Euskararen Gramatika

43.8. Birformulazio zehaztaileak


43.8. Birformulazio zehaztaileak

43.8a Birformulazio zehaztailea honetan datza: birformulatzaile zehaztaileen bidez, hiztunak zehaztu egiten du aurreko diskurtso unitatean adierazitakoa; birformulatzailearen bidez sartzen duen elementuak (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu zati bat) aurreko segmentu baten edukia zehazten du. Zehaztapen-birformulazioan, zuzenketa-birformulazioan ez bezala, atal birformulatzaileak ez du baliogabetzen birformulakizunean emandako informazioa, egiazkoa eta zuzena baita informazio hori, baizik eta osatu egiten du, edo xeheki adierazten.

43.8b Ikus dezagun adibide hau: GURE semeaz hitz egin aurretik, beharbada egokiago izango da neure buruaz zer edo zer kontatzen badizut; edo, zehatzago esanda, neure eskuaz. Konturatu naiz zu ere nola gelditzen zaren nire eskuari begira, disimulatzen saiatu arren (X. Mendiguren Elizegi).

Birformulakizuna

neure buruaz zer edo zer kontatzen badizut

Atal birformulatzailea

edo, zehatzago esanda, neure eskuaz.

Adibide horretako birformulakizunean, norbaitek bere buruaz modu orokorrean hitz egin duela adierazten du, eta, atal birformulatzailean, bere gorputz parte jakin batez hitz egingo duela zehazten digu (osoa > zatia); beraz, bere buruaz arituko da. Del Saz-en (2007) sailkapenaren arabera, esandakoa birformulatzen da kasu horretan.

43.8.1. Birformulatzaile zehaztaileen funtzio aniztasuna

43.8.1a Euskaraz, beste hizkuntza batzuetan gertatzen den moduan, funtzio bat baino gehiago betetzen dituzte zenbait partikulak eta esapidek. Esapide bera adberbioa izan daiteke testuinguru batzuetan; operadorea, beste batzuetan, eta birformulatzailea, beste askotan.

Beheko testuan, adibidez, adberbioa da zehazkiago, bere funtzio sintaktikoari eusten diolako (nola esan? galderari erantzuten dio):

Mogol Handia mendebaldekook erabiltzen dugun deitura da India iparraldeko eta Asia erdialdeko lurralde zabaletako agintaria izendatzeko. Zehazkiago esan beharko bagenu, Sha Jahan deitu beharko genioke Agustin Hiriarte gorteko bitxigile izendatu zuen agintari ahaltsuari (Txiliku).

43.8.1b Beste batzuetan operadorea da zehazkiago: ondorengo testuan, markatzaile operadorea da zehazkiago, eta, beraz, ez du birformulatzaile gisa jokatzen; izan ere, ez du erlazionatzen diskurtso segmentu bat aurreragoko beste diskurtso segmentu batekin:

Lehenik eta behin, beraz, gizon orok jokabidearen deskribapen orokorraren ideal jakin batzuk ditu, abere arrazional batek bizitzan duen egoera bereziari egokitzen zaizkionak eta bere izaerarekin eta harreman guztiekin hoberen bateratzen direnak. Baieztapen hori oso nabarra dela pentsatzen baduzu, esango dizut, zehazkiago, arrunki hiru bide erabiltzen dituztela ideal horiek euren balioa erakusteko, eta arrazoi osoz egiten dute (Uribarri).

43.8.1c Beste askotan, birformulatzaile da zehazkiago: ondorengo testuan, birformulakizunean, morfologiaren definizio bat ematen da, orokorra (forma aztertzea) eta anbiguoa (morfologia formen azterketa bada, forma ezberdin asko azter daitezke hizkuntzalaritzan); geroago, atal birformulatzailean emandako informazio zehatzagoaren bidez saihesten du hizlariak anbiguotasuna, dagokion hizkuntza-mailara ekarriz definizio orokorra (hitzen forma aztertzea). Halako markatzaileen bitartez hiztunak atzera egiten du diskurtsoan, eta lehenago esandako elementu bat zehazten du:

Hitzaren barruan nahiz hitzen artean esanahiaren eta formaren arteko harremana aztertzen duen hizkuntzalaritzaren adarrari morfologia deritzo. Morfologiak, hitzez hitz, ‘forma aztertzea’ esan nahi du; zehazkiago, hitzen forma aztertzea (Fasold & Connor-Linton 2010).

Birformulakizuna

Morfologiak, hitzez hitz, ‘forma aztertzea’ esan nahi du

Atal birformulatzailea

zehazkiago, hitzen forma aztertzea.

Are gehiago, birformulatzaile gisa ere, funtzio bat baino gehiago bete ditzake esapide berberak. Esate baterako, zehazkiago birformulatzaileak, gutxienez, hiru balio hauek har ditzake diskurtsoan: zehaztailea, zuzentzailea eta esplikatiboa. Dena dela, funtzio zehaztailea da birformulatzaile gisa betetzen duen funtzio nagusia.

43.8.1d Beraz, funtzio aniztasun horrek esplikatzen du, nolabait, esapide eta partikula batzuk sailkatzean autoreak bat ez etortzea. Sailkapenak sailkapen, lan honetan hitz edo esapide bat birformulatzaile zehaztailetzat jotzeak ez du esan nahi, inola ere, izan ditzakeen bestelako funtzioak ukatzen ari garenik (adberbioa, operadorea, birformulatzaile zuzentzailea…).

Honako hauek dira birformulatzaile zehaztaile gisa erabiltzen diren hitz eta esapide nagusiak: hain zuzen (ere), hurrenez hurren, zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatz esanda/esateko, zehatzago esanda/esan/esatearren/esateko, zehazkiago esanda/esateko.

43.8.2. Balioak

43.8.2a Zehaztapena da birformulatzaile zehaztaileen balio nagusia —aurretik esandakoa, zehatzago emanaz, birformulatzea— eta modu askotara gerta daiteke. Hain zuzen (ere) birformulatzailearen kasuan, adibidez, modu hauetara gauzatzen da zehaztapena:

a) Multzo zabal baten barruan multzo zehatzagoa ezartzen du atal birformulatzaileak (inklusio-erlazioa): Algoritmo hau estatistikan oinarritzen da, Bernoulli-ren probabilitate banaketan hain zuzen ere (Zelaia Jauregi).

b) Modu orokorrean formulatua dagoen leku edo uneari edo erreferentzia zehatza ematen dio birformulazioak: Atzo arratsean, seiak eta zazpi minutu gutxitan hain zuzen, aintziraren ertzean paseatzen ari ginen, zuk ondo dakizunez (Jon Muñoz).

c) Birformulakizunak gertakari, objektu, hipotesi, pertsona bat edo batzuk aipatzen ditu modu zehaztu gabean —enuntziatu-ataleko bat edo batzuk determinatzaileak dira horren erakusgarri—, eta atal birformulatzaileak zehaztu egiten du zein den gertakari, objektu, hipotesi edo pertsona hori. Pertsonak eta objektuak identifikatzeko balio du: Produktu horien sorrera Estatu Batuetako mediku ospetsu bati zor diogu, John Harvey Kellogg jaunari, hain zuzen ere (Lorenzo eta Uranga).

d) Enumerazioa ere izan daiteke birformulakizunak adierazitakoa zehazteko bidea, aurreko atalaren edukia zein elementuk osatzen duen zerrendatzea: Ondoren datoz Lyellen epokak -Pleistozenoa, Miozenoa eta abar-, azken 65 milioi urteei soilik aplikatzen zaizkienak (nahiz eta paleontologiari dagokionez jarduera handiko urteak diren), eta, azkenik, azpimultzo xeheenak ditugu, hain zuzen, estaiak edo adinak (Iza).

e) Izendapen-funtzioa du batzuetan birformulazioak: Tenperatura baxuko konposatu kimikoen erregina, ura, hain zuzen, biak ere (eta bat bereziki) oso ugariak diren elementu jakin biren erreakziotik dator: oxigenoa eta hidrogenoa (Juan Garzia).

f) Birformulakizunak adierazitakoa zehatza izan daiteke eta, halakoetan, beste xehetasunen bat ematen du atal birformulatzaileak: alegia, kontakizunaren harirako garrantzitsua den daturen bat gehitzen du: Hala ere, sarjentuak luzaz galdekatu zituen bi zerbitzari bakarrak (Rosannaren salbuespena eginda) etxekoandrearen neskamea eta etxeko neskame burua izan ziren, beren lankide dohakabea etxera iritsi zen egunetik bertatik hura zirikatzen jardun zuten bi emakume haiek, hain zuzen (Olano).

g) Bai birformulakizuna eta bai atal birformulatzailea perpaus beregainak direnean, lehen perpausean esandakoa berresten du, oro har, birformulazioak (argudioak emanaz, batzuetan): Herri gogoak dinamikoak dira, zalantzarik gabe; hain zuzen, beraiek dira dinamismoaren iturriak historian, kulturan (Azurmendi).

43.8.2b Guztizko baliokide ez izan arren, zehatz hitzean oinarrituriko gainerako birformulatzaile zehaztaileek ere (zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda…) ordezka dezakete hain zuzen (ere) diskurtso markatzailea, betiere aurretik esandakoa zehazten bada: […] distantziaren erdi aldean, lur-atmosferaren goi-geruzara, bi bat kaloria-gramo iristen da zentimetro karratu bakoitzeko; 1,94 kaloria-gramo, zehatz-mehatz / hain zuzen (ere) (ZTC).

43.8.2c Bestelako zehaztapen balioa du hurrenez hurren markatzaile berriak471. Egungo euskaran, askotan, informazio kate bat osatuz agertzen da hurrenez hurren esapidea. Enumerazio bateko elementuei buruzko azalpen edo zehaztapenak emateko erabiltzen da. Nolabaiteko balio banakaria du eta segidako (eskuarki, aurreko eta ondorengo) enuntziatuetako datuen arteko korre- lazioa adierazten du: enumerazio bateko elementuen hurrenkeran oinarritzen da ondorengo zehaztapen edo azalpen argigarri bakoitzaren interpretazioa edo erreferentzia; hots, korrelatiboak dira segidan datozen enuntziatuetako enumerazioetako datuak. Gehienetan “enumerazioa + enumerazio horretako elementuei buruzko zehaztapenak” hurrenkera nagusitzen da, eta gorago aipatutakoari erreferentzia egiteko balio du: nolabaiteko balio anaforikoa du, alegia: […] Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera (Pérez Iglesias eta M. B. Urrutia).

Birformulakizuna

(1. enumerazioa)

183 cm [A] eta 114 cm [B] baitira

Atal birformulatzailea

(2. enumerazioa)

hurrenez hurren, haien [belarrien] luzera [A’] eta zabalera [B’]

Birformulakizunean ageri diren datuak (183 cm eta 114 cm) interpretatzeko orduan hurrenkerari erreparatu behar zaio. Atal birformulatzaileko lehen elementua birformulakizuneko lehen datuari dagokio; atal birformulatzaileko bigarren elementua, birformulakizuneko bigarren datuari; eta horrela hurrenez hurren: A’ zehaztapena (luzera) A datuarekin (183 cm) uztartzekoa da; eta B’ zehaztapena (zabalera), B datuarekin (114 cm) uztartzekoa.

43.8.3. Birformulatzaile zehaztaileen kokagunea

43.8.3a Atal birformulatzailearen hasieran, tartekatuta zein amaieran koka daiteke hain zuzen (ere). Eta, oro har, gauza bera gertatzen da zehatz hitzean oinarrituriko gainerako birformulatzaile zehaztaileekin ere (zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda…); alabaina, juntagailu baten ondotik, batez ere, atal birformulatzailearen hasieran eman ohi dira halakoak: Basoan gerra amorratua dago. Ekologoak hau ikusiz, hausnarka eta buruari bueltaka hasten dira. Hipotesiak ere sortzen dira: lurrean edo, zehazkiago esan, lurzoruan gertatzen da lehia hori (Lizeaga eta Zapirain).

43.8.3b Hurrenez hurren birformulatzailea ere atal birformulatzailearen hasieran zein amaieran agertzen da, baina betiere enumerazio baten —birformulakizunaren— ondoren agertu behar du: […] The normal and the Pathological eta Illness and Psychology dira liburu nagusiak; Canguilhemena eta Foucaultena, hurrenez hurren (Olarra); Fernando Lamikizek eta Miguel Fuentesek, hurrenez hurren Athletic eta Realeko presidenteek, istilurik ez dutela nahi adierazi zuten atzo, baina bakoitzak bereari eutsi zion (Berria).

43.8.4. Birformulakizunen sintaxia

43.8.4a Beste birformulatzaile askorekin gertatzen denez, modu askotakoak izan daitezke birformulakizunak sintaxi-egiturari dagokionez: izen sintagmak, adjektibo sintagmak, postposizio sintagmak, perpaus osoak, mendeko perpausak, sintagma zatiak… Atal birformulatzaileak ere askotariko egitura izan dezake, baina birformulakizuna eta atal birformulatzailea kategoria berekoak izan ohi dira askotan. Bestalde, gehienetan bakarrik erabili ohi badira ere, batzuetan juntagailuen ondotik azaltzen dira (eta, edo, edota, baina…) birformulatzaile zehaztaileak: Baina ez da hori bakarrik; baizik eta, hobeto esanda, konbentzio natural bat, hots, gizakiaren izaeran oinarritzen den, edo, zehazkiago, gizakiaren natura sozialean oinarritzen den konbentzio bat da (J. Zabaleta).

43.8.4b Hurrenez hurren birformulatzailearen kasuan ere, batzuetan, perpaus bereko sintagmetako elementuen artean ezartzen da korrelazioa (nolabaiteko erlazio anaforikoa), baina beste askotan, perpaus alboratu edo juntatuetako sintagmetako elementuen artean ezartzen da korrelazioa: Adanen mitoan eta Faustorenean, ezaguerak ez dezake eraman gaizkira baino; sugea eta deabrua dira, hurrenez hurren, haren ikur (Juan Garzia).

Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulakizunak eta birformulazioak kasu marka eta numero bera izaten dute maiz; baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde: aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea.

43.8.5. Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira birformulatzaile zehaztaileak. Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

Aurretik puntua azaltzeak ez du esan nahi, nahitaez, perpaus beregainari sarrera ematen diola diskurtso markatzaileak; izan daiteke birformulakizunari erreferentzia zehatza emango dion perpausetik beherako osagaia ere, edo mendeko perpausa.

43.8.6. Tradizioa, testu mota, erregistroa…

43.8.6a Gaur egungo euskara estandarrean, hain zuzen (ere) da —alde handiz, gainera— birformulatzaile erabiliena zehaztaileetan. Bereziki azalpenezko diskurtsoan erabiltzen da. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino; eta askozaz ere maizago idatzian, ahozkoan baino. Dena dela, badirudi funtsezko bereizketa ez dela erregistroari dagokiona (zaindua/lagunartekoa), testu edo diskurtso motari dagokiona baizik.

43.8.6b Zehazkiago eta haren tankerako birformulatzaileek (zehatz-mehatz, zehatzago esanda, zehatzago esatearren…) askozaz ere maiztasun apalagoa dute egungo estandarrean, eta, hain zuzen birformulatzailea bezala, azalpenezko diskurtsoan erabiltzen dira batik bat. Haietako batzuek (zehatzago esanda, zehatzago esateko), gainera, tradizio laburra dute, ez daude guztiz finkatuta edo lexikalizatuta esapide birformulatzaile gisa (zehatzago esanda/esateko/esatearren), eta ez daude jasota hiztegi eta gramatiketan.

43.8.6c Hurrenez hurren birformulatzailea, berriz, maizago erabiltzen da egungo euskaran472; baina, eskatzen duen eragiketa anaforiko konplexuagatik, batez ere, diskurtso planifikatu idatzian erabiltzen da (hizkuntza akademikoan eta azalpenezko testuetan bereziki). Ahozko hizkuntzan ez da erabiltzen birformulatzaile gisa.

471 Hurrenez hurren esapidearen lehen adibideak ‘bata bestearen ondotik’ (gazt. “sucesivamente”) adierari dagozkio soilik. Eta badirudi (Alberdi 2011b) adberbio erabilera horretatik (‘baten ondotik hurrengoa doala’) eratorria dela birformulatzaile erabilera (gazt. “respectivamente”).

472 Beste birformulatzaile batzuekin gertatu den moduan, badirudi itzulpengintzak eragina izan duela birformulatzaile honen sorreran eta erabileran.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper