Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.2.91. 3/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onesten duena


8.2.91. 3/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onesten duena[610]

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko legearen testu bategina onesten duen irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretua.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortu eta arautu zuen.

Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 3. artikulua aldatu zuen.

16/1983 Legea onetsi zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onets ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legea dago.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onesten den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onestea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onesten da; jarraian erantsita dator haren testua.

Xedapen gehigarria.— Arau-erreferentziak

Beste xedapen batzuetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onesten den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.

Xedapen indargabetzailea.— Arauak indargabetzea

Indargabetuta geratzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legea.

Azken xedapena.— Indarrean jartzea

Legegintzako dekretu hau eta beronek onesten duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina
ZIOEN AZALPENA

Langileak funtsezko osagaia dira edozein administrazio publikotan. Baieztapen horrek administrazio guztietan modu orokorrean aplikatzeko balio du, baina garrantzi berezia dauka Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

Euskal herriak autogobernua lortzeak eta administrazio autonomo berria sortzeak ezinbestean eskatzen dute prozesu autonomikoaren zerbitzuko langileak, kalifikazio eta efikazia tekniko handia dutenak, hautatzea eta prestatzea.

Autonomia-administrazioarekin batean, Euskadiko lurralde historikoek eta udalek ere helburu berdinak dituzte euren funtzionarioen trebakuntza teknikoari eta prestakuntzari buruz. Efikazia-eskakizun horiei batu behar zaie Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio guztiek funtzio publikoa sakonki euskalduntzeko duten ezinbesteko beharrizana. Beharrizan eta interes horiek batera suertatu dira, eta horiei guztiei presako eginkizun bat erantsi behar zaie: gure herriaren berezitasun juridiko eta ekonomikoen ikerketa zientifikoa sustatzea. Bada, horrek guztiak justifikatzen du Administrazio Publikoaren Euskal Institutua sortzea; gure ustez, institutu horrek giltzarri izan behar baitu Euskadiko administrazio publiko guztien eraikuntzan.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua Eusko Kontseilu Nagusiaren mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko urtarrilaren hamabosteko Erabakiaren bidez sortu zen («Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntza» izenaz), administrazio publikoko langileen prestakuntza-beharrizanei aurre egiteko, aurreautonomiaren garaian, eta haren estatutuak mila bederatziehun eta laurogeiko otsailaren hogeita seian onetsi ziren (Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofiziala, 37. zk., 1980ko martxoaren 27koa). Garai hartako eskumen murritzak zirela eta, nortasun juridikoa eman ziezaiokeen lege formalik gabe jaio zen Administrazio Publikoaren Euskal Institutua.

Beraz, gabezia hori zuzentzera dator oraingo lege hau. Ildo horretatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutua, administrazio publikoko beste institutu ospetsu batzuen lorratzei jarraituz, organismo autonomo gisa eratzen da, nortasun juridikoa duena, Lehendakaritza Sailari atxikia eta eginkizun-eremu Euskadiko Autonomia Erkidego osoa izango duena. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Legearen funtsezko lerroak alderdi nagusi hauetan oinarritzen dira:

Lehenik eta behin, Legearen arabera Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren helburuetako bat funtzionarioak hautatzea da. Horri dagokionez, Legearen 4.1 artikuluak salbu utzi nahi ditu, bai Autonomia Erkidegoak funtzio publikoaren arloan dituen eskumenei eragin diezaieketen Estatuaren arauak, bai Lurralde Historikoen Legearen eta Euskal Herriko Toki Araubidearen Legearen etorkizuneko lege-testuak ere. Horien edukia edozein dela ere, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak beti izango du bere esku funtzionarioen hautaketa egitea, bai lege horiek esleituta, bai eta eskuordetzaz edo beste administrazio publiko batekin egindako hitzarmenaz ere.

Bestalde, organismo autonomoa denez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak bere aurrekontu propioa izango du, berari dagozkion eginkizunak bete ahal izateko.

Oinarrizko printzipio horien gainean, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Legeak institutu hori arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko osoaren mesedetan eginkizun duen lana funtsezkoa baita.

I. KAPITULUA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren araubide juridikoa

1. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio instituzionalaren barruan. Administrazio Publikoaren Euskal Institutua organismo autonomo administratibo gisa eratzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari atxikia da.

2. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak nortasun juridikoa du, eta behar besteko eskuarte ditu bere helburuak betetzeko.

3. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Gasteizen du bere egoitza.

4. artikulua

Hauek dira Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren helburuak:

1. Euskal Administrazio Autonomoak funtzionarioak eta kontratatu beharreko langileak hautatzea, alor horretan bere jarduketak Lehendakaritza Saileko zerbitzu eskudunekin koordinatuz.

2. Funtzionarioak hautatzea beste administrazio publikoren batek edo ordenamendu juridikoak aginduta.

3. Euskal Administrazio Autonomoko funtzionarioen edo kontratatuen prestakuntza eta trebakuntza, bai eta beste edozein administrazio publikok edo ordenamendu juridikoak agintzen dionena ere.

4. Lankidetza sustatzea lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko Toki Administrazioko gainerako entitateekin, horien langileen prestakuntzan eta trebakuntzan.

5. Administrazio publikoan euskara txertatzea, zabaltzea eta aplikatzea eta normalizatzea, bai eta administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean xedatutakoa betetzeko.

6. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen berezitasun juridiko, finantzario eta estatistikoak ikertzea, irakastea eta zabaltzea.

7. Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan ezartzea.

8. Espainiako zein atzerriko antzeko entitateekin trukeak eta hitzarmenak egitea.

5. artikulua

Bere helburuak lortzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ahala izango du:

1. Komenigarri iritzitako atalak, sailak edo zerbitzuak antolatzeko.

2. Pertsona kualifikatuen lankidetza eskatzeko, ordukako ikastaroak, mintegiak edo hitzaldiak eman ditzaten edo lan espezifiko eta zientifikoak egin ditzaten.

6. artikulua

Institutuak diplomak eta ziurtagiriak emango ditu; agiriok merezimenduak izan ahalko dira lehiaketetan, oposizioetan eta langileak hautatzeko gainerako moduetan, bai eta administrazio-karrerako igoeran ere.

7. artikulua

Autonomia Erkidegoko erakundeek Administrazio Publikoaren Euskal Institutura jo ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen egituratze eta hobekuntzari buruzko aholkularitza, kontsulta eta araugintza eskatzeko.

II. KAPITULUA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren antolaketa

8. artikulua

Institutuaren gobernu-organoak hauek dira:

a) Patronatuaren Kontseilua.

b) Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria.

9. artikulua

Hauek izango dira Patronatuaren Kontseiluko kideak:

Patronatuburua: Lehendakaritzako sailburua.

Patronatuburuordea: Toki Administrazioko sailburuordea.

Patronatukideak: lurralde historikoetako diputatu nagusiak; Administrazio Autonomoaren lurralde historikoetako ordezkari bana; Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Administrazioaren lurralde historikoetako ordezkari bana; Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren ordezkari bat, gutxienez zuzendari-maila duena, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko idazkari nagusiak idazkari gisa jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.

Patronatuaren Kontseiluaren erabakien araubidea izango da Administrazio Prozeduraren Legearen I. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa.

10. artikulua

Hauek izango dira Patronatuaren Kontseiluaren eginkizun propioak: Institutuaren garapen-plan orokorra onestea; hitzarmenak onestea Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalarekin, Toki Administrazioaren Ikasketa Institutuarekin, unibertsitateekin edo antzeko erakundeekin; urteko memoria, ikasketa-plana, tituluak eta langileak trebatzeko eta hautatzeko sistemak onestea; aurrekontuaren aurreproiektua onestea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari bidaltzeko, eta Institutuaren gidaritzako gainerako gaiak.

11. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria Jaurlaritzaren dekretuz izendatu eta, hala behar izanez gero, kenduko da, Lehendakaritzako sailburuak proposamena eginda, Administrazio Publikoaren eremuan prestigio aitortua duten pertsonen artetik.

Kargu hori zuzendari-kategoriari dagokion langile-estatutuak arautuko du, Jaurlaritzaren Legean ezarritakoaren arabera.

12. artikulua

Institutuko zuzendariak eskumen hauek ditu: bere gain hartzea funtzio guztien kudeaketa bateratua eta ordenatua, zerbitzuen zuzendaritza eta langileen burutza; Institutuaren ordezkaritza; ikasketa-planaren, tituluen, eta langileak hautatzeko eta trebatzeko sistemen gaineko proposamenak egitea; aurrekontuaren aurreproiektua idaztea, gastuak egiteko baimena ematea eta ordainketak agintzea, eta Institutuko plantilla zuzentzea.

III. KAPITULUA
Diru-baliabideak

13. artikulua

Bere helburuak betetzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak urtero aurrekontu propioa izango du, Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren barruan.

14. artikulua

Baliabide hauek osatuko dituzte aurrekontuaren diru-sarrerak:

1. Matrikula-eskubideak, eta titulu, diploma, ziurtagiri eta zerbitzuak emateagatik sortzen diren gainerako eskubide edo tasak.

2. Institutuaren argitalpenen, iragarkien eta zerbitzu ordainduen etekina.

3. Edozein pertsonak edo entitatek Institutuari ematen dizkion dirulaguntzak, emariak eta dohaintzak.

4. Beraren ondasunen errentak, Euskadiko Ondareari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

Azken xedapenetako lehenengoa

Orain arte Lehendakaritza Sailaren organo gisa eginkizunak egiten ziharduen Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntza ezabatu egiten da, eta haren giza baliabideak eta baliabide materialak lege honen bidez sortu den organismo autonomoari esleitzen zaizkio.

Azken xedapenetako bigarrena

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio, Lehendakaritzako sailburuak proposamena eginda, lege hau garatzeko eta betearazteko beharrezko diren erregelamendu-xedapenak eman ditzan.

Xedapen indargabetzailea

Eusko Kontseilu Nagusiaren 1980ko otsailaren 26ko Erabakiaren bidez onetsitako Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntzaren Estatutua indargabetuta gelditzen da, eta bai 1980ko azaroaren 11ko Dekretua ere, lege honek ezarritakoaren aurkakoak diren neurrian.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper