Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.2.90. 2/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onesten duena


8.2.90. 2/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onesten duena[609]

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak euskal eskola publikoaren eredua ezarri eta haren printzipio orokorrak eta helburuak jaso zituen.

Lege hori 1993. urtean onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean dago Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onesten den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra

Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onestea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onesten da; jarraian erantsita dator haren testua.

Xedapen gehigarria.— Arau-erreferentziak

Beste xedapen batzuetan Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onesten den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.

Xedapen indargabetzailea.— Arauak indargabetzea

Indargabetuta geratzen da Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea.

Azken xedapena.— Indarrean jartzea

Legegintzako dekretu hau eta beronek onesten duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina
ZIOEN AZALPENA

[…]

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 16. artikuluan dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du irakaskuntzaren alorrean, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikuluak eta hura garatzen duten lege organikoek xedatutakoa, eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza ere eragotzi gabe. Autonomia-erkidego honek, bestalde, hezkuntza-sistemak aintzat hartu behar dituen kultura-ezaugarri propioak ditu, garatzen lagundu behar duen bi hizkuntza ofizial, eta hezkuntza-alorrean gainditzeko dauden zenbait gatazka, konponbidea behar dutenak.

[…]

Legearen lehenengo tituluan euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta helburuak jasotzen dira, eta haren ezaugarriak zein diren definitzen da: plurala, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte- eta kultura-mailan bere ingurunean errotua, parte-hartzailea, desparekotasunak konpentsatzen dituena eta aniztasuna integratzen dakiena.

[…]

III. tituluak eskola publikoan euskarak duen tratamendua arautzen du. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen printzipioak errespetatuz, haietan sakontzen da, Hezkuntza Administrazioak administrazioekin eta gizarte-erakundeekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko printzipioa ezartzen da eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana egitea aurreikusten da.

[…]

Xedapen gehigarrietan, Eskola Publikoaren Legeak bi gai garrantzitsu jorratzen ditu:

[…]

2. Ikastolak, Konstituzio aurreko aldian euskaraz irakasteko xedez sortu ziren eskolak, 1978. urtetik zabalduz joan dira, sarri askotan botere publikoak konpondu izan dituen zailtasun ekonomiko eta materialekin, arian-arian ikastetxe multzo bat osatu arte. Horietatik asko ekainaren 29ko 10/1988 Legeak jasotzen dituen hitzarmen partikularrez baliatu dira. Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, ikastolek askatasunez aukeratu dezakete sare publikoarekin bat egin ala ikastetxe pribatu izaten jarraitu, betiere bermatuz ikastolak biltzeko legeak xedatzen duena, hartara hezkuntza-sistema behin betiko eta zalantza gabe bi saretan, publiko eta pribatuan, egituratu dadin.

I. TITULUA
Euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta helburuak

3. artikulua

1. Euskal eskola publikoa —bertako ikastetxe bakoitza— plurala, elebiduna eta demokratikoa izango da, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte- eta kultura-mailan bere ingurunean errotua, parte-hartzailea, desparekotasunak gainditzen dituena eta aniztasuna integratzen duena.

2. Hona hemen euskal eskola publikoaren helburuak:

g) Baldintza beretan bermatzea ikasle guztiek derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialak jakingo dituztela, euskararen erabilera bultzatuz eta normalizazioari lagunduz.

4. artikulua

Aurreko artikuluan adierazitako helburuak erdiesteko, euskal eskola publikoak bitarteko hauek izango ditu:

c) Eskolaren beharrei erantzuteko moduko profil profesionala eta linguistikoa duten irakasleak.

d) Eskolako zerbitzu elebidunak.

5. artikulua

3. artikuluan zerrendatutako helburuak betetzeko, eginkizun hauek izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan:

e) Hizkuntza-ereduen plangintza egitea, gurasoek eta ikasleek eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten, eta aukeratzeko askatasun hori bermatuko duten administrazio-mekanismoak garatzea.

II. TITULUA
Euskal eskola publikoan hezkuntza-eskubidea gauzatzea

8. artikulua

Euskal administrazio publikoek etengabe zainduko dute euskal eskola publikoko irakaskuntzaren kalitatea, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz; horretarako, helburuei egokituriko instalazioak eta ekipamenduak jarri, ikastetxeetan irakasle/ikasle ratioak egokitu, hezkuntza- eta curriculum-proiektu berezituak eta euskararen erabileraren normalizazioa bultzatu, ikasleei orientazio psikologikoa, eskolakoa eta profesionala eman, eskolako langile guztien lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza-premiak asetzeko lagungarri izan daitezkeen neurri guztiak hartuko dituzte.

9. artikulua

2. Hezkuntza Administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarteko eragileekin lankidetzan, zero urtetik aurrerako eskolatzea ezarriko du arian-arian hori eskatzen duten guztientzat, eta haurrak eskolatzeko aukeren inguruko informazioa emango die hezkuntza-sektoreei. Nolanahi ere, ezarpen-prozesuan lehentasuna izango dute maila sozioekonomiko apalena dutenek eta, orokorrean, hezkuntza-premia bereziak edo hizkuntza-premiak dituzten ikasleek.

10. artikulua

5. Euskal eskola publikoan, hizkuntza-normalizazioari laguntzeko behar diren neurri positiboak hartuko dira.

12. artikulua

1. Euskal eskola publikoan, ikasle guztiek hezkuntzaren maila guztietan irakaskuntza euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2. Eskubide hori gauzatzean eta botere publikoek eremu horretan jardutean, lege honen III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa beteko da.

III. TITULUA
Euskara euskal eskola publikoan

18. artikulua

Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan garatuko diren irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermen eta adierazpenerako gaikuntza benetakoa izan dadin, hartara gutxienez ohiko harreman- eta erabilera-hizkuntza gisa baliatu ahal izan daitezen.

19. artikulua

1. Hezkuntza Administrazioa arreta bereziz arduratuko da aurreko artikuluan araututako helburua bete dadin.

2. Horretarako, eta 12. artikuluan aurreikusitako helburuetarako, ikasleen ikastetxeekiko hurbiltasunari buruzko irizpide orokorrak berrikusiko dira urtero, irakaskuntzaren programazio orokorraren esparruan.

Halaber, Hezkuntza Administrazioak laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango die gainerako administrazioei eta instantzia sozialei.

3. Irakaskuntzaren hizkuntza-plangintza Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak ezartzen duen hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuta egingo da.

4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarraipena egingo dio irakaskuntzako hizkuntza-plangintzaren irizpide orokorren aplikazioari, hargatik eragotzi gabe Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak hizkuntza-plangintza orokorraren jarraipenerako dituen eskumenak.

5. Euskadiko Eskola Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzaren egoerari buruzko urteko txostenean, atal berezia eskainiko dio aurreko artikuluan araututako helburuaren betetze-maila baloratzeari. Atal horretan bertan, euskara derrigorrezko irakasgai baino ez den kasuetan euskararen ikaskuntza eta benetako erabilera bultzatzeko behar diren neurriei buruzko gomendioak emango ditu.

20. artikulua

1. Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, dekretu bidez onetsiko du hizkuntza-ereduen erregulazioa, hargatik eragotzi gabe lege honen 47. artikuluan ezarritakoa. Eredu horiek lan-tresna dira, 18. artikuluan ezarritako hizkuntza-normalizazioaren helburua eta hezkuntza-sistema ororen berezko curriculum-edukien eskurapena kasuan-kasuan uztartzeko bide egoki diren neurrian.

2. Aurreko apartatuan adierazten den eskumena gauzatzean, Jaurlaritzak kontuan izango du ereduon errendimendu linguistiko eta akademikoaren guztizko ebaluazioa eta, hala badagokio, baita ikastetxeek, beren autonomia pedagogikoa erabiliz, aurkeztutako ekimenena ere.

3. Artikulu honen 1. apartatuan aipatutako araua onesteko prozeduran Euskadiko Eskola Kontseiluari egingo zaion kontsulta eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren txostena hartuko dira kontuan.

21. artikulua

Jaurlaritzak hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza zehazteko oinarrizko irizpideak arautuko ditu. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gurasoen edo tutoreen nahia eta eremuaren egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduak esleituko ditu.

Hezkuntza Administrazioak hezkuntza-maila batetik bestera igarotzean hizkuntza-eredua aldatzeko baimena eman ahal izango du, gurasoen edo tutoreen eskaria nahikoa bada eta plangintzak horretarako bide ematen badu.

22. artikulua

1. Euskal eskola publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta lege honek zehaztutako helburuak lortzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango dituzte ikastetxe guztiek.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutuko du. Plan horrek izaera malgua izango du eta urtero berrikusiko da, eta, hura gauzatzean, irakasleak beren borondatez planari atxikitzeko ahaleginak egingo dira, haien lan-baldintzak errespetatuta. Planak zein beronen berrikuspenek Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena beharko dute.

3. Irakasleak euskalduntzeko planak osagai hauek izango ditu gutxienez:

a) Euskarazko eta euskararen irakaskuntza-eskariaren aurreikuspena.

b) Horren ondorioz, euskaraz eta euskara irakasteko kualifikazio espezifikoa duten irakasleen premien kalkulua.

c) Irakasleen birziklatze- eta euskalduntze-premien haztapena.

d) Aurreko apartatuetan zehaztutako jarduketa guztiak burutzeko beharrezko finantza-baliabideen aurreikuspena.

23. artikulua

Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 17. artikuluak aurreikusitakoa betetzeko, administrazio autonomikoak behar diren neurriak hartuko ditu euskal eskola publikoko ikastetxeetako jardueretan euskararen ingurune-erabilera ziurtatzeko, eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-bizitzan orokorrean euskara erabil dadin ahalbidetzeko.

V. TITULUA
Euskal eskola publikoko ikastetxeen autonomia

II. KAPITULUA
Euskal eskola publikoko ikastetxeen antolaketa-autonomia

4. atala
Zuzendaria

33. artikulua

5. Haur-hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, lehen hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak aurreko apartatuan ezarritako baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal izango du zuzendarigaia, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

6. atala
Zuzendaritza-taldea

37. artikulua

Hezkuntza Administrazioak ikastetxeetako zuzendaritza-taldekideen prestakuntza eta jarduketa hobetzeko neurri egokiak hartuko ditu, besteak beste ikastetxearen hizkuntza-normalizazioko helburuaren araberako hizkuntza-prestakuntza.

III. KAPITULUA
Autonomia pedagogikoa

46. artikulua

1. Ikastetxeko hezkuntza-proiektuak eskola-komunitateko sektoreek aukeratutako hezkuntza-aukera adierazten du, eta ikastetxearen jardueren bidez lortu nahi diren balioak eta oinarrizko helburuak zehaztuko ditu.

Hezkuntza-proiektua integratzailea izango da, eta diskriminaziorik eza eta hezkuntza-integrazioa izango dira funtsezko balioak.

2. Hezkuntza-proiektuan zehaztapen hauek jasoko dira gutxienez:

b) Ikastetxearen jarduna mugatuko duten oinarrizko helburuak eta lehentasunak; besteak beste, hauek jasoko dira:

[…]

● Euskararen erabileraren normalizazioa lortzera bideratutako gidalerroak.

47. artikulua

Ikastetxearen curriculum-proiektuak hezkuntza-proiektua garatzen du irakaskuntzaren arloan. Gutxienez, eduki hauek izango ditu:

a) Ikasleen beharrei egokitutako irakaskuntza-helburuak eta -edukiak, irakaskuntzaren alderdi guztietan, indarrean dauden irakaskuntza elebiduneko ereduak ikastetxean ezartzeari loturikoak barne.

52. artikulua

1. Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek unitate kopuruaren aldaketa eta beren hezkuntza-eskariari egokitutako hizkuntza-ereduak ezartzea proposatu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

2. Sailak, unitate kopuruaren aldaketari dagokionez bere erabakia hartzeko orduan, kontuan hartuko ditu irakaskuntzaren programazio orokorra, giza baliabideak eta finantza-baliabideak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak nahiz dagokion barrutiko eskola-kontseiluak aldizka egindako txostenak.

3. Lege honen 21. artikuluan agindutakoaren arabera hartuko du sailak hizkuntza-ereduak ezartzeari buruzko erabakia.

Seigarren xedapen gehigarria

Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 4., 6., 14. eta 18. artikuluak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«14. artikulua

»Euskadiko Eskola Kontseiluari gai hauen inguruan kontsulta egin behar zaio nahitaez:

»g) Irakaskuntza-maila bakoitzeko ereduetako hizkuntza-helburuak eta hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza egiteko oinarrizko irizpideak.

»[…].»

Hamargarren xedapen gehigarria

Lege honetako 20. artikuluan aipatutako hizkuntza-ereduak irakaskuntza-sistema osoan ezarriko dira, publikoan nahiz pribatuan, eta hauek izango dira:

a) A eredua; curriculuma batik bat gaztelaniaz emango da, baina zenbait jarduera edo gai euskaraz eman ahal izango dira.

b) B eredua; curriculuma euskaraz eta gaztelaniaz emango da.

c) D eredua; curriculuma euskaraz emango da.

Hiru ereduetan gaztelania eta gaztelaniazko literatura, euskara eta euskal literatura eta hizkuntza modernoak beren jatorrizko hizkuntzetan irakatsiko dira nagusiki.

Hirugarren xedapen iragankorra

Lege honen III. tituluak aipatutako erregelamenduzko xedapenak ematen ez diren bitartean, indarrean jarraituko dute Euskal Herriko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuan agindutakoak eta, halaber, arlo horretan aplikatzekoak diren xedapen guztiek.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper