Euskararen Gramatika

43. Diskurtso markatzaileak (II): birformulatzaileak

43. Diskurtso markatzaileak (II): birformulatzaileak

43.1. Testuingurua

43.1a Diskurtso markatzaileez dihardugu atal honetan. Zehatzago esanda, diskurtso markatzaile jakin batzuez: birformulatzaileez460.

Egia esan, diskurtso markatzaileen kategoria ez da gramatikan bereizten diren kategoria sintaktikoak (aditza, adberbioa, juntagailua…) bezalakoa461 (Real Academia Española, Asociación de Academias de la Lengua Española 2010: 2355): diskurtsoaren azterketaren mailakoa da eta izaera funtzionala du (Martí 2011: 18-19). Izan ere, diskurtso markatzaileetako asko adberbioak edo adberbio- esapideak dira: edozein modutan esapideak, esaterako, markatzaile-zeregina betetzen du batzuetan (Patxi gogoz ari da lanean. Edozein modutan, beti ez du asmatzen), baina ez beste batzuetan (Patxik edozein modutan egiten ditu lanak). Beraz, diskurtso markatzaileen azterketak perpausaren maila gainditzen du eta horregatik geratu izan da gaia ohiko azterketa gramatikaletatik kanpo.

Nolanahi ere, euskararen kasuan oraindik lan asko dago eginkizun diskurtso markatzaileen azterketaren arloan. Gaztelaniari buruzko ikerketetan, esaterako, ia ez dago partikula bat bera ere azterketa monografikoren bat ez duenik (Vázquez Veiga 2011). Euskaraz, berriz, diskurtso markatzaile asko daude oraindik deskribatu gabe (Alberdi 2014b: 11).

43.1b Bestalde, begien bistakoak dira hiztegiek diskurtso markatzaileen berri emateko dituzten mugak, hala moduz eta zeharka baizik ezin baitituzte definitu edo azaldu halako partikulak. Horretaz konturatzeko aski da Euskaltzaindiaren Hiztegiak alegia birformulatzaileari buruz ematen duen azalpen egoki bezain mugatua aztertzea:

alegia 1 lok. Zerbait azaldu ondoren, informazioa zehazteko, azaldutakoa argitzeko edo osatzeko erabiltzen den hitza, hau da-ren baliokidea. Hemengo ipuin eta bertsoek iturri bera dute; Graziano Gesaltzako aitona, alegia. Eskutitz sail bat zen, karta sail bat, alegia. Gauza bat da arrantza, astoarena, alegia, eta bestea arrantza, itsaso-erreketako arrainena. Argiaren zalea da, alegia, ez duela beste zuhaitzen itzalik nahi.

2 lok. (Azaldu nahi denari sarrera emanez). Zera adierazi dio, alegia, ez dadila hemendik aurrera bere andregaiarekin joan. Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak direla. Esan nahi dut, alegia, aukera izan banu bide horretatik joko nuela.

3 Ipar. Balitz bezala-ren (edo aditz pertsonaren arabera, banintz bezala eta abarren) edo itxurak egiten-en baliokidea den partikula. Alegia ni ero. Batzuek, alegia otoitzean, zerbait marruskatzen badute ere. Alegia etxera doala. Lan hasia edo alegia hasia ezin utz. Gau guztia egon naiz alegia hila.

4 iz. Ipuina edo elezaharra, gehienean hitz neurtuetan moldatua, pertsona gisa jokatzen diren animaliak edo gauzak agertzen direna eta ondoriotzat irakaspen morala ematen duena. Otsoaren eta bildotsaren alegia. Oxobiren alegiak.

alegia egin Ipar. Itxura egin. Ik. gorago 3. Alegia egin zuen hura adoratu nahi zuela.

Ondorioa da euskaraz guztiz beharrezkoak ditugula diskurtso markatzaileei buruzko azterketa monografikoak, eta, hain zuzen ere, hutsune hori nola edo hala betetzera dator azterlan hau. Azken batean, lan honen helburua zera da: deskribatzea eta azaltzea nola eta zer eginkizun diskurtsibotarako erabiltzen diren birformulatzaileak gaur egungo euskara zainduan. Izan ere, orain ari dira finkatzen —eta are sortzen eta eraberritzen ere— euskara estandarrean hizkuntza-usadio eta tradizio diskurtsiboak. Adierazgarriak dira, esate baterako, ipar-ekialdeko tradizioko hots birformulatzaile esplikatiboak eta Hegoaldeko hau da birformulatzaileak egungo estandarrean izan duten harrera eta zabalkunde hain desberdinak.

43.1c Aurrera baino lehen, ideia bat azpimarratu nahi genuke. Euskarazko bibliografian biziki azpimarratu da aspaldi honetan (Esnal 2002a, 2002b; Corpus Batzordea 2008; Urrutia 2008) nola erabil daitezkeen “modu estrategikoan” diskurtso markatzaileak komunikazio eraginkorragoa lortzeko (atzerakargaren arazoa konpontzeko, perpausen segmentazioa markatzeko…). Orobat azpimarratu da zer nolako garrantzia duten markatzaileek testuaren “arkitekturan”. Baina gure artean ez da behar beste azpimarratu diskurtso markatzaileei buruzko ikerketa teorikoek aspalditik nabarmendu duten ideia bat (Blakemore 2002; Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4057; Martí 2011: 18-19; Aschenberg eta Loureda 2011a: 13): alegia, diskurtso markatzaileek berez dutela funtzio komunikatibo “estrategikoa”; izan ere, hartzaileari diskurtsotik inferentziak ateratzen laguntzeko gida edo jarraibide moduko batzuk eskaintzea da diskurtso markatzaileek duten funtzio diskurtsibo berezkoa.

43.2. Metodologia: EUDIMA corpusa

43.2a Metodologiari dagokionez, EUDIMA ikerketa proiektuko corpus zabalaz baliatu gara testuak eta datuak aztertzeko, ikerketa hori baita orain arte kontu hauetaz egin den lanik osoen eta sistematikoena. Egungo euskara zaindua islatu nahi du EUDIMA corpusak462 (Alberdi 2014b).

Azpicorpusa

Testu-hitz kopurua

Izen laburra

ZIO corpusa

1,0 milioi

ZIO

EHUko eskuliburu itzuliak

5,5 milioi

EHU

Zuzenbidea / lege testuak

4,1 milioi

Zuzen. LT

Zuzenbidea / testu akademikoak

2,5 milioi

Zuzen. TA

Pentsamenduaren Klasikoak

10,7 milioi

PKC

EPD liburuak

10,2 milioi

EPD lib.

EPD prentsa

10,5 milioi

EPD pren.

ZT Corpusa

6,6 milioi

ZTC

ETBko dokumentalak

0,5 milioi

ETB doku.

Goenkale corpusa

11,0 milioi

Goenkale

GUZTIRA

62,6 milioi

EUDIMA corpusaren osaera

Guztira 62,6 milioi testu-hitz ditu corpusak eta halako oreka bat lortu da testu itzulien eta jatorrizkoen artean.

Jatorrizkoak

35,7 milioi testu-hitz

Itzulpenak

26,9 milioi testu-hitz

GUZTIRA

62,6 milioi testu-hitz

43.2b Askotariko testu motak biltzen ditu EUDIMA corpusak: akademikoak, lege testuak, prentsa eta saiakera. Eta, bereziki, ahozko hizkuntzara hurbiltzen diren bi azpicorpus ditu: alde batetik, Goenkale, zeinak hein batean lagunarteko erregistroa imitatzen baitu; eta, bestetik, ETBko dokumentalen corpusa, zeinak, entzunak izateko testuen bidez, erregistro zaindua islatzen baitu. Dena dela, argi dago erregistro jasorantz eta hizkuntza idatzirantz lerratuta dagoela corpusa, baina ez berariaz hautu hori egin dugulako, ezpada eskuragarri genituen testuekin osatuko dugulako.

43.3. Birformulatzaileak: aztergaiak

43.3a Bi lan handi izan dira gidari atal honetan: Briz, Pons eta Portolés (2008) eta Fuentes (2009). Eta, hain zuzen ere, bi lan horietako fitxa lexikografikoen egiturak uztarturik osatu da atal honen egitura eredua.

Egia esan, zalantza ugari sortzen da lema eta aldaera batzuk bereizteko orduan. Azkenean, esapidearen lexema eta EUDIMAko maiztasun datuak aintzat hartu dira, lema eta aldaerak bereizteko. Horrela, aparteko lematzat jotzen dira, esaterako, honelakoak:

Lema

Lema

beste era batera esanda

beste modu batera esanda

azken batean

azken buruan

hala ere

hala eta guztiz ere

zehatzago esanda

zehazkiago

Ildo beretik, honelako lema eta aldaerak bereizi dira:

Lema

Aldaerak

erran nahi baita

erran nahi da

esan nahi baita

esan nahi da

bestela esanda

bestela esan

bestela esateko

bestela esanik…

Bestalde, lema beraren aldaeratzat hartu dira, oro har, erro bera duten esapide flexiodun edo jokatu desberdinak: labur esanda eta labur esateko; laburbilduz eta laburbilduta; azken batean, azken baten, azken batez; edozein modutan eta edozein moduz; hala ere eta halarik ere eta abar.

43.3b Teorian, unitate aldagaitz eta gramatikalizatuak dira diskurtso markatzaileak (DMak). Praktikan, ordea, uste baino zailtasun handiagoak gertatzen dira birformulatzaileen zerrendak egiterakoan. Izan ere, sarri askotan lehian bezala agertzen baitira diskurtsoan esapide finkatuak eta ez hain finkatuak (bestela esanda, bestela esan, bestela esateko, bestela esanik…). Argi dago, beraz, aldagaiztasun- eta gramatikalizazio-mailak bereiz daitezkeela: esapide batzuk finkatuago eta gramatikalizatuago daude beste batzuk baino, eta oso zaila da bereizten noiz gauden sintaxian eta noiz lexikalizatze- edo gramatikalizatze-bidean dagoen esapide baten aurrean. Alde horretatik, eskuzabal jokatzen dugu hemen eta sintaxitik hurbilago dauden esapideak ere jaso ditugu birformulatzaileen artean.

Beste arazo bat ere bada hemen, diskurtso markatzaileen (DMen) esanahiari dagokiona (Garcés 2008: 27-32). Jakina denez, DMek ez dute esanahi denotatiborik, ez dute aditzera ematen kanpoko errealitatea. Aitzitik, enuntziatuen arteko loturaren bat, edota enuntziatuen eta kanpoko testuinguruaren edo solaskideek partekatzen dituzten ezagueren arteko loturaren bat adierazteko erabiltzen dira DMak. Beraz, DMen esanahiek jarraibide moduko batzuk —informazioa egituratzeko edo ordenatzekoak, esandakoak birformulatzekoak, argumentatzekoak…— ematen dizkigute, enuntziatuak modu egokian interpretatzeko: bestela esanda, ez dute esanahi kontzeptualik, baizik ‘jarraibidezko’ edo ‘prozedurazkoa’, Egokitasunaren Teorian (Relevance Theory) esaten denez.

43.3c Esanak esan, gaur egun autore gehienak bat datoz DMen esanahi kontzeptualik ezaren “baldintza” erlatibizatzeko (Portolés 2007; Martín Zorraquino 2010a). Garai batean esaten zen diskurtso markatzaileek ez zutela esanahi kontzeptualik, baina azken hamarkadan jarrera malguagoa agertu dute autore batzuek diskurtso markatzaileen esanahiari buruz. Portolés-ek, esaterako, zera dio: “En suma, la clara diferencia entre unidades con un tipo de significado conceptual y otro de procesamiento que propone Blakemore debe ser tomada con algunas precauciones. Los marcadores tienen un significado de procesamiento, pero este significado frecuentemente posee una evidente relación con el significado conceptual de las unidades que los han originado (Murillo: 2000)” (Portolés 2007: 25). Eta ildo beretik doaz Martín Zorraquino-ren hitz hauek: “He destacado especialmente el giro que se ha producido en los últimos diez años en el marco de la Teoría de la Relevancia respecto a la caracterización del significado de los marcadores del discurso. Las propuestas de Blakemore (2002) van en la línea de reconocer que las partículas discursivas pueden codificar significado de procesamiento y significado conceptual, por lo que la autora considera que hay varios tipos o grupos de marcadores del discurso” (Martín Zorraquino 2010a: 170).

Izan ere, DMaren jarraibidezko esanahia oso estu loturik dago askotan esapidea osatzen duten elementuetako bakoitzaren esanahi kontzeptualarekin.

Nolanahi ere, esanahiari bagagozkio, kontua da nola eman DM bakoitzaren funtzio aniztasunaren berri. Eta alde horretatik atal honetan ontzat eman da Garcés-en proposamena:

Nuestra propuesta es que estas unidades presentan un significado básico, pero no en todos los casos es de carácter monosémico, dado que en el proceso de evolución pueden haber desarrollado otros valores que pasan a formar parte también de su significado, y una serie de sentidos contextuales surgidos por el enriquecimiento pragmático que esas unidades experimentan en su empleo discursivo en relación con el contexto en el que se insertan, con su alcance estructural y con el tipo de segmentos vinculados (Garcés 2008: 32).

Ildo horretatik, birformulatzaile bakoitzaren azterketan ‘balio oinarrizkoa’ eta bestelako ‘balioak eta erabilerak’ bereizi dira hemen, esanahia/zentzua bereizkuntza kontzeptualari jarraituz463. Izan ere, gure ustez birformulatzaile bakoitzak badu oinarrizko esanahi bat, eta gero hartzen ditu ere testuinguruaren araberako bestelako zentzu edo balioak, gehiago edo gutxiago garatuak eta finkatuak. Oinarrizko esanahiak edo balioak, beraz, birformulatzailearen funtzionamendua azaltzeko behar diren jarraibide zehatzak jaso behar ditu; eta gainerako zentzuak diskurtsotik eratorritakoak izango dira464.

43.4. Diskurtso markatzaileak eta birformulatzaileak

43.4a Atal honetan saiatuko gara azaltzen zer diren diskurtso markatzaileak (DMak) eta zergatik jo daitezkeen birformulatzaileak DMen azpimultzo berezitzat. ‘Diskurtso markatzaile’ deitura zabala erabili dugu, gaur nagusi den terminologiari jarraituz. Baina egia da arlo honetan terminoak eta kontzeptuak ez daudela nahi eta behar bezain garbi. Euskal ikasketetan, besteak beste, ‘lokailu’ (EGLU-III 1990), ‘testu-antolatzaile’ (Larringan 1996), ‘testu-markatzaile’ (Corpus Batzordea 2008) izenak proposatu izan dira. Eta gaztelaniaz ere termino ugari proposatu izan dira: “enlaces extraoracionales / supraoracionales / textuales”, “conectores”, “conectores pragmáticos”, “conectores discursivos”, “conectores textuales”, “conectores argumentativos”, “conectivos”, “operadores discursivos”, “partículas discursivas”, “ordenadores del discurso”…

Edozein modutan ere, autore askoren iritziz, ‘diskurtso markatzaile’, ‘lokailu’ (“conector”) eta ‘operadore’ kontzeptuak bereiztea komeni da (Fuentes 2003). Diskurtso markatzaileena kategoria zabalena da eta beraren barruan bi azpikategoria bereizten dira (Fuentes 2009: 12-13): ‘lokailuak’ (“conectores”), enuntziatuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa ezartzen duten markatzaileak; eta ‘operadoreak’, beren zeregina enuntziatu baten barruan betetzen duten markatzaileak465.

Diskurtso markatzaileen kategoria, beraz, diskurtsoaren mailakoa da eta izaera funtzionala du.

43.4b Lan honetan egokitzat hartu da Martín Zorraquino-k eta Portolés-ek aspaldi (1999: 4057) eman zuten harako definizio hura:

Los marcadores del discurso son unidades lingüísticas invariables, no ejercen una función lingüística en el marco de la predicación oracional —son, pues, elementos marginales— y poseen un contenido coincidente en el discurso: el de guiar, de acuerdo con sus distintas propiedades morfosintácticas, semánticas y pragmáticas, las inferencias que se realizan en la comunicación.

Definizio horretan diskurtso markatzaileen bi ezaugarri bereizgarriak geratzen dira azpimarratuta (Martí 2011: 18-19): alde batetik, diskurtso markatzaileek duten jarraibide-, prozedura- edo prozesatze-esanahia466 eta -balioa azpimarratzen da (hots, hiztunaren eta hartzailearen arteko elkarlana eta enuntziatuen interpretazioa gidatu behar duen lankidetza); beste alde batetik, perpausaren esparruan inolako funtzio sintaktikorik ez betetzea da diskurtso markatzaileen bigarren ezaugarri funtsezkoa. Ez da, beraz, gramatika-kategoria berri bat, ezpada kategoria funtzional, diskurtsibo edo pragmatiko “berri” bat.

43.4c Diskurtso markatzaileen beste ezaugarri batzuk hauek dira (Martín Zorraquino 2010a: 104-113): a) unitate aldagaitzak eta ongi finkatuak izatea; b) tarteki gisa agertzea aparteko enuntziatuetan (modifikatzaile, azalpen eta elementu parentetikoak agertu ohi diren kokagunean); c) izaera funtzional eta opakoa izatea (esapideen kasuan esanahi ez-konposizionala); d) aldaketa-prozesu baten emaitza izatea (gramatikalizazioa eta lexikalizazioa); e) diskurtso markatzaileen azpimultzoetako batean modu koherentean sailkatu ahal izatea (birformulatzaileak, egituratzaileak, emendiozkoak…).

Hurrengo atalean azalduko denez, diskurtso markatzailetzat jo behar ditugu birformulatzaileak (alegia, hots, hau da, erran nahi baita, bestela esanda…; hurrenez hurren, zehatz-mehatz, zehatzago esanda…; azken batean, azken buruan, azken finean…; hitz gutxitan, labur esanda, laburbilduz…; dena dela, dena den, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan, hala ere, nolanahi ere…; are hobeki, barkatu, (edo) hobeto, egia esanda, hobeto esanda…) kategoria funtzional horren bi ezaugarri bereizgarriak dituztelako: lehenengo eta behin, prozesatze-esanahia dutelako eta haien eginkizuna hartzaileari diskurtsoaren interpretazioan eta inferentzietan laguntzea delako; bigarrenik, agertzen diren perpausean funtzio sintaktikorik betetzen ez dutelako. Zehatzago esanda, diskurtso markatzaileen artean bereizi ohi diren azpimultzoetako bat osatzen dute birformulatzaileek.

43.4d Egia esanda, autore guztiak bat datoz birformulatzaileak diskurtso markatzailetzat jotzean, baina ez da gauza bera gertatzen DMen barruan zer azpimultzo dagokien zehazteko orduan. Hala, autore batzuek (Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4139) bost DM mota bereizten dituzte (informazioaren egituratzaileak, lokailuak, birformulatzaileak, operadore argumentatiboak eta elkarrizketa markatzaileak), eta lokailuetatik aparte sailkatzen dituzte birformulatzaileak. Beste autore batzuek, berriz, bi multzo nagusitan banatzen dituzte DMak (lokailuak eta operadoreak) eta lokailutzat jotzen dituzte birformulatzaileak (Garcés 2008; Fuentes 2009; Martí 2008, 2011).

43.5. Birformulazioa eta birformulatzaileak

43.5a Atal honetan azalduko da, labur bada ere, zertan den birformulazioan gauzatzen den eragiketa diskurtsiboa, zer egitura duen eta zehazki nola eta zer markatzaileren (birformulatzaileren) bidez gauzatzen den.

Ikuspegi teoriko desberdinetatik aztertu izan da birformulazioa. Terminoa Gülich eta Kotschi-ren (1983, 1987, 1995) lanetatik dator; hots, ahozko hizkuntzaren azterketatik eta testuaren hizkuntzalaritzatik eta pragmatikatik (ikus Garcés 2009: 18). Autore horien ikuspuntutik, hiztunak uste duenean aurretik adierazitakoa ez datorrela guztiz bat adierazi nahi denarekin, lehengo ideia horretara itzultzen da, baina hura bestelako hitz batzuekin adieraziz; hots, ideia birformulatuz.

43.5b Egokitasunaren (relevance. Gaztelaniazko itzulpenetan relevancia itzuli izan da, baina Portolés-en (2007: 19) irizpideari jarraituz egokiagoa litzateke pertinencia —fr. pertinence, it. pertinenza— itzultzea, ez baita garrantzi kontua, ezpada egokitasun kontua) teoriaren ikuspegitik, zeinak kontuan hartzen baititu enuntziatuak interpretatzeko behar diren prozesu kognitiboak, Blakemore-k (1993, 1996, 1997, 2002) dio aurretik adierazitakoa birformulatzeko erabakia honi zor zaiola: hiztuna konturatu da bere aurreko adierazpena ez dela behar bezain egokia bere helburu komunikatiboak betetzeko eta jakitun da aurretik adierazitakoa birformulatu beharra daukala bere helburu komunikatiboekiko egokitasunik beteena lortuko badu467.

Hartzaileari edo solaskideari aurreko diskurtso atala egokiro interpretatzen laguntzeko gauzatzen den diskurtso eragiketa bat da birformulazioa468. Alegia, diskurtsoa berrinterpretatzeko prozedura bat da birformulazioa: haren bidez hiztuna aurreko diskurtso atalera edota aurreko enuntziazio-ekintzara itzultzen da, hura berrinterpretatzeko edo bestelako ikuspegi batez aurkezteko (Garcés 2009: 17). Birformulazioa, beraz, diskurtsoan lehenago adierazitakoa bestelako hitzez berradieraztea edo birformulatzea da. Hiztunak bere diskurtsoaren kontzientzia hartzen du eta —egin duen formulazioa guztiz gogobetegarria iruditu ez zaiolako, edo nahita diskurtsoa hala antolatu nahi duelako eta efektu diskurtsibo jakin bat lortu nahi duelako— beste hitz batzuen bidez edo ustez argiagoa den formulazio baten bidez saiatzen da adierazten hartzaileari adierazi beharrekoa.

Alde horretatik, birformulazioak funtzio desberdina bete dezake (Blakemore 1993) diskurtso planifikatu gabean (ulertze-arazoak konpontzea) eta diskurtso planifikatuan (testuinguru-efektu berri batzuk sortzea).

43.5c Hiztunak berak jar dezake abian (Garcés 2008, 2009) birformulazio prozesua, autobirformulazio deritzo prozesu horri: [Duela bi urte, 2007ko otsailean], Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «transgenikorik gabeko eremu» izendatu zituen Jaurlaritzak; alegia, pertsona edo abereentzako elikagai izan zitezkeen landaketa transgenikoen aurka agertu zen (Berria).

Edo beste hiztun edo solaskide batek eraginda gerta daiteke birformulazioa (erabilera dialogikoa). Holakoetan, B solaskideak A solaskidearen adierazpena birformulatzen du, eta orduan ‘heterobirformulazioaz’ mintzatuko gara: [Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa.] Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak (Jon Muñoz).

Adibide horietan ikus daitekeenez, zeregin horretarako, besteak beste, birformulatzaileak baliatzen ditu hiztunak. Hona hemen zer atal bereizten diren ohiko birformulazioetan. Birformulakizun deitzen da hemen birformulagai den testu atalari (Larringanek —1996— adierazpen birformulatu deritzo gauza berari). Bestalde, atal birformulatzaile erabili dugu birformulazioaren “bigarren zatia” izendatzeko (Larringanek —1996— adierazpen birformulatzaile deritzo gauza berari). Berariaz birformulakizun eta atal birformulatzaile terminoak erabiltzea erabaki genuen, beste formula batzuen anbiguotasuna saihesteko.

Birformulakizuna [p]

[…] Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «transgenikorik gabeko eremu» izendatu zituen Jaurlaritzak;

Birformulatzailea

alegia,

Atal birformulatzailea [q]

pertsona edo abereentzako elikagai izan zitezkeen landaketa transgenikoen aurka agertu zen [Jaurlaritza].

Beraz, honelakoa da birformulazioen egitura (Garcés 2009: 23):

Illustration

43.5d Atal birformulatzailea, bestalde, enuntziatu zati bat zein enuntziatu oso bat izan daiteke, eta askotariko kategoria sintaktikoetakoa (perpausa, izen sintagma, aditz sintagma, izena, aditza, adberbioa…). Birformulakizuna, berebat, enuntziatu zati bat zein enuntziatu oso bat izan daiteke (eta are enuntziatu batzuk ere: esate baterako, laburbiltzaileen kasuan). Birformulazio esplikatiboetan, sarri egoten da kidetasun edo paralelismo funtzionala bi atalen artean. Bereziki, birformulazio partzialetan; hots, birformulakizuneko enuntziatuaren zati bat birformulatzen denean.

Gehienetan agerian daude diskurtsoan birformulazioaren bi atalak (birformulakizuna eta atal birformulatzailea), baina kasu batzuetan —bereziki, birformulatzaile urruntzaileekin— isilean geratzen da birformulakizuna. Hala eta guztiz ere, pentsa daiteke birformulatzaileek beti betetzen dutela lokailu zeregina (Garcés 2008: 25-26); izan ere, ageriko atalak lotzen dituzte gehienetan eta batzuetan isildutako enuntziatu batera bidaltzen gaituzte.

Egia esan, ez da beti ezinbestekoa birformulatzaileak erabiltzea birformulazioa gauzatu dadin, baina, edozein modutan, atal honetan ez dira aztertuko birformulazio ‘inplizituak’, hots, diskurtso markatzailerik gabe gauzatzen direnak. Birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean dagoen erlazioaren arabera, errazagoa, zailagoa edo are ezinezkoa izan daiteke birformulatzailea ezabatzea (Garcés 2009: 24-25). Birformulatzaile esplikatiboak, esaterako, errazago ken daitezke baldin eta bi atalen artean baliokidetasun semantikoa badago; ezin dira ezabatu, ordea, inferentzia-erlazioa egonez gero. Birformulazio parafrastikoan errazagoa da birformulatzailea ezabatzea. Hala, bada, birformulazioa birformulatzaileen bidez edo birformulatzailerik gabe gauzatzen den kontuan harturik, autore batzuek bi birformulazio parafrastiko mota bereizten dituzte: birformulatzailerik gabe gauzatzen den ‘funtzio diskurtsibo parafrastikoa’; eta birformulatzaileen bidez bideratzen den ‘eragiketa diskurtsibo parafrastikoa’ (Garcés 2009: 19). Bestelako birformulazio motak (laburbiltzailea, urruntzailea, zuzentzailea) adierazten dituzten birformulatzaileek, ostera, agerian egon behar dute eskuarki, osterantzean diskurtsoaren interpretazioa ez baita berdina.

Lehenbiziko adibidean, esate baterako, alegia birformulatzailea kenduta ere berdin-berdin ulertuko genuke bigarren enuntziatua: hots, ez genuke arazorik izango konturatzeko bigarren enuntziatuan nolabaiteko azalpena datorrela, edo, bestela esanda, ez genuke arazorik izango bigarren enuntziatua aurreko enuntziatuaren azalpen edo birformulaziotzat ulertzeko. Alde horretatik esan daiteke birformulatzaileak diskurtsoaren norabideaz edo orientazioaz hobeto jabetzeko bide-seinale moduko batzuk direla: gure adibidean, bigarren enuntziatuaren hasieran mugarri gisa agertzen den alegia birformulatzaileak —azalpenezko birformulatzailea baita— argiro adierazten dio hartzaileari ondoren nolabaiteko azalpena edo berrinterpretazioa datorrela.

43.5e Bereizketa bat egin beharra dago birformulazioaren edukiaz. Gehienetan birformulakizunaren edukiari edo adieraziari dagokio atal birformulatzailean egiten den formulazio berria. Baina batzuetan enuntziazio-ekintza bera —esatea bera— bihurtzen da birformulazioaren helburu: horixe gertatzen da, esate baterako, hobeto esanda, hobeki esanda eta antzerako birformulatzaile zuzentzaileak edota labur esanda moduko birformulatzaileak erabiltzen direnean.

Azpimarratzekoak dira birformulatzaileek diskurtso markatzaileekin partekatzen dituzten ezaugarriak:

a) prozesatze-esanahia izatea eta, beren ezaugarri semantiko eta pragmatikoen arabera, hartzailea inferentzietan gidatzeko funtzioa izatea;

b) perpausean funtzio sintaktikorik ez betetzea;

c) aldagaitzak izatea;

d) agertzen diren diskurtso atala aurreko diskurtso atalarekin lotzea.

Baina zein dira birformulatzaileen bereizgarriak? Hona hemen bereizgarri nagusietako batzuk (Garcés 2008: 81-85):

a) Aurreragoko diskurtso atal bat —agerikoa nahiz isilekoa— berrinterpretatzeko prozesu batean parte hartzea: kasuan kasuko erlazioaren arabera eta birformulatzaile motaren arabera baliokidetzatik zuzenketaraino joan daiteke berrinterpretazioa.

b) Gainerako diskurtso markatzaileekin alderatuta, izaera polifonikoa (hots, askotariko ahotsak agertzea) da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez. Esaldi honetan, adibidez, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu: Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko. Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira (Garcés 2008: 82): a) hiztuna (gazt. “hablante”), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. “locutor”), esaten denaren erantzulea; c) enuntziatzailea (gazt. “enunciador”), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea.

c) Birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean berdintasunezko erlazio hierarkikoa izatea edo menderakuntzazko erlazioa izatea. Menderakuntzazko erlazioa izango dugu, baldin birformulakizuna eta atal birformulatzailea alderantzikagarriak ez badira eta, beraz, diskurtsoaren jarraipenerako atal birformulatzailea jotzen bada baliozkotzat. Aldiz, bi segmentuen artean baliokidetza semantikoa badago eta alderantzikagarriak badira esanahia aldatu gabe, berdintasunezko erlazio hierarkikoaz hitz egingo dugu (Garcés 2008: 83-84).

d) Birformulatzaileen esanahi berezia. Alde batetik, aurreko enuntziatua edo diskurtso atala ikuspuntu berri batetik berrinterpretatzeko jarraibideak ematen dizkigute (birformulatzaile bakoitzak, alde batetik, esanahi jakin bat edo batzuk izan ditzake, eta, beste alde batetik, testuinguruaren arabera har ditzakeen askotariko zentzuak). Bestalde, informazio-egiturarekin zerikusia duten jarraibideak ematen dizkigute birformulatzaileek: mintzagaiaren jarraipena edo aldaketa (Portolés 2007: 122-123).

e) Mugikortasuna da diskurtso markatzaileen beste ezaugarri bat, baina birformulatzaileen kasuan banan-banan aztertu behar da kokagunea. Dena dela, autore gehienek azpimarratzen dutenez, birformulazio mota guztietan informazioaren ikuspegitik diskurtsoan beti geratzen da nabarmenduta atal birformulatzailea.

43.6. Euskarazko birformulatzaileen sailkapena

43.6a Birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean dagoen erlazio motaren arabera eta hizkuntzaren arabera, askotariko sailkapenak proposatu izan dira: gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko sailkapenei buruz, esaterako, Cortés eta Camacho (2005: 238-255) ikus daiteke. Gaztelaniari buruzko ikerlanetan (Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4121-4139; Portolés 2007: 71-72; Martí 2008: 60-65; Garcés 2008) lau birformulatzaile mota nagusi hauek bereizi izan dira:

a) “explicativos”: o sea, es decir, a saber, esto es…

b) “rectificativos”: mejor dicho, mejor aún, más bien…

c) “de distanciamiento”: en cualquier caso, en todo caso, de todos modos…

d) “recapitulativos”469: en suma, en resumidas cuentas, en conclusión, en definitiva, en fin, total, al fin y al cabo, después de todo…

Fuentes-ek (2009), berriz, honako hiru azpisail hauek baino ez ditu bereizten eta birformulatzaileetatik kanpo uzten ditu gainerakoak: kontzesiboen sailean sartzen ditu en cualquier caso, en todo caso, de todos modos eta antzekoak; eta aparteko sail batean sartzen ditu “recapitulativos” direlakoak (en suma, en definitiva, en conclusión…):

a) “explicación”: o sea, es decir, a saber, esto es, dicho de otra manera…

b) “corrección”: mejor dicho, antes bien, por mejor decir, bueno 3, digo 1, en fin 2…

c) “concreción”: concretamente, en concreto 1, en particular 1, específicamente, particularmente 4, sin ir más lejos 1…

43.6b Gramatikaren atal honetan, aurreko sailkapenak uztarturik, euskarazko birformulatzaileak bost sailetan banatzea proposatzen da: a) esplikatiboak; b) zehaztaileak; c) laburbiltzaileak; d) urruntzaileak; e) zuzentzaileak.

Birformulazioa den atzera itzultze horretan modu askotara berrinterpretatzen da aurreko diskurtso atala: a) batzuetan, azalpenak ematen ditu hiztunak (birformulatzaile esplikatibo edo azalpenezkoak: alegia, hau da, hots…); b) beste batzuetan, zehaztu egiten da informazioa (zehaztaileak: zehatz(ago) esanda, zehatz-mehatz, zehazkiago…); c) laburbildu egiten da esandakoa edo balioespen subjektibo bat —berrausnarketa— aurkezten da (laburbiltzaileak: labur esanda, laburbilduz, hitz gutxitan…; azken batean…); d) zenbaitetan, hiztuna urrundu egiten da esandakotik, edo, hobeto esanda, mugatu edo berrorientatu egiten du esandakotik atera daitekeen inferentzia (urruntzaileak: dena dela, dena den, edozein modutan, nolanahi ere, esanak esan…); e) edo zuzendu egiten du adierazitakoa (zuzentzaileak: are hobeto/hobeki, barkatu, bestela esan(da), hobeto esanda…).

Horiek horrela, birformulatzaileen eginkizuna hau da: enuntziatuen edo diskurtso atalen arteko lotura gauzatzea eta haien artean zer-nolako erlazio semantiko-pragmatikoa dagoen agerian uztea: azalpena, zehaztapena, laburbilketa eta berrausnarketa, urruntzea eta zuzenketa.

Birformulatzaileak

a) Esplikatiboak

alegia

bestela esanda

beste era batera esanda…

beste modu batera esanda…

beste hitz batzuetan (esanda)…

beste hitzetan (esanda)

erran nahi baita…

hau da

hots

b) Zehaztaileak

hurrenez hurren

zehatz esanda/esateko…

zehatz-mehatz

zehatzago esanda/esateko…

zehazkiago…

c) Laburbiltzaileak

c1) Laburbiltzaile hutsak

labur esanda/esateko…

laburbilduz, laburbilduta…

hitz batean/batez

hitz batean esateko

hitz bitan esateko

hitz gutxitan…

c2) Berrazterketa edo berrausnarketa adieraztekoak

(“de reconsideración”)

azken batean/baten/batez

azken buruan

azken finean

d) Urruntzaileak

dena dela

dena den…

edonola ere

edozein kasutan (ere)

edozein modutan (ere)…

esanak esan

hala ere

hala eta guztiz ere

nolanahi den

nolanahi ere…

e) Zuzentzaileak

(edo) hobeto/hobeki

are hobeto/are hobeki…

barkatu, barka

bestela esanda

egia esanda

hobeto esanda…

zer diot?

Euskarazko diskurtso markatzaile birformulatzaileen sailkapena

43.7. Birformulatzaile esplikatibo nagusiak

43.7a Gaurko euskara estandarrean hiru hauek dira —alde handiz, gainera— birformulatzaile esplikatibo erabilienak: alegia, hau da, hots.

Askozaz ere erabilera-maiztasun apalagoa dute beste hauek:

erran nahi baita (erran nahi da, esan nahi baita, esan nahi da)

bestela esanda (bestela esan, bestela esateko…)

beste era batera esanda (beste era batera esateko…)

beste modu batera esanda (beste modu batean esanda/esateko)

beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda…)

beste hitzetan/hitzez (esanda…)

43.7b Birformulatzaile horien guztien lexikalizazio-maila ez da berdina: erabilienak eta tradizio zabalena dutenak (alegia, hau da, hots, erran nahi baita), guztiz finkatuta daude hiztegian esapide diskurtsibo gisa; gainerakoak ez daude hain finkatuta, sintaxi-gorabeherek erakusten dutenez, eta horrek esan nahi du gramatikalizatze- eta lexikalizatze-bidean daudela: Eta biloa tente omen zegoen bernako azalean, bere besoetan bezala; alegia, izuak hartuta balego bezala hura ere (Saizarbitoria); Haurrek beraiek ere sumatzen dute ipuina konplexua, aberatsa edo nahasia dela, hau da, mezu diferenteak gordetzen dituela, eta horregatik interesatzen zaie (Urkiza); Horrelaxe iristen gara Jainkoaren, hots, Sortzailearen, existentzia frogatzera (Kintana); Eta ondorioz, ez da bata bestearen kausa izaten ahal; erran nahi baita, ez duela batak ekoizten ahal bestea (Xarriton).

43.7.1. Birformulatzaile esplikatiboen balio oinarrizkoa: azalpena

43.7.1a Azalpenezko birformulazioak bideratzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: hots, aurreragoko diskurtso atal batean —eskuarki, aurreko enuntziatuan— adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Birformulatzaile esplikatiboez baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haien bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari —edo are bere buruari ere— lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela birformulatzaile esplikatiboak txertatzen duen diskurtso atalean. Ikus ditzagun adibide batzuk:

«Katilinarenak» nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik (Berria).

Birformulakizuna

[…] intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa.

Azalpena: atal birformulatzailea

Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik.

Kasu honetan, gainera, birusak gizakien artean kutsatzeko ahalmena ere bazuela berehala ikusi zuten adituek, eta horrek kezkatu zituen, batez ere; izan ere, gaitza ohiko gripea hedatu ohi den gisan hedatuko zela ohartarazi zuten, oso bizkor, alegia (Berria).

Birformulakizuna

(izan ere, gaitza) ohiko gripea hedatu ohi den gisan (hedatuko zela…);

Azalpena: atal birformulatzailea

oso bizkor, alegia.

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

43.7.1b Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulatzaile esplikatiboen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak (1) nahiz enuntziatu zatiak (2) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikoetakoak (perpausak, izen sintagmak, aditz sintagmak, izenak, aditzak…).

43.7.2. Birformulatzaile esplikatiboen balio nagusiak

43.7.2.1. Erreferentziazko birformulazioa

Birformulatzaile esplikatiboek, oro har, birformulazio prozesuetan betetzen dituzten funtzio nagusien artean identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa aipatu behar da lehenik: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen dio, eta horregatik deitzen dugu erreferentziazko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide emateko erabiltzen da. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko:

Sortu zenetik —XIX. mende-hasieratik, alegia—, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari (Juan Garzia).

Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren % 3 ingurura hurbiltzeko (Berria).

Erreferentzia esleitu

Zehaztapena (“especificación”)

zehaztugabea > zehaztua

Determinatzaile zehaztugabea: bat, batzuk, zenbait…; mugatzaile generikoa: ‑a(k) > zehaztua.

Identifikazioa (denbora, lekua…)

Itxuraz zehaztua > zehaztua…

sintagma mugatua: hori

(Azken ikuspuntu hori…)

43.7.2.2. Azalpenezko birformulazioa

Bigarren funtzioa birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea da, eta azalpenezko birformulazioa deitzen dugu horregatik. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da. Alde batetik, hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da (neologismoak, hitz ezezagun edo teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak eta abar): Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera (Herria).

Bestetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko erabiltzen da. Gorago aipatu adibideak balio digu: «Katilinarenak» nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik (Berria).

43.7.2.3. Definiziozko birformulazioa

Hirugarren funtzioa birformulakizunaren esanahia zabaltzea da. Horregatik deitzen dugu definiziozko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, nolabaiteko definizio bati bide egiteko erabiltzen da. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da: Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea (Berria); Uranio astunaren atomo baten diametroa elementu arinenaren -hots, hidrogenoaren- atomoaren diametroa baino bizpahiru aldiz handiagoa baino ez da. Atomo arrunt baten diametroa 0,3 nanometro inguru da; nanometroa (1 nm) metro baten milamiliorena da, edo, bestela esanda, milimetro baten milioirena; alegia, irudikatzeko gai garen neurriaren muga-mugan (Juan Garzia).

43.7.2.4. Izendapenezko birformulazioa

Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea da hirugarren funtzioa: izendapenezko birformulazioa deitzen dugu. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailea erabiliz termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean birformulakizuneko formulazio luzea. Hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: Gizakiok entzuten ez ditugun maiztasun baxuko soinuak, hots, infrasoinuak nabaritzeko gai dira (EiTB).

43.7.2.5. Inferentziazko birformulazioa

43.7.2.5a Badira, azkenik, beste balio batzuk ere: ondorioa, dedukzioa, konklusioa… Inferentziazko birformulazioa deitu dugu hemen. Zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzakete birformulatzaile esplikatiboek. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulatzaileen nolabaiteko hiperonimoak direnez (Robles 2012), gai dira bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…).

Are gehiago, zenbaitetan, eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatu ditzakete inferentzia-prozesuetan.

43.7.2.5b Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa… Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuetan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da atal birformulatzailean.

Hona hemen adibide batzuk: Heien jokoa litake Charia delakoa hedatzea herri osoan, erran nahi baita islamisten lege dorpeenaren pean ezartzea herria eta jendea (Herria); -Kontu handiz, bai horixe! Nonbaitik hasi behar, hala ere - baieztatu zuen Léak -, ezta, Ruche jauna? Izan ere, esaldi hau aurkitu dut, Polibio deritzon batena: “Guztiaren bide erdia da hasiera”. Alegia, gaizki hasiz gero, okerra luzaroko! (Jon Muñoz); Adimena beldurrez makaldua duen gizon iaio batek bizimodu oparoa eta diru pila eskaintzen dit bere ministro izan nadin; bihar, ordea, kalera bidaltzen banau, hortxe suertatuko naiz zahar eta txiro; alegia, munduan den egoerarik arbuiagarrienean; horra, orduan, pertsona atsegina kondesari eskaintzeko! (Jon Muñoz).

Alegia-k, bestalde, badu aipatutakoez bestelako balio bat: azaldu nahi denari sarrera ematea. Gehienetan agerian daude testuetan birformulazioaren bi atalak (birformulakizuna eta atal birformulatzailea). Hala ere, ahozko hizkeran batez ere, alegia sarritan erabiltzen da azaldu nahi denari sarrera emateko, hots, adierazi ez den formulazio inplizitu baten birformulazioari bide egiteko: —Ta, zer esan dizu? —Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak, txikitxoak direla oraindik eta urruti haietara iritsi gabeak direla (G. Mujika).

43.7.2.6. Laburpen taula

Ondorengo laburpen taulan ikus daitekeenez, birformulatzaile esplikatiboek funtzio metadiskurtsiboak betetzen dituzte batik bat: hiztunak bere jarduera diskurtsiboaren kontzientzia du eta diskurtsoaren interpretazio zuzena egin dadin kontrolatu eta gidatu nahi du diskurtsoa; aurreko diskurtso atalaren formulazio argiago edo egokiago bat lortzeko erabiltzen dituen “bide-seinale” modukoak dira birformulatzaile esplikatiboak.

Nolanahi ere, zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Hauek dira, orduan, birformulatzaile esplikatiboen funtzio nagusiak:

Birformulatzaile esplikatiboak

Balio nagusiak

Funtzio metadiskurtsiboak

(erabilera ohikoa edo markatu gabea)

a. Erreferentzia esleitzea

b. Esanahia edo zentzua argitzea

c. Definizio bidez azaltzea

d. Izendapen bidez azaltzea

[…]

Funtzio argumentatiboak

(erabilera markatua edo ezohikoa)

Ondorioa/konklusioa (inferentziazko birformulazioa)

[…]

43.7.3. Birformulazio parafrastikoa

43.7.3a Birformulazio prozesuetan bi erlazio mota bereizi izan dira: birformulazio parafrastikoa eta ez-parafrastikoa. Birformulazio parafrastikoa, funtsean, hierarkia bereko bi diskurtso atalen artean ezartzen den baliokidetza diskurtsiboan oinarritzen da. Gure ustez, erlazio parafrastikoa ezartzen da birformulakizunaren eta birformulatzailearen artean birformulazio esplikatibo gehienetan, adibideok erakusten duten gisa: Enpresa txiki eta autonomoen kasuan, dirua aurrezki kutxen edo bankuen bidez emango da, baina berme sozietateak -Elkargi eta Oinarri- arduratuko dira bideratzeaz, hau da, abalak eskaintzeaz (Berria).

43.7.3b Birformulatzaile esplikatiboen bidez bideratzen diren inferentziazko birformulazioetan, berriz, ez dago baliokidetza diskurtsiborik bi atalen artean, atal birformulatzailean nolabaiteko ondorioa edo dedukzioa —zenbaitetan, guztiz subjektiboa— adierazten baita: Hortaz, gauza jakina da orai Europan sartu berri diren hamarrek ez dutela beren mintzairan agertu ahal izan gain hartan beren dozierik. Hots, izanen da oraino zer asma denen egiazko errespetu batentzat (Herria).

43.7.4. Birformulazio partziala eta erabatekoa

43.7.4a Birformulatzaile esplikatiboek perpausaren esparruan (birformulazio partziala) nahiz perpausetik gorako mailan (birformulazio erabatekoa) betetzen dute beren eginkizun diskurtsiboa.

43.7.4b Birformulazio partziala. Alde batetik, perpaus baten barruan erabiltzen dira, elementu baten (birformulakizuna) eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten (atal birformulatzailea) arteko lotura semantiko-pragmatikoa ezartzeko: atal birformulatzailea aposaturik ematen denean aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— izaten da birformulakizuna: Tenpluaren barreneko azken hamar metroak, berriz, zedrozko oholez estali zituen, behetik hasi eta goiko habeetaraino, eta toki hori santutegia, hots, toki santu-santua izateko antolatu zuen (Elizen arteko Biblia).

Horrelakoei birformulazio partzial deritze (Garcés 2009: 23). Batez ere aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean) eman ohi da atal birformulatzailea. Eta sarri askotan halako paralelismo funtzional bat (eta are sintaktikoa ere) egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (lapidatu dute / hots, harrika hil): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Zer egin dute/diote?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza diskurtsiboa egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

43.7.4c Birformulazio erabatekoa. Beste alde batetik, birformulazio erabatekoan (erabilera aposatu gabean) testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak, eta aurreragoko perpausa edo perpaus- segida izaten da birformulakizuna: Horrenbestez, datozen asteetan batez besteko hipoteka -160.000 euro, 30 urtean itzultzekoak eta % 0,5eko diferentzialarekin- berritu behar dutenek % 10,10eko beherapena izango dute kuotan. Bestela esanda, 63 euro gutxiago pagatu beharko dute hilean, edo 756 euro gutxiago urtean (Berria).

Horrelakoei birformulazio erabatekoa deritze (Garcés 2009: 23). Erabilera aposatu gabean, atal birformulatzailea ez doa aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean), baizik eta perpaus berri bat osatzen du. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Zenbaitetan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa (esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa agertzen denean).

43.7.5. Sintaxia

43.7.5a Azaldu denez, birformulatzaile esplikatiboek perpausaren esparruan (birformulazio partziala) nahiz perpausetik gorako mailan (birformulazio erabatekoa) betetzen dute beren eginkizun diskurtsiboa.

Birformulazio partzialetan atal birformulatzailea aposaturik eman ohi da eta aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— izaten da birformulakizuna. Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen dituzte birformulatzaile esplikatiboek: izen sintagmak, adjektibo sintagmak, adberbio sintagmak, perpausak (osagarriak, helburuzkoak…). Eta, hain zuzen ere, diskurtso markatzaile hauen zeregin nagusietako bat zera da: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen duten iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

Adibide batzuk: Beste zentralak ere, Krutxagak alegia, ez dirudi presa askorik duenik Osasunaren eskaintzari erantzuteko (Berria); Ezin diat hitzez hitz, dialogo dramatiko modura alegia, transkribatu gure gonbertsazioa (J. A. Arrieta); Frankek iragarritakoa betetzen bada, alegia, urtearen amaieran Mepamsa ixten badute, Iruñeak eta, oro har, Nafarroak «kolpe gogorra» jasoko dutela iritzi dio LABek, «lanpostu asko desagertuko baitira» (Berria); Komeria franko izango ditu Interrek bi gol sartu, eta batez ere, Milango aurrelarien eraginkortasuna murrizteko, alegia, kontrarioak golen bat ez sartzeko (Berria); Egoera atmosferikoak erakusten du goiko geruzetan aire masa hotza jaun eta gabe dugula eta, gainera, ez dagoela egonkortuta, alegia, momentu batetik bestera izugarrizko aldaketak izan daitezkeela (Berria).

43.7.5b Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulazio partzial askotan halako paralelismo edo baliokidetasun funtzionala (eta are sintaktikoa ere) egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (… betetzen bada /… ixten badute; … murrizteko /… ez sartzeko; … ez dagoela /… izan daitezkeela). Izan ere, gehienetan, atal birformulatzaile tartekatuak edo aposatuak eta birformulakizunak kasu marka eta numero bera izan ohi dute, baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde. Aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea. Ondorengo testuan, adibidez, birformulakizuna singularra da (matematika-adar guztien zerrenda) eta atal birformulatzailea (azpisailak), berriz, plurala: Matematikaren historiako aldi nagusiak erabaki. Horra sailak. Landutako matematika-adar guztien zerrenda osatu gero: azpisailak, alegia (Jon Muñoz); Hondakinek zabor izateari utz diezaiokete gai organikoak naturaren ziklora itzultzen badira, hau da, konpostatzearen bidez (Berria).

Aurreko adibideetan ikusi denez, eskuarki (Zabala 1996b), birformulakizunaren ondoren —haren ondo-ondoan— jarri ohi da iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua (bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada).

43.7.5c Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoren birformulazioa: horixe gertatzen da gehienetan, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia bada: Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea (Berria).

43.7.5d Inoiz edo behin, birformulazio kateak ere gertatzen dira testuetan (birformulatzaile bera errepikatuz edo birformulatzaile baliokideak uztartuz). Halakoetan, birformulazio bakoitza aurrekoaren birformulaziotzat har daiteke: Emazte hau historiak ahantzi du; hots, historia idazten dutenek dute ahantzi, hau da, gizonek (Berria).

Birformulatzaile esplikatibo nagusiak balia daitezke heterobirformulazio bat gauzatzeko: aski da elkarrizketaren harian beste solaskide batek hitza hartzea eta aurreko esatariaren enuntziatua birformulatzea. Beraz, erabilera monologikoari edo dialogikoari bagagozkie, ez dirudi funtsezko desberdintasunik dagoenik.

43.7.5e Ez dirudi, ordea, birformulatzaile esplikatibo guztiek beregaintasun diskurtsiboa dutenik. Haietako bi (alegia, erran nahi baita), elkarrizketa batean ager daitezke txanda bat eta enuntziatu bat osatuz (beregaintasun diskurtsiboa). Elkarrizketa baten harian galderazko enuntziatu beregain bat osatzeko gauza dira alegia eta erran nahi baita, solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko erabiltzen dira, esaterako, testu hauetan:

Nik, berriz —sartu zen tartean Jonathan, goxo-goxo—, ez dut uste zuk esan bezala gertatu denik kontua. Zuk ez duzu ezertxoren erantzukizunik. Burua mugitu zuen Ruche jaunak, tristuraz.

Dena antolatuta zeukan zure adiskideak —jarraitu zuen Jonathanek—. Bidali dizun gutuna haren testamentua da. Bere heriotza aurreikusi, eta gauzatu egin du noski.

Alegia? (Jon Muñoz).

Aurreko testuetan ikusi denez, birformulazio partzialetan, oro har, ez da -(e)la menderagailua erabiltzen atal birformulatzailean, salbu eta perpaus osagarri bat (-la menderagailuduna) birformulatzen denean (… -la esan dute; bestela esanda, … -la).

43.7.5f Erabateko birformulazioetan, berriz, jokamolde desberdinak ageri dira. Birformulatzaile batzuk, salbuespenak salbuespen, ez dira konbinatzen -(e)la menderagailuarekin: bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitzetan esanda… Beste birformulatzaile batzuk -(e)la menderagailuarekin agertzen dira batzuetan, baina sarriagotan erabiltzen dira gabe: alegia, hau da, hots. Eta, erran nahi baita birformulatzailea, azkenik, -(e)la menderagailuarekin agertu ohi da, salbuespenak salbuespen470.

Beste diskurtso markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere), alegia, hots eta hau da normalean ez dira agertzen juntagailuekin batera birformulatzaile eginkizunean (?eta alegia). Erran nahi baita ere nekez agertzen da juntagailuekin batera. Eta bestela esanda eta haren kidekoak, aldiz, edo juntagailuarekin agertzen dira batzuetan (edo, bestela esanda…).

43.7.6. Birformulatzaileen kokagunea

43.7.6a Kokaguneari dagokionez, funtsezkoa da birformulazio partzialaren (aposatuaren) eta erabatekoaren (aposatu gabearen) arteko bereizketa. Izan ere, erabateko birformulazioan atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira ia beti birformulatzaile esplikatiboak: Ikaratu egiten gaitu halako krudelkeriak, gupida ezak: azken finean, hurbila izan behar zitzaien mutila bi eguneko bahiketaren ondoren. Baina ikara gainditu eta hausnarketarekin jarraituz gero, egia azaltzen da, alegia, ziurtzat jo dezakegu kasu horietan ere, heriotza zentzumen guztietatik sartzen denean ere, urruntzaile bat dagoela, leungarri bat: ideologia (Atxaga).

43.7.6b Esanak esan, alegia birformulatzailea atal birformulatzailearen amaieran ere joan daiteke birformulazio erabatekoetan, baldin eta bi enuntziatuak laburrak badira: Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere (Berria); Besterik gabe idatzi nuen. Ez zidan lan handirik eman, alegia.

43.7.6c Bestalde, inoiz, ez hasieran, ez amaieran, baizik tartekatuta —sartzen duen perpauseko osagai baten (beheko adibidean, mintzagaiaren) eskuinean— agertzen da birformulatzaile esplikatiboa: Ingurugiroa ez da besteak bezain iharduera produktiboa. […] Ingurugiroa, bestela esanda, herri txiki bat da: ezin da deus egin inguruko guztiok ohartu gabe (ZTC).

43.7.6d Birformulazio partzialetan (aposatuetan), berriz, joera eta jokaera desberdinak antzematen dira. Gaur egungo euskara estandarrean, esaterako, atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira ia beti hau da, hots (ikus § 43.7.6e) eta erran nahi baita birformulazio aposatuetan: Nik neuk, nahi dut pentsatu zientzian a prioriko judizio sintetikoak komeni direlako hori printzipio aurre- edo meta-zientifikoei dagokiela, hots, aurretiazkoak diren edo jada izadiaren oinarrizko legeetatik harago doazen printzipioei (Juan Garzia).

Alegia birformulatzailea, berriz, atal birformulatzailearen hasieran zein bukaeran agertzen da: Hain zuzen ere, bere helburuen artean jarri du botatzen eta errausten alegia, deuseztatzen— den zabor kopurua murriztea (Berria); -Guztiak joango gara Zaldiango jauregira, ados —esan zion Reginari bizpahiru hilabete lehenago—, baina ni Frantziara joango naiz lehendabizi, Anselmorekin ohi bezala, ibilgailu gurpildun horietako bat erostera: voiture bat, alegia (Irigoien).

43.7.6e Hots birformulatzailearen kasuan ere ez datoz guztiz bat Iparraldeko eta Hegoaldeko tradizioak. Iparraldean, zenbaitetan —iruzkin aposatua gaineratuz agertzen denean, batik bat— birformulazioaren amaieran ere agertzen da kokaturik hots, bai lehen eta bai gaur (Alberdi 2014a): Txetxenian Ramzan Kadyrov dute beren lehen ministro berria, aitzineko lehen ministro hilaren semea hots (Herria).

43.7.6f Gainerako birformulatzaile esplikatiboei dagokienez (beste era batera esanda, beste modu batera esanda, bestela esanda, beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda)), azpimarratzekoa da, alde batetik, gutxitan erabiltzen direla birformulazio partzialetan, eta, bestetik, halakoetan gehien-gehienetan atal birformulatzailearen hasieran kokatuta ageri direla: Pailazoa ez den pailazoa, beraz, edo, bestela esanda, «normalitatearen zirkuko pailazoa», umeen aurrean normaltasuna, heldutasuna edo zuzentasuna ordezkatzen baititu: gauza (edo «jaun») triste, zozo eta lerdo bat, horixe izan ohi baita pailazo zuria, umeen hezierarako asmatu den gauza baliozkoenetako bat baita nere gusturako (Segurola).

43.7.7. Puntuazioa birformulazioan

43.7.7a Birformulazio partzialetan, koma pareaz idazten dira, oro har, birformulatzaile esplikatiboak eta ez daramate komarik barruan, gainerako lokailu gehienekin gertatu ohi denez: Ainhoa Garmendiak (Donostia, 1974) Micaelaren papera egingo du, hau da, Don Josez maiteminduta dagoen emakumearena: «Aingeru baten moduko pertsonaia da Micaelarena (Berria); Adingabeen eremu pertsonalari dagokionez, zenbait betebehar garrantzitsu dituzte gurasoek: (1) Haurrak zaindu, bestela esanda, haurren beharrei egoki erantzun (L. Imaz); Horretarako Espainiako Konstituzioaren 118. artikulua betetzea galdegin zion Mahaiari, alegia, ebazpen judizialak betetzea (Berria).

43.7.7b Birformulatzaile esplikatibo batzuk (hau da, hots) atal birformulatzailearen hasieran kokatu ohi dira eta, beraz, ondoko atalari —atal birformulatzaileari— eragiten diote. Halakoak, birformulatzaile “noranzkodunak” dira, nolabait esateko, eta, koma pareaz emanda ere, ez da sortzen anbiguotasun arazorik: Hurbilenekoa ere, hau da, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie; Hurbilenekoa ere, hots, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.

Era berean, ez da anbiguotasunik sortzen eskuarki esan aditzaz osatutako birformulatzaileak (bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitzetan esanda…) koma pareaz ematen badira. Izan ere, halakoak ere atal birformulatzailearen hasieran jartzen dira gehienetan birformulazio partzialetan: Hurbilenekoa ere, bestela esanda, Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.

43.7.7c Baina birformulazio partzialetan alegia koma artean ematen bada, anbiguotasuna sor daiteke. Izan ere, alegia-k atal birformulazioaren hasierako nahiz amaierako kokagunea onartzen dituenez (hots, birformulatzaile noranzkoduna ez denez), ez dago jakiterik aurreko sintagmari ala ondokoari eragiten dion. Horrelakoetan puntuazio marka zorrotzagoz (puntu eta koma, puntua) komeni da bereiztea birformulakizuna eta atal birformulatzailea:

Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da, alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da; alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Kapitalismoa zentzu hertsian ulertzen da. Alegia, merkatuak erabat gidatzen duen gizarte gisa.

Atal birformulatzailea den tartekian beste tarteki bat (alegia) sartu nahi bada, birformulatzaileari dagokion koma ezabatzea izan daiteke beste aukera (lizentzia) bat: Hurbilenekoa ere, Zumarragakoa(,) alegia, urruntxo geratzen zaie.

Baina horrelakoetan egokiagoa da puntuazio zorrotzagoa erabiltzea (Petrirena 2011: 26). Horretarako, hain zuzen ere, badira beste marka batzuk, atal birformulatzailea mugarritzen dutenak: birformulazio partzialak tartekiak direnez, sarritan ematen dira parentesi edota marren artean. Beraz, komeni zaigun moduan konbina daitezke parentesiak, marra parea edo koma parea (Garzia 2014b: 72): Hurbilenekoa ere —Zumarragakoa, alegia— urruntxo geratzen zaie; […] Hori dela eta, Emilio konbentzitu ahal izateko, beharrezkoa izango da erabakitzea koefiziente zenbatetsiak balio fidagarria ematen duen (hau da, ezagutu nahi zen balio teorikotik hurbil dagoen) [Alonso Antón, A. et al. 2010. Ekonometria (2. kapitulua). UPV/EHU].

43.7.7d Erran nahi baita, hala ere, salbuespena da koma pareari dagokionez: Iparraldeko tradizioan (Herria astekarian, adibidez) askozaz ere maizago idazten dute erran nahi baita ondoko komarik gabe, eta hori da, hain zuzen ere, estandarrerako proposatu den puntuazio jarraibidea (Garzia 2014b: 74):

Afrikan meningita eritasuna garaitzen hasia da emeki […]. Badakite zorigaitzez gaitz horren berri toki horietan: hamar urtetarik itzultzen omen zaie eritasuna, erran nahi baita birus berezi hori (Herria).

Zerbait erran behar badugu, bestalde, arruntean Jainkoaren kontu ezartzen dugun adimenaz eta nahimenaz, hona ohar bat: Jainkoaren esentzia betierekoari baldin badagokio adimenaren eta nahimenaren jabe izatea, bi atributu horiez arruntean ulertu ohi denaz besterik aditu behar da zinez. Zeren, Jainkoaren esentzia osa lezaketen adimenak eta nahimenak gure adimenaz eta gure nahimenaz guztiz ezberdinak izan behar lukete eta izena baizik ez lukete elkarrekilakorik; erran nahi baita zakurra deitzen den zeruko zeinua eta zaunka egiten duen animalia bezala litezkeela elkarrekin (Xarriton).

43.7.7e Birformulazio erabatekoetan, aldiz, birformulakizuna komatik gorako marka batez mugatzea komeni da (puntu eta koma, puntua), eta birformulatzailearen ondoan koma jartzea (ikus Petrirena 2011: 27):

Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere (Berria).

Horretarako, larreetarako dudan partzela sei zatitan banatuta daukat, eta horietan, errotazio sistema bat aplikatzen dut behiekin; hau da, zati bateko belarra jaten dutenean hurrengora pasatzen dira, seiak pasatu arte (Berria).

Independentzia printzipioa: Auzitegia ez da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren egitura hierarkikoaren parte. Hots, administrazio autonomikotik independentea da, bere jarduerei eta eskumenen garapenari dagokienez. Halaber, lehiaren arloan legediak unean-unean seinalatzen duenaren arabera soilik jokatuko du (Berria).

43.7.8. Baliokidetzak birformulatzaileetan

43.7.8a Birformulatzaileen forma eta jatorria kontuan harturik, bi multzotan banatu ditzakegu euskarazko birformulatzaile esplikatiboak. Alde batetik, birformulatzaile erabilienek osatzen duten multzoa dugu: alegia, hau da, hots. Hiru horien artean badira desberdintasun batzuk sintaxiari, kokaguneari eta funtzioei dagokienez (Alberdi 2014a), baina baliokidetzat jo ditzakegu hirurak, bideratzen duten diskurtso jarraibide nagusiari dagokionez (azalpenezko birformulazioa).

43.7.8b Beste alde batetik, enuntziazioari loturiko esapide birformulatzaileak ditugu, esan aditzaren bidez gauzatuak: erran nahi baita, bestela esanda, beste era batera esanda, beste modu batera esanda, beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda), beste hitzetan/hitzez (esanda). Haien artean ere, noski, badira desberdintasun nabarmen batzuk (lexikalizazio maila, sintaxia, kokagunea…), baina guztiak bat datoz gauza batean: espresuki adierazten da —esan aditza erabiliz— modu egokiago batez —beste hitz batzuez— formulatuko dela aurreko enuntziatua edo aurreko enuntziatu-atala. Gehienetan, azalpenezko balioa hartzen du atal birformulatzaileak. Halako birformulatzaileak erabiltzean are agerikoagoa da, nolabait esateko, birformulazioaren izaera polifonikoa.

Funtzio semantiko-pragmatiko nagusiari bagagozkio (azalpenezko birformulazioa), berriz, badirudi nolabaiteko baliokidetza dagoela multzo bateko eta besteko birformulatzaileen artean.

43.7.9. Tradizioa, testu mota, erregistroa…

43.7.9a Batez ere azalpenezko diskurtsoan erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak. OEHren arabera, alegia, jatorriz, lagunarteko hizkerako birformulatzailea izan zen, baina XIX. mendearen bigarren zatian hasi zen zabaltzen testuetara, eta gaur egun erabat zabaldu da gipuzkeratik eta nafarreratik egungo euskara estandarrera. Hizkera lagunartekoan zein zainduan erabiltzen da, idatzian zein ahozkoan.

43.7.9b Azalpenezko diskurtsoari lotua dago hau da birformulatzailea eta maizago azaltzen da hizkuntza idatzi zainduan. Hegoaldeko tradiziokoa izanik, erabat zabaldu da egungo euskara estandarrean (nahiz eta Iparraldean gutxitxo erabiltzen den).

Hots birformulatzailea ere azalpenezko testuetan azaltzen da gehien, eta arrakasta handiz zabaldu da ipar-ekialdeko euskalkietatik euskara zaindura.

Erran nahi baita birformulatzaileari dagokionez, gaur bakan erabiltzen da Hegoaldeko euskara batuan. Iparraldean, ordea, erruz erabiltzen da: testu mota guztietan, lagunarteko erregistroan zein maila zainduan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

Gainerako birformulatzaile esplikatiboek (bestela esanda, beste era batera esanda…) berriagoak dirudite, eta maizago azaltzen dira hizkera zainduan lagunartekoan baino; hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta daudenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko dira batik bat.

43.8. Birformulazio zehaztaileak

43.8a Birformulazio zehaztailea honetan datza: birformulatzaile zehaztaileen bidez, hiztunak zehaztu egiten du aurreko diskurtso unitatean adierazitakoa; birformulatzailearen bidez sartzen duen elementuak (dela enuntziatu osoa, dela enuntziatu zati bat) aurreko segmentu baten edukia zehazten du. Zehaztapen-birformulazioan, zuzenketa-birformulazioan ez bezala, atal birformulatzaileak ez du baliogabetzen birformulakizunean emandako informazioa, egiazkoa eta zuzena baita informazio hori, baizik eta osatu egiten du, edo xeheki adierazten.

43.8b Ikus dezagun adibide hau: GURE semeaz hitz egin aurretik, beharbada egokiago izango da neure buruaz zer edo zer kontatzen badizut; edo, zehatzago esanda, neure eskuaz. Konturatu naiz zu ere nola gelditzen zaren nire eskuari begira, disimulatzen saiatu arren (X. Mendiguren Elizegi).

Birformulakizuna

neure buruaz zer edo zer kontatzen badizut

Atal birformulatzailea

edo, zehatzago esanda, neure eskuaz.

Adibide horretako birformulakizunean, norbaitek bere buruaz modu orokorrean hitz egin duela adierazten du, eta, atal birformulatzailean, bere gorputz parte jakin batez hitz egingo duela zehazten digu (osoa > zatia); beraz, bere buruaz arituko da. Del Saz-en (2007) sailkapenaren arabera, esandakoa birformulatzen da kasu horretan.

43.8.1. Birformulatzaile zehaztaileen funtzio aniztasuna

43.8.1a Euskaraz, beste hizkuntza batzuetan gertatzen den moduan, funtzio bat baino gehiago betetzen dituzte zenbait partikulak eta esapidek. Esapide bera adberbioa izan daiteke testuinguru batzuetan; operadorea, beste batzuetan, eta birformulatzailea, beste askotan.

Beheko testuan, adibidez, adberbioa da zehazkiago, bere funtzio sintaktikoari eusten diolako (nola esan? galderari erantzuten dio):

Mogol Handia mendebaldekook erabiltzen dugun deitura da India iparraldeko eta Asia erdialdeko lurralde zabaletako agintaria izendatzeko. Zehazkiago esan beharko bagenu, Sha Jahan deitu beharko genioke Agustin Hiriarte gorteko bitxigile izendatu zuen agintari ahaltsuari (Txiliku).

43.8.1b Beste batzuetan operadorea da zehazkiago: ondorengo testuan, markatzaile operadorea da zehazkiago, eta, beraz, ez du birformulatzaile gisa jokatzen; izan ere, ez du erlazionatzen diskurtso segmentu bat aurreragoko beste diskurtso segmentu batekin:

Lehenik eta behin, beraz, gizon orok jokabidearen deskribapen orokorraren ideal jakin batzuk ditu, abere arrazional batek bizitzan duen egoera bereziari egokitzen zaizkionak eta bere izaerarekin eta harreman guztiekin hoberen bateratzen direnak. Baieztapen hori oso nabarra dela pentsatzen baduzu, esango dizut, zehazkiago, arrunki hiru bide erabiltzen dituztela ideal horiek euren balioa erakusteko, eta arrazoi osoz egiten dute (Uribarri).

43.8.1c Beste askotan, birformulatzaile da zehazkiago: ondorengo testuan, birformulakizunean, morfologiaren definizio bat ematen da, orokorra (forma aztertzea) eta anbiguoa (morfologia formen azterketa bada, forma ezberdin asko azter daitezke hizkuntzalaritzan); geroago, atal birformulatzailean emandako informazio zehatzagoaren bidez saihesten du hizlariak anbiguotasuna, dagokion hizkuntza-mailara ekarriz definizio orokorra (hitzen forma aztertzea). Halako markatzaileen bitartez hiztunak atzera egiten du diskurtsoan, eta lehenago esandako elementu bat zehazten du:

Hitzaren barruan nahiz hitzen artean esanahiaren eta formaren arteko harremana aztertzen duen hizkuntzalaritzaren adarrari morfologia deritzo. Morfologiak, hitzez hitz, ‘forma aztertzea’ esan nahi du; zehazkiago, hitzen forma aztertzea (Fasold & Connor-Linton 2010).

Birformulakizuna

Morfologiak, hitzez hitz, ‘forma aztertzea’ esan nahi du

Atal birformulatzailea

zehazkiago, hitzen forma aztertzea.

Are gehiago, birformulatzaile gisa ere, funtzio bat baino gehiago bete ditzake esapide berberak. Esate baterako, zehazkiago birformulatzaileak, gutxienez, hiru balio hauek har ditzake diskurtsoan: zehaztailea, zuzentzailea eta esplikatiboa. Dena dela, funtzio zehaztailea da birformulatzaile gisa betetzen duen funtzio nagusia.

43.8.1d Beraz, funtzio aniztasun horrek esplikatzen du, nolabait, esapide eta partikula batzuk sailkatzean autoreak bat ez etortzea. Sailkapenak sailkapen, lan honetan hitz edo esapide bat birformulatzaile zehaztailetzat jotzeak ez du esan nahi, inola ere, izan ditzakeen bestelako funtzioak ukatzen ari garenik (adberbioa, operadorea, birformulatzaile zuzentzailea…).

Honako hauek dira birformulatzaile zehaztaile gisa erabiltzen diren hitz eta esapide nagusiak: hain zuzen (ere), hurrenez hurren, zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatz esanda/esateko, zehatzago esanda/esan/esatearren/esateko, zehazkiago esanda/esateko.

43.8.2. Balioak

43.8.2a Zehaztapena da birformulatzaile zehaztaileen balio nagusia —aurretik esandakoa, zehatzago emanaz, birformulatzea— eta modu askotara gerta daiteke. Hain zuzen (ere) birformulatzailearen kasuan, adibidez, modu hauetara gauzatzen da zehaztapena:

a) Multzo zabal baten barruan multzo zehatzagoa ezartzen du atal birformulatzaileak (inklusio-erlazioa): Algoritmo hau estatistikan oinarritzen da, Bernoulli-ren probabilitate banaketan hain zuzen ere (Zelaia Jauregi).

b) Modu orokorrean formulatua dagoen leku edo uneari edo erreferentzia zehatza ematen dio birformulazioak: Atzo arratsean, seiak eta zazpi minutu gutxitan hain zuzen, aintziraren ertzean paseatzen ari ginen, zuk ondo dakizunez (Jon Muñoz).

c) Birformulakizunak gertakari, objektu, hipotesi, pertsona bat edo batzuk aipatzen ditu modu zehaztu gabean —enuntziatu-ataleko bat edo batzuk determinatzaileak dira horren erakusgarri—, eta atal birformulatzaileak zehaztu egiten du zein den gertakari, objektu, hipotesi edo pertsona hori. Pertsonak eta objektuak identifikatzeko balio du: Produktu horien sorrera Estatu Batuetako mediku ospetsu bati zor diogu, John Harvey Kellogg jaunari, hain zuzen ere (Lorenzo eta Uranga).

d) Enumerazioa ere izan daiteke birformulakizunak adierazitakoa zehazteko bidea, aurreko atalaren edukia zein elementuk osatzen duen zerrendatzea: Ondoren datoz Lyellen epokak -Pleistozenoa, Miozenoa eta abar-, azken 65 milioi urteei soilik aplikatzen zaizkienak (nahiz eta paleontologiari dagokionez jarduera handiko urteak diren), eta, azkenik, azpimultzo xeheenak ditugu, hain zuzen, estaiak edo adinak (Iza).

e) Izendapen-funtzioa du batzuetan birformulazioak: Tenperatura baxuko konposatu kimikoen erregina, ura, hain zuzen, biak ere (eta bat bereziki) oso ugariak diren elementu jakin biren erreakziotik dator: oxigenoa eta hidrogenoa (Juan Garzia).

f) Birformulakizunak adierazitakoa zehatza izan daiteke eta, halakoetan, beste xehetasunen bat ematen du atal birformulatzaileak: alegia, kontakizunaren harirako garrantzitsua den daturen bat gehitzen du: Hala ere, sarjentuak luzaz galdekatu zituen bi zerbitzari bakarrak (Rosannaren salbuespena eginda) etxekoandrearen neskamea eta etxeko neskame burua izan ziren, beren lankide dohakabea etxera iritsi zen egunetik bertatik hura zirikatzen jardun zuten bi emakume haiek, hain zuzen (Olano).

g) Bai birformulakizuna eta bai atal birformulatzailea perpaus beregainak direnean, lehen perpausean esandakoa berresten du, oro har, birformulazioak (argudioak emanaz, batzuetan): Herri gogoak dinamikoak dira, zalantzarik gabe; hain zuzen, beraiek dira dinamismoaren iturriak historian, kulturan (Azurmendi).

43.8.2b Guztizko baliokide ez izan arren, zehatz hitzean oinarrituriko gainerako birformulatzaile zehaztaileek ere (zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda…) ordezka dezakete hain zuzen (ere) diskurtso markatzailea, betiere aurretik esandakoa zehazten bada: […] distantziaren erdi aldean, lur-atmosferaren goi-geruzara, bi bat kaloria-gramo iristen da zentimetro karratu bakoitzeko; 1,94 kaloria-gramo, zehatz-mehatz / hain zuzen (ere) (ZTC).

43.8.2c Bestelako zehaztapen balioa du hurrenez hurren markatzaile berriak471. Egungo euskaran, askotan, informazio kate bat osatuz agertzen da hurrenez hurren esapidea. Enumerazio bateko elementuei buruzko azalpen edo zehaztapenak emateko erabiltzen da. Nolabaiteko balio banakaria du eta segidako (eskuarki, aurreko eta ondorengo) enuntziatuetako datuen arteko korre- lazioa adierazten du: enumerazio bateko elementuen hurrenkeran oinarritzen da ondorengo zehaztapen edo azalpen argigarri bakoitzaren interpretazioa edo erreferentzia; hots, korrelatiboak dira segidan datozen enuntziatuetako enumerazioetako datuak. Gehienetan “enumerazioa + enumerazio horretako elementuei buruzko zehaztapenak” hurrenkera nagusitzen da, eta gorago aipatutakoari erreferentzia egiteko balio du: nolabaiteko balio anaforikoa du, alegia: […] Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera (Pérez Iglesias eta M. B. Urrutia).

Birformulakizuna

(1. enumerazioa)

183 cm [A] eta 114 cm [B] baitira

Atal birformulatzailea

(2. enumerazioa)

hurrenez hurren, haien [belarrien] luzera [A’] eta zabalera [B’]

Birformulakizunean ageri diren datuak (183 cm eta 114 cm) interpretatzeko orduan hurrenkerari erreparatu behar zaio. Atal birformulatzaileko lehen elementua birformulakizuneko lehen datuari dagokio; atal birformulatzaileko bigarren elementua, birformulakizuneko bigarren datuari; eta horrela hurrenez hurren: A’ zehaztapena (luzera) A datuarekin (183 cm) uztartzekoa da; eta B’ zehaztapena (zabalera), B datuarekin (114 cm) uztartzekoa.

43.8.3. Birformulatzaile zehaztaileen kokagunea

43.8.3a Atal birformulatzailearen hasieran, tartekatuta zein amaieran koka daiteke hain zuzen (ere). Eta, oro har, gauza bera gertatzen da zehatz hitzean oinarrituriko gainerako birformulatzaile zehaztaileekin ere (zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda…); alabaina, juntagailu baten ondotik, batez ere, atal birformulatzailearen hasieran eman ohi dira halakoak: Basoan gerra amorratua dago. Ekologoak hau ikusiz, hausnarka eta buruari bueltaka hasten dira. Hipotesiak ere sortzen dira: lurrean edo, zehazkiago esan, lurzoruan gertatzen da lehia hori (Lizeaga eta Zapirain).

43.8.3b Hurrenez hurren birformulatzailea ere atal birformulatzailearen hasieran zein amaieran agertzen da, baina betiere enumerazio baten —birformulakizunaren— ondoren agertu behar du: […] The normal and the Pathological eta Illness and Psychology dira liburu nagusiak; Canguilhemena eta Foucaultena, hurrenez hurren (Olarra); Fernando Lamikizek eta Miguel Fuentesek, hurrenez hurren Athletic eta Realeko presidenteek, istilurik ez dutela nahi adierazi zuten atzo, baina bakoitzak bereari eutsi zion (Berria).

43.8.4. Birformulakizunen sintaxia

43.8.4a Beste birformulatzaile askorekin gertatzen denez, modu askotakoak izan daitezke birformulakizunak sintaxi-egiturari dagokionez: izen sintagmak, adjektibo sintagmak, postposizio sintagmak, perpaus osoak, mendeko perpausak, sintagma zatiak… Atal birformulatzaileak ere askotariko egitura izan dezake, baina birformulakizuna eta atal birformulatzailea kategoria berekoak izan ohi dira askotan. Bestalde, gehienetan bakarrik erabili ohi badira ere, batzuetan juntagailuen ondotik azaltzen dira (eta, edo, edota, baina…) birformulatzaile zehaztaileak: Baina ez da hori bakarrik; baizik eta, hobeto esanda, konbentzio natural bat, hots, gizakiaren izaeran oinarritzen den, edo, zehazkiago, gizakiaren natura sozialean oinarritzen den konbentzio bat da (J. Zabaleta).

43.8.4b Hurrenez hurren birformulatzailearen kasuan ere, batzuetan, perpaus bereko sintagmetako elementuen artean ezartzen da korrelazioa (nolabaiteko erlazio anaforikoa), baina beste askotan, perpaus alboratu edo juntatuetako sintagmetako elementuen artean ezartzen da korrelazioa: Adanen mitoan eta Faustorenean, ezaguerak ez dezake eraman gaizkira baino; sugea eta deabrua dira, hurrenez hurren, haren ikur (Juan Garzia).

Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, birformulakizunak eta birformulazioak kasu marka eta numero bera izaten dute maiz; baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde: aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea.

43.8.5. Puntuazioa

Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira birformulatzaile zehaztaileak. Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

Aurretik puntua azaltzeak ez du esan nahi, nahitaez, perpaus beregainari sarrera ematen diola diskurtso markatzaileak; izan daiteke birformulakizunari erreferentzia zehatza emango dion perpausetik beherako osagaia ere, edo mendeko perpausa.

43.8.6. Tradizioa, testu mota, erregistroa…

43.8.6a Gaur egungo euskara estandarrean, hain zuzen (ere) da —alde handiz, gainera— birformulatzaile erabiliena zehaztaileetan. Bereziki azalpenezko diskurtsoan erabiltzen da. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino; eta askozaz ere maizago idatzian, ahozkoan baino. Dena dela, badirudi funtsezko bereizketa ez dela erregistroari dagokiona (zaindua/lagunartekoa), testu edo diskurtso motari dagokiona baizik.

43.8.6b Zehazkiago eta haren tankerako birformulatzaileek (zehatz-mehatz, zehatzago esanda, zehatzago esatearren…) askozaz ere maiztasun apalagoa dute egungo estandarrean, eta, hain zuzen birformulatzailea bezala, azalpenezko diskurtsoan erabiltzen dira batik bat. Haietako batzuek (zehatzago esanda, zehatzago esateko), gainera, tradizio laburra dute, ez daude guztiz finkatuta edo lexikalizatuta esapide birformulatzaile gisa (zehatzago esanda/esateko/esatearren), eta ez daude jasota hiztegi eta gramatiketan.

43.8.6c Hurrenez hurren birformulatzailea, berriz, maizago erabiltzen da egungo euskaran472; baina, eskatzen duen eragiketa anaforiko konplexuagatik, batez ere, diskurtso planifikatu idatzian erabiltzen da (hizkuntza akademikoan eta azalpenezko testuetan bereziki). Ahozko hizkuntzan ez da erabiltzen birformulatzaile gisa.

43.9. Birformulatzaile laburbiltzaileak

43.9a Birformulatzaile laburbiltzaileen bidez aurreko diskurtso atalean adierazitakoa laburbiltzen da atal birformulatzailean. Gaztelaniazko lanetan egin diren sailkapenak kontuan hartuta, euskarazko laburbiltzaileak sail bitan banatu ditugu: a) laburbiltzaile hutsak (“recapitulativos”); b) berraztertzaileak (berrausnarketa adieraztekoak, “de reconsideración”).

Laburbiltzaileak

Laburbiltzaile hutsak

Berraztertzaileak

hitz batean (hitz batez/baten)

hitz gutxitan

labur esanda (labur esateko)

laburbilduz (laburbilduta)

laburtuz (laburtuta, laburturik)

hitz bitan esateko

azken batean (azken baten/batez)

azken buruan

azken finean

Birformulatzaile laburbiltzaileak

43.9b Laburbiltzaile guztien balio nagusia laburpena edo sintesia egitea da eta laburbildu nahi den horri egiten diote bide: testu oso bati, testu zati bati, paragrafo bati, esaldi bati edota egitura laburrago bati. Bi multzoen arteko desberdintasuna honetan datza: birformulatzaile berraztertzaileen bidez sintesitik harantzago doa esataria eta, hausnartu ondoren, beste ikuspuntu batetik aurkezten du lehenago (birformulakizunean) adierazitakoa.

Nolabaiteko baliokidetza orokorra dago sail bateko eta besteko birformulatzaileen artean. Alegia, alde batetik, baliokide dira, oro har, laburbiltzaile hutsak (hitz batean, hitz gutxitan, labur esanda…); eta, beste alde batetik, baliokide dira, oro har, berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean).

43.9.1. Birformulatzaile laburbiltzaile hutsak: balioak, kokagunea, sintaxia…

43.9.1a Oinarrizko balioa. Birformulatzaile laburbiltzaile hutsen bidez aurreko atalean (birformulakizunean) eman diren azalpenak kontuan hartzen dira, eta aurreko atal horretan esandakoaren ildoari jarraituz bideratzen dira inferentziak atal birformulatzailean. Oro har, bigarren zatian (hots, atal birformulatzailean) laburpen gisa aurkezten den informazioa nabarmentzen da laburbiltzaileen bidez:

Aldaeretan ere mendebaleko eta erdialdeko euskalkiekin egiten dute bat sarri: ahaztu (Hondarribiko portuan ahantzi ere bada), belarri (ez beharri, begarri), bildur (ez beldur), bultzatu (ez bulkatu), esan (ez erran), gutxi (ez guti, gutti), hamaika (ez hameka), ikuttu (ez ukittu), itxi (ez hetsi, hertsi), izu (ez izi), jantzi eta erantzi (ez jauntzi/erauntzi), orain (ez orai, guai)Laburbilduz, Oiartzun eta, batez ere, Hondarribia eta Irun “tarteko” eremuan sartu ditugu, eta erdialdeko euskalkiaren eta euskara nafarraren arteko lotura ez ezik, nafar-lapurtarrarekin ere egiten dute batasuna. Aldiz, Lezo eta Errenteria ia erabat lerratu dira erdialdeko euskalkira. Hondarribi aldera dagoen Lezoko Gaintxurizketa auzoan gorde dira ondoen ekialdeko ezaugarriak (Zuazo).

Birformulakizuna

Aldaeretan ere mendebaleko eta erdialdeko euskalkiekin egiten dute bat sarri: ahaztu (Hondarribiko portuan ahantzi ere bada), belarri (ez beharri, begarri), bildur (ez beldur), bultzatu (ez bulkatu), esan (ez erran), gutxi (ez guti, gutti), hamaika (ez hameka), ikuttu (ez ukittu), itxi (ez hetsi, hertsi), izu (ez izi), jantzi eta erantzi (ez jauntzi/erauntzi), orain (ez orai, guai)…

Azalpena: atal birformulatzailea

Laburbilduz, Oiartzun eta, batez ere, Hondarribia eta Irun “tarteko” eremuan sartu ditugu, eta erdialdeko euskalkiaren eta euskara nafarraren arteko lotura ez ezik, nafar-lapurtarrarekin ere egiten dute batasuna.

43.9.1b Diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— luzeegi edo xehetasun gehiegirekin aurkeztu den informazioa laburbiltzera dator atal birformulatzailea. Izan ere, atal birformulatzailean informazio ahalik eta funtsezkoena laburbiltzen da.

43.9.1c Bestalde, birformulazio prozesuetan beste balio batzuk bideratzeko erabiltzen dira sarri laburbiltzaileak (laburbilduz, labur esanda, hitz batean…): bereziki, informazio argigarria gaineratzeko (2), eta ondorioa bideratzeko (3):

Nahiz eta Sky Blue Sky ez den Yankee Hotel Foxtrot oinarrizkoa bezain osoa, nahiz eta ez daukan rock disko batek izan dezakeen hasierarik onena —A Ghost Is Bornlaneko At least that’s what you said itzela— disko honek azalera ekarri du, beste behin, gaur egun ez dagoela iparramerikar musikaren eremuan Wilcok bezainbesteko pisu eta, orain bai, egonkortasun daukan talderik. Hitz gutxitan esateko, disko berria lasaia da, baketsua; ez dago bertan aurreko laneko Spiders/Kidsmoke haren moduko asaldatzerik (Berria).

Kostuak murrizteko neurriak proposatu, beren moduluetako materialak kudeatu, produktuaren kalitatea zaindu eta diseinu- eta garapen-ahalmena izango duten hornitzaileak arrakastatsu suertatuko dira. Hornitzaile nagusi hauek automobil fabrikatzailearen bazkide bihurtuko dira eta hauekin negoziatuko dituzte produktuaren lehiakortasunarekin lotuta dauden puntu guztiak, preziotik osagaien diseinuraino. Horrelako neurriak hartuz, General Motors eta Wolkswagen-ek bilioi erdi pezeta baino gehiago aurreztea lortu dute eta noski, horrek, enpresa handien interesa ziurtatzen du. Laburbilduz, Moduluka Egindako Automobila planteamenduak fabrikatzailearen eta hornitzailearen arteko harreman-esparru berri bat definitzen du. [Harreman- esparru berri honek, aldi berean kontenplatu behar diren aparteko lau arlo biltzen ditu bere baitan; ondokoak dira: […] (ZTC, I. Aranburu).

43.9.1d Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, kokaguneari dagokionez, berraztertzaileak, gehienbat, atal birformulatzailearen hasieran agertzen dira (4); batzuetan, tartekatuta (5); eta bakanago, atal birformulatzailearen amaieran (6):

Bere merkantzien prezio merkea da Txinako harresi guztiak eraisteko, tribu barbaroen atzerritarrarenganako gorroto setatiena errendiarazteko erabiltzen duen artilleria astuna. Behartu egiten ditu nazio guztiak burgesiaren produkzio-modua berenganatzera, hondoa jo nahi ez badute; behartu egiten ditu beren baitan zibilizazioa onartzera, hau da, burges izatera. Hitz batean, mundu bat sortzen du bere irudi propiora (X. Mendiguren Bereziartu).

Kamerungo ipar-mendebaldeko nekazari txikiak teknika zaharrak ari dira erabiltzen izurrite eta gaixotasunei aurre egiteko. Pestizida kimikoak, labur esanda, eskuragaitzak dira urruneko lurralde haietan, garestiak ere badira eta gaur egun badakigu ingurugiro eta osasunerako zer-nolako arriskuak dituzten. Askotan, tokian-tokirako garatutako metodoak dira nekazari txikiek duten irtenbide bakarra, baina horretarako, nork sustatua behar dute eta metodoak zientifikoki frogatu beharra dago (ZTC).

Eta une gaizto batez esatekotan egon nintzaion, baietz, galdera hark bazuela erantzun zehatza; alegia, aitaren sena eta, oro har, gure izana, aitak berak oraindik estuki heltzen zion poltsa koloredun hartan bertan zegoela. Bai, poltsaren barrukoaren parekoa ginela, hitz gutxitan. Ez nion ezer esan, baina. Poltsa zabor-edukiontzi batean ezarri ondotik, isil-misilka itzuli ginen etxera; nork bere pentsakizunetan murgilduta, nork bere ezinegon pisutsua ahalik eta arinen bizkar gainean eramanez, senik gabeko gorputz haren beso banari helduta (EPD, Azkona).

43.9.1e Sintaxiari dagokionez, gehienetan perpaus bat (lokabea, koordinatua, mendekoa…) sartzen dute laburbiltzaileek (laburbilduz, labur esanda, hitz batean…). Dena dela, zenbaitetan sintagma bati ere laguntzen diote, hurrenez hurren ondoko adibideetan:

Ez nuen, ordea, Angeloren etxera itzuli nahi, orduak eta orduak bertan bakarrik egiteko aukerak ez ninduen-eta asetzen. Hirira jaitsi eta kafesne bero bat hartuko nuen. Egunkariren bat erosiko nuen. Paper-dendaren batean sartu eta, postalen bat erosteko aitzakian, italiera praktikatuko nuen dendariarekin. Hitz gutxitan: orduak entretenituko nituen. Edozer gauza, etxera bildu eta han neure buruari galderak egiten eta neure barruko harren lardaskan egotea baino. Kalean alde batetik bestera, ez nuen lortzen kezka eta iluntasuna gainetik kendu eta kontu arruntagoak pentsatzea; baina etxe zuloan sartuta, zailagoa izango nuen (Lertxundi).

Haren kontserbazioak ondokoa du helburu: edo mehatxatzen duten gaitzei aurre egitea, edo dagoeneko kaltetzen dutenei sendabidea topatzea. Hori lortzen bi modutan saiatu behar da: gure aurkikuntza partikularren bidez, eta gainontzeko pertsonen ikerkuntzen bitartez, beraiekin dugun elkartrukatzeak ahalmentzen duelarik horien probetxu ateratzea. Hortik sortu dira nekazaritza, medikuntza eta, hitz batean, guztiz beharrezko diren arte guztiak (Monreal).

Sarritan juntagailuekin eta beste diskurtso markatzaile batzuekin konbinatzen dira.

43.9.1f Aurreko adibideetan ikusi denez, diskurtso markatzaileekin ohikoa den puntuazio-eredua erabiltzen da laburbiltzaileekin ere (laburbilduz, labur esanda, hitz batean…). Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira. Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

43.9.1g Batez ere hizkuntza idatzian erabiltzen dira birformulatzaile laburbiltzaileak (laburbilduz, labur esanda, hitz batean…), eta haren barruan erregistro zainduan eta bereziki azalpenezko diskurtsoari lotuta.

Bestalde, laburbiltzaile guztiek ez dute tradizio bera, ezta lexikalizatze maila bera ere: laburbilduz (laburbilduta), esaterako, ikaragarri zabaldu da egungo euskaran birformulatzaile gisa, baina ez du tradizio luzerik. Hitz bitan esateko-k ere esapide berria dirudi eta oso maiztasun apala du, are gaurko euskaran ere.

43.9.2. Birformulatzaile berraztertzaileak

43.9.2a Berraztertzaileek, berriz, birformulakizunean emandako azalpena beste ikuspuntu batetik aurkezten dute, modu partzial edo osoan aurretik esandakoa baieztatuz, sendotuz edota aurrean esandakoari kontrajarriz. Alegia, formulazio berrira pasatu aurretik, aurreko formulazioko elementu guztiak (inplizituak edo esplizituak) aztertu edota ebaluatu dira. Hala ere, horrelakoetan ere ez dago urruntze handirik bi formulazioen artean.

43.9.2b Hau da berraztertzaileen (azken batean, azken buruan, azken finean) balio nagusia: diskurtso markatzailearen bidez aurretik esandakoa (birformulakizunean esandakoa) berraztertzen da eta hausnarketa edo azterketa horri bidea ematen zaio atal birformulatzailean, azken hori behin betikotzat hartuz. Beste era batera esanda, diskurtso markatzailearen bidez diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakora itzultzen da esataria, baina ez bertatik funtsezkoena ateratzeko, baizik eta birformulakizunean adierazitako hori beste ikuspuntu berri batetik aurkezteko atal birformulatzailean.

Argiago mintzatu zen Le verbe basque en tableaux liburuan: Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere, eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean (Zuazo).

Birformulakizuna

Adibideak literaturako giputzetik hartuko ditut gehienetan, hura delako ezagunena, mintzatuena, landuena, eta baita aberats eta erregularrenetakoa ere,

Azalpena: atal birformulatzailea

eta hura delako, azken batean, euskararen benetako ordezkaria, gutxi gorabehera toscaniarra eta gaztelania italieran eta espainieran diren neurri berean.

Marmolezko kaperako elkar ikustearen ondoren, arteraino ez bezalako alaitasun eta pozaldian bizi izan zen Fabrice. Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko, baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza, bere pentsamendu guzti-guztietan sartua zeukan izaki jainkozkoak bera maite zuelako. Elkarrizketa haren ondoko hirugarren egunean, lanpararen seinaleak oso goiz bukatu ziren: gauerdia aldera (Jon Muñoz).

Birformulakizuna

Bazirudien, egia esan, oztopo handiak zituela oraindik ere zoriontsu izateko,

Azalpena: atal birformulatzailea

baina, azken batean, ezin handiagoa eta ustekabekoa zen gure presoaren poza,

Lehenbiziko adibideko birformulakizunean informazio-segida dago eta atal birformulatzailean azken batean diskurtso markatzaileak txertatzen duen enuntziatuaren ikuspuntua aurretik esandakoaren ildo beretik doa.

Bigarren adibidean, berriz, azken batean diskurtso markatzailea ageri den atal birformulatzaileak txertatzen duen ikuspuntua desberdina da birformulakizunean adierazitakoarekin alderatuta. Aurkaritza agertzen duten atalak, aurkaritza esplizitu egiten duen baina juntagailuaren bitartez loturik agertzen dira.

43.9.2c Birformulazio prozesuetan beste balio batzuk bideratzeko erabiltzen dira sarri berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean): bereziki, azalpenak emateko, eta ondorioa adierazteko, bi adibideotan bezala:

Herrian denek ezagutzen zuten elkar eta, bidean topatzean, elkar agurtzen zuten guztiek. Hamabi familia ziren osotara, eta denek zekiten gainerako guztien historia; bazekizkiten aitatxi-amatxiren izenak, arbasoenak, lehengusuenak, eta guztiek zuten besteen ondasunen berri zehatza. Herria, azken buruan, familia handi eta bakar bat bezalakoa zen. Zutoinen gaineko etxeetan antolatuta zegoen, eta etxe azpietan kakaraka eta lurrari mokoka ibiltzen ziren oiloak eta ahateak. Agurea jabetzen da lehenaldia erabiltzen duela bere artean herriaz mintzatzen denean. Horrek minez ziztatu dio bihotza (EPD, Diaz de Ultzurrun).

Gogorra gertatzen zaio amari ordu horietan sukalderatzea, baina ohitzen hasia da. Xabi noiz esnatuko eta altxatuko den jakiteko araurik ez dago. Atzo, hamarretan jaiki zen; herenegun, zazpiak eta laurdenetan. Ez dago araurik, ez dago erregulartasunik, ez dago jakiterik hurrengo egunean zein ordutan esnatuko den, ez dago, azken buruan, ezer planifikatzerik. Alferrik da; ebazpiderik ez duen hieroglifikoa. Hieroglifiko tranpatia. Dena dela, gauza bat ziurra da, esnatzeko orduari dagokionez, amaren ordutegia Xabiren ordutegi bera da (EPD, A. Arrieta).

43.9.2d Hiru kokagune hauetan agertzen dira berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean): atal birformulatzailearen hasieran eta tartekatuta agertzen dira maizenik; eta, bakanago, amaieran.

43.9.2e Sintaxiari dagokionez, gehienetan perpaus bat sartzen dute laburbiltzaile berraztertzaileek (azken batean, azken buruan, azken finean). Dena dela, zenbaitetan sintagma bati ere laguntzen diote. Ikus orain datozen bi adibideak:

Lagapen ordaintzaile orok bezala, lagapen horrek bi forma hauetako bat har dezake: 1) Pro soluto: lagapen bidez, lagapen-hartzaileak kreditua ordaindutzat jotzen du. Azken batean, kreditua ordainketan ematea da (L. Imaz).

Eta erabakitzeko moldeari buruz desadostasuna baldin badago, orain Espainiako Gorteen eta Eusko Legebiltzarraren artean gertatuko den bezala, Estatuak koakzio mekanismoekin egiten du mehatxu. Indarkeriarekin, azken batean (Berria).

Juntagailuekin eta lokailuekin batera ere agertzen dira maiz:

Kasu horietan aditzoinak ez du kontsonanterik amaieran, eta, beraz, ezin dugu araurik ezarri. Ondorioz, entzuten dugunak atzizkiak hiztegi mentalean duen forma garbi eta aldagabea izan behar du, hau da, d hotsa. Hizkuntzalaritza modernoaren aurkikuntza nagusietariko baten froga ederra: alegia, azken buruan ahoskatzean izango duenaz bestelako forma batean gorde daitekeela morfema bat buruko hiztegian (ZIO, G. Knörr).

43.9.2f Atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira birformulatzaile berraztertzaileak (azken batean, azken buruan, azken finean). Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

43.9.2g Tradizio zabala dute egungo euskaran hiru birformulatzaile berraztertzaileek (azken batean, azken buruan, azken finean), eta adberbio (“al final”, ‘azkenean’) nahiz markatzaile (“a fin de cuentas”) funtzioarekin jasota daude OEHn. Egungo euskaran ere maiztasun handia dute: askotariko testuetan ageri dira, baina, bereziki, azalpenezko diskurtso zainduan (idatzian zein ahozkoan).

43.10. Birformulatzaile urruntzaileak

43.10a Birformulazioaren bidez aurreko diskurtso atal bat beste era batera adierazteko aukera dugu. Prozesu horretan, ordea, funtzio diskurtsibo nagusia mantentzen den arren, erabiltzen den markatzailearen arabera zentzu edo esanahi ezberdina eslei dakioke esandakoari; birformulatzaile urruntzaileak erabiltzen direnean, adibidez, aurreko diskurtso atalarekiko nolabaiteko urrunketa geratzen da agerian eta, oro har, haren garrantzia apalduta geratzen da. Hiztunak, aurreko formulaziotik urrundu eta lehen esandakoa birbideratuko duen formulazio berria ekoizten du; horrela, birformulatzaile urruntzaileek aurreko enuntziatutik, hau da, birformulakizunetik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen dituzte. Interpretazio egokia, beraz, bigarren atalak lehendabizikoarekin duen harremanean oinarrituta egin behar da. Ikus ditzagun adibide batzuk:

Horrek Mundu Zaharreko makakoen (rhesus makakoen) eta Mundu Berrikoen (tamarinen) arteko desberdintasunen bat adierazten ote duen ez da oraingoz argitu, eta beste espezie adierazgarri batzuekin proba gehiago egin arte itxaron beharko da. Azterketa horiek, nolanahi ere, agerian uzten dute muga garrantzitsu bat duela tamarinak problemak ebazteko (ZIO, Aldasoro).

Oraingoz ez dakigu nola eragiten dioten elkarri bi ezagutza-alor horiek, ez eboluzio-bidean, ez garapen-bidean. Gure zenbaki- eta hizkuntza-sistemen azpian dagoen lanabes konbinatorialak eragiten du elementu kopuru finitu baten birkonbinaketatik esapide ugaritasun infinitua sortzea. Dena den, oraindik ez da argitu gaitasun horren jatorri ebolutiboa zein den (ZIO, Aldasoro).

Hona hemen adibide horien zenbait interpretazio. Lehenengoaren kasuan, birformulatzaile urruntzailearen bidez (nolanahi ere) garrantzia kentzen zaio aurretik esandakoari (oraindik proba gehiago egin beharko dira gauza batzuk argitzeko); bestalde, birformulatutako zatian esaten dena nabarmenduta geratzen da: alegia, gauza batzuk argitu gabe daude oraindik, baina gauza bat argi dago behintzat (Azterketa horiek, nolanahi ere, agerian uzten dute muga garrantzitsu bat duela tamarinak problemak ebazteko).

Bigarren adibidean, dena den elementuak birformulakizunaren garrantzia apaltzen du: asko ikasi da, baina oraindik gauza asko dago ezagutzeko; dena ez dagoela konponduta azpimarratzen du.

43.10b Adibide gisa hartu ditugun markatzaileek (nolanahi ere, dena den) hasieran esandakoarekiko nolabaiteko urrunketa adierazten dute. Irakurketa lehenengo enuntziatuan oinarrituta eginez gero, ondorio okerra aterako genuke; horrenbestez, irakurketa zuzena bigarren enuntziatua kontuan hartuta egin behar da. Markatzaileok, bi enuntziatu artikulatuz, atera litezkeen ondorio oker edo desegoki horiek birbideratzen dituzte irakurketa zuzena egiten laguntzeko, eta esandakoari benetako zentzua har diezaiogun.

Ikusi bezala, aipatutako elementuen funtzioetako bat bi enuntziatu edo testu zati artikulatzea da. Baina birformulatzaile urruntzaileek nolabaiteko izaera instrukzionala ere badute, lotu diren bi zatien artean ezarri den harremana nola interpretatu behar den adierazten baitute.

43.10c Dena dela, bestelako erabilera diskurtsiboak ere erakuts ditzakete: solasaldia berrorientatzea, garrantzizkoena azpimarratzea, zerbait argitzea, gaia aldatzea, kontrastea nabarmentzea, adostasuna edo desadostasuna erakustea eta abar.

Alde horretatik, beraz, litekeena da, partekatzen dituzten ezaugarriekin batera desberdintasunak ere agertzea haien artean. Bestalde, litekeena da, gainera, portaera diskurtsibo zenbait bat etortzea birformulatzaile urruntzaileen sailetik kanpo sailkatuta agertzen diren beste markatzaile batzuekin (dena dela-k, esate baterako, laburbiltze-zentzua izan dezake testuinguru batzuetan).

Esandakoaz gain, badago azpimarratzeko beste alderdi bat. Zenbaitetan, hizpide ditugun elementu edo partikulok adberbio edo lokuzio soilak izan daitezke, eta ez diskurtso markatzaile. Eta markatzaile direnean ere funtzio anitz betetzen dituzte.

43.10d Askotariko erabilera horretatik datoz, hain zuzen, bi zalantza nagusi. Alde batetik, eman behar zaien izendapenaren gaineko zalantzak. Bestetik, sailkapenari dagokion zalantza; askotariko funtzioak bereganatzeko gaitasuna izanik, ez baita erraza sailaren edo multzoaren mugak ezartzea.

Erabaki bat hartu behar473 eta gaztelaniaz Martín Zorraquino-k eta Portolés-ek (1999: 4082) diskurtso markatzaileentzat egiten duten sailkapenari jarraituta, birformulatzaileen multzoan kokatu ditugu, eta zehazkiago, birformulatzaile urruntzaileen sailean. Nolanahi ere, izendapen hori oso modu zabalean ulertu behar da.

Ahalik eta balizko birformulatzaile urruntzaile gehienak identifikatzeko, zerrenda hau osatu dugu: dena dela, dena den, edonola, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan (ere), edozelan (ere), esanak esan, guztiarekin ere, hala (eta) ere, hala eta guztiz ere, hala izanik/izanda ere, hitzak hitz, kontuak kontu, nolanahi (ere), nolanahi dela ere, susmoak susmo, usteak uste, izatekotan, IS + gorabehera, zernahi gisaz, horratik ere.

Dena dela, EUDIMA corpuseko datuen arabera hauek dira birformulatzaile urruntzaile erabilienak:

Birformulatzaile urruntzaile nagusiak

EUDIMA corpusa

Agerraldi kopurua

Maiztasuna (100.000ko)

DENA DEN (7.794), DENA DELA (4.754)

12.548

20,0

NOLANAHI ERE

[nolanahi ere den, nolanahi dela (ere), nolanahi den (ere)]

5.003

7,9

EDONOLA ERE (1.950) / EDOZELAN ERE (497)

2.447

3,9

EDOZEIN KASUTAN (1.525), EDOZEIN KASUTAN ere (463)

1.988

3,1

EDOZEIN MODUTAN (ERE)

[edozein moduz (ere)]

714

1,1

43.10.1. Dena dela, dena den

43.10.1a Birformulatzaile den aldetik, bere funtzio nagusia da solaskideen arteko elkar-ulertze arazoak gainditzea eta haien arteko harremana gidatzea. Diskurtso markatzaile honen erabilerak aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzen edo berrorientatzen ditu474. Oro har, ikuspegi enuntziatiboaren aldaketa jartzen du agerian, eta alde horretatik, ez-parafrastikotzat hartzen da.

Bigarren formulazioa nabarmenduta geratzen da, eta lehenengo formulazioaren garrantzia, apalduta. Bigarren enuntziatuak lehenengoaren argumentazio- indarra mugatzen du eta argudio berriei indarra ematen. Beraz, interpretazio egokia diskurtsoaren bigarren formulazioan oinarrituta egin behar dela adierazten du markatzaileak.

Haren zeregina ez da aurreko enuntziatua parafrasi baten bidez beste era batera esatea, baizik eta auzipean jartzea lehen atalean aurkeztu diren ideien pisu edo garrantzia. Eta urruntze-prozesu hori bi modutara gertatu ohi da, batez ere (Garcés 2008: 143).

43.10.1b Aurretik esandakoari garrantzia kentzea edo aurreko enuntziatutik atera daitezkeen inferentziak mugatzea edo berrorientatzea. Beheko testuan, adibidez, aurreko enuntziatuan esaten denaren garrantzia ezabatuta geratzen da: dena dela-k leundu egiten du lehenengo enuntziatutik atera genezakeen ondorioa, garrantzia kentzen die handik atera daitezkeen ondorioei eta arreta beste zerbaitetara bideratzen du (mutilak arazoak eragiten ditu, baina zorionez arazo horiek ez dira gaindiezinak):

—Madarikazioa! —orro egin zuen disimulurik gabe—. Zer mila arraio gertatu da? —Ohartuta zeunden —erantzun zion Luthek erbinudea lasaitu nahian ferekatuz—. Banengoen ba ni, mutil horrek arazoren bat ekarriko zigula. —Dena dela, hau oztopo txiki bat besterik ez da. Gure planak apur bat aldatu eta kitto (Urkixo).

43.10.1c Aurretik esandakoarekiko indiferentzia adieraztea. Ondorengo adibidean, aurreko zatian azaltzen den egoerarekiko indiferentzia adierazten du birformulazioak:

Ezkutatzeko ahalegina izan zitekeela pentsatu dut. Aurretik doazen lekunberritarrek zalantza egin dute tupustean bidera atera zaien hondartzako sarrerarekin topo egitean. Atzera so egin dute, amaren bisaiaren bila. Amak Mateori so egin dio laguntza bila. Mateok sorbaldak altxatu eta baiezkoa egin du. Ezezkoa egin zezakeen moduan. Dena dela, berdin du. Sekreturen bat baldin bazegoen, joana da (Olasagarre).

Diskurtsoari dagokionez, askotariko erabilera edo balioak bereganatzen ditu testuinguruaren arabera: hizketagaia aldatzea, zehaztapen bat gehitzea, ahots desberdinak testuratzea, konklusioa adieraztea, desadostasuna edo gaitzeste-kutsua erakustea, esandakoa justifikatzea, kontrastea nabarmentzea, garrantzitsuena azpimarratzea… Ondoko adibideak, hurrenez hurren, balio horiek adierazteko:

Euskal alaba, orain zenuke tragedia bat zer den egiaztatzeko aukera. Zure aitaren eta nire arteko aurrez aurreko bat, errua eta alegrantzia, iragana eta oraina, techne eta tyche, ausa eta halabeharra anabasan, gatazkan, bizitzen… -Barrutia, alde hemendik. Dena dela, nork jo zaitu? Ahoskatzearekin bat, Barrutiaren amarruan erori naizela ohartu naiz. -Zure gurasoak bezalako batzuk, zu bezalako batzuk, beharbada. -Eta ez zaitu defendatu? -seinalatu diot Kaskamotza (Olasagarre).

XVII. mendekotzat jotzen da, eta “Viva Jesus” izenez ezagutzen da (in Mitxelena 1954: 92): -Birtute esperanzakoa zer da? Saio honetara ekarri ditudan izkribu zaharretako ortografia gaurko joeretara egokitu dut irakurlearen lana errazte aldera. Dena dela, kontuan eduki ditut euskalkietako eta garaian garaiko bereizgarriak (Zuazo).

Agoteren eta Amatriainen lorpena izan da munduari euskal kostaldeko olatu erraldoien berri ematea. Agote, Amatriainekin batera, aitzindari erabatekoa da Europako olatu erraldoien bilaketan. Olatu handi hitzak aipatu, eta erronka hitza datorkio Agoteri. «Olatu handiak hartzea niretzat erronka bat da, atsegin handia sentitzen dut momentu horietan, naturarekin bat eginez eta eskaintzen dizkidan fruituez gozatuz». Argi utzi du, dena dela, olatu mota guztiak dituela gustuko, eta ez handiak bakarrik (M. Diaz).

Bere motxila handi bakarra fakturatzeko bost lagun besterik ez du aurretik. Daramaten maleta kopurua aztertu eta azkar joango dela pentsatu du. Errenkada bi daude Frankfurtera, eta aukeratzerakoan betiko zalantzak: ni hemen, azkarrago han. Ez du ematen, dena dela, alde handirik dagoenik. Motxila behearen gainean utzi du. -Tira, ama, itzul zaitezke, eta eskerrik asko ekartzeagatik. Ama Amets baino txikixeagoa da, ez oso, ile labur ondulatua xerloka horiz tindatua; neurrian, ez nabarmenegi (Luzarraga).

43.10.1d Atal birformulatzailearen hasieran doanean sarritan erabiltzen da juntagailu baten ondoren (baina, eta), eta baita, noizbehinka, atzetik ere lokailua duela.

Era askotako testuetan agertzen da; erregistro zainduan zein lagunartekoan; hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

Baliokideak dira: dena den, edonola ere, nolanahi ere.

43.10.2. Edonola ere (edozelan ere)

43.10.2a Dena dela eta dena den birformulatzaile urruntzaileen baliokidea da, eta, beraz, haien balio oinarrizko bera du: aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du. Bi modutara gauzatu ohi da urruntze- prozesua eta bietan atal birformulatzailea gailentzen da.

43.10.2b Aurreko formulazioaren garrantzia apaldu edo handik atera daitekeen inferentziari muga jarri, eta garrantzizkoena azpimarratzen da birformulazioan:

Izan ere, artista profesionalei begira laguntza programak martxan jarriko dira. Batez ere, proiektuak finantzatzeko ildoak izango dira, De la Horrak azaldu duenez. Kasu eta egitasmo bakoitza banan-bana aztertuko dute, erabakia hartu baino lehen. Orain arte, Araban kultura sustatzeko bideratzen ziren laguntza gehienak amateur edo erdi-profesionalentzat ziren. Edonola ere, diru-laguntza zuzenak ere emango dituzte (Berria).

43.10.2c Aurreko enuntziatuarekiko indiferentzia adierazten du, eta hiztunak atal birformulatzailean esandakoa egiten du bere.

Gure arazoa azaldu genien, baina, jakina, haiek ezin zuten ezer egin; gure aparatuak, behintzat, ez zien interferentziarik egiten berenari. Edonola ere, ez ginen gehiago hartaz arduratu: soinuak deserosoak ziren, baina, Maddik negar egin ezkero, ondo baino hobeto entzuten genuen, eta ohitu ginela esan daiteke. Asteburu batean, alabaina, aiton-amonenera abiatu ziren auzotarrak, eta interferentziak ez ziren haiekin joan (Zaldua).

Bestalde, dena dela-ren balio kontestual berberak hartzen ditu: tematizazioari laguntzea, zehaztapen bat gehitzea, konklusioa adieraztea, ahots desberdinak testuratzea, kontrastea, justifikazioa… Testu honetan, adibidez, hizketagaia aldatzea eta solasaldia gai berri batera berrorientatzea ahalbidetzen du.

Andoni.—Bai. Koldorena ondo lotuta utzi duzue.

Eduardo.—(ase, ironia puntu batekin) Sekulako pena izan duk. Tipo jatorra zuan (“zen” hau azpimarratuz).

Isilunea.

Eduardo.—(gaiaz beste) Edonola ere, beste kontu bategatik deitu diat.

Andoni.—Bota.

Eduardo.—Dena jakin nahi diat Txerrenkori buruz. Baita berak gobernatzen duen Irinaren klubari buruz ere (Goenkale).

Bere baliokideak diren dena den eta dena dela markatzaileak baino maiztasun txikiagoarekin agertzen da. Testu akademiko eta filosofikoetan agertzen da, eta, beste inon baino sarriago, zuzenbidekoetan. Ia beti erregistro zainduan eta hizkuntza idatzian.

43.10.3. Edozein kasutan (ere)

43.10.3a Edozein kasutan (ere) birformulatzaile urruntzailea475 atal birformulatzailean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio. Birformulatzaileak ahalbidetzen duen birformulazioaren lehenengo atalean esplizituki agertzen dira aukera batzuk, baina atal birformulatzaileko ideia gailentzen da haien gainetik: birformulakizuneko aukeretako edozein hobestea hutsala da, ez baita erabakigarria atal birformulatzailean adierazten denerako edo diskurtsoaren jarraipenerako. Bestela esan, atal birformulatzailean adierazten dena ez dago birformulakizuneko aukeren menpe eta, gainera, eztabaidaezina da.

Ondorengo testuan, adibidez, bi aukera aurkezten dira lehen atalean (egunean bertan egitea ekografia edo beste egun batean egitea), baina edozein kasutan birformulatzaileak aukera horien garrantzirik eza azpimarratzen du eta atal birformulatzaileko ideia nabarmentzen (aukeratzen dutena aukeratzen dutela, haiena izango da erabakia).

Bulegotik altxatzen ez zela ikusirik, jarri egin ginen.Ekografia egin aurretik jakinaren gainean ezarri behar zaituztet. Gero posible izango zaizue, benetan nahi baduzue, gaur bertan ekografia egitea. Bestela, beste egun baterako utziko dugu. Edozein kasutan, erabakia beti zuena izango da” (U. Apalategi).

43.10.3b Erabilerari dagokionez, bi hauek nabarmentzen dira. Batetik, birformulakizunak bi aukera adierazten ditu, bata zein bestea hauta daitezke, baina ez du horrek eraginik atal birformulatzailean gailentzen den ideian:

[…] atestatu hori guardiako epaitegiari igorriko zaio, ustezko erantzulea atxilotu bezain laster edo aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera hari zitazioa egin bezain laster, edozein kasutan ere, hurrengo bost egunetan. Kasu horietan, auziaren instrukzioa egin ahal izango du atestatua jaso duen guardia-epaitegiak bakarrik (Zuzenbide Corpusa).

Bestetik, hiztunak birformulakizunean gogoeta edo ideia gehiegi dagoela sumatzen duenean, jarduna mozteko formulatzat erabil dezake birformulazio eragiketa, birformulakizuneko ideien gainetik atal birformulatzaileko ideia jarrita:

Euskal kultura benetan existitzen da ala ilusio politikoa da? Euskal kultura existitzen da, jakina, euskararen kultura existitzen delako. Galdetzen badidazu norainokoa den kultura hori, ea euskal kulturarik dagoen euskararik gabe, edo euskal kultura soilik den Euskal Herrian gauzatzen dena, orduan erantzuna zailagoa da. Edozein kasutan, ez da ilusio politikoa (Urkiza).

Testu akademiko eta filosofikoetan agertzen da, eta, beste inon baino sarriago, zuzenbideko lege testuetan. Ia beti erregistro zainduan eta hizkuntza idatzian.

43.10.3c Baliokideak ditu: edozein modutan (ere), edozelan (ere), edonola (ere), dena dela…

43.10.4. Edozein modutan (ere)

43.10.4a Edozein modutan birformulatzaile urruntzailea ere atal birformulatzailean agertzen da eta birformulazio eragiketari bidea zabaltzen dio. Bi modutara gauzatu ohi da birformulazio urruntzailea, baina kasu batean zein bestean atal birformulatzailean adierazten da ideia garrantzitsua.

43.10.4b Batzuetan, atal birformulatzailean ez da aintzat hartzen birformulakizunaren edukia: nahiz eta eduki hori ez den zalantzan jartzen, ez zaio kasurik egiten; hots, indiferente zaio enuntziatzaileari birformulakizunean adierazten dena.

Beheko testuan, esaterako, ez dago zalantzan birformulakizunean azaltzen dena (hau da, espezie batzuetako emeek beren umeen sexu-proportzioa aldatzeko duten gaitasuna), baina ideia hori alde batera utzi eta bigarren ataleko baieztapenari ematen dio enuntziatzaileak garrantzia (ama-kontrol kasurik argiena himenopteroena da).

Izan ere, espezie batzuetan, emeek beren umeen arteko sexu-proportzioa alda dezakete, inguruabar-aldaketa batzuen ondorioz. Ugaztunetan, eme batek kostu txiki samar batez alda dezake bere umeen arteko sexu-proportzioa: aski du aukeratzea ernalduriko blastozitoetatik zein ezarri eta hazi umetokian. Edozein modutan, sexu-proportzioari dagokionez, ama-kontrol kasurik argiena himenopteroetan gertatzen da (inurriak, erleak, liztorrak) (Morillo).

43.10.4c Beste batzuetan, birformulakizunean adierazitakotik ondoriozta daitezkeen inferentziei balioa kentzen zaie.

Beheko testuan, adibidez, birformulakizunean adierazten den ideiatik (Einsteinen teoriarekiko jarrera kritikoetatik aldentzen da enuntziatzailea) ondoriozta liteke inferentzia hau: enuntziatzailea Einsteinen teoriaren jarraitzaile guztiz fidela da. Baina inferentzia horren aurka doa atal birformulatzailean baieztatzen dena (Einsteinen teoria ezin da azken hitza izan…).

Hori guztia Einsteinen ekuazioa baliozkoa izatearen baitan dago (eta Tab gaiarekin zerikusia duten hipotesi fisikoki zentzuzko batzuen baitan). Zenbaiten iritziz, Einsteinen erlatibitate orokorraren sakoneko gabezia baten seinale dira singulartasun-teoremok. Ni neu apur bat aldentzen naiz jarrera horretatik. Badakigu, edozein modutan, Einsteinen teoria ezin dela azken hitza izan espazio-denboraren eta grabitazioaren izaerari buruz (Morillo).

43.10.4d Askotariko testuetan erabiltzen da, baina batez ere testu akademikoetan, filosofikoetan eta zuzenbideko lege testuetan agertzen da ugarien. Erregistro zainduan maizago agertzen da lagunartekoan baino, eta maizago hizkuntza idatzian ahozkoan baino.

43.10.4e Baliokideak ditu: dena dela, dena den, edonola (ere), edozelan (ere)…

43.10.5. Hala ere esapidearen bi balioak

43.10.5a EUDIMA corpusean oso maiztasun altua dute hala ere eta hala eta guztiz ere markatzaileek:

Birformulatzaile urruntzaile / aurkaritzakoa

EUDIMA corpusa

Agerraldi kopurua

Maiztasuna (100.000ko)

HALA ere (30.915)

[halere, halarik ere, halaz ere]

37.969

60,6

HALA ETA GUZTIZ ERE

[hala eta guzti ere, halaz guztiz ere]

2.869

4,5

Hala ere, hala eta guztiz ere markatzaileen maiztasuna

Dena dela, funtzio bat baino gehiago betetzen ditu hala ere diskurtso markatzaileak. Nolabait esan daiteke bi hala ere ditugula: a) aurkaritza adierazten duen lokailu kontraargumentatiboa (hala ere 1), eta b) birformulatzaile urruntzailea (hala ere 2).

Gramatika Batzordeak (EGLU-III 1990) aurkaritzako lokailuen artean sailkatu zuen hala ere, eta egia da funtzio hori betetzen duela gehienetan. Hau da, gehienetan ez da birformulatzaile urruntzailea, lokailu kontraargumentatiboa baizik (Martín Zorraquino eta Portolés 1999).

43.10.5b Hala ere [1]: lokailu kontraargumentatiboa. Gehienetan aurreko diskurtso ataletik atera daitekeen ondorioa baliogabetzen edo mugatzen du hala ere lokailua duen diskurtso atalak.

Beheko adibidean, lehen atalean esandakotik (Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen) inferi daitekeenaren kontrakoa adierazten da bigarren atalean (eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra).Espero zitekeen 50 urte baino gehiagoko edonork buruko ileak eta bizarra urdinduta edukitzea; hala ere, beltz zituen eta ideia hori nagusitzen da. Beraz, espero zitekeen ondorioaren aurkakoa adierazten da bigarren atalean. Bestela esanda, aurkaritza- lokailua da hala ere halakoetan:

Zaharrenak 50 urte baino gehiago zituen eta hala ere beltz zituen oraino buruko ileak eta bizarra (Epaltza).

Zikindurik zeukan lumaje berdea; hautsaren azpian, ezagun zuen, hala ere, gorri-gorriak zirela hegaletako luma muturrak (Jon Muñoz).

Laket izan zitzaidan ganbera hartakoak itzuli zidan irudia. Frantzian barna bidaiatzen ari ginela gelditu nintzen bizarra egitetik. Ministroren batek kargu hartua zidan horretakoz. Ez, ordea, nabalara makurrarazi. Henrikerenaren aldean soilgunez beteriko itzal murritza baizik ez zen. Hala ere, harro nengoen ezpain inguruko itzalaz (Epaltza).

43.10.5c Hala ere [2]: birformulatzaile urruntzailea. Bestalde, zenbaitetan birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ere-ren bidez: diskurtso markatzailearen erabilera horrek aurretik sortutako formulazio batetik urruntzea ahalbidetzen du; eta haren zeregina ez da aurreko enuntziatuan adierazitakoaren kontrakoa esatea, baizik eta garrantzia kentzea aurreko atalean aurkeztu diren ideia edo argudioei.

Ez da esplizituki ukatzen edo baliogabetzen lehen atalean esandakoa, baizik eta bestelako orientazioa duen ideia bat azaltzen da atal birformulatzailean. Lehen atalean adierazitakoa alde batera uzten da: baliogabetu, ez da baliogabetzen, baina lehen atalekoa indiferentea da atal birformulatzailean aurkezten den konklusiora iristeko, eta, hain zuzen, bigarren atal horretan kokatzen du indargunea enuntziatzaileak.

Beheko adibidean, birformulakizunean hizkuntza deskribatzeko erabili diren termino batzuk aipatzen dira (gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza); aukera horien balioa zalantzan jarri gabe, idazleak gogokoago duen beste termino bat gehitzen du eta horixe egiten du bere (Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: “sena”).

Gaitasun konplexu eta espezializatua da hizkuntza; haurrarengan berez garatzen da, oharkabean, irakaspen formalik gabe, azpian duen logika ulertu gabe, eta kualitatiboki berdina da gizabanako guztiongan, informazioa prozesatzeko edo bestelako gaitasun kognitibo orokorragoetatik bereizia. Arrazoi horiek direla-eta, zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza. Hala ere, aitor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: “sena” (G. Knörr).

Hona hemen beste adibide bat:

Irratia eta telebista aipatu ditugunez, esan horietan ere antzera batean dagoela kontua: nazio osorako euskara hutsezko hedabideak oso-oso gutxi dira eta euren ikus-entzuleria ez da handia; ezin ahantzi, hala ere, euskaraz diharduten kate lokalak ugaltzen ari direla (erdaraz dihardutenak ere bai, bidenabar esanda) (Zuberogoitia).

43.10.5d Aldaera nagusi hauek ditu hala ere-k: halere, halarik ere, halaz ere. Kokaguneari dagokionez, atal birformulatzailean agertzen da; batez ere hasieran eta tartean; gutxitan amaieran (ikus EGLU-III 1990: 123). Edozein testu motatan azaltzen da. Erregistro zainduan zein lagunartekoan. Hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

43.10.6. Hala eta guztiz ere esapidearen bi balioak

43.10.6a Esapide honek, hala ere-k bezala, bi funtzio nagusi hauek betetzen ditu: a) lokailu kontraargumentatiboa; b) birformulatzaile urruntzailea.

43.10.6b Hala eta guztiz ere [1]: lokailu kontraargumentatiboa. Gehienetan aurreko diskurtso ataletik atera daitekeen ondorioa baliogabetzen edo mugatzen du hala eta guztiz ere lokailua duen diskurtso atalak. Aurkaritzako hala ere [1] lokailuaren baliokidea da, baina aurreko atalean ematen den argudioa —eragozpena— are pisu handiagokoa dela adierazteko erabiltzen da.

ADELAREN BISITAK are gehiago bultzatu ninduen abiatua nuen bidetik. Egia da inoiz baino bakartiago ibili nintzela, ia misantropo bihurturik, ez nintzela asteburuetan lagunekin irteten, edozein tarte libre edo opor baliatzen nuela irakurtzeko eta ikasteko. Hala eta guztiz ere, hilean behin edo, beheko auzoko mendizale talde batekin joaten nintzen ibilaldiak egitera (Igerabide).

Ur azaletik gorakoari emaiozu gogoa. Bai, ur azpikoa hor dago, hutsean zintzilik bezala gaude, baina zure irudimenean dago beldurraren kausa. -Bai, badakit hori dena, horixe esaten diot behin eta berriz neure buruari, eta hala ere, hala eta guztiz ere, ezin beldurrari ihes egin (Iñurrieta).

43.10.6c Hala eta guztiz ere [2]: birformulatzaile urruntzailea. Zenbaitetan, birformulazio urruntzailea bideratzen da hala ere-ren bidez: haren zeregina ez da aurreko enuntziatuan adierazitakoaren kontrakoa esatea, baizik eta garrantzia kentzea aurreko atalean aurkeztu diren ideia edo argudioei. Ez da esplizituki ukatzen edo baliogabetzen lehen atalean esandakoa, baizik eta bestelako orientazioa duen ideia bat azaltzen da atal birformulatzailean.

Aitak hizketan jarraitu zuen, eta guk irribarrez entzuten genion; aprobetxatu beharra zegoen abagune hura, ez baikenekien zenbat denbora igaroko zen berriro halako joerak ematen zion arte. Hala eta guztiz ere, hark esan zizkigun istorio guztiak gerra aurrekoak ziren; hantxe zeukan muga aitak, gerran; handixe hedatzen zen amildegi ilun isila. Adela gauerdi aldera joan zen. Agurtzerakoan, estu besarkatu ninduen, ilobaz harro dagoen izeba batek bezala. Gorputza biguna zeukan artean, kanaberaren eitekoa, haragiak tenk, baina haren estutuan urteen zama nabari zen, edo urteak baino zama pisutsuago bat (Igerabide).

43.10.6d Hala ere eta hala eta guztiz ere baliokideak izan arren, alde nabarmena dago bien artean bukaerako kokaguneari dagokionez: hala eta guztiz ere oso nekez erabiltzen da atal birformulatzailearen bukaeran.

Biak erabiltzen dira beste juntagailu batzuekin batera (baina, eta).

43.10.7. Birformulatzaile urruntzaileak: kokagunea, sintaxia, puntuazioa…

43.10.7a Kokaguneari dagokionez, gehien-gehienetan, atal birformulatzailearen hasieran erabiltzen dira birformulatzaile urruntzaileak (dena dela, edonola ere, edozein kasutan, edozein modutan…); batzuetan, tartekatuta; eta, nekez, amaieran.

43.10.7b Sintaxia hartzen badugu kontuan, gehien-gehienetan perpaus bat sartzen dute urruntzaileek. Dena dela, zenbaitetan sintagma bati ere laguntzen diote. Ondoko adibide hauek erakusten dute hori:

Zure aurretik gure ikasle izandakoei galdetu beharko litzaieke emaitza nolakoa izan den eta, benetan, gure trebakuntzak hobera egin ote duen urte horien buruan. Edonola ere, uste dugu, badela garaia, urteotan landu eta orrazten saiatu garen “klaseko apunte” hauek euskarri txukun batean jarri eta zuri eskaintzeko (Zuzenbide Corpusa, Alkorta).

Baina eta eta juntagailuekin batera ere agertzen dira maiz:

Azkenean soinu edo hitz edo dena delako horiek grabatu eta Iñigo nire lagunari eramango nizkiola erabaki nuen: filologoa da, eta hizkuntza asko daki. Nire eskaerak harritu egin zuen (ez nion azalpen handirik eman), baina zinta entzungo zuela agindu zidan. Biharamunean deitu zidan: “Alemana dela esango nikek, baina oso aleman arraroa, edonola ere. Yiddisha, agian; badakik: ekialdeko juduen dialektoa. Baina ez diat gauza handirik ulertu”. Aparatua kaxa baten barruan eman zigutela gogoratu nuen orduan, eta, bizkor, argibideen papera eskuratu nuen (Zaldua).

43.10.7c Puntuazioari dagokionez, atal birformulatzailearen hasieran doazenean, ondotik koma dutela eta aurretik koma edo puntuazio marka zorrotzago bat (puntu eta koma, puntua, bi puntu) eman ohi dira birformulatzaile urruntzaileak (dena dela, edonola ere, edozein modutan…). Tartekatuta doazenean, koma artean, oro har. Eta atal birformulatzailearen bukaeran doazenean, aurretik koma jarri ohi da.

43.11. Birformulatzaile zuzentzaileak: (edo) hobeto/hobeki, are hobeto/hobeki, barkatu, hobeto esanda…

43.11a Hauek dira birformulatzaile zuzentzaile nagusiak: (edo) hobeto/hobeki, are hobeto/hobeki, barkatu/barka, bestela esanda, egia esanda, hobeto esanda…

Birformulatzaile zuzentzaileen bidez (ikusi Fuentes 2009; Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4126; Briz, Pons eta Portolés 2008: 212), hiztunak zuzendu, hobetu edo zehaztu egiten du aurreko diskurtso unitatean adierazitakoa (Del Saz 2003, 2007), aurreko formulazio hori desegokia delakoan edo aurreko formulazioak diskurtsoaren garapenean bere funtzioa bete duelakoan eta ondoren bestelako formulazioa egokiagoa delakoan; beste batzuetan, aurreko enuntziatutik eratortzen diren aurresuposizio edo inplikaturak ezeztatzen edo aldatzen ditu (ikusi Garcés 2008: 105-108); enuntziatzaile berak esandakoa edota, elkarrizketetan, beste enuntziatzaile batek esandakoa zuzendu liteke birformulatzaile zuzentzaileen bidez:

Oraingoan bertsoak bildu dituzte berriro: “Bertso guztiak, edo hobeto esanda, eskuratu ahal izan ditugunak”, azaldu du Auspoako arduradunak (Berria).

Birformulakizuna

Bertso guztiak,

Azalpena: atal birformulatzailea

edo hobeto esanda, eskuratu ahal izan ditugunak

43.11b Beste birformulazioetan gertatzen den bezala, birformulatzaile zuzentzaileetan ere atal birformulatzailea da diskurtsoaren informazio-egituran nabarmendu nahi dena eta ez, beraz, birformulakizuna. Zuzenketari esker, ordea, birformulakizuna bera edo bertatik erator litezkeen aurresuposizioak ezegokitzat jotzen dira.

43.11.1. (edo) hobeto/hobeki

43.11.1a Aurreko enuntziatuaren segmentu bat edo enuntziatua bera —osoa edo zati bat— desegokitzat jotzen du esatariak, edo ez da, haren ustez, behar bezain egokia, eta aldatu edo zuzendu egiten du. Zuzenketa horretan, lehen segmentu horren ordez, beste bat sartzen du, egokiagoa, hobea, zuzenago edo zehatzagoa: Era berean, de Gomme Gosporten garai berean egindako lan garrantzitsuen arduraduna izan zen. Harresien (edo, hobeto, hiri “zaharreko” harresien) barruan zegoen Portsmouthen eremua nahikoa izan zen 1495era arte, Henrike VII.ak Mill Pondetik harago errege-ontziola independente bat eraikitzea agindu zuen arte; orduan, Portsmouthen bigarren nukleo historikoa sortu zuen (Morris).

Markatzailearen bidez uztarturiko diskurtso atalak hala enuntziatu osoak nola enuntziatu zatiak izan daitezke. Atal horiek, kategoriari dagokionez, askotarikoak izan daitezke: izenak, adjektiboak, izenlagunak, aditzak…

43.11.1b Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, adierazia zuzentzen da: edukia nahiz erreferentzia; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

43.11.1c Formaren zuzenketaren adibidea:

Hormen estradosa drainatzeko (eraikinaren oinarriko eraikuntza-elementu guztiak inguratu behar dira), lehenengo, kanpoaldea geotestilezko xafla batez iragazgaiztu, eta, xaflaren eta hormaren artean, hormari atxikirik, “arrautza-ontzi” deritzon xafla drainatzaile noduludun bat jarri ohi da. Sistema hori osatzeko, legar edo -hobeto- hartxintxar drainatzailez betetzen da hormaren kanpoaldea; ura, hala, behealdeko drain bateraino iragazten da (Arizmendi).

Forma, hots, adierazlea zuzentzen da. Zuzenketa horrek ez dakar ez edukiaren zuzenketarik, ez erreferentearen aldaketarik. Elkarren sinonimotzat jo daitezke bi segmentuak; esatariak bigarrena hobesten du baina.

43.11.1d Edukiaren zuzenketa era askotakoa izan daiteke: 1) erreferentearen zuzenketa partziala; 2) erreferentearen zuzenketa osoa; 3) enuntziatuaren zuzenketa partziala, eta 4) enuntziatuaren zuzenketa osoa. Lau adibide, hurrenez hurren:

Espainia da arima bat agonian dagoena (“agon” edo borroka unamunotarrean), kristautasuna bezalaxe; arima espainolaren esentzia, harentzat, kristautasunaren esentzia baino ez delako beharbada. Katolikotasunarena, hobeto. Katolikotasunean Unamuno faszinatzen duena irrazionaltasuna da -eromena- eta ideal baten infinitua. Hori da berak Cervantes-en obran ere irakurtzen duena. Unamuno-k Erdi Aroaren nostalgia sentitzen du; higuin ditu “los hidalgos de la Razón” - modernitate zientifikoa, kritikoa. Saio horretan bere asmoa da “xxxx” - eromenaren erreskatea (ez derrigor idealismoarena: fanatismoa eta intolerantzia ez da gutxiago ospatzen) (Azurmendi).

Atal birformulatzaileak ez du erabat baliogabetzen lehen enuntziatuko erreferentea (kristautasuna), baizik eta erreferente zehatzago bat adierazten du. Hots, hiperonimia/hiponimia erlazioa dago bi unitate lexikoen artean: kontzeptu orokorretik zehatzera doa esataria.

Aukeran dauden arauen artetik ebolutiboki egonkorra zein izango den, ereduaren helburua da hori aurkitzea. 4. Emeek askatasun bera dute beren arau propioak garatzeko. Haien kasuan, arrak propagandaren sendotasunaren arabera aukeratzen dituztenez, aukeraketari buruzkoak dira arauak (gogoratu emeek, edo, hobeto, emeen geneek ezin dutela arren kalitatea arrek bezala zuzenean hauteman) (PKC, Carton).

Hegelek Rousseaurekin, Montesquieurekin (ikus The Spirit of the Laws, XIX, 4 eta hur.) eta Herderrekin bere Nazioaren Espirituan duen zorra begi-bistakoa da. Spinozarekin dituen harremanak beste era batekoak dira. Hegelek garrantzi handiko bi ideia hartzen ditu edo, hobeto, egokitzen ditu Spinoza deterministarengandik (J. Zabaleta).

Horrela, zaila da gizabanako bakoitzarentzat ia norbere natura bilakatu den heldugabetasun horretatik irtetea. Hartara ohituta, gustu hartu dio, eta ezinezkoa zaio jada bere ulermena erabiltzea, ez baitzaio inoiz laga hura erabiltzen. Dogmak eta formulak, bere dohain naturalen erabilpen —edo, hobeto, deserabilpen— arrazionalerako instrumentu mekanikoak, bere behin betiko heldugabetasunerako oin-bilurrak dira (Monreal).

Erabat baliogabetzen da lehen enuntziatua aurreko adibidean. Antonimia- erlazio semantikoa dago erabilpen eta deserabilpen unitate lexikoen artean, eta erlazio hori dela bide baliogabetzen da lehen enuntziatua.

43.11.1e Inferentziaren zuzenketaren adibidea da honako hau:

Duela hamabost edo hogei orri aipatu dizuedan enkontrua zen hau, eta kontu horren gainean hitz egiteko unea iritsi den honetan, lotsaz gaixotzen naiz gure artean gertatu zenaren oroitzapenarekin. Pertsona hura, edo, hobeto, arazo deitzea nahiago dudan gauza hura, batek daki nongo leize barrenetatik azaleratutako izaki amesgaiztozko hura, hogeita hamar urteko UPSko mandatari baten mozorroarekin zebilen, eta gorputz gihartsu eta sasoikoa eta begirasun haserretua ageri zituen. Ez, ez da zuzena haserrea hitza nik haren aurpegian ikusi nuena azaltzeko (O. Arana).

Adibidean, lehen enuntziatutik, egitura neutroa edo konnotaziorik gabea erabili baita (pertsona hura), ondoriozta daiteke esatariak ez duela inolako jarrerarik (ez aldekorik ez kontrakorik) hizpide duen pertsonarengana. Atal birformulatzailean, ordea, hiztunak argiago erakusten du zer jarrera duen pertsona horrengana.

Birformulatzailea atal birformulatzailearen hasieran agertzen da gehienetan, aurrean edo juntagailua duelarik; nolanahi, bakanago bada ere, birformulatuaren atzean ere ager daiteke.

43.11.2. Are hobeto/hobeki

43.11.2a Aurreko birformulatzailearen ((edo) hobeto/hobeki) baliokidea da. Haren bidez, informazio okerra daraman elementu baten ordez, beste bat sartzen da. Elementu berri horrek, esatariaren iritziz, elementu ordezkatuaren edukia zuzentzen eta hobetzen du:

Mitoaren mekanismo peto-petoa da hori noski, eta Eleberria, eta eleberriaren barnean iragan burutua, objetu mitologikoak dira, zeinek, beren intentzio ber-bertakoari, dogmatika batekin loturiko asmo lehenaz gainerako bat ere baitaramate beren baitan; dogmatika batekin, edo, are hobeki, pedagogia batekin, zeren kontua artifizio baten itxuran esentzia bat ematea baita (Juan Garzia).

43.11.2b Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, edukia zuzentzen da; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

Atal birformulatzailearen aurrean joaten da, etenaldien artean, eta, sarritan, edo (edota) juntagailuarekin batera. Hizkuntza idatzi zainduan erabiltzen da, eta ez oso maiz. Ez dago oso gramatikalizatua eta askozaz ere maizago betetzen du adberbio funtzioa.

43.11.3. Barkatu, barka

43.11.3a Oro har, ez da izaten diskurtso markatzailea. Birformulatzaile gisa erabiltzen denean, haren bidez, informazio okerra daraman elementu baten ordez, beste bat sartzen da. Elementu berri horrek, esatariaren iritziz, elementu ordezkatuaren edukia zuzentzen eta hobetzen du.

43.11.3b Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, edukia zuzentzen da; partziala edo erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

Formaren zuzenketa ikusten dugu hemen:

Beatriz.—San Francisco ezagutzeko gogoa dut. Izan al zara sekula San Franciscon? Gorka.— Behin baino gehiagotan. Hango zubia, hango kaleak, hango ikuskizunak… Mikel.— Marikoi askoBarkatu, homosexual asko omen dago san Franciscon (Goenkale).

Edukiaren zuzenketari dagokionez, batzuetan 1) erreferentearen zuzenketa partziala gertatzen da, beste batzuetan 2) enuntziatuaren zuzenketa partziala eta, azkenik, 3) enuntziatuaren zuzenketa erabatekoa, ondoko hiru adibide hauek erakusten dutenez, hurrenez hurren:

Julia.—Eta niri ere iruzurra egin balidate?

Agurtzane.—(irribarre tristez) Nola izan zintezke hain zinikoa? Ba al dakizu nor gogorarazten didazun? Nire senar maitea. Barkatu, senar ohia. Ez zarete ba elkar hartuta arituko berriz ere? (Goenkale).

Maria Luisa.—Zer tokatzen zait, pagatzea ala ordaintzea? (Konturatu da nahastu egin dela) Barkatu, ordaintzea ala kobratzea esan nahi nuen (Goenkale).

Gazako kokagune guztiak bertan behera uzteko asmoa duela helarazi zion atzo Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Haaretz egunkariari. «Gazan dauden hamazazpi kokaguneak desegiteko plana prestatzeko agindua eman dut», adierazi zuen. «Nire asmoa da kokaguneak bertan behera uztea, barkatu, beste leku batean berrezartzea; arazoa dira guretzako eta behin betiko bake hitzarmena adosteko gauden leku horietatik joan beharko ginateke», zehaztu zuen lehen ministroak (Berria).

Atal birformulatzaileak erabat baliogabetzen du birformulakizunean emandako informazioa. Aurreko adibidean, esaterako, esatariaren benetako asmoa kokalekuak lekuz aldatzea da, eta ez suntsitzea.

Inferentziaren zuzenketa:

MINTZATU DA. Erregea mintzatu da astelehen arratsaldean. Barkatu, ez omen dugu erregerik. Presidentea da mintzatu, Nicolas Sarkozy (Herria).

Lehen enuntziatutik (erregea mintzatu da astelehen arratsaldean), Frantzian errege bat badagoelako inferentzia segitzen da; baina atal birformulatzaileak zuzendu egiten du inferentzia hori.

43.11.3c Baditu esapide honek beste balio batzuk ere. Atal zuzentzailearen bidez, birformulakizunean zer eman nahi izan den aditzera azaltzen da:

Eta 2008an euskal selekzioak urratsak egiten jarraituko du linborantz, barkatu, ofizialtasunerantz (Berria).

43.11.3d Markatzaile honen bidez, autobirformulazioak ez ezik (esatariak bere burua zuzentzen du) heterobirformulazioak ere gauza daitezke (entzuleak edo mezuaren hartzaileak zuzentzen du enuntziatua):

Nekanek ez du erantzuten.

Koldo.—Naroarekin ondo zaudela esan didazu…

Nekane.—Inoiz eduki dudan bikotekiderik onena da. Zorte handia daukat berarekin.

Koldo.—Barkatu, “bigarren” bikotekiderik onena esan nahiko duzu… (Goenkale).

43.11.4. Bestela esanda

Birformulatzaile esplikatiboa izaten da gehienetan, baina batzuetan zuzentzailetzat jo daiteke (nahiz eta halakoetan zaila den bi balioak —esplikatiboa eta zuzentzailea— guztiz bereiztea):

Eta heldu zion Gerardok Nataliari gerritik; ahalegindu zen mutila Natalia eramaten, pausoz pauso, berak zekien bezala… baina alferrik, Gerardok emandako pauso bakoitzari Nataliak bere balazta ezartzen baitzion: hots, bere kontrapausoa; kontrapauso haiek, haatik, ez ziren guztiz kontrakoak -bai norabidean, ez magnitudean-, edo, bestela esanda, mugimendu eta kontramugimendu haiek ez ziren, neurriaz denaz bezainbatean, simetrikoak […] (Irigoien).

Atea zabaldu nionean irribarrea behartu zuen, indargea, bizi gabea. Besarkatu nuenean, oraindik senti dezaket, besoen artean eroriko zitzaidala pentsatu nuen, gorputz osoak dar-dar egin ziola begitandu zitzaidan. Ez zen Sofia. Edo, bestela esanda, ez zen hilabete batzuk lehenagokoa. Ez. Ezkon bizitzaz mintzatzen hasi zitzaidan, poz antzera. Baina ez zidan begietara begiratzen. Ez zuen adorerik. Lotsa zen. Nire ahizpak ezin zidan begietara so egin, nire aurrean lotsa zelako! Berehala lotu nuen egoera senarrarekin, eta ez nuela gezurrik entzun gura esan nion: “Niri kopla gutxi, Sofia!” (EPD, Friera).

43.11.5. Egia esan (egia esanda…)

43.11.5a Kontuan izan behar dugu markatzaile hau bibliografian ez dutela beti birformulatzailetzat hartu. Horren adibide dugu gaztelaniazko ordaintzat jo daitekeen a decir verdad, zeina Fuentes-en (2009: 25-26) arabera enuntziazio- operadorea baita, ez birformulatzailea.

Gorroto ditu Patriciaren lagunen inguruko eztabaidak. Bere lagunak sakratuak dira. Patriciarekin dituen eztabaida guztiak gorroto ditu, egia esanda (K. Agirre).

43.11.5b Egia esanda birformulatzailearekin —beraren eduki semantikoagatik espero izatekoa denez— ez dugu adierazleari (formari) eragiten dion zuzenketarik aurkitu; bai, ordea, adieraziari (edukiari edota erreferentziari) eta inferentziei dagokiena. Zuzenketa hori, ordea, mota desberdinetakoa izan daiteke. Batzuetan, 1) adieraziaren edukiaren zuzenketa partziala da; beste batzuetan, 2) adieraziaren edukiaren zuzenketa erabatekoa. Eta, beste batzuetan, 3) adieraziaren erreferentziaren zuzenketa partziala. Hona hemen hiruen adibide bana:

Gizona.—Zer moduz hanka hori, Eusebio?

Eusebiok bere herrena eta min aurpegia areagotu egingo ditu.

Eusebio.—Ondo ez. Egia esan, gero eta okerrago. Martxa honetan baja hartu beharko dut (Goenkale).

Txosnara joan eta tea ez eze, te ontzia ere eskatu die, geuk prestatzeko, erritual osoa betez: sua piztu, ura bota, te-belarra sartu, edalontzira tea isuri eta atzera ere ontzira, horrela behar beste, tea ondo nahastu arte. Herriko neska-mutikoek barrez begiratzen diote afrikarkerietan ari den zuriari. Durangoko Bakintharen lagunak ere ikusi ditugu, zain genituen egia esan (Urrutikoetxea).

Babiloniar eta greziarren artean, baita Zelanda Berriko maorien artean ere —egia esateko, mito kosmologikoak asmatzen dituzten herri guztien artean—, narrazioak aurkitzen ditugu, gauzen hasieraz ari direnak eta Unibertsoaren egitura beronen sorreraren historia azalduz ulertu edo esplikatu nahi dutenak (PKC, Gabikagojeaskoa).

43.11.5c Gure corpuseko adibiderik gehientsuenak ezin dira birformulatzailetzat hartu. Adibide gehientsuenetan enuntziazio-operadore da egia esan. Operadorea dagoen diskurtso atala bere egiazkotasunagatik nabarmentzen da aurretik esandakotik. Operadorea dagoen atalean adierazitakoaren benetakotasuna baieztatzen du esatariak. Baieztapen horrek, aurreko unitatearekin aurkakotasunean dagoenean, zuzenduz birformulatzen du aurreko atalean esandakoa:

Lehenengo egunetik bertatik errezelak egin behar izan genituen; egia esan, ez dute izen hori merezi, trapu zati batzuk baizik ez baitira, ez formaz, ez kalitatez ez marrazkiz elkarren antzik ez dutenak (J. Zabaleta).

43.11.6. Hobeto/hobeki esan

43.11.6a Baliokideak dira hobeto esan eta (edo) hobeto/hobeki, eta arrazoizkoa da pentsatzea bigarrena lehenengotik eratorria dela (hobeto esan > (edo) hobeto). Haren bidez, informazio okerra daraman elementu baten ordez, beste bat sartzen da. Elementu berri horrek, esatariaren iritziz, elementu ordezkatuaren edukia edo forma zuzentzen du:

Euskadiko lehen sindikatuak Bizkaian sortu ziren, XIX. mendearen bukaeran; geroago hedatu ziren Gipuzkoara, eta geroxeago eta garrantzi gutxiagorekin, Arabara edo, hobeto esanda, Gasteiza (J. L. Granja).

43.11.6b Batzuetan, formari eragiten dio zuzenketak. Beste batzuetan, adierazia zuzentzen da: edukia nahiz erreferentzia; partziala nahiz erabatekoa izan daiteke zuzenketa hori. Eta beste batzuetan, aurreko enuntziatutik segitzen diren inferentziak zuzentzen dira.

460 Lan hau Xabier Alberdik (2014b) egin lanean oinarritzen da.

461 Hala ere, Vázquez Veiga-k (2011) honako iruzkin hau egiten du Nueva gramática de la lengua españolan ematen den ikuspegiaz: “Nos parece importante destacar el hecho de que se diga de ellos que son una “clase gramatical” (§ 30.2p), que es una manera de otorgarles el rango de miembros de pleno derecho de la gramática”.

462 URL helbidea: http://www.ehu.es/ehg/eudima/corpusa

463 Garcés-ek azaltzen duenez: “La frase se considera una unidad abstracta, un objeto teórico, opuesta al enunciado, resultado de la actividad enunciativa. La significación de la frase no es observable, dado que se trata de una construcción teórica, lo que es observable es el sentido asociado a cada enunciado particular. En relación con la distinción entre frase y enunciado, O. Ducrot define las nociones de significación y sentido: la significación se refiere al valor semántico de la frase, mientras que el sentido alude al valor semántico del enunciado (Ducrot 1984: 180). En el caso de los marcadores, la significación ha de consistir en una serie de instrucciones semánticas compartidas por los elementos que constituyen un grupo determinado y, […]” (Garcés 2008: 28).

464 “Por tanto, sería conveniente considerar que los marcadores presentan una determinada instrucción general -ordenación, reformulación…- y en cada uno de esos tipos de instrucciones generales habría que establecer otras más específicas -como reformulación de tipo explicativo, rectificativo …-, que también forman parte de ese significado básico, y dependiendo del contexto en el que se utilicen, podrán tener diversos sentidos, determinados por el tipo de segmentos vinculados o por el enriquecimiento contextual. De este modo, marcadores que cumplen una determinada función, por ejemplo, los ordenadores de cierre discursivo, adquieren un sentido argumentativo si vinculan miembros que son argumentos de los que se deduce una determinada conclusión” (Garcés 2008: 39).

465 “Los conectores enlazan su enunciado con algo expresado anteriormente o implícito en el contexto discursivo; esa función básica de conexión entre los segmentos concatenados podrá ser de tipo argumentativo, si el significado del conector proporciona una serie de instrucciones argumentativas que guia las inferencias que se han de obtener del conjunto de miembros relacionados (Ducrot 1983; Anscombre y Ducrot 1994; Portolés 2004a: 289); de tipo informativo, si las relaciones inferenciales permiten estructurar los diversos miembros del discurso como partes de un bloque informativo; de tipo reformulativo, si permiten una inferencia retroactiva en la que se vuelve sobre el segmento anterior para asignarle una nueva interpretación. […] Los operadores limitan su ámbito al enunciado en el que se insertan sin relacionarlo por su significado con otro u otros anteriores, aunque condicionan las posibilidades discursivas del miembro en el que se incluyen; […]” (Garcés 2008: 25).

466 “El significado procedimental, también llamado de procesamiento, es la información sobre cómo procesar el significado conceptual, el cual se define a su vez como la información léxica sobre el contenido proposicional de los enunciados” (Loureda eta Acín 2010a: 35).

467 Portolés-ek honela azaltzen du Egokitasunaren Printzipioa: “El Principio de Pertinencia se resume en: «todo enunciado comunica a su destinatario la presunción de su pertinencia óptima». Las personas buscamos en la relacion entre lo dicho y el contexto la pertinencia mayor; es decir, el efecto cognitivo mayor —la mayor informacion— en relación con el esfuerzo de tratamiento más pequeno” (Portolés 2007: 19).

468 “Desde nuestra perspectiva, el proceso de reformulación consiste en volver sobre el contenido de un miembro o de un enunciado anterior o sobre el acto de enunciación, para expresarlo de otra manera equivalente o distinta. Se trata de un procedimiento de reinterpretación discursiva que evidencia la intencionalidad del hablante de guiar al interlocutor para que interprete el mensaje de la manera adecuada” (Garcés 2008: 75). “Este fenómeno refleja la capacidad de los hablantes de elegir las formulaciones lingüísticas que consideran más adecuadas en cada momento para configurar el texto, según su intención comunicativa, y se muestra, además, como una guía que ayuda al interlocutor a obtener las inferencias apropiadas para interpretar adecuadamente el mensaje” (Garcés 2009: 17).
“Reformulation is to be interpreted as the process of reinterpretation, where the contents of an utterance are expressed in a different way through a re-elaboration. This is done to facilitate the understanding, and/or to narrow the specificity of an utterance. Reformulation ensures cohesion and facilitates discourse by reducing any possible communicative defects of a text” (Mykhaylenko 2009: 4).

469 “De generalización” deitzen die Martí-k (2008).

470 Alegia, perpaus osagarria gobernatzen du ia beti. Hots, alegia, hots eta hau da birformulatzaileek ez bezala, funtzio sintaktiko argia betetzen du, atal birformulatzaileko predikatu nagusia baita.

471 Hurrenez hurren esapidearen lehen adibideak ‘bata bestearen ondotik’ (gazt. “sucesivamente”) adierari dagozkio soilik. Eta badirudi (Alberdi 2011b) adberbio erabilera horretatik (‘baten ondotik hurrengoa doala’) eratorria dela birformulatzaile erabilera (gazt. “respectivamente”).

472 Beste birformulatzaile batzuekin gertatu den moduan, badirudi itzulpengintzak eragina izan duela birformulatzaile honen sorreran eta erabileran.

473 Fuentes-ek bere hiztegian (2009) kontzesiozkoen barruan sailkatzen ditu hemen aztertzen ari garen birformulatzaileen gaztelaniazko ordainak. Eta Gramatika Batzordeak (EGLU-III 1990) aurkaritzako lokailuetan sailkatzen ditu hemen aztertzen ari garen birformulatzaileak.

474 Gramatika Batzordeak (EGLU-III 1990: 118) aurkaritzako lokailuen artean sailkatzen badu ere, dena den esapideak ez du adierazten aurreko ataletik inferi daitekeenaren kontrako ideia, baizik eta aurreko ataleko argudioaren garrantzia mugatzen du edo harekiko indiferentzia adierazten du.

475 Testuinguru askotan ez da diskurtso markatzaile, denborazko osagarria baizik (edozein kasutan aplikatuko da, beste edozein kasutan…).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper