Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

8.2.2. 5/1982 Legea, maiatzaren 20koa, “Euskal-Irrati Telebista” ente publikoa sortzekoa


8.2.2. 5/1982 Legea, maiatzaren 20koa, “Euskal-Irrati Telebista” ente publikoa sortzekoa[466][467][468]

HITZAURREA

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumena du, Autonomia Estatutuaren 19. artikuluak xedatzen duenaren arabera, irrati-difusioaren eta telebistaren bideei buruzkoak Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautzeko, 1980ko urtarrilaren 10eko 4/80 Legeaz onetsitako oinarrizko araubidea garatuz.

Eskumen hori egikaritu bitartean, eta funtsezko zerbitzu publikoaren kontzeptua errespetatuz, lege honetan komunikabide sozialak eratzen dira; legeak komunikabideok tresna nagusi gisa aipatzen ditu herritar euskaldunak informatzeko eta beraiek politikan parte hartzeko, eta bai funtsezko tresna gisa gure hezkuntza-sistema propioarekin lankidetzan aritzeko eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko, euskararen sustapena eta garapena bereziki kontuan izanik, eta hori guztiori oinarri eta funts da, autonomia-erkidego honetako herritarren eskubide eta askatasunak modu egokian moldatzeko.

Labur-labur azaldutako printzipio horietatik abiatuta, lege honek, oinarrizko irizpide orokorrak errespetatu ez ezik, ihardespen-eskubidea araupetu ere egiten du, lehen aipatu dugun oinarrizko araubide hori modu kongruentean osatzen du, eta, azken finean, horretarako egoki diren tresna juridikoak baliatuz lege-testuak lortu nahi dituen helburuekin kongruentea den egitura bat ezarriz.

I. KAPITULUA
“Euskal Irrati-Telebista” ente publikoaren izaera

1. artikulua

1. Lege honek aipatzen dituen irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuen titular gisa Autonomia Erkidegoari dagozkion eginkizunak, “Euskal Irrati-Telebista” ente publikoaren bidez egikarituko dira.

2. “Euskal Irrati-Telebista” ente publikoak nortasun juridiko propioa du; lege honek eta bera garatzen duten erregelamendu-xedapenek arautzen dute entea; betiere, estatuaren titulartasuneko telebista-kanal baten zuzeneko kudeaketa Autonomia Erkidegoari, kasuan-kasuan, ematen dion legeak xedatzen duenak indarrean dirau, bai eta maiztasun eta potentzien emakidetatik eratortzen diren betebehar eta eskubideek ere.

3. Kanpo harreman juridikoetan, ondare-eskuratzeetan eta kontratazioan, entea merkataritza-zuzenbidearen eta zuzenbide zibilaren mendean egongo da, eta salbuespen bakarrak lege honetan aurreikusitakoak izango dira; baina ez dago salbuespenik egintza banangarriei dagokienez, ez eta kontratu- edota kontratuz kanpoko erantzukizunaren araubideari dagokionez ere.

II. KAPITULUA
Printzipio orokorrak eta aplikazio eremua

2. artikulua

Autonomia Erkidegoko botere publikoek eta ente publikoaren organoek adierazpen-askatasuna zainduko dute, bai eta informazioa aske jakinarazteko eta hartzeko eskubidea ere, halako moldez non komunikabideek euren egitekoa bete ahal izango baitute gizarte demokratiko batek eskatzen duenaren arabera.

3. artikulua

Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko gizarte komunikabideen jarduerak honako printzipio hauek izango ditu oinarri:

a) Informazioen objektibotasun, egiatasuna eta inpartzialtasuna.

b) Informazioaren eta iritziaren arteko ezberdintze eta banantzea; azken honek beharrezko du bera agertzen dutenak nor diren esatea. Merkataritza-publizitateak erabilera ezberdin eta berezi bera eskatuko du.

c) Berdintasun-printzipioa, politika-, eta erlijio-, gizarte-, kultura- eta hizkuntza-pluraltasuna errespetatzea.

d) Interes orokorraren alde, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan onartutako elkarbizitzaren balio hiritarren defentsa eta sustapena.

e) Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak onartzen dituzten eskubideak errespetatzea.

f) Pertsonen ohorea, izen ona eta, bereziki, norberaren intimitate eta nork bere irudia izateko eskubidea errespetatzea.

g) Gazte eta haurrak babestu eta sustatzea.

h) Euskal kultura eta euskara sustatzea; euskara erabiltzeari dagokionez, programazioaren oinarrizko printzipioak ezarriko dira, eta kontuan izango da irrati-telebistetan egingo diren euskarazko emankizunen eskaintzak Autonomia Erkidegoan orekari eutsi behar diola.

4. artikulua

1. Lege honen 2. eta 3. artikuluetako printzipioak eta Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 9.2. artikuluak botere publikoei ezarritako betebeharrak behar bezala betetzeko, honako hau ekar dezakeen edozein programa baztertzera joko da:

a) Norbanakoen edo taldeen bizitzaren, askatasunaren eta berdintasunaren aurkako egintza edo portaeren goraipatzea edo apologia.

b) Legearen edo gizartearen aldetik gaitzesgarri diren portaerak alde onetik erakustea edo haien apologia egitea.

2. Haurrentzat zuzentzen diren publizitate eta programek “Bezeroen Estatutua”ri buruzko legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3. Edonoren hitza edo irudia haren intimitatea leku pribatu batean urratuz eta haren baimenik gabe jasotzea debekatuta gelditzen da, eta bai jasotze horri datxezkion nolanahiko dokumentu-motak zabaltzea edo gordetzea ere. Halaber, delitu egiten duten adingabeen izenak jendaurreko informaziora agertzea ere debekatuta gelditzen da.

III. KAPITULUA
Antolaketa eta kontrol parlamentarioa

1. atala

5. artikulua[469]

“Euskal Irrati Telebista” ente publikoaren organoak honako hauek dira:

a) Administrazio Kontseilua.

b) Zuzendari nagusia.

2. atala
Administrazio Kontseiluaz

6. artikulua[470]

1. Administrazio Kontseilua hemeretzi kidek osatzen dute; kideok Legebiltzarrak izendatuko ditu lege honek ezartzen duen moduan.

2. Kontseilari kargua eta honako hauek ezin izango dira bateratu:

a) Zuzenean edo zeharka edozein lanbide-lotura duten sozietate pribatuekin, baldin eta sozietate horiek honako hauek badituzte jarduera nagusi edo osagarritzat: publizitatea ekoitzi edo banatzea; zinema-filmak ekoitzi eta banatzea, film laburrak barne hartuta; magnetoskopioz filmatutako edo grabatutako programak ekoiztea; disko, zinta magnetofonikoak edo antzekoak ekoiztea, bai eta lege honetan arautzen den ente publikoaren eginkizunen mendeko enpresa edo sozietateetan erabiltzen diren edo erabili ahal diren ekipamendu, material edo beste edozein osagai ekoitzi, hornitu edo zuzkitzeko erabiltzen direnak ere.

b) Ente publikoarekin edo beraren sozietateekin edozein zerbitzu-harreman edo lan-harreman aktibo.

7. artikulua[471]

1. Administrazio Kontseiluko hamabost kideren izendapena talde parlamentarioek Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean aurkeztutako proposamenei jarraituz egingo da.

2. Administrazio Kontseiluko lau kide segidan aipatutako erakunde eta elkarteek Legebiltzarreko Mahaian aurkeztutako proposamenetan azaldutako pertsonen artetik izendatuko dira:

a) Euskaltzaindia,

b) Eusko Ikaskuntza,

c) Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea,

d) Euskal Herriko Unibertsitatea,

e) Proposamena egiterakoan Autonomia Erkidegoan ordezkari gehien duten sindikatuak,

f) Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile-elkarteen federazioak.

3. Administrazio Kontseiluko kideak izendatzeko, erabakiak emandako botoen bi herenen gehiengoa izan beharko du.

7 bis artikulua

1. Administrazio Kontseilua haren kideak izendatu eta hilabeteko epean eratuko da, eta kide guztiak beren karguaz egintza bakar batean jabetuko dira.

2. Administrazio Kontseiluko kideek dagokien legegintzaldia bukatzeaz bat edo eurak hautatu zituen organoak kargutik kentzen dituenean utziko dituzte beren karguak; hala ere, euren eginkizunak egikaritzen jarraituko dute, kide berriak beren karguaz jabetu arte. Kargutik kentzeko, izendapenerako besteko gehiengoa beharko da.

3. Administrazio Kontseiluaren agintaldian edozein arrazoirengatik posturen bat hutsik gertatzen bada, hori beteko da 7. artikuluaren 3. apartatuan izendapena egiteko aurreikusitako sistemekin bat etorriz ezarritako gehiengoaren arabera.

4. Administrazio Kontseiluko kideren bat kargutik kendu ahal izango du hura izendatu zuen organoak, ondorengo arrazoietako bat gertatuz gero:

a) Errenkadako sei hilabetetik gora dirauen ezintasun fisikoa edo gaixotasuna edukitzea.

b) Gaitasun falta nabarmena izatea edo lege honetan jasotako irizpide, printzipio edo helburuen kontra jardutea.

c) Dolozko delituagatik kondenatua izatea.

d) Bera izendatu zuen organoan ordezkaritza galtzea.

8. artikulua[472]

1. Administrazio Kontseilua balio osoz bilkuran era dadin, gutxienez haren eskubide osoko kideen erdiek eta bat gehiagok egon beharko dute bertan.

Kontseiluaren erabakiak bileran dauden kideen gehiengoz hartuko dira, artikulu honen 2. apartatuak aipatzen dituen salbuespenek indarrean dirautela.

2. Administrazio Kontseiluko kideen bi herenen gehiengoa beharko da, honako gai hauek aztertu behar direnean:

a) Zuzendari nagusiaren proposamenez, ente publikoaren jarduera-plana onestea; plan horretan, behar den besteko zehaztasun-mailarekin jasoko dira gutxienez: programazioaren oinarrizko printzipioak eta ildo orokorrak, eta bai ente publikoaren sozietate guztien jarduketa-plana ere. Jarduera-plana lehenengo aldiz eztabaidatzen den bileraren datatik kontatzen hasita hilabeteko epean ez bada lortzen gehiengo kualifikatua, orduan Kontseiluko kideen gehiengo osoa aski izango da plan hori onesteko.

b) Ente publikoaren eta beraren sozietateen plantillak eta horien aldaketak behin betiko onestea. Horretarako, dagokion justifikazio-memoria erantsiko da.

c) Negoziazio kolektiborako irizpide orokorrak ezartzea eta ente publikoaren eta beraren sozietateen langileen ordainsarien araubidea onestea.

d) Ente publikoaren eta beraren sozietateen aurrekontu-proposamena onestea. Lehenengo bozketan lortzen ez bada apartatu honen lehenengo paragrafoan ezarritako gehiengo kualifikatua, aurrekontu-aurreproiektua Jaurlaritzari bidaliko zaio, legezko epearen barruan, eta Administrazio Kontseiluko kideetako bakoitzaren botoa zein izan den zehaztuko da.

e) Talde politikoentzako programazio-ehunekoa sei hilabetean behin zehaztea eta gizarte-taldeei dagokiena aztertzea, betiere Autonomia Erkidegoko gizartearen eta hizkuntza ofizialen pluraltasuna errespetatuz.

f) Administrazio Kontseiluaren funtzionamendu-araudia onestea eta aldatzea.

9. artikulua[473]

1. Era berean, honako hauek ere Administrazio Kontseiluaren eskumen dira:

a) Lege honen bigarren kapituluan xedatutakoaren arabera programazioa betetzen dela zaintzea.

b) Ente publikoaren mendean dauden sozietate eta enpresen zuzendarien izendapen-proposamena zein den jakitea, horri buruzko txostena ematea hura jakin eta hilabeteko epean, eta zuzendariek karguari utzi aurretik jakinarazpena jasotzea.

c) Ente publikoaren eta beraren mendean dauden sozietate eta enpresen jardueren garapenari buruzko urteko memoria onestea.

d) Eusko Jaurlaritzak publizitatearen arloan eman asmo dituen xedapenen proiektuei buruzko txostenak ematea.

e) Arauak ezartzea publizitatea ente publikoaren sozietateen bidez zelan eman behar den zehazteko; horretarako, hauek hartuko dira kontuan: publizitatearen kalitatearen kontrola, publizitate-mezuen edukia, bai eta publizitatearen denbora programazioari eta entean sartutako komunikabide sozialen beharrei egokitzea ere.

f) Urtero, hedabide bakoitzaren programazioan sartu beharreko norbere ekoizpenaren ehunekoa zehaztea.

g) Ente publikoko zuzendari nagusiak haren iritziaren mendean jarritako gai guztiak zertan diren jakitea, nahiz eta haren eskumenetan beren-beregi adierazita egon ez.

2. Artikulu honetako ahalmenak egikaritzeak sorraraz ditzakeen erabakiak bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira.

10. artikulua[474]

1. Administrazio Kontseiluko burutza batzordekideen artean txandakakoa izango da. Hiru hilabete iraungo du, eta batzordekide zaharrenak ekingo dio; gero, txandan adinez batzordeburuaren hurrengoa denak jarraituko dio, eta, irizpide berdinari atxikiz, hurrengo txandadunak.

2. Legegintzaldiak dirauen bitartean batzordekideren baten ordezkoa jarri beharra gertatuz gero, ordezko horri, txandakako burutzarako, ordeztu duen batzordekidearen txanda egokituko zaio.

3. Administrazio Kontseiluko burua, protokolo-eginkizunez gain eta kide anitzeko organo baten burua den aldetik dagozkionez gain, ikuslearen babeslea izango da. Horiek horrela, herritarrek, ente publikoaren eta beraren sozietateen eginkizunen esparruari dagozkionez egindako kexak, iradokizunak eta proposamenak jaso, izapidetu eta erantzun beharko ditu, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

11. artikulua

1. Administrazio Kontseiluak, ente publikoko enplegatuen artetik akten idazkari bat izendatuko du, hitzik ez botorik duena; horrek, bilera bakoitzaren akta egin beharko du; akta onetsi egingo da, haren idazkerari dagokionez, bilera bakoitzaren amaieran, eta hura akta-liburu batean transkribatuko da; liburu hori beren-beregi gaituta egongo da horretarako.

2. Idazkariak, lehendakariak ontzat emanda, hartutako erabakien ziurtagiriak egin ahal izango ditu.

3. Akten idazkariak betebeharra du akta-liburua zaintzeko; liburu hori beti zainduko da ente publikoaren egoitzan, eta ezin izango da handik atera Administrazio Kontseiluko lehendakariak idatziz baimen espresurik eman barik.

4. Era berean, akten idazkariak ente publikoaren egoitzan gorde eta zainduko du zigilu sikua; hori ente publikoaren dokumentu ofizialetan bakarrik erabili ahal izango da, baldin eta Administrazio Kontseiluko lehendakariak horrela agintzen duenean.

12. artikulua

Administrazio Kontseiluak hilean bilera bat egingo du, gutxienez, ente publikoaren egoitzan edo deialdian zehazten den tokian, eta behar beste ezohiko bilera egingo du, hurrengo artikuluaren arabera.

13. artikulua[475]

1. Administrazio Kontseilurako deialdia haren lehendakariak egin behar du idazki baten bidez; idazki horretan gai-zerrenda agertuko da, bai eta bileraren lekua, eguna eta ordua ere.

2. Lehendakariak nahitaez egin beharko du Kontseilurako deialdia, gutxienez bertako zortzi batzordekidek eskatzen dutenean; horretarako, eskabide idatzia egin beharko dute, non ezohiko deialdiaren gai izango diren puntu zehatzak ezarriko diren.

3. Artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, presako eta aparteko kasuetan, zeinei lehendakariak aske iritziko baitie, honek Kontseiluaren bilerarako deialdia telegramaz egin ahal izango du, non deialdiak izan behar dituen puntuak sartuko baitira, artikulu honen 1. apartatuan aurreikusita daudenak.

4. Administrazio Kontseiluak gai-zerrendaren barruan dauden arazoak ez beste batzuk aztertu ahal izango ditu, baldin eta bertaratutakoen gehiengo soilak horrela erabakitzen badu. Nolanahi ere, arazo horiek onesteko, bileran dauden kide guztien adostasuna behar izango da.

14. artikulua

1. Ente publikoko zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluaren bileretara joan ahal izango du, baina ezin izango du eskurik hartu, ez eta botorik eman ere berari dagozkion arazoetan.

2. Era berean, Kontseiluak aholkularitza eskatzen dien teknikariak ere joan ahal izango dira, Kontseiluari informazioa emateko bakarrik, bertaratutako kideen gehiengo soilez erabakitako kasuetan.[476]

3. atala
Aholku batzordeez

15. artikulua

1. Euskal Irrati Telebistaren zerbitzu publikoak kudeatzeko sortzen den sozietate publiko bakoitzak aholku batzorde bat eratuko du. Honako kide hauek izango ditu:

A) Langileen hiru ordezkari, ordezkaritza handieneko zentral sindikaletako edo langile-taldeetako atalek izendatuak, proportzionaltasun-irizpideen arabera.

B) Lau ordezkari, bakoitzak instituzio hauek izendatuak: Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

C) Bi ordezkari, bata komunikabideen elkarteek (prentsak, irratiak eta telebistak) eta bestea kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek izendatuta.

D) Foru-aldundiek izendatutako hiru ordezkari, aldundi bakoitzeko bat.

E) Euskal Administrazio Publikoaren lau ordezkari, Eusko Jaurlaritzak izendatuak.

2. Aholku Batzordeko kideak berberak izango dira irrati- eta telebista-zerbitzuak kudeatzen dituzten sozietate publikoentzat.

3. Hedabide bakoitzeko aholku batzordea, gutxienez, hiru hilean behin deituko du Administrazio Kontseiluak, eta iritzia edo irizpena emango du, Administrazio Kontseiluak hala eskatzen dionean, eta, nolanahi ere, Administrazio Kontseiluari programazioaren inguruan esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez.

4. atala
Zuzendari nagusia

16. artikulua[477]

1. Zuzendari nagusia Jaurlaritzak proposatu eta Legebiltzarrak hautatuko du, eta, proposamena onesteko, legebiltzarkideen erdien gehi bat gehiagok eman beharko du aldeko botoa, gutxienez. Behin hautaketa eginik, Lehendakariaren dekretu baten bidez izendatuko da zuzendari nagusia.

2. Honako hauek izango dira zuzendari nagusiaren eginkizunak:

a) Lege honek eta bera garatzen duten araugintza-xedapenek, eta, hala egokituz gero, oinarrizko zuzenbide gisa edo zuzenbide osagarri gisa aplikatzekoak direnek edo nahitaez bete behar direnek xedatzen dutena bete eta betearaztea.

b) Organo honen eskumeneko gaietan Administrazio Kontseiluak hartzen dituen erabakiak bete eta betearaztea.

c) Administrazio Kontseiluari hauek aurkeztea, berak onets ditzan: ente publikoaren jarduera-plana, eta baita haren mendeko sozietate eta enpresen jarduketa-planak, eta lehen aipatutako jarduera-plan horien garapenari buruzko urteko memoria ere.

d) Aurrekontuen aurreproiektua egin eta Kontseiluari aurkeztea, beronek onets dezan; aurreproiektuak barruan hartuko ditu langileen ordainsariak eta aurreko apartatuan aipatutako planak garatzeko ezarritako gastu eta diru-sarrerak; horretarako, kontuan izan behar dira kontseiluak berak programazioari buruz onetsitako oinarrizko printzipioak eta ildo nagusiak, eta haiei dagokien azalpen-memoria erantsi beharko da. Hori guztia ente publikoarentzat eta beraren mendeko sozietateentzat egin behar da.

e) Kontratazio-organo gisa jardutea, eta ente publikoaren eta beraren sozietateen ordainketa-gastuetarako baimena ematea.

f) Administrazio Kontseiluari ente publikoaren eta beraren sozietateen organigrama proposatzea, hark onets dezan, eta bai ente publikoko eta beraren sozietateetako zuzendaritzako langileak profesionaltasun-irizpideen arabera izendatzea ere; izendapen horiek egin aurretik jakinarazi behar zaizkio Administrazio Kontseiluari.

g) Ente publikoaren eta beraren sozietateen funtzionamendua ziurtatzen duten mota guztietako zerbitzuak ezarri, orientatu, bultzatu, koordinatu eta ikuskatzea; horretarako, adierazitako xedeetarako beharrezko eta aski diren arau eta jarraibideak ezarri ahal izango dira, hori guztiori Administrazio Kontseiluari dagozkion ahalmenak ezertan galarazi gabe.

3. Programak elebidunak izango direla kontuan izanik, zuzendari nagusia izendatzeko, Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetan behar besteko ezagutza izatea balioetsiko da.

17. artikulua

Zuzendari nagusiaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta, nolanahi ere, Eusko Legebiltzarraren legegintzaldia bukatuaz bat amaituko da. Hori gertatuz gero, beste zuzendari nagusi bat izendatu arte karguan jarraituko du.

18. artikulua

Zuzendari nagusiaren kargua eta Eusko Legebiltzarreko mandatu parlamentarioa bateraezinak izango dira, eta Administrazio Kontseiluko kideentzat ezarritako bateraezintasun guztiek ere hura ukitu egiten dute.

19. artikulua[478]

1. Eusko Jaurlaritzari dagokio zuzendari nagusiaren kargu-uztea proposatzea; proposamen horrek arrazoitua izan behar du. Behin kargu-uztea Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideen erdiek gehi bat gehiagok onetsita, Eusko Jaurlaritzak kargu-uzteari buruzko dekretua onetsiko du.

2. Administrazio Kontseiluak, bi hereneko gehiengoarekin, Jaurlaritzari proposatu ahal izango dio zuzendari nagusiaren kargu-uztea, ondorengo arrazoietako bat gertatuz gero:

a) Kargua egikaritzeko bateraezintasunen batean erortzea.

b) Errenkadako sei hilabetetik gora dirauen ezintasun fisikoa edo gaixotasuna edukitzea.

c) Gaitasun falta nabarmena izatea edo lege honetan jasotako irizpide, printzipio edo helburuen kontra jardutea.

d) Dolozko delituagatik kondenatua izatea.

5. atala
Kontroleko Batzorde Parlamentarioa

20. artikulua

Eusko Legebiltzarraren erregelamenduak xedatzen duenaren arabera, batzorde parlamentario batek “Euskal Irrati-Telebista” entearen sozietate publikoen jarduketa kontrolatuko du, halako moldez non ez baita haien funtzionamendua galaraziko.

IV. KAPITULUA
Antena- eta zuzenketa-eskubidea

21. artikulua

1. Talde sozial eta politiko ordezkagarriek eskubidea izango dute, lege honen xede diren komunikabide publikoetara iristeko. Eskubide hori egikaritzeko, Administrazio Kontseiluak, zuzendari nagusiarekin bat eta bakoitzari dagozkion eskumenak egikarituz, irizpide objektiboak finkatuko ditu; irizpideok erabakitzeko, kontuan hartuko dira: talde horiek instituzio komunetan, lurralde historikoetan eta Autonomia Erkidegoko udaletan daukaten ordezkaritza, eta beharrezko jotzen dituen sindikatu- edo ugazaba-ordezkaritzako irizpideak, eta gizarte- eta kultura-intereseko beste edozein irizpide.

2. Antena-eskubidea indar gutxiagoko talde politiko, sozial eta kulturalentzat ere bermatuko da.

22. artikulua

1. Eztabaida parlamentarioak geroago ematen direnean, edo horiei buruzko informazioan, talde parlamentario bakoitzarentzat emandako antena-denbora hark Eusko Legebiltzarrean duen ordezkaritzaren proportziokoa izango da.

2. Hauteskunde-kanpainetan zehar hauteskunde-arauek aurreikusten duten araubide berezia aplikatuko da. Araubide hori hauteskunde-batzorde eskudunak aplikatu eta kontrolatuko du, zeinak bere egitekoa Administrazio Kontseiluaren eta zuzendari nagusiaren bitartez beteko baitu; izan ere, horiek hartuko dituzte hauteskunde-batzordeak ezarritako irizpideak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak.[479]

23. artikulua

Eusko Jaurlaritzak, aldian-aldian, komunikabide sozialen zerbitzu publikoren izaeratik eratortzen diren programazio-betebeharrak finkatu ahal izango ditu, eta, Administrazio Kontseiluari bere iritzia eskatu ondoren, horiek betearazi.

24. artikulua

Eusko Jaurlaritzak, beharrezko irizten dien interes publikoko nahi beste adierazpen edo komunikazio programatu eta zabaldu ahal izango ditu, horien jatorria adieraziz. Larrialdietako arrazoiengatik, zeinak Jaurlaritzak horrelakotzat hartuko baititu, komunikazio eta adierazpen horiek berehala zabalduko dira.

25. artikulua

Hedabideen zuzendariak behartuta egongo dira, Administrazioak ente publikoko zuzendariaren bidez bidaltzen dizkion ohar eta komunikatuak zabaltzera eurok jasotzen dituen egunaren biharamunean; eta Administrazioaren eskumenari eta eginkizunari dagozkien egintzen gainean emandako informazioak zuzendu edo argituko ditu. Zuzenketa zabalduko beharko da, bera sortu zuen informazioa zabaldu zen ordutegi bereko informazio-programan.

V. KAPITULUA
Ihardespen-eskubideaz

26. artikulua

Irratiz eta telebistaz zabaldutako edozein informaziorengatik bere burua bidegabekeriaz kaltetutzat hartzen duen edozein pertsona fisiko edo juridikok, bere kabuz edo behar bezala legitimaturiko ordezkarien bitartez ihardesteko eskubideaz egikaritu ahal izango du.

Era berean, eskubide hau dagokio interes orokorrak defendatzeko legitimaturik dagoen beste edozein organismori, baldin eta interesok kalteturik badaude.

27. artikulua

1. Ihardespen-eskubidea egikaritzeari dagokionez, ezin izango dute euren burua bidegabekeriaz kaltetutzat hartu literatura-, arte-, zientzia-lanen edo antzeko lanen egileak, edo modu profesionalean jendaurreko ikuskizunetan diharduten pertsonak, lan horien kritika horien egikaritzan adieraziak edo aipatuak direnean, baldin eta kritika:

a) interesdunen jendaurreko jarduerari lotzen bazaio edo arte- edo zientzia-balioespenari lotzen bazaio, eta

b) lege honetan aitortzen diren printzipio eta eskubideen errespetuaren barruan eginda badago.

2. Adierazpen-askatasunaren bermeen esparruan, pertsona hauek ere ezin izango dute euren burua bidegabekeriaz kaltetutzat hartu: edozein izaeratako jarduera publikoa egiten dutenak edo egin dutenek, baldin eta adierazpena edo aipamena jarduera horri badagokio eta lege honetan aitortzen diren printzipio eta eskubideen errespetuaren barruan eginda badago.

28. artikulua

Ihardespena argitzearen edo zuzenketaren gaiari lotu beharko zaio, eta horren zabalkundea doan egingo da.

29. artikulua

Ihardespen-eskabidea, hala behar izanez gero, haren oinarri den dokumentazioarekin batera, haren zabalkundea egin behar duen hedabidearen zuzendariari bidaliko zaio.

Ihardespena zabaldu beharko da bera hedabidearen zuzendariak jasotzen duen egunaren biharamunean, baldin eta gai den informazioa edo iritzia eguneroko espazio batean zabaldu bada, edo hurrengo zazpi egunen barruan bestelako kasuetan.

30. artikulua

1. Ihardespena sartu beharko da informazioa edo iritzia zabaldu zen espazio berean, baldin eta hori maiztasun erregularreko informazio-espazio batean zabaldu bazen. Gainerako kasuetan, ihardespena sartuko da adierazpena edo aipamena egin zen espazioaren antzeko bat zabaldu aurretik.

2. Aurrekoa ezertan galarazi gabe, ihardespena sorrarazi zuen iritzia edo informazioa informaziokoa ez den espazio batean eman bada, eta, edozelan ere, iritziak telebistako edo irratiko informazio-profesionalenak ez direnean, ukituak eskatu ahal izango du ihardespena espazioaren haren antzeko batean irakur dadila. Edozelan ere, hedabidearen zuzendariaren edo Administrazio Kontseiluaren ebazpena lotuko zaie hedabidearen izaeratik eratortzen diren eskakizunei eta programazioaren beharrizan objektiboei.

31. artikulua

Ihardespen-eskubidearen egikaritza iraungiko da, baldin eta informazioa edo iritzia zabaldutako egunetik hasi eta honako epe hauen barruan egikaritzen ez bada:

1. Emankizunaren hedapeneko biztanleguneetako egoiliarrak direnean, zazpi egun natural.

2. Estatuaren penintsulako beste zona batzuetako egoiliarrak direnean, hamabost egun natural.

3. Estatuaren penintsulatik kanpoko lurraldeetako edo atzerriko egoiliarrak direnean, hogeita hamar egun natural.

32. artikulua

1. Hedabidearen zuzendariak ihardespena ukatzen badu, ukatzearen aurkako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio Kontseiluari bost eguneko epearen barruan; Kontseiluak, berriz, hiru eguneko epearen barruan, gehienez, ebatzi beharko du, administrazio-bideari amaiera emanez. Ukatzeak jakinarazi beharko dira.

2. Administrazio Kontseiluari errekurtsoa jartzeko epea kontatuko da ukatzea jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta, nolanahi ere, 32. artikuluan aipatutako epeak bukatutakoan.

3. Administrazio Kontseiluaren ebazpena ihardespena sartzearen aldekoa bada, erantzun hori 31. artikuluan ezarritako irizpideen arabera zabaldu beharko da

4. Administrazio Kontseiluaren ebazpena ukatzailea bada, haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da.

33. artikulua

Ukatzea arrazoitua izango da, eta honako arrazoi hauek baino ezingo ditu oinarri izan:

a) Idazkiaren edukia ez mugatzea hura sorrarazi zuten aipamenak edo esanak argitzera.

b) Ihardespenaren edukiak haustea indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugak.

c) Ihardespen-eskubidea egikaritzeko modua nabarmen bidegabea izatea.

d) Informazioaren edo iritziaren ihardespena horretarako legitimazioa dutenek egina izatea puntu beren gainean, lege honen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Informazioa edo iritzia komunikabideak berez eta eskatzen den modu berean edo antzekoan argitua izatea.

f) 28. artikuluak aipatzen dituen inguruabarretako bat gertatzea.

34. artikulua

Eskubide honen egikaritzak ez ditu galarazten ustez egindako kalteengatik jar daitezkeen akzio penal edo zibilak.

VI. KAPITULUA
Kudeaketa-moduak

1. atala
Kudeaketa publikoa

35. artikulua

1. Euskal Irrati-Telebistaren zerbitzu publikoen kudeaketa lege honetako xedapenek eraenduko dute, eta ezartzen diren zerbitzu komunak atxikiz egingo da kudeaketa hori.

2. Ente publikoaren gobernu-organoek hartzen dituzten erabakien eta horiei darizkien uzien ardura izango du kasuan-kasuan eskumena duen jurisdikzioak, gobernu-bidean aurretik ezein erreklamaziorik jarri behar izan barik.

36. artikulua

1. Ente publikoaren organigramari eta horren aldaketei buruz Administrazio Kontseiluak txostena eman beharko du nahitaez, eta haren erabakia loteslea izango da zuzendari nagusiarentzat.

2. Ezingo da zuzendaritzako langilerik izendatu behar bezala onetsitako organigraman ez dauden lanpostuetarako.

2. atala
Merkataritza-kudeaketa

37. artikulua

Irrati-telebistako zerbitzuak kudeatuko dira horretarako sortzen diren sozietate publikoen bitartez.

38. artikulua

Aurreko artikuluak aipatzen dituen sozietateen kapitala oso-osorik Autonomia Erkidegoak harpidetuko du, erabat ente publikoarena izango da, eta ezingo da besterendu, hipotekatu, kargatu, pignoratu edo kostu bidezko edo doako ezein formatan laga.

39. artikulua

Ente publikoak irrati-difusioko irrati-etxeak eskuratu ahal izateko, maiztasun eta potentzien administrazio-emakidaren titulartasunean subrogatu beharko du.

40. artikulua[480]

1. Entea eratuta, ente publikoko zuzendari nagusiak sozietate publikoen zuzendariak izendatu ahal izango ditu, lege honen 9.1 b) artikuluan xedatutakoa betetzeko.

2. Sozietate publikoen zuzendariak edo, hala badagokio, ente publikoaren zuzendari nagusia izango dira haien administratzaile bakarrak, eta sozietate anonimoen legeria orokorrean administratzaile horientzat ezarritako ahalmenak izango dituzte eta hartan ezarritako baldintzak bete.

3. Sozietate publikoen zuzendariek eta haietan organikoki sartuta dauden hedabideen zuzendariek izango dituzte ente publikoaren zuzendari nagusiarentzat ezarritako bateraezintasun berdinak.

41. artikulua

1. Jaurlaritzak, zuzendari nagusiaren proposamenez, eta Administrazio Kontseiluarekin elkar hartuta, eskumendeko sozietateak sortu ahal izango ditu, kudeaketa eraginkorragoa bermatzeko.

2. Sortzen diren eskumeneko sozietateak, betiere, kapital publikokoak izango dira, eta aurreko artikuluetan aipatutako araubide juridikoaren mendean egongo dira.

VII. KAPITULUA
Aurrekontuak eta finantzaketa

42. artikulua

“Euskal Irrati-Telebista” entearen aurrekontua lege honi eta Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Lege Orokorrari lotuko zaie.

43. artikulua

Sozietate publiko bakoitzak bere aurrekontu bereziak izango ditu, horiek Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrei erantsiko zaizkie, eta Legebiltzarrak onetsi beharko ditu.

Lege honen 42. artikuluaren babespean sortzen diren eskumendeko sozietateek aurrekontu-araubide bera izango dute.

Aurrekontuak egin eta kudeatuko dira aurrekontu-orekaren printzipioaren mendean.

44. artikulua

“Euskal Irrati-Telebista” entearen aurrekontua eta sozietate kudeatzaile eta filialen aurrekontuak ezertan galarazi gabe, aurrekontu kontsolidatu bat ezarriko da, bai behin-behineko edo behin betiko mentsak saihesteko, bai ments horiek aurrekontu kontsolidatu honetan sartuta dauden erakundeen superabitaz estali ahal izateko.

45. artikulua

“Euskal Irrati-Telebista” entea eta beraren zerbitzuen sozietate publiko kudeatzaileak finantzatuko dira Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan eta egiten diren jardueren diru-sarrera eta etekinen bitartez.

46. artikulua[481]

1. “Euskal Irrati-Telebista” entearen ondarea eta sozietate publiko kudeatzaileena, ondorio guztietarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarean sartuta geldituko dira, eta jabari publikokotzat hartuko dira, bakoitzari dagokion zerbitzu publikoari lotutako ondare gisa. Salbuetsita egongo da edonolako tributu edo kargetatik.

2. Euskal Irrati-Telebista ente publikoaren ondarea, Euskadiko ondarean txertatuta egonik, lege honetan ezarritakoak eta Euskadiko ondarea arautzen duen legeriak xedatutakoak eraenduko dute, honako berezitasun hauek ere aintzakotzat hartuta:

a) Nolanahi den ere, Euskal Irrati-Telebista ente publikoari dagozkio enteak berak sortutako edo eskuratutako ondasun higigarriak, jabetza gorpuzgabeak eta enpresa-ondarea eskuratzeko, kudeatzeko, administratzeko, ustiatzeko eta besterentzeko titulartasuna eta eskumenak.

b) Enteak zuzenbide pribatuaren arabera ustiatu, errentan eman edo laga ahal izango ditu programak ekoizteko instalazioak, haiei lotutako ondasun higigarriak eta haietatik sortutako programak eta azpiproduktuak.

c) Gobernu Kontseiluak dekretu bidez ezarri ahal izango ditu prozedura-arauak eta entearen organoei eskumenak esleitzeko arauak, zuzenbide pribatuari lotutako prozesu-jardunak egikaritzeko, era horretara publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun eta kudeaketaren errentagarritasunaren printzipioak bermatuta gera daitezen.

VIII. KAPITULUA

47. artikulua[482]

1. Lan-legerian xedatutakoak eraenduko ditu ente publikoko eta beraren sozietateetako langileak.

2. Ente publikorako eta beraren sozietateetarako langileak hautatuko dira deialdi publikoaren bidez eta merezimendu eta gaitasunaren printzipioetan oinarritutako sistemen arabera.

3. Administrazio Kontseiluko kide izateak ez du, inoiz ere, ente publikoarekiko eta beraren sozietateekiko lan-eskubiderik sorraraziko.

48. artikulua

1. Zuzendari, errejidore, langile, gidoilari, ekoizle, aurkezle gisa edo jendaurrerako programetan antzeko postuetan diharduten ente publikoko langileak 41. artikuluak aipatzen dituen bateraezintasunen mende egongo dira, eta ezingo dute jarduera berdina edo antzekoa egin, izan ordainpekoa izan ordaingabea, lokal publikoetan. Jendaurrean programak edo jardunak noizbehinka aurkeztea bateraezintasun horretatik kanpo gelditzen da.

2. Erosketa- edo kontratazio-zerbitzuetako langile teknikoak edo zerbitzu horiek hobeto kudeatzeko sor daitezkeen eskumendeko sozietateetako teknikariak ere 41. artikuluko bateraezintasun-araubidearen mendean egongo dira.

3. Ente publikoaren edo beraren sozietateen plantillan langile finko gisa sartuz gero, egoera hori bateraezina izango da ordu berean besterentzako beste edozein jarduera ordaindu egitearekin.

Lehenengo xedapen gehigarria

“Radio Vitoria, SA” sozietate publikoa “Euskal Irrati-Telebista” ente publikoaren barruan sartzen da.

Bigarren xedapen gehigarria

Ahalmena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau erregelamendu bidez garatzeko, hura indarrean jartzen denetik sei hilabeterainoko epean.

Azken xedapena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper