Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

ATARIKO TITULUA Xedapen orokorrak


ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak

1. artikulua

1. Foru-lege honen xedea euskararen erabilera arrunta eta ofiziala arautzea da, gizarte-bizikidetzaren eta irakaskuntzaren eremuetan.

2. Hauek dira lege honen ezinbesteko helburuak:

a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.

b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

3. Nafarroako euskalkiek errespetu eta babes berezia izanen dute.

2. artikulua

1. Gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala. Euskara ere ofiziala da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta foru-lege honetan aurrez ikusitako eran.

3. artikulua

1. Botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen.

2. Botere publikoek hizkuntza-araua errespetatuko dute, foru-lege honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren ondorio diren jarduera guztietan.

3. Hizkuntza-arauak ezartzeko, Euskaltzaindia izanen da instituzio aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek berari eskatuko dizkiote aurreko apartatuan ezarritakoa betetzeko beharrezko zaizkien txosten edo irizpenak.

4. artikulua

Indarreko legeriaren arabera, eta foru-lege honetan ezartzen diren hizkuntza-eskubideetan babestuak izateko, herritarrek epaile eta auzitegietara jo dezakete.

5. artikulua

1. Foru-lege honen ondorioetarako, Nafarroak ondoko eremu hauek ditu:

a) Eremu euskalduna, ondoko udalerriek osatua: Abaurregaina, Abaurrepea, Altsasu, Anue, Araitz, Arakil, Arano, Arantza, Arbizu, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Atetz, Auritz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Betelu, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erro, Esteribar, Etxalar, Etxarri Aranatz, Ezkurra, Garaioa, Garralda, Goizueta, Hiriberri, Igantzi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Ituren, Iturmendi, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Luzaide, Oiz, Olazti, Orbaizeta, Orbara, Orreaga, Saldias, Sunbilla, Uharte Arakil, Ultzama, Urdazubi, Urdiain, Urroz, Ziordia, Zubieta eta Zugarramurdi.

b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abaigar, Abartzuza, Adios, Agoitz, Allin, Ameskoabarrena, Antsoain, Antzin, Añorbe, Aranaratxe, Aranguren, Arellano, Artazu, Artzibar, Atarrabia, Barañain, Bargota, Beraskoain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Bidankoze, Bidaurreta, Biurrun-Olkotz, Burgi, Burlata, Cabredo, Deierri, Deikaztelu, Eguesibar, Eneritz, Erriberri, Erronkari, Espartza Zaraitzu, Etxarri, Etxauri, Eulate, Ezkabarte, Ezkaroze, Galar Zendea, Galoze, Garde, Gares, Garinoain, Gesalatz, Goñerri, Gorza, Iruña, Itza Zendea, Itzagaondoa, Itzaltzu, Izaba, Jaitz, Jaurrieta, Larragoa, Leotz, Lerga, Lezaun, Lizarra, Lizoain-Arriasgoiti, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Odieta, Oibar, Olaibar, Ollaran, Oltza Zendea, Orkoien, Orontze, Orotz Betelu, Oteitza, Otsagabia, Puiu, Sartze, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Tirapu, Txulapain, Uharte, Untzue, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria, Urzainki, Uxue, Uztarroze, Villatuerta, Zabaltza, Zangoza, Zirauki, Ziritza, Zizur Zendea, Zizur Nagusia eta Zuñiga.

Noain Elortzibarko udalerria automatikoki sartzen ahalko da eremu mistora, baldin eta toki-korporazio horretako udalak aurretiaz eta gehiengo osoz osoko bilkuran hartzen badu horretarako erabakia. Erabaki horrek eraginkortasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

c) Eremu ez-euskalduna, gainerako udalerriek osatua.

2. Aurreko apartatuan zehaztutakoa berrikus daiteke, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. eta 20.2 artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Nafarroako Gobernuak aldian-aldian euskararen errealitate soziolinguistikoari buruzko azterlanak egiteko aginduko du, eta horien berri emanen dio Parlamentuari.

I. TITULUA
Erabilera arrunt eta ofiziala

I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak

6. artikulua

Aitortu egiten da herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, ondoko kapituluetan ezarritako eran.

7. artikulua

“Nafarroako Aldizkari Ofiziala” eta “Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala” gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dira, aldibereko edizio bananduetan.

8. artikulua

1. Foru Komunitateko toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:

a) Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskarazkoa izanen da, non ez den beste izen bat gaztelaniaz; hala bada, biak erabiliko dira.

b) Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskarazko izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizionala baldin badute, biak erabiliko dira.

2. Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostena kontuan izanik eta artikulu honen lehendabiziko apartatuan aurrez ikusitakoaren arabera, Foru Komunitateko toponimoak eta lurralde, herri eta herriarteko bideen izen ofizialak erabakiko ditu eta, orobat, horren berri eman beharko dio Parlamentuari. Herri barruko bideen izena jartzea udal bakoitzari dagokio.

3. Gobernuak erabakitako izenak, aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera, legezkoak izanen dira ondorio guztietarako Nafarroa osoan, eta errotulazioa haiekin bat etorriko da. Nafarroako Gobernuak errotulazio publikoaren normalizazioa arautuko du, betiere estatuak bere egin dituen nazioarteko arauak errespetatuz.

9. artikulua

Nafarroako Gobernuak Iruñean euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko administrazio-unitatea sortuko du.

II. KAPITULUA
Erabilera ofiziala eremu euskaldunean

10. artikulua

1. Herritar guztiek, administrazio publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta beraiek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.

Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko gerta daitezkeen bitartekoak erabakiko, progresiboki eskubide honen erabilera bermatzeko.

2. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duten espediente edo prozeduretan, biltzen diren aldeek elkarrekin adostutako hizkuntza erabiliko dute botere publikoek.

11. artikulua

Erabilitako hizkuntza edozein izanik ere, administrazio-jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute. Horren ondorioz, administrazio publikoen organoek parte hartzen duten egintza guztiak, baita administrazio-jakinarazpen eta -komunikazioak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesdun guztiek espresuki bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik.

12. artikulua

Agiri publikoak emaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatzi beharko dira, edo, emaile bat baino gehiago balitz, hauek adostutako horretan.

Fede-emaile publikoek, interesdunak eskatutakoaren arabera, gaztelaniaz edo euskaraz luzatu beharko dituzte kopiak edo lekukotasunak, eta, behar denean, matrize eta agiriak beren erantzukizunpean itzuli beharko dituzte.

Nolanahi ere, gaztelaniaz luzatu beharko dituzte eremu euskaldunetik at indarra izan behar duten kopiak.

13. artikulua

1. Erregistro publikoetan, idazpenak dokumentua dagoen hizkuntza ofizialean luzatuko dira eta, betiere, gaztelaniaz ere bai.

2. Kopia eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetatik edozeinetan luzatuko dira.

14. artikulua

Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek berek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiltzen ahalko dute, indarreko legerian xedatutakoaren arabera.

15. artikulua

1. Administrazio publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dute, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen.

2. Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen eremuan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kalifikatutzat hartuko da besteren artean.

16. artikulua

Eremu euskalduneko toki-erakundeek gaztelania eta euskara erabiliko dute beren xedapen, argitalpen, herriko bideetako kaleen errotulu eta tokien izen berezietan eta, betiere, izen tradizionalak errespetatuko dituzte.

III. KAPITULUA
Erabilera eremu mistoan

17. artikulua

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan balioestea.

IV. KAPITULUA
Erabilera eremu ez-euskaldunean

18. artikulua

Nafarroako administrazio publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea aitortzen zaie herritarrei. Administrazio horiek interesdunei gaztelaniara itzultzeko eska diezaiekete edo 9. artikuluan aurrez ikusitako itzulpen zerbitzuak erabili.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper