Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

II. KAPITULUA Erabilera ofiziala eremu euskaldunean


II. KAPITULUA
Erabilera ofiziala eremu euskaldunean

10. artikulua

1. Herritar guztiek, administrazio publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta beraiek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.

Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko gerta daitezkeen bitartekoak erabakiko, progresiboki eskubide honen erabilera bermatzeko.

2. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duten espediente edo prozeduretan, biltzen diren aldeek elkarrekin adostutako hizkuntza erabiliko dute botere publikoek.

11. artikulua

Erabilitako hizkuntza edozein izanik ere, administrazio-jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute. Horren ondorioz, administrazio publikoen organoek parte hartzen duten egintza guztiak, baita administrazio-jakinarazpen eta -komunikazioak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesdun guztiek espresuki bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik.

12. artikulua

Agiri publikoak emaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatzi beharko dira, edo, emaile bat baino gehiago balitz, hauek adostutako horretan.

Fede-emaile publikoek, interesdunak eskatutakoaren arabera, gaztelaniaz edo euskaraz luzatu beharko dituzte kopiak edo lekukotasunak, eta, behar denean, matrize eta agiriak beren erantzukizunpean itzuli beharko dituzte.

Nolanahi ere, gaztelaniaz luzatu beharko dituzte eremu euskaldunetik at indarra izan behar duten kopiak.

13. artikulua

1. Erregistro publikoetan, idazpenak dokumentua dagoen hizkuntza ofizialean luzatuko dira eta, betiere, gaztelaniaz ere bai.

2. Kopia eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetatik edozeinetan luzatuko dira.

14. artikulua

Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek berek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiltzen ahalko dute, indarreko legerian xedatutakoaren arabera.

15. artikulua

1. Administrazio publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dute, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen.

2. Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen eremuan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kalifikatutzat hartuko da besteren artean.

16. artikulua

Eremu euskalduneko toki-erakundeek gaztelania eta euskara erabiliko dute beren xedapen, argitalpen, herriko bideetako kaleen errotulu eta tokien izen berezietan eta, betiere, izen tradizionalak errespetatuko dituzte.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper