Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

lumatu, luma/lumatu, lumatzen

1 du ad. Lumaz gabetu. Ik. mutildu2. Oilo hilak lumatzen.

2 du ad. Norbait ezer gabe utzi. Ik. larrutu 4. Burutik oinetaraino lumatu dute joko etxean.

3 da ad. Lumaz hornitu. Txorikume bat, artean lumatu gabea. Habian antzeman duen txoritxo lumatu berria.

lumatxa

1 iz. Hegazti lumatu berriaren luma txiki eta leuna; hegaztien kanpoaldeko lumen azpian izaten den luma txiki eta leuna. Bururdirako antzara lumatxak. || (Multzokari gisa). Pinguinoek beren lumatxa leuna galdua izango dute honezkero.

2 iz. Lumaz beteriko lastaira; lastaira. Lumatxa guri baten gainean. Lumatxatzat lastoa du, bururditzat belarra.

lumatxo

1 iz. Luma txikia. Ni ere banengoen lumatxo artean.

2 iz. Idazteko lumaren metalezko xafla.

lumaztatu, lumazta, lumaztatzen

1 da ad. (Hegaztiak) lumaz hornitu. Ik. lumatu 3.

2 du ad. Lumaz apaindu; lumaz estali. Agindua eman zuen atxilotua larrugorrian jarri eta bikez dena ondo igurtzi eta lumaztatzeko.

lumen

iz. Fis. Argi fluxua neurtzeko unitatea, estereorradian bateko angelu solido baten erpinean kokaturik dagoen 1 kandelako argi iturri batek igortzen duen fluxuaren baliokidea dena (lm).

lumera

iz. Baleen eta arrainen koipea. Ik. sain. Zurezko ardatzak lumerarekin ahal zen maizena igurtzi.

luminaria

iz. Elektr. Lanpara, argi egiteko erabiltzen den tresna. Argiteria publikoan LED teknologiako luminariak jartzeko lanak ere aste honetan jarri dituzte abian.

lumineszente

adj. Gaiez mintzatuz, gori egon ez arren, argia igortzeko gaitasuna duena. Ik. argikor; fosforeszente.

lumineszentzia

iz. Gorputz lumineszenteek, gori ez egon arren, argia igortzeko duten gaitasuna. Arrain horiek bizi diren ur sakonetan janaria aurkitzea oso zaila denez, lumineszentziaren trikimailua garatu dute espezie askok.

lumotar

1 adj. Lumokoa, Lumori dagokiona.

2 iz. Lumoko herritarra.

lunbago

iz. Gerriko edo bizkarraren behealdeko min bizi eta jarraitua. Lunbagoak jota zegoen. Lunbagoarekin izan da azken egunetan.

lunbalgia

iz. Med. Lunbagoa. Bizkarrean min hartu zuen atzo eta lunbalgia txiki bat du. Zenbat egun edo aste behar dira lunbalgia bat osatzeko?

lunbar

adj. Anat. Bizkarraren behealdekoa, gerrialdekoa. Orno lunbarrak.

luntx

iz. Ospakizun batean gonbidatuei eskaintzen eta zerbitzatzen zaien otordu arina. Bazkaltzera joan aurretik, luntxa izango da bertara inguratzen diren guztientzat. Sari banaketa luntx soil batekin amaitu zen.

lupa

iz. Objektuak edo letrak handiago ikusteko erabiltzen den leiarra. Hori lupaz ere ez dago ikusterik. Lupaz begiratu.

luperi

iz. Bizk. Luizia.

lupetz

iz. Bizk. Basa, lohia. Ik. lokatz. Lupetzez egin zuen gizonaren gorputza.

lupetza

iz. Bizk. Lokaztia, lokatza dagoen tokia.

lupia

iz. Itsas arrain bizkar-grisa eta sabel-zuria, bizkarrean bi hegal hezurdun dituena, sukaldaritzan oso aintzat hartua (Dicentrarchus labrax). Hamar libra inguruko lupia handi eder bat. Lupia errea jan zuten.

lupu1

iz. Med. Eritasun kutsakorra, azal azpiko handituak eragiten dituena eta mingarria ez dena; handitu hori bera. Lupuak abelgorririk jo ez dezan. Lupuak biguntzeko. || (Biraoetan). Lupu gogorrak jo dezala! Lupu gaiztoak jango ahal hau!

lupu beltz iz. Med. Lupua. Lupu beltzak abelgorria hil dezake.

lupu zuri iz. Med. Lupu mota, lupu beltza bezain larria ez dena.

lupu2

iz. Animalia txiki pozoitsua.

lupu belar, lupu-belar

Urrebotoiaren familiako landare hostozabala, Europako eta Asia Txikiko mendietan hazten dena, neguan lore handi bakanak, zuriak edo arrosak, ematen dituena (Helleborus niger).

lupulu

iz. Kalamuaren familiako landare igokaria, garagardoa lurrintzeko erabiltzen diren loreak ematen dituena (Humulus lupulus). Lupulu egosiaren usain gozoa.

lupus

iz. Med. Immunitate sistemak eraginiko eritasun larria, larruazalaren eta muki-mintzen hantura edo suntsitzea dakarrena. Lupusa eritasun kronikoa da.

lur

1 iz. (L larriz eta mugatua). Astron. Gizadia bizi den planeta, Eguzki sistemako hirugarrena. Ik. lurbira. Gure planeta Lurra da. Eskerrak Lurra biribila dela. Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen da. Ilargia Lurraren satelitea da. Lurraren erdigunea. Lurraren bihotzean.

2 iz. Lurraren azala, eta, bereziki, haren zati gotorra, gizakiak eta abereak daudena (zeru eta aire-ren aurrez aurre). Ik. lehor 10. Zeruan bezala lurrean ere. Zeru-lurrak egin zituena. Hark egin baititu zeru, lur eta argizagiak. Lur, itsaso eta haizeak. Lurreko abere eta piztiak eta aireko hegaztiak. Zeruko ondasunak eta lurrekoak. Lurreko armada. Egunez lurra berotzen delako. Euskaldunen ospea lur guztira hedatzen (Ik. mundu 3). Lur honetako aberastasun igarokorrak. Lurra ikaratzen denean (Ik. lurrikara). Lur azpian (Ik. lurpe). Lur azpiko urak. Lur barnean ehortzia. Kenduko dut lurraren gainetik. Lurrera erori, jaitsi (Ik. lurreratu). Sabelaz lurra joaz ibiltzen diren abereak. Lur bedeinkatu gabean ehortzi zuten.

3 iz. Lur eremua. Lur berriak ikusteko. Venezuelako lur beroetan. Ternuako lur elkorrak lehenbiziko aldiz ikusi zituzten europarrak. Hemen egin nituen adiskideek lotu ninduten lur honetara. Lur haren jabe egiteko. || Herri lurrez jabetzeko. Eta hiltzen direnean, uka dakiela eliz lurra.

4 iz. Lurraren azalaren zati gotorra eratzen duen osagaia, eta, bereziki, osagai horren zati biguna, landareak hazteko balio duena. Lurra eta haitzak. Lurrak ematen dituen fruituak. Haziak ernatzeko lur heze emankorrak. Sustraiak lur barruan dituelako. Ardo eta gari lur jorietara. Lurra irauli. Lurrak ongarritzeko. Lur arina, azala. Hazia toki harritsuan, lur mehea zuen tokian erori zen. Lur argaleko landareak lur koipetsuko basora igaro. Gaztainondoak lur harroa eskatzen du. Lur agor edo idorretan. Baratze-lur gizenak. Haritz mota horrek nahiago du lur sakona eta buztintsua. Lur mamiari ihes eginik, harkaitza aukeratu zuen. Nafarroako lur gorriak. Lur erre eta lehorrak. Buztin lurrak eta hondar lurrak. Zingira-lur batean gaindi. Lur koloreko nekazariak. Lur landuan ereiten. Asmo berri haren erroek garai hartako giza gogoetan lur apatz eta gizena aurkitu zuten. Goldeak iraulitako lur-mokor ezkoak.

5 iz. Osagai horren hedadura, bereziki lantzeko erabiltzen dena. 600 hektarea lur. Baserri hartako lurrak aberatsak dira. Lur zelaiak onak dira laborantzarako. Lur-bazter handiak landuz. Lur puska bat erosteko. Juduen lur guztiak saldu eta emanak izan ziren.

6 iz. Osagai hori, gaitzat hartua. Lur zara, eta errauts. Lur zati bat hartu eta lehen gizonaren gorputza moldatu zuen. Zaku bat lur. Lurrez estali.

7 iz. Oinen azpian dugun gauza. Ik. zoru; zola1 3; solairu 2. Mahaitik lurrera erori zen. Lurretik jaso. Lurrean etzan. Lur hutsaren gainean egiten zuen lo.

ez zerurako eta ez lurrerako adb. (gelditu, utzi, egon eta kideko aditzekin, 'galdurik, zer egin jakin gabe', 'ez baterako eta ez besterako' eta kideko adierekin). Anai-arrebak han gelditu ginen bakar-bakarrik, inoiz esaten den bezala, ez zerurako eta ez lurrerako.

lur agindu 1 iz. (L eta A larriz, mugatua). Bibliaren arabera, Jainkoak Israelgo herriari aginduriko lurraldea. Aaron ez zela Lur Aginduan sartuko.

2 iz. Irud. Gure eguneroko sufrimendua leunduko duen lur agindurik ez zaigu geratzen.

lur barren iz. (Singularrean nahiz pluralean). Barnealdeko lurra, itsasaldekoa ez dena. Donibane eta Ziburuko kostaldean eta Sara aldeko lur barrenetan. Uharteak edo lur barrengo erresumak.

lur beltz iz. Humus asko duen lur geruza. Ik. lurrustel. Golde muturra erraz sartzen da lur beltz gizenean.

lur emaile, lur-emaile iz. Hilei lur ematen dien pertsona. Ik. ehorzle; zulogile.

lur eman dio ad. Ehortzi, lurperatu. Ik. lurra eman. Bere herrian lur eman zioten.

lur emate, lur-emate iz. Ehorzketa, lurperatzea.

lur eremu, lur-eremu iz. Hedadura jakin bat duen lur zatia. Ik. eremu 2; lursail. Bazituen Iruritan jauregi bat eta lur-eremu polit bat. Gaztelako lur eremu lauetan.

lur globo, lur-globo 1 iz. Lurraren kontinenteak eta itsasoak irudikatzen diren esfera.

2 iz. Lurra (planeta).

lur gose iz. Ongarri asko behar duen lurra, gizena eta emankorra ez dena. Ik. elkor 1. Azpiko lur gosea gainera atera, eta gaineko ona azpira sartu.

lur hartu 1 Lehorreratu. Bost egunen buruan lur hartu zuten Gaeta deritzon Italiako herri batean.

2 (Hegazkinak eta kidekoak) lurreratu, lurrera jaitsi. Lur hartzeko pista. Hegazkinak hondartzan lur hartu zuen.

lur idor iz. Lehorra, itsasoak estaltzen ez duen Lurraren zatia. Ik. lur 2. Lur idorrean edo itsasoan, gauaz edo egunaz.

lur jabe, lur-jabe iz. Lurrak dituen pertsona, bereziki nekazaritza-lurren jabe dena. Ik. lurdun. Bederatzi lur-jabe zuri eta bi nekazari beltz hil dira istiluak piztu zirenetik. Lur-jabe handien esku, ustiatu gabe diren lursailak. Lur-jabe txikiak.

lur jausi, lur-jausi iz. Luizia. Uholde eta lur-jausien eraginez salbamendu lanak zaildu egin dira.

lur jo Behea jo, erori; hondoa jo, erabat hondatua gertatu. Ik. erreka jo; porrot egin. Egun hartan bertan etxeak lur jo zuen, baina inork ere ez zuen minik hartu. 1970-72 bitartean lur jotzeraino jaitsia zen kobrearen prezioa. Erromatarren antolamenduak lur jo zuenean. Baina Sarako Etxeberriren saio ausart hark zeharo lur jo zuen. Sozialismoa lur jota dagoela diotenak. Andrea hil zitzaionetik zeharo lur jota dago.

lur joarazi 1 Erorarazi, eraitsi. Astoak, ostikoka, lur joarazi zion, eta kolpeaz saihets bat apurtu zuen.

2 Erabat hondatu, porrot eginarazi.

lur jotze, lur-jotze iz. Behea jotzea, erabat hondatua gertatzea.

lur lan, lur-lan iz. Lurra lantzea. Ik. nekazaritza; laborantza. Lur-lanetan aritzea. Lur-lanerako lanabesak.

lur langile, lur-langile iz. Nekazaria.

lur lantze, lur-lantze iz. Lur-lana.

lurra eman 1 dio ad. Ehortzi, lurperatu. Ik. lur eman. Berak prestatutako hobian lurra eman zitzaion. Donostiako hilerrian lurra eman diote gorpuari.

2 Ondoztatu, lurreztatu.

lurreko paradisu iz. Paradisua, Jainkoak Adam eta Eva jarri zituen lorategi atseginez betea. Lurreko paradisuan, leku plazerez betean.

lurrez 1 adb. Lurraldez, lur eremuari dagokionez. Euskarak ez du gehiegizko hedadurarik izan, ez lurrez, ez hiztunez, eta ez literatura obrez ere.

2 adb. Lehorrez, lehorreko bideak erabiliz. Urez ala lurrez alde batetik bestera gauzak eramatea.

lurrezko adj. Buztinezkoa, zeramikazkoa; lurrez egina. Lurrezko eltze batean. Lurrezko ontziak. Lurrezko eta lastozko etxeak.

lur santu 1 iz. Hilerria.

2 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Kristauen artean, Jesu Kristoren bizitza eta heriotza gertatu ziren lekuak. Ik. leku santu 2. Palestina edo Lur Santua deitzen duguna. Itsasoetan urrundu zen gurutzearekin, Lur Santuei laguntza ekarri beharrez.

lur zabal iz. Lurra, mundua. Ik. lurbira. Holako gutxi da gaur lur zabalean. Lur zabal guztia baino beste aberririk ez zuen.

lur zulo, lur-zulo 1 iz. Lurrean egindako zuloa. Lur zulo biribil harriz jantzia izaten da karobia. Azeriak lur zulo batean zeuzkan umeak.

2 iz. Leize-zuloa.

lur zuri iz. Kaolina, toska. Ik. buztinzuri. Toska edo lur zuriarekin portzelana egiteko.

lurbira

1 iz. Lurra, mundua. Lurbira guztian ez dago bera bezalako gizonik. Lurbira osoan barrena ibilia baita.

2 iz. Lurraren bira. Lurbira osoa egin zuen lehena.

lurburu

1 iz. Lurraren poloa. Ik. iparburu; hegoburu. Bi lurburuak.

2 iz. Lurburu inguruko eskualdea. Lurburuko izotzetan.

lurdun

adj. Lurrak dituena, bereziki nekazaritza-lurren jabe dena. Ik. lur-jabe. Lapurdiko jaun lurdun gehienak.

lurgabe

adj. Jabetzan lurrik ez duena, bereziki nekazaritza-lurren jabe ez dena. Laborari lurgabe andana batek oldarrean hartuak eta bahituak zituen presidentearen esposaren 1.800 hektarea lur.

lurgain

iz. Lurzorua. Eguzkiaren beroak lurgaineko ura lurrun bihurtzen du. Lurgainean uranio askorik ezin aurki daiteke. Euskal kosmosa, ortziak, lurgainak eta lurpeak osatzen dute, beste edozeinena bezala. || Ik. lur 2. Ez dela lurgainean aurkitzen mutilik, lasterka zu adinbat joan daitekeenik.

lurgune

iz. Lur eremua, lursaila.

lurkoi

adj. Lurrari atxikia, mundutarra. Gizon lurkoiak. Gurari lurkoiak.

lurmen

iz. Elurra urtu den lur zatia. Elurra ari zuen eta inon ere lurmenik ez. || Egutera lurmen zegoen eta laiotza, ostera, elur.

lurmendu, lurmen/lurmendu, lurmentzen

da/du ad. Elurra urtu, lurmenak azaldu. Lurmentzen duenean. Lurmentzen ez den izotza.

lurmentze

iz. Elurra urtzea, lurmenak azaltzea. Po ibaiaren adar nagusia, Dora Baltea, bete-betea dator, sasoi honetan gertatzen baita glaziarretako elurren lurmentze nagusia.

lurmutur

iz. Itsasoan barneratzen den lur zatia. Matxitxako lurmuturra.

lurmuturtar

1 adj. Lurmutur Hirikoa, Lurmutur Hiriari dagokiona. Lurmuturtar idazlea.

2 iz. Lurmutur Hiriko herritarra.

lurpe

iz. Lurrazpia, lurrazpiko tokia. Lurpe batean sartu zen. Lurpe hotzean daudenak. Basoetan edo lurpeetan bizi direnak. || Lurpean gorderiko altxor bat. Lurpean datza ehortzia. Lurpetik atera balitz bezala. Lurpeko harrak. Lurpeko bide asko zituen, isilik irteteko eta sartzeko. Lurpeko ura igarotzen bada hura dagoen lekutik. Lurpeko presondegian. Hila lurpera, biziak asera (esr. zah.).

lurpebide

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, lurpebide-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. azpibide].

lurperatu, lurpera/lurperatu, lurperatzen

1 da/du ad. Lurpera sartu. Lurperatu nintzenean. Altxorra lurperatu zuen.

2 du ad. Hilotza lurpean edo hobi batean ezarri. Ik. ehortzi; hobiratu; lur eman. Hil eta hurrengo egunean lurperatu zuten. Harrizko hobi baten lurperatua. Lurperatu gabe utzi zutelako.

lurperatzaile

iz. Hilei lur ematen dien pertsona. Ik. ehorzle; lur-emaile. Lanak izan dituzte lurperatzaileek, hilkutxa zuloan sartzeko.

lurperatze

1 iz. Lurpean sartzea. Hondakinen tratamendua konpontzeko aterabidea ez da lurperatze eremu erraldoiak egitea, birziklatzea baizik.

2 iz. Ehorzketa.

lurpetu, lurpe/lurpetu, lurpetzen

da/du ad. Lurperatu.

lurraldatu, lurralda, lurraldatzen

du ad. Lurrez aldatu. Basalandareak txertatu eta sakonki aitzurturiko zuloetara lurraldatu ditu.

lurralde

iz. Lur eremu edo hedadura aski zabala, berezitasunen bat ezaugarri duena. Euskal Herriko lurralde guztian. Arizonako lurralde zabal lehorrak. Beste hitz batzuk lurralde edo lanbide berezi batekoak dira. Mende horretan galdu zuen euskarak lurralde ederra Araban. Urak inguratzen dituen lurralde ezkutuak.

lurralde antolamendu, lurralde-antolamendu iz. Lurraldearen antolamendu eta garapenerako politika, baliabide natural eta ekonomikoak aintzat harturik eta oreka zainduz, jarduerak, hornikuntzak eta azpiegiturak antolatzera bideratua dena. Lurralde antolamenduari dagokion auzia dela uste dute.

lurraldetasun

iz. Lurralde osotasun juridikoa. Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herriari ez dio lurraldetasuna onartu nahi, ez du euskal departamendurik sortu nahi.

lurrazal

1 iz. Lurraren azala. Ik. lurzoru. Lurrazalean eta lurpean. Giza kondaira Lurraren kondairari, eta, batez ere, lurrazalarenari, itsatsirik ageri zaigu.

2 iz. Geol. Lurraren kanpoko geruza, kontinenteetan 35-40 km eta ozeanoen azpian 5-10 km dituena.

lurrazpi

iz. Lurrazalaren azpia, lurrazalaren azpiko tokia. Ik. lurpe. Gure ingurunea moldatuz joan gara: lurrazala eta lurrazpia ustiatu ditugu. Lurrazpian hazten den onddo bat da boilurra. Meatzariek hamazazpi egun daramatzate lurrazpitik irten ezinik. Lurrazpiko aparkalekuak. Eraikinak hamar solairu ditu, bost lurrazpikoak.

lurrerarazi, lurreraraz, lurrerarazten

du ad. Lurreratzera behartu. Paganoen eliza guztiak lurrerarazi zituen.

lurreratu, lurrera/lurreratu, lurreratzen

1 da ad. Lurrera jaitsi. Ik. lur hartu. Mesias lurreratu zenean. Hegazkinak lurreratzeko zelaia.

2 du ad. Lurrera bota. Ik. eraitsi1. Erroak barna dituen zuhaitza ez du edozein haize kolpek lurreratzen. Ehun etsai lurreratu zituen. Nork lurreratu zuen Jerusalemgo herria?

lurreratze

1 iz. Lurrera jaistea. Aireratze eta lurreratze pistak. Lurreratzeak beldurra ematen zion, baina ez aireratzeak adina.

2 iz. Lurrera botatzea.

lurreztatu, lurrezta, lurreztatzen

1 du ad. Lurrez estali. Landareak ipini ondoren, maiz lurreztatu behar dituzu mahatsondoak.

2 (Partizipio burutua izenondo gisa). Gaztea zinkurinka erori zen lurrera eta luzaro gabe inurriek bide egiten dute haren zango lurreztatuetan.

lurrikara

iz. Lurrazalaren higidura edo astinaldi nabaria. San Frantziskoko lurrikara. Lurrikara batek etxe guztia zimenduetaraino dardaratu zuen.

lurrin

1 iz. Usain gozoa. Ik. urrin1 1. Lurrari zerion lurrina. Loreak lurrin gozo eskainka izaten diren bezala.

2 iz. Usain gozoa emateko egiten den gaia. Ik. perfume; urringai;  + usaingarri; usain gozo 2; usain on 2. Izebaren lurrin flaskoa hartu eta lurrin pixka bat zabaldu nuen lepoan eta galtzarbeetan.

3 iz. Irud. Hitzek badute beren usaina eta lurrina.

4 iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, lurrin-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori 'lurruna' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. lurrun].

lurrindegi

iz. Lurrinak saltzen diren denda.

lurrindu, lurrin/lurrindu, lurrintzen

du ad. Norbaiti edo zerbaiti usain edo zapore ona erantsi. Haren usain gozoak inguru guztia lurrindu zuen. Belarrez lurrindutako ur beroa besterik ez zuten hartzen egun osoan.

lurringai

iz. Usain ona ematen duen gaia, lurrinak egiteko gaia. Lurringaiak eta usain belarrak erretzeko aldarea.

lurrinontzi

iz. Lurrina edukitzeko ontzia.

lurrintsu

adj. Usaintsua. Kandela lurrintsuak.

lurrintzaile

iz. Zerbaiti, bereziki elikagai bati, usain ona emateko eransten zaion gai edo gehigarria. Zukuari eransten zaizkion gaietatik lurrintzailea da garestienetakoa.

lurrontzi

iz. Lurrezko ontzia. Lurrontzi puskak.

lurrontzigintza

iz. Lurrontziak egitea; lurrontziak egiten dituenaren lanbidea.

lurrotz

iz. Lurra goldatzean irauli gabe gelditzen den azpiko lurra.

lurrun

iz. Ohiko egoeran likidoa den gai baten gasa; bereziki, gorputz heze edo isurkari bero batetik jalgitzen ikusten dena. Hasi da lapikoa lurruna dariola. Eguzkiaren beroak lurgaineko ura lurrun bihurtzen du. Leihoko beirak sukaldeko lurrunaz lauso ageri dira. Arnas lurrunarekin berotuaz ahurra.

lurrun makina, lurrun-makina iz. Ur lurrunaren indarrez higitzen den makina.

ur lurrun, ur-lurrun iz. Fis., Kim. Gas egoeran dagoen ura. Hezetasuna da leku eta une jakin batean airean dagoen ur lurrun kantitatea. Kalkula itzazu igarotzen den ur lurrunaren masa-unitateari dagokion lan garbia eta errendimendu termikoa.

lurrundu, lurrun/lurrundu, lurruntzen

1 da/du ad. Lurrun bihurtu. Beroak alkohola lurruntzen du. Itsas ura lurruntzen denean, gatza gelditzen da.

2 da/du ad. Lurrunez estali. Betaurrekoak lurrundu zaizkit tabernan sartzean.

lurruneztagailu

iz. Lurruneztatzeko tresna.

lurruneztapen

iz. Lurruneztatzea.

lurruneztatu, lurrunezta, lurruneztatzen

du ad. Zerbaiten gainean likido baten tanta xehe-xeheak hedatu. Ik. lainoztatu; atomizatu.

lurrungailu

iz. Hozkailuetako eta aire girotuaren sistemetako bero-trukagailua, hozgarria lurruntzen duena. Jarri eskua lurrungailutik konpresorera doan hodian; beroa egon behar du; ez badago beroa, arazoren bat egongo da instalazioan.

lurrunketa

iz. Lurruntzea; horren ondorioa. Gorputz baten barnealdea lehortzean, ur molekulak gainazalerantz hedatzen dira, eta gainazalean lurrunketa gertatzen da. Beroak eta haizeak lurrunketa bizkortzen dute.

lurrunkor

adj. Lurruntzeko joera duena, erraz lurruntzen dena. Isurkari lurrunkorrak.

lurrunontzi

iz. Baporea (uretako ibilgailua). Mississippi ibaiko lurrunontzi gurpildunak.

lurruntsu

adj. Lurruna dariona. Lapiko lurruntsuz josia zegoen sukaldea.

lurruntz

iz. Ezkertea.

lurruspe

iz. Haitzuloa, harpea. Ikusten dugu San Inazio egon zen lurruspearen sarrera.

lurrustel

iz. Nekaz. Humus asko duen lur geruza, landareak hazten direna. Ik. lur beltz. Lurrustelak du egiten lurraren aberastasuna.

lursagar

iz. Batez ere Ipar. Patata. Lursagar egosiak.

lursail

iz. Lur eremua. Ik. lurtze; lurzati; lurgune. Herriko lursail guztien jabea. Ugalduz joan ziren pentzeak eta lursail landuak. Fruta-arbolen lursail txiki bat dut. Argentinako lursailen % 75 basamortua da gaur egun.

lurtadura

iz. Luizia.

lurtar

1 adj. Lurrari dagokiona, lurrari atxikia, lurrekoa. Lurretik datorrena lurtarra da, eta ez zerutarra. Nire espiritu ahul lurtarra. Mistika lurtarra da hori. Itsasoko txoria nekez da lurtar (Ik. lehortar).

2 iz. Lurreko biztanlea. Ilargitarrak eta lurtarrak.

lurtatu, lurta, lurtatzen

da ad. Zub. (Eraikinak, lurrak edo kidekoak) erori, beherantz joan. Ik. litatu.

lurtu, lur/lurtu, lurtzen

da ad. Lur bihurtu. Lur zenak lurtu behar du.

lurtze

iz. Lursaila.

lurzati

iz. Lursaila, bereziki lursail baten zatia. Handikiak lurzati handien jabe ziren. Hormaz inguratua zegoen lurzati apainki landua.

lurzoru

1 iz. Lurraren gainazala. Ik. lurrazal. Aireak ez baitu lurzoruaren tenperatura bera.

2 iz. (Hirigintzako testuinguruetan). Lurra lurzoru da agintarientzat. Lurzoruen jabeek eta espekulatzaileek.

lusakar

1 adj. Lusakakoa, Lusakari dagokiona. Lusakar agintaria.

2 iz. Lusakako herritarra.

lusitaniar

1 adj. Lusitaniakoa, Lusitaniari dagokiona. Lusitaniar agintaria.

2 iz. Lusitaniako herritarra.

lustre

iz. Heg. Betuna, ziraia. Zapatei lustrea eman.

lusuil

iz. Suila.

luteranismo

iz. Martin Luteroren doktrina.

luterano

1 adj. Luterori edo haren doktrinari dagokiona. Apaiz luteranoak.

2 iz. Luteroren jarraitzailea.

luteziar

1 adj. Luteziakoa, Luteziari dagokiona.

2 iz. Luteziako herritarra.

lutezio

iz. Kim. Lantanidoen saileko metal zilarkara, aski egonkorra eta korrosioa jasaten duena (Lu; zenbaki atomikoa, 71). Lutezioari izena Paris hiriaren omenez eman zioten, haren izena latinez Lutetia baita.

luto

iz. Heg. Dolua.

lutxo

iz. Ibai eta aintziretan bizi den arrain haragijalea, muturra luzea eta gorputza hori-berdexka dituena (Fam. Esocidae).

luvitera

iz. Anatoliako antzinako hizkuntza.

lux

iz. Fis. Argiztapenaren unitatea, metro koadroko lumen bateko argi fluxua jasotzen duen gainazalaren argiztapenaren baliokidea dena (lx). 10-15 luxekin ezin duzu liburu bat irakurri, baina ez da hori argiztatze publikoaren helburua, kalea argitzea baizik.

luxenburgera

iz. Alemanaren aldaera, Luxenburgon mintzatzen dena.

luxenburgotar

1 adj. Luxenburgokoa, Luxenburgori dagokiona. Luxenburgotar kirolaria.

2 iz. Luxenburgoko herritarra.

luxu

iz. Beharrezkoak ez diren gauza garestien multzoa; aberastasun erakustaldia. Luxu handiko etxea. Gurasoen diruari, etxeei, autoei eta luxuari uko egin eta iraultzaren alde borrokatzeko eman omen zuen izena.

Oharra: azken eguneraketa 2022-01-12

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper