Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

urtegarren

iz. g.er. Urteurren. (Batez ere zenbaki baten eskuinean erabiltzen da). Donostia erre zuteneko ehun urtegarrena.

urtegi

iz. Gizakiak egindako ur biltegia, batez ere aski handia dena. Añarbeko urtegia.

urtekal

adb. Zub. Urtero. Urtekal, urte baten ere hutsik gabe, igortzen zizkigun gauza beharrenen guztiak.

urtekari

iz. Urtean behin argitaratzen den aldizkaria. Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegiaren urtekaria. Argia-ren 1994ko urtekarian.

urtekotu, urteko/urtekotu, urtekotzen

du ad. Epealdi jakin bateko kopuru edo balio batek urtebeteko epean izango duen balioa kalkulatu.

urtekotze

iz. Epealdi jakin bateko kopuru edo balio batek urtebeteko epean izango duen balioa kalkulatzea.

urtemuga

1 iz. Gertaera gogoangarri baten urteak betetzen diren eguna. Ik. urteurren. Besta egiten zuten ezkontzako urtemugan.

2 iz. Urtebetetzea. Urtemugako afaria.

urtero

adb. Urte guztietan, urte oroz. Urtero, Garizuman eta udazkenean, gogo jardunak, euskaraz eta erdaraz. Aurten egingo da, aurrerantzean urtero egitekotan, Nafarroako lehenbiziko bertsolari sariketa. Urtero-urtero joaten ei zen Arantzazura.

urteroko 1 adj. Urte guztietakoa. Urteroko jaia. Bere gurasoen etxean urteroko hamabostaldia egiten.

2 adj. Landareez mintzatuz, urte barruan erne, loratu eta zimeltzen dena. Baratze landare urterokoa.

urtetsu

adj. Urte asko dituena. Ik. adintsu. Arrantzale urtetsu bat. Intxaur urtetsu horren azpian. Arbasoen eskuz jasotako horma urtetsuak.

urtetxo

iz. Adkor. Urtea. Bere urtetxoak ditu aitona horrek.

urteurren

iz. Gertaera gogoangarri baten urteak betetzen diren eguna. Ik. urtemuga. Hil honen hamaikagarren egunean Andre Maria Lourdesen agertu zen urteurrena da. Hamargarren urteurrena. Euskaltzaindiaren 75. urteurrena ospatzeko. || Jaiotza urteurrena: urtebetetzea.

Urtezahar

iz. Abenduaren 31, urteko azken eguna. Ik. Gabon zahar. Urtezahar eta Urteberri egun alaiak ere joan ziren. 1932ko Urtezahar bezpera. Urtezahar egunean.

urtika

adb. (harri urtika, birao urtika eta kideko esapideetan, bigarren osagai gisa). Bizk. Jaurtika, jaurtiz. Makila urtika igarotzen dituzte jai arratsaldeak.

urtoki

1 iz. Toki zingiratsua.

2 iz. Ur asko dagoen tokia.

urtsu

adj. Ur asko duena. Lur gizen, urtsu edo buztindunetan. Begiak hits eta urtsu. Fruitu urtsuak.

urtsulatar

adj./iz. XVI. mendean Angela Mericik sortu zuen agustindar kongregaziokoa, kongregazio horri dagokiona; kongregazio horretako kidea.

urtu, ur/urtu, urtzen

1 da/du ad. Gai solido batez mintzatuz, beroaren eraginez isurkari bihurtu. Aspaldi mendietan urtu da elurra. Gurina urtu. Argizari koskorra su biziaren gainean urtzen den bezala.

2 da/du ad. Gai solido batez mintzatuz, uretan edo beste isurkari batean desegin. Ik. disolbatu. Uretan urtzen diren gaiak. Azukrea ahoan urtzen zaizunean.

3 da/du ad. Irud. Jo eta jo, muinak urtu dizkiote. Etxeak saldu, diruak urtu, orain guztiontzat kalte. Euskararen mugak urtzen hasiak ziren aspaldidanik.

4 da ad. Irud. (Pertsonez mintzatuz, osagarriak -n edo -z atzizkia hartzen duela). Mundu guztia harritua eta tristezian urtua egon zen egun hartan. Izerditan urtzen. Negarrez urtu naiz. Nire auzoko anaiak ondamuz urtu daitezela. Pozez urturik. Atseginez urtua. Kadira apal batean jarri zen, ahalkez urtua. Amodioz urtuak zeruratu arte.

5 (Partizipio burutua izenondo gisa). Berun urtu eta burdina goriaren gisa. Egin dute irudi bat gai urtuz.

urtu beharrean adb. Urtzeko zorian. (Batez ere irudizko adieran erabiltzen da). Berotan urtu beharrean ibili da oñatiarra Qatarren. Negarrez urtu beharrean. Begira zegokiola, bihotza urtu beharrean zuen.

urtukor

adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, urtukor-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. urkor].

urtume

1 iz. Urtean sortutako adarra. Ebakitzen duzunean zuhaitz bat eta berriz hartatik urtumeak eta adarrak sortzen direnean.

2 iz. Urtean jaiotako umea.

urtxakur

1 iz. Ile luze eta kizkurreko txakurra, lepoa motza, burua biribila eta belarriak eroriak dituena, igerian ondo egiten duena; arrantzaleei txalupako lanetan laguntzen dien txakurra. Nik alkateari baino errespetu handiagoa diot urtxakur bati.

2 iz. Igaraba.

urtxintxa

iz. Katagorria. Bere ezinegonaz urtxintxa bat zirudiela.

urtxori

iz. g.er. Buztanikara.

urtzaile

1 iz. Burdinoletan, mea sutegian urtzen duen langilea. Urtzaileak bete behar du sutegia meaz.

2 iz. Urtzen duen gauza. Elur-urtzailerik hoberena eguzkia da.

urtze

iz. urtu aditzari dagokion ekintza. Burdinaren urtze lana. Berunaren urtze puntua.

urtzi

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, urtzi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ortzi].

urtzintz

iz. Ipar. Doministikua, usina. Urtzintz egin du.

urubi

iz. Hontzaren antzeko hegazti harraparia, lumadi arre-gorrixka edo grisaxka duena eta ornodun txikiz elikatzen dena (Strix aluco).

uruguaitar

1 adj. Uruguaikoa, Uruguairi dagokiona. Uruguaitar agintariak.

2 iz. Uruguaiko herritarra.

uruktar

1 adj. Urukekoa, Uruki dagokiona.

2 iz. Urukeko herritarra.

urxapal

iz. Zub. Usapala. Urxapal bat badugu herrian tristerik.

urxuri

iz. Ipar. Gernua, pixa. Droga gehienak ez dira urxurian agertzen.

urxuria egin Pixa egin. Tisana horrek urxuria egitea aisatzen du.

urzain

iz. Batez ere Ipar. Erreka eta ibaietako arrantza zaintzen duen pertsona. Urzainak mutiko bat debekatutako arrantzan harrapatu du.

urzainkiar

1 adj. Urzainkikoa, Urzainkiri dagokiona.

2 iz. Urzainkiko herritarra.

urzale

adj. Edari alkoholdunik edaten ez duena. Nik, urzale itxura egin, eta esan nion: jauna, ez dut edaten ardorik.

urzo

iz. Ipar. Usoa.

usadio

iz. Ohitura, ekandua. Usadio zaharra. Usadio gaiztoak utzi. Lege zaharreko usadioei lotuak eta atxikiak garen laikoak. Usadioaren kontra doalako.

usagari

iz. Landare urterokoa, lore ikusgarriak eta janarien bizigarri erabiltzen diren haziak ematen dituena (Nigella sativa).

usaia

iz. Ipar. eta Naf. Ohitura, usadioa. Ik. aztura. Lehenagoko usaia onei jarraikiz.

usaiako adj. Ipar. eta Naf. Ohikoa. Usaiako agurrak egin ondoan. Ez da usaiako bazkaria izan.

usaian 1 adb. Ipar. eta Naf. Eskuarki, normalean. Usaian besta handia antolatzen da. Afalondoan, oherat joan gara, usaian bezala. Magali usaian baino airosago iruditu zitzaidan.

2 adb. Ipar. eta Naf. Ez da bilatu behar gauza gehienik usaian dabilena, baizik hoberena: Ez da bilatu behar gehien erabiltzen den gauza, baizik hoberena.

usaiaz kanpoko adj. Ohikoa ez dena. Izturitzeko plazan usaiaz kanpoko mugimendua genuen joan den larunbatean, Parisko euskaldunen elkarretaratze eguna baitzen. Maiatzaldia jaialdiaren xedea artea usaiaz kanpoko lekuetara ekartzea da.

usaimen

iz. Gorputzaren zentzumena, sudur barneko mintzean datzana eta usainak sumarazten dituena. Entzumena bezain fina zuen usaimena ere. Txakurraren usaimena gizonarena baino askoz zorrotzagoa da. Usaimen nerbioa. Uste dut usaimena galtzen hasi naizela.

usain

1 iz. Zenbait gauzari darien jario lurrunkorra, sudurrean datzan zentzumenari eragiteko gauza dena. Lilien usaina. Usain txarra bota. Usain gaiztoa, nazkagarria. Hain maite dugun garo usaina. Urrunera hedatzen zuen arbi ustel usain bat, leher egitekoa. Erre usaina. Txakurrak usaina hartu du eta ez da urrun basurdea. Itsasontzi herdoilduen usain gazia hartzen diet nik hango kaleei. Usain txarra aditzen dut hemen. Garbi usaina dute izarek. Abere usain handia zegoen.

2 iz. Irud. Ez kolorerik ez usainik duten berrikeriak. Hitzek badute beste zerbait, adieraz gainera: beren giroa, usaina, lurrina eta sentimen kutsua.

3 iz. Itxura, airea; zantzua. Badario, beraz, heresia usaina ez ezik, halako heresia kiratsa ere. Ez zuen euskal usain handirik. Berri usain bizia darie zenbait olerkiri.

usain(a) hartu 1 Haragi errearen usaina hartu zuten. Sudurraren puntaz ukitu ere egin nuen usaina hartu nahian. Eta katuek, nola ez, usain hartu zuten.

2 Susmoa hartu; susmo txarra hartu. Zer deritzozu?, aditzera eman beharko genieke usaina hartu diegula? Zizpa zaku batean bildu, inolaz ere norbaitekin topo eginda bere asmoen usainik har ez zezaten. Neska-lagunari esan nion usaina hartzen niola laster bideratuko zutela kontua. || Ezkor begiratzen dio, ez dio usain onik hartzen.

usain belar, usain-belar iz. Belar usaintsua. Usain belarrak erretzeko aldarea.

usainean 1 adb. (Izen soilaren edo -en atzizkiaren eskuinean ). Usainak erakarrita. Ik. usainera. Ez baitzuen batere dudarik egiten Zugarramurdiko auzapeza etorriko zela, eguerdia baino lehen, ahate saltsaren, oilo egosiaren eta gerreneko antzararen usainean.

2 adb. (Izen soilaren edo -en atzizkiaren eskuinean ). Aipatzen denak erakarrita, aipatzen denaren bila edo itxaropenean. Kale aldera jaisten ginen jai arratsaldeetan, musika zela edo jai usainean. Jende asko biltzen zen Iruñean festa usainean. Mutil gaztea, diru usainean, alargun edo neskazaharren batekin ezkontzen zenean.

usain egin dio ad. Zerbaiten usaina hartzeko bertara sudurra hurbildu. Adituek ardoari usain egiten diote, edan aurretik. Barruan dagoen guztiari, eskuan hartu eta usain eginaz.

usainera 1 adb. (Izen soilaren edo -en atzizkiaren eskuinean). Usainak erakarrita. Ik. usainean. Santxo jaki usainera abiatu zen, ahunzki puska batzuk baitzeuden sutan egosten.

2 adb. (Izen soilaren edo -en atzizkiaren eskuinean). Aipatzen denak erakarrita, aipatzen denaren bila edo itxaropenean. Eskaleak badatoz festaren usainera, beleak sarraskira doazen antzera. Negar usainera jendea erruz dator, eulia goxora bezala. Alfer guztiak bildu ziren sosaren usainera.

usain gozo 1 iz. Usain atsegina. Ik. urrin1. Usain gozoa darion lorea. Ukendu usain gozodun batekin gantzutu zuen hilotza.

2 iz. Usain atsegineko gaia. Ik. lurrin 2. Apal baten gainean hainbeste ukendu, usain gozo, eta margo. Laranja eta zitroin lorez eginiko usain gozo bat erosiko dinat, ontzi eder batean.

usain on 1 iz. Usain atsegina. Ik. urrin1. Usain oneko olioz gantzutu.

2 iz. Usain atsegineko gaia. Ik. lurrin 2. Ez genuen ekartzen etxerakoan ontzi ñimiño bat usain on baizik.

usain txarra hartu Susmo txarra hartu. Gauza onik ez zutela adierazten iruditu zitzaion; zergatik ez zekien, baina usain txarra hartu zien hitz bi haiei.

usaindu, usain/usaindu, usaintzen

1 da ad. Usain txarreko bihurtu. Ene zauriak usteldu eta usaindu dira. Jauna, usaindua da, badu jadanik lau egun hila dela.

2 du ad. Usain egin. Usaindu nuen ase arte bere usainaren gozoa. Txakurra alderatu zitzaion, praka zaharrak usaindu zituen eta atzeko hanka altxatzen hasi zen.

3 du ad. Sumatu, igarri. Usaindu zuten, nonbait, dirurik ez zuela.

4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Zorne usaindua.

usaindun

adj. Usain nabarmena duena. Ik. usaintsu. Gazta usainduna. Lore usaindunez beterik.

usaineztatu, usainezta, usaineztatzen

du ad. g.er. Norbaiti edo zerbaiti usain ona erantsi. Ik. lurrindu. Ez da musketaz, baltsamoz eta halako beste usain onez usaineztaturik ibili behar.

usaingabe

adj. Usainik ez duena. Lore usaingabeak. Gai usaingabea.

usaingarri

iz. Lurrina, usain gozoa emateko egiten den gaia. Usaingarriak egiteko nahasketak.

usainka

adb. Usain eginez, usain egiten. Usainka zebilen beti zokoetan mutiko azkarra. Txakurrak bezala, usainka.

usaintsu

adj. Usain ona dariona. Ik. usaindun; urrintsu. Arrosa usaintsua. Lorategi eder usaintsu bat.

usakume

iz. Usoaren umea. Gu beti usategi ondoan, usakume antzo.

usantza

iz. Ohitura. Ik. usadio; ekandu1. Usantza gaiztoak. Birao egiteko usantza izatea. Usantzazko bekatuak.

usapal

iz. Usoaren ordenako hegaztia, hura baino txikiagoa, bizkarreko lumak arre-gorrixkak dituena (Streptopelia turtur). Ik. uso-tortoil; usatortola; urxapal. Usapal garbi bat bezala bere senar joanaren gainean negarrez. Bi usapal elkarri urrumaka.

usategi

iz. Usoak hazteko prestatzen den tokia. Lehenengo aldiz usategitik irten den usakume ikaratia bezalaxe.

usatortola

iz. Heg. g.er. Usapala.

usatu, usa, usatzen

1 du ad. Erabili. Bestek bestetan usatu duen lizentziaz baliatzea baino ez du egin.

2 da ad. Zah. Ohitu. Usa zaitez goizean goiz jaikitzen. || du ad. Eta hainbat usatzen duzu bekatu egitea, non beldurra galtzen baituzu, eta haietan laketzen baitzaizu.

usin

iz. Doministikua. Ik. urtzintz.

usin egin Haurrak usin egin zuen zazpi aldiz.

usin eragin Usin eginarazi.

usmo

1 iz. g.er. Usna, usaimena.

2 iz. g.er. Susmoa.

usna

iz. Ipar. Usaimena. Usain goxoez gure usna loriatzeko.

usnaka

adb. Usainka. Burua tentetu eta usnaka aritu zen, luze, bere sudur zuloak ongi irekiz.

usnarazi, usnaraz, usnarazten

du ad. Usnatzera behartu.

usnatu, usna/usnatu, usnatzen

du ad. Zerbaiten usaina aditu edo hartu; zerbaiti usain egin. Usain ezti eta gozo bat usnatu zuen. Ene ahal guztiaz usnaturik ere, usain hura den gutxienik ez dut hautematen egun.

usnatze

1 iz. Usaintzea.

2 iz. Usaimena.

uso

iz. Hegazti moko-meharra eta hego-laburra, lumajearen kolorea moten arabera duena (Columba sp.). Gure herri eta hirietan bizi diren usoak gris-urdinxkak dira. Usoen urruma. Etxe usoak. Basa usoen habiak. Uso zuri ederra, zeruan zer berri? Ehiztariak usoa bezala bildu nau bere sareetara. Mirua uso bihurtzea, eta otsoa ardi. Udazkeneko uso-pasea. || Esr. zah.: Kanpoan uso, etxean otso. Usoak joan, sareak heda. Azkar eta ondo, usoak hegan.

usotara adb. Usoak ehizatzera. Egunsentiarekin atereak dira usotara. Usotara joateko egun bat hartu ezinik.

uso-tortoil iz. Ipar. Usapala.

usoki

iz. Uso haragia.

usomando

iz. Pagausoa.

usozale

1 iz. Uso-ehiztaria. Urria bukatu da ekarriz larrazken itxura goxoa; gure usozaleak ilun aire batekin dira menditik jaisten.

2 adj./iz. Usoen zalea dena. Ni, egia esan, ez naiz ez arranozale ez usozale.

uspel1

iz. Ipar. Ubeldua. Burutik oinetaraino bete zuten uspelez.

uspel2

1 adj. Ipar. Ospela, laiotza. Larre uspela.

2 (Adizlagun gisa). Ipar. Eguzkiak kiskaltzen du erreka honen alderdi bat, bestea uspel dagoelarik.

uspeldu, uspel/uspeldu, uspeltzen

du ad. Ipar. Ubeldu. Gorputz guztia uspeldua edo urdindua.

uspeldura

iz. Uspela. Ik. ubeldura. Alde guztietatik minberatua, uspelduraz betea.

uspelgune

iz. Leku uspela, laiotza.

uste

1 iz. Norbaitek zerbaiti buruz, itxura edo aztarnen arabera duen iritzia. Nire ustea da hori. Nire uste apalean. Susmo horrek, uste sendo bihur dadin, behar lituzkeen frogak. Zernahi lortu dezakegulako ustea. Uste okerren bat dela bide. Ez du gaitzerizkoa edo uste txarra inoiz isilik eduki. Uste hori ere uste hutsa da, eta erdia ustel, dakigunez. Usteak erdia ustela. Nahiago nuke uste hori ustel agertuko balitz. Uste horretan nagoelako. Ustea ez da jakitea (esr. zah.).

2 iz. Itxaropena; konfiantza. Ik. uste on. Galtzen edo hozten zaio zerurako ustea. Jaunaren laguntzan bere ustea ipinirik. Jesusek, ordea, ez zuen uste handirik haiengan. Zeure ontasunean daukat nik uste bete-betea. Barkazioaren uste guztia galdurik urkatu zuen bere burua. Irabazi usteek, ordea, maiz usteldu ohi dute gizona.

3 iz. Asmoa. Nik... mojatarako ustea darabilt.

usteak uste Uste dena uste dela, uste dena gorabehera. Dena den eta usteak uste, bi gai horiek behintzat azaldu beharko ditu hitzaurre horrek. Esanak esan eta usteak uste, guk ere gehi dezakegu (...).

ustean 1 (-en atzizkiaren eskuinean). -en iritziz, -en iritzian. Ik. ustez 1; ustetan. Arima garbi dugu guk geure ustean. Nire ustean, hori bai mutil prestua. Gizon adituen ustean premia handia denean.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). -en esperoan, -en esperantzan. Sos zikin baten ustean, anitz gehiago galtzen du.

3 (-tzeko-ren eskuinean). Asmotan, asmoz. Ik. ustez 4. Eta berehala jakinik etsaiek zein lekutan erasotzeko asmoa zuten, isil-isilik abiatu zen, itsumustuan, bidera irteteko ustean. Elkarrekin geunden ezkontzeko ustean.

4 Pentsatuz, uste izanik. Ik. ustez 3. Gerla bat iraungi ustean, beste handiago bat piztuko zuen. Nireak zerbait balioko duelako ustean. || Hobe ustean dabiltzanak kontura daitezen: hobe beharrez.

uste on iz. Norbaitek zerbaitetan edo beste norbaitengan duen itxaropen sendoa. Ik. konfiantza. Uste ona izan behar dugu, eta ez beti gaizki pentsatu. Beren buruzagienganako uste ona galdu zuten.

uste oso iz. Uste ona, itxaropen osoa. Emakume hark alaba zaharrenagan du uste osoa, harengan ikusten du bere burua gazteturik. Zure ontasun neurrigabean uste osoa jartzen dugu. Eska dezakegu, ukatuko ez digulako uste osoan.

usterik gutxienean adb. Gutxien uste denean (zenean), gutxien espero denean (zenean). Usterik gutxienean, ez du hartzen, ba, itzelezko makilada bat buru-buruan. Ama sar daiteke usterik gutxienean.

ustetan 1 (-en atzizkiaren eskuinean). -en iritziz, -en iritzian. Ik. ustean; ustez. Esan iezaguzu zerk, zure ustetan, hil zituen zure guraso zorionekoak. Euskararen kontua, zernahi gisaz, beste zerbait da, nire ustetan.

2 (-tzeko-ren eskuinean). Asmotan, asmoz. Ik. ustez. Ezkongai nago eta ezkontzeko ustetan nabil. Irabazteko ustetan etorriko hintzen.

3 Pentsatuz, uste izanik; itxaropenean. Ik. ustez. Sartu behar nuelako ustetan abiatu nintzen. Zorionaren ateetaraino heldu ustetan, ukaldi batez, herio luze eta neketsu baten atzaparretan erori zen.

ustez 1 adb. (-en atzizkiaren eskuinean). -en iritziz, -en iritzian. Gure ustez ere horrelaxe da. Linguista guztien edo gehienen ustez.

2 adb. (-en atzizkirik gabe). Horretarako eraman nituen bi bertso, ustez ederrak. Sakramentu santurik ez zuten nahi etxekoek gaixoarentzat, ustez ez zegoelako premiarik.

3 adb. (Dagokion osagarriak -(e)la edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Pentsatuz, uste izanik. Ik. ustez eta. Gainerako irakurraldia holakoa zela ustez, geroko utzi nuen. Atera zuten hiritik kanpora, ustez hila zela. Hilko den ustez, abadea ere eroan ei diote.

4 adb. Asmotan, asmoz. Abiatu nintzen hoteleraino, bazkaltzeko ustez.

5 adb. Itxuraz. Ustez izotzarekin galdutako lorea bizitasun berriaz apaintzen da udaberrian.

6 adb. Antza denez, dirudienez. Iruñako muinoan, ustez antzina Veleia egon zen toki hartan.

ustez eta (Dagokion osagarriak -(e)la edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Pentsatuz, uste izanik. Ik. ustez 3. Jaiki nintzen, ustez eta Jainkoak ez zidala besterik agintzen. Hiri handietara doaz, ustez eta han jaun handi izango direla. Ustez eta laster irekiko zuten, beha egon gara.

ustebide

1 iz. g.er. Pentsamoldea.

2 iz. g.er. Uste ona.

uste izan, uste izaten, usteko/uste izango

1 du ad. Uste batean oinarriturik pentsatu edo iruditu. Bat gatozela uste dut. Horretaz mintzatuko naizela uste omen dute. Baina zer uste duzu, gizona? Zinez uste dudana adieraztea zilegi baldin bazait. Hori da uste duguna. Hala uste du behintzat batek baino gehiagok. Nor da horrelakorik uste duena? Badut uste, luzamen handirik gabe, ministro berriak dituzkegula. Gutxien uste denean. Ez dut nik uste, beste inor baino gogo-meharragoa denik. Ez dut hala uste. Ez uste izan, bere kezkak ez direla besterenen ispilu besterik. Uste izateko da, beraz, leku beretik datozela batzuk eta besteak. Ez nuen behin ere horrelakorik usteko. || Erosoen uste nuen bidea hartu nuen.

2 du ad. (Laguntzailea ezabaturik). Ik. nik uste. Guk hala uste. Zuk uste? Ez uste, hori berez gertatu denik. Uste baino gehiago zor diogu. Zuek uste arren lotan daudela. Gau batean, inork uste gabe, hasi zen garrasika. Bat-batean inork uste gabekoa dator. Bagenukeela orok, gutxien ustean, haren beharra. Norbaitek usterik odola zela.

3 du ad. (Beste aditz bati dagokiola). Euskal Herria maite uste dugunok. Orain jakin uste duguna. Ikusi ala ikusi uste?

nik uste 1 Nire ustez. Gure indarra, nik uste, honetan datza. Zerbait falta zaiolako?, ez, nik uste.

2 (Perpaus osagarri bat hartzen duela). Nik uste dut. Nik uste latzagoa izan zela gurasoentzat, niretzat baino. || Nik ezetz uste.

uste bezain Uste den (duen, zuen...) bezain. Irandarrak ez dira orobat uste bezain lanjerosak, bederen orain. Iruñean ez dute uste bezain aise irabazi. Iratzarri zen, baina ez uste bezain gogotsu. || (Ageriko subjektuarekin). Ez da zuk uste bezain erraza.

uste bezala Uste den (duen, duzun...) bezala. Nafarroako ekonomia % 3 hazi zen iragan urtean, uste bezala. Jokaldia ez zaio uste bezala irten. || (Ageriko subjektuarekin). Eta hark uste bezala gertatu ere. || (Ezezko esaldietan). Arratsalde hura uste ez bezala bukatu zen niretzat. Aitak beti konpontzen zituen gauzak inork uste ez bezala.

uste bezalako adj. Uste den (duen, duzun...) bezalakoa. Baina horrek guztiak ez zuen uste bezalako eraginik izan harengan. Aurkitu zenuena uste bezalakoa izan zen? || (Ageriko subjektuarekin). Ez nauk hik uste bezalakoa. || (Ezezko esaldietan). Bazuela euskarak guk uste ez bezalako aberastasunik.

uste izateko(a) izan da ad. (Singularreko hirugarren pertsonan, zerbait gertatzeko arrazoiak badaudela uste dela adierazteko edo zerbait gertatuko delako itxaropena adierazteko). Ik. pentsatzeko(a) izan. Uste izateko da, beraz, leku beretik datozela batzuk eta besteak. Uste izateko da gaurko zoraldi hau ez dela luzarorako izango.

ustekabe

1 iz. Espero ez den gauza edo gertaera. Ik. ezuste. Mundu zabal hau adimen baten eta ez ustekabearen fruitua dela. Irunen sartzerakoan, ordea, ustekabea gertatu.

2 adb. Ustekabean, espero izan gabe. Jauna, begira gaitzazu ustekabe hiltzetik. Ustekabe hartuko du suak mundu guztia.

ustekabean 1 adb. Espero izan gabe. Udazkenean, hau ere ustekabean, H. Gavel jauna galdu dugu. Ustekabean hartu gaitu haren heriotzak. Egun hura ustekabean etor ez dakizuen.

2 adb. Oharkabean. Ez dakigu ustekabean ala berariaz egin zuen. Askotan hutsak egiten ditugu ustekabean eta oharkabean.

ustekabeko 1 adj. Espero edo uste ez dena. Ustekabeko ezbeharren bat. Nire ustekabeko poza inori azaldu beharrik ez dut. Ustekabeko mirakuluz. Betan hurbiltzen denean gaitz ustekabekoa.

2 adj. Oharkabekoa.

ustekaberik adb. Ustekabean, espero izan gabe. Ustekaberik zaurtzen gaituzten kolpeak.

ustekabez 1 adb. Ustekabean, espero izan gabe.

2 adb. Ustekabean, oharkabean. Ustekabez edo jakinaren gainean.

ustekeria

iz. Ipar. Uste ustela. Guztien ustekeria zen Jesus langile ttipi baten semea zela.

ustekizun

iz. Ustea, bereziki jakintzagaiei buruzkoa. Horra non oraingo psikologiak oinarri bat eskaintzen dien parapsikologiaren ustekizunei. Orain artean behintzat ustekizun horiek ez dira egiaztatuak izan.

usteko

adj. Halakoa dela uste dena. Ik. ustezko. Hutsak eta huts ustekoak. Horrela agertzen dira gertatuak eta gertatu ustekoak "kondaira" horretan.

jakintsu usteko adj. Bere burua jakintsutzat duena, jakintsua dela uste duena. Asko ikusi duen gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baino gehiago.

ustekunde

1 iz. Ipar. g.er. Ustea, iritzia. Indiar gaizo horiek ez dute anitz dakitelako ustekunderik.

2 iz. Ipar. g.er. Itxaropena, konfiantza.

ustel1

1 adj. Gai organikoez mintzatuz, hondatu edo galdu dena, kiratsa dariona. Ez dituzte haragi hilak eta ustelak ukitu nahi. Arrain erdi ustelak. Sagar ustelak. Ur usteletan. Barneko odol ustela. Bere hortz ustelak erakutsiaz. || Kirats ustel nazkagarria.

2 adj. Pertsonez eta animaliez mintzatuz, behar adina kemen, ausardia edo zintzotasun ez duena. Halako mutil itxura ederrekoa, eta lanean ustela.

3 adj. Alferrikakoa, ondorerik gabea. Hau ez da ene uste ustela, euskaldun anitzena baizik. Nahiago nuke uste hori ustel agertuko balitz. Ustel atera ziren saio haiek: huts egin zuten. Sozialisten iritzi hau ustela eta okerra da.

4 (-en atzizkiaren eskuinean, izen gisa). Baina arrazoibide horren ustela laster nabari da.

ustel usain, ustel-usain 1 iz. Usteldurik dagoen zerbaiti darion kiratsa. Beltzak dira hiriko urak, ustel usaina darie. Estolda eta ustel usaina zerion lekuari. Ustel-usaina jasanezina zen.

2 iz. Irud. Orokorra ote da Kortak arraun munduari hartzen dion ustel usaina? Ustel-usaina darie Europa zaharraren berri itxurako egiturei.

ustel2

iz. Musean-eta, partida batean irabazi den saioaren adierazlea. Gogotik onartuko zizun musean ustel baten egitea. Hiru usteletara jokatu izan dugu musean.

ustelarazi, ustelaraz, ustelarazten

du ad. Usteltzera behartu. Jainkoaren begietan handiak eta ttipiak oro berdin direla, guztiak lur berean ustelarazten ditu.

usteldu, ustel/usteldu, usteltzen

1 da/du ad. Gai organikoez mintzatuz, hondatu edo galdu. Gorputza usteldu zitzaion, harrak zerizkiola. Ene zauriak usteldu eta usaindu dira. Belartzan usteltzen zegoen txalupa bat. Jainko-Semearen haragi eta odol ezin ustelduzkoak.

2 da/du ad. Irud. Irabazi usteek, ordea, maiz usteldu ohi dute gizona. Noeren denborarako osotoro zikindu eta usteldu ziren Adamen umeak.

3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Putzu ustelduetan. Gorputz urkatu ustelduen usain gaiztoa. Mende gaizto usteldu honetan.

usteldura

iz. Ipar. Usteltasuna. Nire gorputz ustela estaltzeko, bospasei oin lur, ustelduraz, harrez, zizarez betea. Usteldura moralak dena kutsatzen du.

ustelezin

adj. Ezin ustelduzkoa. Ik. ustelgaitz. Janari ustelezinaren gose ez nintzen.

ustelgaitz

adj. Ia ustelezina. Elorriaren zur zaharra legez ustelgaitzak direlako maite ditut oroitzapen zaharrak.

ustelgarri

adj. Usteltzen duena. (Batez ere -en atzizkiaren eskuinean erabiltzen da). Materialismoa omen da munduaren ustelgarria.

ustelkeria

1 iz. Kargudun edo enplegaturen batek, bere egoeraz zilegi ez den moduan baliatuz, diru edo onuren truke, inoren mesedetan aritzeari amore ematea. Ustelkeriagatik epaitu eta zigortua.

2 iz. Usteltasuna.

ustelkor

adj. Usteltzeko joera duena, erraz usteltzen dena. Gorputz ustelkorrak arima astuntzen baitu. Ondasun ustelkorrak pilatzen.

ustelkortasun

iz. Ustelkorra denaren nolakotasuna. Giza gorputzaren argaltasuna eta ustelkortasuna.

usteltasun

1 iz. Usteltzea; gai ustela. Gangrena edo haragiaren usteltasuna. Usteltasun eta harrez beterik. Oinetatik eta gorputz guztitik usteltasuna zeriola.

2 iz. Irud. Gizarteko ohituren usteltasuna.

usteltze

1 iz. Gai organikoez mintzatuz, hondatzea edo galtzea. Gatzak, gainera, usteltze prozesua galaraziko du.

2 iz. Irud. Baina Gaillastegi hori, Gallaiztegi-ren usteltze bat da, besterik gabe. Gizartearen usteltzea familiaren gainbeherarekin etorri dela.

ustetsu

1 adj. Uste onekoa, uste onez betea. Maitasun apal, ustetsu eta saiatua.

2 adj. Harroa, buruiritzia. Haserre gorritan nago atzerriko nazio ustetsuen aurka.

ustezko

adj. Halakoa dela uste dena. Ik. usteko. Ustezko laguna. Besteren hutsak edo huts ustezkoak. Nire ustezko gehiegikeria horiek euskarari ongi ez datozkio. Ustezko, irudipenezko, engainuzko gozotasuna. Gerokoa, hobe ustezkoa, nahiago dut on oraingoa (esr. zah.).

ustiaketa

iz. Ustiatzea. Horren bidez bermatu nahi izaten da baso-ustiaketa iraunkorra eginez lortzen dela zura.

ustiapen

iz. Ustiatzea. Informatika sistemen ustiapena. Basoen eta baliabide naturalen ustiapena.

ustiategi

iz. Zerbait ustiatzen den gunea. Dauden 400 ustiategiek, guztira, 178 milioi litro esne ekoizten dute. Amazoniako petrolio ustiategia kaltegarria dela diote adituek.

ustiatu, ustia, ustiatzen

1 du ad. Zerbaitetatik, landuz, onura edo mozkina atera; bereziki, lehengaiak lortzeko, izadiko baliabideak landu. Meak eta basoak ustiatu. Txintxurreneako harrobia legez kontra ustiatzeagatik.

2 du ad. Irud. Eguna ustiatu dute langile horiek.

ustiatzaile

adj./iz. Zerbait ustiatzen duena. Gaur egun, lur jabeen nahiz meatzeen ustiatzaileen kontrako aldarriak dira zanpatuenetakoak Kolonbian.

ustiatze

iz. Zerbaitetatik, landuz, onura edo mozkina ateratzea; lehengaiak lortzeko, izadiko baliabideak lantzea. Ik. ustiaketa; ustiapen. Ustiatze lanak.

usu1

1 adb. Maiz, sarri. Usu erabiliko den liburua. Hutsak, usu eta ugari. Urrundu nintzen, herri aldera itzuliz usu begiak. Gero eta usuago ageri dira mezu elektronikoak literaturan. Ez da hori usuegi gertatzen.

2 adj. Maiz gertatzen dena. Gertaera usuak. Aharrausi usua, gose edo lo mezua (esr. zah.).

3 adj. Sarria, tapitua. Ik. itxi2 3; ugari. Ile usua. Arbola usuak zuzen doaz goiti. Sasi usuak.

usuan adb. Batez ere Zub. Usu.

usuenik adb. Maizenik. Erdaratik euskarara izan beharrean, usuenik gertatu denez, alda ditzagun euskaratik erdarara.

usu2

iz. Ipar. Zornea. Horra non duen bere eria usua zerion zauri batean sartzen.

Oharra: azken eguneraketa 2022-01-12

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper