Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz

4. UNESCO

4. UNESCO


4.1. Unescoren Konferentzia Orokorraren Erregelamendua, 1948koa[63]

IX
Zuzendari nagusiaren eta Idazkaritzaren eginkizunak

47. artikulua.— Zuzendari nagusiaren eta Idazkaritzaren eginkizunak

5. Idazkaritzak, zuzendari nagusiaren agintaritzapean, Konferentzia Orokorraren, eta haren komite eta batzordeen dokumentu, txosten eta ebazpenak jaso, itzuli eta banatuko ditu; bilkuretan esandako diskurtsoen interpretazioa jarriko du; bilkuren hitzez hitzeko aktak eta akta laburtuak idatzi eta banatuko ditu; dokumentuak Konferentzia Orokorraren artxiboetan gordeko ditu; eta Konferentzia Orokorrak agintzen dizkion gainerako ataza guztiak beteko ditu.

X
Konferentziaren hizkuntzak

48. artikulua.— Lan-hizkuntzak

Arabiera, txinera, espainiera, frantsesa, ingelesa eta errusiera dira Konferentzia Orokorraren lan-hizkuntzak.

49. artikulua.— Konferentzia Orokorra batzartzen den herrialdeko hizkuntza

Konferentzia lan-hizkuntzetako bat ez den hizkuntza nazionaleko herrialde batean batzartzen denean, Kontseilu Betearazleak baimena izango du herrialde horretako hizkuntza erabiltzeko xedapen bereziak hartze aldera Konferentziak irauten duen bitartean.

50. artikulua.— Beste hizkuntza batzuen interpretazioa

Eskuordeek lan-hizkuntzetako bat ez den edozein hizkuntzatan egin ahal izango dute hitz, baina arduratu beharko dute beren diskurtsoa haiek aukeratzen duten lan-hizkuntzan interpretatzeaz; Idazkaritza arduratuko da beste lan-hizkuntzetako interpretazioaz.

51. artikulua.— Lan-hizkuntzen erabilera

Lan-dokumentu guztiak, Konferentzia Orokorraren Egunkaria izan ezik, lan-hizkuntzetan argitaratuko dira. Osoko bilkuren hitzez hitzeko aktak edizio bakar batean argitaratuko dira behin-behinean; izan ere, edizio horretan, hizlariak erabilitako lan-hizkuntzan jasoko da hitzaldia. Akta horiek edizio bakar batean argitaratuko dira behin betiko; hartan, hizlariek erabilitako lan-hizkuntzetan jasoko dira hitzaldiak; baldin eta hitzaldiok frantsesa edo ingelesa ez diren lan-hizkuntzetan egin badira, orduan hitzaldion ondoren, hizkuntza horietako batean edo bestean egindako itzulpenak txandaka jasoko dira, alegia, bilkura batean frantsesa erabiltzen bada hurrengoan ingelesa erabiliko da.

52. artikulua.— Hizkuntza ofizialak

1. Hauek izango dira Konferentzia Orokorraren hizkuntza ofizialak: arabiera, txinera, espainiera, frantsesa, hindia, ingelesa, italiera, portugesa eta errusiera.

2. Beste edozein hizkuntza ere Konferentzia Orokorraren hizkuntza ofizial gisa onartu ahal izango da estatu kide interesdunak edo interesdunek hala eskatuta; hala ere, estatu kide batek ere ezin izango du eskaera hori hizkuntza baterako baino gehiagotarako aurkeztu.

53. artikulua.— Lan-hizkuntzen erabilera

1. Hizkuntza ofizial guztietara itzuliko dira Konstituzioaren testuaren aldaketa guztiak, eta Konstituzioan eta UNESCOren izaera juridikoan eragina duten Konferentziaren erabaki guztiak.

2. Eskuordetza batek eskatuta, beste edozein hizkuntza ofizialetara beste edozein dokumentu garrantzitsu itzuli ahal izango da, bilkuren hitzez hitzeko aktak barne. Kasu horretan, eskuordetza horrek horretarako behar diren itzultzaileak jarri beharko ditu.

XI
Konferentziaren aktak

56. artikulua.— Bilkura pribatuen aktak

Lan-hizkuntzetan idatzitako bilkura pribatuen hitzez hitzeko aktak Erakundearen artxiboetan gordeko dira, eta ez dira argitaratuko, salbu eta Konferentzia Orokorrak beren-beregi baimentzen badu akta horiek argitaratzea.

XIV
Ebazpen-proiektuak

76. artikulua.— Xedapen orokorrak

2. Oro har, ez da ebazpen-proiekturik eztabaidatuko, ez eta bozkatuko ere, baldin eta haren testua eskuordetza guztiei jakinarazi ez bazaie lan-hizkuntzetan, bilkura hasi baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez.


4.2. Hezkuntza-, Zientzia- eta Kultura-izaerako Objektuak inportatzeko Akordioa, 1950eko ekainaren 17ko A, B, C, D eta E eranskinekin, eta 1976ko azaroaren 26ko protokolo erantsiarekin[64]

Dibisak eta inportazio-lizentziak

[…]

Protokoloak honako ikus-entzunezko liburu eta material hauen inportaziora zabaltzen du atzerriko lizentzia eta dibisak baldintzarik gabe emateko aukera, eta ulertzen du hedapen hori baztertu egin dezaketela bera aplikatu nahi ez duten estatuek:

a) onura publikoko liburutegietarako liburuak eta argitalpenak, hau da:

[…]

c) atzerriko hizkuntzetako liburuak, inportazio-herrialdeko hizkuntza autoktono nagusiko edo nagusietako liburuak izan ezik;

[…]

Gainera, ikusiko da liburutegietarako liburuekin batera, protokoloak beste bi liburu-kategoria gehitzen dizkiela akordioan jasotako objektuei: goi-mailako irakaskuntzako zentroetarako liburuak, zeinek izan behar baitute zentro horiek eskuliburu gisa hartu edo gomendatuak eta zentrook inportatuak; atzerriko hizkuntzetako liburuak, salbu eta herrialde inportatzaileko hizkuntza nagusietan idatzitakoak. Protokoloan aurreikusitako zabaltze horren helburua hauxe da: bereziki erraztea garapenerako garrantzitsuak diren eta herrialde inportatzaile batzuetan falta diren maila zientifiko, tekniko eta profesional handiko liburuen inportazioa.

Liburuak, argitalpenak eta dokumentuak (akordioaren A eranskina eta protokoloaren A eranskina)

[…]

Protokoloaren arabera, aduana-frankiziako inportazioa liburuetara hedatzen da, kontuan hartu barik zein hizkuntzatan dauden inprimatuta liburuok eta zein den ilustrazioei emandako espazioa. […]:

Nazioarteko beste akordio batzuk

[…]

Konbentzio hau irakaskuntzarako edo lanbide-heziketarako erabiltzen diren materialei aplikatzen zaie, hala nola diapositiben eta film finkoen proiektagailuei, zirkuitu itxiko telebista-ekipoei, ikus-entzunezko materialei, liburutegi ibiltariei, hizkuntza-laborategiei, urritasun fisikoak edo adimen-urritasunak dituzten pertsonentzako materialari, arteak eta ogibideak ikasteko makina-tresnei, etab. Baldintza jakin batzuetan, konbentzioak onura ematen die material horri, ordezko piezei eta tresnei inportazio-eskubide eta -kargen frankiziarekin denbora jakin batean onartuak izateko, inportaziorako debekurik eta murrizketarik ezarri gabe, baldin eta materialok berriro esportatzen badira.

Hezkuntza-, Zientzia- edo Kultura-izaerako Objektuak inportatzeko Akordioaren protokoloa, zeina UNESCOren Konferentzia Orokorrak onetsi baitzuen Nairobin 1976an.

[…]

IV

5. Estatu kontratatzaileek konpromisoa hartzen dute Akordioaren II. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako dibisak edota beharrezko lizentziak emateko, betiere honako objektu hauek inportatze aldera:

c) atzerriko hizkuntzetako liburuak, inportazio-herrialdeko hizkuntza autoktono nagusiko edo nagusietako liburuak izan ezik;

A eranskinak
Liburuak, argitalpenak eta dokumentuak

Inprimatutako liburuak, edozein hizkuntzatan inprimatuta daudela ere, eta edozein dela haiek dituzten ilustrazioen garrantzia, honako hauek barne:

a) luxuzko edizioak;

b) egoitza inportazio-herrialdean duen egile baten eskuizkributik aurrera atzerrian inprimatutako liburuak;

c) haurrentzako pintura- eta marrazketa-albumak;

d) eskolako ariketen liburuak (liburu-koadernoak), testu inprimatuez gain, ikasleek bete beharreko zuriuneak dituztenak;

e) testu inprimatua duten gurutzegrama-liburuak;

f) ilustrazio solteak eta orri solte edo koadernatu gisa inprimatutako orriak, eta liburuak ekoizteko erabiltzen diren erreprodukzio-proba edo -filmak.


4.3. Egile-eskubideari buruzko Konbentzio Unibertsala, 1952ko irailaren 6koa[65]

V. artikulua

1. Egile-eskubideak eskubide esklusiboa barne hartzen du, hau da, konbentzio honek babestutako obren itzulpena egiteko, argitaratzeko eta baimentzekoa.

2. Hala ere, estatu kontratatzaile bakoitzak bere legeria nazionalean itzulpen-eskubidea murriztu ahal izango du idazkietarako, baina honako xedapen hauek bakarrik betez:

Idazki baten lehenengo argitalpenetik zenbatzen hasita zazpi urteko epea amaitutakoan idazki horren itzulpena estatu kontratatzaile baten hizkuntza nazionalean edo hizkuntza nazionaletako batean argitaratu ez badu itzulpen-eskubidearen titularrak edo horretarako baimenik eman ez badu, estatu kontratatzaile horretako edozein nazionalek estatu horretako agintaritza eskudunarengandik lizentzia ez-esklusiboa eskuratu ahal izango du, obra argitaratu ez den hizkuntza nazionalean itzultzeko eta argitaratzeko. Lizentzia hori eman ahal izateko, eskatzaileak, eskaera aurkezten den estatuan indarrean dauden xedapenen arabera, frogatu beharko du eskubidearen titularrari itzulpena egiteko eta argitaratzeko baimena eskatu diola, eta, beharrezko eginbideak egin ondoren, ezin izan duela eskubidearen titularra aurkitu edo haren baimena lortu. Baldintza berberetan eman ahal izango da lizentzia, hizkuntza nazional batean dagoeneko argitaratutako itzulpen baten edizioak agortuta badaude.

Eskatzaileak ez badu aurkitu itzulpen-eskubidearen titularra, eskaeraren kopiak helarazi beharko dizkie obraren aleetan ageri den argitaratzaileari eta itzulpen-eskubidearen titularra zein estatutakoa izan eta estatu horretako diplomazia- edo kontsul-ordezkariari, baldin eta jakiten bada nor den eskubide horren titularraren nazionalitatea, edo estatu horretako gobernuak izendatutako organismoari. Lizentzia ezin izango da eman eskaeraren kopia bidaltzen den egunetik zenbatutako bi hilabeteko epea amaitu baino lehen.

Legeria nazionalak neurri egokiak hartuko ditu itzulpen-eskubidearen titularrari ordainsari ekitatiboa ziurtatzeko nazioarteko usadioen arabera, bai eta ordainsari horren ordainketa eta bidalketa ziurtatzeko ere, eta obraren itzulpen zuzena bermatzeko.

Jatorrizko obraren izenburua eta egilearen izena ere argitaratutako itzulpenaren ale guztietan inprimatu behar dira. Lizentzia estatu kontratatzailearen lurraldean argitaratzeko baino ez da baliozkoa izango. Aleak beste estatu kontratatzaile batean inportatu eta saldu ahal izango dira, baldin eta estatu horrek obra itzuli den hizkuntza nazionala badu, baldin eta estatu horretako legeria nazionalak lizentzia onartzen badu eta estatu horretan indarrean dauden xedapenek inportazioaren eta salmentaren aurka egiten ez badute; aurreko baldintzak aplikatzen ez dituen estatu kontratatzaile orotan inportazioa eta salmenta estatu horretako legeriari eta hark sinatutako akordioei erreserbatuko zaizkie. Onuradunak ezin izango du lizentzia laga.

Lizentzia ezin izango da eman egileak obraren aleak zirkulaziotik kendu baditu.

XVI. artikulua

1. Konbentzio hau frantsesez, ingelesez eta espainieraz idatziko da. Hiru testuak sinatu egingo dira, eta era berean emango dute fede.

2. Konbentzio honen testu ofizialak alemanez, italieraz eta portugesez idatziko dira.

Estatu kontratatzaile orok, edo estatu kontratatzaileen talde orok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko zuzendari nagusiari, eta azken honekin adostuta, beste testu batzuk idatzarazi ahal izango dizkio berak aukeratutako hizkuntzetan.

Testu horiek guztiak gehituko zaizkio, eranskin gisa, konbentzioaren testu sinatuari.


4.4. Gatazka Armatuetan Kultura-ondasunak babesteko Konbentzioa eta Konbentzioa aplikatzeko Erregelamendua, 1954ko maiatzaren 14koak[66]

VII. KAPITULUA
Konbentzioaren aplikazioa

26. artikulua.— Itzulpena eta txostena

1. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen zuzendari nagusiaren bitartez alde kontratatzaile gorenek elkarri komunikatuko dizkiote konbentzio honen eta bera aplikatzeko erregelamenduaren itzulpen ofizialak.

AZKEN XEDAPENAK

29. artikulua.— Hizkuntzak

1. Konbentzio hau espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz idatzi da; lau testuak era berean dira fede-emaileak.

2. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea arduratuko da Konferentzia Orokorraren gainerako hizkuntza ofizialetara itzultzearekin.

Gatazka Armatuetan Kultura-ondasunak babesteko Hagako 1954ko Konbentzioa eta Konbentzioa aplikatzeko Erregelamendua, 1999koa

8. kapitulua
Protokolo honen aplikazioa

37. artikulua.— Itzulpenak eta txostenak

1. Aldeak arduratuko dira protokolo hau beren herrialdeetako hizkuntza ofizialetara itzultzearekin eta itzulpen ofizial horiek zuzendari nagusiari jakinaraztearekin.

9. kapitulua
Azken klausulak

39. artikulua.— Hizkuntzak

Protokolo hau arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz idatzita dago; sei testuak kautoak dira.


4.5. Irakaskuntzaren Esparruan diren Diskriminazioen aurkako Borrokari buruzko Konbentzioa, 1960ko abenduaren 14koa[67]

1. artikulua

1. Konbentzio honen ondorioetarako, “diskriminazio” esamoldea honetara ulertzen da: bereizketa, bazterketa, mugaketa edo lehentasun oro, zeinen oinarri baitira arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo beste izaera batekoak, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila edo jaiotza, horien ondorio edo xedea delarik irakaskuntzaren esparruan tratu-berdintasuna deuseztatzea edo aldaraztea eta, bereziki:

a. Pertsona bat edo talde bat irakaskuntza-maila eta -mota ezberdinetatik kanpo uztea;

b. Pertsona bat edo talde bat behe-mailako heziketara mugatzea;

c. Konbentzio honen 2. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, pertsona edo taldeentzat irakaskuntza-sistema edo -establezimendu bereiziak eratu edo mantentzea; edo

d. Pertsona bat edo talde bat giza duintasunarekin bateraezina den egoeran jartzea;

2. Konbentzio honen ondorioetarako, “irakaskuntza” hitza irakaskuntza beraren mota eta mailei dagokie, eta barneratzen ditu hala irakaskuntzarako irispidea, nola irakaskuntzaren maila eta kalitatea, bai eta berori zein baldintzatan ematen den ere.

2. artikulua

Ondorengo egoerak ez dira diskriminazio gisa hartuko konbentzio honen 1. artikuluaren arabera, baldin eta estatuak egoera horiek onartzen baditu:

b. Erlijio- edo hizkuntza-arrazoiak direla bide, sistema edo establezimendu bereiziak sortu edo mantentzea, baldin eta horiek ikasleen guraso edo lege-tutoreen nahien araberako irakaskuntza eskaintzen badute, sistema horietan parte hartzea edo establezimendu horietara joatea aukerakoa bada, eta establezimenduotan eskaintzen den irakaskuntza agintaritza eskudunek gradu bereko irakaskuntzarako ezarri edo onetsi izan dituzten arauen araberakoa bada;

5. artikulua

1. Konbentzio honetako estatu aldeek ondorengoa hitzartzen dute:

c. Gutxiengo nazionalen kideei aitortu behar zaie berezkoak dituzten irakaskuntza-jardueretan aritzeko eskubidea, horien artean direla eskolak eratu eta mantentzea, eta, estatu bakoitzak hezkuntzaren arloan duen politikaren arabera, euren berezko hizkuntza erabili eta irakastea, betiere:

(i) Eskubide hori egikaritzeak gutxiengoen kideei galarazten ez dienean kolektibitatearen kultura eta hizkuntza ulertzea eta horien ekintzetan parte hartzea, eta eskubide horren egikaritzeak arriskuan jartzen ez duenean nazioaren subiranotasuna;

(ii) Eskola horietako irakaskuntza-maila beheragokoa ez denean agintaritza eskudunek agindu edo onetsitako maila orokorra baino;

(iii) Eskola horietara joatea aukerakoa denean.

2. Konbentzio honetako estatu aldeek konpromisoa hartzen dute beharrezko diren xedapen guztiak hartzeko artikulu honetako 1. paragrafoan izendatutako printzipioen aplikazioa bermatze aldera.


4.6. Artista interprete edo exekutatzaileak, fonograma-ekoizleak eta irrati-difusioko organismoak babesteari buruzko nazioarteko Konbentzioa, 1961eko urriaren 26koa[68]

33. artikulua
[Konbentzioaren hizkuntzak]

1. Konbentzio honen gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioak kautoak izango dira.

2. Konbentzio honen testu ofizialak alemanez, italieraz eta portugesez idatziko dira.


4.7. Egile-eskubideari buruzko Konbentzio Unibertsala, 1971ko uztailaren 24koa[69]

V. artikulua

1. I. artikuluan aipatutako eskubideek eskubide esklusiboa barne hartzen dute, konbentzio honek babestutako obren itzulpena egiteko, argitaratzeko eta baimentzeko.

2. Hala ere, estatu kontratatzaile bakoitzak bere legeria nazionalean itzulpen-eskubidea murriztu ahal izango du idazkietarako, baina honako xedapen hauek bakarrik betez:

(a) Idazki baten lehenengo argitalpenetik zenbatzen hasita zazpi urteko epea amaitutakoan idazki horren itzulpena estatu kontratatzaile batean erabilera orokorrekoa den hizkuntza batean argitaratu ez badu itzulpen-eskubidearen titularrak edo horretarako baimenik eman ez badu, estatu kontratatzaile horretako edozein nazionalek estatu horretako agintaritza eskudunarengandik lizentzia ez-esklusiboa eskuratu ahal izango du, obra hori hizkuntza horretan itzuli eta argitaratzeko.

(b) Lizentzia hori eman ahal izateko, eskatzaileak, eskabidea aurkezten den estatuan indarrean dauden xedapenen arabera, frogatu beharko du eskubidearen titularrari itzulpena egiteko eta argitaratzeko baimena eskatu diola, eta, beharrezko eginbideak egin ondoren, ezin izan duela eskubidearen titularra aurkitu edo haren baimena lortu. Baldintza berberetan eman ahal izango da lizentzia, estatu kontratatzailean erabilera orokorrekoa den hizkuntza batean dagoeneko argitaratutako itzulpen baten edizioak agortuta badaude.

(c) Eskatzaileak ez badu aurkitu itzulpen-eskubidearen titularra, eskaeraren kopiak helarazi beharko dizkie obraren aleetan ageri den argitaratzaileari eta itzulpen-eskubidearen titularra zein estatutakoa izan eta estatu horretako diplomazia- edo kontsul-ordezkariari, baldin eta jakiten bada nor den eskubide horren titularraren nazionalitatea, edo estatu horretako gobernuak izendatutako organismoari. Lizentzia ezin izango da eman eskaeraren kopia bidaltzen den egunetik zenbatutako bi hilabeteko epea amaitu baino lehen.

(d) Legeria nazionalak neurri egokiak hartuko ditu itzulpen-eskubidearen titularrari ordainsari ekitatiboa ziurtatzeko nazioarteko usadioen arabera, bai eta ordainsari horren ordainketa eta bidalketa ziurtatzeko ere, eta obraren itzulpen zuzena bermatzeko.

(e) Jatorrizko obraren izenburua eta egilearen izena ere argitaratutako itzulpenaren ale guztietan inprimatu behar dira. Lizentzia estatu kontratatzailearen lurraldean argitaratzeko baino ez da baliozkoa izango. Aleak beste estatu kontratatzaile batean inportatu eta saldu ahal izango dira, baldin eta estatu horrek obra itzuli den hizkuntzaren erabilera orokorreko hizkuntza berdina badu, baldin eta estatu horretako legeria nazionalak lizentzia onartzen badu eta estatu horretan indarrean dauden xedapenek inportazioaren eta salmentaren aurka egiten ez badute; aurreko baldintzak aplikatzen ez diren estatu kontratatzaile orotan inportazioa eta salmenta estatu horretako legeriari eta hark sinatutako akordioei erreserbatuko zaizkie. Onuradunak ezin izango du lizentzia laga.

V ter artikulua

1. (a) V. bis artikuluaren 1. paragrafoa aplikatzen zaion estatu kontratatzaile bakoitzak hiru urteko epea edo bere legeria nazionalean ezarritako epe luzeagoa ezarri ahal izango du V. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutako zazpi urteko epearen ordez. Hala ere, hiru urteko epearen ordez urtebetekoa jarri ahal izango da, herrialde garatu batean edo gehiagotan, zeinak alde baitira konbentzio honetan edo bakarrik 1952ko Konbentzioan, erabilera orokorrekoa ez den hizkuntza batean egindako itzulpenen kasuan.

(b) Konbentzio honetako edo bakarrik 1952ko Konbentzioko estatu alde diren herrialde garatuen ahobatezko adostasunarekin, baldin eta estatuotan hizkuntza bera erabilera orokorrekoa bada, V. bis artikuluaren 1. paragrafoa aplikatzen zaion estatu kontratatzaile bakoitzak, hizkuntza horretako itzulpenaren kasuan, aurreko (a) apartatuan aurreikusitako hiru urteko epearen ordez akordio horren arabera zehaztuko den beste epe bat erabili izango du, baina epe hori ezingo da urtebetekoa baino laburragoa izan. Hala ere, apartatu hau ez da aplikatuko dena delako hizkuntza hori espainiera, frantsesa edo ingelesa denean. Akordio horren jakinarazpena zuzendari nagusiari jakinaraziko zaio.

(c) Lizentzia hori eman ahal izateko, eskatzaileak, eskabidea aurkezten den estatuan indarrean dauden xedapenen arabera, frogatu beharko du itzulpen-eskubidearen titularrari baimena eskatu diola, eta, berak beharrezko eginbideak egin ondoren, ezin izan duela eskubidearen titularra aurkitu edo haren baimena lortu. Eskabidea aurkezteko unean, eskatzaileak informazioa eman beharko dio Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak sortutako Egile Eskubideari buruzko Nazioarteko Informazio Zentroari, edo estatuko edo erregioko informazio-trukerako zentro orori, halakotzat jotzen bada estatuko gobernuak zuzendari nagusiaren esku jarritako jakinarazpen batean, non argitaratzaileak bere lanbide-jarduerarik gehienak egiten dituela uste den.

(d) Itzulpen-eskubidearen titularra aurkitu ez bada, eskatzaileak eskabidearen kopiak bidali beharko dizkie, aireko posta ziurtatuaren bidez, obran ageri den argitaratzaileari eta (c) apartatuan aipatutako estatuko edo erregioko informazio-trukerako zentro guztiei. Zentro horren berri eman ez bada, eskatzaileak kopia bat bidaliko du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak sortutako Egile Eskubideari buruzko Nazioarteko Informazio Zentrora.

2. (a) Artikulu honi jarraituz, lizentzia ezin izango da eman sei hilabeteko beste epe bat (lizentzia hiru urteko epea amaitutakoan lor badaiteke) eta bederatzi hilabeteko beste epe bat (lizentzia urtebeteko epea amaitutakoan lor badaiteke) amaitu baino lehen. Epe berria hasiko da zenbatzen 1. paragrafoko (c) apartatuan aipatutako itzulpena egiteko baimena eskatzen den egunetik aurrera, edo, bestela, itzulpen-eskubidearen titularraren identitatea edo helbidea ezezagunak badira, 1. paragrafoko (d) apartatuan aipatutako lizentzia-eskabidearen kopiak bidaltzen diren egunetik aurrera.

(b) Ezingo da lizentziarik eman itzulpen-eskubidearen titularrak itzulpen bat argitaratu badu —edo haren baimenarekin argitaratu bada— sei edo bederatzi hilabeteko epe horretan.

4. (b) Artikulu honetan xedatutakoaren arabera emandako lizentzia baten babesean argitaratutako ale guztiek ohar bat eramango dute zeinek bere hizkuntzan, ohartaraziz ezen alea zirkulazioan lizentzia eman duen estatu kontratatzailean baino ez dela jartzen; obrak III. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako oharrak baditu, horrela argitaratutako aleek ere ohar berdinak eramango dituzte.

(c) Aurreko (a) apartatuan aurreikusitako esportazio-debekua ez da kasu honetan aplikatuko: artikulu honetan xedatutakoaren arabera, obra bat espainiera, frantsesa edo ingelesa ez den beste hizkuntza batera itzultzeko lizentzia eman duen estatuko organismo estatal batek edo estatuko beste erakunde publiko batek beste herrialde batera lizentzia horren bidez egindako itzulpen baten aleak bidaltzen dituenean, baldin eta:

(i) Hartzaileak lizentzia ematen duen estatu kontratatzaileko nazionalak badira edo pertsona horiek biltzen dituzten antolakundeak badira;

(ii) Aleak eskola-, unibertsitate- edo ikerketa-erabilerarako baino ez badira;

(iii) Ale horiek bidaltzeak eta ondoren hartzaileei banatzeak ez badute irabazi-asmorik; eta

(iv) Aleak jasotzen dituen herrialdearen eta estatu kontratatzailearen artean akordio bat hitzartzen bada, zeina interesa duen edozein gobernuk zuzendari nagusiari jakinaraziko baitio, betiere hartzea eta banatzea baimentze aldera edo bi eragiketa horietako bat egin ahal izan dadin.

6. Estatu kontratatzaile batek artikulu honen arabera emandako lizentzia oro ez da baliozkoa izango, baldin eta obraren itzulpena, zeina baita lizentzia eskuratu zuen argitalpenaren hizkuntza berekoa eta funtsean eduki bera baitu, argitaratua badu itzulpen-eskubidearen titularrak —edo haren baimenarekin argitaratua bada— estatu horretan antzeko obretarako ohikoa den prezioan. Lizentziak balioduna izateari utzi aurretik argitaratutako aleak zirkulazioan jarri ahal izango dira agortu arte.

7. Batez ere ilustrazioez osatutako obretarako, V quater artikuluko baldintzak bete badira bakarrik eman ahal izango da lizentzia testua itzultzeko eta ilustrazioak erreproduzitzeko.

8. Era berean, lizentzia bat eman ahal izango da konbentzio honek babestutako obra bat itzultzeko, zeina argitaratuko baita modu inprimatuan edo antzeko erreprodukzio-formetan, egoitza V bis artikuluaren 1. paragrafoa aplikatzen zaion estatu kontratatzaile baten lurraldean duen irrati-difusioko organismo batek erabil dezan, aipatutako organismoak estatu horretan eskabide bat aurkeztu ondoren, baldin eta:

(i) Itzulpena egin bada estatu kontratatzailearen legeriaren arabera egin eta eskuratutako ale bat oinarri hartuta;

(ii) Itzulpena soil-soilik erabiltzen bada irakaskuntzarako diren emisioetan edo lanbide-adar jakin bateko adituei zuzendutako informazio zientifikoak emateko edo ezagutzeko;

(iii) Itzulpena aurreko (ii) tartekian zerrendatutako xedeetarako bakarrik erabiltzen bada, estatu kontratatzailearen lurraldean hartzaileei legez egindako emisioen bidez, emisio horretarako bakarrik eta legez egindako ikusizko edo soinuzko grabazioak barne;

(iv) Itzulpenaren soinuzko edo ikusizko grabazioak soilik trukatu ahal badira trukatu mota horretako lizentzia eman duen estatu kontratatzailearen lurraldean egoitza soziala duten irrati-difusioko organismoen artean;

(v) Itzulpenari emandako erabileretako batek ere ez badu irabazteko asmorik.

(b) Era berean, (a) apartatuan zerrendatutako betekizun eta baldintza guztiak betetzen badira, lizentzia eman ahal izango zaio irrati-difusioko organismo bati ikus-entzunezko finkapenetan sartutako edo integratutako edozein testu itzultzeko, baldin eta ikus-entzunezko horiek eskola- eta unibertsitate-xedeetarako soilik prestatuta eta argitaratuta badaude.

V quater artikulua

1. (h) Ez da lizentziarik emango obra baten itzulpena artikulu honen arabera erreproduzitu eta argitaratzeko, honako kasu hauetan:

(i) Dena delako itzulpena egile-eskubidearen titularrak argitaratu ez duenean —edo haren baimenarekin argitaratu ez denean—;

(ii) Itzulpena lizentzia ematen duen estatuan erabilera orokorrekoa den hizkuntza batean ez dagoenean.

2. Xedapen hauek aplikatuko zaizkie artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako salbuespenei:

(a) Artikulu honetan xedatutakoaren arabera emandako lizentzia baten babesean argitaratutako ale guztiek ohar bat eramango dute zeinek bere hizkuntzan, ohartaraziz ezen alea zirkulazioan lizentzia eskatu duen estatu kontratatzailean baino ez dela jartzen. Obrak III. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako oharrak baditu, aleek ere ohar berdinak eramango dituzte.

(c) Estatu kontratatzailean erreprodukzio-eskubidearen titularrak obra baten edizioaren aleak salgai jartzen dituen bakoitzean —edo haren baimenarekin salgai jartzen diren bakoitzean—, betiere publikoaren edo eskola- eta unibertsitate-helburuen beharrizanei erantzuteko, estatu horretan antzeko obretarako ohikoa den prezioan, artikulu honen arabera emandako lizentzia oro ez da baliozkoa izango, baldin eta argitalpena hizkuntza berean eginda badago eta funtsean lizentziaren babesean argitaratutako argitalpenaren eduki bera badu. Lizentziak balioduna izateari utzi aurretik argitaratutako aleak zirkulazioan jarri ahal izango dira agortu arte.

3. (b) Artikulu honetako xedapenak aplikatuko zaizkie, era berean, konbentzio honek babestutako obrak dituzten ikus-entzunezko finkapen zilegien ikus-entzunezko erreprodukzioari, bai eta horiekin batera doan testu oro lizentzia ematen duen estatuaren erabilera orokorreko hizkuntza batera itzultzeko ere, baldin eta kasu horietan guztietan ikus-entzunezko finkapen horiek sortu eta argitaratu badira eskola- eta unibertsitate-xedeetarako soilik.

XI. artikulua

3. Batzordea izendatzeko, interes nazionalen arteko oreka zuzena hartuko da kontuan, kokapen geografikoa, biztanleria, hizkuntzak eta garapen-maila oinarri hartuta.

XVI. artikulua

3. Estatu kontratatzaile orok, edo estatu kontratatzaileen talde orok, zuzendari nagusiari, eta azken honekin adostuta, beste testu batzuk idatzarazi ahal izango dizkio berak aukeratutako hizkuntzetan.


4.8. Fonogramen ekoizleak euren fonogramen baimenik gabeko erreprodukzioaren aurka babesteko Hitzarmena, 1971ko urriaren 29koa[70]

13. artikulua

1) Hitzarmen hau ale bakarrean sinatzen da, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz, eta testu bakoitzak era berean ematen du fede.

2) Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, interesa duten gobernuei kontsulta egin ondoren, testu ofizialak ezarriko ditu alemanez, arabieraz, nederlanderaz, italieraz eta portugesez.


4.9. Satelite bidezko transmisioak informazioaren zirkulazio askerako, hezkuntzaren hedapenerako eta kultura-trukeak areagotzeko erabiltzeko printzipio gidariei buruzko Adierazpena, 1972ko azaroaren 15ekoa[71]

[…]

Gogoan izanik, bere Konstituzioarekin bat etorriz, UNESCOk bakea eta segurtasuna bultzatu nahi dituela, eta horretarako, hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren bidez, nazioen arteko lankidetza estutu nahi duela, eta, helburu hori lortzeko, Erakundeak nazioen arteko elkarren ezagutza eta ulermena sustatuko dituela, masentzako informazio-organoei bere laguntza emanez, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen nazioarteko akordioak gomendatuko dituela ideiak hitzaren eta irudiaren bidez aske zirkulatzea errazagoa izan dadin.

[…]


4.10. Satelite bidez transmititutako Programak eramateko Seinaleak banatzeari buruzko Hitzarmena, 1974ko maiatzaren 21ekoa[72]

12. artikulua

1) Hitzarmen hau ale bakarrean sinatzen da, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz, eta lau testuak kautoak izango dira.

2) Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko zuzendari nagusiak eta Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, interesa duten gobernuei kontsulta egin ondoren, testu ofizialak ezarriko dituzte alemanez, arabieraz, italieraz, nederlanderaz eta portugesez.


4.11. Hitzarmena, estatu arabiarretan eta Mediterraneoko itsasertzeko estatu europarretan goi-mailako hezkuntzako ikasketak, tituluak eta diplomak baliozkotzekoa, 1976ko abenduaren 17koa[73]

III. Berehala aplikatzekoak diren konpromisoak

3. artikulua

1. Estatu kontratatzaileek onartzen dituzte, beren nazionalei aplikatzen zaizkien baldintza berberetan, gainerako estatu kontratatzaileetan lortutako bigarren mailako ikasketen amaierako titulu edo diplomak, betiere ikasketak jarraitzeko eta hurrengo prestakuntza-etapetan berehala sartu ahal izateko beren lurraldeetako goi-mailako hezkuntza-instituzioetan; titulu edo diploma horien titularrek egiaztatu egin behar dute badituztela agiri horiek, hurrengo prestakuntza-etapekin jarraitu ahal izateko estatu kontratatzaile horien lurraldeetako goi-mailako hezkuntza-instituzioetan.

2. Hala ere, goi-mailako hezkuntza-instituzio batean onartua izateko baldintza izan daiteke plaza libreak egotea, bai eta estatu kontratatzaileetako hezkuntza-instituzioek ikasketak hasteko eskatzen edo onartzen dituzten hizkuntza-ezagutzei buruzko baldintzak betetzea ere.


4.12. Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Nazioarteko Gutuna, 1978ko azaroaren 21ekoa[74]

Hitzaurrea

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak, Parisen batzartuta, 20. bileran, 1978ko azaroaren 21ean,

[…]

Gogoratuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean xedatutakoaren arabera, pertsona orok dituela aldarrikatutako eskubide eta askatasun guztiak, ezein diskriminaziorik egin gabe, bereziki arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo beste edozein motatakoa, jatorri nazionala edo soziala, maila ekonomikoa, jaiotza edo beste edozein kontsiderazio oinarri hartuta,

[…]


4.13. Arrazari eta Arrazaren Inguruko Aurreiritziei buruzko Adierazpena, 1978ko azaroaren 28koa[75]

[Hitzaurrea]

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorra, Parisen batzartuta, 20. bileran, 1978ko urriaren 24tik azaroaren 28ra,

Gogoratuz, 1945eko azaroaren 16an onetsitako Unescoren Konstituzioaren hitzaurrean esaten dela “amaitu berri den gerra izugarri eta ikaragarria ez zen gertatuko gizakiaren duintasuna, berdintasuna eta elkarrekiko errespetua diren printzipio demokratikoak ukatu izan ez balira, eta, aurreiritziez eta ezjakintasunaz baliatuz, printzipio horiek gizakien eta arrazen ezberdintasunaren dogmarengatik ordeztuak izateko borondaterik gabe”, eta konstituzio horren I. artikuluaren arabera, Unescok “bakearen eta segurtasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du, hezkuntza, zientzia eta kulturaren bitartez nazioen arteko lankidetza indartuz, justizia, legea, giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala ziurtatzeko helburuarekin, horiek aitortzen baitzaizkie, Nazio Batuen Gutunean, munduko herri guztiei arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-bereizketarik egin gabe”,

[…]

9. artikulua

3. Atzerriko jatorria duten biztanleria taldeek, batik bat langile migratzaileek eta euren familiek, eurok zein herrik hartu eta herri horren garapenean laguntzen dutenek, euren segurtasuna, duintasuna eta euren kultura-balioen errespetua bermatzera zuzendutako neurri egokiak izan beharko dituzte, eta eurok jasotzen dituen ingurumenean egokitzeko eta sustapen profesionala errazteko; izan ere, horien xedea da euren jatorrizko herrialdeetara geroagoko itzulerarako eta herrialde horien garapenean laguntzea: modu berean haurrei euren ama-hizkuntza irakasteko aukera izatea ere aldeztu beharko litzateke.


4.14. Masa-komunikabideek bakea eta nazioarteko ulermena indartzeko egiten duten ekarpenari buruzko oinarrizko printzipioei buruzko Adierazpena, 1978ko azaroaren 28koa[76]

III. artikulua

2. Eraso-gerraren, arrazakeriaren eta apartheidaren aurkako borrokan, bai eta giza eskubideen gainerako urratzeen aurkako borrokan ere, zeinak, besteak beste, aurreiritzien eta ezjakintasunaren ondorio baitira, komunikabideek, herrien idealei, jomugei, kulturei eta eskakizunei buruzko informazioa zabalduz, lagundu egiten dute: ezjakintasuna eta herrien arteko ulertezintasuna ezabatzen; herrialde bateko herritarrak besteen eskakizun eta jomugez sentsibilizatzen; nazio guztien, herri guztien eta norbanako guztien eskubideak eta duintasuna errespetatzen, bereizketarik egin gabe arraza, sexu, hizkuntza, erlijio edo nazionalitateagatik; eta gizadia jotzen duten gaitz handiak nabarmenarazten, hala nola miseria, desnutrizioa eta gaixotasunak. Horrela eginez gero, estatuek politikarik egokienak prestatzea errazten dute nazioarteko tentsioak murrizteko eta nazioarteko desberdintasunak modu baketsuan eta ekitatiboan konpontzeko.


4.15. Hitzarmena, estatu arabiarretan goi-mailako hezkuntzako ikasketak, tituluak eta diplomak baliozkotzekoa, 1978ko abenduaren 22koa[77]

II. HELBURUAK

2. artikulua

Estatu kontratatzaileek modu solemnean aldarrikatzen dute hurbiletik laguntzeko erabakia:

(a) eskura dituzten hezkuntza-baliabideak estatu kontratatzaile guztien interesetan ahalik eta modu eraginkorrenean erabil daitezen ahalbidetzea, eta, horretarako:

(i) terminologia eta ebaluazio-irizpideak ahalik eta antzekoenak izatea, batez ere diploma, gradu eta ikasketa-faseen izenak harmonizatzeari dagokionez, kredituen, ikasketa-gaien eta diplomen konparagarritasuna bermatuko duen sistema baten aplikazioa sinplifikatzeko;

[…]

Parisen egina, 1399ko Muharram hileko hogeita bigarren egun honetan (1978ko abenduaren 22an) arabieraz, ingelesez eta frantsesez; hiru testuak era berean kautoak dira, kopia bakar batean gordeko dira, Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundearen artxiboetan. Egiazko kopia ziurtatua bidaliko zaie 15. eta 16. artikuluetan aipatu estatu guztiei eta Nazio Batuei.


4.16. Alde anitzeko Konbentzioa, egile-eskubideengatiko erregalien zergapetze bikoitza saihestekoa, aldebiko akordioaren eredua eta alde anitzeko konbentzioaren protokolo gehigarria, 1979ko abenduaren 21ekoa[78]

II. KAPITULUA
Egile-eskubideengatiko erregalien zergapetze bikoitzaren aurkako ekintzaren printzipio orientatzaileak

6. artikulua.— Diskriminazio fiskalik eza

Egile-eskubideengatiko erregalien zergapetze bikoitzaren aurka hartzen diren neurriek ez dute inolako diskriminazio fiskalik eragingo nazionalitate, arraza, sexu, hizkuntza edo erlijioan oinarrituta.

V. KAPITULUA
Azken xedapenak

16. artikulua.— Konbentzioaren hizkuntzak eta jakinarazpenak

1. Konbentzio hau ale bakarrean sinatuko da, hizkuntza hauetan: arabiera, espainiera, frantsesa, ingelesa eta errusiera, eta testuak kautoak izango dira.

2. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko zuzendari nagusiak eta Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, interesa duten gobernuei kontsulta egin ondoren, testu ofizialak ezarriko dituzte alemanez, italieraz eta portugesez.


4.17. Hitzarmena, Europa erregioko estatuetan goi-mailako hezkuntzako ikasketak, tituluak eta diplomak baliozkotzekoa, 1979ko abenduaren 21ekoa[79]

Hitzaurrea

Hitzarmen honetan alde diren Europako estatuak,

[…]

Jakitun izanik beren kulturen artean lotura estuak daudela, hizkuntzen aniztasuna eta erregimen ekonomiko eta sozialen arteko desberdintasunak gorabehera, eta gogo biziz hezkuntzaren arloan eta beren herrien ongizate eta oparotasun iraunkorraren aldeko prestakuntzaren arloan lankidetza indartzeko,

[…]

III. Berehala aplikatzekoak diren konpromisoak

3. artikulua

1. Estatu kontratatzaileek, gobernuei dagozkien betebehar guztiez gain, ahalik eta neurri gehien hartzea hitzartzen dute, betiere agintari eskudunak akuilatze aldera, 1. artikuluko 1. paragrafoaren definizioarekin bat etorriz, bigarren mailako ikasketen amaierako titulu eta diplomak eta gainerako estatu kontratatzaileetan emandako beste diploma batzuk onar ditzaten, zeinek aukera ematen baitute goi-mailako hezkuntzara iristeko, betiere estatu kontratatzaileetan dauden goi-mailako hezkuntza-zentroetan ikasketak jarraitzeko aukera izan dezaten.

2. Hala eta guztiz ere, eta 1. artikuluko 1.a) paragrafoko xedapenei kalterik egin gabe, goi-mailako hezkuntzako zentro batean onartua izateko, honako hauek baldintza izan daitezke: harrera-gaitasuna, eta direnak direlako ikasketak probetxuz egiteko eskatzen diren hizkuntza-ezagutzei buruzko baldintzak.

4.18. Erregio-hitzarmena, Afrikako estatuetan goi-mailako hezkuntzako ikasketak eta ziurtagiriak, diplomak, graduak eta beste titulu batzuk baliozkotzekoa, 1981eko abenduaren 5ekoa[80]

II. HELBURUAK

2. artikulua

2. Estatu kontratatzaileek modu solemnean adierazten dute lankidetza estuan jarduteko ebazpen irmoa hartu dutela honako helburu hauek lortzeko:

vi) Afrikako errealitateak kontuan hartzea hango irakaskuntza-sistemak eta -programak eta ebaluazio-metodoak landu eta berrikustean, eta Afrikako hizkuntzak irakaskuntza-hizkuntza gisa arian-arian hartzen direla aurreikustea.

[…]


4.19. Erregio-hitzarmena, Asiako eta Ozeano Bareko goi-mailako hezkuntzako ikasketak, tituluak eta diplomak baliozkotzekoa, 1983ko abenduaren 16koa[81]

I. Definizioak

2. artikulua

2. Estatu kontratatzaileek modu solemnean adierazten dute lankidetza estuan jarduteko ebazpen irmoa hartu dutela euren legegintza- eta konstituzio-esparruaren barruan honako helburu hauek lortzeko:

(a) eskura dituzten hezkuntza- eta ikerketa-baliabideak estatu kontratatzaile guztien interesetan ahalik eta modu eraginkorrenean erabil daitezen ahalbidetzea, eta, horretarako:

(iii) terminologia eta ebaluazio-irizpideak ahalik eta antzekoenak izatea, batez ere diploma, gradu eta ikasketa-faseen izenak harmonizatzeari dagokionez, kredituen, ikasketa-gaien, ziurtagirien, diplomen eta graduen konparagarritasuna eta goi-mailako irakaskuntzara iristeko baldintzak bermatuko dituen sistema baten aplikazioa errazteko;

[…]

III. Berehala aplikatzekoak diren konpromisoak

3. artikulua

2. Hala eta guztiz ere, eta 1. artikuluko 1.a) paragrafoko xedapenei kalterik egin gabe, goi-mailako hezkuntza-instituzio batean onartua izateko, honako hauek baldintza izan daitezke: harrera-gaitasuna, eta direnak direlako ikasketak probetxuz egiteko eskatzen diren hizkuntza-ezagutzei buruzko baldintzak.

[…]

Bangkoken egina, 1983ko abenduaren 16an, txineraz, ingelesez, frantsesez eta errusieraz; lau testuak era berean kautoak dira, kopia bakar batean gordeko dira, Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundearen artxiboetan. Egiazko kopia ziurtatua bidaliko zaie 15. eta 16. artikuluetan aipatu estatu guztiei eta Nazio Batuei.


4.20. Yamusukroko Adierazpena, Bakea Gizakien Buruan izateari buruzkoa, 1989ko uztailaren 1ekoa[82]

II
Bakerako programa

[…]

Kongresuak ahalik eta gehien bakearen aldeko programei laguntzeko gomendatzen dio UNESCOri. Bereziki, proposamen hauek aztertzea gomendatzen du:

1. Arreta jartzea Indarkeriari buruzko Sevillako Adierazpenean (1986), zeina lehenengo etapa baita giza indarkeria antolatua zehaztapen biologiko baten ondorio izango litzatekeen mitoa ezeztatzeko jotzen duen hausnarketa-prozesu garrantzitsu batean. Adierazpen hori, ohar egokiak eginez, ahalik eta hizkuntza gehienetan zabaldu behar da. Gogoeta-prozesu horren ondoren, diziplinarteko mintegi bat egin daiteke indarkeriaren jatorri kultural eta sozialak aztertzeko.


4.21. Sevillako Manifestua, Indarkeriari buruzkoa, 1989ko azaroaren 16koa[83]

Lehenengo proposamena

[…]

Gerra denboran zehar hain goitik behera aldatu izanak argi eta garbi erakusten du kultura-emaitza dela. Gerraren filiazio biologikoa, nagusiki, hizkuntzaren bidez ezartzen da, zeinak ahalbidetzen baititu taldeen arteko koordinazioa, teknologiaren transmisioa eta tresnen erabilera. Ikuspegi biologikotik, gerra posible da, baina ez da ezinbestekoa, eta horrelaxe erakusten dute denboran eta espazioan gerrak izan dituen toki- eta natura-aldaketek. Kultura batzuek mende askotatik ez dute gerrarik egin, eta beste batzuek, berriz, zenbait alditan maiz egin dute, eta gero bakean bizi izan dira denbora luzean.

[…]

Bosgarren proposamena

ZIENTIFIKOKI OKERRA da esatea gerra sen-gertakaria dela edo zio bakar bati erantzuten diola. Gerra modernoaren sorrera ibilbide baten amaiera da; izan ere, ibilbide horren hasieran faktore emozionalak daude, zeinak batzuetan sen-ezaugarriak baitira, eta ibilbide horren amaieran faktore kognitiboak daude. Gerra modernoak jokoan jartzen du ezaugarri pertsonalen zati baten erabilera instituzionalizatua, hala nola obedientzia itsua edo idealismoa, eta, bestetik, gaitasun sozialak, hala nola hizkuntza; azkenik, planteamendu arrazionalak dakartza, hala nola kostuen ebaluazioa, plangintza eta informazioaren tratamendua. Gerra modernoko teknologiek nabarmen areagotu dute indarkeriaren fenomenoa, bai borrokalarien prestakuntzari dagokionez, bai herritarren gerrarako prestakuntza psikologikoari dagokionez. Zabaltze horren ondorioz, joera dago kausak eta ondorioak nahasteko.


4.22. Erlijioak Bake-kulturaren Sustapenean duen Zereginari buruzko Adierazpena, 1994ko abenduaren 18koa[84]

Honako hau adierazten dugu:

3. Jakitun gara gure munduko erlijio- eta kultura-aniztasunaz. Kultura bakoitza unibertso bat da berez, baina ez da itxia. Kulturek beren hizkera ematen diete erlijioei, eta erlijioek kultura bakoitzari funtsezko esanahia ematen diote. Bakea ezinezkoa izango da pluraltasuna onartzen ez badugu eta aniztasuna errespetatzen ez badugu. Bakearen funtsa den harmonia bilatzen dugu.

4. Kultura mundua ikusteko eta bertan bizitzeko modu gisa ulertzen dugu. Horrek esan nahi du kultura bakoitzaren munduaren ikuspegia islatzen duten balioak eta bizimoduak landu behar direla. Beraz, bakearen eta erlijioaren esanahia ezin da kontzeptu bakar eta zurrun batera mugatu, hizkuntza bakar batek giza esperientziaren gama osoa transmititu ezin duen bezala.


4.23. Tolerantziari buruzko Printzipioen Adierazpena, 1995eko azaroaren 16koa[85]

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek, Parisen batzartuta, Konferentzia Orokorraren 28. bileran, 1995eko urriaren 25etik azaroaren 16ra,

Hitzaurrea

[…]

Kontuan hartuta nazioarteko tresna egoki hauek:

[…]

- Gutxiengo Nazional edo Etnikoetako, Erlijiosoetako eta Linguistikoetako Pertsonen Eskubideen Adierazpena,

[…]

Erabat kezkaturik intolerantzia, indarkeria, terrorismo, xenofobia, nazionalismo oldarkor, arrazakeria, antisemitismo, bazterkeria, marjinazio eta diskriminazioaren egintzak gero eta gehiago direlako, zeinak egiten baitira gutxiengo nazional, etniko, erlijioso eta linguistikoen aurka, eta errefuxiatuen, langile migratzaileen, etorkinen eta gizarteko talde kalteberen aurka, bai eta erabat kezkaturik iritzi eta adierazpen askeko eskubidea egikaritzen duten pertsonen aurkako indarkeria- eta larderia-egintzengatik ere —horiek guztiak mehatxu baitira bakea eta demokrazia sendotzeko nazio mailan eta nazioarteko mailan, eta garapenerako oztopo—,

Agerian utziz estatu kideei dagokiela guztion giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua garatzea eta sustatzea, bereizketarik egin gabe arraza, generoa, hizkuntza, nazio-jatorria, erlijioa edo desgaitasuna dela eta, baita intolerantziaren aurkako borroka egitea ere,

Tolerantziari buruzko printzipioen adierazpen hau hartu eta modu solemnean aldarrikatzen dute

4. artikulua.— Hezkuntza

4.2. Tolerantziarako hezkuntza premiazko agindutzat hartu behar da; horregatik, tolerantzia irakasteko metodo sistematiko eta arrazionalak sustatu behar dira, zeinek jorratuko baitituzte intolerantziaren arrazoi kultural, sozial, ekonomiko, politiko eta erlijiosoak, hau da, indarkeriaren eta bazterkeriaren sustrai nagusiak. Hezkuntza-politikek eta -programek hauek garatzen lagundu behar dute: gizabanakoen arteko, eta talde etniko, sozial, kultural, erlijioso eta linguistikoen arteko eta nazioen arteko ulermena, elkartasuna eta tolerantzia.

Tolerantziari buruzko Printzipioen Adierazpenaren aplikazioa

Konferentzia Orokorrak,

Gonbita egiten dio zuzendari nagusiari:

a) Printzipioen Adierazpenaren testua ahalik eta gehien zabaltzera, eta, horretarako, Konferentzia Orokorraren hizkuntza ofizialetan ez ezik, ahalik eta beste hizkuntza gehienetan ere argitaratzera eta banatzera;


4.24. Bakerako, giza eskubideetarako eta demokraziarako hezkuntzari buruzko adierazpena eta ekintza-plan integratua, 1996ko maiatzaren 22koa[86]

Bakerako, giza eskubideetarako eta demokraziarako hezkuntzari buruzko ekintza-plan integratua

IV. Politikak eta ekintza-ildoak

Atzerriko hizkuntzak irakurtzeko, adierazteko eta sustatzeko programak

19. Bakerako, giza eskubideetarako eta demokraziarako hezkuntza sustatzeko, ezinbestekoa da irakurtzeko, idazteko, eta ahozko eta idatzizko adierazpenerako programak nabarmen indartzea. Irakurketa, idazketa eta mintzamena menderatzeak herritarrari gaitasuna ematen dio informazioa eskuratzeko, bide ematen dio bere egoera argi ulertzeko, bere beharrizanak adierazteko eta gizarte-inguruneko jardueretan parte hartzeko. Era berean, atzerriko hizkuntzak ikasteak beste kultura batzuk zentzuz ulertzea ahalbidetzen du; izan ere, ikaskuntza hori erkidegoen eta nazioen arteko ulermen hobearen oinarria da. Ingurumari horretan, UNESCOren Linguapax proiektua adibide bat izan liteke.

Biztanle kalteberei zuzendutako jarduerak

29. Bestalde, gizarteko taldeen arteko ulermena bultzatze aldera, errespetatu egin behar dira gutxiengo nazional, etniko, erlijioso eta linguistikoetako kide diren pertsonen eta biztanle indigenen hezkuntzarako eskubideak, eta hori ikasketa-planetan, metodoetan eta hezkuntza antolatzeko moduan ere islatu behar da.


4.25. Europa Erregioan Goi-mailako Hezkuntzari buruzko Kualifikazioak onartzeari buruzko Hitzarmena, 1997ko apirilaren 11koa[87]

III. atala
Kualifikazioen ebaluazioari buruzko oinarrizko printzipioak

III.1 artikulua

1. Alde batean emandako kualifikazioen titularrek kualifikazio horien ebaluazioa lortu ahal izango dute, organo eskudunari eskaera egin ondoren.

2. Horri dagokionez, inork ez du inolako diskriminaziorik jasango sexuan, arrazan, kolorean, desgaitasunean, hizkuntzan, erlijioan, iritzi politikoetan edo bestelako iritzietan, jatorri nazional, etniko edo sozialean, gutxiengo nazional bateko kide izatean, ondasun pertsonaletan, jaiotzan edo beste edozein egoeratan oinarrituta, ezta onartzeko eskatzen den kualifikazioaren balioarekin zerikusirik ez duen beste ezein egoeratan ere. Eskubide hori bermatzeko, alde bakoitzak konpromisoa hartzen du onarpen-eskabide bat ebaluatze aldera beharrezkoak diren xedapenak hartzeko, eta horretarako eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak soilik hartuko dira kontuan.

IV. atala
Goi-mailako hezkuntzarako irispidea ematen duten kualifikazioak onartzea

IV.7 artikulua

IV.1, IV.2, IV.3, IV.4 eta IV.5 artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, goi-mailako hezkuntza-instituzio jakin batean onartua izateko, eskatzaileak frogatu beharko du instituzio interesdunaren irakaskuntza-hizkuntza edo -hizkuntzak edo adierazten diren beste hizkuntza batzuk behar bezala ezagutzen dituela.


4.26. Kultura-aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala, 2001eko azaroaren 2koa[88]

Kultura-aniztasuna eta giza eskubideak

5. artikulua.— Kultura-eskubideak, kultura-aniztasunarentzako eremu egoki

Kultura-eskubideak, izatez, giza eskubideen osagai dira, giza eskubideok unibertsalak, banaezinak eta interdependenteak izanik. Aniztasun sortzailea garatzeko, nahitaezkoa da kultura-eskubideak oso-osorik gauzatzea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluak, eta Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 13. eta 15. artikuluek definitu bezala. Gizaki orok aukera izan behar du adierazpenak egiteko, eta bere obrak sortu eta zabaltzeko, berak nahi duen hizkuntza horretan, eta, bereziki, ama-hizkuntzan; gizaki ororen eskubidea da kalitatezko hezkuntza eta heziketa izatea, eta hezkuntza eta heziketa horiek haien kultura-identitatea bete-betean errespetatzea; gizaki orok aukera izan behar du berak hautatu duen kultura-bizitza horretan parte hartzeko eta bere kulturarekin bat datozen praktikak burutzeko, betiere giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei zor zaien errespetuak zein muga izan eta muga horien barruan.

6. artikulua.— Guztiok eskuratzeko moduko kultura-aniztasunaren bila

Ideien zirkulazio askea bermatuta dago, zirkulazio hori hitzaren nahiz irudiaren bitartez gerta daitekeela. Hori bermatzearekin batera, zaindu behar da kultura guztiek adierazpenak egin eta euren burua ezagutarazi ahal izatea. Kultura-aniztasunaren bermatzaile dira, besteak beste, adierazpen-askatasuna, komunikabideen aniztasuna, eleaniztasuna, adierazpen artistikoak eta jakite zientifiko nahiz teknologikoak eskuratzeko berdintasuna —horien aurkezpen elektronikoa barnean dela—, eta, orobat, kultura guztiek aukera izatea, adierazpide eta hedabideetan lekua izateko.

II. eranskina
Kultura-aniztasunari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala aplikatzeko ekintza-plan baten orientabide nagusiak

Estatu kideek konpromisoa hartzen dute neurri egokiak hartzeko, Kultura-aniztasunari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala zabal hedatze aldera, eta haren aplikazio eraginkorra sustatze aldera, bereziki helburu hauek lortzeko asmoz:

5. Gizadiaren hizkuntza-ondarea babestea, eta laguntza ematea adierazpena, sorkuntza eta zabalkundea ahalik eta hizkuntza gehienetan gerta daitezen.

6. Hizkuntza-aniztasuna sustatzea —ama-hizkuntza errespetatuz— irakaskuntza-maila guztietan, ahal diren leku guztietan, eta zenbait hizkuntza txiki-txikitatik ikas daitezen bultzatzea.

10. Ziberespazioan hizkuntza-aniztasuna sustatzea, eta domeinu publikoari dagokion informazio guztia doan eta modu unibertsalean eskura dadin sustatzea munduko sareen bitartez.


4.27. Ondare Digitala Babesteari buruzko Gutuna, 2003ko urriaren 15ekoa[89]

Kultura-ondarea jaraunspen erkide gisa

1. artikulua.— Irismena

Ondare digitala gizakion jakintzaren edo adierazpenaren emaitza diren baliabide bakarrek osatutakoa da. Kultura-, hezkuntza-, zientzia- edo administrazio-arloko baliabideak eta informazio teknikoa, juridikoa, medikoa eta beste mota batzuetakoak barne hartzen ditu, zeinak zuzenean formatu digitalean sortzen baitira edo lehendik dagoen material analogikotik abiatuta formatu horretara bihurtzen baitira. “Jatorri digital”eko produktuak ez dira formatu elektronikoan baino izaten. Objektu digitalak izan daitezke: testuak, datu-baseak, irudi finkoak edo mugimenduan daudenak, soinu-grabazioak, material grafikoa, programa informatikoak edo web-orriak, eta gero eta ugariagoa den errepertorio zabal batean egon daitezkeen beste formatu asko. Askotan iragankorrak dira, eta horiek kontserbatzeko lan espezifikoa egin behar da ekoizpen-, mantentze- eta kudeaketa-prozesuetan. Baliabide horietako askok balio eta garrantzi iraunkorra dute, eta, beraz, babestu eta zaindu beharreko ondare dira, egungo eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan. Ondare hori etengabe hazten ari da, eta edozein hizkuntzatan, munduko edozein lekutan eta giza adierazpenaren edo jakintzaren edozein arlotan egon daiteke.

Beharrezko neurriak

9. artikulua.— Kultura-ondarea babestea

Definizioz, ondare digitala ez dago denbora-, geografia-, kultura- edo formatu-mugen mende. Kultura baten espezifikoa bada ere, munduko edozein pertsona izan daiteke erabiltzaile. Gutxiengoek gehiengoetara jo dezakete, eta gizabanakoek mundu-mailako publiko batera. Erregio, nazio eta erkidego guztien ondare digitala zaindu eta edozein pertsonaren eskura jarri behar da, betiere denborarekin herri, nazio, kultura eta hizkuntza guztien ordezkapena ahalbidetzeko.


4.28. Giza Datu Genetikoei buruzko Nazioarteko Adierazpena, 2003ko urriaren 16koa[90]

Giza Datu Genetikoei buruzko Nazioarteko Adierazpenaren aplikazioa (32 C/Res. 23)

Konferentzia Orokorrak,

Kontuan hartuz Giza Datu Genetikoei buruzko Nazioarteko Adierazpena, 2003ko urriaren 16koa

2. Zuzendari nagusiari gonbita egiten dio:

a) neurri egokiak har ditzan adierazpena aplikatzen dela zaintzeko, haren hedapena eta hizkuntza askotara itzultzea barne;


4.29. Gomendioa, Eleaniztasuna sustatzeari eta erabiltzeari buruzkoa, eta Ziberespaziorako Irispide Unibertsalari buruzkoa, 2003ko urriaren 17koa[91]

Hitzaurrea

Konferentzia Orokorrak,

Berretsiz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta mundu osoan onartutako beste tresna juridiko batzuetan aldarrikatutako giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak erabat gauzatzeari atxiki izana, eta kontuan hartuta 1966ko nazioarteko bi itunak, eskubide zibilei eta politikoei buruzkoa eta eskubide ekonomikoei, sozialei eta kulturalei buruzkoa, hurrenez hurren[92],

Aitortuz Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak eginkizun nagusi eta garrantzitsua duela informazioaren eta komunikazioaren esparruan, bai eta erakunde horren Konferentzia Orokorrak horri buruz hartutako erabakien aplikazioan eta Batzarrak gai horri buruz emandako ebazpenen zatien aplikazioan ere[93],

Gogoratuz UNESCOren Konstituzioaren hitzaurrean honako hau esaten dela: (…) justiziarako, askatasunerako eta bakerako gizadiaren kultura eta hezkuntza zabal-zabal hedatzea ezinbestekoa dela gizakiaren duintasunerako, eta eurok eginbehar sakratu bat direla, zeinak nazio guztiek bete behar baitituzte erantzukizuneko eta elkarri laguntzeko espirituarekin,

Gogoratuz, era berean, Konstituzioaren I. artikuluak UNESCOri, beste helburu batzuen artean, hauxe esleitzen diola: “egokitzat jotzen dituen nazioarteko akordioak gomendatzea, betiere hitzaren eta irudiaren bitartez ideien zirkulazio askea errazteko”[94],

Berretsiz UNESCOren Konferentzia Orokorrak 31. bileran onetsitako Kultura-aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsalean eta, bereziki, haren 5., 6. eta 8. artikuluetan adierazitako printzipioak,

Aipatuz UNESCOren Konferentzia Orokorrak[95] eleaniztasunaren sustapenari eta ziberespazioko informaziorako irispide unibertsalari buruz hartutako ebazpenak,

Sinetsiz informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak agertzeak aukerak ematen dituela hitzaren eta irudiaren bidez ideien zirkulazio askea hobetzeko, baina baita informazioaren munduko gizartean guztion parte-hartzea bermatzeko erronka ere,

Ikusiz munduko informazio-sareetako hizkuntza-aniztasuna eta ziberespazioko informaziorako irispide unibertsala gai nagusiak direla gaur egungo eztabaidetan, eta erabakigarriak izan daitezkeela ezagutzan oinarritutako gizartea sortzeko,

Kontuan hartuz, jabetza intelektualaren arloko nazioarteko tratatu eta akordioak, betiere informaziorako irispide unibertsalaren sustapena errazteko,

Aitortuz teknologia berriak eskuratzeko eta aplikatzeko gaitasunak sortu behar direla, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetan, informazioaren arloan egoera ahulean daudenen mesedetan,

Aitortuz oinarrizko hezkuntza eta alfabetatzea ziberespaziorako irispide unibertsalaren aurretiazko baldintzak direla,

Aintzatetsiz garapen ekonomikoaren mailan dauden aldeek eragina dutela ziberespaziora iristeko aukeretan, eta politika espezifikoak eta elkartasun handiagoa behar direla egungo asimetriak zuzentzeko eta elkarrekiko konfiantza- eta ulermen-giroa sortzeko,

Onetsi egiten du gomendio hau:

Eduki eta sistema eleaniztunak lantzea

1. Sektore publikoak, pribatuak eta gizarte zibilak lan egin beharko lukete, tokiko, nazioko, erregioko eta nazioarteko mailetan, beharrezko baliabideak errazteko eta beharrezko neurriak hartzeko, Interneteko hizkuntza-oztopoak murriztu eta giza trukeak sustatze aldera; horretarako, hezkuntza-, kultura- eta zientzia-edukiak modu digitalean sortzea eta tratatzea sustatuko dute, bai eta horietarako irispidea ere, betiere kultura guztiek hizkuntza guztietan, indigenak barne, hitz egin eta ziberespaziora iritsi ahal izatea bermatzeko.

2. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek Interneten jatorri lokal eta indigenako edukiak ekoizteko gaitasunak sortzea sustatu eta lagundu beharko lukete.

3. Estatu kideek politika nazional egokiak formulatu beharko lituzkete funtsezko gai honi buruz: hizkuntzek ziberespazioan bizirik irauteari buruz; horren helburua hauxe da: ziberespazioan hizkuntzen irakaskuntza sustatzea, ama-hizkuntzak barne. Garapen-bidean dauden herrialdeentzako nazioarteko laguntza eta sorospena areagotu eta zabaldu behar dira, bai hizkuntzen irakaskuntzari buruzko produktu elektronikoen sorkuntza errazteko, produktuotara askatasunez eta doan irits daitezen, bai eremu horretan giza kapitalaren gaitasunak hobetzeko.

4. Estatu kideek, nazioarteko antolakundeek eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien sektoreak ekimen bateratuak bultzatu beharko lituzkete ustiapen-sistemak, bilaketa-tresnak eta sarearen esploratzaileak ikertu, garatu eta prestazio eleaniztun indartsuekin eta lineako hiztegiekin eta tresna terminologikoekin tokian-tokian egokitzeko; gainera, laguntza eman beharko liekete nazioarteko ekimen itunduei, bai guztiek irits ditzaketen itzulpen automatikoko zerbitzuak sortzeko, bai hizkuntza-sistema adimendunak sortzeko, hala nola informazioa zenbait hizkuntzatan berreskuratzen dutenak, laburpen edo sintesiak egiten dituztenak eta hitza ezagutzen dutenak, betiere autoreen itzulpen-eskubidea behar bezala errespetatuz.

5. UNESCOk, nazioarteko beste antolakunde batzuekin lankidetzan, lineako behatoki bateratua sortu beharko luke, zeina arduratuko bailitzateke eleaniztasunaren eta baliabide eta aplikazio eleaniztunen arloan dauden politika, araudi, gomendio tekniko eta jardunbide egokien jarraipena egiten, horien barruan hizkuntzen tratamendu informatikoarekin lotutako berrikuntzak sartzen direlarik.

Sare eta zerbitzuetarako irispidea erraztea

6. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek Interneterako irispide unibertsalaren printzipioa aitortu eta babestu beharko lukete, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. eta 27. artikuluetan definitutako giza eskubideen egikaritzea sustatzeko bitarteko gisa.

7. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek Interneterako irispidea interes publikoko zerbitzu gisa sustatu beharko lukete, eta horretarako herritarren eta gizarte zibilaren autonomia areagotzera bideratutako prozesua indartuko duten politika egokiak hartuko dituzte, eta sustatu egingo dute garapen-bidean dauden herrialdeetan politika horiek behar bezala aplikatzea eta horiei laguntzea, betiere landa-erkidegoen beharrizanei behar bezalako arreta eskainiz.

8. Bereziki, estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek tokiko, nazioko, erregioko eta nazioarteko mailetako mekanismoak eratu beharko lituzkete Interneterako irispide unibertsala errazteko; horretarako, xedapenak hartuko dituzte telekomunikazioetako eta Interneteko tarifak arrazoizkoak izan daitezen, eta arreta berezia jarriko diete zerbitzu publikoko eta hezkuntzako instituzioen, eta biztanle-talde behartsuen eta desgaituen beharrizanei. Horretarako, pizgarri berriak sortu behar dira, adibidez, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez, eta horren helburua hauxe izango da: arlo horretako inbertsioak sustatzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko finantza-oztopoak murriztea, hala nola ekipo, programa eta zerbitzu informatikoei aplikatu beharreko aduana-zergak eta -eskubideak.

9. Estatu kideek Interneteko irispideen hornitzaileak animatu beharko lituzkete beren tarifetan deskontuak sartzeko aukera aztertzera, tarifok zerbitzu publikoko establezimenduei aplikatzen zaizkienean, hala nola eskolei, instituzio akademikoei, museoei, artxiboei edo liburutegi publikoei, betiere ziberespaziorako irispide unibertsal bateranzko trantsizio-neurri gisa.

10. Estatu kideek informazioaren arloko estrategiak eta ereduak egitea sustatu beharko lukete, bai erkidegoak errazago iritsi ahal izateko, bai gizarteko sektore guztietara heltzeko; helburu horri begira, besteak beste, erkidego-proiektuak egingo dituzte, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan tokiko animatzaileak eta aholkulariak sortzea bultzatuko dute. Estrategia horiek zerbitzu publikoko establezimenduen arteko lankidetza ere bultzatu behar dute arlo horretan, Interneteko zerbitzuetarako irispidearen kostuak murrizteko bitarteko gisa.

11. Nazioarteko lankidetzaren bidez, interkonexioa sustatu beharko litzateke garapen-bidean dauden herrialdeetako (Interneteko zerbitzuen hornitzaileak, pribatuak nahiz irabazi-asmorik gabeak) eta beste herrialde batzuetako (garapen-bidean daudenak edo industrializatuak) zuzeneko trafiko-truke puntu nazionalen (peering points) artean, kostuak modu negoziatuan banatuz.

12. Erregio-mailako antolakundeek edo foroek erregio arteko eta erregio barruko sareen sorkuntza bultzatu beharko lukete, zeinak zerbitzatu beharko bailituzkete gaitasun handiko erregio-ardatzek (backboneak); horrela, herrialde bakoitza mundu-mailako sare baten barruan konektatuta egongo litzateke, ingurune lehiakor ireki batean.

13. Nazio Batuen sistemaren barruan ahalegin itundu baten beharra dago, garapen sozioekonomikorako sare eta zerbitzu telematikoak erabiltzeari buruzko datuen eta esperientzien aprobetxamendu partekatua sustatzeko; lan horren barruan sartzen da iturri irekiko teknologiak sustatzea, bai eta politikak formulatzea eta garapen-bidean dauden herrialdeetan gaitasunak sortzea ere.

14. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek elkarte egokiak sustatu beharko lituzkete domeinu-izenen kudeaketan, domeinu-izen eleaniztunak barne.

Domeinu publikoko edukien garapena

15. Estatu kideek onartu eta promulgatu beharko lukete artxibo publikoetara edo administrazio publikoen esku dauden artxiboetara linean modu unibertsalean iristeko eskubidea, eta horrek barne hartzen du herritarrek gizarte demokratiko moderno batean behar duten informazio guztia, behar bezala kontuan hartuta konfidentzialtasunari, bizitza pribatuaren babesari eta segurtasun nazionalari buruzko kontsiderazioak, bai eta jabetza intelektualaren eskubideak ere, eskubideok informazio horren erabilerari aplikatzen zaizkion neurrian. Nazioarteko antolakundeek onartu eta aldarrikatu beharko lukete estatu bakoitzak eskubidea duela bere egoera sozial edo ekonomikoari buruzko funtsezko datuetara irispidea izateko.

16. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek domeinu publikoko informazioaren eta jakintzen gordailuak lokalizatu eta sustatu beharko lituzkete, eta guztion eskura jarri; horrela, jendearen sormena eta parte-hartzea areagotzeko ikaskuntza-giroak sortuko lituzkete. Horretarako, domeinu publikoko informazioa kontserbatzeko eta digitalizatzeko behar diren funtsak eman beharko lirateke.

17. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek interes publikoak zein pribatuak errespetatuko dituzten lankidetza-akordioak ezartzera bultzatu beharko lukete, betiere domeinu publikoko informazioa denentzat irisgarri egongo dela bermatzeko, inolako diskriminazio geografiko, ekonomiko, sozial edo kulturalik egin gabe.

18. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek irispide libreko irtenbideak sustatu beharko lituzkete; irtenbide horien barruan dago: arau tekniko eta metodologikoak egitea munduko informazio-sareetan eskuragarri dagoen domeinu publikoko informazioaren trukeari, mugikortasunari, bateragarritasunari eta lineako irisgarritasunari buruz.

19. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek “alfabetatze elektronikoa” sustatu eta erraztu beharko lukete; horren barruan daude: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak zabaltzera eta horien aplikazioan eta erabileran segurtasuna eta konfiantza zabaltzera bideratutako jarduerak. Garrantzi handikoa da informazioaren gizartearen “giza kapitala” garatzea, eta, bereziki, irakaskuntza irekia, integratua eta kulturartekoa, zeina uztartuko baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko behar diren gaitasunak eskuratzearekin. Arlo horretako prestakuntza ez litzateke gaitasun teknikoak eskuratzera mugatu beharko, ezpada printzipio eta balio etikoekiko sentsibilizazioari ere lekua egin beharko lioke.

20. Nazio Batuen sistemaren barruan instituzioen arteko lankidetza indartu beharko litzateke, mundu osoan eskuragarri egongo litzatekeen ezagutza-multzo bat eratzeko, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeen eta erkidego behartsuen mesedetan, betiere garapen-proiektu eta -programek sortutako informazio-bolumen ikaragarritik abiatuta.

21. UNESCOk, interesa duten gobernuarteko beste antolakunde batzuekin lankidetza estuan, nazioarteko inbentario bat egiten hasi beharko luke, domeinu publikoko informazioaren lineako ekoizpen eta hedapenari buruzko legeria, araudi eta politikei buruz.

22. Komenigarria izango litzateke informazio-zerbitzuen ekoizle, erabiltzaile eta emaileek dituzten jardunbide egokiak eta borondatezko eta autorregulazioko jarraibide profesional eta etikoak definitzea eta ezartzea, betiere adierazpen-askatasuna errespetatuz.

Eskubideen titularren interesen eta interes orokorraren arteko oreka zuzena berrestea

23. Alde interesdun guztiekin lankidetza estuan, estatu kideek egile-eskubideari buruzko legeria nazionalak eguneratzen eta horiek ziberespaziora egokitzen hasi beharko lukete, betiere egileen interesen eta egile-eskubideen eta haiekin lotutako eskubideen titularren eta publikoaren interesen arteko oreka zuzena erabat kontuan hartuta; izan ere, horiek guztiak egile-eskubideari eta harekin lotutako eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmen eta konbentzioetan jasota daude.

24. Hala dagokionean, estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek egile-eskubideen titularrak eta egile-eskubidea eta harekin lotutako eskubideak babesteko salbuespen eta mugen legezko onuradunak bultzatu beharko lituzkete hauxe zaintzera: salbuespen eta muga horiek obraren ustiapen normalaren aurka egiten ez duten eta eskubideen titularren interes legitimoei justifikaziorik gabeko kalterik eragiten ez dieten kasu berezi batzuei aplikatzen zaizkiela, betiere egile-eskubideari buruz eta interpretazio edo joaldi eta fonogramei buruz Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundearen tratatuetan xedatutakoarekin bat etorriz.

25. Estatu kideek eta nazioarteko antolakundeek arreta berezia eskaini beharko liekete berrikuntza teknologikoen ezarpenari eta berrikuntzok informazioa iristeko izan ditzaketen ondorioei, betiere nazioarteko tratatu eta akordioetan ezarritako egile-eskubidea eta harekin lotutako eskubideak babestearen esparruan.

Konferentzia Orokorrak estatu kideei gomendatzen die aurreko xedapenak aplika ditzatela, beren jurisdikzioaren eta lurraldearen barruan gomendio honetan adierazitako arauak eta printzipioak gauzatzeko behar diren legegintza-neurri guztiak edo bestelakoak hartuz.

Konferentzia Orokorrak gomendio hau adieraztea gomendatzen die estatu kideei, informazioaren eta komunikazioaren teknologien politika, estrategia eta azpiegiturei buruzko ekintza publikoaren edo pribatuaren ardura duten agintariei edo zerbitzuei begira; horien guztien barruan hauek daude, besteak beste: Interneten eleaniztasuna erabiltzea, sareak eta zerbitzuak sortzea, Interneteko domeinu publikoko informazioa zabaltzea, eta jabetza intelektualaren eskubideei buruzko gaiak.

Konferentzia Orokorrak estatu kideei gomendatzen die, berak zehazten dituen egunean eta moduan, gomendio hau aplikatzeko hartuak dituzten neurrien berri emateko.

Eranskina

Definizioak

Konbentzio honen ondoreetarako:

a) ardatz nagusi bat (backbone) edukiera handiko sare bat da, ahalmen txikiagoko beste sare batzuk elkarren artean konektatzen dituena;

b) egile-eskubidearen mugak eta salbuespenak egile-eskubideari eta harekin lotutako eskubideei buruzko legeetan ezarritako xedapenak dira; izan ere, eskubideok egilearen eskubidea edo beste titular batzuen eskubidea mugatzen dute, haien obra edo harekin lotutako eskubideen objektu bat ustiatzeari dagozkionez. Muga eta salbuespen horien forma nagusiak nahitaezko lizentziak, legezko lizentziak eta erabilera leiala dira;

c) ziberespazioak informazioaren mundu-azpiegiturarekin lotutako komunikazio digitalaren edo elektronikoaren mundu birtuala izendatzen du;

d) domeinu-izena Interneteko helbide bati ematen zaion izena da, eta erabiltzaileek Interneteko baliabideetarako irispidea izatea errazten du (adibidez, “unesco.org” http://www.unesco.org);

e) hizkuntza-sistema adimendunek konbinatzen dituzte, alde batetik, gaur egungo ordenagailuek datuak azkar prozesatzeko, berreskuratzeko eta manipulatzeko duten gaitasun handia, eta, bestetik, gaitasun abstraktuagoak eta sotilagoak zenbait gauza arrazoitzeko eta ulertzeko, hala nola giza komunikazioko egintza orotan dauden ñabardura inplizituak, baina ez nahitaez esplizituki aipatuak (hizkuntza bakar batean edo hizkuntza batetik bestera), zeinek eskaintzen baitute pertsonen arteko komunikazioaren itxura egiteko maila handia;

f) Interneteko zerbitzuen hornitzailea Interneteko zerbitzuetarako irispidea ematen duen organismoa da;

g) bateragarritasuna gaitasuna da makina desberdinetan jarduten duten eta fabrikatzaile desberdinetatik datozen programa eta ekipo informatikoek dituzten datuak partekatzeko;

h) iturri irekiko teknologiek “iturri irekia”ren oinarrizko irizpideari erantzuten diote: Open Source Initiative (OSI) delakoak egindako ziurtapen-araua, zeinak iturburu-koderako irispide publikoa eta doakoa bermatzen baitu (programaren jarraibideak jatorrizko moduan edo programazio-hizkuntzan);

i) trafikoaren zuzeneko truke esamoldeak hauxe adierazten du: Interneteko zerbitzuen bi hornitzaileren edo gehiagoren arteko harremana, zeinean, hornitzaile horien artean zuzeneko konexioa sortu ondoren, hornitzaileok adosten baitute informazio-paketeak zuzenean konexio horren bidez trukatzea, Interneteko ardatz nagusitik igaro beharrean. Harreman horietan bi zerbitzu-hornitzaile baino gehiagok parte hartzen dutenean, haietako edozeini zuzendutako mezu guztiak, lehenik, truke-zentro batera bideratzen dira, zeina deitzen baita trafikoa zuzenean trukatzeko gune, eta handik azken hartzaileari bidaltzen zaizkio;

j) mugikortasuna ezaugarri bat da, zeinak programa informatiko bati bide ematen baitio berak zenbait ordenagailutan funtziona dezan, makina edo ekipo jakin bat behar izan ordez;

k) domeinu publikoko informazio esamoldeak hauxe izendatzen du: publikoak inolako xedapen juridikorik edo konfidentzialtasun-betebeharrik urratu gabe irits dezakeen informazioa. Horrenbestez, hau adierazten du: alde batetik, lotutako obren edo eskubideen objektuen multzoa da, zeina pertsona orok baimenik gabe ustia dezakeen, esate baterako, legeria nazionalaren edo nazioarteko zuzenbidearen arabera babestuta ez egoteagatik, edo babesaren epea amaituta egoteagatik. Bestalde, gobernuek edo nazioarteko antolakundeek beren borondatez ekoitzi eta zabaldutako datu publikoak eta informazio ofiziala aipatzen ditu;

l) bilaketa-tresna programa bat da, zeinak dokumentuak bilatzen baititu hari zehaztu zaizkion gako-hitzen arabera, eta hitz horiek agertzen diren dokumentuak lokalizatzen edo berreskuratzen ditu;

m) ziberespaziorako irispide unibertsala hauxe da: arrazoizko prezioan, informazioaren azpiegiturarako (bereziki Interneterako) eta giza garapen kolektibo eta indibidualerako funtsezko ezagutzetarako herritar guztiek duten irispide ekitatiboa;

n) sarearen arakatzaile bat web-orriak aurkitzeko eta pantailan aurkezteko erabiltzen den aplikazio informatikoa da.


4.30. Kultura-ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa, 2003ko urriaren 17koa[96]

I. Xedapen orokorrak

2. artikulua.— Definizioak

Konbentzio honen ondoreetarako:

2. “Kultura-ondare immateriala”, goiko 1. paragrafoan definitzen den moduan, batez ere honako eremu hauetan agertzen da:

(a) ahozko tradizioak eta adierazpenak, baita hizkuntza ere, kultura-ondare immaterialaren eramaile gisa;


4.31. Kiroleko Dopinaren Aurkako Nazioarteko Konbentzioa, 2005eko urriaren 19koa[97]

VI. Konbentzioaren aplikazioaren jarraipena

31. artikulua.— Txosten nazionalak Aldeen Konferentziari

Estatu aldeek bi urtean behin hauxe emango diote Aldeen Konferentziari idazkaritzaren bidez UNESCOren hizkuntza ofizialetako batean: konbentzio honetako xedapenak betetzeko hartu dituzten neurriekin lotutako informazio egoki guztia.

VII. Azken xedapenak

42. artikulua.— Testu kautoak

1. Konbentzio hau eta haren eranskinak arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz idatzi ziren, eta sei testuak era berean kautoak dira.

2. Konbentzio honen gehigarriak arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz erreproduzitzen dira.

II. eranskina
Xede terapeutikoekin erabiltzeko baimenak emateko arauak, Paris, 2009ko urtarrilaren 1a

Bigarren zatia:
Xede terapeutikoekin erabiltzeko baimenak emateko arauak

7.0 Erabilera terapeutikorako baimena eskatzeko prozedura (AUT)

7.3 AUT eskatzeko inprimakia dopinaren aurkako antolakundeek beste hizkuntza batzuetara itzul dezakete, baina ingelesak edo frantsesak eskaera-inprimakietan egon behar dute.

8.0 AUT bat eskatzeko prozedura

8.6 AUT eskatzeko inprimakiak dopinaren aurkako antolakundeek beste hizkuntza batzuetara itzul ditzakete, baina ingelesak edo frantsesak eskaera-inprimakietan egon behar dute.


4.32. Kultura-adierazpenen Aniztasuna babestu eta sustatzeko Konbentzioa,
2005eko urriaren 20koa[98]

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak, Parisen egin duen 33. bileran, 2005eko urriaren 3tik 21era,

[…]

Gogoan izanik hizkuntza-aniztasuna kultura-aniztasunaren oinarrizko osagaia dela; eta, kultura-adierazpenak babesteko eta sustatzeko orduan, hezkuntzak oinarrizko eginkizuna betetzen duela berriro baieztaturik;

[…]

IV
Aldeen eskubideak eta betebeharrak

6. artikulua.— Aldeen eskubideak nazioaren mailan

1. Aldeek, euren kultura-politiken eta kultura-neurrien eremuan, halakoak 4. artikuluko 6. paragrafoan definituta dauden bezala, euren inguruabar eta beharrizan bereziak aintzakotzat harturik, zenbait neurri hartu ahal izango dituzte, euren lurraldeetan kultura-adierazpenen aniztasuna babestu eta sustatzeko.

2. Neurri horiek, besteak beste, hurrengoak izan daitezke:

[…]

b) nazioaren lurraldean eskura dauden kultura-jarduera, -ondasun eta -zerbitzu guztien artean, nazioko kultura-jarduera, -ondasun eta -zerbitzuei buruz neurriak hartu eta horiei aukera egokiak ematea, halakoak sor, ekoitz, bana, heda eta goza daitezen, jarduera, ondasun eta zerbitzu horietan zein hizkuntza erabili eta hizkuntza horiei buruzko xedapenak barne hartuta.

[…]


4.33. Erregio-hitzarmena, Asiako eta Ozeano Bareko goi-mailako hezkuntzako kualifikazioak baliozkotzekoa, 2011ko azaroaren 26koa[99]

IV. atala
Goi-mailako hezkuntzarako irispidea ematen duten kualifikazioak onartzea

IV.6 artikulua

IV.1–IV.5 artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, goi-mailako hezkuntza-instituzio jakin batean onartua izateko baldintza izan daiteke kualifikazioaren titularrak frogatzea instituzio interesdunaren irakaskuntza-hizkuntza edo hizkuntzak edo zehazten diren beste hizkuntza batzuk behar bezala ezagutzen dituela, kualifikazioen titularrak direnak direlako ikasketak probetxuz egiteko.

Tokion egina, 2011ko azaroaren 26an, txineraz, ingelesez eta errusieraz; hiru testuak era berean kautoak dira, kopia bakar batean gordeko dira, Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundearen artxiboetan. Egiazko kopia ziurtatua bidaliko zaie X.1 artikuluan aipatu estatu guztiei eta Nazio Batuen idazkaritzari.


4.34. Goi-mailako Hezkuntzari buruzko Kualifikazioak onartzeari buruzko Munduko Konbentzioa, 2019ko azaroaren 25ekoa[100]

IV. atala
Konbentzioko estatu aldeen betebeharrak

Konbentzio honek betebehar hauek ezartzen dizkie estatu aldeei:

XI. artikulua.— Goi-mailako hezkuntza-programetan onartua izateko betekizun gehigarriak

5. IV. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, goi-mailako hezkuntza-instituzio jakin batean onartua izateko baldintza izan daiteke kualifikazioaren titularrak frogatzea instituzio interesdunaren irakaskuntza-hizkuntza edo hizkuntzak edo zehazten diren beste hizkuntza batzuk behar bezala ezagutzen dituela.


Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper