Euskaltzaindiaren Hiztegia

0

galaitasun

iz. Galaia denaren nolakotasuna. Galaitasun handirik gabe erantzun zion.

galaktiko

adj. Astron. Gure galaxiakoa, gure galaxiari dagokiona; galaxietakoa, galaxiei dagokiena. Bizitzeko egokia den eremu galaktiko bat identifikatu dugu. Halo galaktikoa.

galale

iz. Zah. Gari alea.

galanki

1 adb. Ederki. Galanki prestatu. Galanki apaindurik.

2 adb. Asko, ugari. Asko jan eta galanki edan. Galanki gastatuagatik, ez zela dirua ahitzen. Lana galanki eginez. Elurra galanki ari zuela. Biak galanki saiatu dira. Gure kontra mintzatzen zara galanki.

galanperna

iz. Zenbait perretxiko motaren izena (Cystoderma sp. eta Lepiota sp.).

galant

1 adj. Itxura on edo ederrekoa; bikaina. Maritxu, nora zoaz, eder galant hori? Ea senargai galant bat kausitzen dunan. Galanta gorputzez, ederra ariman. Andre galanta eta dotorea. Hendaiako portua eta Abbadieren jauregi galanta. Lagunartean olgetan, jantzi zuri ederrekin eta soineko galantekin. Afari galanta egin zuen. Osasun galantarekin nago. Zortzi behi eta idisko galant bat.

2 adj. Zintzoa. Ene seme galanta.

3 adj. Handia, eskerga. Ik. eder1 4. Gezur galanta. Pena galanta hartu zuen. Diru pilo galantak. Bi dira batez ere Bungeren erru galantak. Txerrikeria galanta egin zuela. Hutsune galanta izango dugu etxean haren joateaz. Osasun galantarekin nago. Hi, bazekiat nik zer haizen hi, ganbelua galanta! Eskergabea zu galanta! Hori?, harro galanta hori! Berriketarako gogoa galanta, horixe da zuk duzuna.

galantak eman Jipoitu, jipoia eman. Ik. ederrak eman. Makila bat hartu eta galantak eman dizkio.

galantasun

iz. Edertasuna. Galantasun berdingabea duzu Jaunak emanik.

galanto

adb. Bizk. Galanki. Galanto aurpegi ematen zien arerio guztiei. Hementxe dator galanto. Galanto jan eta edanaz.

galantu, galant/galantu, galantzen

da/du ad. Apaindu, edertu. Bazekik bere burua txukunkiro edertzen, apaintzen, galantzen.

galarazi, galaraz, galarazten

1 du ad. Galtzera behartu. Gaizki esanez galarazi den ohorea. Bidea galarazten duen behe lainoa. Bihozmin horrek osasuna galarazi zion. Gaiztakeriaz haurrak galtzen edo galarazten dituena. Galarazi gaituzu ni eta etxea. Goibeltasunak ez dit galarazi adorea.

2 du ad. Eragotzi. Elurrak galarazi egiten du mendian ibiltzea. Ez duzu entzun errotariari ez diola loa galarazten errota soinu jarraituak? Ezkontza hura galarazteko ahaleginak egin zituen. Zuhaitz batek leihoa ikustea galarazten zion.

3 dio ad. (nor osagarririk gabe). Eragotzi, norbaiten lasaitasuna edo ongi izatea asaldatu. Galarazten al dizut? Niri ez galarazteko egin dio keinua neskak txakurrari. Barkatu, galaraztera natorrela badakit, baina presa dut.

4 du ad. Debekatu. Jainkoaren seigarren aginduan galarazten zaizkigun gauzak. Galarazia dute gizonek atzerriko emakumeekin ezkontzea. Bertako hizkuntza eskoletan zeharo galaraztea erabaki zuen.

galarazle

adj./iz. Galarazten duena. Zuen ahaide eta adiskideak izango dira zuen galarazle.

galarazpen

iz. Galaraztea; eragozpena. Galarazpenak ezarri.

galarazte

1 iz. Debekua. Gotzainak jaia galarazi; itsasgizonek gaizki iritzi zioten galarazte horri.

2 iz. Eragozpena.

galarren

iz. Bizk. Galerna. Ik. enbata. Galarrena sartu zen.

galarrots

iz. Tobera.

galartar

1 adj. Galarkoa, Galarri dagokiona.

2 iz. Galarko herritarra.

galartzu

iz. Xingola.

galauts

iz. Gariaren hautsa, garia jotzean barreiatzen diren hondakinak. Galautsak eztarria lehortzen zion.

galaxia

iz. Izarrez eta hautsez osaturiko multzoa, unibertsoan bakartua dagoena. Lurretik 13.000 milioi argi urtera dauden galaxiak.

galazi1

iz. Gari-hazia.

galazi2

ad. [Oharra: Euskaltzaindiak, galazi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. galarazi].

galaziar

1 adj. Galaziakoa, Galaziari dagokiona.

2 iz. Galaziako herritarra.

galbahe

1 iz. Aleak, hondarra, ikatza eta kidekoak bahetzeko erabiltzen den bahe xehea. Alea galbahean garbitu behar da. Galbahearekin garia astindu. Hartzen dute gero aleen dinako zuloak dituen galbahe bat; galbaheak hartu ahala gari botatzen dute bertara, eta gelditzen dira galbahean harri koskorrak eta beste zakarrak.

2 iz. Irud. Hitz kontuak garbitzeko galbahe tapituagoa erabiltzen da. Zentsuraren galbahetik igarotzeko.

galbahetu, galbahe/galbahetu, galbahetzen

du ad. Galbahetik igaroarazi, galbaheaz zatikien tamainaren arabera bereizi. Ik. bahetu. || Nahi ditugu euskararen korapiloak eta auziak galbahetu eta ahal dela argitu.

galbahetze

iz. Galbaheaz igaroaraztea, galbaheaz zatikien tamainaren arabera bereiztea. Gogoeta egin zuten giza burmuinaren informazio-jasotze eta galbahetze prozesuei buruz.

galbana

iz. Heg. Lgart. Zerbaitek eragindako nagitasuna. Nahasmen horrek guztiak sekulako galbana eman zidan. Atzo parrandan ibili, eta gaur galbana demasa.

galbide

1 iz. Galtzeko, hondatzeko edo suntsitzeko bidea; arriskua. Ik. galzori. Nire ondotik dabilena galbideetatik urrun ibiliko da. Galbidean barrena dabiltza. Ihes egizu bekatuan erorarazten zaituen lagun, joko, etxe edo beste edozein galbidetatik. Bere ilobari zion amodioak arrisku eta galbide estuetan ipini izan zuen Abraham. Gorputz eta arimaren gaitz eta galbide guztietatik onez atera gaitzala. Zure garbitasuna galbide handian dago. Zitalkeriak ez gaitu inora eramango, galbidera ez bada. Antzinako ohitura eder hori galbidean zihoan gure artean. Horrela jokatuz, geure bizi bakar ezin berrituzkoa galbidean jarri ez ezik, galdu ere egingo dugu ezinbestean. Semea lainezaz betetzen duen gurasoak galbidean jartzen du sarri asko. Noiz agertzen den hitza, zaharkitua ote dagoen, galbidean hasia edo heldua. Galbidezko etxeetan.

2 iz. Gaizpidea.

galbideratu, galbidera/galbideratu, galbideratzen

du ad. Galbidera eraman. Gogoan izango duzu nola saiatu ziren zure senarra galbideratzen. Batzuk beren zentzugabekeriaz galbideratzen dira, eta gero Jaunari egozten diote errua.

galbidetsu

adj. Galbidez betea, arriskutsua. Mundu galbidetsu honetan.

galbizar

iz. Gariaren bizarra. Bizkarretik behera sartzen zaigun hautsaren eta galbizarraren errea.

galburu

iz. Gariaren buruxka. Zazpi galburu eder mardul, lasto batetik zetozenak. Eguzkiak galburuak urreztatzen ditu.

galda

1 iz. Bero kiskalgarria. Ik. eguzki galda. Udako galdak urtua zuen galipota errepideko hainbat txokotan. Nire barruko galda inork ezagut ez zezan. Eta haren zolan ikusten ditut sugarrak galda bizian.

2 iz. Garra. Infernuko galda bizi ikaragarri haietan. Galda bizizko sua.

3 iz. Galdategia.

galdan adb. Bero-bero, gori-gori. (Batez ere egon aditzarekin erabiltzen da). Galdan dagoen labea. Oi, Maria, zure bihotza galdan dago Jainkoaren alderako suaz. || Galda-galdan dagoen burdina baino goriago.

galdatan adb. Ik. eguzki galdatan. Udako bero galdatan.

galdagarri

adj. Ekon., Zuz. Eskubidez galda daitekeena, eska daitekeena. Gizarte Segurantzarekiko zorren berandutze interesak galdagarri izango dira.

galdakar

1 adj. Galdakaokoa, Galdakaori dagokiona. Ik. galdakoztar.

2 iz. Galdakaoko herritarra.

galdaketa

iz. Galdatzea, (metalak) urtzea. Galdaketa eta autogintza uztartzeko moduak ikertzen ari dira.

galdakoztar

1 adj. Galdakaokoa, Galdakaori dagokiona. Ik. galdakar.

2 iz. Galdakaoko herritarra.

galdamestar

1 adj. Galdameskoa, Galdamesi dagokiona.

2 iz. Galdamesko herritarra.

galdara

1 iz. Pertza. Galdara laratzetik kendu gabe. Galdara-konpontzailea.

2 iz. Ura berotzeko edo lurruntzeko erabiltzen den ontzi itxia, kanpoko bero iturria erabiltzen duena. Ik. berogailu. Lurrun makinaren galdara. Galdara baten eztandak Gizarte Segurantzaren egoitza suntsitu du. Galdara-gelara eraman gintuen, zeina kedarrez belzturik baitzegoen.

galdaragile

iz. g.er. Galdarak egiten edo konpontzen dituen eskulangilea.

galdaragintza

1 iz. Galdarak egitea; galdaragilearen lanbidea.

2 iz. Altzairuzko edo burdinazko xaflak ebakitzea, forjatzea eta prestatzea.

galdarategi

iz. Galdara-gela, ura berotzeko galdarak dauden lekua.

galdategi

iz. Metalak, bereziki burdina, urtzeko lantegia. Ik. galda 3.

galdatu1, galda/galdatu, galdatzen

1 du ad. Ipar. Galdetu, galdegin. Erdaraz, zergatik?, galda dezake norbaitek. Honetaz zerbait galdatu dit batek baino gehiagok. Lehenik galdatuko dizut zer eskola egin duzun eta zer ikasi duzun.

2 du ad. Ipar. Eskatu. Jainkoaren izenean galdatzen diote ogi puska bat eta gau hartako aterpea. Hark galdatu bezala egin dute. Inori laguntzarik galdatu gabe. Ostatu galdatzen.

3 du ad. Ekon., Zuz. Norbaitek dagokiona eskubidez eskatu. Salatzaileak hori galdatuz gero, salaketa gauzatu izanaren egiaztagiria emango zaio.

galdatu2, galda/galdatu, galdatzen

1 du ad. Asko berotu; goritu. Eguzkia bideak galdatzen hasi baino lehen. Errementerian goritu eta galdaturiko burdina bezala.

2 du ad. Metalez mintzatuz, urtu. Aurrera-ko labeak hamaika burdina galdatutakoak dira.

galdatzaile

1 iz. Ipar. Galdetzailea; eskatzailea.

2 iz. Galdaketan lan egiten duen langilea. Portilla familiako lehen maisu galdatzaile ezagunak Marcos eta Eduardo Portilla Linares anaiak dira.

galde

1 iz. Galdera, itauna. Galdeak eta erantzunak. Galde-eskarien saila. Galde zerrenda. Galde hau egin zion: zergatik ez duk Bel gurtu nahi? Banituen horrenbeste eta horrenbeste galde hari egiteko. Eta ez ziren ausartzen hari beste galderik egitera. Galde bana eginda.

2 adb. (-en atzizkiaren eskuinean). Galdez, galdezka. Zergatikoaren galde dabilenari. Zure galde datoz.

3 iz. Ipar. Eskea. Laguntzaren galdea.

galdea egin 1 Galdetu. Berdinik inon ote dagoen egingo nuke galdea. Apaizak, beste gauza batzuen hurrena, galdea egin zion: zein da seigarrena?

2 Ipar. Eskea egin. Mendian su eman aitzin, galdea egin behar dela Herriko Etxean. Ezkontzekoa da halako neskatxarekin; jadanik galdea egina du.

3 (-en atzizkiaren eskuinean). Norbaiti edo zerbaiti buruz galdetu. Jaun batek egiten du hemen zure galdea. Haien galdea egin dit niri ere.

galdean 1 adb. Galdez. Ea nirekin konforme zegoen hasi nintzaion galdean.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). Norbaiti edo zerbaiti buruz galdezka; zerbaiten eske. Haiek laga dutenean hasi da nire galdean. Ume gaixoak negarrez daude, afariaren galdean.

galde-erantzun iz. pl. Galderak eta erantzunak. Berri bila jo dugu beragana eta hona hemen zenbait galde-erantzun. Galde-erantzunetan hasi baino lehen, oharpen batzuk egin nahi ditut.

galde eta galde adb. Behin eta berriz galdetuz. Batzuk eta besteak ari zitzaizkion galde eta galde.

galde sorta, galde-sorta Galdera sorta, norbaitek erantzuteko prestatzen dena. Ik. galdetegi. Informazioa biltzeko erabilitako galde sorta.

galdearazi, galdearaz, galdearazten

du ad. Galdetzera behartu. Ik. galdeginarazi. Petrik uste izan zuen Joan apostolu maitea zela Jaunari halako galde bat egiteko egokiena, eta honi galdearazi zion.

galdegai

iz. Hizkl. Perpaus batean, berria den edo azpimarratu nahi den zerbait jakinarazten duen atala. Galdegaia eta mintzagaia euskaraz.

galdegile

1 iz. Hizkl. Galdetzailea.

2 iz. Ipar. Eskatzailea.

galdegin, galdegin, galdegiten

1 du ad. Galdetu. Galdegiten dizutenean zenbat urte dituzun. Zozokeria bat galdegiten dute. Galdegiozu aitari.

2 du ad. Ipar. Eskatu. Zer galdegiten duzu eske horretan? Utzi zuen mando zaintzea eta galdegin zuen Elizaren zerbitzuan berriz sartzea. Barkamendu galdegin.

galdeginarazi, galdeginaraz, galdeginarazten

1 du ad. Galdearazi.

2 du ad. Ipar. Eskarazi.

galdegite

1 iz. Galdetzea, galdera. Ene liburuak ere Montaigneren galdegite bat izan du abiapuntu. Etengabeko galdegite hau ez da oraindik bukatu, ezta bukatuko ere gizona gizon deno.

2 iz. Eskaria, eskatzea.

galdegitza

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, galdegitza-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. galdeitza].

galdeikur

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, galdeikur-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. galdera marka].

galdeitza

1 iz. Ipar. g.g.er. Eskea. Entzun ezazu orain zuri egitera noan galdeitza.

2 iz. Ipar. g.g.er. Galdera.

galdeka

adb. Galdezka.

galdekatu, galdeka/galdekatu, galdekatzen

du ad. Galdetu; bereziki, galdeketa egin. Parisen galdekatu nituen zuberotar batzuek ez zuten hitz hori ezagutzen. Epaileak atxilotua galdekatu zuenean. || (Partizipio burutua izenondo gisa). Alde batetik, galdekatzaileak, eta, bestetik, galdekatua.

galdekatzaile

iz. Galdekatzen duen pertsona. Alde batetik, galdekatzaileak, eta, bestetik, galdekatua.

galdekatze

iz. Galdetzea; bereziki, galdeketa egitea. CIAren eta Egiptoko zerbitzu sekretuen galdekatze metodoak.

galdeketa

iz. Argibide jakin bat lortzeko egiten den galdera saila. Ik. itaunketa. Galdeketak erdaraz egin zituen. Poliziaren galdeketa.

galdekizun

1 iz. Galdera, galdegitea.

2 iz. Galde sorta; inkesta. Edozein atlas egiterakoan, bi arazo behar dira kontuan izan beti: galdekizunaren luzera eta azterkizun den lurraldearen hedadura.

galdemarka

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, galdemarka-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. galdera marka].

galdera

iz. Zerbait jakin nahi dela adieraziz eta haren berri emateko eskatuz egiten den esaldia. Ik. itaun. Galdera bat egingo dizut. Galdera horri erantzuterik ez dago. Aitor-entzulearen galderen zain egon gabe. Galderazko esaldietan. Zehar-galdera. Zati galdera. Sasi-galdera erretorikoetan.

galdera egin 1 Ik. galdetu; galdatu1 1; itaundu. Norbaiti galdera egiten zaionean, galdera egiten duenarentzat da erantzuna. Galdera egin, eta isildu egin zen. Galdera egin orduko damutu nintzen.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). Norbaiti edo zerbaiti buruz galdetu. Lehendabizi, gure amaren galdera egin du.

galdera-erantzun iz. pl. Galderak eta erantzunak. Ik. galde-erantzun. Ez dira galdera-erantzun motako elkarrizketak, kazetaria tarteka baino ez da agertzen. Galdera-erantzunen tartea bozketaren ondoren egingo zela.

galdera marka, galdera-marka Galde perpausen amaieran, eta hizkuntza batzuetan baita hasieran ere, ezartzen den puntuazio marka (¿?).

galderna

iz. Landare zorria, arrautza formako gorputza duena eta landareen izerdia xurgatuz elikatzen dena (Fam. Aphididae).

galdetegi

1 iz. Galdera sorta, ikerketa baterako edo informazioa lortzeko prestatzen dena; galdera sorta hori jasotzen duen idazkia. Ik. galde sorta. Ehun galderatik gorako galdetegia prestatu zuten ikertzaileek. Eustat-en galdetegia erantzun dutenak.

2 iz. Inkesta. Hala uste du galdetegian parte hartu dutenen % 36k. Ikasleen eta irakasleen artean hizkuntza-gaitasunari buruzko galdetegia egin da.

galdetu, galde/galdetu, galdetzen

1 du ad. Galderak egin. Ik. galdatu1; galdegin; itaundu. Nor zara zu?, galdetu nion. Ez niri hori galdetu. Galdetu omen zioten bere bigarren deituraz. Galde iezaiezu ea zer nahi duten. Aingeruari izena galdetu zion. Ez deus galde, ez bila, ez jakin. Bazter guztietan galdetuz.

2 du ad. Ipar. Eskatu. Ohe bat galdetzen du gaua iragateko. Kontseilu galdetu behar zaie pertsona zuhurrei. Hasi zitzaion galdetzen eta galdetzen ireki ziezaiola atea.

galdetzaile

1 iz. Galderak egiten dituen pertsona. Galdetzaileari erantzuteko aginduaz.

2 iz. Ipar. Eskatzailea.

3 iz. Hizkl. Galderak egiteko erabiltzen den izenordain, izenondo, adizlagun edo partikula. Nora eta non galdetzaileak.

galdetze

iz. galdetu aditzari dagokion ekintza.

galdez

1 adb. Galdezka. (-en atzizkia hartu duen izen sintagma mugatu bati, edo zehar-galderazko perpaus bati dagokiola). Atez ate zebilen bere anaia txikiaren galdez. Aitaren galdez ari da. Ama, erromes bat da zure galdez. Nork egin ote zuen galdez hasi ziren. Galdez nauzue, bada, zergatik ni erakarri nauzuen. Agertzen zaigu beharrik emazte bat, zer nahi dugun galdez. || (Izen sintagmarik gabe). Moises Jainkoari galdez joan zitzaion. Beren artean galdez zeuden, ziotela, zer da hau? Ez zuten zer ibili galdez, lapurreta gauza gaiztoa zela jakiteko. Galdez nagokizue.

2 adb. Ipar. Eske. Gizarteari oihuz ari naiz, zuzentasunaren galdez. Haren kontra goraki dago mendeku galdez. On eta gaiztoen alde galdez zeruari. Ez zen otoitzetik baratu, Jainkoari galdez senda zezan, otoi, semea.

galdezko 1 adj. Zerbait eskatzeko egiten dena. Galdezko otoitza.

2 adj. Zerbait galdetzeko egiten dena. Galdezko perpausa.

galde-zeinu

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, galde-zeinu-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. galdera marka].

galdezka

1 adb. Galderak egiten; norbaiten edo zerbaiten galdea egiten. (-en atzizkia hartu duen izen sintagma mugatu bati, edo zehar-galderazko perpaus bati dagokiola). Ik. galdez; itaunka. Etxerik etxe nabil Jesusen galdezka. Mirentxu beti zure galdezka etxean daukat negarrez. Nor ote zen galdezka. Ez al garen isilduko ari dira galdezka. Nirekiko ari naiz galdezka ea auzi horrek ba ote duen behar bezalako funtsik. || (Izen sintagmarik gabe). Hasi ziren elkarri galdezka.

2 adb. Ipar. Eske. Urrikiaren galdezka gaude, gure jabe eta jauna.

galdo

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, galdo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. galto].

galdor

iz. Gandorra; gailurra. Ik. gangar.

galdu, gal, galtzen

1 du ad. Zerbaitez gabetua gertatu. (Berreskura edo bila daitekeen zerbaitez). Anton. aurkitu. Giltzak galdu ditu. Mila pezetakoa galdu dut eta ez dut inon aurkitzen. Etxean edo bortuan ardiak galtzeko beldurra. Zakutik bihia gal edo zorrotik irina, da galtze berdina (esr. zah.).

2 du ad. (Ezin bila edo berez ezin berreskura daitekeen zerbaitez). Kordea galdu. Loa galdurik. Itxaropena galdu. Ondasunak eta osasuna galdu. Ezkondu eta berehala galdu zuen senarra. Beldurra galtzen baduzu. Elkarri leialtasuna galdu dioten senar-emazteak. Begi bat galdu. Besoa galdu. Bizia galtzeko arriskuan. Haur batek erabat gal dezakeela bere lehen hizkuntza, bestetan hazi dutelako gero. Goizik galdu zuen aita; geroztik ez zuen ama baizik ikusten. Hogei kilo galdu ditu hiru hilabetean. Haurdun dagoenak umea galdu.

3 du ad. Zerbaitez ez baliatu. Ik. alferrik galdu. Denbora galdu. Astirik galdu gabe. Aukera galdu. Auzi hura unerik galtzeke zuritu behar zuela.

4 du ad. Lehiaketa, apustu eta kidekoetan, garaitua izan edo lortu beharrekoa ez lortu. Anton. irabazi1 3. Apustua galdu zuen. Milaka pezeta galdu ditu jokoan. Hiru eta huts galdu dute. Non fida, han gal (esr. zah.).

5 da ad. Bidetik at, hura ezin aurkituz gertatu. Gauez oihanean galdu ginen. Galduak goazela ikusirik. Labirintoan galdua. Ez gaitezen gal amets bideetan barna.

6 da/du ad. Zerbait edo norbait guztiz hondatu, suntsitu, gaiztotu. Ez dela egundaino Jauna baitan fidatu denik galdu. Gaizki hil eta betiko gal ez gaitezen. Kristautasuna hondatzeko, itotzeko, galtzeko zorian zegoenean (Ik. galzorian). Hain estu eta galtzeko bidean aurkitu zirenean. Galdua naiz betiko. Ardoak gaitu galdu. Lagun hurkoaren izen ona galtzen duena. Behartua zaude galdu diozun ohorea bihurtzera. Burua gehien galtzen zion gauza. Azeriak sei arkume galdu ditu bart bordan. Baratze guztiak galdu ditu ekaitzak. Beroaz haragia eta esnea galdu egiten dira. Emakume asko galdu ditu edertasunak, eta gizon asko handiusteak. Zu galtzeko eta hiltzeko bideak asmatzen ari ziren. Gehiegi harrotu zen eta bere burua galdu zuen.

7 da ad. Desagertu, ezereztu. Aztarrenik gabe galdu diren hainbat agiri zahar. Gure arraza ez dadin gal. Galtzeko zorian dauden espezieak babestearen alde egon izan naiz beti. Endogamiak galtzeko bidean jartzen ditu animalia asko. Haren oroitzapena gal ez dadin. Batasuna eginik ere, euskara gal daiteke; batasunik gabe, galdua dago aldez aurretik. Begien bistatik zeharo galdu zen arte.

8 da/du ad. Osasunez edo itxuraz mintzatuz, okerrera jo, itxuratxartu. Gurasoak lurperatu zituztenetik, Martin egunetik egunera galtzen hasi zen. Oso galdua ikusi dut Maria.

9 (Partizipio burutua izenondo gisa). Paradisu galduen bila. Ardi galduen gisan. Zoko galduren batean baizik, diotenez, erabiltzen ez diren hitzak. Gazte galdua izan zinelako. Emakume galduekin (Ik. emagaldu). Mundu galdu honetan. Haren asmo galduei igarrita.

galduan 1 adb. Galtzen. (Batez ere irten, atera, gertatu eta kideko aditzekin erabiltzen da). Norgehiagoka hauetan, bat gertatuko da irabazian eta bestea galduan. Galduan geldituko ez direlako segurantziak ematen zaizkie. Ez gara galduan irtengo irakurtzen badugu.

2 adb. (ia galduan edo erdi galduan esapideetan). Galdu beharrean, galtzeko zorian. Hori ere hor joan da, galtzak ia galduan.

galdu-gordean 1 adb. Galtzeko zorian. Itsasoa biziro haserretu, eta gau guztian galdu-gordean zebiltzala.

2 adb. Noraezean, helbururik gabe. Galdu-gordean dabil.

galdu-irabazi iz. pl. Zuz., Merkat. Galerak eta irabaziak. Aurreikusitako galdu-irabazien kontuan enpresak erabaki horiekin dirua galduko duela ikusten baduzu aldaketak egin beharko dituzu.

galduxe (Partizipio burutua izenondo gisa, -xe atzizkia hartzen duela). Galdu samarra. Zoko galduxe batzuetan baizik aditzen ez ditugun hitzak. On da eta on litzateke, adibidez, ederki bereizten ditugunez gero, zergatik ez gorde, galduxe dugunok, egin dezake eta egin lezake-ren arteko bereizkuntza?

galdukeria

iz. Pertsona galduari dagokion egite gaitzesgarria. Galdukerian biziz, ondasun guztiak barreiatu zituen.

galdur

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, galdur-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. gandor].

gale

iz. g.er. Gogoa. Ik. botagale; goragale; jangale; pixagale...

galego

iz. Galiziera. Galegozko literatura.

galen

1 iz. g.er. Jas. Zigorra, zentzagarria.

2 iz. g.er. Jas. Etsipena.

galena

iz. Miner. Berun sulfuro naturala, kolorez grisa dena (PbS).

galendu, galen/galendu, galentzen

da/du ad. g.er. Jas. Zentzagarria hartu edo eman.

galeoi

iz. Itsasontzi handia, gutxienez hiru masta zituena, garraiorako edo gerraontzi gisa erabiltzen zena. Gaztelako bandera daraman hiru mastako galeoia.

galeper

iz. Faisaiaren familiako hegaztia, eperra baino txikiagoa, burua, gainaldea eta hegoak arre ilunak dituena eta sukaldaritzan oso aintzat hartua dena (Coturnix coturnix). Galeper txakurra.

galeperki

iz. Galeperraren okela.

galera1

1 iz. (Pluralean nahiz singularrean). Galtzea, zerbaitez gabetua gertatzea. Zuk irabazi eta niretzat galera. Irabaziak eta galerak. Ehun mila pezetako galera. Ondasunen galera gogorra. Otso horrek galera ikaragarriak egiten zituen artaldeetan.

2 iz. Galtzea, zerbait edo norbait guztiz hondatzea, suntsitzea. Heure buruaren hondamena eta galera ekarriko duk luzaro gabe. Daviden emazteen galera.

3 iz. Galtzea, desagertzea. Arabako euskararen galera.

galeran (-en atzizkiaren eskuinean). -en kaltean. Edertzea ondo dago, baina ez garbitasunaren galeran.

galera2

1 iz. Antzinako gerraontzi luzea eta karel-apala, bi masta antenadun zituena eta arraun indarrez ibiltzen zena. Veneziar galera baten kanoikadak aurpegia desitxuratu zion.

2 iz. pl. Galera batean arraunlari gisa aritzeko zigorra. Betiko galeretara kondenatu zuten. Galeretara igorria.

3 iz. Lau gurpileko orga luzea, pertsonak eramateko erabiltzen zena.

galeria

1 iz. Atari arkupeduna.

2 iz. Baserrietan eta etxe zaharretan, alderik alde doan balkoi luzea, sarbide bat baino gehiago dituena. Etxe aitzineko galerian.

3 iz. Hainbat elizaren barnealdean, alboetako goialdean alderik alde doan balkoi modukoa. Eliza gutxi da Azkainekoa baino ederragorik, bere aldare eta hiru galeria aberatsekin.

4 iz. Artelanak, batez ere margo- eta eskultura-lanak, erakusten eta saltzen diren tokia. Kaiua galerian Cristina Zelich-en argazkiak ikusi ahal izango dira.

arte galeria, arte-galeria Artelanak, batez ere margo- eta eskultura-lanak, erakusten eta saltzen diren tokia. Arte galeria 1968ko otsailean ireki zuten.

galeriano

iz. g.er. Galeretara zigorturiko pertsona. Galera zahar batean arraunean ibili zen galeriano baten bizipenak.

galerista

iz. Arte galeria bateko jabea edo kudeatzailea. New Yorken badaude galeristak, artista gazteen aldeko apustua egiten dutenak.

galerna

iz. Itsasbazterreko haize bortitza edo ekaitza. Ik. enbata. Galerna haizea.

galernatsu

adj. g.er. Galerna dakarrena, galerna girokoa, galerna lehertu dena. Ik. ekaiztsu. Haize galernatsua. Itsaso ilun eta galernatsua.

gales

iz. Galesen mintzatzen den hizkuntza zelta.

galetsi, galets, galesten

1 du ad. Jas. Galdutzat eman. Artzain onaren poza, betiko galetsita zeukan ardia aurkitu zuenean.

2 du ad. Jas. Hondatu.

galga

1 iz. Zurezko edo metalezko tresna burbuiladuna, bi puntu garaiera berean dauden ikusteko edo garaiera berean jartzeko erabiltzen dena. Ik. nibel.

2 iz. Balazta. Gurdiaren galga.

galga eman Galgatu. || Irud. Eman diozu galga zure sumin handiari, atzera eragin diozu zure haserreari.

gal-gal

1 onomat. Irakitearen onomatopeia. Ik. bor-bor; pil-pil 2. Tupina suan baitzuten, irakitan, gal-gal. Babak gal-gal egosten.

2 Irud. Odola gal-gal hasi zitzaidan barnean. Maitasunez gal-gal dagoen bihotza.

galgalka

adb. Gal-gal eginez. Galgalka irakitan.

galgarau

iz. Gari alea.

galgarri

1 adj. Galtzen, hondatzen duena, galbidera daramana. Ik. galtzaile. Ekaitz galgarriak erasota. Protestanteen doktrina galgarria. Zer gertatuko zaie bide galgarri horietan dabiltzanei? Ohitura galgarriak. Mundu galgarri honetan. Kaltegarria eta are galgarria.

2 (-en atzizkiaren edo izen soilaren eskuinean, izen gisa). Gizon alferra, etxe eta umeen galgarria. Beste arrazoi bat ere aipatzen du euskararen galgarritzat. Anitzen galgarri da gure harrokeria. Edanean igarotzea osasunaren galgarria dela. Zer egiten du etsai arima-galgarriak?

3 (Dagokion izen sintagmarik gabe, izen gisa). Haize, euri eta galgarri guztiak.

galgatu, galga/galgatu, galgatzen

1 du ad. Balaztatu. Ik. galga eman. NASAk, bestalde, galgatzeko sistema berri bat ere ezarri zion ontziari.

2 du ad. Irud. Mihia galgatu behar da.

3 du ad. Galgaren bidez gauza bi edo gehiago maila edo garaiera berean jarri. Ik. nibelatu; sestran.

galgo

iz. Erbiak ehizatzeko eta lasterketetarako erabiltzen den txakur arin argala, burua txikia eta lepoa, isatsa eta hankak luzeak dituena. Ik. xarlango. Galgoa bezain bizkor eta arin.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper