Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.2.88. 4/2023 Legea, apirilaren 27koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarena


8.2.88. 4/2023 Legea, apirilaren 27koa, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarena[607]

ZIOEN AZALPENA

V

[…]

VIII. kapituluak arautzen du zein diren kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak, oinarri hartuta zer printzipiok inspiratu zuten azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa, eta otsailaren 9ko 2/2012 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea aldatzekoa. Izan ere, ulertzen da ezen, Administrazio publikoan sartuta ez dauden pertsona partikularrek hizkuntza ofizialak erabiltzeari dagokionez, hobe dela sustatze- eta bultzatze-neurriak xedatzea, herritarrei hizkuntza koofizialetako edozein erabiltzen errazteko aukera indartzeko ibiltzen diren eremu guztietan.

Horregatik, kontsumitzaile eta erabiltzaile guztiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean hitz egiteko duten eskubidearen konfiguraziotik abiatuta, legeak erantzun desberdinak ematen ditu, haiek erakunde publikoekin edo sektore pribatuarekin duten harremanaren arabera. Lehendabizikoei dagokienez, lehenago indarrean zegoen bide beretik jarraitzen du legeak, eta egokitzat jotzen du dokumentu eta elementu batzuk euskaraz edo gaztelaniaz edo hizkuntza horietan bietan jartzea kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura. Era berean, jasotzen du pertsona horiek eskubidea dutela nahi duten hizkuntza erabiltzeko, hau da, pertsona horiek eskubidea dutela aukeratzeko zer hizkuntza ofizialetan erantzun behar dieten erakunde publikoek.

Horrekin batera, interes orokorreko oinarrizko zerbitzuetako sektoreetako enpresek eta saltoki handiek hizkuntza ofizialetan eman behar dituzten dokumentuei eta beste elementu batzuei buruzko zenbait betebehar baino ez du ezartzen sektore pribatuaren antolamenduak. Hori gauzatzeko, urtebeteko epea ematen du lehen xedapen gehigarriak.

Planteamendu horrekin bat etorriz, gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei dei egiten die legeak, sustapen- eta bultzatze-neurriak eta -programak antola ditzaten koordinaturik, legeak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei aitortzen dizkien hizkuntza-eskubideak eraginkortasunez gauzatzen aurrera egin ahal izateko. Eraginkortasun horren jakinaren gainean egotea errazteko, bigarren xedapen gehigarriak galde-sortak borondatez eta aldizka betetzea aurreikusten du.

[…]

Azkenik, lehenengo eta bigarren xedapen iragankorrek indarrean mantentzen dituzte egungo dekretuak, ezartzen dutenak, hurrenez hurren, zein diren kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteen betekizunak eta nola arautzen diren erreklamazio-orriak, harik eta erregelamenduz garatu arte lege honetan arlo horiek jasotzen dituzten manuak. Hirugarren xedapen iragankorrak bi urteko epea ezartzen du ondasunak edo zerbitzuak ematen dituzten makina automatikoak egokitzeko, 25.3 artikuluan jasotako betebeharra betetze aldera. Xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten du hala Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legea nola Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua, Legearen barruan sartzen ez diren edukietan. Azken xedapenak, azkenik, agintzen du lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko dela indarrean.

I. TITULUA
Xedapen orokorrak

3. artikulua.— Definizioak

Hona, lege honen ondorioetarako, zenbait definizio:

a) Arrakala digitala: gizarte-taldeen arteko desberdintasunak informazio eta komunikazio teknologien (IKT) irismenari, erabilerari edo eraginari dagozkienez. Talde horiek irizpide sozioekonomiko eta geografikoek, genero- eta adin-irizpideek eta aniztasun funtzionaleko irizpideek zehazten dituzte.

b) Jardunbide egokien kodea: arau-multzoa, borondatez betetzekoa, enpresen autorregulazioaren esparrukoa, zeinaren bidez definitzen den nola jokatu behar duten enpresaburuek jardunbide komertzial edo sektore ekonomiko jakin batzuetan, baldin eta konpromisoa hartzen badute arau-multzo hori betetzeko. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazioa, babesa eta defentsa areagotzea du helburu.

c) Kontsumo arduratsua: Kontsumo arduratsutzat hartzen da neurriz eta gogoeta eginez egiten dena, eta irizpide ekonomiko, sozial, laboral eta ingurumenekoen arabera erabakiak askatasunez, kontzienteki eta informatuta hartzean oinarritzen dena.

d) Salaketa: kontsumo-harreman batean izandako gertakari jakin batzuk Administrazioari jakinaraztea, arau-hauste administratiboak izan daitezkeelakoan. Salaketan adierazi behar da nor den salatzailea, zein datatan izan ziren gertakariak, eta, posible baldin bada, nortzuk diren ustezko erantzuleak.

e) Kalitate-bereizgarria: kanpoko edo ageriko ikurra, administrazio publikoek eta legez egiaztatutako organismoek enpresaburuei eman ahal dietena, jardunbide egokien kodeetara atxiki direlako, edo berme-markak dituzten ondasunei eta zerbitzuei.

f) Saltokiak: instalazio higiezinak, txikizkako salmenta egiteko edo lanbide edo ogibide batean modu iraunkorrean jarduteko erabiltzen direnak, edo enpresaburuak bere jarduera egiteko erabili ohi dituen instalazio mugikorrak.

g) Kexa: kontsumitzaile edo erabiltzaile batek egindako adierazpena, kontsumo-harreman batean jaso duen ondasun edo zerbitzu batekin ez dagoela ados azaltzeko, bestelako asmorik gauzatu gabe.

h) Kontsumo-bitartekaritza: prozedura bat da, zeinaren bidez hirugarren pertsona inpartzial, neutral eta aditu bat ahalegintzen baita laguntzen kontsumo-harreman bateko alderdiek bientzako akordio gogobetegarria lor dezaten beren kabuz.

i) Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak: pertsona fisikoak dira, merkataritza- edo enpresa-jarduerarekin, ofizioarekin edo lanbidearekin loturarik ez duen helburu bat lortzeko dihardutenak. Nolanahi ere, pertsona fisikoek kontsumitzaile edo erabiltzaile dihardutela joko da, kontrakorik frogatu ezean.

Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak izango dira, era berean, pertsona juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, baldin eta irabazi-asmorik gabe ari badira merkataritza- edo enpresa-jarduera batetik kanpo.

j) Kontsumitzaile eta erabiltzaile kalteberak: beren ezaugarriengatik, banaka edo taldeka, kontsumo-harreman zehatzei dagokienez, egoera berezian dauden pertsona fisikoak, zehazkiago, mendekotasunekoan, defentsarik gabekoan edo babesik gabekoan, egoera hori lurraldekoa, sektorekoa edo aldi baterakoa izanda ere, eta betiere egoera horrek eragozten badie berdintasun-baldintzetan baliatzea kontsumitzaile edo erabiltzaile gisa dituzten eskubideak.

Artikulu honetan adierazitakoa kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudi sektorialari kalterik egin gabe aplikatuko da.

k) Enpresaburua: pertsona fisiko edo juridikoa, hala pribatua nola publikoa, zuzenean diharduena, edo beste pertsona baten bidez bere izenean edo haren jarraibideak betez, merkataritza- edo enpresa-jarduerari edo ofiziori edo lanbideari lotutako helburuak lortzeko.

l) Ekoizlea (pertsona edo entitatea): ondasunak fabrikatzen edo zerbitzuak ematen dituena edo haren bitartekaria, edo Europar Batasunaren lurraldean ondasunak eta zerbitzuak inportatzen dituena, baita bere burua ekoizletzat aurkezten duen edonor ere, bere izena, marka edo ikur bereizgarria adierazi duelako zerbitzuan edo ondasunean (ondasunaren ontzian, bilgarrian edo hura babesteko eta aurkezteko elementuetan).

m) Hornitzailea edo banatzailea (pertsona edo entitatea): merkatuan ondasunak hornitzen edo banatzen dituen enpresaburua, txikizkariak barne, alde batera utzita zer titulu edo kontraturen ondorioz banatzen dituen ondasunok.

n) Jarduera komertziala: ondasun edo zerbitzuak —higiezinak barne— sustatu, saldu edo hornitzearekin zuzenean lotutako egintza, ez-egite, jokabide, adierazpen edo komunikazio komertzial guztiak, publizitatea eta merkaturatzea barne, berdin delarik eragiketa komertzialaren aurretik, tartean edo ostean gauzatzen diren.

Kontratu-harremanak ez dira joko jarduera komertzialtzat.

o) Prezioa: ondasun bat lortzeko edo zerbitzu baten prestazioa eskuratzeko kontsumitzaileek eta erabiltzaileek, diruz edo beste modu batez, eman beharreko kontraprestazioa, alde batera utzita zer izenez aurkezten den: puntuak, kanona, matrikula edo antzekoak.

p) Erreklamazioa: kontsumitzaile edo erabiltzaile batek egindako adierazpena, zeinaren bidez Administrazioari jakinarazten baitio ez dagoela ados kontsumo-harremanean lortu duen ondasun edo zerbitzu batekin. Halaber, horrekin batera eskatzen du prestazioa behar bezala bete dadila edo hura ordeztu dadila, eta, hala dagokionean, eman dakiola kalte-galeren ordaina.

q) Kontsumo-harremana: kontsumitzaile edo erabiltzaile baten eta enpresaburu baten artean sortzen den harreman juridikoa, barnean hartzen dituena ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa, ondasunen eta zerbitzuen eskaintzak, sustapenak, publizitatea, merkaturatzea, erabilera, salmenta eta hornidura, digitalak direnak barne, baita alderdi horietatik datozen betebehar guztiak ere.

r) Gatazken ebazpen alternatiboa: jurisdikzio-izaerarik gabeko edozein prozedura, kontsumo-harremanetan sortzen diren desadostasunak amaitzen laguntzen duena.

s) Arriskua: zer probabilitate dagoen produktu, ondasun edo zerbitzuren baten erabilerak, kontsumoak edo presentziak kalterik edo galerarik eragiteko kontsumitzaileen osasunari, segurtasunari edo interes ekonomikoei.

t) Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak: ura, gasa eta elektrizitatea hornitzeko zerbitzuak, telefonia-, finantza- eta aseguru-zerbitzuak, posta-zerbitzuak, aireko, trenbideko eta errepideko garraioa, osasunaren babesa, saneamendua eta hondakinak, eta legez ezartzen direnak.

u) Oinarrizko zerbitzuen enpresa: herritarrentzat eta enpresentzat oinarrizkoak diren zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola, ura, energia, telefonia edo aseguruak.

II. TITULUA
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eskumenak

II. KAPITULUA
Euskadiko Kontsumoko Kontsulta-batzordea

11. artikulua.— Osaera eta funtzionamendua

1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria izango da Euskadiko Kontsumoko Kontsulta-batzordeko burua, eta kideak izango dira, berriz, interes sozial, profesional eta ekonomikoen ordezkariak, kontsumo-sektorearen gaineko eskumenak dituzten administrazio publikoetako ordezkariak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetako ordezkariak. Batzordea osatzerakoan, sustatuko da bertan izendatutako ordezkariek euskara zein gaztelania jakitea, bi hizkuntzetan hitz egitea izan dezaten.

2. Erregelamendu bidez garatuko da haren osaera eta funtzionamendu-araubidea.

III. TITULUA
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

12. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

1. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

g) Hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, lege honek araututako moduan.

II. KAPITULUA
Osasun- eta segurtasun-arriskuez babesteko eskubidea

22. artikulua.— Errekerimendu dokumentalen kostuak

Segurtasun-eginbeharraren ondoriozko prozeduretan, enpresaburuen kontura izango dira dokumentazio-errekerimenduek dakartzaten kostu guztiak, hala nola dokumentuak itzultzekoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkezten badira.

VI. KAPITULUA
Kontsumo-arloko hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea

59. artikulua.— Hezkuntza- eta prestakuntza-programak

2. Prestakuntza- eta hezkuntza-programa horiek antolatzean eta material didaktikoa prestatzean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera paritarioa sustatuko du.

VIII. KAPITULUA
Hizkuntza-eskubideak

79. artikulua.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

Lege honetan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dute ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz edo gaztelaniaz jasotzeko eta beren kontsumo-harremanetan hizkuntza ofizial horietatik edozein erabiltzeko.

80. artikulua.— Ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa

1. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dute ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko, lege honen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Bermatuko da bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla kontsumitzaileekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan; horretarako, euskaraz eta gaztelaniaz edo ele bietan jarriko dira elementu hauek:

a) Errotuluak, oharrak, eta, oro har, ahozko eta idatzizko komunikazioak, jendaurrean jartzen direnak Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduetan.

b) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzendutako ondasunen eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, edozein delarik erabiltzen den euskarria.

c) Inprimaki eta eredu ofizialak, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek paperean edo formatu elektronikoan bete behar dituztenak.

d) Atxikitze-kontratuak, klausula-ereduak dituztenak; kontratu arautuak, baldintza orokorrak eta haiei buruzko dokumentazioa edo kontratu horiek egitean sortzen dena; salbu eta kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berariaz aukeratzen badu bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea.

e) Idatzizko komunikazioak, bereziki kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzenduak direnean; baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko dokumentuak ere, salbu eta kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berariaz aukeratzen badu bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako edo landutako ondasunen produktuen edo zerbitzuen erabilera- eta mantentze-jarraibideen eskuliburuak, berme-agiriak, etiketak eta ontziratzea euskaraz eta gaztelaniaz idatzi beharko dira, gutxienez.

81. artikulua.— Ondasunak eta zerbitzuak aurkeztea eta etiketatzea

1. Indarrean den araudian ezarritakoaren arabera, eta osasuna eta segurtasuna babeste aldera, ondasun eta zerbitzu jakin batzuen aurkezpenean eta etiketetan gaztelania erabiltzeko exijentzia bete behar bada ere, eskaintzailearen nahiaren arabera adieraziko da Euskadiko lurralde-eremuan banatzen diren ondasun eta zerbitzuetan ematen den informazioa, etiketetan, ontzietan eta inprimakietan edo erabilera-jarraibideei buruzko oharretan jasotakoa barne, hau da: euskaraz, gaztelaniaz, edo euskaraz eta gaztelaniaz batera.

2. Euskara erabiltzea sustatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen diren jatorri-izendapen edo kalitate-izendapeneko ondasunak eta artisautza-produktuak aurkezteko eta etiketatzeko.

3. Gainerako kasuetan, ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz batera ematea sustatuko da.

82. artikulua.— Entitate publikoak

1. Lege honetan xedatutako ondorioetarako, hauek joko dira entitate publikotzat:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako Estatuko Administrazioa, barnean harturik zuzenbide publiko edo pribatuko enteak, haien mendekoak edo haien administrazio instituzionala osatzen dutenak.

b) Edozein izaeratako entitateak, baldin eta zerbitzu publikoak kudeatzen badituzte eta zerbitzu publiko horien titulartasuna aurreko apartatuan aipatutako administrazioen esku badago, zerbitzu horiek ematen dihardutenean.

c) Aurreko a) letran adierazten diren administrazioek eta entitateek kontrolatutako edo gehiengoan partaidetutako entitate oro. Ondorio horietarako, ulertuko da kontrol-harreman bat dagoela, baldin eta entitateko boto-eskubiderik gehienak edukitzen badira edo eskubidea badago gobernu-organoetako kiderik gehienak izendatzeko.

2. Erakunde publikoek kontsumitzaileekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzea bermatuko dute, 80.2 eta 81.1 artikuluetan adierazitako elementuak euskaraz edo gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan jarriz.

3. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek beraiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko eskubidea dute, erakunde publikoekin dituzten harremanetan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.

4. Lege honetan Estatuko Administrazioari aplikagarriak zaizkion xedapenak ulertuko dira kalterik eragin gabe Estatuak bere zerbitzuak antolatzeko duen eskumenari.

83. artikulua.— Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak, saltoki handiak eta beste enpresaburu pribatu batzuk

1. Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten erakundeek eta merkataritza-jardueraren arloan indarrean dagoen legeriak saltoki handitzat jotako saltokiek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura jarriko dituzte 80.2 eta 81.1 artikuluetan adierazitako elementuak, euskaraz eta gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, gaiaren arabera dagozkien sailetatik eta esleituta dituzten eskumenez baliatuz, koordinatuta jardungo dute, ondasunak edo zerbitzuak hornitzen edo banatzen dituzten gainerako pertsona edo erakunde pribatuetara iristeko bidea errazteko, eta, arian-arian, aurreko apartatuan ezarritakoa hedatzeko. Horretarako, euskararen erabilera babesteko eta sustatzeko neurriak ezarriko dituzte, 80.2 eta 81.1 artikuluetan adierazitako elementuetan.

84. artikulua.— Kontsumo-harremanetan jendea artatzeko baliatuko den hizkuntza

1. Entitateek, baldin eta euskara lan-harremanen eremuan eta jendaurreko arretaren eremuan baliatzeko berariazko dirulaguntzak jasotzen badituzte, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek erabiltzen edo eskatzen duten hizkuntza ofizialean aritzeko gaitasuna izan beharko dute haiek artatze aldera.

2. Eskumena duten administrazio publikoek elkarrekin antolatuko dituzte behar diren sustapen-neurriak, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek baliatzen duten hizkuntza ofiziala edozein izanda ere, haien kontsumo-harremanetan hizkuntza horixe erabili ahalko dutela eta hizkuntza horretan artatuko dituztela bermatzeko.

85. artikulua.— Sustapen-jarduera publikoa

1. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoarekin bat, eskumena duten administrazio publikoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kontsumo-harremanetan euskararen erabilera sustatzeko.

2. Bereziki zainduko dira partikularren arteko kontsumo-harremanen esparruan euskararen erabilera zabaltzen lagunduko duten neurriak, hala nola:

a) ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea,

b) erabilera-agiriak edo -eskuliburuak edo jarraibideak eskura jartzea,

c) kontsumitzaileak eta erabiltzaileak artatzeko baliatzen den hizkuntza.

3. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek aktiboki sustatuko dute kontsumitzaileei eta erabiltzaileei titulartasun publikokoak ez diren informazio- eta arreta-bulegoek ematen dieten arretan eta aholkularitzan bermatu dadila harremanak kontsumitzaileek eta erabiltzaileek aukeratzen duten hizkuntzan izango direla.

4. Kontsumo-harremanetatik eratorritako jarduerak barnean hartzen dituzten plan sektorialek, jarduera horiek egitean, sustapen-ildo espezifikoak bultzatuko dituzte bi hizkuntza ofizialak erabil daitezen.

5. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, nork bere eskumenen esparruan, bultzatuko dute hizkuntza espezializatuko materialak zabaltzea, euskararen erabilera errazteko kontsumo-arloan.

VII. TITULUA
Zehatzeko ahala

II. KAPITULUA
Arau-hausteak tipifikatzea

140. artikulua.— Berme-arloko eta saldu ondoko zerbitzuaren arloko arau-hausteak

Ondorengo hauek berme-arloko eta saldu ondoko zerbitzuaren arloko arau-hausteak dira:

4. Konpromisoa hartzea kontsumitzaileei edo erabiltzaileei salmenta osteko zerbitzua emateko, kontratatu aurretik argi eta garbi ohartarazi gabe ezen zerbitzu hori ez dela eskuragarri egongo eragiketa komertzialean erabili den hizkuntza berean.

142. artikulua.— Bestelako arau-hausteak

Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteez gainera, honako hauek ere joko dira kontsumo-arloko arau-haustetzat:

14. Lege honetan edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko gainerako xedapenetan ezarritako beste edozein baldintza, betebehar edo debeku ez betetzea, legearen III. tituluko VIII. kapituluan araututako hizkuntza-eskubideei buruzkoak izan ezik.

V. KAPITULUA
Arau-hausteen erantzukizuna

158. artikulua.— Subjektu arduradunak

2. Bereziki, erantzule izango dira, salbu eta hirugarren baten erantzukizuna egiaztatzen duen probarik badago:

a) Ontziratutako, etiketatutako edo osorik itxitako produktuetan egindako arau-hausteengatik:

[…]

– Baldin eta arau-haustea bada legez edo erregelamenduz eska daitekeen hizkuntza bat ez erabiltzeagatik produktuaren etiketan edo aurkezpenean, produktua banatu edo merkaturatzen duena.

[…]

Bigarren xedapen gehigarria.— Hizkuntza-eskubideak betetzeari buruzko galdera sorta

Interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten erakundeek eta indarrean dagoen legeriak saltoki handitzat jotako saltokiek galdera sorta bat bidaliko diote kontsumoaren arloan eskumena duen sailari, bost urtean behin, edo sail horrek zehaztutako aldizkakotasunaz, estatutu honetan jasotako hizkuntza-eskubideen arloan egindako jarduerak zein diren jakiteko.

Galdera sorta eta jasotako informazioaren ebaluazioa hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoarekin batera egingo da, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak betetzea bultzatzeko behar diren politiken aktibazioa identifikatzeko oinarri gisa erabiliko da.

Lehenengo xedapen iragankorra.— Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkaritza-elkarteen betekizunak

Harik eta erregelamenduz garatu arte 62. artikuluan xedatzen dena, ulertuko da ezen, lege honen kontrakoa ez den guztian, 249/1985 Dekretuak arautzen dituela kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkaritza-elkarteen lurralde-ezarpenari, bazkide-kopuruari eta jarduera-programari buruzko betekizunak (249/1985 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita 1981eko abuztuaren 17ko Dekretua, Kontsumitzaile Elkarteen Errolda sortzeari buruzkoa); betiere, Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Legean edo hura ordezkatzen duen xedapenean ezarritakoaren arabera.

Bigarren xedapen iragankorra.— Erreklamazio-orriak

1. Harik eta erregelamenduz garatu arte 90. artikuluan erreklamazio-orriei buruz xedatzen dena, indarrean segituko du, lege honen kontrakoa ez den guztian, uztailaren 1eko 142/2014 Dekretuak, Kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexei, erreklamazioei eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoak.

2. Erregulazio espezifikorik ezean, erreklamazioko orri elektronikoak dekretu honetako I. eranskinean erreklamazio-orrietarako azaltzen den eredura egokituko dira.

Hirugarren xedapen iragankorra.— Kontsumoa justifikatzeko agiria

Makina automatikoen bidez ondasunak edo zerbitzuak hornitzen dituzten eta 25.3 artikuluan aurreikusitako aukera erabiltzen ez duten pertsonek bi urteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik, makina horiek egokitzeko, kontsumo-harremanaren egiaztagiria entregatzeari begira.

Xedapen indargabetzailea.— Araudia indargabetzea

Honako hauek indarrik gabe geratuko dira:

1. Abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena.

2. 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa, lege honetan xedatutakoaren aurka doan heinean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper