Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

6. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (Bartzelonakoa, 1996ko ekainaren 6koa)

6. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala
(Bartzelonakoa, 1996ko ekainaren 6koa) [103]


ATARIKOAK

Hizkuntza-eskubideen adierazpen unibertsal hau sinatzen dugunok, instituzio nahiz gobernuz kanpoko erakunde, Bartzelonan bildurik, 1996ko ekainaren 6tik 9a bitartean.

Kontuan izanik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 1948koa, hitzaurrean baieztatzen duena “gizakiaren oinarrizko eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen eskubideen arteko berdintasunean duten fedea”, eta bigarren artikuluan ezartzen duena “gizaki orori dagozkio aldarrikapen honetako eskubide eta askatasunak”, “arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik” inolako diskriminaziorik onartu gabe;

Kontuan izanik Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 1996ko abenduaren 16koa (27. artikulua), eta, data berekoa dena, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Ituna, beren hitzaurreetan baieztatzen dutenak gizakia ezin dela aske izan, ez badira baldintza egokiak sortzen, eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, gizarte- eta kultura-izaerakoak baliatu ahal izateko;

Kontuan izanik 47/135 ebazpena, 1992ko abenduaren 18koa, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrarena, Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideen Adierazpena bere egiten duena;

Kontuan izanik Europako Kontseiluaren adierazpenak eta hitzarmenak, hala Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Konbentzioa, 1950eko azaroaren 4koa (14. artikulua); Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluaren Konbentzioa, 1992ko ekainaren 29koa, horrek onetsi baitzuen Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna; Europako Kontseiluaren Gailurraren Adierazpena, 1993ko urriaren 9koa, gutxiengo nazionalei buruzkoa; eta Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru-konbentzioa, 1994ko azarokoa;

Kontuan izanik Santiago de Compostelako Adierazpena, Nazioarteko PEN Clubarena, eta 1993ko abenduaren 15eko Adierazpena, Nazioarteko PEN Clubeko Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordearena, Hizkuntza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia egiteko proposamenari buruzkoa;

Kontuan izanik, Brasilgo Recifeko Adierazpenean, Kulturen arteko Komunikazioa Garatzeko Nazioarteko Elkarteak Nazio Batuei gomendatzen diela beharrezko neurriak har ditzaten Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onesteko eta aplikatzeko;

Kontuan izanik OITren 169. konbentzioan, 1989ko ekainaren 26koan, herrialde independenteetako herri indigena eta tribalei buruzkoa;

Kontuan izanik Herrien Eskubide Kolektiboei buruzko Adierazpen Unibertsalak, Bartzelonakoak, 1990eko maiatzekoak, adierazten duela edozein herrik duela eskubidea bere kultura, hizkuntza eta antolatze-erak adierazteko eta garatzeko, eta, hori lortzeko, politika-, hezkuntza- eta komunikazio-egiturez eta administrazio publikoko egiturez, esparru politiko guztietan, bere burua hornitzeko;

Kontuan izanik Hizkuntza Bizien Irakasleen Nazioarteko Federazioaren Batzar Orokorrak 1991ko abuztuaren 16an Hungariako Pecsen egindako azken adierazpena, horrek gomendatzen baitu hizkuntza-eskubideak gizabanakoaren oinarrizko eskubidetzat har daitezela;

Kontuan izanik Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren Giza Eskubideen txostena, 1994ko apirilaren 20koa, herri indigenen eskubideei buruzkoa, gizabanakoen eskubideak eskubide kolektiboen argitan balioesten dituena;

Kontuan izanik Amerika arteko Batzordeak giza eskubideei buruz prestatutako adierazpenaren zirriborroa, herri indigenen eskubideei buruzkoa, 1995eko irailaren 18an eta 1278. bilkuran onetsia;

Kontuan izanik munduko hizkuntza mehatxatu gehienak subiranotasunik gabeko herriei dagozkiela, eta kontuan izanik hizkuntza mehatxatuen garapena eragotzi eta hizkuntza-ordeztea azkartzen duten eragile nagusiak direla autogobernurik eza eta euren egitura politiko-administratiboa eta hizkuntza inposatzen duten estatuak;

Kontuan izanik inbasioak, kolonizazioak eta okupazioak, bai eta menderatze politiko, ekonomiko edo sozialaren beste kasuek ere, sarritan hizkuntza arrotza inposatzea dakartela, edo, behintzat, hizkuntzen balioen pertzepzioaren endekatzea eta hiztunen hizkuntza-leialtasunari kalte eragiten dioten hizkuntza-jarrera hierarkizatzaileak izatea; eta kontuan izanik arrazoi horiexengatik subiranotasunera heldu diren herri batzuen hizkuntzak hizkuntza ordezteko prozesuan murgildurik daudela, antzinako botere kolonizatzaile edo inperialaren hizkuntzaren alde jokatzen duen politikaren ondorioz;

Kontuan izanik unibertsalismoaren oinarria izan behar duela hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren kontzepzioak, aldi berean joera homogeneizatzaileak eta isolamendu baztertzailerako joerak baztertzeko;

Kontuan izanik hizkuntza-komunitateen arteko bizikidetza baketsua bermatzeko ezinbestekoa dela guztien gaineko printzipio batzuk aurkitzea, eta, printzipio horiei esker, hizkuntza guztien sustapena, errespetua eta gizarte-erabilera, publiko zein pribatua, ziurtaturik geratzea;

Kontuan izanik hizkuntzaz kanpoko hainbat faktorek (historikoak, politikoak, lurraldeari dagozkionak, demografikoak, ekonomikoak, soziokulturalak, soziolinguistikoak eta jarrera kolektiboei dagozkienak) hizkuntza ugariren desagertzea, bazterketa eta endekatzea eragin eta hainbat arazo sorrarazten dituztela, eta beharrezkoa dela, hortaz, hizkuntza-eskubideak ikuspegi zabalagotik aztertzea, kasuan-kasuan konponbide berezi eta egokiak aplika daitezen;

Sinetsirik ezinbestekoa dela Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bide emango duena hizkuntzen arteko desorekak zuzentzeko, eta, modu horretan, ahalbidetzeko, bai hizkuntza guztien errespetua eta garapen osoa, bai mundu osoan zehar hizkuntza-bake zuzen eta ekitatezkoaren printzipioak ezartzea, gizarte-bizikidetzari eusteko gakoa baita hori;

ADIERAZTEN DUGU

HITZAURREA

Hizkuntza bakoitzaren egoera, aurreko datu guztiak ikusirik, faktore desberdin ugariren elkartze eta elkarreraginen emaitza da. Halako faktoreak dira: politiko-juridikoak, ideologikoak eta historikoak; demografikoak eta lurraldeari dagozkionak; ekonomikoak eta sozialak; kulturalak; linguistikoak eta soziolinguistikoak; hizkuntzen artekoak, eta, berebat, subjektiboak.

Egungo egoeraren ezaugarri zehatzak honako hauek dira:

I. Estatu gehienek betidanik izan dute joera bateratzailea; horrek berarekin dakar aniztasuna murriztea eta kultura- nahiz hizkuntza-pluraltasunaren aurkako jarrerak sustatzea.

II. Mundializazio-prozesuak, ekonomiarenak, aurrenik, informazioaren, komunikazioaren eta kulturaren merkatuarenak, hurrenik, azpikoz gora jarri ditu hizkuntza-komunitate bakoitzaren barne-kohesioa bermatzen duten harreman-eremuak eta elkarreraginak.

III. Hazkunde-eredu ekonomizista gertatu da, nazioz haraindiko talde ekonomikoek bultzatuta. Eredu horren barruan, gauza berberak dira aurrerapena eta desarauketa, indibidualismo lehiakorra eta askatasuna. Horrela, gero eta desberdintasun gehiago atzeman daitezke, ekonomia, gizarte, kultura eta hizkuntzaren eremuetan.

Une honetan, hizkuntza-komunitateek mehatxuak jasaten dituzte, dela autogobernurik ezarengatik, dela demografia murritzarengatik, dela zati bateko nahiz oso-osoko sakabanaketarengatik, dela kodetu gabeko hizkuntza izateagatik, dela nagusiaren aurkako kultura-eredua izateagatik; eta mehatxu horiek eragiten dute ezinezkoa izatea, hizkuntza askorentzat, bizitzea edo goratzea, ardatz nagusi hauek kontuan hartu ezik:

I. Politikaren ikuspegitik, hizkuntza-aniztasunarentzat halako antolaera pentsatzea, hizkuntza-komunitateek benetako partaidetza izan dezaten hazkunde-eredu berri honetan.

II. Kulturaren ikuspegitik, guztiz bateragarri bihurtzea mundu-mailako komunikazio-esparrua, alde batetik, eta, garapen-prozesuan herri, hizkuntza-komunitate eta pertsona orok partaidetza orekatua edukitzea, bestetik.

III. Ekonomiaren ikuspegitik, garapen jasangarria bideratzea, nor bere partaidetzan, gizarteen oreka ekologikoari zor zaion errespetuan, eta hizkuntza nahiz kultura guztien arteko ekitatezko loturan oinarriturik.

Hori guztia dela eta, adierazpen honek estatuak eta hizkuntza-komunitateak hartzen ditu abiapuntutzat, gizaki guztientzat garapen jasangarri eta orekatua bermatzera bideratuta dago, eta, horretan, nazioarteko instituzioen lana indartu nahi du. Eta, era berean, helburutzat dauka hizkuntza-aniztasunaren antolaketa politikoaren eremu egokia ezartzea, eremu hori bizikidetzan eta elkarren arteko errespetuan nahiz onuran oinarritu dadin.

ATARIKO TITULUA
Kontzeptuak zehaztea

1. artikulua

1. Adierazpen honen arabera, gizarte oro hizkuntza-komunitatea dela ulertzen da, baldin eta, historian zehar lurralde-eremu zehatz batean kokatuta egonik, eremu hori aitortuta egon zein egon ez, gizarte horrek bere burua herritzat badauka, eta hizkuntza erkidea garatu badu, bere kideen arteko berezko komunikazioaren eta kultura-kohesioaren bide gisa. Lurralde zehatz bateko berezko hizkuntzak erreferentzia egiten dio eremu horretan historian zehar ezarritako erkidegoaren hizkuntzari.

2. Hizkuntza-eskubideak aldi berean banakakoak eta kolektiboak dira, eta printzipio hori da, hain zuzen ere, adierazpen honen abiapuntua. Hizkuntza-eskubideen osotasunak, gainera, abiaburu du hizkuntza-komunitate historikoa, beraren lurralde-eremuan kokatuta. Lurralde-eremu hori, erkidegoa bizi den gune geografikoa izateaz gainera, bada hizkuntza garatzeko ezinbestekoa den gizarte-esparru funtzionala ere. Abiaburua hori izanik, artikulu honen 5. puntuan aipatutako hizkuntza-taldeen eskubideak mailaka daitezke, edo, behintzat, horien arteko continuum delakoa ezar daiteke; gauza bera egin daiteke, halaber, erkidegoaren lurraldetik kanpo dauden pertsonen eskubideekin ere.

3. Adierazpen honen ondorioetarako ulertzen da taldeak euren lurralde propioan daudela eta hizkuntza-komunitatearen kideak direla, baldin eta taldeok ondoko baldintzak betetzen badituzte:

I. Muga politiko edo administratiboengatik euren erkidegoaren gune nagusitik bereizita egotea;

II. Eremu geografiko txiki batean, beste hizkuntza-komunitateetako kideez inguraturik, historian zehar kokatuta egotea; edo

III. Beste hizkuntza-komunitate batzuetako kideekin batera, gune geografiko berean finkatuta egotea, erkidego horiek ere antzeko historikotasuna dutenean.

4. Adierazpen honen ondorioetarako, hizkuntza-komunitateak dira, euren lurralde historikoaren barruan, bai herri nomadak, beren joan-etorrien eremuetan, bai kokagune barreiatuetan bizi diren herriak.

5. Adierazpen honen arabera, edozein gizatalde hizkuntza-taldea da, baldin eta hizkuntza bera badu eta beste hizkuntza-komunitate baten lurralde-eremuan kokatuta badago, baina azken horrekin antzeko historikotasunik izan gabe; horixe gertatzen da, esate baterako, immigratuen, aterpetuen, deportatuen eta diasporetako kideen kasuan.

2. artikulua

1. Adierazpen honen arabera, hizkuntza-komunitate eta -talde guztiak lurralde berean kokatuta daudenean, adierazpen honetan jasotako eskubideen egikaritza oinarritu behar da guztion arteko errespetuan eta gehieneko berme demokratikoetan.

2. Behar bezalako oreka soziolinguistikoa ezartzeko unean, hau da, hizkuntza-komunitate eta -talde horien eskubideak behar bezala eratzeko unean, beharrezkoa da kontuan hartzea, bai haien historikotasun erlatiboa eta modu demokratikoan adierazitako borondatea, bai konpentsazio-helburua duen tratu berrorekatzailea eta hori gomenda dezaketen beste faktoreak; esate baterako, erkidego eta talde guztiak elkarrekin bizitzera bultzatu dituzten migrazioen nahitaezkotasuna, edota haien ahulezia politiko, sozioekonomiko edo kulturala.

3. artikulua

1. Adierazpen honen arabera, eskubide pertsonal besterenezinak eta edozein egoeratan egikaritzeko modukoak dira honako hauek:

I. Nor bere hizkuntza-komunitateko kide gisa aitortua izateko eskubidea;

II. Hala jendaurrean nola maila pribatuan, hizkuntza erabiltzeko eskubidea;

III. Nork bere izena erabiltzeko eskubidea;

IV. Jatorrizko hizkuntza-komunitateko beste kideekin harremanak izateko eta elkartzeko eskubidea;

V. Nork bere kulturari eutsi eta hori garatzeko eskubidea;

VI. Eta, Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunean, 1966ko abenduaren 16koan, eta, halaber, data berean, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Itunean, hizkuntza-edukiarekin aitortutako eskubide guztiak.

2. Adierazpen honen arabera, hizkuntza-taldeen eskubide kolektiboak dira, haien kideentzat aurreko paragrafoan ezarritakoez gain, honako hauek ere, 2.2 artikuluko zehaztapenen arabera:

I. Nork bere hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza izateko eskubidea;

II. Kultura-zerbitzuak jasotzeko eskubidea;

III. Taldearen hizkuntzek eta kulturek komunikabideetan ekitatezko tokia izateko eskubidea;

IV. Botere publikoetan eta harreman sozioekonomikoetan nork bere hizkuntzan artatua izateko eskubidea.

3. Aurretiaz aipatutako pertsona eta hizkuntza-taldeen eskubideak ezin daitezke oztopo izan, haien eta hizkuntza-komunitate hartzailearen arteko harremanetarako eta integraziorako, eta, modu berean, ezin diete erkidego honi edo beraren kideei inolako mugarik jarri, horien eskubidea baita euren lurralde-esparru osoan berezko hizkuntza propioa osotasunez eta jendaurrean erabiltzea.

4. artikulua

1. Adierazpen honen arabera, norbait bereaz beste hizkuntza-komunitate baten lurraldera lekualdatzen eta bertan kokatzen bada, eskubide eta eginbeharra du bertan integrazio-harremanak izateko. Integrazioak esan nahi du pertsona horiek halako sozializazio gehitua izan behar dutela, eta, horri esker, jatorrizko kultura-ezaugarriak gorde ahal izango dituzte, baina eurak hartzen dituen gizartearekin erreferentzia, balio eta portaerak partekatuko dituzte, gizartearen oso-osoko ibilerak erkidego hartzailearen kidearenak baino zailtasun handiagoak izan ez ditzan.

2. Haatik, adierazpen honen arabera, asimilazioa da pertsonak gizarte hartzailean akulturatzea, euren jatorrizko kultura-ezaugarrien ordez, gizarte hartzailearen erreferentzia, balio eta portaera propioak hartuz. Asimilazioa ezin da inola ere behartua edo eragindakoa izan, baizik eta askatasun osoz egindako aukeraren ondorioa.

5. artikulua

Adierazpen honen oinarria da honako printzipio hau: hizkuntza-komunitate guztien eskubideak berdinak dira, kontuan izan gabe hizkuntza ofizialaren, hizkuntza erregionalaren edo hizkuntza gutxituaren izate juridiko nahiz politikoa. Hizkuntza erregionala edo hizkuntza gutxitua bezalako izendapenak ez dira testu honetan erabiltzen; egia esan, zenbait kasutan, hizkuntza erregionala edo hizkuntza gutxitua aitortua izateak eskubide zehatz batzuen egikaritza erraztu dezake, baina sarri askotan halako esamoldeak erabiltzen dira, hizkuntza-komunitateen eskubideak murrizteko asmoarekin.

6. artikulua

Adierazpen honek baztertu egiten du hizkuntza zehatz bat lurralde jakin bateko hizkuntza propiotzat hartzea, horretarako arrazoi bakarra bada estatuaren hizkuntza ofiziala izatea, edo lurralde horretan administrazio- nahiz kultura-jarduera jakin batzuen hizkuntza gisa erabiltzeko tradizioa edukitzea.

LEHEN TITULUA
Printzipio orokorrak

7. artikulua

1. Hizkuntza guztiak dira identitate kolektiboaren adierazpen, eta errealitatea beste modu batera atzemateko eta deskribatzeko tresna; hortaz, guztiek ere baldintza egokiak izan behar dituzte, eginkizun guztietan haiek garatu ahal izateko.

2. Hizkuntza bakoitza taldean eraikitako errealitatea da, eta, erkidego zehatz baten magalean, gizabanakoarentzat erabilgarri bilakatzen da, kohesioaren, identifikazioaren, komunikazioaren eta adierazgarritasun sortzailearen tresna gisa.

8. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, baliabide propioak antolatu eta kudeatzeko, horrela gizarte-eginkizun guztietan bere hizkuntzaren erabilera ziurta dadin.

2. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, beharrezkoak diren bitartekoak eskura izateko, hizkuntzaren transmisioa eta jarraipena ziurta daitezen.

9. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, bere hizkuntza-sistema kodetzeko, estandarizatzeko, zaintzeko, garatzeko eta sustatzeko, beharturiko edo eragindako interferentziarik gabe.

10. artikulua

1. Hizkuntza-komunitateko guztiek eskubide berberak dituzte.

2. Adierazpen honen arabera, onartezinak dira hizkuntza-komunitateen aurkako diskriminazio guztiak, hala haien subiranotasun politikoaren mailan, haien gizarte-egoeran edo egoera ekonomikoan, eta antzeko irizpideetan oinarriturikoak, nola hizkuntza horiek lortu duten kodetze-, eguneratze- edo modernizatze-mailan oinarritutakoak.

3. Berdintasun-printzipioa aplikatuta, beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, berdintasun hori benetakoa izan dadin.

11. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, zuzeneko edo alderantzizko itzulpenerako bitarteko guztiak eskura izateko, bitarteko horiek adierazpen honetan jasotako eskubideen egikaritza bermatzen duten neurrian.

12. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du, alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioa hori baldin bada.

2. Gizaki orok eskubidea du, eremu pertsonalean nahiz familia-eremuan bere hizkuntza erabiltzeko.

13. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du, bizi den lurraldeko hizkuntza propioa ikasteko.

2. Gizaki orok eskubidea du eleaniztun izateko, eta bere garapenerako edo gizarte-mugagarritasunerako lagungarrien iruditzen zaion hizkuntza ikasteko; horri kalterik egin gabe, adierazpen honetan zenbait berme ezarri dira lurraldeko hizkuntza propioaren erabilera publikoa bermatzeko.

14. artikulua

Adierazpen honetako xedapenak ezin dira interpretatu edo erabili estatuko nahiz nazioarteko araubideko edozein arau edo praktikaren aurka, baldin eta arau edo praktika horrek tratu mesedegarriagoa ematen badio hizkuntzaren berezko lurraldea zein izan eta lurralde horretan hizkuntza jakin bat erabiltzeari.

II. TITULUA
Hizkuntza-araubide orokorra

I. atala
Administrazio Publikoa eta organo ofizialak

15. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza ofizial gisa erabili dadin bere lurraldearen barruan.

2. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, jarduera judizial eta administratiboak, dokumentu publiko eta pribatuak, eta erregistro publikoetan egindako idazpenak baliozkoak eta eraginkorrak izan daitezen, lurraldeko hizkuntza propioan egiten direnean; eta inork ezin izango du alegatu hizkuntza hori ez dakienik.

16. artikulua

Hizkuntza-komunitate zehatz bateko kide orok eskubidea du, bere hizkuntzan harremanak izateko, eta, orobat, hizkuntza horretan artatua izateko, hizkuntza hori zein lurraldetan hizkuntza propio izan eta lurralde horretako botere publikoen eta administrazio-zatiketetako zerbitzuen aldetik, hauek zentralak izan, lurraldekoak, tokikoak nahiz lurraldez gaindikoak izan.

17. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, dokumentazio ofiziala bere hizkuntza propioan eskura izateko eta eskuratzeko, paperean, euskarri informatikoan edo beste edozein euskarritan, hizkuntza hori zein lurraldetan propioa izan eta lurralde horri dagozkion harremanetan.

2. Botere publikoek eskura izan behar dituzte lurralde-hizkuntzetan prestatutako formulario, inprimaki eta ereduak, paperean, euskarri informatikoan edo beste edozein euskarritan, eta jendeari halakoak eskaini behar dizkie kasuan kasuko hizkuntza zein lurraldetako hizkuntza propioa izan eta lurralde horiei dagozkien zerbitzuetan.

18. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du berari dagozkion legeak eta gainerako xedapen juridikoak lurraldearen hizkuntza propioan argitara daitezen.

2. Botere publikoek, beren jardun-eremuen barruan, lurraldearen arabera historikoa den hizkuntza bat baino gehiago dutenean, hizkuntza horietan argitaratu behar dituzte legeak eta izaera orokorreko gainerako xedapen juridikoak, kontuan hartu gabe haien hiztunek beste hizkuntzak ulertzen dituzten ala ez.

19. artikulua

1. Ordezkarien batzarrek ofizialtzat hartu behar dituzte ordezkari diren lurraldeetan historian zehar hitz egindako hizkuntza edo hizkuntzak.

2. Eskubide honek bere barruan hartzen ditu, halaber, kokagune barreiatuetako erkidegoen hizkuntzak, 1. artikuluko 4. paragrafoan aipatutakoak.

20. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du, ahoz eta idatziz, justizia-auzitegietan historian zehar hitz egindako hizkuntza erabiltzeko, betiere auzitegiok kokatuta daudenean hizkuntza hori hitz egiten den lurraldean. Auzitegiek lurraldeko hizkuntza propioa erabili behar dute beren barne-jardunetan, eta, estatuaren antolaketa judiziala dela eta, prozesuak hasierako lurraldetik kanpo egin behar badu aurrera, hasierako hizkuntzari eutsi beharko zaio.

2. Edozein kasutan ere, gizaki orok eskubidea du berak ulertzen duen eta hitz egin dezakeen hizkuntza batean epaitua izateko, edo interpretea doan lortzeko.

21. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du erregistro publikoetako idazpenak lurraldeko hizkuntza propioan egin daitezen.

22. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, notarioek eta fede publikoa duten funtzionarioek eskuetsitako dokumentuak idatziak izan daitezen, notarioak edo fede publikoa duen funtzionarioak bere egoitza zein lurraldetan izan eta lurralde horretako hizkuntza propioan.

II. atala
Hezkuntza

23. artikulua

1. Hezkuntzak lagungarri izan behar du, hori ematen den lurraldeko hizkuntza-komunitateak bere hizkuntza eta kultura adierazteko gaitasuna indar dezan.

2. Hezkuntzak lagungarri izan behar du, hori ematen den lurraldeko hizkuntza-komunitateak berak hitz egiten duen hizkuntzari euts diezaion eta hori gara dezan.

3. Hezkuntza, betiere, hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren zerbitzupean egongo da, eta, orobat, munduan zeharreko hizkuntza-komunitate guztien arteko harreman harmoniatsuen alde.

4. Aurreko printzipioak kontuan hartuta, gizaki orok eskubidea du edozein hizkuntza ikasteko.

24. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du erabakitzeko zein izango den bere hizkuntzak, hala hezkuntzaren hizkuntza gisa, nola irakaskuntzaren gai gisa, izango duen presentzia, bere lurraldeko maila guztietako hezkuntzan: eskolaurrean, oinarrizko hezkuntzan, bigarren hezkuntzan, hezkuntza teknikoan eta Lanbide Heziketan, unibertsitateko hezkuntzan eta helduen hezkuntzan.

25. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du eskura izateko behar diren baliabide pertsonal eta material guztiak bere lurraldearen barruko hezkuntzaren maila guztietan, bere hizkuntzak nahi duen presentzia-maila lor dezan: modu egokian hezitako irakasleak, metodo pedagogiko egokiak, eskuliburuak, finantzaketa, lokalak eta ekipamenduak, bitarteko teknologiko tradizionalak eta berritzaileak.

26. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du halako hezkuntza edukitzeko non bere kide guztiei bide emango zaien beren hizkuntza propioa erabat menderatzeko, ohiko erabilera-eremu guztiei dagozkien gaitasun guztiekin, eta baita ikasi nahi duten beste edozein hizkuntza ahalik eta gehien menderatzea ere.

27. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du hezkuntzak haren kideei ahalbide diezaien kultura-tradizio propioari loturiko hizkuntzak ikastea, esate baterako, kultura- nahiz erlijio-hizkuntzak, antzina erkidego horren ohiko hizkuntzak izanez gero.

28. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du hezkuntzak haren kideei ahalbide diezaien beren kultura-ondarea (historia, geografia, literatura eta kultura propioaren beste adierazpenak) sakon ezagutzea, eta, halaber, ezagutu nahi dituzten kulturetatik beste edozein ahalik eta gehien menderatzea.

29. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioan hezkuntza jasotzeko.

2. Eskubide honek ez du baztertzen beste edozein hizkuntza ahoz nahiz idatziz ezagutzeko eskubidea, hori komunikazio-tresna izan badaiteke beste hizkuntza-komunitate batzuekin komunikatzeko.

30. artikulua

Unibertsitateko ikaskuntza eta ikerkuntzaren gai izango dira hizkuntza-komunitate bakoitzaren hizkuntza eta kultura.

III. atala
Onomastika

31. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, eremu eta egokiera guztietan, bere onomastika-sistema zaindu eta erabiltzeko.

32. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere lurraldeko toki-izenak bere hizkuntzan erabiltzeko, ahoz eta idatziz, eremu pribatu, publiko eta ofizialetan.

2. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du toki-izen autoktonoak finkatzeko, zaintzeko eta berrikusteko. Toki-izen horiek ezin izango dira nahikeriaz ezabatu, aldatu ez egokitu; era berean, ezin izango dira ordeztu gorabehera politikoen edo bestelako aldaketen ondorioz.

33. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere burua hizkuntza propioan izendatzeko. Hortaz, beste hizkuntzetara egindako itzulpena egitean, baztertzekoak izango dira izendapen nahasgarri zein erdeinuzkoak.

34. artikulua

Gizaki orok eskubidea du bere antroponimia eremu guztietan berea duen hizkuntzan erabiltzeko, eta beste sistema grafiko batera, behar denean soilik, ahalik eta modu fonetikorik fidelenean transkribatzeko.

IV. atala
Komunikabideak eta teknologia berriak

35. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntzak bere lurraldeko komunikabideetan zein mailatako presentzia izan behar duen erabakitzeko, hala tokikoetan eta tradizionaletan, nola irismen handiagokoetan eta teknologia aurreratuagokoetan, kasuan-kasuan erabiltzen den hedapen- edo transmisio-sistemari erreparatu gabe.

36. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du behar diren bitarteko pertsonal eta material guztiak eskura izateko, eta, horren bitartez, bere hizkuntzaren eta kultura-autoadierazpenaren presentzia ziurtatu ahal izateko, bere lurraldeko komunikabideetan behar adinakoa izan dadin: prestakuntza egokia duten langileak, finantzaketa, lokalak eta ekipamenduak, bitarteko teknologiko tradizionalak eta berritzaileak.

37. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du komunikabideen bidez bere kultura-ondarea (historia, geografia, literatura eta kultura propioaren beste adierazpenak) sakon ezagutzeko, eta, halaber, ezagutu nahi dituzten kulturetatik beste edozein ahalik eta gehien menderatzeko.

38. artikulua

Hizkuntza-komunitateen hizkuntza eta kultura guztiek diskriminaziozkoa ez den ekitatezko tratua izan behar dute mundu osoko komunikabideen edukietan.

39. artikulua

Adierazpen honen 1. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan deskribatutako erkidegoek, bai eta artikulu bereko 5. paragrafoan azaltzen diren taldeek ere, eskubidea dute, egoitza non finkatu edo lekualdatzen diren lurraldeko komunikabideetan, beren hizkuntzek errepresentazio orekatua izan dezaten. Eskubide horren egikaritza harmonizatu egin beharko da lurraldeko beste talde edota erkidegoen eskubideen egikaritzarekin.

40. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du, informatikaren eremuan, bere hizkuntza-sistemari egokitutako ekipamenduak izateko, eta bere hizkuntzan erremintak eta produktuak lortzeko, teknologia horiek eskaintzen dituzten aukera guztietatik onura atera dezan, bai autoadierazpenari, hezkuntzari, komunikazioari, argitalpenari eta itzulpenari dagokienez, bai, oro har, informazioaren tratamenduari eta kultura-hedapenari dagokienez.

V. atala
Kultura

41. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza kultura-adierazpen guztietan erabiltzeko, horri eusteko eta bultzatzeko.

2. Eskubide hori bete-betean egikaritu ahal izango da, eta kanpoko kulturek ezin izango dute inongo erkidegoren espazioa modu hegemonikoan okupatu.

42. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere kultura-eremu propioan erabat garatzeko.

43. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntzan egindako lan guztietan irispena izateko.

44. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du kultura arteko programetan irispena izateko, behar adinako informazio-hedapenaren bidez, eta, halaber, atzerritarren hizkuntza-ikasketari, itzulpenari, bikoizketari, postsinkronizazioari, azpititulugintzari eta antzeko jarduerei behar besteko laguntza eman dakien.

45. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia izan dezan kultura-gertakarietan eta -zerbitzuetan (hala nola liburutegiak, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak, folklorea, kulturaren industriak eta kultura-bizitzatik eratorritako beste gertakari guztiak).

46. artikulua

Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza- eta kultura-ondarea zaintzeko, barnean izanik haien adierazpen materialak, hala nola dokumentu-funtsak, arte- eta arkitektura-lanak, monumentu historikoak eta bere hizkuntzaren agerpen epigrafikoak.

VI. atala
Alor sozioekonomikoa

47. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntzaren erabilera bere lurraldearen barruko jarduera sozioekonomiko guztietan ezartzeko.

2. Hizkuntza-komunitatearen kide orok eskubidea du bere hizkuntzan lanbide-jarduerako bitarteko guztiak izateko, hala nola dokumentuak eta kontsultarako liburuak, jarraibideak, formularioak, eta informatikako ekipamendu, tresna eta produktuak.

3. Kasuan-kasuan egiten den lanbide-jardueraren izaera izango da, izan ere, alor sozioekonomikoan beste hizkuntzen erabilera justifika dezakeen arrazoi bakarra. Ezin da inola ere onartu berriki etorria den hizkuntzak lurraldean berezkoa den hizkuntza ezkutatzea edo horren erabilera menderatzea.

48. artikulua

1. Gizaki orok bere hizkuntza-komunitatearen lurraldean eskubidea du bere hizkuntza balio juridiko osoz erabiltzeko era guztietako transakzio ekonomikoetan, hala nola ondasun eta zerbitzuen salerosketetan, banku-eragiketetan, aseguruetan, lan-kontratuetan eta gainerakoetan.

2. Egintza pribatu horietako klausuletatik batek ere ezin du baztertu edo mugatu lurraldeko hizkuntza propioaren erabilera.

3. Gizaki orok eskubidea du, bere hizkuntza-komunitatearen lurraldean eta bere hizkuntzan, aipatu eragiketetan behar dituen agiriak eskura izateko, hala nola formularioak, txekeak, kontratuak, fakturak, ordainagiriak, emate-agiriak, eskaerak eta gainerakoak.

49. artikulua

Gizaki orok eskubidea du, bere hizkuntza-komunitatearen lurraldean, bere hizkuntza edozein motatako erakunde sozioekonomikoetan erabiltzeko, hala nola lan-erakundeak, sindikatu-erakundeak, patronalak, lanbidekoak eta botigoak.

50. artikulua

1. Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntzak presentzia nagusia izan dezan publizitatean, errotulazioan, kanpoko seinaleetan eta lurraldearen irudi orokorrean.

2. Hizkuntza-komunitatearen beraren lurraldean, gizaki orok eskubidea du bere hizkuntzan informazio osoa izateko, idatzia zein ahozkoa, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuei buruz, hala nola erabiltze-jarraibideak, etiketak, osagai-zerrendak, publizitatea, bermeak eta gainerakoak.

3. Pertsonen segurtasunari dagozkion argibide publiko guztiak hizkuntza-komunitatearen hizkuntza horretan adieraziko dira behintzat, beste edozein hizkuntzatako adierazpenak baino baldintza ez okerragoetan.

51. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du, lurraldeko hizkuntza propioa enpresekin, merkataritza-establezimenduekin eta organismo pribatuekin dauzkan harremanetan erabiltzeko, eta hizkuntza horretan artatua izateko eta erantzuna jasotzeko ere.

2. Gizaki orok eskubidea du, bezero, kontsumitzaile edo erabiltzaile gisa, jendeari zabaldutako establezimenduetan lurraldeko hizkuntza propioan argibideak jasotzeko, hala ahoz nola idatziz.

52. artikulua

Gizaki orok eskubidea du lan- nahiz lanbide-jarduerak lurraldeko hizkuntza propioan egiteko; salbuetsita geratzen dira lanpostuari dagozkion eginkizunak, horietan beharrezkoa denean beste hizkuntza batzuk erabiltzea, berbarako, hizkuntza-irakasleak, itzultzaileak edo turismo-gidariak.

Xedapen gehigarriak

Lehena.— Botere publikoek neurri egoki guztiak hartu beharko dituzte, euren jardute-arloan aplikatzeko, adierazpen honetan aldarrikatutako eskubideak, zehatz-mehatz, nazioarteko funtsak eskura jarri beharko dituzte, nabariki baliabide-eskasian dauden erkidegoek euren hizkuntza-eskubideak egikaritu ahal izan ditzaten. Era berean, botere publikoek behar den laguntza guztia eman beharko dute, erkidegoen hizkuntzak kodetzeko, idatziz jasotzeko, irakasteko eta administrazioan erabiltzeko.

Bigarrena.— Botere publikoek bermatu behar dute agintari, erakunde eta pertsona egokiek informazioa jaso dezaten, adierazpen honetatik ateratzen diren eskubide eta eginbeharrei buruz.

Hirugarrena.— Botere publikoek, indarreko legerien arabera, ezarri behar dute zein zehapen jarriko den, adierazpen honetako hizkuntza-eskubideak urratuz gero.

Azken xedapenak

Lehena.— Adierazpen honek proposatzen du Hizkuntzen Kontseilua sortzea, Nazio Batuen baitan. Nazio Batuen Batzar Orokorrari dagokio kontseilu hori sortu eta definitzea, kontseilukideak izendatzea, eta, adierazpen honetan aitortutako eskubideei dagokienez, hizkuntza-komunitateak babestuko dituen nazioarteko zuzenbideko organismoa sortzea.

Bigarrena.— Adierazpen honek gomendatu eta sustatzen du Hizkuntza Eskubideen Munduko Batzordea sortzea; hori ez da ofiziala izango, aholku-emailea baizik, eta gobernuz kanpoko erakundeen ordezkariek eta hizkuntza zuzenbidearen alorreko erakundeek osatuko dute.

Bartzelonan, 1996ko ekainaren 6an.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper