Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

LEHEN TITULUA Printzipio orokorrak


LEHEN TITULUA
Printzipio orokorrak

7. artikulua

1. Hizkuntza guztiak dira identitate kolektiboaren adierazpen, eta errealitatea beste modu batera atzemateko eta deskribatzeko tresna; hortaz, guztiek ere baldintza egokiak izan behar dituzte, eginkizun guztietan haiek garatu ahal izateko.

2. Hizkuntza bakoitza taldean eraikitako errealitatea da, eta, erkidego zehatz baten magalean, gizabanakoarentzat erabilgarri bilakatzen da, kohesioaren, identifikazioaren, komunikazioaren eta adierazgarritasun sortzailearen tresna gisa.

8. artikulua

1. Hizkuntza-erkidego orok eskubidea du, baliabide propioak antolatu eta kudeatzeko, horrela gizarte-eginkizun guztietan bere hizkuntzaren erabilera ziurta dadin.

2. Hizkuntza-erkidego orok eskubidea du, beharrezkoak diren bitartekoak eskura izateko, hizkuntzaren transmisioa eta jarraipena ziurta daitezen.

9. artikulua

Hizkuntza-erkidego orok eskubidea du, bere hizkuntza-sistema kodetzeko, estandarizatzeko, zaintzeko, garatzeko eta sustatzeko, beharturiko edo eragindako interferentziarik gabe.

10. artikulua

1. Hizkuntza-erkidegoko guztiek eskubide berberak dituzte.

2. Adierazpen honen arabera, onartezinak dira hizkuntza-erkidegoen aurkako diskriminazio guztiak, hala haien subiranotasun politikoaren mailan, haien gizarte-egoeran edo egoera ekonomikoan, eta antzeko irizpideetan oinarriturikoak, nola hizkuntza horiek lortu duten kodetze-, eguneratze- edo modernizatze-mailan oinarritutakoak.

3. Berdintasun-printzipioa aplikatuta, beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, berdintasun hori benetakoa izan dadin.

11. artikulua

Hizkuntza-erkidego orok eskubidea du, zuzeneko edo alderantzizko itzulpenerako bitarteko guztiak eskura izateko, bitarteko horiek adierazpen honetan jasotako eskubideen egikaritza bermatzen duten neurrian.

12. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du, alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioa hori baldin bada.

2. Gizaki orok eskubidea du, eremu pertsonalean nahiz familia-eremuan bere hizkuntza erabiltzeko.

13. artikulua

1. Gizaki orok eskubidea du, bizi den lurraldeko hizkuntza propioa ikasteko.

2. Gizaki orok eskubidea du eleaniztun izateko, eta bere garapenerako edo gizarte-mugagarritasunerako lagungarrien iruditzen zaion hizkuntza ikasteko; horri kalterik egin gabe, adierazpen honetan zenbait berme ezarri dira lurraldeko hizkuntza propioaren erabilera publikoa bermatzeko.

14. artikulua

Adierazpen honetako xedapenak ezin dira interpretatu edo erabili estatuko nahiz nazioarteko araubideko edozein arau edo praktikaren aurka, baldin eta arau edo praktika horrek tratu mesedegarriagoa ematen badio hizkuntzaren berezko lurraldea zein izan eta lurralde horretan hizkuntza jakin bat erabiltzeari.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper