5. Lankidetza Islamikorako Erakundea[101]
Kanpo Arazoetako ministroen 19. Konferentzia Islamikoa (Bake, Garapen eta Elkartasun saioa), Kairon, Egiptoko Arabiar Errepublikan egin zen, 1411ko muharramgo 9tik 14ra (1990eko uztailaren 31tik abuztuaren 5era); bada, Konferentzia Islamikoa gizakiak Islamen duen duintasunaren jakitun da, Allah lurrean ordezkatzen duen aldetik; onartzen du garrantzitsua dela Islamgo giza eskubideen gaineko dokumentu bat argitaratzea, zeina estatu kideen gida izango baita bizitzaren alderdi guztietan; dokumentu horren proiektuaren etapak aztertu dira, bai eta Idazkaritza Nagusiak horri buruz egindako txostena eta 1989ko abenduaren 26tik 28ra Teheranen egindako Lege-adituen Batzordearen txostena ere. Bada, hori guztia egin eta gero, Islamgo Eskubideen Kairoko Adierazpena aldarrikatzea erabaki du, zeinak beharrezkoak diren orientazioak emango baititu estatu kideentzat giza eskubideen eremuan.
Lehenengo artikulua
a) Gizatasun osoak familia bakarra osatzen du, zeren lotuta baitago Allah gurtzeagatik eta Adamen ondorengoa izateagatik. Gizaki guztiak berdinak dira giza duintasunaren printzipioan, bai eta [Allah-rekiko] betebeharren printzipioan eta erantzukizunetan ere, eta ez da bereizketarik egingo arraza, kolorea, hizkuntza, sexua, sinesmen erlijiosoa, filiazio politikoa, maila soziala edo beste edozein kontsiderazio dela eta. Benetako erlijioak soilik bermatzen du duintasun hori giza osotasunaren bidez garatzea.