43.7.1a Azalpenezko birformulazioak bideratzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: hots, aurreragoko diskurtso atal batean —eskuarki, aurreko enuntziatuan— adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Birformulatzaile esplikatiboez baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haien bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari —edo are bere buruari ere— lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela birformulatzaile esplikatiboak txertatzen duen diskurtso atalean. Ikus ditzagun adibide batzuk:
«Katilinarenak» nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik (Berria).
Kasu honetan, gainera, birusak gizakien artean kutsatzeko ahalmena ere bazuela berehala ikusi zuten adituek, eta horrek kezkatu zituen, batez ere; izan ere, gaitza ohiko gripea hedatu ohi den gisan hedatuko zela ohartarazi zuten, oso bizkor, alegia (Berria).
Birformulakizuna |
(izan ere, gaitza) ohiko gripea hedatu ohi den gisan (hedatuko zela…); |
Azalpena: atal birformulatzailea |
oso bizkor, alegia. |
Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.
43.7.1b Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulatzaile esplikatiboen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak (1) nahiz enuntziatu zatiak (2) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikoetakoak (perpausak, izen sintagmak, aditz sintagmak, izenak, aditzak…).