontseiluek eta toki-korporazioek beren aurrekontuetan helburu horiei dagozkien partidak izendatuko dituzte, lege honetan jasotako jarduketak gauzatu ahal izateko.

Bosgarren xedapen iragankorra

Lege honen II. titulua eta berau garatzen duten arauak aplikatzeko, Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak ezarriko ditu, hezkuntza-arloko eginkizunak eta zerbitzuak transferitzen ez diren bitartean.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetu egiten dira maila bereko edo txikiagoko arauak, lege honetan xedatutakoaren aurka osorik edo zati batean badoaz.

Azken xedapenetako lehenengoa

Autonomia Erkidegoko Gobernuari baimena ematen zaio lege honek xedatzen duena aplikatzeko eta garatzeko behar diren erregelamendu-xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena

Lege hau Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper