Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

5.2.5. Maastrichteko Tratatua, 1992ko otsailaren 7koa: 128. artikulua


5.2.5. Maastrichteko Tratatua,
1992ko otsailaren 7koa[21][22]: 128. artikulua

128. artikulua

1. Erkidegoak laguntasuna emango du estatu kideetako kulturak loratu daitezen, betiere haien nazio- eta eskualde-aniztasuna errespetatuz, eta, aldi berean, erkide duten kultura-ondarea azpimarratuz.

2. Erkidegoaren ekintzak erraztu egingo du estatu kideen arteko lankidetza; eta, beharrezkoa bada, laguntasuna eman eta osatu egingo du haien ekintza honako eremu hauetan:

Europako herrien ezagutza hobetzean, eta haien kultura eta historia zabaltzean;

Europan garrantzia duen kultura-ondarea iraunarazi eta babestean;

merkataritzakoak ez diren kultura-trukeetan;

artea eta literatura sortzean, ikus-entzunezko sektorea barne harturik.

3. Erkidegoak eta estatu kideek sustatu egingo dute beste herrialde batzuekin eta kulturaren eremuan eskudun diren nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea, bereziki Europako Kontseiluarekin.

4. Erkidegoak, tratatu honen xedapenen ondorioz diharduenean, kontuan hartuko ditu kultura-alderdiak.

5. Artikulu honen helburuak lortzen laguntzeko, Europako Kontseiluak hartuko ditu:

aho batez, 189 B artikuluan ezarritako prozedura dela medio, eta aurretiaz Eskualdeetako Lantaldeari kontsulta eginez, sustapen-neurriak, estatu kideen lege- eta erregelamendu-xedapenak harmonizatzeari kalterik egin gabe. Kontseiluak ahobatezko iritziak ematen ditu, 189 B artikuluan ezarritako prozedura osoan zehar.

eta, aho batez, Batzordeak hala proposatuta, gomendioak emango ditu.


5.2.6. Nizako Tratatua,
2000ko abenduaren 7koa,
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna[23]:
21. eta 22. artikuluak

21. artikulua.– Diskriminaziorik ez

1. Diskriminazio oro debekatuta dago, batez ere, diskriminazioaren eragilea denean sexua, arraza, kolorea, etnia- edo gizarte-jatorriak, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa, pentsamoldeak, iritzi politikoak nahiz beste edozein motatako iritziak, gutxiengo nazional bateko izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina edota sexu-joera.

2. Nazionalitatearen ondoriozko diskriminazio oro debekatuta dago tratatuak aplikatzen diren eremuan, aipatu tratatu horiek kasuan kasuko xedapenetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

22. artikulua.– Kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna

Batasunak errespetatu egiten du kultura-, erlijio- eta hizkuntza-aniztasuna.


  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper