Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

osakuntza

1 iz. Sendaketa. Ik. sendakuntza.

2 iz. Osaketa.

osalari

iz. g.g.er. Sendagilea.

osasun

1 iz. Eritasunik gabeko egoera; izaki bizidun batek une jakin batean duen egoera fisikoa edo psikikoa. Osasun ona. Osasun gutxikoa zen. Oraino gazte eta azkar, osasun betean zelarik. Osasunean eta eritasunean. Gorputzari osasuna emateko. Sakelaren eta osasunaren kaltean. Edari osasun-galgarriak. Gorputzeko eta arimako osasuna. Osasuna duzun artean. Geroztik ez zuen osasunik izan. Osasuna galdu. Lana, ondasunak, osasuna bera eskaini dizkio hizkuntzari eta herriari. Osasunez al zarete? Osasunez ongi ibiliz gero. Oraindik bizi da, eta osasunean dago. || (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Presoaren osasun egoerak hobera egin du, baina oraindik larri jarraitzen du. Osasun arazoak areagotu egin zitzaizkion.

2 iz. (Agur egiteko edo topa egiteko zenbait esapidetan). Agur, Gandara jauna, eta osasuna! Zatoz, edan dezagun haren osasunera. Zure osasunera! Jaunak, edan dezagun ezkongaiaren osasunerako!

3 iz. Herritarren osasuna zaintzeko antolaturiko zerbitzuen multzoa. Ik. osasungintza. Kanpo zorra ordaindu beharrak ezinezko egiten du hezkuntza eta osasuneko oinarrizko zerbitzuak berreskuratzea. Osasun publikoa ez bada horrelako egoera larriei aurre egiteko gai. || (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Osasun ministroa. Osasun batzordeko ikuskatzailea. Gure osasun sisteman antzeman ditugun hutsuneak konpontzeko ahal dugun guztia egingo dugu.

osasun etxe, osasun-etxe 1 Medikuek eriak, eguneko ordu batzuetan, hartzeko eta aztertzeko prestaturiko etxea. Ik. kontsultategi. Euskadiko ia herri guztietan dago osasun etxeren bat.

2 Erietxea. Zauritua osasun etxera eraman zuten.

osasun langile, osasun-langile Osasungintzan lan egiten duen pertsona. Baionako ospitalean ez zuen eraginik izan atzoko deitutako medikuen eta osasun langileen grebak. Europar Batasunak gomendatu du osasun langileei, haurdun dauden emakumeei eta gaixo kronikoei ematea txertoa lehendabizi.

osasun zerbitzu, osasun-zerbitzu Osasungintzako zerbitzua. Bistakoa da osasun zerbitzuak ez direla gai izan egoerari aurre egiteko.

osasunbelar

iz. Sendabelarra.

osasunbide

1 iz. Osasuna lortzeko, gaitz edo ajeren bat osatzeko bidea. Ik. osabide. Egiak, latza eta garratza izanagatik, osasunbidean jar gaitzake. Oraingo ezinegona eta gehiegikeriak osasunbidean gaudelako ezaugarriak izan daitezke.

2 iz. Higienea.

osasundun

adj./iz. Osasuntsua, osasuna duena. Gazte osasunduna. Ez baitute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik.

osasungarri

adj. Osasunarentzat onuragarria dena. Ik. osasuntsu. Iturri garbi osasungarria. Suitza aldera, hango haize osasungarria hartzera. Janari osasungarriak. Horrelako garbiketak, atseginak ez badira ere, egin behar ditu nork bere etxean, eta ezin uka daiteke osasungarriak direnik.

osasungarritasun

iz. g.er. Osasungarria denaren nolakotasuna. Uraren osasungarritasuna.

osasungintza

iz. Osasun publikoa zaintzeko zerbitzuen multzoa. Joan den apiril bukaeran ehunka mediku eta osasungintzako langile bildu ziren Rosario hiriko unibertsitatean. Ez dago dirurik osasungintza, hezkuntza eta eskubide sozialak mantentzeko.

osasuntsu

1 adj. Osasungarria. Mendiko haize osasuntsua.

2 adj. Osasunez betea. Gazte sendo osasuntsua. || Osasuntsu nauka ni haize garbiak.

osatu, osa, osatzen

1 du ad. Zenbait gauzak osotasun edo banako bat eratu. Batzarra osatzen dutenak. Lore sorta zoragarria osatu du. Landuccik osatu zuen euskal hiztegian. Gorputza materiaz osatua dela. "Euskal hitz garbiak", hau da, hizkuntzan bertan ezagun diren hitzez eta morfemez osatuak. Aldizkarietan argitaratu dituen artikuluekin liburuxka polit bat osatu du. Hiru zatik osatua. Liburuaren hirutatik bi hiztegiek osatzen dute. || Artikuluarekin hiru silaba osatzen dituzten izenak bi sailetan banatuak ageri dira. Ardi-bildotsetan ehun eta berrogei buru osatu behar, eta ehun eta hogeita hemezortzi ziren soilik eskortara bildutakoak.

2 du ad. Zerbaiti osoa edo beteagoa izateko falta zaiona erantsi edo gehitu. Erreala falta da ogerlekoa osatzeko. Hautagaien zerrenda osatzeko. Hilabetea osatu arte. Ez gizonezkoa duzu osoa eta ez emakumezkoa; biek osatzen dute elkar. Bata bestearekin osaturik. Niri falta zaidana zuk osa ezazu. Eta saia gaitezen oro Azkueren lana zuzentzen, osatzen eta hobetzen. Orain, argitaraldi berrian, osaturik dator herri teatro zatiak erantsirik. Hezi eta osa zeure burua lehenbizi. Noek eman zituen ehun urte dorre hura osatzen. Jainkoak zazpigarren eguneko osatu zuen bere eskuko lana.

3 du ad. Hautsi den zerbaiten zatiak elkarrekin bildu. Apurtutako pitxerra osatu. Hezur hautsia, nork osatu?

4 da/du ad. Bizk. Sendatu. Gaixoak osatu, itsuak argitu. Zauria osatu zitzaionean. Begia osatu arte etxean egoteko. Gaitza ezin osatu duten medikuak. Osatuko bazara, hartu behar duzu edari mingots hau. Ez zinen osatu, ala? || Arima osatzeko sakramentua.

5 du ad. Naf. eta Zub. Zikiratu, irendu. Osatua bada, idia esaten zaio zezenari.

6 du ad. Eginiko kalte edo gaitzen ordaina eman. Ik. ordaindu. Inori egindako kalteak ordaintzeko eta osatzeko agintzen du. Honezkero, egindako kaltea ezingo dut osatu.

osatugabe

adj. Osatu gabe dagoena. Puzzle osatugabe baten gisa.

osatzaile

1 iz. Bizk. Sendagilea.

2 iz. Ipar. eta Naf. Zikiratzailea.

osatze

iz. osatu aditzari dagokion ekintza. Hiztegiaren osatze eta zuzentze lanak.

osetiar

1 adj. Osetiakoa, Osetiari dagokiona.

2 iz. Osetiako herritarra.

osetiera

iz. Osetian mintzatzen den hizkuntza.

osin

1 iz. Urak, bereziki ibaietan, sakontasun handia duen tokia. Haitzarteetako osinetan. Handiak dira itsasoaren osinak eta bazterrak. Ibia duenak iragan, daki osina zein den barren (esr. zah.).

2 iz. Leizea, amildegia. Amilduaz doazela betiko su eta garren osinean. Eroriko dira infernuko osin sakonean.

3 iz. Irud. Nork jakin neska eder haren begi gardenen barruan ageri zen osinaren sakona? Batzuetan, erdararen osinean amiltzen ere da, erdararen itzuri dabilela. Bekatuaren osinean erori. Osin hori komunikabiderik ezak zabaldu eta sakondu duela.

oskarbi

1 adb. Zeruaz mintzatuz, garbi, hodeirik gabe. Oskarbi dago. Itsasoa du bistan, oskarbi denean. Arrats gorri, bihar oskarbi (esr. zah.).

2 iz. Zeru garbia, hodeirik gabea. Hegaka oskarbirantz arrano azkarra. Sortaldetik izar berri bat agertu zen oskarbi beltzean diz-diz. Oskarbi uneak.

oskarbitu, oskarbi/oskarbitu, oskarbitzen

da/du ad. (Zerua) oskarbi jarri. Goizean laino zen, baina garbitu du, oskarbitu du. Gaua oskarbitzen ari zen.

oski

iz. Zapata. Zaldun oski garbi dirdaitsuz jantzia. Ez zaio eman oin orori oski gorri (esr. zah.).

oskigile

iz. Zapatagina. Oskigile erromes baten semea.

oskigintza

iz. g.er. Zapatagintza.

oskol

1 iz. Fruitu batzuen azal gogorra. Intxaur oskol baten sarturik bezala gentozen. Hurraren oskola. || Arrautza oskola: arrautza azala.

2 iz. Animalia batzuen babesgarri gogorra, bizkarraldea estaltzen diena. Ik. maskor. Dortokaren oskola.

oskoldun

1 adj. Oskola duena.

2 iz. Krustazeoa. Abakandoa, karramarroa eta izkira oskoldunak dira.

oskorri

1 adb. Zeruaz mintzatuz, gorri. Oskorri dago.

2 iz. Zeru gorria. Goizeko oskorriak, iluntzerako euria.

oskorritu, oskorri/oskorritu, oskorritzen

da ad. g.er. (Zeruak) kolore gorria hartu. Eguzkia sartzearekin batera, arratsaldea oskorritzen hasi zen.

osloar

1 adj. Oslokoa, Oslori dagokiona. Osloar agintariak.

2 iz. Osloko herritarra.

osmio

iz. Kim. Platinoaren antzeko metal gogor eta hauskorra, naturan harekin batera agertu ohi dena (Os; zenbaki atomikoa, 76).

osmosi

iz. Fis. Mintz erdi irazkor batek bereizten dituen bi disoluzioren arteko molekula-higidura, kontzentrazio handiagoko disoluzioa dagoen aldera gertatzen dena, kontzentrazioa berdintzeko joerak eragina. Osmosi oreka.

osmotiko

adj. Kim. Osmosiarena, osmosiari dagokiona. Molekulek sorturiko presio osmotikoa.

oso

1 adj. Zatirik edo osagairik falta ez zaiona; zerbait mutur batetik bestera hartzen duena. Ik. guzti. Ogi osoa jan zuen. Hautagaien zerrenda osoa. Biblia osoa euskaraz eman zuen lehena. Idazle baten obra osoa. Mundu osoa harriturik utzi duen gertakaria. Inoiz Euskal Herri osoko izan dugun hitza. Bihotz osoz maitatzen duenak. Meza osoa entzutea. || (Adizlagun gisa). Lehenbiziko ahapaldiak oso eta bete dirudi zentzuaren aldetik. Aldizkaria gero eta osoago eta ederrago dator.

2 adj. (Gauza abstraktuez mintzatuz). Isiltasun osoa zegoen. Barkamen osoa. Aitortza oso batez zeure arima guztia xahu ezazu. Ez dute haiek agian erru osoa. Fededun osoa zen erlijio gaietan. Fede oso batez. Arrazoi osoa du. Arrazoi osoz. Simetria ez da osoa. Testua interpretazio oso baten premian dago. Ezaguera osoan zegoen. Eskubide osoa duzu horretarako. Euskaldun oso dei zitekeen edozeini. Gure izaera osoa biltzen eta barrentzen duen hizkuntza. Estatuak unibertsitatea zor digu, unibertsitate osoa. || (Denborazko testuinguruetan). Nik ez dut besterik pentsatu nire bizi osoan. Bizitza osorako. Urte osoa behar izan dut hori antolatzeko. || Arratsalde oso-osoa mendi gailurrera begira egon nintzen.

3 adj. Zenbakiez mintzatuz, positiboa edo negatiboa, unitatea baino zati txikiagorik ez duena.

4 adj. Esneaz mintzatuz, koipe guztia eta mantenugai guztiak dauzkana; esnekiez mintzatuz, esne osoarekin egina dena. Esne osoa eta erdigaingabetua garestiagoak dira gaingabetua baino.

5 adb. Osorik. Diruak beti oso zeuzkan, kutxan giltzatuak. Ostia denean hausten, oso da Jesus egoten parte txikienean. || Behartzen gaitu meza santua osoa entzutera. Frutak osoak dauden artean erraz kontserbatzen dira. Lau ordu osoak egiten zituen aldareko Jaunaren aurrean. Atxikitzen da egosten egun bat osoa. Zuretzat izanen naiz oso-osoa.

6 pred. Batez ere Ipar. Eritasunik, gaitzik edo zauririk gabe. Ik. osasuntsu 2. Oso direnek ez dute medikuaren beharrik. Daniel ikusi zuen oso eta osagarri onean. Handik oso ateratzeko. Oso eta bizirik daude. Oso eta sendo.

7 adj. Pertsonez mintzatuz, zintzotasun eta prestutasun handikoa. Gizon osoak zirelako, burutik oin zolarainoko gizonak.

8 adb. Maila goran, guztiz, erabat. (Dagokion adizlagun edo izenondoaren ezkerrean). Oso ederki. Ez zeuden oso lasai. Oso pozik gelditu ziren. Oso oker ez banago. Oso berandu. Oso hurrean. Oso gutxitan ikusia. Oso erraz erantzun daitekeen galdera. Ez da oso erraza irakurtzen. Haien oso adiskide zirela. Ez naiz oso ongi oroitzen. Gai horietan ez naiz oso trebea. Hitz berriak oso zailak direla. Ez zituen oso gogoko idazle berriak. Oso gureak ez diren bertso motak. Gauza bat dela herri hizkuntza eta bestea, oso bestea gero, kultura hizkuntza. Zuhaitz hau oso ezaguna da. Harroak gara euskaldunok eta ametsari oso emanak. || Oso ahuldua eta makaldua zegoen. Amarekin oso bat egina bizi zen. Oso damuturik nago. Oso lotsaturik alde egin zuen handik. || Zuzenez irabaztea oso da bidezkoa.

9 adb. (Izenondoaren eskuinean). Logelak estutxoak, baina garbiak oso. Gehiena gihar hutsa, pisua zen oso. Gauza bat da, ordea, hizkuntza jakitea eta bestea oso, hizkuntza horren bitartez zernahi gaiez aritzea.

10 adb. (Izenondoari dagokion izenaren ezkerrean). Oso denbora luzean izan zen. Ez dute oso begi onez ikusten. Oso gizon serioa.

11 adb. (Izenaren eta izenondoaren artean). Poz oso handiaz poztu ziren izarra ikusirik. Ordu oso luzeak igaro behar izaten zituen han.

12 adb. (Aditz bati dagokiola). Josetxo oso sendatu zenean. Hara orduko ilundu du oso. Oinez etorri naiz eta, nekatu naiz oso. Banuen astakume polit bat oso maite nuena: asko maite nuena. Komeni da, oso komeni ere, hori jakin dezagun. Oso atsegin zait. Oso beldur naiz erantzun bakarra ez ote den baiezkoa izango. Eta hau oso gogoan eduki behar genukeen puntua da.

13 iz. Osotasuna, guztia. Osoa hobe da erdia baino.

osoan adb. Osorik, erabat. Baso eder haiek osoan hondatu ziren zoritxarrez. || (bere-ren eskuinean). Legea begira ezazu bere osoan. 1960ko hamarkada bere osoan hartuta.

oso-bete adj. Osoa, erabatekoa. Artean ez du inork esplikazio oso-beterik aurkitu. Hizkuntzak, bizi deno, ez du sekula hiztegi oso-beterik izango.

osoko 1 adj. Batzar edo bilerez mintzatuz, kide guztiek esku hartzen dutena. Osoko bilkura.

2 adj. Pieza bakarrekoa. Zurezko ontzi horiek osokoak dira.

3 adj. Laboreez eta kidekoez mintzatuz, osagai guztiak gordetzen dituena; ogiaz, pastaz eta kidekoez mintzatuz, osoko irinarekin egina dena. Osoko irinarekin eginiko ogia. Osoko ogi txigortua. Osoko arroza.

oso-osoan adb. Erabat, oso-osorik. Gisa horretako liburuak ez baititu inork oso-osoan bere burutik eta baitarik ateratzen.

oso-osoko adj. Erabatekoa. Etxeko neskekin oso-osoko adiskidea ez zela esango nuke.

osozko adj. Guztizkoa, erabatekoa. Ongiak lortu ez duen osozko garaipena.

osogune

iz. Ipar. Osotasuna, perfekzioa.

osoki

1 adb. (Aditz bati dagokiola). Erabat, guztiz. Ik. osoro. Jainko bat adora ezazu, halaber maita osoki. Sinesten dut osoki, hemen eta leku orotan zarela. Ematen dizut ene bihotza osoki. Behar da entzun meza osoki. Ez dugu egia osoki erraten. Beldur naiz, beldur osoki. Lur honetako ilundurak ahantzirik osoki. Itsutua zen osoki. Jainkoari osoki emana. Osoki burutik joana. Osoki urrez estalia.

2 adb. (Izenondo bati dagokiola). Oso, guztiz. Osoki basa zen. Boz osoki ederra zuen mutil gazte horrek. Eliza ere badu ederra osoki.

osorik

1 adb. Eritasunik, gaitzik edo zauririk gabe. Ik. oso 5. Lehoien artetik osorik atera zuelako. Bizirik atera da; bizirik, baina ez osorik. Bi begien bista osorik dute.

2 adb. Hautsi edo puskatu gabe. Hezurrak osorik dauzkat. || Bere garbitasun ederra osorik beti gorde zuen neskatxa.

3 adb. Zatirik falta ez zaiola. Entzun dezaten meza osorik. Jesu Kristo osorik dago ostia osoan eta osorik ostia puska bakoitzean. Aita Uriartek osorik itzuli zuen Biblia. Errua ez zuten osorik bere. Uste hau ustel ez balitz, erdizka nahiz osorik.

oso-osorik osorik-en indargarria. Hamarrena pagatu behar da oso-osorik, ezer ere kendu gabe. Oso-osorik eskaintzen natzaizu.

osoro

1 adb. (Aditz bati dagokiola). Erabat, guztiz. Ik. osoki. Mutilak izutu ziren osoro. Hilko naiz, baina ez naiz osoro suntsituko. Ez diogu osoro gure zorra pagatuko. Hizkuntzaren jabe da, zeharo eta osoro.

2 adb. (Izenondo bati dagokiola). Ondo ezagutzen dut ez dela osoro ona eta hutsune gabekoa.

osotara

adb. g.er. Osoki. Larramendiren hitzaurrea ez dut osotara harrotu; atximurkatu besterik ez dut egin.

osotasun

1 iz. Osoa denaren edo osorik dagoenaren nolakotasuna. Arima bakoitzak aurkituko du lehengo gorputz bera lehengo osotasun berean. Astia aurkitu duenean, abiatu da gizona osotasun eta betegintzarre horren bila.

2 iz. Zerbaiten osagaien edo zatien bilketa osoa. Mundua bere osotasunean harturik. Begira diezaiodan, beraz, gizonari bere osotasunean. Osotasunaren zatiak.

osotoro

adb. Gip. Osoki. Ez dute auzia osotoro garbitu.

osotu, oso/osotu, osotzen

du ad. Osatu.

osozale

adj. g.er. Integrista.

ospa

interj. Lgart. Norbaiti, alde egin dezala adierazteko esaten zaion hitza. Ospa hemendik!

ospa egin Lgart. Alde egin. Ik. hanka egin. Inor konturatu baino lehen, ospa egin zuen. Hau entzun zutenean, beldurturik, ospa egin zuten.

ospagarri

adj. Ipar. Aintza merezi duena; ospea merezi duena. Herriak galdu duela seme on, jakintsu eta langile ospagarri bat.

ospakizun

iz. Zerbait ospatzea; zerbait ospatzeko antolatzen den ekitaldia edo jaia. Urteurrenaren ospakizuna. Ospakizun handirik egin gabe. Honelako ospakizunek plazagizon ez garenoi (ez izan eta ez izango) sortzen diguten harako estutasun hura.

ospakuntza

iz. Ospakizuna. Pazko ospakuntza.

osparazi, osparaz, osparazten

du ad. Ospatzera behartu. Zure martiri dohatsuen festa osparazten diguzun Jainkoa.

ospatu, ospa, ospatzen

1 du ad. Gertaera edo egun jakin bat jai edo ekitaldi bereziren batez gogoratu; gertaera jakin bat dela eta, jai edo ekitaldi bereziren bat egin. Gabon gaua ospatzeko, aitaren eta amaren ondoan. Artajorra dantza, jorraren bukaera ospatzeko. Euskaltzaindiaren urre ezteiak ospatzeko izango diren jaialdietan. Jesusen jaiotza ospatzeko ohitura. Berri hau bazkari on batez ospatu behar dugu. Norbaiten mendeurrena ospatu.

2 du ad. Batez ere Ipar. Ospe eman, goraipatu, jendaurrean bereziki. Haren izena ospatu eta goresteko. Erdiets iezadazu zu zeruetan ospatzeko grazia.

3 (Era burutua izenondo gisa). Ik. ospetsu. Lurreko errege eta printze ospatuenak.

[Oharra: bilera ospatu eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak bilera egin eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du].

ospatze

iz. ospatu aditzari dagokion ekintza. Ik. ospakizun. Ospatze horiek bi igandez egiten ziren.

ospe

1 iz. Norbaiti edo zerbaiti buruzko jendarteko iritzi aski hedatua, eta iritzi horren hedadura. Ik. hots1 4; entzute 2; aipu 2; omen2. Ospe oneko izena. Barrabas, ospe handiko ohoina. Lapur-ospea duenak. Ez dabil omen eta ospe hutsalaren ondotik. Postariek ospe txarra dute baserrietan. Ospe gaiztoko gizona. Mirari haren ospea alde guztietara hedatu zen. Euskal literaturaren ospe eta entzutea ez da gehiegizko neurrian hazi. Gipuzkoar sonatuen ospea ahultzen hasia zen. Gehienok esaten genuen, eta ez da oraindik ospe hori isildu, ez dela behin ere azken urteotan bezain ongi idatzi gure hizkuntzan. || Esr. zah.: Aberats izatea baino ospe ona hobeago. Gal bedi gizona eta ez haren ospe ona. Aldi gaiztoan jaio doa [=ohi da] ospe gaiztokoa.

2 iz. Batez ere Ipar. Aintza, loria. Zuri, Jainkoa, ospe, goresmen, esker eta kantu. Gizonengandiko ospea bilatzen. Betiko ospea.

3 iz. Ipar. Hotsandikoa denaren nolakotasuna. Ik. arrandia 4. Ezteiak ospe handian egin zituen. Ospe handian ehortzi dute. Ospe handiko bestak.

4 iz. Batez ere Bizk. Hotsa, zarata. Herri handietako ospea eta iskanbila.

ospedun

1 adj. Aintza duena.

2 adj. Ospetsua.

ospegabe

adj. Aintzarik ez duena; osperik ez duena. Zahartzaro ospegabea.

ospegabeko adj. Ospegabea.

ospel1

iz. Hotzak eraginda gertatzen den handitu mingarria, bereziki esku eta oinetakoa. Ik. azkordin. Ospelak zituen oinean. Ospela atera zait behatz txikian. Eskuak ospelez beteta izaten zituen neguan.

ospel2

1 adj. Tokiez mintzatuz, laiotza. Baso ospelak. Sorginak dabiltza leize ospelean.

2 iz. Toki laiotza. Ospel aldetik eguzki aldera. Etxea ospelean dago.

ospeldu1, ospel/ospeldu, ospeltzen

da ad. Ospelak atera. Oinak ospeldu egiten zaizkit neguan.

ospeldu2, ospel/ospeldu, ospeltzen

da ad. Ospelean geratu.

ospetsu

1 adj. Ospe edo omen handikoa. Ik. entzutetsu. Axular ospetsuaren liburua. Nafarroako seme ospetsu bi hil dira Iruñean. Sendagile ospetsua izan zen. Lapur ospetsua izana. Lagun eta adiskide ospetsuz inguraturik. Haren egite ospetsuak. Donostiako hotel ospetsuenetan.

2 adj. Hotsandikoa. Elizkizun ospetsua. Gure Ama maitearen jai ospetsuan. Jaunartze ospetsuari ez zaio horregatik bere handitasuna gutxitzen.

ospetsuki

adb. Ospe handian. Elizkizunak ospetsuki iragan ziren.

ospitalario

1 adj./iz. Militarren eta erlijiosoen ordenez mintzatuz, bidaztiak eta erromesak ostatatzea eta artatzea helburu zuena. XII-XIII. mendeetan azaldu ziren hemen ordena ospitalario eta militarrak.

2 adj. [Oharra: Euskaltzaindiak, gainerako adieretarako, abegikor, abegitsu eta kidekoak edo ospitale-rekin osaturiko hitz konposatuak erabiltzea gomendatzen du].

ospitale

1 iz. Erietxea. Luzaz egon zen Santa Luziako ospitalean. Zortzi urtez ibili nintzen erizain Iruñeko ospitalean.

2 iz. Txiroak eta erromesak aterpetzen eta zaintzen ziren etxea. Ospitale batean galdatzen du arrats hartako aterpea.

3 iz. Umezurtzak eta adineko pertsonak hartzen zituen ongintza etxea. Ik. erruki etxe; miserikordia2. Haur ttipiak, sortu berriak, bidaltzen dituzte ospitaleetara, beste batzuk uzten dituzte eliza ateetan.

ospitaleratu, ospitalera/ospitaleratu, ospitaleratzen

du ad. Erietxe batera eraman. Hurrengo egunetan beste lau ume ospitaleratu zituzten, sintoma bertsuekin. Gurutzetan ospitaleratu zuten.

ospitaleratze

iz. Erietxe batera eramatea. Ik. ospitalizazio. Pixkanaka larrialdiak eta ospitaleratze kopuruak jaitsiz doaz. Ospitaleratze gabeko kirurgia.

ospitaletar

1 adj. Ospitalepekoa, Ospitalepeari dagokiona.

2 iz. Ospitalepeko herritarra.

ospitalizazio

iz. Ospitaleratzea. Etxeko ospitalizazio zerbitzua.

ostadar

iz. Zeruan, euria egitean edo egin ondoren, eguzkiaren aurrez aurreko aldean gertatzen den uztai argitsua, zazpi kolorez osatua, eguzki-argia euri tantetan islatzen denean agertzen dena. Ik. Erromako zubi; ostarku; ortzadar; ostilika. Ostadarra hodeietan agertuko da. Ostadarraren koloreak. Ostadar bikoitza.

ostalari

iz. Ostatu bat zaintzen duen pertsona, ostatuaren buru edo arduraduna. Pazientzia ederra behar da ostalari izateko. Andre ostalaria eta bere mirabea.

ostalaritza

iz. Hotelen, ostatuen eta jatetxeen jarduera. Ekialdeko langileak eraikuntzan eta ostalaritzan jarduten dira gehien.

ostalde

iz. g.er. Ortzia, zeru sabaia.

ostaler

iz. Ipar. Ostalaria.

ostaleria

iz. Ipar. Ostatua.

ostalertsa

iz. Ipar. Ostaler emakumezkoa. Atean dagoen ostalertsak erran dit, irribarre goxo batekin, gaurko erromes lehena naizela.

ostankoar

1 adj. Ostankoakoa, Ostankoari dagokiona.

2 iz. Ostankoako herritarra.

ostargi

1 iz. Zeruko argitasuna.

2 iz. Egunsentiko argitasuna.

ostargi belar, ostargi-belar Landare erraboilduna eta zurtoin-luzea, sei hostoko lore handiak, urdinak, moreak edo zuriak, ematen dituena (Iris germanica). Ik. lirio.

ostarku

iz. Bizk. Ostadarra.

ostarte

iz. Hodei arteko tarte garbia. Ik. hodeiarte. Ostarteak izango dira arratsaldean. Ateri egongo da, eta ostarteak zabalduko dira. Hodeien arteko ostarte igarokorrak. Neguko ostarteak eta eguzkialdiak. Ostarteak nagusi eta euririk ez.

ostartx

iz. Astigar zuria.

ostatari

iz. Batez ere Bizk. Ostalaria.

ostatatu, ostata, ostatatzen

1 da ad. Ostatu hartu, ostatuz egon; norbaiten etxean lo egitera gelditu. Herriko hotelean ostatatu ziren. Arrotz bat ostatatu izan zen aberats haren etxean.

2 du ad. Ostatu eman; norbaitek beste norbait bere etxean lo egiteko hartu. Arrotzik ostatatu nahi ez duenak kendu behar du erramua bere etxetik.

3 du ad. Irud. Bere bihotzean deabrua ostatatzen duenak.

ostatu

1 iz. Diru truke jan eta lo egiten den etxea. Zaragozako ostatu batean igaro zuen gaua. Ostatu batean gela bat hartu. Ostatu batera joan beharko diat jatera. Ostatuko etxekoandrea. Ostatuko nagusia. Ostatuko neskarekin hizketan. Gipuzkoako ostatu garbi txukunak. Ostatu eske gabiltza, ez arren ukatu. Ostatua ordaindu gabe ihes egin zuelako. Ostatu jabea. || Ikazkinaren etxea izan zen San Frantziskoren ostatua. || Gaurko ostatu, gure etxean baduzu. Ez da hemen zuentzat ostaturik.

2 iz. Ipar. eta Naf. Taberna. Ostatuz ostatu horditzen. Bezperak erratearekin, elizak hutsik eta ostatuak jendez beterik.

ostatu eman Ik. ostatatu 2. Seigarren miserikordiazko obra, bidezkoari ostatu ematea. || Haren etxean emango digute gaur gaueko ostatua.

ostatu hartu 1 Ik. ostatatu 1. Ilki zen hiritik kanpora Betaniara eta ostatu hartu zuen han.

2 Irud. Jainko handiak ene baitan hartu du ostatu. Jainkoak begira zaitzala usantza gaiztoak zure baitan ostatu hartzetik.

ostatuz egon Ik. ostatatu 1. Jendetza handia bildu zen apostolua ostatuz zegoen etxera.

ostaturatu, ostatura/ostaturatu, ostaturatzen

da/du ad. Ostatura joan; ostatura eraman.

oste1

1 iz. Armada osatzen duten soldaduen taldea. Orduan etorriko da Erromaren ostea, suntsitzera Judeako nazio noblea. Frantses osteak hiria hartu zuenean. || Ezarri zituzten soldadu osteak ateetan eta iragan zuten gau osoa hiriaren inguruan.

2 iz. (Gizaki) taldea. Aingeruzko oste bat ikusi zuen han. Zerbitzari leialen ostea emendatzeko. Gaiztagin oste izugarriak. Infernuko osteak. Bazen jende oste bat haren ondotik zebilena. Gizon eta emazteki oste handi bat. Ostearen erdian galduak.

oste2

1 iz. Atzea. (Dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Mendixka batzuen ostean. Zure aurrean eta zure ostean. Gizonak meta oste batean ezkutatzeko astia izan zuen. Oraindino ez zuen eguzkiak osoro mendi osteetatik jaso aurpegia. Ate ostean zegoen. Denda osteko ate txikia. Osteko aldean.

2 (Leku atzizkiekin, singularrean, denborazko testuinguruetan). Ondoren, ondoan. Ik. bazkaloste. Lo gozoaren ostean itzartu da. Heriotza ostean. Elkarren ostean etorri ziren ekaitzak. Eguerdi osteko loa. || (Era burutuaren eskuinean). Zerbait egin ostean.

3 iz. (Errepikatzen den hitz baten eskuinean, erantzunetan, indargarri gisa). Ik. ondo2 3. Zer lan eta zer lan oste! Zer nahigabe eta nahigabe oste, nahigabea denok daukagu.

ostean (Dagokion sintagmak -z atzizkia hartzen duela). -z gainera, -z bestalde. Ik. osterantzean 3. Badaude beste bide batzuk, konfesioaz ostean, honelako bekatuak barkatzeko. Honezaz ostean jakin behar duzu (...).

ostegun

iz. Asteko laugarren eguna, asteazkenaren eta ostiralaren artekoa. Ostegun gaua zen. Gaur, irailak 3, osteguna. Datorren ostegunean. Ostegunetan etortzen da.

ostegun gizen Inauteri aurreko osteguna. Urte guztietako ostegun gizen egunetan egiten dute gizon dantza.

ostegun santu Aste Santuko osteguna. Olio hau urtero ostegun santuz bedeinkatzen dute.

ostegunero

adb. Ostegun guztietan, ostegun oroz. Ostegunero Hernanin izaten da feria.

osteka

adb. Ipar. Talde handietan. Osteka sartu zen jendea. Igelak ikusten ditu jauzten urera osteka.

ostendu, osten, ostentzen

1 da/du ad. Bizk. Ezkutatu. Eguzkia ostendu zenean. Hilotza basoan ostendu zuen.

2 (Era burutua izenondo gisa). Leku ostenduan zegoela.

osteopata

iz. Med. Osteopatian espezialista den sendagilea.

osteopatia

1 iz. Med. Hezurretako gaixotasuna.

2 iz. Med. Gaixotasunei aurre egiteko tratamendu sistema, barruko organoen eta eskeletoaren gaitzen arteko erlazioan oinarritzen dena.

osteoporosi

iz. Med. Hezurretako gaixotasuna, hezur ehunaren trinkotasuna galtzea ezaugarri duena. Hezurrak ahulduta izaten dituzte osteoporosiak jotakoek.

ostera1

iz. Joan-etorria. Parisera egin zuen bigarren osteran. Hurrengoan egin beharko zituen bost ostera Ameriketara. Montevideotik Buenos Airesera osterak egiten zituen ontzi txiki batean.

ostera2

1 adb. Berriro, berriz. Bilduko dituzu elkarrengana ostera. Ez ostera bekatura bihurtzeko. Jo atea, egin oles ostera eta ostera.

2 lok. Berriz, aldiz, aitzitik; ordea. Bera gero eta aberatsago; ni, ostera, gero eta behartsuago. Esatea ez zen gaitza izan; egitea, ostera...

3 interj. Indargarri gisa erabiltzen den hitza. Hau bakarrik balitz, ostera! Nongoa da, ostera, etxeko egin gura zaigun basapiztia hau?

ostera ere Batez ere Bizk. Berriz ere. Behin alargunduta, ostera ere ezkondu nahi duen emakumea.

osterantzean

1 lok. Bestela. Jabeari itzuli behar diozu; osterantzean, ez daukazu zerura joaterik.

2 lok. Gainerakoan. Osterantzean, Anton ona zen benetan. Jan gaizki egin dugu, baina osterantzean ondo ibili gara.

3 (-z atzizkiaren eskuinean). -z bestalde. Ik. ostean. Jainkoaz osterantzean ez zen ezer ere.

osterantzeko 1 adj. Gainerakoa. Meza eta osterantzeko elizkizunak. Igandeak izan ezik, osterantzeko egun guztiak.

2 adj. (-z atzizkiaren eskuinean). Ezerez bat bezala dira, Jainkoaz osterantzeko gauzak.

osteratu, ostera/osteratu, osteratzen

1 da ad. Itzuli. Herrira jaisten denean, ilunabarrerako beti zuzen osteratzen da.

2 du ad. Hizketaldi batean, zerbait gehitu, gaineratu. Ateraldia ez zen amaren gustukoa izan, eta osteratu zion: (...). Hark, hizkera aldatzeko ahalegin handia eginez, osteratu zion: (...).

3 du ad. Errepikatu.

osteratxo

iz. Adkor. Joan-etorria, ibilaldia. Asteburua dugu gainean mendi aldera osteratxo bat egiteko, goiz-pasa edo. Une aproposa izan daiteke Takonerako postuetatik osteratxo bat egiteko.

ostertz

iz. Puntu batetik ikus daitekeen lurrazala mugatzen duen lerroa; lerro horretatik hurbil dauden lurrazaleko eta zeruko zatiak. Ik. zeruertz; zerumuga. Eguzkia ostertzean itzali arte.

osterzuri

iz. Eskarola kizkurra (Cichorium endivia crispum).

ostia

iz. Eukaristiako ogia, gaur egun gari irinezko olata txiki biribila dena. Ostia Santua. Jesu Kristo osorik dago ostia osoan eta osorik ostia puska bakoitzean. Ostia ontzia.

ostikada

iz. Ostikoa. Ostikada bat eman. Ostikada bota zion astoak.

ostikadaka

adb. Ostikoka. Ostikadaka atea apurtu.

ostikarazi, ostikaraz, ostikarazten

du ad. Ipar. Ostikopean erabilarazi. Anitzek ez zekiten ere zer zen ostikarazten zieten gurutze hura.

ostikatu, ostika, ostikatzen

1 du ad. Batez ere Ipar. Ostikopean erabili. Zure salbatzailearen odola ostikatu duzula. Hala nola urrea eta zilarra lurpean daudeno baitira ostikatuak. || Irud. Jainkoaren legea ostikatu. Euskara ostikatzen dutenen laguna.

2 du ad. Batez ere Ipar. Ostikoz jo, ostiko egin, ostikoka erabili. Zamariek ostikatua.

ostiko1

iz. Oinaz ematen den ukaldia; zaldiek eta kideko abereek atzeko hanka bat edo biak atzerantz botaz egiten duten higidura edo ematen duten kolpea. Ostiko bat eman zion. Ostiko batez itxi zuen atea. Ostikoz egotzi. Kanpoaldetik, inurrien usteak eta biziak zapalduaz datorren ostiko zentzugabea.

ostiko egin Ostikoa eman. Akuiluaren kontra ostiko egitea.

ostikoz jo Pilota ostikoz joaz. Hirurak sartu dira sukaldean, katua ostikoz joaz.

Oharra: azken eguneraketa 2019-01-11

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper