Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.2. Euskal Autonomia Erkidegoa


8.2. Euskal Autonomia Erkidegoa


8.2.1. Euskal Herriko Autonomia Estatutua, 1979ko abenduaren 18ko Lege Organikoa[465]

ATARIKO TITULUA

6. artikulua

1. Euskara, Euskal Herriaren hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Autonomia Erkidegoko instituzio komunek, Euskal Herriaren aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuz, hizkuntza bion erabilera bermatuko dute eta bion ofizialtasuna arautuko, eta haien ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.

3. Inor ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu.

4. Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia da instituzio aholku-emaile ofizial.

5. Euskara beste euskal lurralde eta erkidego batzuetako ondare den aldetik eta instituzio akademiko eta kulturazkoek beroriekin izan ditzaketen harreman eta loturez gain, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskatu ahal izango dio Espainiako Gobernuari lurralde eta gizatalde horiek kokaturik dauden edota bizi diren estatuekin kulturazko harremanak bideratzeko tratatu edo hitzarmenak sinatu eta, hala badagokio, Gorte Nagusien aurrean, baimentzeko, aurkeztu ditzala, euskara zaindu eta bultzatze aldera.

II. TITULUA
Euskal Herriko botereez

III. KAPITULUA
Justizia Administrazioa Euskal Herrian

35. artikulua

1. Magistratu, epaile eta idazkariak Aginte Judizialaren eta Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoetan aurreikusitako moduan izendatuko dira, Euskal Foru Zuzenbidea eta euskara jakitea lehentasunezko meritu izango direla eta sorlekua edo herritasuna dela-eta salbuespenik egin gabe.

3. Autonomia Erkidegoari egokituko zaio, bere lurralde barruan, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileria eta bere jardunerako baliabide material eta ekonomikoz hornitzea, Aginte Judizialaren Lege Organikoan ahalmen hori Gobernuarentzat gorde dadin neurri berean eta langileria hornitzeko sistemetan Euskal Foru Zuzenbidea eta euskara jakitea lehentasunez balioetsiz.


8.2.2. 5/1982 Legea, maiatzaren 20koa, “Euskal-Irrati Telebista” ente publikoa sortzekoa[466][467][468]

HITZAURREA

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumena du, Autonomia Estatutuaren 19. artikuluak xedatzen duenaren arabera, irrati-difusioaren eta telebistaren bideei buruzkoak Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautzeko, 1980ko urtarrilaren 10eko 4/80 Legeaz onetsitako oinarrizko araubidea garatuz.

Eskumen hori egikaritu bitartean, eta funtsezko zerbitzu publikoaren kontzeptua errespetatuz, lege honetan komunikabide sozialak eratzen dira; legeak komunikabideok tresna nagusi gisa aipatzen ditu herritar euskaldunak informatzeko eta beraiek politikan parte hartzeko, eta bai funtsezko tresna gisa gure hezkuntza-sistema propioarekin lankidetzan aritzeko eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko, euskararen sustapena eta garapena bereziki kontuan izanik, eta hori guztiori oinarri eta funts da, autonomia-erkidego honetako herritarren eskubide eta askatasunak modu egokian moldatzeko.

Labur-labur azaldutako printzipio horietatik abiatuta, lege honek, oinarrizko irizpide orokorrak errespetatu ez ezik, ihardespen-eskubidea araupetu ere egiten du, lehen aipatu dugun oinarrizko araubide hori modu kongruentean osatzen du, eta, azken finean, horretarako egoki diren tresna juridikoak baliatuz lege-testuak lortu nahi dituen helburuekin kongruentea den egitura bat ezarriz.

I. KAPITULUA
“Euskal Irrati-Telebista” ente publikoaren izaera

1. artikulua

1. Lege honek aipatzen dituen irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuen titular gisa Autonomia Erkidegoari dagozkion eginkizunak, “Euskal Irrati-Telebista” ente publikoaren bidez egikarituko dira.

2. “Euskal Irrati-Telebista” ente publikoak nortasun juridiko propioa du; lege honek eta bera garatzen duten erregelamendu-xedapenek arautzen dute entea; betiere, estatuaren titulartasuneko telebista-kanal baten zuzeneko kudeaketa Autonomia Erkidegoari, kasuan-kasuan, ematen dion legeak xedatzen duenak indarrean dirau, bai eta maiztasun eta potentzien emakidetatik eratortzen diren betebehar eta eskubideek ere.

3. Kanpo harreman juridikoetan, ondare-eskuratzeetan eta kontratazioan, entea merkataritza-zuzenbidearen eta zuzenbide zibilaren mendean egongo da, eta salbuespen bakarrak lege honetan aurreikusitakoak izango dira; baina ez dago salbuespenik egintza banangarriei dagokienez, ez eta kontratu- edota kontratuz kanpoko erantzukizunaren araubideari dagokionez ere.

II. KAPITULUA
Printzipio orokorrak eta aplikazio eremua

2. artikulua

Autonomia Erkidegoko botere publikoek eta ente publikoaren organoek adierazpen-askatasuna zainduko dute, bai eta informazioa aske jakinarazteko eta hartzeko eskubidea ere, halako moldez non komunikabideek euren egitekoa bete ahal izango baitute gizarte demokratiko batek eskatzen duenaren arabera.

3. artikulua

Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko gizarte komunikabideen jarduerak honako printzipio hauek izango ditu oinarri:

a) Informazioen objektibotasun, egiatasuna eta inpartzialtasuna.

b) Informazioaren eta iritziaren arteko ezberdintze eta banantzea; azken honek beharrezko du bera agertzen dutenak nor diren esatea. Merkataritza-publizitateak erabilera ezberdin eta berezi bera eskatuko du.

c) Berdintasun-printzipioa, politika-, eta erlijio-, gizarte-, kultura- eta hizkuntza-pluraltasuna errespetatzea.

d) Interes orokorraren alde, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan onartutako elkarbizitzaren balio hiritarren defentsa eta sustapena.

e) Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak onartzen dituzten eskubideak errespetatzea.

f) Pertsonen ohorea, izen ona eta, bereziki, norberaren intimitate eta nork bere irudia izateko eskubidea errespetatzea.

g) Gazte eta haurrak babestu eta sustatzea.

h) Euskal kultura eta euskara sustatzea; euskara erabiltzeari dagokionez, programazioaren oinarrizko printzipioak ezarriko dira, eta kontuan izango da irrati-telebistetan egingo diren euskarazko emankizunen eskaintzak Autonomia Erkidegoan orekari eutsi behar diola.

4. artikulua

1. Lege honen 2. eta 3. artikuluetako printzipioak eta Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 9.2. artikuluak botere publikoei ezarritako betebeharrak behar bezala betetzeko, honako hau ekar dezakeen edozein programa baztertzera joko da:

a) Norbanakoen edo taldeen bizitzaren, askatasunaren eta berdintasunaren aurkako egintza edo portaeren goraipatzea edo apologia.

b) Legearen edo gizartearen aldetik gaitzesgarri diren portaerak alde onetik erakustea edo haien apologia egitea.

2. Haurrentzat zuzentzen diren publizitate eta programek “Bezeroen Estatutua”ri buruzko legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3. Edonoren hitza edo irudia haren intimitatea leku pribatu batean urratuz eta haren baimenik gabe jasotzea debekatuta gelditzen da, eta bai jasotze horri datxezkion nolanahiko dokumentu-motak zabaltzea edo gordetzea ere. Halaber, delitu egiten duten adingabeen izenak jendaurreko informaziora agertzea ere debekatuta gelditzen da.

III. KAPITULUA
Antolaketa eta kontrol parlamentarioa

1. atala

5. artikulua[469]

“Euskal Irrati Telebista” ente publikoaren organoak honako hauek dira:

a) Administrazio Kontseilua.

b) Zuzendari nagusia.

2. atala
Administrazio Kontseiluaz

6. artikulua[470]

1. Administrazio Kontseilua hemeretzi kidek osatzen dute; kideok Legebiltzarrak izendatuko ditu lege honek ezartzen duen moduan.

2. Kontseilari kargua eta honako hauek ezin izango dira bateratu:

a) Zuzenean edo zeharka edozein lanbide-lotura duten sozietate pribatuekin, baldin eta sozietate horiek honako hauek badituzte jarduera nagusi edo osagarritzat: publizitatea ekoitzi edo banatzea; zinema-filmak ekoitzi eta banatzea, film laburrak barne hartuta; magnetoskopioz filmatutako edo grabatutako programak ekoiztea; disko, zinta magnetofonikoak edo antzekoak ekoiztea, bai eta lege honetan arautzen den ente publikoaren eginkizunen mendeko enpresa edo sozietateetan erabiltzen diren edo erabili ahal diren ekipamendu, material edo beste edozein osagai ekoitzi, hornitu edo zuzkitzeko erabiltzen direnak ere.

b) Ente publikoarekin edo beraren sozietateekin edozein zerbitzu-harreman edo lan-harreman aktibo.

7. artikulua[471]

1. Administrazio Kontseiluko hamabost kideren izendapena talde parlamentarioek Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean aurkeztutako proposamenei jarraituz egingo da.

2. Administrazio Kontseiluko lau kide segidan aipatutako erakunde eta elkarteek Legebiltzarreko Mahaian aurkeztutako proposamenetan azaldutako pertsonen artetik izendatuko dira:

a) Euskaltzaindia,

b) Eusko Ikaskuntza,

c) Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea,

d) Euskal Herriko Unibertsitatea,

e) Proposamena egiterakoan Autonomia Erkidegoan ordezkari gehien duten sindikatuak,

f) Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile-elkarteen federazioak.

3. Administrazio Kontseiluko kideak izendatzeko, erabakiak emandako botoen bi herenen gehiengoa izan beharko du.

7 bis artikulua

1. Administrazio Kontseilua haren kideak izendatu eta hilabeteko epean eratuko da, eta kide guztiak beren karguaz egintza bakar batean jabetuko dira.

2. Administrazio Kontseiluko kideek dagokien legegintzaldia bukatzeaz bat edo eurak hautatu zituen organoak kargutik kentzen dituenean utziko dituzte beren karguak; hala ere, euren eginkizunak egikaritzen jarraituko dute, kide berriak beren karguaz jabetu arte. Kargutik kentzeko, izendapenerako besteko gehiengoa beharko da.

3. Administrazio Kontseiluaren agintaldian edozein arrazoirengatik posturen bat hutsik gertatzen bada, hori beteko da 7. artikuluaren 3. apartatuan izendapena egiteko aurreikusitako sistemekin bat etorriz ezarritako gehiengoaren arabera.

4. Administrazio Kontseiluko kideren bat kargutik kendu ahal izango du hura izendatu zuen organoak, ondorengo arrazoietako bat gertatuz gero:

a) Errenkadako sei hilabetetik gora dirauen ezintasun fisikoa edo gaixotasuna edukitzea.

b) Gaitasun falta nabarmena izatea edo lege honetan jasotako irizpide, printzipio edo helburuen kontra jardutea.

c) Dolozko delituagatik kondenatua izatea.

d) Bera izendatu zuen organoan ordezkaritza galtzea.

8. artikulua[472]

1. Administrazio Kontseilua balio osoz bilkuran era dadin, gutxienez haren eskubide osoko kideen erdiek eta bat gehiagok egon beharko dute bertan.

Kontseiluaren erabakiak bileran dauden kideen gehiengoz hartuko dira, artikulu honen 2. apartatuak aipatzen dituen salbuespenek indarrean dirautela.

2. Administrazio Kontseiluko kideen bi herenen gehiengoa beharko da, honako gai hauek aztertu behar direnean:

a) Zuzendari nagusiaren proposamenez, ente publikoaren jarduera-plana onestea; plan horretan, behar den besteko zehaztasun-mailarekin jasoko dira gutxienez: programazioaren oinarrizko printzipioak eta ildo orokorrak, eta bai ente publikoaren sozietate guztien jarduketa-plana ere. Jarduera-plana lehenengo aldiz eztabaidatzen den bileraren datatik kontatzen hasita hilabeteko epean ez bada lortzen gehiengo kualifikatua, orduan Kontseiluko kideen gehiengo osoa aski izango da plan hori onesteko.

b) Ente publikoaren eta beraren sozietateen plantillak eta horien aldaketak behin betiko onestea. Horretarako, dagokion justifikazio-memoria erantsiko da.

c) Negoziazio kolektiborako irizpide orokorrak ezartzea eta ente publikoaren eta beraren sozietateen langileen ordainsarien araubidea onestea.

d) Ente publikoaren eta beraren sozietateen aurrekontu-proposamena onestea. Lehenengo bozketan lortzen ez bada apartatu honen lehenengo paragrafoan ezarritako gehiengo kualifikatua, aurrekontu-aurreproiektua Jaurlaritzari bidaliko zaio, legezko epearen barruan, eta Administrazio Kontseiluko kideetako bakoitzaren botoa zein izan den zehaztuko da.

e) Talde politikoentzako programazio-ehunekoa sei hilabetean behin zehaztea eta gizarte-taldeei dagokiena aztertzea, betiere Autonomia Erkidegoko gizartearen eta hizkuntza ofizialen pluraltasuna errespetatuz.

f) Administrazio Kontseiluaren funtzionamendu-araudia onestea eta aldatzea.

9. artikulua[473]

1. Era berean, honako hauek ere Administrazio Kontseiluaren eskumen dira:

a) Lege honen bigarren kapituluan xedatutakoaren arabera programazioa betetzen dela zaintzea.

b) Ente publikoaren mendean dauden sozietate eta enpresen zuzendarien izendapen-proposamena zein den jakitea, horri buruzko txostena ematea hura jakin eta hilabeteko epean, eta zuzendariek karguari utzi aurretik jakinarazpena jasotzea.

c) Ente publikoaren eta beraren mendean dauden sozietate eta enpresen jardueren garapenari buruzko urteko memoria onestea.

d) Eusko Jaurlaritzak publizitatearen arloan eman asmo dituen xedapenen proiektuei buruzko txostenak ematea.

e) Arauak ezartzea publizitatea ente publikoaren sozietateen bidez zelan eman behar den zehazteko; horretarako, hauek hartuko dira kontuan: publizitatearen kalitatearen kontrola, publizitate-mezuen edukia, bai eta publizitatearen denbora programazioari eta entean sartutako komunikabide sozialen beharrei egokitzea ere.

f) Urtero, hedabide bakoitzaren programazioan sartu beharreko norbere ekoizpenaren ehunekoa zehaztea.

g) Ente publikoko zuzendari nagusiak haren iritziaren mendean jarritako gai guztiak zertan diren jakitea, nahiz eta haren eskumenetan beren-beregi adierazita egon ez.

2. Artikulu honetako ahalmenak egikaritzeak sorraraz ditzakeen erabakiak bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira.

10. artikulua[474]

1. Administrazio Kontseiluko burutza batzordekideen artean txandakakoa izango da. Hiru hilabete iraungo du, eta batzordekide zaharrenak ekingo dio; gero, txandan adinez batzordeburuaren hurrengoa denak jarraituko dio, eta, irizpide berdinari atxikiz, hurrengo txandadunak.

2. Legegintzaldiak dirauen bitartean batzordekideren baten ordezkoa jarri beharra gertatuz gero, ordezko horri, txandakako burutzarako, ordeztu duen batzordekidearen txanda egokituko zaio.

3. Administrazio Kontseiluko burua, protokolo-eginkizunez gain eta kide anitzeko organo baten burua den aldetik dagozkionez gain, ikuslearen babeslea izango da. Horiek horrela, herritarrek, ente publikoaren eta beraren sozietateen eginkizunen esparruari dagozkionez egindako kexak, iradokizunak eta proposamenak jaso, izapidetu eta erantzun beharko ditu, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

11. artikulua

1. Administrazio Kontseiluak, ente publikoko enplegatuen artetik akten idazkari bat izendatuko du, hitzik ez botorik duena; horrek, bilera bakoitzaren akta egin beharko du; akta onetsi egingo da, haren idazkerari dagokionez, bilera bakoitzaren amaieran, eta hura akta-liburu batean transkribatuko da; liburu hori beren-beregi gaituta egongo da horretarako.

2. Idazkariak, lehendakariak ontzat emanda, hartutako erabakien ziurtagiriak egin ahal izango ditu.

3. Akten idazkariak betebeharra du akta-liburua zaintzeko; liburu hori beti zainduko da ente publikoaren egoitzan, eta ezin izango da handik atera Administrazio Kontseiluko lehendakariak idatziz baimen espresurik eman barik.

4. Era berean, akten idazkariak ente publikoaren egoitzan gorde eta zainduko du zigilu sikua; hori ente publikoaren dokumentu ofizialetan bakarrik erabili ahal izango da, baldin eta Administrazio Kontseiluko lehendakariak horrela agintzen duenean.

12. artikulua

Administrazio Kontseiluak hilean bilera bat egingo du, gutxienez, ente publikoaren egoitzan edo deialdian zehazten den tokian, eta behar beste ezohiko bilera egingo du, hurrengo artikuluaren arabera.

13. artikulua[475]

1. Administrazio Kontseilurako deialdia haren lehendakariak egin behar du idazki baten bidez; idazki horretan gai-zerrenda agertuko da, bai eta bileraren lekua, eguna eta ordua ere.

2. Lehendakariak nahitaez egin beharko du Kontseilurako deialdia, gutxienez bertako zortzi batzordekidek eskatzen dutenean; horretarako, eskabide idatzia egin beharko dute, non ezohiko deialdiaren gai izango diren puntu zehatzak ezarriko diren.

3. Artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, presako eta aparteko kasuetan, zeinei lehendakariak aske iritziko baitie, honek Kontseiluaren bilerarako deialdia telegramaz egin ahal izango du, non deialdiak izan behar dituen puntuak sartuko baitira, artikulu honen 1. apartatuan aurreikusita daudenak.

4. Administrazio Kontseiluak gai-zerrendaren barruan dauden arazoak ez beste batzuk aztertu ahal izango ditu, baldin eta bertaratutakoen gehiengo soilak horrela erabakitzen badu. Nolanahi ere, arazo horiek onesteko, bileran dauden kide guztien adostasuna behar izango da.

14. artikulua

1. Ente publikoko zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluaren bileretara joan ahal izango du, baina ezin izango du eskurik hartu, ez eta botorik eman ere berari dagozkion arazoetan.

2. Era berean, Kontseiluak aholkularitza eskatzen dien teknikariak ere joan ahal izango dira, Kontseiluari informazioa emateko bakarrik, bertaratutako kideen gehiengo soilez erabakitako kasuetan.[476]

3. atala
Aholku batzordeez

15. artikulua

1. Euskal Irrati Telebistaren zerbitzu publikoak kudeatzeko sortzen den sozietate publiko bakoitzak aholku batzorde bat eratuko du. Honako kide hauek izango ditu:

A) Langileen hiru ordezkari, ordezkaritza handieneko zentral sindikaletako edo langile-taldeetako atalek izendatuak, proportzionaltasun-irizpideen arabera.

B) Lau ordezkari, bakoitzak instituzio hauek izendatuak: Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

C) Bi ordezkari, bata komunikabideen elkarteek (prentsak, irratiak eta telebistak) eta bestea kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek izendatuta.

D) Foru-aldundiek izendatutako hiru ordezkari, aldundi bakoitzeko bat.

E) Euskal Administrazio Publikoaren lau ordezkari, Eusko Jaurlaritzak izendatuak.

2. Aholku Batzordeko kideak berberak izango dira irrati- eta telebista-zerbitzuak kudeatzen dituzten sozietate publikoentzat.

3. Hedabide bakoitzeko aholku batzordea, gutxienez, hiru hilean behin deituko du Administrazio Kontseiluak, eta iritzia edo irizpena emango du, Administrazio Kontseiluak hala eskatzen dionean, eta, nolanahi ere, Administrazio Kontseiluari programazioaren inguruan esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez.

4. atala
Zuzendari nagusia

16. artikulua[477]

1. Zuzendari nagusia Jaurlaritzak proposatu eta Legebiltzarrak hautatuko du, eta, proposamena onesteko, legebiltzarkideen erdien gehi bat gehiagok eman beharko du aldeko botoa, gutxienez. Behin hautaketa eginik, Lehendakariaren dekretu baten bidez izendatuko da zuzendari nagusia.

2. Honako hauek izango dira zuzendari nagusiaren eginkizunak:

a) Lege honek eta bera garatzen duten araugintza-xedapenek, eta, hala egokituz gero, oinarrizko zuzenbide gisa edo zuzenbide osagarri gisa aplikatzekoak direnek edo nahitaez bete behar direnek xedatzen dutena bete eta betearaztea.

b) Organo honen eskumeneko gaietan Administrazio Kontseiluak hartzen dituen erabakiak bete eta betearaztea.

c) Administrazio Kontseiluari hauek aurkeztea, berak onets ditzan: ente publikoaren jarduera-plana, eta baita haren mendeko sozietate eta enpresen jarduketa-planak, eta lehen aipatutako jarduera-plan horien garapenari buruzko urteko memoria ere.

d) Aurrekontuen aurreproiektua egin eta Kontseiluari aurkeztea, beronek onets dezan; aurreproiektuak barruan hartuko ditu langileen ordainsariak eta aurreko apartatuan aipatutako planak garatzeko ezarritako gastu eta diru-sarrerak; horretarako, kontuan izan behar dira kontseiluak berak programazioari buruz onetsitako oinarrizko printzipioak eta ildo nagusiak, eta haiei dagokien azalpen-memoria erantsi beharko da. Hori guztia ente publikoarentzat eta beraren mendeko sozietateentzat egin behar da.

e) Kontratazio-organo gisa jardutea, eta ente publikoaren eta beraren sozietateen ordainketa-gastuetarako baimena ematea.

f) Administrazio Kontseiluari ente publikoaren eta beraren sozietateen organigrama proposatzea, hark onets dezan, eta bai ente publikoko eta beraren sozietateetako zuzendaritzako langileak profesionaltasun-irizpideen arabera izendatzea ere; izendapen horiek egin aurretik jakinarazi behar zaizkio Administrazio Kontseiluari.

g) Ente publikoaren eta beraren sozietateen funtzionamendua ziurtatzen duten mota guztietako zerbitzuak ezarri, orientatu, bultzatu, koordinatu eta ikuskatzea; horretarako, adierazitako xedeetarako beharrezko eta aski diren arau eta jarraibideak ezarri ahal izango dira, hori guztiori Administrazio Kontseiluari dagozkion ahalmenak ezertan galarazi gabe.

3. Programak elebidunak izango direla kontuan izanik, zuzendari nagusia izendatzeko, Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetan behar besteko ezagutza izatea balioetsiko da.

17. artikulua

Zuzendari nagusiaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta, nolanahi ere, Eusko Legebiltzarraren legegintzaldia bukatuaz bat amaituko da. Hori gertatuz gero, beste zuzendari nagusi bat izendatu arte karguan jarraituko du.

18. artikulua

Zuzendari nagusiaren kargua eta Eusko Legebiltzarreko mandatu parlamentarioa bateraezinak izango dira, eta Administrazio Kontseiluko kideentzat ezarritako bateraezintasun guztiek ere hura ukitu egiten dute.

19. artikulua[478]

1. Eusko Jaurlaritzari dagokio zuzendari nagusiaren kargu-uztea proposatzea; proposamen horrek arrazoitua izan behar du. Behin kargu-uztea Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideen erdiek gehi bat gehiagok onetsita, Eusko Jaurlaritzak kargu-uzteari buruzko dekretua onetsiko du.

2. Administrazio Kontseiluak, bi hereneko gehiengoarekin, Jaurlaritzari proposatu ahal izango dio zuzendari nagusiaren kargu-uztea, ondorengo arrazoietako bat gertatuz gero:

a) Kargua egikaritzeko bateraezintasunen batean erortzea.

b) Errenkadako sei hilabetetik gora dirauen ezintasun fisikoa edo gaixotasuna edukitzea.

c) Gaitasun falta nabarmena izatea edo lege honetan jasotako irizpide, printzipio edo helburuen kontra jardutea.

d) Dolozko delituagatik kondenatua izatea.

5. atala
Kontroleko Batzorde Parlamentarioa

20. artikulua

Eusko Legebiltzarraren erregelamenduak xedatzen duenaren arabera, batzorde parlamentario batek “Euskal Irrati-Telebista” entearen sozietate publikoen jarduketa kontrolatuko du, halako moldez non ez baita haien funtzionamendua galaraziko.

IV. KAPITULUA
Antena- eta zuzenketa-eskubidea

21. artikulua

1. Talde sozial eta politiko ordezkagarriek eskubidea izango dute, lege honen xede diren komunikabide publikoetara iristeko. Eskubide hori egikaritzeko, Administrazio Kontseiluak, zuzendari nagusiarekin bat eta bakoitzari dagozkion eskumenak egikarituz, irizpide objektiboak finkatuko ditu; irizpideok erabakitzeko, kontuan hartuko dira: talde horiek instituzio komunetan, lurralde historikoetan eta Autonomia Erkidegoko udaletan daukaten ordezkaritza, eta beharrezko jotzen dituen sindikatu- edo ugazaba-ordezkaritzako irizpideak, eta gizarte- eta kultura-intereseko beste edozein irizpide.

2. Antena-eskubidea indar gutxiagoko talde politiko, sozial eta kulturalentzat ere bermatuko da.

22. artikulua

1. Eztabaida parlamentarioak geroago ematen direnean, edo horiei buruzko informazioan, talde parlamentario bakoitzarentzat emandako antena-denbora hark Eusko Legebiltzarrean duen ordezkaritzaren proportziokoa izango da.

2. Hauteskunde-kanpainetan zehar hauteskunde-arauek aurreikusten duten araubide berezia aplikatuko da. Araubide hori hauteskunde-batzorde eskudunak aplikatu eta kontrolatuko du, zeinak bere egitekoa Administrazio Kontseiluaren eta zuzendari nagusiaren bitartez beteko baitu; izan ere, horiek hartuko dituzte hauteskunde-batzordeak ezarritako irizpideak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak.[479]

23. artikulua

Eusko Jaurlaritzak, aldian-aldian, komunikabide sozialen zerbitzu publikoren izaeratik eratortzen diren programazio-betebeharrak finkatu ahal izango ditu, eta, Administrazio Kontseiluari bere iritzia eskatu ondoren, horiek betearazi.

24. artikulua

Eusko Jaurlaritzak, beharrezko irizten dien interes publikoko nahi beste adierazpen edo komunikazio programatu eta zabaldu ahal izango ditu, horien jatorria adieraziz. Larrialdietako arrazoiengatik, zeinak Jaurlaritzak horrelakotzat hartuko baititu, komunikazio eta adierazpen horiek berehala zabalduko dira.

25. artikulua

Hedabideen zuzendariak behartuta egongo dira, Administrazioak ente publikoko zuzendariaren bidez bidaltzen dizkion ohar eta komunikatuak zabaltzera eurok jasotzen dituen egunaren biharamunean; eta Administrazioaren eskumenari eta eginkizunari dagozkien egintzen gainean emandako informazioak zuzendu edo argituko ditu. Zuzenketa zabalduko beharko da, bera sortu zuen informazioa zabaldu zen ordutegi bereko informazio-programan.

V. KAPITULUA
Ihardespen-eskubideaz

26. artikulua

Irratiz eta telebistaz zabaldutako edozein informaziorengatik bere burua bidegabekeriaz kaltetutzat hartzen duen edozein pertsona fisiko edo juridikok, bere kabuz edo behar bezala legitimaturiko ordezkarien bitartez ihardesteko eskubideaz egikaritu ahal izango du.

Era berean, eskubide hau dagokio interes orokorrak defendatzeko legitimaturik dagoen beste edozein organismori, baldin eta interesok kalteturik badaude.

27. artikulua

1. Ihardespen-eskubidea egikaritzeari dagokionez, ezin izango dute euren burua bidegabekeriaz kaltetutzat hartu literatura-, arte-, zientzia-lanen edo antzeko lanen egileak, edo modu profesionalean jendaurreko ikuskizunetan diharduten pertsonak, lan horien kritika horien egikaritzan adieraziak edo aipatuak direnean, baldin eta kritika:

a) interesdunen jendaurreko jarduerari lotzen bazaio edo arte- edo zientzia-balioespenari lotzen bazaio, eta

b) lege honetan aitortzen diren printzipio eta eskubideen errespetuaren barruan eginda badago.

2. Adierazpen-askatasunaren bermeen esparruan, pertsona hauek ere ezin izango dute euren burua bidegabekeriaz kaltetutzat hartu: edozein izaeratako jarduera publikoa egiten dutenak edo egin dutenek, baldin eta adierazpena edo aipamena jarduera horri badagokio eta lege honetan aitortzen diren printzipio eta eskubideen errespetuaren barruan eginda badago.

28. artikulua

Ihardespena argitzearen edo zuzenketaren gaiari lotu beharko zaio, eta horren zabalkundea doan egingo da.

29. artikulua

Ihardespen-eskabidea, hala behar izanez gero, haren oinarri den dokumentazioarekin batera, haren zabalkundea egin behar duen hedabidearen zuzendariari bidaliko zaio.

Ihardespena zabaldu beharko da bera hedabidearen zuzendariak jasotzen duen egunaren biharamunean, baldin eta gai den informazioa edo iritzia eguneroko espazio batean zabaldu bada, edo hurrengo zazpi egunen barruan bestelako kasuetan.

30. artikulua

1. Ihardespena sartu beharko da informazioa edo iritzia zabaldu zen espazio berean, baldin eta hori maiztasun erregularreko informazio-espazio batean zabaldu bazen. Gainerako kasuetan, ihardespena sartuko da adierazpena edo aipamena egin zen espazioaren antzeko bat zabaldu aurretik.

2. Aurrekoa ezertan galarazi gabe, ihardespena sorrarazi zuen iritzia edo informazioa informaziokoa ez den espazio batean eman bada, eta, edozelan ere, iritziak telebistako edo irratiko informazio-profesionalenak ez direnean, ukituak eskatu ahal izango du ihardespena espazioaren haren antzeko batean irakur dadila. Edozelan ere, hedabidearen zuzendariaren edo Administrazio Kontseiluaren ebazpena lotuko zaie hedabidearen izaeratik eratortzen diren eskakizunei eta programazioaren beharrizan objektiboei.

31. artikulua

Ihardespen-eskubidearen egikaritza iraungiko da, baldin eta informazioa edo iritzia zabaldutako egunetik hasi eta honako epe hauen barruan egikaritzen ez bada:

1. Emankizunaren hedapeneko biztanleguneetako egoiliarrak direnean, zazpi egun natural.

2. Estatuaren penintsulako beste zona batzuetako egoiliarrak direnean, hamabost egun natural.

3. Estatuaren penintsulatik kanpoko lurraldeetako edo atzerriko egoiliarrak direnean, hogeita hamar egun natural.

32. artikulua

1. Hedabidearen zuzendariak ihardespena ukatzen badu, ukatzearen aurkako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio Kontseiluari bost eguneko epearen barruan; Kontseiluak, berriz, hiru eguneko epearen barruan, gehienez, ebatzi beharko du, administrazio-bideari amaiera emanez. Ukatzeak jakinarazi beharko dira.

2. Administrazio Kontseiluari errekurtsoa jartzeko epea kontatuko da ukatzea jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta, nolanahi ere, 32. artikuluan aipatutako epeak bukatutakoan.

3. Administrazio Kontseiluaren ebazpena ihardespena sartzearen aldekoa bada, erantzun hori 31. artikuluan ezarritako irizpideen arabera zabaldu beharko da

4. Administrazio Kontseiluaren ebazpena ukatzailea bada, haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da.

33. artikulua

Ukatzea arrazoitua izango da, eta honako arrazoi hauek baino ezingo ditu oinarri izan:

a) Idazkiaren edukia ez mugatzea hura sorrarazi zuten aipamenak edo esanak argitzera.

b) Ihardespenaren edukiak haustea indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugak.

c) Ihardespen-eskubidea egikaritzeko modua nabarmen bidegabea izatea.

d) Informazioaren edo iritziaren ihardespena horretarako legitimazioa dutenek egina izatea puntu beren gainean, lege honen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Informazioa edo iritzia komunikabideak berez eta eskatzen den modu berean edo antzekoan argitua izatea.

f) 28. artikuluak aipatzen dituen inguruabarretako bat gertatzea.

34. artikulua

Eskubide honen egikaritzak ez ditu galarazten ustez egindako kalteengatik jar daitezkeen akzio penal edo zibilak.

VI. KAPITULUA
Kudeaketa-moduak

1. atala
Kudeaketa publikoa

35. artikulua

1. Euskal Irrati-Telebistaren zerbitzu publikoen kudeaketa lege honetako xedapenek eraenduko dute, eta ezartzen diren zerbitzu komunak atxikiz egingo da kudeaketa hori.

2. Ente publikoaren gobernu-organoek hartzen dituzten erabakien eta horiei darizkien uzien ardura izango du kasuan-kasuan eskumena duen jurisdikzioak, gobernu-bidean aurretik ezein erreklamaziorik jarri behar izan barik.

36. artikulua

1. Ente publikoaren organigramari eta horren aldaketei buruz Administrazio Kontseiluak txostena eman beharko du nahitaez, eta haren erabakia loteslea izango da zuzendari nagusiarentzat.

2. Ezingo da zuzendaritzako langilerik izendatu behar bezala onetsitako organigraman ez dauden lanpostuetarako.

2. atala
Merkataritza-kudeaketa

37. artikulua

Irrati-telebistako zerbitzuak kudeatuko dira horretarako sortzen diren sozietate publikoen bitartez.

38. artikulua

Aurreko artikuluak aipatzen dituen sozietateen kapitala oso-osorik Autonomia Erkidegoak harpidetuko du, erabat ente publikoarena izango da, eta ezingo da besterendu, hipotekatu, kargatu, pignoratu edo kostu bidezko edo doako ezein formatan laga.

39. artikulua

Ente publikoak irrati-difusioko irrati-etxeak eskuratu ahal izateko, maiztasun eta potentzien administrazio-emakidaren titulartasunean subrogatu beharko du.

40. artikulua[480]

1. Entea eratuta, ente publikoko zuzendari nagusiak sozietate publikoen zuzendariak izendatu ahal izango ditu, lege honen 9.1 b) artikuluan xedatutakoa betetzeko.

2. Sozietate publikoen zuzendariak edo, hala badagokio, ente publikoaren zuzendari nagusia izango dira haien administratzaile bakarrak, eta sozietate anonimoen legeria orokorrean administratzaile horientzat ezarritako ahalmenak izango dituzte eta hartan ezarritako baldintzak bete.

3. Sozietate publikoen zuzendariek eta haietan organikoki sartuta dauden hedabideen zuzendariek izango dituzte ente publikoaren zuzendari nagusiarentzat ezarritako bateraezintasun berdinak.

41. artikulua

1. Jaurlaritzak, zuzendari nagusiaren proposamenez, eta Administrazio Kontseiluarekin elkar hartuta, eskumendeko sozietateak sortu ahal izango ditu, kudeaketa eraginkorragoa bermatzeko.

2. Sortzen diren eskumeneko sozietateak, betiere, kapital publikokoak izango dira, eta aurreko artikuluetan aipatutako araubide juridikoaren mendean egongo dira.

VII. KAPITULUA
Aurrekontuak eta finantzaketa

42. artikulua

“Euskal Irrati-Telebista” entearen aurrekontua lege honi eta Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Lege Orokorrari lotuko zaie.

43. artikulua

Sozietate publiko bakoitzak bere aurrekontu bereziak izango ditu, horiek Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrei erantsiko zaizkie, eta Legebiltzarrak onetsi beharko ditu.

Lege honen 42. artikuluaren babespean sortzen diren eskumendeko sozietateek aurrekontu-araubide bera izango dute.

Aurrekontuak egin eta kudeatuko dira aurrekontu-orekaren printzipioaren mendean.

44. artikulua

“Euskal Irrati-Telebista” entearen aurrekontua eta sozietate kudeatzaile eta filialen aurrekontuak ezertan galarazi gabe, aurrekontu kontsolidatu bat ezarriko da, bai behin-behineko edo behin betiko mentsak saihesteko, bai ments horiek aurrekontu kontsolidatu honetan sartuta dauden erakundeen superabitaz estali ahal izateko.

45. artikulua

“Euskal Irrati-Telebista” entea eta beraren zerbitzuen sozietate publiko kudeatzaileak finantzatuko dira Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan eta egiten diren jardueren diru-sarrera eta etekinen bitartez.

46. artikulua[481]

1. “Euskal Irrati-Telebista” entearen ondarea eta sozietate publiko kudeatzaileena, ondorio guztietarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarean sartuta geldituko dira, eta jabari publikokotzat hartuko dira, bakoitzari dagokion zerbitzu publikoari lotutako ondare gisa. Salbuetsita egongo da edonolako tributu edo kargetatik.

2. Euskal Irrati-Telebista ente publikoaren ondarea, Euskadiko ondarean txertatuta egonik, lege honetan ezarritakoak eta Euskadiko ondarea arautzen duen legeriak xedatutakoak eraenduko dute, honako berezitasun hauek ere aintzakotzat hartuta:

a) Nolanahi den ere, Euskal Irrati-Telebista ente publikoari dagozkio enteak berak sortutako edo eskuratutako ondasun higigarriak, jabetza gorpuzgabeak eta enpresa-ondarea eskuratzeko, kudeatzeko, administratzeko, ustiatzeko eta besterentzeko titulartasuna eta eskumenak.

b) Enteak zuzenbide pribatuaren arabera ustiatu, errentan eman edo laga ahal izango ditu programak ekoizteko instalazioak, haiei lotutako ondasun higigarriak eta haietatik sortutako programak eta azpiproduktuak.

c) Gobernu Kontseiluak dekretu bidez ezarri ahal izango ditu prozedura-arauak eta entearen organoei eskumenak esleitzeko arauak, zuzenbide pribatuari lotutako prozesu-jardunak egikaritzeko, era horretara publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun eta kudeaketaren errentagarritasunaren printzipioak bermatuta gera daitezen.

VIII. KAPITULUA

47. artikulua[482]

1. Lan-legerian xedatutakoak eraenduko ditu ente publikoko eta beraren sozietateetako langileak.

2. Ente publikorako eta beraren sozietateetarako langileak hautatuko dira deialdi publikoaren bidez eta merezimendu eta gaitasunaren printzipioetan oinarritutako sistemen arabera.

3. Administrazio Kontseiluko kide izateak ez du, inoiz ere, ente publikoarekiko eta beraren sozietateekiko lan-eskubiderik sorraraziko.

48. artikulua

1. Zuzendari, errejidore, langile, gidoilari, ekoizle, aurkezle gisa edo jendaurrerako programetan antzeko postuetan diharduten ente publikoko langileak 41. artikuluak aipatzen dituen bateraezintasunen mende egongo dira, eta ezingo dute jarduera berdina edo antzekoa egin, izan ordainpekoa izan ordaingabea, lokal publikoetan. Jendaurrean programak edo jardunak noizbehinka aurkeztea bateraezintasun horretatik kanpo gelditzen da.

2. Erosketa- edo kontratazio-zerbitzuetako langile teknikoak edo zerbitzu horiek hobeto kudeatzeko sor daitezkeen eskumendeko sozietateetako teknikariak ere 41. artikuluko bateraezintasun-araubidearen mendean egongo dira.

3. Ente publikoaren edo beraren sozietateen plantillan langile finko gisa sartuz gero, egoera hori bateraezina izango da ordu berean besterentzako beste edozein jarduera ordaindu egitearekin.

Lehenengo xedapen gehigarria

“Radio Vitoria, SA” sozietate publikoa “Euskal Irrati-Telebista” ente publikoaren barruan sartzen da.

Bigarren xedapen gehigarria

Ahalmena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau erregelamendu bidez garatzeko, hura indarrean jartzen denetik sei hilabeterainoko epean.

Azken xedapena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.


8.2.3. 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa[483]

Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen esku jartzen dute euskararen erabilera normalizatzera eta garatzera bideratutako neurriak hartzea, bere bi ikuspegiak kontuan hartuz: bai euskal herriaren kultura-ondarearen funtsezko osagai denez eta bai, gaztelaniarekin batera, Autonomia Erkidegoko lurraldean erabilera ofizialeko hizkuntza denez.

Horretaz, bada, euskara gure Erkidegoaren nortasunaren ezaugarri nabarmenena eta objektiboena dela ezagutzen dugu eta, euskara jakinez eta erabiliz, gizakiak erkidegoan bete-betean txertatzeko tresna dela.

Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa izateak eta gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizial izateak, arrazoi bat ala beste dela-eta euskara erabili ezin duten herritarren eskubideei inongo kalterik ez diete ekarri behar, inondik inora, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren 3. zenbakian propio esaten denarekin bat.

Hizkuntza Euskal Herriko herritar guztien integrazio-tresna gisa aitortuz gero, euskal herritarrek hizkuntza arloan dituzten eskubideak lege-ordenamenduan jasotzeari ekin behar zaio eta, bereziki, hizkuntza ofizial bietako edozeinetan hitz egitekoa eta Euskal Herria gordailu duen kultura-ondarearen funtsezko zati den aldetik gure hizkuntzari zor zaion babesaren ziurtasuna.

Legearen oinarri diren printzipio orokorretatik abiatuta, atariko tituluak euskara Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren hizkuntza propio gisa aitortzen du, eta euskara eta gaztelania haren lurraldean hizkuntza ofizial gisa. Titulu berean hizkuntza-arrazoiengatiko diskriminazioa galarazten da.

Lehen tituluak hizkuntzaren alorreko herritarren eskubideak eta botere publikoen betebeharrak ukitzen ditu.

Bigarren tituluak botere publikoen jarduera arautzen du. Lehen kapituluak euskararen erabilera Administrazio Publikoan aipatzen du eta bertan Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen da. Erregistro publikoetan dokumentuak inskribatzea ere arautzen da eta agintzen da arau-xedapen zein administrazio-ebazpen eta -egintza orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko duela argitaratzeko, jakinarazpen eta adierazpenak bezala. Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiei ahalmena ematen zaie beren aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izateko. Autonomia Erkidegoko herrien eta, oro har, toponimo guztien izen ofizialak finkatzeko eskumena Jaurlaritzari, lurralde historikoetako foru-organoei edota toki-korporazioei aitortzen zaie. Bide-seinale eta mezuak nola idatzi arautzen da. Bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautzeko ahalmena Jaurlaritzari ematen zaio eta, halaber, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortzekoa. Botere publikoek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiek bi hizkuntzetan egon beharko dutela zehazten da, eta baita Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan ere. Administrazio Publikoari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak aurreikusten dira.

Bigarren kapituluak euskararen erabilera irakaskuntzan arautzen du. Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea eta aukeratu ez duen hizkuntza ofizialaren derrigortasuna arautzen da. Irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatzeko ardura Jaurlaritzari ematen zaio, eta baita ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan menderatzera bideratutako neurriak hartzea ere eta ikasketa-planen egokitzapena. Irakasleen prestakuntzari dagokionez, irakasleek euskara eta gaztelania erabat menderatu ditzaten beren ikasketa-planak egokituko dira. Euskararen irakaskuntzan salbuespen posibleak ere aurreikusten dira.

Hirugarren kapituluak euskararen erabilera hedabideetan arautzen du, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea aitortuz. Jaurlaritzari egozten dio euskara Autonomia Erkidegoko hedabideetan sustatzeko ardura eta Espainiako Irrati-Telebistan bultzatzekoa eta euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartzea irratian, egunkari eta aldizkarietan, irudiaren eta soinuaren grabazioetan eta abarretan.

Laugarren kapituluak euskararen gizarte-erabilera eta beste zenbait alderdi instituzional ukitzen ditu; helduen euskalduntzea eta alfabetatzea eta hainbat alorretan euskararen erabilera bultzatzeko ardura Jaurlaritzari egozten dio eta lege honen aplikazioa eta garapena bateratzeko Jaurlaritzak topagune bat sortuko duela aurreikusten du.

Bosgarren kapituluan Jaurlaritzari egozten zaio euskararen batasuna eta normalizazioa begiratzea, hizkuntza ofizial komun denez.

Xedapen gehigarriak Jaurlaritzari egozten dio Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo jardunik, euskararekin loturiko lana egiten duten instituzio edo botereekiko harremanak bideratzea.

Xedapen iragankorrak gaur egungo egoeratik lege hau bete-betean aplikatu eta garatu ahal izan daitezen egoerara zubi egiten du, legearen espiritua beste lege eta araudietan gatzatu artean arau-hutsunerik egon ez dadin.

Legeak xedapen indargabetzailea eta azken xedapen bat ere baditu, non eta esku ematen zaion Jaurlaritzari legea erregelamendu-mailan garatzeko.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua

Euskararen eta gaztelaniaren erabilera lege honetan xedatutakoari eta lege hau garatzeko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak ematen dituzten gainerako xedapenei lotuko zaie Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurraldean.

2. artikulua

Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa.

3. artikulua

Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.

4. artikulua

Botere publikoek Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin zainduko dute eta neurri egokiak hartuko dituzte.

LEHEN TITULUA

KAPITULU BAKARRA
Herritarren eskubideak eta botere publikoen betebeharrak hizkuntzaren alorrean

5. artikulua

1. Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.

2. Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein organismo edo erakunderekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.

b) Irakaskuntza hizkuntza ofizial biotan izateko eskubidea.

c) Aldizkariak eta irrati-telebistetako eta beste hedabideetako emanaldiak euskaraz jasotzeko eskubidea.

d) Lanbide-jarduerak, langintza, politikagintza eta sindikatu-jarduera euskaraz egiteko eskubidea.

e) Edozein bilkuratan euskaraz mintzatzeko eskubidea.

3. Botere publikoek eskubide hauen erabilera ziurtatuko dute Autonomia Erkidegoko lurraldean, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen.

II. TITULUA
Botere publikoen jarduera

I. KAPITULUA
Euskararen erabilera Administrazio Publikoan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan

6. artikulua

1. Herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoko lurraldean, Administrazio Publikoarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa.

Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko bitartekoak bideratuko eskubide hori arian-arian gauzatu dadin bermatzeko.

2. Pertsona batek baino gehiagok esku hartzen duen espediente edo prozeduretan, alde biek adostasunez erabakitzen duten hizkuntza erabiliko dute botere publikoek. Adostasunik ez badago, espedienteari edo prozedurari hasiera eman dion pertsonak aukeratutakoa erabiliko da, betiere, bakoitzak nahi duen hizkuntzan informazioa jasotzeko duen eskubidea gorabehera[484].

7. artikulua

1. Autonomia Erkidegoaren mendeko erregistro publikoetan, direla Jaurlaritzarenak, beraren ente autonomoenak, foru-administrazioenak, toki-administrazioenak edota besterenak, dokumentuak inskribatzea dokumentuok idatzita dauden hizkuntza ofizialean egingo da.

2. Autonomia Erkidegoaren mendeko ez diren erregistro publikoetan, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du, eskumena duten organoekin elkar hartuta.

3. Inskripziook erakusteko nahiz ziurtagiriak luzatzeko, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetarako itzulpena ziurtatuko da.

8. artikulua

1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek emandako xedapen arauemaile zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofiziala egiteko. Eusko Jaurlaritzan prestatzen diren xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia txertatzeko, nahitaezko aholkularitza-txosten bat eman behar da, eta, haren bitartez, izapidetzen ari den xedapenaren eremu objektiboan euskararen erabilera normalizatzera zuzendutako neurriak proposatuko dira. Halaber, hizkuntza-gaietan indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna baloratuko da, bestelako organo txostengileei dagozkien zereginei kalterik egin gabe.[485]

2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako botere publikoek esku hartzen duten egintza guztiek eta baita Administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenek ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.

3. Aurrekoan agindutakoa gorabehera, botere publikoek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren eremuan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira.[486]

9. artikulua

1. Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek beren aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela.

2. Euskaraz aurkeztutako idazki eta agiriak, eta baita epaile-jardunak, balio eta eragin-indar osokoak izango dira.

3. Eusko Jaurlaritzak, dagokien organoekin elkar hartuta, Euskal Herriko Justizia Administrazioan euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du.

10. artikulua

1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde, udalerri, biztanlegune, geografia-gorabehera, hiribide eta, oro har, toponimo guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, lurralde historikoetako foru-organoek edota toki-korporazioek finkatuko dituzte, zeinak bere eskumenen eremuan eta, betiere, jatorrizko izen euskaldun, erromantze ala gaztelaniazkoa errespetatuz, hizkuntza bakoitzari dagokion idazkera akademikoarekin.

Aurreko paragrafoan aipatutako izen ofizialei buruzko gatazka pizten bada toki-korporazioen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du Euskaltzaindiari iritzia eskatu ondoren.

2. Kale-bideetan jarritako bide-seinale eta mezuak bi hizkuntzetan idatzita egongo dira, betiere nazioarteko arauak errespetatuz eta erabiltzaileentzako ulergarritasun- eta segurtasun-eskakizunak betez.

3. Bi izenok zeharo desberdinak badira, biak izango dira ofizial, besteak beste, bide-seinaleetarako.

11. artikulua

Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan inprimakiak, iragarkiak eta herritarrentzako mezuak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

12. artikulua

1. Jaurlaritzak bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautuko ditu.[487]

2. Halaber, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortuko du, Autonomia Erkidegoko herritarrentzat eta erakunde publikoentzat lan egingo duena, itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetza juridikoa ziurtatzeko.

13. artikulua

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan botere publikoek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiek bi hizkuntzetan egon beharko dute.

14. artikulua

1. Lege honen 6. artikuluan aitortutako eskubideak gauzatzeko, botere publikoek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan Administrazio Publikoari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak hartuko dituzte.

2. Botere publikoek finkatuko dute zein lanpostutarako izango den nahitaezko bi hizkuntzak jakitea.

3. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko Administrazioko gainerako lanpostuetara sartzeko egiten diren hautaprobetan hizkuntza ofizialen ezagutza-maila hartuko da kontuan merezimendu gisa, besteak beste. Administrazioak finkatuko du lanpostu-maila bakoitzerako zein pisu izango duen.

II. KAPITULUA
Euskararen erabilera irakaskuntzan

15. artikulua

Ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea irakasmaila guztietan.

Horretarako, Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak neurri aproposak hartuko dituzte Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko irakaskuntzan elebitasuna gero eta orokorragoa izan dadin.

16. artikulua

1. Unibertsitate-hezkuntza hasteraino egiten diren ikasketetan nahitaezkoa izango da ikasketok hartzeko guraso edo kuradoreak edota, hala denean, ikasleak berak, aukeratu ez duen hizkuntza ofiziala irakastea.

2. Dena den, Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzean irakatsi beharreko hizkuntza-ereduak finkatuko ditu, guraso-kuradoreen nahia eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan.

3. Ikasketa arautuak Erkidegoan ofiziala ez den hizkuntza batean irakasten duten diru publikoz lagundutako ikastetxe pribatuek euskara eta gaztelania irakatsiko dituzte nahitaezko ikasgai gisa.

17. artikulua

Jaurlaritzak, nahitaezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menderatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara ikastetxeetako barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-jardun eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz.

18. artikulua

Ikasketa-planak 15., 16. eta 17. artikuluetan finkatutako helburuei egokituko zaizkie.

19. artikulua

Irakasleen prestakuntzarako unibertsitate-eskolek beren ikasketa-planak egokituko dituzte, irakasleek euskara eta gaztelania erabat menderatu ditzaten, nork bere espezialitatearen eskakizunen arabera.

20. artikulua

1. Jaurlaritzak, euskarazko irakaskuntzarako eskubidea gauzatzeko, irakasleria gero eta euskaldunagoa lortzeko bitartekoak jarriko ditu.

2. Halaber, lege honen 15. eta 16. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera, euskara jakitea zein irakaspostu edo ikasgelatarako izango den nahitaezko zehaztuko du.

21. artikulua

OHOko ikasketak Euskal Herriko Autonomia Erkidegotik kanpo hasita dituzten ikasleak edota beren ohiko bizilekua Autonomia Erkidegoan ez dutela behar bezala egiaztatzen dutenak, euskara ikastetik salbuetsita gera daitezke, horretarako finkatuko den prozedurari jarraituz.

III. KAPITULUA
Euskararen erabilera hedabideetan

22. artikulua

Herritar guztiei aitortzen zaie gizarte-hedabideen aldetik euskaraz zein gaztelaniaz informatuak izateko eskubidea.

Horretarako, hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino.

23. artikulua

Jaurlaritzak, aurreko artikuluan ezarritako bi hizkuntzen arteko berdintasuna ziurtatze aldera, Autonomia Erkidegoko hedabideetan euskara lehentasunez erabili dadin bultzatuko du.

24. artikulua

Jaurlaritzak hizkuntza-normalizazioa bultzatuko du Espainiako Irrati-Telebistaren emanaldi-zentroetan, euskarak, Euskal Herriko hizkuntza propioa denez, behar duen presentzia izan dezan.

25. artikulua

Jaurlaritzak, 22. artikuluan aitortutako eskubidea arian-arian bermatzeko, euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartuko ditu eta, nolanahi ere, honako hauetan hedatu eta benetan erabiltzea ahalbidetuz:

-irratian,

-egunkari eta aldizkarietan,

-zineman,

-antzerki eta ikuskizunetan,

-irudiaren eta soinuaren grabazioetan.

Horretarako, gaiok ukitu eta arautzen dituzten legeetan titulu apropos bana garatuko da.

IV. KAPITULUA
Euskararen gizarte-erabilera eta beste zenbait alderdi instituzional

26. artikulua

Euskal botere publikoek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko gizarte-bizitzako alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko, herritarrek salerosketako, kulturako, elkarteetako, kiroletako, erlijiozko edota beste edozein motatako jarduera guztiak euskaraz garatu ahal izan ditzaten.

27. artikulua

1. Euskal botere publikoek euskararen erabilera sustatuko dute publizitatean.

2. Halaber, euskal giroa eta euskara errotulazioan erabiltzea bultzatuko dute, era guztietako erakunde komertzial, atsedenerako, kulturarako zein ofizialtasunik gabeko elkarteetan.

28. artikulua

Jaurlaritzak helduen euskalduntzea eta euskaldunen alfabetatzea bultzatuko ditu, horretarako ente publiko bat sortuz. Eusko Legebiltzarraren lege batek finkatuko du horretarako araubidea.

29. artikulua

Jaurlaritzak, euskararen erabileraren normalizazioa ahalbidetzeko, lege hau gauzatu eta garatze aldera instituzio guztien lanak eta ahaleginak aztertu, bideratu eta bateratzea helburu izango duen topagune bat sortuko du.

V. KAPITULUA
Euskararen erabilera hizkuntza idatzi ofizial gisa

30. artikulua

Jaurlaritzak euskararen batasuna eta normalizazioa begiratuko ditu, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurralde osoan idatzizko hizkuntza ofizial komun denez, Euskal Herriaren kultura-ondarearen funtsezko zati diren euskalkiei bizirik diren tokietan zor zaien errespetua gorabehera.

Xedapen gehigarriak

Lehenengoa.— Jaurlaritzak, bere eskumenen eremuan, Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo jardunik, euskararen ikerketan, babesean eta sustapenean lan egiten duten instituzio edo botereekiko kultura harremanak bideratuko ditu.

Bigarrena.— Jaurlaritzak, Euskal Herriko plangintza soziolinguistikorako mapa egingo du eta aldian-aldian berraztertuko, Eusko Legebiltzarrari jakinarazi ondoren.

Hirugarrena.— Eusko Jaurlaritzak, horretarako eskumena duten organoekin elkar hartuta, euskararen erabilera Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Estatuaren Administrazioan arian-arian normalizatzeko neurriak hartzea bultzatuko du, lege honen 6., 8., 11., 13. eta 14. artikuluetan araututakoetan.

Xedapen iragankorrak

Lehenengoa.— Lege hau indarrean jarri aurretik administrazio publikoetan hasita dauden prozedura eta espediente guztiek hasi ziren hizkuntzan jarraituko dute amaitu arte.

Bigarrena.— Jaurlaritzak, tokian tokiko botere publikoek eskaturik eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa bereziki kontuan hartuz, aldi baterako salbuetsi ahal izango du, bere eskumenen eremuan, lege honen artikuluen aplikazioa, betiere Konstituzioaren edo Estatutuaren aginduz nahitaezkoak ez badira.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapena

Lege hau garatu eta gauzatzeko beharrezko diren erregelamendu-mailako xedapenak emateko esku ematen zaio Jaurlaritzari. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean lege hau.


8.2.4. 16/1983 Legea, uztailaren 27koa, “Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzkoa”[488][489]

ZIOEN AZALPENA

Pertsonak administrazio publiko guztien funtsezko osagaia da. Baieztapen horrek, administrazio guztiei modu orokorrean aplikatzeaz gain, garrantzi berezia dauka Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

Euskal Herriak autogobernua lortzeak eta administrazio autonomo berria sortzeak ezinbesteko baldintza bihurtzen dute prozesu autonomikoaren zerbitzuko langileak, kalifikazio eta eraginkortasun tekniko handiena dutenak, aukeratu eta prestatzea.

Autonomia Administrazioarekin batean, Euskadiko lurralde historikoek eta udalek ere helburu berdinak dituzte euren funtzionarioen trebakuntza teknikoari eta prestakuntzari buruzkoetan. Eraginkortasun-eskakizun horiei batu behar zaie Euskal Herriko administrazio guzti-guztiek duten ezinbesteko beharrizana, nola den funtzio publikoaren euskalduntze sakona lortzekoa. Beharrizan eta interes horiek batera suertatu dira, eta batze horri presako ataza hau erantsi behar zaio: gure herriaren berezitasun juridiko eta ekonomikoen ikerketa zientifikoa sustatzekoa; bada, horrek guztiak justifikatzen du Administrazio Publikoaren Euskal Institutua sortzea, eta, gure ustez, institutu horrek giltzarri izan behar du Euskadiko administrazio publiko guztien eraikuntzan.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua Euskal Herriko Kontseilu Nagusiaren mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko urtarrilaren hamabosteko erabaki batez sortu zen, Administrazio Publikoaren langileen prestakuntza-beharrizanei aurre egiteko aurreautonomiaren garaian, eta haren estatutuak mila bederatziehun eta laurogeiko otsailaren hogeita seian onetsi ziren (Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofiziala, 37. zk.). Garai hartan Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren orduko eskumen murritzen arabera, bera fundatu zen nortasun juridikoa emango zion lege formal baten babesik gabe, eta hutsune hori da lege honek zuzendu nahi duena. Ildo horretatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutua, administrazio publikoko beste institutu ospetsu batzuen lorratzei jarraituz, organismo autonomo legez eratzen da, nortasun juridikoa duena, Lehendakaritza Sailari atxikia dena, eta eginkizun-eremu legez Euskadiko Autonomia Erkidego osorainokoa duena. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Legearen funtsezko lerroek oinarrizko alderdi hauek dituzte:

Lehenengo eta behin, funtzionarioak aukeratzea du legeak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren xedeetako bat. Horri dagokionez, lege-testuaren 4.1 artikuluaren idazkerak salbu utzi nahi ditu, bai Autonomia Erkidegoak funtzio publikoaren arloan dituen eskumenei eragin diezaieketen estatuaren arauak, bai Lurralde Historikoen Legearen eta Euskal Herriko Toki Araubidearen Legearen etorkizuneko lege-testuak. Horien edukia dena dela, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak beti aukeratu ahal izango ditu funtzionarioak, lege horiek eskudantzia hori ematen diotenean, bai eta aukeraketa hori egin ahal izango du eskuordetzaz edo beste administrazio publiko batekin egindako hitzarmenaz.

Bigarrenez, organismo autonomoa denez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak bere aurrekontua izango du, berari dagozkion eginkizunak bete ahal izateko.

Oinarrizko printzipio horien gainean, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Legeak institutu hau arautzen du, eta berak Euskal Herriko administrazio publiko osoaren mesedetan egiten duen lana funtsezkoa da.

I. KAPITULUA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren araubide juridikoa

1. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua sortzen da, Euskal Herriko administrazio publiko instituzionalaren baitan. Administrazio Publikoaren Euskal Institutua organismo autonomo administratibo gisa eratzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari atxikia da.

2. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak nortasun juridikoa du, eta badu behar besteko eskuarte bere xedeak betetzeko.

3. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Gasteizen du bere egoitza.[490]

4. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren xedeak honako hauek dira:

1. Euskal Herriko Autonomia Administrazioak kontratatu beharreko funtzionarioak aukeratzea, alor horretan bere jarduketak Lehendakaritza Saileko zerbitzu eskudunekin koordinatuz.

2. Funtzionarioak aukeratzea, betiere beste administrazio publikoren batek edo ordenamendu juridikoak hori egitea ematen diotenean.

3. Euskal Herriko Autonomia Administrazioaren funtzionarioen edo kontratatuen prestakuntza eta hobekuntza, edo beste administrazio publikoren batek edo ordenamendu juridikoak hori egitea ematen diotenean.

4. Lankidetza sustatzea lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko Toki Administrazioko gainerako erakundeekin, horien langileen prestakuntzan eta hobekuntzan.

5. Administrazio Publikoan euskara sartu, zabaldu eta aplikatu, eta normalizatzea, bai eta administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean xedatutakoa betetzeko.

6. Euskal Herriko administrazio publikoen berezitasun juridiko, finantzario eta estatistikoak ikertu, irakatsi eta zabaltzea.

7. Euskal Herriko administrazioetan administrazioaren zientzia ikertu, irakatsi eta zabaldu, eta ezartzea.

8. Trukeak eta hitzarmenak ezartzea Espainiako edo atzerriko antzeko erakundeekin.

5. artikulua

Bere xedeak betetzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak honako hauek egin ahal izango ditu:

1. Komenigarri irizten dien atalak, sailak edo zerbitzuak antolatzea.

2. Pertsona kualifikatuen lankidetza eskatzea, ikastorduak, mintegiak, hitzaldiak emateko edo lan berezi eta zientifikoak egiteko.

6. artikulua

Institutuak diplomak eta ziurtagiriak emango ditu; agiriok, egokiera denean, merezimenduak izan ahalko dira lehiaketetan, oposizioetan eta langileak aukeratzeko dauden gainerako moduetan, bai eta administrazio-karrerako igoeran ere.

7. artikulua

Autonomia Erkidegoko instituzioek Administrazio Publikoaren Euskal Institutura jo ahal izango dute hauxe eskatzeko: Euskal Herriko administrazio publikoen egituratze eta hobekuntzari buruzko aholkularitza, kontsulta eta arauen prestatzea.

II. KAPITULUA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren antolaketa

8. artikulua

Institutuaren gobernu-organoak honako hauek dira:

a) Patronatuaren Kontseilua.

b) Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria.

9. artikulua

Honako hauek izango dira Patronatuaren Kontseiluko kideak:

Patronatuburua: Lehendakaritzako sailburua.

Patronatuburuordea: Toki Administrazioko sailburuordea.

Patronatukideak: lurralde historikoetako ahaldun nagusiak; Administrazio Autonomoaren lurralde historiko bakoitzeko ordezkari bat; Euskal Herriko Toki Administrazioaren lurralde historiko bakoitzeko ordezkari bat; Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren ordezkari bat, gutxienez zuzendari-maila duena, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko idazkari nagusiak idazkari legez jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.

Patronatuaren Kontseiluaren erabakien araubidea izango da Administrazio Prozeduraren Legearen I. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa izango da.

10. artikulua

Honako hauek izango ditu Patronatuaren Kontseiluaren eginkizun propioak: Institutuaren garapen-plan orokorra onestea; hitzarmenak onestea Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalarekin, Toki Administrazioaren Institutu Nazionalarekin, unibertsitateekin edo antzeko instituzioekin; urteko memoria, ikasketa-plana, tituluak eta langileak hobetzeko eta aukeratzeko sistemak onestea; aurrekontuaren aurreproiektua onestea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari bidaltzeko, eta Institutuaren artezkaritzako gainerako gaiak.

11. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria Jaurlaritzaren dekretuz izendatu eta hala behar izanez gero kenduko da, Lehendakaritzako sailburuak proposamena eginda, Administrazio Publikoaren eremuan prestigio aitortua duten pertsonen artetik.

Kargu hori zuzendari-kategoriari dagokion langile-estatutuak eraenduko du, Jaurlaritza Legean ezarritakoaren arabera.

12. artikulua

Institutuko zuzendariak eskumen hauek ditu: ekintza guztien kudeaketa bateratu eta ordenatua, zerbitzuen zuzendaritza eta langileen burutza bereganatzea, eta bai Institutuaren ordezkaritza, ikasketa-planaren, tituluen, eta langileak hobetzeko eta aukeratzeko sistemak proposatzea, aurrekontuaren aurreproiektua idaztea, gastuak egiteko baimena ematea eta ordainketak agintzea, eta Institutuko plantilla zuzentzea.

III. KAPITULUA
Eskuarte ekonomikoez

13. artikulua

Bere helburuak betetzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak urtero aurrekontua propioa izango du, eta berau Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren barruan egongo da.

14. artikulua

Aurrekontuaren sarrera-egoerak baliabide hauek izango ditu:

1. Matrikula-eskubideak, titulu,-diploma, ziurtagiri eta zerbitzuak emateagatik sortzen diren gainerako eskubide edo tasak.

2. Institutuaren argitalpenen, iragarkien eta zerbitzu ordainduen etekina.

3. Edozein pertsona edo erakundek Institutuari egiten dizkioten dirulaguntzak, sorospenak eta emariak.

4. Beraren ondasunen errentak, Euskadiko Ondareari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

Azken xedapenak

Lehenengoa.— Lehendakaritza Sailaren organo gisa eginkizunak egiten ziharduen Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundea ezabatu egiten da, eta honen eskuarte pertsonal eta materialak sartuta geratuko dira lege honen bidez sortu den ente autonomoaren barruan.

Bigarrena.— Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio, Lehendakaritzako sailburuak proposamena eginda, lege hau garatu eta exekutatzeko beharrezko diren erregelamendu-xedapenak.

Xedapen indargabetzailea

Euskal Herriko Kontseilu Nagusiaren 1980ko otsailaren 26ko erabaki batez onetsitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen estatutua indargabetuta gelditzen da, eta bai 1980ko azaroaren 11ko Dekretua ere, lege honek ezarritakoaren aurkakoak diren neurrian.


8.2.5. 29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorraraztekoa eta euskaltegiak arautzekoa[491]

ZIOEN AZALPENA

Helduen berreuskalduntzerako zerbitzu bat abian jartzeak bere baitan darama garrantzi handiko programa bat, zeinaren helburua baita benetan elebidun den biztanleria sendotzea, horri darizkion guztiekin, nola baita, azken finean, helduen alfabetatze eta berreuskalduntzerako prozesu luze-zabal baten hasiera.

Oro har, euskararen irakaskuntza helduei helaraztea da: funtzionarioei, unibertsitarioei, langileei, oraindik euren lehenengo lana eskuratu ez duten gazteei, etxekoandreei eta abarri; horrekin guztiarekin batera, ikerketa metodologikoak, ikus-entzunezkoak, koadroen prestakuntza eta gaikuntza eta abar dakartza, bigarren hizkuntzen irakaskuntzarako tekniken ikerketa den gisa; eta hori guztia erakunde honen arabera bideratuko da: “HABE — Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorrarazi eta Euskaltegiak araupetzea”.

Helduak berreuskalduntzeko prozesu osoak eskuarte ekonomikoak izan behar ditu, zertarako eta, ahal den neurrian, ekimen eta proiektu jakin batzuek, mota guztietako berreuskalduntze-mugimenduek, argitalpen-arloak eta euskararen normalizazio soziologikoak dituzten ezinbesteko beharrizanei aurre egiteko, baldin eta hizkuntza-instituzio gisa babes falta pairatzen badute.

Beste alde batetik, plan bat eratu da, zeinak, printzipio eta helburu gisa helduei bigarren hizkuntza bat —gure kasuan, euskara— irakatsi ahal izatera jotzen baitu; bada, planaren kontzepzioak berak berezitasun jakin batzuk ditu, eta berezitasunon arazoak ebatzi behar dira, proposatzen diren efektiboetatik ahalik eta etekinik handiena lortze aldera.

Proiektu honek arrakasta izango badu, honek izan behar du haren oinarria: irakaskuntza arautuan zalantzan jarri ezinezkotzat jotzen diren egoera eta baldintza guztiak ezarri eta indarrean jartzea segurtatzen duen programa bat lortzea.

Ildo beretik, prozesu honek arautzen duen zerbitzuak hauek aurreikusten ditu: argitalpenak eta aldizkariak sortzea, eta bai Glotodidaktika Kabineteak sortzen dituen idatzizko eta ikus-entzunezko materiala argitaratu eta egitea, eta horrek guztiak euskara helduen artean sustatu eta zabaltzera jo behar du.

Euskarak, Euskal Herriaren kultura-ondare denez, Erkidego osoaren mailako plangintza orokor bat eskatzen du, Hezkuntza eta Kultura Sailari atxikita dagoen ente batean bildu behar dena; edozelan ere, ente horretan parte hartu behar dute eta ordezkatuta egon behar dute ezarri beharreko programa komuna berronesten duten erakunde publikoek.

Edukiaren eta xedeen berezitasuna dela eta, euskaltegietako irakaskuntzak hezkuntza-sistema orokorretik aparteko gisa hartzen dira. Hori gorabehera, horien izaerak eta esangurak aplikazio-eremuan mailaz maila doakotasunera jotzea eskatzen dute.

Lau tituluk, xedapen gehigarri batek, xedapen iragankor batek eta azken xedapen bik osatzen dute lege-proiektu hau.

Lehenengo tituluak “Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen eta Euskaltegiak Araupetzea”ren izaera eta eginkizunak ditu gai; bera sortzen du zuzenbide publikoko erakunde gisa, nortasun juridiko propioa duena eta Autonomia Erkidegoko Administraziotik independentea dena, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailari atxikia dena; eta eginkizun hauek esleitzen dizkio: euskara helduei irakastekoak, biztanleen berreuskalduntzearen eta alfabetatzearen sustapena, beraren xedeetarako metodoen ikerketaren sustapena, materialen sorkuntza eta argitalpena, euskalduntze programen aplikazioa, zentroen sustapena, euskalduntze-erakundeentzako laguntza eta abar.

Bigarren tituluak, berriz, Institutuaren gobernu-organoak ezartzen ditu: Patronatu Artezkaria, Kontseilu Akademikoa, lehendakaria eta zuzendari nagusia. Legeak, organo horien eta haien eginkizunak arautzen ditu.

Hirugarren titulua euskaltegiei buruzkoa da; euskaltegiok titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan ahalko dira. Haien titulartasuna erabakitzen du; euskaltegi publikoetako zuzendariari eta idazkariari ematen zaizkien ahalmenak definitzen ditu eta horien izendapena arautzen du. Euskaltegi pribatuak homologatu gisa eta aske gisa sailkatzen ditu. Baita ere arautzen du zelan egin behar den inskripzioa Erregistroan, zelan bukatu behar diren jarduerak, zein diren dirulaguntzadun euskaltegi pribatuei ezartzen zaizkien eskakizunak, zein den erabili beharreko prozedura irakasleen lanpostu hutsak betetzeko, eta zein diren Hezkuntza eta Kultura Sailari eratxikitakoak. Baita ere aurreikusten da zein den euskaltegiei eman beharreko funts publikoen eta dirulaguntzen prozedura.

Laugarren tituluan organismo autonomoaren araubide ekonomikoa arautzen da; haren baliabideak izango dira haren titulartasuneko ondasunak eta atxikita dituenak, horien fruituak eta errentak, aurrekontuetan horretarako izendatzen diren kontsignazioak, aldundien, udalen eta abarren ekarpenak, haren jardueren diru-sarrerak eta abar.

Xedapen gehigarriak Institutuaren kontrol parlamentarioa aurreikusten du.

Xedapen iragankorrak hauek arautzen ditu: udal-euskaltegiak publiko bihurtzeko prozedura, HABEko irakasleen kidegoa sortzea eta euskaltegi pribatuen homologazioa; hori ez ezik, euskaltegi pribatuen titulartasuna aldatzeko prozeduraren arautzea aurreikusten da.

Azken xedapenetako lehenengoak baimena ematen dio Jaurlaritzari lege hau garatzeko, azken xedapenetako bigarrenak zehazten du noiz jarriko den indarrean lege hau.

I. TITULUA
Izaera eta eginkizunak

1. artikulua

“Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen eta Euskaltegiak Araupetzea” sortzen da, zuzenbide publikoko erakunde gisa, nortasun juridiko propioa duena eta Autonomia Erkidegoko Administraziotik independentea dena; institutu horrek jardungo du gaitasun osoa duela bere xedeak betetzeko. Hezkuntza eta Kultura Sailari atxikita egongo da organismo autonomo administratibo gisa.

2. artikulua

Honako hauek izango dira HABEren eginkizunak:

a) Euskara helduei irakastea, eta bai Euskal Herrian horien euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatu eta sustatzea ere, hizkuntza-politikaren arloan Jaurlaritzan eskumena duen organoak ematen dituen gidalerroen arabera.

b) Ikerketa sustatzea, eta xedeak betetzeko egokiak diren bide, metodo eta tresnak bilatzea.

c) Material pedagogiko-didaktikoak sortu eta argitaratzea.

d) Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programak aplikatzea xede horiek betetzeko sortzen diren zentroetan.

e) Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko zentroen sorkuntza sustatzea, betiere ahaleginak eginez arrazoizko plangintza bat egiteko, eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuz.

f) Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko atazak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuei laguntzea, eta bai plan berezietarako hitzarmenak sinatzea ere.

g) Hezkuntza eta Kultura Sailari proposamena egitea, euskaltegietan helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastaroak gainditzen dituztenei gaitasun-ziurtagiriak edo diplomak eman dakizkien.

h) Oro har, bere eskumeneko gaietan organismo publiko eskudunek agintzen dizkioten mota guztietako jarduketak egitea.

II. TITULUA
HABEko gobernu-organoak

3. artikulua

HABEko gobernu-organoak honako hauek izango dira:

a) Patronatu Artezkaria.

b) Kontseilu Akademikoa.

c) Lehendakaria.

d) Zuzendari nagusia.

4. artikulua

Honako hauek izango dira HABEko Patronatu Artezkarikoak:

a) Lehendakaria: Hezkuntza eta Kulturako sailburua edo beraren eskuordea izango da, horretarako ematen zaizkion eskudantziekin.

b) Patronatukideak:

1. Hizkuntza-politikarako idazkaria.

2. Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-aldundien ordezkari bana.

3. Hezkuntza eta Kultura Sailaren ordezkari bi, gutxienez zuzendari-maila izan eta sailburuak izendatutakoak direnak.

4. Euskaltzaindiaren ordezkari bat.

5. Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ordezkari bat.

6. Euskaltegi publikoetako irakasleen artetik eta HABEko zerbitzu pedagogiko-didaktikoetara atxikitako gainerako langileen artetik hautatutako hiru ordezkari.

7. HABEko zuzendari nagusia, idazkari gisa jardungo duena, hitzarekin baina botorik gabe.

5. artikulua

HABEko Patronatu Artezkariak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) HABE ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, edozelako egintza edo kontratuetan eta edozein pertsona edo erakunderen aurrean, betiere horretarako behar diren ahalak emanez.

b) HABEren xedeak betetzen direla jagotea.

c) HABEren funtzionamendu-arauak ematea, lege honek eta bera garatzen duten erregelamendu-xedapenek xedatzen dutenaren esparruan.

d) Jaurlaritzari HABEren jarduketa-programak aurkeztea, berak esleituta dituen eginkizunen esparruan.

e) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea, Jaurlaritzari eramateko.

f) Institutuaren urteko memoria onestea.

g) Lege eta erregelamenduetan esleitzen zaizkion beste guztiak.

6. artikulua

Patronatu Artezkariak bere funtzionamendua eta erabaki-araubidea lotuko dizkio, 1958ko uztailaren 17ko Administrazio Prozeduraren Legean, oro har, kide anitzeko organoentzat ezarritakoari.

7. artikulua

Kontseilu Akademikoa, zuzendari nagusiaren zuzendaritzapean, Institutuko arlo akademikoen eta pedagogikoen arduradunek eta euskaltegietako zuzendariek osatuko dute; horiek Patronatu Artezkariak izendatuko ditu, behin zuzendari nagusiak proposamena egin eta gero. Horien kopurua HABEren arau organikoek zehaztuko dute; arauok, berriz, dekretuz ezarriko dira.

8. artikulua

Kontseilu Akademikoak Patronatu Artezkariari eta zuzendari nagusiari emango die aholkularitza, eta berak gai akademiko eta pedagogikoetan komenigarri irizten dien proposamenak aurkeztuko dizkie haiei, eta, era berean, Institutuaren arau organikoek agintzen dizkioten gainerako eginkizunak egikarituko ditu.

9. artikulua

HABEko berezko lehendakaria Hezkuntza eta Kulturako sailburua izango da. Berari dagozkio: Institutuaren ordezkaritza ofiziala, Institutuaren zerbitzuen goi-gainbegiratzea eta koordinazioa, Patronatu Artezkariaren erabakiak betetzen eta exekutatzen direla jagotea, eta HABEko beste organo batentzat beren-beregi gorde gabeko eginkizun guztiak.

10. artikulua

1. HABEko zuzendari nagusiak zuzendari-maila izango du, eta Jaurlaritzak dekretuz izendatuko du, Hezkuntza eta Kulturako sailburuak behin proposamena egin eta Patronatu Artezkariak aztertu ondoren. Honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Lehendakariari laguntza ematea, HABEren estatutuak eta HABEk eratxikita dauzkan helburuak eta xedeak jagoteko eta horiek betetzeko.

b) Patronatu Artezkariaren erabaki eta ebazpenak exekutatzea.

c) HABEren urteko aurrekontuen aurreproiektua gertatzea.

d) Institutuaren urteko txostena gertatzea.

e) Patronatu Artezkariari, aldian-aldian eta honek eskatzen duen guztietan, Institutuaren ibilerari buruzko txostenak ematea.

f) Patronatu Artezkariari proposamenak egitea bere mendeko izango diren izendapen askeko karguak izendatzeko.

g) Patronatu Artezkariko idazkari gisa jardutea.

h) Legeek eta erregelamenduek eratxikitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Gai akademiko eta pedagogikoei buruzko erabakietan, kontuan izan beharko ditu Kontseilu Akademikoak horretarako egiten dituen txostenak.

11. artikulua

HABEren arau organikoak Patronatu Artezkariaren dekretu batez eta patronatuak berak zuzendariaren bitartez proposatuta onetsiko dira; bada, arauok zehaztuko dituzte, lege honetan xedatutakoaren arabera, Institutuaren unitate organikoen eta HABEren mendeko euskalduntze-zentro edo euskaltegien antolaketa eta funtzionamendua. HABEren mendean zuzenean ez dauden euskaltegiak eraenduko dira hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua

HABEn, zerbitzu-mailako glotodidaktika aplikatuaren kabinete bat izango da. Eginkizun hauek izango ditu: euskararen irakaskuntzarekin zerikusia duten eskuarte, baliabide eta sistema metodologikoak ikertu eta hedatzea; irakasleak prestatu eta birziklatzea; helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko zentroetan garatu beharreko programen irakasle-koordinazioa eta koordinazio didaktiko-pedagogikoa, eta HABEren arau organikoek eratxikitzen dizkioten gainerakoak.

III. TITULUA
Euskaltegiez

13. artikulua

Euskaltegiak publikoak eta pribatuak izan daitezke. Publikoak dira Jaurlaritzaren dekretuz sortu eta HABEri atxikitakoak, eta foru-aldundiek, udalek edo horien mendeko erakundeek sortutakoak. Ahalmen akademiko guztiak izango dituzte.

Pribatuak dira pertsona fisikoen nahiz izaera pribatuko pertsona juridikoen titulartasunekoak.

14. artikulua

Euskaltegiaren titularra izango da HABEn beraren lehendakariaren ebazpenez sortzen den Erregistroan titular gisa ageri den pertsona fisiko edo juridikoa.

15. artikulua

1. Euskaltegi publiko guztietan zuzendari bat eta idazkari bat izango dira gutxienez.

a) Euskaltegiko zuzendariari dagozkio: haren ordezkaritza ofiziala izatea; indarrean dagoen araudia betetzen dela jagotea; euskaltegiari atxikitako langile guztien burutza egikaritzea; euskaltegiaren aurrekontua gertatu eta haren funtsak zuzen kudeatzea; jarduera akademikoak koordinatzea, eta euskaltegiak zuzen funtzionatzeko agintzen zaizkion gainerako guztiak.

b) Idazkariari dagokio, zuzendariak ontzat emanaz, ziurtagiriak luzatzea, eta euskaltegiaren administrazio-kudeaketarekin zerikusia duen guztia eramatea, baldin eta hori zuzendariari beren-beregi eratxikita ez badago, zuzendariarekin lankidetzan jardutea honek agintzen dizkion arazo guztietan, eta erregelamenduz eratxikitzen zaizkion gainerako guztiak.

c) HABEri atxikitako euskaltegi publikoetako zuzendariak HABEren Patronatu Artezkariak izendatu eta, hala egokituz gero, kenduko ditu, behin zuzendari nagusiak proposamena egin eta irakasleen klaustroari entzun eta gero.

Foru-aldundien edo udalen mendeko euskaltegi publikoetako zuzendariak euskaltegiaren korporazio titularrak izendatu eta, hala egokituz gero, kenduko ditu, Hezkuntza eta Kultura Sailak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten pertsonen artetik eta HABEren euskaltegietarako ezarritako prozeduraren antzekoa denari jarraituz.

d) Euskaltegietako idazkariak HABEko zuzendari nagusiak edo euskaltegiaren korporazio titularrak izendatu eta, hala egokituz gero, kenduko ditu, euskaltegiko zuzendariak proposamena egin eta gero, Hezkuntza eta Kultura Sailak horretarako ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artetik. Erregelamendu bidez erabakiko da zenbat dirauten kargu horiek eta zein den kargu horiek aukeratzeko prozedura.

2. Euskaltegi bakoitzaren barne-araubidearen erregelamenduak beste organo batzuk ezarri ahal izango ditu parte hartu eta gobernatzeko, lege honetan xedatutakoaren arabera.

16. artikulua

Euskaltegi pribatuak izan daitezke:

a) Homologatuak: ahalmen akademiko osoak izango dituztenak, Hezkuntza eta Kultura Sailak, erregelamenduz ezartzen den moduan, horrelakotzat sailkatuta egoteagatik. Hezkuntza eta Kultura Sailak, bi urtez behin, berronetsiko du euskaltegi homologatuaren izaera, hori egitea beharrezkoa denean.

b) Libreak: hogeigarren artikuluak aipatzen dituen diplomak edo ziurtagiriak lortzeko gainditu beharreko probak eratzeko gaitasunik ez dutenak. Euskaltegi publiko bati atxikita egon beharko dute, eta euskaltegi publiko horretako irakasleek egingo dizkiete azterketak ikasleei, hogeigarren artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako.

17. artikulua

Euskaltegi guztiek inskribatuta egon beharko dute, hamalaugarren artikuluak aipatzen duen erregistroan. Euskaltegiaren jardueren bukaera Erregistroari jakinarazi behar zaio emango duen azkeneko ikasturtea hasi baino urtebete gutxienez lehenago.

18. artikulua

Dirulaguntzadun euskaltegi pribatu guztietan zuzendari batek eta idazkari batek gutxienez izan beharko dute; haien eginkizunak euskaltegi publikoetarako ezarritako eginkizunen antzekoak izango dira, eta euskaltegiaren titularrak izendatuko ditu. Euskaltegi horien urteko balantzea, nominen abonua justifikatzeko agiriak eta gainerako kontabilitate-dokumentuak edonoiz eskatu ahal izango dituzte HABEren zerbitzuek.

19. artikulua

Euskaltegi publiko batean irakasle-plaza bat hutsik geldituz gero, haren titularrak merezimendu-lehiaketa baterako deialdia egingo du hura betetzeko; lehiaketa horretan parte hartu ahal izango dute euskaltegi publikoetan aktiboan dauden irakasle guztiek, deialdian ezartzen den moduan.

Lanpostu hutsa betetzen ez bada aurreko paragrafoan ezarritako moduan, euskaltegiaren titularrak hautapen-probetarako deialdi askea egingo du.

20. artikulua

Hezkuntza eta Kultura Sailari dagozkio HABEko Patronatu Artezkariak proposamena egin eta gero: euskaltegi publikoetan eta pribatu homologatuetan ematen diren irakaskuntzen antolaketa orokorra eta ikuskapena, eta irakaskuntza horien irakasleei eskatzen zaizkien titulazioak arautzea, bai eta euskaltegietarako eraikinek bete beharko dituzten baldintza teknikoak, eta, oro har, irakaskuntza-jarduerei dagokien guztia. Era berean, sail horrek arautuko ditu alfabetatze eta euskalduntze-irakaskuntzetan ezartzen diren zikloetako bakoitzaren amaieran luzatu beharreko diploma eta ziurtagiriak ere.

21. artikulua

Udal-euskaltegientzako funts publikoen eta pribatu homologatuentzako dirulaguntzen araubidea erregelamenduz arautuko da. Xede horietarako izendatutako funtsak HABEren urteko aurrekontuei erantsiko zaizkie.

IV. TITULUA
HABEren araubide ekonomikoaz

22. artikulua

Institutu hau Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko organismo autonomoa den bitartean, haren araubide ekonomiko-finantzarioa eraenduko da horri buruz indarrean dagoen araudi bereziaren arabera.

23. artikulua

Honako hauek dira HABEren ogasun eta baliabideak:

— Bere titulartasuneko ondasunak edo atxikita dituenak, unean-unean indarrean dagoen ondareari buruzko legearen arabera.

— Ondasun horien ekoizkinak eta errentak.

— Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrek esleitzen dizkioten funtsak.

— Foru-aldundien, udalen edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuen ekarpenak.

— Institutuaren jarduerek haren eskumenen eremuan sorraraz ditzaketen diru-sarrerak.

— Eratxiki dakiokeen beste edozein baliabide.

Xedapen gehigarria

Urtero, ekitaldia bukatu eta ondorengo lehenengo hiruhilekoaren barruan, Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko zaio Institutuaren kudeaketa-memoria, bai eta hurrengo ekitaldiari dagokion programa ere.

Xedapen iragankorra

1. Oraingo udal-euskaltegiak euskaltegi publiko bihurtu ahal izango dira, behin korporazio titularrak eskabidea eginda, erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen direla HABEren organo eskudunak egiaztatu eta euskaltegiak hamalaugarren artikuluak aipatzen duen HABEren Erregistroan inskribatu ondoren.

2. Jaurlaritzak Legebiltzarrari lege-proiektu bat bidaliko dio, lege hau indarrean jartzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epearen barruan, HABEko pedagogia-irakaskuntzako langileen kidegoa sortzeko.

Kidego horretan oposizioz, oposizio-lehiaketaz edo lehiaketaz sartu ahal izango da; azken kasu honetan lehentasunezko merezimendu izango dira helduak alfabetatzearen eta euskalduntzearen gaietan, Kultura Sailean eta Hezkuntza eta Kultura Sailean egindako zerbitzuak.

Halaber, udal-euskaltegietan egindako zerbitzuak ere merezimendutzat zenbatu ahal izango dira, horretarako deialdian jartzen den modu berean.

3. Lege hau indarrean jartzean jardunean ari diren euskaltegi pribatuek homologazioa eskatu ahal izango dute xedapen honen lehenengo paragrafoan ezartzen den moduan, eta laguntzen araubidea izaten jarraituko dute erregelamenduz ezartzen den moduan.

4. Erregelamenduz ezarriko da bete behar den prozedura, zertarako eta arrazoi historikoak direla-eta gaur egun ekimen pribatukoak izan baina euskaltegi publiko bihurtu nahi duten euskaltegien titulartasuna aldatzeko. Nolanahi ere, alde interesdunek hori nahi izatea beharrezkoa izango da.

Azken xedapenak

Lehenengoa

Jaurlaritzari eta Hezkuntza eta Kultura Sailari baimena ematen zaie, bakoitzak bere eskumenen eremuan behar diren xedapenak emateko, betiere lege honetan xedatutakoa garatu eta aplikatze aldera.

Bigarrena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.


8.2.6. 3/1985 Legea, otsailaren 27koa, "ARARTEKOA" instituzioa sortu eta arautzekoa[492]

ZIOEN AZALPENA

8. Bukatzeko, instituzioaren izenak oinarri du euskal zuzenbide publikoaren sisteman berria den instituzio bati izen berri jartzeko beharrizanen, Horri dagokionez, komenigarri ematen du izena euskaraz jartzeak.

Bestalde, instituzioa berria da. Egia esan, aurrekoak izan ditu, bai Gaztelaren eraginpeko euskal lurraldeetan, bai Pirinio-aldeko erresumetako lege-tradizioetan errotutakoetan ere. Baina, hala ere, ez dago horiek parekatzerik. Aurreko horiek, Arabako Sindiko Prokuradore Nagusia adibidez, monarkia absolutuaren instituzio publikoei eta gizarte estamentalari lotzen zaizkie, eta instituzio horiek estamentu baten pribilegioak defendatuko dituzte beste estamentu batzuen aurka, edo jaun feudalaren edo erregearen aurka. ARARTEKOa erabat bestelakoa da, estamentalismotik berdintasun-printzipiora eta pribilegiotik guztien eskubide edo askatasunera igarotzen den neurri berean.

[…]


8.2.7. 6/1986 Legea, maiatzaren 27koa, Consejo de La Juventud de Euskadi / Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzkoa[493]

I. KAPITULUA
Definizioa eta eginkizunak

2. artikulua

1.2 artikuluak aipatzen dituen xedeen barruan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari honako eginkizun hauek dagozkio:

i) Euskal gazteriarengan euskararen eta Euskal Herriaren kultura eta historiaren ezagutza eta garapena sustatzea.


8.2.8. 10/1988 Legea, ekainaren 29koa, Ikastolak eta Eskola Publikoa biltzekoa[494]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Asmo horren oinarriak hauek dira: ikastola gehienek zentro publiko bihurtzeko behin eta berriz azaldu duten nahia; Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza propioa zaindu eta zabaltzeko haiek egindako lan garrantzitsua, zeina ikastolak ikastetxe berezi gisa definitzen dituzten araugintzako aurrekari askotan aitortua baita; eta Jaurlaritzaren programa-helburuak.

[…]

TITULU BAKARRA

2. artikulua

1. Horretarako, baimena ematen zaio Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazioari, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bidez, ikastolen titularrekin hitzarmen bereziak sinatzeko; hitzarmen horietan honako alderdi hauek nahitaez agertu beharko dute:

i) Ikastolako unitateak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitzea, horiek programazio eta plangintza orokorrean kontuan hartuak izateko. Ildo horretatik, ikastolak 1987ko abenduaren 18a arte zituen lerroen eta hizkuntza-ereduen kopurua errespetatu eta indartuko dira.


8.2.9. 11/1988 Legea, ekainaren 29koa, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea sortzekoa[495]

I. TITULUA
Soin hezkuntzako Euskal Erakundearen araubide juridikoa

2. artikulua

1. Honako xede hauek izango ditu Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeak:

a) Gorputz hezkuntzako ikasketa-titulartasuna eskuratzeko ezagutzak eta prestakuntza ematea, hala behar izanez gero, hirugarren zikloa, indarrean dagoen legeriaren arabera. Irakaskuntza Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan emango da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legearen arabera.


8.2.10. 13/1988 Legea, urriaren 28ko, Euskadiko Eskola-kontseiluei buruzkoa[496]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

3. artikulua

Irakaskuntzaren programazio orokorrak helburu hauek lortzera joko du batez ere:

f) Euskararen normalizazioa eta erabilera hezkuntza-eremuan bultzatzea.

I. TITULUA
Euskadiko Eskola Kontseiluaz

14. artikulua

Euskadiko Eskola Kontseiluari nahitaez eskatu beharko zaio aholkua ondorengo gaietarako:

g) Irakaskuntza-maila bakoitzeko ereduetako hizkuntza-helburuak eta hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza egiteko oinarrizko irizpideak finkatzeko.


8.2.11. 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa[497]

ZIOEN AZALPENA

[…]

V. Uko egin ezinezko eginbeharra da administrazio elebiduna egitea, berak zerbitzatzen duen herriaren eskari legitimoak asebetetzen dituena: bada, legeak funtzio publikoaren hizkuntza-normalizazioari heltzen dio V. tituluan. Horretarako, legeak bere formulazioa egiten du, horrela legegintzako aurrekarietan hezurmamitutako egiturarekin bat eginez hizkuntza-eskakizuna oinarri harturik, eskakizun hori lanpostuari datxekion osagai gisa. Ikuspuntu hori oinarritzat hartuz, funtzio publikoaren arloari buruzko arau-formulazioak hiru alde ukitzen ditu: eskakizuna lanpostuan sartzeko baldintza gisa eratzea haren derrigortasunak eragina duen unearen arabera bereizita; lanpostuetan sartzeko deialdiak hizkuntza-beharrizanei egokitzea, administrazioei bide emanez unean-unean dauden giza eskuarteen eskariei aurre egiteko zuzkidura egokia ipintzeko, eta, azkenik, hizkuntza-eskakizuna eskatzerik ez denean, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzea.

[…]

II. TITULUA
Funtzio publikoaren egituraz eta antolaketaz

I. KAPITULUA
Lanpostu-zerrendak

15. artikulua

1. Lanpostu-zerrendek honako hauek adieraziko dituzte nahitaez horietako bakoitzeko:

d) Hori betetzeko eskatutako baldintzak, horien artean derrigor agertu beharko dute hizkuntza-eskakizunak eta horren derrigortasun-datak, eta

III. TITULUA
Euskal administrazio publikoetako funtzionarioez

VIII. KAPITULUA
Funtzionarioen diziplina-araubidea

I. atala
Faltak

83. artikulua

Honako hauek dira falta oso astunak:

b) arraza, sexu, erlijio, hizkuntza, iritzi, jaioleku edo auzotasun-leku edo beste edozein izaera edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta, diskriminazioa dakarren edozein jarduketa,

V. TITULUA
Hizkuntza normalizazioaz

97. artikulua

1. Euskara eta gaztelania dira euskal administrazio publikoetako hizkuntza ofizialak, eta bi hizkuntzon erabilera bermatu beharko dute administrazio horiek beren barneko zein kanpoko harremanetan.

2. Esandako ondorioetarako, administrazioetan dauden lanpostuetako bakoitzak bere hizkuntza-eskakizuna esleitua izango du. Hizkuntza-eskakizunak zehaztuko ditu lanpostua betetzeko eta hor lan egiteko beharrezko diren euskarazko gaitasun-maila linguistikoak. Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez den artean, euskaraz jakiteari, bai lanpostuak betetzeko eta kanpoko aukeraketak egiteko, merezimendu gisa eman beharko zaion balioa zehazteko soilik izango da.

3. Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa izaten hasten den datatik aurrera, lanpostu bakoitzera heldu eta hor lan egiteko nahitaezko eskakizuna izango da hizkuntza-eskakizuna betetzea. Hori gorabehera, Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak proposatuta, erregelamenduz zehaztuko du zein kasutan, salbuespenez eta modu objektiboan antzeman daitezkeen inguruabarrengatik, lanpostu bateko titularra izan daitekeen salbuetsia lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna betetzetik.

4. Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak, zehaztuko ditu hizkuntza-eskakizunak, baita, aldizka, lanpostu bakoitzari ezarri beharreko irizpideak ere.

5. Euskal administrazio publikoetan dauden lanpostuetako bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna, baita horren derrigortasun-data ere, haien organoek ezarriko dituzte Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak txostena egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak horretarako zehaztuko dituen irizpideen arabera.

6. Bai hizkuntza-eskakizuna eta bai, hala behar izanez gero, derrigortasun-data ere, lanpostu-zerrendetan nahitaez azaldu behar duten berezitasunen barruan sartu beharko dira.

7. Hizkuntza-eskakizunak nahitaez aplikatzeko irizpideek administrazio bakoitzean dauden lanpostuetarako ekitatez eta proportzionaltasunez jokatzea izango dute xede, lanpostuko eginkizunari dagokion kidego, eskala, maila edo titulazio-taldea dela eta, inolako desberdintzerik egin gabe.

8. Euskal administrazio publikoak ahaleginduko dira beren zerbitzuko langileek behar bezalako hizkuntza-gaikuntza izan dezaten, horretarako beharrezko diren neurriak hartuz.

98. artikulua

1. Euskal administrazio publikoen zerbitzuan sartzeko hautaprobetarako deialdien edukia langile sartu berriekin bete beharreko lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunei egokituko zaie.

2. Esandako ondorioetarako, plaza baterako deialdiaren jatorria nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostua denean, lanpostu horretan sartzeko nahitaez eskatuko da eskakizuna betetzea. Eskakizunaren betetzea eskatu ahal izango da, deialdiaren oinarrietan zehazten denaren arabera, edo hautaprobetan, edo funtzionario izatera heldu aurretiko prestakuntza-ikastaroan eta praktika-aldian zehar egiaztatuz.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, hizkuntza-eskakizuna prestakuntza-ikastaroaren bidez egiaztatu behar den kasuetan, eskakizuna bete beharra deialdia argitaratzen den egunean hori nahitaezkoa duten plazak betetzeari buruzkoa izan daiteke, baita derrigortasun-data prestakuntza-ikastaroa eta praktika-aldia baino lehenagokoa duten plazei buruzkoa ere izan daiteke. Hauetan sartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik egiaztatzea, hautaproben bidez, plaza betetzeko eskatutako hizkuntza-eskakizuna baino bi maila beheragokoa. Lanpostuari dagokion eskakizuna euskara gutxiago jakitea adierazten duten lanpostu bietako bat den kasuetan, hautaprobetan euskara merezimendu gisa balioetsiko da.

4. Hautaprobetan ezein hizkuntza-eskakizunik bete beharrik ez dagoenean, euskaraz jakitea merezimendutzat hartuko da. Horren balioespena ezarriko da, plazaren kidego edo eskalak bete ditzakeen lanpostuei esleitutakoen artean nagusi den hizkuntza-eskakizunaren arabera, eta horren ehunekoa ez da inoiz ere hautaketa-prozesu guztian lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko bostetik beherakoa, ez eta ehuneko hogeitik gorakoa ere izango.

Lanpostua betetzeko euskaraz jakitea merezimendutzat hartu behar den kasuetan, aurreko paragrafoan ezarritako irizpideari jarraituko zaio.

99. artikulua

1. Hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak zehaztuko ditu kasu bakoitzean beharrezko izango den euskararen ezagutza ebaluatzeko proben edukia eta forma, eta horiek euskal administrazio publiko guztientzat berdinak eta guztiek aplikatu beharrekoak izango dira.

2. Euskal administrazio publikoetan sartzeko hautaketa-prozesuetako epaimahai kalifikatzaileetan Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagokion ordezkaritza galarazi gabe, institutu horren ordezkari bat izango da epaimahaikide deialdian eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko egiten diren probetan. Ordezkaritza hori beharrezko izango da, ondorio berberetarako, lanpostuak betetzeko lehiaketak kalifikatzen dituzten batzordeen osaeran ere.


8.2.12. 5/1990 Legea, ekainaren 15ekoa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzkoa[498]

III. TITULUA
Hauteskunde-administrazioa

II. KAPITULUA
Hauteskunde-batzordeak

III. atala
Antolaketa eta eginkizunak

36. artikulua[499]

3. Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordearen erabakiak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzita, web-orri batean sartuko dira, ondorio hauetarako gaituko dena.

III. KAPITULUA
Hauteskunde-atalak eta -mahaiak

1. atala
Hauteskunde-atalak

38. artikulua[500]

3. Hauteskundeetarako atal, mahai eta lekuen behin betiko zerrenda, euskaraz eta gaztelaniaz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 24.4 artikuluan aurreikusitakoa jarraituz argitaratuko da.

2. atala
Hauteskunde-mahaiak

44. artikulua[501]

1. Izendapena egin eta hurrengo hiru egun igaro baino lehen, horren berri eman beharko zaie interesdunei. Jakinarazpenarekin batera, mahaietako kideei jarraibide-liburu bat emango zaie beren eginkizunei buruz euskaraz eta gaztelaniaz. Hauteskunde-mahaietako lehendakari eta bokal izendatu dituztenek zazpi eguneko epea izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean adierazteko zergatik ezin duten kargua onartu, arrazoiak justifikatua eta dokumentatua izan beharko duelarik. Batzordeak gaiari buruzko erabakia hartzeko bost eguneko epea izango du, eta ezingo da errekurtsorik jarri erabakitakoaren aurka. Dena delako pertsona ordeztu beharra dagoela erabakitzen badu, horren berri emango dio lehen ordezkoari. Eskualdeetako hauteskunde-batzordeek, labur bada ere, azaldu egin beharko dute zergatik ez dituzten onartu dena delako pertsonak mahaiko kide ez izateko emandako arrazoiak.

V. TITULUA
Hauteskunde-prozedura

II. KAPITULUA
Hauteskunde-kanpaina

1. atala
Xedapen orokorrak

68. artikulua

3. Eusko Jaurlaritzak, hauteskunde-prozesuan, kanpaina instituzional bat egingo du, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko informazioa emateko eta horietan esku hartzera bultzatzeko. Argibide hauek emango ditu: bozketak noiz eta non izango diren, hautesleak nortzuk diren, botoa emateko prozedura zein den eta postaz nola eman daitekeen botoa, eta bozketaren inguruko gainerako izapideen berri; dena den, inola ere ez du eragingo hautesleen botoaren aukeran. Kanpaina instituzionalean hizkuntza ofizial bien erabilera bermatuko da, eta publizitatea aurrera eramateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko titulartasun publikoko komunikabideetako tarteak erabiliko dira, dohainik, eta baita autonomia-erkidegora mugatuta dauden Estatuaren titulartasunekoak ere.

4. atala
Hauteskunde-kanpainan komunikabideak erabiltzea

81. artikulua

6. Eusko Jaurlaritzaren mendeko komunikabide publikoetan, gutxienez, politika orokorrari buruzko eztabaida bat egingo da hizkuntza ofizial bakoitzean. Eztabaida horretan, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztietako hautagaiek parte hartuko dute.

Era berean, hizkuntza ofizial bakoitzean elkarrizketa bat egingo zaio aipatutako alderdiek izendatutako hautagaiari.

III. KAPITULUA
Hauteskundeetako boto-paperak eta gutun-azalak

91. artikulua

2. Boto-paper, gutun-azal eta hauteskundeei buruzko gainerako agirietako idazkiak Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetan inprimatuko dira.

X. KAPITULUA
Bozketa elektronikoari dagokion prozedura[502]

132 bis artikulua

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan azalduko dira hauteskunde-mahai bakoitzeko hautetsontzi elektronikoko softwarean eta botoa emateko pantailetan dauden mezuak, eta bai hauteskunde-agirietako testua ere.


8.2.13. 7/1990 Legea, uztailaren 3koa, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa[503]

III. TITULUA
Babes-araubidea

VII. KAPITULUA
Bibliografia-ondarea

66. artikulua

«Bibliografia-ekoizpen hauek joko dira euskal bibliografia-ondaretzat: Euskadin eta euskararen lurraldeetan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak, bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak, horien euskarria dena dela.

»Euskadiko bibliografia-ondarea, aurreko paragrafoan aipatutakoez gain, Euskadin dauden eta historia- edo kultura-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanek osatzen dute, horien euskarria dena dela».


8.2.14. 2/1992 Legea, maiatzaren 8koa, Lan Harremanen Kontseiluaren Zerbitzuko Langileen Antolamendurakoa [504]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua

Idazkari nagusiari dagokio:

g) Beharrezko neurriak hartzea Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean hizkuntza-normalizazioari buruz dauden aurreikuspenak Kontseiluaren barruan betetzeko beharrezko diren neurriak hartzea.


8.2.15. 4/1992 Legea, uztailaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzkoa[505]

II. TITULUA
Euskal Herriko poliziari BURUZ

II. KAPITULUA
Deontologiako arau-bilduma

«30 bis artikulua[506]

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak aintzat hartuko ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aitortutako hizkuntza-eskubideak, herritarrekin erlazionatzen direnean. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidegoak beren mende dituzten administrazioak ahaleginduko dira beren zerbitzura aritzen diren langileak behar bezala gaitzen gizarte elebidun batean zerbitzua emateko, eta, horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte eta kidego horietan euskara erabilia izan dadila sustatuko dute. Nolanahi ere, herritarrak zein hizkuntza aukeratu, horrexetan artatuko dute.

V. KAPITULUA
Aukeraketa

1. atala
Xedapen orokorrak

45. artikulua

1. Euskal Herriko polizia kidegoetan sartzeko deialdien edukia Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. tituluan ezarritako aurreikuspenei egokituko zaie, eska daitezkeen euskararen hizkuntza-gaitasun mailei dagokienez eta hizkuntza horren ezagutzari eman beharko litzaiokeen balioespenari dagokionez.

2. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egiten diren proben eduki eta forma Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ezarritako aginduei atxikiko zaizkie. Proba horietan, institutu horren ordezkari bat epaimahai kalifikatzaileko kide izango da.

III. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako kideen estatutu-araubidea

II. KAPITULUA

65. artikulua[507]

2. Lehiaketa da lanpostua betetzeko ohiko sistema. Lehiaketan, hautagaien gaitasunak lanpostuaren eginkizunetara egokitzen diren balioetsiko da.

Lanpostuak betetzeko deialdietan balioetsi beharreko merezimenduak definituko dira, zeinen artean hauek egongo baitira: antzinatasuna, gradu pertsonal zehatz bat edo garapen profesionalaren gradu jakin bat izatea –hala badagokio–, garatutako lanaren balioespena eta euskararen ezagutza-maila egiaztatua, hura bete beharreko baldintza ez denean.

Era berean, deialdian hala ezartzen denean, hauek guztiak ere agertu ahalko dira: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak; titulazioak eta gradu akademikoak; hizkuntzen ezagutza edo irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduera eta bete beharreko lanpostuak berezko dituen ezaugarrien arabera egokiak izan daitezkeen guztiak.

Xedapen iragankorrak

Bosgarrena.— Ertzaintzako lanpostu-zerrendak onetsi artean, zeinak hizkuntza-eskakizunei dagokienez azken xedapenetako lehenengoaren 2. apartatuak adierazitako araudiaren aurreikuspenei jarraituko zaizkien, euskaraz jakitea merezimendu izango da lanpostuan sartzeko eta lanpostuak betetzeko egiten diren deialdietan. Balioespenaren ehunekoa ez da inoiz ere hautaketa-prozesu guztian lor daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko bostetik beherakoa, ez eta ehuneko hogeitik gorakoa ere.

[…]


8.2.16. 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa[508][509]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuak 16. artikuluan dioenez, irakaskuntzari buruzko eskumen osoa du, betiere Konstituzioaren 27. artikuluak eta hura garatzen duten lege organikoek ezarritakoari, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei eta hura betetzeko eta garatzeko behar den goi-ikuskatzailetzaren kaltetan gabe. Autonomia-erkidego honek, bestalde, baditu hezkuntza-sistemak kontuan hartu beharreko berezko kultura-ezaugarriak: bi hizkuntza ofizial, zeinen garapenerako lagundu behar duen sistema horrek, eta hizkuntza-eremuan gainditzeko dauden zenbait gatazka, konponbidea eskatzen dutenak.

[…]

Lehenengo tituluan euskal eskola publikoaren hastapen orokorrak eta helburuak jasotzen dira eta haren ezaugarriak zein diren zehazten: aniztuna, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte eta kultura mailan bere ingurunean sustraitua, partaidetzakoa, ezberdintasunen berdintzaile eta dibertsitateen bateratzaile izango da.

[…]

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, eskumen osoa du irakaskuntzaren arloan, betiere Konstituzioaren 27. artikulua eta hura garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari eratxikitzen dizkion ahalmenak eta hura betetzeko eta garatzeko behar den goi-ikuskapena galarazi gabe. Autonomia-erkidego honek, bestalde, baditu hezkuntza-sistemak kontuan hartu beharreko kultura-ezaugarri propioak: bi hizkuntza ofizial, zeinen garapenerako lagundu behar duen sistema horrek, eta hizkuntza-alorrean gainditzeko dauden zenbait gatazka, konponbidea eskatzen dutenak.

[…]

Legearen lehenengo tituluan euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta xedeak jasotzen dira, eta haren ezaugarriak zein diren zehazten: plurala, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzuan dagoena, gizarte eta kultura mailan bere ingurunean errotua, partaidetzakoa, desberdintasunen konpentsatzaile eta dibertsitatearen integratzailea izango da.

[…]

III. tituluak eskola publikoan euskarak duen tratamendua arautzen du. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen printzipioak errespetatuz, horietan sakontzen da, hezkuntza-administrazioak administrazioekin eta gizataldeekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko printzipioa ezartzen da eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana egitea aurreikusten da.

[…]

Eskola Publikoaren Legeak xedapen gehigarrietan interes bereziko gai bi jasotzen ditu:

[…]

2. Ikastolak, konstituzioaurreko aldian euskaraz irakasteko xede nagusiarekin sortu zirenak, 1978tik zabalduz joan dira, maiz botere publikoek konpondutako zailtasun ekonomiko eta materialekin, harik eta zentro-multzo bat osatu arte; horietatik asko ekainaren 29ko 10/1988 Legeak babesten dituen hitzarmen bereziez baliatu dira. Legeak, zazpigarren xedapen gehigarrian, ahalbidetzen du ikastolek askatasunez aukeratu ahal izatea sare publikora bildu ala zentro pribatu izan, eta Ikastolak eta Eskola Publikoa Biltzeko Legeak ezarritakoa bermatzen da, horrela hezkuntza-sistema behin betiko eta zalantza gabe bi saretan, publiko eta pribatuan, era dadin.

I. TITULUA
Euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta xedeak

3. artikulua

1. Euskal eskola publikoa, horko zentro bakoitza, plurala, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzuan dagoena, gizarte eta kultura mailan bere ingurunean errotua, partaidetzakoa, desberdintasunen konpentsatzaile eta dibertsitatearen integratzailea izango da.

2. Honako hauek dira euskal eskola publikoaren xedeak:

g) Ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen erabilera indartuz eta normalizazioari lagunduz.

4. artikulua

Aurreko artikuluan adierazitako xedeak erdiesteko, euskal eskola publikoak ondorengo eskuarteak izango ditu:

c) Beren beharrizanei erantzuteko lanbide- eta hizkuntza-eskakizunen jabe izango diren irakasleak.

d) Eskolako zerbitzuen elebitasuna.

5. artikulua

3. artikuluan zerrendatutako xedeak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei honako eginkizunok izango dituzte, zeinak bere eskumenen eremuan:

e) Hizkuntza-ereduen plangintza, gurasoek eta ikasleek eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten, eta bai aukeratzeko askatasun hori bermatuko duten administrazio-bideen garapena ere.

II. TITULUA
Euskal eskola publikoan hezkuntza-eskubidea egikaritzeaz

8. artikulua

Euskal administrazio publikoek etengabe zainduko dute euskal eskola publikoko irakaskuntzaren kalitatea, zentro bakoitzeko hezkuntza-proiektuaren arabera; horretarako, xedeei egokituriko instalazioak eta ekipamenduak zuzkituko dituzte, zentroetan irakasle/ikasle ratioak egokituko dituzte, hezkuntza-proiektu eta curriculum-proiektu berezituak eta euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko dituzte, ikasleei psikologiazko, eskola-giroko eta lanbiderako orientabidea emango diete, eskolako langile guztien lan-baldintzak hobetuko dituzte, eta hezkuntza-beharrizanak asetzeko lagungarri izan daitezkeen neurri guztiak hartuko dituzte.

9. artikulua

2. Hezkuntza-administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan, eskolatzea eskatzen duten guztiak arian-arian zero urtetik aurrera ezarriko du hura, haurrak eskolatzeko dauden aukeren berri emanez hezkuntza-sektoreei. Nolanahi ere, ezarpen-prozesuan lehentasuna izango dute maila sozioekonomikorik apaleneko zonei eta, orokorrean, hezkuntzako beharrizan bereziak edo hizkuntza-beharrizanak dituzten ikasleek.

10. artikulua

5. Euskal eskola publikoan, hizkuntzaren normalizazioari laguntzeko behar diren neurri positiboak hartuko dira.

12. artikulua

1. Euskal eskola publikoan, ikasle guztiek hezkuntzaren maila guztietan euskaraz nahiz gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea bermatuko da.

2. Eskubide horren egikaritza eta botere publikoen eremu horretako ekintza garatuko dira, lege honen III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoaren esparruan.

III. TITULUA
Euskara euskal eskola publikoan

18. artikulua

Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan garatzen diren irakaskuntza-programetan, zertarako eta bi hizkuntzetan ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohiko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen.

19. artikulua

1. Hezkuntza-administrazioak arreta bereziz zainduko du aurreko artikuluan araututako helburua.

2. Ondorio horietarako, eta 12. artikuluan aurreikusitako xedeetarako, urtero berrikusiko dira irakaskuntzaren programazio orokorraren esparruan ikasleen zentroekiko hurbiltasunari buruzko irizpide orokorrak.

Halaber, hezkuntza-administrazioak laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango dizkie gainerako administrazioei eta gizarte-erakundeei.

3. Irakaskuntzaren hizkuntza-plangintza burutuko da Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak ezartzen duen hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuz.

4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egingo du irakaskuntzako hizkuntza-plangintzaren irizpide orokorren aplikazioaren jarraipena, betiere hizkuntza-plangintza orokorraren jarraipenerako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak dituen eskumenak galarazi gabe.

5. Euskadiko Eskola Kontseiluak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko irakaskuntzaren egoerari buruzko urteko txostenean, apartatu berezia eskainiko dio aurreko artikuluan araututako helburuaren betetze-maila balioesteko. Apartatu horretan bertan, euskara derrigorrezko ikasgai baino ez den kasuetan euskara benetan ikasteko eta haren erabilera bultzatzeko behar diren neurriei buruzko gomendioak emango ditu.

20. artikulua

1. Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposamena eginda, dekretu bidez onetsiko du hizkuntza-ereduen araubidea, betiere lege honen 47. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe. Eredu horiek tresna dira, 18. artikuluan finkatutako hizkuntza-normalizazioaren helburua eta hezkuntza-sistema osoaren curriculum-edukien transmisioa kasuan-kasuan uztartzeko eskuarte egoki diren neurrian.

2. Aurreko apartatuan adierazten den eskumena egikaritzean, Jaurlaritzak kontuan izango ditu: ereduen hizkuntza- eta ikasketa-etekinaren ebaluazio globala eta, hala badagokio, zentroek, beren autonomia pedagogikoa egikarituz, aurkezten dituzten ekimenena.

3. Artikulu honen lehenengo apartatuan aipatutako araua onesteko prozeduran Euskadiko Eskola Kontseiluaren kontsulta eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren txostena hartuko dira kontuan.

21. artikulua

Jaurlaritzak hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza zehazten duten oinarrizko irizpideak arautuko ditu. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zentro bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduak esleituko ditu, eta horretarako gurasoen edo tutoreen borondatea eta zonako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuko ditu.

Hezkuntza-administrazioak baimena eman ahal izango du hezkuntza-maila batetik bestera igarotzean hizkuntza-ereduen aldaketa egiteko, baldin eta gurasoen edo tutoreen eskaera nahikoa izan eta plangintzak horretarako bide ematen badu.

22. artikulua

1. Euskal eskola publikoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta lege honek ezarritako helburuak lortzeko beharrezko diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango dituzte ikastetxe guztiek.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutuko du. Plan horrek izaera malgua izango du eta urtero berrikusiko da, eta bera gauzatzean irakasleak beren borondatez horri atxikitzeko ahaleginak egingo dira eta irakasleen lan-baldintzak errespetatuko. Planak zein beraren berrikuspenak Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena beharko dute.

3. Irakasleak euskalduntzeko planak, gutxienez, honako osagai hauek izango ditu:

a) Euskarazko eta euskararen irakaskuntzako eskariaren aurreikuspena.

b) Horren ondorioz, euskaraz eta euskara irakasteko kualifikazio bereziko zenbat irakasle behar diren kalkulatzea.

c) Irakasleek euren burua birziklatu eta euskalduntzeko zenbateko beharrizanak dituzten zenbatestea.

d) Aurreko apartatuetan adierazitako jarduketa guztiak burutzeko beharrezko diren baliabide finantzarioak aurreikustea.

23. artikulua

Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 17. artikuluan ezarritakoa betetzeko, autonomia-administrazioak beharrezko neurriak hartuko ditu euskal eskola publikoko zentroetako jardueretan euskararen ingurune-erabilera segurtatzeko, betiere eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-bizitza osoan euskararen erabilera ahalbidetze aldera.

V. TITULUA
Euskal eskola publikoko ikastetxeen autonomiaz

II. KAPITULUA
Euskal eskola publikoko ikastetxeen antolaketa-autonomia

4. atala
Zuzendariaz

33. artikulua

5. Haur Hezkuntzako zentro berezietan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak hautagaiak salbuetsi ahal izango ditu aurreko apartatuan ezarritako baldintzetako bat betetzetik, betiere, erregelamenduz zehazten denaren arabera.

6. atala
Zuzendaritza-taldeaz

37. artikulua

Hezkuntza-administrazioak ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen prestakuntza eta jarduketa hobetzeko behar diren neurriak hartuko ditu, besteak beste zentroaren hizkuntza-normalizazioko helburuaren araberako hizkuntza-trebakuntzara jotzen dutenak.

III. KAPITULUA
Autonomia pedagogikoaz

46. artikulua

1. Zentroaren hezkuntza-proiektuak eskola-erkidegoko sektoreek berenganatutako hezkuntza-aukera adierazten du; aukera horrek balioak eta oinarrizko helburuak identifikatuko ditu, eta zentroko jarduerak haiek lortzeko lotuta egongo dira.

Hezkuntza-proiektua integratzailea izango da, eta diskriminaziorik eza eta hezkuntza-integrazioa dira funtsezko balioak.

2. Hezkuntza-proiektuak ondorengo zehaztapenak jasoko ditu gutxienez:

b) Zentroaren ekintza definituko duten oinarrizko helburuak eta lehentasunak; besteak beste, ondorengoak jasoko dira:

[…]

Euskararen erabileraren normalizazioa lortzera bideratutako gidalerroak.

47. artikulua

Zentroaren curriculum-proiektuak hezkuntza-proiektua garatzen du irakaskuntzaren arloan. Gutxienez, ondorengo zehaztapenak izango ditu:

a) Ikasleen beharrizanei irakaskuntzaren alderdi guztietan egokitutako irakaskuntza-helburuak eta -edukiak, barruan hartuta zentroan indarrean dauden irakaskuntza elebiduneko ereduak aplikatzeari loturikoak.

52. artikulua

1. Zentroen ordezkaritza-organo gorenek unitate-kopurua aldatzea eta beren hezkuntza-eskariari egokitutako hizkuntza-ereduak ezartzea proposatu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

2. Sailak, ikasgela-kopuruaren aldaketari dagokionez erabakia hartzeko orduan, irakaskuntzaren programazio orokorra, giza eta diru-bitartekoak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak nahiz barrutiko eskola-kontseiluak aldian-aldian egiten dituen txostenak hartuko ditu kontuan.

3. Sailak hizkuntza-ereduak ezartzeari buruzko erabakia hartuko du lege honen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

[…]

Xedapen gehigarriak

Seigarrena.— Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 4., 6., 14. eta 18. artikuluak aldatu eta ondoan adierazten den moduan geratuko dira:

14. artikulua

Euskadiko Eskola Kontseiluari nahitaez eskatu beharko zaio aholkua ondorengo gaietarako:

g) Irakaskuntza-maila bakoitzeko ereduetako hizkuntza-helburuak eta hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza egiteko oinarrizko irizpideak finkatzeko.

Hamargarrena.— Lege honen 20. artikuluak aipatutako hizkuntza-ereduak irakaskuntza-sistema osoan ezarriko dira, publikoan nahiz pribatuan, eta honako hauek izango dira:

a) A eredua; curriculuma batik bat gaztelaniaz emango da, eta zenbait jarduera edo gai euskaraz eman ahal izango dira.

b) B eredua; curriculuma euskaraz eta gaztelaniaz emango da.

c) D eredua; curriculuma euskaraz emango da.

Hiru ereduetan gaztelania eta gaztelaniazko literatura, euskara eta euskal literatura eta hizkuntza modernoak beren jatorrizko hizkuntzetan irakatsiko dira nagusiki.

Xedapen iragankorrak

Hirugarrena.— Lege honen III. tituluak aipatzen dituen erregelamendu-xedapenak ematen ez diren bitartean, indarrean iraungo du Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuan xedatutakoak eta, halaber, gai horri buruz aplikagarri diren gainerako xedapen guztiek ere.

[…]


8.2.17. 2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzkoa[510][511]

ZIOEN AZALPENA

[…]

V. tituluan, “Hizkuntza-normalizazioa”ri buruzkoan, hautatzen den eskema homogeneoa da Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen eskemarekin eta, beraz, lanpostu bakoitzari hizkuntza-eskakizun bat esleituko zaio. Hala ere, langile sartu berriei dagokienez, lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna hasieratik egiaztatu beharrekotzat jotzen da xedapen gehigarrietako hamabosgarrenean jasotzen den moduan.

Hezkuntza-administrazioak bere zerbitzuan dauden langileen hizkuntza-trebakuntza egokia bideratzeko eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutzeko konpromisoa hartzen du.

[…]

II. TITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa

I. KAPITULUA
Lanpostu-zerrendak

5. artikulua

1. Irakasleen lanpostu-zerrendak, lanpostu bakoitzari buruzko honako zehaztasunok jaso beharko ditu:

c) Lanpostua betetzeko beharrezko diren baldintzak, eta horien artean, nahitaez, esleitutako hizkuntza-eskakizuna, eta, hala badagokio, derrigortasun-data.

III. TITULUA
Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak

II. KAPITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoaren antolamendua

13. artikulua

Hizkuntzak eskola ofizialetan irakasten dituzten funtzionarioak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegokoak izango dira.

14. artikulua

Irakaskuntzako euskal funtzio publikoa osatzen duten kidegoak talde hauetan sailkatuko dira:

a) “A” taldea. Talde honetakoak izango dira honakook: Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko musika eta arte eszenikoen katedradunen kidegoa, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko bigarren mailako hezkuntzako irakasleen kidegoa, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko musika eta arte eszenikoen irakasleen kidegoa, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko arte plastikoen eta diseinuaren irakasleen kidegoa eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa.

III. KAPITULUA
Langileen aukeraketa

17. artikulua

Lege honetan sortutako kidegoetan sartzeko, honako baldintzok bete beharko dira:

4. Hizkuntzen irakaskuntza:

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko, doktore, lizentziadun, arkitekto, ingeniari edo irakaskuntzako titulu baliokidea behar izango da eta ezartzen diren hautaprobak ere gainditu egin beharko dira.

V. TITULUA
Hizkuntza-normalizazioa

48. artikulua

Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, euskal eskola publikoan ikasle guztiek hezkuntza-maila guztietan euskaraz nahiz gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea bermatuko da. Eskubide horren egikaritza eta eremu honetan botere publikoek egin beharrekoa garatuko dira, lege horren III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren esparruan.

49. artikulua

1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, euskal hezkuntza-administrazioaren zerbitzuko irakasle-lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna esleituta izango dute. Hizkuntza-eskakizunak zehaztuko du hizkuntza-gaitasunaren ikuspegitik zein maila behar den izan euskaraz, lanpostua bete eta hor lan egiteko. Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez den bitartean, euskaraz jakiteari merezimendu modura zenbaterainoko balioa eman behar zaion zehazteko balioko du.

2. Derrigortasun-datatik aurrera, nahitaez bete beharko da hizkuntza-eskakizuna lanpostua bete eta hor lan egiteko. Hori gorabehera, Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak proposatuta, erregelamenduz zehaztuko du zein kasutan, salbuespenez eta modu objektiboan antzeman daitezkeen inguruabarrengatik, lanpostu bateko titularra izan daitekeen salbuetsia lanpostuari edo eskakizun bera esleituta duten lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizuna betetzetik. Irakasleak ezin ezingo dira salbuetsi ezein kasutan hizkuntza-eskakizuna betetzetik, baldin eta irakasleok betetzen dituzten lanpostuek esleituta duten hizkuntza-eskakizunaren edukian euskara irakaskuntzako hizkuntza gisa erabiltzeko behar besteko hizkuntza-gaitasuna beharrezkoa bada.

3. Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko behar den hizkuntza-eskakizuna beteko da, lege honen xedapen gehigarrietako hamabosgarrenean ezarritakoaren arabera.

50. artikulua

1. Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta, zehaztuko ditu hizkuntza-eskakizunak, baita eskakizun horiek lanpostuei ezartzeko irizpideak ere.

2. Hizkuntza-ereduren bat sortu, aldatu edo ezabatuz gero, hizkuntza-eskakizunak ere egokitu egin beharko dira.

51. artikulua

Aurreko artikuluak aipatzen dituen irizpideekin bat etorriz eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak esleituko dizkio hizkuntza-eskakizuna eta beraren derrigortasun-data euskal hezkuntza-administrazioko irakasle-lanpostu bakoitzari.

52. artikulua

1. Hizkuntza-eskakizunak eta, hala badagokio, derrigortasun-datak lanpostu-zerrendetan nahitaez agertu behar duten zehaztapenen artean sartuta egon beharko dute.

2. Hizkuntza-eskakizunak nahitaez aplikatzeko irizpideek dauden lanpostuetarako ekitatez eta proportzionaltasunez jokatzea izango dute xede, lanpostuko eginkizunari dagokion kidego, eskala edo titulazio-taldea dela eta, inolako desberdintzerik egin gabe.

53. artikulua

1. Hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, hezkuntza-administrazioak zehaztuko ditu kasu bakoitzean beharrezko izango den euskararen ezagutza ebaluatzeko proben edukia eta forma. Horretarako eratuko diren epaimahaietan Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren ordezkari bana izango da.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, lege honen 50.1 artikuluak aipatzen duen erregelamendu-arauan sistema ezarriko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak han ezartzen diren eskakizunekin emango dituen hizkuntza-ziurtagiriak baliokidetzeko eta parekatzeko.

54. artikulua

1. Euskal hezkuntza-administrazioak bere zerbitzuko langileen hizkuntza-trebakuntza bideratuko du eta horretarako beharrezko neurriak hartuko ditu.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte anitzeko plan bat prestatuko du irakasleak euskalduntzeko. Plan hori gauzatzeko, irakasleen borondatezko atxikimendua lortu nahi da, irakasle horien lan-baldintzak errespetatuko ditu, malgua izango da eta urtero berrikusiko da. Planak zein beraren berrikuspenak Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena beharko dute.

Xedapen gehigarriak

Hamabosgarrena.— Erregelamendu bidez zehaztuko diren salbuespenak salbuespen, irakaskuntzako funtzio publikoan lehenengo aldiz sartzen diren langileek egiaztatu beharko dute aipaturiko erregelamendu-arauan ezartzen den hizkuntza-eskakizuna betetzen dutela.

[…]


8.2.18. 4/1993 Legea, ekainaren 24koa, Euskadiko Kooperatibena[512]

68 bis artikulua.— Heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuetarako kontribuzioa[513]

c) Kooperatibak diharduen gizarte-ingurunean eta gizartean orokorrean, hezkuntza, kultura, lanbidea, laguntza-bideak eta euskararen erabilera bultzatzea eta kooperatiben ezaugarriak zabaltzea.


8.2.19. 8/1994 Legea, maiatzaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Kolektibitate eta Etxeekiko Harremanetarakoa[514]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Pancroffeko liburutegian, Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean, 1791. urtetik 1803a arteko euskarazko eskuizkribuak daude. Hego Amerikako herrialdeetan, berriz, Euskal Herriko emigranteek gehien aukeratu dituzten lekuetan, euskaldunen eragina hasieratik jaso zuten eta hango herrien historian behin eta berriz ageri dira euskaldunak, eta ez pertsonak bakarrik; euskaldunen espiritua ere ageri da, ohituretan eta askatasun eta demokrazia ideiak gauzatuta, gure historiatik eta tradiziotik hartuta.

[…]

5. artikulua.— Euskal etxe aitortzea

2. Euskal etxeek, aitorpena izateko, jarraian datozen baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

b) Euskal etxearen estatutuetako lehentasunezko xedeen artean eta bazkideek adierazitako borondatean, Euskal Herriarekin kultura, gizarte eta ekonomia mailako harremanak mantentzea sartzea. Harreman horiek jende, historia, hizkuntza eta kulturaren arlokoak izango dira.

8. artikulua.— Euskal etxeen aldeko prestazioak

1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, lege honetan ezarritakoaren arabera aitortutako euskal etxeei eta hauen federazio eta konfederazioei honako aukerak eskainiko dizkiete, erregelamenduz ezarritakoaren arabera:

g) Euskal historia, kultura, hizkuntza eta gizarteari buruzko liburu eta ikus-entzunezkoak izateko eskubidea, euskal elkarteetako kideei erakutsi eta horien artean banatu ahal izateko.

j) Euskara ikasteko ikastaroak antolatzea.

III. TITULUA
Euskal kolektibitateetako kideak

9. artikulua.— Euskal kolektibitateetako kideen eskubideak

Euskal kolektibitateetako kideek jarraian aipatuko diren eskubideak izango dituzte:

b) Euskara jakin eta ikasteko eskubidea. Ondorio horietarako, euskal etxeei euskara ikastaroak antolatzeko baliabideak emango zaizkie, betiere aurrekontuko baliabideen arabera.

Erregelamenduz sistemak eta prozedurak ezarriko dira, beraien arabera euskal kolektibitateetako kideek euskararen gaitasun-agiriak lortu ahal izan ditzaten; agiriok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunak emango ditu.

[…]

V. TITULUA
Lankidetza-akordioak eta tratatuak

15. artikulua.— Nazioarteko tratatuak eta Estatuaren jarduera bultzatzea

1. Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Gobernuari eskatu ahal izango dio Autonomia Estatutuaren 6. artikuluko 5. apartatuak aipatzen dituen tratatuak edo hitzarmenak egitea, eta, hala badagokio, horiek baimentzeko Gorte Nagusiei aurkeztea, betiere euskal kultura eta bereziki euskara Estatutik kanpo zaindu eta indartze aldera.


8.2.20. 11/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko antolamendu farmazeutikoarena[515]

III. KAPITULUA
Farmaziako bulegoak

1. atala
Xedapen orokorrak

8. artikulua

7. Larrialdiko farmazia-zerbitzuari buruzko informazioa farmaziako bulego bakoitzean agerian egongo da Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.


8.2.21. 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena[516]

III. TITULUA
Zerbitzu sanitarioak hornitzeko egitura publikoen antolamendua

III. KAPITULUA
Pertsonalaren araubidea

28. artikulua.— Pertsonalaren estatutu juridikoen arau erkideak

Bosgarrena.— Hizkuntza-normalizazioa

Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko araudian xedatutakoarekin bat etorriz, Osakidetza — Euskal Osasun Zerbitzua ente publikoak plan berezia ezarriko du, hizkuntza-politikari buruz Autonomia Erkidegoko organo eskudunak xedatzen dituen gidalerroen arabera; plan horretan zehaztuko dira entearen langileentzat aplikagarri diren hizkuntza-helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.

Aurreko apartatuak aipatutako plan hori eginda ez dagoen bitartean, Osakidetza — Euskal Osasun Zerbitzua ente publikoak hautapenerako eta lanpostuak betetzeko burutzen dituen prozesuetan, funtzio publikoko legerian aurreikusitako arauak, alegia, euskaraz jakitea merezimendutzat hartzeari buruzkoak, aplikatuko dira.


8.2.22. 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duena[517]

VI. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren laguntza eta dirulaguntzen araubidea

51. artikulua.— Laguntzak emateko arauak, eskumena eta prozedura

1. Laguntzak edo dirulaguntzak emateko arauetan, gutxienez ondoren aipatuko direnak adierazi beharko dira:

c)[518] Laguntza edo dirulaguntza esleitzeko irizpide objektiboak eta, hala badagokio, horien haztapena. Laguntzaren edo dirulaguntzaren helburua den gaian hizkuntzaren erabileraren faktoreak zerikusia baldin badu, eta edonola ere Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25, 26 eta 27. artikuluetan aipatzen diren jarduera-eremuetan, faktore hori kontuan izan beharko da esleipena egiteko irizpide objektiboen artean. Halaber, balorazio-irizpideen baremoaren guztizko % 5ekin baloratuko dituzte, gutxienez, pertsona fisiko edo juridiko parte-hartzaileen emakumeen eta gizonen berdintasunerako ekintzak eta politikak eta/edo dirulaguntzara aurkeztutako proiektuan genero-ikuspegia txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuk. Hori guztia, baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada ehuneko hori neurriz kanpokoa dela dirulaguntzak emakume eta gizonen egoeran duen inpaktuari dagokionez.


8.2.23. 20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna sustatzekoa[519]

Bizitza sozialean eta komunitarioan sartzea eta parte hartzea, bidezko den helburua ez ezik, pertsona orok edozein gizarte modernotan duen nahia ere bada. Hala ere, sarri askotan, eskubide horiek egikaritzea zaildu eta eragotzi ere egiten dute fisikoak zein komunikaziozkoak diren oztopoek, pertsonak era normalean moldatzen ez baitute uzten. Gauzak horrela, ingurune fisikora eta komunikaziora irisgarritasuna izatea funtsezko elementua da, herritar guztiek oinarrizkotzat definitzen diren eskubideez gozatu dezaten ahalbidetzeko.

Gizarteak, oro har, eta botere publikoek, haren ordezkari direnez, erraztu eta bermatu behar dute herritar guztiak ingurune fisikora eta komunikaziora iristea. Botere publikoen ekintzak ezin du, inoiz ere, erkidegoaren zuzeneko ekintza ordeztu edo murriztu; alderantziz, inguru fisikora eta komunikaziora iristeko zailtasun handienak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duten erakunde hiritarren ekimenak sustatu behar ditu.

[…]

Gaur egungo gizartean, gero eta iraupen handiagoa dagoela eta istripuz edo gaixotasunez mugitu eta komunikatzeko gaitasuna murriztuta duten pertsona asko eta asko daudela eta inoizka mugikortasuna mugatuta duten pertsonen kopuru garrantzitsua daukagula, irisgarritasun-baldintzak hobetzeak bizi-kalitate hobea ekarriko du ondorio gisa nola mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonentzat hala gizarte guztiarentzat.

Nazio Batuen Batzar Orokorrak, 1993ko abenduaren 20ko 48/46 ebazpenaz, arau estandarrak hartu zituen minusbaliatuen aukeren berdintasunaren arloan, eta helburu orokortzat ezarri zuen pertsona horiek gainerako herritarrek dituzten eskubide eta betebehar berberak egikaritu ahal dituztela bermatzea, izan ere, helburu hori Europako Batzordeak 1994ko uztailaren 27an onartutako «Europako Gizarte Politika — Batasunerantz Emandako Aurrerapausoa» liburu zurian jasotzen da.

[…]

Europar Batasuneko Kontseiluaren eta horko estatu kideetako gobernuen ordezkarien 1996ko abenduaren 20ko ebazpenak, minusbaliotasunak dituzten pertsonek aukera berdinak izateari buruzkoak, herritar guztiek aukera berdinak izateko printzipioa estatu kide guztien balio alienaezin komuna dela jotzen du, eta, ondorioz, aipatutako pertsonen aurka egindako diskriminazio negatiboa ezabatu eta horien bizi-kalitatea hobetu behar da, estatu kideei ahalbidetuz, helburu hori lortzerakoan, kasuan kasuko araudiak eman ditzaten gizartearen baliabideek ahalbidetzen duten zabaltasunaz.

Adierazitakoari atxikiz, beharrezko da araudi berria onestea, aipatutako printzipioak errespetatuz eta arkitektura-oztopoak kentzearen kontzeptu klasikoa gaindituz eredu berri baten alde egingo duena, pertsonak ingurune sozial eta komunitarioan osoki eta libre garatzen direla bermatzea izanik helburua. Horretarako, gure erkidegoko pertsona guztiak ingurune fisikora eta komunikaziora iristen direla bermatu behar da, batez ere, mugaren bat duten pertsonak.

1. artikulua.— Xedea

1. Hona hemen lege honen xedea: hiri-ingurunearen, espazio publikoen, eraikinen, garraiobideen eta komunikazio-sistemen irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek eta, batez ere, mugikortasun murriztua, komunikaziorako zailtasunak edo muga psikiko zein sentsoriala, aldi baterako zein betiko, dituztenek era autonomoan erabil eta goza ditzaten.

2. Botere publikoek legea eraginkortasunez bete dadin beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak hartzea sustatuko dute, bai eta laguntza teknikoak erabiltzea ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.

2. artikulua.— Legearen aplikazio-eremua

Lege hau Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatuko da, nortasun fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua duen edozein subjektuk egiten dituen jarduketetan, hirigintza, eraikuntza, garraio eta komunikazio arloetan.

I. KAPITULUA
Irisgarritasunari buruzko xedapen
orokorrak

6. artikulua.— Komunikazio-sistemetako irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak

1. Komunikazio-sistemak herritar guztiei izango zaizkie irisgarri, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan aurreikusitakoaren arabera.

2. Komunikazio-sistemetan egokienak diren eskuarte teknikoak ezartzen direla bermatuko dute administrazio publikoek, herritar guztiei eta, batez ere, komunikazioan zailtasunak dituztenei, komunikaziorako duten eskubidea bermatzeko.

3. Administrazio publikoek bultzatu egingo dute zeinu-hizkuntzen profesional interpretatzaileen eta gor-itsuen gidari interpretatzaileen prestakuntza, zertarako eta komunikazioan zailtasunak dituzten pertsonekin zuzeneko komunikazioa errazteko, eta funtzio publikora pixkanaka-pixkanaka sar daitezen ere bultzatuko dute.

4. Titulartasun publikoko komunikabideek neurri teknikoen plan bat egingo dute, pixkana-pixkana herritar guztiek komunikaziorako duten eskubidea behar bezala bermatu ahal izango duena.

II. KAPITULUA
Erreserbak

11. artikulua.— Erreserbak komunikazio-sistemetan

Komunikazio-zailtasunak dituzten pertsonek komunikazio-sistemetara irisgarritasuna dutela bermatzeko honako erreserba hauek ezarriko dira:

1. Informazio-puntuak edota jendearentzako arretarako puntuak dauden lekuetan, gutxienez puntu horietako batek egokituta egon beharko du horrelako pertsonek erabil dezaten.

2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko ikus-entzunezko eskuarteetan, gutxienez informatiboetako batean zeinuen eta azpitituluen hizkuntzako interprete bat agertuko da, komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek informaziorako duten eskubidea bermatzeko.

3. Itsu-txakurra daramaten ikusmen urrikoek sarrera librea izango dute turismo-egonleku, ostalaritza-leku eta garraio publikoetara eta oro har erabilera edo zerbitzu publikoko gune eta eraikin guztietara

12. artikulua.— Erreserbetan irisgarritasuna adierazteko betebeharra

Nahitaez ezarri beharko da irisgarritasunaren nazioarteko ikurra erabilera publikoko gune, eraikin publiko, turismo-ostatu, garraio-instalazio, garraiobide eta informazio-sistemetan, erreserbak badituzte lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

13. artikulua.— Irisgarritasunaren sustapena

1. Lehendik dauden titulartasun, erabilera edo zerbitzu publikoko hiri-ingurune, espazio publiko, eraikin, garraio eta informazio- eta komunikazio-sistemetara irisgarritasuna bermatu eta sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta gainerako erakunde publikoek lau urteko programak egingo dituzte irisgarritasuna sustatzeko. Programa horien xedea izango da aipatutako elementuak lege honetan eta berau garatzen duten arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzei pixkanaka-pixkanaka egokitzea. Lehenengo lau urteko programak eginda egon beharko du lege hau EHAAn argitaratzen denetik hasi eta bi urteko epean.

2. Irisgarritasuna sustatzeko programek honako dokumentu hauek izango dituzte:

a) Egokitzapen-gai diren kanpoko gune, eraikuntza, garraio eta komunikazioen inbentarioa jasotzen duen katalogoa.

b) Jarduketen hurrenkera, lehentasunen arabera, kontuan hartuko dituena efizientzia handiagoa eta biltzen duten jendetza.

c) Programa ekonomiko-finantzarioa, egokitzapenak egiteko bideratuko diren aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.

d) Egokitzapenak burutzeko egutegia.

3. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek partida zehatzak izendatuko dituzte bakoitzaren aurrekontuetan irisgarritasuna sustatzeko programak finantzatze aldera, euren aurrekontuko baliabideen arabera.

14. artikulua.— Finantza-neurriak

1. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, kasuan kasuko eskumenak garatu eta burutzean, irisgarritasuna sustatzeko beharrezkoak diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dute.

2. Arlo honentzako berariazko dirulaguntza-programetan honako jarduketa hauek jo ahal izango dituzte lehentasunezkotzat administrazio publikoek:

a) Lehendik dauden hiri-inguruneak eta espazio publikoak, eraikuntza, garraioa eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzei egokitzea xede duten obrak.

e) Turismo-ostatuetako oin berriko, eraberritzeko edo birgaitzeko obrak, nahitaezko izan ez arren, mugikortasun murriztua eta komunikaziorako zailtasunak edo oro har irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten gordetako ostatuak sartzen badira.

f) Laguntza teknikoak eskuratzea, hiri-ingurunea, espazio publikoak, eraikuntza, garraioa eta komunikazioa ezinezko denean irisgarritasun-baldintzei egokitzea.

16. artikulua.— Administrazio-kontratuak

Administrazio-kontratuen baldintza-agiriek lege honi egokitzeko klausulak izango dituzte, horien edukiek lege honetan xedatutakoari eragiten badiote.

17. artikulua.— Irisgarritasun-baldintzen kontrola

1. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek, eta lizentziak eta baimenak emateko, bai eta plangintza-tresnak eta garraio eta komunikazio arloko proiektuak onesteko ere, eskumena duten gainerako erakunde publikoek egiaztatu egingo dute horien zehaztapenak lege honi egokitzen zaizkiola.

2. Proiektuen dokumentazioan edo, hala badagokio, lizentzia-, baimen- edo emakida-eskabideetan, espresuki adieraziko da lege honetan xedatutakoa betetzen dela.

IV. TITULUA
Diziplina-araubidea

18. artikulua.— Arau-hausteak

1. Lege honen I. tituluan jasotzen diren preskripzioak urratu edo hausten dituzten ekintzak edo ez-egiteak arau-hausteak dira eta zehatu egingo dira, titulu honetan arautzen diren betekizunen eta prozeduraren arabera.

2. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke:

a) Arau-hauste arinak dira:

— Lege honetan aurreikusten denaren arabera irisgarritasun-baldintzak ez betetzea, erabilera publikoko espazioetan, eraikuntzan, garraioan eta informazio- eta komunikazio-sistemetan.

— Lege hau aplikatzearen ondorio diren irisgarritasun-elementuak andeatu edo erabilezin bihurtzea, erruz edo zabarkeriagatik.

— Lege honetan aurreikusitakoaren eta erregelamenduz zehazten diren irisgarritasun-baldintzak urratzen dituzten ekintzak edo ez-egiteak, astuntzat jotzen ez direnak.

b) Arau-hauste astunak dira:

— Lege hau aplikatzearen ondorio diren irisgarritasun-elementuak doloz andeatu edo erabilezin bihurtzea.

[…]

— Komunikazioan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.

— Lege honen I. tituluko II. kapituluan ezarritako erreserbak ez betetzea.

— Beste arau-hauste arin batean berrerortzea hiru urteko epea igaro aurretik.

c) Arau-hauste oso astunak dira:

— Lege honek ezarritako betebeharrak iruzurrez edo dokumentuak faltsifikatuz ez betetzea.

— Arau-hauste astunetan berrerortzea.

19. artikulua.— Zehapenak

1. Honako zehapen hauek ezarri ahal izango dira arau-haustearen kalifikazioaren arabera:

a) Arau-hauste arinak: 50.000 eta 500.000 pezeta bitarteko isunak.

b) Arau-hauste astunak: 500.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunak.

c) Arau-hauste oso astunak: 10.000.001 eta 20.000.000 pezeta bitarteko isunak.

2. Isunaren zenbatekoa graduatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: arau-hauslearen erantzukizun-maila, egin beharreko irisgarritasun-obretatik sortutako kostu ekonomikoa, zuzenean edo zeharka sorrarazi den kaltea, erantzuleek hauste bera errepikatzea eta arau-hausle bakoitzaren partaidetza-maila.

3. Zehapena ezartzeak ez du arau-hauslea salbuetsiko birjartze-betebeharretik edo, ez-betetze kasuetan, proiektuaren eraberritzea edo beharrezkoak diren egokitzapen-obrak egitetik erregelamenduz ezartzen den epean.

4. Arau-hauste beraren ondorioz pertsona desberdinei jartzen zaizkien isunek ez dute elkarren arteko loturarik izango.

5. Artikulu honetan adierazten diren zehapenen zenbatekoak eguneratu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren dekretu batez, kontsumoko prezioen indizeen aldaketaren arabera.

20. artikulua.— Zehapen-prozedura eta -araubidea

1. Lege honetan xedatutakoa hausten denean, arau-hauste horiek zehatu egingo dira zehapen-araubideari buruz indarrean dauden xedapen orokorren arabera, eta organo eskudunak espediente egokia instruitu ondoren.

2. Lege honen 1. artikuluak aipatzen dituen pertsonak edo hauek osatzen dituzten elkarteak interesduntzat joko dira betiere administrazio-prozeduretan.

3. Elkarte horiek errekurtsoak edo, hala badagokio, bidezko deritzeten ekintzak aurkezteko legitimaturik geldituko dira, bai jarduketak artxibatzeko erabakiaren aurka, eta bai irisgarritasun-baldintzen kontrako balizko arau-hausteak salatzea edo Administrazioari jakinaraztea espresuki edo isilbidez ezetsi duen ebazpenaren aurka.

21. artikulua.— Organo eskudunak

Honako hauek izango dira lege honen hausteak direla-eta zehapenak ezartzeko eskumena duten agintariak:

a) Alkateak, eurek dituzten eskumenen eremuan, arau-hauste arinengatiko isunak eta astunengatiko 5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eskala honen arabera: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan, 1.000.000 pezetaraino; 10.000 eta 50.000 biztanle bitarteko udalerrietan, 2.500.000 pezetaraino, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, 5.000.000 pezetaraino.

b) Gaian eskumena duten Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako sailburuak, eurek dituzten eskumenen eremuan, arau-hauste arinengatiko isunak eta astunengatiko 5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eta betiere arau-hauste astunengatiko 5.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunak, eta arau-hauste oso astunengatikoak jartzeko.

22. artikulua.— Erantzuleak

1. Nahitaezkoa den udal-lizentziarik gabe burutzen diren obra eta gainerako jarduketetan, jarduera lege honen zehaztapenei egokitu behar zaienean, edo lege honek arautzen dituen gaiei dagokienez lizentziaren klausulak bete gabe burututakoetan, zehatu egingo dira sustatzailea, proiektuaren egilea, enpresaburu eraikitzailea eta obren teknikari zuzendariak.

2. Lege honen hauste astuna edo oso astuna den edukia duen udal-lizentzia baten babespeko obretan, era berean, zehatu egingo dira proiektuaren aldeko txostena eman duen fakultatiboa eta, nahitaezko txostenak aurretik izan gabe edo txostenok aipatutako arau-haustea dela-eta aurkakoak direnean, lizentziaren alde botoa eman duten korporazioko kideak.

23. artikulua.— Preskripzioa

1. Arau-hausteak:

Lege honetan aurreikusitako arau-hausteek preskribatzeko epeak honako hauek izango dira:

a) Arau-hauste oso astunek bost urteko epean preskribatzen dute.

b) Arau-hauste astunek hiru urteko epean preskribatzen dute.

c) Arau-hauste arinek sei hilabeteko epean preskribatzen dute.

2. Zehapenak:

Lege honetan aurreikusitako zehapenek preskribatzeko epeak honako hauek izango dira:

a) Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urteko epean preskribatzen dute.

b) Arau-hauste astunengatik ezarritako zehapenek bi urteko epean preskribatzen dute.

c) Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatzen dute.

24. artikulua.— Sorrera

Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua sortzen da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Sailari atxikitako aholku- eta partaidetza-organo gisa, eta bertan honako hauek egongo dira ordezkatuta: euskal administrazio publikoak, irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonen eskubideen alde jardutea helburu duten elkarte-erakundeetatik ordezkaritza handiena dutenak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen antolakundeak, sustatzaile eta eraikitzaileen elkarteetatik ordezkaritza handiena dutenak, eta Arkitektoen, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen eta Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien elkargoak.

25. artikulua.— Osaera

Kontseiluak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumeneko sailburua izango du buru, eta, gainera, honako beste hauek kide:

a) Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat, gutxienez zuzendari-maila izango duena, honako arlo bakoitzeko: Lurralde Antolamendua eta Etxebizitza; Merkataritza eta Kontsumoa; Hezkuntza; Osasuna; Lana eta Gizarte Segurantza; Garraio eta Herri-lanak; Ogasuna; Industria, eta Kultura.

b) Lurralde historikoetako foru-aldundietako ordezkari bana.

c) Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko udaletako hiru ordezkari.

d) Irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonak biltzen dituzten erakunde pribatuetatik ordezkaritza handiena dutenetako sei ordezkari.

e) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetatik ordezkaritza handiena dutenetako bi ordezkari.

f) Sustatzaile eta eraikitzaileen elkarteetako bi ordezkari.

g) Arkitektoen Elkargoko ordezkari bat.

h) Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko ordezkari bat.

i) Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoko ordezkari bat.

26. artikulua.— Eginkizunak

Honako eginkizun hauek izango ditu Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak:

a) Urtean behin txosten bat egitea, lege honen aurreikuspenak zein mailataraino betetzen diren ezagutarazteko, eta gero Legebiltzarrera bidaltzea.

b) Irisgarritasunaren arloan eskudun diren organoei aholkularitza eman eta jarduteko irizpideak proposatzea, lege honetan xedatutakoaren arabera.

c) Horren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia onestea.

d) Haren esku uzten diren beste eginkizun guztiak.

[…]

Azken xedapenak

Bigarrena.— Lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epearen barruan, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikuntzaren, garraiobideen eta informazio- eta komunikazio-sistemen irisgarritasun-baldintzak finkatuko dituzten arau teknikoak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak; horretarako, irisgarritasunari eta hirigintza-oztopoak kentzeari buruz egun indarrean dauden arauen bidez araututako xedapenak bat egin eta harmonizatu egingo dira.


8.2.24. 10/1998 Legea apirilaren 8koa, Landa-garapenerakoa[520]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko landa-garapenerako politikaren helburu orokorrak

Landa-garapenerako politikak ondoko helburu orokor hauek izango ditu:

g) Landa-inguruetako natura-, historia-, kultura- eta hizkuntza-ondarea berreskuratu, kontserbatu, garatu eta zabaltzea.

5. artikulua.— Landa-garapenerako programen lurralde- eta eginkizun-eremua

2. Landa-garapenerako programetan jarduketa hauek jorratuko dira, besteak beste:

d) Landa-inguruetako zerbitzuak Autonomia Erkidegoko gainerako zonetakoekin parekatzea, batez ere hezkuntzan, osasunean, etxebizitzan, gizarte-zerbitzuetan, kultura-azpiegituretan eta -zerbitzuetan eta hizkuntza-normalizazioan, betiere landa-ingurunearen ezaugarrietarako egokiak diren irizpide eta baremoekin.


8.2.25. 14/1998 Legea, ekainaren 11koa, Euskadiko Kirolarena[521][522]

Xedapen gehigarriak

Hirugarrena.— Kirol-federazioen hizkuntza-normalizazioa

Kirol-federazioek beren jarduerak egitean euskararen erabilera normalizatzeko egokiak diren neurriak hartuko dituzte. Bereziki, katalogoetan, programetan, iragarpen-karteletan eta beren kirol-jardueretan eta lehiaketetan erabiltzen duten gainerako material grafikoan edo soinu-materialean sustatuko dute euskararen erabilera.


8.2.26. 16/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Arrantzaleen Kofradiei buruzkoa[523]

Xedapen gehigarriak

Hirugarrena.— Arrantzaleen kofradiek eta kofradien federazioek neurri egokiak hartuko dituzte beren jardueretan euskararen erabilera normalizatzeko, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen ondoriozko betebeharrak betetzeko.


8.2.27. 3/2002 Legea, martxoaren 27koa, ikastolak legez normalizatu aurretik ikastetxe horietan irakasten aritutakoak aintzat hartzeari eta konpentsazioa emateari buruzkoa[524]

ZIOEN AZALPENA

Gaur egun, euskara irakaskuntzan (unibertsitatea barne), hedabideetan eta kulturaren nahiz gizartearen gainerako eremuetan bizirik dagoenez, goretsi beharrekoak dira frankismoaren garaian, oso baliabide gutxirekin eta gorabehera asko kontra zituztela, euskal eskola abian jartzea lortu zuten aurreneko irakasleen idealismoa, kemena eta lana.

Lege-esparruak euskara eskoletan sartzeko modurik ematen ez zuela ikusita, esperientzia arriskutsu bat sortu zen, urte askotan erabateko klandestinitatean egin zena eta pertsona haiek beren bizitzan eta beren lan-eremuan egindako sakrifizioari esker gauzatu zena.

Orduko irakasle haiek baliabide urriak izaten zituzten, ikasleen familiek emanak gehienbat, eskolak emateko erabiltzen zen lokalaren alokairua ordaintzeko, materiala erosteko eta soldata txiki bat jasotzeko. Oporretan ez zuten inolako soldatarik izaten. Gainera, Gizarte Segurantzari ezin zioten ezertxo ere ordaindu, eta orduan kotizatu ez izana gaur egun kaltegarria zaie beren eskubide pasiboetarako.

Klandestinitate latz hura hirurogeiko hamarkadako azken urteetaraino luzatu zen, orduan hasi baitzen euskarazko irakaskuntzaren egoera hobetzen: garai horretan ikastolek legeztatu gabe jarraitzen zuten, baina nolabait ere toleratzen zituzten.

Aldi berri horretan sortu ziren guraso-batzarrak, eta ikastegien gai ekonomikoak kudeatzeari ekin zioten. Horren ondorioz, irakasleen lan-baldintza eskasak hobetu egin ziren, baina, baliabide ekonomiko urriak zituztenez, hainbat urtetan ezin izan zuten Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaindu. Ikastola bakoitzak ahal izan zuenean eman zien alta bere irakasleei.

Lege honen bidez, aintzat hartu nahi dira irakasle haiek, nahiko merezimendu badute eta; izan ere, lan handia egin zuten euskara berreskuratzen eta iraunarazten, jakintza eta kultura zabaltzeko tresna den aldetik. Horrekin batera, lege honen helburu berezia da, batetik, Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaindu ez izanak kaltea eragin dien irakasleei halako konpentsazio bat ematea eta, bestetik, beren lan-bizitza ohiko erretiro-adinetik aurrera luzatu beharrik ez izatea.

Hori dela eta, konpentsazioaren zenbatekoa txikiagoa izango da lan-baldintzak eta gizarte-aurreikuspeneko baldintzak hobeak izan ziren neurrian, aldi berean beste jarduera batean aritu zirelako edo ikastolan egindako lanari beste itxura bat eman ziotelako. Izan ere, kasu horietan klandestinitateak ez die kalterik eragiten eskubide pasiboei.

Legeak irakasle haiei edo haien alargunei bakarrik aitortzen die eskubide hori, batez ere haiek hartu zutelako lan haren nekea, edo haiengandik hurbil egon zirelako, eta haien eskubide pasiboei bakarrik eragiten zaielako.

Gainerakoan, legeak konpentsazioaren funtsezko ezaugarriak adierazten ditu, ordain horren zenbatekoa erregelamenduz zehazteko utzita. Era berean, legeak erraztasuna ematen du ikastaroak, alderdi askotatik era informalean bada ere, benetan eman zirela egiaztatzeko; hala, ikastaro horiek emandakotzat joko dira, baldin eta ikerketa zientifiko edo kulturaletan jasota badago eman zirela. Ekimen hau instituzioek aintzat hartu beharreko gai batean gizarteak duen interesaren beste erakusgarri bat da.

1. artikulua.— Helburua

Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zaie ikastoletan 1967-1968 ikasturtera arte irakasle aritu zirela egiaztatzen dutenei, lege honetan eta lege hau garatzen duten xedapenetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

2. artikulua.— Onuradunak

Honako hauek izango dira lege honetan ezarritako konpentsazioaren onuradunak: eskolaurreko, lehen mailako edo bigarren mailako hezkuntzan euskaraz irakasten aritu zirela egiaztatzen dutenak, baldin eta irakaskuntza ofizialean ezarritako irakastaldien iraupen berdintsuko aldietan aritu baziren, edo haien ezkontideak, lege hau indarrean jartzean alargun badira.

3. artikulua.— Konpentsazioaren edukia

1. Konpentsazioaren zenbatekoa dekretu bidez zehaztuko da, 1967-1968 ikasturtera arte emandako ikastaroen kopuruaren arabera.

2. Zenbatekoa txikiagoa izango da, baldin eta irakasle aritu zena inoiz edozein gizarte-asegurutan, Gizarte Segurantzaren erregimenen batean edo haren parekoren batean alta emanda edo altaren pareko egoeran egon bazen, edo edozein arrazoirengatik Gizarte Segurantzaren erregimen batean sartu badute.

3. Aurreko artikuluan aipatzen diren irakasleek prestakuntzan emandako arduraldi osoko aldiak irakaskuntzan emandakotzat hartuko dira.

4. artikulua.— Eskabideak

Eskabideak sei hileko epean aurkeztu beharko dira, lege hau garatzen duen dekretua indarrean jartzen den egunetik kontatzen hasita.

5. artikulua.— Frogabideak

1. Ikastaroak eman izana frogatzeko, zuzenbidean onartutako edozein bide erabil daiteke.

2. Garapen-dekretuan zehatz daitezke onargarritzat jotzen diren zenbait frogabide.

3. Ikastaroak emandakotzat joko dira baldin eta ikerketa zientifiko edo kulturaletan jasota daudela egiaztatzen bada eta ikerketa horiek lege hau indarrean jarri baino lehen argitaratu edo erregistratuta badaude.

6. artikulua.— Ebazteko eta jakinarazteko epea

Prozeduretan, ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bederatzi hilekoa izango da, eskabidea ebatzi behar duen organoan sartzen den egunetik kontatzen hasita.

Azken xedapenak

Lehenengoa.— Garapen-dekretua

Lege hau garatzeko dekretua sei hileko epean emango du Jaurlaritzak, legea indarrean jartzen den egunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.— Indarrean jartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.


8.2.28. 6/2003 Legea, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena[525][526]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Legeak beste ikuspegi batetik bideratzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen aitortza, eta agortu egiten du horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren eskumenen eremuan duten erregulazioa. Hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen ditu, eta, horrenbestez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraituz, autonomia-erkidegoan dauden bi hizkuntza ofizialetako bata zein bestea erabiltzeko eskubidea aitortzeaz gainera, dagokigun arloan euskara —berariaz progresibotasun-printzipioari jarraituz— sustatzeko asmoa ere agertzen du.

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

f) Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraiki.

II. TITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

VII. KAPITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

37. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

Kapitulu honetan ezarritakoarekin eta bertan biltzen diren progresibotasun-baldintzekin bat etorriz, kontsumitzaile eta erabiltzaileek honako hizkuntza-eskubideak dituzte:

a) Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzekoa, lege honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa; enpresa eta establezimendu hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko diete.

38. artikulua.— Erakunde publikoak

1. Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak izango dira erakunde publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Estatuko Administrazioa, eta baita horien mende dauden edo horietako administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatu edo publikoko erakundeak ere.

b) Titulartzat aurreko apartatuan aipatutako administrazioek dituzten zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren edozein izaeratako erakundeak, baldin eta horiek mota honetako zerbitzuak eskaintzen badihardute.

c) Batik bat a) apartatuan aipatutako administrazio eta enteen partaidetza duten edo horien kontrolpeko diren erakundeak, hauen izaera edozein dela ere. Ondorio hauetarako, kontrol-harremana honako kasuetan dagoela ulertuko da: erakundearen boto-eskubide gehienak dituztenean edo gobernu-organoko kide gehienak izendatu edo kargutik kentzeko eskubidea dutenean.

2. Erakunde publikoek kontsumitzaile eta erabiltzeekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute. Hau guztia honela egingo da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko establezimenduetan, errotuluak, oharrak eta, oro har, jendeari zuzendutako jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira.

b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek betetzeko egiten diren inprimaki edo eredu ofizialak bi hizkuntzatan emango dira.

c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berak hizkuntza ofizialetako bakarra erabiltzea nahi duela adierazi ezean, bi hizkuntzatan idatziko dira atxikipen-kontratuak, klausula-ereduak dituzten kontratuak, araupeko kontratuak, baldintza orokorrak eta kontratu horiei buruzko edo horiek egitearen ondoriozko agiriak.

d) Zehazki kontsumitzaileei zuzendutako jakinarazpenak bi hizkuntzatan eman beharko dira, eta baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko agiriak ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileak berak bi hizkuntza ofizialetako bat bakarrik erabiltzea aukeratu ezean.

e) Bi hizkuntzatan idatziko dira, halaber, produktu eta zerbitzuak erabili eta mantentzeko jarraibideen liburuxkak, berme-agiriak eta etiketetan eta ontzietan adierazi beharrekoak.

f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, erabilitako euskarria edozein dela ere, bi hizkuntzatan egingo da.

3. Erakunde publikoekin dituzten harremanetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek arreta eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko eskubidea dute. Administrazio publikoei dagokienez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Jaurlaritzak egoki ikusten dituen neurriak hartuko ditu eta eskubide hori erabiltzen dela arian-arian bermatzeko beharrezko bitartekoak jarriko dira eskura.

4. Estatuko Administrazioari aplikatzen zaizkion lege honen xedapenek ez diote kalterik egingo Estatuaren eskumenari bere zerbitzuak antolatu behar dituenean.

39. artikulua.— Diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak

1. Lege honen ondorioetarako, honakoak izango dira diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak:

a) Legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak, edo unibertsaltasun eta berdintasuneko araubide juridikoaren pean dauden zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola garraioak, telekomunikazioak eta energia-zerbitzuak.

b) Euskal administrazio publikoek ematen dituzten laguntzen edo dirulaguntzen onuradunak diren erakunde edo pertsona juridikoak, edo horietako edozeinekin lankidetza-hitzarmena sinatu dutenak. Kasu honetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokien bermeak dirulaguntza edo hitzarmenaren xedearekin erlazionatutako harremanen eremua ere hartuko du.

2. Erakunde hauek, publikoak direnean izan ezik, lege honen 38. artikuluko 2. paragrafoan, a), b), c) eta d) apartatuetan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Erregelamendu bidez finkatuko da horiek arian-arian nola bete.

40. artikulua.— Jendearentzako arreta[527]

1. Jendeari produktuak saldu eta zerbitzuak egiteaz arduratzen diren establezimenduek, lege honen 38. artikuluko 2. paragrafoan, a), b) eta c) apartatuetan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Era berean, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko gertu egon behar dute, horien hizkuntza ofiziala edozein dela ere.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrez gain, indarreko legeriak establezimendu komertzial handi gisa kalifikatzen dituen establezimenduek, baita jendeari ondasun eta produktuak eskaintzen dizkioten eta, hala ez diren arren, erakunde handi gisa kalifikatzen diren establezimenduek ere, 38. artikuluko 2. paragrafoan, d) apartatuan, jasotako betebeharra ere bete beharko dute. Erregelamenduz finkatuko dira erakunde handi kontsideratzeko betekizunak, alegia, negozio-bolumenari, langile-kopuruari edota Euskal Autonomia Erkidegoan duten presentziari dagozkienak.

3. Erakunde publikoei atxikita eta jendearentzat irekita dauden establezimenduei lege honen 38. artikuluan aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie.

4. Jendearentzat irekita dauden saltokien kasuan, baldin badira lan-harremanen eta jendearen arretaren alorrean euskara integratzera berariaz zuzendutako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeen saltokiak, edo interes orokorreko sektoreetako saltokiak, kasu horietan, 39. artikuluan jasotako betebeharrak betetzeaz gain, ahalmena eduki beharko dute kontsumitzaileei eta erabiltzaileei beraiek erabilitako hizkuntza ofizialean arreta eskaintzeko, zein ere den hizkuntza ofizial hori.[528]

5. Jaurlaritzak erregelamendu bidez finkatuko du artikulu honetako betebeharrak arian-arian nola bete.

41. artikulua.— Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza[529]

1. Euskadiko Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan banatutako ondasun eta zerbitzuei dagokienez kontsumitzaile eta erabiltzaileei ematen zaien informazioa, barruan sartuta etiketetan, ontzietan eta erabilera-jarraibideen inprimakietan jasotzen den informazioa ere, euskaraz, gaztelaniaz edo, aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz adieraziko da, eskaintzailearen nahiaren arabera, salbu eta kapitulu honetan berariazko araubide bat aurreikusten den kasuetan. Hori guztia kalterik egin gabe aplikagarria den legeriak, osasuna eta segurtasuna babesteko arrazoiengatik, kasu berezietarako ezar dezakeenari.

2. Gobernuak sustapen-neurriak hartuko ditu euskara eta gaztelania batera erabil daitezen, 1. paragrafoan aipatutako ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioan. Jatorri-deitura edo kalitatezko izendapena duten euskal ondasunen kasuan, bai eta artisautza-produktuen kasuan ere, euskararen erabilera sustatuko da etiketatzeko orduan, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan araututako produktuak badira.

42. artikulua.— Sustapen-jarduketa publikoa[530]

1. Gobernuak egoki diren neurriak bultzatuko ditu eta beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, euskararen erabilera sustatze aldera kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen jarduketaren alorrean.

2. Sektoreko planei dagokienez, planen jardun-eremuak eragina baldin badu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko jardueretan, plan bereziak bultzatuko dituzte kapitulu honetan jasotako eskubideak sustatzeko. Nolanahi ere, Gobernuak laguntza-ildoak abiaraziko ditu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten subjektuentzat, bi hizkuntza ofizialen presentzia erraztu dezaten beren jarduera gauzatzeko orduan, eta hizkera espezializatuko materialen zabalkundea bultzatuko du, eremu horretan euskararen erabilera errazteko.

V. TITULUA
Administrazio publikoen eskumenak

II. KAPITULUA
Administrazioen arteko lankidetza

70. artikulua.— Lankidetza-jardunaren esparrua

3. Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes-maila hobetzen lagun dezaketen Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta Europako erregioetako administrazioekin, eta, bereziki, historia-, kultura- edo hizkuntza-arrazoiak direla medio, harreman berezia duen beste edozein erkidego edo erregiorekin.

Xedapen gehigarriak

Bigarrena.— Lege honen IV. tituluak aurreikusitako zehapen-araubidea ez zaio aplikatuko legearen II. tituluko VII. kapituluan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokienez egiten den erregulazioari, ez eta hura garatzen duten arauei eta xedapen gehigarriei ere.

Azken xedapenak

Hirugarrena.— II. tituluko VII. kapituluaren erregelamendu bidezko garapenak hizkuntza-politikaren eta kontsumoaren arloetan eskumena duten sailek batera egindako proposamenaren bidez onetsiko dira.


8.2.29. 1/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen organismo autonomoetako kidegoak eta eskalak antolatzekoa[531]

14. artikulua.— Kidegoetako eskalak

Kidego berezien barruan ondoko eskalak sortzen dira:

A) Goi-mailako teknikarien kidegoa:

[…]

6) Hizkuntza-Normalizazioko eskala.

[…]

8) Itzulpen eskala.

B) Erdi-mailako teknikarien kidegoa:

[…]

4) Hizkuntza-normalizazioko eskala.

5) Itzulpen eskala.

C) Laguntzaile teknikoen kidegoa:

[…]

Itzulpen eskala.

15. artikulua.— Kidego eta eskaletan sartzeko titulazio-baldintzak

1. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen organismo autonomoetako kidegoetan sartzeko, ezinbesteko baldintza izango da ondoko titulazioren bat izatea:

Administrazioko goi-mailako kidegoan, A talderako gaitzen duen edozein titulazio.

Goi-mailako teknikarien kidegoan, A talderako gaitzen duen eta sartzean eskatu den titulazioa, aukera bakoitzari jarraituz.

Administrazio-kudeaketako kidegoan, B talderako gaitzen duen edozein titulazio.

Erdi-mailako teknikarien kidegoan, B talderako gaitzen duen eta sartzean eskatu den titulazioa, aukera bakoitzari jarraituz.

Administrarien kidegoan, C talderako gaitzen duen edozein titulazio.

Laguntzaile teknikoen kidegoan, C talderako gaitzen duen eta sartzean eskatu den titulazioa, aukera bakoitzari jarraituz.

Administrari laguntzaileen kidegoan, D talderako gaitzen duen edozein titulazio.

Mendekoen kidegoan, E talderako gaitzen duen edozein titulazio.

2. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen organismo autonomoetako eskaletan sartzeko, ezinbesteko baldintza izango da ondoko titulazioren bat izatea:

f) Goi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalan, A talderako gaitzen duen edozein titulazio.

h) Goi-mailako teknikarien kidegoko itzulpen eskalan, A talderako gaitzen duen edozein titulazio.

l) Erdi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalan, B talderako gaitzen duen edozein titulazio.

m) Erdi-mailako teknikarien kidegoko itzulpen eskalan, B talderako gaitzen duen edozein titulazio.

ñ) Laguntzaile teknikoen kidegoko itzulpen eskalan, C talderako gaitzen duen edozein titulazio.

16. artikulua.— Eskalen eginkizunak

Eskalei dagozkien oinarrizko eginkizunak ondokoak dira:

f) Goi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalari, hizkuntza-plangintza; euskara-planak kudeatu, landu eta sustatzea eta horretarako irizpideak ezartzea eta aholkularitza ematea; hizkuntza-normalizazioaren eremuan ezagutzak ebaluatzea, jarduerak kudeatzea eta prestakuntza-diseinuak, kontrola eta ikuskapena egitea.

h) Goi-mailako teknikarien kidegoko itzulpen eskalari, euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologia eginkizunak betetzea eta eremu horietan prestakuntza ematea, azterlanak egitea, irizpideak ezartzea eta ikuskapena egitea ere.

l) Erdi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalari, euskara-planak kudeatu, landu eta sustatzeko eta aholkularitza emateko eginkizun teknikoak betetzea; hizkuntza-normalizazioaren eremuan ezagutzak ebaluatzea, jarduerak kudeatzea eta prestakuntza-diseinuak, kontrola eta ikuskapena egitea, eta hizkuntza-plangintza egitea.

m) Erdi-mailako teknikarien kidegoko itzulpen eskalari, euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologiako eginkizun teknikoak betetzea eta eremu horietan prestakuntza ematea, azterlanak egitea eta ikuskapena egitea.

ñ) Laguntzaile teknikoen kidegoko itzulpen eskalari, prestaketa eta lankidetza eginkizunak betetzea euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologian, bai eta eremu horietan prestakuntza ematen, azterlanak egiten eta ikuskapena egiten ere.

Xedapen gehigarriak

Lehenengoa.— Integrazio automatikoa

1. Ondoko kidegoetan automatikoki integratuta geratzen dira haietan lanpostu bat eskuratu zuten funtzionarioak:

a) Integrazio edo deialdi publiko bidez administrazioko goi-mailako kidegoan, administrazio-kudeaketako kidegoan, administrarien kidegoan, administrari laguntzaileen kidegoan eta mendekoen kidegoan plazak eskuratu zituzten funtzionarioak kidego horietan integratuta geratzen dira.

b) Integrazio edo deialdi publiko bidez goi-mailako teknikarien kidegoan, erdi-mailako teknikarien kidegoan eta laguntzaile teknikoen kidegoan, titulazio jakin bakar bat eskatzen zitzaiela, plazak eskuratu zituzten funtzionarioak kidego horietan integratuta geratzen dira, euren titulazioari dagokion aukeraren barruan.

2. Dena delako kidegoetan plazak eskuratu zituzten funtzionarioak ondoko eskaletan automatikoki integratuta geratzen dira:

d) Integrazio edo deialdi publiko bidez goi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko teknikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalan integratuta geratzen dira.

e) Integrazio edo deialdi publiko bidez goi-mailako teknikarien kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak goi-mailako teknikarien kidegoko itzulpen eskalan integratuta geratzen dira.

i) Integrazio edo deialdi publiko bidez erdi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko teknikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak erdi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalan integratuta geratzen dira.

j) Integrazio edo deialdi publiko bidez erdi-mailako teknikarien kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak erdi-mailako teknikarien kidegoko itzulpen eskalan integratuta geratzen dira.

l) Integrazio edo deialdi publiko bidez laguntzaile teknikoen kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak laguntzaile teknikoen kidegoko itzulpen eskalan integratuta geratzen dira.

Bigarrena.— Borondatezko integrazioa

1. Integrazio edo deialdi publiko bidez dena delako kidegoetan plazak eskuratu zituzten eta jarraian zehaztuko diren baldintzak betetzen dituzten funtzionarioak ondoko eskaletan integratu ahal izango dira, hala nahi izanez gero:

c) Goi-mailako teknikarien kidegoko hizkuntza-normalizazioko eskalan integratu ahal izango dira goi-mailako teknikarien kidegoko Euskal Filologiako lizentziadun-plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten funtzionarioak.

2. Eskala bakoitzean integratzeko aukera lanpostu-zerrenda lege honetara egokitu izana argitaratzen denetik sei hilabeteko epean gauzatuko da.

3. Borondatez integratzeko aukera erabiltzen ez dutenek ordura arteko baldintza beretan eutsiko diete euren lanpostuei, eta lege honen lehen xedapen gehigarrian xedaturikoa aplikatuko zaie integrazioari dagokionez.

Hirugarrena.— Lanpostuei espezialitateak esleitzea

Lanpostu-zerrenden bidez esleituko dira espezialitateak, lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta, lege honetan adierazitakoaren arabera arautzen dituen dekretuan zehaztutakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.— Kidego berezietako aukeren zehaztapena

Kidego berezietako aukeren zehaztapena dagozkien lanpostu-zerrendetan egingo da, lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta.

Bosgarrena.— Lanpostu-zerrenden egokitzapena

Funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrari baimena ematen zaio lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean lanpostu-zerrendak arau honetan aurreikusitakoari egokitzeko agindu bat eman dezan.

Seigarrena.— Egungo eskaletan titulazio ofizial berriak sartzea

Legeak sorturiko eskaletako baten bati dagozkion eginkizunak betetzeko titulazio ofizial berriak onesten badira, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio, dekretu bidez onets dezan eskala haietan sartzeko gaitzen duten titulazioen artean titulazio berri horiek sartzeko.


8.2.30. 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena[532]

2. artikulua.— Euskal unibertsitate-sistema

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lurraldean egoitza duten unibertsitate guztien artean osatzen dute unibertsitate-sistema, eta Eusko Legebiltzarrak etorkizunean sortu zein onartzen dituenak ere sistema horretan batera bilduko dira. Era berean, sistemaren barruan harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen erabilera indartzeko etorkizuneko proiektua edo euskararen kultura partekatzen duten beste lurralde batzuetako beste unibertsitate-instituzio batzuekin; sustatze-lan hori irakaskuntza, ikerketa eta ekimen kulturalak koordinatuz egingo da, eta aipatutako unibertsitate-instituzioetako ikasle zein irakasleen arteko mugikortasunaren bidez, euskararen erabilera bultzatzeko, eta hori guztia Europako nazioen eremuan. Lehentasunezko harremanak ezarriko dira Euskal Herrian kokaturiko gainerako unibertsitateekin.

I. KAPITULUA
Unibertsitate-sistemaren printzipioak, helburuak eta eginkizunak

3. artikulua.— Gizartearen zerbitzura

3. Era berean, unibertsitateek eta balio demokratikoetan eta justizia sozialaren balioen gaineko eta giza eskubideen errespetuaren gaineko hezkuntza sustatu behar dute. Ohiko irakaskuntzaren osagarri diren ekimenak sustatu beharko dituzte, eta horiei laguntza eman, giza duintasunari eta herri eta kultura guztien arteko elkartasunari dagozkien balioak transmititzen dituzten heinean. Gainera, orokorrean euskal kultura-ondarearen gaineko defentsa, azterlana eta sustapena bultzatuko dituzte, eta bereziki euskararena.

6. artikulua.— Euskal unibertsitate-sistemaren helburuak

1. Hauek dira euskal unibertsitate-sistemaren oinarrizko helburuak:

e) Jakintza-arlo guztietan euskara sartuz joatea, euskararen erabileraren normalizazioari laguntzeko.

7. artikulua.— Printzipio informatzaileak

Hauek dira euskal unibertsitate-sistemaren antolamenduak oinarri dituen printzipioak:

f) Unibertsitateko irakaskuntza euskaraz jasotzeko eskubidea benetan beteko dela bermatzeko eta zaintzeko botere publikoek duten erantzukizuna; horretarako, beharrezko deritzeten araugintza-garapenak eta ekintza positiboko neurriak sustatu beharko dituzte, unibertsitate-politika orokorraren barruan.

III. KAPITULUA
Unibertsitatean erabiltzeko hizkuntzak

11. artikulua.— Hizkuntzen erabilera

1. Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira euskal unibertsitate-sisteman.

2. Botere publikoei dagokie hizkuntza-normalizazioa bermatzea, horretarako euskararen aldeko ekintza positiboko hizkuntza-politikaren oinarriak ezarrita.

3. Unibertsitateek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, araudian eta plan berezietan gai honi buruz ezarritakoarekin bat etorriz, bere osotasunean bermatuz euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea.

4. Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/89 Legearen 2. artikuluaren aplikazioarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzako eskumena duen sailak proposatuta, irakaskuntzaren eta ikerketaren berezitasunei egokitzeko arau espezifikoak onetsiko ditu. Eusko Jaurlaritzak eta unibertsitateak, indarrean dagoen araudiaren arabera, hautaketa-, sarbide- eta ebaluazio-prozesuak arau horiei egokiturik egotea bermatu behar dute.

5. Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langile guztiei, bestalde, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean administrazio publikoen zerbitzuan diharduten langileentzat aurreikusitakoa aplikatuko zaie.

6. Unibertsitateen gaian eskumena duen sailak eta unibertsitateek eurek zientziarako erabiltzen diren beste hizkuntza batzuk jakitea sustatuko dute, eta unibertsitatearen jarduera akademikoetan sartuko dute hizkuntza horien erabilera.

II. KAPITULUA
Unibertsitate publikoko irakasle
eta ikertzaileak

2. atala
Irakasle eta ikertzaile kontratatuen hautaketa

18. artikulua.— Hautaketa-batzordeak

3. Irakasle osoen zein irakasle agregatuen kategorietara sartzeko hautaketa-batzordeak unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek osatuko dituzte, goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruko unibertsitate publikoetako kide direnek nolanahi ere. Horietako bat, gehienez, Euskal Herriko Unibertsitateko plantillako kide izan daiteke, non eta plazak nahitaez euskaraz jakin beharrekoak ez diren, zeren eta orduan sistema malgutu ahal izango baita erregelamendu bidez, hautaprobak euskaraz egin ahal izan daitezen. Era berean, irakasle agregatuak hautatzeko hautaketa-batzordeetan irakasle titularrek edo irakasle agregatuek parte hartzea ezar dezake Jaurlaritzak. Bestalde, ordezkaritza sindikalak izendaturiko langileen ordezkariak ere parte hartuko du hautaketa-batzordeetan, betiere indarrean dagoen legeriaren arabera.

5. Hautaketa-batzordeek izangai guztien merezimenduak eta jarritako proben emaitzak balioetsi beharko dituzte, eta lehenesteen eta bakoitzari zenbakitan emandako balioespenaren gaineko arrazoiak azaldu beharko dituzte. Nahitaezkoa da merezimenduen artean Euskadiko hizkuntza ofizialen ezagutza balioestea, eta lanpostu-zerrendan elebidun izendatutako lanpostu guztien zerrendan nahitaezkoa izango da euskaraz jakitea.

5. atala
Unibertsitate publikoko irakasleen eta ikertzaileen eskubideak eta betebeharrak

31. artikulua.— Kontratuen edukia

1. Lehiaketetarako deialdietako oinarrietan alderdi hauek aipatu behar dira nahitaez:

e) Zein hizkuntza erabiliko den edo diren irakaskuntza emateko.

6. atala
Irakasleen eta ikertzaileen ordainketa-araubidea

34. artikulua.— Ordainsari gehigarriak

1. Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak ezarri ahal izango ditu irakasle eta ikertzaileentzat, diren funtzionario edo kontratatuak, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren inguruan egoki iritzitako irizpideen arabera; irizpide horien artean hizkuntza-merezimenduak ere sartuko dira.

IV. KAPITULUA
Euskal unibertsitate-sistemako ikasleak

1. atala
Araubide orokorra

38. artikulua.— Bekak, kredituak eta ikasketetarako laguntzak

2. Programa bereziak ezarriko dira deialdian:

[…]

c) Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpotik datozen ikasleentzako euskarazko unibertsitate-ikasketei buruz (bakoitzaren maila sozioekonomikoaren arabera).

2. atala
Ikasleen eskubideak eta betebeharrak

40. artikulua.— Xedapen orokorra

2. Inor ere ezin izango da diskriminatu arrazoi hauek direla-eta: arraza, generoa, sexu-orientazioa, iritzia, erlijioa, hizkuntza, nazionalitatea, gutxiengoren batekoa izatea zein pertsona moduan gizartean nahiz ekonomian beste edozein ezaugarri izatea. Unibertsitateek programa bereziak ezarriko dituzte desgaitasuna duten pertsonek unibertsitateko hezkuntzarako duten eskubidea erabat egikaritu ahal izan dezaten.

41. artikulua.— Oinarrizko eskubideak

Euskal unibertsitate-sistemako ikasleek oinarrizko eskubide hauek dituzte:

a) Beren ikasketak aukeratu eta egiteko eskubidea, indarrean dagoen legerian eta unibertsitatean irauteko arauetan ezarritako eran; matrikula zein irakaskuntza jasotzeko egin zuten, irakaskuntza horiek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzeko eskubidea, horretarako xedatutako eskuarteak erabiliz; orobat bere prestakuntzaren prozesuan aktiboki parte hartzeko eskubidea.

f) Kalifikazio objektiboa jasotzeko eskubidea, eta jaso, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen artean aukeratzen duten hartan jasotzekoa; orobat, kalifikazioak berriro ikustea eskatzeko eskubidea eta, unibertsitateak ezarritako prozeduraren bidez, kalifikazioen aurka egiteko dagozkien bitartekoak erabiltzekoa, direlako kalifikazio horiek behin betiko bilakatu baino lehen; hori guztia, unibertsitate-planaren arabera eta unibertsitateak dituen baliabideen arabera.

43. artikulua.— Informazio akademikoa jasotzeko eskubidea

Sailek edo organo baliokideek eta, kasua hau bada, unibertsitate-institutuek ondorengoak jakinaraziko dituzte, behar besteko publizitatea emanez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan:

a) Irakasgai, materia edo jakintzagai bakoitzaren programa, horietako bakoitza enborrekoa, nahitaezkoa, hautazkoa edo aukera askekoa den adierazita; bakoitzari dagozkion kredituak; bibliografia, metodoak eta helburuak.

b) Irakasle-eskaintza, irakaskuntzak emango dituzten irakasleak zein diren eta irakaskuntza horiek zein hizkuntzatan emango diren zehaztuta; irakaslea askatasunez aukeratzea bermatzen ez denean, zein taldetan emango dituzten irakasgaiak.

c) Irakasgai, materia edo jakintzagai bakoitza berariaz ebaluatzeko irizpideak.

I. KAPITULUA
Irakaskuntza

46. artikulua.— Titulazioak

3. Funts publikoz finantzatutako titulazio berriak ezartzerakoan, taldeak ezartzeko euskara erabiliko da lehentasuneko irizpide.

47. artikulua.— Ikasketa-planak

Unibertsitateen gaian eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planak egiterakoan neurri hauek sustatu eta bultzatuko dituzte, ezertan galarazi gabe indarrean dagoen araudia:

h) Hizkuntzak ikasteari indar ematea.

I. KAPITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio eta organoei dagozkien ahalmenak euskal unibertsitate-sistema antolatzeko

62. artikulua.— Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren ahalmenak

1. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari dagokio Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan araututako ikasketa guztiak arrazionalizatu eta gizartearen beharrizanetara egokitzeko tresnak artikulatzea. Berari dagokio, orobat, beste unibertsitate batzuekiko koordinazioa eta elkarlana hedatzea gai hauetan osagarritasuna lortze aldera: titulazioen eskaintzan, euskararen irakaskuntzan, ikerketan eta unibertsitate-politikarako ezarritako helburuak iriste aldera interesgarri izan daitekeen beste edozein arlotan.

II. KAPITULUA
Euskadiko Unibertsitate Kontseilua

65. artikulua.— Eginkizunak

1. Euskadiko Unibertsitate Kontseilua euskal unibertsitate-sistema koordinatzeko organoa da, eta, orobat, Eusko Jaurlaritzaren kontsulta- eta aholkularitza-organoa unibertsitate-gaietarako.

2. Hauek dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eginkizunak:

l) Unibertsitate-instituzioen arteko euskal sarea sustatzea, irakaskuntza, ikerketa eta ekimen kulturalen koordinazioaren bidez eta aipatu unibertsitate-instituzioetako ikasle eta irakasleen mugikortasunaren bidez, euskara eta euskal kultura indartzeko asmoz.

66. artikulua.— Osaera eta funtzionamendua

3. Batzorde berezi bat egongo da, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburua buru duela, eginkizun hauek izango dituena: goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemaren bilakaeraren jarraipena, unibertsitateak eta haien ikasketa-planak egokitzeko neurriak proposatu eta bultzatzea, Europako sistema hori eraikitzeko foroetan parte hartzea, Europako unibertsitateen eta euskal unibertsitate-sistemaren arteko harremanak sustatzea, eta, oro har, Euskal Herriko unibertsitateak goi-mailako irakaskuntzaren Europako esparruan erabat sartzen lagunduko duen eginkizun oro. Batzorde berezi horren barruan azpibatzorde bat eratuko da, eginkizun hau duela: unibertsitate-instituzioen arteko euskal sarea garatzea; horretarako, irakaskuntza, ikerketa eta ekimen kulturalen koordinazioa eta aipatu unibertsitate-instituzioetako ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatuko ditu, euskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz.

II. KAPITULUA
Unibertsitate publikoa

3. atala
Lanpostu-zerrendak

99. artikulua.— Lanpostu-zerrenden edukia

2. Irakasleen eta ikertzaileen lanpostu-zerrendetan hau zehaztu beharko da, gutxienez:

e) Euskarazko hizkuntza-gaitasunaren maila balioesteko eta nahitaez eskatzeko araubide orokorra; lege honen 11. artikuluaren arabera garatuko da araubide hori. Hizkuntza-gaitasuna egiaztatzen ez duenak ezingo du inola ere euskaraz irakatsi beharra duen plaza bat bete.


8.2.31. 5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza antolatzekoa[533]

IV. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak

II. KAPITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak halako aitortzeko prozedura

30. artikulua.— Aitorpena

2. […]

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak homologatuko ditu aipatutako txostena egiteko eskaintzen diren erakundeak, eskabidea egin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

[…]

e) Ondo bermatzea erakundearekin harremanen bat izango duten guztiek, pertsona fisiko nahiz juridikoa izan, bermatuta izango dutela harreman hori nahi duten hizkuntza ofizialean izateko eskubidea.[534]

[…]

Xedapen gehigarriak

Hirugarrena.— Hizkuntza-eskubideak[535]

Legea betetzeko neurriak hartzen direnean, euskal administrazio publikoek euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatuko dute kanpoko harremanetan. Halaber, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek haiekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania, ahoz zein idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.


8.2.32. 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babestekoa[536]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

5. artikulua.— Administrazio-jardunaren printzipio artezkariak

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, haurrei eta nerabeei arreta emateko eskumenak egikarituz esku-hartzeren bat egin behar dutenean, printzipio hauek izango dituzte gidari beren jardunean:

b) Haurrek eta nerabeek beren eskubideei buruz informazioa jasotzeko duten eskubidea bermatuko dute; informazio hori, ahoz nahiz idatziz, haiek aditzeko moduko hizkuntza batean eman behar zaie, beraien adimenaren mailari eta gaitasunari egokitutako hizkera argi eta errazez, eta, behar izanez gero, beren hezkuntza-beharrizan bereziei egokituta.

c) Berdintasun-printzipioa errespetatuko dela bermatuko dute, landa-inguruneetan edo ingurune marjinaletan nahiz degradatuetan bizitzeagatik egon daitekeen muga oro eragotziz eta, behar izanez gero, ezabatuz; orobat, diskriminazio oro eragotzi eta ezabatuko da, jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazioa, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo haurren eta nerabeen edo beraien familien egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik gerta daitekeen diskriminazio oro, hain zuzen ere.

I. KAPITULUA
Oinarrizko eskubideak

12. artikulua.— Informazioa jasotzeko eskubidea

2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, arlo horretan eskumena dutenek, piztu egingo dute haur eta nerabeentzako informazio-materialak ekoitzi eta hedatzea, eta erraztu egingo dute haur eta nerabeek informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak eta liburutegiak zein gainerako kultura-zerbitzuak erabili ahal izatea. Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek hau zainduko dute: komunikabideek adingabeentzat ematen dituzten mezuetan berdintasunaren, elkartasunaren eta errespetuaren balioak susta ditzatela; indarkeria, pornografia edo giza harremanen esplotazioa erakusten duten irudiak eragotz ditzatela, orobat tratu apalesgarria erakusten dutenak, delitu-jarduerak egitera zirikatzen dutenak edo elkartasun-eza edo diskriminazioa sustatzen dutenak, jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik; eragotz ditzatela, baita ere, haien garapenari kalte egin diezaiokeen zeinahi eduki erakusten dutenak, hori guztia 30., 31. eta 32. artikuluetan adierazitako moduan.

16. artikulua.— Esateko dutena entzun dakien eskubidea

3. Administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, adingabeekin zerikusia zuzenean duten prozeduretan haiek ulertzeko moduko hizkuntza eta haien adimen-gaitasunaren arabera egokitutako hizkera erabil dadin zainduko dute.

II. KAPITULUA
Osasunerako eta zerbitzu sanitarioak jasotzeko eskubidea

18. artikulua.— Bakoitzaren osasuna sustatua eta babestua izateko eskubidea

2. Haurrek eta nerabeek eskubide hauek izango dituzte:

e) Beren osasun-egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ematen ari zaizkien tratamendu medikoari buruzkoa ere, betiere, haien adina, heldutasuna eta egoera psikologiko eta afektiboa kontuan hartuta, lege honen 12. artikuluan adierazitako moduan; gainera, ahalegina egin beharko da informazio garrantzitsu hori haurrak edo nerabeak hobekien ulertzen duen hizkuntzan emateko.

III. KAPITULUA
Hezkuntzarako eta hezkuntza-arretarako eskubidea

23. artikulua.— Hezkuntza-zerbitzuak erabili ahal izatea

4. Hezkuntza-administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan arituz, zero urtetik ezarriko du eskolatzea, euskal eskola publikoa arautzen duen araudian adierazitako moduan. Dena dela, zerbitzu hori ezartzeko prozesuaren barruan lehentasuna emango zaie maila sozioekonomiko apalena duten zonei eta, oro har, hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleei edo hizkuntza-beharrizanak dituztenei.

24. artikulua.— Administrazioak hezkuntzaren arloan jarduteko printzipioak

Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak beharrezkoak diren bitartekoak jarri beharko ditu honako hauek bermatze aldera:

2. Irakaskuntza-zentroen hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan honako gai hauek sartzea:

a) Balioen araberako hezkuntza, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan jasotako printzipio, eskubide eta oinarrizko askatasunekin bat etorriz, bereziki hauekin: aniztasunaren errespetuarekin eta inoren aurka diskriminaziorik ez eragiteko printzipioarekin (dela jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik eragindako diskriminazioa).

c) Autonomia Erkidegoaren gizarte- eta kultura-errealitatearen errespetua, bere pluraltasun osoan, eta bereziki Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien ikaskuntza.

8. Hezkuntza-zentroetan arrisku-egoerak prebenitzeko programak garatzea, bereziki hauek:

e) Tratu txarrei eta sexu-abusuei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-programak, haurren eta nerabeen eskubideez informazioa emango dutenak; informazio horretan eskubide horiek zapaltzea edo arrisku-egoera bat sorraraz dezaketen portaerak azalduko dira, bai haurren eta nerabeenak, bai beste pertsona batzuenak; orobat, laguntza eman diezaieketen pertsonak edo organismoak zein diren azalduko da. Hori guztia ikasleen gaitasunari eta eboluzio-garapenari egokitutako hizkera argi eta erraza erabiliz egingo da.

IV. KAPITULUA
Kulturarako eta babes soziokulturalerako eskubidea

30. artikulua.— Argitalpenak

1. Debekatuta dago haur eta nerabeei beraien nortasunaren garapenerako kaltegarri izan daitezkeen edukiak dituzten argitalpenak saltzea; betiere, debekatuta egongo da haiei indarkeria, pornografia edo giza harremanen esplotazioa erakusten duten edukiak dituzten argitalpenak saltzea, edo tratu apalesgarria erakusten dutenak, delitu-jarduerak egitera zirikatzen dutenak edo elkartasun-eza edo diskriminazioa sustatzen dutenak honako arrazoi hauetako batengatik: jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik.

32. artikulua.— Publizitatetik babestea

1. Haurrentzat eta nerabeentzat egiten den publizitateari dagokionez:

a) Haur eta nerabeentzat egindako publizitateak, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan hedatzen denak, honako betekizun hauek bete beharko ditu, haien eskubideak behar bezala babestearren:

— Iragarkiek ezingo dute indarkeriarik, pornografiarik edo giza harremanen esplotaziorik erakutsi, ez eta tratu apalesgarririk ere; orobat, ezingo dute delitu-jarduerak egitera zirikatu, edo elkartasun-eza edo diskriminaziorik eragin honako arrazoi hauetako batengatik: jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik.

[…]

— Haur eta nerabeentzako produktuen irudiak, prestazioak eta erabilera zuzena era ulergarrian eta egiazkoan erakutsiko dira, eta, horretarako, haur eta nerabeen garapen-mailari egokitutako hizkera erraza erabiliko da.

[…]

2. Haurrak eta nerabeak protagonista dituen publizitateari dagokionez (Autonomia Erkidegoko lurraldean zabaltzen den publizitatea, esan nahi da):

[…]

b) Debekatuta dago haurrak eta nerabeak erabiltzea honelakoak iragartzeko: edari alkoholdunak, tabakoa, edo haur eta nerabeentzat debekatuta dauden jarduerak; pornografia-edukia duten jarduerak; giza harremanen esplotazioa erakusten dutenak; tratu apalesgarria erakusten dutenak; delitu-jarduerak egitera zirikatzen dutenak, edo elkartasun-eza edo diskriminazioa eragiten dutenak arrazoi hauetako batengatik: jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik; edo haien garapenerako kaltegarria izan daitekeen beste edozein eduki agertzen dutenak.

[…]

VIII. KAPITULUA
Gizarteratzeko eskubidea

41. artikulua.— Administrazio-jardunaren printzipioak gizarteratzearen eremuan

1. Gizarte-zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearekin bat etorriz, administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, betebehar hauek izango dituzte:

c) Gizarte-zerbitzuak badirela jakinaraztea eta haien funtzionamenduaz informazioa ematea, hizkera errazez idatzitako dibulgazio-liburuxkak —haur eta nerabeentzat nahiz haien familientzat ulerterrazak— zabalduz.

II. KAPITULUA
Administrazioaren babes-ekintza arrisku- eta babesgabetasun-egoeretan

7. atala
Egoitza-harrera

80. artikulua.— Egoiliarren eskubideak eta betebeharrak

2. Harrera-egoitza bateko haurrek eta nerabeek eskubide hauek edukiko dituzte, beti:

b) Diskriminaziorik gabe arreta izatea (dela jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik diskriminaziorik eragin gabe, alegia), eta, orobat, beraien jatorria errespetatuz eta berek dakarten kultura- edo erlijio-ondarea gordetzeko laguntasuna emanez arreta izatea.

k) Informazioa jasotzea, beren adimenaren mailari eta-gaitasunari egokitutako hizkeran, zentroan erreklamazioak aurkezteko dauden prozedurez; orobat, honako hauei kexak aurkezteko duten aukeraz: fiskaltzari, ikuskapen-zerbitzuei edo haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duten administrazioei.

93. artikulua.— Nerabeek barneratzeko zentroetan izango dituzten eskubideak eta betebeharrak

2. Barneratze-neurriren baten pean diren arau-hausle adingabeek eskubidea dute beren nortasuna eta ideologia-askatasun zein erlijio-askatasuna errespeta dakizkien; orobat, neurriak eragiten ez dien gainerako eskubide eta interes legitimoak ere edukiko dituzte, batez ere adingabetasun zibilari dagozkionak eta Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Legearen 56. artikuluan aipatzen diren eskubide guztiak; eta, horien artean, honako hauek bereziki:

b) Diskriminaziorik gabe arreta izatea (dela jaiotza, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sinesmen eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik diskriminaziorik eragin gabe, alegia), eta, orobat, beraien jatorria errespetatuz eta berek dakarten kultura- edo erlijio-ondarea gordetzeko laguntasuna emanez arreta izatea.

k) Barneratzeko zentroan erreklamazioak aurkezteko dauden prozedurei buruzko informazioa jasotzea, beren adimenaren mailari eta gaitasunari egokitutako hizkeran; orobat, zentroaren zuzendaritzari, Autonomia Erkidegoko Administrazioari, agintaritza judizialari eta fiskaltzari eskaerak eta kexak azaltzeko aukeraz ere informazioa jasotzea; orobat, beren eskubide eta interesak defendatzearren indarrean dagoen legerian aurreikusitako legezko errekurtso guztiak aurkeztu ahal izatea.

ñ) Gai hauei guztiei buruz informazio pertsonal eta eguneratua jasotzea: beraien eskubide eta betebeharrei buruz, beraien egoera pertsonal eta judizialari buruz, zentroaren funtzionamendu-arauei buruz, eta, orobat, eskubide horiek benetan erabiltzeko prozedura zehatzei buruz, bereziki eskaerak, kexak azaltzeko edo errekurtsoak aurkezteko prozedurei buruz. Zentroan sartzen dituzten unean jaso behar dute adingabeek informazio hori guztia, eta berek ulertzeko moduko hizkuntzan eman beharko zaie, haien adimenaren gaitasunari eta beraien beharrizan bereziei egokitutako formatu, hiztegi eta idazkerarekin.

V. TITULUA
Antolaketa instituzionala

I. KAPITULUA
Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundea

98. artikulua.— Antolaketa

2. […]

Haurren eta Nerabeen defendatzailearekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie herritar guztiei, eta arreta ere berek aukeratutako hizkuntza ofizialean jasotzekoa. Hori dela eta, behar diren neurriak jarriko dira eskubide horren erabilera bermatzeko.


8.2.33. 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa[537]

ZIOEN AZALPENA

II

[…]

Haatik, lan-merkatuari, partaidetza soziopolitikoari, etxeko lanak egiteari, emakumeen aurkako indarkeriari, pobreziari eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute hierarkizazioa dagoela gizonek eta emakumeek gizartean dituzten harremanetan eta gizarte horretan betetzen duten lekuan; hierarkizazio horren jatorria, hain zuzen, sexuaren araberako jokabide-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuetan datza, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura esleitzen baitiete, eta hori, gainera, balioespen eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez. Gainera, emakume askok anitz diskriminazio jasaten dute, sexu-diskriminazioaz gain, beste batzuk ere pairatzen baitituzte, arraza, jatorri etnikoa, hizkuntza, adina, desgaitasuna, ondarea, sexu-orientazioa eta beste hainbat faktore direla eta. Horrek guztiak, hainbat kasutan, baldintzatu egiten du emakumeek osotasunean egikari ditzaten herritarrek berez dituzten eskubideak.

[…]

3. artikulua.— Printzipio orokorrak[538]

Hauek dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jarduna gidatu eta bideratuko duten printzipio orokorrak: tratu-berdintasuna eta ikuspegi intersekzionalaren integrazioa; aukera-berdintasuna; emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea; dibertsitatea eta diferentzia errespetatzea; sexu- eta/edo genero-identitatea eta sexu-orientazioa askatasunez garatzeko eskubidea, eta sexu- eta ugalketa-eskubideak askatasunez baliatu ahal izatea, eskubide horiek egikaritzean pertsonek askatasunez erabaki dezaketela bermatuz; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ordezkaritza orekatua; koordinazioa, lankidetza eta nazioartekotzea; emakumeen ahalduntzea; gizonen inplikazioa; parte-hartzea; berrikuntza, gardentasuna eta kontu-ematea, eta hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea.

1. Tratu-berdintasuna eta ikuspegi intersekzionalaren integrazioa.

[…]

Lege honen ondoreetarako:

c) […]

Euskal botere publikoek bermatu behar dute ezen diskriminazio-egoerak eragin ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direla-eta diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek nahiz emakume taldeek benetan baliatzen dituztela beren oinarrizko eskubideak. Inguruabar horiek honako hauek izan daitezke: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaioterria, desgaitasuna, adina, sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena, migrazio-prozesua, errefuxiatu-estatusa, kultura, landa-jatorria, gizarte-bazterketako egoera, seropositibotasun-egoera, guraso bakarreko familia, familia-konfigurazioa edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal, sozial edo administratibo. Gainera, ikuspegi intersekzionala sustatu behar dute; horrek, lege honen ondorioetarako, esan nahi du kontuan hartu behar dela nola erlazionatzen diren sexua eta/edo generoa aipatutako gainerako faktoreekin, nola eragiten dioten elkarri hainbat mailatan, askotan aldi berean, eta nola sortzen diren identitate gainjarriak eta intersekzionatuak, bai eta elkarri lotutako eta askotariko botere- eta zapalkuntza-egoera eta -ardatzak ere.

[…]

15. Hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea.

Euskal botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza-eskubideak baliatzen direla eta euskararen erabilera sustatzen dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, berdintasun-politikak garatzeko orduan, ziurtatuko dute, beste neurri batzuen artean, interesdunak aukeratutako hizkuntza koofizialean ematen direla zerbitzuak, herritarrentzako prestakuntza-, partaidetza- eta sentsibilizazio-jardueretan hizkuntza-eskubideak bermatzen direla, eta langile eta profesionalentzako jardueretan euskararen erabilera sustatzen dela.

II. TITULUA
Euskal botere eta administrazio publikoen jarduketan genero-ikuspegia integratzeko neurriak

IV. KAPITULUA
Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak

18. artikulua.— Xedapen orokorrak[539]

4. Euskal botere publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dute irudi eta hizkera mota guztietan, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.

21. artikulua.— Kontratazio publikoa[540]

5. Baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin artikulu honen lehen paragrafoan aurreikusitako baldintzetan, kontratazio-organoek honako hauek sartuko dituzte kontratazio-agirietan:

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako gauzatze-baldintza berezi bat, gutxienez, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago.

21 bis artikulua.— Dirulaguntzak[541]

3. Euskal botere publikoek, beste gai batzuen artean, dirulaguntza publikoak erregulatzen dituzten oinarri edo arauetan:

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako betebeharrak ezarriko dituzte, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak ez betetzeak dakartzan ondorioak ere.

[…]

II. KAPITULUA
Kultura eta komunikabideak

25. artikulua.— Kultura-jarduerak

1. Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan. Lege honen ondorioetarako, kultura-jardueratzat hartzen dira, besteak beste, artistikoak, jai-giroan egiten direnak, oroitzapenezkoak, kirol-jarduerak eta euskararen hizkuntza-normalizazioaren arloan egindakoak.[542]

2. Kultura-jardueraren batean —hor sartuta jai kutsukoak, artistikoak, kirolekoak, eta euskararen normalizazioaren eremukoak— sexu-diskriminazioa egiten bada, euskal administrazio publikoek ezin izango diote jarduera horri inolako laguntzarik eman, edo administrazio horien ordezkariek ezin izango dute jarduerotan administrazioaren ordezkari gisa parterik hartu.

26. artikulua.— Komunikabide sozialak, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak

3. [543] Gizarte-komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, bermatuko dute edukietan genero-ikuspegia sartzen dela; horrez gain, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen funtzioei buruzko estereotipo sexistetatik aparte; bereziki zaindu behar dituzte haur zein gazteentzako edukiak, eta 3.1 artikuluaren azken tartekian aipatzen diren diskriminazio anizkoitzeko inguruabarrak dituzten emakumeekin lotutako aurreiritzi eta estereotipoak desegitea.

27. artikulua.— Publizitatea kontrolatzeko organoa

Eusko Jaurlaritzan organo bat eratuko da, komunikabideen eta erabiltzen diren publizitate-euskarrien bitartez transmititzen den publizitatearen inguruan aholku eman eta hori aztertzeaz arduratuko dena; horren helburua da sexuan oinarritzen den pertsonen diskriminazio-mota oro erauztea. Era berean, komunikabide publikoek zabaldutako edukiek beren kode etikoak izan ditzaten zainduko da.

III. KAPITULUA
Hezkuntza

1. atala
Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza

29. artikulua.— Curriculuma

2.[544] Era berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, adingabeekiko sexu-abusuak barne, eta eguneroko bizitzarako irakasgai edo eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila guztietan. Eduki eta aldi horietan gai hauekin lotutako alderdi eta edukiak sartuko dira: etxeko eremua eta pertsonen zaintza, harreman pertsonalen funtzionamenduaren ezagutza eta harreman afektibo-sexual osasungarri eta positiboak sustatzea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, emakumeen gorputza erakartzeko elementu edo aberastasun-iturri gisa erabiltzea zalantzan jartzea, jarrera matxisten identifikazioa eta prebentzioa, agerikoenak ez direnak barne, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta sexuen berdintasunaren eta dibertsitatearen errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak ikastea.

30. artikulua.— Irakaskuntzako materialak

2. Euskadiko Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzen diren testuliburuek eta gainerako ikasmaterial guztiek barneratuta izan behar dituzte aurreko artikuluaren 1. paragrafoan adierazi diren hezkidetzako helburuak. Era berean, hizkera ez-sexista erabili behar dute, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua bermatu behar dute.

2. atala
Unibertsitateko
irakaskuntza

33. artikulua.— Xedapen orokorrak

2. Era berean, zainduko dute jakintza-arlo guztietako irakaskuntzan eta ikerketa-lanetan genero-ikuspegia txerta dadin, hizkera ez-sexista erabil dadin, eta emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren garapenari egindako garapen sozial eta historikoa jaso dadin.

IV. KAPITULUA
Lana

2. atala
Enplegua

42. artikulua.— Negoziazio kolektiboa

2.[545] Autonomia Erkidegoko Administrazioak, hitzarmen kolektiboen erregistroaren bitartez, zaindu beharko du hitzarmen horietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aurkako klausularik ez egotea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurri espezifikoak jasotzea. Horrekin batera, sexu-diskriminazioa kontrolatzeko eta ezabatzeko ikuskapenak ere bultzatuko ditu.

VII. KAPITULUA
Emakumeen kontrako indarkeria matxista

3. atala
Detekzioa, arreta, koordinazioa eta erreparazioa

54. artikulua.— Xedapen orokorrak

3.[546] Eskubide horretan sartzen da biktima guztiek informazio eta orientazio egokia eta eskuraerraza izan dezatela, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, dituzten eskubideei eta dauden baliabideei buruz; eta artatuak izan daitezela osasun fisiko eta mentalaren arloan eta beste zenbait arlotan duten beharrei dagokienez; hala nola segurtasuna, arlo ekonomikoa, aldi baterako bizileku segurua, etxebizitza, hezkuntza eta arlo soziala, lege honetan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitako terminoetan.

59. artikulua.— Polizia-arreta[547]

Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskadiko udalerrietako toki-administrazioek bermatu behar dute, Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoaren bidez, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan ematen duten arreta lehentasunezkoa, eraginkorra eta kalitatekoa dela. Horretarako, beste neurri batzuen artean, hau egin behar dute:

b) Biktimei informazioa eman, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, jakin dezaten zer eskubide dituzten, zer baliabide erabil ditzaketen eta zer ondorio dakarren salaketa aurkezteak.

Azken xedapenak

Lehenengoa.— Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1998 Legea aldatzea

1. Aldatu egiten da Emakumearen Euskal Erakundea sorrarazteari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen izenburua: gaztelaniazko bertsioan “Ley 2/1988, de 5 de febrero, sobre creación de Emakunde — Instituto Vasco de la Mujer” izango da, eta euskarazko bertsioan, berriz, “2/1988 Legea, otsailaren 5ekoa, Emakunde — Emakumearen Euskal Erakundea sorrarazteari buruzkoa”.

3. 2/1998 Legean Emakumearen Euskal Erakundeari egindako aipamen guztietan ondokoa ulertu behar da: Emakunde — Instituto Vasco de la Mujer gaztelaniazko bertsioan, eta Emakunde — Emakumearen Euskal Erakundea euskarazko bertsioan.


8.2.34. 4/2006 Legea, azaroaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortzeari buruzkoa[548]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuaren bidez, Logopedian diplomaduna izateko unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zen; ikasketa horien bitartez, dela haurrekin, dela helduekin, entzumenean, fonazioan eta hizkeran izaten diren arazoak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak behar bezala gauzatzeko prestakuntza teoriko/praktiko egokia jaso behar da.

Bestalde, titulua beharrezko duen lanbide sanitarioa da logopedia, halaxe ezarrita baitago osasun-arloko lanbideak arautzen dituen azaroaren 21eko 44/2003 Legean; entzumenean, fonazioan eta hizkeran izaten diren arazoak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak garatzea, horixe da lanbide horren eginkizun espezifikoa, betiere, horretarako, diziplina horretan berariazkoak diren terapia-teknikak erabilita.

[…]

Xedapen iragankorrak

Laugarrena.— Profesionalak gaitzea.

1. Lege honen 4. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, salbuespen gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoko kide izan daitezke entzumenaren, fonazioaren eta hizkeraren arazoen eremuan lan egiten edo lan egin duten profesionalak, baldin eta, betiere, gutxienez hiru urteko lanbide-esperientzia izanda, honako titulazio hauetako bat badute:

a) Hizkeraren eta entzumenaren nahasmenduetan irakasle espezializatua izateko titulua, hezkuntzaren arloan eskuduna den ministerioak emandakoa.

b) Hizkeraren eta entzumenaren nahasmenduei buruzko espezialitatean eskuratutako diploma, hezkuntzaren arloan eskuduna den ministerioak homologatutakoa.

c) Osasunaren edo hezkuntzaren zientzietako unibertsitate-titulua, lizentzia edo diploma.


8.2.35. 7/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Museoei buruzkoa[549]

III. KAPITULUA
Euskadiko museo eta bildumen kudeaketa

10. artikulua.— Euskadiko museo eta bildumen eginbehar orokorrak

Euskadiko museo eta bildumen eginbeharrak honako hauek dira:

h) Instalazioetan, erakusketetan, seinalizazioan, museo-jardueretan eta erabiltzaileen harreran Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial biak erabiltzen direla bermatzea eta, ahal dela, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzea, Europar Batasuneko beste herritarrek eta munduko beste herrialdeetakoek ere erabili eta ulertu ahal izan ditzaten.

IV. KAPITULUA
Euskadiko museoen artikulazioa

1. atala
Euskadiko Museoen Sistema Nazionala

15. artikulua.— Euskadiko Museoen Sistema Nazionaleko museo eta bildumen betebeharrak eta ondorioak

1. Inskribatzearen ondorio direnez gain, Euskadiko Museoen Sistema Nazionaleko museo eta bildumek baldintza hauek bete behar dituzte:

e) Museo edo bildumako bisitariei harrera egitean eta informazioa ematean, baita, espezialitateak edo jakintzagaiak hala eskatzen badu, funtsen kudeaketan eta dokumentazioan ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea.


8.2.36. 3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzekoa[550]

ZIOEN AZALPENA

Elkarren mendekotasuna gero eta handiagoa duen mundu globalizatu honetan, Euskadi ezin da izan bere baitan itxita dagoen herrialde bakartu bat; aitzitik, mundura irekita egon behar du eta, kulturen arteko harremanak bultzatu eta haien alde egiteaz gain, bere berezitasuna erakutsi behar du.

Gure kanpoko presentzia iraunkor eta aktiboak Euskadiren irudi positiboa islatu behar du munduan, hartara, ezagutza soiletik haratago joanez, nortasun eta identitate propioak dituen etorkizuneko herrialde gisa nazioartean onartua izan dadin.

Alderdi horretatik, euskarak eta euskal kulturak, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, gure identitatearen ezaugarririk sakonenak biltzen dituzte eta hizkuntza- eta kultura-ondarea gordetzen dute. Ondare hori gure mugetatik kanpoko beste erkidego eta herrialde batzuekin partekatzen dugu.

Euskara, euskal kulturaren ondare den aldetik, Euskal Herriaren identitatearen funtsezko elementua da, eta belaunaldiz belaunaldi gugana iritsitako milaka urteko legatua osatzen du. Hori dela eta, euskal gizarteari eta, bereziki, botere publikoei dagokie ondare horri bizirik eusteko erantzukizuna, komunikazio- eta harreman-tresna bezala erabilita, gaur egungo hizkuntza modernoa izan dadin eta etorkizuneko mundu eleaniztunean ateak zabalik izan ditzan. Orain arte ezezagunak zituen hainbat erabilera-gunetara iritsi denez gero, euskarak azken urteetan ospea eta presentzia lortu du gure gizartean; aurrerantzean, berriz, ospe eta presentzia hori Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eraman behar da eta, horrela, sustapen unibertsalaren bidez, euskal hizkuntzaren onespenari bide eta bultzada emango zaio nazioartean ere.

Ildo horretatik, kanpoko kultura-aniztasunari eta unibertsaltasunari irekita agertzeaz gain, euskal erkidegoa bere identitate kulturalari eutsita proiektatuko da kanpora, bere adierazpen eta agerbide guztietan.

Asmo horiek kontuan hartuz, lege honen xedea Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzea eta arautzea da. Helburu nagusi hau izango du: gure inguruko instituzio ospetsuen antzera, euskara eta euskal kultura sustatzea, hedatzea eta kanpora proiektatzea. Zuzenbide pribatuko ente publikoa izateak bere helburuak betetzeko behar adinako autonomiaz baliatzeko aukera emango dio.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, eta jarduera horiek beren lana kanpora proiektatzen duten organoek eta administrazio publikoek egindakoekin koordinatuko ditu, bai eta ente publikoaren helburuetara zuzendutako edozein instituziok egindakoekin ere, bereziki, euskal erkidego linguistikoa dagoen lurraldeetako instituzioenekin.

Azkenik, bere helburuak betetzeko, batik bat ildo hauek jorratuko ditu: euskara ikertzea eta irakastea, bereziki unibertsitateetan eta goi-mailako ikasketetako zentroetan; kultura zabaltzeko jarduerak gauzatzea, Estatuko eta nazioarteko organismoekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek eskaintzen diguten ahalmen handiaz baliatzea, bai euskara eta euskal kultura hedatzeko, bai horren guztiaren gastua murrizteko.

Laburbilduz, euskara eta euskal kulturarekiko interesa zabaltzea da Etxepare Euskal Institutuaren asmoa, eta, oro har, gure herrialdeko errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara eta hainbat herritarrengana hurbiltzea, herritar horiek euskal erkidegoak dituzten herrialdeetan bizi direlako edo haien herrialdeekiko harreman historiko, kultural edo komertzialen garrantziak hala aholkatzen duelako.

1. artikulua.— Legearen xedea

Lege honek Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzea eta arautzea du helburu, euskara eta euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko.

2. artikulua.— Izaera eta araubide juridikoa

1. Etxepare Euskal Institutua nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko ente publikoa da, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna du eta kultura arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikita dago.

2. Lege honek, antolaketa- eta jarduera-araudiak eta garapen-xedapenek arautuko dute Etxepare Euskal Institutua. Bere jarduerak gauzatzean zuzenbide pribatuari jarraituko dio, baina Administrazioaren ahalak baliatzen dituenean —zuzeneko esleipenaren bidez edo eskuordetzaren bidez— zuzenbide publikoari lotuko zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren gaiei dagokienez, espresuki aplikatzekoak zaizkion xedapenei jarraituko die eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, zuzenbide pribatuari.

3. Etxepare Euskal Institutuaren mendeko zentroak ez dira administrazio-organotzat hartuko; hala ere, Administrazioaren ahalak baliatzean, administrazio-organoen araubide juridikoaren arabera jardungo dute egintzak eratzeari eta kanporatzeari dagokien guztian.

3. artikulua.— Helburuak

Etxepare Euskal Institutuaren helburuak hauek dira:

a) Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten erkidego guztien ekarpenak errespetatuz.

b) Euskal kultura, haren hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.

c) Gure herrialdeko errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara eta hainbat herritara hurbiltzea, herri horietan euskal erkidegoak dituztelako edo herri horiekiko harreman historiko, kultural edo komertzialen garrantziak hala aholkatzen duelako.

d) Euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatu eta sustatzea.

e) Bere jarduerak hedatzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.

f) Halaber, euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzea, bereziki unibertsitate eta goi-mailako ikerketarako organismoetan.

4. artikulua.— Jarduerak

1. Bere helburuak betetzeko, Etxepare Euskal Institutuak jarduera hauek egin ahal izango ditu, bere ekimenez edo hirugarrenekin elkarlanean:

a) Euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatzea.

b) Euskararen ezagutza egiaztatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onartuta dituen probak antolatzea, indarrean dagoen araudi erregulatzaileak ezartzen duenarekin bat etorriz.

c) Hainbat ekintza sustatzea eta aurrera eramatea, hala nola euskara hedatzea helburu dutenak, bereziki sare telematiko nahiz informazioaren teknologia berriez eta hedabide eta ikus-entzunezkoez baliatuta; irakasleak prestatzera zuzendutakoak, eta euskararen irakaskuntzan laguntzeko materiala argitaratzera bideratutakoak.

d) Irakurletzak ezar daitezen laguntzea eta euskalariei eta atzerriko ikerketa-zentroei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko organo gisa jardutea.

e) Euskal kulturaren sortze-lana kanpoan sustatzeko ekintzak eta estrategiak gauzatzea, artisten eta artelanen kanpoko zirkulazioa bultzatzea eta euskal ondare artistikoaren ezagutza zabaltzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.

f) Erakunde publiko eta pribatuei, Institutuaren helburuak betetzera zuzendutako jarduerak aurrera eramaten dituztenean, dirulaguntzak ematea.

g) Kultura zabaltzeko jarduerak estatuko nahiz nazioarteko beste organismo batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egitea.

h) Hizkuntza, hezkuntza eta kultura jendarteratzeko azoka eta erakusketetan parte hartzea.

i) Unibertsitate eta beste erakunde batzuekin —publikoak nahiz pribatuak, estatukoak nahiz atzerrikoak— hitzarmenak eta, hala dagokionean, lankidetza-protokoloak sinatzea.

j) Hizkuntza eta kultura zabaltzeko jarduerak organismo hauekin gauzatzea eta koordinatzea: gaztelania, euskara bezala Euskadiko hizkuntza ofiziala, katalana eta galegoa sustatu eta kanpoan zabaltzea helburu duten organismoekin, bai eta euskal hizkuntza eta kultura sustatzen jarduten duten euskararen gainerako lurraldeetako organismoekin ere.

k) Institutuaren helburuak betetzera zuzendutako beste eginkizun eta jarduera batzuk gauzatzea.

2. Etxepare Euskal Institutuak arreta berezia jarriko dio, bere jardueretan, euskal erkidego linguistikoaren herrialde eta herrietako hizkuntza- eta kultura-ondare erkideari.

3. Etxepare Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetzako eta elkarlanerako harreman egonkorrak izaten saiatuko da, eta jarduera horiek administrazio publikoek egindakoekin koordinatuko ditu, bai eta ente publikoaren helburuetara zuzendutako edozein instituziok egindakoekin ere, bereziki euskal erkidego linguistikoa dagoen lurraldeetako instituzioenekin.

5. artikulua.— Egoitza eta beste zentro batzuk

1. Etxepare Euskal Institutuaren egoitza Donostian egongo da.

2. Etxepare Euskal Institutuak zentro-sare bat eduki ahal izango du bere helburuak betetzeko. Horretarako, beharrezkoa denean, merkataritza-sozietateak, fundazioak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak sortu ahal izango ditu eta haietan parte hartu, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik horretarako baimena emanda.

6. artikulua.— Organo artezkariak

1. Etxepare Euskal Institutuaren organo artezkariak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria dira.

2. Organo horiek esleiturik dituzten eginkizunak betetzeko ematen dituzten administrazio-egintzetan amaituko da administrazio-bidea.

7. artikulua.— Patronatua

1. Patronatuaren ohorezko lehendakaritza lehendakariari dagokio.

2. Patronatuaren lehendakaritza exekutiboa Institutua atxikita dagoen sailaren titularrari dagokio. Patronatuak beste kide hauek ere izango ditu:

a) Kanpoko ekintza, kultura, hezkuntza, hizkuntza-politika eta ogasun eta administrazio publikoaren arloetan eskudunak diren sailak ordezkatzen dituzten bost kide.

b) Foru-aldundietatik kide bana, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetako foru-aldundietako bakoitzaren ordezkari gisa.

c) Euskal letrak, filologia eta kultura, bereziki Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskal unibertsitateak eta beste gizarte-instituzio batzuk, ordezkatzen dituzten hamabost kide. Kide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, euskal erkidego linguistikoa osatzen duten lurralde guztien euskal kulturari egindako ekarpenak kontuan hartuta.

d) Kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten bost kide. Kide horiek Eusko Legebiltzarrak proposatuta izendatuko dira.

e) Institutuko zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, eta hitza izango du baina botorik ez.

3. Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiak zehaztuko du nor izango den berezko kide karguaren arabera. Gainerako kideak lau urterako izendatuko dira, eta, epe hori igarotakoan, beste lau urterako ere izendatu ahal izango dira berriz, baina beste behin bakarrik.

4. Patronatua, gutxienez, urtean behin bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Institutuak egin beharreko jardunen artean lehentasunak proposatzea.

b) Urteko aurrekontua, aurreko aurrekontuaren betetzea, Institutuaren jarduera-plan orokorrak eta urteko memoria ezagutzea eta, onetsi aurretik, horiei buruzko iritzia ematea.

c) Institutuaren funtzionamendua hobetzen eta haren helburuak betetzen lagun dezaketen ekimenak proposatzea.

d) Antolaketa- eta jarduera-araudiari buruz Zuzendaritza Kontseiluak proposatutako aldaketak ezagutzea eta horiei buruzko iritzia ematea.

e) Antolaketa- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

8. artikulua.— Zuzendaritza Kontseilua

1. Zuzendaritza Kontseiluko kideak hauek dira:

a) Kontseiluko lehendakaria. Institutua atxikita dagoen sailaren ordezkari batek beteko du kargu hori eta, gutxienez, sailburuorde-maila izango du.

b) Kanpoko ekintza, hizkuntza-politika eta ogasun eta administrazio publikoaren arloetan eskudunak diren sailak ordezkatzen dituzten hiru kide; gutxienez, zuzendari-maila izango dute.

c) Gobernu Kontseiluak izendatutako bi kide, Patronatuak proposatuta Patronatuaren beraren ordezkari gisa. Kargu hori lau urterako izango da, eta beste behin bakarrik berritu ahal izango da epe hori igarotakoan.

d) Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, eta hitza izango du baina botorik ez.

2. Zuzendaritza Kontseilua, gutxienez, urtean bitan bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Etxepare Euskal Institutuaren jarduera-plan orokorrak onestea.

b) Laguntzen eta dirulaguntzen programak onestea, baita horiek emateko oinarrizko irizpideak ere.

c) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea.

d) Urteko memoria onestea.

e) Plantillak eta langileen ordainsari-araubidea onestea, aplikatzekoak diren lege-baldintzen arabera.

f) Gobernu Kontseiluari Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiaren aldaketa proposatzea.

g) Hitzarmenak eta protokoloak sinatzeko oinarrizko irizpideak zehaztea.

h) Etxepare Euskal Institutuaren jardueren prezioak finkatzea.

i) Helburuak hobeto betetzeko beharrezkoa denean, merkataritza-sozietateak, fundazioak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak sortzea edo haietan parte hartzea onestea, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik baimenduta.

j) Institutuaren mendeko zentroak sortzea edo kentzea onestea, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik horretarako baimena emanda.

k) Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izendatzeko proposamena ezagutzea eta horri buruzko iritzia ematea.

l) Antolaketa- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua.— Zuzendaria

1. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Gobernu Kontseiluak izendatuko du, Institutua atxikita dagoen sailaren titularrak halaxe proposatuta.

2. Zuzendariari dagokio:

a) Institutua eta Institutuko langileak zuzentzea.

b) Institutuaren plan estrategikoa eta kudeaketa-planak eta Patronatuaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiak proposatu eta gauzatzea.

c) Etxepare Euskal Institutuaren ohiko ordezkaria izatea.

d) Etxepare Euskal Institutuaren jardueren urteko memoria egitea eta Institutuaren aurrekontuaren aurreproiektu-proposamena eta likidazioa Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea.

e) Hitzarmenak eta protokoloak formalizatzea.

f) Institutuaren izenean kontratazioak egitea, bai eta gastuen erabilera baimentzea eta ordainketak agintzea ere, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

g) Etxepare Euskal Institutuak eman beharreko laguntzak eta dirulaguntzak esleitzea.

h) Antolaketa- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

10. artikulua.— Egitura

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiak zehaztuko du haren jarduerak zein ekintza-arlotan antolatuko diren.

11. artikulua.— Araubide ekonomikoa

1. Etxepare Euskal Institutuaren ondasunak eta baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:

a) Institutuaren ondarea osatzen duten ondasunak eta balioak, bai eta ondare horretatik eratorritako produktuak eta errentak ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero esleitzen zaizkion diru-izendapenak eta transferentziak.

c) Zerbitzuak emateagatik izaten dituen diru-sarrerak, bai eta, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, jaso behar dituenak eta beraren jardueren ondorioz sortzen direnak ere.

d) Pertsona publikoek edo pribatuek Institutuari ematen dizkioten dirulaguntzak, borondatezko ekarpenak, dohaintzak, jaraunspenak eta legatuak.

e) Lege- edo erregelamendu-xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.

2. Etxepare Euskal Institutuaren kontrol ekonomikoa iraunkorra izango da eta arlo ekonomiko-finantzarioan nahiz kudeaketan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoaren arabera, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion kontrola alde batera utzi gabe.

3. Institutuaren kontratu-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion lege-xedapenetara egokituko da, eta ekintza-arlo horretako egitekoak eta eskumenak antolaketa- eta jarduera-araudian zehaztuko dira.

12. artikulua.— Langileen araubidea

1. Etxepare Euskal Institutuko langileak lan-zuzenbidearen araupean arituko dira, eta, hala dagokionean, kontratazioa egiten den herrialdeetan indarrean dagoen araudipean.

2. Langileak merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioen arabera hautatu beharko dira.

3. Etxepare Euskal Institutuaren mendeko irakasleek euskara irakasteko titulazio eta prestakuntza didaktiko egokia izan beharko dute.

13. artikulua.— Institutuaren urteko txostena

Etxepare Euskal Institutuak txosten bat bidaliko dio urtero Eusko Legebiltzarrari bere jardueraren emaitzak, jarduera-plan orokorrak eta horien egikaritzea azaltzeko, bai eta ente publiko horren urteko memoria ere.

Xedapen gehigarriak

Lehenengoa.— Etxepare Euskal Institutuaren jardueren hasiera

1. Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onetsi eta gero, Jaurlaritzari dagokio Institutua abian jartzea eta jardueren hasiera zehaztea.

2. Etxepare Euskal Institutuko organo artezkarietako kideen izendapena nahiz organo horien eraketa jardueren hasiera baino lehen egingo dira.

Jardueren hasiera eta dagokion aurrekontuen legea indarrean jartzea batera gertatzen ez badira, Gobernu Kontseiluak onetsiko ditu Institutuaren ustiapen- eta kapital-aurrekontuak, baita Institutuaren jarduerak hasten diren ekonomia-ekitaldiari dagozkion finantza arloko behin-behineko egoera-orriak ere, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari, 15 eguneko epean. Horretarako, aurrekontuen arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari baimena ematen zaio aurrekontuok osatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, baina aldaketa horiek ezin dute handitu Institutuaren jardueren hasieran indarrean zeuden aurrekontu orokorretako partidetan izendatutako zenbateko globala.

Bigarrena.— Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari edo haren organismo autonomoei atxikitako langileak sartzea

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean edo haren mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen dituzten lan-kontratuko langileek, Etxepare Euskal Institutuak —lege honi, Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiari eta ezartzen diren arauei jarraituta— bere gain hartutako eginkizun batzuk betetzen badituzte, ente publiko horretan sartuko dira aplikagarri den lan-legeriarekin bat etorriz.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean edo haren mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioek, Etxepare Euskal Institutuak —lege honi, Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudiari eta ezartzen diren arauei jarraituta— bere gain hartutako eginkizun batzuk betetzen badituzte, honako aukera hauek izango dituzte:

a) Etxepare Euskal Institutuan lan-kontratuko langile gisa sartzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko antzinatasunak dituen ondorio guztiak onartuta, eta administrazio horretan borondatezko eszedentzia-egoeran gelditzea.

b) Etxepare Euskal Institutuan funtzionario-egoerari eustea eta ente publiko horretan desagertuko den lanpostu bat betetzea. Lanpostu hori desagertuko da funtzionarioak behin betiko beste plaza bat lortzen duenean edo lanpostua gordetzera behartzen ez duten arrazoiengatik hutsik gelditzen denean.

Hirugarrena.— Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eginkizunak esleitzea eta baliabide eta ondasunak atxikitzea

Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, Administrazio Orokorreko sailen eta organismo autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Etxepare Euskal Institutuari lege honetan eta antolaketa- eta jarduera-araudian zehaztutako helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar diren giza baliabideak esleitzeko eta egoki iritzitako ondasun eta baliabide materialak atxikitzeko.

Azken xedapenak

Lehenengoa.— Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onetsiko du Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez.

Bigarrena.— Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean lege hau.


8.2.37. 11/2007 Legea, urriaren 26koa, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa[551]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Ondarearen unibertsoa zabaldu egin da nabarmen, eta liburutegiek, ondare digitala berreskuratu, kontserbatu eta zabaldu ahal izateko, nahitaez arakatu behar dute teknologia. Hain zuzen ere, ondare digitala Euskadiko Liburutegiaren elementu adierazgarria izango da, zeren eta liburutegi horren ardura baita, Euskadiko bibliografia-gordailuaren zentroa den aldetik, besteak beste Euskadiko bibliografia-ekoizpena eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutakoa jasotzea, kontserbatzea eta zabaltzea. Beste instituzio batzuekin koordinatuko ditu euskal bibliografia-ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko lanak; izan ere, ondare hori kontserbatzeak balio handia du, zalantzarik gabe, informazio, hezkuntza eta ikerketarako eta kultura, oro har, eta oso bereziki euskal herriaren kultura, ezagutu eta garatzeko.

[…]

VI. tituluan, Euskadiko bibliografia-gordailuari buruzkoan, bibliografia-lanak definitzen dira, eta kontzeptu horretan sartzen dira teknologia berriek sortutakoak eta bibliografia-interesekotzat jotzen diren lan eta bildumak. Euskadiko bibliografia-gordailua arautzeak aukera emango du euskal bibliografia-ondarea egituratzeko; horretarako, behar diren aleak bilduko dira Euskadiko bibliografia-ekoizpenetik eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutako lanetatik, horien adierazpen-era dena dela, tradizionaletatik hasi eta berritzaileenetara. Titulu honetan bi araubide desberdin ezartzen dira, bata nahitaezko gordailuetarako eta bestea borondatezkoetarako; horien oinarrizko alderdiak ezartzen dira, baina zehaztasunak, entregatu behar diren aleen kopurua adibidez, geroago erregelamendu bidez finkatzeko uzten dira.

[…]

Legeak lau xedapen gehigarri ditu. […] Hirugarren xedapen gehigarrian, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako sareen sorrera bultzatzeko eginkizuna izendatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, baldin eta liburutegi horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts garrantzitsuak badituzte. […].

[…]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Lankidetza-printzipioa

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetzan jardungo du toki-administrazioekin eta lurralde historikoetako, estatuko, beste autonomia-erkidegoetako eta euskararen hizkuntza-eremuko liburutegi-instituzioekin, liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko.

II. TITULUA
Euskadiko liburutegi-sistema

9. artikulua.— Bibliografia-informaziorako irispidea

Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak bibliografia-informaziorako irispidea bermatuko die Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiei, katalogo kolektibo bat sortuz.— Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiek, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera bermatuko dute, ematen diren erregelamenduzko xedapenak beteko dituzte eta informazio-trukea ahalbidetzeko neurri teknikoak hartuko dituzte.— Bereziki, lan teknikoak, katalogoak eta baliabide teknikoak bi hizkuntzatan izatea bermatuko dute.

11. artikulua.— Euskadiko Liburutegi Sistemaren bitarteko eta baliabideak kudeatzeko printzipio gidariak

Kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko liburutegi-sistemaren bitarteko eta baliabideen kudeaketa bideratuko du, lankidetza-printzipioa kontuan izanez eta bitarteko eta baliabide horiek euskal bibliografia-ondarearen izaera eleaniztunari egokituz.

III. TITULUA
EUSKADIKO IRAKURKETA PUBLIKOKO SAREA

14. artikulua.— Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien betekizunak

4. Halaber, sareko liburutegiek kontuan izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko egoera soziolinguistikoa, eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz emango dituzte, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

5. […]

Era berean, informaziora iristeko bidea bermatuko zaie etorkinei, baita gizarteratzeko eta beren jatorrizko hizkuntza eta kultura gordetzeko baliagarri zaizkien informazio eta materialetara iristekoa ere. Gainera, haien hizkuntzan dauden materialak eta bildumak aukera eta eskain daitezen bultzatuko da.

18. artikulua.— Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien erabiltzaileen eskubideak eta eginbeharrak

1. Erabiltzaileen eskubide orokorrak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera.

IV. TITULUA
Euskadiko Liburutegia

27. artikulua.— Definizioa

1. Euskadiko Liburutegia sistemaren buru izango da eta bera arduratuko da Euskadin eta euskararen hizkuntza-eremuan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak —bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak— bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarria dena dela.— Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan alor honetan diharduten gainerako instituzio publikoekin koordinatuko da, horiek osagarri izango dituelarik.

29. artikulua.— Eginkizunak

1. Euskadiko Liburutegiak eginkizun hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan:

a) Euskadin eta euskararen hizkuntza-eremuan argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzea.— Helburu hori lortzeko, Euskadiko bibliografia-gordailuaren jasotzaile izango da, eta bide horretatik heltzen ez zaizkion bibliografia-lanak, berriz, berak eskuratuko ditu.

3. Euskadiko Liburutegiak katalogoetan, argitalpenetan eta beraren jardueren zabalkundean elebitasuna kontuan har dadin bermatuko du.

VI. TITULUA
Euskadiko Bibliografia Gordailua

34. artikulua.— Euskadiko Bibliografia Gordailua

1. Lege honen ondorioetarako, Euskadiko Bibliografia Gordailua Euskadiko eta euskararen hizkuntza-eremuko bibliografia-ekoizpen osoaren aleak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatuarenak jaso eta kontserbatzeko eratutakoa da.— Gordailua Euskadiko Liburutegian edo lege hau garatzeko arauetan zehaztutako gordailu-zentroetan eratuko da.

Xedapen gehigarriak

Hirugarrena.— Eusko Jaurlaritzak liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako balioko duten sareak sor daitezen bultzatuko du, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden liburutegiei dagokienez, euskal etxeetakoei dagokienez bereziki, baldin eta liburutegi horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts garrantzitsuak badituzte.

Azken xedapenak

Lehenengoa.— Aldatu egiten da Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 66. artikulua.— Honela geldituko da: [552].


8.2.38. 4/2008 Legea, ekainaren 19koa, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa[553]

ZIOEN AZALPENA

1

Gure artean gero eta begi-bistakoagoa da terrorismoa gure gizarteak nozitzen eta jasaten duen gaitzik handienetakotzat jotzen dela. Seguru asko, oraindik ez gara erabat jabetzen auzi horrek euskal herritarron bilakaeran, kolektibitate gisa, sortu duen eta sortzen duen min sakonaz. Agian, ikuspegi historiko zabalago batetik, etorkizunean izango dugu balioestea norainoko eragin negatiboa izan duen eta duen gure garapenean batez ere ETAren indarkeria terroristak, baina baita gaur egun zorionez desagertuta dauden GALenak eta eskuin muturreko taldeenak ere. Gizarte-harremanen, gure ekonomiaren, gure kultura- eta hizkuntza-aurrerapenaren garapenaz ari gara; azken finean, gure elkarbizitzaren garapenaz.

[…]


8.2.39. 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte-zerbitzuei buruzkoa[554]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

7. artikulua.— Printzipioak

Hauek dira Gizarte-zerbitzuetako Euskal Sistema arautuko duten printzipioak:

c) Berdintasuna eta ekitatea. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek prestazio eta zerbitzu jakin batzuk bermatu behar dituzte gutxienez, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte-zerbitzuen Mapak zehazten dituenak, baliabideak Autonomia Erkidegoko lurraldean berdin banatuko direla ziurtatzearren. Halaber, prestazio eta zerbitzu horiez ekitatearen irizpidearen arabera baliatzea bermatuko dute, baldintza sozial edo pertsonalengatik diskriminaziorik eragin gabe, ekintza positiborako edo aukera- eta tratu-berdintasunerako neurriak aplikatzearen kalterik gabe, eta beren jardunean gizon eta emakumeen berdintasunaren eta dibertsitate sexualaren ikuspegiak integratuz, bai eta belaunaldi ezberdinak eta kultura ezberdinak aintzat hartzeko ikuspegia ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, hizkuntza-araudia betetze aldera, pertsonek euskara edo gaztelania erabiltzeko duten askatasuna bermatuko dute.

9. artikulua.— Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak

1. Titulartasun publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek, Konstituzioak eta legeek aitortzen dizkietenez gain, bermatuta izango dute beste eskubide hauek ere egikaritu ahal izango dituztela:

i) Beharrizanen ebaluazio edo diagnostiko bat epe arrazoizkoetan edukitzeko eskubidea; eta ebaluazio hori idatziz eta hizkera argi eta ulergarrian edukitzekoa; orobat, arrazoizko epeetan arreta pertsonalizatuko plan bat edukitzekoa, eta plan horretan parte hartzekoa, baldin eta, antzemandako beharrizanei erantzuteko, beharrezkotzat jotzen bada esku-hartze bat.

l) Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetako edozeinetan aritzeko eskubidea, norberak hobesten duenaren arabera.

V. TITULUA
Ekimen pribatuko esku-hartzea

I. KAPITULUA
Ekimen pribatuak esku hartzea erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak ematean

1. atala
Xedapen orokorrak

60. artikulua.— Ekimen pribatuaren parte-hartzea Gizarte-zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen eskaintzan

4. Gizarte-zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen kudeaketan, edo gizarte-zerbitzuen eremuan erantzukizun publikokoak diren beste jarduera batzuen kudeaketan, esku hartzen duten erakunde pribatuei dagokienez, 7. artikuluan aurreikusitako jokaera-printzipioak errespetatu beharko dituzte beren jardunean, arreta berezia eskainiz c) apartatuan araututako berdintasun- eta ekitate-printzipioari. Bereziki, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoa betetze aldera, erakunde pribatu horiek beharrezko diren bitarteko guztiak jarriko dituzte erabiltzaileek euskara edo gaztelania erabili aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izatea bermatzeko.


8.2.40. 15/2008 Legea, abenduaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzekoa[555]

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa antolatzeko eta arautzeko oinarriak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak zehaztu zituen; kidegoak oinarrizko legerian nola ezarrita zeuden aintzat hartuta, irakaskuntzako kidego propioak sortzea izan zen lege haren abiapuntuko egituraren funtsa.

Lege hori idatzi zen garaian, katedraduna izatea irakasle-karrerako merezimendu pertsonala zen, kidego hauetako baten baitan kontuan hartzen zena: … hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan; eta, hortaz, katedra lortzen zuenak dena delako bere kidegoan jarraitzen zuen. Hala diseinaturik zegoen sistema, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan eta Funtzio Publikoa Erreformatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legean.

[…]

Nolanahi ere, harrezkero hainbat lege etorri da, eta sistema aski aldaturik utzi dute, hainbat kidego berezi sortuz: … hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunena.

[…]

1. artikulua.— Legearen xedea

Lege honen xedea da Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan lau irakasle-kidegoak sortzea, denak ere A taldekoak. Hauek hain zuzen ere:

[…]

— Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegoa.

[…]

2. artikulua.— Eginkizunak betetzeko eremua

3. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegoko langileek beteko dituzte araudiak hizkuntzen irakaskuntzetarako eratxikitzen dizkien eginkizunak, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoko langileekin batera.

3. artikulua.— Sartzeko betekizunak

3. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegora sartzeko, beharrezkoa izango da Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegokoa izatea, kidego horretako karrerako funtzionario modura gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea, eta titulu hauetako bat edukitzea: doktorea, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntzarako balio duen titulazio baliokidea, bai eta hautaketa-prozesua ere gainditu beharko da.

4. artikulua.— Sartzeko sistema

1. … Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegora sartzeko, lehiaketa egingo da, eta ez da praktikaldirik egongo.

5. artikulua.— Postuak betetzea

1. […] Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegokoek, lanpostuak betetzeko lehiaketetan, lanpostu huts berei dagozkien mailetako irakasle-kidegoetako langileekin hartuko dute parte. Alabaina, kontuan hartuko dira kidego haietakoak izateagatik aplikatzekoak zaizkien merezimendu bereziak.

Xedapen gehigarriak

Lehenengoa.— Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko langileak kidego hauetara biltzea

… Hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegoetako irakasle funtzionarioei dagokienez, … lege hau indarrean jartzen denean Autonomia Erkidegoaren mendekoak direnak, besterik gabe, legearen arabera Autonomia Erkidegoan sortutako kidegoetatik kasuan kasukora bilduta geratuko dira.

Halakoetan, jatorrizko kidegoan zuten antzinatasun berbera izango dute, eta aitortuta dituzten lehengo eskubide guztiak errespetatuko zaizkie, baita eskubide ekonomikoak ere, halakoak izatekotan. Era berean, jatorrian izan zuten gizarte-aurreikuspeneko araubidea izaten jarraituko dute.

Biltzen edo integratzen direnean eurek duten lanpostura integratuko dira, eta izaera ere berbera izango dute.

Bigarrena.— Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako gainerako irakaskuntza-kidegoen izenak

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen bidez sorturiko izen ofizialetan, gaztelaniaz, pertsonen forma maskulinoa eta femeninoa erabili beharko da, biak. Hortaz, gaztelaniaz, aurrerantzean izen hauek izango dituzte:

— Cuerpo de maestros y maestras de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de profesores y profesoras de enseñanza secundaria de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de profesores técnicos y profesoras técnicas de formación profesional de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de profesores y profesoras de música y artes escénicas de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de catedráticos y catedráticas de música y artes escénicas de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de profesores y profesoras de artes plásticas y diseño de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de maestros y maestras de taller de artes plásticas y diseño de la comunidad autónoma del País Vasco.

— Cuerpo de profesores y profesoras de escuelas oficiales de idiomas de la comunidad autónoma del País Vasco.

2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoak, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz besteko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen bidez sortutakoak, euskaraz izango duen izen ofizialari dagokionez, bere baitan bildutako pertsonen forma maskulinoz eta femeninoz osatuko da, espresuki.


8.2.41. 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa[556]

IV. TITULUA
Nekazaritza eta elikagaien eraldatzea eta merkaturatzea

I. KAPITULUA
Printzipio orokorrak

50. artikulua.— Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen identifikazioa

5. Euskararen erabilera sustatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan merkaturatutako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen identifikazioan. Jatorri- eta kalitate-ikurra duten produktuei dagokienez, lege honen 58.5 artikuluan xedatutakoa beteko da.


8.2.42. 6/2010 Legea, abenduaren 23koa, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzkoa[557]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Kanpaina instituzionalen betekizunak

1. Publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionalak egin ahal izango dira honako helburu hauetako bat dutenean:

h) Euskal Herriko hizkuntzen eta ondare historiko, kultural eta naturalaren zabalkundea egitea.

10. artikulua.— Hizkuntzak

1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean zabalkundea duten edo egiten diren publizitateko eta komunikazioko kanpaina instituzionaletan, euskara eta gaztelania erabiliko dira.

2. Era berean, beste hizkuntza batzuk ere erabili ahal izango dira, jardueren xedearengatik edo horien zabalkunde-eremuarengatik beharrezkoa izanez gero.


8.2.43. Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua, 2011ko ekainaren 30ekoa[558]

I. TITULUA
Eusko Legebiltzarraren antolaketa

2. artikulua

1. Euskara eta gaztelania dira Eusko Legebiltzarreko hizkuntza ofizialak.

2. Eusko Legebiltzarrak bi hizkuntza ofizialen erabilera normalizatua bermatuko du.

3. Legebiltzarkideek, Eusko Legebiltzarreko langileek, eta oro har herritarrek ere, bi hizkuntza ofizialak berdin-berdin erabiltzeko eskubidea dute, nola Eusko Legebiltzarrarekiko beren harremanetan hala beren eginkizunak betetzean.

4. Eusko Legebiltzarreko argitalpen ofizialak elebidunak izango dira.

5. Eusko Legebiltzarrak beharrezko diren neurriak eta baliabideak jarri eta arautuko ditu bi hizkuntzak jakitea eta erabiltzea bermatzeko.

II. TITULUA
Jarduteko xedapen orokorrak

VII. KAPITULUA
Legebiltzarreko lanak argitaratzea

109. artikulua

Legebiltzarreko Mahaiak beharrezko neurriak hartuko ditu herritarrak, bitarteko telematikoen bidez, Legebiltzarrean tramitatzen diren ekimenen agirietara irits daitezen eta ekimen horiek tramitatzeko prozesuaren jarraipena egin dezaten. Era berean, herritarren eta legebiltzarkideen arteko harremanak errazteko prozedurak ezarriko ditu. Gardentasun-prozesu horri bide emateko:

e) Osoko bilkurak Internet bidez emateko zuzeneko zerbitzu bat egongo da. Audioseinalea hizkuntza ofizialetan entzun ahal izango da.


8.2.44. 3/2011 Legea, urriaren 13koa, Lanbide — Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa[559]

I. KAPITULUA
Izaera, xedeak, eginkizunak eta azkentzea

3. artikulua.— Eginkizunak

w) Herritarrek, Lanbide — Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak erabiltzen dituztenean, erkidego honetako hizkuntza ofizialetatik gurago dutena aukeratzea izango dutela segurtatzea.


8.2.45. 4/2012 Legea, otsailaren 23koa, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa[560]

II. KAPITULUA
Organoak eta funtzionamendua

9. artikulua.— Funtzionamendua

5. Kontseiluko kideek euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz egin dezakete bileretan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta bestelako dokumentuetan.


8.2.46. 12/2012 Legea, ekainaren 21ekoa, Kiroleko Dopinaren aurkakoa[561]

10. artikulua.— Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren eskumenak

1. Hauek dira dopinaren aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak izango dituen eskumenak:

u) Dopin-kontroletan laginak hartzeko langileen prestakuntza sustatzea, gerora, langile horiek gaitzeko eginkizun horretan hizkuntza ofizial bietan lan egite aldera. Era berean, aintzat hartuko da genero-ikuspegia, laginak hartzeko taldean kirolariaren sexu bereko pertsona bat izan dadin, legeetan ezartzen denez.

11. artikulua.— Aholku Batzordea eta Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordea (COVAUT)

4. Aholku Batzordean eta COVAUT batzordean, ahal dela, emakumeen eta gizonen presentziaren arteko oreka gordeko da, eta kideek bi hizkuntza ofizialak jakitea lehenetsiko da.

II. KAPITULUA
Dopin-kontrolak

13. artikulua.— Kontrolen bermeak eta legezko ondorioak

8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak informazio-eredu normalizatu bat ezarriko du euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, kontrolak jakinarazteko, dopin-kontroletan laginak hartzeko eta hartutako laginak dagozkion laborategira bidaltzeko.

14. artikulua.— Betebehar osagarriak eta erabilera terapeutikoko baimenak

1. Erregelamendu bidez zehaztuko diren klubek eta gainerako kirol-erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak behar bezala erregistratutako liburu bat izan eta bete beharko dute nahitaez. Liburu horren osotasuna bermatuko da, eta bertan kirolariei beren zuzendaritzapean agindu dizkieten tratamendu terapeutikoak jaso beharko dituzte, baldin eta kirolariek inskripzio hori egitea onartzen badute. Liburu hori osasun-agiritzat hartuko da datuen zaintza eta babesaren ondorioetarako. Liburua hizkuntza ofizial bietako edozeinetan erredaktatu ahal izango da.

IV. KAPITULUA
Prebentzio-neurriak

41. artikulua.— Prebentzio-neurriak[562]

1. Euskal Autonomia Erkidegoan, dopinaren aurkako borroka eraginkorra bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, gaian inplikazioa duten beste organo batzuen laguntzarekin, prebentzio-neurri batzuk hartuko eta sustatuko ditu, besteak beste:

a) Informazioko eta prestakuntzako programak kirol federatuaren, eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren eta beste kirol-adierazpen ez-lehiakor batzuen eremuan. Programen eskaintza hizkuntza ofizial bietan izango da, eta euskara lehenetsiko da 18 urtetik beheragokoentzako programetan.

42. artikulua.— Kiroleko dopinari buruzko informazio-sistema

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak kirolaren eremuko dopinari buruzko informazio-sistema bat ezarriko du, zeinak bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko ahalmena izango duen. Sistemak horrek ezaugarri hauek izango ditu kontuan besteak beste: sexuaren aldagaia kirolariei buruzko datuak jasotzean eta ustiatzean, kirolarien itxaropenen eta iritzien analisi berezituak egin ahal izatea, eta genero-adierazleak izatea.

45. artikulua.— Kirolariaren osasun-txartela

3. Osasun-txartelak honako hauei guztiei buruzko informazioa jasoko du: kirolariak aukeratutako harreman-hizkuntza, azterketa medikoak, osasun- eta dopin-kontrolak —kasuan kasuko lizentzia eskuratzen duen unetik kirolariari egiten zaizkionak—, haien emaitzak eta medikuak hartzen dituen erabakiak, kirolariaren osasun-laguntza egokia izan dadin kontuan hartu beharrekoak. Eta baita, horrez gain, kirolariak eskuratutako erabilera terapeutikoko baimenei buruzko datuak, eta kirolariaren lan-bajei eta kirol-bajei buruzkoak. Erregelamendu bidez zehaztuko da informazio horren norainokoa eta dagokion dokumentazioa igortzeko modua, kirolariaren hizkuntza-hautua errespetatuko delarik ezinbestean.


8.2.47. 13/2012 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq — Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa[563]

4. artikulua.— Ebaluazioaren printzipioak

7. Agentziak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, aurkezten diren eskaerak behar bezala ebaluatuko direla bermatzeko, eskaeren hizkuntza ofiziala edozein izanik ere.

11. artikulua.— Agentziako langileak

3. Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du kanpoko harremanetan. Agentziarekiko harremanak, idatziz zein ahoz, euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea bermatuko zaie pertsona fisiko zein juridikoei.


8.2.48. 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa[564]

II. TITULUA
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

23. artikulua.— Eginkizunak

1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak izango dira, Poliziari eta herritarren segurtasunari eta arlo horretako jarduera osagarriei dagokienez:

c) […]

Hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak programatu, antolatu eta garatzea Ertzaintzako kideak euskalduntzea lortzeko.


8.2.49. 16/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzekoa[565]

III. KAPITULUA
Sinplifikazio administratiboa

2.Hartarako garatuko diren jarduketek irizpide hauek izango dituzte gidari:

j) Erabiltzea hizkera administratibo bat argia, erraza, ulergarria eta herritarrak Administrazioarekin benetan trabarik gabeko harremanak izatera bideratua.

IV. KAPITULUA
Ekintzailetza jarduerari laguntzea

10. artikulua.— Leihatila bakarra

2. Leihatila bakarrera irispidea izateko, euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatu beharko da, bai eta, posible balitz, Europar Batasuneko beste zenbait hizkuntzarena ere.


8.2.50. 1/2013 Legea, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa[566]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Horretarako, lege honetan bizialdi osoko ikaskuntza euskal herritar guztien eskubidetzat hartzen da, eta prestakuntzako eskaintza zabal baten bidez gauzatuko da, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Urrutiko prestakuntza-eskaintza sustatuko da, batez ere informazio eta komunikazioko teknologien bidez, horiei esker herritarrek prestakuntza-eskaintza hurbilago izan dezaten, era malguan, prestakuntzaz batera beste eginbehar batzuk (norberarenak, familiakoak, gizartekoak edo lan-arlokoak) aurrera eramateko modua izateko. Gainera, legeak lan-esperientziaren bidez edo bide ez-formal edo informalen bitartez ikasitakoa aitortzeko bidea ezartzen du, euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntzetan gaitasun profesionalak eta ez-profesionalak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko tresna bat abian jarrita.

[…]

Halaber, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak HABE institutua sortu zuen, helduak alfabetatzeko eta berreuskalduntzeko eta euskaltegiak erregulatzeko erakunde gisa. Arau horrek HABEri helburutzat jarri dio erregulatzea eta bultzatzea euskararen irakaskuntza helduen arloan.

[…]

ATARIKO KAPITULUA
Xedapen orokorrak

5. artikulua.— Plan eta programen ezaugarriak

Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren plan eta programek bermatuko dute jardueren eskaintza, ahal den neurrian, bi hizkuntza ofizialetan izatea, prestakuntza-eskaintza behar bezala emateko herritarrek aukeratutako hizkuntzan. Gainera, jarduera horiek ezaugarriok izango dituzte:

11. Prestakuntzako eragileen ezaugarriak planifikatu, ezarri eta eguneratzea, bereziki gaitasun linguistiko, digital eta sozialei dagokienez.

13. Irakaskuntzen jasotzaile diren pertsonen arabera, hirugarren hizkuntza batean ere garatzea eduki-eskaintza nahiko bat.

9. artikulua.— Mugikortasuna eta lankidetza

4. Mugikortasun-proiektuen xedea da prestakuntza hobea eta enplegua lortzeko aukera hobeak ematea ikasleei, aukera izan dezaten ikastera beste autonomia-erkidegoren batera joateko edo beste herrialderen batera joateko. Kanpoko ikasketa-egonaldi horietan honako helburuak bete nahi dira:

c) Hizkuntza-gaitasunak eta kulturen arteko komunikazioa hobetzea.

I. KAPITULUA
Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren tresnak

1. atala
Eragileak, eremuak eta programak

10. artikulua.— Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak

1. Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak hauek dira: garatzen diren plan eta programen esparruan diharduten erakundeak, direla publikoak edo pribatuak. HABE, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko Eusko Jaurlaritzaren organismo autonomoa dena, izango da organo eskuduna bete beharreko baldintzak ezarriko dituena euskarako ezagutzak eskuratzeko eremuan garatu beharreko jarduerei dagokienez, kaltetu gabe horregatik gaia dela-eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitzen zaizkien eskumenak.

11. artikulua.— Eremuak

6. Euskadiko hizkuntza ofizialetan eta beste batzuetan gaitasunak eskuratzea.

12. artikulua.— Programak

2. Finantzaketa publikoa eskuratzeko, honako programa hauek daukate lehentasuna:

g) EAEko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitasuna izatea sustatzeko programak; bereziki, helduentzako alfabetatze- eta euskalduntze-programak.

14. artikulua.— Prestakuntzako programak eta ekintzak lantzeko baldintzak

3. Erkidegoko hizkuntza ofizialen gaitzea bultzatzeko programak hartarako baimendutako eta homologatutako instituzio, zentro edo organismoek emango dituzte.

2. atala
Urrutiko prestakuntza

16. artikulua.— Urrutiko ikaskuntza

1. Eusko Jaurlaritzak, batez ere informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, urrutiko hezkuntzako eskaintza zabala, eguneratua eta kalitatezkoa bultzatuko du, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

3. Eusko Jaurlaritzak urrutiko hezkuntzako material didaktiko zehatz eta egokituen garapena bultzatuko du, Autonomia Erkidegoko errealitate sozioekonomikoak, kulturalak eta linguistikoak eskatzen dituen ikaskuntza-beharrizanei (edo gaitasunak eskuratu eta garatzeko beharrizanei) erantzuteko.

17. artikulua.— Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua sortzea

1.[567] Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua (UHEI) sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan unibertsitateaz kanpoko urrutiko hezkuntzaz arduratuko den zentro publiko bakarra izateko, Lanbide Heziketaz izan ezik.

UHEIk arlo hauetan egingo du irakaskuntza-lana:

a) Oinarrizko hezkuntzan eta Batxilergoan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak ezartzen dituen baldintzen arabera.

b) Erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitzeko ikasketetan, euskarari dagokionez gaian eskuduna den HABE organismoak ezarritako baldintzetan.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko graduatu-tituluak lortzeko probetarako pertsona nagusiak prestatzeko ikastaroetan.

d) Helduak prestakuntza-zikloetara edo unibertsitatera iristeko prestaketa-ikastaroetan.

e) Aurreko 12. artikuluan jasotako prestakuntza-programetatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz UHEI bidez emateko modukoak direnetan.


8.2.51. 1/2014 Legegintzako dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onesten duena[568]

[SARRERA]

[…]

Lege-testuaren euskarazko bertsioa ere eguneratu egin da. Izan ere, azken hogei urteetan (16/1994 Legea onetsi zenetik), hizkuntzan teknikoki aurrerapen handia egin da gai horretako terminoetan.

[…]


8.2.52. 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituena[569]

II. KAPITULUA
Kargu publikodunen jokabide kodea zuzentzen duten printzipio orokorrak

8. artikulua.— Herritarrekiko harremanetarako printzipioak

4. Herritarren hizkuntza-eskubideak baliatzea bermatuko dute, euskararen normalizazioa bultzatzea bereziki aintzat hartuta eta haren erabilera sustatuta.


8.2.53. 5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa[570]

ATARIKO TITULUA

II. KAPITULUA
Euskal Zuzenbide Zibilaren printzipio eratzaileak

7. artikulua.— Hizkuntza koofizialak eta Euskal Zuzenbide Zibila

1. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetan formalizatu ahal izango dira lege honek araututako egintzak eta kontratuak.

2. Egilesleek egilespen-tokiko hizkuntza ofizialetatik zein hitzartu eta hizkuntza horretan idatziko dira agiri publikoak; eta hizkuntza ofizialak bat baino gehiago izanez gero, aldeek aukeratutakoa erabiliko da. Aldeen artean desadostasuna gertatuz gero, agerkai publikoa bertako hizkuntza ofizial guztietan idatzi beharko da. Tokian tokiko hizkuntza ofizialetatik eskatzaileak zein aukeratu eta hizkuntza horretan luzatuko dira kopiak.


8.2.54. 8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa[571]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

8. artikulua.— Emakume nekazarien aniztasuna

Emakume nekazarien egoera desberdinak —zeinahi delarik ere horien arrazoia: jatorri etnikoa, arraza, erlijioa, iritzia, gutxiengo nazional batekoa izatea, hizkuntza, jaiotza, adina, desgaitasuna, sexu-orientazioa, ondarea edo beste inguruabar pertsonal edo sozialen bat— aintzat hartuko dituzte nekazaritzaren gaian eskumena duten euskal administrazioek beren jarduketa guztietan.

[…]


8.2.55. 10/2015 Legea, abenduaren 23koa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Aisialdiko Jarduerena[572]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA
ARAUAREN XEDEA, EREMUA ETA HELBURUAK

5. artikulua.— Printzipio orientatzaileak

Lege hau garatu eta aplikatzeko orduan, honako printzipio orientatzaile hauek zaindu beharko dituzte administrazio publikoek eta ikuskizun eta aisialdiko jardueren antolatzaileek:

e) Bermatzea betetzen direla gizon eta emakumeen berdintasunari, irisgarritasunari eta herritarren hizkuntza-eskubideei buruzko araudian jasotzen diren lege-betebeharrak.

II. TITULUA
Ikuskizunei eta aisialdiko jarduerei aplikatu beharreko araubidea

I. KAPITULUA
Eskubideak eta eginbeharrak

12. artikulua.— Titular eta antolatzaileen betebeharrak

2. Aurreko apartatuan ezartzen den agindua hobeto betetzeko, honako betebehar hauek izango ditu titular edo antolatzaileak:

p) Betetzea kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko araudian ezarritako betebeharrak.

II. KAPITULUA
Ikuskizunek eta lokalek bete beharreko betekizunak eta baldintzak

16. artikulua.— Informazioa eta publizitatea

1. Lege honen aplikazio-eremuko establezimendu publikoetako sarreran, kartel edo plaka bat erakutsi behar da establezimenduaren jarduera eta titulartasuna identifikatzeko; kartel edo plaka hori toki ageri batean eta irakurtzeko moduan jarri beharko da, onesten den eredu normalizatuaren arabera.

Kartel edo plaka horretan, establezimenduaren izena eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: zer jarduera edo ikuskizun sartzen diren lizentzia, baimen edo aurretiazko komunikazioan; ordutegia; baimendutako gehieneko edukiera eta adingabeek, hala badagokio, zer egoeratan duten debekatuta sartzea.

[…]


8.2.56. 1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa[573]

II. TITULUA
Eskaintzaren murrizketa

II. KAPITULUA
Tabakoaren kontsumoaren sustapena, publizitatea, banaketa, salmenta eta kontsumoa mugatzeko neurriak

2. atala
Tabakoa banatu eta saltzeko mugak

39. artikulua.— Tabako produktuak tabako-makina bidez saldu eta banatzeko mugak

6. Osasun-ohartarazpena: makinen aurrealdean, argi eta ikusteko moduan, ohar bat agertuko da, euskaraz eta gaztelaniaz, tabakoaren erabilerak osasunean eragiten dituen kalteez ohartarazteko, adingabeei dagokienez bereziki.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Hizkuntza ofizialak erabiltzea

1. Lege honek xedatutakoa betetzean, euskal administrazio publikoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte, herritarrek Administrazioarekin harremanetan jartzerakoan haiek nahi duten hizkuntza erabili ahal izateko, bai idatziz bai ahoz, horrela bermatuko baita arreta hizkuntza horretan jasotzea.

2. Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordeko kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da bilera-deietan, gai-zerrendetan eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztietan.

3. Lege honek xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.


8.2.57. 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa[574]

IV

[…]

Bistakoa da tokiko politikaren kalitate instituzionala hobetu beharra dagoela udal-gobernuek beren legitimitatea indar dezaten, zerbitzu-zorro iraunkor eta efizientea garatuz. Izan ere, udalak dira herritarrek arazoak konpontzeko jotzen duten lehendabiziko atea, eta udalen legitimazio instituzionalaren oinarria da, neurri handi batean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea eta herritarrei bizi-kalitate egokia eskaintzea, eskubide guztiak egikaritzeko aukera bermatuta; horien artean, gainera, hizkuntza-eskubideak.

Hala islatzen da legeak toki-harremanetan kultura- eta hizkuntza-eredu propio baten alde egin duen aukera garbian ere, apustu sendoa egiten baitu euskararen iraunarazpen, finkapen eta garapenaren alde, amorez eta euskal toki-administrazioa benetan euskalduna izan ahal dadin, horrek berekin dakarren guztiarekin, hala nola den euskara laneko ohiko hizkuntza izan ahal izatea, euskara jakitea mugatu gabe, askotan gertatzen denez, tokiko enplegu publikora iristeko eskakizun formal huts izatera. Horregatik, toki-administrazioak etsenplu eta gidari izan behar du euskara erabat berreskuratzearen arloan, eta horretarako beharrezkoa da administrazio horrek apustu argi bat egitea bere jarduna gero eta gehiago euskalduntzen joateko.

Horregatik, euskara babestu eta normalizatzeko lana, Euskal Herriaren hizkuntza berezkoa eta komuna denez, lehenik, euskal botere publiko guztiei dagokie, baina euskal udalek bide-erakusle izan behar dute eginkizun horretan. Ondorioz, lege honen asmoa da aitzindari izatea prozesu batean non botere publiko guztiek apustu irmoa egin behar baitute euskararen alde, haren normalizazio desiratua eta erabateko garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak erauziz. Hala, lege honek, zeinak une oro errespetatzen baitu toki-araubidea, aldezten du, kasuan kasuko toki-erakundeak hala erabakitzen badu, euskara erakunde horretako lan-hizkuntza izatea. Era berean, modu berariazko, funtsezko eta zuzenean aurreikusten du udalek eskumenak edukitzea euskararen erabilerari eta normalizazioari buruzko planen arloan, bai «ad extra», hau da, beren jardunaren lurralde-eremuan, bai «ad intra», hau da, toki-erakundean bertan artikulatzeko antolaketa bakoitzak erabakitzen dituen jasotzaileekin.

Halaber, amorez eta hizkuntza-normalizazioko prozesuek gainditu dezaten toki-erakundeen lanpostuetarako hautaketa- edo horniketa-prozesuetan gaitasun hori egiaztatzearen estadioa, aurreikusten dira ere zinegotziek hizkuntza-gaitasunak eskuratu eta hobetzeko lagundu dezaketen neurriak, zeren eta bi errealitateak, bai enplegatu publikoei dagokiena eta bai politikaren eremuari dagokiona, uztarturik joan behar baitira, euskararen erabileran benetako normalizazioa lortzeko, hau da, esan den bezala euskara laneko ohiko hizkuntza bihurtu dadin euskal toki-erakundeetan.

Alabaina, hori esan ondoren, adierazi behar da ere, alde batetik, euskal toki-administrazioaren euskalduntzearen aldeko apustu irmo horrek ezin dituela inola ere ahaztu herritarren hizkuntza-eskubideak, herritarrek une oro izango baitute hautatzen duten hizkuntza ofizialean artatuak izateko eskubidea eta bi hizkuntza ofizialetako bat ez jakiteagatik inolako babesgabetasunik ez nozitzeko eskubidea. Eta, beste alde batetik, toki-agintarien jardunak eskatuko du neurri bereziak hartzea euskararen alde, egoera kaxkarragoan dagoen hizkuntza ofiziala baita. Izan ere, euskara faboratzeak bilatzen duena da, hain zuzen, herritarren artean benetako berdintasuna sustatzea, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartaren 7.2 artikuluan jasotakoaren zentzuan karta hori 1992ko azaroaren 5ean onetsi zen Estrasburgon eta indarrean dago gure ordenamendu juridikoan, 2001eko otsailaren 2an berronetsia izan ondoren, non bere helburu eta printzipioen artean esaten duen ezen «hizkuntza erregionalen edo gutxituen alde neurri bereziak hartzea, hizkuntza horien hiztunen eta gainerako biztanleen artean berdintasuna sustatzera zuzenduta daudenak eta haien egoera berezia kontuan izatea bilatzen dutenak, hori ez da hartuko hizkuntza hedatuagoen hiztunekiko diskriminazio-egintzatzat».

[…]

VI

[…]

Lehenengo tituluan, xedapen orokor batzuek legearen ezaugarriak eta helburua azaltzen dituzte, bai eta toki-erakundeen ezaugarriak eta zerbitzuen prestazioarenak ere, eta arau-esparru berri hau zein printzipiotan oinarritzen den ere; azkenik, EAEko toki-erakundeen hizkuntza aztertzen dute. Gainera, legean sartzen diren erabaki arauemaileak arrazoitzen dituzten eskumen-tituluak aipatzen dira.

[…]

Lehenengo titulu honetan jasotzen da, legean leku berezia duelarik, euskararen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren toki-administrazioaren eremuan, Euskal Herriaren berezko hizkuntza den aldetik.

Euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, beraz, baita bertako toki-erakundeetan ere. Alde horretatik, jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da toki-erakunde horietan, betiere herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuta, eta erabilera normala eta orokorra izango du bertan. Berariaz adierazten da, gainera, euskaraz egin daitekeela egintza eta izapide oro.

Horrekin batera, euskararen erabilera sustatzeko, planifikatzeko eta dinamizatzeko eskumenak aitortzen zaizkie udalei, bai udal-zerbitzuen alorrean, bai udalerriko bizitzaren eremu askotarikoetan ere. Bide horretan, aukera ematen zaie udalei bitartekoak jartzeko, baita bitarteko arauemaile eta ekonomia-finantzen alorrekoak ere, eta aukera, orobat, euskararen eremuan beste erakunde batzuekin lankidetzan edonolako formulak bilatzeko.

[…]

I. TITULUA
Legearen xedea eta printzipioak

6. artikulua.— Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala

1. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala, eta, alde horretatik, erakundeon jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izango da. Edonola ere, bermatu beharko da herritarrek benetan egikaritu ahal izatea toki-erakundeekin harremanak izateko orduan hizkuntza ofiziala hautatzeko duten eskubidea eta, hortaz toki-erakundeek hizkuntza horretan artatzeko duten betebeharra, hartarako behar diren neurriak harturik.

Euskarari eta gaztelaniari aitortutako ofizialtasunaren arabera, bai euskara toki-erakundeen ekintzetan erabiltzea, bai gaztelania ekintza horietan erabiltzea, balio juridiko osokoak izango dira, betiere eragotzi gabe toki-erakundeek bermatu beharra daukatela, partikularrekiko harremanetan, horiek hautatu duten hizkuntza ofiziala erabiltzea.

2. Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira. Ahalmen hori baliatu ahal izango da –aipatu berri diren kasuetan–, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen[575] edozein kideren eskubideak urratzen ez badira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe. Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak edo laburpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta Estatukoari, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriari jarraituz.

3. Toki-erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, –erakunde barruko, beste edozein administrazio publikorekiko edo, are, partikularrekiko harremanetan– bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera gorabehera, behar diren mekanismoak sortu beharko dituzte, herritarrek karga edo betebeharrak eragingo dizkien inolako formaltasun eta baldintzarik gabe baliatu ahal izan dezaten komunikazioak beste hizkuntzan jasotzeko daukaten eskubidea.

7. artikulua.— Toki-erakundeen eta udalen eskumenak euskararen erabilerari dagokionez

1. Udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, izendatuta dauzkaten arloetako zerbitzu eta jardueretan euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko eskumena. Eskumen hori egikaritu ahal izateko, udal bakoitzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu eta euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatuko ditu, kontuan izanik instituzio komunetatik eta indarrean dagoen legeriatik euskararen erabilerari dagokionez eratorritako plangintza- eta erregulazio-irizpideak.

2. Era berean, udalei izendatzen zaie, eskumen propio gisa, hartatik eratortzen diren ahalmen eta eginkizunekin, beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena, horretarako zerbitzuak eta jarduerak zuzenean antolatuz, edo beste pertsona edo erakunde batzuek euskara sustatu eta dinamizatze aldera burutzen dituzten jardueren finantzaketan lagunduz.

3. Udalerriei dagokie, halaber, beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea eta, oro har, toponimoen eta leku geografikoen gaineko prozedura arautu eta haiek onestea, horrek ezertan galarazi gabe Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikuluan eta aplikatu beharrekoa den gainerako legerian ezarritakoa. Izen horien idazkeraz den bezainbatean, dagokion hizkuntzaren arau akademikoak errespetatuko dira, eta, euskararen kasuan, Euskaltzaindiak ezarrita indarrean dauden hizkuntza-arauak.

4. Udalerriek euskararen erabileraren eremuan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izango dituzte ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak onetsiz.

5. Toki-erakundeek euskararen arloan aitortuak dituzten eskumenak baliatzeko, hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte; mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute, eta elkarlanerako beste modu batzuetara jo ahal izango dute, erakunde publiko eta pribatuekin.

6. Toki-erakundeek beraien arteko harremanetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekiko harremanetan euskara gero eta gehiago erabil dadin sustatuko dute; horretarako, adostasuna bilatuko dute, eta, edonola ere, hizkuntza ofizial bat nahiz bestea erabili ahal izango dute, beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe.

7. Udalen egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaien neurriak proposatuko dira.

8. Herritarren hizkuntza-eskubideei eta euskararen eta gaztelaniaren hizkuntza-ofizialtasunaren erregulazioa betetzeari dagokienez trabarik gertatu ez dadin indarreko legeriak onartzen dituen zehar-kudeaketa moduetako baten bitartez zerbitzua emateagatik, toki-erakundeek egiten dituzten kontratuetan kasu bakoitzean beharrezkoak diren klausulak sartuko dira, hirugarren batzuek egikaritzen dituzten zerbitzu publikoetan helburu hauek bermatze aldera:

a) Kontratuaren xedeak bete dezala haren izaeragatik eta zerbitzuaren titularra den toki-erakundearen ezaugarriengatik aplikagarria zaion hizkuntza-legeria.

b) Herritarrak artatuak izan daitezela beraiek hautatzen duten hizkuntza ofizialean.

c) Zerbitzua eman dadila, hizkuntza-baldintzei dagokienez, zerbitzuaren administrazio titularrari eskatu ahal zaizkion baldintza beretan.

III. TITULUA
Udal-eskumenak

17. artikulua.— Udalerrien eskumen propioak

[…]

26) Euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onetsi eta kudeatzea, lege honen 7. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

IV. TITULUA
Udalerriaren antolaketa eta funtzionamendua. Udal-ordezkarien estatutua. Zuzendaritza-kide publiko profesionalak

I. KAPITULUA
Udalerriaren antolaketa eta funtzionamendua

25. artikulua.— Printzipio orokorrak

9. Lege honen 6.2 artikuluan jasotako aurreikuspenez gain, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetze aldera, hautetsiek hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna (mintzatuaren eta idatziaren ulermena) izatea sustatuko da. Lege honen 17.26 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuta, sustapen hori, autoantolaketa-printzipioari jarraiki, toki-erakunde bakoitzak ezartzen dituen neurriekin gauzatuko da.

Hartarako, euskararen ezagutza hobetzeko eta optimizatzeko ekimenak garatuko dira eta toki-erakundeek euskaraz funtzionatzea lortzen joateko neurriak hartuko dira, bereziki euskararen arnasgune diren lurraldeetan.

30. artikulua.— Bilkuren publizitatea

Toki-erakundeen bilkura publikoetan, herritarrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, eta ezingo zaie behartu hitz egiteko aukeratu ez duten hizkuntzan itzulpenik egiterik edo azalpenik ematerik.

Beste hizkuntza ofizialerako itzulpena, beharrezkoa baldin bada, toki-erakundeak egingo du bere bitartekoekin edo era mankomunatuan, toki-erakunde bakoitzaren autoeraketaren baitan geldituko delarik haren beharrizanen arabera nola gauzatu herritarren eskubide hori. Zerbitzu hori ematea, lege honen 7. eta 17.26 artikuluetan xedatutakoaren arabera, udalen eskumen propioa denez gero, eskumen propio horien finantzaketari dagozkion lege honetako xedapenak aplikatuko zaizkio.

V. TITULUA
Udalerriko auzotarren eginbeharrak eta eskubideak. Zerbitzu-kartak

I. KAPITULUA
Udalerriko auzotarren eskubideak, eginbeharrak eta erantzukizunak

43. artikulua.— Udalerriko auzotarren eskubideak

1. Auzotarren eskubideak dira honako hauek:

h) Toki Administrazioarekiko harremanetan, hizkuntza ofizial bietatik edozein erabiltzeko eta aukeratutako horretan artatua izateko eskubidea, herritarren hizkuntza-eskubideak arautzen dituen autonomia-erkidegoko legeriaren arabera.

VI. TITULUA
Gobernu irekia. Gardentasuna, datu irekiak eta herritarren parte hartzea

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

49. artikulua.— Titulu honetako arauen aplikazio-eremua

3. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak direnean, gizarte-, kultura-, hizkuntza- eta ingurumen-intereseko helburuak baino ez dituztenean, eta 50.000 eurotik beherako aurrekontua dutenean, lege honek ezarritako betebeharrak betetzeko, ekarpen edo laguntza gehienen iturburu diren toki-erakundeetako bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte.

II. KAPITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek publizitate aktiboaren arloan dituzten betebeharrak

50. artikulua.— Publizitate aktiboa. Printzipio orokorrak

8. Gainera, bermatuko da tokiko administrazioen dokumentu eta bestelako euskarrietan ez dela hizkuntzaren erabilera sexistarik egiten, ez zuzenean sortutakoetan ez hirugarren pertsona edo erakunde batzuen bidez sortutakoetan.

9. Halaber, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko legeria betetzea bermatuko da, eta bereziki toki-erakundeen publizitate aktiboan euskararen erabilera sustatzean arreta jartzea.

III. KAPITULUA
Informazio publikoa eskuratzeari eta erreklamazio-organoari buruzko printzipioak

66. artikulua— Gardentasunari eta informazio publikorako sarbideari buruzko betetze-mailaren jarraipena

2. Txosten horrek ondorengo alderdi hauek aztertu eta azalduko ditu, gutxienez:

c) Informazio publikorako sarbidea izateko eskubidearen erabilera: zenbat eskaera aurkeztu diren; zenbat eskaera ebatzi diren; batez beste zein epetan ebatzi diren; zenbat eskaera onetsi diren oso-osorik, zenbat zati batean, eta zenbat beste pertsona bat aurka egonda; zenbat eskaera ezetsi diren, eta zenbat ez diren onartu; zati batean edo beste pertsona bat aurka egonda onesteko arrazoiak, ezestekoak, eta ez onartzekoak; maizena eskatutako informazioa; eta eskatzailearen profila (adin-tartea, sexua, eta eskaeran erabilitako hizkuntza).

II. KAPITULUA
Tokiko zerbitzu publikoak kudeatzeko bitarteko erakundeak

107. artikulua.— Lurraldeen arteko lankidetza

1. Autonomia Erkidegoko instituzio komunek eta lurralde historikoetako foru-organoek, zeinek bere eskumenen eremuan, eta mugaz gaindiko lankidetzako programa bai propio bai komun baten esparruan, sustatuko dute hizkuntza-, kultura, ekonomia eta gizarte izaerako lokarriak ezartzea eta indartzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eta Lapurdiko, Nafarroako eta Zuberoako toki-erakundeen artean, betiere lankidetza horrek toki-eskumeneko politikak eta zerbitzuen kudeaketa hobetzea badakar.

Era berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako toki-erakundeek lankidetza-hitzarmenak adostu ahal izango dituzte Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako toki-erakundeekin, hizkuntza, kultura, ekonomia, gizarte eta lankidetzazko lokarri komunak ezartze eta indartze aldera.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako ildo berean, udalek eta gainerako toki-erakundeek lankidetza adostu ahal izango dute Estatu espainiarreko eta beste estatu batzuetako antzeko beste lurralde-erakunde batzuekin, bai nazioarteko elkarte edo federazioak sortzeko, garatzeko edo haietara biltzeko kasuei dagokienez, bai ekonomia eta gizarte izaerako lokarriak eratu edo indartze aldera.

3. Manu honek hizpide dituen lokarri horiek zuzenbidean baliozko den edozein tresna juridikoren bitartez gauzatu ahal izango dira.


8.2.58. 9/2016 Legea, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko (Herriko) Fundazioei buruzkoa[576]

I. KAPITULUA
Fundazioa

1. atala
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Xedeak eta onuradunak

1. Fundazioek interes orokorreko xedeak izan behar dituzte. Besteak beste, interes orokorrekotzat jotzen dira honako xede hauek:

l) Euskal hizkuntza- eta kultura-aniztasuna.


8.2.59. 10/2016 Legea, ekainaren 30ekoa, Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzkoa[577]

4. artikulua.— Prozeduraren hasiera

2. Artikulu honek aipatzen duen idazkiak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egon beharko du idatzita, eta idazki hori batzorde sustatzaileko kideek sinatu beharko dute, fisikoki edo elektronikoki.


8.2.60. 12/2016 Legea, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa[578]

V. KAPITULUA
Balioespen-batzordea

18. artikulua.— Funtzionamendua

3. Balioespen-batzordeko kideek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetatik edozein erabili ahalko dute bileretan. Era berean, bermatuko da balioespen-batzorde honek egiten dituen bileren deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta idazkietan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiliko direla.


8.2.61. 13/2016 Legea, uztailaren 28koa, Turismoarena[579]

[…]

Turismoa, kultura aldetik berezko balioak izateaz gainera, zerbitzuen sektoreko jarduera bat da, onura ekonomiko handiak sortzen dituen lehen mailako baliabidea. Era berean, oso dinamikoa eta aldakorra da, ostatu-figura berriak eta zerbitzuak emateko modu berriak bereganatuz doana. Gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek, eta bereziki sareak, produktu turistikoak modu globalizatuan merkaturatzen dituzte. Horrek lehiaren globalizazioa ekarri du, batetik, eta, bestetik, jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaile-mota berri bat, askoz ere zorrotzagoa eta autonomoagoa, bidaiak diseinatzeko orduan. Aldaketa horiei estaldura juridikoa emateko, araudi-aldaketak egin behar izan dira. Hona hemen azpimarragarrienak:

[…]

— Ingurumen-araudiari dagokionez, legean espresuki adierazi da araudi hori betetzeko betebeharra. Era berean, zeharkako moduan gehitu da turismoaren sektorean lan egiten duten pertsonen eskubideen babesa bilatzea, baita euskararen erabilera bultzatzea ere zerbitzu turistikoen erabiltzaileei ematen zaien arretan.

[…]

4. artikulua.— Turismo-politika

1. Turismo-politika bideratuko da turismo-eskariarentzat eskaintza dibertsifikatua, berritzailea, unibertsalki irisgarria, berezitua, kalitatezkoa, lehiakorra, alderdi soziokultural, ekonomiko eta ingurumenekotik jasangarria eta erakargarria lortzera. Printzipio gidari hauek izango ditu:

i) Turismo-politiken koordinazioa bilatzea (eredu-definizioa, sustapena, kudeaketa...) alderdi historikoak, geografikoak, sozialak, linguistikoak, kulturalak edo bestelakoak partekatzen dituzten lurralde mugakideekin, turismo-eskaintza partekatu bat egin ahal izan dadin.

j) Turismo-kudeaketa jasangarriko eredu bat lortzea Euskadirako; horretarako, batik bat zaintzea eta kontserbatzea baliabide turistikoak, baita zaintzea ere ingurumena eta paisaia, gure kultura eta euskara.

3. Euskadiko Turismo Administrazioak Euskadiko turismo-eskaintza espezializatzea bultzatuko du, turismo-mota hauek lehenetsiz besteak beste: landa-turismoa, turismo kulturala eta historiko-artistikoa, naturakoa, gastronomikoa, enologikoa, linguistikoa, inklusiboa, hirikoa, espirituala eta erlijiosoa, industriala, aktiboa, osasun-arlokoa, termetakoa, kirolekoa, negozioetakoa, kongresuetakoa eta sustagarriei buruzkoa.

I. KAPITULUA
Xedapen orokor komunak

26. artikulua.— Zerbitzu turistikoen prezioak

3. Kontzeptuen arabera banakatu beharko dira prezio-tarifak eta benetan emandako edo kontratatutako zerbitzu turistikoen fakturak, eta gutxienez gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon beharko dute; horrez gain, zerga-araudian ezarritako fakturazio-betekizunak bete beharko dira, bereziki fakturak ematen dituen enpresa edo pertsona identifikatzen duten datuei buruzkoak.

III. KAPITULUA
Ostatu-enpresa turistikoak

1. atala
Ostatu-establezimenduak: xedapen orokor komunak

38. artikulua.— Ostatu-establezimenduak: motak

2. Dagokien kategoriaz aparte, ostatu-establezimenduek espezialitate bat izango dute, edo izan ahalko dute, kontuan hartuz zer arkitektura-ezaugarri duten, zer-nolako zerbitzuak ematen dituzten, non dauden kokatuta helmuga turistiko orokorretako baten arabera (hirian, hondartzan, landan, besteak beste), zer eskari-mota zehatzetara zuzentzen diren (kultura, hizkuntza, kirola, ongizatea eta osasuna, besteak beste), edo zer kontzeptuk espezializatzen eta bereizten dituen besteetatik; betiere, lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

[…]

IV. KAPITULUA
Bitartekaritzako turismo-enpresak

56. artikulua.— Bidaia-agentziak

3. Jardueren errotulazioan, bidaia-agentziek bakarrik erabili ahal izango dituzte bidaia, bidaia konbinatua eta pakete turistikoa terminoak edo hitz horiei dagozkien beste hizkuntzetako ordainak.

V. KAPITULUA
Turismo-lanbideak

64. artikulua.— Turismo-gidariak

1. Turismo-gidariak: Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten dute Euskadiko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan.

4. Euskadin lan egiten duten turismo-gidariek Euskadiko bi hizkuntza ofizialak jakiteko betebeharra dute.

72. artikulua.— Kontzeptua eta aplikazio-eremua

[…]

Honako hauek sartzen dira turismo-intereseko jardueren barruan:

b) Kultura-zerbitzuak adibidez, hizkuntza-turismoa ematen dituzten enpresak eta naturako kirol-jarduerak hala nola turismo aktiboa eta abentura-turismoa eskaintzen dituztenak.

VII. TITULUA
Turismo-diziplina

II. KAPITULUA
Turismo Ikuskatzailetza

87. artikulua.— Ikuskapen-aktak

1. Turismo Ikuskatzailetzak egiten duen ikuskapen bakoitzeko, akta bat jasoko da, ikuskapenaren emaitzarekin; akta erregelamenduz ezartzen den eredu ofizialean egingo da. Ikuskapen-aktak betetzeko erabili beharko diren inprimaki eta eredu ofizialek bi hizkuntzatan idatzita egon beharko dute, eta, salbu interesdun pribatuek espresuki aukeratzen badute Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea, Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan beteko dira.


8.2.62. 1/2017 Legegintzako Dekretua, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onesten duena[580]

[…]

Bigarrenik, erabilitako hiztegia eta gramatika-kontuak eguneratu eta berrikusi dira, testuan modu desberdinean erabiltzen ziren termino jakin batzuen erabilera bateratzeko eta testuari behar bezalako barne-kohesioa emateko. Hala gertatzen da, segurtasun publikoaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren izendapenarekin edo Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari egiten zaizkion aipamenekin. Era berean, hizkuntza berraztertu da, ikuspegi ez-sexistatik erreparatuta.

Horrez gain, euskarazko bertsioko hizkuntza ere berraztertu da legegintza-eskuordetzaren mugen barruan, 1996az geroztik aurrerapen handiak egin baitira arlo honetako euskara teknikoan eta juridikoan eta, horrenbestez, beharrezkoa izan baitaiteke aldaketak egitea azken emaitzan inkoherentziarik egon ez dadin eta lortu nahi den segurtasun juridikoari kalterik egin ez dakion.

[…]

IV. KAPITULUA
Lazeria ez diren larrialdiak kudeatzea

39. artikulua.— Larrialdiko deien arreta-zerbitzua

[…]

3. Larrialdiko deien arreta-zerbitzurako sarbidea unibertsala, doakoa eta iraunkorra izango da Euskadiko lurraldean dagoen pertsona ororentzat.

Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan ematen da. Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailak beharrezko bitartekoak jarriko ditu zerbitzurako sarbidea Europar Batasuneko estatuetako beste hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko, bai eta desgaituek zerbitzua baliatu ahal izango dutela ziurtatzen duten mekanismoak bermatzeko ere.

[…]


8.2.63. 1/2018 Legea, ekainaren 7koa, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzekoa[581]

Xedapen gehigarria

Lege honetan xedatutakoa betetzean, administrazio publikoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte herritarrek administrazio publiko horiekin dituzten harremanak haiek nahi duten hizkuntza ofizialean izan daitezen, ahoz zein idatziz, horrela bermatuko baita arreta hizkuntza horretan berean jasotzeko herritarrek duten eskubidea.


8.2.64. 4/2018 Legea, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzkoa[582]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan, hizkuntzen auziak erronka bikoitz bat dakar. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialek Lanbide Heziketan izango duten presentzia Lanbide Heziketako sistemara egokitu beharra dago, eta konpondu egin behar dira urte hauetan guztietan nabarmendu diren arazoak. Euskarak Lanbide Heziketako sisteman duen presentzia normalizatua dela bermatu behar da; hartara, hizkuntzaren arloko xedapen orokorrak aplikatuko dira, eta bermatu egingo da bi hizkuntza ofizialak behar bezala menderatzen dituztela prestakuntza-jarduerak egiten dituztenek (bereziki, hasierako Lanbide Heziketan). Era berean, hizkuntza-eredu bat edo bestea ezarriko da lanbide-heziketaren eta enpresa-munduaren berezitasunak eta eskakizunak kontuan hartuta. Ildo horretatik, lege honek euskara eta gaztelaniaren eredu elebidunaren alde egiten du.

Bigarrenik, lanbide-heziketak aurre egin behar dio atzerriko hizkuntzen ezagutza lan-mundura zabaltzeko erronkari. Ildo horretatik, ezinbestekoa da ingelesaren ezagutza oro har zabaltzea; baina zenbait eremutan edo zenbait kasutan, ezinbestekoa da beste hizkuntza batzuk ere ikastea (bereziki, etengabeko lanbide-heziketaren eremuan).

[…]

VI. KAPITULUA
Lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzea

24. artikulua.— Lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzea

5. Horretarako, Lanbide Heziketako jardueretan beste hizkuntza batzuen ikaskuntza sartzea bultzatuko da, bai hasierako lanbide-heziketan bai, hala badagokio, enplegurako heziketan.

VII. KAPITULUA
Hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan

27. artikulua.— Prestakuntza-prozesuetako hizkuntza ofizialak

1. Egokiro bete dadin hezkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea bai, halaber, lanbide- eta lan-jarduerak euskaraz egiteko eskubidea ere —biak ala biak berariaz aintzatetsiak indarrean dagoen legerian—, bai euskara eta bai gaztelania ezinbestean jasoko dira lanbide-heziketa guztiko prestakuntza-programetan, ikasleek trebezia nahikoa garatu dezaten ahozko zein idatzizko ulermenean eta adierazpenean, betiere, arreta berezia jarrita dagokion arlo profesionalean. Halaber, bai Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak, bai Lanbide — Euskal Enplegu Zerbitzuak Lanbide Heziketako ikastetxeetan euskara erabiltzea sustatuko dute, hots, euskara ohiko komunikazio-hizkuntza izatea, barneko zein kanpoko jardunean eta administrazio-jarduera eta -dokumentuetan.

2. Lanbide-heziketako prestakuntza-programek bermatu egingo dute jarraipen egokia ematen zaiola bigarren hezkuntzan finkatutako hizkuntza-trataerari; hala, behar diren neurriak hartuko dira Lanbide Heziketara igarotzean etenik gerta ez dadin aurreko etapetan egindako hizkuntza-aukerekiko. Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak bultzatuko du euskarazko hezkuntza-eskaintza Lanbide Heziketan zabaltzea; hala, batetik, D eredua zabaltzea bultzatuko du, eta, bestetik, euskarazko ikaskuntza eta profesionalizazioa indartuko duen B eredua (elebiduna) ezarriko du arian-arian, plangintza bati jarraituta. Era berean, A ereduan ere euskarazko ikasgaiak txertatzea bultzatuko du.

3. Hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuta egingo da Lanbide Heziketako hizkuntza-plangintza, eta, haren barruan, euskarazko lanbide-heziketa bermatuko da, kontuan hartuta, lehentasunez, honako hauek: zer-nolako eskaera eta errealitate linguistikoa dagoen dena delako ikastetxearen inguruko hezkuntza-etapa bakoitzean, zein den eremu horretako egoera linguistikoa eta, zehazki, zein diren ikastetxe horretan eskaintzen den lanbide-heziketaren berezitasunak eta helburuak.

4. Lanbide-heziketaren hizkuntza-plangintzaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak behar diren neurriak hartuko ditu eskaintzen diren titulazio guztiak euskaraz irakasteko behar den eskola-materiala era dadin; era berean, behar diren neurriak hartuko ditu irakasleek, arian-arian, euskarazko irakaskuntza-eskariari erantzuteko euskara-gaitasun egokia eta nahikoa izan dezaten.

5. Aurreko paragrafoan zehaztutako plangintzaren barruan, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-ereduaren egitura zehaztuko du, plangintza orokorrera egokituta, eta kontuan hartuko du zer hizkuntza-proiektu duen, zer ingurutan dagoen kokatuta eta zer-nolako inguruabarrak dituen prestakuntza-prozesuaren xede den arlo profesional bakoitzak; era berean, aintzakotzat hartuko du hizkuntza biak komunikazio-hizkuntzatzat erabiltzea bide aproposa dela kasu bakoitzean egokiro bateratzeko elebitasunaren helburua eta kasuan kasuko prestakuntza-edukiak irakasteko helburua.

6. Bai praktika-programetan bai Lanbide-Heziketa Dualeko programetan, enpresetan edo antzeko zentroetan egiten diren praktikei eta prestakuntzari dagokienez (bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan), enpresaren hizkuntza-errealitatea hartuko da bereziki kontuan, programa horiek egokiro bateratu ahal izateko ikasleen hizkuntza-ereduarekin eta -eskariarekin.

7. Enplegurako heziketako jardueren eta programen barruan, euskara ikasteko programak emango dira, HABErekin egindako akordioen bitartez, ikasleek ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatu ditzaten dena delako arlo profesionalean, eta, hartara, lanbide-zereginak hobeto bete daitezen edo lanbide-aukerak hobetu daitezen.

8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu Lanbide Heziketako irakasleen euskara-gaitasuna hobetzeko.

28. artikulua.— Prestakuntza-prozesuetako eleaniztasuna

1. Bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako heziketan atzerriko hizkuntzak sartzea lehentasunezko helburua da Euskadiko lanbide-heziketako sistema bateratua garatzeko.

2. Atzerriko hizkuntzen ikaskuntza sartzearen helburua da profesionalak gaitzea, prestakuntza-prozesua amaitutakoan, komunikazio-prozesuak, ahozkoak eta idatzizkoak, normaltasunez garatzeko haien lanbide-eremuan.

3. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eredu hirueledun baten bidez zehaztuko da Lanbide Heziketako eleaniztasuna. Eredu horren barruan, bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean (lehentasunez, ingelesa) emango dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloak, eta horren helburua izango da oinarrizkoa eta nahikoa izango den komunikazio-gaitasuna lortzea, ahoz zein idatziz, dagokion lanbide-arloan. Ikastetxe bakoitzean zehaztuko dira hizkuntza-eredu horren egitura eta hiru hizkuntzen ordu-banaketa, kontuan izanik hizkuntza-proiektua, ingurua eta prestakuntza-prozesuaren xede den lanbide-arlo bakoitzaren ezaugarriak.

4. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak erregelamenduz ezarriko du zein irizpideri jarraitu behar dioten ingelesak edo atzerriko beste hizkuntza batzuek komunikazio-hizkuntza gisa sartzeko Lanbide Heziketako zenbait gaitan, betiere, kontuan izanik eskaintzaren plangintza eta ikastetxeek beren hizkuntza-proiektuan erakusten duten eskaria. Irakasleen hizkuntza-gaitasuna ere ezarriko du, zeinak modulua atzerriko hizkuntza batean emateko egokia eta nahikoa izan beharko baitu.

5. Enplegurako heziketan ingelesa ikasteko programak sustatuko dira, hizkuntza horretan ahoz zein idatziz komunikatzeko gaitasuna hobetzeko dena delako arlo profesionalean.

6. Atzerriko beste hizkuntza batzuk ikasteko programak sustatuko dira, hala badagokio, enplegurako heziketako jardueretan, dena delako arlo profesionalean edo enpresarialean komenigarritzat jotzen bada ingelesaz bestelako atzerriko hizkuntza bat ezagutzea lanbide arlo horretako zereginak hobeto betetzeko edo lan-aukerak hobetzeko.

7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkoak diren neurriak bultzatuko ditu lanbide-heziketako eredu konbinatuan espezializatutako ikastetxeetako irakasleek ingelesean eta, hala badagokio, atzerriko beste hizkuntza batzuetan duten gaitasuna hobetzeko.


8.2.65. 4/2019 Legea, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa[583]

III. TITULUA
Sektore pribatua

III. KAPITULUA
Sustatzeko neurriak eta borondatezko akordioak

51. artikulua.— Jasangarritasun energetikoari buruzko dibulgazioa eta sentsibilizazioa

1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, lege honetan jasotakoarekin bat, eta beren eskumenen eremuan, bermatu egingo dute jasangarritasun energetikoari buruzko informaziorako eskubidea; horretarako, jarraibide eta teknika batzuk ezagutaraziko dituzte, besteak beste, honako hauen bidez:

a) Heziketa-, sentsibilizazio- eta publizitate-kanpainak.

b) Trantsizio energetikoaren inguruko prestakuntza-planak eta unitate didaktikoak lehen eta bigarren irakaskuntzarako programetan.

c) Gida ulergarriak argitaratu eta banatzea herritarrentzat eta hainbat sektorerentzat (industria, merkataritza, zerbitzuak, bizitegiak eta garraioa), energiaren erabileran aurrezpen eta efizientzia handiagoak lortzeko teknika eta jarraibideak, lege honetan aurreikusitakoak, ezartzeari buruz.

Dibulgazioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa beti egin beharko da hizkuntza inklusiboa zainduta, bai testuetan, bai irudietan, eta rol eta estereotipoak ezabatzea saiatuz.

[…]


8.2.66. 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena[584]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.— Xedea

Lege honen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan posible direnean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezatela erraztea ere.

2. artikulua.— Aplikazio-eremua

1. Lege honen ondorioetarako, honako ondasun hauek osatzen dute euskal kultura-ondarea: arte, historia, arkeologia, paleontologia, etnologia, antropologia, hizkuntza, zientzia, industria edo paisaia edo arkitektura aldetik, edo kulturaren beste edozein alderdiren aldetik, balioa duten Euskadiko kultura-ondasun guztiek (higiezinak direla, higigarriak edo immaterialak), aintzat hartuak izateko eta belaunaldi arteko transmisiorako interesa badute.

2. Kulturaren arloan eskumena duen saila arduratuko da EAEra itzul daitezen bere lurraldetik kanpo dauden eta euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak.

3. Lege honen ondorioetarako, honelako aintzatespenak izango dira:

c) Kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultura-espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren interakzioz. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura-aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena.

Ondorio horietarako, kontuan izan beharko da 56.2 artikuluan ondare immaterialaz araututakoa.

11. artikulua.— Kultura-ondare immateriala babesteko kategoriak

Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasun immaterialak gutxienez kategoria hauetan sailkatu ahalko dira, zeinak beren artean iragazkorrak izango diren:

a) Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak; hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik, eta toponimia.

Xedapen indargabetzailea

1. Indargabetuta geratzen da uztailaren 3ko 7/1990 Legea, Euskal Kultura Ondarearena, kapitulu hauek izan ezik: III. tituluaren VI. kapitulua, ondare dokumentalarena, eta V. tituluaren I. kapitulua, artxiboen zerbitzuena.


8.2.67. 7/2019 Legea, ekainaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketarena[585]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Gurea bezalako gizarte elebidun batean, eredu poliziala bi hizkuntza ofizialetan ematera zuzendu behar da, ahalbidetuz euskara zerbitzu-hizkuntza zein lan-hizkuntza izatea, bai eta euskal polizia herritarrek aukeratutako hizkuntza ofiziala egiteko gauza izatea ere. Era berean, behar diren neurriak hartu behar dira, emakumezkoek eta gizonezkoek aukera-berdintasuna benetan baliatzen dutela bermatzeko, betiere genero-ikuspuntua eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean adierazitako printzipioak bere eginez (otsailaren 18ko 4/2005 Legea).

[…]

Xedapen iragankorrak

Hamargarren xedapen iragankorra.— Enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuak Udaltzaingoko kidegoetan

1. Udalek salbuespenezko hautaketa-prozesuen deialdi bakarra egin ahal izango dute, lege hau indarrean jarri ondoren, aldi baterako enplegua egonkortzeko Udaltzaingoan izaera estrukturala duten plazetan. Hautaketa-prozesu horiek lehiaketa-oposizioko erakoak izango dira, eta horietan balioetsiko dira Udaltzaingoko lanpostuetako esperientzia orokorra eta deialdia egin duen administrazioan emandako zerbitzuen esperientzia espezifiko, bereizi eta osagarria, hautaketa-prozesuan deitutako lanpostuetan jardutean. Lehiaketa-fasearen balioespena ezin izango da hautaketa-prozesuan lortu daitekeen % 40a baino handiagoa izan, euskarak merezimendu gisa duen balioespena alde batera utzita.

Azken xedapenak

Azken xedapenetako lehenengoa.— Testu bategina prestatzeko gaikuntza

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean jarri zenetik lege horri sartu zaizkion aldaketak testu bakar batean egonkortzeko, baimena ematen zaio Gobernuari, aipatu arauaren testu bategina egiteko eta onesteko, segurtasun-arloan eskumena duen sailak proposatuta, lege hau indarrean jartzen denetik hamabi hilabeteko epean, berriz ere zenbatuz behar beste artikulu, kapitulu eta xedapen, legeek beren baitan beste arau batzuetara egiten dituzten bidalketak egokituz, hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko egokituz, eta bategin egin beharreko legezko testuak arautuz, argituz eta harmonizatuz.

[…]

AZken xedapenetako laugarrena.— Garapen profesionalerako sistema ezartzea Ertzaintzan

2. Dekretuak hasierako ezarpen-fasea jasoko du. Fase hori 2023ko abenduaren 31n amaituko da, eta, hor, mailaketa-prozedura bakarraren deialdia egingo da garapen-dekretua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan. Hura ebaluatzeko, bi faktore hartuko dira kontuan:

b) Lana eta kualifikazioa; oro har, zera hartuko da aintzat:

[…]

– Lanbide-kualifikazioa: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak, titulazio akademiko ofizialak eta hizkuntzak.

[…]


8.2.68. 8/2019 Legea, ekainaren 27koa, 2019-2022 Euskal Estatistika Planari buruzkoa[586]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Eranskinean, beraz, eragiketak banan-banan aipatzeaz gain, bakoitzaren ezaugarriak ere azaltzen dira. Hona hemen eragiketen ezaugarriak:

d) Gaia. Ikerketarekin lotutako jardueraren esparru generikoa mugatu behar da. Hauek dira gaiak:

[…]

2. Hizkuntzak

[…]


8.2.69. 11/2019 Legea, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena[587]

I. TITULUA
Sozietate kooperatiboa

VI. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa

72. artikulua.— Kooperatiba-heziketa eta sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena

1. Estatutuek edo batzar orokorrak finkatutako oinarrizko ildoak aplikatuz, interes publikoko helburu hauetakoren bat izango du soberakinei 70.2.a) artikuluan ezartzen zaien nahitaezko ekarpenak:

d) Euskararen erabilera sustatzea.

Xedapen gehigarriak

Seigarren xedapen gehigarria.— Hizkuntza ofizialen erabilera

1. Bermatuko da Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin arau honen esparruan harremanetan jartzen direnek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea benetan egikaritu ahal izatea. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren betebeharra da haiekin harremanetan jartzen direnek aukeratutako hizkuntzan ematea arreta, eta, horretarako, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte.

2. Era berean, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bi hizkuntzak erabiliko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoekiko harremanetan.


8.2.70. 1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onesten duena[588]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legearen azken xedapenetako lehenengoak Eusko Jaurlaritzari baimena ematen dio legea indarrean jarri eta hamabi hilabeteko epean arau horren testu bategina prestatu eta onetsi dezan, segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak proposatuta. Horretarako, behar den guztietan, berriz zenbakituko dira artikuluak, kapituluak eta xedapenak; legeen barne-igorpenak egokituko dira; hizkuntza harmonizatuko da sexismorik gabeko hizkuntzaren eskakizunen arabera, eta batu beharreko lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatuko dira.

[…]

Bigarrenik, erabilitako lexikoa eguneratu eta berraztertu dugu, baita kontu gramatikalak ere, eta, horrekin batera, lan zorrotza egin dugu testuan desberdin erabiltzen ziren termino batzuk bateratzeko, testuak behar duen barne-kohesioa izan dezan. Sailen izenak bateratu ditugu, sexismorik gabeko hizkuntza normalizatu eta euskarazko bertsioaren termino-zaharkitzeari erantzuna eman.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO POLIZIAREN LEGEAREN TESTU BATEGINA.

I. TITULUA
Segurtasuna administratzea

IV. KAPITULUA
Kode deontologikoa

25. artikulua.— Herritarrekiko harremanak eta gardentasuna

2. Herritarrekiko harremanetan, 10/1982 Legeak aitortutako hizkuntza-eskubideak hartuko ditu aintzat Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak (10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa). Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak mendean dauzkaten administrazioak ahaleginduko dira euren zerbitzura aritzen diren langileak behar bezala gaitzen, gizarte elebidun batean zerbitzua eman dezaten; horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte, eta sustatuko dute kidego horietan euskara erabil dezaten. Nolanahi ere, herritarren arretan, herritarrak berak aukeratutako hizkuntza baliatuko da.

II. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren antolaketa

I. KAPITULUA
Xedapen komunak

2. atala
Langileak antolatzeko tresnak

38. artikulua.— Lanpostuen antolamendua

2. Lanpostu-zerrendek honako zehaztapen hauek behintzat adierazi behar dituzte:

d) Jardunerako eskatutako betekizunak. Besteak beste, honako hauek adierazi behar dira: hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data.

3. atala
Etengabeko prestakuntza, euskalduntzea

42. artikulua.— Hizkuntza-gaikuntza

1. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako hizkuntza-normalizazioa egiteko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuei aplikatzen zaizkien arauetan xedatutakoa.

2. Hala ere, Ertzaintzaren izaera eta berezitasun funtzionalak ikusita, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez definituko du zer berezitasun izango dituen sektoreko hizkuntza-normalizazioak; horretarako, definituko du bai zer-nolako hizkuntza-eskakizunak aplika dakizkiokeen Ertzaintzari, zer arauren arabera ezarriko diren derrigortasun-datak, eta zer-nolako ikastaroak izango dituzten Ertzaintzako funtzionarioek hizkuntza-gaikuntzarako.

3. Gobernu Kontseiluari dagokio Ertzaintzako lanpostuetako hizkuntza-eskakizunen definizioa eta bakoitza esleitzeko irizpideak onestea, hargatik eragotzi gabe lege honen 39. artikuluko lehenengo paragrafoan lanpostu-zerrenda onesteaz xedatutakoa.

4. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak ahaleginduko dira euren mendeko polizia-funtzionarioek hizkuntza-gaikuntza egokia izan dezaten.

5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio Ertzaintzako langileen hizkuntza-gaikuntza egokia ahalbidetzen duten prestakuntza-jarduerak programatzea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

III. TITULUA
Hautaketa eta sarrera

I. KAPITULUA
Hautaketa

1. atala
Xedapen orokorrak

64. artikulua.— Hizkuntza-gaitasuna

1. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan sartzeko deialdien edukiak egokia izan behar du euskaraz eska daitezkeen hizkuntza-gaitasunaren mailetarako eta hizkuntza hori jakiteari eman behar zaion balioespenerako, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. tituluan xedatutako aurreikuspenekin bat etorriz.

2. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben edukian eta forman, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ezarritako preskripzioak bete beharko dira. Proba horietako epaimahai kalifikatzailean, erakunde horren ordezkari batek hartuko du parte.

2. atala
Hautaketa-prozesua

71. artikulua.— Hautaketa-deialdiak

3. Deialdietan, zehaztuko da zer plaza hornitu behar diren, eta adieraziko da zer hizkuntza-eskakizun eskatuko den eta zenbat plaza erreserbatuko den barne-sustapenerako.

IV. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-funtzionarioen estatutu-araubidea

III. KAPITULUA
Lanpostuak hornitzea

95. artikulua.— Merezimendu-lehiaketa

1. Lehiaketa da hornitze-sistema normala. Lehiaketan, hautagaien gaitasunak lanpostuaren eginkizunetara egokitzen diren balioetsiko da.

2. Lanpostuak hornitzeko deialdietan, balioetsi beharreko merezimenduak definituko dira, besteak beste, hauek: antzinatasuna, gradu pertsonal zehatz bat izatea edo —hala badagokio— garapen profesionalaren gradu jakin bat izatea eta egindako lana eta euskararen jakintza-maila egiaztatua balioestea —jakintza hori betekizuna ez bada—.

3. Halaber, deialdian hala ezartzen bada, hauek ere sartu ahal izango dira: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak; titulazio eta gradu akademikoak; hizkuntzak jakitea, edo irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera, eta hornitu beharreko lanpostuaren ezaugarri propioetarako egokiak diren gainerakoak.

Xedapen iragankorrak

Bederatzigarren xedapen iragankorra.— Udaltzaingoko kidegoetako enplegua kontsolidatzeko hautaketa-prozesuak

1. Udalerriek, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri ondoren, behin eta salbuespenez, hautaketa-prozesuak egin ahal izango dituzte Udaltzaingoaren egitura-lanpostuetako aldi baterako enplegua kontsolidatzeko, kontuan hartuta zer-nolako muga aplikagarri dauden oinarrizko estatu-arauetan. Hautaketa-prozesu horiek lehiaketa-oposizioaren erakoak eta irekiak izango dira. Hor, balioetsiko dira bai Udaltzaingoko postuetako esperientzia orokorra, bai deialdia egin duen Administrazioan emandako zerbitzuen esperientzia espezifiko, bereizi eta osagarria, hautaketa-prozesuaren deialdiko lanpostuen arabera. Lehiaketa-fasearen balioespena ezin izango da izan hautaketa-prozesuan lortu daitekeen gehieneko puntuazioaren % 40 baino handiagoa, euskarak merezimendu gisa duen balioespena alde batera utzita.

Azken xedapenak

Azken xedapenetako hirugarrena.— Garapen profesionalerako sistema ezartzea Ertzaintzan

2. Dekretuak hasierako ezarpen-fase bat jasoko du, 2023ko abenduaren 31n amaituko dena. Fase horretan, mailaketa-prozedura bakar baten deialdia egingo da lehen hiruhilekoan, garapen-dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, eta horren ebaluazioa bi faktoreren arabera egingo da:

b) Lana eta kualifikazioa; hauek balioetsiko dira, batera:

[…]

– Kualifikazio profesionala, hauek barnean direla: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak, titulazio akademiko ofizialak eta hizkuntzak.

[…]


8.2.71. 4/2021 Legea, urriaren 7koa, baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoa[589]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Bigarren kapituluak baliabideen banaketa bertikalaren ereduari heldu dio, eta bertan eguneratu dira kenkari batzuk, kupoa zehazteko metodologia aplikatzearen ondoriozkoak edo Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako erabakien ondoriozkoak, kontuan hartuta Estatuak finantzaketa-konpromisoak har ditzakeela autonomia-erkidegoen eskumen-eremuetan edota zerbitzu-eskualdatze jakin batzuen finantzaketa-araubide berezia. Koefiziente bertikala % 70,04tik % 70,81era igo da, honako hauek bertan integratuta: alde batetik, eginkizun eta zerbitzu batzuen eskualdatzeei dagokien berariazko finantzaketa eta finantzaketa berria, aurreko koefizientean agertzen ez zirenak (1441/2010 Errege Dekretuaren ondoriozko finantzaketa salbu); beste batetik, erakunde erkideetatik lurralde historikoetara eramandako baliabideak, gizarte-zerbitzuen zorroa finantzatzeko ekarpen nabarmen handiagoa oinarritzat hartuta, eta, azkenik, euskara sustatzeko politikei eta udal-eremuko euskararen normalizazioaren plangintzari dagokien zenbatekoa.


8.2.72. 5/2021 Legea, urriaren 7koa, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa[590]

ZIOEN AZALPENA

Euskarazko bertsioko 30. artikuluan, akats material bat hauteman da eta, ondorioz, aldatu egin behar da. Horretarako, kendu egin behar da «lan elkartuko kooperatibek» erreferentzia, ez baitator bat gaztelaniazko testuarekin.

[…]

Lehenengo artikulua

Euskarazko testuaren 30. artikulua aldatzen da «lan elkartuko kooperatibek» erreferentzia kenduz.


8.2.73. 7/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzkoa[591]

14. artikulua.— Kidego berezietako eskalak

1. Kidego berezien barruan, eskala hauek sortzen dira:

A) Fakultatiboen goi-mailako kidegoa:

22. Hizkuntza-normalizazioko eskala.

28. Itzulpengintzako eskala.

B) Kidego teknikoa:

10. Hizkuntza-normalizazioko eskala.

14. Itzulpengintzako eskala.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Euskal administrazio publikoetan enplegua finkatzeko prozesu berezia

2. Hautaketa-prozesu horiek bata bestearen ondorengo enplegu publikoaren eskaintzen esparruan garatu beharko dira, eta ezaugarri hauek izango dituzte:

e) Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da handiagoa izango hautaketa-prozesuan gehienez atera daitekeen puntuazioaren ehuneko berrogei baino; betiere, kanpoan utzita merezimendu gisa euskarari ematen zaion balorazioa.

[…]

Balorazio espezifiko horren ondoriozko puntuazioa, esperientzia orokorrarekiko bereizia eta osagarria, sekula ez da handiagoa izango hautaketa-prozesu osoan lor daitekeen guztizko puntuazioaren ehuneko hogei baino; betiere, kanpoan utzita merezimendu gisa euskararen ezagutzari ematen zaion balorazioa.

[…]


8.2.74. 8/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euneiz Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartzekoa[592]

ZIOEN AZALPENA

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak emandako definizioaren arabera, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitate guztiek –titulartasun publikokoak nahiz ez publikokoak– euskal gizarteari laguntzen diote ekonomiaren, zientziaren eta kulturaren garapenean, bai eta haren kohesioa eta herritarren ongizatea lortzen ere; betiere, gizarte bidezkoago eta solidarioago baten bidean. Era berean, lege horren arabera, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek giza eskubideen errespetuaren gaineko hezkuntza eta demokraziaren eta justizia sozialaren balioen gainekoa sustatu behar dute. Ohiko irakaskuntzaren osagarri diren ekimenak indartu beharko dituzte, eta horiei laguntza eman, giza duintasunari eta herri eta kultura guztien arteko elkartasunari dagozkien balioak transmititzen dituzten heinean. Horrez gain, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek euskal kultura-ondarearen defentsa, azterlana eta sustapena bultzatuko dituzte, oro har, eta euskararena bereziki. Legeak, halaber, publikoak ez diren unibertsitateentzako eskubide eta betekizunak ezartzen ditu, Euskal Unibertsitate Sistema osoaren kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.

3. artikulua.— Unibertsitatearen jarduerak hasteko baimena

2. Eusko Jaurlaritzak egiaztatu egingo du legez ezarritako gutxieneko baldintzak bete direla, besteak beste, irakasleei eta ikertzaileei dagozkienak, eta gradu, master eta doktoregoko eskaintza akademiko ofizialari dagozkionak.

[…]

Era berean, jardueren hasiera baimentzeko informazioan, Euneiz Unibertsitateak emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunerako plan bat aurkeztu beharko du, unibertsitateko kolektibo eta arlo guztiei buruzkoa. Euskal kultura-ondarea eta euskara bultzatzeko plan bat ere aurkeztu beharko du, gutxienez Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean jasotako funtsezko helburuekin bat datorrena.


8.2.75. 1/2022 Legea, martxoaren 3koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egitekoa[593]

ZIOEN AZALPENA

[…]

EGBLri esker, hobetu egin dira herritar guztientzako zerbitzu publikoen prestazioak. Legearen aurreko egoeran ez bezala, gaur egun guztiz zabaldua dago euskal administrazio publiko gehienetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiltzea, sexuaren aldagaia estatistiketan txertatu eta ustiatzea, genero-inpaktuaren ebaluazioa eta berdintasun-neurriak dituzten arauak onartzea, kontratu eta dirulaguntzetan berdintasun-klausulak txertatzea eta abar.

[…]

Planteamendu horrekin koherente izateko, lege honek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko indarreko araudiaren aplikazioa hobetzeko eta bermatzeko beharra azpimarratzen du, eta, besteak beste, berritasun gisa planteatzen du bere printzipio orokorren artean espresuki aipa dadila emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea, emakumeak ahalduntzea eta emakumeek politika publikoetan parte hartzea, gizonen inplikazioa, politika horietan intersekzionalitatea kontuan hartzea, eta berrikuntza, gardentasuna, kontu-ematea, nazioartekotzea, hizkuntza-eskubideen babesa eta euskararen sustapena bermatzeko beharra.

[…]

Lehenengo artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen izenburua. Honela geratuko da:

«EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA LORTZEKO ETA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA MATXISTARIK GABE BIZITZEKO LEGEA».

[…]

Laugarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikulua. Honela geratuko da:

«3. artikulua.— Printzipio orokorrak.

Hauek dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jarduna gidatu eta bideratuko duten printzipio orokorrak: tratu-berdintasuna eta ikuspegi intersekzionalaren integrazioa; aukera-berdintasuna; emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea; dibertsitatea eta diferentzia errespetatzea; sexu- eta/edo genero-identitatea eta sexu-orientazioa askatasunez garatzeko eskubidea, eta sexu- eta ugalketa-eskubideak askatasunez baliatu ahal izatea, eskubide horiek egikaritzean pertsonek askatasunez erabaki dezaketela bermatuz; genero-ikuspegiaren integrazioa; ekintza positiboa; sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ordezkaritza orekatua; koordinazioa, lankidetza eta nazioartekotzea; emakumeen ahalduntzea; gizonen inplikazioa; parte-hartzea; berrikuntza, gardentasuna eta kontu-ematea, eta hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea.

1. Tratu-berdintasuna eta ikuspegi intersekzionalaren integrazioa.

[…]

Lege honen ondorioetarako:

c) […]

Euskal botere publikoek bermatu behar dute ezen diskriminazio-egoerak eragin ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direla-eta diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek nahiz emakume taldeek benetan baliatzen dituztela beren oinarrizko eskubideak. Inguruabar horiek honako hauek izan daitezke: arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaioterria, desgaitasuna, adina, sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena, migrazio-prozesua, errefuxiatu-estatusa, kultura, landa-jatorria, gizarte-bazterketako egoera, seropositibotasun-egoera, guraso bakarreko familia, familia-konfigurazioa edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal, sozial edo administratibo. Gainera, ikuspegi intersekzionala sustatu behar dute; horrek, lege honen ondorioetarako, esan nahi du kontuan hartu behar dela nola erlazionatzen diren sexua eta/edo generoa aipatutako gainerako faktoreekin, nola eragiten dioten elkarri hainbat mailatan, askotan aldi berean, eta nola sortzen diren identitate gainjarriak eta intersekzionatuak, bai eta elkarri lotutako eta askotariko botere- eta zapalkuntza-egoera eta -ardatzak ere.

[…]

15. Hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea.

Euskal botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza-eskubideak baliatzen direla eta euskararen erabilera sustatzen dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, berdintasun-politikak garatzeko orduan, ziurtatuko dute, beste neurri batzuen artean, interesdunak aukeratutako hizkuntza koofizialean ematen direla zerbitzuak, herritarrentzako prestakuntza-, partaidetza- eta sentsibilizazio-jardueretan hizkuntza-eskubideak bermatzen direla, eta langile eta profesionalentzako jardueretan euskararen erabilera sustatzen dela».

Hemeretzigarren artikulua.— Honela geratuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18. artikulua:

«18. artikulua.— Xedapen orokorrak.

4. Euskal botere publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dute irudi eta hizkera mota guztietan, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan».

Hogeita bigarren artikulua.— Honela geratuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 21. artikulua:

«21. artikulua.— Kontratazio publikoa.

5. Baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin artikulu honen lehen paragrafoan aurreikusitako baldintzetan, kontratazio-organoek honako hauek sartuko dituzte kontratazio-agirietan:

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako gauzatze-baldintza berezi bat, gutxienez, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago.

21 bis artikulua.— Dirulaguntzak.

3. Euskal botere publikoek, beste gai batzuen artean, dirulaguntza publikoak erregulatzen dituzten oinarri edo arauetan:

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako betebeharrak ezarriko dituzte, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak ez betetzeak dakartzan ondorioak ere.

[…]

Hogeita seigarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 25. artikulua. Honela geratuko da:

«25. artikulua.— Kultura-jarduerak.

1. Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan. Lege honen ondorioetarako, kultura-jardueratzat hartzen dira, besteak beste, artistikoak, jai-giroan egiten direnak, oroitzapenezkoak, kirol-jarduerak eta euskararen hizkuntza-normalizazioaren arloan egindakoak.

[…]

Hogeita zazpigarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 26. artikulua. Honela geratuko da:

«26. artikulua.— Komunikabide sozialak, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

3. Gizarte-komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, bermatuko dute edukietan genero-ikuspegia sartzen dela; horrez gain, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen funtzioei buruzko estereotipo sexistetatik aparte; bereziki zaindu behar dituzte haur zein gazteentzako edukiak, eta 3.1 artikuluaren azken tartekian aipatzen diren diskriminazio anizkoitzeko inguruabarrak dituzten emakumeekin lotutako aurreiritzi eta estereotipoak desegitea.

Hogeita hamargarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikulua. Honela geratuko da:

«29. artikulua.— Curriculuma.

2. Era berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, adingabeekiko sexu-abusuak barne, eta eguneroko bizitzarako irakasgai edo eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila guztietan. Eduki eta aldi horietan gai hauekin lotutako alderdi eta edukiak sartuko dira: etxeko eremua eta pertsonen zaintza, harreman pertsonalen funtzionamenduaren ezagutza eta harreman afektibo-sexual osasungarri eta positiboak sustatzea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, emakumeen gorputza erakartzeko elementu edo aberastasun-iturri gisa erabiltzea zalantzan jartzea, jarrera matxisten identifikazioa eta prebentzioa, agerikoenak ez direnak barne, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta sexuen berdintasunaren eta dibertsitatearen errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak ikastea.

Hogeita hamalaugarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluaren IV. kapituluaren 1. atalaren izenburua. Honela geratuko da:

«IV. KAPITULUA
LANA

1. atala
ETXEKO LAN ETA ZAINTZA-LAN EZ-ORDAINDUAK

Berrogeigarren artikulua.— Honela geratuko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 42. artikulua:

«42. artikulua.— Negoziazio kolektiboa.

2. Autonomia Erkidegoko Administrazioak, hitzarmen kolektiboen erregistroaren bitartez, zaindu beharko du hitzarmen horietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aurkako klausularik ez egotea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurri espezifikoak jasotzea. Horrekin batera, sexu-diskriminazioa kontrolatzeko eta ezabatzeko ikuskapenak ere bultzatuko ditu».

Berrogeita bosgarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluaren VI. kapitulua. Honela geratuko da:

«VI. KAPITULUA
Bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazio erantzukidea

Berrogeita seigarren artikulua.— Aldatu egiten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluaren VII. kapitulua. Honela geratuko da:

«VII. KAPITULUA
Emakumeen kontrako indarkeria matxista

1. atala
XEDAPEN OROKORRAK

2. atala
IKERKETA, SENTSIBILIZAZIOA, PREBENTZIOA ETA PRESTAKUNTZA

3. atala
DETEKZIOA, ARRETA, KOORDINAZIOA ETA ERREPARAZIOA

54. artikulua.— Xedapen orokorrak.

3. Eskubide horretan sartzen da biktima guztiek informazio eta orientazio egokia eta eskuraerraza izan dezatela, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, dituzten eskubideei eta dauden baliabideei buruz; eta artatuak izan daitezela osasun fisiko eta mentalaren arloan eta beste zenbait arlotan duten beharrei dagokienez; hala nola segurtasuna, arlo ekonomikoa, aldi baterako bizileku segurua, etxebizitza, hezkuntza eta arlo soziala, lege honetan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitako terminoetan.

59. artikulua.— Polizia-arreta.

Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskadiko udalerrietako toki-administrazioek bermatu behar dute, Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoaren bidez, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan ematen duten arreta lehentasunezkoa, eraginkorra eta kalitatekoa dela. Horretarako, beste neurri batzuen artean, hau egin behar dute:

b) Biktimei informazioa eman, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, jakin dezaten zer eskubide dituzten, zer baliabide erabil ditzaketen eta zer ondorio dakarren salaketa aurkezteak.

Azken xedapenetako laugarrena.— Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aldatzea.

2. Aldatu egiten da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluko c) letra. Honela geratuko da:

«c) Laguntza edo dirulaguntza esleitzeko irizpide objektiboak eta, hala badagokio, horien haztapena. Laguntzaren edo dirulaguntzaren helburua den gaian hizkuntzaren erabileraren faktoreak zerikusia baldin badu, eta edonola ere Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25, 26 eta 27. artikuluetan aipatzen diren jarduera-eremuetan, faktore hori kontuan izan beharko da esleipena egiteko irizpide objektiboen artean. Halaber, balorazio-irizpideen baremoaren guztizko % 5ekin baloratuko dituzte, gutxienez, pertsona fisiko edo juridiko parte-hartzaileen emakumeen eta gizonen berdintasunerako ekintzak eta politikak eta/edo dirulaguntzara aurkeztutako proiektuan genero-ikuspegia txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuk. Hori guztia, baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada ehuneko hori neurriz kanpokoa dela dirulaguntzak emakume eta gizonen egoeran duen inpaktuari dagokionez».


8.2.76. 2/2022 Legea, martxoaren 10ekoa, Gazteriarena[594]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Azkenik, aipatu behar dira Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea eta haren araugintza-garapena; izan ere, euskara oso garrantzitsua da aspalditik gazteen arteko harremanetan eta gazteek gizartearekin eta sektore publikoarekin dituztenetan, bai eta haien prestakuntza elebidunean ere.

[…]

ATARIKO TITULUA

2. artikulua.— Definizioak

Lege honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira kontzeptu hauek:

a) Gazte-politika: gazteek beren bizitzako esparru guztietan dituzten premiei arreta ematen dieten eragileen esku-hartze guztiak, bai eta haurrei eta nerabeei eskaintzen zaien arreta ere, aisialdiaren erabilerari eta sustapen-eremuari dagokienez. Gazte-politikak bi esparru hartzen ditu barnean: gazteriaren arloko zeharkako politika eta gazteen eta haurren sustapena.

1. Gazteriaren arloko zeharkako politika: EAEko administrazio publikoetako sailek eta bestelako organismoek eta eragile sozialek gazteen autonomia eta emantzipazioa erraztera bideratzen dituzten esku-hartzeak dira.

2. Gazteen eta haurren sustapena: haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen eskaintza da, zeinak egokituta egongo baitira, haur, nerabe eta gazteen iritziarekin, haien askotariko premia, jomuga, baldintza eta egoeretara. Eskaintza horren xedea da haien garapen kultural eta soziala laguntzea, bai norbanako gisa, bai talde gisa. Horretarako, bultzatuko dira haur, nerabe eta gazteen ekimena eta sormena, mugikortasuna, informaziorako irispidea, akonpainamendua, hezkuntza ez-formala eta partaidetzan oinarritutako aisialdia; era berean, lagunduko da beste ondasun edo zerbitzu batzuetarako irispidea, barne direla enplegu- eta etxebizitza-programak edo emantzipaziora eta gizarte-integrazio edo -inklusiora bideratutako beste baliabide batzuen programak.

b) Gazteen emantzipazioa: gazteak osotasunez eta aukera-berdintasunez gizarteratzea lortzea da, beren bizi-proiektua autonomiaz eraikitzen eta eskubide guztiak egikaritzen joateko aukera izan dezaten, arreta berezia ipinita gazte kalteberenei.

c) Gaztea: 12-30 urte, biak barne, bitarteko pertsonari esaten zaio, hargatik eragotzi gabe lege honen 3. artikuluan jasotako zehaztasunak.

d) Gazteen partaidetza: prozesu, ekintza eta jarrera jakin batzuk dira, zeinek gazteengan gaitasuna sortzen baitute beren inguruneari, harremanei eta pertsonalki zein kolektibo gisa garatzeko aukerei buruz erabakitzeko eta guztietan eragiteko, haietan esku hartzeko eta horiek aldatzeko, eta, bereziki, aldatzeko zuzenean zein zeharka beren bizi-proiektuetan kolektibo diren aldetik eragiten duten inguruabarrak. Era berean, gazteak ukitzen dituzten araugintza-proiektuen eta politiken berri izateko eta horiei buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea da, elkarrizketa zibilaren printzipioaren arabera, haien ekarpenak kontuan hartuta eta emaitzen gaineko informazioa itzultzeko mekanismoak ezarrita.

e) Hezkidetza: hezkuntza-prozesu batzuen aldeko apustua da, bai eremu formalean, bai informalean eta ez-formalean; prozesu horiek pertsonen garapen integrala errazten duten balioen irakaskuntza eta transmisioa ahalbidetu eta horietan sakontzen dute, sexuaren eta generoaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita, eta diskriminazio mota oro baztertuta.

f) Diseinu unibertsala: jarduera honen bitartez, hasiera-hasieratik pentsatzen edo proiektatzen dira, ahal den neurrian, inguruak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, lanabesak, gailuak edo tresnak, pertsona guztiek erabili ahal izateko moduan. Honako printzipio hauetan oinarritu behar da: bidezko erabilera, erabilera malgua, erabilera erraz eta intuitiboa, informazio hautemangarria, akatsarekiko tolerantzia, ahalegin fisiko txikiena eta hurbiltzeko eta erabiltzeko tamaina egokia.

g) Bizimodu independentea: desgaitasuna duten pertsona guztiek eskubidea dute, baldintza-berdintasunean, komunitatean bizitzeko, gainerakoekiko aukera-berdintasunez; eta, horretarako, neurri eraginkorrak eta egokiak hartuko dira, desgaitasuna duten pertsonek eskubide hori osotasunean erabil dezaten eta komunitatean inklusio eta parte-hartze osoak izan ditzaten errazteko.

h) Gazte-ikuspegia txertatzea: gazteen askotariko jomugak, premiak, baldintzak eta egoerak modu sistematikoan kontuan hartzea, eragiten dieten desberdintasunak ezabatzea edo murriztea bultzatzeko eta gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatzeko haiei lotutako politika eta ekintza guztietan, berariazko helburu eta jardunen bitartez.

i) Ekintza positiboa: denboran mugatutako berariazko neurriak abiaraztea, bizitzaren eremu guztietan gaztea izateagatik gertatzen diren egitatezko desberdintasunak ezabatzeko edo murrizteko.

5. artikulua.— Printzipio orokorrak

EAEko administrazio publikoek gazteriaren arloan egingo duten jarduna printzipio orokor hauek gidatu eta bideratuko dute:

b) Unibertsaltasuna, eta aniztasuna nahiz desberdintasuna errespetatzea. Behar diren baliabideak jarri beharko dira gazteen emantzipazioa laguntzeko politikak eta zerbitzuak gauzatzean desberdintasunak baldintzatzaileak eta baztertzaileak izan ez daitezen eta aniztasuna eta desberdintasuna errespeta daitezen; izan ere, gazte guztiak izango dira gazte-politiken hartzaileak, eta ez da inolako bereizketarik egingo arraza, sexu-identitatea, hizkuntza, dibertsitate funtzionala, orientazio sexuala, genero-adierazpena, erlijioa, iritzi politikoa edo beste edozeri buruzko iritzia, jatorri etnikoa, maila ekonomikoa, jaioterria edo beste edozein egoera pertsonal nahiz sozial dela eta, bai gazteen kolektiboen euren barruan, bai beste biztanle-kolektibo batzuekiko.

l) Informazioa. Gazteek edozein unetan eskuratu ahal izango dute berei eragiten dieten politika eta jardun publikoei buruzko informazio osoa. EAEko administrazio publikoek lege honen ondorioz gazteen eskura jartzen duten informazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da.

n) Euskararen erabileraren normalizazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ikasi eta erabiltzea bermatuko da, eta gazteen artean euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko, bizitzaren esparru guztietan. Horrez gainera, gazteek EAEko administrazio publikoekin dituzten ahozko eta idatzizko harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta batean zein bestean hartua izateko eskubidea bermatuko da.

o) Kulturartekotasuna. Gazteek Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko errealitate kulturalak ezagutzea ahalbidetuko duten ekintzak eta programak bultzatuko dira, eta gazteek gure errealitatea kanpoan ezagutaraztea ahalbidetuko dutenak ere bai. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ez ezik, beste hizkuntza batzuk ikastea ere sustatuko da, hizkuntzak jakitea oinarrizkoa baita hainbat herrialde eta kulturatako gazteak elkarrekin komunikatzeko.

6. artikulua.— Gazte guztien eskubideak

1. Gazte guztiei, premia espezifikoak dituen kolektiboa izanik, haien babeserako eta autonomiadun gizarte-inklusiorako, honako eskubide hauek aitortzen zaizkie, horiek arautzen dituen euskal araudi berezian ezarritakoaren arabera, eta beste arau batzuetan aitortutako eskubideei kalterik egin gabe:

o) Hizkuntza ofizialetan osotasunean ikasteko eta adierazteko eskubidea.

I. TITULUA
EAEko administrazio publikoen eskumenak eta eskudantziak

7. artikulua.— Administrazio publikoen erantzunkidetasuna gazte-politiketan

Administrazio publikoek konpromiso hauek hartzen dituzte:

8. Kulturarako irispidea sustatzea, programa demokratizatzaileen bidez, eta gazteen sorkuntza eta hizkera artistiko eta sortzaileen garapena bultzatzea.

9. Euskara eta euskal kultura sustatzea gazte etorri berrien inklusio-tresna gisa, eta errespetua, ezagutza eta kultura-trukea ere sustatzea; hainbat ekintza eta programa bultzatzea gazteek beste kultura-errealitate batzuk ezagut ditzaten ahalbidetzeko; erkidegoko hizkuntza ofizialekin batera, beste hizkuntza eta kultura batzuen ikaskuntza ere sustatzea, bereziki gure erkidegoan presente daudenena, bai eta zeinu-hizkuntzarena eta erromaniarena ere, jatorri desberdinetako gazteen arteko komunikaziorako oinarrizko tresna gisa.

II. TITULUA
Gazte-politika garatzeko tresnak eta neurriak

I. KAPITULUA
Gazteriaren Euskal Sistema

2. atala
Gazteriaren arloko zeharkako politika sustatzeko tresnak eta neurriak

17. artikulua.— Xedapen orokorrak

4. Arau honen babesean garatuko diren laguntzei dagokienez, ezin izango zaie inolako laguntza edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiten duten edonolako jarduerei, ez eta sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiteagatik administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere. Era berean, EAEko administrazio publikoek ezin izango diete inolako laguntzarik eman sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiten duten kultura-jarduerei, jarduera artistikoei, jai-girokoei, kirol-jarduerei eta euskararen normalizazioaren arloan egindakoei, eta administrazio horien ordezkariek ezin izango dute jarduerotan administrazioaren ordezkari gisa parte hartu.

20. artikulua.— Gazteriaren arloko Euskal Estrategiaren esku-hartze ildoak

Aurrerantzeko estrategiak gazteen gaitasunak, ekimena, autonomia eta emantzipazioa sustatzera bideratuko dira, aniztasuna aintzat hartuta. Eta, beraz, honako hauei arreta eskainiko diete beti:

[…]

Gazteriaren arloko Euskal Estrategiak lehentasuna emango die eskari eta premien bilakaerari ondoen erantzuten dieten esku-hartze ildoei, honako ildo hauen eta dagokion aldian egindako diagnostikotik eratorritako beste batzuen artetik.

b) Gazteak eta hezkuntza.

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gazteen aldeko hezkuntza- eta prestakuntza-politikak planifikatzeko eta gauzatzeko garaian, hezkuntza formala eta ez-formala laguntzeko ekintzak koordinatuko ditu. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza eta erabilera bermatuko ditu, bai eta beste hizkuntza batzuena ere, gure autonomia-erkidegoko gazteek hezkuntza eleaniztuna izan dezaten. Gutxienez honako gaitasun-maila hauek izatea ezarriko da helburutzat: B1 bi hizkuntza ofizialetan Lehen Hezkuntza amaitzean eta B2 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean; atzerriko hizkuntzan, berriz, A2 eta B1 hurrenez hurren.

g) Gazteak eta kultura.

EAEko administrazio publikoek neurriak hartu eta beharrezko baliabide zehatzak ezarriko dituzte, gazteek baldintza-berdintasunean kulturara irispidea izan dezaten; hartara, gazteek kulturaren, bereziki euskal kulturaren, sorkuntzan, sustapenean, erabileran, kontsumoan, zabalkundean eta transmisioan parte har dezaten sustatuko dute, eta xede horri eta gazteen ezaugarriei egokitutako parte hartzeko gune eta mekanismoak taxutuko dituzte.

m) Gazteak eta informazioaren gizartea.

2. Halaber, bultzatuko dute gazteek beren ikuspegia helaraztea eta iritzi publikoa eratzen parte hartzea funtsezko gaiei buruz, hala nola gizarte-kontratua osatzen duten eta osatu behar duten eskubide eta betebeharrei buruz, gizarteari egiten dioten ekarpenari eta harengandik behar dutenari buruz, eta lortu nahi duten gizarte-ereduari eta haren oinarri diren funtsezko zutabe eta balioei buruz, hala nola giza eskubideak, bakea, askatasuna, berdintasuna, justizia eta elkartasuna, belaunaldien artekoa ere bai, aniztasuna balioestea eta kohesioa, euskara eta euskal kultura balioestea, parte-hartzea, jasangarritasuna edo herrialdeen eta herrien arteko lankidetza.

t) Atzerrian dauden gazte euskaldunak.

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sustatuko du EAEko gazteen egoerari buruzko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak gazteei begira egiten dituen planei eta politikei buruzko informazio- eta erreferentzia-guneak egotea atzerriko euskal etxeetan, atzerrian bizi diren gazteek informazio zehatza eta gaurkotua izan dezaten.

2. Halaber, atzerriko euskal etxeetako gazteekin elkarlanean aritzeko eta trukeak egiteko bideak sustatuko dira.

3. EAEra itzuli nahi duten gazteei horretarako laguntza emango zaie.

x) Gazteak eta euskara.

1. EAEko administrazio publikoek bermatu egingo dituzte, batetik, gazteen hizkuntza-eskubideak, eta, bestetik, haien euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzea, hala hezkuntza formaletik nola ez-formaletik, euskara ikasteko eta haren erabilera eta normalizazioa sustatzeko baliabideak eskainita.

2. Xede horrekin, euskara hartuko dute lehentasunezko hizkuntzatzat administrazio publikoek berek bultzatutako jardunetan, eta gazteen erreferentzia pertsonal zein kolektiboak euskaraz jasotzeko eta zabaltzeko ahaleginarekin eta konpromisoarekin jardungo dute.

IV. TITULUA
Administrazio-antolamendua

I. KAPITULUA
Erakundearteko eta sailarteko koordinazioa

49. artikulua.— Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea

4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea gutxienez arlo hauetako sailburuorde eskudunez osatuta egongo da, edo haiek eskuordetzen dituzten zuzendari maila edo goragokoa duten pertsonez: gazteria; enplegua; lana; gizarte-ekonomia; etxebizitza, hezkuntza; lanbide-heziketa; unibertsitateak; ikerketa; gizarte-politikak; osasuna; justizia; segurtasuna; industria; teknologia; nekazaritza; arrantza; garraioak; kultura; hizkuntza-politika; kirola; aisialdia; turismoa; kontsumoa; elikadura; klima; ingurumena; landa-ingurunea; kostaldeko ingurunea; giza eskubideak; berdintasuna; immigrazioa; boluntariotza; partaidetza; lankidetza, eta kanpo-ekintza. Batzordeko kideren batek arlo batean baino gehiagotan eskumena izanez gero, bakarrean hartuko du parte batzordean, ondore guztietarako. Gainera, Consejo de la Juventud de Euskadi-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea edo hark eskuordetzen duen pertsona gonbidatuko da batzordearen saio eta zeregin guztietara; pertsona horrek hitza izango du, baina botorik ez.

Bigarren xedapen indargabetzailea

Zenbait arlori buruzko erregulazioari dagokionez, geroko erregelamenduzko xedapenetara igortzen du lege honek. Bada, xedapen horiek ematen ez diren bitartean, lege hau indarrean jarri aurretik indarrean zeuden maila bereko arauak aplikatuko dira kasu bakoitzean, betiere, legean xedatutakoaren aurkakoak ez badira:

i) Agindua, 2016ko urriaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak prestatzeko eskolak eta haur eta gazteen aisialdi-jardueretarako begirale eta zuzendariak prestatzeko ikastaroak izendapen ofizialez onartzeko eta bertan parte hartzeko modua arautu zuen dekretuaren I. eta II. eranskinak eguneratzekoa.


8.2.77. 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena[595]

ZIOEN AZALPENA

[…] V. tituluak sektore publikoaren funtzionamenduari buruzko arauak biltzen ditu, ikuspegi klasiko batetik, zeinak efikaziaren eta efizientziaren parametro nagusien mende jartzen baititu ondoko prozedura nagusi hauen helburu eta arauak: kudeaketaren ebaluazioa; herritarrei emandako atentzioa eta haien parte-hartzea, «administrazio elektronikoa» delakoaren erreminten bidez, eta gure administrazio-prozesuetan zeresan berezia duen eta erabat presente dagoen hizkuntzen gaia arautzea.

[…]

II. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa instituzionala

II. KAPITULUA
Administrazio orokor eta instituzionalaren egitura eta antolaketa

11. artikulua.— Antolaketa- eta funtzionamendu-printzipioak

3. Artikulu honetan jasotzen diren printzipioak honako irizpide hauetan gauzatzen dira, eta antolatzeko diseinuari aplikatuko zaizkio:

g) Euskararen erabilera normalizatuko da administrazio-jarduera guztietan, eta euskaraz jardun ahal izateko baliabide guztiak bermatuko dira.

i) Funtzio hauetaz arduratzeko egitura komunak definituko dira: ebaluazioa, ekonomia- eta administrazio-kudeaketa, antolaketa, kudeaketaren kontrola, laguntza juridikoa, giza baliabideak, baliabide orokorrak, teknologia-garapena, informazio-sistemak, estatistika, telekomunikazioak, euskara, berdintasuna, kalitatea eta sareko lanaren sustapena.

V. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko funtzionamendua, herritarren zerbitzura jarduteko

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

63. artikulua.— Funtzionamenduaren eta herritarrekiko interakzioaren printzipioak

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak herritarren zerbitzuari begira jardungo du. Funtzionatzeko printzipio gidari hori betetzeko, printzipio hauek aplikatu beharko ditu, administrazio publiko guztiei aplikatu behar zaien arautegiko printzipioez gain:

d) Hizkuntza-normalizazioa: euskararen erabileraren normalizazioa bultzatuko du administrazio-jardueran.

k) Soiltasuna eta ulergarritasuna: izapideen konplexutasuna gutxituko du, eta arau eta prozedura argi eta errazak edukitzeko bidea emango du herritar guztiak Administraziora iristea ahalbidetzen duen hizkera ulergarria erabiliz.

64. artikulua.— Herritarren eskubideak eta eginbeharrak

3. Lege honen ondorioetarako, honako hauek sartzen dira administrazio onerako eskubidearen barruan:

g) Herritarrek euskal sektore publikoa osatzen duten subjektuekin dauzkaten harremanetan euskaraz jarduteko eskubidea bermatuko da, eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dira hartarako.

69. artikulua.— Administrazio elektronikoaren arloko eskubideak

2. Bereziki eskubide hauek izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin izaten dituzten harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeari dagokionez:

b) Berdintasunerako eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuetara bitarteko elektronikoz iristeko orduan. Herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuz, baliabide elektronikoen erabilerak euskaraz jardun ahal izatea bermatuko du.

IV. KAPITULUA
Sektore publikoaren funtzionamenduko hizkuntzak

76. artikulua.— Zerbitzu-, harreman- eta lan-hizkuntzak

1. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania direnez, bi horiek dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu-, harreman- eta lan-hizkuntzak, aplikatu behar den arautegiak ezartzen duen eran. Sektore publiko guztiak errespetatuko ditu herritarren hizkuntza-eskubideak, harremanetarako herritar bakoitzak erabili nahi duen hizkuntzaren erabilera bermatuz.

2. Euskararen erabileraren normalizaziorako legeriarekin bat etorriz, zeinak herritarren hizkuntza-eskubideak aitortzen dituen, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko subjektuek euskararen erabilera posible izatea berma dadin, bai administrazioen artean eta administrazio beraren barruan, bai sektore publikoko langileen artean eta bai herritarrei ematen zaizkien zerbitzuetan. Herritarrek euskal sektore publikoa osatzen duten erakunde eta enteekin harreman guztia euskaraz izateko eskubidea bermatuko da.

3. Kapitulu honetan ezarritakoa ez da eragozpen izango beste hizkuntza batzuk erabili ahal izateko edo zerbitzuak beste hizkuntza batzuetan eman ahal izateko Euskadin bizi diren herritarrentzako atentziorik onenak hala eskatzen duenean eta aurrekontuek eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen hizkuntza-ezagutzak hartarako bidea ematen dutenean.

4. Artikulu honetan ezarritakoa gauzatzeko, botere publikoek neurriak hartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileek progresiboki hizkuntza-gaitasuna lor dezaten.

77. artikulua.— Xedapenetako eta adierazpenetako hizkuntza

1. Aurreko artikuluko lehenengo apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan, lehentasunik ezarri gabe, idatzi ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan egiten diren dokumentu eta komunikazio guztiak, eta ez da beharrezkoa izango beste hizkuntza ofizialkidera itzultzea, barruko egintzak, administrazio barruko harremanak edo Autonomia Erkidegoko administrazioen edo ente publikoen arteko harremanak direnean.

2. Baina, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esku-hartzea duen egintza orok bai eta administrazio-jakinarazpen eta -adierazpenek ere nahitaez bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko dute herritarrentzat badira, salbu eta interesdun pribatuek berariaz aukeratzen badute bietako bat erabiltzea. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten ente edo entitateetatik datorren ebazpen ofizial orok bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko du publikotasun ofiziala egiteko.

3. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikotik datorren xedapen arauemaile eta orokor orok euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egon behar du, eta euskarazko eta gaztelaniazko testuak, biak, izango dira ofizialak eta benetakoak. Horretarako, bi hizkuntza-bertsioen zehaztasuna eta baliokidetasuna bermatuko dira segurtasun juridikoaren oinarrizko elementu gisa.

78. artikulua.— Espedienteetako hizkuntza

1. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duten espediente edo prozeduretan, alderdi parte-hartzaileek adostasunez erabakitzen duten hizkuntza ofiziala erabiliko dute botere publikoek.

2. Ados jartzen ez badira, espediente edo prozedura bultzatu duen pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofiziala erabiliko da. Hala ere, Administrazioak antolatu ahalko ditu behar diren mekanismoak prozeduran parte hartzen duten gainerako pertsonek beren hizkuntza-eskubideak baliatu ditzaten, betiere Administrazio publikoarekiko duten harremanetan subjektu aktibo bihurtzen duten zama edo obligaziorik dakarkion betebeharrik edo baldintzarik jarri gabe.

79. artikulua.— Erregistro publikoetako hizkuntza

1. Idatzita dauden hizkuntza ofizialean inskribatuko dira dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren mendeko erregistro publikoetan. Ofiziala ez den hizkuntza batean idatzita dauden dokumentuak hizkuntza ofizial batera edo bestera egindako itzulpenarekin erregistratu beharko dira, arauz ezartzen den eran.

2. Dokumentuak erakutsi eta egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetarako itzulpena bermatuko da.

3. Nolanahi ere, artxibategi eta erregistroetan Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bermatuko da.


8.2.78. 6/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena[596]

ZIOEN AZALPENA

8/2003 Legeak onartu zenetik izan duen bezala, lege berriak Gobernuaren ekimenez bultzatzen diren xedapen orokorreko arauak izapidetzeko prozedura du xede. Xedapen orokor horien baitan hartzen dira araubidea berritzeko xedea duten lege- zein erregelamendu-mailako xedapenak.

Legea eguneratzea eta hobetzea da, zalantzarik gabe, lortu nahi den helburu generikoena, kontuan hartuz lege hori aitzindaria izan zela gure arau-produktuen kalitate hobea sustatu nahi izaten, helburu horiek berberak dituen Europako korrontearekin bat eginez eta, besteak beste, bide hauek erabilita: erregulazio onaren printzipioak aplikatuta eta arauek izan ditzaketen ondorioen aurretiko analisiak egiteko tresnak bultzatzeko neurriak hartuta, proposamenak lantzerakoan aurretiko kontsultak eginda eta herritarren partaidetza bultzatuta edo hausnarketetarako metodo orokor gisa aurretik eta ondoren ebaluazioa sartuta, helburu izanik indarrean dagoen araudiaren aldizkako berrikusketari arrakastaz aurre nola egin jakiteko adierazle zehatzak lortzea.

Horrenbestez, indartu egiten da Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legean jasotako helburua: «egingo diren arauek oinarri objektibo bat izan dezatela, teknika juridiko egokiaren arabera eman daitezela eta gizarteak onets ditzala» lortzea, «pentsaera liberalak erregearen absolutismoa irauli eta legearen funtsa erregearen kontrolik gabeko nahi hutsetik atera eta arrazoian ezarri zuen moduan (nec voluntas sed ratio facit legem)».

Badago, bestalde, beste helburu zehatzagoen multzo anizkoitz bat ere. Aipatzekoa da, besteak beste, egoki dela xedapen orokorrak direlakoak egiteko prozeduran izan diren mugarrien zehaztapena berrikustea, denbora asko igaro baita ordeztu nahi den legea onartu zenetik, eta arau horiek egokitu egin behar zaizkiela ordutik hona eman diren eta lege batzuek eta besteek ezarri dituzten aldaketei eta prozedura horiek berriztatzeko erronkari.

Lege honekin, halaber, aurrera egingo da segurtasun juridikoaren printzipioa zaintzeko bidean. Horretarako, bi legek oinarrizko izaerarekin eragin dituzten legegintza-aldaketak aztertuko ditugu, eta berehalako erantzuna emango —2015eko 39 eta 40 Legeez ari gara, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren legeez, hurrenez hurren—, horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren antolaketara eta funtzionamendura egokitzeko eta integratzeko, helburu zehatz bat izanik: euskal legeak arautzen dituen gainerako izapideekiko harmonia lortzea.

Euskal legeriatik datozen ekarpenei dagokienez, ezinbestekoa da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ezartzen duen udal-autonomia bermatzeko sistema berria eta zehatza aintzatestea eta aztertzen ari garen prozeduran behar bezala integratzea. Horretarako, ahalegina egin da alerta goiztiarreko mekanismoa garaiz eta modu egokian ezartzeko, zeinak eskumen bat esleitzen baitio aipatu legearen bidez sortutako Tokiko Gobernuen Batzordeari: nahitaezko txostena egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen eta udal-eskumenei eragiten dieten xedapen orokorrak egiteko prozeduretan.

Orain ordezten den legea bermatu zuten zuzenbide-oinarri gaitzaile berberak ditu oinarrian lege honek ere, Gernikako Autonomia Estatutuan aurreikusitako oinarrizko eskumen-euskarri bikoitza duela, bai 10.2 artikuluan jasotakoa, autogobernurako gure instituzioen antolaketa, araubide eta funtzionamenduaren arloko eskumen esklusiboari buruzkoa; bai 10.6 artikuluan jasotakoa, gure zuzenbide substantibotik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko antolamendutik datozen administrazio-prozeduraren arauak ezartzeko dugun gaitasunaren arlokoa.

Azaltzen ari garen prozedura —arauak egitekoa— araugintzaren kontrol- eta gainbegiratze-jarduera arautzen duten zenbait sektore-legerekiko (hala nola Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekiko) erreferente denez, indarrean dagoen arautegian izango duen eraginak erreferente izate horrekin du zerikusia. Lege hau tresna baliagarria izango da sektore-lege horientzat, nork bere ekintzetan sakontzeko. Horrexegatik, lege horretan aldaketak egitea proposatzen da, jatorrizko idazkeran zenbait interpretazio izan duten manuak zehaztu eta ziurtatzeko asmoz; izan ere, interpretazio horietako batzuk arauaren espirituaren edo aplikatu behar diren garaiko errealitatearen kontra joan daitezke. Eta erreferente izango da Administrazioaren beraren esparru-arau askorekiko ere, zeinek egingarritasun material handiagoa izan dezaten bilatu nahi baita, dagoeneko abian ditugun prozedurak hobeto egoki daitezen digitalizazioaren, gardentasunaren, herritarren partaidetzaren edo ebaluazioaren fenomeno berriek ezartzen dituzten testuinguruetara, prozedurak finkatu eta hobetu egin behar baitira efikazia areagotzeko.

Aurretik aipatutako guztia kontuan hartuta, eta orain arte indarrean dagoen 8/2003 Legeari zenbat aldaketa egiten zaizkion ikusita, beste testu artikulatu oso bat onestea erabaki da, lege bakar honetan sar daitezen xedapen orokorrak egiteko prozedurarekin zerikusia duten arau guztiak.

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua.— Legearen xedea eta lege-erreserbaren irismena

1. Xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzea da lege honen xedea.

2. Lege bidez eta modu arrazoituan baino ezin izango dira sartu nahitaezko izapide gehigarriak edo lege honetan ezarri ez diren nahitaezko beste izapide batzuk, eta, betiere, izapide horiek sartzea efikaz, neurrizko eta beharrezkoa bada prozeduraren berezko xedeak lortzeko.

3. Sektoreko legeek edo elaborazio-prozedura aldatzeko berariazko xedea ez duten legeek berariaz eta zuzenean aldatu beharko dute lege hau baldin eta xedapenak egiteko prozedura guztietan oro har eta nahitaez sartu beharreko edozein izapide sartu nahi badute, edota, gaiaren araberako prozedura berezi bat dagoela ohartarazteko, prozedura horietan bakarrik eska daitekeen izapide berriren bat sartzea nahi badute.

4. Ez dira prozedura berezitzat hartuko, nahiz eta gainerako guztian lege honetan xedatutako izapideak bete, berezitasun bakartzat gaiaren arabera nahitaezkoa den txostenen bat eskatzea duten prozedurak.

5. Prozeduraren berezitasunak erregelamenduz ezarri ahal izango dira; hain zuzen, edukiari, eskakizun formalei edo bildu behar diren txostenak egiteko moduari buruzkoak. Halaber, erregelamendu bidez ezarri ahal izango da beste izapide osagarri batzuk edota nahitaezkoak ez diren izapideak egiteko aukera.

2. artikulua.— Aplikazio-eremua eta gaiaren araberako prozedura bereziak

1. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiten dituzten xedapen orokorrei ezarriko zaie lege hau. Lege-mailako arauetan bestelako prozedura espezifiko bat ezarria duten beste xedapenak prozedura horren arabera egingo dira; hala ere, lege honetan ezarritakoa modu osagarrian aplikatuko da.

2. Jarraian zehaztutako gaiak arautuko dituzten xedapen orokorrak egiteko prozedurak haien araudi espezifikoak ezarritakoari jarraituko dio, eta, modu osagarrian, lege honek ezarritakoari:

a) Tributu- eta aduana-gaietakoak, baita tributuak aplikatzeko prozedurei buruzkoak edo haiek administrazio-bidean berrikusteari buruzkoak ere.

b) Gizarte Segurantzaren arloan Estatuaren oinarrizko legeria garatzekoak eta oinarriak betearaztekoak edo Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzekoak.

c) Tributu- eta aduana-arloko, gizarte-arloko, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eta atzerritartasun-arloko jarduketa eta zehapen-prozedurak arautzekoak.

d) Ingurumen-arlokoak.

e) Aurrekontu-arlokoak.

3. artikulua.— Arau-xedapen orokorraren kontzeptua

1. Lege honen ondorioetarako, xedapen orokor arauemaileak dira, edozein gairen gainekoak izanik ere, legearen, legegintzako dekretuaren, dekretuaren edo aginduaren forma hartzen dutenak, eta antolamendu juridikora berrikuntzak dakartzaten arau juridikoak dauzkaten eta zehaztutako edo zehaztu gabeko epe baterako mota askotako egintzen oinarri diren xedapenak.

2. Ez dira halakotzat joko, nahiz eta batzuk eta besteak organo berek emanak izan eta xedapen orokor arauemaileen forma berbera hartu, hartzaile-multzo zehatzei edo zehaztu daitezkeenei eragiten dieten administrazio-ebazpen edo xedapen partikularrak eta xedapen orokorrak, betiere batzuk eta besteak administrazio-egintzatzat baino hartzen ez badira, iraunkortasun-asmorik ez izanik, behin bakarrik aplikatuta agortzen direlako, nahiz eta kasu askotan aplikatuak izateko asmoa izan edota edukia administrazio-egintza orokor horietan zeharo zehaztuta dakarten beste betearazpen-egintza batzuk eragin.

3. Halaber, ez dira joko lege hau aplikagarri duten xedapen orokor arauemailetzat, nahiz eta organo berek emanak izan eta xedapen orokor arauemaileen forma berbera hartu, aginduzko edukia ez dutenak edota nahitaezko mandatuak ezartzen ez dituztenak, hau da, programazioari buruzko adierazpenak egitera mugatzen direnak, edota lotesleak ez diren edo Administrazioak, dagokion diskrezionalitatearen barruan, balioesteko eta haztatzeko baino ez diren irizpide edo jarduketa-printzipioak ezartzera mugatzen direnak.

4. Lege honetan ezarritako prozeduratik kanpo gelditzen dira xedapen orokorren interpretazioa argitzeko edo aplikazioa errazteko ematen diren zerbitzu- eta jarraibide-aginduak. Nolanahi ere, xedapenak proposatu edo bere gain hartzen dituen saileko aholkularitzak horiei buruzko txosten juridikoa egingo du.

5. Kide anitzeko organoek beren barne-jardunbidea arautzeko onartutako erregelamenduen gainean ere, txosten juridikoa egingo du organoa atxikia duen sailak.

6. Xedapen orokorrek arau osagarriak behar badituzte edo garatzeko beste xedapen batzuetara jotzen badute, azken horiek izaera arauemailea izango dute, batez ere lehenengoek egindakoak zurian dauden igorpenak badira edo arau-trinkotasun gutxikoak badira.

7. Tresna teknikoak onartzeko baino ez diren xedapen orokorrek arau-izaera izaten jarraituko dute, baldin eta tresna tekniko horiek arau horretan edo beste xedapen orokor batean jasotako kontzeptu juridiko zehaztugabeak ordezkatzeko badira edo edukia ematen badiote, xedapen haien garapenerako arau-osagarri beharrezkoak izanik.

4. artikulua.— Araugintza-kalitatearen printzipioak

Legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzean, administrazio publikoek arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipio hauei jarraikiz jokatuko dute:

a) Behar- eta eraginkortasun-printzipioak: arau-ekimena interes orokorreko arrazoi batek justifikatu behar du, lortu nahi diren helburuak garbi identifikatzen duen oinarria izan behar du, eta helburu horiek lortzeko egokiena den tresna izan behar du.

b) Proportzionaltasun-printzipioa: ekimenak arauaren bidez ase nahi den beharrari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa bilduko du, egiaztatu ondoren ez dagoela eskubideak gutxiago murrizten dituen beste neurririk edo betebehar gutxiago dakartzanik.

c) Segurtasun juridikoaren printzipioa: arau-ekimena ordenamendu juridikoaren gainerako alderdiekin koherentea den moduan gauzatuko da, arau-esparru egonkor, ezagun, integratu, argi eta seguru bat sortzeko, zeinak haren jakintza eta ulermena erraztuko baitu, eta, horren ondorioz, baita pertsonen eta enpresen jarduketa eta haien erabakiak hartzeko bidea ere.

d) Gardentasun-printzipioa: indarreko araudirako eta haren prestatze-prozesuaren berezko dokumentuetarako sarbide erraza, unibertsala eta eguneratua ahalbidetuko da, eta zioen azalpenean argi eta garbi zehaztuko dira arau-ekimenen helburuak eta horien justifikazioa. Horrez gain, ahalbidetuko da balizko hartzaileek aktiboki parte hartzea arauak prestatzeko prozesuan.

e) Sinpletasun eta ulergarritasunaren printzipioa: arau-ekimenetan jasotako edukia era argi eta egituratu batez argitaratuko da, erraz ulertzeko moduan, eta hizkera argiz adierazita.

f) Informazioaren kalitatearen printzipioa: araugintza-prozeduretan zehar egiten diren jendaurreko izapideetan argitaratutako informazioak egiazkoa izan behar du, zehatza, eta benetakotasun eta fidagarritasun egiaztatuko dokumentuetatik iritsia izango da. Era berean, baliagarria izango da, hau da, informazio horrekin lortu nahi diren helburuak betetzeko egokia.

g) Irisgarritasunaren printzipioa: arau-ekimenak barnean hartuko ditu zenbait neurri, beharrezko direnak pertsona guztiek Administrazio Publikoaren aurrean beren eskubideak gauzatzeko aukera izan dezaten eta zerbitzuak benetan eta eraginkortasunez eskuratu ditzaten, pertsona horien gaitasun teknikoak, kognitiboak edo fisikoak edozein direla ere.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa: xedapen orokorrak egiteko prozeduran, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, euskal botere publikoek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean adierazitako printzipio orokorrei lotuta jardun beharko dute; besteak beste, tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko, emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitu eta desagerrarazteko edo ikuspegi intersekzionalez lan egingo dela bermatzeko neurriak zehaztuz. Ezinbestean, genero-inpaktuaren txosten bat eraman beharko du berekin.

i) Parte-hartzearen printzipioa: herritarrei aktiboki entzuteko eta haiekin elkarlanean aritzeko neurriak ezarriko dira, araua onartzeko prozeduran parte-hartzea bermatzearren, gobernantza kolaboratiboan oinarriturik. Besteak beste, entzunaldiaren eta jendaurrean jartzearen bidez eta kontsultak egitearen bidez bermatuko da, baina baita parte-hartzea eta deliberazioa posible egiten duten gainerako tresnen bidez ere (inkestak, foroak, galdeketa publikoak...).

j) Hizkuntza-berdintasunaren printzipioa: euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak izanik, araugintza-prozeduran haien arteko berdintasuna bermatuko da, bereziki herritarrekiko eta haien elkarte-ehunarekiko harremanetan euskararen erabilera sustatuz. Euskararen erabilera sustatzeari begira, araua euskaraz kalitatez lantzeko neurriak hartuko dituzte erakunde publikoek, eta, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioen arteko baliokidetza ziurtatzeko, bi testuen arteko elkarrizketa iraunkorra egituratuko da, horri begira dagozkion neurriak hartuta.

k) Jasangarritasun-printzipioa: etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko izango duten gaitasuna arriskuan jarri gabe, egungo gizarteak bere beharrak asetzeko duen eskubidea, garapen ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte-ongizatearen arteko oreka bermatuz.

5. artikulua.— Hizkuntza-berdintasuna eta idazketa elebiduna

1. Lege honek arautzen duen arau-xedapen orok bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz eta gaztelaniaz, idatzita egon beharko du, zabalkunde ofiziala egiteko.

2. Hizkuntzen berdintasuna araugintza-prozesuaren kalitatea bermatzeko printzipioa izango da. Hizkuntzen berdintasunaren bidez, testuaren lanketan bi bertsioen arteko elkarrizketa egituratua bermatuko da, bi bertsioen arteko kontrastea eta haien baliokidetza ziurtatuz.

3. Araugintza-prozedura elebiduna izango da xedapen orokorra egiteko prozedura osoan zehar, eta araugintzan parte hartzen dutenen eta arau-hartzaileen hizkuntza-eskubideak bermatuko dira.

4. Erregelamendu bidez ezarriko da zein izango den idazketa elebidunaren prozedura eta antolaketa araugintza-prozeduran.

6. artikulua.— Presa

1. Izaera orokorreko xedapenak egiteko prozeduran presa-deklarazioa ematen bada:

a) Lege honetan txostenak edo alegazioak egiteko aurreikusitako epeak murriztu ahal izango dira, beharrezkoa bada, baina, betiere, aurreikusitako epeen erdia baino txikiagoak ez badira.

b) Arauetan aurreikusitako prozedura-izapideren bat alde batera utzi ahal izango da, salbu eta lege-mailako arauek edo lege-indarra dutenek ez badituzte izapide horiek nahitaez eskatzen.

2. Presaren arrazoiak ematen badira, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur adieraziz, justifikatu egin beharko da eskubide subjektiboak edo interes legitimoak mugatzeko aukera, lehenagoko jarduketetan erabilitako edo organo aholku-emaileek emandako irizpenetatik behin-behinean aldentzea, indarra galdu ez duten aurretik egindako izapideak ez errepikatzea edota ofizioz hasita dauden izapideetan atzera egitea.

3. Xedapen orokorrak egiteko prozedura presaz izapidetzeko arrazoiak daudela erabaki ahal izango da baldin eta interes publikoko arrazoi larriak edo ezohiko zirkunstantziak badaude eta, aldez aurretik aurreikusi ezin izan direlako, presaz onartzea exijitzen badute.

Era berean, presaz izapidetzea erabakiko da baldin eta beharrezkoa bada araua indarrean jartzea epe jakin batean, hain zuzen zuzentarauen transposiziorako eskatutako epean, edo Estatuko oinarrizko legedira egokitzeko edo arau jakin bat Konstituzioaren kontrako deklaratzen duten edo baliogabetzen duten epaileen erabakietara egokitzeko epean.

Nolanahi ere, zirkunstantzia horiek berariaz justifikatu eta adierazi beharko dira prozeduran zehar, prozedura hasteko, memoria egiteko edo prozedura sustatzeko dagokion aginduaren bidez.

4. Lege honetan aurreikusitako prozedura hasteko agindua emateko eskuduntza duen organo berari dagokio, kasuan-kasuan, presa-deklarazioa egitea.

7. artikulua.— Deuseztasuna erregelamenduak egiteko prozeduran

1. Legea baino beheragoko xedapenak erabat deusezak izango dira, legezko prozedura erabat baztertuta eman direlako, xedapen horiek egiteko prozeduran lege honetan ezinbestekotzat jo diren eta berariaz eskatzen diren izapideak ez badira egin, eta, zehazki:

a) presako prozedurari jarraitu bazaio aurreikusitako izapideetako edozein alde batera utzita, arrazoirik ez dagoenean presako prozedurarako;

b) onartzeko unean ezinbestekotzat jotzen den nahitaezko txostenik ez badago;

c) kontsultei dagokienez, lege honetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, baldin eta xedapenak eragina badu, berariaz eta zuzenean, beste administrazio publiko baten eskumenetan;

d) lege honetan entzunaldiari, jendaurrean erakusteari eta negoziazio kolektiboari buruz aurreikusitakoak betetzen ez badira;

e) gaiaren ondoriozko prozedura bereziei aplikagarriak zaizkien lege-aurreikuspenak betetzen ez badira, deuseztasun-mota hori berariaz aurreikusten denean lege batean;

f) dagokion agindu edo xedapen orokorra baino goragoko lerruneko xedapen administratiboek ezarritako izapideren bat ez bada betetzen.

2. Legea baino beheragoko erregelamendu-xedapenak ez dira deusezak izango legez ezarritako prozedura erabat baztertzeagatik, haiek egiteko prozeduran lege honetan aurreikusitakoa beste edozein modutara hautsi bada ere, arau-hauste horiek behar bezala zuzendu ez badira ere edota haien eragina baliozkotu ez bada ere xedapena argitaratu baino lehen.

3. Bereziki, xedapen baten baliozkotasuna eta efikazia eragindakotzat jotzen badira izapidetze elebidunari buruz lege honetan aurreikusitakoa urratu delako, izapidetze hori egin ez den hizkuntzan idatzitako testuaren zatiari mugatuko zaio eragina, eta Administrazioa behartuta egongo da baliogabetutako zatiaren ordezko testua presaz eta modu egokian izapidetzera. Nolanahi ere, ordezko testuak erabat errespetatu beharko du bi testu ofizialen arteko baliokidetasun linguistikoaren printzipioa indarrean jarraitzen duen bertsio linguistikoarekiko.

4. Legeak, berariaz eta zehazki, halakotzat jotzen baditu bakarrik izango dira lotesleak txostenak eta irizpenak. Halakoetan, txostenean edo irizpenean zehaztutako irizpidea urratzeak legeak berariaz aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu.

II. KAPITULUA
Prozedura
Lehenengo atala
Prestaketa

8. artikulua.— Arau-plangintza

1. Gobernuak urtero onartuko du araugintza-plan bat, eta bertan bilduko dira urte horretan Gobernu Kontseilura, hark onar ditzan, igorriko diren legegintza- edo erregelamendu-ekimenak.

2. Eusko Jaurlaritzaren urteko araugintza-plana urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, beharrezkoak diren informazioa eta parte-hartzea bermatze aldera.

3. Urteko araugintza-planean azalduko da, ezarritako irizpideen arabera, zein arauk behar duten haien aplikazioaren emaitzei buruzko ebaluazioa, batez ere erreparatuz Administrazioari edo hartzaileei dakarkieten kostuan eta azken horiei ezarritako administrazio-zametan.

4. Xedapen orokorrak egiteko prozedura abiarazi behar bada, eta dena delako urteko araugintza-planean aldez aurretik sartu gabe dagoen xedapen bat bada, inguruabar hori justifikatu egin beharko da dagozkion memorietan, baina ez da, hargatik, baliogabetuko.

5. Administrazio Orokorreko sailek, urteko araugintza-plan berri bat onartu aurretik, bakoitzak bere araugintza-plangintzaren gauzatze-memoria bat landu eta jakinaraziko dio Gobernuari.

9. artikulua.— Gogoeta- eta prestaketa-lanak

Xedapen orokorrak egiteko prozedura hasteko erabakia hartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek aurrelanak egin behar izango dituzte gogoetarako eta prestaketarako; horien artean, batik bat, dauden politika- eta arau-multzoen emaitzen eta eragin metatuen ebaluazioa, eta kontuan har daitezkeen arau-aukeren eraginaren aurretiazko ebaluazioak, barne hartuta organo sustatzaileak proiektatutako xedapen orokorraren generoaren araberako eraginari buruzko izapideak egiteko balio behar duten genero-ikuspegitik egindako aurretiazko analisiak, gero Emakunderi, aintzat har ditzan, aurkeztu beharrekoak.

Halaber, xedapenaren proiektua egin aurretik legeak eskatzen dituen kontsulta publikoak bideratuko dira.

10. artikulua.— Araugintza-ebaluazioa, eta indarrean dagoen araudia erregulazio onaren printzipioetara egokitzea

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aldiro berrikusiko ditu indarrean dauden araudiak, erregulazio onaren printzipioetara egokitzeko, eta, bereziki, berrikuspen horretan, jarraipena egingo zaie, ikusteko ea gizon eta emakumeen berdintasunaren printzipioaren arabera ari diren aplikatzen. Berrikuspen horretan, halaber, begiratuko da indarrean dauden arauek zenbateraino lortu dituzten aurreikusitako helburuak, ea justifikatuta eta behar bezala zenbatuta zeuden arau horietan ezarritako kostua eta kargak, eta ea une oro indarrean dagoen gainerako ordenamenduan txertatu den.

2. Ebaluazioaren emaitza txosten batean jasoko da, eta txosten hori argitaratu egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko ebaluazio publikoaren araudiak zehaztuko du ebaluazio hori egingo duen organoa, xehetasuna eta aldizkakotasuna. Txostena bi hizkuntza ofizialetan idatziko da.

3. Administrazio Orokorreko sailek erregulazio onaren printzipioen aplikazioa sustatuko dute, eta arauak egitean analisi ekonomikoa bultzatzen lagunduko dute, batik bat, jarduera ekonomikoari murrizketa zentzugabeak edo neurrigabeak egitea saihesteko.

4. Hizkuntza ofizialen berdintasuna erregulazio onaren printzipioaren arabera aplikatuko dute sailek, eta, horren bidez, xedapen orokorren bertsio linguistikoen ulergarritasuna, zuzentasuna eta baliokidetzea zaindu eta sustatuko da, eta behar diren egokitzapenak bideratu eta planifikatuko.

11. artikulua.— Aldez aurretiko kontsulta herritarrei

1. Xedapen orokorraren izapidetzea sustatzen duen organoak edo zuzendaritza-zentroak, testu juridiko arauemaileen proposamenak idatzi baino lehen, kontsulta publikoaren bidez bilduko du gizarteak duen iritzia. Herritarrei zuzendutako aldez aurretiko kontsulta-izapide horretan, beharrezko neurriak hartuko dira, ziurtatzeko, batetik, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua, eta, bestetik, arautzekoa den alorrean edo sektorean berdintasuna bultzatzen duten elkarteen parte-hartzea. Halaber, hizkuntza-eskubideak errespetatuko zaizkio aldez aurretiko kontsultetan parte hartzen duen orori, Administrazioko langile zein herritarra izan.

2. Aldez aurretiko kontsulta kapitulu honetan araututako prestaketa-fasean sartzen da. Izan ere, herritarrekiko interakzio izapidea da, zeina halako moldez egingo baita, non xedapenaren hartzaile izan daitezkeen pertsona guztiek aukera izango duten iritzia emateko, behar besteko epean, berau hamabost egun baino gutxiagokoa izan gabe, eta testu juridiko jakin bat onartu baino lehen.

3. Aldez aurretiko kontsultaren izapidea xedapen orokorraren izapidetzea sustatzen duen zuzendaritza-zentro edo -organoak bete ahal izango du, iragarkia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarrita. Alderdi hauekin lotutako informazioa iragarriko da: araua onestearen premia eta egokitasuna, arauaren xedeak, ekimen horrekin konpondu nahi diren arazoak eta izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak; eta herritarrei gonbidapena egingo zaie iragarritako informazioari buruzko iritzia eman dezaten.

4. Artikulu honetan aurreikusitako herritarren parte-hartzearen eskakizuna betetzat jo dezake testu juridiko arauemaile bat aldez aurretik onetsi ondorengo araugintza-prozedurako instrukzio-faseko entzunaldi eta informazio publikoen izapideak. Memorian horrela jasota utzi beharko da, hala bada.

Bigarren atala
Hasiera

12. artikulua.— Organo eskuduna

1. Xedapen orokorrak egiteko prozedura xedapen horien gaiaren gainean eskumena duen saileko sailburuaren aginduz hasiko da. Legeak hala agintzen duenean, edo xedapen orokor horien gaiaren gainean bi sailburuk edo gehiagok eskumen zuzena dutenean, agindua guztiek batera eman beharko dute.

2. Baldin eta, xedapen orokorrak egiteko prozedura hasi eta gero, premia ikusten bada beste sail batzuek ere parte har dezaten, egitekoak diren xedapen horiek sail horien eskumeneko gaietan eragina izan dezaketelako, sail horiek ere prozeduran parte hartuko dute, eta, ahal den neurrian, une horretara arte egindako jarduketak mantendu egingo dira.

13. artikulua.— Prozedura hasteko agindua

1. Prozedura hasteko aginduan, arauaren xedea eta helburua aipatuko dira labur-labur; arreta berezia eskainiko zaie proposamenaren egokitasunari eta arautzeko aztertu diren bestelako irtenbideei, eta justifikatuko da zergatik den hobe arau berri bat egitea ezer ez erregulatzea baino. Eta, lege honen beste artikulu batzuk aipagai dituzten edukiez gain, eduki hauek ere izango ditu:

a) Arauaren bideragarritasun juridiko eta materialari buruzko balioespena, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europar Batasunean indarrean den zuzenbidea kontuan hartuta, eta proposatutako araua eskumenak banatzeko ordenara egokitzeari buruzko azterketa, hau da, Estatuarekiko eta lurralde historikoetako foru-organoekiko zein toki-entitateekiko ordenara egokitzeari buruzkoa, bai eta erregulazio onaren printzipioetara egokituta dagoen ere.

b) Arauak antolamendu juridikoan izango dituen ondorioen aurreikuspena, adierazita gai beraren gainean indarrean dauden beste zer arau alda litezkeen, berariaz edo zeharka, araua indarrean jarriz gero.

c) Proiektatutako arauari edo aurreko puntuan adierazitakoaren arabera eragindako arauei buruz egindako ebaluazioak —inpaktuari, emaitzei edo bestelakoei buruzkoak— bilduko dituen dosierra. Kontuan izanda generoaren araberako eraginaren aldez aurretiko analisiak, horien artean sartuko dira egin nahi den arauak genero-ikuspegitik izan dezakeen garrantziaren lehen estimazio bat, berdintasunerako administrazio-unitateen aholkuarekin.

d) Arauak ukituko dituen administrazio publikoen aurrekontuetan izango duen eraginari buruzko hurbilketa, dena delako gai horretan nahiz, kasuan-kasuan, dagokion jarduera-sektorean izango duena, baita proposamenak herritarrentzat izan ditzakeen onurei eta zama administratiboei buruzkoa ere, eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainetan izan dezakeen eraginari buruzkoa.

e) Gaia eta proposatuko den arauketaren edukia direla-eta bidezko iritzitako izapide eta txostenen zerrenda, adierazita zergatik den eraginkorra, egokia eta beharrezkoa gaiaren berezitasunagatik edo lortu nahi diren xedeengatik nahitaezkoa ez den izapide bakoitza sartzea. Horrez gain, zehaztu egingo da, hala badagokio, xedapenak Europar Batasunaren izapideren bat igaro behar duen edo ez.

f) Xedapenak uki ditzakeen subjektuen eta ordezkaritza-maila handiena duten erakundeen identifikazioa, edota, hala badagokio, herritarren parte-hartzeari dagozkion izapideak ez egitearen justifikazioa, edo legegintza-ekimenak presaz izapidetzea eta entzunaldiaren eta jendaurreko erakustaldiaren izapideak egiteko epea murriztea justifikatzen duten arrazoiena.

g) Testu artikulatuaren itzulpenerako edo idazketa elebidunerako teknika.

h) Instrukzioa egingo duen administrazio-organoa.

i) Urteko araugintza-planean sartuta ez dagoen arau-proposamena bada, justifikatu egin beharko da zergatik den beharrezkoa hura izapidetzea.

2. Prozedura hasteko agindua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da. Behin agindua argitaratuta, sail bakoitzak automatikoki izango du horren berri, ekimenaren egokitasunari buruzko oharrak egin ahal ditzan, hala nahi izanez gero.

3. Eusko Jaurlaritzak, beharrezko diren betekizun eta izapideak hobeto betetzearren, xedapen orokorrak egiteko prozeduraren galdetegiak edo inprimakiak onartu ahal izango ditu.

Hirugarren atala
Instrukzioa

14. artikulua.— Xedapen orokorrak idazteko arauak eta irizpideak

1. Xedapen orokorrak idaztean, prozedura hasteko aginduaren edukiari begiratuko zaio, aintzat hartuta zer arauketa-aukera egokituko zaizkien ondoen lortu nahi diren xedeei —betiere, premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorrita— eta egin nahi den arauketaren zuzentasuna eta legezkotasuna bermatzearren herritarren kontsultaz gain komenigarri iritzitako aurretiko kontsultek izandako emaitzei.

2. Testu juridiko arauemaileetan, lege- edo erregelamendu-proiektua justifikatzen duten zioak eta oinarriak behar bezala azalduko dira.

3. Xedapen orokorra idazteko prozesuan, beharrezko diren azterlan eta txostenak egingo dira; bereziki, arauen gauzagarritasunarekin eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak betetzearekin lotutako kostuaren gainekoak. Hizkuntza ofizialen berdintasuna bermatzeko, neurriak hartu eta prozedurak abiatuko dira.

4. Genero-ikuspegitik arauak izan dezakeen eragina ezagutzeko eta hartan genero-perspektiba barneratzeko aurretiaz egin beharreko lanen kalterik gabe, proiektuaren testua idatzi ondoren generoaren araberako eraginari buruzko txosten bat idatziko da, bertan adierazita araudi-proposamenak emakumeek eta gizonek kolektibo gisa bizi duten egoeran izan lezakeen eragina eta ikuspegi intersekzionaletik emakumeen taldeetan duen eragina —aztertuz arauan proiektatutako jarduerak emakumeen eta gizonen desberdintasunak kentzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko helburu orokorrean ondorio onuragarriak edo kaltegarriak izan ditzakeen— eta, hala badagokio, egoki izan daitezkeen neurri zuzentzaileak, testua idaztean kontuan izandakoak. Horren ondorioz sortutako dokumentua arloko organo eskudunari, Emakunderi, emango zaio, legedian jasotakoa perfekzionatzeko behar den dokumentazioarekin batera.

5. Testua bi hizkuntza ofizialetan idatzi beharko da, bertsio linguistikoen lanketan bi hizkuntzen arteko berdintasuna bermatuz araua idazteko prozesu osoan zehar. Testuak bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du, aldez aurretik onartzeko izapidea egin eta ondorengo instrukzio-fasean izapidetu baino lehen. Era berean, testua hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta inklusiboa eginez idatzi beharko da.

6. Ahalik eta hedapen eta jarraipen handiena izan dezaten, lege honen eranskin gisa argitaratuko dira 1993ko martxoaren 23ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onetsitako xedapen orokorrak egiteko araugintza-teknikaren jarraibideak (apirilaren 6ko Agindua, apirilaren 19ko EHAA, 71. zenbakia), betiere kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak, egoki iritziz gero, jarraibide horiek eguneratu ahal izango dituela galdetegien edo inprimakien bitartez.

15. artikulua.— Aldez aurreko onarpena eta izapidetze-espedientea

1. Xedapen orokorren proiektuak idatzitakoan, prozedura hasteko agindua eman duen organoak aldez aurreko onarpena eman beharko dio dena delako testu artikulatuari, dagozkion negoziazio-, entzunaldi- eta kontsulta-izapideak egin aurretik.

2. Aldez aurreko onarpen-aginduari onartutako testu elebiduna eta artikulu honetan adierazitako gainerako dokumentuak erantsiko zaizkio. Horrela, osatuta geratuko da ondoren bete beharreko izapideen xede izango den espedientea, eta izapideak bideratzeko agindua emango da.

3. Espedientearen instrukzioa egiteko eskumena duen zuzendaritza-zentroak arau-eraginaren azterketari buruzko memoria egingo du, nahitaez. Memoria horretan bildu edo berretsiko da hasiera emateko aginduaren inguruan proposamena egin duen organoaren iritziz azpimarragarria izan daitekeen edozein alderdi, eta, nolanahi ere, honako hauek:

a) Proposamenaren egokitasuna eta arautzeko aztertu diren bestelako irtenbideak. Justifikatuko da zergatik den hobe arau berri bat egitea ezer ez arautzea baino.

b) Edukia eta azterketa juridikoa, aipatuta zuzenbide erkatua eta Europar Batasuneko zuzenbidea, barnean dela araua indarrean jartzen denean indargabetuko diren arauen zerrenda zehatza.

c) Proposatutako araua eskumenak banatzeko ordenara egokitzeari buruzko azterketa.

d) Ekonomian eta aurrekontuan duen eragina. Araua aplikatzeak ukitutako sektore, eragile eta taldeetan izango dituen ondorioak ebaluatuko ditu, baita lehian eta lehiakortasunean duen eragina ere. Gai horiei buruz unean-unean indarrean dauden legeekin bat datorren ere ebaluatuko da.

e) Proposamenak izan ditzakeen karga administratiboak, eta hura betetzeak Administrazioari eta kargei aurre egin behar dietenei ekarriko dien kostua, bereziki aipatuta enpresa txiki eta ertainen gaineko eragina.

f) Generoaren araberako eraginari buruzko txostena, non agerian utzi beharko den 4/2005 Legea betetzeko jarraitu zaien izapide guztien, lortutako emaitzen eta berdintasuna bultzatzeko barneratutako neurrien azalpen zehatz bat.

g) Xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia aztertzen duen txostena, zeinaren bitartez hizkuntza-gaietan indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna baloratuko baita, bestelako organo txostengileei dagozkien zereginei kalterik egin gabe, eta izapidetzen ari den xedapenaren eremu objektiboan euskararen erabileraren normalizaziora zuzendutako neurriak proposatuko baitira.

h) Haur eta nerabeen gaineko eraginari buruzko azterketa, zeinean azalpen zehatz bat emango den egindako izapideei buruz eta, aurreikuspenen arabera, haur eta nerabeen gainean izango duten eraginari buruz. Horrek haurren interes gorenaren printzipioa bete den neurtzeko eta kontrastatzeko balioko du.

i) Izapidearen deskribapena, erreferentzia eginez bideratutako nahitaezko edo aukerako txosten edo irizpenei eta testua egin aurretik herritarrei egindako aurretiazko kontsultaren izapidean jasotako ekarpen nagusien eta entzunaldiaren eta informazio publikoaren eta negoziazio kolektiboaren izapideetan jasotakoen laburpenei. Nolanahi ere, deskribapen horretan jasoko dira haien emaitza eta proiektuaren testuan izan duten isla, baita, kasua denean, haiek alboratzeko arrazoiak edo aurreikusitako gutxieneko epeen murrizketaren justifikazioa ere.

j) Gazteen gaineko eraginari buruzko azterketa, egindako izapideei eta gazteengan izango duten eraginari buruzko azalpen zehatza jasoko duena. Azterketa horrek aukera emango du gazteria-politika integralaren bultzada eta zeharkakotzea neurtu eta egiaztatzeko, honako hauei dagokienez: pertsona gazteei, edozein izaera edo mailatakoei, beren eskubideak erabiltzeko babesa eta erraztasunak ematea; gizartearen garapen politiko, sozial, ekonomiko, jasangarri eta kulturalean aktiboki parte hartzera bultzatzea; eta, haurtzaroan hasitako prozesu etengabe baten bukaera gisa, haien autonomia eta emantzipazioa ahalbidetzeko baldintzak sorraraztea.

k) Irisgarritasunari buruzko azterketa bat, arauak kontenplatzen dituen baliabide teknikoei zein araua bera herritarren irisgarritasun unibertsalerako eskubidean eragin berezia duten alderdietan inplementatzeari dagokienez, kontuan hartuz, bereziki, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak proposatzen dituen elementuak, baita horretatik datozen gainerako arau guztiak ere.

l) Garrantzitsuak izan daitezkeen beste eragin batzuen ebaluazioa, arreta berezia eskainiz ingurumen-arloko eraginari eta klima-aldaketa murrizteko ondorioei eta eragin sozialari, baita proiektua onartzea justifikatzen duten alderdi zuzen eta zeharkako guztiak jasoko dituen kostu-onurei buruzko analisia ere.

m) Horren ex post ebaluazioaren aurreikuspena, adieraziz zer sistematika erabiliko den arauaren aplikazioaren emaitzak ebaluatzeko, eta zein den hori egiteko egokitzat jotzen den entitate edo organoa.

4. Dagokion sailak egoki iritziz gero, espedientearen edukia eta analisi juridikoa txosten juridiko espezifiko batean jasoko dira. Txosten hori prozedura bideratu duen saileko zerbitzu juridikoak egingo du, memorian aipatuko da, eta haren betebeharra izango da geroko izapidetze-prozesuari begira proiektuaren oinarrien defentsa juridikoari eustea, eta oinarritzea edukia legearekin eta zuzenbidearekin bat datorrela eta betetzen direla kasuan-kasuan ezartzen diren araugintza-teknikaren gaineko jarraibideak.

5. Sailak hala iritziz gero, eragin ekonomikoaren arabera, memoria ekonomiko espezifikoa egin ahal izango da. Hura ere memorian aipatuko da, eta, aurretiko onarpena jaso duen testuan izandako aldaketak kontuan hartuta, hasierako aginduan aurreikusitako kostuen balioespenaren balizko zehaztapenak edo desbideratzeak egiaztatuko edo adieraziko ditu, bai eta, orobat, gastuak eta diru-sarrerak zenbatuta, Administrazio Publikoaren aurrekontuetan izango duen eragina, finantzaketarako iturri eta moduak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia- eta araudi-kontrolaren gaineko arauek zehaztutako beste alderdi guztiak ere.

16. artikulua.— Izapideak kontzentratzea eta haien izapidetze telematikoa bultzatzea

1. Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat etorrita, egintza bakar batean erabakiko dira izaera dela-eta batera bultza daitezkeen eta bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak.

2. Zehazki, batera eskatutzat joko dira, epe berean eta bitarteko telematikoz, honako hauek: erregelamendu bidez sartu diren edota funtsezkoak ez diren txostenak, organo espezializatuei edota Administrazio Orokorreko sailei egindako kontsultak eta gaiaren arabera prozedura berezietan eskatutako txostenak edo kontsultak, baldin eta prozedura-arau espezifiko horren arabera ez badira berariaz jarraian edo beste une batean betetzekoak.

3. Izapideak egiteko eginkizuna dutenek egin beharko dituzte izapideak, aurretik eskabidea egin gabe eta soilik espedientea —bere txosten, azterlan eta memoria eta guzti— aintzat hartuta. Izapide guztiak aldi berean egingo dira, eta hilabeteko epe amankomun berean, aurretiaz onartutako xedapenaren testua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratzen denetik hasita. Epe amankomuna hilabete bikoa izango da tramitazioa sustatzen duen sailaren iritziz nolabaiteko konplexutasuna duten lege-aurreproiektuen tramitazioan, eta hori berariaz adierazi behar da prozedura hasteko aginduan.

4. Aipatutako epe amankomuna igarota, funtsezkoak ez diren izapideak ez betetzeak ez du prozedura geldiaraziko, eta ondoko tramiteak aurrera eramango dira horiek gabe, aurreikusitako moduan. Zilegi izango da epetik kanpo emandako txostenak kontuan ez hartzea dagokion ebazpena onartzeko orduan. Nolanahi ere, salbuespenez eta, betiere, organo informatzaileak epe amankomunaren barruan berariaz eta modu argudiatuan eskatu badu, instrukzioaren ardura duen organoak luzapen bat eman ahal izango dio organo horri bere txostena emateko, hasieran emandako epe amankomunaren erdia bestekoa. Luzapen horrek ez du prozedura geldiaraziko.

5. Txostengileak aldez aurretik egindako txostenean adierazi badu arauaren eraginaren memorian zerrenda zehatzean dauden arauetako bat ustez baliogabetuta geratuko dela, aurreko txosten hori eskuratzeko modua identifikatu eta adieraziko da txosten berrian, egiaztapena egin ahal izateko.

17. artikulua.— Entzunaldia eta informazio publikoa eta negoziazio kolektiboa

1. Lege honetan aurreikusitako kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak beti egin behar dira herritarren eskubide edo interes legitimoei zuzenean ukitzen bazaie, eta, betiere, artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-arrazoiren bat ematen ez bada. Edozein kasutan, artikulu honetan araututako parte-hartze publikoa egin beharko da beharrezko neurriak hartuta, ziurtatzeko, batetik, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua, eta, bestetik, arautzekoa den sektorean edo alorrean berdintasuna bultzatzen duten elkarteen parte-hartzea.

2. Interesdunei zuzenean entzunez egingo da entzunaldia, edo, interesdun horiek biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde eta elkarteei entzunez; erakunde eta elkarte horiek legeak onartutakoak izan behar dute, eta haien helburuek lotura zuzena izan behar dute xedapenaren gaiarekin. Dena den, arrazoitu egin beharko da izapide hori betetzeko aukeretan bata edo bestea hartu izana. Aipatutako erakunde edo elkarte horiek organoen bidez edo txosten edo berariazko kontsulten bidez parte hartzen badute araua egiteko prozesuan, ez da beharrezkoa izango interesdunei zuzenean entzunaldia ematea.

3. Entzunaldia, eta, hala badagokio, informazio publikoa, aurreko artikuluan aurreikusitako gainerako izapideekin batera egingo da, epe amankomun berean, aurretiaz onartutako xedapenaren testua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratu ondoren.

4. Lege honen arabera, kasu batzuetan baino ezingo dira alde batera utzi izapide horiek; hauetan, hain zuzen: aurrekontuei eta antolaketari buruzko arauen kasuan, edo hori justifikatzen duten interes publikoko pisuzko arrazoiak badaude, zeinak behar adina arrazoitu beharko diren.

5. Ez dute izapide hori igaro beharko Jaurlaritzaren organoak, karguak eta agintariak arautzen dituzten xedapenek, ez eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren mendeko edo hari atxikitako erakundeen xedapen organikoek ere, non eta ez duten arautzen herritarrek Administrazioaren eginkizunetan edukiko duten parte-hartzea.

6. Artikulu honetan araututako parte-hartze publikoa gauzatzeko, arauaren hartzaile izan daitezkeenek eta arauaren gainean ekarpenak egiten dituztenek aukera izango dute beren iritzi oinarritua emateko, eta, horretarako, errespetatu egin beharko dira legerian aurreikusita dauden gardentasunaren, herritarren parte-hartzearen eta gobernamendu onaren bermeak.

7. Entzunaldi publikoarekin batera, langileen ordezkariekin negoziatu beharko dira —edo kontsulta egin beharko zaie—, dagokion legeriak ezarritako gai-eremuen arabera, lan-baldintzen gaineko eta funtzio publikoaren legeriak zehaztutako gai jakin batzuen gaineko arau-egitasmoak, betiere ez badituzte oinarritzat aurreko negoziazio batean lortutako akordioak. Espedienteari erantsiko zaizkio betekizun hori betetzeko egin diren bilkuren aktak.

18. artikulua.— Beste administrazio batzuek parte hartzea edo haiei kontsulta egitea

1. Xedapenaren testua aurretiaz onartzen dela argitaratzen denetik hilabeteko epe amankomun beraren barruan, xedapen orokorrak egiteko prozeduran parte hartzeko aukera emango zaie egitekoa den arauketak zuzen-zuzenki eragiten dien Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioei.

2. Parte-hartzea mailakatu egingo da, eta egitekoa den xedapenak gainerako administrazioen eskumen eta jarduketetan duen eraginaren arabera gauzatuko da. Betiere, egitasmoaren testua helarazi beharko zaie, eta parte-hartzea alegazioak aurkezteko epe bat irekita ere gauzatu ahal izango da, edo txostenak emanez.

3. Kontsulta-organoetan parte hartze hutsak edo gai jakin batean aholku teknikoa emateak ezin du kontsultaren izapidea ordezkatu, non eta horrelako parte-hartzearen funtsa ez den, hain zuzen ere, bakoitzaren eskumen eta interesak babestea, edo non eta organo horiek esku hartuta ez den parte-hartze hori zinez gauzatzen.

19. artikulua.— Nahitaezko eta funtsezkoak diren txosten eta irizpenak

1. Aurreko artikuluetan aurreikusitako izapideen arabera espedientea osatu ondoren, bitarteko elektronikoak erabilita eskatu eta beteko dira 20, 21, 22, 23 eta 25. artikuluetan jasotako nahitaezko eta funtsezko txosten eta irizpenak, lege honek eta haiek arautzen dituzten xedapenek zehaztutako kasuetan, moduan eta epean.

2. Horretarako, xedapenaren testu artikulatu berri bat idatzi ahal izango da, zeinak une horretara arte egindako instrukzioko izapideen arabera egoki iritzitako aldaketak bilduko baititu eta aldez aurreko onarpen-agindua osatu zuen testutik bereizi beharko baita. Nolanahi ere, aurretik emandako testu juridiko artikulatu guztiak ezingo dira espedientetik ezabatu, gainerako dokumentazioarekin batera jasota geratu beharko baitira espedientean.

3. Errekerimendua egiten denetik, funtsezkoak diren nahitaezko txostenak eta irizpenak egiteko gehieneko epe bat egongo da, luzaezina. Dena den, eman ahal izango dira epez kanpo, eta espedienteari erantsi, baldin eta eskuragarri badaude espedientea onartu behar duen organo eskudunari onartzeko aurkeztu aurretik. Horrelakorik gertatuz gero, baina, justifikatuta legoke nahitaezko txosten eta irizpen horiek kontuan ez hartzea prozedura bultzatzeko ebazpena edo xedapen-proiektuaren azken onespenari buruzko ebazpena ematerakoan.

20. artikulua.— Lan Harremanen Kontseiluaren eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen nahitaezko txostenak

Lan Harremanen Kontseiluaren eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen nahitaezko txostenak funtsezkoak dira haiek arautzen dituzten xedapen espezifikoen arabera jarduten badute. Instrukzioaren espedientea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan emango dira, funtsezkoak ez diren izapideak betetzeko hilabeteko aldibereko epea bete ondoren.

21. artikulua.— Tokiko Gobernuen Batzordearen nahitaezko txostena

1. Tokiko Gobernuen Batzordearen nahitaezko txostena funtsezkoa da udalerrien berezko eskumenak ukitzen dituzten xedapen orokor arauemaileak egiteko prozeduretan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 90 eta 91. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

2. Txosten hori ez da entzunaldi-izapidea edo beste administrazio batzuei kontsulta egiteko izapidea; aitzitik, xedapen orokorraren sustatzaileak eskatuko du espedientea amaitu ondoren. Txosten-eskabideari espedientea eta izapidea egin ahal izateko beharrezkoa den alderdi ekonomikoei eta eskumenei buruzko dokumentazioa erantsiko zaizkio. Txosten hori instrukzio-espedientea amaitu ondorengo hilabetearen barruan emango da, funtsezkoak ez diren izapideak betetzeko aldibereko hilabeteko epea bete denean.

3. Tokiko Gobernuen Batzordearen txostenak udalerrien finantza-nahikotasuna ziurtatzeko behar den baliabide-hornidurari buruzko eranskin bat izango du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4. Eusko Jaurlaritzan edo dagokion foru-aldundian ogasun-arloko eskumena duen sailaren txostena ere aurkeztu beharko da, hala badagokio, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 112. artikuluan adierazten denarekin bat etorriz.

Txosten hori egiteko epeak eta hura egiteko modu zehatza lege horretan aurreikusitakora egokituko dira.

22. artikulua.— Legezkotasunari buruzko nahitaezko txostena

Euskadiko Aholku Batzordeak ez badu irizpena eman behar, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari egitea dagokion legezkotasunari buruzko nahitaezko txostena eskatu eta gauzatuko da, bitarteko elektronikoak erabilita, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeari buruzko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak aurreikusitakoarekin bat etorrita eta aurreko izapideak egin ondoren.

23. artikulua.— Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren nahitaezko txostena

Ekonomia- eta arau-kontrola bitarteko elektronikoak erabilita eskatu eta gauzatuko da, dagokion nahitaezko kontrol-txostena emanda, eta, hain justu, urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako unean eta moduan.

Laugarren atala
Amaitu eta onartzea

24. artikulua.— Espedientea eta memoria

1. Amaierako espedientea dokumentu hauek osatuko dute: hasteko agindua; proiektua aldez aurretik onartzeko agindua, testua eta guzti; arauaren eraginari buruzko memoria; egindako azterlanak eta kontsultak; eta nahitaezko txostenak eta irizpenak. Azken horiei atxikiko zaizkie, argi identifikatuta, izapidetzean zehar idatzi diren xedapenaren testu artikulatu guztiak, bakoitza zein unetan idatzitakoa den zehaztuta.

2. Orobat, prozedura osoaren memoria labur bat erantsiko zaio espedienteari, eta, hor, hauek guztiak zehaztuko dira: aurrekariak, egindako izapideak, izapideen emaitzak eta egindako txostenen ohar eta iradokizunei egokitzearren —batez ere nahitaezko txostenetan egindakoei— proiektuaren testuan sartutako aldaketak. Behar besteko zehaztasunez arrazoituko da zergatik ez diren onartu txosten horietan egindako oharrak, eta zehatz-mehatz arrazoituko da, orobat, azkenean erabakitako testua bat datorrela antolamendu juridikoarekin.

3. Memoria labur horrek aztertuko du, halaber, ekimena kongruentea den ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Europar Batasuneko gainerako ordenamendu juridikoarekin, Eusko Jaurlaritzako sailetan egiten ari diren beste batzuekin edo, urteko araugintza-planaren arabera, etorkizunean egingo direnekin, bai eta Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari direnekin ere. Aztertuko du, halaber, arau berrian beste arau batzuen indargabetze espresua sartu behar den, bai eta arlo berean dagoeneko badauden beste arau batzuk bateratu behar diren ere.

4. Espedientean bildutako izapideak eta kanpoko parte-hartzea egon ahal izango dira dokumentatuta formulatu diren hizkuntza ofizialean bakarrik. Hortaz, barne-izapide guztiek ez dute zertan hizkuntza bietan egon, ez Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen edo beste era batera bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzitako dokumentuak itzuli gabe onartzera behartuta dagoen edozein organo edo erakunde publikori aurkezteko edo bidaltzeko, ez eta gardentasunaren ondorioetarako jatorrizko dokumentuak aktiboki argitaratzeko ere, betiere informazio publikoa eskuratzearekin lotutako legediarekin bat etorrita, ordezkari publikoek eta herritarrek gai horretan dituzten eskubideak bazter utzi gabe.

25. artikulua.— Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena eta Eusko Legebiltzarrera bidali beharreko dokumentazioa

1. Espedientea puntu honetara arte izapidetu denean eskatuko da soilik Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena, batzorde horren legeak araututakoarekin bat etorrita. Behin irizpena eskatuta, Batzordeak hautemango balu akatsen bat dagoela izapideetan edo nahitaezko txostenen bat falta dela, batzorde hori arautzeko legean eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, Batzordeak irizpena eman ahal izango luke, edo espedientea itzuli, behar bezala izapidetua izan dadin irizpena eman aurretik.

2. Aholku Batzorde Juridikora bidaltzen den dokumentazio bera helaraziko zaio Eusko Legebiltzarrari, hala baitago xedatuta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean.

26. artikulua.— Prozedura artxibatzea

Izapidearen edozein fasetan eta egindako izapideetako edozeinen ondorioz komenigarritzat jotzen bada aukera ez-erregulatzailea, gaiaren arabera eskumena duen saileko titularrak edo, kasuan-kasuan, arauak eragiten dien sailetako titularrek batera emandako agindu bidez, artxibatu egingo da espedientea, horretarako arrazoiak emanez.

27. artikulua.— Amaierako onarpena

1. Ezarritako prozedura amaitutakoan, xedapen orokorra organo eskudunari aurkeztuko zaio onar dezan, eta harekin batera behin betiko zioen adierazpena, edota hitzaurrea, kasuan-kasuan, xedapen hori egiteko zioak eta haren helburua labur-labur adieraziz, araua egiteko espedientea oinarri hartuta.

2. Goian aipatutako zioen adierazpenean edo hitzaurrean, modu berezian arrazoitu beharko dira izaera zehatzaileko manuak, eskubide subjektiboak edo interes legitimoak mugatzen dituztenak, atzeraeragineko ondoreak ezartzen dituztenak eta aurreko jardunetan erabilitako irizpideetatik edo organo aholku-emaileek emandako irizpenetatik aldentzen direnak; eta, orobat, arrazoitu beharko da xedapena premiaren, efikaziaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioetara egokituta dagoela.

3. Behin betiko onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren euskarazko eta gaztelaniazko testu artikulatuen zehaztasuna eta baliokidetasuna bermatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak ziurtagiri bat jaulkiko du argitaratu aurretik, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak zehatzak eta baliokideak direla egiaztatzeko.

28. artikulua.— Indarrean jartzeko xedapenak

Kode Zibilaren 2.1 artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe, legeak edo erregelamenduak indarrean jartzeko xedapenek, haiek onartzea edo proposatzea Gobernuari edo Gobernuko kideei dagokienean eta, betiere, jarduera ekonomiko edo profesional bat egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei karga edo betebehar berriak ezartzen badizkie jarduera horretan aritzeak, aurreikusiko dute xedapen horiek onartu eta hurrengo urtarrilaren 2an edo uztailaren 1ean jarriko direla indarrean.

29. artikulua.— Publikotasuna eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea

1. Xedapen orokor arauemaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, bi hizkuntza ofizialetan, indarrean jarri eta ondorio juridikoak izateko. Argitalpen hori benetakoa eta ofiziala izango da, erregelamenduz ezarritako bermeen eta baldintzen arabera, eta argitaratze horrek Kode Zibilaren atariko tituluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako ondorioak izango ditu.

2. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dagokionean argitaratzeaz gain, lege honetan aurreikusita dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere argitaratzea, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen eta lankidetzaren ataria den aldetik, eta informazioa lortzeko eta izapideetarako gune segurua den aldetik. Horrela, herritarrei gonbidapena egingo zaie argitaratutako informazioari buruzko iritzia eman dezaten. Argitalpen hori bi hizkuntza ofizialetan egingo da.

3. Horrez gain, aukerako moduan, argitaratzeko beste bide osagarri batzuk ezarri ahal izango dira, lege honetan edo beste batzuetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, barne hartuta Administrazioaren edozein web-orri edo Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskaintzen dizkien gobernu irekiaren plataformako web-orriak, non aldibereko elkarrekintza posible izango den. Argitalpen horietan guztietan euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko dira edukiak, hizkuntzen berdintasuna bermatuz eta hizkuntza-eskubideak zainduz.

4. Arauak hobeto ezagutu eta zuzenki aplika daitezen bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez, eta indarrean dagoen xedapen bat zati batean aldatzen duen beste bat indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, indarrean diren xedapenen testu eguneratuak eta kontsolidatuak argitaratuko ditu, eta une horretara arte izan dituzten aldaketak zehaztuko dira bertan.

5. Testu kontsolidatu horietan, zehaztuko da zein arau diren izan dituzten aldaketa eta indargabetzeen arrazoi, eta, lineako bertsioan, arau aldatzailerako esteka jarriko da. Orobat, adieraziko da web-orrian argitaratutako testu kontsolidatu bakoitza zer datatan egin zen eta zer datatara arte dagoen eguneratua.

6. Argitaratze hori egiteko, bitarteko teknikoek aukera ematen duten neurrian, euskarri informatikoak eta arauen aplikazio-eremuan hedapenik handiena eragin dezaketen telematika-sareak erabiliko dira.

30. artikulua.— Lege-aurreproiektuak onartzea

1. Lege-aurreproiektuak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, azter ditzan; aztertzen dituen bilkuran bertan erabakiko du haiek behin betiko onartuko dituen, eta, hala bada, lege-proiektu gisa Legebiltzarrera igortzea; edo, bestela, azken idazketa egiteko kontuan hartu beharko diren irizpideak ezarriko ditu, bai eta, hala balegokio, behin betiko onartu bitarteko bidean egin beharreko jarduketak ere.

2. Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den lege-proiektua iraungi egiten bada Legebiltzarra desegin delako edo agintaldia amaitu delako, Gobernuari itzultzen bazaio edo Gobernuak erretiratu egiten badu, kasu horietan, gaiaren arabera eskumena duen saileko titularrak, egindako izapideak errepikatu beharrik gabe, berriz ere aurkeztu ahal izango dio lege-proiektua Gobernu Kontseiluari, azter dezan; baina, betiere, oraingo testua eta aurretik izapidetu eta onartua izan zena funtsean berdinak badira eta hura onartzeko eman ziren izatezko eta zuzenbidezko inguruabarrak ez badira funtsean aldatu, edota, kontuan hartuta zenbat denbora igaro den, gomendagarria bada izapide horietakoren bat berrestea eta ondorioak egiaztatzea.

Xedapen gehigarria

Lege honetan aurreikusitako prozeduran sartzen dira Europar Batasuneko zuzenbideak eskatuta Batasuneko organoek edo organoetan egin beharreko izapideak. Izapide horiek arautzen dituzten arauetan egongo da ezarrita zer unetan egin behar diren izapide horiek, zer modutan egin behar diren eta zer ondorio eragingo dituzten.

Xedapen iragankorra

Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak lehengo araudiaren arabera izapidetuko dira amaitu arte.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetuta geratzen dira abenduaren 22ko 8/2003 Legea, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena, eta lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren bestelako xedapenak.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea aldatzea

Aztertutako proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan nolako eragina duten eta hizkuntza-arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko ageriko beharrari jarraikiz, idazkera berria ematen zaio Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 8. artikuluaren lehenengo atalari, eta honela idatzita geratu da:

«1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek emandako xedapen arauemaile zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofiziala egiteko. Eusko Jaurlaritzan prestatzen diren xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia txertatzeko, nahitaezko aholkularitza-txosten bat eman behar da, eta, haren bitartez, izapidetzen ari den xedapenaren eremu objektiboan euskararen erabilera normalizatzera zuzendutako neurriak proposatuko dira. Halaber, hizkuntza-gaietan indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna baloratuko da, bestelako organo txostengileei dagozkien zereginei kalterik egin gabe».

Azken xedapenetako bigarrena.— Oinarri-legea, eta Gobernuari eskuordetza ematea lege jakinen euskarazko bertsioa eguneratu eta harmonizatzeko

1. Eskuordetza ematen zaio Gobernuari ondoren aipatzen diren legeen euskarazko bertsioa eguneratu, erregularizatu, argitu eta harmonizatzen dituzten legezko testuak onar ditzan lege hau indarrean jarri eta urtebete baino gehiagokoa ez den epe batean eta ekainaren 30eko 7/1981 Gobernu Legearen 52.3 artikuluaren arabera:

— 1/1980 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzari buruzkoa.

— 16/1983 Legea, uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen araubide juridikoari buruzkoa.

— 8/1983 Legea, apirilaren 14koa, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzkoa.

— 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.

— 2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzkoa.

— 4/1997 Legea, maiatzaren 30ekoa, Mondragon Unibertsitatea aitortzen duena.

2. Kasu honetan, erregularizatze- eta harmonizatze-lanak lege horien euskarazko bertsioak erabiltzen dituen terminologia eta hizkera teknikoa eguneratzera eta egokitzera mugatuko dira, gaztelaniazko bertsioaren letra eta edukia modu osoan errespetatuz, eta halako moldez, non egingo den testu elebiduna xedapenaren jatorrizko zentzuari modu hertsian lotuko baitzaio, hura aldatu gabe, hizkuntz bertsio bien arteko baliokidetasun zorrotzena osoki errespetatuta.

3. Erregularizatze- eta harmonizatze-lanak euskara tekniko-juridikoaren arloan ohikoak diren printzipio eta irizpenei jarraituz egikarituko dira, eta testu juridikoen hizkuntz bertsio bien baliokidetasun zorrotzena bermatzea ahalbidetzen dutenekin bat, dagokion aholkularitza espezializatuaren bidez; eta, horretarako, testu bateginaren gaineko iritzia eskatuko zaio Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari.

4. Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak, hitzarmen bidez, legeak eta testu kontsolidatuak argitaratzeko gune digital partekatu bat ezarri ahal izango dute, non legearen aldaketen bertsio guztien berri emango den, bi hizkuntza ofizialetan, eta indargabetua dagoen ala ez adieraziko den. Halaber, egoki deritzoten gainerako informazio juridiko guztia adierazi ahal izango da.

Azken xedapenetako hirugarrena.— Indarrean jartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.


8.2.79. 7/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Landa-Ingurunearen Garapenarena[597]

ZIOEN ADIERAZPENA

[…]

3. artikuluan landa-garapeneko politikek eta jarduketek bete beharko dituzten printzipioak ezartzen dira. Printzipio horiek esparru honetan politikak eta jarduketak gidatu behar dituzten balioak dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko aukera-berdintasuna, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, landa-eremuko emakumeen ahalduntzearen sustapena, euskal landa-ingurunearen paisaiaren eta biodibertsitatearen zainketa, baita kultura-identitatearen ere, eta landa-eremu guztietan euskararen erabilerari eman beharreko bultzada.

[…]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Definizioak

Lege honen xederako, honela ulertzen dira honako hauek:

g) Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektorearen funtzio-aniztasuna: nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreak gizarteari egindako ekarpenen multzoa. Merkatuetara bideratutako elikagai eta lehengaiez gain, beste ondasun eta zerbitzu publiko edo kanpo-efektu batzuk ere badira, merkatuek ordaintzen ez dituztenak. Nekazaritza- eta basogintza-sektoreak sortutako ondasun publiko edo kanpo-efektu positiboen artean honako hauek nabarmendu ahal dira:

iv) Lurraldearen eta bere landa-eremuaren arteko identifikazio soziala: gastronomia, tradizioak, paisaia, kulturaren sostengua (besteak beste euskara kontserbatzea).

3. artikulua.— Landa-garapenaren printzipio gidariak

Landa-garapenak helburu izan beharko du landa-ingurunearen jasangarritasuna eta funtzio-aniztasuna lortzea, lurralde-ikuspegi justu, orekatu eta jasangarri batetik; horretarako, landa-garapenaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arloetako dimentsioetan hainbat printzipio txertatuko ditu, besteak beste, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, landa-eremuko emakumeen ahalduntzea, biodibertsitatea mantentzea, paisaiaren eta euskal landa-ingurunearen kultura-identitatearen zainketa, eta landa-eremu guztietan euskararen erabilerari eman beharreko bultzada.

6. artikulua.— Landa-inguruneko politika instituzionalen helburu sektorialak

3. Honako hauek dira helburu sektorialak:

G) Hezkuntzaren, kirolaren eta kulturaren arloan.

VI) Landa-eremuetako natura-, historia-, kultura- eta paisaia-ondarea berreskuratzea, kontserbatzea, garatzea eta zabaltzea, euskararen erabilera eta sustapena zeharka bultzatuz.

J) Berrikuntzaren arloan.

II) Gaikuntzarako, prestakuntzarako eta trebetasunen garapenerako tresnak eskura jartzea, landa-inguruneko eragileek berrikuntza baliatu ahal izan dezaten eta berrikuntza-prozesuetan gaitasun proaktiboa eduki dezaten. Horrekin batera, prestakuntza hori euskaraz jasotzeko eskubidea bermatuko da.

II. KAPITULUA
Zonakatzea eta plangintza-tresnak

10. artikulua.— Landa-garapeneko eskualdeko programak

6. Behetik gorako parte-hartzea ahalbidetzeko diseinatutako metodologia bat baliatuko da («bottom-up»), eskualdean ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan ordezkaritza handiena duten eragileek parte har dezaten. Metodologia hori Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak adostu eta baliozkotuko du, aldez aurretik Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluari kontsulta eginda, eta herritarrek parte hartzean euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatuko du.


8.2.80. 8/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa[598]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Gizarte garatuetan, eta halakoa da euskal gizartea, ausarki zeharkako jardute-eremu bat bilakatu behar dute jada jarduera fisikoak eta kirolak; hau da, kirola ez dute sail espezifiko batzuek bakarrik landu behar, gobernuaren ekintza osoak baizik. Izan ere, kirolak eragina du osasunean, hezkuntzan, lan-merkatuan, kontsumitzaile eta erabiltzaileengan, euskararen erabileran, ingurune naturalean eta abarretan.

[…]

Araugintza-ekimena gauzatzean, botere publikoek printzipio hauen arabera jardun behar dute: premia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, irisgarritasuna, aukera-berdintasuna, inklusioa, hizkuntza-eskubideen bermea, sinpletasuna eta eraginkortasuna. Hori dela eta, premia- eta proportzionaltasun-printzipioak errespetatuz, legeak jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbide jakin batzuk baino ez ditu arautzen, eta ez guztiak. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko beste lanbide batzuk arautu gabe uztea erabaki da, esaterako, kirol-epaileen edo kirolarien agenteen lanbideak. Izan ere, zerbitzu horiek ematen dituzten lanbideek ez dute zuzenean eragiten ondasun juridikorik nabarmenenetan, hau da, ez dute eragiten zerbitzu profesional horien hartzaile diren hirugarren pertsonen osasun eta segurtasunean.

[…]

Bestalde, herritarrek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidearen bermea bultzatuko da Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan ezartzen den euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunarekin bat eginez eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean xedatutakoari jarraituz.

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

5. artikulua.— Hizkuntza-eskubideak eta euskararen normalizazioa jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan

1. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu hartuta eta zerbitzua euskaraz emango dela ziurtatzeko, lege hau indarrean sartu eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan lehen aldiz sartzeko herri-administrazioek ematen dituzten zerbitzu publikoen esparruan, gutxienez B2 hizkuntza-gaitasun maila ere egiaztatu beharko da, funtzio publikoaren araudian beste gaitasun-mailarik ezartzen ez denean eta dagozkion indize soziolinguistikoek hala eskatzen dutenean, nahitaez bete beharreko indarrean dagoen araudiari jarraiki.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean hizkuntza-politikaren eskumena duen organoak, kirol-arloko eskumena duen zuzendaritzarekin lankidetzan, lau urteko plan bat prestatu eta abiarazi beharko du kirol-prestakuntza eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideak euskalduntzeko, bai sektore publikoan bai sektore pribatuan, eta bere aurrekontuetan jasoko du.

3. Era berean, lege honen arau-garapenean lege honetan adierazten diren hizkuntza-eskubideak bermatzeko beste neurri batzuk jasoko dira.

II. TITULUA
Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzea eta jardutea

12. artikulua.— Elkargoko kide egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroan izena ematea

1. Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroa sortzen da, zeina publikoa izango baita, kirolaren arloko eskumena duen sailari atxikita geldituko baita eta, horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak ahalik eta ondoen defendatze aldera, ondorengo apartatuetan adierazitako informazioa emango baitu, euskaraz eta gaztelaniaz, modu argi, doako eta elektronikoki eskuragarrian.

Erregelamendu bidez ezarri beharko dira erregistroaren egitura, zereginak eta publizitate- eta funtzionamendu-araubidea.

14. artikulua.— Lanbide-jardueraren betebeharrak

Profesionalek, lege honek xede dituen jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jardutean, betebehar hauek izango dituzte:

l) Legez aitortutako hizkuntza-eskubideak benetan egikaritzeko baldintzak bermatzea.

18. artikulua.— Plataforma birtualen bidezko edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko lanbide-jardueraren

5. Euskararen erabilera bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden kirol-zentro edo -erakundeek erabiltzen dituzten web-orrietan, aplikazioetan eta gainerako informazioaren eta komunikazioaren teknologietan.

Lehenengo xedapen gehigarria.— Euskararen erabileraren normalizazioa

Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailak bermatuko du prestakuntza-ekintzak euskaraz eta gaztelaniaz egin ahal izatea, bai eta euskararen erabileraren normalizazioa ere, arau honen xede den jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideen jardunaren eremuan, batez ere haurrei eta gazteei dagokienez.

Seigarren xedapen iragankorra.— Hizkuntza-normalizazioa

Lege hau indarrean sartzen denean herri-administrazioek emandako zerbitzu publikoen esparruan jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan dihardutenek, gutxienez B2 hizkuntza-gaitasunaren maila egiaztatu beharko dute 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, beste hizkuntza-gaitasunik xedatu ez den eremuetan.

Xedapen honetan ezarritako epea bete eta bi urtera arte, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programak ezarriko ditu lege honek eragindako pertsonei euskararen doako irakaskuntza bermatzeko, eta euskara-ikastaroetan izena emanda dutenei ikastaro horiek amaitu arte luzatuko zaie epea.


8.2.81. 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena[599]

ZIOEN AZALPENA

[…]

XV. Legearen XIII. tituluak gai inportantea jorratzen du: hizkuntza-normalizazioa euskal enplegu publikoan. Gai honetan, aurreko legegileak bere garaian ezarri zituen printzipio eta adierazpenei jarraitu zaie legea, baina bere xedapenak arau-testuinguru berrira egokituta, orobat indarrean dagoen oinarrizko legeriaren ondoriozko exijentzietara.

Euskal administrazio publikoen apustua jasotzen du legeak: zerbitzuak euskaraz eman eta eginkizunak euskaraz garatuko dituen administrazioa eratzea, gaztelaniaz egiten duen bezala. Alor honetan, aurrerapenak egon dira administrazio publikoetan, zalantzarik gabe, gobernu-maila guztietan. Hala ere, bide luzea egin behar da oraindik, kasu batzuetan, eta lege honen asmoa da bere garaian hasitako ahaleginari ekitea: euskal herritarrei Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan zerbitzatzea, berdin-berdin.

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Printzipio eratzaileak

2. Printzipio hauek izango ditu arau euskal enplegu publikoak:

e) Konpromisoa euskararen erabileraren hizkuntza-normalizazioarekin.

7. artikulua.— Aplikazio-eremu espezifikoa

Euskal sektore publikoko entitateetan zerbitzuak ematen dituzten langileei, baldin eta euskal administrazio publikoek zuzenean edo zeharka jartzen badute entitate horien kapitalaren ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, hauek aplikatuko zaizkie: 70. artikuluan jasotako iriste-printzipioak; betebeharrak eta jokabide-kodea; goi-zuzendaritza-kide lan-kontratudunei buruzko araubide juridikoa; 45., 46., 47., 52. eta 54. artikuluetan euskal enplegu publikoa antolatzeko aurreikusitako tresnak eta lege honen XIII. titulua, hizkuntza-normalizazioari buruz.

I. TITULUA
Euskal enplegu publikoaren organoak eta haien eskumenak

II. KAPITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta instituzionaleko enplegu publikoaren organoak eta haien eskumenak

Lehenengo atala
Goi-organoak

17. artikulua.— Eusko Jaurlaritza

2. Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren eskumenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta instituzionaleko enplegu publikoaren goi-organo den aldetik:

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan hizkuntza normalizatzeko eta euskara sustatzeko neurriak ezartzen eta betetzen direla gainbegiratzea.

Bigarren atala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta instituzionalean enplegu publikoaren eskumena duten beste organo batzuk

22. artikulua.— Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

2. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eskumen hauek ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako enplegatu publikoei dagokienez:

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zerbitzuko langileen lanposturako prestakuntza, barne direla hizkuntza-prestakuntza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza, LGTBI gaiei buruzko prestakuntza eta karrera profesionalerako prestakuntza.

3. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eskumen hauek ditu euskal administrazio publiko guztietako enplegatu publikoei dagokienez:

a) Euskal administrazio publiko guztietako langileen hizkuntza-eskakizunen egiaztapenaz arduratzea, lege honetan ezarritakoaren arabera. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dagokien langileen ordezkaritzari emango dio hizkuntza-eskakizunen egiaztapenaren berri.

g) Hitzarmenak sinatzea beste euskal administrazio publiko batzuekin, administrazio horiei eskuratze aldera Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskumen-eremuko prestazioak eta zerbitzuak; bereziki, alor hauek aintzat hartuta: enplegatu publikoen prestakuntza, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea eta zuzendaritza-kide publiko profesionalen konpetentziak egiaztatzea.

III. TITULUA
Zuzendaritza-funtzioa eta zuzendaritza-kide profesionalen estatutua euskal administrazio publikoetan

I. KAPITULUA
Zuzendaritza publiko profesionala. Antolamendua

36. artikulua.— Zuzendaritza-izaerako lanpostuak antolatzeko tresnak

2. Hartara, zuzendaritza-lanpostuak antolatzeko tresna horretan gutxienez datu hauek jaso beharko dira espresuki:

e) Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data.

IV. TITULUA
Enplegu publikoaren antolamendua eta egitura

I. KAPITULUA
Enplegu publikoaren antolamendua euskal sektore publikoan

Lehenengo atala
Euskal administrazio publikoetako enplegu publikoa antolatzeko tresnak

46. artikulua.— Lanpostu-zerrenden edukia

1. Lanpostu-zerrendek datuok adieraziko dituzte, nahitaez, lanpostu bakoitzeko:

g) Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data.

V. TITULUA
Enplegatu publikoaren izaera eskuratzea eta galtzea

II. KAPITULUA
Euskal sektore publikoan enplegura iristeko printzipioak eta betekizunak

70. artikulua.— Euskal sektore publikoan enplegura iristeko printzipio gidariak

2. Euskal administrazio publikoek eta haien sektore publikoa osatzen duten entitateek beren funtzionarioak eta langile lan-kontratudunak hautatzeko erabiliko dituzten prozeduretan, artikulu honen 1. apartatuak ezarritakoaren arabera garatzeaz gain, printzipio hauek errespetatuko dituzte beti:

i) Hautaketa-prozesuan hizkuntza ofizialetatik edozein erabili ahal izateko bermea.

71. artikulua.— Euskal enplegu publikora iristeko betekizunak

2. Euskal administrazio publikoek deialdi bakoitzean jakinaraziko dute zenbat lanpostu-dotaziok duen nahitaezko hizkuntza-eskakizuna, lanpostu-zerrendetan edo antzeko tresnetan ezarritakoarekin bat etorriz. Nahitaezko hizkuntza-eskakizuna dutenetara iristeko, beraz, nahitaezkoa izango da egiaztatzea deitutako lanpostuan jarduteko behar besteko hizkuntza-konpetentzia. Deialdien oinarrietan argituko da zenbat plazari bete zaion hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data, eta gainerako plazetan merezimendutzat baloratuko da euskara jakitea.

4. Behin hautaketa-prozesua amaituta, destinoak esleituko zaizkie exijitutako betekizunak —hizkuntza-eskakizuna barne, nahitaezkoa balitz— betetzen dituzten izangaiei; esleitu ere, izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren eta adierazitako lehentasunen arabera. Destino jakin batzuetara sartzeko exijitzen diren betekizunak betetzeak inola ere ez du murriztuko izangaiak berak egiaztatutako betekizunen bat exijitzen ez duten beste postu batzuk aukeratzeko duen eskubidea.

72. artikulua.— Beste estatu batzuetako nazionalak enplegu publikora iristea

5. Artikulu honetan ezarritakoa gorabehera, interes orokorreko arrazoiak direla eta, Eusko Legebiltzarraren lege bidez ezar daiteke ez dagoela zertan bete nazionalitatearen betekizuna euskal administrazio publikoen jarduera-esparru edo -sektore jakin batzuetako funtzionario izateko.

Zehazki, premia objektiboak aintzat hartuta, hautaketa-probetarako deialdietan ezar daiteke ez dagoela zertan bete 71. artikuluan xedatutako nazionalitatearen betekizuna honako eremu eta sektore hauetan:

c) Ertzaintzako eta udaltzaingoko plaza batzuk, hots, hornitzeko beharrezko dutenak lurraldean bereziki errotuta dauden immigrazio-sektoreen hizkuntzak eta kultura ezagutzea.

VI. TITULUA
Euskal sektore publikoko enplegatuen hautaketa eta prestakuntza

I. KAPITULUA
Euskal sektore publikoko enplegatuak hautatzeko prozesuak eta sistemak

79. artikulua.— Deialdiaren oinarriak

1. Hauek sartu behar dira hautaketa-prozesuetako deialdi-oinarrietan:

e) Deitutako plazen hizkuntza-eskakizuna, argi adierazita zenbat plazatarako exijitzen den hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea plaza horietara iristeko, bat etorrita dagokion lanpostu-zerrendak horri buruz esandakoarekin.

80. artikulua.— Hautaketa-tresnak

2. Hautaketa-probak garatzeko, euskal administrazio publikoek hautaketa-tresna hauek erabili ahal izango dituzte, besteak beste:

f) Atzerriko hizkuntzak menderatzen direla egiaztatzea, akreditazio-sistemak erabiliz edo horretarako probak eginez.

l) Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak.

3. Hizkuntza-politikaren eskumena duen organoak arautuko ditu lege hau garatuz ezar daitezkeen egiaztatze-sistemak, hizkuntza-eskakizunei buruzkoak.

Egiaztatze-sistemen artean, ezar daiteke izangaiek badutela Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozein aukeratzea artikulu honetan aipatzen diren hautaketa-probak egiteko. Dagokion baliokidetze-araubidea erregelamendu-bidez ezartzen den heinean, 190. artikuluak dioenaren arabera, hautaketa-probak hizkuntza ofizial bat komunikazio-hizkuntzatzat erabilita gainditzea hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-konpetentzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko sistematzat hartuko da.

VIII. TITULUA
Lanpostuak hornitzea eta mugigarritasuna

II. KAPITULUA
Lehiaketa

100. artikulua.— Lehiaketen balorazioa eta arau osagarriak

1. Lanpostuak hornitzeko lehiaketetan, bereziki baloratuko da izangaiaren konpetentziak noraino egokitzen zaizkion lanpostuaren profil funtzionalari. Edonola ere, hauek baloratuko dira:

e) Euskararen ezagutza-maila egiaztatua, euskara jakitea bete beharreko betekizuna ez bada.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitakoa hargatik eragotzi gabe, hauek ere balora daitezke lanpostuak hornitzeko lehiaketetan: hizkuntzak jakitea, irakaskuntza eta ikerketa, proiektu eta batzordeetan parte hartu izana, prestakuntza eta Administrazioaren plan estrategikoen barruko beste jarduera batzuk.

XII. TITULUA
Diziplina-araubidea

II. KAPITULUA
Diziplinako arau-hausteak

178. artikulua.— Falta oso astunak

Falta oso astun dira:

b) Diskriminazioa dakarren edozein ekintza. Diskriminazioaren arrazoi izango dira arraza edo etnia, erlijioa edo uste sendoak, desgaitasuna, adina, orientazio sexuala, hizkuntza, iritzia, jaioleku edo bizilekua, sexua edo beste edozein arrazoi pertsonal edo sozial.

XIII. TITULUA
Hizkuntza-normalizazioa

187. artikulua.— Hizkuntza-eskakizunak eta euskararen erabilera normalizatzeko planak

1. Euskara eta gaztelania dira euskal administrazio publikoetako hizkuntza ofizialak, eta administrazio horiek bermatu beharko dute bi hizkuntzok erabiltzea beren barneko zein kanpoko harremanetan.

2. Euskal administrazio publikoek saiatu behar dute beren zerbitzuko langileek hizkuntza-gaikuntza egokia izan dezaten eta euskara erabil dezaten euren jarduera-eremuan, eta, horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte.

3. Horretarako, euskal administrazio publikoek, haien mendeko instituzio eta organismoek, Eusko Jaurlaritzak berariaz ezarritako irizpideei jarraituz, hizkuntza-plangintzarako tresnak onartuko dituzte, bakoitzak berea, eta bertan finkatuko dituzte plangintzaldi bakoitzerako lortu nahi diren helburuak, hartu behar diren neurriak eta jarri behar diren bideak.

4. Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak nahitaezko txosten bat egingo du, planaren onarpenaren aurretik, lege honen aplikazio-eremuaren barruko entitate bakoitzaren hizkuntza-plangintzarako tresnei buruz. Txosten horrek jaso behar du zer eragin duen proposamenak euskararen erabileraren normalizazioan, eta jaso behar du, halaber, nola egokitzen den hori hizkuntzaren arloko araudira.

Euskal administrazio publikoek eta haien instituzio eta organismoek informazio hau emango diote hizkuntza-politikan eskumena duen sailari: hizkuntza-politika koordinatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari helarazi behar dizkion txostenak egiteko langileei eta gaiaren inguruko alderdiei buruz sail horrek behar duen informazioa.

Datu pertsonalak babesteko araudiari jarraikiz, eskatutako datuak fitxategi automatizatu batean erregistratuko dira, eta hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak kudeatuko du fitxategi hori.

5. Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza-eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio-premiak, eta zer hizkuntza-trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko.

6. Hizkuntza-eskakizunak zehazten du lanpostua hornitzeko eta bertan jarduteko behar diren euskararen konpetentzia-mailen multzoa. Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez den bitartean, hark bakar bakarrik balioko du zehazteko zer balio eman behar zaion euskararen ezagutzari merezimendu gisa, bai lanpostuak hornitzerakoan, bai kanpoko hautaketak egiterakoan. Derrigortasun-datatik aurrera, hizkuntza-eskakizuna bete beharko da dagokion lanpostura iristeko eta bertan jarduteko.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza-normalizazioaren eskumena duen sailaren proposamenez, erregelamendu bidez erabakiko du zein egoeratan, salbuespenez eta betiere arrazoi nabarmenak direla medio, lanpostu baten titularra salbuetsi ahal izango den lanpostuari ezarritako hizkuntza-eskakizuna betetzetik.

7. Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak eta, hala badagokio, hizkuntza-plangintzaren xede den sektorearen ardura duen sailak proposatuta, hizkuntza-eskakizunak nola sailkatu behar diren eta zer ezaugarri izan behar dituzten erabakiko du, eta aldian-aldian zehaztuko du zeintzuk diren euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostuei hizkuntza-eskakizun horiek aplikatzeko irizpideak.

8. Kasuan kasuko gobernu-organoek esleituko dituzte euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztien hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak artikulu honetan azaltzen diren irizpideak betez, eta betiere Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen sailak aurrez nahitaezko txostena eman ondoren.

Nolanahi ere, derrigortasun-data izan behar duten lanpostuak zehazteko, kontuan izan beharko da, nahitaez, zer helburu finkatu duen administrazio publiko, instituzio eta organismo bakoitzak bere hizkuntza-plangintzarako tresnetan.

9. Hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data sartu behar dira lanpostu-zerrendetan agertu behar diren lanpostuaren zehaztapenen artean, bai eta 47.2.d) artikuluan jasotako tresna osagarrietan ere, betiere lege honetan ezarritakoaren arabera.

10. Lanpostuetan jarduteko araubidea, lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharraren ondorioz, aldatzeak ondorioak izango ditu soil-soilik, lanpostuak hornitzeko hautaketa-prozesuei dagokienez, aldaketa hori onartu ondoren deitutako prozesuetan.

188. artikulua.— Euskara hautaketa- eta hornitze-prozesuetan

1. Euskal administrazio publikoen zerbitzura iristeko hautaketa-proben deialdietako edukiak bat etorri behar du langile sartu berriek bete behar dituzten lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunekin.

2. Aurreko zenbakian ezarritakoaren ondorioetarako, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu baterako plaza bat ateratzen bada deialdira, hizkuntza-eskakizun hori bete egin beharko da lanpostu horretarako irispidea izateko. Hizkuntza-eskakizuna betetzea eskatu ahal izango da, deialdiaren oinarriek zehazten dutenaren arabera, aldez aurretik dokumentu bidez egiaztatuta edo berariazko proba bat eginda prozesuaren barruan edo ezarriko den praktikaldian; azken kasu horretan, ez dira aplikatuko lege honen 76. artikuluan ezarritako denbora-mugak.

3. Hautaketa-probetarako deialdi bakoitzean euskararen ezagutzari merezimendu gisa eman beharreko balorazioa ezartzeko, kontuan hartuko da lanpostu bakoitzari esleitutako mailetan zein nagusitzen den, halako moldez, non beheragoko eta goragoko mailak egiaztatu izanari emango zaion puntuazioa koherente eta proportziozko izan beharko zaion maila horretarako ezarri den puntuazioari.

Euskararen ezagutzari emandako puntuazioa inoiz ez da izango hautaketa-prozesu osoan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko hogei baino gehiago.

Nolanahi ere, lanpostuari dagokion maila espezifikoaren egiaztapenari emango zaion balorazioa inoiz ez da izango hautaketa-prozesu osoan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko bost baino gutxiago.

4. Artikulu honetan adierazitako irizpide horiek, halaber, euskal administrazio publikoetako lanpostuak hornitzeko prozesuetan aplikatu beharko dira.

189. artikulua.— Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen funtzioak hizkuntza-prestakuntzan eta hizkuntza-eskakizunen egiaztapenean

1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, euskararen ezagutza ebaluatzeko proben edukia eta forma erabakiko ditu kasu bakoitzerako, zeintzuk nahitaez eta modu berean aplikatu beharko baitira administrazio publiko guztietan.

2. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea izango da hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaituta dagoen organismo bakarra. Horretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen erantzukizuna izango da euskal administrazio publikoetan eta haien instituzio eta organismoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatzea eta aldian-aldian proba horietarako deialdia egitea.

3. Era berean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egingo ditu euskal administrazio publikoek eta haien instituzio eta organismoek langileak hautatzeko eta lanpostuak hornitzeko deitutako prozesuetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egin behar diren probak.

4. Hargatik eragotzi gabe euskal administrazio publikoetara eta haien instituzio eta organismoetara iristeko hautaketa-prozesuetako kalifikazio-mahaietan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagokion ordezkaritza, organismo horren ordezkari batek egon beharko du deialdian eskatzen den hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proben kalifikazio-mahaietan. Ordezkaritza hori nahitaezkoa izango da, halaber, lanpostuak hornitzeko lehiaketetako kalifikazio-batzordeen osaeran, eta helburu berbera izango du.

5. Euskal administrazio publikoek elkarlanerako hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak zer baldintzatan egin behar diren zehazteko.

6. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dagokion elkarlanerako hitzarmena sinatu ahal izango du HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin, helduen euskalduntzean eskumena duen organismoa baita, euskal administrazio publikoen zerbitzura lanean diharduten langileak, euskararen ikaskuntza-prozesuaren curriculum-edukiari jarraikiz, euskalduntzea dela-eta.

190. artikulua.— Baliozkotzea eta euskararen ezagutza egiaztatzeko beste sistema batzuk

Eusko Jaurlaritzak, hizkuntza-politikaren eskumena duen sailaren proposamenez, erregelamenduz ezarriko du araubide bat, ziurtagiri ofizialak, tituluak eta euskararen ezaguera frogatzeko eta ebaluatzeko beste sistema batzuk baliozkotzekoa, euskal administrazio publikoetan egiaztatze aldera lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetuta geratzen da Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea, bai eta maila bera edo txikiagoa duen beste edozein xedapen ere, baldin eta lege honetan ezarritakoaren aurka badoa.


8.2.82. 12/2022 Legea, abenduaren 15ekoa, kable bidezko garraioarena[600]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

10. artikulua.— Erabiltzaileen eskubideak

6. Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren instalazioetan, herritarrei oro har zuzendutako inprimaki, komunikazio eta gainerako dokumentuetan euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatuko da, betiere indarrean dagoen araudian ezarritako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatuz.


8.2.83. 13/2022 Legea, abenduaren 15ekoa, kiroleko dopinaren aurkako legea bigarren aldiz aldatzekoa[601]

Artikulu bakarra.— Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea aldatzea

Hamaika.– Aldatu egiten da 14. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak osatu edo ordeztu egin ahal izango du erregistro-liburu hori datu-baseen prozedura zentralizatuen bidez, informazioaren teknologia berriak eta identifikazio elektronikoa erabiliz; esate baterako, sinadura elektronikoaren eta historia elektroniko bakar eta zentralizatuko sistemen bidez. Halakoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da sistema erabilgarri».

azken xedapenetako lehenengoa.— Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen egokitzapen terminologikoa

Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen euskarazko bertsioan, «datuak eman» eta «datuak utzi» terminoak «datuak laga» terminoarekin ordezkatzen dira, euskarazko hizkera teknikoa gaurkotu eta gaztelaniazko «cesión de datos» termino analogoarekin bateratzeko, eta, hala, segurtasun juridikoa eta legearen hizkuntza-bertsioen arteko baliokidetza terminologikoa bermatzeko. Eragindako xedapenak honako hauek dira: 13.6, 42.9, 45.9, 46.2, 46.3 eta 47.


8.2.84. 14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena[602]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

9. artikulua.— Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomiko, laguntza, tresna eta zerbitzuen titular eta onuradunen eskubideak

1. Honako eskubide hauek aitortzen zaizkie Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio, laguntza, tresna eta zerbitzuen titular eta onuradunei:

c) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak, laguntzak eta zerbitzuak aitortzeko eta izapidetzeko administrazio eskudunen aurrean agertzen diren desgaitasundunek ulertzeko eta ulertuak izateko duten eskubidea bermatzea.

Zehazki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bermatu egingo du hizkera argia, erraza eta eskuragarria erabiliko dela desgaitasuna duten pertsonekin egiten diren komunikazio guztietan —ahozkoak zein idatzizkoak—, haien ezaugarri pertsonalak eta premiak kontuan hartuta, eta desgaitasuna duen pertsonari bere gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzen dion pertsonari egin ahal izango zaio komunikazioa. Administrazio-egintza baten eraginkortasuna jakinarazpenaren mende dagoenean, jakinarazpena administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

Desgaitasuna duten pertsonei behar besteko laguntza edo babesa emango zaie ulertuak izan daitezen, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan

j) Harremanetarako hizkuntza ofiziala aukeratzea, eta hizkuntza hori erabiltzeak inolako diskriminaziorik ez eragitea, euskararen erabileraren normalizaziorako legeriaren arabera.

III. TITULUA
Prozedurak

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

69. artikulua.— Pertsonen eskubideak

2. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bermatu egingo ditu, aurreko artikuluan xedatutakoaz gain, 9. artikuluan aitortutako eskubideak, aplikatu beharreko alderdietan, eta administrazio egokirako eskubidea, euskal sektore publikoaren arautegian xedatutakoari jarraikiz. Bereziki:

e) Pertsonen interesei eragiten dieten erabakiak arrazoitzeko eskubidea bermatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ebazpenek argi eta hizkera ulergarrian adieraziko dituzte erabakiari eusten dioten egitate eta oinarri juridiko garrantzitsuak.

II. KAPITULUA
Prestazio ekonomikoen aitorpena

1. atala
Prozedura

78. artikulua.— Eskaera-eredu normalizatuak

5. Eskaera-eredu normalizatuak hizkera argian idatzita egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko[603] bi hizkuntza ofizialetan, eta sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasunari buruzko araudian aurreikusitako irisgarritasun-betekizunak beteko dituzte.


8.2.85. 1/2023 Legea, martxoaren 16koa, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoa[604]

III. KAPITULUA
Prozedura

II. ATALA
Tramitazioa

37. artikulua.— Prozedura hasteko erabakia

3. Prozedura hasteko erabakiaren jakinarazpenak ez baditu artikulu honetan zehaztutako baldintzak betetzen edo ez baditu errespetatzen interesdunen hizkuntza-eskubideak, data honetatik aurrera izango ditu ondorioak ukitutako pertsonarengan: akatsa zuzentzen denetik edo interesdunak jakinarazpenaren xede den ebazpenaren edo egintzaren edukiaren berri baduela erakusten duten jarduerak egiten dituenetik, edo bidezkoa den errekurtsoren bat aurkezten denetik.


8.2.86. 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duena[605]

[ZIOEN AZALPENA]

[…]

Akats batzuk zuzendu dira eta testuan modu desberdinean jasotzen ziren termino batzuen erabilera bateratu da.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO ETA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA MATXISTARIK GABE BIZITZEKO LEGEAREN TESTU BATEGINA

ATARIKO TITULUA

3. artikulua.— Printzipio orokorrak

Hauek dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan EAEko botere publikoen jarduera gidatu eta bideratu behar duten printzipio orokorrak: tratu-berdintasuna; aukera-berdintasuna; emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea; dibertsitatea eta desberdintasuna errespetatzea; genero-ikuspegia txertatzea; ekintza positiboa; generoaren araberako rolak eta estereotipoak desagerraraztea; ikuspegi intersekzionala txertatzea; sexu- edo genero-identitatearen garapen askea, sexu-orientazioa, gorputz-autonomia eta autodeterminazioa; ordezkaritza orekatua; lankidetza eta koordinazioa eta nazioartekotzea; emakumeen ahalduntzea; gizonen inplikazioa; parte-hartzea; berrikuntza, gardentasuna eta kontu-ematea; hizkuntza-eskubideen babesa eta euskararen erabileraren sustapena.

1. Tratu-berdintasuna.

Debekatuta dago pertsonen sexuan oinarritutako diskriminazio oro, hala zuzenekoa nola zeharkakoa, edozein delarik ere diskriminatzeko erabilitako modua.

Lege honen ondorioetarako:

[…]

EAEko botere publikoek diskriminazio anizkoitzari aurre egingo diote, eta emakumeen edo emakume-taldeen oinarrizko eskubideak benetan gauzatzen direla bermatuko dute, emakume horiek bereizkeria-egoerak sor ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direnean, hala nola arraza, kolorea, jatorri etnikoa edo soziala, hizkuntza, erlijioa, kultura, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaiotza, familia-eitea, desgaitasuna, adina, sexu-orientazioa sexu-edo genero-identitatea, genero-adierazpena, landa-eremukoa izatea, migratzailea, errefuxiatua, seropositiboa, guraso bakarra izatea edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal, sozial edo administratibo.

16. Hizkuntza-eskubideak babestea eta euskararen erabilera sustatzea.

EAEko botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza-eskubideak baliatzen direla eta euskararen erabilera sustatzen dela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Horretarako, berdintasun-politikak garatzeko orduan, ziurtatuko dute, beste neurri batzuen artean, interesdunak aukeratutako hizkuntza koofizialean ematen direla zerbitzuak, herritarrentzako prestakuntza-, partaidetza- eta sentsibilizazio-jardueretan hizkuntza-eskubideak bermatzen direla, eta langile eta profesionalentzako jardueretan euskararen erabilera sustatzen dela».

II. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen eta aginteen jardueran genero ikuspegia txertatzeko neurriak

IV. KAPITULUA
Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak

19. artikulua.— Administrazioaren araudia eta jarduera

4. EAEko botere publikoek hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabili behar dute irudi eta hizkera mota guztietan, zuzenean eta beste pertsona edo entitate batzuen bitartez sortzen dituzten dokumentuetan eta euskarrietan.

23. artikulua.— Dirulaguntzak

3. EAEko botere publikoek, beste gai batzuen artean, dirulaguntza publikoak erregulatzen dituzten oinarri edo arauetan ondoren azaltzen dena egingo dute:

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako betebeharrak ezarriko dituzte, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak ez betetzeak dakartzan ondorioak ere.

[…]

III. TITULUA
Zenbait esku hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak

II. KAPITULUA
Kultura eta komunikabideak

28. artikulua.— Kultura-jarduerak

1. EAEko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan. Lege honen ondorioetarako, kultura-jardueratzat hartzen dira, besteak beste, jarduera artistikoak, jai-giroan egiten direnak, oroitzapenezkoak, kirol-jarduerak eta euskararen hizkuntza-normalizazioaren arloan egindakoak.

Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egitea.

29. artikulua.— Komunikabideak, publizitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak

3. Komunikabideek, beren programazioak egiteko orduan, bermatuko dute edukietan genero-ikuspegia sartzen dela; horrez gain, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta emakumeen partaidetza aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen funtzioei buruzko estereotipo sexistetatik aparte; bereziki zaindu behar dituzte haur zein gazteentzako edukiak, eta 3.1 artikuluaren azken apartatuan aipatzen diren diskriminazio anizkoitzeko inguruabarrak dituzten emakumeekin lotutako aurreiritziak eta estereotipoak desagerrarazi behar dituzte.

III. KAPITULUA
Hezkuntza

1. atala
Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza

32. artikulua.— Curriculuma

2. Era berean, Hezkuntza Administrazioak oinarrizko printzipiotzat ezarriko du hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko jokaerak prebenitzea, adingabeekiko sexu-abusuak barne, eta eguneroko bizitzarako irakasgai edo eduki eta aldi zehatzak ezarriko ditu hezkuntza-maila guztietan. Eduki eta aldi horietan gai hauekin lotutako alderdi eta edukiak sartuko dira: etxeko eremua eta pertsonen zaintza, harreman pertsonalen funtzionamenduaren ezagutza eta harreman afektibo-sexual osasungarriak eta positiboak sustatzea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista, emakumeen gorputza erakartzeko elementu edo aberastasun-iturri gisa erabiltzea zalantzan jartzea, jarrera matxisten identifikazioa eta prebentzioa, agerikoenak ez direnak barne, eta gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak eta sexuen berdintasunaren eta dibertsitatearen errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak ikastea.

33. artikulua.— Material didaktikoak

2. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzen diren testuliburuek eta gainerako material didaktikoek aurreko 32.1 artikuluan adierazitako hezkidetza-helburuak bildu behar dituzte. Era berean, ez dute hizkera sexistarik erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea bermatu behar dute.

2. atala
Unibertsitateko irakaskuntza

36. artikulua.— Euskal Unibertsitate Sistema

2. Orobat, jakintza-arlo guztietako irakas-lanean eta ikerketa-lanetan genero-ikuspegia txerta dadin, hizkera ez-sexista erabil dadin, eta emakumeen jakintza eta emakumeek gizon-emakumeen garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoa jaso dadin bermatuko dute.

IV. KAPITULUA
Lana

2. atala
Enplegua

46. artikulua.— Negoziazio kolektiboa

2. Autonomia Erkidegoko Administrazioak, hitzarmen kolektiboen erregistroaren bitartez, zaindu beharko du hitzarmen horietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aurkako klausularik ez egotea, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurri espezifikoak jasotzea.

VII. KAPITULUA
Emakumeen kontrako indarkeria matxista

3. atala
Antzematea, artatzea, koordinatzea eta onbideratzea

58. artikulua.— Antzemateko, artatzeko, koordinatzeko eta onbideratzeko neurri orokorrak

3. Eskubide horretan sartzen da biktima guztiek informazio eta orientazio egokia eta eskuratzeko erraza izan dezatela, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, dituzten eskubideei eta dauden baliabideei buruz; eta artatuak izan daitezela osasun fisiko eta mentalaren arloan eta beste zenbait arlotan duten beharrei dagokienez; hala nola segurtasuna, arlo ekonomikoa, aldi baterako bizileku segurua, etxebizitza, hezkuntza eta arlo soziala, lege honetan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera.

63. artikulua.— Polizia-arreta

Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskadiko udalerrietako toki-administrazioek bermatu behar dute, Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoaren bidez, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren arloan ematen duten arreta lehentasunezkoa, eraginkorra eta kalitatekoa dela. Horretarako, beste neurri batzuen artean, hau egin behar dute:

b) Biktimei informazioa eman, ulertzen duten hizkuntza batean eta argiro, jakin dezaten zer eskubide dituzten, zer baliabide erabil ditzaketen eta zer ondorio dakarren salaketa aurkezteak.


8.2.87. 2/2023 Legea, martxoaren 30ekoa, Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolarena[606]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Kiroleko gobernantza onaren esparruan, kirolaren eremuan bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko herritarrek duten eskubidea eta kirolarien eta gainerako parte-hartzaileen hizkuntza-eskubideak bermatu nahi dira lege honen bidez, kirol-jarduera ofizialaren esparruan bereziki, botere publikoen erantzukizuna baita herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzea eta gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera babestea eta bultzatzea, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duenari jarraikiz.

[…]

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Printzipio gidariak, legearen helburuak eta jarduteko irizpideak

3. Euskal botere publikoek, beren eskumenen esparruan, jarduera fisikoa eta kirola egiteko eskubidea benetan gauzatzeko politika bat ezarriko dute, honako printzipio gidari hauei jarraikiz:

f) Jarduera fisikoa eta kirola baliatzea euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa.

kk) Neurriak hartzea jarduera fisikoaren eta kirolaren babesletza eta mezenasgo pribatua sustatzeko jarduketa publikoaren osagarri gisa, bereziki, emakumeen kirolean, kirol egokituan eta kirolean euskara sustatzeko programetan.

III. TITULUA
Jarduera fisikoaren sustapena

10. artikulua.— Neurri orokorrak eta bereziak

1. Administrazio publikoek, aurreko artikuluan ezarritako helburuak lortzeko, honako neurri hauek hartuko dituzte, beren eskumenen esparruan, beren aurrekontu-baliabideen arabera, eta genero-ikuspegia eta euskararen erabilera txertatuta:

a) Jarduera fisikoaren esparruko jardunbide egokiei buruzko komunikazio-kanpainak egitea, horrek pertsonen ongizaterako dakartzan onura ugarien inguruan sentsibilizatzeko eta onura horiek ezagutarazteko.

b) Joan-etorriak oinez, bizikletaz edo beste baliabide gurpildun batzuetan egiteko aukera sustatzeko kanpainak egitea.

c) Zenbait gune publikotan herritar guztiek parte hartzeko aldizkako jarduerak antolatzea.

d) Osasunaren, hezkuntzaren, kirolaren, gizarte-zerbitzuen eta interesekoak izan daitezkeen beste edozein esparrutako profesionalen prestakuntza sendotzea, gizarte aktiboago baten aldeko sentsibilizazioa eta ezagutzak areagotzeko.

e) Kirol-asoziazionismoa bultzatzea, lehiaketa ofizialetatik kanpo egiten den jarduera fisikoaren sustapenean protagonismo handiagoa har dezan.

f) Emakumeek jarduera fisikoa egin dezaten sustatzeko kanpainak bultzatzea.

g) Kulturaren arlo jakin batzuei lotutako jarduera fisikoa bultzatzea.

IV. TITULUA
Gobernantza ona jarduera fisikoan eta kirolean

25. artikulua.— Euskara

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, herritarrek jarduera fisikoa eta kirola egitean euskara erabil dezaten sustatzera bideratuko dute beren gobernu-ekintza.

V. TITULUA
Kirol-erakundeak

V. KAPITULUA
Kirol-federazioak

33. artikulua.— Kirol federatuaren antolamendua

3. Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz lurraldeetako kirol-federazioek beren estatutu eta erregelamendu propioen bidez arautuko dute beren egitura eta funtzionamendu-araubidea, demokraziaren, ordezkagarritasunaren, euskararen sustapenaren, genero-ikuspegia txertatzearen eta desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren printzipioei jarraikiz.

44. artikulua.— Hizkuntza ofizialak

1. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioen hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira.

2. Kirol-federazioek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte honako dokumentu hauetan gutxienez:

a) Federazio-lizentzietan.

b) Ematen dituzten txartel, agiri eta antzeko dokumentuetan.

c) Estatutu, erregelamendu eta zirkularretan.

d) Lehiaketak iragartzen dituzten karteletan.

e) Federazio-organoen deialdietan.

f) Gobernu- eta administrazio-organoen bilkuren aktetan.

3. Ziurtagiriak interesdunak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean egin beharko dira.

4. Kirol-federazioek hizkuntza-normalizazioko planak landu, onartu eta gauzatu beharko dituzte aldian behin, federazioaren barne-jardueretan nahiz herritarrei zuzendutako jardueretan euskararen erabilera normala pixkanaka bermatzeko. Betebehar hori betetzen ez badute, dirulaguntzak jasotzeko gaitasunik gabe geratu ahal izango dira federazioak, dagokion deialdiaren arauek hala ezartzen badute.

5. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunek eta lurralde historikoetako foru-organoek kirol-federazioen barruan hizkuntza-normalizazio egokia lortzeko beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza tekniko egokia eman beharko dizkiete kirol-federazioei.

VI. TITULUA
Kirol-lehiaketak eta lizentziak

I. KAPITULUA
Kirol-lehiaketak

67. artikulua.— Kirol-ekitaldien leihatila bakarra

3. Aipatutako leihatila bakarra garatzeko, kirol-ekitaldiak egiteko ezinbesteko oinarrizko irizpideak ziurtatu eta batze aldera, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen zuzendaritzak ekitaldiak antolatzeko zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eta pertsonen datu-base bat egingo du, bai eta protokolo bat ere, izapideak errazteko eta ingurumen-, inklusio-, genero- eta hizkuntza-arloko irizpideak bermatzen direla ziurtatzeko.

VII. TITULUA
Eskola-adineko, unibertsitateko eta lanbide-heziketako jarduera fisikoa eta kirola

I. KAPITULUA
Eskola-adineko jarduera fisikoa eta kirola

75. artikulua.— Eskola-adineko jarduera-fisikoko eta kiroleko programak eta jarduerak

8. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programek euskararen erabilera sustatu beharko dute ikasleen kirol-jardunaren esparruan.

II. KAPITULUA
Unibertsitateko jarduera fisikoa eta kirola

78. artikulua.— Programak

3. Jarduera fisikoko eta kiroleko programek euskararen erabilera sustatu beharko dute unibertsitateko ikasleen kirol-jardunaren esparruan.

III. KAPITULUA
Lanbide Heziketako eta Batxilergoko jarduera fisikoa eta kirola

81. artikulua.— Programak

3. Jarduera fisikoko eta kiroleko programek kirol-jardunean euskararen erabilera sustatu beharko dute, Lanbide Heziketaren eta Batxilergoaren esparruan.

VIII. TITULUA
Ikerketa, berrikuntza eta prestakuntza. Boluntarioak

83. artikulua.— Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola

1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari atxikita dagoen administrazio-zerbitzu bat da, eta honako funtzio hauek ditu esleituta:

i) Prestakuntza- eta informazio-programak sustatzea kirol federatuaren, eskola-adineko kirolaren eta unibertsitate-kirolaren arloan, bai eta lehiarik gabeko beste kirol-adierazpen batzuen arloan ere. Programa horien eskaintzan, euskarari emango zaio lehentasuna, batez ere 18 urtetik beherakoentzako programetan.

XIV. TITULUA
Jarduera fisikoaren eta kirolaren ikuskapena eta zehapen-araubidea

I. KAPITULUA
Jarduera fisikoaren eta kirolaren ikuskapena

136. artikulua.— Gaitutako pertsonak

Funtzio horiek beteko dituzte bakoitzean beharrezkoa den espezializazio teknikoa duten eta, aldi berean, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, lurralde historikoetako foru-organoek edo udalerriek ikuskatzeko gaitzen dituzten pertsonek. Une oro bermatuko da ikuskatua izaten ari den pertsonak berak hautatutako hizkuntzan arreta jasotzeko duen eskubidea.

Seigarren xedapen gehigarria.— Kirol-kluben onura publikoaren deklarazioa

1. Lege honetan aurreikusitako kirol-klubek onura publikoaren deklarazioa jaso ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak hala erabakita, dagokion foru-aldundiak txostena eman ondoren, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

d) Erregelamenduz ezarritako hizkuntza-normalizazioko baldintzak betetzea

Hamabigarren xedapen gehigarria.— Hizkuntza ofizialen erabilera

1. Bermatzen da Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuarekin, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluarekin eta arau honetan aurreikusitako gainerako organoekin harremana duten pertsonek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea benetan baliatu ahal izango dutela, eta organo horiek aukeratutako hizkuntzan arreta emateko betebeharra izango dutela. Horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte, bereziki, dagozkien organoetako kide izateko izendatuko diren pertsonek bi hizkuntzak behar bezala ezagutzen dituztela baloratzea.

2. Halaber, organo horiek bi hizkuntzak erabiliko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein administrazio publikorekiko harremanetan.

Laugarren xedapen iragankorra.— Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuaren izen berria.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 9.2.e artikuluan aurreikusita dagoen egungo Jarduera Fisikoaren Zerbitzuari, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzua esango zaio.

Xedapen indargabetzailea

Erabat indargabetuta geratuko da Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, bai eta lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.


8.2.88. 4/2023 Legea, apirilaren 27koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarena[607]

ZIOEN AZALPENA

V

[…]

VIII. kapituluak arautzen du zein diren kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak, oinarri hartuta zer printzipiok inspiratu zuten azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa, eta otsailaren 9ko 2/2012 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea aldatzekoa. Izan ere, ulertzen da ezen, Administrazio publikoan sartuta ez dauden pertsona partikularrek hizkuntza ofizialak erabiltzeari dagokionez, hobe dela sustatze- eta bultzatze-neurriak xedatzea, herritarrei hizkuntza koofizialetako edozein erabiltzen errazteko aukera indartzeko ibiltzen diren eremu guztietan.

Horregatik, kontsumitzaile eta erabiltzaile guztiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko duten eskubidearen konfiguraziotik abiatuta, legeak erantzun desberdinak ematen ditu, haiek erakunde publikoekin edo sektore pribatuarekin duten harremanaren arabera. Lehendabizikoei dagokienez, lehenago indarrean zegoen bide beretik jarraitzen du legeak, eta egokitzat jotzen du dokumentu eta elementu batzuk euskaraz edo gaztelaniaz edo hizkuntza horietan bietan jartzea kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura. Era berean, jasotzen du pertsona horiek eskubidea dutela nahi duten hizkuntza erabiltzeko, hau da, pertsona horiek eskubidea dutela aukeratzeko zer hizkuntza ofizialetan erantzun behar dieten erakunde publikoek.

Horrekin batera, interes orokorreko oinarrizko zerbitzuetako sektoreetako enpresek eta saltoki handiek hizkuntza ofizialetan eman behar dituzten dokumentuei eta beste elementu batzuei buruzko zenbait betebehar baino ez du ezartzen sektore pribatuaren antolamenduak. Hori gauzatzeko, urtebeteko epea ematen du lehen xedapen gehigarriak.

Planteamendu horrekin bat etorriz, gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei dei egiten die legeak, sustapen- eta bultzatze-neurriak eta -programak antola ditzaten koordinaturik, legeak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei aitortzen dizkien hizkuntza-eskubideak eraginkortasunez gauzatzen aurrera egin ahal izateko. Eraginkortasun horren jakinaren gainean egotea errazteko, bigarren xedapen gehigarriak galde-sortak borondatez eta aldizka betetzea aurreikusten du.

[…]

Azkenik, lehenengo eta bigarren xedapen iragankorrek indarrean mantentzen dituzte egungo dekretuak, ezartzen dutenak, hurrenez hurren, zein diren kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteen betekizunak eta nola arautzen diren erreklamazio-orriak, harik eta erregelamenduz garatu arte lege honetan arlo horiek jasotzen dituzten manuak. Hirugarren xedapen iragankorrak bi urteko epea ezartzen du ondasunak edo zerbitzuak ematen dituzten makina automatikoak egokitzeko, 25.3 artikuluan jasotako betebeharra betetze aldera. Xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten du hala Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legea nola Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua, Legearen barruan sartzen ez diren edukietan. Azken xedapenak, azkenik, agintzen du lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko dela indarrean.

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

3. artikulua.— Definizioak

Hona, lege honen ondorioetarako, zenbait definizio:

a) Arrakala digitala: gizarte-taldeen arteko desberdintasunak informazio eta komunikazio teknologien (IKT) irismenari, erabilerari edo eraginari dagozkienez. Talde horiek irizpide sozioekonomiko eta geografikoek, genero- eta adin-irizpideek eta aniztasun funtzionaleko irizpideek zehazten dituzte.

b) Jardunbide egokien kodea: arau-multzoa, borondatez betetzekoa, enpresen autorregulazioaren esparrukoa, zeinaren bidez definitzen den nola jokatu behar duten enpresaburuek jardunbide komertzial edo sektore ekonomiko jakin batzuetan, baldin eta konpromisoa hartzen badute arau-multzo hori betetzeko. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazioa, babesa eta defentsa areagotzea du helburu.

c) Kontsumo arduratsua: Kontsumo arduratsutzat hartzen da neurriz eta gogoeta eginez egiten dena, eta irizpide ekonomiko, sozial, laboral eta ingurumenekoen arabera erabakiak askatasunez, kontzienteki eta informatuta hartzean oinarritzen dena.

d) Salaketa: kontsumo-harreman batean izandako gertakari jakin batzuk Administrazioari jakinaraztea, arau-hauste administratiboak izan daitezkeelakoan. Salaketan adierazi behar da nor den salatzailea, zein datatan izan ziren gertakariak, eta, posible baldin bada, nortzuk diren ustezko erantzuleak.

e) Kalitate-bereizgarria: kanpoko edo ageriko ikurra, administrazio publikoek eta legez egiaztatutako organismoek enpresaburuei eman ahal dietena, jardunbide egokien kodeetara atxiki direlako, edo berme-markak dituzten ondasunei eta zerbitzuei.

f) Saltokiak: instalazio higiezinak, txikizkako salmenta egiteko edo lanbide edo ogibide batean modu iraunkorrean jarduteko erabiltzen direnak, edo enpresaburuak bere jarduera egiteko erabili ohi dituen instalazio mugikorrak.

g) Kexa: kontsumitzaile edo erabiltzaile batek egindako adierazpena, kontsumo-harreman batean jaso duen ondasun edo zerbitzu batekin ez dagoela ados azaltzeko, bestelako asmorik gauzatu gabe.

h) Kontsumo-bitartekaritza: prozedura bat da, zeinaren bidez hirugarren pertsona inpartzial, neutral eta aditu bat ahalegintzen baita laguntzen kontsumo-harreman bateko alderdiek bientzako akordio gogobetegarria lor dezaten beren kabuz.

i) Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak: pertsona fisikoak dira, merkataritza- edo enpresa-jarduerarekin, ofizioarekin edo lanbidearekin loturarik ez duen helburu bat lortzeko dihardutenak. Nolanahi ere, pertsona fisikoek kontsumitzaile edo erabiltzaile dihardutela joko da, kontrakorik frogatu ezean.

Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak izango dira, era berean, pertsona juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, baldin eta irabazi-asmorik gabe ari badira merkataritza- edo enpresa-jarduera batetik kanpo.

j) Kontsumitzaile eta erabiltzaile kalteberak: beren ezaugarriengatik, banaka edo taldeka, kontsumo-harreman zehatzei dagokienez, egoera berezian dauden pertsona fisikoak, zehazkiago, mendekotasunekoan, defentsarik gabekoan edo babesik gabekoan, egoera hori lurraldekoa, sektorekoa edo aldi baterakoa izanda ere, eta betiere egoera horrek eragozten badie berdintasun-baldintzetan baliatzea kontsumitzaile edo erabiltzaile gisa dituzten eskubideak.

Artikulu honetan adierazitakoa kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudi sektorialari kalterik egin gabe aplikatuko da.

k) Enpresaburua: pertsona fisiko edo juridikoa, hala pribatua nola publikoa, zuzenean diharduena, edo beste pertsona baten bidez bere izenean edo haren jarraibideak betez, merkataritza- edo enpresa-jarduerari edo ofiziori edo lanbideari lotutako helburuak lortzeko.

l) Ekoizlea (pertsona edo entitatea): ondasunak fabrikatzen edo zerbitzuak ematen dituena edo haren bitartekaria, edo Europar Batasunaren lurraldean ondasunak eta zerbitzuak inportatzen dituena, baita bere burua ekoizletzat aurkezten duen edonor ere, bere izena, marka edo ikur bereizgarria adierazi duelako zerbitzuan edo ondasunean (ondasunaren ontzian, bilgarrian edo hura babesteko eta aurkezteko elementuetan).

m) Hornitzailea edo banatzailea (pertsona edo entitatea): merkatuan ondasunak hornitzen edo banatzen dituen enpresaburua, txikizkariak barne, alde batera utzita zer titulu edo kontraturen ondorioz banatzen dituen ondasunok.

n) Jarduera komertziala: ondasun edo zerbitzuak —higiezinak barne— sustatu, saldu edo hornitzearekin zuzenean lotutako egintza, ez-egite, jokabide, adierazpen edo komunikazio komertzial guztiak, publizitatea eta merkaturatzea barne, berdin delarik eragiketa komertzialaren aurretik, tartean edo ostean gauzatzen diren.

Kontratu-harremanak ez dira joko jarduera komertzialtzat.

o) Prezioa: ondasun bat lortzeko edo zerbitzu baten prestazioa eskuratzeko kontsumitzaileek eta erabiltzaileek, diruz edo beste modu batez, eman beharreko kontraprestazioa, alde batera utzita zer izenez aurkezten den: puntuak, kanona, matrikula edo antzekoak.

p) Erreklamazioa: kontsumitzaile edo erabiltzaile batek egindako adierazpena, zeinaren bidez Administrazioari jakinarazten baitio ez dagoela ados kontsumo-harremanean lortu duen ondasun edo zerbitzu batekin. Halaber, horrekin batera eskatzen du prestazioa behar bezala bete dadila edo hura ordeztu dadila, eta, hala dagokionean, eman dakiola kalte-galeren ordaina.

q) Kontsumo-harremana: kontsumitzaile edo erabiltzaile baten eta enpresaburu baten artean sortzen den harreman juridikoa, barnean hartzen dituena ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa, ondasunen eta zerbitzuen eskaintzak, sustapenak, publizitatea, merkaturatzea, erabilera, salmenta eta hornidura, digitalak direnak barne, baita alderdi horietatik datozen betebehar guztiak ere.

r) Gatazken ebazpen alternatiboa: jurisdikzio-izaerarik gabeko edozein prozedura, kontsumo-harremanetan sortzen diren desadostasunak amaitzen laguntzen duena.

s) Arriskua: zer probabilitate dagoen produktu, ondasun edo zerbitzuren baten erabilerak, kontsumoak edo presentziak kalterik edo galerarik eragiteko kontsumitzaileen osasunari, segurtasunari edo interes ekonomikoei.

t) Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak: ura, gasa eta elektrizitatea hornitzeko zerbitzuak, telefonia-, finantza- eta aseguru-zerbitzuak, posta-zerbitzuak, aireko, trenbideko eta errepideko garraioa, osasunaren babesa, saneamendua eta hondakinak, eta legez ezartzen direnak.

u) Oinarrizko zerbitzuen enpresa: herritarrentzat eta enpresentzat oinarrizkoak diren zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola, ura, energia, telefonia edo aseguruak.

II. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eskumenak

II. KAPITULUA
Euskadiko Kontsumoko Kontsulta-batzordea

11. artikulua.— Osaera eta funtzionamendua

1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria izango da Euskadiko Kontsumoko Kontsulta-batzordeko burua, eta kideak izango dira, berriz, interes sozial, profesional eta ekonomikoen ordezkariak, kontsumo-sektorearen gaineko eskumenak dituzten administrazio publikoetako ordezkariak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetako ordezkariak. Batzordea osatzerakoan, sustatuko da bertan izendatutako ordezkariek euskara zein gaztelania jakitea, bi hizkuntzetan hitz egitea izan dezaten.

2. Erregelamendu bidez garatuko da haren osaera eta funtzionamendu-araubidea.

III. TITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

12. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

1. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

g) Hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, lege honek araututako moduan.

II. KAPITULUA
Osasun- eta segurtasun-arriskuez babesteko eskubidea

22. artikulua.— Errekerimendu dokumentalen kostuak

Segurtasun-eginbeharraren ondoriozko prozeduretan, enpresaburuen kontura izango dira dokumentazio-errekerimenduek dakartzaten kostu guztiak, hala nola dokumentuak itzultzekoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkezten badira.

VI. KAPITULUA
Kontsumo-arloko hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea

59. artikulua.— Hezkuntza- eta prestakuntza-programak

2. Prestakuntza- eta hezkuntza-programa horiek antolatzean eta material didaktikoa prestatzean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera paritarioa sustatuko du.

VIII. KAPITULUA
Hizkuntza-eskubideak

79. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

Lege honetan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dute ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz edo gaztelaniaz jasotzeko eta beren kontsumo-harremanetan hizkuntza ofizial horietatik edozein erabiltzeko.

80. artikulua.— Ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa

1. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dute ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko, lege honen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Bermatuko da bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla kontsumitzaileekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan; horretarako, euskaraz eta gaztelaniaz edo ele bietan jarriko dira elementu hauek:

a) Errotuluak, oharrak, eta, oro har, ahozko eta idatzizko komunikazioak, jendaurrean jartzen direnak Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduetan.

b) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzendutako ondasunen eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, edozein delarik erabiltzen den euskarria.

c) Inprimaki eta eredu ofizialak, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek paperean edo formatu elektronikoan bete behar dituztenak.

d) Atxikitze-kontratuak, klausula-ereduak dituztenak; kontratu arautuak, baldintza orokorrak eta haiei buruzko dokumentazioa edo kontratu horiek egitean sortzen dena; salbu eta kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berariaz aukeratzen badu bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea.

e) Idatzizko komunikazioak, bereziki kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzenduak direnean; baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko dokumentuak ere, salbu eta kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berariaz aukeratzen badu bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako edo landutako ondasunen produktuen edo zerbitzuen erabilera- eta mantentze-jarraibideen eskuliburuak, berme-agiriak, etiketak eta ontziratzea euskaraz eta gaztelaniaz idatzi beharko dira, gutxienez.

81. artikulua.— Ondasunak eta zerbitzuak aurkeztea eta etiketatzea

1. Indarrean den araudian ezarritakoaren arabera, eta osasuna eta segurtasuna babeste aldera, ondasun eta zerbitzu jakin batzuen aurkezpenean eta etiketetan gaztelania erabiltzeko exijentzia bete behar bada ere, eskaintzailearen nahiaren arabera adieraziko da Euskadiko lurralde-eremuan banatzen diren ondasun eta zerbitzuetan ematen den informazioa, etiketetan, ontzietan eta inprimakietan edo erabilera-jarraibideei buruzko oharretan jasotakoa barne, hau da: euskaraz, gaztelaniaz, edo euskaraz eta gaztelaniaz batera.

2. Euskara erabiltzea sustatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen diren jatorri-izendapen edo kalitate-izendapeneko ondasunak eta artisautza-produktuak aurkezteko eta etiketatzeko.

3. Gainerako kasuetan, ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz batera ematea sustatuko da.

82. artikulua.— Entitate publikoak

1. Lege honetan xedatutako ondorioetarako, hauek joko dira entitate publikotzat:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako Estatuko Administrazioa, barnean harturik zuzenbide publiko edo pribatuko enteak, haien mendekoak edo haien administrazio instituzionala osatzen dutenak.

b) Edozein izaeratako entitateak, baldin eta zerbitzu publikoak kudeatzen badituzte eta zerbitzu publiko horien titulartasuna aurreko apartatuan aipatutako administrazioen esku badago, zerbitzu horiek ematen dihardutenean.

c) Aurreko a) letran adierazten diren administrazioek eta entitateek kontrolatutako edo gehiengoan partaidetutako entitate oro. Ondorio horietarako, ulertuko da kontrol-harreman bat dagoela, baldin eta entitateko boto-eskubiderik gehienak edukitzen badira edo eskubidea badago gobernu-organoetako kiderik gehienak izendatzeko.

2. Erakunde publikoek kontsumitzaileekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzea bermatuko dute, 80.2 eta 81.1 artikuluetan adierazitako elementuak euskaraz edo gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan jarriz.

3. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek beraiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko eskubidea dute, erakunde publikoekin dituzten harremanetan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.

4. Lege honetan Estatuko Administrazioari aplikagarriak zaizkion xedapenak ulertuko dira kalterik eragin gabe Estatuak bere zerbitzuak antolatzeko duen eskumenari.

83. artikulua.— Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak, saltoki handiak eta beste enpresaburu pribatu batzuk

1. Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten erakundeek eta merkataritza-jardueraren arloan indarrean dagoen legeriak saltoki handitzat jotako saltokiek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura jarriko dituzte 80.2 eta 81.1 artikuluetan adierazitako elementuak, euskaraz eta gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, gaiaren arabera dagozkien sailetatik eta esleituta dituzten eskumenez baliatuz, koordinatuta jardungo dute, ondasunak edo zerbitzuak hornitzen edo banatzen dituzten gainerako pertsona edo erakunde pribatuetara iristeko bidea errazteko, eta, arian-arian, aurreko apartatuan ezarritakoa hedatzeko. Horretarako, euskararen erabilera babesteko eta sustatzeko neurriak ezarriko dituzte, 80.2 eta 81.1 artikuluetan adierazitako elementuetan.

84. artikulua.— Kontsumo-harremanetan jendea artatzeko baliatuko den hizkuntza

1. Entitateek, baldin eta euskara lan-harremanen eremuan eta jendaurreko arretaren eremuan baliatzeko berariazko dirulaguntzak jasotzen badituzte, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek erabiltzen edo eskatzen duten hizkuntza ofizialean aritzeko gaitasuna izan beharko dute haiek artatze aldera.

2. Eskumena duten administrazio publikoek elkarrekin antolatuko dituzte behar diren sustapen-neurriak, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek baliatzen duten hizkuntza ofiziala edozein izanda ere, haien kontsumo-harremanetan hizkuntza horixe erabili ahalko dutela eta hizkuntza horretan artatuko dituztela bermatzeko.

85. artikulua.— Sustapen-jarduera publikoa

1. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoarekin bat, eskumena duten administrazio publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kontsumo-harremanetan euskararen erabilera sustatzeko.

2. Bereziki zainduko dira partikularren arteko kontsumo-harremanen esparruan euskararen erabilera zabaltzen lagunduko duten neurriak, hala nola:

a) ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea,

b) erabilera-agiriak edo -eskuliburuak edo jarraibideak eskura jartzea,

c) kontsumitzaileak eta erabiltzaileak artatzeko baliatzen den hizkuntza.

3. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek aktiboki sustatuko dute kontsumitzaileei eta erabiltzaileei titulartasun publikokoak ez diren informazio- eta arreta-bulegoek ematen dieten arretan eta aholkularitzan bermatu dadila harremanak kontsumitzaileek eta erabiltzaileek aukeratzen duten hizkuntzan izango direla.

4. Kontsumo-harremanetatik eratorritako jarduerak barnean hartzen dituzten plan sektorialek, jarduera horiek egitean, sustapen-ildo espezifikoak bultzatuko dituzte bi hizkuntza ofizialak erabil daitezen.

5. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, nork bere eskumenen esparruan, bultzatuko dute hizkuntza espezializatuko materialak zabaltzea, euskararen erabilera errazteko kontsumo-arloan.

VII. TITULUA
Zehatzeko ahala

II. KAPITULUA
Arau-hausteak tipifikatzea

140. artikulua.— Berme-arloko eta saldu ondoko zerbitzuaren arloko arau-hausteak

Ondorengo hauek berme-arloko eta saldu ondoko zerbitzuaren arloko arau-hausteak dira:

4. Konpromisoa hartzea kontsumitzaileei edo erabiltzaileei salmenta osteko zerbitzua emateko, kontratatu aurretik argi eta garbi ohartarazi gabe ezen zerbitzu hori ez dela eskuragarri egongo eragiketa komertzialean erabili den hizkuntza berean.

142. artikulua.— Bestelako arau-hausteak

Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteez gainera, honako hauek ere joko dira kontsumo-arloko arau-haustetzat:

14. Lege honetan edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko gainerako xedapenetan ezarritako beste edozein baldintza, betebehar edo debeku ez betetzea, legearen III. tituluko VIII. kapituluan araututako hizkuntza-eskubideei buruzkoak izan ezik.

V. KAPITULUA
Arau-hausteen erantzukizuna

158. artikulua.— Subjektu arduradunak

2. Bereziki, erantzule izango dira, salbu eta hirugarren baten erantzukizuna egiaztatzen duen probarik badago:

a) Ontziratutako, etiketatutako edo osorik itxitako produktuetan egindako arau-hausteengatik:

[…]

– Baldin eta arau-haustea bada legez edo erregelamenduz eska daitekeen hizkuntza bat ez erabiltzeagatik produktuaren etiketan edo aurkezpenean, produktua banatu edo merkaturatzen duena.

[…]

Bigarren xedapen gehigarria.— Hizkuntza-eskubideak betetzeari buruzko galdera sorta

Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten erakundeek eta indarrean dagoen legeriak saltoki handitzat jotako saltokiek galdera sorta bat bidaliko diote kontsumoaren arloan eskumena duen sailari, bost urtean behin, edo sail horrek zehaztutako aldizkakotasunaz, estatutu honetan jasotako hizkuntza-eskubideen arloan egindako jarduerak zein diren jakiteko.

Galdera sorta eta jasotako informazioaren ebaluazioa hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoarekin batera egingo da, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak betetzea bultzatzeko behar diren politiken aktibazioa identifikatzeko oinarri gisa erabiliko da.

Lehenengo xedapen iragankorra.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkaritza-elkarteen betekizunak

Harik eta erregelamenduz garatu arte 62. artikuluan xedatzen dena, ulertuko da ezen, lege honen kontrakoa ez den guztian, 249/1985 Dekretuak arautzen dituela kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkaritza-elkarteen lurralde-ezarpenari, bazkide-kopuruari eta jarduera-programari buruzko betekizunak (249/1985 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1981eko abuztuaren 17ko Dekretua, Kontsumitzaile Elkarteen Errolda sortzeari buruzkoa); betiere, Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Legean edo hura ordezkatzen duen xedapenean ezarritakoaren arabera.

Bigarren xedapen iragankorra.— Erreklamazio-orriak

1. Harik eta erregelamenduz garatu arte 90. artikuluan erreklamazio-orriei buruz xedatzen dena, indarrean segituko du, lege honen kontrakoa ez den guztian, uztailaren 1eko 142/2014 Dekretuak, Kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexei, erreklamazioei eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoak.

2. Erregulazio espezifikorik ezean, erreklamazioko orri elektronikoak dekretu honetako I. eranskinean erreklamazio-orrietarako azaltzen den eredura egokituko dira.

Hirugarren xedapen iragankorra.— Kontsumoa justifikatzeko agiria

Makina automatikoen bidez ondasunak edo zerbitzuak hornitzen dituzten eta 25.3 artikuluan aurreikusitako aukera erabiltzen ez duten pertsonek bi urteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik, makina horiek egokitzeko, kontsumo-harremanaren egiaztagiria entregatzeari begira.

Xedapen indargabetzailea.— Araudia indargabetzea

Honako hauek indarrik gabe geratuko dira:

1. Abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena.

2. 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa, lege honetan xedatutakoaren aurka doan heinean.


8.2.89. 7/2023 Legea, ekainaren 29koa, Euskal Zibersegurtasun Agentzia sortzekoa[608]

II. KAPITULUA
Egitura organikoa

7. artikulua.— Aholku Kontseilua

5. Aholku Kontseiluaren kide hautetsiak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan behar besteko hizkuntza-gaitasuna izatea.


8.2.90. 2/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onesten duena[609]

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak euskal eskola publikoaren eredua ezarri eta haren printzipio orokorrak eta helburuak jaso zituen.

Lege hori 1993. urtean onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean dago Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onesten den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra

Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onestea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onesten da; jarraian erantsita dator haren testua.

Xedapen gehigarria.— Arau-erreferentziak

Beste xedapen batzuetan Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onesten den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.

Xedapen indargabetzailea.— Arauak indargabetzea

Indargabetuta geratzen da Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea.

Azken xedapena.— Indarrean jartzea

Legegintzako dekretu hau eta beronek onesten duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina
ZIOEN AZALPENA

[…]

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 16. artikuluan dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du irakaskuntzaren alorrean, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikuluak eta hura garatzen duten lege organikoek xedatutakoa, eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza ere eragotzi gabe. Autonomia-erkidego honek, bestalde, hezkuntza-sistemak aintzat hartu behar dituen kultura-ezaugarri propioak ditu, garatzen lagundu behar duen bi hizkuntza ofizial, eta hezkuntza-alorrean gainditzeko dauden zenbait gatazka, konponbidea behar dutenak.

[…]

Legearen lehenengo tituluan euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta helburuak jasotzen dira, eta haren ezaugarriak zein diren definitzen da: plurala, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte- eta kultura-mailan bere ingurunean errotua, parte-hartzailea, desparekotasunak konpentsatzen dituena eta aniztasuna integratzen dakiena.

[…]

III. tituluak eskola publikoan euskarak duen tratamendua arautzen du. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen printzipioak errespetatuz, haietan sakontzen da, Hezkuntza Administrazioak administrazioekin eta gizarte-erakundeekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko printzipioa ezartzen da eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana egitea aurreikusten da.

[…]

Xedapen gehigarrietan, Eskola Publikoaren Legeak bi gai garrantzitsu jorratzen ditu:

[…]

2. Ikastolak, Konstituzio aurreko aldian euskaraz irakasteko xedez sortu ziren eskolak, 1978. urtetik zabalduz joan dira, sarri askotan botere publikoak konpondu izan dituen zailtasun ekonomiko eta materialekin, arian-arian ikastetxe multzo bat osatu arte. Horietatik asko ekainaren 29ko 10/1988 Legeak jasotzen dituen hitzarmen partikularrez baliatu dira. Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, ikastolek askatasunez aukeratu dezakete sare publikoarekin bat egin ala ikastetxe pribatu izaten jarraitu, betiere bermatuz ikastolak biltzeko legeak xedatzen duena, hartara hezkuntza-sistema behin betiko eta zalantza gabe bi saretan, publiko eta pribatuan, egituratu dadin.

I. TITULUA
Euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta helburuak

3. artikulua

1. Euskal eskola publikoa —bertako ikastetxe bakoitza— plurala, elebiduna eta demokratikoa izango da, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte- eta kultura-mailan bere ingurunean errotua, parte-hartzailea, desparekotasunak gainditzen dituena eta aniztasuna integratzen duena.

2. Hona hemen euskal eskola publikoaren helburuak:

g) Baldintza beretan bermatzea ikasle guztiek derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialak jakingo dituztela, euskararen erabilera bultzatuz eta normalizazioari lagunduz.

4. artikulua

Aurreko artikuluan adierazitako helburuak erdiesteko, euskal eskola publikoak bitarteko hauek izango ditu:

c) Eskolaren beharrei erantzuteko moduko profil profesionala eta linguistikoa duten irakasleak.

d) Eskolako zerbitzu elebidunak.

5. artikulua

3. artikuluan zerrendatutako helburuak betetzeko, eginkizun hauek izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan:

e) Hizkuntza-ereduen plangintza egitea, gurasoek eta ikasleek eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten, eta aukeratzeko askatasun hori bermatuko duten administrazio-mekanismoak garatzea.

II. TITULUA
Euskal eskola publikoan hezkuntza-eskubidea gauzatzea

8. artikulua

Euskal administrazio publikoek etengabe zainduko dute euskal eskola publikoko irakaskuntzaren kalitatea, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz; horretarako, helburuei egokituriko instalazioak eta ekipamenduak jarri, ikastetxeetan irakasle/ikasle ratioak egokitu, hezkuntza- eta curriculum-proiektu berezituak eta euskararen erabileraren normalizazioa bultzatu, ikasleei orientazio psikologikoa, eskolakoa eta profesionala eman, eskolako langile guztien lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza-premiak asetzeko lagungarri izan daitezkeen neurri guztiak hartuko dituzte.

9. artikulua

2. Hezkuntza Administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarteko eragileekin lankidetzan, zero urtetik aurrerako eskolatzea ezarriko du arian-arian hori eskatzen duten guztientzat, eta haurrak eskolatzeko aukeren inguruko informazioa emango die hezkuntza-sektoreei. Nolanahi ere, ezarpen-prozesuan lehentasuna izango dute maila sozioekonomiko apalena dutenek eta, orokorrean, hezkuntza-premia bereziak edo hizkuntza-premiak dituzten ikasleek.

10. artikulua

5. Euskal eskola publikoan, hizkuntza-normalizazioari laguntzeko behar diren neurri positiboak hartuko dira.

12. artikulua

1. Euskal eskola publikoan, ikasle guztiek hezkuntzaren maila guztietan irakaskuntza euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2. Eskubide hori gauzatzean eta botere publikoek eremu horretan jardutean, lege honen III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa beteko da.

III. TITULUA
Euskara euskal eskola publikoan

18. artikulua

Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan garatuko diren irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermen eta adierazpenerako gaikuntza benetakoa izan dadin, hartara gutxienez ohiko harreman- eta erabilera-hizkuntza gisa baliatu ahal izan daitezen.

19. artikulua

1. Hezkuntza Administrazioa arreta bereziz arduratuko da aurreko artikuluan araututako helburua bete dadin.

2. Horretarako, eta 12. artikuluan aurreikusitako helburuetarako, ikasleen ikastetxeekiko hurbiltasunari buruzko irizpide orokorrak berrikusiko dira urtero, irakaskuntzaren programazio orokorraren esparruan.

Halaber, Hezkuntza Administrazioak laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango die gainerako administrazioei eta instantzia sozialei.

3. Irakaskuntzaren hizkuntza-plangintza Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak ezartzen duen hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuta egingo da.

4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarraipena egingo dio irakaskuntzako hizkuntza-plangintzaren irizpide orokorren aplikazioari, hargatik eragotzi gabe Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak hizkuntza-plangintza orokorraren jarraipenerako dituen eskumenak.

5. Euskadiko Eskola Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzaren egoerari buruzko urteko txostenean, atal berezia eskainiko dio aurreko artikuluan araututako helburuaren betetze-maila baloratzeari. Atal horretan bertan, euskara derrigorrezko irakasgai baino ez den kasuetan euskararen ikaskuntza eta benetako erabilera bultzatzeko behar diren neurriei buruzko gomendioak emango ditu.

20. artikulua

1. Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, dekretu bidez onetsiko du hizkuntza-ereduen erregulazioa, hargatik eragotzi gabe lege honen 47. artikuluan ezarritakoa. Eredu horiek lan-tresna dira, 18. artikuluan ezarritako hizkuntza-normalizazioaren helburua eta hezkuntza-sistema ororen berezko curriculum-edukien eskurapena kasuan-kasuan uztartzeko bide egoki diren neurrian.

2. Aurreko apartatuan adierazten den eskumena gauzatzean, Jaurlaritzak kontuan izango du ereduon errendimendu linguistiko eta akademikoaren guztizko ebaluazioa eta, hala badagokio, baita ikastetxeek, beren autonomia pedagogikoa erabiliz, aurkeztutako ekimenena ere.

3. Artikulu honen 1. apartatuan aipatutako araua onesteko prozeduran Euskadiko Eskola Kontseiluari egingo zaion kontsulta eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren txostena hartuko dira kontuan.

21. artikulua

Jaurlaritzak hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza zehazteko oinarrizko irizpideak arautuko ditu. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gurasoen edo tutoreen nahia eta eremuaren egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduak esleituko ditu.

Hezkuntza Administrazioak hezkuntza-maila batetik bestera igarotzean hizkuntza-eredua aldatzeko baimena eman ahal izango du, gurasoen edo tutoreen eskaria nahikoa bada eta plangintzak horretarako bide ematen badu.

22. artikulua

1. Euskal eskola publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta lege honek zehaztutako helburuak lortzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango dituzte ikastetxe guztiek.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutuko du. Plan horrek izaera malgua izango du eta urtero berrikusiko da, eta, hura gauzatzean, irakasleak beren borondatez planari atxikitzeko ahaleginak egingo dira, haien lan-baldintzak errespetatuta. Planak zein beronen berrikuspenek Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena beharko dute.

3. Irakasleak euskalduntzeko planak osagai hauek izango ditu gutxienez:

a) Euskarazko eta euskararen irakaskuntza-eskariaren aurreikuspena.

b) Horren ondorioz, euskaraz eta euskara irakasteko kualifikazio espezifikoa duten irakasleen premien kalkulua.

c) Irakasleen birziklatze- eta euskalduntze-premien haztapena.

d) Aurreko apartatuetan zehaztutako jarduketa guztiak burutzeko beharrezko finantza-baliabideen aurreikuspena.

23. artikulua

Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 17. artikuluak aurreikusitakoa betetzeko, administrazio autonomikoak behar diren neurriak hartuko ditu euskal eskola publikoko ikastetxeetako jardueretan euskararen ingurune-erabilera ziurtatzeko, eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-bizitzan orokorrean euskara erabil dadin ahalbidetzeko.

V. TITULUA
Euskal eskola publikoko ikastetxeen autonomia

II. KAPITULUA
Euskal eskola publikoko ikastetxeen antolaketa-autonomia

4. atala
Zuzendaria

33. artikulua

5. Haur-hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, lehen hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak aurreko apartatuan ezarritako baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal izango du zuzendarigaia, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

6. atala
Zuzendaritza-taldea

37. artikulua

Hezkuntza Administrazioak ikastetxeetako zuzendaritza-taldekideen prestakuntza eta jarduketa hobetzeko neurri egokiak hartuko ditu, besteak beste ikastetxearen hizkuntza-normalizazioko helburuaren araberako hizkuntza-prestakuntza.

III. KAPITULUA
Autonomia pedagogikoa

46. artikulua

1. Ikastetxeko hezkuntza-proiektuak eskola-komunitateko sektoreek aukeratutako hezkuntza-aukera adierazten du, eta ikastetxearen jardueren bidez lortu nahi diren balioak eta oinarrizko helburuak zehaztuko ditu.

Hezkuntza-proiektua integratzailea izango da, eta diskriminaziorik eza eta hezkuntza-integrazioa izango dira funtsezko balioak.

2. Hezkuntza-proiektuan zehaztapen hauek jasoko dira gutxienez:

b) Ikastetxearen jarduna mugatuko duten oinarrizko helburuak eta lehentasunak; besteak beste, hauek jasoko dira:

[…]

● Euskararen erabileraren normalizazioa lortzera bideratutako gidalerroak.

47. artikulua

Ikastetxearen curriculum-proiektuak hezkuntza-proiektua garatzen du irakaskuntzaren arloan. Gutxienez, eduki hauek izango ditu:

a) Ikasleen beharrei egokitutako irakaskuntza-helburuak eta -edukiak, irakaskuntzaren alderdi guztietan, indarrean dauden irakaskuntza elebiduneko ereduak ikastetxean ezartzeari loturikoak barne.

52. artikulua

1. Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek unitate kopuruaren aldaketa eta beren hezkuntza-eskariari egokitutako hizkuntza-ereduak ezartzea proposatu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

2. Sailak, unitate kopuruaren aldaketari dagokionez bere erabakia hartzeko orduan, kontuan hartuko ditu irakaskuntzaren programazio orokorra, giza baliabideak eta finantza-baliabideak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak nahiz dagokion barrutiko eskola-kontseiluak aldizka egindako txostenak.

3. Lege honen 21. artikuluan agindutakoaren arabera hartuko du sailak hizkuntza-ereduak ezartzeari buruzko erabakia.

Seigarren xedapen gehigarria

Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 4., 6., 14. eta 18. artikuluak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«14. artikulua

»Euskadiko Eskola Kontseiluari gai hauen inguruan kontsulta egin behar zaio nahitaez:

»g) Irakaskuntza-maila bakoitzeko ereduetako hizkuntza-helburuak eta hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza egiteko oinarrizko irizpideak.

»[…].»

Hamargarren xedapen gehigarria

Lege honetako 20. artikuluan aipatutako hizkuntza-ereduak irakaskuntza-sistema osoan ezarriko dira, publikoan nahiz pribatuan, eta hauek izango dira:

a) A eredua; curriculuma batik bat gaztelaniaz emango da, baina zenbait jarduera edo gai euskaraz eman ahal izango dira.

b) B eredua; curriculuma euskaraz eta gaztelaniaz emango da.

c) D eredua; curriculuma euskaraz emango da.

Hiru ereduetan gaztelania eta gaztelaniazko literatura, euskara eta euskal literatura eta hizkuntza modernoak beren jatorrizko hizkuntzetan irakatsiko dira nagusiki.

Hirugarren xedapen iragankorra

Lege honen III. tituluak aipatutako erregelamenduzko xedapenak ematen ez diren bitartean, indarrean jarraituko dute Euskal Herriko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuan agindutakoak eta, halaber, arlo horretan aplikatzekoak diren xedapen guztiek.


8.2.91. 3/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onesten duena[610]

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko legearen testu bategina onesten duen irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretua.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortu eta arautu zuen.

Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 3. artikulua aldatu zuen.

16/1983 Legea onetsi zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onets ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legea dago.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onesten den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onestea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onesten da; jarraian erantsita dator haren testua.

Xedapen gehigarria.— Arau-erreferentziak

Beste xedapen batzuetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onesten den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.

Xedapen indargabetzailea.— Arauak indargabetzea

Indargabetuta geratzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legea.

Azken xedapena.— Indarrean jartzea

Legegintzako dekretu hau eta beronek onesten duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina
ZIOEN AZALPENA

Langileak funtsezko osagaia dira edozein administrazio publikotan. Baieztapen horrek administrazio guztietan modu orokorrean aplikatzeko balio du, baina garrantzi berezia dauka Euskadiko Autonomia Erkidegoan.

Euskal herriak autogobernua lortzeak eta administrazio autonomo berria sortzeak ezinbestean eskatzen dute prozesu autonomikoaren zerbitzuko langileak, kalifikazio eta efikazia tekniko handia dutenak, hautatzea eta prestatzea.

Autonomia-administrazioarekin batean, Euskadiko lurralde historikoek eta udalek ere helburu berdinak dituzte euren funtzionarioen trebakuntza teknikoari eta prestakuntzari buruz. Efikazia-eskakizun horiei batu behar zaie Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio guztiek funtzio publikoa sakonki euskalduntzeko duten ezinbesteko beharrizana. Beharrizan eta interes horiek batera suertatu dira, eta horiei guztiei presako eginkizun bat erantsi behar zaie: gure herriaren berezitasun juridiko eta ekonomikoen ikerketa zientifikoa sustatzea. Bada, horrek guztiak justifikatzen du Administrazio Publikoaren Euskal Institutua sortzea; gure ustez, institutu horrek giltzarri izan behar baitu Euskadiko administrazio publiko guztien eraikuntzan.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua Eusko Kontseilu Nagusiaren mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko urtarrilaren hamabosteko Erabakiaren bidez sortu zen («Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntza» izenaz), administrazio publikoko langileen prestakuntza-beharrizanei aurre egiteko, aurreautonomiaren garaian, eta haren estatutuak mila bederatziehun eta laurogeiko otsailaren hogeita seian onetsi ziren (Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofiziala, 37. zk., 1980ko martxoaren 27koa). Garai hartako eskumen murritzak zirela eta, nortasun juridikoa eman ziezaiokeen lege formalik gabe jaio zen Administrazio Publikoaren Euskal Institutua.

Beraz, gabezia hori zuzentzera dator oraingo lege hau. Ildo horretatik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutua, administrazio publikoko beste institutu ospetsu batzuen lorratzei jarraituz, organismo autonomo gisa eratzen da, nortasun juridikoa duena, Lehendakaritza Sailari atxikia eta eginkizun-eremu Euskadiko Autonomia Erkidego osoa izango duena. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Legearen funtsezko lerroak alderdi nagusi hauetan oinarritzen dira:

Lehenik eta behin, Legearen arabera Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren helburuetako bat funtzionarioak hautatzea da. Horri dagokionez, Legearen 4.1 artikuluak salbu utzi nahi ditu, bai Autonomia Erkidegoak funtzio publikoaren arloan dituen eskumenei eragin diezaieketen Estatuaren arauak, bai Lurralde Historikoen Legearen eta Euskal Herriko Toki Araubidearen Legearen etorkizuneko lege-testuak ere. Horien edukia edozein dela ere, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak beti izango du bere esku funtzionarioen hautaketa egitea, bai lege horiek esleituta, bai eta eskuordetzaz edo beste administrazio publiko batekin egindako hitzarmenaz ere.

Bestalde, organismo autonomoa denez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak bere aurrekontu propioa izango du, berari dagozkion eginkizunak bete ahal izateko.

Oinarrizko printzipio horien gainean, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Legeak institutu hori arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko osoaren mesedetan eginkizun duen lana funtsezkoa baita.

I. KAPITULUA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren araubide juridikoa

1. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio instituzionalaren barruan. Administrazio Publikoaren Euskal Institutua organismo autonomo administratibo gisa eratzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari atxikia da.

2. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak nortasun juridikoa du, eta behar besteko eskuarte ditu bere helburuak betetzeko.

3. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Gasteizen du bere egoitza.

4. artikulua

Hauek dira Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren helburuak:

1. Euskal Administrazio Autonomoak funtzionarioak eta kontratatu beharreko langileak hautatzea, alor horretan bere jarduketak Lehendakaritza Saileko zerbitzu eskudunekin koordinatuz.

2. Funtzionarioak hautatzea beste administrazio publikoren batek edo ordenamendu juridikoak aginduta.

3. Euskal Administrazio Autonomoko funtzionarioen edo kontratatuen prestakuntza eta trebakuntza, bai eta beste edozein administrazio publikok edo ordenamendu juridikoak agintzen dionena ere.

4. Lankidetza sustatzea lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko Toki Administrazioko gainerako entitateekin, horien langileen prestakuntzan eta trebakuntzan.

5. Administrazio publikoan euskara txertatzea, zabaltzea eta aplikatzea eta normalizatzea, bai eta administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean xedatutakoa betetzeko.

6. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen berezitasun juridiko, finantzario eta estatistikoak ikertzea, irakastea eta zabaltzea.

7. Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan ezartzea.

8. Espainiako zein atzerriko antzeko entitateekin trukeak eta hitzarmenak egitea.

5. artikulua

Bere helburuak lortzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ahala izango du:

1. Komenigarri iritzitako atalak, sailak edo zerbitzuak antolatzeko.

2. Pertsona kualifikatuen lankidetza eskatzeko, ordukako ikastaroak, mintegiak edo hitzaldiak eman ditzaten edo lan espezifiko eta zientifikoak egin ditzaten.

6. artikulua

Institutuak diplomak eta ziurtagiriak emango ditu; agiriok merezimenduak izan ahalko dira lehiaketetan, oposizioetan eta langileak hautatzeko gainerako moduetan, bai eta administrazio-karrerako igoeran ere.

7. artikulua

Autonomia Erkidegoko erakundeek Administrazio Publikoaren Euskal Institutura jo ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen egituratze eta hobekuntzari buruzko aholkularitza, kontsulta eta araugintza eskatzeko.

II. KAPITULUA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren antolaketa

8. artikulua

Institutuaren gobernu-organoak hauek dira:

a) Patronatuaren Kontseilua.

b) Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria.

9. artikulua

Hauek izango dira Patronatuaren Kontseiluko kideak:

Patronatuburua: Lehendakaritzako sailburua.

Patronatuburuordea: Toki Administrazioko sailburuordea.

Patronatukideak: lurralde historikoetako diputatu nagusiak; Administrazio Autonomoaren lurralde historikoetako ordezkari bana; Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Administrazioaren lurralde historikoetako ordezkari bana; Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren ordezkari bat, gutxienez zuzendari-maila duena, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko idazkari nagusiak idazkari gisa jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.

Patronatuaren Kontseiluaren erabakien araubidea izango da Administrazio Prozeduraren Legearen I. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa.

10. artikulua

Hauek izango dira Patronatuaren Kontseiluaren eginkizun propioak: Institutuaren garapen-plan orokorra onestea; hitzarmenak onestea Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalarekin, Toki Administrazioaren Ikasketa Institutuarekin, unibertsitateekin edo antzeko erakundeekin; urteko memoria, ikasketa-plana, tituluak eta langileak trebatzeko eta hautatzeko sistemak onestea; aurrekontuaren aurreproiektua onestea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari bidaltzeko, eta Institutuaren gidaritzako gainerako gaiak.

11. artikulua

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria Jaurlaritzaren dekretuz izendatu eta, hala behar izanez gero, kenduko da, Lehendakaritzako sailburuak proposamena eginda, Administrazio Publikoaren eremuan prestigio aitortua duten pertsonen artetik.

Kargu hori zuzendari-kategoriari dagokion langile-estatutuak arautuko du, Jaurlaritzaren Legean ezarritakoaren arabera.

12. artikulua

Institutuko zuzendariak eskumen hauek ditu: bere gain hartzea funtzio guztien kudeaketa bateratua eta ordenatua, zerbitzuen zuzendaritza eta langileen burutza; Institutuaren ordezkaritza; ikasketa-planaren, tituluen, eta langileak hautatzeko eta trebatzeko sistemen gaineko proposamenak egitea; aurrekontuaren aurreproiektua idaztea, gastuak egiteko baimena ematea eta ordainketak agintzea, eta Institutuko plantilla zuzentzea.

III. KAPITULUA
Diru-baliabideak

13. artikulua

Bere helburuak betetzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak urtero aurrekontu propioa izango du, Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren barruan.

14. artikulua

Baliabide hauek osatuko dituzte aurrekontuaren diru-sarrerak:

1. Matrikula-eskubideak, eta titulu, diploma, ziurtagiri eta zerbitzuak emateagatik sortzen diren gainerako eskubide edo tasak.

2. Institutuaren argitalpenen, iragarkien eta zerbitzu ordainduen etekina.

3. Edozein pertsonak edo entitatek Institutuari ematen dizkion dirulaguntzak, emariak eta dohaintzak.

4. Beraren ondasunen errentak, Euskadiko Ondareari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.

Azken xedapenetako lehenengoa

Orain arte Lehendakaritza Sailaren organo gisa eginkizunak egiten ziharduen Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntza ezabatu egiten da, eta haren giza baliabideak eta baliabide materialak lege honen bidez sortu den organismo autonomoari esleitzen zaizkio.

Azken xedapenetako bigarrena

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio, Lehendakaritzako sailburuak proposamena eginda, lege hau garatzeko eta betearazteko beharrezko diren erregelamendu-xedapenak eman ditzan.

Xedapen indargabetzailea

Eusko Kontseilu Nagusiaren 1980ko otsailaren 26ko Erabakiaren bidez onetsitako Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntzaren Estatutua indargabetuta gelditzen da, eta bai 1980ko azaroaren 11ko Dekretua ere, lege honek ezarritakoaren aurkakoak diren neurrian.


8.2.92. 4/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onesten duena[611]

Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onesten duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretua onetsi duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa antolatu eta arautu zuen, haren kidegoen barruan, eta funtzio hori osatzen duten langileen araubide juridikoa ezarri zuen.

Lege horren akatsak zuzendu ziren, eta zuzenketa hori 1993ko apirilaren 22ko 74 zenbakiko EHAAn argitaratu zen. Halaber, honako lege hauek partzialki indargabetu zuten 2/993 Legea: otsailaren 6ko 1/1998 Legeak, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatez Kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko Legearen 53.3 Atala Ezabatzen duenak (1998ko otsailaren 27ko EHAA, 40. zenbakia), eta abenduaren 19ko 15/2008 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzekoak (2008ko abenduaren 29ko EHAA, 248. zenbakia).

2/1993 Legea onetsi zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1995 Legea dago.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onesten den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoen Legearen testu bategina onestea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoen Legearen testu bategina onesten da; jarraian erantsita dator haren testua.

Xedapen gehigarria.— Arau-erreferentziak

Beste xedapen batzuetan Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onesten den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.

Xedapen indargabetzailea.— Arauak indargabetzea

Indargabetuta geratzen da Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea.

Azken xedapena.— Indarrean jartzea

Legegintzako dekretu hau eta beronek onesten duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoen Legearen testu bategina
ZIOEN AZALPENA

[…]

V. tituluan («Hizkuntza-normalizazioa») hautatzen den eskema homogeneoa da Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen eskemarekin, zentzuzkoa denez, eta, beraz, lanpostu bakoitzari hizkuntza-eskakizun bat esleituko zaio. Hala ere, langile sartu berriek hasieratik egiaztatu beharko dute dagokien hizkuntza-eskakizuna, hamabosgarren xedapen gehigarrian jasotzen den moduan.

Hezkuntza-administrazioak hitzematen du bere zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasun egokia bultzatuko duela eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutuko duela.

[…]

II. TITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa

I. KAPITULUA
Lanpostu-zerrendak

5. artikulua

1. Irakasleen lanpostu-zerrendetan, lanpostu bakoitzari buruzko zehaztasun hauek jaso beharko dira:

c) Lanpostua betetzeko beharrezko diren baldintzak, eta horien artean, nahitaez, esleitutako hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data.

III. TITULUA
Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasle funtzionarioak

II. KAPITULUA
Irakaskuntzako funtzio publikoa antolatzea

13. artikulua

Eskola ofizialetan hizkuntza-ikasketak ematen dituzten funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegokoak izango dira.

14. artikulua

Irakaskuntzako euskal funtzio publikoa osatzen duten kidegoak talde hauetan sailkatuko dira:

a) «A» taldea. Talde honetakoak izango dira kidego hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa.

III. KAPITULUA
Langileak hautatzea

17. artikulua

Lege honen bidez sortutako kidegoetan sartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

4. Hizkuntzen irakaskuntza:

Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko, doktore-, lizentziadun-, arkitekto- edo ingeniari-titulua edo irakaskuntzako titulu baliokidea izan beharko da, eta ezar daitezkeen hautaprobak gainditu beharko dira.

V. TITULUA
Hizkuntza-normalizazioa

48. artikulua

Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, euskal eskola publikoan ikasle guztiek hezkuntza-maila guztietan euskaraz nahiz gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea bermatuko da. Eskubide hori eta eremu horretan botere publikoek egin beharreko ekintzak lege horren III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean jasotako esparruan garatzen dira.

49. artikulua

1. Aurreko artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, EAEko hezkuntza-administrazioko irakasle-lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna esleituta izango dute. Hizkuntza-eskakizunak zehaztuko du zer maila behar den izan euskarazko hizkuntza-gaitasunean, lanpostua bete eta bertan aritzeko. Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez bada, euskaraz jakiteari merezimendu modura zenbaterainoko balioa eman behar zaion zehazteko balioko du.

2. Derrigortasun-datatik aurrera, nahitaez bete beharko da hizkuntza-eskakizuna, lanpostua bete eta bertan aritzeko. Halere, salbuespenezko kasuak eta arrazoi objektiboki nabarmenak direla eta, Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren proposamenez, erregelamendu bidez erabakiko du zein kasutan salbuets daitekeen lanpostuaren titularra lanpostuari esleitu zaion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik, eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun bera duten beste lanpostu batzuen eskakizuna egiaztatzetik. Irakasleak ezingo dira inoiz hizkuntza-eskakizuna betetzetik salbuetsi, baldin eta betetzen duten lanpostuak esleitua duen hizkuntza-eskakizunak eskatzen badu euskara irakaskuntzarako hizkuntza gisa erabiltzeko behar den hizkuntza-gaitasuna izatea.

3. Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko bete behar den hizkuntza-eskakizuna lege honen hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera arautuko da.

50. artikulua

1. Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-eskakizunak zehaztuko ditu, bai eta eskakizun horiek lanpostuei ezartzeko irizpideak ere.

2. Hizkuntza-ereduren bat sortu, aldatu edo ezabatuz gero, hizkuntza-eskakizunak ere egokitu egin beharko dira.

51. artikulua

Aurreko artikuluan jasotako irizpideekin bat etorriz eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data esleituko dizkio EAEko hezkuntza-administrazioko irakasle-lanpostu bakoitzari.

52. artikulua

1. Hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data nahitaez agertu behar dira lanpostu-zerrendetan.

2. Hizkuntza-eskakizunak derrigorrez betearazteko irizpideek lanpostu guztiak ekitatez eta proportzio berean hartuko dituzte, eta eginkizunari dagokion kidego, eskala edo titulazio-talde batekoa edo bestekoa izateak ez du inolako eraginik izango.

53. artikulua

1. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, hezkuntza-administrazioak erabakiko du kasuan-kasuan izan behar den euskara-maila balioesteko probetan zer eskatu eta nola eskatu behar den. Horretarako eratuko diren epaimahaietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat egongo da beti.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoa horrela izanik ere, lege honen 50.1 artikuluan aipatzen den erregelamenduzko arauan sistema bat ezarriko da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako hizkuntza-ziurtapenak arauan ezarritako hizkuntza-eskakizunekin homologatzeko eta parekatzeko.

54. artikulua

1. EAEko hezkuntza-administrazioak bere langileek hizkuntza-gaitasun nahikoa izatea bultzatuko du, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

2. Aurreko apartatuak xedatutakoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte anitzeko plana prestatuko du irakasleak euskalduntzeko. Plan hori gauzatzeko, irakasleen borondatezko atxikipena lortzen saiatuko da, eta irakasle horien lan-baldintzak kontuan hartuko dira; horrez gainera, plana malgua izango da, eta urtero-urtero berraztertuko da. Planari eta haren berrazterketari buruzko txostenak egingo ditu Euskadiko Eskola Kontseiluak.

Hamabosgarren xedapen gehigarria

Erregelamendu bidez zehaztuko diren salbuespenak ezertan eragotzi gabe, irakaskuntzako funtzio publikoan lehenengo aldiz sartzen direnek aipaturiko erregelamenduzko arauan ezarritako hizkuntza-eskakizuna betetzen dutela egiaztatu beharko dute.


8.2.93. 9/2023 Legea, irailaren 28koa, Euskadiko Memoria Historikoarena eta Demokratikoarena[612]

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

4. artikulua.— Hartzaileak

2. Arreta berezia jarriko zaie pertsona eta kolektibo hauei:

i) Diktadura frankistan euskara erabili, sustatu, zabaldu eta irakasteko debekua zela-eta jazarpena eta errepresioa jasan zuten pertsonak.


8.2.94. 10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa[613]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Horregatik, IV. eranskinak, eragiketak zerrendatzeaz gain, horietako bakoitzerako honako ezaugarri hauek azaltzen ditu:

[…]

d) Gai-eremua. Ikerketari dagokion jarduera-eremu generikoa mugatu nahi da. Hauek dira gai-arloak:

2) Hizkuntzak

Azkenik, erakundearen izena erregularizatu nahi da, euskarazko eta gaztelaniazko izenak eta erakundearen izen komuna (Eustat) kontuan hartuta.

Azken xedapenetako lehenengoa.— Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen aldaketak

Hogeita bat.— Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean edo beste xedapen batzuetan Instituto Vasco de Estadística/Euskal Estatistika Erakundeari egindako aipamen guztiak Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari egindakotzat hartuko dira euskarazko bertsioan, eta Eustat-Instituto Vasco de Estadística erakundeari egindakotzat gaztelaniazko bertsioan.


8.2.95. 12/2023 Legea, azaroaren 23koa, suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei buruzkoa[614]

ZIOEN AZALPENA

I

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak, hau da, herri-hizkuntzan, suhiltzaileen zerbitzuak, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako bat dira, beste batzuekin batera, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak aitortzen duen bezala.

[…]

II. KAPITULUA
Euskal administrazio publikoetako suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak

2. atala
Eskumenak

9. artikulua.— Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea

5. Batzordeko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izatea.

Batzordeko kideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren eginkizunetan. Bileretarako deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak, oro har, euskaraz izapidetu ahal izango dira, Euskararen Normalkuntzarako Batzordeak hala erabakitzen badu. Bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.


8.2.96. 13/2023 Legea, azaroaren 30ekoa, Euskadiko Osasun Publikoarena[615]

Bigarren xedapen gehigarria.— Hizkuntza ofizialen erabilera

1. Lege honetan xedatutakoa betetzen dutenean, osasun publikoko jarduketetan, administrazio publikoek, haiei lotutako entitateek eta entitate pribatuek herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta zainduko dituzte. Horretarako, herritarrekin dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan, herritarrek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko dute, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2023 Legean eta indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitako moduan.

2. Osasun Publikoaren Erakundearteko Batzordea eta Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua osatzen duten kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da bilera-deietan, gai-zerrendetan, saioetan eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztietan.

3. Lege honek xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.


8.2.97. 15/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Enpleguarena[616]

ZIOEN AZALPENA

III

LANEren ustez, lan duina da –trabajo decente, gaztelaniaz erabilitako terminologian– aukerak izatea lan produktibo bat egiteko, ezaugarri hauekin: bidezko diru-sarrera bat, segurtasuna lantokian, gizarte-babesa familia guztiarentzat, garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko aukera hobeak, iritziak emateko askatasuna, antolaketa eta parte-hartzea bizitzari eragiten dioten erabakietan, eta emakume eta gizon guztientzako aukera- eta tratu-berdintasuna. Horretan oinarrituta egin da lege honen 2. artikuluak ematen duen lan duinaren definizioa.

VIII

[…]

Zazpigarren xedapen gehigarriak mandatua ematen du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko plan bat onartzeko, lege indarrean jarri eta urtebeteko epean.

[…]

III. TITULUA
Euskal Enplegu Sarea

II. KAPITULUA
Euskal Enplegu Sarearen zerbitzu-zorroa, eta pertsona, entitate eta enpresa erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

1. atala
Euskal Enplegu Sarearen zerbitzu-zorroa

31. artikulua.— Lanerako prestakuntza-zerbitzua

5. Lanerako prestakuntza-zerbitzuak lagunduko du prestakuntza-ibilbide pertsonalizatuak, irisgarriak eta, behar izanez gero, egokituak garatzen, arrazoizko doikuntzen bidez. Ibilbide horiek, hala badagokio, enplegu-plan integratu eta pertsonalizatuaren parte izango dira. Arreta berezia jarriko zaie garapen profesionalean eragina izango duten eta eraldaketa sozioekonomikoetara egokitutako konpetentziak eskuratzeko lagungarri diren konpetentzia digitalei, teknologikoei eta bestelakoei.

Bermatu egingo da enplegagarritasunerako oinarrizko konpetentziak eskuratzera, hizkuntza ofizialetan gaitzera eta pertsonak laneratzeko garrantzitsuak diren beste gaitasun sozial edo bestelako batzuk eskuratzera zuzendutako eskaintza.

2. atala
Pertsona, enpresa eta entitate erabiltzaileak. eskubideak eta betebeharrak

37. artikulua.— Pertsona, enpresa eta entitate erabiltzaileen eskubideak

1. Bazter utzi gabe 10.etik eta 14.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa, Euskal Enplegu Sareko entitateek eskubide hauek bermatuko dizkiete zerbitzu-zorroa erabiltzen duten pertsona fisikoei:

h) Harremanak zein hizkuntza ofizialetan izan nahi dituzten aukeratzeko eskubidea; hizkuntza bat ala bestea erabiltzeak ez du inolako diskriminaziorik eragingo, euskararen erabilera normalizatzeko legeriarekin bat etorriz.

Zazpigarren xedapen gehigarria.— Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko plana

Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko plana onartuko da.


8.2.98. 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena[617]

Hirugarren xedapen gehigarria.— Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako funtzionario propioen kidegoak eta eskalak sortzea

2. Kidego eta eskala hauek sortzen dira, eta horietan integratuko dira Agintaritzako funtzionario propioak:

Goi-mailako kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea):

– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren itzulpengintzako fakultatiboen goi-mailako eskala.


8.2.99. 17/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena[618]

ZIOEN AZALPENA

I. ANBIZIO KOLEKTIBOA

[…]

Espazio publiko digital berri horiek informazioa eta kultura eskuratzeko modu berri batzuk ekarri dituzte, aurreko belaunaldiek eduki ez zituztenak, baina nahaste- eta banalizazio-arazoak ere sortu dituzte. Hori dela eta, hezkuntza-prozesuak oso zeregin garrantzitsua hartu behar du bere gain: irizpide propioa, gaitasun kritikoa eta aurreko gizarte-ereduak baino pluralagoak diren gizarteetan bizitzeko baliabideak dituzten eta digitalki ahaldunduak diren pertsonak prestatu behar ditu; izan ere, jadanik ez dago garapen pertsonalerako esparru indartsurik, rol eta funtzio eztabaidaezinak esleitzen dituenik. Gertatzen ari diren kultura-aldaketa emankorretako bat bizitzako erabakiak hartzeko askatasun eta sormen handiago baten nahikaria da, eta horrek, zalantzarik gabe, balio pertsonal sendoagoak eta ez hain konbentzionalak izatea eskatuko du. Azken urteotan nabarmen aldatu da gure testuingurua, bai balioei dagokienez, bai informazio-inguruneari, aukera teknologikoei eta gizarte-harremanei dagokienez ere, eta funtsezkoa da, testuinguru horretan, eskolak garapen- eta heltze-prozesu pertsonala bideratzeko duen funtzioa. Era berean, hezkuntza da gutxiengoen hizkuntza oro indarberritzeko eremu zentraletako bat: izan ere, berma dezake belaunaldi berriek behar bezalako konpetentzia eskuratuko dutela, eta, gainera, funtsezkoa da gizarte-kohesiorako.

[…]

II. ZERGATIK ETA ZERTARAKO LEGE BERRI BAT

Euskal hezkuntzak, batez ere euskalduntzeari eta inklusio-politikei dagokienez, errealitate berri baten funtzio eraldatzailea eta egituratzailea bete izan du azken hamarkadetan, gure habitus edo kultura-jokabidean txertatzen den Euskal Hezkuntza Sistema osoaren ondasun komuna eta partekatua bilakatu arte. Erakundeen eta gizarte-eragileen ekintza konbinatua gakoa izan da, eta hala izaten jarraitu behar du. Azpimarratzekoa da Gernikako Estatutuak bere 6. artikuluan euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza dela xedatzen duela, eta gaztelania eta euskara, biak ala biak, hizkuntza ofizialak direla. Horren garapena Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legeak egiten du, eta haren garrantzia ere azpimarragarria da, lege hori oinarrizko lege-tresna bihurtu baitzen euskararen normalizazio-prozesua bultzatzeko, euskarak hizkuntza gisa dituen funtzio sozial guztiak bete zitzan. Lege horren 2. artikuluan adierazten da euskara dela Euskal Herriko hizkuntza propioa. Nolanahi ere, Euskal Herriko mapa soziolinguistikoek eta inkesta soziolinguistikoek erakutsi dute euskara, gaur egun, gutxiengoaren hizkuntza eta hizkuntza gutxitua dela erabilera-eremu formal eta informal gehienetan. Bada, ahalegin horretan euskararen erabilera normalizatzeko legea onartu zenetik euskarak izan duen biziberritze-prozesuan, funtsezkoak izan dira euskal hezkuntzak ekarri dituen hiztun berriak.

Aipatzekoa da, halaber, hezkuntzaren alorrean, 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena, eta haren 11. artikulua; izan ere, hizkuntza-erabilera arautzen duenean, hau dio: «1. Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta gaztelania hizkuntza ofizialak dira euskal unibertsitate-sisteman». Ikusten denez, hezkuntza alorrean euskararen berezko izaera edo izaera propioa jadanik arautua dago, hizkuntza ofizialen araubidearekin batera.

1992ko Ituna ere gogoratu behar dugu, oinarrizkoa izan baitzen euskal hezkuntzarako. Gaur arte gurekin izan ditugun lehen oinarriak finkatu zituen akordio horrek: Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea adostasun politiko eta sozial zabal batekin onartu ziren, eta behar genuen esparrua eman digute 28 urte hauetan. Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntzaren arloan dituen eskumenen berezitasuna azpimarratzen du zioen azalpenean; eta horri gehitu behar zaio, gainera, Autonomia Erkidego honek kultura-ezaugarri propioak dituela, hezkuntza-sistemak aintzat hartu beharrekoak, eta bi hizkuntza ofizial ere badituela, hezkuntza-sistemak bultzatu beharrekoak.

1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea 30 urtez egon da indarrean. Aldi horretan, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira gure gizartean eta, bereziki, hezkuntzaren ingurune hurbilenean. Arau-esparru horrek, mugak muga eta Estatuaren oinarrizko legeriak ezarri izan dituen murrizketak murrizketa, aukera eman du hezkuntza-sistema parte-hartzaileagoa, pluralagoa eta aniztasuna integratzen duena garatzeko, bai eta euskara hizkuntza propio gisa indartzeko ere; izan ere, aurreko belaunaldiek ilusio handiz baina bitarteko gutxirekin ekin zioten langintza horri. Badakigu, hala ere, asko aldatu direla mundua eta gure gizartea bera, eta aldaketa horren neurriak berariaz eskatzen dituela diagnostiko partekatu berri batzuk eta, batez ere, tresna berri batzuk, bereziki hezkuntzaren esparruan, beste erronka batzuei aurre egiteko eta prestakuntza hobea eta elkarbizitzarako gaitasun handiagoak emateko. Behar objektibo bat dago, hezkuntzaren une honetako egoera eta etorkizunekoa aztertuko dituen arau-esparru berri hori lantzeko. Lege honen helburua da, hain zuzen ere, bidezko hezkuntza-trantsizioa ahalbidetzea; euskal hezkuntza-sistema bat eraikitzea, zeina gai izango baita une bakoitzeko beharretara egokitzeko eta malgutasunez doitzeko, eta, batez ere, sistema hori prozesu inklusibo baten bidez gauzatzeko, ekitatean, gizarte-kohesioan eta bikaintasunean oinarritua.

[…]

III. HEZKUNTZA-SISTEMAREN BALIOAK

[…]

Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin —Euskal Herriko hizkuntza propioa baita— eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, bai eta beste hizkuntzekin ere. Eskola identitate irekiak eraikitzeko espazioa da, norberaren dimentsioa eta dimentsio unibertsala uztartzen ikasteko espazioa.

Eskolan, ikasleek beren etorkizun pertsonal eta kolektiboa eraikitzen ikasi behar dute, eta, aldi berean, ikusiko dute eraikuntza horrek batzuetan zenbateraino inplikatzen dituen guztiz bestelako beste nortasun-esperientzia batzuk. Eskolan, azken batean, gizakiek pluraltasunaren eta berdintasunaren balioa deskubritzen dute.

IV. HEZKUNTZA ELEANIZTUNA ETA KULTURARTEKOA

Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzeko, irakaskuntzaren kalitateak garrantzi berezia du ikasleen garapen pertsonalean eta akademikoan, tresna horrek lagunduko baitie errealitatea ulertzen, pentsamenduak eta emozioak adierazten, ezagutzak transmititzen, espiritu kritikoa aktibatzen, mundua arrazoitzen, sortzen, ikusten eta ulertzen eta besteekin harremanetan jartzen. Egungo testuinguruan, hizkuntzen arteko harremanean eta elkarrekintzan oinarritu behar da konpetentzia hori, ezagutza eskuratzeko eta sortzeko, nazioarteko esparruetan eta ingurune digitaletan jarduteko, gizartean parte hartzeko eta lan-integraziorako tresna izateko.

Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, eta bi hizkuntza ofizialen bidez eta atzerriko hizkuntza baten bidez, gutxienez, antolatzen da, ikaskuntzak bideratuko dituztenak, gizarte-kohesioa eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko duten gaitasuna bermatzeko. Lege honek posible egin nahi du ikasle guztiek, familia-jatorria edozein dutela ere, ikasketak amaitzean bi hizkuntza ofizialak maila berean ezagutzea eta, horretaz gain, gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza izatea.

Hezkuntza-komunitate osoaren ardura da ikasleei profil eleaniztuna eta kulturartekoa, multimodala, garatzen laguntzea, mundu global eta kulturaniztun batean integratu eta euskararen erabilera aktiboarekin konprometitu daitezen, eta euskal kultura ezagutu eta hura garatzen eta eguneratzen lagun dezaten, aldi berean beste hizkuntza eta kultura batzuk ezagutzeko jakin-mina eta motibazioa landuz. Lege honek, bereziki, hezkuntzako profesionalen komunikazio- eta metodologia-gaitasuna hobetzea bilatuko du, eta hizkuntzen ikaskuntza eta haien erabilera bideratzeko modu berri batzuk ikertzea eta garatzea sustatuko du.

Era berean, lege honen bitartez, euskarak hezkuntza-komunitate osoan duen presentziak jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa egingo du, hezkuntza-sistemaren erreferentzia-hizkuntza gisa duen zeregina indartu nahi baita, eta ikasleek hezkuntza-testuinguru formalean eta ez-formalean modu aktiboan erabil dezatela sustatu. Halaber, atzerritar jatorriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak agerrarazi nahi ditu ikastetxeetan, elkarrekiko aitortza bultzatu, aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmendu eta hezkuntza-integrazioa sustatu, ikasleengan beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakin-mina pizteko eta hizkuntza eta kultura horien ezaugarriei eta funtzionamenduari buruzko ezagutza emateko.

Azken batean, gazteak mundu plural eta global baterako prestatu nahi ditu lege honek. Gai lokalak, globalak eta kulturartekoak interpretatzen ikasi behar dute, eta beste pertsona, kultura eta mundua ulertzeko ikuskera batzuen ikuspuntuak balioetsi. Horretarako, globalizazioaren aurrean, ikastetxeen nazioartekotzea bultzatu eta nazioarteko lankidetza-proiektuen garapena sustatu behar da, bai ikasleen aldetik, bai irakasleen eta hezkuntza-sisteman eta ikastetxeetan inplikatutako talde profesional guztien aldetik.

V. LEGEAREN EDUKIA

Lege honek sei titulu ditu. Hau da, laburbilduta, haien edukia:

[…]

IV. tituluak, berriz, hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du, gai garrantzitsua inondik ere. Gai hori zioen azalpen honetan jada jorratuta dago, batez ere lege honek finkatzen duen sistema eleaniztun eta kulturartekoaren ardatz gisa euskarak duen zereginari dagokionez. Horri buruz ari da I. kapitulua, eta bertan jasotzen dira orobat komunitate eleaniztunaren eta kulturaniztunaren inguruko xedapen jakin batzuk, bai eta euskal hezkuntzan hizkuntza ofizialek eta atzerriko hizkuntzek elkarren artean duten harremanari buruzkoak ere.

II. kapituluak Euskal Hezkuntza Sistemako hizkuntza-proiektuen gaiari eta hizkuntzen tratamendu integratuari eta haien alderdi metodologikoei heltzen die, eta, amaieran, Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleei aplika dakizkiekeen arau espezifiko batzuk jorratzen ditu, bai eta ikasleen hizkuntzak eta kulturak sustatzeko neurri espezifiko batzuk ere testuinguru kulturaniztun nabarmena duen hezkuntza batean. Hori guztia ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektuan egituratu behar da, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritako eskubide aitortuak eta printzipioak barne hartzen dituen esparru komun baten barruan, unean-unean indarrean dauden hizkuntza-ereduen sisteman oinarrituta, eta eredu horien edozein garapen edo eguneratze erregelamendu bidezko garapenaren bidez egingo dela ziurtatuz, eskubide eta printzipio berberak bermatuz.

Erregelamendu bidezko garapen horren arabera, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza-proiektuetan, hizkuntzen ikaskuntza, erabilera eta ikasleek hizkuntzekiko izango duten jarrera positiboa planifikatu behar dira, kontuan hartuta inguru bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, ikasleen eta haien familien ezaugarri espezifikoak barne direla, ikasleek hezkuntza-etapa bakoitzaren amaieran eskatzen diren hizkuntza-maila eta gaitasunak eskura ditzaten bilatuz. Ikastetxeko hizkuntza-proiektuak ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko irizpide pedagogikoak garatu behar ditu.

III. kapituluak irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza indartzeko modua aztertzen du. Irakasleei dagokienez, haien hizkuntza-gaikuntza hobetzeko neurri batzuk proposatzen dira, bai eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzarako duten gaikuntza hobetzekoak ere. Eta, azkenik, IV. kapituluaren xedea da ikastetxeetan eta pertsonen arteko harremanetan euskararen erabilera soziala eta ingurunekoa bultzatzeko zenbait printzipio eta neurri ezartzea.

[…]

VI. kapituluan, halaber, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua arautzen da berariaz, hizkuntza-metodologiak lantzeko eta irakasleak prestatzeko behar den tresna gisa. Azkenik, Euskal Hezkuntza Sistemaren palanka eraldatzaile moduan jarduten duten bitartekoen zerrenda trinko honetan, ezin da ahaztu, inola ere, irakasleek duten ezinbesteko rola, eragile oso garrantzitsuak baitira —garrantzitsuena ez bada— egokitzapen- eta aldaketa-prozesuen arrakastarako eta irakaskuntzaren eta beraren emaitzen bilakaerarako, inplikatutako pertsona eta profesional guztien buru izatea lortzen dutenean. Testuinguru horretan, premia existentziala da prestakuntzaren eta ikaskuntzaren bidez konpetentzia profesionalak garatzea, eta hezkuntza-sistemak berak ezin dio inola ere horri ezikusia egin. Horrela, esparru horretan, VII. kapituluak «Lankidetza-prestakuntza berri baterantz» du izenburu, eta irakasleen hasierako prestakuntzari eta etengabeko prestakuntzari dagozkien alderdi batzuk lantzen ditu. Alderdi horien helburua da arreta jartzea, ez soilik hasierako gaikuntzaren premian —zinez garrantzitsua berau—, bai, halaber, etengabeko ikaskuntzaren premian ere, ingurune oso disruptibo eta aldakor batean duen premian, halako ingurunea izango baita nagusi datozen urte eta hamarkadetako hezkuntzaren garapenean.

[…]

ATARIKO TITULUA
Definizioak

1. artikulua.— Kontzeptuak

Honela ulertu behar dira:

a) Euskal Hezkuntza Sistema: ikastetxe publiko zein pribatuen sarea, itunpekoak izan edo ez, lege honetako 8. artikuluan aurreikusitako araubide orokorreko eta bereziko ikasketak ematen dituztenak.

b) Hezkuntzaren arloko eskumena duen saila: besteak beste, araubide orokorreko eta bereziko ikasketei buruzko ahalmenak egikaritzeaz arduratzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko saila da.

c) Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Institutua: Euskal Hezkuntza Sistemaren zerbitzura dagoen organo tekniko bat da, sistema etengabe hobetzea helburu duena Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeekin lotutako ebaluazio, ikerketa eta hezkuntza-prospekzioaren bidez.

d) Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua: Euskal Hezkuntza Sistemaren mendeko organo bat, hizkuntza-metodologiak lantzeaz eta irakasleak prestatzeaz arduratuko dena, haien jarrera, aurrerapena eta hizkuntza-inplikazioa indartzeko, hezkuntza-sistemak testuinguru bakoitzean dituen eskakizunen arabera. Euskararen erabilera aktiboa sustatzeaz arduratuko da bereziki.

e) Udaleko hezkuntza-kontseilua: ikastetxe bat edo gehiago dituzten udaletan eratu daitekeen erakunde-espazio bat da, hezkuntza-proiektu komunitarioak antolatzea eta bultzatzea helburu duena, baliabide publikoen erabileran sinergiak sortuz eta ikasleen ongizatera eta garapenera bideratutako ekintzak gauzatuz.

f) Ikastetxeen tipologia:

1. Titulartasun publikoko ikastetxeak: Hezkuntza Administrazioa titular duten ikastetxeen sarearen mendean zuzenean dauden eta oso-osorik funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeak.

2. Titulartasun pribatuko ikastetxeak: titulartzat pertsona fisiko edo juridiko pribatu bat duten ikastetxeak.

3. Itunpeko ikastetxeak: legez ezarritako itun-araubideari atxikitako titulartasun pribatuko ikastetxeak.

4. Itundu gabeko ikastetxeak: ikastetxeak sortzeko eskubidea edo askatasuna egikarituz eratzen diren ikastetxe batzuk, titulartzat pertsona fisiko edo juridiko batzuk dituztenak eta beren irakaskuntzak ordaintzeko funts eta baliabide propioak, dohaintzak, diru-ekarpenak (matrikulak eta gastu osagarriak edo mantentze-gastuak) eta ikastetxe horietan ikasten dutenek beren familien bitartez eginiko beste edozein transferentzia ekonomiko erabiltzen dituztenak.

5. Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeak: titulartasun publikoko ikastetxeak, bai eta doako ikasketak ematen dituzten eta funts publikoen bitartez finantzatuta dauden itunpeko ikastetxeak ere.

g) Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa: hezkuntzarako funtsezko eskubidea bermatzen duen zerbitzua da, ikastetxe publikoen eta pribatu itunpekoen bidez gauzatzen dena, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezarritako betekizunen bitartez.

h) Hezkuntza-konplexutasunaren indizea (HKI): zenbait elementu osagarritatik abiatuta sortutako indize bat da, aukera ematen duena egoera zailenean lan egiten duten ikastetxeak zein diren jakiteko, haien premiak zehatzago definitzeko eta eskaintzen zaizkien baliabideak egokitzeko, Euskal Hezkuntza Sistemaren ekitatea hobetuz.

i) Hezkuntza-komunitatea honako kideek osatzen dute: ikasleak, gurasoak edo tutoreak eta irakasleak, bai eta ikastetxeko irakaskuntza-prozesuan parte hartzen duten hezkuntza-arretako beste profesional batzuk, administrazioko eta zerbitzuetako langileak, udal-ordezkariak eta itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatuetan haien titulartasunaren ordezkariak ere.

j) Euskal eskola publikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailetako ikastetxe publikoek osatzen dute, eta hezkuntzarako eskubide unibertsala bermatzen du, jatorria, generoa, gaitasuna, egoera sozioekonomikoa eta kulturala, erlijio-sinesmenak edo beste edozein zirkunstantzia bereizi gabe.

k) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua: ikastetxearen autonomia babesteko eta egikaritzeko tresna; ikastetxearen identitatea jasotzen du, faktore bereizgarri eta haren idiosinkrasia propioaren adierazpide den aldetik; ikastetxearen helburuak adierazten ditu, eta ikasleek kasu bakoitzean eskatzen diren oinarrizko konpetentziak lortzea du helburu, hezkuntza eta ikaskuntza ahalik eta gehien aprobetxatuz.

l) Ikastetxearen kudeaketa-proiektua: ikastetxeen jarduera epe ertainera antolatzeko tresna, ikastetxeek berek onartua eta gauzatua, beren autonomia baliatuz. Ikastetxeek hezkuntza-proiektua gauzatzeko dituzten baliabideen antolaketa eta erabilpena adierazten du.

m) Ikastetxearen urteko plana: ikastetxe bakoitzak bere autonomia erabiliz onartutako hezkuntza-proiektuak, antolakuntza- eta funtzionamendu-araudiak eta kudeaketa-proiektuak jasotzen dituzten zehaztapenen urteko gauzatzea da. Plana hiru programa hauek osatzen dute: irakaskuntza-jardueren programak, prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko ekintzen eta jarduera osagarrien programak eta urteko kudeaketa-programak.

n) Ikastetxearen antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia: ikastetxe bakoitzaren berezko arau-tresna bat, helburu duena bertako kudeaketaren autonomia babestea eta haren funtzionamendu egokia bermatuko duen erreferentzia-esparru bat eskaintzea. Araudi horretan jasotzen dira: hezkuntza-komunitateak parte hartzeko arauak eta haren organoen osaera, eskumenak eta hautatzeko modua, bai eta jarduera akademikoak eta haien administrazio- eta ekonomia-araubidea behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen diren xedapen guztiak ere.

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA
Legearen xedea eta Euskal Hezkuntza Sistema

2. artikulua.— Legearen xedea

2. Euskal Hezkuntza Sistemaren mailakako eraldaketaren oinarriak ekitatea eta bikaintasuna dira, eta balio hauek bultzatzen ditu: inklusioa eta gizarte-kohesioa, ebaluazioaren kultura, bere irismenik zabalenean, eta euskara eta euskal kultura ardatz hartzen dituen esparru eleaniztun eta kulturarteko bat, bai eta bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania —euskara hizkuntza propio gisa—, menderatzea ere eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ondo ezagutzea ere.

II. KAPITULUA
Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipio, helburu eta balioak

3. artikulua.— Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioak

Hona hemen Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioak, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain:

d) Euskal kultura eta haren bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituzten eta haien ondare immaterialaren erabilera eta ezagutza baloratzen duten pertsonak prestatzea.

4. artikulua.— Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuak

Hona hemen Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuak, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain:

k) Kalitatean eta bikaintasunean, ekitatean, inklusioan eta berrikuntzan oinarritutako hezkuntza-sistema eleaniztuna bermatzea, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, eta ikasle eleaniztunak modu eraginkorrean garatzeko esparru propioa antolatuta.

v) Ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna lortu dezaten sustatzea, benetako egoerara egokituta. Hainbat neurri hartuko dira euskararen erabilera bultzatzeko, eskola-komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko.

III. KAPITULUA
Euskal Hezkuntza Sistemaren balioak

8. artikulua.— Elkarrekin bizi

3. Euskal Hezkuntza Sistemak bi hizkuntza ofizial ditu: euskara eta gaztelania, euskara hizkuntza propio gisa, gure nortasunaren zati eta adierazpenerako eta elkarbizitzarako bitarteko diren aldetik. Arreta berezia eskainiko zaio euskarari, gure hizkuntza propioa baita, zeinak jarduketa eraginkorrak behar baititu ezagutzan eta erabileran aurrera egiteko, nortasun-, adierazpen- eta elkarbizitza-bitarteko gisa, eta, era berean, atzerriko hizkuntzen erabilera sustatuko da, bereziki ingelesarena, ikasleak ingurune gero eta globalizatuago batean garatu ahal izan daitezen gizon-emakume gisa eta alderdi sozial, ekonomiko eta profesionalean.

IV. KAPITULUA
Ikasketen antolamendua

1. atala
Ikasketen antolamendua eta curriculum akademikoa

9. artikulua.— Ikasketen antolamendua

1. Euskal Hezkuntza Sistemak, indarrean dagoen legediaren arabera, honako ikasketa hauek biltzen ditu:

b) Araubide bereziko ikasketak:

1) Hizkuntzen irakaskuntza.

2. atala
Araubide orokorreko ikasketak

11. artikulua.— Haur-hezkuntza

2. Haur-hezkuntzak baldintza egokiak bultzatu eta eskaini behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan elebitasun orekatua bermatzeko, eta, gainera, hezkuntza-ekintza batzuk egingo ditu atzerriko hizkuntza batean.

16. artikulua.— Helduen hezkuntza

2. Helduen hezkuntza-programetan gizarte-kohesioa eta -partaidetza sustatuko dituzten prestakuntza-ekintzak sartu ahal izango dira, besteak beste: migratzaile helduentzako prestakuntza-harrera; hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten hastapenak; prestakuntza-zikloetara sartzeko prestakuntza-ikastaroak, bai eta Unibertsitatera sartzekoak ere, euskal kulturaren ezagutza, tresna digitaletara sarbidea, eta oinarrizko konpetentziak eskuratzeko eta pertsonen arteko harremanetarako trebetasunak garatzeko estrategien erabileran gaitzea. Prestakuntza-ekintza horiek erregelamendu bidez arautuko dira.

3. atala
Araubide bereziko ikasketak
1. azpiatala
Hizkuntzen ikasketak

17. artikulua.— Hizkuntzen ikasketak

1. Araubide bereziko hizkuntzen ikasketen helburua da ikasleak gaitzea hizkuntzak komunikatzeko erabil ditzaten, hezkuntza-sistemaren ohiko etapetatik bereiz.

Bizitzan zehar hizkuntzak ikasi nahi edo ikasi behar dituzten pertsona helduei zuzenduta daude, interes pertsonalagatik, profesionalagatik edo akademikoagatik hizkuntza horiek modu espezializatuan erabiltzeko. Ezinbesteko baldintza izango da 16 urte beteta izatea ikasketak hasten diren urtean. 14 urtetik gorakoak ere sartu ahal izango dira derrigorrezko bigarren hezkuntzan ikasitakoa ez den beste hizkuntza batean ikasten jarraitzeko.

2. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduzko arau-xedapen baten bidez ere zehaztuko ditu hizkuntza-ikasketa arautuetako maila guztietako curriculumak eta hizkuntza-eskola ofizialek, ikastetxe publiko delegatuek eta ikastetxe pribatu baimenduek bete behar dituzten baldintzak.

3. Erregelamenduzko arau-xedapen baten bidez, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntzen ezagutza-ziurtagiriak lortzeko ebaluazio- eta homologazio-proben ezaugarriak arautuko ditu.

II. TITULUA
Hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa

I. KAPITULUA
Hezkuntzarako eskubidea

25. artikulua.— Hezkuntzarako eskubidea

3. Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren prestazioa ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez gauzatuko da. Ikastetxe horiek guztiak, lege honetan eta lege hau garatzen duten arau-xedapenetan ezarritakoaren arabera, printzipio hauei jarraikiz arautuko dira: diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi-asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte-hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa eta bai eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa ere; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio-mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenestea, hezkuntza-jardueran zein harreman profesionaletan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere, eta ezarritako hizkuntza-helburuak betetzea.

26. artikulua.— Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa

3. Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren prestazioa ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen bidez gauzatuko da. Ikastetxe horiek guztiak, lege honetan eta lege hau garatzen duten arau-xedapenetan ezarritakoaren arabera, printzipio hauei jarraikiz arautuko dira: diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi-asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte-hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa eta bai eta inklusioaren, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren aldeko konpromisoa ere; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio-mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenestea, hezkuntza-jardueran zein harreman profesionaletan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere, eta ezarritako hizkuntza-helburuak betetzea.

4. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak baliabide espezifiko batzuk emango dizkie euskararen presentzia urria duten ingurune soziolinguistikoetan lan egiten duten ikastetxeei, beren hezkuntza-proiektua garatzeko.

II. KAPITULUA
Eskaintzaren programazioa eta euskal hezkuntza zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxeetarako sarbidea

29. artikulua.— Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan plazak eskuratzeko prozesua eta irizpideak

2. Eusko Jaurlaritzak, pertsona guztiek hezkuntza berdintasun-baldintzetan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko eta ikastetxea aukeratzeko eskubidea gauzatzeko, erregelamenduz arautuko du ikasleak hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan onartuak izateko prozedura bakarra. Prozedura hori honako ikasketa[619] hauek ematen dituzten ikastetxeei aplikatuko zaie:

e) Araubide bereziko ikasketak (arte-ikasketak, hizkuntzak, kirol-ikasketak).

4. Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxe guztiek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak erabakitzen duen plaza kopuru jakin bat erreserbatu beharko dute berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak eskolatzeko. Premia horien artean daude, besteak beste, arrazoi hauek eragindakoak: heldutasun-atzerapena, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmendua, arreta- edo ikaskuntza-nahasmenduak, ikaskuntza-hizkuntzaren ezjakintasun larria, gizarte- eta hezkuntza- edo gizarte- eta ekonomia-zaurgarritasuneko egoeran egotea, gaitasun intelektual handia izatea, hezkuntza-sisteman berandu sartzea edo egoera pertsonalak edo eskola-historiako egoerak.

III. KAPITULUA
Elkarbizitza positiboa

34. artikulua.— Familien, hezkuntza-eragileen eta beste eragile batzuen erantzunkidetasuna, hezkuntzan elkarbizitza zaintzeari dagokionez

2. Horretarako, hezkuntza-eragile guztiak (familia, eskola, administrazio publikoa, tokiko gobernuak, hedabideak, elkarte eta erakunde soziokulturalak, besteak beste) erantzunkide dira —bakoitza bere erantzukizunetik eta lankidetzaren bidez— ikasleei oinarrizko hezkuntza-, gizarte- eta hizkuntza-konpetentziak eskuratzen eta menderatzen laguntzeko orduan, ikaskuntza-prozesuaren berezko helburuak eta heldutasun pertsonala eta intelektuala lortu ditzaten.

III. TITULUA
Hezkuntza-sistemaren gobernantza

III. KAPITULUA
Eskola-kontseiluak eta Euskal Hezkuntza Sisteman parte hartzea

2. atala
Euskadiko Eskola Kontseilua

57. artikulua.— Euskadiko Eskola Kontseiluaren eginkizunak

1. Euskadiko Eskola Kontseiluari nahitaez egin beharko zaio kontsulta gai hauei buruz:

j) Irakasleen eta irakasle ez diren laguntzako edo administrazio-zerbitzuetako langileen eskakizun profesional berriak definitzea, autoikaskuntzaren, digitalizazioaren eta eraldaketa teknologikoaren ondoriozko erronka metodologikoei aurre egiteko, bai eta zenbait ikasgai beste hizkuntza batzuetan irakasteko ere.

IV. TITULUA
Hizkuntzak euskal hezkuntzan

I. KAPITULUA
Euskal Hezkuntza Sistemaren esparru eleaniztuna eta kulturartekoa

66. artikulua.— Esparru eleaniztunaren ezaugarriak

1. Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan artikulatua, eta hezurduratzat ditu bi hizkuntza ofizial, euskara eta gaztelania —euskara hizkuntza propioa izanik—, eta gutxienez atzerriko hizkuntza bat.

2. Lege honek hezkuntza eleaniztun eta kulturarteko baten alde egiten du, helburua izanik hizkuntza- eta kultura-kontzientzia zabala eta komunikazio-konpetentzia etengabe hobetzeko motibazioa sustatzea. Era berean, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek, familia-jatorria edozein dela ere, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ezagutzea ahalbidetzearen alde egiten du.

3. Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna izateak berekin dakar irakasleen eta ikasleen inplikazioa, hiru hizkuntzatan gutxienez komunikazio eraginkorrera bideratutako gaitasunak garatzeko, multimodalitatetik abiatuta.

4. Ikastetxeek lekua egingo diete atzerritar jatorria duten ikasleen hizkuntza eta kulturei; elkarrekiko aitortza bultzatuko dute; aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmenduko dute, eta hezkuntza-inklusioa sustatuko dute.

5. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak euskararen erabilera indartuko du berariazko plan batzuen bidez, eskola-ekintzan hizkuntza horren ohiko erabilera normalizatzeko xedez. Helburu berarekin, arreta berezia eskainiko zaio euskal kultura ezagutzeari.

67. artikulua.— Hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntzak

1. Curriculum-dekretuek hizkuntza horien ezagutza praktiko eta nahikoa definitu beharko dute, bai eta hizkuntza horien irakaskuntza eraginkorra ere. Gutxieneko helburu gisa, konpetentzia-maila hauek finkatuko dituzte:

– Lehen hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan.

– Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan.

Ikasle bakoitzaren ardura beren gain duten irakasle-taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen diren.

2. Gutxienez atzerriko hizkuntza baten irakaskuntza ere jaso behar da curriculumetan, helburua izanik ikasleek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren amaieran behar besteko ezagutza lor dezatela eta egoera, testuinguru eta eremu pertsonal, sozial eta akademikoetan komunikazio egokia lortzen dela ziurta dadin. Horretarako, emaitzetan oinarritutako plan bat diseinatu ahal izateko gaikuntza-maila horiek finkatuko dira, ondoren zehazten diren helburu hauek lortu ahal izateko, betiere indarrean dagoen oinarrizko legeria eragotzi gabe:

– Lehen hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A2 azpimaila lortu beharko da.

– Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 azpimaila lortu beharko da.

Ikasle bakoitzaren ardura beren gain duten irakasle-taldeek ebaluatuko dute gutxieneko helburu horiek betetzen diren.

3. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak eta ikastetxeek beharrezko diren neurriak ezarriko dituzte finkatutako mailak lortzen direla bermatzeko, kontuan hartuta ingurune bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, gehien behar duenari gehiago emateko. Hizkuntza ofizialei eta atzerriko hizkuntzei buruzko gutxieneko helburu horiek Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztietan aplikatuko dira.

4. Araubide bereziko ikasketen curriculumek bermatu behar dute ikasleek kasuan kasuko irakaskuntzaren berezko hizkuntza-konpetentzia teknikoa eskuratzen dutela.

5. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak beharrezkoak diren ebaluazio-tresna batzuk arautuko ditu, irakasle-taldeek berek baloratu ditzaten lortu diren emaitzak, halako eran non ikasle guztiek lege honetan xedatutako hizkuntzen ezagutza-maila eskuratzen dutela bermatuko baita. Horrekin batera, jarraipen-sistema eraginkor bat abian jarriko du ebaluazioaren emaitzak hobetzeko.

II. KAPITULUA
Hizkuntza-proiektuak Euskal Hezkuntza Sisteman

68. artikulua.— Hizkuntza-proiektuak hezkuntza-sisteman

1. Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxeek, hezkuntza-proiektuaren osagai gisa, hizkuntza-proiektu propio bat egin behar dute hizkuntzak ikastetxean nola tratatu behar diren zehazteko, helburua izanik euskara ardatz nagusi izango duen sistema eleaniztuna bultzatzea, zeinean bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ikaskuntza-hizkuntzatzat hartuko baitira.

2. Ikastetxeko hizkuntza-proiektuak ikasleen hizkuntzen ikaskuntza, erabilera eta hizkuntzekiko jarrera positiboa planifikatu behar ditu, kontuan hartuta ingurune bakoitzaren abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, horrela ikasleek hezkuntza-etapa bakoitzaren amaieran eskatutako hizkuntza-maila eta beharrezkoak diren konpetentziak eskura ditzaten, lege honen 67. artikuluan ezarritako baldintzetan.

3. Ikastetxearen hizkuntza-proiektuak ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko irizpideak garatu behar ditu.

4. Hezkuntza Administrazioak, tokian tokiko ikastetxearekin lankidetzan, ikastetxearen hizkuntza-proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, hobekuntza-prozesuak gauzatzeko.

5. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, hizkuntza-proiektuak curriculumaren eta ikastetxearen helburuak zehaztuko ditu. Gainera, euskararen ingurune-erabilera ziurtatzera bideratutako eskolaz kanpoko jardueren proposamenak ere jaso behar ditu.

69. artikulua.— Hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua. Metodologiak

1. Curriculumak hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala jasoko du, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuan txertatuta egon behar du, helburua izanik bi hizkuntza ofizialetan eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean konpetentzia eleaniztuna lortzea, lege honen 67. artikuluan azaldutako baldintzetan.

2. Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia zeharkakotasunez landuko da curriculum-arloen testuinguruan.

3. Hizkuntzaren alorrekoak ez diren irakasgaietako irakasleek ere erantzukizuna dute komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzen laguntzeko.

4. Hizkuntza-proiektuaren esparruan, ikastetxeek komunikazio-gaitasuna —batez ere euskararena— lantzeko helburuak planifikatuko eta finkatuko dituzte ikasgai guztietan.

70. artikulua.— Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleak. Atzerritar jatorria duten ikasleen hizkuntzak eta kulturak

1. Euskal Hezkuntza Sistemak tratamendu inklusiboa eta egokia emango dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko familien kultura- eta hizkuntza-aniztasunari.

2. Hezkuntza Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleentzako prestakuntza espezifikoari ekin beharko dio, bai eta hizkuntzen eta kulturen aniztasuna ikasgelan integratzeko neurriak hartzeari ere, atzerritar jatorriko ikasleentzat errespetuzkoa eta aberasgarria izan dadin.

III. KAPITULUA
Irakasleak eta irakasle ez diren langileak

71. artikulua.— Irakasleen hizkuntza-gaikuntza hobetzeko prestakuntza

1. Hezkuntza Administrazioak irakasleak prestatzeko eta trebatzeko plan bat egingo du, curriculumeko hizkuntzetan duten hizkuntza-konpetentzia hobetzeko.

2. Irakasleek euskarako C2 maila eta ingeles-irakasleek ingeleseko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da.

3. Prestakuntza-planak curriculum-hizkuntzen ezagutza ziurtatuko du, eta euskararekiko eta haren erabilerarekiko konpromisoa sustatuko du.

4. Irakasleak euskara-konpetentzietan eta atzerriko hizkuntza batean —ahal dela, ingelesa— prestatzeak kalitatezko irakaskuntzaren beharrei erantzungo die.

72. artikulua.— Irakasleen prestakuntza hizkuntzen irakaskuntzan

1. Hezkuntza Administrazioak berariazko prestakuntza eskainiko du metodologiari, aplikazioari, curriculum-diseinuari eta diziplinarteko lanari dagokienez, hizkuntza-proiektuak sistema eleaniztun batean gauzatzeko, euskara ardatz nagusitzat hartuta.

2. Atzerritar jatorriko ikasleei ikastetxeetan eta ikasgeletan abegi egiteko prestakuntza-programak garatuko ditu Hezkuntza Administrazioak, eta, aldi berean, ikasgeletan integratuko ditu haien hizkuntzak eta kulturak, errespetutik abiatuta.

73. artikulua.— Irakasle ez diren langileen prestakuntza

Irakasle ez diren langileei prestakuntza emango zaie beren zereginak euskaraz egin ahal izan ditzaten, kontuan hartuta ikastetxeko langile guztiak direla bertako hizkuntza-ekosistemaren parte.

IV. KAPITULUA
Euskararen ingurune-erabilera

74. artikulua.— Euskararen ingurune-erabilera eta gizartearen erantzukizun partekatua

1. Euskararen erabilera orokortzeak berekin dakar hezkuntza-komunitate osoaren erantzunkidetasuna, honako hauek helburu:

a) Euskararen erabilera sustatzea. Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetan, euskara izan behar da, jeneralean, ikastetxean bertan garatzen diren jardueretarako eta kanpo-proiekzioko jardueretako adierazpidea.

b) Euskararen irakaskuntzari eta erabilerari dagokienez, gizarte-kohesioa eta hezkuntza-jarraitutasuna lortzea. Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek inguruneko erakunde eta entitateekin koordinatu behar dituzte beren jarduketak.

2. Familiak seme-alaben garapen eleaniztunaren eginkizun guztietan inplikatuko dira, eta eginkizun horiek ikastetxearen hizkuntza-proiektuan jasoko dira.

3. Hezkuntza-komunitateko eragileen, eskolaz kanpoko jardueren eta aisialdiaren arteko lankidetza bultzatuko da.

4. Euskararekiko, eleaniztasunarekiko eta hizkuntzen arteko elkarbizitzarekiko jarrera positiboak sustatuko dira.

5. Eusko Jaurlaritzak, halaber, elkarlanean jardungo du ikastetxeekin, kulturaren eta hizkuntzaren proiekzioaren esparru zabalagoan, eta, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura historiko, linguistiko eta kulturalak dituzten lurraldeetan.

V. TITULUA
Berrikuntza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza

I. KAPITULUA
Hezkuntza-berrikuntza eta prospektiba

75. artikulua.— Hezkuntza-berrikuntza

5. Eusko Jaurlaritzak, halaber, elkarlanean jardungo du ikastetxeekin, kulturaren eta hizkuntzaren proiekzioaren esparru zabalagoan, eta, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura historiko, linguistiko eta kulturalak dituzten lurraldeetan.

II. KAPITULUA
Euskal Hezkuntza Sistema ebaluatzea eta hobetzea

80. artikulua.— Hezkuntza-ebaluazioko prozesuen eremuak

6. Ebaluazioa batez ere eremu hauetan gauzatuko da, besteak beste:

a) Ikasleek curriculumaren arlo guztietan izandako aurrerapenak kontuan hartzen dituen hezkuntza-errendimenduaren ebaluazioa, oinarrizko konpetentzien eskuratze-maila barne dela, hezkuntza-sistemako etapa eta maila guztietan egiaztatua. Gainera, lege honetan aurreikusitako helburuen eta formen arabera eskuratutako komunikazio- eta hizkuntza-konpetentziak ere ebaluatuko dira.

V. KAPITULUA
Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak

89. artikulua.— Laguntza-zerbitzuen oinarrizko eginkizunak eta aplikazio-eremua

1. Laguntza-zerbitzuek eginkizun hauek betetzen dituzte:

f) Hizkuntzen irakaskuntzan prestakuntza- eta trebakuntza-planak bultzatzea.

VI. KAPITULUA
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua

90. artikulua.— Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera, izaera eta helburuak

1. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortzen da, autonomia funtzionala duen organo gisa, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari atxikita.

2. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren egiteko nagusia da hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea, haien jarrera, aurrerapena eta hizkuntza-inplikazioa indartzeko asmoz, hezkuntza-sistemak testuinguru bakoitzean dituen eskakizunen arabera. Horretarako, Institutuak bere gain hartuko ditu hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko Euskara Zerbitzuak sortu zenetik bete izan dituen eginkizunak.

3. Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez zehaztuko ditu Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren osaera eta eginkizunak, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta haren antolakuntza- eta funtzionamendu-araudia onartzeko ahalmena aurreikusiko du, erregelamendu bidez xedatuko denaren esparruan.

4. Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua euskararen erabilera aktiboa sustatzeko sortzen da, honako eremu hauetan gutxienez:

a) Irakasleak hizkuntzaren eta metodologiaren alorretan gaitzea, euskal kultura transmititzeko gaikuntza ere barne dela.

b) Euskal Hezkuntza Sistemaren hizkuntza-ziurtapenaren alorreko beharrak aztertzea eta haiei buruzko proposamenak egitea eta ezartzea.

c) Euskal curriculuma lantzea eta eskola-materialaren ekoizpena antolatzea.

d) Eskola-eremuan hizkuntza-erabilera dinamizatzea (normalizazio-planak, jarduerak sustatzea, berrikuntza, ikerketa, dibulgazioa eta diseinu bereziko programak).

e) Lege honen erregelamendu bidezko garapenean jasoko diren gainerakoak.

VII. KAPITULUA
Lankidetza-prestakuntza berri baterantz. Irakasleen hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza. Laguntzako langileak

91. artikulua.— Irakasleen hasierako prestakuntza

3. Hasierako prestakuntzako ikasketa-planek, prestakuntza zientifikoaz gain, honako hauek ere bermatuko dituzte: alderdi psikopedagogiko eta didaktikoetan beharrezkoak diren konpetentziak eskuratzea, bi hizkuntza ofizialak menderatzea, atzerriko hizkuntza bat jakitea, digitalki ahalduntzea, irakaskuntzako talde-lana, eta irakaskuntza-eginkizuna betetzeko trebetasun sozial eta tutorial egokiak izatea.

4. Irakasleen hasierako prestakuntzako praktika-fasea, betiere, Hezkuntza Administrazioak aldez aurretik egiaztatutako ikastetxeetan egingo da.

5. Irakasleek etengabe egokitu beharko dituzte beren ezagutzak eta trebetasunak une bakoitzeko erronka eta eskakizunetara eta, bereziki, ahalduntze digitalera eta hizkuntzetan duten trebetasunen garapenera, eta hizkuntzen irakaskuntzara eta euskal kulturaren transmisiora, ikasleek prestakuntza egokia jaso ahal izan dezaten eta eremu horietan dituzten konpetentzia eta ahalmen akademikoak ahalik eta gehien garatu ditzaten.

92. artikulua.— Irakasleen prestakuntza jarraitua ikastetxeetan

5. Nolanahi ere den, irakasleek etengabe egokitu beharko dituzte beren ezagutzak eta trebetasunak une bakoitzeko erronka eta eskakizunetara eta, bereziki, teknologia disruptiboen bilakaerara eta atzerriko hizkuntzetan dituzten trebetasunen garapenera, helburua izanik ikasleek prestakuntza egokia jaso ahal izan dezatela eta eremu horietan dituzten konpetentzia eta ahalmen akademikoak ahalik eta gehien garatu ditzatela.

VI. TITULUA
Ikastetxeen autonomia

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

96. artikulua.— Kudeaketa-autonomiako tresnak ikastetxeetan

1. Ikastetxeen autonomia, funtsean, tresna hauen bidez babesten da:

a) Hezkuntza-proiektua. Besteak beste, curriculum-zehaztapenak jasoko ditu, eta hizkuntza-proiektua ere proiektu horretan sartuko da.

II. KAPITULUA
Hezkuntza-proiektua

98. artikulua.— Ikastetxeen autonomia eta kalitatea

2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen kalitatea bultzatzeko beharrezkoak diren programak eta ekintzak sustatuko ditu erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan, eta, besteak beste, honako eremu hauetara zuzendu ahal izango da: hizkuntza-proiektuak, hezkuntza-berrikuntzako proiektuak, ikastetxeen kudeaketa eraginkor eta berritzailea, eskola-elkarbizitzako eta inklusioko ereduak edo digitalizazio-proiektuak.

Bosgarren xedapen gehigarria.— Esparru erkide eleaniztuna

IV. tituluan ezarritakoari kalterik egin gabe, lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi urteko epean, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren proposamenez, sistema eleaniztunaren esparru komunaren ezaugarriak onartuko ditu, ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektua egiteko erreferentzia gisa. Hizkuntza-proiektu hori, betiere, euskararen inguruan artikulatua eta bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batean egituratuta egongo da.

Esparru erkide horrek printzipio hauei erantzun beharko die:

a) Ikuspegi eleaniztuna: curriculuma osatzen duten hizkuntza guztiak ikasi egin beharko dira, eta ezagutza sortzeko eta transmititzeko tresna izan beharko dute.

b) Malgutasuna eta moldagarritasuna: hezkuntza-sistema osoan komunak diren hizkuntza-alderdietatik abiatuta, esparruak ahalbidetu behar du ikastetxeek hura egokitu ahal izatea beren autonomia gauzatzean, kontuan hartuta testuinguru soziolinguistikoa, familien erabaki informatuak eta ikastetxean hartutako hezkuntza- eta pedagogia-akordioak.

c) Inklusibotasuna eta eraginkortasuna: esparruak ikasleen ezaugarrietara egokitutako hainbat ibilbide garatzea ahalbidetu behar du, halako eran non ez den inola ere baldintzatuko gaitasunen garapenean arrakasta izatea eta hizkuntza-helburuak lortzeko hainbat estrategia eta metodologia erabiltzea ahalbidetuko duen.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indargabetuta geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurka doazen lege eta erregelamenduzko xedapen guztiak, eta berariaz, 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.


8.2.100.18/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzekoa[620]

ZIOEN AZALPENA

[…]

Azkenik, idazketa-aldaketa bat jasotzen da, hizkuntzaren erabileran genero-ikuspegiari arreta ematearekin zerikusia duena. Halaber, artikulu honen euskarazko bertsioa berrikusten da; izan ere, bertan ez da aipatzen etenduraren gehieneko epea dela «gehienez ere bi urtekoa akordioa plan orokorrei buruzkoa bada eta urtebetekoa gainerako kasuetan», LHLko 85.3 artikuluaren gaztelaniazko bertsioan zehazten den moduan.


8.2.101. 19/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Finantzen Euskal Institutua erregulatzen duena[621]

2. artikulua.— Helburuak eta jarduteko printzipioak

4. Finantzen Euskal Institutuak, bere barne zein kanpora begirako jardueran, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du. Halaber, bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie pertsona fisiko eta juridikoei haiek institutuarekin dituzten harremanetan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, bai eta zerbitzua haiek hautatzen duten hizkuntzan jasotzeko eskubidea ere.


8.2.102. 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzekoa[622]

ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

II. KAPITULUA
Dirulaguntza publiko guztietarako xedapenak

7. artikulua.— Printzipio orokorrak

5. Hizkuntza-normalizazioan sakondu eta euskararen erabilera zabaltzeko xedearekin, hizkuntza-irizpideak hartuko dira aintzat dirulaguntzen diseinuan, plangintzan, kudeaketan eta emate-prozesuan.

9. artikulua.— Dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileak

4. Hona hemen oinarri erregulatzaileen gutxieneko edukia:

e) Dirulaguntza emateko irizpide objektiboak eta haien haztapena. Dirulaguntzaren xedearengatik hizkuntzaren erabilera garrantzitsua bada eta betiere Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25., 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren jarduera-eremuetan, hizkuntzaren erabilera kontuan eduki beharko da esleipena egiteko irizpide objektiboen artean. Halaber, balorazio-irizpideen baremoaren guztizko % 5ekin baloratuko dira, gutxienez, pertsona fisiko edo juridiko parte-hartzaileen emakumeen eta gizonen zein gutxitutako taldeen berdintasunerako ekintzak eta politikak eta/edo dirulaguntza eskuratzeko aurkeztutako proiektuan genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuk. Hori guztia, baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada ehuneko hori neurriz kanpokoa dela dirulaguntzak emakume eta gizonen egoeran duen eraginari dagokionez.

12. artikulua.— Entitate laguntzaileak

8. Entitate laguntzaileek bermatuko dute eskatzaileek euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezarritakoa betez.

14. artikulua.— Onuradunen betebeharrak

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokien alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

V. TITULUA
Laguntzak berreskuratzea enpresen deslokalizazioen kasuan

48. artikulua.— Aplikazio-eremua

2. Titulu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira enpresetan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak eta langileen prestakuntzarako dirulaguntzak.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper