Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.2.5. 29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorraraztekoa eta euskaltegiak arautzekoa


8.2.5. 29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorraraztekoa eta euskaltegiak arautzekoa[491]

ZIOEN AZALPENA

Helduen berreuskalduntzerako zerbitzu bat abian jartzeak bere baitan darama garrantzi handiko programa bat, zeinaren helburua baita benetan elebidun den biztanleria sendotzea, horri darizkion guztiekin, nola baita, azken finean, helduen alfabetatze eta berreuskalduntzerako prozesu luze-zabal baten hasiera.

Oro har, euskararen irakaskuntza helduei helaraztea da: funtzionarioei, unibertsitarioei, langileei, oraindik euren lehenengo lana eskuratu ez duten gazteei, etxekoandreei eta abarri; horrekin guztiarekin batera, ikerketa metodologikoak, ikus-entzunezkoak, koadroen prestakuntza eta gaikuntza eta abar dakartza, bigarren hizkuntzen irakaskuntzarako tekniken ikerketa den gisa; eta hori guztia erakunde honen arabera bideratuko da: “HABE — Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sorrarazi eta Euskaltegiak araupetzea”.

Helduak berreuskalduntzeko prozesu osoak eskuarte ekonomikoak izan behar ditu, zertarako eta, ahal den neurrian, ekimen eta proiektu jakin batzuek, mota guztietako berreuskalduntze-mugimenduek, argitalpen-arloak eta euskararen normalizazio soziologikoak dituzten ezinbesteko beharrizanei aurre egiteko, baldin eta hizkuntza-instituzio gisa babes falta pairatzen badute.

Beste alde batetik, plan bat eratu da, zeinak, printzipio eta helburu gisa helduei bigarren hizkuntza bat —gure kasuan, euskara— irakatsi ahal izatera jotzen baitu; bada, planaren kontzepzioak berak berezitasun jakin batzuk ditu, eta berezitasunon arazoak ebatzi behar dira, proposatzen diren efektiboetatik ahalik eta etekinik handiena lortze aldera.

Proiektu honek arrakasta izango badu, honek izan behar du haren oinarria: irakaskuntza arautuan zalantzan jarri ezinezkotzat jotzen diren egoera eta baldintza guztiak ezarri eta indarrean jartzea segurtatzen duen programa bat lortzea.

Ildo beretik, prozesu honek arautzen duen zerbitzuak hauek aurreikusten ditu: argitalpenak eta aldizkariak sortzea, eta bai Glotodidaktika Kabineteak sortzen dituen idatzizko eta ikus-entzunezko materiala argitaratu eta egitea, eta horrek guztiak euskara helduen artean sustatu eta zabaltzera jo behar du.

Euskarak, Euskal Herriaren kultura-ondare denez, Erkidego osoaren mailako plangintza orokor bat eskatzen du, Hezkuntza eta Kultura Sailari atxikita dagoen ente batean bildu behar dena; edozelan ere, ente horretan parte hartu behar dute eta ordezkatuta egon behar dute ezarri beharreko programa komuna berronesten duten erakunde publikoek.

Edukiaren eta xedeen berezitasuna dela eta, euskaltegietako irakaskuntzak hezkuntza-sistema orokorretik aparteko gisa hartzen dira. Hori gorabehera, horien izaerak eta esangurak aplikazio-eremuan mailaz maila doakotasunera jotzea eskatzen dute.

Lau tituluk, xedapen gehigarri batek, xedapen iragankor batek eta azken xedapen bik osatzen dute lege-proiektu hau.

Lehenengo tituluak “Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen eta Euskaltegiak Araupetzea”ren izaera eta eginkizunak ditu gai; bera sortzen du zuzenbide publikoko erakunde gisa, nortasun juridiko propioa duena eta Autonomia Erkidegoko Administraziotik independentea dena, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailari atxikia dena; eta eginkizun hauek esleitzen dizkio: euskara helduei irakastekoak, biztanleen berreuskalduntzearen eta alfabetatzearen sustapena, beraren xedeetarako metodoen ikerketaren sustapena, materialen sorkuntza eta argitalpena, euskalduntze programen aplikazioa, zentroen sustapena, euskalduntze-erakundeentzako laguntza eta abar.

Bigarren tituluak, berriz, Institutuaren gobernu-organoak ezartzen ditu: Patronatu Artezkaria, Kontseilu Akademikoa, lehendakaria eta zuzendari nagusia. Legeak, organo horien eta haien eginkizunak arautzen ditu.

Hirugarren titulua euskaltegiei buruzkoa da; euskaltegiok titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan ahalko dira. Haien titulartasuna erabakitzen du; euskaltegi publikoetako zuzendariari eta idazkariari ematen zaizkien ahalmenak definitzen ditu eta horien izendapena arautzen du. Euskaltegi pribatuak homologatu gisa eta aske gisa sailkatzen ditu. Baita ere arautzen du zelan egin behar den inskripzioa Erregistroan, zelan bukatu behar diren jarduerak, zein diren dirulaguntzadun euskaltegi pribatuei ezartzen zaizkien eskakizunak, zein den erabili beharreko prozedura irakasleen lanpostu hutsak betetzeko, eta zein diren Hezkuntza eta Kultura Sailari eratxikitakoak. Baita ere aurreikusten da zein den euskaltegiei eman beharreko funts publikoen eta dirulaguntzen prozedura.

Laugarren tituluan organismo autonomoaren araubide ekonomikoa arautzen da; haren baliabideak izango dira haren titulartasuneko ondasunak eta atxikita dituenak, horien fruituak eta errentak, aurrekontuetan horretarako izendatzen diren kontsignazioak, aldundien, udalen eta abarren ekarpenak, haren jardueren diru-sarrerak eta abar.

Xedapen gehigarriak Institutuaren kontrol parlamentarioa aurreikusten du.

Xedapen iragankorrak hauek arautzen ditu: udal-euskaltegiak publiko bihurtzeko prozedura, HABEko irakasleen kidegoa sortzea eta euskaltegi pribatuen homologazioa; hori ez ezik, euskaltegi pribatuen titulartasuna aldatzeko prozeduraren arautzea aurreikusten da.

Azken xedapenetako lehenengoak baimena ematen dio Jaurlaritzari lege hau garatzeko, azken xedapenetako bigarrenak zehazten du noiz jarriko den indarrean lege hau.

I. TITULUA
Izaera eta eginkizunak

1. artikulua

“Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen eta Euskaltegiak Araupetzea” sortzen da, zuzenbide publikoko erakunde gisa, nortasun juridiko propioa duena eta Autonomia Erkidegoko Administraziotik independentea dena; institutu horrek jardungo du gaitasun osoa duela bere xedeak betetzeko. Hezkuntza eta Kultura Sailari atxikita egongo da organismo autonomo administratibo gisa.

2. artikulua

Honako hauek izango dira HABEren eginkizunak:

a) Euskara helduei irakastea, eta bai Euskal Herrian horien euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatu eta sustatzea ere, hizkuntza-politikaren arloan Jaurlaritzan eskumena duen organoak ematen dituen gidalerroen arabera.

b) Ikerketa sustatzea, eta xedeak betetzeko egokiak diren bide, metodo eta tresnak bilatzea.

c) Material pedagogiko-didaktikoak sortu eta argitaratzea.

d) Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programak aplikatzea xede horiek betetzeko sortzen diren zentroetan.

e) Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko zentroen sorkuntza sustatzea, betiere ahaleginak eginez arrazoizko plangintza bat egiteko, eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuz.

f) Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko atazak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuei laguntzea, eta bai plan berezietarako hitzarmenak sinatzea ere.

g) Hezkuntza eta Kultura Sailari proposamena egitea, euskaltegietan helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastaroak gainditzen dituztenei gaitasun-ziurtagiriak edo diplomak eman dakizkien.

h) Oro har, bere eskumeneko gaietan organismo publiko eskudunek agintzen dizkioten mota guztietako jarduketak egitea.

II. TITULUA
HABEko gobernu-organoak

3. artikulua

HABEko gobernu-organoak honako hauek izango dira:

a) Patronatu Artezkaria.

b) Kontseilu Akademikoa.

c) Lehendakaria.

d) Zuzendari nagusia.

4. artikulua

Honako hauek izango dira HABEko Patronatu Artezkarikoak:

a) Lehendakaria: Hezkuntza eta Kulturako sailburua edo beraren eskuordea izango da, horretarako ematen zaizkion eskudantziekin.

b) Patronatukideak:

1. Hizkuntza-politikarako idazkaria.

2. Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-aldundien ordezkari bana.

3. Hezkuntza eta Kultura Sailaren ordezkari bi, gutxienez zuzendari-maila izan eta sailburuak izendatutakoak direnak.

4. Euskaltzaindiaren ordezkari bat.

5. Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ordezkari bat.

6. Euskaltegi publikoetako irakasleen artetik eta HABEko zerbitzu pedagogiko-didaktikoetara atxikitako gainerako langileen artetik hautatutako hiru ordezkari.

7. HABEko zuzendari nagusia, idazkari gisa jardungo duena, hitzarekin baina botorik gabe.

5. artikulua

HABEko Patronatu Artezkariak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) HABE ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, edozelako egintza edo kontratuetan eta edozein pertsona edo erakunderen aurrean, betiere horretarako behar diren ahalak emanez.

b) HABEren xedeak betetzen direla jagotea.

c) HABEren funtzionamendu-arauak ematea, lege honek eta bera garatzen duten erregelamendu-xedapenek xedatzen dutenaren esparruan.

d) Jaurlaritzari HABEren jarduketa-programak aurkeztea, berak esleituta dituen eginkizunen esparruan.

e) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea, Jaurlaritzari eramateko.

f) Institutuaren urteko memoria onestea.

g) Lege eta erregelamenduetan esleitzen zaizkion beste guztiak.

6. artikulua

Patronatu Artezkariak bere funtzionamendua eta erabaki-araubidea lotuko dizkio, 1958ko uztailaren 17ko Administrazio Prozeduraren Legean, oro har, kide anitzeko organoentzat ezarritakoari.

7. artikulua

Kontseilu Akademikoa, zuzendari nagusiaren zuzendaritzapean, Institutuko arlo akademikoen eta pedagogikoen arduradunek eta euskaltegietako zuzendariek osatuko dute; horiek Patronatu Artezkariak izendatuko ditu, behin zuzendari nagusiak proposamena egin eta gero. Horien kopurua HABEren arau organikoek zehaztuko dute; arauok, berriz, dekretuz ezarriko dira.

8. artikulua

Kontseilu Akademikoak Patronatu Artezkariari eta zuzendari nagusiari emango die aholkularitza, eta berak gai akademiko eta pedagogikoetan komenigarri irizten dien proposamenak aurkeztuko dizkie haiei, eta, era berean, Institutuaren arau organikoek agintzen dizkioten gainerako eginkizunak egikarituko ditu.

9. artikulua

HABEko berezko lehendakaria Hezkuntza eta Kulturako sailburua izango da. Berari dagozkio: Institutuaren ordezkaritza ofiziala, Institutuaren zerbitzuen goi-gainbegiratzea eta koordinazioa, Patronatu Artezkariaren erabakiak betetzen eta exekutatzen direla jagotea, eta HABEko beste organo batentzat beren-beregi gorde gabeko eginkizun guztiak.

10. artikulua

1. HABEko zuzendari nagusiak zuzendari-maila izango du, eta Jaurlaritzak dekretuz izendatuko du, Hezkuntza eta Kulturako sailburuak behin proposamena egin eta Patronatu Artezkariak aztertu ondoren. Honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Lehendakariari laguntza ematea, HABEren estatutuak eta HABEk eratxikita dauzkan helburuak eta xedeak jagoteko eta horiek betetzeko.

b) Patronatu Artezkariaren erabaki eta ebazpenak exekutatzea.

c) HABEren urteko aurrekontuen aurreproiektua gertatzea.

d) Institutuaren urteko txostena gertatzea.

e) Patronatu Artezkariari, aldian-aldian eta honek eskatzen duen guztietan, Institutuaren ibilerari buruzko txostenak ematea.

f) Patronatu Artezkariari proposamenak egitea bere mendeko izango diren izendapen askeko karguak izendatzeko.

g) Patronatu Artezkariko idazkari gisa jardutea.

h) Legeek eta erregelamenduek eratxikitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Gai akademiko eta pedagogikoei buruzko erabakietan, kontuan izan beharko ditu Kontseilu Akademikoak horretarako egiten dituen txostenak.

11. artikulua

HABEren arau organikoak Patronatu Artezkariaren dekretu batez eta patronatuak berak zuzendariaren bitartez proposatuta onetsiko dira; bada, arauok zehaztuko dituzte, lege honetan xedatutakoaren arabera, Institutuaren unitate organikoen eta HABEren mendeko euskalduntze-zentro edo euskaltegien antolaketa eta funtzionamendua. HABEren mendean zuzenean ez dauden euskaltegiak eraenduko dira hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua

HABEn, zerbitzu-mailako glotodidaktika aplikatuaren kabinete bat izango da. Eginkizun hauek izango ditu: euskararen irakaskuntzarekin zerikusia duten eskuarte, baliabide eta sistema metodologikoak ikertu eta hedatzea; irakasleak prestatu eta birziklatzea; helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko zentroetan garatu beharreko programen irakasle-koordinazioa eta koordinazio didaktiko-pedagogikoa, eta HABEren arau organikoek eratxikitzen dizkioten gainerakoak.

III. TITULUA
Euskaltegiez

13. artikulua

Euskaltegiak publikoak eta pribatuak izan daitezke. Publikoak dira Jaurlaritzaren dekretuz sortu eta HABEri atxikitakoak, eta foru-aldundiek, udalek edo horien mendeko erakundeek sortutakoak. Ahalmen akademiko guztiak izango dituzte.

Pribatuak dira pertsona fisikoen nahiz izaera pribatuko pertsona juridikoen titulartasunekoak.

14. artikulua

Euskaltegiaren titularra izango da HABEn beraren lehendakariaren ebazpenez sortzen den Erregistroan titular gisa ageri den pertsona fisiko edo juridikoa.

15. artikulua

1. Euskaltegi publiko guztietan zuzendari bat eta idazkari bat izango dira gutxienez.

a) Euskaltegiko zuzendariari dagozkio: haren ordezkaritza ofiziala izatea; indarrean dagoen araudia betetzen dela jagotea; euskaltegiari atxikitako langile guztien burutza egikaritzea; euskaltegiaren aurrekontua gertatu eta haren funtsak zuzen kudeatzea; jarduera akademikoak koordinatzea, eta euskaltegiak zuzen funtzionatzeko agintzen zaizkion gainerako guztiak.

b) Idazkariari dagokio, zuzendariak ontzat emanaz, ziurtagiriak luzatzea, eta euskaltegiaren administrazio-kudeaketarekin zerikusia duen guztia eramatea, baldin eta hori zuzendariari beren-beregi eratxikita ez badago, zuzendariarekin lankidetzan jardutea honek agintzen dizkion arazo guztietan, eta erregelamenduz eratxikitzen zaizkion gainerako guztiak.

c) HABEri atxikitako euskaltegi publikoetako zuzendariak HABEren Patronatu Artezkariak izendatu eta, hala egokituz gero, kenduko ditu, behin zuzendari nagusiak proposamena egin eta irakasleen klaustroari entzun eta gero.

Foru-aldundien edo udalen mendeko euskaltegi publikoetako zuzendariak euskaltegiaren korporazio titularrak izendatu eta, hala egokituz gero, kenduko ditu, Hezkuntza eta Kultura Sailak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten pertsonen artetik eta HABEren euskaltegietarako ezarritako prozeduraren antzekoa denari jarraituz.

d) Euskaltegietako idazkariak HABEko zuzendari nagusiak edo euskaltegiaren korporazio titularrak izendatu eta, hala egokituz gero, kenduko ditu, euskaltegiko zuzendariak proposamena egin eta gero, Hezkuntza eta Kultura Sailak horretarako ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artetik. Erregelamendu bidez erabakiko da zenbat dirauten kargu horiek eta zein den kargu horiek aukeratzeko prozedura.

2. Euskaltegi bakoitzaren barne-araubidearen erregelamenduak beste organo batzuk ezarri ahal izango ditu parte hartu eta gobernatzeko, lege honetan xedatutakoaren arabera.

16. artikulua

Euskaltegi pribatuak izan daitezke:

a) Homologatuak: ahalmen akademiko osoak izango dituztenak, Hezkuntza eta Kultura Sailak, erregelamenduz ezartzen den moduan, horrelakotzat sailkatuta egoteagatik. Hezkuntza eta Kultura Sailak, bi urtez behin, berronetsiko du euskaltegi homologatuaren izaera, hori egitea beharrezkoa denean.

b) Libreak: hogeigarren artikuluak aipatzen dituen diplomak edo ziurtagiriak lortzeko gainditu beharreko probak eratzeko gaitasunik ez dutenak. Euskaltegi publiko bati atxikita egon beharko dute, eta euskaltegi publiko horretako irakasleek egingo dizkiete azterketak ikasleei, hogeigarren artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako.

17. artikulua

Euskaltegi guztiek inskribatuta egon beharko dute, hamalaugarren artikuluak aipatzen duen erregistroan. Euskaltegiaren jardueren bukaera Erregistroari jakinarazi behar zaio emango duen azkeneko ikasturtea hasi baino urtebete gutxienez lehenago.

18. artikulua

Dirulaguntzadun euskaltegi pribatu guztietan zuzendari batek eta idazkari batek gutxienez izan beharko dute; haien eginkizunak euskaltegi publikoetarako ezarritako eginkizunen antzekoak izango dira, eta euskaltegiaren titularrak izendatuko ditu. Euskaltegi horien urteko balantzea, nominen abonua justifikatzeko agiriak eta gainerako kontabilitate-dokumentuak edonoiz eskatu ahal izango dituzte HABEren zerbitzuek.

19. artikulua

Euskaltegi publiko batean irakasle-plaza bat hutsik geldituz gero, haren titularrak merezimendu-lehiaketa baterako deialdia egingo du hura betetzeko; lehiaketa horretan parte hartu ahal izango dute euskaltegi publikoetan aktiboan dauden irakasle guztiek, deialdian ezartzen den moduan.

Lanpostu hutsa betetzen ez bada aurreko paragrafoan ezarritako moduan, euskaltegiaren titularrak hautapen-probetarako deialdi askea egingo du.

20. artikulua

Hezkuntza eta Kultura Sailari dagozkio HABEko Patronatu Artezkariak proposamena egin eta gero: euskaltegi publikoetan eta pribatu homologatuetan ematen diren irakaskuntzen antolaketa orokorra eta ikuskapena, eta irakaskuntza horien irakasleei eskatzen zaizkien titulazioak arautzea, bai eta euskaltegietarako eraikinek bete beharko dituzten baldintza teknikoak, eta, oro har, irakaskuntza-jarduerei dagokien guztia. Era berean, sail horrek arautuko ditu alfabetatze eta euskalduntze-irakaskuntzetan ezartzen diren zikloetako bakoitzaren amaieran luzatu beharreko diploma eta ziurtagiriak ere.

21. artikulua

Udal-euskaltegientzako funts publikoen eta pribatu homologatuentzako dirulaguntzen araubidea erregelamenduz arautuko da. Xede horietarako izendatutako funtsak HABEren urteko aurrekontuei erantsiko zaizkie.

IV. TITULUA
HABEren araubide ekonomikoaz

22. artikulua

Institutu hau Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko organismo autonomoa den bitartean, haren araubide ekonomiko-finantzarioa eraenduko da horri buruz indarrean dagoen araudi bereziaren arabera.

23. artikulua

Honako hauek dira HABEren ogasun eta baliabideak:

— Bere titulartasuneko ondasunak edo atxikita dituenak, unean-unean indarrean dagoen ondareari buruzko legearen arabera.

— Ondasun horien ekoizkinak eta errentak.

— Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrek esleitzen dizkioten funtsak.

— Foru-aldundien, udalen edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuen ekarpenak.

— Institutuaren jarduerek haren eskumenen eremuan sorraraz ditzaketen diru-sarrerak.

— Eratxiki dakiokeen beste edozein baliabide.

Xedapen gehigarria

Urtero, ekitaldia bukatu eta ondorengo lehenengo hiruhilekoaren barruan, Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko zaio Institutuaren kudeaketa-memoria, bai eta hurrengo ekitaldiari dagokion programa ere.

Xedapen iragankorra

1. Oraingo udal-euskaltegiak euskaltegi publiko bihurtu ahal izango dira, behin korporazio titularrak eskabidea eginda, erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen direla HABEren organo eskudunak egiaztatu eta euskaltegiak hamalaugarren artikuluak aipatzen duen HABEren Erregistroan inskribatu ondoren.

2. Jaurlaritzak Legebiltzarrari lege-proiektu bat bidaliko dio, lege hau indarrean jartzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epearen barruan, HABEko pedagogia-irakaskuntzako langileen kidegoa sortzeko.

Kidego horretan oposizioz, oposizio-lehiaketaz edo lehiaketaz sartu ahal izango da; azken kasu honetan lehentasunezko merezimendu izango dira helduak alfabetatzearen eta euskalduntzearen gaietan, Kultura Sailean eta Hezkuntza eta Kultura Sailean egindako zerbitzuak.

Halaber, udal-euskaltegietan egindako zerbitzuak ere merezimendutzat zenbatu ahal izango dira, horretarako deialdian jartzen den modu berean.

3. Lege hau indarrean jartzean jardunean ari diren euskaltegi pribatuek homologazioa eskatu ahal izango dute xedapen honen lehenengo paragrafoan ezartzen den moduan, eta laguntzen araubidea izaten jarraituko dute erregelamenduz ezartzen den moduan.

4. Erregelamenduz ezarriko da bete behar den prozedura, zertarako eta arrazoi historikoak direla-eta gaur egun ekimen pribatukoak izan baina euskaltegi publiko bihurtu nahi duten euskaltegien titulartasuna aldatzeko. Nolanahi ere, alde interesdunek hori nahi izatea beharrezkoa izango da.

Azken xedapenak

Lehenengoa

Jaurlaritzari eta Hezkuntza eta Kultura Sailari baimena ematen zaie, bakoitzak bere eskumenen eremuan behar diren xedapenak emateko, betiere lege honetan xedatutakoa garatu eta aplikatze aldera.

Bigarrena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper