Euskararen Gramatika

43.7. Birformulatzaile esplikatibo nagusiak


43.7. Birformulatzaile esplikatibo nagusiak

43.7a Gaurko euskara estandarrean hiru hauek dira —alde handiz, gainera— birformulatzaile esplikatibo erabilienak: alegia, hau da, hots.

Askozaz ere erabilera-maiztasun apalagoa dute beste hauek:

erran nahi baita (erran nahi da, esan nahi baita, esan nahi da)

bestela esanda (bestela esan, bestela esateko…)

beste era batera esanda (beste era batera esateko…)

beste modu batera esanda (beste modu batean esanda/esateko)

beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda…)

beste hitzetan/hitzez (esanda…)

43.7b Birformulatzaile horien guztien lexikalizazio-maila ez da berdina: erabilienak eta tradizio zabalena dutenak (alegia, hau da, hots, erran nahi baita), guztiz finkatuta daude hiztegian esapide diskurtsibo gisa; gainerakoak ez daude hain finkatuta, sintaxi-gorabeherek erakusten dutenez, eta horrek esan nahi du gramatikalizatze- eta lexikalizatze-bidean daudela: Eta biloa tente omen zegoen bernako azalean, bere besoetan bezala; alegia, izuak hartuta balego bezala hura ere (Saizarbitoria); Haurrek beraiek ere sumatzen dute ipuina konplexua, aberatsa edo nahasia dela, hau da, mezu diferenteak gordetzen dituela, eta horregatik interesatzen zaie (Urkiza); Horrelaxe iristen gara Jainkoaren, hots, Sortzailearen, existentzia frogatzera (Kintana); Eta ondorioz, ez da bata bestearen kausa izaten ahal; erran nahi baita, ez duela batak ekoizten ahal bestea (Xarriton).

43.7.1. Birformulatzaile esplikatiboen balio oinarrizkoa: azalpena

43.7.1a Azalpenezko birformulazioak bideratzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: hots, aurreragoko diskurtso atal batean —eskuarki, aurreko enuntziatuan— adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Birformulatzaile esplikatiboez baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haien bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari —edo are bere buruari ere— lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela birformulatzaile esplikatiboak txertatzen duen diskurtso atalean. Ikus ditzagun adibide batzuk:

«Katilinarenak» nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik (Berria).

Birformulakizuna

[…] intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa.

Azalpena: atal birformulatzailea

Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik.

Kasu honetan, gainera, birusak gizakien artean kutsatzeko ahalmena ere bazuela berehala ikusi zuten adituek, eta horrek kezkatu zituen, batez ere; izan ere, gaitza ohiko gripea hedatu ohi den gisan hedatuko zela ohartarazi zuten, oso bizkor, alegia (Berria).

Birformulakizuna

(izan ere, gaitza) ohiko gripea hedatu ohi den gisan (hedatuko zela…);

Azalpena: atal birformulatzailea

oso bizkor, alegia.

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

43.7.1b Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulatzaile esplikatiboen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak (1) nahiz enuntziatu zatiak (2) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikoetakoak (perpausak, izen sintagmak, aditz sintagmak, izenak, aditzak…).

43.7.2. Birformulatzaile esplikatiboen balio nagusiak

43.7.2.1. Erreferentziazko birformulazioa

Birformulatzaile esplikatiboek, oro har, birformulazio prozesuetan betetzen dituzten funtzio nagusien artean identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa aipatu behar da lehenik: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen dio, eta horregatik deitzen dugu erreferentziazko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide emateko erabiltzen da. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko:

Sortu zenetik —XIX. mende-hasieratik, alegia—, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari (Juan Garzia).

Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren % 3 ingurura hurbiltzeko (Berria).

Erreferentzia esleitu

Zehaztapena (“especificación”)

zehaztugabea > zehaztua

Determinatzaile zehaztugabea: bat, batzuk, zenbait…; mugatzaile generikoa: ‑a(k) > zehaztua.

Identifikazioa (denbora, lekua…)

Itxuraz zehaztua > zehaztua…

sintagma mugatua: hori

(Azken ikuspuntu hori…)

43.7.2.2. Azalpenezko birformulazioa

Bigarren funtzioa birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea da, eta azalpenezko birformulazioa deitzen dugu horregatik. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da. Alde batetik, hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da (neologismoak, hitz ezezagun edo teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak eta abar): Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera (Herria).

Bestetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko erabiltzen da. Gorago aipatu adibideak balio digu: «Katilinarenak» nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik (Berria).

43.7.2.3. Definiziozko birformulazioa

Hirugarren funtzioa birformulakizunaren esanahia zabaltzea da. Horregatik deitzen dugu definiziozko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, nolabaiteko definizio bati bide egiteko erabiltzen da. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da: Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea (Berria); Uranio astunaren atomo baten diametroa elementu arinenaren -hots, hidrogenoaren- atomoaren diametroa baino bizpahiru aldiz handiagoa baino ez da. Atomo arrunt baten diametroa 0,3 nanometro inguru da; nanometroa (1 nm) metro baten milamiliorena da, edo, bestela esanda, milimetro baten milioirena; alegia, irudikatzeko gai garen neurriaren muga-mugan (Juan Garzia).

43.7.2.4. Izendapenezko birformulazioa

Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea da hirugarren funtzioa: izendapenezko birformulazioa deitzen dugu. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailea erabiliz termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean birformulakizuneko formulazio luzea. Hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: Gizakiok entzuten ez ditugun maiztasun baxuko soinuak, hots, infrasoinuak nabaritzeko gai dira (EiTB).

43.7.2.5. Inferentziazko birformulazioa

43.7.2.5a Badira, azkenik, beste balio batzuk ere: ondorioa, dedukzioa, konklusioa… Inferentziazko birformulazioa deitu dugu hemen. Zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzakete birformulatzaile esplikatiboek. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulatzaileen nolabaiteko hiperonimoak direnez (Robles 2012), gai dira bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…).

Are gehiago, zenbaitetan, eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatu ditzakete inferentzia-prozesuetan.

43.7.2.5b Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa… Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuetan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da atal birformulatzailean.

Hona hemen adibide batzuk: Heien jokoa litake Charia delakoa hedatzea herri osoan, erran nahi baita islamisten lege dorpeenaren pean ezartzea herria eta jendea (Herria); -Kontu handiz, bai horixe! Nonbaitik hasi behar, hala ere - baieztatu zuen Léak -, ezta, Ruche jauna? Izan ere, esaldi hau aurkitu dut, Polibio deritzon batena: “Guztiaren bide erdia da hasiera”. Alegia, gaizki hasiz gero, okerra luzaroko! (Jon Muñoz); Adimena beldurrez makaldua duen gizon iaio batek bizimodu oparoa eta diru pila eskaintzen dit bere ministro izan nadin; bihar, ordea, kalera bidaltzen banau, hortxe suertatuko naiz zahar eta txiro; alegia, munduan den egoerarik arbuiagarrienean; horra, orduan, pertsona atsegina kondesari eskaintzeko! (Jon Muñoz).

Alegia-k, bestalde, badu aipatutakoez bestelako balio bat: azaldu nahi denari sarrera ematea. Gehienetan agerian daude testuetan birformulazioaren bi atalak (birformulakizuna eta atal birformulatzailea). Hala ere, ahozko hizkeran batez ere, alegia sarritan erabiltzen da azaldu nahi denari sarrera emateko, hots, adierazi ez den formulazio inplizitu baten birformulazioari bide egiteko: —Ta, zer esan dizu? —Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak, txikitxoak direla oraindik eta urruti haietara iritsi gabeak direla (G. Mujika).

43.7.2.6. Laburpen taula

Ondorengo laburpen taulan ikus daitekeenez, birformulatzaile esplikatiboek funtzio metadiskurtsiboak betetzen dituzte batik bat: hiztunak bere jarduera diskurtsiboaren kontzientzia du eta diskurtsoaren interpretazio zuzena egin dadin kontrolatu eta gidatu nahi du diskurtsoa; aurreko diskurtso atalaren formulazio argiago edo egokiago bat lortzeko erabiltzen dituen “bide-seinale” modukoak dira birformulatzaile esplikatiboak.

Nolanahi ere, zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Hauek dira, orduan, birformulatzaile esplikatiboen funtzio nagusiak:

Birformulatzaile esplikatiboak

Balio nagusiak

Funtzio metadiskurtsiboak

(erabilera ohikoa edo markatu gabea)

a. Erreferentzia esleitzea

b. Esanahia edo zentzua argitzea

c. Definizio bidez azaltzea

d. Izendapen bidez azaltzea

[…]

Funtzio argumentatiboak

(erabilera markatua edo ezohikoa)

Ondorioa/konklusioa (inferentziazko birformulazioa)

[…]

43.7.3. Birformulazio parafrastikoa

43.7.3a Birformulazio prozesuetan bi erlazio mota bereizi izan dira: birformulazio parafrastikoa eta ez-parafrastikoa. Birformulazio parafrastikoa, funtsean, hierarkia bereko bi diskurtso atalen artean ezartzen den baliokidetza diskurtsiboan oinarritzen da. Gure ustez, erlazio parafrastikoa ezartzen da birformulakizunaren eta birformulatzailearen artean birformulazio esplikatibo gehienetan, adibideok erakusten duten gisa: Enpresa txiki eta autonomoen kasuan, dirua aurrezki kutxen edo bankuen bidez emango da, baina berme sozietateak -Elkargi eta Oinarri- arduratuko dira bideratzeaz, hau da, abalak eskaintzeaz (Berria).

43.7.3b Birformulatzaile esplikatiboen bidez bideratzen diren inferentziazko birformulazioetan, berriz, ez dago baliokidetza diskurtsiborik bi atalen artean, atal birformulatzailean nolabaiteko ondorioa edo dedukzioa —zenbaitetan, guztiz subjektiboa— adierazten baita: Hortaz, gauza jakina da orai Europan sartu berri diren hamarrek ez dutela beren mintzairan agertu ahal izan gain hartan beren dozierik. Hots, izanen da oraino zer asma denen egiazko errespetu batentzat (Herria).

43.7.4. Birformulazio partziala eta erabatekoa

43.7.4a Birformulatzaile esplikatiboek perpausaren esparruan (birformulazio partziala) nahiz perpausetik gorako mailan (birformulazio erabatekoa) betetzen dute beren eginkizun diskurtsiboa.

43.7.4b Birformulazio partziala. Alde batetik, perpaus baten barruan erabiltzen dira, elementu baten (birformulakizuna) eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten (atal birformulatzailea) arteko lotura semantiko-pragmatikoa ezartzeko: atal birformulatzailea aposaturik ematen denean aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— izaten da birformulakizuna: Tenpluaren barreneko azken hamar metroak, berriz, zedrozko oholez estali zituen, behetik hasi eta goiko habeetaraino, eta toki hori santutegia, hots, toki santu-santua izateko antolatu zuen (Elizen arteko Biblia).

Horrelakoei birformulazio partzial deritze (Garcés 2009: 23). Batez ere aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean) eman ohi da atal birformulatzailea. Eta sarri askotan halako paralelismo funtzional bat (eta are sintaktikoa ere) egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (lapidatu dute / hots, harrika hil): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Zer egin dute/diote?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza diskurtsiboa egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

43.7.4c Birformulazio erabatekoa. Beste alde batetik, birformulazio erabatekoan (erabilera aposatu gabean) testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak, eta aurreragoko perpausa edo perpaus- segida izaten da birformulakizuna: Horrenbestez, datozen asteetan batez besteko hipoteka -160.000 euro, 30 urtean itzultzekoak eta % 0,5eko diferentzialarekin- berritu behar dutenek % 10,10eko beherapena izango dute kuotan. Bestela esanda, 63 euro gutxiago pagatu beharko dute hilean, edo 756 euro gutxiago urtean (Berria).

Horrelakoei birformulazio erabatekoa deritze (Garcés 2009: 23). Erabilera aposatu gabean, atal birformulatzailea ez doa aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean), baizik eta perpaus berri bat osatzen du. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Zenbaitetan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa (esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa agertzen denean).

43.7.5. Sintaxia

43.7.5a Azaldu denez, birformulatzaile esplikatiboek perpausaren esparruan (birformulazio partziala) nahiz perpausetik gorako mailan (birformulazio erabatekoa) betetzen dute beren eginkizun diskurtsiboa.

Birformulazio partzialetan atal birformulatzailea aposaturik eman ohi da eta aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— izaten da birformulakizuna. Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen dituzte birformulatzaile esplikatiboek: izen sintagmak, adjektibo sintagmak, adberbio sintagmak, perpausak (osagarriak, helburuzkoak…). Eta, hain zuzen ere, diskurtso markatzaile hauen zeregin nagusietako bat zera da: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen duten iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

Adibide batzuk: Beste zentralak ere, Krutxagak alegia, ez dirudi presa askorik duenik Osasunaren eskaintzari erantzuteko (Berria); Ezin diat hitzez hitz, dialogo dramatiko modura alegia, transkribatu gure gonbertsazioa (J. A. Arrieta); Frankek iragarritakoa betetzen bada, alegia, urtearen amaieran Mepamsa ixten badute, Iruñeak eta, oro har, Nafarroak «kolpe gogorra» jasoko dutela iritzi dio LABek, «lanpostu asko desagertuko baitira» (Berria); Komeria franko izango ditu Interrek bi gol sartu, eta batez ere, Milango aurrelarien eraginkortasuna murrizteko, alegia, kontrarioak golen bat ez sartzeko (Berria); Egoera atmosferikoak erakusten du goiko geruzetan aire masa hotza jaun eta gabe dugula eta, gainera, ez dagoela egonkortuta, alegia, momentu batetik bestera izugarrizko aldaketak izan daitezkeela (Berria).

43.7.5b Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulazio partzial askotan halako paralelismo edo baliokidetasun funtzionala (eta are sintaktikoa ere) egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (… betetzen bada /… ixten badute; … murrizteko /… ez sartzeko; … ez dagoela /… izan daitezkeela). Izan ere, gehienetan, atal birformulatzaile tartekatuak edo aposatuak eta birformulakizunak kasu marka eta numero bera izan ohi dute, baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde. Aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea. Ondorengo testuan, adibidez, birformulakizuna singularra da (matematika-adar guztien zerrenda) eta atal birformulatzailea (azpisailak), berriz, plurala: Matematikaren historiako aldi nagusiak erabaki. Horra sailak. Landutako matematika-adar guztien zerrenda osatu gero: azpisailak, alegia (Jon Muñoz); Hondakinek zabor izateari utz diezaiokete gai organikoak naturaren ziklora itzultzen badira, hau da, konpostatzearen bidez (Berria).

Aurreko adibideetan ikusi denez, eskuarki (Zabala 1996b), birformulakizunaren ondoren —haren ondo-ondoan— jarri ohi da iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua (bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada).

43.7.5c Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoren birformulazioa: horixe gertatzen da gehienetan, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia bada: Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea (Berria).

43.7.5d Inoiz edo behin, birformulazio kateak ere gertatzen dira testuetan (birformulatzaile bera errepikatuz edo birformulatzaile baliokideak uztartuz). Halakoetan, birformulazio bakoitza aurrekoaren birformulaziotzat har daiteke: Emazte hau historiak ahantzi du; hots, historia idazten dutenek dute ahantzi, hau da, gizonek (Berria).

Birformulatzaile esplikatibo nagusiak balia daitezke heterobirformulazio bat gauzatzeko: aski da elkarrizketaren harian beste solaskide batek hitza hartzea eta aurreko esatariaren enuntziatua birformulatzea. Beraz, erabilera monologikoari edo dialogikoari bagagozkie, ez dirudi funtsezko desberdintasunik dagoenik.

43.7.5e Ez dirudi, ordea, birformulatzaile esplikatibo guztiek beregaintasun diskurtsiboa dutenik. Haietako bi (alegia, erran nahi baita), elkarrizketa batean ager daitezke txanda bat eta enuntziatu bat osatuz (beregaintasun diskurtsiboa). Elkarrizketa baten harian galderazko enuntziatu beregain bat osatzeko gauza dira alegia eta erran nahi baita, solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko erabiltzen dira, esaterako, testu hauetan:

Nik, berriz —sartu zen tartean Jonathan, goxo-goxo—, ez dut uste zuk esan bezala gertatu denik kontua. Zuk ez duzu ezertxoren erantzukizunik. Burua mugitu zuen Ruche jaunak, tristuraz.

Dena antolatuta zeukan zure adiskideak —jarraitu zuen Jonathanek—. Bidali dizun gutuna haren testamentua da. Bere heriotza aurreikusi, eta gauzatu egin du noski.

Alegia? (Jon Muñoz).

Aurreko testuetan ikusi denez, birformulazio partzialetan, oro har, ez da -(e)la menderagailua erabiltzen atal birformulatzailean, salbu eta perpaus osagarri bat (-la menderagailuduna) birformulatzen denean (… -la esan dute; bestela esanda, … -la).

43.7.5f Erabateko birformulazioetan, berriz, jokamolde desberdinak ageri dira. Birformulatzaile batzuk, salbuespenak salbuespen, ez dira konbinatzen -(e)la menderagailuarekin: bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitzetan esanda… Beste birformulatzaile batzuk -(e)la menderagailuarekin agertzen dira batzuetan, baina sarriagotan erabiltzen dira gabe: alegia, hau da, hots. Eta, erran nahi baita birformulatzailea, azkenik, -(e)la menderagailuarekin agertu ohi da, salbuespenak salbuespen470.

Beste diskurtso markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere), alegia, hots eta hau da normalean ez dira agertzen juntagailuekin batera birformulatzaile eginkizunean (?eta alegia). Erran nahi baita ere nekez agertzen da juntagailuekin batera. Eta bestela esanda eta haren kidekoak, aldiz, edo juntagailuarekin agertzen dira batzuetan (edo, bestela esanda…).

43.7.6. Birformulatzaileen kokagunea

43.7.6a Kokaguneari dagokionez, funtsezkoa da birformulazio partzialaren (aposatuaren) eta erabatekoaren (aposatu gabearen) arteko bereizketa. Izan ere, erabateko birformulazioan atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira ia beti birformulatzaile esplikatiboak: Ikaratu egiten gaitu halako krudelkeriak, gupida ezak: azken finean, hurbila izan behar zitzaien mutila bi eguneko bahiketaren ondoren. Baina ikara gainditu eta hausnarketarekin jarraituz gero, egia azaltzen da, alegia, ziurtzat jo dezakegu kasu horietan ere, heriotza zentzumen guztietatik sartzen denean ere, urruntzaile bat dagoela, leungarri bat: ideologia (Atxaga).

43.7.6b Esanak esan, alegia birformulatzailea atal birformulatzailearen amaieran ere joan daiteke birformulazio erabatekoetan, baldin eta bi enuntziatuak laburrak badira: Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere (Berria); Besterik gabe idatzi nuen. Ez zidan lan handirik eman, alegia.

43.7.6c Bestalde, inoiz, ez hasieran, ez amaieran, baizik tartekatuta —sartzen duen perpauseko osagai baten (beheko adibidean, mintzagaiaren) eskuinean— agertzen da birformulatzaile esplikatiboa: Ingurugiroa ez da besteak bezain iharduera produktiboa. […] Ingurugiroa, bestela esanda, herri txiki bat da: ezin da deus egin inguruko guztiok ohartu gabe (ZTC).

43.7.6d Birformulazio partzialetan (aposatuetan), berriz, joera eta jokaera desberdinak antzematen dira. Gaur egungo euskara estandarrean, esaterako, atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira ia beti hau da, hots (ikus § 43.7.6e) eta erran nahi baita birformulazio aposatuetan: Nik neuk, nahi dut pentsatu zientzian a prioriko judizio sintetikoak komeni direlako hori printzipio aurre- edo meta-zientifikoei dagokiela, hots, aurretiazkoak diren edo jada izadiaren oinarrizko legeetatik harago doazen printzipioei (Juan Garzia).

Alegia birformulatzailea, berriz, atal birformulatzailearen hasieran zein bukaeran agertzen da: Hain zuzen ere, bere helburuen artean jarri du botatzen eta errausten alegia, deuseztatzen— den zabor kopurua murriztea (Berria); -Guztiak joango gara Zaldiango jauregira, ados —esan zion Reginari bizpahiru hilabete lehenago—, baina ni Frantziara joango naiz lehendabizi, Anselmorekin ohi bezala, ibilgailu gurpildun horietako bat erostera: voiture bat, alegia (Irigoien).

43.7.6e Hots birformulatzailearen kasuan ere ez datoz guztiz bat Iparraldeko eta Hegoaldeko tradizioak. Iparraldean, zenbaitetan —iruzkin aposatua gaineratuz agertzen denean, batik bat— birformulazioaren amaieran ere agertzen da kokaturik hots, bai lehen eta bai gaur (Alberdi 2014a): Txetxenian Ramzan Kadyrov dute beren lehen ministro berria, aitzineko lehen ministro hilaren semea hots (Herria).

43.7.6f Gainerako birformulatzaile esplikatiboei dagokienez (beste era batera esanda, beste modu batera esanda, bestela esanda, beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda)), azpimarratzekoa da, alde batetik, gutxitan erabiltzen direla birformulazio partzialetan, eta, bestetik, halakoetan gehien-gehienetan atal birformulatzailearen hasieran kokatuta ageri direla: Pailazoa ez den pailazoa, beraz, edo, bestela esanda, «normalitatearen zirkuko pailazoa», umeen aurrean normaltasuna, heldutasuna edo zuzentasuna ordezkatzen baititu: gauza (edo «jaun») triste, zozo eta lerdo bat, horixe izan ohi baita pailazo zuria, umeen hezierarako asmatu den gauza baliozkoenetako bat baita nere gusturako (Segurola).

43.7.7. Puntuazioa birformulazioan

43.7.7a Birformulazio partzialetan, koma pareaz idazten dira, oro har, birformulatzaile esplikatiboak eta ez daramate komarik barruan, gainerako lokailu gehienekin gertatu ohi denez: Ainhoa Garmendiak (Donostia, 1974) Micaelaren papera egingo du, hau da, Don Josez maiteminduta dagoen emakumearena: «Aingeru baten moduko pertsonaia da Micaelarena (Berria); Adingabeen eremu pertsonalari dagokionez, zenbait betebehar garrantzitsu dituzte gurasoek: (1) Haurrak zaindu, bestela esanda, haurren beharrei egoki erantzun (L. Imaz); Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea (Berria).

43.7.7b Birformulatzaile esplikatibo batzuk (hau da, hots) atal birformulatzailearen hasieran kokatu ohi dira eta, beraz, ondoko atalari —atal birformulatzaileari— eragiten diote. Halakoak, birformulatzaile “noranzkodunak” dira, nolabait esateko, eta, koma pareaz emanda ere, ez da sortzen anbiguotasun arazorik: Hurbilenekoa ere, hau da, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie; Hurbilenekoa ere, hots, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.

Era berean, ez da anbiguotasunik sortzen eskuarki esan aditzaz osatutako birformulatzaileak (bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitzetan esanda…) koma pareaz ematen badira. Izan ere, halakoak ere atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira gehienetan birformulazio partzialetan: Hurbilenekoa ere, bestela esanda, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.

43.7.7c Baina birformulazio partzialetan alegia koma artean ematen bada, anbiguotasuna sor daiteke. Izan ere, alegia-k atal birformulazioaren hasierako nahiz amaierako kokagunea onartzen dituenez (hots, birformulatzaile noranzkoduna ez denez), ez dago jakiterik aurreko sintagmari ala ondokoari eragiten dion. Horrelakoetan puntuazio marka zorrotzagoz (puntu eta koma, puntua) komeni da bereiztea birformulakizuna eta atal birformulatzailea:

Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da, alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da; alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da. Alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Atal birformulatzailea den tartekian beste tarteki bat (alegia) sartu nahi bada, birformulatzaileari dagokion koma ezabatzea izan daiteke beste aukera (lizentzia) bat: Hurbilenekoa ere, Zumarragakoa(,) alegia, urruntxo geratzen zaie.

Baina horrelakoetan egokiagoa da puntuazio zorrotzagoa erabiltzea (Petrirena 2011: 26). Horretarako, hain zuzen ere, badira beste marka batzuk, atal birformulatzailea mugarritzen dutenak: birformulazio partzialak tartekiak direnez, sarritan ematen dira parentesi edota marren artean. Beraz, komeni zaigun moduan konbina daitezke parentesiak, marra parea edo koma parea (Garzia 2014b: 72): Hurbilenekoa ere —Zumarragakoa, alegia— urruntxo geratzen zaie; […] Hori dela eta, Emilio konbentzitu ahal izateko, beharrezkoa izango da erabakitzea koefiziente zenbatetsiak balio fidagarria ematen duen (hau da, ezagutu nahi zen balio teorikotik hurbil dagoen) [Alonso Antón, A. et al. 2010. Ekonometria (2. kapitulua). UPV/EHU].

43.7.7d Erran nahi baita, hala ere, salbuespena da koma pareari dagokionez: Iparraldeko tradizioan (Herria astekarian, adibidez) askozaz ere maizago idazten dute erran nahi baita ondoko komarik gabe, eta hori da, hain zuzen ere, estandarrerako proposatu den puntuazio jarraibidea (Garzia 2014b: 74):

Afrikan meningita eritasuna garaitzen hasia da emeki […]. Badakite zorigaitzez gaitz horren berri toki horietan: hamar urtetarik itzultzen omen zaie eritasuna, erran nahi baita birus berezi hori (Herria).

Zerbait erran behar badugu, bestalde, arruntean Jainkoaren kontu ezartzen dugun adimenaz eta nahimenaz, hona ohar bat: Jainkoaren esentzia betierekoari baldin badagokio adimenaren eta nahimenaren jabe izatea, bi atributu horiez arruntean ulertu ohi denaz besterik aditu behar da zinez. Zeren, Jainkoaren esentzia osa lezaketen adimenak eta nahimenak gure adimenaz eta gure nahimenaz guztiz ezberdinak izan behar lukete eta izena baizik ez lukete elkarrekilakorik; erran nahi baita zakurra deitzen den zeruko zeinua eta zaunka egiten duen animalia bezala litezkeela elkarrekin (Xarriton).

43.7.7e Birformulazio erabatekoetan, aldiz, birformulakizuna komatik gorako marka batez mugatzea komeni da (puntu eta koma, puntua), eta birformulatzailearen ondoan koma jartzea (ikus Petrirena 2011: 27):

Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere (Berria).

Horretarako, larreetarako dudan partzela sei zatitan banatuta daukat, eta horietan, errotazio sistema bat aplikatzen dut behiekin; hau da, zati bateko belarra jaten dutenean hurrengora pasatzen dira, seiak pasatu arte (Berria).

Independentzia printzipioa: Auzitegia ez da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren egitura hierarkikoaren parte. Hots, administrazio autonomikotik independentea da, bere jarduerei eta eskumenen garapenari dagokienez. Halaber, lehiaren arloan legediak unean-unean seinalatzen duenaren arabera soilik jokatuko du (Berria).

43.7.8. Baliokidetzak birformulatzaileetan

43.7.8a Birformulatzaileen forma eta jatorria kontuan harturik, bi multzotan banatu ditzakegu euskarazko birformulatzaile esplikatiboak. Alde batetik, birformulatzaile erabilienek osatzen duten multzoa dugu: alegia, hau da, hots. Hiru horien artean badira desberdintasun batzuk sintaxiari, kokaguneari eta funtzioei dagokienez (Alberdi 2014a), baina baliokidetzat jo ditzakegu hirurak, bideratzen duten diskurtso jarraibide nagusiari dagokionez (azalpenezko birformulazioa).

43.7.8b Beste alde batetik, enuntziazioari loturiko esapide birformulatzaileak ditugu, esan aditzaren bidez gauzatuak: erran nahi baita, bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda), beste hitzetan/hitzez (esanda). Haien artean ere, noski, badira desberdintasun nabarmen batzuk (lexikalizazio maila, sintaxia, kokagunea…), baina guztiak bat datoz gauza batean: espresuki adierazten da —esan aditza erabiliz— modu egokiago batez —beste hitz batzuez— formulatuko dela aurreko enuntziatua edo aurreko enuntziatu-atala. Gehienetan, azalpenezko balioa hartzen du atal birformulatzaileak. Halako birformulatzaileak erabiltzean are agerikoagoa da, nolabait esateko, birformulazioaren izaera polifonikoa.

Funtzio semantiko-pragmatiko nagusiari bagagozkio (azalpenezko birformulazioa), berriz, badirudi nolabaiteko baliokidetza dagoela multzo bateko eta besteko birformulatzaileen artean.

43.7.9. Tradizioa, testu mota, erregistroa…

43.7.9a Batez ere azalpenezko diskurtsoan erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak. OEHren arabera, alegia, jatorriz, lagunarteko hizkerako birformulatzailea izan zen, baina XIX. mendearen bigarren zatian hasi zen zabaltzen testuetara, eta gaur egun erabat zabaldu da gipuzkeratik eta nafarreratik egungo euskara estandarrera. Hizkera lagunartekoan zein zainduan erabiltzen da, idatzian zein ahozkoan.

43.7.9b Azalpenezko diskurtsoari lotua dago hau da birformulatzailea eta maizago azaltzen da hizkuntza idatzi zainduan. Hegoaldeko tradiziokoa izanik, erabat zabaldu da egungo euskara estandarrean (nahiz eta Iparraldean gutxitxo erabiltzen den).

Hots birformulatzailea ere azalpenezko testuetan azaltzen da gehien, eta arrakasta handiz zabaldu da ipar-ekialdeko euskalkietatik euskara zaindura.

Erran nahi baita birformulatzaileari dagokionez, gaur bakan erabiltzen da Hegoaldeko euskara batuan. Iparraldean, ordea, erruz erabiltzen da: testu mota guztietan, lagunarteko erregistroan zein maila zainduan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

Gainerako birformulatzaile esplikatiboek (bestela esanda, beste era batera esanda…) berriagoak dirudite, eta maizago azaltzen dira hizkera zainduan lagunartekoan baino; hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta daudenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko dira batik bat.

470 Alegia, perpaus osagarria gobernatzen du ia beti. Hots, alegia, hots eta hau da birformulatzaileek ez bezala, funtzio sintaktiko argia betetzen du, atal birformulatzaileko predikatu nagusia baita.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper