Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

mukurru adb./iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, mukurru-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. mukuru].

mukuru

1 adb. Neurriaren ertzetatik gora beterik, gainezka. Ik. gonburu. Mukuru bete. Baina ez jakin lakaria arrada ala mukuru izango dudan. Neurria mukuru eman. Eliza jendez mukuru.

2 iz. Neurri betearen gainetiko gehigarria. Betea da gaitzerua, baina mukurua falta da.

3 iz. Irud. Hau da zorakeriaren mukurua!

4 iz. Pila, multzoa. Mukuru ederra egin dugu. Hango jende mukurua!

mukurutu, mukuru/mukurutu, mukurutzen

da/du ad. Mukuru bete. Bete da mundua gaiztakeriaz, mukurutu da maleziaz. Egiten dituzu laurogei bekatu, eta orduan betetzen da neurria, orduan mukurutzen da. Entzun gaitzan eta mukuru gaitzan bere dohain handiez. Zazpi galburu alez mukurutuak.

mula

iz. Ipar. Mando emea.

mando-mula Ipar. Mando emea. Ik. mula.

mulato

adj./iz. Gurasoak zuria eta beltza dituena. Karibeko mulatoak. Trujillo diktadoreak onartu egiten zituen Espainiatik heldutako erbesteratuak, biztanleria mulatoa "zuritzeko" asmoz.

muleta

iz. Taurom. Zezenketariak zezena jokatzeko erabiltzen duen oihal gorria, makila batetik luzetara zintzilik jarria izaten dena. Muletarekin, bereziki ezkerraz, joko polita erakutsi du Ordoñezek.

mulko

1 iz. Ipar. Multzoa. Gizon mulko handiak bildu ziren. Erle mulkoak. Otsailean ardiak mulkoan ikustea baino hobe otsoa ardietan ikustea.

2 iz. Ipar. Mordoa. Mahats mulkoz betea den aihena.

mulkoka

adb. Mordoka. Mulkoka heldu zen jendea.

multa

iz. Isuna.

multidimentsional

adj. Dimentsio asko dituena.

multiforme

adj. Forma asko dituena. Funtzio multiformeak.

multikopia

iz. Ipar. Klixe bidezko sistema, testu edo irudi baten kopiak egiteko erabiltzen dena. Ik. polikopia. 1966an argitaratu zuen, multikopia bidez, lehen poema liburua: Mindura gaur.

multikultural

adj. Kultura askok osatzen dutena; kultura askori dagokiona edo kultura askoren ezaugarriak dituena. Gizarte multikulturaletan bizi gara.

multikulturalismo

iz. Lurralde berean kultura eta jatorri desberdineko gizataldeak elkarrekin bizitzearen aldeko mugimendu edo jarrera.

multilateral

adj. Alderdi askok parte hartzen edo osatzen dutena; alderdi askori dagokiona. Oso zaila da munduan sistema multilateralak martxan jartzea. Kasu horretan, NDFz gain, beste erakunde multilateral batzuek ere parte hartuko dute finantzaketan. Hitzarmen multilaterala.

multimedia

1 adj. Komunikabideez eta kidekoez mintzatuz, testua, irudia edo soinua aldi berean erabiltzen dituena. Irudia eta soinua konbinatuz, ikuskizun multimedia eskainiko dute. Sistema multimedia baten bitartez ari dira euskara ikasten.

2 iz. Sistema multimedia. Multimediaren garaia. Gaur egun, sekulako aukerak daude multimedia-aplikazioetan.

multimetro

iz. Elektr. Intentsitate, tentsio eta erresistentzia elektrikoa neurtzeko erabiltzen den tresna.

multinazional

1 adj. Herrialde askotara hedatzen dena, herrialde asko hartzen dituena. Estrategia multinazionaletatik estrategia globaletara.

2 adj. Enpresez eta kidekoez mintzatuz, egoitza nagusia herrialde jakin batean izanik, ekoizpena eta merkataritza-jarduera beste herrialde askotara hedatzen duena. Marka multinazionalek frankiziak ezartzen dituzte munduko zeinahi bazterretan. Enpresa multinazionalak.

3 iz. Enpresa multinazionala. Nike multinazional ospetsuaren kontrako kanpaina arras ezaguna egin zen.

multiplo

iz. Mat. Anizkoitza.

multzo

1 iz. Mota bereko gauzez, bizidun nahiz bizigabeez, osaturiko bilketa. Ik. talde. Batu zen han haur multzo bat. Eta ahulen multzoak, bata bestearen arrimuan, gogor egin diezaieke indartsuagoei. Herrixka edo etxe multzoren batean. Bospasei multzotan. Bakarka edo multzo txikietan bizi direnak.

2 iz. Mat. Ezaugarri jakin batzuk izan ditzaketen, eta beren artean edo beste multzo batzuetako elementuekin halako erlazioak izateko gai diren elementuen bilketa, kopuruz amaidun edo amaigabea izan daitekeena. Multzo teoria. Fonema bakoitza bereizgarri multzo bat da, eta morfema baten zentzua, ezaugarri multzo bat.

multzoan adb. Multzoa osatuz. Dela multzoan, dela bakarka. Multzoan hala-holakoak izanik ere, banaka, hobeak. Zatozte haurrak, egin dezagun orok multzoan arratseko otoitza.

multzoka

adb. Multzoak osatuz; kopuru handian. Ik. pilaka; metaka; mordoka. Pentze eder batean daude alhan behorrak multzoka. Bil itzazue belar gaiztoak multzoka eta zamaka, erretzeko elkarrekin. Orixeren euskal lanak, inoiz ez bezala, samaldan zetozkigun, multzoka, bata bestearen gain, hitz lauz eta hitz neurtuz.

multzokari

adj. Hizkl. Izenez mintzatuz, singularrean erabilirik, mota bereko gauza multzo bat hartzen duena edo adierazten duena. Dozena eta talde hitzak multzokariak dira. Ale multzokari gisa erabil daiteke, alea ganbaran bildu esaldian, esaterako.

multzokatu, multzoka/multzokatu, multzokatzen

da/du ad. Multzoetan bildu; multzoan bildu. Jendea multzokatzen ari dira, eta multzo horietan jendea bizi da inurritegi batzuetan bezala. Adostasunera iritsi gara galderak multzokatzeko: lehenbizi, zientziari dagozkionak; gero, politikari dagozkionak.

multzotasun

iz. Kopurua, ugaritasuna.

multzotu, multzo/multzotu, multzotzen

da/du ad. Multzoan bildu. Ik. pilatu. Non dira diru-goseak multzotu dituen urre eta zilarrak?

multzu iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, multzu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. multzo].

mulu

iz. Bot. Zurezko zurtoin motza eta adarkatua duen landare mota.

mun iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, mun-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. muin1; muin2].

munarri

iz. Bizk. Mugarria.

mundakar

1 adj. Mundakakoa, Mundakari dagokiona.

2 iz. Mundakako herritarra.

mundial

adj. Heg. Lgart. Sekulakoa, oso ona. Ik. handi.

mundializazio

iz. Zerbaiti izaera globala ematea. Ik. globalizazio. Ekoizpen jardueren mundializazioa.

mundil

iz. Bizk. Tuntuxa, buia txikia.

mundrun

iz. Galipota, brea. Txirrindularia patar batean erori zen, beroarekin mundruna urtua zen bihurgune batean.

mundu

1 iz. Diren gauza guztien multzoa. Ik. unibertso. Eta hala iraungo du mundua mundu deno. Mundua mundu zen baino lehen. Mundua mundu denez gero. Munduaren azkena hurbil ez badago. Mundu ikuskera. || Atseginagoa zen Lizardiren mundu geldia gaurko gozogabe hau baino.

2 iz. Diren gauza guztiek osatzen duten multzoan, nolabait mugatua dagoen zatia. Ideien mundua. Zentzuaren mundutik hotsen mundura.

3 iz. Bizi garen planeta. Ik. lur. Mundua Elkanok inguratu zuen. Europan eta mundu guztian. Munduan barrena ibiltzeko. Bizi garen oraingo mundu honetan. Mundu guztiko langileak. Munduan diren euskal hiztegi guztiak. Gogoeta hutsen erreinutik kanpora, mundu zabaleko gauza gogor trinkoetan. Beste mundua: geroko bizitzaren egoitza. Mundutik joan: hil. Mundura jaio (Ik. munduratu). Dohatsu da Kristo gure Jauna munduan sartu zeneko eguna. Ni mundu honetara sortu nintzen Abenduaren 26an. Gaztaroan, artean munduan sartu gabeak izaki, paradisu bat bezala azaltzen zaigu bizia. Bakarrik munduan. Mundu-mapa.

4 iz. Lurraren zatia. Mundu berria: Amerika.

5 iz. Lurrarekin erkatzen den argizagia. Jendeztaturik daudekeen beste munduak.

6 iz. Lurrean bizi diren gizakien multzoa. Ik. gizadi; gizateria. Munduaren salbatzailea. Munduaren begietan. Munduak azkenaldi honetan daraman lasterra. || Mundu osoa harriturik utzi duen gertakaria. Mundu guztiak dakienez. Euskal Herri guztian mundu guztiak erabiltzen dituen hitzak.

7 iz. Erlijioaren ikuspegitik, gizarteko bizitza, atseginen eta handikerien lekutzat hartua. Mundua da arimaren hiru etsaietako bat. Mundu galgarri honetan. Mundutik urrun bizi. Munduaz konturik egin gabe, Jainkoaren borondateari begiratuz. Gogo guztiaz sarturik munduan eta bere galbide beldurgarrienetan.

8 iz. Nolabaiteko ezaugarriak dituen gizarte zatia. Ik. lehen mundu; bigarren mundu; hirugarren mundu. Hemen bi mundu daudela: erdal mundua eta euskal mundua. Ez du, ordea, inork bere mundua, giroa eta sorteguna hautatzen.

mundu gerra, mundu-gerra Mundu osoa hartzen duen gerra. Lehen Mundu Gerra piztu baino lehenago. Bigarren Mundu Gerrako urteetan.

mundu herri, mundu-herri Mundua, lurra; munduan bizi diren gizakien multzoa. Noe zen mundu herri guztiko buruzagia. Mundu-herri guztiak ere, baldin zerorrek biderik ematen ez badiozu, ezin egotz zaitzake infernura.

munduz mundu Bazterrik bazter, toki batetik bestera. Ik. hara eta hona. Juduak munduz mundu, herri gabe, dabiltza basatuak. Bi makila horiek nahikoa nituen nik munduz mundu ibiltzeko. Banoa munduz mundu.

mundualdi

iz. Bizialdia, bizitza. Laurogeita hamalau urte zituen Martinek hil zenean eta laurogeita hamar emazteak; biek ere mundualdi ederra pasatu zuten.

mundukoi

adj. Munduzalea. Ik. mundutar 2. Artean, mundukoia eta Jainkoaren Espiritua bete-betean dastatu gabea zen.

munduratu, mundura/munduratu, munduratzen

1 da ad. Mundura jaio; mundura etorri. 1991ko azaroan munduratu da. Munduko gauzarik gabe munduratu nintzen ni. Antikristo gaiztoa munduratzen denean.

2 du ad. Mundura ekarri. Eta haurra munduratu zuenean, bera hil zen.

mundutar

1 adj. Munduari, eta, bereziki, munduko atseginei, dagokiona. Goragoko zerbait zen, ez zen mundutarra, arimen salbatzeaz zuk zenuen karra. Mundutar bizimodua uzteko. Bizitza lasai, mundutar eta gaiztoa.

2 adj./iz. Munduko atseginei atxikia; munduko biztanlea. Ik. munduzale. Gerra txarren bat etorriko da mundutarrok bakantzera. Mundutar eroen esan makurrak. Gizon mundutar gaiztoak.

mundutarkeria

iz. g.er. Bizitza mundutarrari dagokion gauza edo egintza, gaitzesgarritzat hartua. Mespretxuz bete zaitez munduarentzat eta mundutarkeria guztientzat.

munduzale

adj./iz. Mundu honetako atseginen zaleegia dena. Aitorle lasai, munduzaleak. Munduzale gaiztoengandik alde eginaz.

mungiar

1 adj. Mungiakoa, Mungiari dagokiona.

2 iz. Mungiako herritarra.

munitibartar

1 adj. Munitibarkoa, Munitibarri dagokiona.

2 iz. Munitibarko herritarra.

munizio

iz. Su-armak kargatzeko behar diren jaurtigaien multzoa. Munizioak ahitu zitzaizkielako. Ez zuten fraide haiek beste arma eta muniziorik, etsaiari gerra egiteko, obedientzia baizik.

muniziotegi

iz. Munizioak gordetzen diren lekua.

munizipal

adj. Udalarena, udalari dagokiona. Ik. udal 2. Hauteskunde autonomiko eta munizipaletan parte hartzeko.

muno iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, muno-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. muino].

munstro

1 iz. Izadiaren legeetatik kanpo eraturiko izaki biziduna. Bi buruko behiak, bost hankako ardiak munstroak dira. || Irud. Bekatua, munstro lazgarria, gure arimen etsaia.

2 iz. Pertsona oso itsusia edo oso ankerra. Munduaren hastapenetik, gure egunetaraino, ez da jaitsi Pinet baino munstro itsusiagorik.

munstrokeria

iz. Izugarrikeria, munstro bati dagokion egitea. Gaur ere munstrokeriak egiten dira, bai, eta azken gerrateak ondo egiaztatu du.

munta

iz. Garrantzia. Munta handiko gertakaria.

munta izan du ad. Axola izan. Zer munta du horrek? Zer munta du, gero, nik badezaket haiek ez dezaketena?

muntadura

iz. Instalazioa, egitura. Parisek jadanik baditu Olinpiar Jokoetarako behar diren muntadura gehienak.

muntaketa

iz. Muntatzea. Azken aste honetan etenik gabe ibili dira muntaketa-lanetan.

muntatu, munta/muntatu, muntatzen

1 du ad. Ikuskariez mintzatuz, emanaldia antolatu. Pastoral bat muntatu. Donibane Lohizunen muntatu zen txapelketa batera eraman ninduen.

2 du ad. Irud. Saltsa zikinak muntatzen.

3 du ad. Tresnez eta kidekoez mintzatuz, osatzen duten zatiak eta atalak elkarri lotu, aritzeko edo erabiltzeko eran utziz. Makina bat muntatu.

4 du ad. Zinemagintzan, film bat osatzen duten irudi eta pasarteak hurrenez hurren lotu. Hilabete batzuetan filmatutakoa muntatzen zuen Alvarezek.

muntatzaile

1 iz. Tresna bat edo kideko bat muntatzen duen pertsona. CAFen lan egiten du, muntatzaile gisa.

2 iz. Film bat edo kideko bat muntatzen duen pertsona. Claude Chabrol zinemagile, ekoizle, muntatzaile eta kritikaria hil da.

muntatze

iz. muntatu aditzari dagokion ekintza; ekintza horren ondorioa. Dekoratuak bere horretan utzi dituzte, egunero muntatze eta desmuntatze lan astunak egin beharrean. Enpresek kontrolatu ahalko dute produktuaren ibilbide osoa une oro, muntatze katetik, dendaraino. Muntatze bat egin dute jaietako irudiekin, eta ikuskizunean irudiok jarriko dituzte.

munukutuba

iz. Kongoko Errepublikan mintzatzen den hizkuntza. Ik. kituba.

muñu

adj./iz. Ipar. Haurrekin, batez ere bokatibo gisa, erabiltzen den txerazko hitza. Ez negar egin, muñu.

muqdishoar

1 adj. Muqdishokoa, Muqdishori dagokiona.

2 iz. Muqdishoko herritarra.

muraila

iz. Zah. Harresia, murrua.

mural

iz. Horma-irudia. Igandea libre dute, eta muralak margotzera joaten dira. Eskulturak eta muralak, historiaren kontalari.

muralgile

iz. Muralak margotzen dituen pertsona. Juan Manuel Ugarte margolari eta muralgilea. Garbi utzi digute ez direla grafitigile talde bat, muralgileak baizik.

murchantear

1 adj. Murchantekoa, Murchanteri dagokiona.

2 iz. Murchanteko herritarra.

murde

Ipar. Zah. Gizonezkoei ematen zitzaien titulua, deituraren aurrean "jaun"-en kide ezartzen zena. Ik. musde. Murde Etxepareren liburua.

murduskatu, murduska, murduskatzen

du ad. Ipar. (Hitzak, hizkuntzak) lardaskatu. Mintzaira ikasi berria murduskatzera ausartzen direnen eleak.

murgil

1 iz. Urpeko igerialdia. Ik. murgilaldi; pulunpa. Ea nork egiten zuen murgil luzeena.

2 iz. Uretan buruz sartzea.

murgil egin 1 Murgildu. Uretan murgil egin.

2 Irud. Ikaslea koldarra baita, gai sakonagoetan murgil egiteko.

murgilaldi

iz. Murgila, urpeko igerialdia; murgiltzea, norbait murgildurik dagoen aldia. Bi minutuko murgilaldiak. Lehen murgilaldian.

murgilarazi, murgilaraz, murgilarazten

du ad. Murgiltzera behartu.

murgilari

1 iz./adj. Urpean igeri egiten duena. Haizpeetan arrantzan egiten zaleak dira eta, zer esanik ez, murgilari onak.

2 iz. Hainbat ahate murgilariri ematen zaien izena. Murgilari arrunta.

murgildu, murgil/murgildu, murgiltzen

1 da/du ad. Isurkari batean, besterik esaten ez bada, uretan, osorik sartu. Ik. pulunpatu. Itsasoan murgildu. Arnasa hartu eta murgildu. Eskua uretan murgildu zuenean.

2 da/du ad. Irud. Aspaldiko oroitzapenetan murgildua. Jakitun lanetan buru-belarri murgildua. Betikotasun betean murgildu beharrak artegatzen zuen Unamuno. Hizkuntza bat mintzatzen ikasi nahi duenak ez dauka gramatikaren misterio sakonetan murgiltzeko gogorik, ez beharrik.

murgilketa

1 iz. Murgiltzea.

2 iz. Irud. Murgilketa bidezko irakaskuntza.

murgiltze

1 iz. Isurkari batean, besterik esaten ez bada, uretan, osorik sartzea. Murgiltze bat baino gehiago egin daiteke egun berean, baina gutxienez ordubeteko tartea utzita batetik bestera.

2 iz. Irud. Quebeceko irakaskuntzako murgiltze sistema. Elkartearen ustez, D eredua kalitatezko murgiltze eredu eleaniztuna da.

murietar

1 adj. Murietakoa, Murietari dagokiona.

2 iz. Murietako herritarra.

murilloar

1 adj. Murillokoa, Murillori dagokiona.

2 iz. Murilloko herritarra.

murko

iz. Pitxerraren antzeko ontzia, batez ere apaingarri gisa erabiltzen dena. Sevres-ko murkoa.

murmu

iz. Mukia (abereen eritasuna). Murmua etorri zaio gure txakur gazteari.

mur-mur

adb. Marmarrean. Mendiolatik mur-mur dator ur ederra. Hasi ziren mur-mur, bata besteari zerbait esaten.

murmur

iz. Marmarra.

murmuratu, murmura, murmuratzen

du ad. Zah. Marmar egin, marmarka jardun.

murmurazio

iz. Zah. Marmarra.

murmurika

iz. Ipar. Marmarra. Haren ahotik ez da ateratzen murmurika bat baizik.

murmurikatu, murmurika/murmurikatu, murmurikatzen

1 du ad. Marmarrean edo gaizki esaka aritu; marmarka esan. Ik. marmar egin; maiseatu. Egunaz jokoan, gauaz edaten, jendea nitaz murmurikatzen. Bere gisako madarikazio zerbait murmurikatuz.

2 du ad. Xuxurlatu.

murmurio

iz. Xuxurla. Ik. marmar. Iturriko uraren murmurioa.

murmuzika

iz. Zub. Marmarra. Ik. murmurika.

murrika

iz. g.er. Irri gaiztoa, isekazko irria. F. Irigaraik batzuetan txantxa edo murrika poliki zerabilen bere buruaren lepotik.

murritz

1 adj. Soila. Bere buru murritz soilean. Harkaitz murritzak eta muino bipilak. Lur murritzak.

2 adj. Laburra, motza. Batzuek zabalagoa baitute eskua eta beste batzuek murritzagoa. Gure ondasunen neurri murritzean. Murritzak dira, lantze txikikoak, berdinegiak, Zestoako hotelak Vichykoen aldean.

3 (Adizlagun gisa). Murriztasunez. Eskerrak eman zizkion, murritz eta labur.

murrizgarri

adj. Murrizten duena. Enpresak erruz ugaritzen hasi ziren gizarte arautegi murrizgarririk gabe.

murrizketa

iz. Murriztea. Soilketa eta murrizketa. Lanaldi murrizketaren eskaera.

murriztaile

adj. Murrizten duena. Politika ekonomiko murriztailea. Adierazpen askatasuna mugatzeko hartutako neurri murriztailea.

murriztapen

iz. Murrizketa. Giza eskubideen murriztapena.

murriztasun

iz. Murritza denaren nolakotasuna. Ik. soiltasun; moztasun. Euskararen ele murriztasuna azpimarratuz.

murrizte

iz. Soiltzea, inaustea, bakantzea. Agindu zidan igurikiko ninduela ehun eta hogei urtez, eta ez iguriki ehunez baizik; zer murrizte da hau? Premiarik gabeko zirudien guztia soildu egin behar genuen: murrizte honetan aditz laguntzailea zen beti galduan irtengo zena.

murriztu, murritz/murriztu, murrizten

1 da/du ad. Landareez, mendiez edo bestelako lursailez mintzatuz, soildu. Ik. inausi; bakandu. Mahastia murrizten. Mendiak murrizten ari direnak. Gramatikaren arbola murrizteko asmoz.

2 da/du ad. Balioez, kopuruez eta kidekoez mintzatuz, txikitu edo gutxitu. Hizkuntza nolanahi eraberritu, aldatu, ugaritu eta murriztu zitekeelako iritzia. Baina euskaldungoa murrizten doa, eta aho hizkera murriztu ahala, euskal literatura, aldiz, goraka, gero eta ausartago. Giza eskubideak murrizten dituen legedia.

3 du ad. Larrutu, norbaiti ondasunetan edo izen onean kalte handia egin.

4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Lanaldi murriztua duten andreen kopuruak gizonena bikoizten du. Ostalaritzan BEZ murriztua ezartzeko baimena eman dio Europar Batasunak Frantziari.

murru

1 iz. Horma sendoa; harresia. Gazteluaren murru sendoak. Eliza hutsean, elizako lau murru hotzei behar da mintzatu han apaiza. Lurreratuko zirela hiri hartako murru guztiak. Murruz inguraturik. Beren armak hartu eta igo ziren murru gainera.

2 iz. Irud. Gipuzkoak itsasorantz zaintzaile eta murrutzat dauzkan mendi eta haitzak. Ezin espero dezakegu haiek, beren ezerezean, gure interesen murru izatea.

murru txori, murru-txori Txolarrea.

murrukutun

adj. Ipar. Pertsonez mintzatuz, zakarra, lehorra. Nola egin ote du horren senargai murrukutuna eta errespetu gutxikoa biltzeko?

murruntz

iz. Horma laiotz eta hezeetan hazten den landare herrestaria, lore more txikiak ematen dituena (Cymbalaria muralis).

murrusa

iz. Bizk. Marrua. Behi murrusek iratzartu naute goizaldean.

murrutzar

iz. Adkor. Murru handia. Kaiak badu murrutzar bat, itsasgora handietan arrantzaleen batelak gordetzeko.

murt

iz. (Ezezko esaldietan). Bizk. Ezer ere ez. (murtik forman erabiltzen da). Ik. tut. Murtik ere ez esan.

murtxatu, murtxa, murtxatzen

1 du ad. Ipar. Xurgatu. Ik. edoski. Bere pipa beltz fina astiro murtxatuz ahoratzen zuela kea.

2 du ad. Ipar. Dastatu.

murtxikatu, murtxika, murtxikatzen

du ad. Ipar. Janariez mintzatuz, ahoan txikitu. Ik. mamurtu; mastekatu; txikitu 2. Murtxikatu gabe irentsitako belarra urdailetik berriz ahora ekartzen du behiak, eta han lasaiki murtxikatzen du, bere ahoko zukuekin ondo nahasiz, ostera irensteko.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper