Euskararen Gramatika

42. Diskurtso markatzaileak (I): DM motak

42. Diskurtso markatzaileak (I): DM motak

42.1. Perpausak ez dira uharteak: testu batean josiak agertzen dira

42.1a Hitz egiten dugunean hotsak erabiltzen ditugu esanahi bat aditzera emateko. Hots kate horretan nolabaiteko abstrakzioa eginez, gramatikak perpausak bereizi ohi ditu, besteak beste, esan dugun gisan. Baina, hasierako adibideetan ikusi dugunez, perpaus horiek ez dira atze-aurrean dituzten gainerako perpausekiko erlaziorik gabeak. Perpausak elkarrekin josteko eta testu koherente edo lotu bat eratzeko hiztunak zenbait baliabide ditu eskura. Horietako batzuk juntagailuak izango dira, juntaduran erabiltzen direnak (Mikel etxera itzuli zen ezustean, eta han harrapatu zuen Jokin), eta beste batzuk menderagailuak, menderakuntza deituko dugunari bide ematen diotenak (Jokinek esana zion etxera itzultzen bazen han harrapatuko zuela). Bi gailu horiek perpaus mailako lotura gauzatzen dute. Esan nahi baita, perpausak elkartuz beste perpausak osatzeko balio dute. Perpaus elkarketa bideratzen dute, hortaz. Baina badira, EGLU-III liburukiak lokailu deitutako horiek ere: perpausak josiz goragoko testu bat, ondo jositako testu bat, koherentea, osatzeko erabiltzen ditu hiztunak. Hala ere, lotura horren ondorioa ez da, nahitaez, beti beste perpaus bat, testu bat baizik. Izan ere, lokailuak solas mailako edo testu mailako lotura gauzatzen duten gramatika baliabideak dira. Ez dira, berez, perpaus elkarketa bideratzeko gai.

42.1b EGLU-III idatzi zen garaian (1990ean) ez ziren euskal gramatikak lokailuez sobera kezkatzen. Liburu hura izan zen lehenbizikoa gai hauetaz modu sistematikoan arduratu zena. Aurretik ezer gutxi egina zen, eta betiere ez modu sistematikoan.

Bestetik, inguruko hizkuntzetan egiten ziren gramatikari buruzko azterlanetan, euskaraz “lokailu” deitu genituen elementu funtzional hauen gaia ikertuago bazen ere, gaia berez nahiko berria zen gramatikan ageri diren aztergai topikoekin (subjektua, perpausa, aditza, adjektiboa…) konparatuz gero. Geroztik, ordea, lan asko egin dira zenbait hizkuntzatan.

Lan horiek kontuan izanik, badirudi garai hartan aukeratu zen terminologia (“lokailu”) ez dela, beharbada, oso egokia. Egia da ez dagoela oraindik batasun osorik kontu honetan, baina lokailu deitu beharrean diskurtso markatzaile (DM) deitzea egokiagoa ikusten dugu orain, hori baita kanpoko hizkuntzetan gehien erabiltzen den terminoa. Egokia ikusi dugu guk ere euskaraz termino hori erabiltzea, geroago emango ditugun arrazoiak direla eta.

Harrezkero euskararen gainean ere egin dira lan zehatzagoak. Ezinbestean Alberdi (2014b) eta bere ikerketa taldeak egindakoa aipatu behar da hemen. Berak ere diskurtso markatzaile terminoa proposatzen du, eta hori erabiliko dugu guk aurrerantzean.

42.2. Hizketa, hizkuntza, perpausa eta esaldia

42.2a Gramatikak bere gain hartzen duen eginkizuna hiztunak hizkuntza bat dakienean, “dakien” horren berri ematea da. Hizkuntza, hortaz, “jakite” bat da, hiztun arruntak duen “jakite” edo ahalmen hori, beste hainbat giza ahalmen bezala, arruntean oharkabekoa bada ere. Baina hizkuntza oso mekanismo konplexua da eta hiztunak darabiltzan elementu desberdinak (hotsak, hitzak, perpausak…) sartzen dira jokoan. Hizkuntz gaitasunak, hizkuntza “jakiteak”, elementu horiek guztiak menderatzea eskatzen du, baina menderatze hori modu orokor eta erabatekoan gertatzen da, ez zatika edo sakabanaturik. Esan nahi baita, hizkuntza menderatzea ez da oso ebakera ona izatea bakarrik edo hitz asko ezagutzea, adibidez. Hizkuntza jakitea perpausak eratzen jakitea da, nahiz eta hitz egiterakoan bestelako “jakiteez” ere baliatzen garen. Perpausak ez dira liburuetan edo hiztegietan aurkitzen, gorderik. Aitzitik, hiztunak aldi oro sortze lanean aritu behar du, hots: hizkuntza ikasteko prozesuan barneratu zituen erregelak erabili behar ditu hotsak eta esanahiak elkarrekin lotzeko, hitz egiten dugunean hori egiten baitugu: hotsak erabiltzen ditugu esanahi bat solaskideari helarazteko. Nolanahi ere, gauza bat da hiztunak barneratua duen “jakitea” (hizkuntza, alegia) eta “jakite” hori eguneroko bizitzan erabiltzea, baliatzea. Jakite hau eguneroko bizitzan gauzatzeari hizketa dei geniezaioke.

42.2b Bestalde, perpausa aipatu dugu. Sarritan bi zentzutan —aski desberdinetan gainera— erabili izan da perpaus hitza. Alde batetik, hizkuntz ariketan —hizketari, beraz giza jokabideari, dagokion zerbait bezala—, eta, bestetik, hiztunaren gaitasunaren (hizkuntzaren) deskribapena izan nahi duen gramatikari dagokion zer teoriko gisa. Lehen esanahiaz aritzeko, gure eguneroko hizketa jardueraz aritzeko alegia, hala ere, nahiago dugu esaldi hitza erabili eta perpaus hitza bigarren zentzurako gorde (hiztunaren gaitasunaz ari garelarik alegia). Horrela, gramatika perpausez arituko da eta ez esaldiez. Perpausa kontzeptu teoriko bat genuke, hizkuntzalaritzak eta gramatikak erabiltzen dituzten beste hainbat kontzepturen gisakoa (fonema, morfema, sintagma, aditza, eta antzekoak bezalakoa, alegia) eta, horrenbestez, aldez aurretik emana ez zaiguna. Aldez aurretik emanak ditugunak solasaren barnean, hizketaren fruitu gisa, datozen esaldiak ditugu eta hauetatik abstrakzio eginez asmatu dute gramatikariek perpaus kontzeptua. Kontzeptu teorikoa denez, alferrik hasiko gara perpaus bila gramatikatik kanpo, hauek ez baitira existitzen mundu errealean, gramatikan baizik. Mundu errealean, eta gizakion jokabidean aurkituko ditugunak esaldiak izango dira, hiztunek hitz egiterakoan jaulkitakoak.

Gauzak horrela, erraz ulertzen ahal da izan daitezkeela esaldiak perpaustzat ezin har daitezkeenak —pentsa, besterik gabe, hitz egiterakoan gertatzen diren hutsegite ugariez, edo zerbait esaten hasi eta bukatu gabe zenbat bider gelditzen garen, edo norbaitek gogoa beste nonbait duenean gerta daitezkeen hutsegiteez—. Horiek denek, arruntean beren helburu komunikatiboa bete dezakete, baina gramatika ikuspegi batetik begiratuta, perpaus okertzat hartuko genituzke, edo, nolanahi ere, perpaus izatera iristen ez direla esan genezake. Eta alderantziz, izan daitezke benetako perpausak, gramatikaren inongo erregelarik urratzen ez dutenak, baina haien luzera edo konplexutasunagatik, adibidez, komunikazio normalean nekez onartuko genituzkeenak eta, horrenbestez, esan ere nekez esango genituzkeenak. Adibidez: Joseba gizon zarpail hark aurkeztu zizkizun haurrekin zihoan emakume argal hark buruan zeramatzan asmo guztiak kanporatzeko gai izango zela hain erraz konbentzituko gintuelakoan agureak esan zituen kontu haiek denak inork sinistu balitu ere, ez dut uste historian zehar izan diren hainbeste eta hainbeste zorigaitzen erantzuleen aipamena egiteko prest leudekeenetariko inortxok ere beste horrenbeste egingo lukeenik.

42.2c Burmuinak, jakina, definitzeko zailak badira ere muga argiak ditu perpaus konplexuak prozesatzeko orduan. Bestelako asko ere onartezinak gerta daitezke. Esaterako, honako adibide hauek perpausak izango lirateke gramatikarentzat, eta perpaus zuzenak, gainera, baina solasaren ikuspegitik aski desegokiak direla esango genuke: Jaun txit argia, kaixo! edo Arratsaldeko hamaika eta erdiak ziren.

Perpaus diren aldetik, berriro esan, ez dute inongo gramatika erregelarik urratzen bi perpaus hauek, baina esaldi gisa aski desegokiak gertatzen direla ezin uka. Non da desegokitasun horren sustraia? Ez, noski egituraren konplexutasunean, ez eta egiturari dagokion arauren bat urratzean ere. Arrazoia da “jaun txit argia” alde batetik eta “kaixo” bestetik, nekez uztar daitezkeela, hizketa maila desberdinetakoak baitira: bata hizkera formalekoa eta bestea, guztiz lagunartekoa. Hala ere, Jaun txit argia, kaixo! kate hori, gramatikaren ikuspegitik, honek ezartzen dituen egiturari buruzko arauak errespetatzen dituen aldetik, perpaus gramatikala dela esan daiteke. Alegia, kate hori desegokia bada ez da gramatika arazoengatik, beste zerbaitegatik baizik. Beraz, gramatikatik at egongo litzateke desegokitasun horren berri ematea. Bigarren perpausa ere esaldi desegokia da, baina ez inolako sintaxi araurik hausten duelako, munduaren ezaguerari dagokion zerbaitegatik baizik. Alegia, arratsaldeko ‘hamaika eta erdiak’ ez baita.

Eman dezagun, azkenik, norbaitek zeinen gau ederra! esaten duela eta hamar bider errepikatzen duela leku eta garai desberdinetan. Bistan da hor hamar esaldi desberdin gertatzen direla, nahiz eta perpaus bakarra eta bera izan.

42.2d Hortaz, esaldi kontzeptua eta perpaus kontzeptua bi gauza dira. Hizketa eta hizkuntza ere bi kontzeptu diferente diren bezala. Hizketarakoan esaldiak erabiltzen ditugu, baina gramatikaz aritzerakoan —eta gramatikak, berriro esan, hiztunak duen ahalmenaren, hots, hizkuntzaren, deskribapen teorikoa izan nahi du— perpausez arituko gara.

Solasaren oinarrizko osagarriak edo urratsak, hortaz, esaldiak dira. Esaldiak ekintza komunikatiboak ditugu, hizkuntz ariketaren —hizketaren— fruitu. Perpausak, berriz, egitura sintaktikoak dira. Azken hauek dira, berez, gramatikaren langai.

Baina hizketarakoan, esaldiak bata bestearekin kateaturik gertatzen diren bezala, perpausek ere elkarrekiko loturak eta erlazioak izango dituzte. Lotura hauetariko batzuk gramatikaren aztergai izango dira bete-betean. Beste batzuk, berriz, beste nonbait aztertu beharko dira.

42.3. Perpausa, gramatikaren lehengaia

42.3a Gramatikak, solasalditik abiatuz —gogoan izan hau dela egiazki gauzatzen den errealitatea— eta abstrakzio eginez, perpaus kontzeptua asmatu du. Baina, arestian esan bezala, perpausek elkarren arteko erlazioak dituzkete, esaldiek dituzten bezalaxe. Har dezagun, esaterako, honako adibide hau:

Neure burua berriz ere presondegian ikusi nuenean, haren irudiari lotu nahi nintzaion eriosuar. Haren beroak inguratzen ninduen ametsetan eta eguargiz. Elkarri idazten genion. Gero, ez dakit ongi zer gertatu zen. Bitarteko genituen kartek eskaintzen ziguten gaia idorregia zen, agian, eta alferrik egiten genituen leherrenek asperturik eta gogaiturik utzi gintuzten azkenean. Dena den, gero eta bakanago agertzen ziren eskutitzak; azkenik, mututu ziren. Ez diot sekula txartzat hartu. Horrelaxe garabiltza bizitzak. Hura urrundu zuen eta azken batean nerau naiz, segur asko, urrutien saihestu nauena (Mitxelena [1977c] 2011, OC XIV: 68).

Testu hori, idatzia den arren, solasaldi baten zati ere kontsidera daiteke. Solasaldi hori zenbait esaldiz josia agertzen zaigu. Hain josia non horietako esaldi asko nekez agertu ahalko bailirateke bere kasa. Izan ere, badituzte elkarren artean halako lotura sintaktikoak eta semantikoak: erakusleak agertzen dira, juntagailuak, aditzondoak eta abar, esaldi batetik bestera garamatzatenak. Testu hori, gramatikariaren ikuspegitik, perpausez osatua legoke eta perpaus horiek ere elkarrenganako atxikimendua erakusten dutela agertzen zaizkigu.

42.3b Testu batek koherentea behar du izan, eta koherentzia hori zenbait faktoreren gainean oinarritzen da. Adibidez, solasgai desberdinen artean nolabaiteko erlazioa izan behar da. Gai batetik besterako pausuak, adibidez, ezin dira nolanahi eman, eta abar. Faktore horien artean, gainera, batzuk gramatikari dagozkion elementuak dira. Beste batzuk, berriz, ez. Hor dugu, esaterako, anafora. Anafora batek aurrekari bat eskatzen du. Aurrekari-anafora erlazio horiek sarritan perpaus berean gertatzen badira ere, beste askotan perpausaren mugak gainditu egiten dituzte. Pentsa, esaterako, goiko adibidean (§ 42.3a) agertzen diren haren, horrelaxe, hura eta antzekoez. Horrelaxe garabiltza bizitzak perpausa, adibidez, osoa da egituraz, baina ulertuko bada, testuan gora joan behar da horrelaxe horrek zehazki zer esan nahi duen jakiteko.

Adibidetik irten gabe (§ 42.3a), hor ikusten dugu dena den bezalako esapidea ere. Honen antzekoak sarri erabiltzen ditugu esaldiak lotu nahi ditugunean: behar denean, dena den erabiliko dugu, eta beste batzuetan, beste esapide batzuk: nolanahi ere, hala ere, bestalde, gainera eta abar, bakoitzak bere balio berezia duela.

Fenomeno hauek perpausen mugak gainditu egiten dituzte. Perpausak ezin du, horregatik, askotan zentzu “osoa” beregan izan. Horregatik, hain zuzen, zentzu osotasuna sarritan aipatua izan bada ere gramatiketan perpausa definitzerakoan, bistan da ezin garela horretan oinarritu perpausa definitzeko. Hala ere, perpausa da gramatikak bere azterketarako erabiliko duen unitatea. Perpausa da gramatikak aurkitzen duen muga. Hortik gora nekez abiatuko da.

42.3c Baina solasean, hizketan, ari garenean, esaldi asko jaulkitzen dira, bata bestearen ondoren eta erlazionaturik. Esana dugu gramatikak solasaldi horretan perpausak bereizten dituela, besteak beste. Baina perpausetik goragoko analisirik ez du egiten gramatikak, perpausa kontsideratzen baitu gramatikak deskribapenerako unitaterik handiena. Baina, zer dela eta ezartzen dio gramatikak bere buruari perpausaren muga, eta albora uzten ditu hortik gorako azterketak? Alegia, ez al da posible perpausak bere osagaietatik abiatuz aztertzen diren bezala testua ere aztertzea, testuaren osagaiak perpausak direlarik? Testu-Gramatikak, hain zuzen, horixe du helburu. Baina delako testu-gramatika honek eta perpausaren gramatikak metodologia eta oinarri teoriko desberdinak eskatzen dituzte.

42.3d Dena den, bada arrazoi funtsezko bat ohiko gramatikaren zeregina perpausera mugatzeko. Izan ere, pentsa liteke perpausari berari ere gainerako hizkuntza unitateei aplikatzen zaien analisi distribuzionalaren parekoren bat aplika lekiokeela. Baina eta hemen dago arazoa perpaus baten osagaiek —izen sintagmek, aditz sintagmek eta abarrek edo hemendik beheragoko osagaiek, —morfemek, adibidez zer nolako distribuzioa duten erabakitzea oso erraza da. Hizkuntza elementu baten distribuzioa elementu hori ager daitekeen testuinguru desberdinak dira. Horrela, testuinguru beretan ager daitezkeen elementuek distribuzio bera dutela esango dugu eta distribuzio bera duten elementuek kategoria bat osatuko dute. Horrela, neke handirik gabe, asma daiteke perpausak duen egitura hierarkia erakusten duen egitura zein den. Baina perpausekin ezin dugu era berean jokatu. Perpausa gramatika unitate bat dugu, baina bere osagai guztien artean mugapen eta lotura distribuzionalak ezar daitezkeen bitartean, bera, berez, ezin daiteke goragoko klase distribuzional batean sartu. Alegia, perpausez osatutako perpaus ez den beste goragoko “kategoriarik” bilatzen ezin gara hasi. Zenbait perpausez perpaus elkartuak osatzen badira, jakina, arazorik ez da perpaus elkartu hau ere aztertzeko, baina perpaus desberdinek osatzen duten testua perpausa ez bada, perpaus segida bat baizik, ezin dugu perpausari aplikatu diogun analisi-metodoa aplikatu. Distribuzio nozioa trukagarritasunean oinarritzen da eta ezin zaie aplikatu perpausei. Izan ere, perpausa, bestelako ezein forma gramatikalen barruan ez dagoen modu edo eratze linguistiko askea da distribuzioari dagokionez. Hor bilatu behar da gramatikak bere buruari ezarri dion muga horren zergatia. (Ikus Bloomfield 1933: 170).

Gure helburua, hortaz, ez da testua aztertzea, perpausa baizik. Baina sarritan perpausetan nolabait aurreko perpausari, edo ondokoari ere bai zenbaitetan, erreferentzia egiten dioten elementuak —aditzondoak, gehienetan— aurkitzen dira. Elementu hauek perpausaren barruan agertzen direnez, gure gramatikak jaso egin behar ditu.

42.3e Perpausetik beherako elementuak ez dira bere eskuko unitateak, haren osagaiak baizik. Osagai mailakatuak, gainera. Goitik behera abiatuz, perpausa izen sintagmaz eta aditz sintagmaz osatua dagoela esan genezake, aurrena; gero, hauen osagai diren izena, izenlaguna, adjektiboa eta gainerako mugatzaileak alde batetik, eta aditza, adizlagunak eta gainerako izen sintagmak bestetik. Eta horrela aurrera, azken osagaietaraino iritsi arte. Ikus dezagun, esaterako, honako adibide hau: Liburu bat emango dizut.

Perpaus horren lehen osagaiak honako hauek dira: IS[nik] AS[liburu bat emango dizut]

Izen sintagma —adibidean isilpean dagoena— bere aldetik ni izenordainak eta -k ergatibo markak osatzen dute. Aditz sintagma, berriz, liburu bat izen sintagmaz, emango dizut aditzaz eta isilpean utzitako zuri izen sintagmaz osatua legoke. Eta azterketa ez da hor amaitzen: azken hauen osagaiak ere berezi daitezke… Guztiarekin ere, perpausaren osagai dira denak, zein bere mailan.

42.3f Gorago esandakoaren arabera, gogoan hartu behar da, perpausa bera ere beste perpaus zabalago baten osagai izan daitekeela. Errekurtsibotasunaren baliabideak eskatzen duen aukerari zor zaio hori. Aukera horren arabera, izan ere, maila jakin bateko unitateak bata besteari erantsiz edo bata bestean txertatuz maila bereko unitate zabalago eta konplexuagoak osa daitezke. Edo bestela esan: unitate jakin baten osagaien artean maila bereko beste unitate batzuk ager daitezke. Perpausaren kasuan ere gauza bera gertatzen da: bere barnean beste perpaus batzuk izan ditzake, osagai gisa, perpaus bat izateari utzi gabe. Aldera ditzagun, esandakoaren argigarri, honako perpaus hauek: Egia esan digute, batetik, eta Trena berandu iritsiko dela esan digute, bestetik.

Adibide horietan ageri diren perpausak ez dira berdinak: lehenbizikoa perpaus soila da, eta bigarrenean perpaus bat beste perpaus baten barnean, osagai gisa, ikusten dugu: P[P [Trena berandu iritsiko dela] esan digute].

Dena den, bi perpausek maila batean egitura bertsua dutela berehala ohartzen gara: batean objektu zuzena egia izen sintagma da, eta bigarrenean, paper hori berori betetzen baitu, trena berandu iritsi dela perpausa da objektu. Hortaz, batean egia izen sintagma perpausaren osagai den bezalaxe, bigarrenean ere perpaus txertatua da osagaia.

42.3g Izen sintagmak eta aditz sintagmak perpausa osatzen duten bezala, perpausetik gora, lehen esan dugu, testua dago, hots, perpaus mailako unitatea osatzen ez duten perpaus diferenteen hurrenkera luze edo laburragoa. Hurrenkera hori, ordea, perpaus den goragoko katerik osatzen ez duen neurrian, ez da, zuzenean bederen, perpausaren gramatikari dagokion aztergaia. Baina azterkizun dira, maila horretako loturak —testu mailako harremanak, alegia—, hala nola anaforak, elipsiak, diskurtso markatzaileak eta horrelakoak.

Demagun, konparazio batera, honako testu hau: Atzo ekarri zuten Mikel etxera. Hori jakin bezain laster, bisitara joan nintzaion. Ez zidan, hala ere, askorik eskertu.

Bigarren perpauseko hori erakusleak aurreko perpausean esandakoari egiten dio erreferentzia. Mikel da, bestalde, bigarren perpaus horretan isilik utzitako nori sintagma berreskuratzeko bide ematen diguna. Eta hirugarren perpauseko hala ere diskurtso markatzaileak aurreko perpausarekiko aurkaritza adierazten du. Horiek, ordea, esan bezala, testu mailako harremanak dira, ez perpaus mailakoak. Hor, izan ere, hiru perpaus diferente ditugu, hiruren artean goragoko perpausik osatzen ez dutenak: (i) Atzo ekarri zuten Mikel etxera. (ii) Hori jakin bezain laster, bisitara joan nintzaion. (iii) Ez zidan, hala ere, askorik eskertu.

42.4. Juntagailuak eta menderagailuak

42.4a Diskurtso markatzaileez gainera, juntagailuak eta menderagailuak ere eskaintzen dizkio hiztunari gramatikak. Hauen egitekoa ere testuari lotura ematea litzateke, baina, diskurtso markatzaileek testu mailako edo solas mailako lotura bideratzen badute, juntagailuekin eta menderagailuekin perpausak lotu ez ezik, elkartu ere egiten dira. Elkarketa horren ondorioz lortzen dena perpaus da halaber.

Diskurtso markatzaileek bideratzen duten lotura solas mailako lotura dela esan dugu. Horrek esan nahi du markatzaile horien bidez “lotuak” edo “josiak” agertzen diren perpausak zein bere eskuko izan daitezkeela markatzailea gorabehera: Euria dakar. Beraz, euritakoa hartuko dut.

Hori baldin badiogu, hor bi perpaus ditugu, ez bat. Hori intonazioak sala diezaguke edo, idazterakoan, bien artean ezarri dugun puntuak. Hala ere, batak bestearekin badu nolabaiteko lotura. Perpausen arteko mugak non gauzatzen diren, ordea, ez da gramatikak betiere estu eta zehatz erabakitzen duen gorabehera. Batzuetan, egia da, perpausen artean sortzen den erlazioa perpaus elkartuari dagokiona da nahitaez. Horrela loturiko perpausek ezin dute inolaz ere bere eskuko izan; bata bestearen mendeko izango da betiere:

P[ P[Gaizki zabiltzala] esan didate]

P[ P[Hor bizi den] -a anaia dut]

42.4b Beste batzuetan, berriz, —juntadurari eta alborakuntzari dagokienetan, batez ere— aukera izaten dute hiztunek perpausak dauden daudenean, elkartu gisa nahiz bakoitza bere eskuko uzteko, testu mailako loturatik aurrera pasatu gabe: Benetan, haren lepo lodi beltzak izurdearen antz pixka bat badauka. Baina oraindino itxurazko gizona dago (Agirre).

Zein bere eskuko diren perpaus bi ditugu hor, egileak, horrela nahi izan balu, perpaus konposatu bakarra egin bazezakeen ere: Benetan, haren lepo lodi beltzak izurdearen antz pixka bat badauka baina oraindino itxurazko gizona dago.

Berezirik utzi ditu, hala ere, testu mailako harreman lasaiagoan.

42.4c Bi mota handi berez daitezke perpausen artean: bakuna eta elkartua. Bere osagaien artean beste perpausik ez duenari bakuna esaten zaio eta bere barnean beste perpausen bat duenari, berriz, elkartua. Aldera ditzagun, konparazio baterako, honako perpaus hauek: Liburu bat eman nion; Zure laguna bizi da hor; Liburu bat eman nion baina ez du irakurri; Dendan ikusi dugun laguna bizi da hor.

Lehenbiziko bi perpausak bakunak dira: ez batak ez besteak ez du bere barnean beste perpausik. Azkeneko perpausak, berriz, elkartuak dira, hots: errekurtsibotasunaren bidez konplexuago bilakaturiko unitateak dira. Ez gisa berekoak, ordea, ondoko eskemek erakusten duten gisan (bi perpausek beste perpaus handiago bat osatzen dute):

P[ P1[Liburu bat eman nion] junt[baina] P2[ez du irakurri]]

P[P1[Dendan ikusi dugu] mendg[-n ] laguna bizi da hor]]

42.4d Kategoria bateko atal batek bere barnean kategoria bereko osagaiak izateko ahalbideari deitzen zaio errekurtsibotasuna. Hau hizkuntzak duen ahalbide guztiz ezaguna da eta horri esker, hain zuzen, lortzen da elementu kopuru mugatu bat behin eta berriro erabiliz, teoriaz azken gabekoa litzatekeen perpaus kopurua lortzea.

Errekurtsibitatea perpaus mailan ez ezik izen sintagma mailan ere gertatzen da. Adibidez: Gizon horren gurasoen lagunen etxea.

Hori guztia izen sintagma dugu, baina izen sintagma horren osagai den gizon horren gurasoen lagunen ere izen sintagma bat da, eta honek, halaber, beste izen sintagma bat du osagai: gizon horren gurasoen, eta honek beste bat: gizon horren458. Betiere izen sintagma bat aurkitzen dugu beste goragoko izen sintagma baten osagai gisa.

Hau perpaus mailan ere gertatzen da: Egunkarian bi eta bi lau direla uste dudala idatzi dutela esan didate.

42.4e Horregatik, gramatikarentzat perpausetik goragoko unitaterik ez dagoela esaten dugunean, bestela badirudi ere, ez dago inolako kontraesanik. Zeren perpausa beste perpaus baten osagai den neurrian gramatikak perpausekin lanean segi dezake. Esan nahi baita, perpaus baten gainetik ez dago gramatikarentzat unitate zabalagorik. Perpaus bat beste baten osagai izan daiteke, baina iristen da momentu bat non perpausetik gora beste perpausik ez dagoen. Perpausen hurrenkerak testua osa dezake, baina hau ezin da izan gramatika unitatea. Horregatik, perpausaren gramatika ez bezalako batek aztertuko du testua.

42.4f Bi modu ditu errekurtsibotasunak unitateak luzeago eta konplexuago egiteko: juntatze-bidezkoa bata eta txertatze-bidezkoa bestea. Perpaus elkartua, hortaz, bi eratakoa izan daiteke: juntadura-ren bidez gauzatua, hau da, maila bereko perpaus bi edo gehiago juntatzen dituena; eta menderakuntza-ren bidez gauzatua, hau da, perpaus bat beste baten barnean osagai gisa txertatua duena.

Hirugarren mota bat ere berezi ohi da inoiz elkartuen sailean, alborakuntza-z gauzatzen dena, alegia. Hau da, ez juntagailurik ez menderagailurik ez duena. Ondoko perpaus hauek alderatuta ikus daiteke zer den alborakuntza hori: Zu hor zaude eta ni hemen (bi perpaus, juntadura); Zu hor zaude, ni hemen (bi perpaus, alborakuntza); Isilik dago, ezer ez dakielako (bi perpaus, menderakuntza); Isilik dago, ezer ez daki (bi perpaus, alborakuntza). Adibideetan azpimarratu ditugu eta juntagailua eta -elako atzizki menderatzailea. Beste bi adibideetan, ez dugu horrelakorik: alboratze hutsez sortu da perpaus elkartua bietan ere.

Ez dirudi, hala ere, alborakuntza hori juntaduraren eta menderakuntzaren hurren jar daitekeenik, maila bereko hirugarren saila balitz bezala. Haren egitekoa, izan ere, juntadurari dagokiona baizik ez da: perpausak bata besteari erantsita juntatzekoa, alegia. Eta erabilera ere juntadurari dagokiona du: Nik arraina jan dut eta zuk haragia / Nik arraina jan dut, zuk haragia; Nik autoa badut eta zuk ez / Nik autoa badut, zuk ez; Ez duk etorri ez etorriko ere, hik alde egiten ez baduk / Ez duk etorri eta ez etorriko ere, hik alde egiten ez baduk; Laguna dinat Manu eta ez naun bakarrik utziko / Laguna dinat Manu, ez naun bakarrik utziko.

Azken honetan, gainera, menderakuntza ez bezalakoa da alborakuntza: Lasai egon, neska, laster etorriko dun; Lasai egon, neska, laster etorriko baita/*dun.

Juntagailurik gabeko juntadura da, hortaz, labur esateko, alborakuntzak gauzatzen duena.

42.4g Hauxe da, beraz, aipaturiko perpaus mota hauei dagokien eskema:

1. BAKUNA

2. ELKARTUA

  2.1. JUNTADURA

      2.1.1. Juntagailuz: PP1 juntg. P2

      2.1.2. Alborakuntzaz: PP1 P2

  2.2. MENDERAKUNTZA: Px P1 y

perpaus motak, konplexutasunaren arabera

42.4h Perpaus elkartuak sortzeko bideak zeintzuk diren azaldu dugu orain artekoan eta, erraztasunari begira, adibide laburrak eman ditugu gehienetan. Gogoan hartu behar da, dena den, errekurtsibotasunari esker amairik gabe luza daitezkeela perpausak, bere barnean behar adina perpaus berri sartuz. Juntaturiko perpausei, esate baterako, beste perpaus berri bat erantsi dakieke eten gabe. Jakina, perpausek betiere luzera jakin bat izango dute, baina ez dago inon aldez aurretik ezarritako araurik perpaus bati betiere beste bat txertatzea edo gehitzea debekatuko dionik:

P[ P1 P2 P3 P4 …]

Jonek egurra ekarri zuen, Mirenek sua piztu zuen, Andonik patatak zuritu zituen, … (nahi adina perpaus sartu hemen) eta Joxepak gitarra jotzen pasatu zuen denbora guzia.

Edo, txertatze bidezko elkarketa gauzatzen denean, mendekoari beste mendeko bat txerta dakioke betiere, nahi adina luzatuz katea:

P[…P4 [P3[P2[Pl[…] ] ] ] ]

Etorriko zela uste dudala esan nion gizonak ez du sinistu nahi nik esandakoa denek ontzat ematen dutela.

Are gehiago, perpaus juntatuak eta mendekoak nahasi egin daitezke, bere artean unitate are konplexuagoak osatuz. Honen guztiaren argigarri ematen dugun ondoko adibidean, konparazio baterako, juntaturiko bi perpaus ditugu beste mendeko baten mendeko direnak. Nagusi biak bere aldetik juntatuta ageri dira: Zenbat urte dituen eta non bizi den galdegiten zaionean, lotsatu egiten da eta ez du ezer erantzuten.

Bestelako luzapen errekurtsiboetan bezala, honetan ere hiztunon oroimen ahalmen mugatuak eragozten du perpausak neurri jakin batetik aurrera luzatzea; ez, ordea, gramatikak, gramatikaren arabera, izan ere, mugarik gabe luza baitaitezke perpausaren barneko perpaus eranste horiek.

42.5. Juntadura eta menderakuntzaren arteko bereizketa

42.5a Juntagailua daukagunean, maila eta izaera bereko perpausak edo perpaus atalak elkartzen dira. Menderakuntzan, berriz, lotzen diren bi perpausetarik nagusi dena aldatu ohi ez den bitartean, mendekoak itxuraldatze handiak jasan ditzake: Koldok medikua deitu du, eta medikua berehala etorri da (juntatuak: parean); Koldok medikua deitu duenean berehala etorri da (bat mendekoa).

42.5b Koordinazioan elkartutako bi atalak, arruntean ordena jakin batean onartu behar dira. Hurrenkera aldatuz gero, esanahi aldaketa ere gertatzen da sarritan. Menderakuntzan, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Perpaus txertatuek perpaus nagusian edozein osagaik izango lukeen askatasun berbera izango dute lekuz aldatzeko. Horrelakorik ez dugu juntaduran. Adibidez, ikusi bi perpaus hauek: Nirea da liburua baina utziko dizut; Utziko dizut liburua baina nirea da.

Bistan da hor ordena aldatzeak eragina duela esanahian. Baina ondokoan, ordea, ez da esanahi aldaketarik gertatzen: Irakasleak atzo amari ez nuela ikasi esan zion; Ez nuela ikasi esan zion amari irakasleak atzo.

Hemen ordena aldaketa gainerako perpaus lokabeetan agintzen duten debeku berberen mende dago.

42.5c Juntagailu bakoitzak bere berezitasunak ditu erabilera mugei, balioari eta horrelakoei dagokienez. Baina badira juntagailu guztiei, juntagailu diren neurrian, dagozkien berezitasun jakin batzuk ere. Hona, azterketa sakonagoak geroko utzita, bat edo beste:

Leku jakina eta zehatza betetzen dute juntagailuek perpaus elkartuan. Emendiozkoa (eta) eta hautakariak (edo, ala, ezpa) juntagunean kokatzen dira betiere: Irakaslea erabat haserretu zen eta ikasgelatik alde egin zuen; Gizon hori alkatea da edo haren antz handia du.

Baina aurkariak ere hortxe du kokaleku gehienetan, inoiz atzera pasa badaiteke ere: Berandu etorri zara baina ez dizut ezer esango; Berandu etorri zara, ez dizut ezer esango baina; Berandu etorri zara, ez dizut, baina, ezer esango; Ez dizut ezer esango, berandu etorri zara baina.

Baizik juntagailuaren kasua guztiz alderantzizkoa da: bigarren perpausaren azkenean ematen da gehienetan, inoiz perpausen arteko juntagunera ekartzen bada ere: Joxepa ez da gurasoekin bizi, lagun aberats batekin baizik; Joxepa ez da gurasoekin bizi, baizik lagun aberats batekin.

Baino, azkenik, bigarren perpausaren ondoan doa beti: Joxepa ez da gurasoekin bizi, lagun aberats batekin baino.

Menderagailuek ez bezala, juntagailuek ez dute hikako alokutiboaren erabilera eragozten: Horrela esan diat eta horrela duk; Horrela esan diat, horrela delako/*dualako.

42.5d Euskaraz, normalki, menderakuntza atzizki bidez egin ohi da: -en, -ela, -elako, -elarik, -enez eta abar. Aurrizki batzuk ere izan ohi dira: ba- eta bait-. Hauek denek aditzari itsatsirik joan behar izaten dute. Horregatik, hain zuzen, perpaus bateko adizki batek horrelako aldagarririk baldin badarama, seinale perpaus txertatu edo mendeko baten aurrean gaudela. Bestalde, adizkia jokatu gabe bada (aditz izena nahiz aditz partizipioa) dagokion kasu marka edo, daramalarik (-tzen, -tzeko, -tzera, -tzeak, -tzeari; -tua, -turik, -tuta, -tuz eta abar), orduan ere perpaus txertatu baten aurrean gauden seinale.

Juntaduran, berriz, adizki biak itxura bertsukoak dira. Bi perpaus juntatu beren aldetik beste batean txertatuak badaude, orduan txertakuntza honi dagokion moduan aldatuak egongo dira adizkiak: Berandu iritsi direla baina errurik ez dutela esan dute haurrek.

Juntaturiko perpausak ez badaude besteren mende, orduan, jakina, aditza bere osotasunean, inolako eranskinik gabe agertuko zaigu: Berandu iritsi dira baina ez dute errurik.

42.6. Juntaduraren egitekoa

42.6a Juntadura ez da perpausetara mugatzen. Juntagaiak, izan ere, bai perpausak eta bai bestelakoak ere izan daitezke: perpaus lokabeak, baina baita sintagmak edo honen osagaiak ere. Hona hemen guztiak, hurrenez hurren: Atertu du eta banoa kalera (perpaus lokabeak); Beranduegi dela eta etxera doala esan digu lagunak (mendeko perpausak); Miren eta Peru etorri zaizkigu (izen sintagmak); Itsasoko eta lehorreko langileak zeuden han (izenlagunak).

Juntagailutik juntagailura aldeak badira horretan: azkeneko bi perpausetan, esate baterako, eta erabil badaiteke ere, ez dirudi baina aurkaria erabil daitekeenik. Adjektiboen artean, ordea, aurki daiteke: Liburu on baina garesti bat erosi nuen.

42.6b Juntadura bere zabalean hartuta, dena den, honako hau esan daiteke: maila bereko unitateak elkartzen direla juntagailuen bitartez: izen sintagmak (liburu handi hori eta mahai gaineko luma); aditzondoak (atzo eta gaur); adjektiboak (mutil langile eta alai hura) eta abar. Unitate horiek perpausak badira, juntaduraz sortzen den egitura ere perpausa izango da, perpaus elkartua:

P[ P1[Gizon askok lanik ez du] eta P2[beste askok duen lana utzi nahi luke]]

42.7. Alboratze hutsezko juntadura

42.7a Hizki edo partikula jakin eta berezirik erabili gabe burutzen den juntadurari esaten diogu alborakuntza. Hau da, izenak berak aski argi adierazten duenez, perpausen alboratze hutsez gauzatzen dena da alborakuntza: Oso argia da Miren, asko daki; Beranduegi da, etxera noa.

Perpausak ez ezik, sintagmak ere albora daitezkeela dirudi: Haurrak, gazteak, helduak, han zeuden.

Hitz elkarketa bera ere egin daiteke alboratze hutsez: senar-emazte, zeru-lur, txuri-urdin eta abar.

42.7b Bada aipamen berezia merezi duen alborakuntza bat: banakaritzari dagokiona. Hau, izan ere, alboraturiko perpaus bietan hitz edo partikularen bat —aditzondoa, gehienetan— errepikatuz gauzatzen da anitz aldiz, gorago esan dugun bezala: Piper gorri eta berdeak ere bereziezinak zitzaizkion, beltzak baitziruditen, bai batzuek eta bai besteek (Olarra); Ordena da, ordea, jendearen lehen eskubidea, zeren ordenarik gabe ez baitago ez erlijionerik ez bizitza moldatzerik (Irigoien).

Kideko diren bi aditzondo ere erabiltzen dira inoiz: Hala irtetean nola sartzean atea ondo itxi behar da.

Adizkiak berak ere izan daitezke nahiko errepikagai: Testu batek inguruko hainbat elementurekin du lotura, eta harreman horiek zentzuz beterik agertzen dira: dela ilustrazioarekin, dela orri motarekin, dela argitalpeneko ezaugarriekin, dela idazlearen aurreko obrekin (Arranz); Izan dadin administrazionean, izan dadin banku batean, izan dadin, gero, guk elkarrekin muntatu dugun elkarte batean […] taldean lan egin dugu (Oxandabaratz); Historian zehar, ez dira inoiz ere hain ongi planifikatu etsaien hilketa sistematikoak, direla militarrak, direla zibilak (Salaburu).

Alborakuntza hau, jakina, juntaduraren parekoa denez, juntagailu eta guztiko egitura batez ordezka daiteke: Ez du inor agurtzen, ez arrotzik ez ezagunikEz du inor agurtzen, ez arrotzik eta ez ezagunik; Dela zurekin dela zu gabe, ni banoaDela zurekin nahiz dela zu gabe, ni banoa.

Juntagailu hautakaria bera ere errepika daiteke, gainera: Hau falta duela bestea falta duela, beti eskean dabilEdo hau falta duela edo bestea falta duela, beti eskean dabil; Goizean joan arratsaldean joan, lanean aurkituko duzuNahiz goizean joan nahiz arratsaldean joan, lanean aurkituko duzu.

42.7c Ikusten den bezala, errepikatzean datza guztia. Lehen zatian eta bigarrenean elementu bera errepikatuz (bai… bai, esate baterako) edo elementu kideak emanaz (hala … nola) gauzatzen da banakaritza: Dena dela, urte horren amaieran hobera egin zuen haren osasunak —hala gorputzarenak nola arimarenak— eta berriro ekin zion lanari (Morales); Hüso erdi biluzik ibiltzen zen nola neguan hala udan (Rey).

Hortaz, ez dugu juntagailu banakaririk aipatu beharrik. Konposizio distributiboa, izan ere —horrela mintza bagaitezke— ez da juntaduraren bitartez gauzatzen, juntagailuz edo alborakuntzaz juntaturiko perpausetan partikula batzuk errepikatuz baizik: bai… (eta) bai; ez … (eta) ez; dela … (eta) dela; zein … zein; nahi(z) … nahi(z)… Ez dira, ordea, errepikaturiko partikula horiek beroriek juntadura gauzatzen dutenak, zein eta nahi(z) juntagailuen kasuan izan ezik. Haien egitekoa beste hau da: juntaduran balio banakaria ematea. Azken batean, banaketa zentzu hori errepikatzearen bidez eta osagaiak korrelazioan jarriz lortzen da. Gainera, zentzu banakaria era askotako errepikatze eta enumerazioen bidez lor daiteke. Adibidez: alde batetik…, bestetik…, azkenik…; lehenbizi…, gero…, azkenik…; batzuk…, besteak… eta abar.

Dena den, gorago esan bezala, kontsidera daiteke alborakuntza Ø juntagailu baten bidez gauzaturiko juntadura dela:

P[ [Pl ] juntg[Ø] [ P2]]

42.8. Perpausen arteko harremanak

42.8a Koherentzia duen testu baten barnean kokatuak dauden perpausen artean ere gertatzen dira harremanak, ez bakarrik perpausen barneko elementuen artean. Esan dugunez, harreman hori juntagailuen edo menderagailuen bidez gertatzen bada, lotutako perpaus horiek perpaus elkartu bat osatuko dute: perpaus bat, nolanahi ere, eta perpaus den neurrian, gramatikaren aztergai izango da.

Baina perpausen artean gerta daiteke beste mota bateko lotura ere, solas mailakoa, gorago aipatu duguna bezain hertsia ez dena. Hau da, hain zuzen orain aipatu nahi dugun lotura, solas mailakoa, alegia.

Sarritan perpausek bere eskuko izaten segi dezakete, nahiz ager daitekeen elementuren bat —diskurtso markatzaile deituko dugu459— perpaus horiek elkarrekin duten lotura semantikoaren berri ematen diguna. Zernahi gisaz, diskurtso markatzaile horiek perpaus elkartuetan ere ager daitezke, bereziki juntagailuren baten arrimuan.

Jatorriz bestelakoak izanik, gerora zeregin honetara erakarritako hitzak edo esapideak dira diskurtso markatzaileak gehienetan. Adibidez, berehala ikusiko dugun gisan, bestela eta ordea diskurtso markatzaileak dira, baina izatez, kategoriari dagokionez, adberbioak dira. Eta hori gertatzen da gehienekin.

42.8b Gramatikako beste kategoriak ez bezala, diskurtso markatzaile deitzen ditugun elementu hauek gramatika baino urrunago doan diskurtsoaren eremuari dagozkio. Gramatikan aztertzen diren kategoriak lexikoak izan daitezke (izena: etxe; adjektiboa: eder; aditza: ikus…) edo funtzionalak, kategoria txikiak ere deituak zenbaitetan (determinatzailea: -a, hori…; inflexioa: -tzen, -tu(ko), l-, -ke…; postposizioak: -tik, -ra…; konplementatzaileak: -n, -la…; juntagailuak: eta, edo…). Horiek guztiak perpausaren barnekoak dira, perpausak markatzen baititu, perpausaren lehengaia denez, nolabait esateko, gramatikaren mugak: Peru lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa hartu zuen. Hiztunak hitz horien esanahia zein den baldin badaki, eta baldin hitz horiek duten zentzuaz zuzen jabetzen bada, arazorik gabe eta modu egokian kodifikatuko du perpausean ageri den informazioa. Hitzak (etxe, lasterka, atera, geltoki, joan…) gure eguneroko esperientzia eta kulturarekin daude lotuak: hola, etxea ez da gauza bera euskaldun batentzat, inuit batentzat edo Afrikako basamortuan bizi den norbaitentzat, norberak munduaz dituen esperientziak, bizimoduak eta kulturak oso desberdinak baitira batzuen eta besteen artean. Hemen berean, gure inguruan, etxea ez da gauza bera baserritar baten kasuan edo hiriko kale batean bizi denaren kasuan.

Perpausa da beregaina den osagai sintaktikorik txikiena eta enuntziatu bat osatzen du, hau da, hitzen bitartez predikaturen bat duen proposizio logiko baten, eskaera baten, agindu baten… edukia adierazten du. Perpausaren azterketa da gramatikaren zeregina. Gramatikak, hortaz, Peru lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa hartu zuen eta horren gisako perpausak aztertzen ditu. Holako perpausak, labur esanda, hiztegi batekin eta osagaien arteko loturak agintzen dituzten gramatika arauez baliaturik interpreta daitezke bere osotasunean. Hizkuntza ez dute gramatika arauek bakarrik osatzen, hizkuntzaren bereizgarri nagusia gramatika bada ere.

42.8c Ikus dezagun orain beste perpaus hau: Peru, hala ere, lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa bederen hartu zuen. Aurreko perpaus bera da, baina bi osagai (hiru hitz) azpimarratu ditugu testuan: hala ere, batetik, eta bederen, bestetik. Hitz horiek badute berezitasun bat aski markatua, gainerakoekin erkaturik: ingurune horretan zer esanahi duten jakin nahi badugu, perpaus horretatik kanpo, beste perpausen batean, dagoen informazioa hartu behar dugu kontuan, bestela ezin baitira interpretatu. Euskaltzaindiaren Hiztegiak hola definitzen du hala ere esapidearen esanahia: “Aurreko perpausetik espero denaren aurkakoa gertatzen dela adierazteko erabiltzen den esapidea”. Beraz, definizio hori egokia bada —ez baita ezinbestekoa zehatz-mehatz “aurrekoa” izatea perpausa, askotan ez da hala, baina aurretik dagoena bai— hiztunak hala ere (eta berdin gertatzen da bederenekin) esapidea biltzen duen perpausaren esanahiaz zuzen jabetzeko perpaus horretatik kanpora behatu behar du. Ez da hori gertatzen, ordea, perpauseko beste hitzekin.

Koka dezagun testu hori ingurune zabalago batean: Ez zen ohartu aurreko gauean iratzargailua jarri behar zuela, Toledoko autobusa garaiz hartzekotan. Esnatu zelarik ohartu zen gaizki ibiliko zela, dagoeneko berandu zela, eta bidaiak huts egingo ziola baldin berehala beste konponbideren bat aurkitzen ez bazuen. Tentatua egon zen ohean gelditzekotan. Peru, hala ere, lasterka atera zen etxetik, geltokira joan zen eta han Madrilgo autobusa bederen hartu zuen.

Orain bai: orain uler daiteke zuzen perpausa. Nahiz berandu esnatu, Peruk etxetik ateratzea deliberatzen du, eta hola Madrilaino gutxienez iritsiko dela segurtatu. Handik errazago egingo zaio Toledora joatea. Gure jardueran, hitz batzuen esanahia perpausa baino zabalagoa den inguruneak bakarrik argitzen du. Diskurtsoak berak argitzen du perpaus horretan dauden markatutako hitz horien esanahia. Holako hitzak erabiltzen ditugu perpausak eta pasarteak elkarren artean lotzeko edo erlazionatzeko. EGLU-III liburukiak lokailu deitu zituen holako hitzak.

42.8d “Edukiari dagokionez —esaten du EGLU-III liburukiak sarreran—, lokailu deitu ditugun zer gramatikal batzuk ditu aztergai. Ez dakigu asmatu ote dugun izen honekin. Baina hor zehar perpausen artean, testuari lotura ematerakoan perpaus batetik bestera eraman behar izaten den hariari eusten laguntzen diguten hainbat hitz eta esapide berezirentzat lekua bilatu nahi izan dugu geure gramatikan. Hemen aurkituko diren hitzak askotan perpausen arteko zirrikitu horietan kokatuak ikusten ditugu, sarri ez dakigularik zein den garbi beren gramatika kategoria” (EGLU-III: XIII).

Lokailuek ez dute berez kategoria bat osatzen, gehienetan adberbioak dira, esan bezala. Baina adberbio horiek batzuetan perpausaren barnean hartzen dute esanahia, zuzenean (Mikel orduan etorri zen; Mikel berriz itzuli zen unibertsitatera), edo perpausetik kanpo dagoen ezinbesteko informazioaren arabera interpretatzen ditugu (Orduan, Mikel etxera etorri zen; Jone etxera joan zen; Mikel, berriz, unibertsitatera itzuli zen). Bigarren kasuan bakarrik betetzen dute lokailuen funtzioa.

42.8e Testu edo diskurtso mailako zer horiek ez ditugu hemen lokailu deituko, baizik diskurtso markatzaile (DM) besterik gabe, berehala argituko ditugun arrazoi batzuk direla eta.

Testua osatzerakoan, perpausak nolabait elkarrekin ‘josi’ egiten ditugu, horretarako diskurtso markatzaile deitzen ditugun gailu gramatikal batzuez baliatuz. Diskurtso markatzaileek nolabaiteko ñabardura ezartzen diote perpaus batek bestearekin duen erlazioari: Saia zaitez lanean, gizona, bestela, miseria gorrian biziko zara beti; Igandea zela bazekien. Lan egin behar, halere.

Kasu hauetan, perpaus lokabeak ditugu begien aurrean: Saia zaitez lanean, gizona. Bestela, miseria gorrian biziko zara beti; Igandea zela bazekien. Lan egin behar (zen), halere.

Baina perpaus pare horietako bakoitzeko bigarrenean ageri den diskurtso markatzaileak (bestela eta halere) perpaus horrek aurrekoarekin nolabaiteko lotura, erlazioa, duela esaten digu. Solas mailan perpaus horrek aurrekoarekin nolako lotura duen adieraziko digu, hortaz, diskurtso markatzaileak. Horregatik hautatu dugu diskurtso markatzaile (zenbaitetan DM ere deituko dugu hemen) izena bera ere, testu batek behar duen lotura, koherentzia, bideratzeko tresnak baitira.

42.8f Perpausak, beraz, askotan, aurreko perpausekiko erlazioa markatzen duen hitz edo partikularen bat eramaten du. Horrela, elkarren segidan datozen perpausek perpaus elkartua ez osatu arren, bien arteko lotura adieraztera dator DMa.

Baina DMak deitzen ditugunak bere eskuko izaten segitzen duten perpausen artean ez ezik, perpaus elkartuetan ere ager daitezke, perpaus juntatuetan bereziki: Joxepak astoa nahi zuen eta Anttonik, berriz, autoa eskatzen zuen.

Hemen agertzen den berriz horrek eta juntagailuz juntatutako bi perpaus horien arteko nolabaiteko kontrakotasuna markatzen digu. Hain zuzen, DM hori faltako balitz, adieraziko ez litzatekeena:

P[ P1[Joxepak astoa nahi zuen] juntg[eta] P2[Anttonik, berriz, autoa eskatzen zuen] ]

42.8g Baina diskurtso markatzailea bera, bere kasa, ez da gauza perpaus elkartu bat osatzeko, honako adibide honetan ikus daitekeen bezala: Joxepak astoa nahi zuen. Anttonik, berriz, autoa eskatzen zuen. Hor bi perpaus lokabe baititugu.

Hortaz, perpausak juntatuak badaude, adibidean bezala, juntadura aurrera eramaten duena ez da guk DM deitzen dugun hori, eta juntagailua bera baizik. Horrek esan nahi du perpaus elkartu bat osatzeko juntagailuren bat behar dela (oroitu, zernahi gisaz, lehenago defenditu dugun bezala, alboratze hutsa bera juntagailurik gabeko juntadura da, edo nahiago bada, Ø juntagailuz lortzen den juntadura). Juntagailu horretaz gainera DMa agertzen bada, DM hori zerbait gehitua izango litzateke. Juntagailurik ez bada —alborakuntzako Ø juntagailua barne—, DMa gorabehera, perpaus lokabeak izango ditugu.

42.8h Baina berez juntagailu direlakoek berek ere izan dezakete leku perpaus lokabe baten hasieran, hots: aurrekoarekin perpaus elkartu bat osatzera iritsi gabe. Har dezagun, adibidez, honako hau:

Ez zen, noski, lagun arteko berriketarik, niganako agertzen zuen halako urriki hotza baizik. Eta berriz giltzapean uzteko puntuan, honelako zerbait esan zidan:

—Beno, beste bat arte. Ez zekiat ze arraiogatik sartzen zareten horrelako istiluetan. Ea jasoko duan urte mordoxka hori ez den gehiegizkoa gertatzen. A, lehengoa ahaztu zaidak, jakina, eta haren kondizionala…

Eta hitz biluzi hauek gelditu zitzaizkidan, egun haietako irain eta zakarkeria guztien ondoren, gogoan josiak (Mitxelena 2011, OC XIV: 65-66).

Hor —idazleak hautatu duen idazteko moduak aski nabarmenkiro erakusten digunez— eta-rekin hasten diren bi perpausak, elkarren artean nola-halako lotura badute ere, ez daude perpaus elkartu bat osatzeko moduan. Testuaren hariak behar ez den etenik izan ez dezan, horrelakoak beharrezko gertatzen dira askotan. Eta, eta bezala, beste zenbait gailu —askotan “makulu” ere gertatzen direnak— erabili ohi ditugu.

42.8i Ez esanahiaren aldetiko harreman nahi bezain estuak ez are juntagailuaren erabilerak berak ere, ez dute, hortaz, besterik gabe, perpaus elkartua dagoenik ziurtatzen. Perpausak nola lotu dituen hiztunak, hortxe dago kontua. Hona hemen Axularrek eskaintzen dizkigun mila adibideetariko bat:

[…] Lehenbizikorik arima haren ondoan zebiltzan Deabruak musikatzein ditu, eskarniatzein ditu, irriz jokatzein ditu.

Eta gero hartzen du arima hura, besarkatzen du, Iainkoaren aitzinera eramaiten du, erraiten diola Iainkoari: Jauna, hona non den zuk gomendiotan eman zenidan arima: manatu ninduzun begira nezala: begiratu dut, sendorik eta salburik bihurtzen dizut. Errezibi ezazu bada, eta emaiozu honi zure loria, eta niri ere, neure trabailluaren golardoa, eta pagamendu.

Ordea baldin arima hura ilkitzen bada, […] orduan uzten du bere Aingeru begiraileak… (Axular).

Paragrafoaren hasiera-hasieran ageri da eta juntagailua. Eta gauza bera gertatzen da ordea diskurtso markatzailearekin. Berez juntagailu litzatekeenak eta DMak, biek, funtsean zeregin bera betetzen dute, hortaz: testuari zor zaion koherentzia ematea. Beraz, biak DMak direla esan dezakegu, eta-k berak ere ez baitu lortzen —paragrafoen artean dagoen idatzizko eta doinu etena froga— perpaus elkartu bat osatzea.

42.8j Nola egituratu duen hiztunak esaldien arteko erlazioa, halako doinua erabiliko du eta halako eten-pausak egingo ditu. Perpausaren amaierari doinu jakin bat dagokio eta hori erabiliz gero, perpausa hortxe amaitzen dela esan nahi du, hurrengoarekin perpaus elkarturik sortzen ez dela, alegia. Bestelako doinua ematen zaionean, berriz, perpausa oraindik amaitu ez dela esan nahi da eta hurrengoarekin bat egiten duela. Solas doinuaren egitekorik behinenetako bat, hain zuzen ere, hizketa zein eta nolako unitateetan egituratu den markatzea da, unitate horien arteko erlazio sintaktikoen adierazgarri. Eta ez perpaus mailako unitateei dagokienean bakarrik, baita haren osagaiei dagokienean ere. Beste unitateen kasuan bezala, perpausaren amaierako muga ere hizketa doinu jakin batek adierazten du.

Hori dela eta, ondoan ematen ditugun adibideek doinu diferentea dute: aurrena bi perpaus diferenteri dagokiena da betiere, eta bigarrena perpaus elkartu bati dagokiona, zeinek bere azterketa berezia duela: (i) Egin ezazu esaten zaizuna, adiskide. Eta ez zara damutuko; Egin ezazu esaten zaizuna, adiskide, eta ez zara damutuko; (ii) Zerbait behar duzunean beldurrik gabe kasu egiteko esan dizut beti. Baina ez dut inoiz zure berririk izan; Zerbait behar duzunean beldurrik gabe kasu egiteko esan dizut beti, baina ez dut inoiz zure berririk izan; (iii) Saia zaitez ahaleginean hartutako lanbidean, gizona. Edo ekin, bestela, beste lanbide berriren bati; Saia zaitez ahaleginean hartutako lanbidean, gizona, edo ekin, bestela, beste lanbide berriren bati.

Perpausen luze-laburrak, konplexutasunak, adierazkortasunak eta horien antzekoak dira hiztunaren erabakia batera edo bestera eragiten dutenak.

Nolanahi ere, gogora etor dakiguke honako zalantzaren bat, alegia: eta juntagailu izaki diskurtso markatzaile lanetan aurki badezakegu, ez ote da pentsatu beharko berez lokailu omen direnak ere (bestela, berriz, hala ere…), perpaus juntatuetan agertzen direnean, juntagailu direla eta, horrenbestez, juntagailu/lokailu arteko bereizketa funts gabea dela? Adibidez: Egin ezazu agintzen zaizuna, adiskide. Bestela damutuko zaizu; Egin ezazu agintzen zaizuna, adiskide, bestela damutuko zaizu; Semea soldadu dauka. Alaba, berriz, ikasten; Semea soldadu dauka, alaba, berriz, ikasten.

Galdera bidezkoa da, baina erantzuna ere baduke, zeren diskurtso markatzaile direlakoek juntagailuek ez bezalako jokabidea dutela argi ikusten da: a) DMak (bestela, berriz, beraz…) juntagailuekin (eta, edo, baina…) batera ager daitezke. Gainera, berriz bezalako bat, adibidez, eta nahiz baina-rekin batera ager daiteke. Beraz, pentsatzeko da DMen zeregina testu mailan kokatzen dela, perpausekin perpaus zabalagoak osatzeko bertuterik ez dutelarik. Perpaus konplexuetan agertzen direnean ere, perpausak elkartzeko indarra juntagailuarena izango litzateke, eta ez diskurtso markatzailearena berarena. Eta b) DMek oso kokaleku librea dute bigarren perpausaren osagaien artean, juntagailuek ez duten bezala. Juntagailuak, juntagailu denean, leku finkoa du. Dena dela, mugak ez dira erabat argiak. Eta sailkatzeko orduan, zalantzak behin baino gehiagotan sortuko zaizkigu.

42.9. Diskurtso markatzaileak (DMak) eta lokailuak

42.9a EGLU-III liburukian guk orain DM deitzen ditugun elementu hauek (batzuetan hitz soilak, esapideak, beste batzuetan) eta han lokailu deitzen zirenak bost sailetan banatzen ziren: emendiozkoak (ere, behintzat…); hautakariak (bestela, osterantzean…); aurkaritzakoak (alabaina, aitzitik, dena den…); ondoriozkoak (beraz, horrenbestez…); kausazkoak (zergatik, zeren…).

Testu edo diskurtso batean ageri diren ideiak askotan elkarren artean gurutzatzen dira eta autoreak (edo hiztunak, hitz egitean) ideia horien arteko erlazio logikoak azpimarratu nahi dituelarik, eta konklusiora iristeko entzulea edo irakurlea eskutik eraman nahi duelarik, aski ongi datorkio holako lotura hitzak ausarki erabiltzea. Aldiz, gutxi erabiltzen baditu badirudi bestearen esku uzten duela diskurtsoaz hausnartzea eta harreman horiek berak bilatzea. Hori, jakina, non ez den gertatzen testua bera ez duela sobera landu eta josi gabe utzi duela.

42.9b Aurretik esandakoari zerbait emendatu nahi zaionean ere adberbioa da gehien erabiltzen dena: Philip Gourevitch kazetariak esaten du 1995erako ez zegoela Ruanda osoan txakur bat ere, RFPko tropek hil zituzten, giza gorpuak jateko ohitura hartu zutelako. Bideoak ere badaudela esaten du (Elorriaga). Horregatik deitzen dira EGLU-III liburukian emendiozkoak. Lotura hitzak erabiltzen ditugu batzuetan aurretik esandakoa dela eta, kontrako aukera bat agerian utziz: Alemanez ez ahazteko irakurtzen omen ditu noizean behin alemanez idatzitako gauzak. Irakurtzen duenean. Trenean, esate baterako. Bestela gutxi, oso gutxi irakurtzen omen du, ez badira lan kontuak eta egunkariak (Oñederra). Hautakariak deitzen dira holakoak. Beste batzuetan bestelakoa izaten da hiztunaren helburua, eta aurretik esandako zerbaiti beste zerbait gaineratzen zaio, baina kontrakoa eginez: Oinazea nagusi nuen kopeta guztian, betazaletan eta sudurrean. Orobat ezker belaunean, ezker eskuan eta ezker besoan. Oinazea ez zen makurrena, alabaina (Epaltza). Holako lotura hitzak aurkaritzakoak. Hirugarren saila osatzen dute diskurtsoan egindako baieztapenen batetik ondorio bat sortzen dela adierazten dutenak: Tanke itxura duen makina gaitza dabil maniobratan Harriren auto aurrean, irteera oztopatzen. Itxaron egin behar beraz (Saizarbitoria). Ondoriozkoak deitzen ditu horiek Gramatika Batzordeak. Azkenik, bigarren perpaus batek aurrean esandakoaren zerbaiten kausa edo zergatia dela azpimarratzen du: Niri hitz ederretatik libre ibiltzea dagokit, eta hori oso erraz egiten dut, zeren, filologotxoa naizen partetik, bai baitakit hizkuntza naturalean ez dagoela hitz ederrik (eta ezta itsusirik ere) (Segurola). Horiek kausazkoak direla esaten da EGLUn.

42.9c Baina ikertzaileek ikusi dutenez, bost ataleko sailkapen hori ez da nahiko diskurtsoa behar bezala josteko gure jardueran erabiltzen ditugun hitzak eta esapideak besarkatzeko. Zenbait hizkuntzatan egin diren azterketek bestelako sailkapenak proposatzen dituzte. EGLU-III idatzi zenean gai hau aztertu gabe zegoen euskaraz, eta beste hizkuntzetan ere orain ezagutzen ditugun baino azterketa gutxiago zegoen.

42.10. Diskurtso markatzaileen (DMen) sailkapena

Esan bezala, azterlanetan sailkapen bat baino gehiago aurki badaiteke ere (beraz, duten izaeragatik nahiko zerrenda irekia da diskurtso markatzaileena), hemen emango dugun hau nahiko onartua dagoela esan daiteke (Martín Zorraquino eta Portolés 1999. Bada beste bat, berriagoa, Loureda-k eta Acín-ek (2010a) egina, baina erabilgarriago ikusi dugu aurrekoa). Esan dezagun, bestetik, eta honek ere azaltzen du eremu honetan sailkapenak egitearen zailtasuna, markatzaile hauen mugak, esanahiaren aldetik, anitzetan bereziki lausoak direla, eta ez dela batere erraza, hortaz, atal bakoitza ongi zedarritzea. Zernahi gisaz, esan dezagun ondoko lerroetan datozen bereizketa hauek egin daitezkeela DMen artean.

42.11. DM: Informazioaren egituratzaileak

42.11a Informazioaren egituratzaileen artean honako hauek bereiz daitezke: azalpenezkoak (gauzak horrela, hori esanik…), hurrenkeratzaileak (hasteko, batetik…) eta baztertzaileak (hori dela eta, bide batez…).

Hona hemen adibide batzuk: Ia delitutzat jo zuten begitarte hura edo bukaezinezko desbideraketatzat eta, gauzak horrela, handik aurrera inoiz ez zioten barkatu aizkolaritazuna (Iturbide); Nik, ordea, dena galdu dut, eta ezin diot berriro ekin beste bizitza bati. Hori esanik, atsekabe sakon bare batek hartu zuen haren begitartea, eta niri, berriz, bihotza, hunkitu zitzaidan (Errasti); Ez dakit zure asmoa betetzeko aukerarik izango duzun hemen. Hasteko, nik baino askoz gehiago dakizula konturatu naiz (Penades); Gure ohiturak eta jokoak, gure berbeta, gure kantuak eta dantzak, gure jatekoak eta janztekoak… guztia begitantzen zitzaien traketsa eta baldarra. Hori dela eta, soldadu baten aurkako apustua jokatu behar nuela esan zidatenean, neure onena ematea gura nuen (Zuazo).

42.11b Eskema hau litzateke:

Informazioaren egituratzaileak

Azalpenezkoak

Gauzak horrela…

Hurrenkeratzaileak

Hasteko…

Baztertzaileak

Bide batez…

42.12. DM: Lokailuak

42.12a Lokailutzat hartzen dira, sailkapen honetan, emendiozkoak (gainera, are gehiago…), ondoriozkoak (beraz, orduan…) eta aurkaritzakoak (aldiz, hala eta guztiz ere…). Kontuan har dezagun, zernahi gisaz, hemen ez garela ari EGLU-III liburukiko lokailuez, baizik aurkezten ari garen eskema berri honetan kokatzen ditugun DM hauetaz (konektore ere deituak).

Hona adibide batzuk: Beldur nintzen, gainera, azkenean gertatu ez diren istorioak asmatzen hasiko ote nintzen (Salaburu); Baina ez zaio zintzoa iruditzen. Beraz, analitika eskatzea besterik ez duela egin esan nahi dio, bera dela osasuntsu eta sasoiko eta mardul dagoena (Saizarbitoria); Guztia erakutsi zidan sarjentuak, ona eta pazientzia handikoa izan zen nirekin, baina, hala eta guztiz ere, ez dakit sekula barkatuko diodan (Zaldua).

42.12b Eskema hau litzateke:

Lokailuak

Emendiozkoak

Gainera…

Ondoriozkoak

Beraz…

Aurkaritzakoak

Aldiz…

42.13. DM: Birformulatzaileak

42.13a Gaztelaniari buruz egin diren lanetan (Martín Zorraquino eta Portolés 1999: 4121-4139; Portolés 2007: 71-72; Martí 2008: 60-65; Garcés 2008) sailkapen hau proposatu izan da birformulatzaileen berri emateko: esplikatiboak (o sea…); zuzentzaileak (mejor dicho…); urruntzaileak (en todo caso…); laburbiltzaileak (en suma…). Fuentes-ek (2009) esplikatiboak, zuzentzaileak eta zehaztaileak (concretamente…) bereizten ditu. Berehala itzuliko gara puntu honetara.

Gramatika honetan birformulatzaileez bakarrik arituko gara bereziki, aurkezpen orokor hau guztia amaitu ondoren. Zergatik? Batetik, esan bezala, lokailuez bakarrik aritzea baino egokiago da diskurtso markatzaileez (DMez) aritzea, baina orduan gaia askoz ere zabalago bihurtzen da. Baina, bestetik, DM guztien artean modu sistematikoan Birformulatzaileen atala bakarrik aztertu izan da (Alberdi 2014b). Hori guztia kontuan izanik, honela antolatu dugu kapitulua: lehenik EGLU-III liburukian lokailu deitzen genituen elementuak bilduko ditugu berriz ere hemen, han egindako sailkapena errespetatuz, material hura ez baitugu galdu nahi. Kontuan izan behar da, hori bai, hango lokailuak eta DMen sailkapenean lokailu deitzen ditugunak ez datozela beti bat. Behin hori egin ondoren, birformulatzaileen aurkezpen xehea egingo da, kontuan izanik betiere birformulatzaileak DMen atal bat besterik ez direla. Beste hitzetan esateko, EGLU-III liburukiko lokailuek ez dituzte DM guztiak biltzen, eta birformulatzaileen atalak kanpoan uzten ditu gure lokailuen zerrendan ageri ziren zenbait hitz eta esapide. Baina egindako lanez baliatzea, non ez den berririk egiten, egokia da.

42.13b Gaztelaniaz egiten diren sailkapenak aipatu ditugu. Arrazoi bategatik: beste hizkuntza batzuetan baino xeheki aztertu dira gaztelaniaz diskurtso mailako lotura hitz hauek, eta horregatik ohartu gara bereziki lan horietan. Euskararen kasuan, hala ere, aurreko bi sailkapenez baliatu gara beste honako hau, desberdina, proposatzeko. Birformulatzaileak, hortaz, honako hauek lirateke: esplikatibo edo azalpenekoak (alegia, hau da…), zehaztaileak (zehatzago esanda, zehazkiago…), laburbiltzaileak (labur esanda, laburbilduz…), urruntzaileak (dena dela, dena den…) eta zuzentzaileak (are hobeto, barkatu…). Hau guztia birformulatzaileen kapituluan aztertuko da oso xeheki.

Adibide batzuk, dena den: Antropologia jaio omen zen mundu honen barruko “beste” mundutxoak ezagutzeko; hau da: menderatzeko; hau da: suntsitzeko (Segurola); Hala ere, gazte denboran, adiskideak izan, izan nituen —edo, zehatzago esanda, zenbait ikaskiderekin joan nintekeen, nazkatu gabe, kafe bat edo garagardo bat hartzera klaseen arteko atsedenaldietan (Markuleta); Lupara-tiro bat bertatik bertara, lepoaren eta kokotsaren artean. Laburbilduz, antzerki bat, eszenaratze bat (Rey); Urte bitan joan nintzen gabonetan Otxandiora, urte bakoitzean egun bi han igarotzeko. Dena dela, aita eta anaia nagusia Bitoriara etorri ohi ziren feria egun batzuetan eta beti egiten zidaten ikusitxo bat (Zuazo); Gizendu egin zara: zapoa zara orain. Edo are hobeto: behia (Cano).

42.13c Eskema, hortaz, hau litzateke:

Birformulatzaileak

Esplikatiboak

Hau da…

Zehaztaileak

Zehatzago esanda…

Laburbiltzaileak

Laburbilduz…

Urruntzaileak

Dena dela…

Zuzentzaileak

Are hobeto…

42.14. DM: Argumentu operadoreak

Operadore hauen artean sailkatuko lirateke argumentu indartzaileak (berez, egiatan…), batetik, eta zehaztaileak (bereziki, adibidez…), bestetik. Baina esan dugu gure sailkapenean zehaztaileak birformulatzaileen sailera pasatu ditugula.

42.15. DM: Elkarrizketa markatzaileak

42.15a Elkarrizketa markatzaileen artean sail hauek bereizten dira: ziurtasuna adierazten dutenak (jakina, noski…); adostasuna adierazten dutenak (ados, ongi…); bestetasuna adierazten dutenak (gizona, beha, aizak…); metadiskurtsoari dagozkionak (zera, bon, bueno…).

Hona adibide batzuk: Ez nuen pentsatuko heriotza hain azkar iritsiko zitzaionik, jakina (Alonso); Traktoreak edonor hil zezakek, ados, baina igitaiak ez…? (Irigoien); Baina, aizak, Mulligan, ondo fuertea egiten duk tea, ez? (Olarra); Bide batez, zigarroak eta kafeak ez dizute kalterik egiten? Ultzeragatik, diot. Royk ezetz egin zuen buruarekin. —Nik, zera… ez zen ultzera txarra ere (Elustondo); -Barka ene ausardia, baina nahiago nuke mintza gaitezen zure etxean, belarrik kuriosoengandik urrun. —Aaa? Bon, sar gaitezen beraz, baina errazki ulertuko duk ez dudala asti anitz hirekin eleketan aritzeko… (Dolhare- Zaldunbide).

42.15b Eskema hau litzateke, hortaz:

Argumentu operadoreak

Ziurtasuna

Jakina…

Adostasuna

Ados…

Metadiskurtsoa

Bon, bueno…

42.16. Diskurtso markatzaileen kokalekua perpausean

42.16a Askatasun handia dute DMek bigarren perpausean hartzen duten tokiari dagokionez. Hasiera-hasieran, tartean —kontraste jakin baten zerbitzuan— edo amaieran joan daitezke gehienak, DMen artean aldeak badira ere: Nik bete dut esandakoa. Hala ere, zuk ez didazu agindutako saria eman; Nik bete dut esandakoa. Zuk, hala ere, ez didazu agindutako saria eman; Nik bete dut esandakoa. Zuk ez didazu, hala ere, agindutako saria eman; Nik bete dut esandakoa. Zuk ez didazu agindutako saria eman, hala ere.

42.16b DM hauek, sarritan, mintzagaiaren eta iruzkinaren artean kokatzeko joera dute. Nolanahi ere, galdegaiaren eta aditzaren artean ez ditugu arruntean aurkituko, salbuespenak baldin badira ere. Badakigu DM hauetako askoren berezko kategoria aditzondoa dela, baina DM gisa lan egiten dutenean, badirudi perpausean mintzagaiaren arrimura biltzen direla, eta berak ere mintzagai bihurtzen direla. Hartu duten beren mintzagai leku horretatik, hain zuzen, ezartzen dute aurreko perpausari buruz daukagun erlazioaren ñabardura semantikoa. Adibide bat jartzeko, pentsa dezagun bestela bezalako batekin gertatzen denaz. Hau berez aditzondoa da, modua adierazten duen aditzondoa. Era honetako aditzondoei berez dagokien lekua galdegaiarena izan ohi da: Nik arto irinez egiten ditut opilak, baina Anttonik bestela egiten ditu.

Perpaus honetan Anttonik pastelak nola egiten dituen esaten zaigu. Hala ere, Anttoniren opilgintza zehazkiago nolakoa den jakin nahi bada, aurreko perpausera jo beharra dago. Bestela hori arto irinez adizlagunarekin nolabait erlazionatua dago eta horrela jakin dezaket Anttonik nola egiten dituen opilak. Arto irinez, nolabait, bestela-ren aurrekaria izango litzateke. Horri esker, badakigu Anttoniren opilak egiteko errezetan ez dela arto irinik sartzen.

42.16c Har dezagun orain beste adibide hau: Taloa arto irinez egin behar duzu. Bestela, ez zaizu ondo aterako.

Hemen bestela-k bigarren perpauseko lehen lekua hartu du, mintzagaiarena nolabait. Leku honetatik, bestela-k ez du zehazki arto irinez adizlagunarekin ikustekorik, perpaus osoarekin baizik. Horregatik, hain zuzen, perpaus horrek onar dezakeen parafrasia baldintza kutsukoa da, bestela-k nolabait perpaus oso bat ordezkatuko balu bezala: Taloa arto irinez egin behar duzu. Horrela egiten ez baduzu, ez zaizu ondo aterako.

Eta hau, esan behar da, DMtzat hartu ditugun askorekin gertatzen da, batez ere nola-halako anafora balioa dutenekin (hortaz, horratik, hala…).

42.17. DMen eta juntagailuen arteko harremanak eta bereizkuntzak

42.17a Hemen DMentzat sail berezi bat sortu badugu ere, badakigu sarritan arazoak gerta daitezkeela DMen eta juntagailuen arteko bereizketa egiterakoan. Hor bilatu behar da juntagailuen sailean beste hainbat hitz eta partikula sartu izana euskal gramatiketan. Esanahiaren irizpideari jarraikiz egin izan da hori batez ere, eta ez, hitz edo partikula horien egitekoa benetan perpausak “juntatzekoa” ote den aztertuta. Horrela, juntagailutzat hartu izan dira maiz inola ere perpausak juntatzeko zeregina betetzen ez duten hitz asko. Bi bidetatik gertatu da hori.

42.17b DMen kasua dugu, hasteko. Hauek, izan ere, berez testu mailako elementuak, hau da, perpausetik perpauserako loturari ñabardura jakina emateko erabiltzen direnak badira ere, juntagailutzat hartu izan dira inoiz, esanahiari dagokionean juntagailuen pareko eta baliokide izan daitezkeelako. Baina juntagailuaren baliokidea da, esate baterako, ordea diskurtso markatzailea, biak aurkaritzari baitagozkio. Horregatik, ez da harritzeko gure gramatiketan juntagailuen sailean aurkitzea.

42.17c Batzuen eta besteen egitekoa desberdina da, ordea. DMek (aitzitik, aldiz, bada, berriz, hala ere, ordea, etab.) berez perpaus diferenteen artean dagoen loturari marka berezi bat ezartzen diote. Berariaz ez dute, juntagailuek bezala, perpaus elkarturik osatzen, jadanik juntatuak dauden nahiz lokabeak diren perpausen arteko erlazioari ñabardura bat ezartzen baizik. Eta, horrexegatik, juntagailuak metatu ezinak diren bezala, DMak erraz etor daitezke juntagailuen arrimura, debeku handirik gabe, haiek indartzeko edo: *eta baina, *baina edo eta horrelakoak arruntean ezinak diren bezala, eta aldiz, eta ordea, baina halere, eta beraz, eta gisa horretakoak onargarriak dira guztiz: Mikel zintzoa dela esan didate. Zu, aldiz, bihurri samarra zarela mundu guztiak daki; Mikel zintzoa da eta zu, aldiz, bihurri samarra.

Azken adibide horretan aldiz DMak ez du juntadura burutzen. Hori, izan ere, eta juntagailuak egiten du. DMa horren arrimura etorri da, aurkaritzari dagokion ñabardura eranstera. Era berean, alborakuntza hutsez juntaturiko perpausetan ere erabil daiteke lokailua: Mikel zintzoa da, zu, aldiz, bihurri samarra; Zaharra da, arin dabil hala ere.

Baina horrelakoetan ere DMa ez da juntagailutzat hartu behar, ez baita bera juntadura gauzatzen duena. Hori alborakuntzak egiten du, gorago esan bezala. Eta alborakuntzaren arrimura etorri da DMa, aurkaritzari dagokion ñabardura eranstera. Guztiz pareko zeregina betetzen du, beraz, diskurtso markatzaileak bi perpausetan.

42.17d Perpaus bakunaren barnean lekua har dezaketen hitz edo partikula batzuk ere hartu izan dira inoiz juntagailutzat. Bai, ez (errepikaturik ageri direnean), baizen, baizik, ere, eta horrelakoak, alegia. Hauek, ordea, perpaus bakuneko elementuak izan daitezke, baiezkoaren edo ezezkoaren markagarriak batzuk eta erreferentzia munduaren zabalgarri edo murrizgarriak besteak: Badator trena; Ez dator trena; Etsaia ere maite behar duzue; Familiakoak baizik ez dituzte onartzen.

Juntaturiko perpausetan ere erabil daitezke hitz eta partikula horiek, noski: ez, ordea, perpausak juntatzeko zereginetan, perpaus bakunari eransten dioten ñabardura bera eransteko baizik: Garaia da eta badator trena; Garaia da, badator trena; Garaia da, baina ez dator trena; Egunez betea egoten da eta gauez ere jende asko ibiltzen da; Egunez betea egoten da, gauez ere jende asko ibiltzen da; Jende asko joan zitzaien ate joka, baina lagunak baizik ez zituzten onartu.

Partikula hauen egitekoa ez da, bistan denez, perpausak elkartzea, juntagailuen edo alborakuntzaren bidez juntaturiko perpausei bere ñabardura eranstea baizik. Azkeneko hiru adibideetan, esate baterako, ere eta baizik partikulek erreferentzia mundua zabaldu eta murriztu egiten dute, hurrenez hurren, perpaus bakunetan bezala. Alde bakarra dago: konposatuetan erreferentzia, bakunean ez bezala, zehaztua dagoela: aurreko perpausak mugatzen du erreferentziaren esparrua.

42.17e Ohart gaitezen, bidenabar, DMtzat jo ditugun hauetariko batzuk perpausen arteko lotura menderakuntzazkoa denean ere gerta daitekeela. Pentsa, bestela, ere adberbioaren kasuan.

Ere-k (§ 42.19.2) agertzen den perpausetik kanpo bidaltzen gaitu nolabait. Hori perpaus bakunean gertatzen bada, inguruan duen testura bidaliko gaitu edo, testurik ez bada, zerbait presuposatzera behartzen gaitu: Nik ere hori egingo dut esaten badut, horrek aurretik izan dezake honako perpaus hau, adibidez: Joseba zinemara joan da. Testuinguru horretan ere-dun perpausa ulertzeko ez da inolako oztoporik: ‘ni ere zinemara joango naiz’ esan nahi du.

Testuinguru hori ez bada, nolabait honelako zerbait pentsatu behar da, perpausa zentzuzkoa izango bada: ‘X-k zerbait egingo du’.

Baina goiko adibideak erakusten diguna da perpausetik irten beharrik ez dagoela ere horri zor zaion interpretazioa emateko. Perpaus elkartu batean aski da behar den aurrekaria mendeko perpausean izatea. Dena den, hau behar bada ere elementuaren ezaugarri berezi bat dugu, zeren gorago esan den bezala, honen zeregina dagokion izen sintagmaren erreferentzia mundua zabaltzea denez, perpaus bakunean ere ager daiteke, inolako aldez aurretik emandako perpausen presentzia beharrezko ez delarik.

42.18. Diskurtso markatzaileak: laburbilduz

42.18a Diskurtso markatzaileak (DMak) solas mailako loturaren zer- nolakoaren adierazgarritzat jo ditugu, berek berez perpausik lotzen ez badute ere. Esan nahi baita, DMak gorabehera, bi perpaus jadanik juntatuak egon daitezke, juntadura bidez nahiz alborakuntzaz. Kasu honetan diskurtso markatzaileak ñabarduraren bat erantsiko dio loturari: ez da berdin, adibidez, beraz erabiltzea edo hala ere erabiltzea: Nik amaitu dut neure lana eta zuk, beraz, ez duzu zer eginik hemen; Diru asko galdu du eta ez dio, hala ere, askorik inporta.

Alborakuntzaren arrimura ere etor daitezke: Nik amaitu dut nere lana, zuk, beraz, ez duzu zer eginik; Diru asko galdu du, ez dio, hala ere, askorik inporta.

Bigarren perpausari dagokion elementua da betiere DMa eta ez du berak juntadurarik gauzatzen. Juntagailurik baldin bada, juntadurari ñabardura jakin bat eransten dion elementua izango da DMa; bestela, berriz, alborakuntzari erantsiko dio ñabardura hori. Elementu hauei ezarri dizkiegun deiturek, hortaz, honako oinarri hau dute: diskurtso markatzaileak testu mailako lotura (semantikoa, funtsean) gauzatzen dutenak lirateke. Perpaus elkarketa, berriz, juntagailuz eta menderagailuz gauzatzen da, eta denak ere koherentziaren zerbitzutan daude. Jakina, juntagailuaz gainera DMa ere ager daiteke. Hori da hain zuzen diskurtso markatzaileen eta juntagailuen arteko bereizketa egin ahal izateko erabil daitekeen irizpide nagusienetarikoa. Zeren juntagailu bi ezin baitira juntadura batean metatu: *eta edo, *eta ala, *baina edo… Zenbait juntagailuri, egia da, eta eransten zaie ondotik: edota, baizik eta, nahiz eta… Horrelakoetan, ordea —antzeko kasu guztietan bezala—, emendiozko balioa galdu egiten du eta juntagailuak, aurrekoaren indargarri edo bilakatuz.

42.18b Perpausak lokabeak ere izan daitezke, perpaus elkartu izatera iritsi gabe. Orduan diskurtso markatzaileak perpaus batetik besterako “hariari” bide ematen dio, hemen ere goragoko ñabardura erantsiz: Haizea dabil. Beraz, ez naiz hondartzara joango; Haizea dabil. Ez naiz, hala ere, hondartzara joango.

Bi perpaus horiek, biak, guztiz arruntak dira, lehen begiratuan ezetz badirudi ere. Aski dugu egoera desberdinak pentsatzea. Esate baterako, lehenbizikoan pentsa dezakegu haizea ibiltzea ez dela hondartzara joan ahal izateko egoerarik aproposena, eta horregatik, hautatzen dugu beraz bidezko lotura: bigarren perpausa lehenbizikoaren ondorioa baita. Bigarren adibidean, berriz, eman dezagun windsurf zalea naizela eta, horrenbestez, haizea behar dudala neure kirola egin ahal izateko. Egoera honetan, noski, hala ere aurkitzeak ez gaitu batere harritzen. Hortaz, presuposizioak eta abarrak tartean sartzen direlarik, pragmatikaren munduan erabat murgilduak aurkitzen gara diskurtso markatzaile horiek direla medio.

42.18c Eta azkenik, berez juntagailu direnak ere nola-halako markatzaile gisa aritzen ahal dira, bi perpausen arteko gramatika-lotura (perpaus elkartu bat osatuz) gauzatzen ez badute ere, eta hiztunak bien arteko erlazioa nola ikusten duen esaten digute.

Hortaz, edo perpaus lokabeetan agertuko zaizkigu —aurrekoarekin duen harreman semantikoaren berri ematen digutela— edo jadanik “juntatuak” —juntagailu bidez nahiz alborakuntzaz juntatuak— dauden perpausen arteko harremanaren xehetasunen bat eskaintzera etorriko zaigu diskurtso markatzailea.

42.18d Hemendik aurrera, lehenago esan dugun gisan, EGLU-III liburukian lokailu deitzen ditugun hitz eta esapideei —emendiozkoak, hautakariak, aurkaritzakoak, ondoriozkoak eta kausalak— dagokien materiala bilduko dugu, nahiz, eman ditugun arrazoiak direla eta, diskurtso markatzaile (DM) deituko ditugun aurrerantzean. Ondoren, DM horien atal bat, birformulatzaileena, landuko dugu bereziki. Liburu hartan lokailutzat jotako batzuk ageri dira orain birformulatzaileen artean: aurkezpen atal honetan aipatu besterik ez dira egingo halakoak, eta birformulatzaileetara bidaliko dugu irakurlea.

42.19. Emendiozkoak

42.19.1. Sarrera

42.19.1a Emendiozko diskurtso markatzaileek halako gehitze zentzu bat ematen dute testuan zehar. Jakina, gehitze zentzu hori nabarmen ageri da eta bezalako juntagailu batekin: lehenago esan den moduan, partikula hau berez juntagailua baldin bada ere (bi perpaus nahiz bi izen sintagma lotzen baititu), diskurtso markatzaile moduan erabiltzea ere ez da batere gauza arraroa, beste juntagailu askorekin gertatzen den legez. Ikus ditzagun, esate baterako, hurrengo adibideok. Lehenbiziko hiruetan eta juntagailua DM moduan agertzen zaigu perpaus hasieran. Ondoren datozenetan, berriz, juntagailu bera daukagu (DM moduan hemen ere) perpaus hasieran ez ezik, pasarte hasieran ere:

Izan ere, egungo eguneko hizkuntzaz ari ez denak, ingurukoak begi-belarriz jasotzen ez dituenak, testuak behar ditu lekuko, ordukoari nahiz bart arratsekoa izan, antzemango badio, inoizko hizketaren bitartez inoizko hizkuntzaren muinera helduko baldin bada. Eta filologia da, besterik baino areago, testuez, bestela esan, gatzaturik, “érgon” bihurtutik, gelditu den hizketaz (esaldi, perpaus eta luzeagoez) mintzatu behar duen jakite mota (Mitxelena 2011, OC XIII: 234).

Kasu honetan, gainera, Beriain berarengana jo dezakegu, erosoenetakoa ez bada ere bidea, bitartekoak bertan behera utziaz. Eta bitartekoa bera, Larramendi alegia, ez zebilen oker, oraingo Telletxeak erakutsi duen legez (Mitxelena 2011, OC XIII: 235).

Baditu bere legeak, baina, lege horiek erabiliko baditu, erabilkizun den gaia behar du horretarako. Eta gaia ezin izan daiteke testua baizik, testu idatzia, noski, izkribuzkoekin ari garenean lanean (Mitxelena 2011, OC XIII: 237-238).

Eta honeraino, ustez, esanahia ongi jaso dut: ez dut, haatik, garbiro ikusten zer zor zioten ontziek Etxeberriri eta honen esku abilari (iaioari, trebeari, nahi duzuenari) (Mitxelena 2011, OC XIII: 237).

Eta argi bezain garbi irudituko zaigu gramatika aldetik (Mitxelena 2011, OC XIII: 239).

Eta Arestik, horren oraintsuko dugun Arestik, hainbeste ezagutu dugun Arestik, hain ozenki mintzatzen zen Arestik, “contra esto y aquello” maiz aski, utzi du pasarte ilunik ugari (Mitxelena 2011, OC XIII: 240).

42.19.1b Hala ere, zenbait partikula DM (eta ez DM bezala erabilitako juntagailu) huts dira batez ere. Emendiozkoen artean aipatu behar ditugu, batetik, ere, gainera, bestalde, halaber eta, bestetik, behintzat, bederen, bederik, behinik behin eta abar. Hauek guztiak gehienetan adberbioak dira berez, lokailu lana egiten dutenak testuan zehar.

Lehenbiziko multzoko lau diskurtso markatzaileek, hau da, ere, gainera, bestalde eta halaber-ek, aurreko perpausean esandakoari zerbait gaineratzen diote. Gaineratze hori aski neutroa da, aurreko perpausean zerbait gehitu besterik ez baitugu egiten (X + emendiozko lokailudun perpausa): Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra, gainera; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra, bestalde; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra, halaber.

42.19.1c Horrela, lehenbiziko perpausean herriko plazari buruz emandako kualitate bati (handia izateari, alegia) beste kualitate bat gaineratzeko erabili ditugu diskurtso markatzaile horiek, adibideetan ikusten den bezala. Guztiz berdinak ere ez dira, jakina, ere DMa gainerako guztiekin konbinatzen ahal baita, baina beste hirurak nekezago aurkituko ditugu elkarren artean bat eginez: Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere (bai), gainera; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere (bai), bestalde; Gure herriko plaza oso handia da. Ederra ere, halaber.

42.19.1d Beste hiru markatzaileekin, ikusiko dugun bezala, honako hau bakarrik esaten da, nonbait: Gure herriko plaza oso handia da. Gainera bertzalde, ederra.

Lau markatzaile horiek kendurik, bigarren multzoan agertzen zaizkigunekin, eta horien artean behintzat jarriko dugu lehenbizikoa, gehitze hori ez da hain modu ‘neutroan’ gertatzen eta betiere aurreko perpausetik biltzen dugun erreferentzia hori (“X” hori) nahikoa markatua da, eta kontzesio kutsua du batzuetan, baldintzazkoa besteetan…: Miren ez dakigu joango den. Gu behintzat joango gara; Ez dugu esango egunero egin behar denik kirola. Baina, astean behin bederen egitea, oso komenigarria izaten da; Ongi ongi, ez dugu uste. Baina konpontzen da ingelesez, konpontzen, trakeski badere.

Har dezagun hemen sail horretako lehenbiziko adibidea. Mireni buruz zerbait esan dugu eta berehala hau gaineratu: Miren joaten bada edo ez bada…, aipatu baldintza ezarriz. Horregatik bereizi ditugu emendiozkoen sailean bi azpimultzo.

42.19.2. Ere

42.19.2a Ere diskurtso markatzaileak bi forma erakusten dizkigu, euskalkien arabera: ere eta bere. Lehenbizikoa da zabalduena. Diskurtso markatzaile hau beti ezkerreko aldean duen osagaiari atxikia doa, bien artean halako batasun bat eginez.

Euskal hiztegi eta gramatiketan ez da xehetasun handiegirik ematen morfema honen kategoriari buruz. Gure ustez, DM hau, kategoriari dagokionez, adberbioa dela esan daiteke, DM bezala erabiltzen duguna, solas mailan bi esaldiren artean nolabaiteko erlazioa eta lotura gertatzen dela adierazten diguna.

Balioaren aldetik, esan dezagun DM honek zabaldu egiten duela perpausaren erreferentzia mundua, ondoko adibideotan ikusten den gisan: Miren eta Maddalen afaltzera joan ziren. Peru ere haiekin joan zen; Koldo eta Jone ez dira agertu gaur. Patxi ere ez da agertu.

Ikusten ahal denez, perpaus horietako interpretazio hau dugu, gutxi gorabehera: lehenbizikoan bada talde edo multzo bat “Miren”ek eta “Maddalen”ek osatzen dutena eta multzo horren ezaugarria da multzoko kideak afaltzera joan zirelako hori. Beste hitzetan esanda: testuinguru jakin batean multzokide guztiak afaltzera joan ziren. Bada, “Peru”, besteak bezala, multzo horri dagokiola baieztatzen dugu, multzo horren barnean sartu behar dugula alegia, beste biekin batera, “Peru”ren tokia horixe dela adieraziz. Bigarrenean, ber gauza, ezezko batekin oraingoan: bada multzo bat “Koldo” eta “Jone”k osatzen dutena eta multzo hori definitzen duen tasuna da multzoko kideak ez direla agertu gaur. Nolabait ere esateko, ezezko tasun batek definitzen du oraingoan multzoa. Bada, “Patxi” beste biekin, batera sartu behar dugula ari gara esaten oraingoan.

42.19.2b Ere DMa ageri zaigun bakoitzean suposizio bat egin behar du perpaus horren erreferentzia munduaz. Gure kasu hauetan badakigu norbait joan dela afaltzera edo norbait ez dela agertu. Hori dela-eta afaltzera joan den norbait horretaz gain edo agertu ez den norbait horretaz gain, Peruk eta Patxik gauza bera egin dutela ari gara esaten. Perpaus hauek zuzen ulertu nahi izanez gero, nahi eta nahi ez onartu beharko dugu batean “Peru + X” joan direla, eta bestean “Patxi + X” ez direla agertu. Normalean “X” hori testuinguruak aldian aldiko egoerak identifikatzen du beti. Ohart gaitezkeenez, halako balio anaforikoa du ere markatzaileak, aurreko zerbaitekin duen lotura adierazten baitu.

Adibideetan ikusten denez, ere DMa dagokion izen sintagma bestelako perpaus osagaiaren ondo-ondoan jartzen da, sintagmari erantsia, eta enklitiko bezala ahoskatzen dugu: “Peru(e)re”, “Patxi(e)re”, “Perube” “Patxibe”. Beste hitzetan esateko, DM honek ezin dio inola ere hasiera eman perpausari, izen sintagma, aditz edo adizlagunen baten laguntzan erabiltzen dugulako, beti zerbaiten ondoan eta ondoren. Zoritxarrez, egun hedatzen ari diren eta hain sarriegi entzuten diren perpaus hasierako *Ere bai…, *Be bai…, *Eta ere bai… bezalako esaldiak guztiz arrotzak ditugu euskaraz, euskara ezagutzen dugun neurrian behintzat: Nor joango da mendira? Peru. *Ere bai Jone.

42.19.2c Hala ere, euskaldunen usadioa desberdina baita kontu hauetan euskalkien artean, ekialdean aski hedatua dago honako jokabide hau: Nahiz ez den halako estado haundia Idahok badauka denetarik franko polliki: desertu gorak, gaitzeko mendi eta oihanak eta ere laborantzako lur aide onak (Herria). Ez da nolanahi agertzen hor eta ere segida, nahitaez halako enumerazio bat edo eskatzen baitu: “desertuak, mendiak, oihanak eta ere lurrak”. Dena dela, esan bezala, ekialdeko egileetan bakarrik aurkituko dugu normalean erabilera hau.

42.19.2d Beste erabileretara itzultzen baldin bagara orain, agian erabilerarik maizena goian jarri dugun Peru ere haiekin joan zen eta gisako horietan jarri duguna dateke, izen sintagmaren ondoan ageri zaigunean. Ez da hori leku bakarra, hala ere, beste edozein perpaus osagairen ondoren ere jar baitaiteke: Etxe hau planta ederrekoa da. Handia ere (bai); Herriko gazteekin ederki konpontzen omen da alkatea eta zaharrekin ere oso ongi; Gaur ez du astirik izan egunkaria irakurtzeko eta bihar ere ez du izango; —Nor joango da mendira? —Antton. Eta Amaia ere (bai); Nora joango zara oporretan? — Parisera. Eta Nizara ere (bai).

Adibide horietan guztietan halako presuposizio garbi bat seinalatzen du hiztunarentzat ere DMaren erabilerak, lehen adierazi dugun moduan. DMaren ezkerraldean geratzen dena mintzagaitzat hartzen dugu, hitz egingo dugunaren erreferentzia ingurune bezala definitua oraingoan mintzagaia, nahiz eta hor ematen dugun informazioa ere berria den. Eta hori gertatzen da galdera baten erantzunari beste zerbait gaineratzen diogunean ere, azkeneko adibideetan ikusten den moduan: “Antton” galdegaia da, horretan ez da dudarik, baina ondokoak “Amaia ere” eransten duenean, “Amaia” ez da galdegaia, mintzagaia baizik, perpaus horretan galdegaia perpausaren baiezkotasuna baita. Badira hori horrela dela pentsatzeko bi froga gutxienez: hasteko, “Nor zara zu?” bezalako galdera bati (hau da, galde hitzen bat agerian duen perpaus bati) ezin diezaiokegu besterik gabe “Antton ere” nahiz ere DMa inguruan daraman beste edozein sintagmaz baliaturik erantzun. Gainera, adizki sintetiko batez itzultzen dugunean esaldia, baiezkotasuna azpimarratzeko balio duen ba- partikula (adizki analitikoetan edo ezezkoetan ez da desberdintasun formal hau ikusten ordea) erabili behar dugu: —Nor doa gaur mendira? —Antton (doa/*badoa) —Eta Amaia ere (badoa/*doa).

42.19.2e Nolanahi ere, diferentzia formalak beti ageri ez diren arren, presuposizioa aldaturik geratzen zaigu ere diskurtso markatzailea jarri bezain laster, DM honek solas mailako beste zerbaiten erreferentzia hartu behar baitu.

DMaren ezkerrekoa mintzagaia den aldetik, perpausaren hasieran nahiz amaieran joan daiteke: Amaia ere badoa; Badoa Amaia ere.

Bestalde, perpausaren edozein osagai izan daitekeenez mintzagai —aditza bera ere barne—, edozein osagaik eraman ahalko du ere bere eskuinetara: Afaldu, berandu afaldu zuen egun hartan. Eta, hortik, testuingurua aldatzen dugula orain: Afaldu ere, berandu afaldu zuen egun hartan. Alegia, zerbait berandu egin zuen egun hartan, eta zerbait horretaz gain, afaltzera ere berandu joan zen. Honen tankerakoak ditugu beste honakook ere: Irakurri ere, halako zerbait irakurria naiz ni; Etorri ere, oraintxe nator betetzetik (Etxaide); Egiari zor zaion lekua ematen dio, eman ere (Zaitegi).

Hauek bezalakoetan (ikusi ere, joan ere eta abar) badirudi itzuli hauek nolabaiteko autonomia hartu dutela eta zenbait kasutan bederen normalean ere diskurtso markatzaileak bete behar duen zeregina bigarren mailan geratzen dela. Argi aski ikusten da hori izan ere esapidearekin, esate baterako. Esapide hau bere aldetik doala dirudi eta ondoren edozein aditz darraiola aurkituko dugu egungo eguneko euskaran. Hori dela eta, kausazko DMen artean sailkatu dugu esapide hori.

42.19.2f Honaino egin dugun aurkezpenean jarri dugu, nolabait esateko, ere markatzailearen erabilera estandarra, euskalki guztietan berdin samar erabiltzen dena. Jakina denez, ordea, euskaldunen artean ohitura desberdinak daude.

Har dezagun perpaus sinple bat: Miren gaur Iruñera joango da. Perpaus horren barnean sartzen badugu orain ere DMa, esanahia bera aldatu egingo zaigu, DMaren kokagunearen arabera: Miren ere gaur Iruñera joango da; Miren gaur ere Iruñera joango da; Miren gaur Iruñera ere joango da. Perpaus horietan, hemen ez da dudarik, ere sintagma diferentearekin doa aldi bakoitzean eta horrexegatik esanahia aldaturik agertzen zaigu aldi oro: “Norbait joan da eta Miren ere joango da”, “Miren noizbait joan zen eta gaur ere joango da”, “Miren gaur beste norabait joan da eta Irunera ere joango da”.

Kontu handia izan behar dugu DMak biltzen duen sintagmarekin. Horrela, aldrebeskeriak entzuten dira sarritan, ere horrek berarekin daraman presuposizioa guztiz aldaturik gertatzen baita. Ikus ditzagun ondoko adibide hauek: —Guk goian afalduko dugu. Eta zuek?

Hemen galdetzen ari gara zuek zer egingo duzuen, ez non afalduko duzuen. Hortaz, horren erantzun zuzenak honakook dira: —Guk ere (bai); —Guk ere (goian). Baina ezin dezakegu erantzun beste hau: *Goian ere. Nahiz erantzun hori zuzena izan beste testuinguru batean: —Hemen behean bada lekua afaltzeko. Eta goian? —Goian ere (bai).

42.19.2g Arrazoi beragatik, elkarrizketa honetan oso gaizki erabilia da diskurtso markatzailea: —Nobela saria Patxik irabazi du. Eta olerki saria? —*Patxik ere. Hor eman daitekeen erantzun bakarra hau baita: —Olerki saria ere (bai). Lehen esan dugun moduan, ere-rekin batera doan sintagma perpausaren beste tokietan ere agertzen ahal zaigu: Gaur Iruñera joango da Miren ere; Iruñera joango da gaur Miren ere; Miren joango da gaur ere Iruñera eta abar.

Adibide hauek guztiak oso arruntak direnez, ez digute inolako arazorik planteatzen perpausen esanahia interpretatzeko orduan. Zer egin, ordea, ondoko bi adibideokin? Miren gaur Iruñera joango ere da; Iruñera joango da ere gaur Miren.

Esaldi hauetan ikusten dugu ere DMa aditzaren ondoan dagoela: adizki nagusia eta adizki laguntzailearen artean, batean, eta adizki nagusia eta adizki laguntzailearen ondoren, bestean. Esan dezagun, hasteko, erabilera hau orain arte ikusi ditugun besteak baino mugatuagoa izateaz gain, interpretazio kontuetan ere badirela desberdintasun franko euskaldunen artean. Ikus dezagun lehenbiziko kasua, hots, ere DMa adizki nagusia eta adizki laguntzailearen artean jartzen dugunekoa: Irakurri ere dugu Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela. Perpaus horrek bi interpretazio ditu: bat, horrelakoak entzun edo esaten dituen euskaldun orok emango liokeena eta, bestea, batez ere ekialdeko euskalkietara mugatzen dena: Gaur goizean irratian entzun dugu Lehendakaria Madrilera joango dela. Eta ez bakarrik entzun, irakurri ere egin dugu egunkarian hiri hartara joateko asmoa duela; Hau guztia ere irakurri dugu: Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela.

Bigarren interpretazio honetan iduri du aditzaren eskuinaldera bota dugula perpausaren zati bat, hain zuzen, ere DMak ukitzen zuen zatia, luzeegia delakoan edo. Orduan, DMa lekuz kanpo bezala geratu zaigu hor, adizki nagusiaren ondotik. Parafrasia, bigarren kasu horretan, honela egin genezake: Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela ere irakurri dugu. Ohartzen ahal garenez, adibide horretan ere perpaus osoarekin doa: [Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela] ere irakurri dugu.

42.19.2h Hori dela eta, euskal perpausean sintagmek agertzeko duten askatasunagatik, batzuetan hau bezalako adibideak aurkitzea ez da batere zaila: Madrilera joateko asmoa duela Lehendakariak ere irakurri dugu. Jakina, horren interpretazioa honako hau da, nahiz eta DMa izen sintagma baten (“Lehendakariak”) ondoren, eta ez aditzaren ondoren, doan: [Madrilera joateko asmoa duela Lehendakariak] ere irakurri dugu. Beste hitzetan esana: ere DMa perpaus osoarekin doa, eta ez “Lehendakariak” izen sintagmarekin bakarrik. Betiere, zernahi gisaz, testuinguruari egin behar zaio kasu: —Sailburuak Madrilera joateko asmoa duela jakin dugu. —Bai, egia. Asmo bera duela Lehendakariak ere irakurri dugu.

Beraz, hor irakurri behar da ‘Lehendakariak ere asmo bera duela’, ‘Lehendakariak ere Madrilera joateko asmoa duela’. Zernahi gisaz, ere-ren erreferentziak ez du nahitaez eskuinaldean egon beharrik, testuinguruaren arabera aurreko esaldian ere egon baitaiteke. Horiek ditugu bi interpretazioak, bada: ‘ez bakarrik entzun, irakurri ere bai’ eta ‘zerbait ere irakurri’.

42.19.2i Geroago ikusiko dugunez baita ere bezalako itzulietan halako zerbait egiten dugu, hor ere DMa aurreratua bezala ageri baitzaigu. Berehala ukituko dugu puntu hau.

Hona hemen literaturako adibide batzuk: Zazpi urtetan pozoatu nahi izan zuten; bainan ez zion edariak deusik egin. Behar bada on egin ere zion (Hiribarren); Eta hala apezek nola aintzindariek, denek atseginekin ikusi zuten Jesus jauna estekatua eta beren soldaduen eskuetan. Egin ere zioten anitz laido eta azkenean, oihu egin zuten guziek, hiltzea merezi zuela (Joanategi); Egin zuen baratxuri-salda koipe puska batekin, baina Agerak laster ezagutu zuen ez zela haragi-salda, eta galdetu zion: Jualimo: gaur ere ostirala al dugu? Salda honek ala dirudi, bada haragirik ikusi ere ez du (Urruzuno); Nik, zure tokian, liburutxo horretan euskeraren alboan itzulpen on bat ipiniko nuke. Hala egin ere dut, haren aholkuari nagokiola (Orixe).

42.19.2j Badugu, azkenik, beste erabilera bat: zenbaitetan, ere DMa adizki nagusia eta adizki laguntzailearen ondoren ageri zaigu. Goiko adibide berbera erabiliz gero: Irakurri dugu ere Lehendakariak Madrilera joateko asmoa duela. Erabilera hau ekialdera mugatua dago eta mendebaleko euskaldunen artean neketan aurkitzen da. Interpretazio aldetik, nolakoa den testuingurua, esaldiari ematen diogun hizkera doinua eta abar, hiru aukera eskaintzen dizkigu, orain arte aipatutakoak eta beste hirugarren bat: DMa, askotan, bere eskuinaldean ageri diren sintagmetako bati loturik dago, eta esaldiaren interpretazioa oso anbiguoa gertatzen da orduan. Zenbat eta sintagma gehiago, hainbat eta anbiguoago: Hola uste dute ere ene lana ikusi duten guziek (Artxu). Adibide honen parafrasia hauxe da: Ene lana ikusi duten guziek ere hala uste dute. Honen pareko dirateke ondoko adibideok, zeinetako batzuk mendebaldekoak baitira: Beila tokietan bereziki, zenbat jende ez dira jarraikitzen egiazki graziarik darion bederatziurrun balios horri! Hala nola Xaberrin. Horrat biltzen dira ere, oste gaitzean, Nafarra guziko gizonak eta gazteak, berdin urrunetik oinez jinak (Narbaitz); Baderitzat […] txit gauza egoki ta baliotsua izango dela bizitza hau maiz irakurtzea. Denbora berean aurkituko dute ere hemen beste asko kristau erok, Jaungoikoaren beldur gutxirekin zeruaz ahazturik, lurreko atsegin debekatu igarakorren bila dabiltzanak, beren arimako eritasunen sendagai berezia (Beobide); Badakigu ere zer diren “eskolatu” eta bai “ikastolatu”, erroak eskola eta ikastola (Mitxelena); Joan beharko dute ere ospitaletara, adinetakoen etxeetara, eta abar (Landart).

42.19.2k Hortaz, zalantzarik egon ez dadin, esan dezagun hiru sail bereziko ditugula DM honen erabileran:

Sintagma baten ondoan jartzen dugunean. Euskaldun guztiontzat berdin: Jon ere etorri da.

Adizki nagusiaren ondoan dugunean. Euskaldun guztiek interpretazio arrunta, ekialdekoek bigarren interpretazio bat ere bai. Ikus gorago emandako adibideak eta azalpenak: Jakin ere badakigu hori.

Adizki laguntzailearen ondoan dugunean. Oro har ekialdean bakarrik erabilia, oso anbiguoa gerta daiteke: interpretazio arrunta, bigarren interpretazioa eta baita edozein sintagmari lotzeko aukera ere (hirugarren interpretazioa). Nolanahi ere, anbiguotasun hau bigarren kasuan ere gertatzen da, ere DMaren ondoan sintagma bat baino gehiago suertatzen denean. Beraz, badirudi perpausaren esanahia aski ukitua geratzen dela ere hori ‘lekuz kanpo’ ikusi bezain laster. Ikus, esaterako, ondoko adibide hau: Aitor dezagun bada euskara orain arte, Euskal Herriko eskoletarik kanpo atxiki izan dugula, hori baita Herrian Herriko mintzaira hiltzera kondenatzea. Ikusi ere da horrelakorik munduan barna “koloniak” deitzen ziren eskualdeetan eta izan du gaitz horrek ondoriorik, ondorio odoltsurik (Herria).

Nola interpretatu hori? Hiru interpretazioak dira posible: “kontu hau guztia ez da bakarrik buruan daukagun ideia bat, ikusi ere da…”. Besterik gabe esan dezakegu “horrelakorik” sintagmarekin doakeela, bigarren interpretazioan (“horrelakorik ere ikusi da kolonietan, alegia…”)? Edo, hirugarren interpretazioan, “koloniak deitzen diren eskualdeetan ere ikusi dela horrelakorik” ulertu behar da hor?

42.19.2l Aipa dezagun, azkenik, oso arrunta ez den arren, zenbaitetan indarturik (ba-rekin edo ez-ekin) ageri dela adizki laguntzailea: Jakin ez ezen, irakurri ere badut oharrez (Larramendi); […] aurki adituko dira eta gehienak dagoeneko aditzen ere badira (Larramendi).

Izan ere, baditu beste erabilera batzuk DM honek. Zenbait kasutan, oso arrunta da perpauseko osagai guztiak ezabatzea, DMarekin doan sintagma eta DMa bera izan ezik (batzuetan bai edo ez erants dakioke DMari ondoren: batez ere mendebalean gertatzen da hau): —Peru gaur etorriko omen da; —Jone ere (bai). Hala ere, hor aukeran eman ditugun arren Jone ere nahiz Jone ere bai, biak erabiltzen baitira, euskalkien arabera, ez dira bi itzuliak pare-parekoak: bai horrek aditz sintagma ordezkatzen duenez biak batera ezin dira ageri: Jone ere etorriko omen da; *Jone ere bai etorriko omen da.

42.19.2m Orain arte ikusi ditugun adibideetan ez bezala, zenbait kasutan ere diskurtso markatzailea perpaus koordinatu baten barruan agertzen ahal zaigu. Azkeneko esaldia bera har dezagun lekuko: Peru gaur etorriko omen da eta Jone ere (bai). Koordinazioan ageri den bigarren perpausaren baiezkotasuna azpimarratzeko bai erabil daiteke (egin dugun oharra kontuan hartuz, jakina), adibide horretan bezala edo juntagailuaren ondoren jarriz. Orduan itzuli hauek sortzen dira: Peru gaur etorriko da eta bai Jone ere. Gauza berbera suertatzen da ezezkoetan ere: Peru ez da gaur etorriko eta ez Jone ere.

Kontua da, ordea, juntagailuak eta baiezko nahiz ezezkotasuna markatzeko erabiltzen dugun partikulak elkarren artean duten ordena aldaturik ere ager dakigukeela: Peru gaur etorriko da, bai eta Jon ere; Peru ez da gaur etorriko, ez eta Jone ere.

42.19.2n Baina orain beste zerbait gertatzen zaigu: “bai+eta” eta “ez+eta” segida elementu autonomotzat jotzen du hiztunak maiz aski “baita” edo “ezta” bezala ahoskatuz, gainera, hizkera arruntean: —Egunon —Baita zuri ere; Hotzildu zen, epeldu gero eta azkenik, hoztu ez ezik, baita izoztu ere. Eta hori gertatzen denean ez da batere harritzekoa ere bera ere lekuz aldatu eta dagokion osagaiaren ondoren ez, baizik aurrean jartzea: Peru gaur etorriko da, baita ere Jone; Peru ez da etorriko gaur, ezta ere Jone. Hau egitean, jakina, badirudi ere-ren erabileraren funtsezko arau bat hausten dugula, esan den bezala, DM honek beti behar baitu aurretik sintagma bat edo osagai bat.

Itzuli hau idazle klasikoetan ere agertzen den arren, ez da dudarik batere XX. mendean ezagutu duela hedadurarik handiena. Horrela, Axularrek hiru aldiz erabiltzen du, Belapeirek behin bakarrik, Larramendik bi aldiz eta abar. XIX. mendetik hasten dira adibideak ugaltzen eta XX. mendean erabilera guztiz arrunta da, denok dakigun moduan. Koordinazio juntagailuaren aurrean jarri nahi izanez gero, ez dirudi desberdintasunik gertatzen den hor. Geratzen zaigun beste aukera bat ere betetzen da orduan, “eta+bai” edo “eta+ez” eta ere segidan emanez: Peru gaur etorriko da, eta bai ere Jone; Peru ez da etorriko gaur, eta ez ere Jone.

42.19.2o Esan beharra da, nolanahi ere, ezta edo eta ez sarriago eta ugariago ageri direla liburuetan beren pareko diratekeen baiezkoak baino (baita, eta bai), berdin dela ere DMa agerian duten nola DM hau gabe ere. Hona hemen adibide batzuk eta ez ere itzuliaren gainean moldatuak: Inori gaizkirik ez egitea ez egintzaz, ez hitzez eta ez ere gutiziaz (Legaz); Eta egia hau da: euskera ez da, nabarmenki, oker-bide, jakin-bide egin ez dugulako; ez dugu egin jakinbide zuzen, eta ez ere makur (Lizardi). Adibide horietan ere legokiokeen lekutik kanpo dagoenez, neketan jakinen dugu orain perpaus luzeago batean zeri dagokion zuzen. Jo dezagun ondoko oinarrizko adibide hau: Zerbitzaria ez da bere jauna baino handiago eta ez morroia nagusia baino gehiago ere. Oinarrizkoa deitzen dugu, horko osagai guztiak zein bere tokian baitaude: koordinazio juntagailua bi perpausen artean, ezezko partikula perpausaren buruan eta azkenean aztertzen ari garen diskurtso markatzailea. Goian egin dugun interpretaziora jotzen baldin badugu hauxe da ere DMak adierazten duena: bada multzo bat non ukatu egiten dugun norbait beste norbait baino handiago dela. Ba, bada beste zerbait ere multzo berean sartzen duguna (morroia ez dela nagusia baino gehiago, alegia). DMa orain lekuz mugitzeko askatasuna emanez gero, ondoko aukera hauek guztiak aurkitzen ditugu idazleen artean (Altuna 1986): Zergatik, ez da zerbitzaria bere nagusia baino handiagoa, ezta ere dizipulua, bere maisua baino (J. C. Etxeberria); Morroia ez baita nagusia baño aundiago, ezta ikaslea ere, irakaslea baño (Apaiz batek); Ez da ikaslea irakaslea baino gehiago, ez eta morroia nagusia baino gehiago ere (Olabide); Ez da ikaslea irakaslea baino gorago, ez eta mutila bere jauna baino (Jesu Kristoren Berri Ona); Ez da dizipulua nagusia baino gutxiago eta ez sehia bere jauna baino gutxiago (Haraneder); Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago; ez morroia ere nagusia baino (Orixe); Ikaslea Maisua baino gehiago ez da; morroia ere ez nagusia baino (Lardizabal).

42.19.2p Eman arrazoiagatik beharbada, hau da, “baita+ere” eta “ezta+ere” segidek euskararen oinarrizko lege bat hausten dukeelako edo, idazle anitzek ez du guztiz gogoko erabilera hori eta bigarren mailan uzten du. Esan dezagun, zernahi gisaz, Mitxelenak berak ere, usu eskaintzen ez dizkigun arren, ez dituela batere gaitzesten:

Badakigu, behintzat, “geniezazkizuekeen” esaten, baldin ederki esana badago. Baita ere, gainera, “topikoa bihurtu” da (ze arraio bihurtu ote da “topiko” hori?) eta “bi penike bakoitzeko”, harako zahar elbarrituek “bina” esango luketenaren ordainetan (Mitxelena 2011, OC X: 86).

Etxeberri Ziburukoaren Manual-ak, badu zatitxo bat, balearen arrantza dela eta, nahikoa eta gehiegi nahasia. Baita ere, horrek edo Etxeberriren beste obraren batek, latineko distikoetan egina den eskeintza, nik zeharo ezin aditu dudana (Mitxelena 2011, OC XIII: 236).

Eta ez nuke nahi inork hau txartzat har lezan, neure buruari harrika eta ez besteri ari naizenez gero. Ezta ere harako gorago esan dudan hura: euskaldunok, alegia, geure hizkuntzaz landa besterik ere beharko dugula etorkizunean (Mitxelena 2011, OC X: 77).

Dena dela, ohart gaitezen, tradizioari dagokionez, adibide horietan baita ere edo ezta ere segida horiek perpaus hasieran jartzen ditugula bakarrik, eta ez amaieran. Adibide gutxi aurkituko ditugu perpaus amaieran. Gaur egungo testuetan, ordea, holako adibide asko aurki daiteke.

Hori zergatik gertatzen den hola tradizioan azaltzea ez da gauza erraza. Badakigu ere DMa, halako itzulietan, lekuz kanpo dagoela perpaus hasieran (ez baita legokiokeen osagaiaren ondoren ageri). Hala ere, “baita+ere” perpaus hasieran jarriz gero ez dago arazorik. Kontua da, ordea, ere-z gainera baita edo ezta horiek ere perpausaren azkeneraino eramaten baldin baditugu eta juntagailua lekuz kanpo dagoela, ezin baita juntatzen dituen bi osagaien atzean, bien erdian baizik, joan. Agian horregatik ez dira erabiltzen halakoak literatura klasikoan.

42.19.2q Jakina, horietaz kanpo, ere anitzetan ezagun da beste DMak indartzeko edo (halaz guztiz ere, halarik ere, zernahi gisaz ere eta abar), forma klixetuetan (batere, asko ere asko, batez ere, izan ere) edo mendeko perpausetan (erosi badu ere…, …baino ere handiago, esatea ere!…). Gauza bera gertatzen da inor, ezer, deus, inoiz eta abar bezalako egituretan. Horiek guztiak bere lekuan ikusiko ditugu, ez hemen; hemen, hain zuzen ere, ere bakarrik ageri denean eta bere oinarrizko esanahia galdu gabe ageri zaigunean aztertu nahi izan baitugu.

Esan dezagun, azkenik, ere DMa edozein juntagailurekin (emendiozko balioa nahiz bestelako balioa izan juntagailuekin) ager daitekeela: eta zu ere joan zaitezke; baina zu ere joan zaitezke; edo zu ere joan zaitezke eta abar.

Hau guztiau laburtuz, hortaz, honela geratzen zaigu (eskema hauek guztiak adibideetan zehar esplikaturik daude):

Edozein euskalkitan

Ekialdean

Mendebaldean

(edozein X osagai) ere

… eta bai ere X

… baita ere X

… eta X ere (bai)

… eta ez ere X

… ezta ere X

… eta X ere (ez)

… eta bai X ere

… eta ez X ere

EZ DIRA EGOKIAK

… bai eta X ere

*… X baita ere

* X ere ezta

* X ezta ere

* ere bai X

* ere X

* ere ez X

* X ere baita

* eta ere X (ekialdean bai, enumerazioetan)

… ez eta X ere

… baita X ere

… ezta X ere

42.19.3. Gainera

42.19.3a Forma aldetik berehala ikusten dugu gain izenak eta adlatiboaren kasu markak osatzen dutela emendiozko DM hau. Postposizio bezala ere erabiltzen dugu (fonetikaz eta fonologiaz gainera…). Baina hemen DM gisa ageri zaigunean bakarrik hartuko dugu kontuan. Noiz erabiltzen dugu? Dagokion perpausak aditzera ematen duena, aurreko perpausean emandako informazioari gaineratzen zaionean: Askojakina zen Axular eta trebea, gainera, zekiena esaten. Perpaus horren bigarren zatian ageri zaigu gainera DMa. Hortaz, bigarren zatiko informazio hori (“Axular trebea zen zekiena esaten”) gaineratu egiten zaio aldez aurretik geneukan informazioari (“Axular asko jakina zen”). Esan daiteke gainera-k balio argumentatiboa duela, esan nahi baita, hiztunak dioenaren bermagarri edo indargarri erabiltzen dugula, aurretik aipatu beste zerbaiten ondoan: Ez du balio orain harengana joan nadin. Akiturik nago eta oso berandu da. Gainera euria ari du.

Diskurtso markatzaile honek, ikusten denez, bere autonomia osoa du, gain-ek izen gisa izan lezakeen erreferentzia guztiz galdua baitu: Arrigorrietan beste ohitura bat dago. Gainera, zer daki ama batek muttikoen gauzaz, edo… (Oskillaso); Harritzekoak ziren haren adimenaren irardausia eta hark eraiki zuen etxaguntzaren ederra. Gainera, askotarako gizona zen, izan ere: eta honela harrigarriago eta ikusgarriago egiten zaigu (Zaitegi).

42.19.3b Gehienetan, beti ez bada ere, perpaus hasieran doa DM hau: Egunero norberak bere burua azter beharra zeukan, hiru galdera horiei erantzunik: zertan egin dut huts? Onik egin al dut? Egin behar nuenik egiteke utzi al dut? Gainera, ez zuten zilegi babarrun eta gazta-belarrik jaterik… (Zaitegi); Patxik ez zuen aurkitzen atseginik neskatilen jokoetan, eta gainera euren aginduak bete behar izaten zituen beti (Oskillaso).

Zenbaitetan, hala ere, perpaus azkenean ere aurkitzen dugu gainera DMa: Zuk merezi baino txikiago izango da gaurko penitentzia; ta neronek lagunduko dizut, gainera (Etxaniz); —Han bertako gizonak dagozak, nik liburu batean irakurri nian, jakintsu bati gainera. —Bai ote? erantzun zion Matxinek barrez-barrez, tranpan harrapatu zuela pentsaturik. —Ai, ai-ai, asto bedeinkatua, sinistu egiten duk gainera; zelan biziko dituk ba iretargian gizonak? (San Martin).

Beste batzuetan, berriz, perpausaren barnean ere: Ez omen dio mutilak nahi lukeen bezela aurpegirik ematen Malentxok; ez omen daki harek, gainera, neskatxari non eta nola hitz egin liezaiokeen (Agirre).

42.19.3c Diskurtso markatzaile hau zenbaitetan eta juntagailuarekin agertzen da: Asko jakina zen Axular eta gainera, idazle aparta; Ez naiz hemen horretaz jardungo, txit nahasia baita gai hori eta, gainera, oraindik ez daukadan jakitea eskatzen du (Mirande); Egia da, denok egiten genuen gauza zen, lehenago, geure gurasoak halantxe erakutsi zigutelako, eta, gainera, guztiok ekandu zaharren gordezaleak ginelako (Agirre).

Baina gainera eta ere gainera ere aurkitzen ahal dira: Esan dut isilik galde dezazula; baina orain diot gainera, urliaren kontrako gauzaren bat jakiten baduzu, isilik gorde behar duzu zeregan (Agirre Asteasukoa); Haurrak hola mendian ikaratzea, ez da gauza zaila, baina ezta egokia ere. Gosaria ere jan digu gainera (M. Lekuona).

Esan dezagun, azkenik, ezin direla nahasi gainera eta gainerantzean (eta honen aldaerak), azken DM hori aztertzen dugunean ikusiko den bezala (§ 40.2.4): […] bat-batean sentitu dut nik tipo horrekin gauza asko neukala komunean, hura pobreagoa izatea, gainerantzean antz harrigarria genuen (Sastre).

42.19.4. Bestalde/bertzalde

42.19.4a Beste izenondoak (bertze lapurteraz) eta alde izenak (althe Zuberoan) osaturiko hitz elkartua dugu berez. Baina diskurtso markatzaile bilakatzen zaigu askotan. Eta orduan ‘beste (alde bate)tik’ esan nahi du. Perpausaren barnean betetzen duen funtzioa, gainerako emendiozko markatzaileekin gertatzen den bezala, gehitzearena da: ‘lehen esandakoaz gainera, beste hau ere bai’ bezalako zerbait adierazten duenean nabari da ongi aski funtzio hori. Beraz, ekintza bati beste bat gehitzen zaiola adierazteko balio du. Hori ikusten da ondorengo adibide hau bezalakoetan: Euria da. Haizea, bestalde. Beraz, ez dago mendira joaterik; Jakin behar da, bestalde, hori egia dela.

Adibide horiek erakusten dutenez, bestalde DMak aurreko “Euria da” perpausak dioenari ‘haizea ere badela’ gaineratzen dio. Edota ‘lehen esandakoaz gainera, egia ere badela jakin behar dela’. Beraz, bestalde diskurtso markatzaileak gainera diskurtso markatzailearen balioa hartzen duela esan daiteke: Euria da. Haizea, gainera. Beraz, ez dago mendira joaterik; Jakin behar da, gainera, hori egia dela.

42.19.4b Lekuari dagokionez, DM hau ia-ia nonahi agertzen ahal zaigu: perpausaren hasieran batzuetan, edozein osagairen ondoren besteetan (galdegaiaren ondoan salbu, jakina) eta perpaus amaieran ere, beti aukeran, ondoko adibide hauek guztiek frogatzen duten gisan: Ez daiteke ez lumaz, ez margoz, ez argazkiz, etxe-barne-ikuskizun hori bizikiago ikusarazi. Zein erraz ta neurriz datorkion behar-mintzoa. Bestalde, baduzu hor olerkari-aztarnarik ere (Lizardi); Aita maitea, ez da egun arrain aro. Bertzalde, arrain guti da itsaso honetan, eta ez dugu lehen aldia hutsik goazela (Laphitz); Bristi, brasta, basoan, bide politari behera, gaztainondoen itzaletik haitz ederren itzalera, bere buruarekin irriz. Beti irriz ari zen, bestalde, Zaroko zapatagina! (Barbier); Aberearen sen eta grinetatik gehien aldendu dena, eta horregatik arriskurik haundienean dagoena. Egia da, bestalde, diote, abere denetan interesanteena ere badela (Villasante); Mugaz bertzaldeko bertsolari lagun horiek aunitz estimatzen eta maitatzen ditut nik, eta uste dut horiek ere egiten nautela ni. Badut bertzalde alde horretan adiskide asko (Xalbador); Hona zer dioen bertzalde gizon aipatu batek: Gaskoina bera ez daiteke galtzerat utzi behar, baina are gutiago euskara (J. P. Arbelbide); Haren ahaleko eskualzale guti orai, gutartean. Astia non genuke bertzalde? Urte idorrak erori zaizkigu bizkarrerat: egiteko anitz edo gutiegi, irabaziak xuhur… (J. Etxepare); Orduan agorrarazten dute berriz lur hura bera idortegian; aintzinean bezala errautsetara bihurrarazten dute bigarren aldiko, eta kausitzen da lehenbiziko pisu bera duela. -Zer? -Leheneko pisu bera, eta kuiarena bertzalde? (Duvoisin).

42.19.4c Zenbait kasutan eta juntagailuarekin batera erabiltzen da, gainerako emendiozko diskurtso markatzaileekin gertatzen den bezala, betiere perpausaren hasieran jarriz: Libro zara, beraz! Libro! Eta bestalde ikusten dut ez zarela mentsa (J. B. Etxepare); Aita on hark erraiten dio: To! bi milioi urretan. Eta bestalde izanen dituk hiru milioi lurretan (M. Etxamendi); Garbia ez baldin bada, nola atrebitzen zara predikatzerat? Inaziok ez du ihardesten. -Eta bertzalde, nondik du zure lagunak planta gabeko arropa hori? (Laphitz).

42.19.4d Esan dezagun, azkenik, baina juntagailu eta berriz diskurtso markatzailearekin ere ikusten dela zenbaitetan. Eta ere-rekin ere: Bai orixe! Bestaldetik, berriz, nahiko eskasak ziren lehenago ere gariak-eta, ez zetorren handik galkuntza haundirik (Barrensoro); Haren esanetara zeuden Bañeztar guziak. Bestaldetik, berriz, zeinek baretu Guraiatarren aldekoak? (Etxaniz); Erakutsi dugu jadanik hori gezurra dela… Bainan, bestalde, nongo teologiak dauku buruan sarrarazi sakramentu baten hartzeko gizonak behar duela, lehenik, eta bere baitarik grazia horren gai bilakatu? (Narbaitz); Zeren eta baitzekien denek zer gar sainduarekin predikatzen zuen Ebanjelio saindua, eta bertzalde, predikatzen zuela Ebanjelio saindua Jondoni Joani apostoluak irakatsi bezala (Joanategi); Jendeak, bereziki gaixoa zaintzen beilan daudenik, eskertu egiten dute doktorea desorduan sartzen ikustea dena ongi doan jakiteko, eta bestalde, ziur da erizainek neurri batean ohitura horregatik pentsatzen dutela lehengoetako medikua dela, nahiz igarri egiten dioten nondik datorren (Saizarbitoria).

42.19.4e Euskara mintzatuan gainera eta bertzalde biak batera ere aurkitzen ditugu: Hori oso gizon aberatsa da. Gainera bertzalde erranen dizuet, zuen jakineko, hemengo auzapeza dela.

42.19.5. Halaber (orobat, berebat)

42.19.5a Azkuek bere hiztegian sartu zuenetik hartu du hedadura jatorriz ekialdeko euskalkietakoa zen DM honek: euskal literatura ikustea aski da konturatzeko batez ere lapurteraz izan dela erabilia hasiera-hasieratik, mendebaldean ia-ia agertzen ez baita historian zehar. Egungo euskara idatzian, ordea, erabilia da. Formari begiratuz badirudi hala adizlagun modalak eta ber morfemak (“berriz”, “berrehun”, “berregin”, “bera”, “berau”, eta horrelako hitzetan ageri den partikula berak alegia) osatzen dutela. Ez da harritzekoa, hortaz, halaber DMa emendiozkoa izatea, aurreko perpausean esandakoari zer edo zer gehiago gaineratzeko erabiltzen baitugu.

Nolabait ere itzultzekotan ‘gauza bera’, ‘gisa berean’, ‘modu berean’ edo horrelako zerbait esan nahi luke honek: Zorakeria da biztua luzea desiratzea; zorakeria da halaber etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea. Kontura gaitezen perpaus horretan ederki ordezka daitekeela ere diskurtso markatzaileaz: Zorakeria da bizitza luzea desiratzea; zorakeria da ere etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea; Zorakeria da bizitza luzea desiratzea; zorakeria da ere etorkizuneko bizitzaz oroitzea ere.

Esan bezala, perpaus hori honela interpretatzen dugu: Zorakeria da bizitza luzea desiratzea; gauza bera etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea. Alegia, zorakeria bati (“bizitza luzea desiratzea”ri) beste zorakeria bat gaineratzen diogu (“etorkizuneko bizitzaz ez oroitzea”). Horregatik esan dugu DM honek zuzenean eransten diola beste zerbait aldez aurretik esandakoari.

42.19.5b Diskurtso markatzaile hau lotura ezartzen dion perpausaren hasieran joaten ahal da: Ezkurretik ezagun da haritz larrainekoa, bere fruiturik sagarra, bai beretik pikua. Halaber da ezagutzen beretik herioa, ezen lastimagarria uzten du hatz ondoa (Etxeberri Ziburukoa); Bada lege dugu examinatzeko doktrinan ezkondu baino lehen guziak, ezi zer erakutsiko du ez dakienak? Halaber ikasi gaztetik emazteki lanak josten, errokan, ogi ta lixua egiten, kozinatzen, ta gainarakoak (Lizarraga); Artizarrak bertzetarik abantaila darama; halaber da anderetan ni penatzen nauena (Etxepare); Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia, / halaber zure irri gozoa, zure izaite guzia (Xalbador); Baldin maiz erortzen badira, halaber maiz jaikitzen dira; baldin maiz egiten badute bekatu, halaber maiz erremediatzen dute (Axular).

42.19.5c Nolanahi ere, ez da perpaus hasiera DM hau ikusiko dugun leku bakarra. Esate baterako, perpaus amaieran ere joan daiteke: Urruñarrak, berantegi jakinik, ezin etorri dira; eta bertze franko halaber (Hiriart-Urruti).

Halaber perpausaren azkeneko aldean ageri zaigularik, garbiago ikusten da diskurtso markatzaile honen aditzondotasuna. Badirudi hor aditzondo hutsa besterik ez dela, adberbioa alegia.

42.19.5d Bide batez, halaber eta ere zein hurbil dauden ohartzeko, aski dugu honako adibide hau ikustea: Gizonek zuei egin deitzaizuen nahi dituzuen gauza guziak egin diezazkiezue zuek halaber haiei ere. Gainera, itzulpenetan ageri den pasarte hori nola itzuli izan duten beste idazle batzuek ikustea baino ez dugu: … zuek ere, hei (Haraneder); … ere gisa berean (Testament Berria); … zuek ere egiezute (Uriarte); … zuek ere ekin (Etxenike, in Salaburu 1980).

Batzuetan mintzagaiaren (mintzagai hanpatuaren, askotan) ondoan ageri zaigu: Inazio ez zen jakintsua. Nekez mintzo zen, urriki zitzaion ateratzen elea; haren idaztietan, halaber, ez da ezagun idazlearen antzik (J. Etxepare); Mediterraneoa ezagutzen dugu guk ere […] Lau dago eta naro bere hedadura guzian. Bere hedadura guzian, halaber, urdin-urdina da (J. Etxepare); Eskerrak eman zituen, ogiak hautsi ta bere ikasleai banatu zizkien, haiek gizataldeari eman zietzaien. Bi arrainak halaber guziei banatu zizkien, bakoitzak nahi adinbat (Iraizoz); Eta ezkontza saindu Jainkoaz ordenatu hau da halako bertutetako, non haren kausaz senarrak ez baitu bere gorputzaren boterea, baina emazteak: emazteak ere halaber ez du bere gorputzaren boterea baina senarrak (Leizarraga).

42.19.5e Maizkara erabiltzen da aditzaren ondoren: Merezimendua ez datza zeruko bisioneen eta kontsolazioneen izatean; ez datza halaber eskritura sainduaren ongi aditzean (Xurio); Ikusten duzunean norbait, zuhurtziaz, zuzentasunez […] berregindua, separa ezazu halaber, bere baitarik duena, Zerutik errezibitu duenaganik (Haraneder); Errebizi ezazu, eta bete gaitzazu zure graziez. […] Oroit zaitez halaber, Jauna, Purgatorioan diren arima gaixoez (Andre-dena).

42.19.5f Baiezko nahiz ezezko partikularekin ere ageri da: Otoitz egin diezazugun hilez eta biziez / Bai halaber atsekabe guri egin nahiez (Etxeberri Ziburukoa); Halatan beraz erran behar da jakintasuna dela gizonaren perla, jujusa eta diamante preziatua, bai halaber adimenduko goibeldurak urmariarazten dituen eguzkia (Etxeberri Sarakoa); Zorrozki begiratu behar gara jendeen laudorioen eta munduko ohoren gutiziagatik, deusik ez egin sekulan xede hortaz, ez halaber huts egin gabe egin gogo zenik deusik, mundutarren burlen eta erasoen beldurrez (Duhalde).

42.19.5g Eta juntagailuarekin batera: Heldu naiz zure oinetara / Amudioz kargatua, / Eta halaber etortzen naiz / Beldurrez arrailatua (Gazteluzar); Obligatuak dira hartu dutenaren lehen baino lehen errendatzera, eta halaber egin duten damuaren erreparatzera (Akizeko katixima); Nagusi batzuk halakoak dira non, ezagutzen ahal balituzte beren sehiak eta halaber beren burua (J. Etxepare).

42.19.5h Eta juntagailua eta baiezko nahiz ezezkotasunaren partikularekin: Eskribitzen den gauza, hobeki pentsatzen eta konsideratzen baita, berehala solasean erraiten dena baino, eta bai halaber, halatan huts ere gutiago egiten (Axular); Behin elkargana abiatuz gero, gaitz da handik pizten den suaren iraungitzea, eta bai halaber jendearen ixilik edukitzea (Axular); Alde horretatik, aztertu egin beharko litzateke diktaduraren eragina euskararen galeran, eta bai halaber —burura datorkidan lehen etsenplua jartzearren—, herritar ez euskaldunei ematen omen zaien tratu gutxieslearen egiazkotasuna (Atxaga).

42.19.5i Ere diskurtso markatzailearekin bakarrik agertzen ahal da: Eta ezkontza saindu Jainkoaz ordenatu hau da halako bertutetako, non haren kausaz senarrak ez baitu bere gorputzaren boterea, baina emazteak: emazteak ere halaber ez du bere gorputzaren boterea baina senarrak (Leizarraga).

42.19.5j Autore batzuen artean aski arrunta da DM hau modu-konparazioa egiteko erabiltzen ditugun perpausetan aurkitzea, eta hala hutsaren ordez jartzen da orduan: Nola espantatzen baitu dragoiak marinela / Halaber izuturen du Antekristok fidela (Etxeberri Ziburukoa); Ezen nola zelaietan erriberek bidea / Halaber nahi dik egin Justiziak berea (Etxeberri Ziburukoa). Hemen ikus daiteke berriz ere halaber eta ere-ren artean dagoen parekotasuna, nola … halaber bikotea bezala … ere bikotearekin ordezka baitaiteke: Ezen erriberek zelaietan bidea egiten duten bezala nahi du Justiziak ere berea egin.

42.19.5k Esan dezagun bukatzeko, diskurtso markatzaile gisa aztertu dugun honek -ko atzizkia hartzen ahal duela, izenlagun bihurtuz horrela: Fermuki sinesten dut entzutera noan meza dela. Jesu-Kristo zure seme Jainkoaren gorputz eta odolaren Sakrifizioa; ofritzeko manera halaberekoa ez izan arren, hark berak Kalbarioko mendian gizon guztientzat ofritu zuen Sakrifizio hura bera (Andre-dena). Adibideak erakusten digu orain markatzaile honen aditzondotasuna argiago, ezin baitugu ahaztu, azken batean, diskurtso markatzaile asko aditzondoak (edo aditzondo izanak) ditugula lotura kontuetan erabiltzen ditugunak.

42.19.5l Markatzaile honen parekoak ditugu berebat eta orobat DMak ere. Ondoko adibideotan ikus daitekeenez, halaber bezala, DM hauek ere perpaus hasieran, perpausaren barnean, juntagailuekin eta abar erabiltzen dira.

Hona hemen batzuk perpaus hasieran, esate baterako: Hirugarren egunean goizean-goiz mendia hodei ilun batek hartu zuen, eta hasi ziren tximistak irteten, eta trumoia jotzen. Berebat aditzen zen tronpeta-soinu zorrotz bat, jendea mendiranz alderatzeko, ziona (Lardizabal); Mirenek eskeni didan baino zorion biziagoa behar du nere bihotzak, eta aurkitzen ahalegindu behar dut denaren gainetik. Berebat, pentsatu gabe aukeratu nuen nere bizibidea; eta ez naiz zoriontsu inola gabe (Txillardegi); Bat-batean aziendak janariz aldatzen badira. etortzen zaie hantura edo bertze gaitz zenbait. Orobat, bazka berdeak akabatzerakoan, ez dizatzula abereak bat-batean ezar jan idorrean: bero daitezke (Duvoisin); Baztandarra zen Francisco de Elizondo aita kaputxinoa ere, besteen artean “Lore usaindun mamitsuak” liburua izkiriatu zuena. Orobat Amaiurko erretore izan zen Cruz Goyeneche jaunak ere euskaraz apainki idatzi zuen (Izeta).

Perpausaren barnean orain: Han ez nuen ordea irakurri, bereetara etorri zela eta bereek ez zutela ongi hartu; ongi-etorri egin ziotenari Jainko-seme izateko eskubide eman ziela. Han irakurri nuen berebat, hitza, Jainkoa, haragitik, odoletik, giza-gogotik ez baino Jainkoagandik sortua dela (Orixe); Zerura igaten banaiz, zu han zara; ifernura jausten banaiz, orobat han zara (J. P. Arbelbide).

Juntagailu nahiz diskurtso markatzaileekin oraingoan: Ikara latzetan nengoen, eta berebat sutu nintzen, aita, zure urrikia itxaron ez eta hartan poz- jauzi eginez (Orixe); Jatekoak diren zerak ere, ageri dira eskaparate zabaletan, eta edariak orobat (Erkiaga); Jainkoaren fedea beheraka dijoan neurrian, morala ere berebat amilka dijoakigu (Villasante).

42.19.5m Aipa dezagun hemen, azkenik, orobat…nola egitura ere ageri dela euskal literaturan (hala…nola, nola…hala esanahiarekin): Hemen emaztekia orobat trabajatzen da, nola gizakia, mendi lanetan (Mendigatxa); Nola hegaztiak ikusten duen saretik ihes egiten baitu, orobat egizu (Zerbitzari).

Horietan aski argi dago egiazki aditzondoa dela, adberbioa.

42.19.6. Behintzat (eta segurik)

42.19.6a Hasieran esan dugu emendiozko diskurtso markatzaileak bi sailetan banatzen ditugula. Orain arte ikusi ditugu lehenbiziko multzokoak, nolabait ere ‘neutroenak’ direnak edo. Gaineratze hutsa egiteko erabiltzen ditugula aitortu dugu sarreran. Orain ematen diogu hasiera bigarren multzoari: baldintza estuagoetan erabiltzen ditugu DM hauek. Eta hauen artean behintzat dugu lehenik aztertuko duguna. Forma aldetik, eta DM honen historia kontuan hartzen baldin bada, ongi ikusten ahal da behin adizlagunak eta -tzat destinatiboan eta prolatiboan ageri den atzizkiek osatzen dutela DM hau. Idazleen artean aldaera bat baino gehiago izan du, ohitura den bezala anitzek ez baitute tarteko ‘h’ hori erabili eta beste batzuek ‘-tzat’ horren ordez ‘-zat’ nahiago izan baitute: beintzat, behintzat, beinzat eta behinzat, ageri dira lekukoetan. Zenbait euskalkitan behin bera bakarrik ere erabiltzen da: Honek behintzat, ez dio berriz ere sartuko eskua zakurrari letaginetan; Honek behin, ez dio berriz ere sartuko eskua zakurrari letaginetan. Literaturan ere ez dira holakoak falta: Patar gaixtoetan, arbolak du ematen hobekienik; hastapenean ongi artatuz, oihana nagusiarazten bada. Semeak. Gaur behin erran didazu xitxuriak egin behar duela (Duvoisin); Itsasoa ez ote dugunez, hemen ere ikusi gabe utzi behar? Hala luke iduri, behin (J. Etxepare).

42.19.6b Bestetik, hitz hau biltzen duen kategoria eta ere hitza biltzen duena, kategoria bera ez bada, oso hurbilekoa dela esan dezakegu. Biek egiten diote erreferentzia ‘beste’ zerbaiti, aurreko perpausen batean baieztatu nahiz ukaturiko zerbaiti alegia. Horrela, ni ere joango naiz esaldian ‘beste norbait’ joango dela baieztatzen ari gara. Honen antzera, ni behintzat joango naiz baldin badiogu, berriz, ‘beste norbait’ez ere ari gara, norbait hori ez dakigularik joango den ala ez, dudan jartzen baitugu ekintza hori. Baina ekintza bera dudan jartzen dugun arren, behintzat diskurtso markatzaileak berarekin darama erreferentzia horren egitearen ezinbestekotasuna. Hau da, bi kasuetan (ere-rekin eta behintzat-ekin) erreferentzia hori nahitaezkoa da: halako tasunak dituen multzo batean sartzen naizela ni, diogu batean, ere darabilgunean; behintzat-ekin, berriz, ez gaudela ziur bestea multzo horretan ere sartzen den ala ez, baina ni bederen, ni hor sarturik nagoela kontu segurua da.

42.19.6c Funtzioari dagokionez, esan denari buruz nolabaiteko muga jartzeko erabiltzen du hiztunak behintzat diskurtso markatzailea. Esanahiaren aldetik bederen, behinik behin, segurik edo bederik DMen baliokide da gehienetan. Izan ere, zenbait kasutan, aurrerago ikusiko dugun moduan, eta batez ere harridurazko esaldi mota batzuetan, behintzat bakarrik erabiltzen da, ez gainerakoak. Azken urteetan aski zabaldu den gutxienez DMa ere sail berekoa da, baina honen erabilera batez ere zenbatasuna adierazten duten sintagmetara mugaturik ageri da literaturan: Gurutzean josirik zegoela ere, hiru hitz gutxienez otoitzezkoak izan ziren (Inza); Ez ziren zentzatu, gehienak behintzat, aginte honekin ere, eta agindu behar izan zuen berriro elizak, komulga zitezela gutxienez urtean behin, pazko loratuan (Agirre Asteasukoa).

42.19.6d Esanahiaren aldetik diskurtso markatzaile guztiok oso hurbil baldin badaude ere elkarren artean, distribuzioari dagokionez, euskalkiak hartu behar dira kontuan. Ondoko lerroetan esango denez, oso esanahi zabala har dezake DM honek, nolakoa den testuingurua. Maiz aski, perpausean adierazten den ekintzaren baiezkotasun edo ezezkotasunean, markatzailearen aurrean biltzen diren sintagmei halako muga bat jartzeko erabiltzen du hiztunak behintzat, horri kontrajartzen zaion informazioa isiltzen dugula adieraziz edo: Koldo eta Jone behintzat etorri dira.

Hain zuzen ere, adibide horretan, Koldo eta Jone (Koldo eta Jone bederik, Koldo eta Jone behinik behin) etorri direla adierazten dugu, gainerakoen etortzea zalantzan jartzen dugun bitartean. Gure adibidearekin segituz, Koldo eta Jone etorri direnen multzokoak direla ari gara esaten, multzo horretako besteak nor izan daitezkeen, baldin badira ere, berdin zaigula.

Adibide hori izan daiteke agian diskurtso markatzaile honen erabilerarik zabalenaren ispilu. Orain arte ikusi ditugun gainerako DMekin gertatzen den moduan, testuinguru egokia izan gabe nekez erabil daiteke DMa, esan nahi baita, ez garela gure solasean besterik gabe hasiko DM hau barnean daukan perpaus batekin zuzen-zuzenean, beste zeozer presuposatzen ez dugun bitartean behintzat. Goiko adibide horretan hiztunak badaki norbait etorriko dela edo jendearen esperoan dagoela, nahiz agian une horretan ez den ziur jende guztia azkenean agertuko denentz. Horregatik baieztatzen du Koldo eta Jone gutxienez baietz, horiek etorri direla, perpausaren galdegaiaren baiezkotasuna azpimarratzen delarik hor. Esaldi hori honako galdera honen erantzun egokia litzaieke: Etorri da norbait?

42.19.6e Ekintza horren ezezkotasuna markatzeko ere berdin-berdin erabil dezakegu diskurtso markatzaile bera: Koldo eta Miren behintzat ez dira etorri. Adibide horretan egoera desberdina dugu: badirudi Koldo eta Miren, besteak beste, espero genituela baina oraingoz hauek ez zaizkigula agertu. Ez dakigu ziur besteak etorri diren ala ez, baina badakigu Koldo eta Miren ez daudela hemen. Ekintzaren baiezkotasun eta ezezkotasun hau dela-eta ez da harritzeko diskurtso markatzaile honen ondoan bai eta ez (edo baiezkotasuna nahiz ezezkotasuna adierazteko erabiltzen ditugun bestelako partikulak) ere agertzea. Horixe da, hain zuzen ere, literaturan behin eta berriz ageri zaiguna: Herriari gebendu zaion hura lurperatzeko asmoa al dun? Hura behintzat bai, neba baitut, baita hik ere, nai ez badun ere (Zaitegi); Gizon guztiak, Kain bezala, izandu ziren gaiztoak? Gehienak behintzat bai (Ubillos); Hori duk-eta, astotxu! Honetan behintzat baietz neu nagusi izan! esan zuen otsoak, pozaren pozez dantzan hasten zala (F. Bilbao); Ikusiko duzu beti diharduela euren buruak garbitzen. Txerriak behintzat ez (Uriarte); Egun denetan daude sarturik elizan, / abadien aurrean santu baten gisan; / gero ikusi behar zer moduz dabiltzan, / zintzo asko orain arte behintzat ez da izan (K. Enbeita).

42.19.6f Perpaus galdegaiaren baiezkotasunaz eta ezezkotasunaz aritu gara: ez da beharrezkoa, hala ere, galdegaia perpausaren baiezkotasuna nahiz ezezkotasuna izatea, galdegaia beste zerbait ere izan baitaiteke: Rahab emakume galduaren izenekoa zen: hala ere, edo bere bizitza gaiztoa utzita zeukalako, edo Jainkoak ordu hartan bihotzean ukitu ziolako, Israeldarrei behintzat, txit arrera ona egin zien (Lardizabal); Eta neure buruaz baino urrikiago nintzen nire nagusi gaixoaz, zortzi egunez ez zuen ezer ahora eraman-eta. Etxean behintzat, ondo egon ginen jan barik. Nik ez dakit nondik zebilen eta zer jaten zuen (Orixe).

Adibide horietan behintzat-en ezkerraldean ageri dena mintzagaia den arren, galdegaia gauza anitz izan daiteke: txit harrera ona eta ondo.

42.19.6g Oso arrunta da behintzat diskurtso markatzailea zenbatasuna adierazteko erabiltzen ditugun adberbio eta zenbatzaileen inguruan agertzea: Zazpigarrena, prestaera ederrarekin hartzen duenaren bihotzean isurtzea, askotan behintzat, bere gozotasun miragarriak, arimako bakea, eta atsegin- kontentu garbiak (Agirre Asteasukoa); Bai, hamar… edo asko behintzat, ardi, behor, moxal eta otso denak nahastean, batabestearen atzetik lehiaz, garo sailetan aurrera itsuturik, otarietan barruna zarrapaztaka… (Agirre).

42.19.6h Esan dezagun laburtzeko, bada, behintzat DMa pareka daitekeela batzuetan segurik-ekin eta bederen-ekin ere: adibide horietan edozein DM jar daiteke. Dena dela, azkeneko honek baditu behintzat-ek biltzen ez dituen esanahiak.

42.19.6i Diskurtso markatzaile hauen erabilerak, beti bezala, zerikusi handia du hiztunaren eta entzulearen presuposizioekin. Esaldi bera gerta liteke onargarri edo ulertezina, hiztunaren presuposizioa ere aldatzen denean. Horrela, jo dezagun ondoko hau: Nahiko bat behintzat aterako du.

Hor ulertzen dugu, gure presuposizioa da, nahiko baino gehiago ere atera daitekeela, bestela ez bailuke zentzurik perpaus horrek. Ikus dezagun beste honako hau: Bikain behintzat aterako du.

Egoera arrunt batean ulertezina litzateke perpaus hori. Jo dezagun, ordea, ikasketak bukatu berri dutenen artean aukeratzen ditugula hoberenak eta haien artean banatu nahi ditugula sariak. Eta sari horiek bi direla: “Ikasketen Sari Berezia” (hoberenentzat) eta “Bikain”, besterik gabe (bigarren gelditzen direnentzat). Orduan, testuinguru horretan (Bikain baino sari hoberik onartzen dugulako presuposizioan), goiko esaldi hori zuzen legoke. Ez dezagun ahaztu, norbait edozein azterketatara aurkezten denean ‘zero behintzat’ seguru daukala. Ber gauza suertatuko zaigu bestela ere: Everest behintzat igoko du.

Guretako, segur aski ere, normalean Anbototik edo Gorramenditik pasatzen ez garenondako, ez du ez, perpaus horrek zentzu gehiegirik. Hala ere, gu izan beharrean Himalaia aldera abiatu den mendizale batek esaten baldin badigu, eta mendizale horren asmoa baldin bada Everest-ekin batera Lhotse eta Annapurna ere igotea, orduan, eta orduan bakarrik, perpausa bere tokian egongo litzateke.

42.19.6j Behintzat, ordea, ez da euskalki guztietan ezaguna eta diskurtso markatzaile honen lekuan zenbait euskalkitan segurik da erabiltzen dena, horrela bereizten direlarik mendebaldeko (behintzat) eta ekialdeko (segurik) euskalkiak: Hortaz, goiko adibide horietan berdin-berdin erabil daitezke bi DMak, bata zein bestea, pare-parekoak direlako: Koldo eta Miren behintzat etorriko dira; Koldo eta Miren behintzat ez dira etorriko; Koldo eta Miren segurik etorriko dira; Koldo eta Miren segurik ez dira etorriko.

Horien parekoa dugu, geroago ikusiko dugun moduan, bederen DMa ere (§ 42.19.7) eta behintzat bezalaxe erabil daiteke, nahiz, literaturan ikusten denez, ezezko perpausetan maizago ageri diren beste bi DMak: Koldo eta Miren bederen etorriko dira; Koldo eta Miren bederen ez dira etorriko.

Zernahi gisaz, honek ez du adierazi nahi behintzat eta bederen berdin-berdinak direnik. Bi diskurtso markatzaile horiek alor semantiko diferenteak dituzte, eremu handi eta zabal batean (handienean) bat egiten duten arren: bederen DMak badu besteak ez duen baldintzazko kutsua. Beherago itzuliko gara puntu honetara.

42.19.6k Behintzat diskurtso markatzaileak baditu beste bi erabilera aipagarri: harridurazko zenbait perpausetan ageri zaigunean, eta lehenik edo horrelako zerbait adierazi nahi duenean. Jakina, DM hau perpaus arrunt guztietan aurkituko dugu (adierazpen perpausetan, baldintzazkoetan, aginte perpausetan eta abar). Zernahi gisaz, badira literaturan harridurazko perpaus berezi batzuk: Jasoko dute deabruak, eta hondatuko dute behingo-behingo baten ifernuko sugarretan. O zori-gogorreko bekatuak behintzat! (Añibarro); Zu zara ene odola eta ene gauza guztien gainetiko gauza. O odol estimagarria beintzat! (Añibarro); Inaziok, Santa Teresak, San Joan Kolunbanok, beste mila ta mila askorekin batera, egiaztuko dute nik diodan gauza hau. Bai beintzat, liburu santuak dira zeruko su ederra bihotzean pizteko su-harri ta kaltzeru alazokoak (Uriarte).

Halako kasuetan, ikusten denez, behintzat jarri baldin badu ere idazleak, aski argi dago hor ez dela segurik edo bederen erabiltzen ahal. Egun, hau esango genuke, besteak beste, hor: bai noski, bai horixe, bai eiki, bai segurki, bai phürü (euskalkien arabera, eta ezezka ere gauza bera).

Ohart gaitezen, bide batez, segurki diogula hor, eta ez segurik. Beraz, behintzat eta segurik parekoak izanik ere, harridurazko esaldiotan idazle bakan batzuek behintzat erabili arren, ez dugu guk horrelako adibiderik aurkitu segurik-ekin. Aldiz, oso arrunta gertatzen da segurki halakoetan.

42.19.6l Idazleen arabera, behintzat leku askotan ageri zaigu perpausean. Perpaus hasieran, esaterako: Kondairatzaile adituenek, goian jaio zala diote […] Behintzat sala-nagusi izandu zen atalburuban kanpoko aldetik eta ondoko sala-aurrearen etxe-goian irakurtzen da honela (J. I. Arana); Gaixoren bat zeharo gaizkitu zaio-eta. Azpiletako gizona. Beintzat, ez zigula hitz egin nahi bazirudin. Lehenago ez zen honelakoa (Labaien).

Kontua da, ordea, behintzat-ek, perpaus hasieran jartzen dugularik, beste esanahi bat ere izan dezakeela, hiztun askoren ohiturari harrigarri egin baldin badakioke ere: Jorratzeak bi on dakarzke. Behintzat, hiltzen ditu belar gaixtoak, zeinek irensten baitute lurrak ogiari eman behar lukeen gozoa, eta horrengatik premia dira jorrak, bereziki belar tzarrak hazitzen hari direnean edo aintzintxean (Duvoisin).

Badirudi hitz honen esanahia bestelakoa dela hemen. Aurreko zerbaitekin lotura adierazten du, bai, baina beste era bateko lotura, adibide horietan guztietan ‘hasteko’ edo ‘lehenbizikorik’ edo horrelako zerbait esan nahi baitu: Hasteko, hiltzen ditu belar gaixtoak…; Lehenbizikorik, hiltzen ditu belar gaixtoak…

42.19.6m Halako kasuetan, badute lekurik bederen eta behinik behin diskurtso markatzaileek ere? Antza denez, zenbait hiztunek behin bederen erabil dezake (zentzu honekin, hain zuzen): Behin bederen hiltzen ditu belar gaixtoak…

Bestetik, behinik behin ere erabili izan da adiera honekin: Hiru gisatara hutsegin daiteke gai honetan. Hutsegin daiteke behinik behin baldin apaintzen bada bat duen adinari ez dagokion eran (Agirre Asteasukoa).

Testu horretan ikus daitekeenez, ‘hasteko’ edo halako zerbait esan nahi du. Berriro ere ohartzen gara zein hurbil dauden elkarren artean hiru DM hauek: behintzat, bederen eta behinik behin.

42.19.6n Orain arteko adibide gehienetan diskurtso markatzailea perpausaren hasieran aurkitu baldin badugu ere, arruntean, hasiera-hasieran agertu beharrean, tartean agertzen zaigu, hiztunak formula bat baino gehiago erabili ohi duelarik, adibideetan ikusi den moduan. Esana dago hauxe dela agian maiztasunaren aldetik gehien erabiltzen dena: Salatu behintzat, salatu zituen.

Diskurtso markatzailearen ezkerrekoa, aipatu bezala, mintzagai hanpatua da sarritan. Bide batez, esan dezagun mintzagaiaren eta aditzaren arteko erlazioak modu askotara gerta daitezkeela. Goiko adibideak erakusten duen bideaz gain, beste honakook ere ez dira falta: Salatu behintzat, salatu zituen; Salatu behintzat, egin zituen.

42.19.6o Esan dezagun, azkenik, diskurtso markatzailea perpaus amaieran ere agertzen ahal dela: Baina… zuk ere egin behar duzu nik agintzen dizudana, nik egin ahal nezakeena bada behintzat (B. Mokoroa); Ondo ulertu du eskabidea? Gulangokoekin berorren burua bat egitea, Zeuek gura baduzue behintzat (Agirre); Etxerako zerbait inguratu behar. Eta onik al dira gizona ta semea? Oheak hozten ditugu, behintzat (Etxaniz).

42.19.6p Edo koordinazio juntagailu hautakariarekin ere agertzen da noizean behin: Bigarren dohaina: Apaizari dagozkion gauzen jakiundea, edo behintzat hartarako gogotsua, eta arretaduna izatea (Agirre Asteasukoa); Bada sarritan egindako konfesioarekin oso paga zenezake bizitza honetan, edo behintzat atera zenezake zorren zati handi bat (G. Arrue).

Oharño gisa esan dezagun, azkenekoz, DM hau aurreko sintagmari (edo dagokion perpaus zatiari) loturik ematen dugula hizkera doinuan, etenik gabe gehienetan. Hori dela-eta arruntean ez darama komarik aurreko aldetik idazteko orduan, baina komadun adibideak ere aski ugari eta arruntak dira literaturan: Israeldarrei, behintzat (Lardizabal); Afaria, behintzat (A. M. Zabala).

42.19.6q Laburtzeko, hortaz, honela geratzen zaigu DM honen distribuzioa:

a) behintzat, bederen, behinik behin, gutxienez (zenbatasuna), segurik

b) behintzat (harriduretan): segurki, jakina, noski

c) behintzat: hasteko, lehenbizikorik, behin bederen, behinik behin

d) bederen: kontzesio kutsua

Hitz batean: behintzat diskurtso markatzaileak balio du beste lauak ageri diren tokian jartzeko (‘bederen’, ‘behinik behin’, ‘gutxienez’ eta ‘segurik’); behintzat DMa, harridura berezi hori adierazten duenean, ‘segurki’, ‘noski’, ‘jakina’ eta halakoez ordezka daiteke, euskalkien arabera; behintzat DMak beste esanahi bat ere biltzen du, ‘hasteko’ edo halako zerbait adierazi nahiko lukeena: literaturan ‘behin bederen’ eta ‘behinik behin’ ere ageri dira esanahi berarekin inoiz. Azkenekoz, bederen kontzesio kutsuarekin erabiltzen dugu maiz.

42.19.7. Bederen, bederik, behinik behin

42.19.7a Formaz ez, baina esanahiaz (gehienetan segurik) ikusi dugun behintzat diskurtso markatzailearen pareko dituzkegu hiru diskurtso markatzaile hauek. Forma aldetik bederen (edo honen aldaera bedere) eta bederik haurrideak ditugu (bata genitiboaren markarekin eta bestea partitiboaren morfologiaz hornitua). Argi ikusten da, bestalde, behinik behin delako hori behin adberbioaren gainean eraikia dela.

Denek esanahi bera dute, neurri batean behintzat, eta euskalkien arabera daude sailkatuak, lehenago ere esan dugun gisan. Hortaz, “bai” / ”ez” partikulen inguruan, harridurazko perpausetan, sintagmen artean, perpaus hasieran, perpaus amaieran… ondoko adibide hauek erakusten diguten gisan: Haserrego bortitzek, […], osasunik hazkarrena maiz flakatzen dute, batzuetan laster ere bai, eta beti kasik berantxago bederen bai, sukar langita batek bezala (Duhalde); -Berantegi heldu zara; Marianne gaixoa Jainkoa baitan pausatu da! -Alo! Aldi honetan bederen ez dut galdu ene Pauerako bidaia! (Lafitte); Neskatxa kanporat orduko, bere hamar sosekoarekin doluz, urrikitzen zaio muthilari, eta bere khexuan, sakreka hasirik, erraiten du: deabruak eraman baleza bederen! (Barbier); Denborak denak kontsolatzen ditu! Bederen zurekin Europarat eraman nazazu… (Larzabal); Hortik zehar joan eta zer alderdi den itaunduko al dizut? —Bai, enetxo! inor bizi bada bederik (Zaitegi); Edo ez zuen uste ihes egin zezakeenik, edo berak utzi zion, erdizka bederik etsita (Orixe).

42.19.7b Diskurtso markatzaile hauek guztiak oso loturik daude elkarren artean eta sarritan oso zaila da benetako bereizketak egitea. Hori dela-eta (alde batera utziko ditugu harridura perpausez eta “hasteko” bezalako itzuliei buruz aipatu ditugun ñabardurak), ez dirudi batere zaila denik DM hauek elkarren artean trukatzea, erabilera arruntenetan behintzat: Koldo eta Jone behintzat etorriko dira; Koldo eta Jone bederen etorriko dira; Koldo eta Jone behinik behin etorriko dira.

Horretaz gain, lehen esan bezala, harridurazko zenbaitetan behintzat DMa segurki-rekin ordezkatzen dugu eta beste batzuetan (egia esan, gehienetan) segurik-ekin, bederen-ekin edo behinik behin-ekin. Nolanahi ere, eta hemen legoke bederen eta beste DMen arteko desberdintasunik azpimarragarriena, bederen diskurtso markatzaileak badu besteek askoz ere nekezago eskuratzen duten (inoiz eskuratzen baldin badute) kontzesio kutsua: Helduko da, zeharka bederen; Otxoa de Arin, esate baterako, ez da berebizikoa, baina nolabait ere, Bizkai kutsuari eskerrak agian, moldatzen da, trakeski bederen. Argi dago hor ‘zeharka bada ere’ eta ‘trakeski bada ere’ esan nahi duela. Ezin dugu multzo honetako beste DM batez ordezkatu hor.

42.19.8. Badere

42.19.8a Bereiz utzi dugu hitz hau, gure ustez honek aparteko esanahia baitu bere erabilerarik arruntenean. Esan dugun bezala, bederen diskurtso markatzaileak badu zenbait kasutan kontzesio kutsua: Euskaraz ez daki ongi, baina gaztaroan entzunari esker agian, moldatzeko gai da, trakeski bederen. Hor ezin da behintzat esan, adierazi nahi dena ‘bada ere’ edo antzeko zerbait izango bailitzateke. Bada, badere diskurtso markatzailea hortik dator, hain zuzen: “bada+-ere” itzulitik.

Beraz, argi dago bada ere itzuliak baduela kontzesio kutsua. Gure idazleen artean anitzek kontzesibo moduan erabiltzen dute bada ere nahiz badere (badare bezala ere), mendeko perpaus arruntak sortuz horrela. Hori gertatzen da Leizarraga, Oihenart, Duvoisin, Bordel eta beste batzuekin. Berdin-berdin bertsolari askoren artean ere. Kasu hauetan guztietan, esaterako, ez da ailegatu diskurtso markatzaile beregaina izatera eta mendeko perpausaren aditz arrunta dugu: Mundu honetako bizitzea hainbat miseriatara sujet badere, fidelarentzat Jainkoaren benedikzione bat da (Leizarraga); Nauka ni, hotz badere, errerik bihotzean (Oihenart); Guziok nolerebait, eta nola ez dakizuela badere, Meditazio, Kontsiderazio eta Orazio mentala egin ohi duzue askotan (Kardaberaz).

42.19.8b Askotan ez da, ordea, adizki oso bat, iharturik geratu den zerbait baizik: Bi-hiru urte da pasatuxea / zintzotu zela gizona, / nekez badere sinetsi zuen / emaztearen esana; / lantoki ona harrapatu du, / entregatzen du kintzena; / garai batean hori bezela / orain ni nago gizena (Txirrita).

Hor adizkia balitz, badirudi “bazen ere” edo halakoren bat behar genukeela. Bere adizkitasun osoa galtzen duelarik, ordea, diskurtso markatzaile bihurtzen zaigu beharbada, emendiozko gainerakoen esanahia eskuratuz: Beragatik asmo onekin egunean orritxo bat badere leitu behar duzu (Beobide); Nik este bakar bat dut tripan, eta bera zuzen-zuzena, eta hala, ahotik sartuahala, beteahala dijoa bere bidez kanpora, eta apurtxo bat badere barruan geldituko bada, egarria hiltzeko, askotxo sartu behar izaten dut (Urruzuno).

Jakina, hemen formak hain labainkorrak izanik, bederen eta badere bezalakoekin nahasbideak sor daitezke: Bigarrena: urtean behin bedere konfesatzea, edo lehenago heriotzeko peligroan aurkitzen bada (Baztango katixima).

Hor, noski, bederen da: euskalki batzuetan ongi bereizten dira bedere (bederen esan nahi duela) eta badere (bada ere esan nahi duelarik: Hori badere eginen dugu = Hori baizik ez bada ere eginen dugu). Kontua da, nolanahi ere, hitz hau (badere) argi eta garbi diskurtso markatzaile ez baldin bada ere, idazleek erabiltzen duten neurrian, diskurtso markatzaile izateko bidean den adizkia izan daitekeela.

42.19.9. Badarik (ere)

Sail honetan sartu beharko genuke, halaber, badarik ere esapidea (eta horren aldaerak): Eta debozionezko sentimendu haiek guziak merezi ez ditudalarik, badarik ere presentatzen dizkizut ene bihotzeko afekzioneak (Pouvreau); Emazte baten senarra urrutitik heldu bada, emazte hark dakien bezain sarri bihurtu dela, eta haren hitza entzuten duenean, egitekotan amarratua delarik, eta zenbait kontsiderazione bortitzek hura bertzeren artean badauka ere, badarik haren bihotza ez dago loturik, aitzitik bertze gogoeta guziak largatzen ditu, bere baitan solas egiteko senar etorriarekin (Pouvreau).

Zernahi dela, esapide hau ez da gaur egun ia-ia erabiltzen, orain arte ikusitako diskurtso markatzaileek jan baitiote tokia.

42.20. Hautakariak

42.20.1. Sarrera

42.20.1a Sail honetan biltzen diren diskurtso markatzaileak hautakariak deitu ditugu, hiztunak hautaketa bat adierazi nahi duenean erabiltzen baititu. Jakina, hautaketa hori egiteko erabiltzen diren partikularik ezagunenak edo eta ala dira, baina horiek ez dira diskurtso markatzaileak, juntagailuak baizik, nahiz sarritan, beste juntagailuekin gertatzen den moduan, DM bezala ere ageriko zaizkigun. Baina, dena dela, horien berri juntagailuekin batera emanen da.

Hautakariak agertzen diren perpausetan halako kontraesan bat aurkituko dugu, bi zatien arteko aukera bat egin behar baita eta biak batera ezin baitira bete: Edan ura edo egarriak geldituko zara; Edan ura, bestela egarriak geldituko zara. Perpaus horietan badirudi ura edatea eta egarriak gelditzea, biak aldi berean eta batera, ezin gertatukotzat jotzen dituela hiztunak eta, honenbestez, bietako baten aukera egin behar duela. Horra zergatik deitzen ditugun hautakari.

42.20.1b Hurren datozen diskurtso markatzaile hauek hautakariak baldin badira ere, sarri askotan mugak ez daude batere garbi eta esanahi bat baino gehiago eskuratzen dute, unean uneko elkarrizketa baldintzak nolakoak diren. Hortaz, ez da harritzekoa izanen honako DM hau hautakaria dela bai, baina aldi berean emendiozko kutsua edo aurkaritzako ñabardura duela esaten badugu. Betiere, DMen mundua oso labainkorra eta irristakorra baita. Solasaren barneko lotura segurtatzeko erabiltzen ditugunez, gure hizkera baldintzak aldakorrak dira guztiz, mugagabeak eta hainbat baldintzaren pean geratzen direnak. Ikus ditzagun, zernahi gisaz, zein diren DM hautakariak: bestela/bertzenaz, osterantzean, gainerantzean, ezpere(n), ezpabere eta abar.

42.20.2. Bestela, Bertzenaz

42.20.2a Formaz eta sortzez, adberbio ditugu bi DM hauek. Ikusten ahal denez, beste eta -la modu atzizkiaz osaturikoa da bestela (bestelan, bertzela) eta bertze-ren forma gehi -n eta kasu instrumentalaren marka, bertzenaz (bestenaz).

Formaz ez ezik, balioaz ere adberbioa izan daiteke bestela eta, horrelakoetan, perpausaren barruan zuzenean aditzari lotua doa. ‘Beste modu batera’ esan nahi du, hain zuzen, ondoko adibide hauetan ikus daitekeenez: Bestela ezin badut, oinez joango naiz; Ariketa hori bestela egin behar duzu.

42.20.2b Beste batzuetan, ordea, esapide-DM bilakatzen zaigu, beste hainbat adberbiorekin gertatzen den gisan. Eta, orduan, inguratzen duten perpauseko aditz sintagmatik eta gainerako elementuetatik aparte doa, eta normalean horietarik eten batek —idatzia denean, komak— bereizten du.

Bertzenaz, berriz, diskurtso markatzaile lexikalizatu bezala bakarrik erabiltzen da lapurteraz, ez da adberbio beregaina, hau da, bestela hitzak dituen bi esanahietatik batekin bakarrik (DM gisa) parekatzen da.

42.20.2c Diskurtso markatzaile diren aldetik, bi egiteko bete ditzakete hitzok. Gehienetan, aurreko perpausaren aditzari dagokion balizko esanahia dute, betiere halako baldintza bat edo dagoela ezkutuan seinalatuz. Honela: Eguzkia bada, hondartzara joango gara. Bestela, etxean geldituko gara; Haurrek hamarretako joan behar dute ohera. Bestela, oso nekaturik jaikitzen din biharamunean.

Adibide horietan ikusten denez, bestela DMa perpaus oso baten laburduratzat har genezake: “bestela gertatuko balitz”, “eguzkirik ez bada”, “hamarrak ondoren joaten badira”, etab. Beste modu batera esanda: “aurreko perpausak esaten duena betetzen ez bada” esapidearen laburdura litzateke, alegia. Euskal literaturan oso arrunta da erabilera hau eta idazleen artean behin eta berriz aurkitzen da: Irten zaitez bada errota horretatik. Bestela, zagi, eta irin usuraz kargaturik hondatuko zara su eta garren leize izugarrian (Agirre Asteasukoa); Zorionez, ez nauk jaiotzez gorra, bestela mutua izango nindukek gainera! (Jon Muñoz); Eskerrak ez naizen horren marmartia, bestela garraztu egingo bainintzateke erabat, sarri-sarri joango nintzaioke bisita egin eta burua lasaitzera (J. Zabaleta); Bazter zaitez, ihes egizu, ilki bekatutik, bertzenaz, Jainko haserreak harrapaturen zaitu (Duvoisin); Euskaldun etxeko jaunak, euskaldun lur gizenaren jabeak, ohart zaizkiote sator-lan izugarriari! -Edo, bertzenaz, betitik euskaldunik baizen ikusi ez den tokietan (Barbier); -Hik ba, hik eginen duk bide, osagarriak laguntzen bahu segurik… -Hemen bi… -Agian ba… -Ez luke balio, bertzenaz, hola urruntzea! (Larzabal); Etsaiak dituzue oro hemen. Gauden mantso, xahu gara, bertzenaz! (Zerbitzari); Edozein idazlani amaiera emateko orduan, hauxe esaten dut, bestela ez nuke sekula amaituko (Urkiza).

42.20.2d Badu, dena den, bestela markatzaile honek beste esanahi bat ere, baldintzazko perpausaren kutsua guztiz galtzen ez duen arren: “gainerakoan”, “delakoa alde batera utzita”, “hori bazter utziz” eta antzeko esapideen baliokide izango litzateke bigarren esanahi honekin. Beraz, murriztea izango litzateke diskurtso markatzaile honen zeregitea, hurrengo adibideetan ikusten baita: Los Angeles hiri zabala eta hedatua da. Gainera errepideek gain behera gurutzatzen dute. Bestela, ez dago gaizki. (Hor esan nahi da Los Angeles hiriaren zabaltasuna eta bestelako eragozpenak alde batera utzirik, hori guztiori ahazten badugu, ez dagoela batere gaizki gure hiria). Noiznahi hamabost bat egun edo hilabete egingo ditu han elurrak, eta kezka emateko da. Baina, bestela, nik uste baino herri politagoa (Uztapide); Hura ere bat, bere erratekoekin, hau bezala; egungo egunean nehor guti baita haren eta hunen kaskoko gizonik; batek ala bertzeak, ziren tokian, zilo bat ederra utzi baitute, nekez-nekez betetzekoa. Ez ziren, bertzenaz, batere elgar iduriak… (Hiriart-Urruti); Franco hil zelako eta, askatasunaren izenean, dena bihurtu zelako lotsagabe, erasokor eta bortitz. Bestela ez zegoen moderno izaterik (Oñederra).

42.20.2e Diskurtso markatzaile honen kokaguneari dagokionez, adibideetan hala ikusten da, batzuetan hasieran jartzen dugu: Utzi nazan utzi, Madalen. Bestela, bihar goizean ugelduz josia jaikiko naun horrelako igortzearekin (Barrensoro); Isiltzen naiz; bertzenaz nire lagunak samurtuko zaizkit, toki guzia ebasten diedala (Hiriart-Urruti).

42.20.2f Perpausaren barruan ere koka daiteke, bai aditzaren eta bai galdegai ez den beste osagairen baten ondoan: Hobeto esan, aspaldi genbiltzan Nafarroan barrena, mugaz beste alderditik ere Nafarroa baita. Ikus, bestela, nonahi, etxe-aitzinetan nahiz pilota-tokietan (Lizardi); Baliatu zait; barnexko baitziren; Orain, bertzenaz, bizi ez nintzen izanen (J. B. Elizanburu).

42.20.2g Eta, orobat, perpausaren azkenean: -Baina uste al duk, nirekin etorri nahiko duela? -Usteko ez diat ba? -Asko aldatu beharko zian, bestela (Altzaga); Zer egingo nuke nik bestela! (Montoia).

42.20.2h Diskurtso markatzaile gehienak bezala, hauek ere juntagailuen ondoan joan daitezke, haiek gauzatzen duten juntadurari bere balizko esanahia edo indar murriztailea erantsiz. Eta-rekin erabil daiteke, jakina, bai adiera batean, bai bestean: Eta bestela dijoala zakurraren salara (Urruzuno); Ona delako gomendaturikoa bada, kontzientzia txarrarekin uzten dut; eta bestela, denbora galdu izanaren zapore txarrarekin (Urkiza); Baina egiak ez du bide bat baizik; eta, bertzenaz ere, izenak ez baitu usainik, salbu-eta zuen errespetua, xantre horrek, hor, ikusi zuen, keino bat zeriola, eta urrin bat gaitza (Lafitte); Arras zeure gogara mintzo zara; eta bertzenaz, ez dakizu zehatz-mehatz auzia zertan den (Jon Muñoz).

Baina juntagailuarekin, berriz, bigarren adierarekin ageri da gehienetan: Erderatik San Juan de la Cruz, edo holako zerbait itzul nezake, bai, baina, bestenaz, ez daukat idazteko lehengo eznahirik (Orixe); Los Angelesen bizi izan nintzenean nahiko gaizki, baina bestela arazorik gabe moldatu naiz (X. Mendiguren Elizegi); Gertatzen da: kanpoko umelak agertzen dira barruan lantzean behin, hormei hezetasun orbanen lotsak ateraraziz. Itoginen bat, baina bestela ez dago hain gaizki (Cano).

Nahiz ez beti eta ezinbestean: Kostaldeko biztanleek itsasoz bidaiatu zezaketen, baina bestela behartuta zeuden beren bitartekoez lortu zitzaketen baliabideetatik bizitzera (J. M. Mendizabal).

42.20.2i Aski maiz, azkenik, edo nahiz edota hautakariekin ikusiko dugu: Bere flakia aitortu behar. Bere plaua mugatu behar. Edo, bestela, irentsi nazala bere harrokeriak (Txillardegi); Aska nazazue, edota, bestela, egingo diat nik ezegitekoren bat gaur hemen (M. Lekuona); Frantzia beherean, herrausturik ematen da landetan. Hemen ere hala egin daiteke, edo bertzenaz gainerako ongarriekin nahasteka (Duvoisin); Sarrerako ateondoan jartzen dira, meza bitartean, gizonezkoak zutik, Edota, bestela, goiko korura igo (Barrensoro).

42.20.2j Bada diskurtso markatzailearekin ere erabiltzen da inoiz bestela: Esplika beza argiro eta etsenpluekin, bada bestela ezin ondo adi nezake (Mogel); Geure barruko deseoak, eta antsiak, eta geure borondatea Jaungoikoari osoro ematea; bada, bestela, non dagoan gure deseoa eta amorioa, han dago gure bihotza (Gerriko); Nork bada bestela? Izan al zezakeen interesik beste inork? (Irizar); Nondik bada, bestela, holako faboreak (Perurena).

42.20.2k Ezi diskurtso markatzailearekin (= ezen) ere ez dugu adibiderik falta: Ez duzu ororen ehiztea lege zeren naturak behar baitu sostengatu izan; baina zure lege sainduak ez dizu onesten behar baino haboro, eta haboroenik plazer egiten dienen txerkatzea; ezi bestela haragia ezpirituaren kontra altxa litekezu (Maister).

42.20.2l Esan dezagun azkenik, bertzenaz DMak, balio murriztailea duenean, ere DMaren laguntza ere har dezakeela: Ezpeletar batek salatu dit hori belarri xulorat, eta orok badakigu auzoek ontsa badakitela elkarren berri, […] Bertzenaz ere herriak, jendeak bezala dira (Lafitte); Ez dela beti goxo gau eskolako irakasle lan astelehenetan, bertzenaz ere (Bidegain); Aterabidea xinplea da, bertzenaz ere, alemaner errexki gogorat jiten zaizkie deserrituen hilarazteko moldeak (Oronoz).

42.20.3. Osterantzean

42.20.3a Diskurtso markatzaile honen formak ez du, bistan da, inolako zalantzarik eskaintzen: oste izena dago oinarrian, -rantz eta -(e)an kasu marken bidez osatua (ber gauza ‘osterontzean’ formarekin ere). Diskurtso markatzaile bilakaturik, bestela-ren kidekoa dugu, bizkaieraz maizago erabilia: Eskerrak oiloak ematen zion arrautza hari! Osterantzean ez dakit nik bere ortuko porru-berakatzekin bizirik urteterik ote zuenik (F. Bilbao); Agudo ibili behar dugu, osterantzean, haurra ere galdu eginen da (Aresti); Borrokan egiteko, osterantzean, ondorio latzak etorriko zitzaizkidala (P. Rekalde).

Kokalekuari dagokionez, hasieran joateko joera erakusten dute normalean adibideek.

42.20.3b Ondoko adibideetan ikusten den bezala, baina juntagailuaren ondoan ageri da batzuetan eta berriz diskurtso markatzailearen laguntasuna duela ere bai besteetan: […] eskolarako baino gogo handiago izango zuela Nikanorrek nahiz edonork, hantxe mendi bazterrean ibiltzeko eta egoteko. Etxera… bai, jaten eta lo-egiten. Baina osterantzean, hantxe ederto: gauzak hartu, gauzak utzi; eskuetan erabili, sakelan sartu; gero, atera (Erkiaga); Itsas- aldean, bada portu-izkinetan, osterantzean berriz, estazioetan; pixka bat geldi badaude, laster pasaietan; horrela bizi dira egun guztietan (K. Enbeita).

42.20.4. Gainerantzean

42.20.4a Aditzondoa da hau ere, formari dagokionez —gain izenak kasu marka bat baino gehiago hartuz sortua, hain zuzen ere—, baina diskurtso markatzaile gisa erabiltzen dena, osterantzean-en pare-pareko. Gainerontzean aldaera ere badu, gutxiago erabilia egun. Honen, eta orobat bestela diskurtso markatzailearen bi balioak bere ditu DM honek ere: baldintzari dagokiona eta murriztailea. Ondoko adibideetan ikus daiteke hori: Obligazio askoren mende / bizi gara gurasoak, / prezisamente guk hazi behar / haur inozente gaixoak, / erakutsiaz nola diren / Jesukristoren pausoak, / gainerontzean guretzat datoz / kastigu izugarrizkoak (P. Errota); Lagun bezala ona bazen, etsai bezela beldur izatekoa zenuten; gainerontzean, mesede egiteko eta laguntzeko beti prest zegoen (Etxaniz); Ez, ez daukat kexatzerik, gainerantzean aski ona atera zait orain arte (P. Lizarralde); Gainerantzean, egunak ez zuen deus interesgarririk ekarri (Jon Muñoz).

42.20.4b Itxura bertsukoak diren gainerakoan, gaineratikoan eta gainerakotz diskurtso markatzaileek, berriz, balio murriztailea baizik ez dute erakusten: Zeren premiazko atseginak, erran nahi da, ezkontza sainduaren xedera eta intentzionera behatzen dutenak segitu behar direlarik, badarik bihotza eta gogoa ez dira inoiz ere haietan amarratu behar. Gainerakoan, nornahik bertute onen behar handia du (Pouvreau); On da aitari dagokion bihotz baten egitekoa, […] Gainerakoan, ene irakurle maitea, egia da eskiribatzen dudala bizitze debotaz, debot ez naizelarik (Pouvreau); Orduan denok pentsatu genuen lapurrek, gainerakoan hain isilik zegoen etxe hartan pauso hotsak entzutean, alde egingo zutela (J. Zabaleta); Gainerakoan, esan bezala, jatorra zen (J. A. Arrieta); Gaineratikoan, nahasixea izanagatik ere jabalduran naiz, ez dut sofrikariorik batere pairatzen, ez baita guti (J. A. Irigarai).

42.20.4c Kokalekuari dagokionez, hasieran kokatzeko joera nabarmentzen da garbi, noraezekoa ez bada ere. Ikus, esaterako, honako hau: Ez zait hau, gainerantzean, lehenengo aldiz gertatu (Txillardegi); Zalantzarik gabe, Biblia herri-hizkuntzetara itzultzeak eta jende xeheko belaunaldiek, gainerantzean ezer gutxi irakurtzen zutenek, etengabe irakurtzeak kultur onura handia ekarri zuen (I. Mendiguren).

42.20.4d Juntagailuekin ere erabiltzen da, kideko markatzaileak balira bezala edo: Aurreneko uneetako ikas-lanetan Elduaingo parrokiak zerbait lagundu izan behar zion; baina, gainerontzean, berak bazuen zerekin zuritu Seminarioko paga-beharra (Orixe); Haurrak elkarrekin euskaraz mintzo hauteman orduko, gaztigatzen gintuen; baina gainerakoan ez zen batere jaun erretorea baino garratzagoa (Xalbador); Infernuan daudenek ere minagatik, iragaiten dituzten presagatik, dute sentimentu, damu eta urriki. Baina bertze gainerakoan, itsutuak, ostinatuak, eta bere faltarik behar bezala ezagutzen ez dutela, […] daude (Axular).

42.20.4e Ere diskurtso markatzailearen arrimuan ere ez da falta: Baina betiere aldi bakoitzean azken aldikotzat errezibitzen banitu bezala, gainerakoan ere ahal dagidan ongi guzia eginez, […] heriotze on baten egiteko grazia Jainkoari eskatzea (Duhalde).

42.20.4f Kontura gaitezen hemen ezin ditugula nahasi gainera eta orain ikusten ari garen gainerantzean diskurtso markatzaileak, lehenbizikoa emendiozkoa baita (beraz, zerbait gaineratzen duena) eta bigarrena hautakaria. Adibide hauetan ikus daiteke ongi aski hau: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, lurrikarak izaten dira. Hor Los Angeles hiriari buruzko kualitate bat aipatu dugu lehenik (zaratatsua izatea) eta beste bat gaineratu diogu gero (lurrikara tokia izatea). Kualitate horiek bata bestearen kontra jartzen ez ditugun neurrian, beti erabil dezakegu gainera: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, txikia; Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, zikina; Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, garbia.

Zeini zer kualitate erants dakiokeen, perpausean adierazten dugunaren inguruko presuposizioek esanen digute: jo dezagun, esate baterako, pelikula bat egin behar dela eta hiri baten bila gabiltzala horretako. Hiri hori nolakoa nahi dugun, zaratatsua eta txikia, zaratatsua eta zikina, zaratatsua eta garbia, denak zuzen leudeke goiko esaldi bakoitzean. Hala ere, nekez aurkituko dugu inor leku zaratatsuak maite dituena. Hortaz, ondoko perpausa ez litzateke zuzena izanen, hor aipatzen diren bi kualitateak, hain zuzen, elkarren kontrakoak baititugu: ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, oso atsegina.

42.20.4g Balio murriztailea duen gainerantzean diskurtso markatzaile hautakariarekin, ordea, ez da halakorik gertatzen: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, oso atsegina. Hor ez dago inolako arazorik: lehenik kualitatea aipatzen dugu eta gero markatzaile batez baliatzen gara ‘kontu hori alde batera utzita’ edo halako zerbait adierazteko. Beraz, ez ditugu bi baieztapen horiek bata bestearen gainean jartzen hor: lehena ahazten baldin badugu bakarrik eta ahazten dugun neurrian bakarrik, hau da, haren kontra jartzen garen neurrian, da egia bigarrena. Hori dela-eta bietako bat aukeratu behar dugu nahitaez.

Ikus dezagun, azkenik, nola hurrengo adibideak ez duen inolako zentzurik: ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, lurrikarak izaten dira. Hiri bat “zaratatsua” izatea ala ez “atsegintasunarekin” erlazionaturik egon liteke, eta horrexegatik diogu gure gustukoa izan daitekeela nahiz zaratatsua den. Aldiz, zaratatsua izatea, eta, gainera, lurrikarak aurkitzea ez dago, gure munduan, bata bestearen kontra jartzerik. Horra hor zergatik ezin den gainerantzean jarri: diskurtso markatzaile honek halako aukera zerbait eskatzen du, hautaketa baten egin beharra alegia.

Laburtuz, hortaz, hona hemen paradigma osoa: Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, lurrikarak izaten dira; ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, lurrikarak izaten dira; ?*Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainera, oso atsegina; Los Angeles hiri zaratatsua da. Gainerantzean, oso atsegina.

42.20.5. Ezpere(n) eta ezpabere

42.20.5a Ezpere(n) diskurtso markatzaile zaharkitu hau ere (egun ez da ia ageri testuetan) bestela-ren parekoa dugu, neurri batean bederen. Izan ere, besteak beste, baldintza moduko hautaketa adierazteko ere balio baitu: ‘horrela ez bada, aurreko perpausak esaten duena betetzen ez bada’ edo adierazten du ezperen-ek adiera horretan. Eskema baten bidez, honela irudikatuko genuke ezperen-ez osatzen diren perpausen esanahia: A, ezperen B = A, eta A ez bada, B.

Hori ikusten da adibideetan: Genobebak samurtasunik handienaz eskutik heldu zion, baina berak eskua atzeratu, eta izuturik esan zion: ai!, utzidazu; zure eskua hotza dago gela bezala. Eraman nazazu ezperen hilaren esku horrekin zere zulora; bada bizi hau niretzat astuna da eta ezin jaso dudana (G. Arrue); Juje hori zegoela ez jakinez zer egin, mehatxatu handiarekin hitza zioten egin: Pilatus, etsi ezazu Jesusen kondenatzera, edo ezperen zaudezen kargutik ilkitzera (Etxeberri Ziburukoa); Horien aurkez aurke entzun nahi baduzu, esateko gerturik nauzu. Ezperen, yauregi barnera goazen (Zaitegi).

42.20.5b Balio murriztailea ere izan dezake, bederen eta behintzat diskurtso markatzaileen antzekoa, hain zuzen: Eta baldin zure borondatea ezpada, Jauna, hanbat grazia egin dakigun, non leku asignaturik dugun, ezpere permeti bekigu, otoi, ia gure artean jarria den ordenantza, empatxurik gabe kontinua ahal dezagun (Leizarraga); Josef hire semearen / urrikal bekik pena / edo ezperen Birjina / erdi beharrarena (Etxeberri Ziburukoa).

42.20.5c Hirugarren adiera ere badu, ordea, edo juntagailuaren baliokidetzat har daitekeena (juntagailu hautakaria litzateke hemen), edo baita diskurtso markatzaile horren oinarrian dagoen ezpa juntagailuarena ere: Manual debozionezkoa, edo ezperen, oren oro eskuetan erabiltzeko liburutxoa (Etxeberri Ziburukoa); Raquel, ezperen Jetro zeritzon apezaren zazpi alabek jo zuten leku bererat (Larregi).

Adibideetan ikusten denez, perpaus hasieran edo aditzaren ondoren ageri da gehienetan. Juntagailuaren segidan ere.

42.20.5d Ezpabere gaur egun batez ere hizketan bizirik dirauen bizkaierazko diskurtso markatzailea da. Testuetan oso gutxi ageri da. DM hau ezperen-en antzekoa da, lehenbiziko adierari dagokionez batez ere eta baldintza kutsuko hautaketa adierazten du (‘hori betetzen edo gertatzen ez bada’, eta ‘bestela’ edo halako zerbaiten esangura du): Honek berbok emon behar dira oso-osoan? Bai, jauna, guztiak bat utzi baga; ezpabere, ez dago bautismorik (De la Quadra); Zer egin behar du deungaro ezkonduta dagoanak? Bilatu defentsore jakituria handiko bat, eta egin honek esango diona. Ezpabere beti biziko da bekatuan (Mogel); Alemanek ez zuten Gernika txikitu, ezpabere ingelesek eta frantsesek (Egia); Senide eta osagileek esaten zidaten kontuz alkohola, sexu eta telebistarekin, ezpabere txarto ibiliko zara (J. A. Irigarai).

42.20.5e Baizik-en pareko adieran ageri da hurrengo adibidean. Erabilera hori ez da, beharbada, zuzenegia, ezpa hitzak betetzen baitu normalean zeregin hori, eta ez ezpabere DMak. Eta, hain zuzen ere, liburu horren ondoko edizio batzuetan ezpada hitza ageri da, ezpabere-ren ordez (aurkaritza balioarekin, juntagailua litzateke hemen): Bekatu mortalean komulgetan denak hartzen du Jesu Kristo? Bai, Jauna, baina ez bere onerako, ezpabere bere kaltean (Laudioko katixima. Geroagoko edizio batzuetan: ezpada bere kaltean); -Josetxo, ez duzu zertan hartu nahibagerik, Maxima ta Ermokenen berbagatik. -Ez ama euragatik, ezpabere, Eladitori diodan errukiagatik baino (Etxeita).

42.20.5f Esan daiteke, beraz, bestela diskurtso markatzaileak duen lehen adieran erabiltzen dela, batez ere, DM hau: A, ezpabere B = A, eta A ez bada, B.

DM honek ere perpausaren hasieran kokatzeko joera nabarmena erakusten du, noraezekoa ez izanik ere: Zenbat sentituko zuen Jesukristok Judasen doilorkeria hau? Esan begie ezpabere bere berba bigunak: Judas neure adiskidea, esan zion… (Durangoko euskaraz lau sermoi).

Goiko adibideak kontuan harturik, oso arrunta da eta eta edo juntagailuekin batera agertzea, ikusten denez.

42.21. Aurkaritzakoak

42.21.1. Zer diren aurkaritzako diskurtso markatzaileak

42.21.1a Izenak berak argiro erakusten duen bezala, bi perpausen artean gerta daitekeen kontrakotasuna edo aurkaritza aditzera emateko erabiltzen dira sail honetako DMak. Beraz, alde horretatik baina-ren pareko dira nolabait. Azken hau, jakina, juntagailua da berez eta perpaus elkartuak bideratzeko erabiltzen dugu gehienetan: Nirea da liburua baina utziko dizut. Eta horixe da, seguruenik, aurkaritza adierazteko euskarak duen biderik emankorrena. Beste batzuetan, ordea, diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen dugu baina, hau da, testuari berari (eta ez perpaus elkartuari) lotura ezarriz: Zera esan nahiko zuen noski: banatan lo egiteko erabaki horrekin, betirako ari zirela atzera batzeko aukerari atea ixten: izan ere elkarganatze gehienak ohea konpartitzeak errazten zuen gorputzen adierazpenetatik etorri ohi zirenez hitzaren medioz baino sarriago. Baina berdin izan zitzaion orduan (Saizarbitoria).

Horrelakoetan, bistan da, baina-k ez ditu perpausak elkartzen. Testu mailako lotura bideratzen du, hau da, ondoan duen perpausak aurrekoekin nolako erlazio semantikoa duen adierazi baizik ez du egiten, gramatika juntadurarik gauzatu gabe.

42.21.1b Aurkaritzako diskurtso markatzaileek ere horixe bera egiten dute, hots, perpausen arteko kontrastea aditzera eman. Aski luzea da DM hauen zerrenda: ordea; berriz; ostera, aldiz; aitzitik; bizkitartean, bitartean, bien bitartean… ditugu batetik; alta, alabaina, alabadere; dena dela eta dena den; hala ere, haatik, horratik eta hauen kideak bestetik; barren… ere aurkaritzako markatzailea izan daiteke. Azkenik, kontuan hartzekoak dira, orobat, kontrakotasuna adierazten duten esapideak ere: guztiarekin ere, edozein modutan, zernahi gisa, nolanahi den, edozelan ere…

Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaileak dira denak, baina badituzte, hala ere, diferentziak elkarren artean, bai esanahiaren aldetik, bai maiztasunaren aldetik eta bai euskalkiei dagokienez ere.

Perpausean hartzen duten tokiari dagokionez ere bada alderik. Batzuek, inoiz perpausaren hasieran kokatzen badira ere, honen barnean joateko joera dutela dirudi, osagai baten edo zati luzeago baten ondoan (horrelakoak dira, esate baterako, ordea, berriz, ostera eta aldiz); beste batzuek, berriz, perpausaren hasieran joateko joera erakusten dute, nahiz eta perpaus barnean joateko debekurik ez duten (horrelakoak dira, adibidez, aitzitik, bizkitartean, alta, dena dela eta hala ere).

Inoiz, harridurazko perpausetan eta, perpausaren azken tokia hartzen dute berariaz markatzaile hauetako batzuek, hari enfasi berezia emanaz: Munduko pastel guztiak gura nintuzke, ordea! (Irigoien); Beldur naiz dena koxka ez ote den, ordea! (Goenkale); Hara bestea, berriz!

42.21.1c Ondoko ataletan saiatuko gara hori guztia zehatzago azaltzen. Aurrera baino lehen, ordea, beste puntu bat aipatu behar dugu. Aurkaritza diskurtso markatzaile hauetako asko adberbioak dira jatorriz, beste DM anitzekin gertatzen den gisan. Eta gainera, jatorria gorabehera, adberbio garbi bezala jokatzen dute sarri askotan: Bihurtu nahi dut berriz, nire bekatuarekin irabazi nuen estadura (Kardaberaz); Zure iraupenak bigunduko du zerua; Jo atea, egin oles ostera ta ostera, ta irekiko zaizu (Mogel); Dena gutxi izango da, bai, kakañera honekin (berriz ere usain, berriz ere nazka aurpegia), “dodotis”ak ordaintzeko ere ez dugu irabazten eta (Goenkale).

Zenbaitetan, egia da, ez dago argi non ezarri behar den muga, hauxe bera gertatzen baita beste markatzaileekin ere. Dena den, perpausen arteko benetako diskurtso markatzaile gisa agertzen diren kasuak interesatzen zaizkigu hemen eta horiek aztertzen saiatuko gara.

42.21.1d Berez, diskurtso markatzaile deitzen ditugun elementu hauen zerrenda biziki luzea da, eta amaigabea. Antzeko zerbait gertatzen da aurkaritzako hauekin ere. Baina bestetik, eta horretara dator ohar hau, aurkaritzako hauetako batzuk birformulatzaileen sailekoak dira: hemen aipatuko ditugun dena dela, dena den, hala ere… eta gisakoak birformulatzaile urruntzaileak dira eta, hortaz, hemen aipatu bai, baina aztertu birformulatzaileen atalean (43. kapituluan) aztertuko dira.

42.21.2. Ordea

42.21.2a Forma aldetik ordea eta ordean, biak erabiltzen dira. Hedatuena, hala ere, lehenbizikoa dugu; ordean lapurteraz erabiltzen da. Orde-k, hain zuzen, beste zerbaiten edo norbaiten ordain esan nahi du; beraz, perpausen arteko nahiz perpausen osagaien arteko nola-halako aurkaritza edo kontrastea aditzera eman nahi denean guztiz aproposa gertatzen da diskurtso markatzaile hau: Ni zurekin joango naiz, aita ordea etxean geldituko da.

Perpaus bi ditugu hor elkarren ondoan jarriak. Ordea diskurtso markatzaileak bi perpaus horien arteko aurkaritza aditzera ematen du, horretarako bi perpausotako osagai bana hartuta eta biak elkarren kontrakotzat aurkeztuz: ‘nik zerbait egingo dut’ eta ‘aitak beste zerbait egingo du’. Eta horixe da, funtsean, beti aurkituko duguna kutsu adbertsatiboa duten diskurtso markatzaile eta juntagailuetan. Alde horretatik, baina juntagailuaren baliokide hurbila da ordea: Ni zurekin joango naiz, baina aita etxean geldituko da.

42.21.2b Baina juntagailua arruntean bigarren perpausaren hasieran kokatzen bada ere, ordea-k normalean bigarren perpausaren barnean hartzen du toki, perpaus horren osagairen baten ondoren. Horrela, bigarren perpauseko osagai hori hanpatua edo gelditzen dela esango genuke, aurreko beste osagai baten kontra jarriz, bien arteko oposizioa markatuz (ni…, aita, ordea,…). Ezkerrean duen osagai horrekin bereziki lotua joan ohi dela dirudi gainera, komak gorabehera, eta ez ondoren datorrenarekin: Atzenekoak lehenengo, eta lehenengoak atzeneko izango dira: deituak asko dira, esleituak, ordea, gutxi (Lardizabal); Itsasaldera zuzentzen ditu begiak. Ez dakuse begiok, ordea, ezer (Barrensoro); Zer eginik banuen, ordea, eta logelako bidea hartu nuen (Lertxundi).

42.21.2c Gogoan hartu behar da, hori bai, askatasun handia izaten dutela diskurtso markatzaile hauek perpausaren barnean kokatzeko: Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark ordea nahiago zuen perfume on bat; Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark nahiago zuen, ordea, perfume on bat; Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark nahiago zuen perfume on bat, ordea.

Bistan da, hala ere, ez dela nonahi eta nolanahi kokatzen ahal. Mintzagai- galdegai egituraren arabera kokatzeko joera duela dirudi, lege finkorik ezartzen erraza ez bada ere.

Hasteko esan behar da ordea-k ez duela nahitaez mintzagaia markatzen. Goiko perpausaren bigarren atala hartzen badugu (§ 42.21.2b, Lardizabal), adibidez, esleituak, ordea, gutxi esan beharrean, berdin-berdin esan liteke gutxi, ordea, esleituak. Ondoko adibidean ere argi ikusten da hori: Haiek ez zuten; guk, bai, ordea, bi mutilen ezagutza (Orixe).

Bestalde, galdegaiaren eta aditzaren artean normalean kokatzen ez bada ere, ez du debeku handirik galde hitzen ondoren kokatzeko: […] ikusten zuen han egoterik ez zeukala. Nola, ordea, irten? (Lardizabal).

Dena den, euskalkien arteko diferentziaren bat ere egon daiteke ordea-k perpaus barruan hartzen duen kokaguneari dagokionez.

42.21.2d Perpausaren azken muturrean ere joan ohi da inoiz: Hiru bider jo nuen txirrina. Ez zidan inortxok ere erantzun ordea. Kasu horietan badirudi perpaus bien artean gertatzen dela aurkakotasuna, kontrastea zein osagairen artean dagoen bereziki markatu gabe.

Harridurazko perpausen azken muturrean ere sarritan joan ohi da: Zer oinaze ordea! (Orixe). Aditzik gabeko esaldiak dira horiek. Ondorengoa, berriz, aditz eta guztiko esaldia dugu eta ordea azken muturrean doala kontsidera dezakegu, seme hori bokatibo edo baita; beraz, perpausetik kanpo gelditzen den zerbait: Zer duzu, ordea, seme? (B. Mokoroa).

Perpausaren hasiera-hasieran ere ageri da inoiz, hori maiztasunik handieneko kokalekua ez badu ere: Ken ditzadala zugandik nire begiak? Ordea, noratuko ditut? Irauli ditzadala beste aldera? Ordea, zu izan nire alde guzi, zu nire aurre ta atze (Larramendi).

Axularrek erruz darabil horrela, gaurko zenbait idazlek bezala: Bat-batean etxe guztia isilik gelditu zen, eta gizona zerraldo erortzera zihoala ikusi nuen, belaunak huts egiten ziotela. Ordea medikuak eta osabak eutsi egin zioten […] (Atxaga).

Nolanahi ere, bi kasu hauetan badirudi diskurtso markatzaileak berekin duen kontrakotasun balio hori nolabait gesaldua gelditzen dela.

42.21.2e Gehienetan inolako lagunik gabe agertzen da ordea. Ez da harritzekoa, halere, baina juntagailuari lagun egiten diola erabiltzea, baina ordea bikotea osatuz: Aitzbitarte ospetsu hura […] dihoakion santutegi eder jaierazko batean bihurtua aurkitzen da, kapilla eta jarduntza santuetarako etxea ere Jesusen Konpainiak han dituela. Baina ordea, hainbaterainoko damukizuna edo penitentzia neurrigabeak, bada hainlakotzat gero santu berak eduki zituen, aurki oso ahuldu zuten (J. I. Arana).

Eta bai, are maiztasun handiagoz, perpausaren osagai baten ondoren kokatua delarik ere: […] eta esan nuen nire kolkorako: Baina nola ordea, horrenbeste bertsolari aieratzen den herrian, olerkari horren gutxi? (Jautarkol); Gauzaren bat egin nuen… baina, zer ordea? (Navarro); Baina nondik atera dituzute, ordea, berri hauek? (Azkue).

Hauetan baina-ri berez zor zaion aurkaritza indartzera bezala dator ordea. Hala ere diskurtso markatzailearekin batera ere erabil daiteke, aurkaritzaren indargarri hemen ere: Nahi izanez gero, erraz hautsiko zituken hark danak edozertan. Hala ere, ordea, ez zuen egundo indarrik burugabe erabiliko (Barrensoro).

42.21.3. Berriz

42.21.3a Beste hainbat diskurtso markatzaile bezala, jatorriz adberbio da berriz, formak berak argiro erakusten duen bezala: berri + z. Eta erabili ere maiz erabiltzen dugu adberbio bezala, denbora adberbio bezala, hain zuzen. Bertso honetan ikusten da garbi hori: Leitzan jaio ta Orion / bizi dana herriz / hoberentzat jotzen det / rimaz eta neurriz. / Kantatzeko ahosapai / eztizkoa, berriz, / zein eztu hark txoratzen / bere bertso berriz? / Holakorik eztakit / sortuko dan berriz (Goiburu).

Hor ikusten denez, diskurtso markatzaile ez ezik adberbio eta adjektibo ere (bertso berriz) izan daiteke, besteak beste, berriz. Hemen, hala ere, DM gisa duen erabilera interesatzen zaigu eta hori aztertzen saiatuko gara.

42.21.3b Aurkaritza adierazten duen diskurtso markatzailea dugu hau ere eta oso erabilia, gainera. Ordea, ostera, aldiz eta aitzitik-en pareko da alde horretatik, nahiz eta esanahiari dagokionez erabat baliokide izan ez. Ez da erraz, dena den, elkarren arteko esanahi ñabarduraren berri ematea.

Badirudi, esate baterako, berriz eta ordea diskurtso markatzaileen artean erabateko kidetasunik ez dagoela. Badirudi ordea-k nolabait aurreko perpausak baieztatua ezabatu edo ukatu egiten duela; lehenago esan edo presuposatu dena zuzendu egiten duela, alegia, haren kontrakoa baieztatuz. Berriz, aldiz, aurretik esandakoari zerbait berri eta diferente eransteko erabiltzen dela dirudi. Alde honetatik, ondoko bi perpaus hauek pittin bat desberdinak izango lirateke: Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, berriz, lanean geratu naiz; Goizean paseatzera irten naiz. Arratsaldean, ordea, lanean geratu naiz.

Lehenbizikoan, goizekoaren eta arratsaldekoaren arteko aldea edo kontrastea ematen da aditzera; goizean gauza bat egin dudala, alegia, eta arratsaldean beste bat. Bigarren perpauseko aurkaritza, berriz, beste nonbait dago: hor, izan ere, solaskideak uste izan dezakeen zerbait ukatu egiten dela dirudi. Goiz eta arratsalde kalean ibili naizela uste izan dezake hark beharbada, baina ez da horrela, arratsaldean lanean geratu naiz. Ikus dezagun beste hau: —Gu mendira joan gara. —Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, ordea, ezer esan.

Ikusten denez, adibide horretan ordea diskurtso markatzailea jarri dugu, berriz-ek ez baitu lekurik hor: —*Nik ere mendira joan nahi nuen. Ez didate, berriz, ezer esan.

Hitz batez esateko, ordea-k kontrakotasuna adierazten du betiere eta horretan baina-ren baliokide hurbila da. Berriz ez da horren markatua: kontrakotasuna bezala kontraste soila edo aldea seinalatzeko ere erabiltzen da eta horrelakoetan, jakina, ez da baina-ren guztiz parekoa. Zenbaitetan, gainera, badirudi topikoaren aldaketa seinalatzeko baizik ez dela erabiltzen, goiko bertsoan bezala. Emendiozko kutsu bat ere badu horrelakoetan.

42.21.3c Berriz DMa ere bigarren perpauseko osagairen baten ondoren kokatzen da arruntean, osagai hori nolabait nabarmenduz. Sarritan perpaus bakoitzeko osagai bana hartuz bien arteko kontrastea markatzen dugu DM honekin: Begira bada, zein mardo, gizen eta mamitsua nagoen. Hi berriz, zatar hori, burutik oinetara hago, edo hautsez josia, edo basatua (B. Mogel).

Esaldi horretan, eta horixe da gehienetan gertatzen dena, bi perpausek funtsezko egitura bera dute eta berriz-ek bien arteko kontrastea markatzen da. Horrelakoetan, esan liteke diskurtso markatzailearen aurrean kokatzen den osagaia bigarren perpausaren mintzagaia dela. Alegia, DMaren zeregina horixe izango litzateke, osagai horren mintzagaitasuna markatzea edo, gorago esan dugun bezala, mintzagai berria nabarmentzea, mintzagai aldaketa seinalatzea: Arrantzaleak ziren batzuk; besteak, berriz, han inguruan etxegintzan ari ziren langile eta arginak (Barrensoro); Amak bere gauzatxoak eraman nahi; aita, berriz, beranduegi izango ote zen kezkarekin, biak haserretu ziren (Ugalde).

42.21.3d Baldintzazko perpausa ere (hau da, baldintzaren protasia) berez mintzagai izan ohi delarik, diskurtso markatzaile honen ezkerretara ager daiteke: Gaizki hitz egin badut, erakutsi iezadazu zertan hutsegin dudan; zuzen hitz egin badut berriz, zergatik jotzen nauzu? (Iraizoz).

Dena dela, diskurtso markatzaileak ezkerretara eraman ohi duena perpausaren atal luzeagoa ere izan daiteke, aditza bera ere barne delarik. Hau, batez ere kopula-aditz batez osatuetan gertatzen dela dirudi: Ehun laurrealeko bota zituen han bertan, egindako erronkaren eusbide. Mila ogerlekoa izan zan, berriz, apustuaren jasoa (Barrensoro); Katakumetxo bat bezain bigun eta zoli ondoratu zitzaion Balendini neska liluragarria, haren maite-hitzen egarri. Erdi toteldurik eta zorabildurik zegoen, berriz, mutila, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean (Barrensoro).

Adibide horietan mintzagaia perpausaren hasieran ezarri beharrean, atzeratua bezala gertatu dela dirudi, berriz DMaren eskuinaldera pasa dela, alegia. Ez dirudi, hala ere, perpaus horien esanahia, ez komunikazio balioa asko aldatzen denik leku aldaketa horrekin. Horrela, goiko azken perpaus horren ordez, beste honako hau ezar liteke, biak erabat baliokide direlarik: Mutila, berriz, erdi toteldurik eta zorabildurik zegoen, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean.

42.21.3e Bestelako perpausetan ere horren antzeko erdibitzearekin egin dezakegu topo. Galde perpausetan, esaterako: Lehen hain zoragarri iruditu zitzaigun udaberriko zerua, goibeldu eta lainotu zaigu: basoaldean hain eder agiri zen loreak, bidariaren oinazpian burua makurtu behar izan du. Nora joan dira, berriz, gure inguruan ohartzen genituen irri-barreak? (Barrensoro).

Edo aditza isilpean gorderik agertzen denetan ere: Gure ama ernaiak berela ikusi zuen, ikaratu gabe hitz horiek nahasi zitezkela, eta berehala berezi zituen; nik ez, berriz, hark adierazi arte (Orixe).

Gogoan hartu behar dena hau da: diskurtso markatzailea ez dela agertzen galdegai den sintagmaren eta aditzaren artean. Horrela, lehenbiziko adibideak zuzenak dira, baina ez bigarrena: (i) Aitak amari gona gorria ekarri dio. Ilobak, berriz, osabari txapela ekarri dio / Ilobak osabari, berriz, txapela ekarri dio / Ilobak osabari txapela ekarri dio berriz; (ii) *Aitak amari gona ekarri dio. Ilobak osabari txapela, berriz, ekarri dio.

Bestelako osagai batzuk bai, ager daitezke diskurtso markatzailearen ezkerretara. Galde hitzak, esaterako: Inora ez darama adimentuak, bere ezina adieraztera baizik. Nora, berriz, sentimentuak? (Txillardegi).

Dena den, ohart gaitezen, hor galde hitzaren ondoren agertzen bada ere, ez dela aditzik ageri. Beraz, pentsa genezake aditza agerian balego hauxe genukeela: Nora darama, berriz, sentimentuak? Baina hor ezin da jarri ordea.

Adberbioak ere ager daitezke diskurtso markatzaile honen ezkerrean: Hala eginez, […] oro xuxen gertatzen dira; hala nola berriz, berant jaikitzen denean, oro makur gertatzen ohi baitira (Duhalde).

42.21.3f Aurrean juntagailuren bat edo beste diskurtso markatzaileren bat baizik ez duela ere ager daiteke inoiz: Kontzientzia batzuk dira erne, sentikor, minbera, hertsi: eta berriz bertze batzuk loti, hil, lazo, zabal, eta ez antsia (Axular); Bai horixe! Bestaldetik, berriz, nahiko eskasak ziren lehenago ere gariak-eta […] (Barrensoro).

Baita perpausaren hasiera-hasieran ere: Zein ederki ta laster ikasten duten euskara gaztetxo euskara baino entzuten ez dutenek. Berriz badator Euskal Herrira erdaldun handi edo hazi bat, zein nekez, eta gaizki (Mogel); Arpegia garbitzean […] igarotzen bada eztarritik… ur tanta bat edo beste, ez da baraurra galduko, eta ez eragotziko komunioa. Berriz nornahik daki ahora etorri den txistu mehea, nahiz loditzarra berriz irentsiagatik, komulgatu daitekeela beldur gabe (Mogel).

Horrelakoetan badirudi perpausen arteko kontrastea markatzen dela, mintzagaia gehiegi berezi gabe. Dena den, esan behar da erabilera hau zaharkitua dela eta ez gomendagarriegia.

Gorago esan dugun bezala, emendiozko kutsua ere badu berriz-ek, topiko berria nabarmentzeko erabiltzen baita sarri askotan. Ez da harritzekoa, hortaz, eta juntagailuaren edo emendiozko beste diskurtso markatzaileren baten lagun agertzea maiz. Axularrek, esate baterako, erruz erabiltzen du eta berriz esapidea. Berriz perpaus barruko ohiko lekuetan doala ere erabil daiteke bikote hori: […] berorri gizon ezkongaia eta ni berriz alarguna… Ai nire gizarajoa bizi izan bazen! (Soroa); Liburu gutxi behar da sagardoa polita egiteko; sagar ona. Eta edaten berriz bazekiagu! (Labaien).

42.21.3g Gainera, bestaldetik, bestetik eta horrelako diskurtso markatzaileekin batera ere erabiltzen da inoiz: Bestetik, berriz, industriaren gorakada gertatu zen, eta horrek ere Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuen eraginik biziena (Zuazo).Aurkaritzako baina juntagailuarekin batera, berriz, askoz ere gutxiagotan erabiltzen da, esan dugun bezala.

42.21.4. Ostera

42.21.4a Adberbioa dugu ostera ere: Inori ezizena ostera kentzea neketsuagoa da (Jimenez). Adberbioa berriz-en pareko da gehienetan eta alderantziz-en pareko inoiz. Diskurtso markatzailea ere bada, ordea, eta horixe da hemen aztertuko duguna.

Mendebaldeko euskalkietako DMa da ostera, bizkaierazkoa bereziki. Berriz, aldiz eta horrelakoen baliokidea da. Hauek bezala, osagai baten ondoan erabiltzen da maiz, osagai hori aurreko perpauseko beste bati kontrajarriz: Oraindino, hi bizi aiz; ni, ostera, aspaldiz gero hil nindunan (Zaitegi).

Perpaus osoa kontrajarriz ere erabiltzen da inoiz, ohikoena ez bada ere: —Eta min handiak al ditu? —Minik? Esatekorik ez dauka eduki. Oso nekatua dago, ostera; jausia, makal, erkin-itxura gelditu da (Erkiaga).

42.21.4b Esan dugunez, perpaus barnean hartzen du maiz kokagunea ostera-k —berriz-ek, aldiz-ek eta horrelakoek bezala—, mintzagaia izan daitekeen osagai baten ondoan, hain zuzen: Berein edanago ta bizkorrago egoten dira; ni, ostera, edanago eta hilago, logureak erreten (Azkue).

Zati handiago baten ondoan ere joan daiteke. Aditzaren ondoan askotan: Bildots eder bat erosi zion. Zerekin ordaindu, ostera, txikirik ez zeukan-eta? (F. Bilbao).

Hasieran ere erabiltzen da inoiz, gutxitan bada ere: Ikusirik guztiak direla modu batekoak, doa galdubaga zeukan lotsa, eta doa gutxitubaga beldurra. Ostera, bihurtzen bada eurengana galtzen du lehen geratu zaion lotsa eta beldur puska […] (Astarloa).

Aurkaritzako beste zenbait diskurtso markatzaile bezala, harridurazko perpausen amaieran erabiltzen da inoiz ostera, harridurari indarra emateko edo: Markolbek goizean eginiko arto ta ogi guztiak eskuratuta, osinera bota zituen. Hau bakarrik balitz ostera! (F. Bilbao).

Esan dezagun, azkenik, ostera eta osterantzean ez direla nahasi behar. Ikus azkeneko honetaz dioguna diskurtso markatzaile hautakarien atalean (§ 42.20.3).

42.21.5. Aldiz

42.21.5a Diskurtso markatzaile honen jatorrian ere adberbio bat dugula esan daiteke, zalantza handirik gabe. Hemen, ordea, aldiz DMa dugu aztergai, ez aldiz adberbioa. DM bezala ekialdeko euskalkietakoa dugu batik bat, gaur egun euskara idatzian erabat zabaldua bada ere. Kontrakotasuna edo kontrastea adierazten du aldiz-ek ere eta, aurkaritza saileko beste zenbait diskurtso markatzailek bezala, bigarren perpauseko osagairen baten ondo-ondoan kokatzen da maiz, osagai hori aurreko perpauseko beste bati kontrajarriz: Aroztegia, aldiz, bidearen azpiko aldean, errekaren ondoan (Aintziburu eta Etxarren); Denbora hartan ohi nizun nik zugatik dolore, / orain aldiz zure faltaz mutatu naiz ni ere (Etxepare).

Kontrajartzea aski argi dago bi adibide horietan, hala nola zeintzuk diren nabarmenduriko osagaiak: ‘zerbait nonbait dago / aroztegia’ eta ‘denbora hartan / orain’.

Ezkerreko osagai hori perpauseko mintzagaia izaten da askotan, beti ez bada ere, goiko adibide horietan ere ikus daitekeenez. Mintzagaia markatzeko balio du horrelakoetan aldiz-ek, berriz-ek eta honen kideek bezala.

42.21.5b Beraz, esan bezala, perpauseko osagai baten ondoan izaten du askotan kokaleku aldiz DMak. Normalean, bistan da, osagai osoa izaten da diskurtso markatzailearen aurrean doana. Hala ere, osagai hori apurtuz ikusten dugu diskurtso markatzailea adibide batzuetan: Urguilutsua, eta abiriziosoa sekula ez dira pausuan jartzen: espirituz aldiz pobre eta umil direnak, bake handi batetan daude (Maister); Baina debozionea bihotzean, da Jainkua bere begien aitzinean ez duena gaizki egina erakusten duen hitz batek ehinera ofensatzen du. Nitan aldiz fidatzen dena […] gizonen lotsarik batere gabe izanen da (Maister).

Osagai osoaren ondoren joan beharrean —espirituz pobre eta umil direnak aldiz… eta nitan fidatzen dena aldiz…—, osagaia apurtuz ageri da horietan DMa. Estilistika kontua da beharbada. Dena den, ez dirudi honek jokabiderik ohikoena. Badirudi adibideotan aplikatu den erregela bigarren perpauseko lehen hitzaren ondoren jartzekoa izan dela, kontuan hartu gabe hitz hori perpaus osagaia den ala —hemen bezala— perpaus osagai baten azpiosagaia.

Perpausaren zati handiago baten ondoren ere ager daiteke aldiz eta are perpaus baten ondoren ere, aditzaren ondo-ondoan maiz: Usatu zara anitz minzatzen, hitz guztiaz juramentu egiten, usat zaitez bada orain, aldiz, iuramentuen uzten (Axular); Mintzo zara, zu, zure pentsuen arabera; ni mintzo naiz, aldiz, dudan ezin emanezko lekukotasunez seguratuak diren gauzen gainean finkatzen naizelarik (Lapeire); Jainko Aitari ematen zaion adin handiak aldiz gogoratzen digu haren probidentzia eta larderia handia (Xarriton); Handik alde egin genuelarik, aldiz, uste nuen ezinen nuela sekula idatzi, luma eskuan atxikitzerik ez nuela sekula izanen (Montoia).

Aditza isilpean dagoelarik, ez partikularen ondoren ere ageri da: Nafarrak faborito dira, ez aldiz, bizkaitarrak (Berria); Legearen helburua ura babestea eta kudeaketa zaintzea da, ez aldiz, negozio egitea (Berria).

Perpausaren hasiera-hasieran ere ageri da anitzetan: Ez nuen atsedeten Zu gozatuz; aldiz, zure edertasunak nindekarren, eta berehala nire haziak zuregandik ninderaman (Orixe); Aldiz, Pierre, Jean, François, Jacques, Dominique edo ni bezala Paxkal izendatuko balitz… (Landart); Aldiz hogei urteren buruan zubi berria ez zen oraino arras pagatua (Oronoz).

42.21.5c Diskurtso markatzaileetan ohikoa denez, juntagailuen lagun ere joan daiteke aldiz. Eta-rekin batera maiz erabiltzen da, emendioari aurkaritza erantsiz: Gazte nintzanean, hogei urtetan, / Ardura nenbilen neskatilakan; / Eta orain aldiz, ostatuetan, / diru guti poltsan behar orduetan, / nehork ez nau ikusi nahi konpanietan (Etxahun); Eta haiek, aldiz, beren galderak ezin isilduz: zergatik harrotu ote zen itsasoa? (Xarriton); Erraten da bozkarioa sortzen dela hor dagoen onetik, eta tristura, aldiz, hor dagoen gaitzetik (Xarriton); Eta aldiz, Hazparneko etxea erosi eta antolatuz geroz, bertze lanik ez zuen predikatzea eta konfesatzea baizik (J. P. Arbelbide).

Aurkaritzako baina juntagailuarekin batera gutxiagotan ageri da: Erran suma ukanen duzu. Baina aldiz zuk emadazu Aireari manatzea (Goihetxe); Batzuetan kondesatxo horrek eskale alderraia balitz bezala uxatzen zuen, baina bestetan, aldiz estaltze ederrak egiten zituzten autoko jesarlekuetan (P. Lizarralde); Baina orain, aldiz, bertaratu ondoren, sinesgaitza iruditzen zitzaion (Uribarri).

42.21.6. Aitzitik

42.21.6a Formaz adberbio bada ere, diskurtso markatzaile gisa erabiltzen da batez ere aitzitik. Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaileetakoa dugu hau ere eta, hortaz, berriz, ostera, aldiz eta horrelakoen kidea.

42.21.6b Badu, hala ere, haiek ez bezalako erabilerarik: batzuetan, izan ere, lehenbiziko perpausa ezezka doa eta aitzitik bigarren perpausaren hasieran kokatzen da, honela bi perpausen arteko kontrakotasuna markatuz. Horretan, perpaus hasieran joaten den baizik (eta) juntagailuaren ordain egokia izan daiteke batzuetan. “Ez gaitzazu tentaldira eraman, baizik libra gaitzazu gaitzetik” perpausaren ordez aitzitik duenaz balia gaitezke: Eta ez gaitzazula utzi tentazioan erortzera, aitzitik libra gaitzazu gaitzetik (Beriain). Gainera, sarritan, DM honen ondoren eten bat gertatzen da. Horregatik, zenbaitetan koma ere agertuko da idatzian: Ez gogor egin gaiztoari. Aitzitik, inork eskuineko masailan jotzen bazaitu, bestea ere eskain iezaiozu (Iraizoz); Sendagile irakurriak ez zekien hori guztia, baina ez du ahalketuko gazte amerikarrak bere hutsune kulturalak agerian jarri izanak. Aitzitik, poztu egin da ikastekoak dauzkan emakume kulturadun baten ondoan egoteaz (Saizarbitoria).

Menderatuak diren perpausen artean ere gerta daiteke, nolabaiteko tartekatze modura, kontrakotasun hori. Adibide honetan, esate baterako, bi baldintzazko perpausen artean gertatzen da kontrajartzea: Debozionerik ez baduzu, aitzitik sentitzen baduzu idorra zarela, jar zaitez otoitzetan (Pouvreau).

42.21.6c Batzuetan, lehendabiziko perpausa itxuraz baiezkoa izan arren, berez, ezezkoa balitz bezalaxe da, zeren ‘urrun izan’, ‘gibelatu’ eta horien antzekoak ezezkako predikatuak baititugu. Horietan ere gertatzen da, hortaz, ezezkoaren eta baiezkoaren arteko kontrakotasuna: Urrun da beraz deus egin nahiko dudan haren kontra; aitzitik eginen ditut haren alde egin ahal guziak (Hiribarren).

Nolanahi ere, lehenbiziko perpausa gehienetan ezezka joan ohi den arren, beste batzuetan baiezka doa: Alabaina gizonei barkatzen badizkiezu beren hobenak, zuei ere zuen Aita zerukoak barkaturen dizkizue zuen bekatuak. Aitzitik gizonei ez badiezue barkatzen, zuen Aitak ere zuen bekatuak ez dizkizue barkaturen (Duvoisin); Jantziren batzuk jasotzera etorri da, aldian behin egiten du. Liburuak eta diskoak ere eraman ohi ditu, bereak batzuetan, baina ez zaio inporta, aitzitik (Saizarbitoria).

Aipatzen ari garen kontrakotasun hori nolabait areagotzeko edo, ez-bai partikulak agerian jartzen dira zenbaitetan: Giristinoak ez dira zure etsaiak, aitzitik bai zure zerbitzaririk hoberenak (Joanategi); Horrek ez du noski beraren ospea konponduko, baina Gregorrek, ulertu dugu ja, ez du diskrezioa bilatzen, aitzitik ez dio axola (Markuleta).

42.21.6d Aurkaritza adierazten duten diskurtso markatzaile hauekin, guztiekin gertatu ohi den bezala, perpausaren hasieran joan beharrean, tartekatua ere joan daiteke inoiz aitzitik, nolabait ezkerretara jartzen den osagaiari hanpadura edo emanaz. Erabilera horretan aldiz, berriz, ostera eta horrelakoen pareko da. Ezkerretan daramana osagai soila izan daiteke —mintzagaia, zenbaitetan—: Zaldizkoek esaten zien oinezkoei, haiek baino hobeto borrokatu zirela etsaiarekin; eta oinezkoek aitzitik beste hainbeste zaldizkoei (Beobide); Harrirengan, aitzitik, idazlearen ospea konpartitzeko desira sumatzen du (Saizarbitoria).

Baina perpausaren zati handiagoa ere izan daiteke: Ez dugu beraz zeren eman gure bihotza mundu iragankor honi: egon behar du aitzitik, zerura altxatua; han ediren behar du oraindanik bere egiazko egoitza (Larregi); Neska gazte batekin zegoen eta Juliani ez zitzaion axola izan, aitzitik, poztu egin zen gizon gazteak aipaturiko harremana berreskuratu zuelako (Saizarbitoria).

42.21.6e Aitzitik eta baina, biak, esanahiaren aldetik berdintsuak dira. Hala ere, zenbaitetan biak batera aurkituko ditugu, aurkaritza nolabait indartzeko edo: Egin iezaguk grazia hau, ez duan permetitu nahi gauza hauek sekulan ahantz dakizkigun: baina aitzitik gure bihotzetan inprimatuak ditugularik, abanza gaitezen […] (Leizarraga).

Eta-rekin ere ager daiteke aitzitik. Eta-k lotura adieraziko luke eta aitzitik-ek, bere aldetik, bi perpausen arteko aurkaritza: Anitzetan badirudi karitatez ari garela, eta aitzitik sensuen oldez ari gara (Pouvreau); Kapitalaren atomizazioa dela medio, kapitalaren jabeek indarra galdu dute, eta aitzitik enpresaren goimailako zuzendarien indarra areagotu egin da (Heras).

42.21.7. Bizkitartean, bitartean, bien bitartean, artean

42.21.7a Bizkitartean aurkaritzako diskurtso markatzailea da, ekialdeko euskalkietan erabiltzen dena. Adberbio esapidea da berez. (Jatorriari dagokionez, ikus Mitxelena 1977b: 534). Zenbait kasutan ez da erraza izaten bizkitartean adberbio hutsa den ala DM den erabakitzen, bi erabileren arteko muga ez baitago batere argi horrelakoetan: […] zeren gauza batzuk sori dira, zeinak bizkitartean ez baitira ohorezkoak (Pouvreau).

Beste zenbait kasutan, berriz, nahiko argi antzeman daiteke DM gisa erabilia dela, alabaina eta horrelakoen pare: Iduri zuen bortxazkoa; bizkitartean borondatezkoa gertatu zen (Larregi); Erran dut hezerik hobe dela trefla; bizkitartean belar eskasa denean, hartarik begiratuko da (Duvoisin).

Bi adibide horietan ikus daitekeenez, bigarren perpausaren hasieran agertzen da maiz bizkitartean DMa. Hona adibide gehiago: Ez da zeren deus handirik erran halakoei. Bizkitartean badira egia entzun dutenak leize itsuenen erdian (Hiribarren); Apartamendua giltzatu eta eskaileretan punpatu nintzen, bizkitartean, Jelineken nobelari idortzeko denbora zilegitzen niola kalkulatuz (Borda).

Inoiz, ordea, perpausaren barnean tartekatua ere ager daiteke, zati luze edo laburrago baten ondoren: Honen araberalat haatik, badauzka barnean hiru egotegi luze, erdikoa gorenik, zabalenik ere ba, Baionakoarena baino zabalago. Jakintsuek kausitzen diote bizkitartean akats bat: aitzinaldea, bere ezkiladorre lau hegiekila apalskoekin bazterretan, eta, erdian, sarguiako bere aterbeinoarekin, hau harrizko zango batzuen gainean xut, anitzez berantago egina izan omen du aitzinalde hura, dena ere ez garaitikoari eman zen molde beretan (J. Etxepare).

Zenbait juntagailurekin batera ere ager daiteke bizkitartean DMa. Eta-rekin batera maizenik eta inoiz baina-rekin ere: Ezin sinetsizkoa da, eta bizkitartean egia (Hiriart-Urruti); Gurekin gure haur guztiek gloriako tronuetan adora zaitzatela beti sekulako mendeetan. Baina, otoi, bizkitartean egiguzu zure grazia (Gazteluzar). Esan bezala, hala ere, ez da erraz atzematen hemen noiz amaitzen den adberbiotasuna (denbora adberbioa litzateke) eta noiz hasten den diskurtso mailako marka.

42.21.7b Bitartean dugu sail honetako bigarren diskurtso markatzailea. Itxuraz, morfologiaz, bizkitartean-en pareko dugu. Hala ere, are ilunago gertatzen da, harenaren aldean, honen DMtasuna. Bitartean-en balio nagusia, izan ere, adberbio gisakoa dugu. Eta balio horrekin erlatibozko egituretan agertuko zaigu sarritan. Zalantzak zalantza, ordea, badirudi batzuetan behintzat aurkaritza diskurtso markatzaile gisa ere erabiltzen dela: Asko egoten dira […] herriko gizonik sendoenak noiz itoko ote zaizkien beldurrez eta ikaraz; eta eurak, bitartean, adiskideei edo ezezagun batzuei laguntasuna ematen dabiltzan umantkorrak […] agertzen dira olatu guztiei euskaldun ausarditsuen aurpegia emanaz (Agirre).

Beste DMen antzera, baina juntagailuarekin eta berriz diskurtso markatzailearekin batera erabiltzen da inoiz bitartean: Zorion horrentzat egitzue bestak, baina bitartean, baterarik biak, nahi nuke ukan hartua zure bakezko musua (Goihetxe); Irenek isiltzeko agindu dio, baina bitartean isiltasuna berriz etorri da etxera (Jon Muñoz).

42.21.7c Aurreko bi diskurtso markatzaileez esan denak balio du bien bitartean, (t)arte horretan, eta artean DMentzat ere. Areagotuta, ordea. Izan ere, inon egia bada hauek guztiak berez adberbio direla, hemen da: […] egiñak egin eta / etxera bakean, / ondo bildu behar dugu / aurtengo urtean, / eta denbora badihoa / bien bitartean (Uztapide); Emakumeak bakarrik sartu zitezkeen hildegian. Gizonik ez zen ikusten eguerdiko hamabiak arte. Eta bitarte horretan hildegi-barrena zurizkoz betea (Anabitarte); Kaleetan ere ikusten dira palmerak tarteka. Etxeak, behea ta bizitza bakarra, nahiko itsusiak. Artean, kanpotarrentzat zer-ikusia badaukate (Anabitarte); Bukatzen zuenean, tresna guztiak arras ongi xukatu, oso garbi utzi, eta kontuz-kontuz gordetzen zituen, labainaz betetako kutxattoa besteen ondoan ipinirik. Artean Patxi aurrean egoten zen aitaren zereginak zaintzen (Oskillaso).

Literaturan hain usu ageri ez diren arren, euskalkietan aurkitzen ahal dira arte horretan eta tarte horretan diskurtso markatzaileak ere: Baina Afrikaraino ere hedatu du bere misionesgoa, hiru urtez, Burundi herrian. Arte horretan Baionako hiru apezpikuk beretzat begiztatu dute, bere sekretariotzat harturik lehenak eta eliz-barruko bikario orokor beste biek (Larre); Arte horretan itzuli zaie Joanes semea, Herriko Etxerat joana baitzen mobilizazioari buruzko argibide eske (M. Peruarena); Etxearen aldamenean errementeria eta arotzeria atondu zituen. Tarte horretan Basokoen herria ezagutzeko aukera eduki nuen (Zuazo).

42.21.8. Alta, alabaina, alabadere

42.21.8a Alta, alabaina, eta alabadere aurkaritza adierazteko erabiltzen diren diskurtso markatzaileak ditugu, eta elkarren artean duten kidetasunagatik sartu ditugu multzo berean: aurkaritza balioaz beste, balio esplikatiboa ere badute hirurek eta batez ere ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira, alabaina mendebaldean ere ezaguna den arren.

Alta ekialdeko euskalkietan erabiltzen da, esan bezala, eta XIX. mendearen erditsutik honako testuetan ageri da. Balio bikoitza erakusten du. Gehienetan aurkaritza adierazten du inolako zalantzarik gabe: Joan zen beraz… eta ez zuten hil. Alta egia ederrik entzun zuten (Narbaitz); Eta horra Beloken berean ikusten nuela; zer ari ote? pilota-plazaren erdian, galtza beltz eta atorra xuriekin, pirripitaz nola ibil ikusten iduri. Alta! Bazukeen orduan Aitzol-ek pirripitan ibiltzeaz bertze kezkarik… (Iratzeder); Argiago ikusi nuen hori eleberriak eta Diary idatzi ahala, eta are eta bistakoagoa egin zitzaidan irakasten hasi nintzenean. Alta, emakumeen eta gizonen sexuarekiko jarreraren arteko aldea nabaria izan arren, oraindik ere ez genekien horri buruz nola idatzi (Arrula).

Harridura perpausetan ere erabiltzen da maiz alta. Horrelakoetan enfasi edo indar berezia ematen dio perpausari: Txantxetan ari zara beti, alta ez da momentua! (Mestrot).

42.21.8b Aipatzekoa da, azkenik, bada-ren laguntza izaten duela sarritan, baita aurkaritza adierazten duenean ere, alta bada —edo alta… bada— forma hartzen duela: Denei ohore zitzaien josteta hortan baltsatzea. Alta bada bertso-alde luzeak bazituen gogoz ikasteko antzerkilari bakoitzak (Lafitte); Egia erran, lehen aldikoz entzuten nuen afera hartaz mintzatzen, alta bada, eztabaidak eta auziak zortzi urte lehenago hasiak omen ziren (Landart).

Bigarren perpausaren hasiera-hasieran hartzen du toki gehienetan alta-k, aurreko adibideetan ikus daitekeen bezala. Ez du debekurik, hala ere, inoiz edo behin perpausaren barruan tartekatzeko, zati luze edo laburrago baten ondoren: Bertze solasik nuen alta egungotzat gogoan (Hiriart-Urruti).

Aurkaritza diskurtso markatzaile gehienak ez bezala, badirudi alta ez dela juntagailuekin batera erabiltzen. Aski bakanak dira lekukotasunak: Eta alta, alabak berak erraten nau, hark hola egoten da, hartu liburu bat eta beharbada gau osoa pasatuko du hark hura irakurtu arte (Oxandabaratz).

Zenbaitetan, aise gutxiagotan hala ere, bigarren perpausak aurrekoari nolabaiteko azalpena ematen diola adierazteko balio du: Beraz, ez naiz gure arrazan ni lehena bertsotarako gogoa izan dudana. Aita zena ere, alta, kantari gaitza genuen (Xalbador). Horrelakoetan, izan ere, bada edo horrelakoen kide dela esango genuke.

42.21.8c Alabaina diskurtso markatzaileak balio bikoitza du, baina ez guztiz berdin euskararen eremu osoan. Aurkaritza DM gisa Iparraldeko testu zaharragoetan ageri da batez ere; balio esplikatiboan, berriz, geroago ageri da Hegoaldeko testuetan eta Iparraldeko batzuetan. Holakoetan aurkaritza adierazten du: O zein labur, zein gezurrezko, zein desordenatu eta itsusi diren plazer guziak! Alabaina gizonek haietaz horditurik eta itsuturik, ez dute hori ezagutzen (Pouvreau. Aurkaritza balioan); Ereile gaiztoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soila eta hutsa. Alabaina gutxik daki bere jaioterriko Euskararen erdia […] (Larramendi. Balio esplikatiboan).

Batzuetan biziki zaila da, zernahi gisaz, aurkaritzako balioa eta balio esplikatiboa dutenen artean zuzen bereiztea: Oinazea nagusi nuen kopeta guztian, betazaletan eta sudurrean. Orobat ezker belaunean, ezker eskuan eta ezker besoan. Oinazea ez zen makurrena, alabaina (Epaltza); Nork erranen zuen bizitzak horrelako ezustea eskainiko zidala? Etsaia etsaia zen alabaina eta gure kulturan zurubirik ez zen zilegitzen (Borda).

Inguruak adierazten du zein den markatzailearen balioa. Aurkaritza balioa duenean, bizkitartean eta horrelakoen parekoa da: Askotan arratsa erdiesten da goizeko otoitza egin gabe. Eta alabainan otoitza da zeruko laguntzen eta grazien erdiesteko bidea (Duhalde); Ez dakit emaztearen berririk eta alabaina ez naiz birjina (Axular).

42.21.8d Perpausaren hasieran kokatzen da maizenik alabaina adbertsatiboa, adibide horietan ikusten den gisan. Dena den, ez dira gutxi diskurtso markatzailea perpausaren barruan daramaten perpausak, hala ere-ren inguru bertsuetan: Nire otoitzek lagun egingo dizute. Hauxe da nire burubidea. Badituzu, alabaina, Euskal Herrian ni baino bereter jakintsuagoak, ugari (Azkue).

Ez dirudi, azkenik, oso maiz erabiltzen denik diskurtso markatzaile hau juntagailuekin batera. Dena den, eta-rekin erabiltzen da inoiz: Inoiz ez nuen neure ama ezagutu, eta alabaina bararenganako nire maitasunak jarraitu egin zion betikotasunean (Martínez de la Cuadra).

42.21.8e Aurrekoak baino askozaz maiztasun urriagokoa da alabadere diskurtso markatzailea. Aurkaritza balioan, alabaina, bizkitartean eta horrelakoen parekoa da: Biblia ez da mintzo emazteen adinaz, salbu Sara, Judith ta Anarenetzaz; baina Evarenaz hitzik ez du aipatzen, alabadere dakigu guziak erausturik daudela, gu ere halakaturen garela (Egiategi).

Balio esplikatiboan ere erabil daiteke DM hau, izan ere-ren pareko: Heldu da ordua, eta orain da, non egiazko adoratzaileek izpirituz eta zintasunean baitute adoraturen Aita; alabadere Aitak holako adoratzaileak ditu galdatzen (Duvoisin).

42.21.9. Dena dela, dena den

Diskurtso markatzaile hau birformulatzaile urruntzaileen atalean aztertzen da (§ 43.10.1).

42.21.10. Hala ere, hala eta guztiz ere

Diskurtso markatzaile hau birformulatzaile urruntzaileen atalean aztertzen da (§ 43.10.5-6).

42.21.11. Haatik/hargatik, horratik/horregatik

42.21.11a Forma eta balioa (hargatik, horregatik). Aurkaritza adierazteko erabil daitezkeen diskurtso markatzaileak ditugu hauek: jakina denez, hargatik-ek eta horregatik-ek kasu motibatiboari dagozkion balio arruntak dituzte berez eta horrela erabiltzen dira gainera sarri askotan.

Balio kausala ere badute anitzetan: Sasoiak eta osasunak ez dute zentzurik behar, eta hargatik ez daukate zentzurik (Segurola); Nire karrera unibertsitarioaren amaierak —aste batzuk behar izan nituen benetan jabetzeko— neska ikasleekiko kontakturik batere gabe utzi ninduen eta zer egin? Izena eman behar al nuen hargatik Meetic-en, nire aurretik beste hainbestek egin bezala? (Markuleta); Horregatik bakarrik nahi luke idatz dezala (Saizarbitoria).

Kausa adierazten duten erakusle direnean, bigarren perpauseko aditz sintagmaren osagai izan daitezke, baita are perpausaren galdegai ere, eta bada, beraz, beragatik eta horrelakoen laguntza har dezakete: Hemen laborariak ez daki arbola tratatzen. Hargatik erranen dizut zer egiten den bertze tokietan (Duvoisin); Egiten den falta, txiki bat ezta? Bai; eta horregatik beragatik, hori egin gabe hain erraz […] (Kardaberaz).

42.21.11b Aurkaritza DM ere izan daitezke, ordea: Bidasoa bazenetz ere ez naiz oroitu: ez gara beti Euskal Herri barnean? Hargatik, mugaz honaindiratu bezain laster gozatu zaidala […] (J. Etxepare); Aita galdu genuen arte […] artzantza izan zen ene lan nagusia, handik goiti, hargatik, denetarik zerbait egin behartu zitzaidan (Xalbador); Maianak ez zuen nitaz jeloskor izateko arrazoirik alabaina. Hotz nerraikan. Hargatik beratzen zitzaidan bihotza (Borda); Behatzak kiskaltzeko beldurrik gabe, amuarraietariko bat harrapatu zuen eta ahora eraman. Ez zen hargatik isildu (Epaltza).

Diskurtso markatzaile direnean ez daude perpausean txertatuak. Baina eta ordea-ren laguntza hartzen dute sarritan, baita ere partikularena ere aurkaritza esanahia sendotzeko edo: […] falta duenak ere uka ahal dezake, eta eman ez duela faltarik, baina hargatik, barren hartan, betiere konzientzia bere egian egonen da (Axular); Bada ordea su batetan, guztiak berdin eta elkarrekin egonen dira. Ordea hargatik bekatu gehiago duenak, pena gehiago izanen du (Axular).

42.21.11c Ezezko perpaus zenbaitetan, egia da, zalantzak sortzen dira maiz esanahiari dagokionez, batera zein bestera uler baitaitezke: Gizonak ezbadituzu zure alde, ez trista hargatik; baina duzun damu zeren ez zabiltzan ongi eta begiratuki aski (Pouvreau); Jesukristo zeruan atsedeten badago ere, ez da horregatik behin ere guzaz ahaztutzen (Ubillos).

Ezezko perpaus horiek dira, beharbada, bi erabilera eta bi adieren arteko zubi edo egin dutenak. Beste zenbaitetan, berriz, ezezko perpausetan egon arren, aurkaritza diskurtso markatzailetzat hartu behar dira, zalantza handirik gabe: Lo egin nahi zuen. Ez hargatik ohean, haren aldamenean (Mirande); Ekanduta dauden begiak, ez dira horregaitino minberatutzen (Mogel).

42.21.11d Diskurtso markatzaile direnean hiztegiko berbatzat hartu behar dira, bai hargatik eta bai horregatik ere, hau da, hiztegian berariazko sarrera zor zaiela. DM gisa ez dira, ordea, berdin erabiltzen euskalki guztietan: hargatik ekialdeko euskalkietan izan daiteke diskurtso markatzaile eta horregatik, berriz, mendebaldekoetan. Azken honen aldaeren artean bizkaierazko horrega(i)ti(n)o aipa daiteke berariaz, besteak baino sarriago erabiltzen baita diskurtso markatzaile gisa.

42.21.11e Forma eta balioa (haatik eta horratik). Haatik eta horratik, erakuslearen motibatibotik erakarritako DMak dira. Aurrekoak baino berriagoak dira, baina, haiek ez bezala, hauek diskurtso markatzaile dira beti. Erabilera hori zehazteko eratorriak direla esan liteke beharbada.

Ekialdeko euskalkietan erabiltzen den DMa da haatik, ez oso aspaldikoa (XIX. mendearen hasierakoa): lekukorik zaharrenetan ez da ageri eta hiztegigileek ere ez dute oraintsu arte aintzat hartu, hargatik-en aldaera hutsa zelakoan edo. Orain, ordea, bai hiztegietan lekua aitortzen zaio eta baita mendebaldean toki egiten ere, erabilera jasoan batez ere. Beti, hori bai, DM gisa eta inoiz ez erakusle soil gisa: Bazekien botila barne hartan zela eta haatik ez zuen edireiten (Constantin); Bikario igorri zuten Uztaritzerat. Ez zuen haatik hezur zaharrik han egin behar (Zerbitzari).

Bide bertsua egin du mendebaldeko horratik DMak ere: horregatik formatik eratorria, honen diskurtso markatzaile erabilera ordezka dezake, are zehatzago. Aski berria da horratik ere eta zalantzak izan dituzte hiztegigileek eta idazleek bere eskuko hitz gisa aintzat hartzeko. D. Agirrek, esate baterako, honela zuzendu zuen Garoaren ondoko testua, lehen ediziotik bigarrenera: Au ezta orregatik oitura ona —esan zuan Josepak. Eta bigarrenean: Au ezta orratik oitura ona —esan zuan Josepak. Badirudi, hortaz, bigarren edizioan aintzat hartu duela Agirrek horratik hitza.

Aurkaritza DM gisa erabiltzen da beti horratik, eta inoiz ez erakusle soil gisa: Lastoa badugu ugari; galburuak, horratio, arintxoegi (Barrensoro). Horregatik-ek bezala, ere partikula eraman dezake ondotik, aurkaritza balioa sendotzeko edo: Aren amorroa eta narda! Azkenean, horratik ere, seme bat, Fortunato izenekoa, sortu zitzaien (Etxaniz).

42.21.11f Hartzen duten tokiari dagokionez, DM hauek ez dute berezitasun aipagarririk erakusten. Bigarren perpausaren hasieran bezala barruan ere joan daitezke. Azkenean, ordea, nekezago. Hona hemen adibide batzuk: Jainkoa leku guztietan, eta nonahi dago, horregatik ere Zeruetan zaudena esaten diogu (Ubillos); Festa hau bera zen, orduan ere! Haatik egungo egunak ordukoak ez bezalako begitarte du […] (Larzabal); Albiste gutxi izaten zuten Zabaletakoek. Horratik ere, noiz edo noiz etorri ohi zen eskutitz bate do beste (Agirre); Ni lotsarik gabe Zu ofenditzen: eta Zu horregatik ere, on gehiago niri egiten! (Kardaberaz); Ez dakit noiztik, baina aldi hartan Urepeleko ostatuetan izaten ziren, bi trago eginez gero, bertsotan hasten zirenak karraskan. Ez dut nehor izendatuko, hainbertze baitzen entseatzen zenik. Gero ahatik denak isildu ziren (Xalbador); Guti balio luke hargatik urreak, ez balu bertuterik dirudun jendeak (Hiribarren).

Baita zuzen-zuzenean juntagailu baten ondoan ere: Tarragonako giristinoek bazekiten arras ongi martir sainduak zeruan zirela, eta hargatik triste ziren (Joanategi); Ez dago argirik, guztia da iluna; eta horregatik, ez dut aditzen zelan, baina ikusten dira, pena, eta tormentua ematen duten gauza guztiak (J. J. Mogel). Gaur egungo idazleen artean holako erabilerak ia beti kausazko balioa du (edo azalpen balioa), ez aurkaritzakoa.

Hala ere-rekin gertatzen den bezala, perpaus kontzesiboen ondoan ere erabiltzen dira inoiz diskurtso markatzaile hauek, aurkaritza indarra areagotzeko edo: Edan ez badu ere, jatez horregatik bapo egina da (B. Mokoroa).

Aipatzekoa da, gorago ere adierazi duguna: ere partikularen laguntza hartzen dutela sarritan diskurtso markatzaile hauek, aurkaritza indarra sendotzeko.

Esan dezagun, azkenik, hauek ere erabiltzen direla inoiz harridura perpausetan —azken buruan maiz—, hauei enfasi berezia emanaz: Hori handia zait hargatik! (Duvoisin); Bakarrik: zer den haatik bizia! (Larzabal).

42.21.12. Barren

Leku batzuetan erabiltzen den aurkaritza DMtzat har daiteke hau ere. Ba(da) arren esapidearen laburdura izan liteke. Bigarren perpausaren azken muturrean kokatzen da beti, ez perpaus horretako ezein osagairen ondoan: -Isil zaitez, mesedez! Esan dizut barren! (P. Mujika); Baina, norekin diarduk? Atzo etxetik kanpora ibilli ninduan barren (San Martin). Holako perpausetan agertzen da, hortaz, barren hau: aldez aurretik adierazitako zerbaiti erantzunez edo egiten direnetan; hauen azken buruan, hain zuzen. Perpausaren azken muturrean joan ohi den baina juntagailuaren ordezkoa dela dirudi: -Isil zaitez, mesedez! -Isilik nago, baina!

42.21.13. Badarik ere

XVI. eta XVII. mendeetan hedadura izan zuen diskurtso markatzaile honek ere esanahi bat baino gehiago dauka. Batzuetan kontzesio kutsuarekin ageri da euskara idatzian, Pouvreauren adibide honetan ikusten den gisan: Eta iduri dizu zure gaitzak ez direla xipienak, begirazazu horrela gerta ez dakizun zure pazientzia gabez. Badarik ere direla xipiak, direla handiak, zuk egizu zure ahala guzien jasaiteaz pazientziarekin (Pouvreau). Ñabardura horiek direla eta, aurkaritzakotzat hartu beharko genuke sarri askotan. Ondoko adibide hauetan, esate baterako, juntagailu aurkaritzakoa litzateke: Eta beheititurik ikus zitzan oihalak aldaratuak: badarik ere ez zedin sar (Leizarraga); Baina orain anitz dira menbroak, badarik-ere gorputz bat (Leizarraga); Eta gogo gaiztorik ez dugularik, badarik ere gaiztoak anitz gaizki pentsatzen du, eta beti hitz gaizto haietaz isilik baliatzen da norbaiten bihotzaren iragaiteko (Pouvreau).

Gaurko idazleek bada ere-ren baliokide gisa erabiltzen dute maizago, eta ez aurkaritza zentzuarekin: Enparan diputatuak badaki gustura botako lituzkeela pare bat tiro, kapela zikinen bat aireratzeko badarik ere (Aranbarri); Kuadroa ikusi nahi luke. Beste behin badarik ere, ez dio besterik eskatzen bizitzari (Lertxundi); Ikusten zintuen, ordea, urrutitik badarik ere (Aranbarri).

42.21.14. Aurkaritza adierazten duten esapideak

Aurretik aipatu direnez beste, lokuzio edo esapide mordoa dago aurkaritza adierazteko erabil daitekeena: zernahi gisaz, nolanahi ere, edozelan bere, edozein modutan ere, edozein moduz, guztiarekin ere… Horiek ere diskurtso markatzaileen pareko dira, alde batetik. Berez perpaus osoari —eta ez aditzari soilik— dagozkion adberbio esapideak badira ere, ezin da ukatu kate mintzatuan edo idatzian perpausen arteko lotura adierazteko ere erabiltzen direla, diskurtso markatzaileen pare. Horietako batzuk (nolanahi ere, nolanahi den…) birformulatzaileen atalean aztertzen dira (§ 43.10).

42.22. Ondoriozkoak

42.22.1. Sarrera

42.22.1a Diskurtso markatzaileek, solasaren zatiak elkarri lotu ez ezik, beren arteko erlazioa nolakoa den ere agerian jartzen dute. Erlazio hori perpaus bat aurreko solas zatiaren ondorioa dela seinalatzean datzanean, ondoriozkoak deitzen dira. Gramatiketan ‘ilatiboak’ deitu izan zaie, gutxi gorabehera gauza bera esan nahi duen latinetik hartu hitz batez baliatuz. Baita ‘kontsekutiboak’ ere arrazoi beragatik, aurreko solas zatiaren kontsekuentzia edo ondorioa markatzen baitute. [Azkuek “conjunciones continuativas” deitzen die (1923-1925: § 712); Villasantek “Conjunciones Consecutivas Coordinadas” (1976: 164-169); Lafittek “Conjonctions conclusives” (1944: § 400)]. Zernahi gisaz, kontsekutibo koordinatuak dira, eta ez graduatzailea aurrean duten subordinatuak, hauek mendeko perpausa osatzen baitute menderagailuen bidez.

42.22.1b Ondorioa diogunean zer esan nahi dugun, garbi ageri da honako perpaus bikote hauen arteko erlazioari begiratuz gero:

Hil daEz du gehiago sufrituko

Etxeari kea darioErretzen ari da

Kaleak bustiak daudeEuria egin du bart

Ondorioa adierazten badute, hein batean aurreko solasetik edo perpauseko edukitik ondorioztatzen dena diskurtso markatzaile hauek agerian jarri baizik ez dute egiten, perpausean gordea baitago. Halatan, norbait hila dagoela dioenak ez da dudarik gehiago sufrituko ez duela ere dioela. Inoiz gerta daiteke, ordea, norbaitek perpaus batetik ondorioztatua gezurra edo okerra izatea; hala nola, kaleak bustiak ikusten dituenak euria egin duela esaten duenean, agian ez baitu euririk egin, eta bai kale-garbitzaileak goizean kaleak garbitu izan. Gezurra nahiz egia, ordea, diskurtso markatzailea eta perpausa ondoriozkoak izango dira eta hori bakarrik da gramatikari axola zaiona.

42.22.1c Euskaraz ondoriozko diskurtso markatzailerik ezagunenak hauek dira: beraz (bizkaieraz, Frai Bartolomegan bederen begaz aldaera erabiltzen da), bada, hortaz, orduan. Hauen ondoan, nahiz hain sarri ez azaldu, honenbestez, horrenbestez, hainbestez, halatan eta hala ere ondoriozko DM gisa erabiltzen dira. Azkenik, literatura mailan beste hauek ere agertzen dira, lehengoen konposatuak: orain bada, beraz hunelatan, beraz halatan, beraz horrela, hor(re)taz gero. Lehen eta orain, eguneroko hizkeran eta liburuetan erabilienak bada eta beraz dira. Egia da, bestalde, eguneroko hizkeran beraz-i leku handia kentzen ari zaizkiola hortaz eta berriagoa dugun orduan DMak.

Aipatu DMak ez dira guztiz kide, bakoitzak bere erabilera eta balioa baitu ondoko orrialdeetan ikusiko denez. Hala ere, erabateko kidetasunik ez izan arren, zenbaitetan baliokide gertatzen direnez beraz eta bada diskurtso markatzaileak, kidetasun hau aztertuko dugu lehenik. Bigarren pauso batean bakoitzaren erabilera propio eta bereziak aztertuko ditugu.

42.22.2. Beraz eta Bada kide

42.22.2a Eguneroko hizkeran eta literaturan ezagunenak eta erabilienak izateaz gainera, esan behar da zenbait esalditan beraz eta bada errankide direla, bata nahiz bestea berdin agertzen baitira; esate baterako, ea bada! eta ea beraz! gauza bera esateko erabiltzen direnean. Hala, Oihenartek bigarren neurtitzean honela dio: Eia bada / ordüa da / suretan has siteen / ene harzen (Oihenart). Eta hori bera diogu ‘Salbe’ deritzan otoitzean, OEHk dioenez: dozena bat doktrinatan halaxe agertzen da. Aldiz, Etxeberri Ziburukoak bere Manual Devotionezcoan biak darabiltzan arren, askozaz gehiagotan Ea beraz! Hona lehen aldiz ageri den bertsoa: Ea beraz ikas ezak salbatzeko artea, zeina baita gainerako zuhurtzen Andrea (Etxeberri Ziburukoa). Halaber, bata nahiz bestea aurkitzen ditugu honako esapide hauetan: Bihotz, beraz, bihotz!, eta gorputz… (Duvoisin); Animo, bada, ta fuerza: zeruko erreinuak (Kardaberaz); Ekin, beraz: lur gizena baldin bada… (Ibinagabeitia); Ekin, bada, ekin, Aita nerea, euskarari (Larramendi); Honat, beraz, o Maitea, altxa ezazu… (Etxeberri Ziburukoa); Hona, bada, a Jesus ona, zure miserikordian… (Materre); Horra, beraz, arima madarikatua… (Duhalde); Orai beraz behar diagu jakin (Gazteluzar); Orain bada, sinesten duk… (Etxeberri Ziburukoa).

Horiek bezalako esapideetan ez ezik, guztiz elkarren antzeko diren perpaus luzeagoetan ere aise aurki daitezke beraz nahiz bada, ezertan bereizten ez direla: Ene Aita zara; egidazu, beraz, otoi, zeruko ogi hura (Baratziart); Egizu, beraz, grazia dibinoaren ama… (Baratziart); Jakin behar da bada, emakumeek eduki behar dutela (J. J. Mogel).

42.22.2b Eta ondorioa zeri deitzen diogun argitzeko, hasierako perpaus bikote haiek ere hain bataz zein besteaz elkarri lot dakizkiola badakigu: Hil da, beraz/bada ez du gehiago sufrituko; Etxeari kea dario, beraz/bada erretzen ari da; Kaleak bustiak daude, beraz/bada euria egin du bart.

Balio berekoak direla, batzuetan noski eta diakronian bederen, testu beraren itzulpena egiterakoan idazle batek bata eta besteak bestea darabilela ikusten dugunean ageri da ongien. Hona nola itzultzen dituzten Ebanjelioko zenbait pasarte hiru idazle lapurtarrek, hiru mende desberdinetakoek: Ez da hau Iesus, Iosephen semea, zeinen aita eta ama guk ezagutzen baititugu? Nola dio bada honek, Zerutik jautsi naiz? (Leizarraga); Nolatan dio beraz horrek zerutik jautsia dela? (Haraneder); Nolaz dio beraz horrek: Zerutik jautsi naiz ni? (Duvoisin); Hona, nik igortzen zaituztet zuek, ardiak otsoen artera bezala: zaraten bada zuhur… (Leizarraga); Izan zaitezte beraz prudent (Haraneder); Izan zaitezte beraz zuhur (Duvoisin).

42.22.2c Hori guztia horrela izanik ere, ezin uka bada eta beraz beste batzuetan desberdinak direla balioz eta erabileraz. Har dezagun, esate baterako, honako bikote hau: Zergatik huts egin duzu bada trena?; Zergatik huts egin duzu beraz trena?

Noiz erabiltzen da bata eta noiz bestea? Zertan datza bien arteko diferentzia, biak erabiltzen dituztenen artean, noski? Demagun trena huts egin eta joan behar zuen bilerara iritsi ez denari nagusiak gero kontuak eskatzen dizkiola. Hark here burua zuritu eta benetako arrazoia ezkutatu nahirik, gezurretan esaten diola hasieran: “Bai, bai; garaiz atera naiz etxetik”. Eta nagusiak orduan, ez baitio sinesten, honela diotsala: Bai? Eta zergatik huts egin duzu bada trena? Azkenerako, ordea, bere burua galdua ikusirik, aitortzen diola ezinbestean nagusiak susmatzen zuen egia, hots, ohetik berandu jaiki zela, eta nagusiak orduan: A! Zergatik huts egin duzu beraz trena?

Hor garbi ageri da beraz-ek adostasuna bezala bada-k kontrakoa adierazten duela (edo gutxienez azalpen nahasia eman eta azken arrazoia ondo ulertu ez dela edo antzekoa). Adostasuna eta batez ere oraingoz orokorki kontrakoa deritzaguna zertan datzan ondoren ikusiko dugu.

42.22.2d Alde berbera dutela uste dugu hori bezalako beste bikote hauek ere: Zergatik diozu bada, kristau zarela?; Zergatik diozu beraz, kristau zarela?; Nork esan zizun bada, etortzeko?; Nork esan zizun beraz, etortzeko?

Testu guztietan hori horrela dela baieztatzea gehiegi litzateke, agian. Are, izango dira bataren ordez bestea lasai erabiliko luketela esango dutenak, eta ez da harritzeko, bi DM horien arteko diferentzia oso meharra baita. Halaz ere, uste dugu oro har bada desadostasuna eta beraz adostasuna seinalatzeko erabiltzen direla.

42.22.2e Beraz-en forma eta balioa. Jatorriz bera erakusle indartuaz eta -z kasu markaz osatua dagoen DM honek badu, aipatu bezala, bere eremu propioa, bada-k (oraingoz bien arteko alderaketaz ari baikara) nekez bete lezakeena.

Beraz erabili ohi da ondorioa delakoa ia garbiro eta osoro aurreko perpausean esana dagoenean, eta deus berririk handik atera ez, baina ia gauza bera beste hitz batzuekin esaten denean. Adibidez: Lau senide hil eta hamar bizi gara. -Beraz, hamalau izan zarete. Gehienetan dedukzio bat adierazten du, burua gehiegi nekatu gabe esanetik edonork aise atera dezakeena: Konpondu didate autoa. -Beraz, etorriko zara.

Literaturan maiz erabilia da: -Hi Aresora eraman hindutela ta etxean hazi zutena hil egin zitzaiela […]: hamaika ongi helduak eta bat heldugabe jaioa. -Beraz, anaia badugula linboan? (Orixe); Tanke itxura duen makina gaitza dabil maniobratan Harriren auto aurrean, irteera oztopatzen. Itxaron egin behar beraz (Saizarbitoria).

Axularrengan halakoa da ia beti beraz: Ezdugu oren baten segurantzarik: beraz lehen baino lehen behar dugu bide onean jarri (Axular); Miserikordios da Jainkoa […]: beraz ez dugu zer lehiaturik obra onen egitera (Axular).

42.22.2f Horregatik silogismo direlakoetan ondorio edo kontsekuentzia deritzana euskaraz beraz-en bidez adierazi ohi da: “Bada a un sens assez imprécis: en syllogisme on l’utilise pour traduire ‘or’, et c’est beraz qui traduit ‘donc’” dio Lafittek (1944: § 400). Esate baterako: -Duela 51 urte bukatu zen Espainiako gerratea. -Bada gure andreak 50 urte ditu.

Orain bada esan ohi du Axularrek maiz, ez bada soilik. Axularren Gero bezala ‘diskurtsozko estiloz’ onduriko liburu edo mintzaldietan arrazoibide luze baten edo argudio baten amaiera ere beraz-ek seinalatu ohi du. Hona aldatuko dugun pasartean garbi agertzen da hori, bai eta bada diskurtso markatzailetik zertan bereizten den ere: Honelakoak ziren zure aita Jauna eta bai bertze aitzinekoak ere. Bada ez duzu zuk ere zeure arrazaz ukatu, ez zara zeure leinutik eta etorkitik hastandu, berezi eta ez aldaratu. Zeren […] joan zinen Gorteera, eta […] ekarri zenuen […] ordenantza eta manamendua. Beraz ez zara zu ere zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izan. Bada ez eta ohorearen iraungitzaile ere. Aitzitik badirudi ezen […] (Axular).

Modu berean Oihenartek Argia zeritzan emaztekiagana sentitzen duen jaidura zazpi ahapalditan kantatu ondoren, beste ahapaldi honezaz burutzen du bere jarduna: Beras higanic / Eguin iadanic / Nois naquidina daquidan / Iin, eta noura, / Gorde lekura, / Eta hi han bat aquidan (Oihenart).

Diogun, hala ere, B. Etxeparek ez darabilela beraz behin ere (agertzen diren biak bera izenordainaren instrumental kasuak dira).

Inoiz izan daiteke beraz batek bere buruan duen eta hasieran adierazten ez duen argudioaren ondorio, beraz-ek berak elkarrizketari abiada ematen diolarik, eta, hainbestez, zeren ondorio datekeen geroago arte agertzen ez delako. Adibidez: -Beraz, bapo aberastu zara, e? -Nola “beraz”? -Bai, loteriak irten dizula esan didate.

42.22.2g Beraz-ek ez du perpausean beti leku bera hartzen. Batzuetan perpausaren hasieran ageri da eta besteetan barnean, hau da, beste hitzen baten, mintzagaiaren atalen baten, ondoan. Dena den, diskurtso markatzaile honen kokaguneez legerik ezin eman badaiteke ere, badira haatik zenbait joera argi eta nabari, idazle zaharretan bederen, gerokoetan ez hainbeste.

Oro har, adierazpen perpausetan beraz DMaren kokagunea perpaus hasiera da, nahiz ez den ezinbestekoa, geroago ikusiko dugunez: Beraz beirakia baino perilosago gara (Axular); Beraz asko negar egin duk, ene arima, munduan (Gazteluzar); Beraz, emazte baten ahoari begiratzen diozu (Oxandabaratz); Beraz, ez dago zer erranik (Jon Muñoz).

Beste diskurtso markatzaile askorekin gertatzen den bezala, perpausaren barnean, aditzaren ondoan joan ohi da beraz. Kokagune hau agertzen da, batez ere, aginte perpausetan, galde perpausetan, adierazpen perpausetan zenbait kasutan (luzera, aditzaren argumentua beste perpaus bat denean…: holakoetan, egia, batzuetan amaieraraino ere eramaten da diskurtso markatzailea) eta abar. Esan dezagun, zernahi gisaz, askatasun handia duela DM honek perpausean kokatzeko, eta ezin dela zehaztu erabilera arauturik, joera nagusiez gain bai baitira salbuespen asko: Utzazu beraz burutik buruan dabilazun erokeria (Axular); Alegera bedi, beraz, berri hauek entzuteaz (Etxeberri Ziburukoa); Zer antsia zen beraz hargatik? (Axular); Zer eginen dut, beraz, ene Jainkoa…? (Pouvreau); Hik diok, beraz, ezen behar zela Iesus Krist gizon egin ledin… (Leizarraga); Erran nahi da, beraz, salbatzaileak […] egin duela (Larregi); Ez duzu beraz horietaz zer loriaturik (Axular); Barkatuko diozu beraz intendentaren emaztearekiko abentura? (Jon Muñoz); Obrak, beraz, esan ez ezik, irakurlearen gogoetamena estimulatu behar du (X. Amuriza); Berak, dio, lurretik da, lur beretikan beraz (Argainaratz); Ez da asmatzen erraz. Zertxobait badira beraz! (Iztueta); Okendo polizia etxera zeramazkiten beraz! (Ugalde); Eskola uzten duzu beraz? (Laphitz); Hedatzen dena disolbatu egiten baita, hil, beraz (X. Amuriza).

Salbuespenak aipatu ditugu. Hona hemen adibide batzuk (aginte perpausetan hasieran, perpaus barruan bigarren lekuan, adberbioen ondotik… eta abar), itxuraz gutxiago erabiliak: Beraz paira beza zuhurrak erhoa (Axular); Beraz, Jauna, aitzin bekit zure grazia (Pouvreau); Beraz, Etxebe gaixoa, errazu oioi, zer da…? (Hiriart-Urruti); Arrazoinez beraz […] kondenatu zuen here ondoko guztiekin heriotzera (Axular); Haiek beraz behar dira handitzetik begiratu (Axular); Orai, beraz, behar diagu jakin nor den… (Gazteluzar); Horrela beraz, nor da Jesu-Kristo? (Larramendi).

Batzuetan, ikusten denez, eta beste diskurtso markatzaileekin ere gertatzen den gisan, DM hau mintzagairen segidan kokatzen da, galdegaiaren aurretik. Erabilera arrunta da hori. Galdegaiak eta aditzak osatzen duten multzoa ezin baitu beste elementu batek eten.

Hiru bider dio Axularrek ez eta beraz…, ez, ordea, inoiz ere eta beraz. Hau autore zaharretan ez da aurkitzen bakanka baizik. OEHko zerrendan lehen aldiz Haranederrek darabil, eta ondoren Duhaldek: Duen amodio soberaniazkoa, eta beraz izan al daitekeen ongi-egilerik frankoenarentzat (Haraneder); […] gogoramendu gaiztoei jarraiki zaie. Eta beraz bere bizian deabruaren zerbitzari izan den bezala… (Duhalde).

42.22.2h Batzuetan beraz, diskurtso markatzaile sinplea, ikusi batera adberbioa den beste elementu batez osaturik agertzen zaigu, eta, hala, beraz honelatan, beraz halatan, beraz horrela eta abar aurki daitezke liburuetan, nahiz egun ahozko hizkeran ia ezezagunak diren, Hegoaldeko euskalkietan behintzat: […] egin zenituzketela urte batez. Beraz honelatan galdu dituzu bertze urte guztiak (Axular); […] eta bat bertzearen mienbro eta parte. Beraz honelatan elkar onetsi behar dugu (Axular); Ordea benturaz erranen du orain hemen zenbaitek. Beraz halatan, bekatutan negoenean, ez dut zer barurturik (Axular); -E. … zeinari gizon eginik deritza Jesu Kristo. -G. Beraz horrela, nor da Jesu Kristo? (Irazusta).

Adibide horietan ikusten den bezala, diskurtso markatzaile konposatu hauek perpausaren hasieran doaz beti eta horretan bereizten dira beraz-ek perpausean hartzen duen leku aldakorretik. Ez dira, hala ere, egungo testuetan erabiltzen, ez da lekukotasunik, salbu beraz horrela kenduta: Aski eta gehiegi da beraz horrela berriz ere gaitezen has gai hori harrotzen (Xarriton).

Merezi du beste puntu bat ere hemen argitzea. Aurrekoen parekoak dira horrela beraz, hala beraz, halatan beraz, halakotz beraz eta abar, bi osagaiak elkarrekin trukatuak dituztela.

42.22.2i Bada-ren forma eta balioa. Loturazko ondoriozko diskurtso markatzailea da hau ere. Mitxelenaren hitzez esateko: “Eso no es más que una manera de ligar una frase con la anterior” (Villasante 1976: 156). Bi perpaus lotzen ditu, hortaz, baina aldi berean lehenaren ondorioa ateratzen. Ikusi dugu zenbait esapidetan eta esalditan beraz-en pareko dela, bata nahiz bestea erabiltzen baitira aukeran. Itzultzaileak ere bataz zein besteaz baliatzen direla ikusi dugu testu berberak euskaratzean.

Garbi dago, hortaz, errankideak direla batzuetan; zenbait esapidetan, beraz eta bada elkarren lehian agertzen direla. Ez beti, ordea, eta beraz-en erabilera propioak eta bereziak zein diren azaldu dugu. Orain bada-renak zein diren adieraziko dugu. Hasteko, zenbaitetan bada erabiltzen dugu beti, eta ez beraz. Honek erakusten digu beste gabe bada-ren eremua zabalagoa dela beraz-ena baino.

42.22.2j Oihu, auhen edo hasperenak dira batzuk: Ai, ene bada! (Kardaberaz); Ene bada, Rachel gaixoa (O. Arana); Ene bada ta bada, Arantza laztan hori (Erkiaga); Horra bada nire abentura guztia (J. Zabaleta); Tira bada, bizi egin gaituk”, esan zuen batek pentsakor (K. Zabala); Zer bada, jauna? Oso ongi geunden (M. Etxebarria); Aurrera bada! (Goñi); Kontuz, bada, kontuz irakurle (F. Bilbao).

Beste batzuk esaldi eginak dira, gehienetan adizki laguntzailerik gabekoak: Ez bada jakin!; Ez jakin bada!; Jakin ez bada! (Apaolaza); Nik al dakit bada!; Nik zer dakit bada nor nun dabillen? (Agirre); Jakina bada…! (Labaien); Hor zegok bada!; Hor zegok bada koxka!; Hor zegok bada hiltzea! (Lizardi); Ezin bada…! (Agirre); Baietz bada, Martin, egia diotela! (F. Bilbao); Ezetz bada!; Horregatik bada! (Labaien); Banengoen bada! (Labaien); Zer egingo da bada! (Soroa); Hori zer duk bada!; Ni bai bada!; Ni ez bada! (Labaien).

42.22.2k Formari dagokionez esan behar da, autore zaharretan —eta ez hain zaharretan— beti osorik idatzirik agertzen den arren, azken ehun urte hauetan gutxi gorabehera ba idazteko ohitura oso zabaldu dela, batez ere Hegoaldean eta konkretuki ipuinak edota elkarrizketaz josiriko testuak idatzi dituzten autoreetan, herriko hizkera kutsua hobeki gordetzearren edo; izan ere, eguneroko hizkera bizian hala ahoskatzen da ia beti.

Hedadurari dagokionez, beraz bezala, euskalki guztietan zabaldua dago bada, lehen eta orain. Zuberera klasikoan gutxiago ageri da. Egia da, hala ere, Iparraldeko euskalkietan ez bezalako hedadura eta bizitasuna ageri duela bada-k Hegoaldekoetan, eguneroko hizketan, elkarrizketan, batez ere. Noiznahi esaten da eta entzuten Etorri ba, Noiz ba?, Ez dakit ba, Joan zaitez ba eta abar. Areago, hiztun askorentzat isilgabeko errepika bihurtu da, bi hitz segidan ezin esateraino ba aldi oro eta une oro tartekatu gabe: Ba… esango dizut, Ba… ez naiz gogoratzen, Ba… zeuk ikus, Ba… joan den astean.

Adibide horiek argiro erakusten dute elkarrizketa giroan esanak direla perpaus horiek. Hor du bere bete-beteko lekua bada-k, izan ere. Hori sinesteko, aski da testu liburu bat edo zientziazko artikulu bat eskuetan hartzea, eta nekez aurkituko da bada bat. Hori gabe, hizkera arruntetik hurbilago dagoen saio antzeko edo ikerlanezko txosten bat hartzea, eta han ere doi-doi agertuko da bada. Aldiz, komedia edo antzerki edo ipuin bat hartuz gero, idazle gipuzkoar batek egina bada batez ere, bada-z josia azalduko zaigu.

42.22.2l Zer esanik ez, gehienetan alferrikakoa dela edota betegarri hutsa bederen; alegia, testutik kenduta ez du ezer galtzen esanahiak, askoz gutxiago erabiltzen duten Iparraldeko testuek erakusten digutenez. Gehienez ere kaleko eta eguneroko hizkeraren kutsua galtzen du, kalean eta eguneroko hizkeran darabiltenentzat, noski.

Horientzat ere eta horien hizkeran ere bada ondoriozko diskurtso markatzailea dela jar lezakete dudan batek baino gehiagok, ezin ikusirik ondoriotasunik zenbait adibidetan. Esate baterako, zertan datza ondorioa honako perpaus hauetan? —Ama, hemen aspertuta nago. —Joan bada kalera; —Nik hori badakit. —Esan bada!; —Hor dago. —Non bada?

42.22.2m Eta horrelako beste milatan. Hori garbiro ikusteko, on da konpara dezagun elkarrekin perpaus bikote hau: Etorri al da? eta Etorri al da bada? Bigarren honetan bada darabilenak zerbait ikusi, entzun edo sumatu du bere inguruan etorri behar zuena agian etorri dela pentsarazten diona, eta ikusi, entzun edo sumatu duenetik ondorioztatzen du —dudatan, noski, eta horregatik galdetzen du— etorri dela, berak ikusi ez duen arren, eta horrexegatik darabil bada.

Diogun ere bidenabar, gero gehiagotan esan beharko dugun arren, doinuak edo azentuak edo intonazioak asko esan nahi duela bada dela eta ez dela, ez baita alferrik jitez eta beregainki elkarrizketako eta eguneroko hizketa biziko hizkia. Hori gertatzen zaio horko Etorri al da bada? horretako bada-ri. Bi balio eta bi doinu desberdin ditu. Bat: —Zenbat zahartu den Peru! —Etorri al da bada? Hemen galdera soila da, lehen esan dugun bezalakoa, eta edozein galderaren doinu berbera du. Aldiz, —Berarekin bazkaldu dut —A ze gezurra! Oraindik etorri al da bada! Hemen ez da galdera, benetakoa ez behintzat, erretorikoa edo baizik. Hor beste hiztun batzuek Oraindik ez da etorri eta edo Oraindik ez baita etorri esango lukete. Lehengoak ez bezalako doinua du, biak hitzetik hortzera darabiltzatenek ongi dakiten bezala, nahiz erabiltzen ez dituenari nolakoa den adierazten oso zaila den.

Ildo beretik, bi erabilera desberdin eta bi doinu dituzte bai bada-k eta ez bada-k ere. Adibidez: —Gizendu egin da. —Bai bada, behi batek adina jaten baitu; —Ito egin da. —Bai bada; igerian jakin gabe tapako uretan ibiltzen zen eta; —Haitzetan irristatu eta burua hautsi du. —Bai bada; arriskua maite zuen eta; —Ez da garaiz iritsi. —Ez bada; oinez joan behar izan du eta; —Ez du aprobatu. —Ez bada; aurreko bi egunetan bakarrik ikasi du eta.

Horrelakoetan lehen perpausaren ezezkoa edo baiezkoa diskurtso markatzaileak ontzat ematen du eta berresten, bi hizkiak —ez/bai eta bada— erabat elkarri loturik ahoskatuz eta lehenean azentua ezarriz. Entzuten dena hau da: báiba, ézpa, non bada enklitiko bihurtu baita. Eta, jakina, ezin truka daitezke bi hizkiak. Horietan noski, jakina edo esan nahi du.

42.22.2n Beste hauetan ez da hori gertatzen: —Ez da berehalakoan gizenduko. —Bai bada; gizendu da; —Ez da horratik berriz etorriko. —Bai bada; etorri da; –Ez du inoiz ikasiko euskara. —Bai bada; ikasi du; —Berak bakarrik egin du. —Ez bada; nik ere egin dut; –Egingo nuke jaso duela harria. —Ez bada; ez du jaso, egin dituen ahaleginagatik.

Horietan aurreko perpausaren baiezkoa edo ezezkoa ukatu egiten du DMak; horrexegatik aurkitzen dugu bai bada ezezko perpausaren ondoren, eta ez bada baiezkoaren ondoren. Ahoskatu ere, elkarrengandik bereiz samar ahoskatzen dira bi hizkiak: bai-ba, ez-ba, are gehiago zenbaitetan eez-ba ahoskatzen da bigarrena, e bituaz. Hau horrela izateak badu gainera zergatik: hor azken batean elisio bat gertatu bide da, eta esan zitekeen —eta esaten da batzuetan— Etorri da bada, Ikasi du bada edo Ez du bada egin!, Ez du bada jaso! Are, lehengoetan ez bezala, hauetan truka daitezke bi hizkiak eta esan: Bada bai, bada ez. Horrexegatik kasu honetan bada atonoa da eta bai edo ez-ek bereganatzen dute azentua: ba-bái, ba-éz; bestean, berriz, bai-bá, ez-bá ahoskatzen da, eta, aldiz, azken adibideetan báiba, ézpa haietan ez bezala.

42.22.2o Hona azkenik beste modu bateko bikoiztasuna: —Ez du sega apustua irabazi. —Nola bada! Ez eta makina balitz ere; —Ez du horrela egin. —Nola bada?

Lehenean Nola bada-k apustua ez irabazi izana bidezkotzat jotzen du eta irabazi izanak, irabazi balu, emango ziokeen harridura agertzen. Honek ere elisioa ezkutatzen du: Nola irabaziko zuen bada! Bigarrenean, aldiz, galdera soila dugu eta azpian dagoen elisioa bestelakoa da, Nola egin du bada?, bataren eta bestearen partizipioek erakusten duten bezala.

Orain arte esandakotik erraz suma daiteke ez dela batere erraza bada-ren erabilera mota guztiak biltzen eta sailkatzen. Hain da ugaria eta ñabarduraz betea. Dena den, zenbait multzotan biltzen saiatuko gara. Hasteko, badirudi sail handi bat egin daitekeela aurreko perpausaren kontrakoa adierazten duen bada-rekin.

42.22.2p Aurreko perpausaren kontrako bada. ‘Kontrako’ diogunean, bada-k bere-berea duela dirudien ñabardura bati gagozkio; alegia, inork esanarekiko mesfidantza, desadostasuna, sinesgogortasuna adierazten du ia beti, baita harridura, haserrea, erronka ere zenbaitetan. Hori horrela delarik, lehen perpausak berarekin duen baieztapenak edo ukapenak (ezezkoa denean) sorrarazten du harridura edo mesfidantza. Baieztatu dena gehiegizkoa dela iruditzen zaionak, kontrako erronka egiten du ondoko adibideetan, bada erabiliz: —Nik badakit haren berri. —Esan bada!; —Ordubetean joan naiteke. —Zoaz bada!; —Bakarrik egingo dut. –Egizu bada!; —Ezdiot beldurrik. —Emaiozu, bada, lehen muturrekoa.

Baieztatu edo ukatu dena sinesgarri ez denean, galdera baten bidez ager daiteke duda. Galdera egiteko erabiltzen den galde-izenordainaren edo adberbioaren ondoren bada hartzen da diskurtso markatzaile gisa: —Ez da Mikel joan. —Nor bada?; —Ni ez noa gaur. —Noiz bada?; —Ez da horregatik etorri. —Zergatik bada?; —Ez du hori esan. —Zer bada?

Horietan eta ondokoetan bada ondoriozko diskurtso markatzaile dela bistan da. Hondarraren hondarrean galdera egiten duenak honako gogoeta baldintzazko hau egiten du: Mikel ez bada, nor da?, eta baldintzak berarekin darama ondorioa. Nor da, hortaz? ere esan lezake eta hortaz ere ondoriozko diskurtso markatzailea da. Bestalde, ezezko perpausak ukatu duen elementuari zuzen dagokion galde-izenordaina edo adberbioa erabili da lehenbiziko adibidean. Halakorik ezin egin daiteke, ordea, lehen perpausa baiezkoa denean. Orduan, galdera itzulinguru baten bidez egin behar da, aditz sintagma ere isildu gabe. Esate baterako, —Jakinaren gainean dago. —Zergatik ez digu, bada, kontatu?; —Han izan da. —Nolatan esan digu, bada, ezetz?

Aukera bera izan dezakegu lehen perpausa ezezkoa denean ere: —Ez dago hemen. —Nora joan da bada?; —Hori ez diot entzun. —Zertan pentsatzen ari zinen bada?; —Nik ez diot esan. —Nola daki bada?; —Ez zuen sinetsi. —Nolatan esan zion, bada, baietz?

Galdera egiazkoa baino gehiago erretoriko deritzana izan daiteke, alegia erantzuna hartzeko asmoz egiten ez dena: —Horrek irakatsiko dizue. —Horrek zer daki bada!; —Antton atzeman omen dute han. —Antton han izan al da bada!

Diogun, bidenabar, sasi-galdera hauek, erretoriko hutsak direlakoxe, onartzen dutela adizkia forma alokutibo delakoan: Nola etorriko duk bada, ama hil zaiok eta; Nola ez dik, bada, jakingo, beti ikasten ari duk eta.

42.22.2q Baiezko perpausaren bidez agindua edo ezezkoaren bidez debekua ematen denean, aginterazko adizkiaz noski, kontrako iritzia edo desadostasuna honela agertu ohi da: —Zoaz mezatara. —Zu ez zara, bada, joaten!; —Emaiozu dirua. —Zuk ez diozu, bada, eman!; —Ez ezazu jo. —Zuk jo duzu, bada!; —Ez zaiozu irri egin. —Zuk egin diozu, bada!

Agintzen nahiz debekatzen denarekin ados egon edo ez egon, agindua edo baimena alferrik dela edo berandu emana dela ere modu berean adierazten da: —Ordu erdi barru hemen egon dadila, gero! —Bada, oraindik ohean dago; —Ez dezala jakin, e! —Bada, esan diot; —Ez jan hori, Jainkoaren izenean! —Bada, nik jan dut.

Errebelamendu, erronka kutsua ere izan dezake bigarren perpausak: —Ez gero aitari esan. —Esango diot bada; —Ez ezazu anaia jo. —Joko dut bada; —Joan zaitez ohera. —Ez naiz bada joango.

42.22.2r Debekurik edo agindurik eman gabe ere modu bertsuan adierazten dugu inork esanarekiko desadostasuna, duda edo mesfidantza: —Dena daki. —Bada, ez digu ezer esan; —Goizean etorri da. —Bada, inork ez du ikusi; —Lehengo astean bidali nizun. —Bada, oraindik ez dut hartu; —Nik ez diot esan. —Bada, norbaitek esan dio; —Nik hori ez dut nahi. —Bada, hori eskatu zenuen atzo.

42.22.2s Harridura adierazten duenean bada markatzaileak, orain artekoetan ez bezala, baiezko perpausari formalki baiezkoa den beste perpaus batez erantzuten zaio; eta ezezkoari ezezkoaz, baina honek, harridura adierazten duelarik, esanahia baiezkoa du, Nola ez bada! esango balitz bezala. Seinalatzekoak dira, gainera, ezezkoetan, bai hartzen duten aspektua (hots, hirugarren partizipioa), bai eta ‘partizipioa + ez + adizkia’ ordena: —Kanpandorreraino igo zen. —Ausartu zen, bada, mukizu hura hori egitera!; —Oinez etorri zen Donostiara. —Ibili zen, bada, hainbat kilometro bakarrik!; —Ez zigun idatzi. —Idatziko ez zigun bada!; —Egingo nuke ez dela jaiki oraindik. —Jaikiko ez zen bada!; —Ez zekien. —Jakingo ez zuen bada!

Harridura ez ezik, zerbaiten nahitaez gertatu beharra ere adierazten da besteetan. Hauetan lehen perpausa baiezkoa izanik, ezezko perpausak ‘partizipioa + ez + adizkia’ egitura du (ikusi berriaren pare-parekoa): —Batek eman ahala jaten du. —Horrela gizenduko ez da bada!; —Bakarrik bizi da. —Aspertuko ez da, bada!; —Berrogei kilometro ibiltzen da egunero. —Horrela nekatuko ez da, bada!

Hauetan, gainera, ‘gizena dagoela’, ‘aspertuta dagoela’… presuposizioa dago. Aldez aurretik horrelako usterik ez badago, ez da besterik gabe hotz-hotzean halako erantzunik ematen.

Gertatu beharra ez, baizik inoren lotsagabekeria eta ausardia azpimarratu nahi denean aditz sintagma taxu berean erabiltzen da: Txerria deitu ez zidan, bada, kakati hark!; Gezurretan ari nintzela esan ez zidan, bada!; Aurpegira txistua bota ez zidan, bada!; Lehen ekarri nion zetazko txano bat polita gero bere koxkabilo batera eta bestera eroriaz, eguraldi ona edo txarra adierazten zuenarekin. Eta ez zuela hartuko ez zidan esan bada! (Altzaga).

Hona, azkenik, beste elkarrizketa molde luzeago hauek, non lehen aipaturiko bi mota agertzen baitira: —Eska ezaiozu berari. —Nola eskatuko diot, bada! —Eskatuko ez diozu bada, zure laguna izan eta!; —Har ezazu nere dirua. —Nola bada! —Hartuko ez duzu bada, behar baduzu!; —Berak esan omen dio. –Nola esango zion bada! —Zergatik ez zion bada, esango, baldin egia bada!

42.22.2t Baditu diskurtso markatzaile honek lagunarteko hizkerako zenbait erabilera ere. Hola, badira beste bi solas mota, orain arte aipatuetarik aski desberdin direnak eta eguneroko hizkeran bada maiz daramatenak. Biek dute gauza bat erkide: alegia, inork eginiko galderari perpaus bakar batez erantzun beharrean, beste perpaus batez gehi bada-z erantzuten zaio. Hala nola: —Nora eraman duzue autoa konpontzera? —Nola dagoen Igeldo bidean garaje bat… bada haraxe; —Nora eraman duzue autoa konpontzera? —Badago bada Igeldo bidean garaje bat… bada haraxe.

Elkarrizketa gabe, prediku edo hitzaldi batean, entzuleak egin uste dion galdera hizlariak berak asmatzen du eta egiten bere buruari, eta lehengo modu bertsuan erantzuten: Zergatik gertatzen den hori? Bada, askok ez dakitelako ongi bizitzea zer den ere; Nola jakin dudan hori? Bada, batari eta besteari behin eta birritan galdeginez; Galdetuko duzue agian, ea zergatik atzerrikoen historia eskribitzen dudan, Euskal Herrikoak utzita; bada, bi arrazoigatik egin dut (Goñi).

42.22.2u Orain arteko ia adibide guztiak eguneroko hizketa, elkarrizketa, bizitik jalkiak dira. Esan dugu behin eta birritan hor duela bere leku aproposa bada diskurtso markatzaileak. Hor bakarrik ez, ordea, eta aipatu dugun azken adibidea liburu batetik eta liburuaren berri ematen ari den egileak dioenetik aterea da, ez elkarrizketa batetik.

Horrek bide ematen digu bada-k goi mailako literatura testuetan duen erabilera aztertzeko, batez ere ‘estilo diskurtsibo’ delakoaz ehotako liburuetan, hots, egileak zerbait kontatzeko edo frogatzeko solasaldi lauaz, lasaiaz eta soseguzkoaz ontzen dituenetan. Horietan ere agertzen baita bada, lehen eta orain, Hegoaldeko eta Iparraldeko testuetan. Zuberera izan liteke salbuespen bakarra, beraz-en kasuan bezalaxe, nahiz badiren adibide batzuk: Dugun bada erran herioak gizonari grazia eta kortesia egiten diola (Tartas); Eia bada, ene anaia maiteak, goazen elkarrekin, Jesus gurekin dateke (Maister).

Baina, bestela, bada lehenagokoek ere erabiltzen dute, Etxeparek, Leizarragak eta Axularrek, esate baterako, gehiago ez aipatzearren. Beraz baino askozaz sarriago, gainera; Axularrek, adibidez, bi bider gehiagotan. Ez dirudi, hala ere, elkarrizketan adina ñabardura duenik; ezin izan ere, halako ñabardurak izatea elkarrizketari dagokion bereizgarria baita, aise aditzen den bezala, eta ‘estilo diskurtsibo’ delakoari, aldiz, berez zor baitzaio neutroagoa izatea, alegia usainik, kolorerik eta zaporerik gabea, gabeagoa behintzat. Horrenbestez, ezin espero dezakegu bada-k era horretako liburuetan besteetan bezainbat erabilera mota izan ditzan batetik, ez eta hauetakoetatik oso desberdin izan daitezen bestetik, azken batean ondoriozko diskurtso markatzailea baita hain batzuetan zein besteetan.

42.22.2v Bestalde, argudioz, arrazoinamenduz eta gogoetaz ehoa izatea baita honelako liburuen bereizgarri nagusia, bidezko dirudi bada-k horietan argudioak eta arrazoiak elkarri lotzea perpaus soilak baino gehiago. Nola lot, ordea? Ikus dezagun pare bat mota.

Beraz-ek, ikusi dugunez, argudio, arrazoinamendu edo solasaldi bat burutzen eta azkentzen duen bezala, bada-k askotan argudio berriari, beraz-ek burutu duenarekin zerikusia duenari eta hura osatzen eta biribiltzen duenari, irekitzen dio atea eta ematen hasiera: Honelakoak ziren zure aita Jauna eta bai bertze aitzinekoak ere. Bada ez duzu zuk ere zeure arrazaz ukatu […]. Zeren […] joan zinen Gortera eta […]. Beraz etzara zu ere […]. Bada ez eta ohorearen iraungitzaile ere (Axular).

Bertrand Etxauzen aitzinekoak nolakoak ziren kontatu ondoren, lehenbiziko bada-ren bitartez argudio berriari (ez duzu zuk ere…ukatu) ematen dio hasiera; Bertrand Etxauz bera ere aitzinekoen gisakoa dela frogatu nahirik. Eta argudio berri hori garatzean eta honen ondorioa beraz-en bidez adieraztean, berriz ere beste argudio berri bati (ez eta ohorearen iraungitzaile ere) ekiten dio, bada aurrean ezarririk.

Horrenbestez esan daiteke beraz-ek bere aurreko solas zatiari egiten diola erreferentzia, esana bildu eta hura burututzat eta frogatutzat ematen duela. Bada-k, aldiz, ondoko solas zatiari egiten dio, hura iragartzen du, hari begiratzen eta hartara igortzen du irakurlearen arreta. Beraz-en ondoren esaten dena lehen ere esana dago nolazpait, ezaguna du irakurleak gutxi gorabehera aurreko lerroetatik. Bada-ren ondokoa, aldiz, ezezaguna eta berria da, mintzagai berria.

Ikus, esate baterako, Leizarragaren pasarte hau. Testamentu Berriaren itzulpena erreginari eskaini diola eta, beldur da arinkeriaz eta harrokeriaz salatuko ote duten, baldin hartarako izan dituen arrazoiak agerian jartzen ez baditu. Eta bada-ren bidez ekiten dio arrazoiak azaltzeari: Andrea, zeren […] dedikatzera ausartu izan naizen, merezi onez arintasunez akusa ahal nendin, baldin […] zerbait eskusa eman ez baneza. Bada, niri hau eragin didaten anitz bertze arrazoinen artean izan dira […]. Eta ondoren bi arrazoi aipatzen ditu. Argudio berriari bidea zabaltzen ere dio, aurrekoa burutu dela beraz-en bidez aditzera eman gabe ere, honetarako aski baita argudio berria puntu eta aparte batean hastea, esate baterako, edota beste modu batera ere bai, orain ikusiko dugun bezala, eta maiz bietara batean. Hona Axularren pasarte hau, askoz gehiagoren artean hautatua: Badakit halaber ezin heda naitekeela euskarazko mintzatze molde guztietara. Zeren […] mintzatzen baitira Euskal Herrian: Nafarroa garaian […]. Ez dituzte euskaldun guztiek […] zeren erresumak baitituzte diferent. Bada eskribatzeaz denaz bezainbatean ere ez naiz egiteko gabe. Zeren […] (Axular).

Garbi dago hor Axularrek “euskarazko mintzatze molde” edo euskalkiez esan nahi zuena bukatzean, argudio berriaz, “eskribatzeaz”, hitz egitera pasatzean, honi ataka bada-ren bidez zabaltzen diola, puntu eta aparteaz baliatzeaz gainera, ere-ren bidez argudio berria dela seinalatuz edo azpimarratuz. Orobat egiten du beste pasarte askotan.

42.22.2x Aurreko ataletan aipatu ditugun adibideek ongi erakusten dute bada ere, beraz bezalaxe, oso mugikorra dela perpausean eta lehen burutik azkeneraino edozein leku har dezakeela. Hemen ere, haatik, beraz-en kasuan bezalaxe, seinala daitezke zenbait joera nagusi. Eta joera nagusi horiek ez dira beraz-en berberak baizik, biek baitute jokabide bertsua perpausaren barnean hartzen duten lekuari dagokionez.

Perpausaren hasieran agertzen da bada, baldin ondorioa adierazpen perpausaren bidez emana badago: Bada, neure maitea, nik diotsut egia (Etxepare); Bada hau berori gertatzen da alfer dagoena baitan ere (Axular).

Perpausaren barnean, aditzaren ondoan aurkitzen dugu maizenik aginte perpausetan: Biz bada, otoi, zure Maiestatearen plazera… (Leizarraga); Errezibi ezazu bada, defenda ezazu, aide zakitza (Axular). Aditzaren, sintetikoaren nahiz analitikoaren, ondo-ondoan doa bada, perpaus hasieran: Bada, zareten bizi elkharrekin sainduki (Leizarraga); Bada biz hala, zuk diozun bezala eta… (Axular). Galde perpausetan ere aditzaren atzean kokatu ohi da markatzaile hau: Nolatan duzu bada uste hainbat denboraz? (Axular); Zer erokeria da bada hau…? (Axular).

Hala, horrela bezalako zenbait adberbio galdegai denean, eta horrenbestez aditza jarraitzen zaionean ere perpausaren barnean eta aditzaren ondoan agertzen da bada: Hala bihurtzen da bada bekatore nagia ere (Axular); Hala edireiten ditugu bada guk ere okasioak (Axular). Hemen ere ez dira falta, ordea, diskurtso markatzaile hau bigarren posizioan eta galde hitzaren ondoren daramaten adibideak: Zeren bada ez zaie Betleena aitzindu? (Etxeberri Ziburukoa). Eta beraz-ekin gertatzen den bezala, bada perpausaren barnean, aditzaren ondoan, kokaturik dugu ondoko adibideetan, nahiz adierazpen perpausak izan; aipatzekoa da, dena den, aditza dela lehen elementua, beraz, markatzailea bigarren posizioan doala: Bekatu egin diagu bada, Jauna, eta anitz… (Leizarraga); Ez litzateke bada arrazoi zuk ere bitarte hartan… (Axular).

42.22.2y Nolanahi ere, joera horiek, salbuespenak gorabehera, goi mailako literatur liburuetan betetzen dira batez ere, zaharrago eta gehiago. Mende honetako zenbait liburutan, aldiz, hauetako hizkera herrikora eta kaleko elkarrizketaren hizkerara gehiago hurbildu izan den neurrian, mugikorrago bilakatu da eta zenbait perpaus motatan leku bata nahiz bestea hartzera lerratu. Hala, honako perpaus honetan edozein lekutan aurki daiteke bada: Bada, nik ez diot eskatuko. Nik ez diot bada, eskatuko. Nik ez diot eskatuko bada; Zertan, bada, ari zinen pentsatzen? Zertan ari zinen, bada, pentsatzen? Zertan ari zinen pentsatzen bada?

Bi lehenak hirugarrena baino maizago erabiltzen direla dirudi. Baina horrelako ereduak oso gutxi dira, eta ezin esan daiteke herriko hizkeran berean bada-ren kokalekuak inolako araurik edo joerarik ez duela eta edozein lekutan ezartzea zilegi dela. Esan dezagun joera nagusiak hauek direla, lehenago esana laburtuz: Nor bada?; Zergatik ez digu, bada, kontatu?; Nora joan da bada?; Horrek zer daki bada!; Nola etorriko duk bada, ama hil zaiok eta!; Zuk jo duzu bada! / zu ez zara bada, joaten!; Joango naiz bada!; Idatziko ez zigun bada! / ausartu zen, bada, mukizu hura hori egitera!; Horrela gizenduko ez da, bada!; Txerria deitu ez zidan, bada, kakati hark!; Nola eskatuko diot bada! / Eskatuko ez diozu bada, zure laguna izan eta!

42.22.3. Hortaz

42.22.3a Beraz-ek bezala, -z kasu marka instrumentala darama izenordain honek, eta ondoriozko diskurtso markatzaile gisa erabiltzen dugu. Erroa, bestalde, bigarren pertsonako erakuslea da. Beste diskurtso markatzaileak baino gutxiago erabili izan da tradizioan, eta batzuetan zail da bereizten zinez diskurtso markatzailea den edo, besterik gabe, instrumentalean doan erakuslea. Hala ere, badirudi zenbait kasutan bederen diskurtso markatzailea dela, beste batzuetan duda zerbait baldin bada ere. Gaurko idazkietan, aldiz, errazago egiten da bereizketa hortaz DMaren eta horretaz erakuslearen artean. Gaur asko erabiltzen da.

Perpausaren hasieran: Leitzarrak hasi dira: ‘gurea gorago’; hortaz, sartu behar dik aizkora barnago (Orixe); Gurasuari ikasia da / ez degu ezer osturik / ortaz euskeraz ikasitzen guk / ez degu egin kasturik (Uztapide); Hasiera duk polita; hortaz, hasi gaitezen ahalik eta gehienetan (Txillardegi); Dantzan eta dantza ondoan beti galtza tartean ibiltzen omen duk eta […]. -Hortaz, ez zaio senargai aukerarik faltako, ekin zion maltzurki Allandek (Etxaide).

Perpausaren barnean ere aurki daiteke: Jainkotzat hartzen bide gaitu lehenengoak; sorkaritzat, ordea, bigarrenak. Hau dago, hortaz, bestea baino sustraizko egiatik bertago (Txillardegi).

Eta perpausaren bukaeran —hobe litzateke esatea, beharbada, ez hasieran— hortaz dutenak ere ageri dira: Horrenbesterekin esan dut ez dudala Oihenart poeta bezala gutxietsi nahi. Egiazko poeta dugu hortaz? (Mitxelena); Zertan da handi? Libururik gehienak nobelak ditu. Nobelagile handi dugu hortaz? (Mitxelena).

42.22.3b Beste diskurtso markatzaile baten arrimuan ere ager dakiguke zenbaitetan. Hola sortzen da hortaz bada, elkar indartzen duten bi ondoriozko DM elkartuz sortua: Gainera, langileek hartu beharra zuten beren soldata eguberriko sari berexi batekin. Hortaz bada, goiz guzia igaro zuten lan horretan (Izeta); Hortaz bada, hemendik aurrera lan egingo duzu, zure kopetako izerdiz irabaziko duzu ogia (Montorio).

42.22.4. Orduan

42.22.4a Formari eta jatorriari bagagozkie, izen arrunt bat dugu hori inesibo kasuan. Jakina da gero denborazko adberbioa izatera luzatu zela (orduan(txe) ezagutu nuen), eta gero, ez oso aspaldi literaturan bederen, diskurtso markatzaile eginbideetarako gaitu zuela eguneroko hizkerak, ahozkoak batez ere eta erro handiak egin, gainerako diskurtso markatzaileei lur handia jateraino.

Hitz horren hiru balio horiek zenbait perpausetan ez da batere erraza bereizten eta zeinetan ari den erabakitzen: sintagma arrunta da, ala denborazko adberbioa, ala diskurtso markatzailea? Honako honetan, adibidez: Orduan bost kilometro ibili zen.

Hiru balioak datozkio ongi: ‘Ordubetean bost kilometro…’; ‘Harako egun hartan…’; ‘Beraz bost kilometro…’.

Testuinguruak eta ahozko hizkeran gehien erabiltzen baita, horrek dituen lagungarri guztiek, hizkera doinuak, ahoskerak, imintzioek eta abarrek argitzen dute aldian-aldian zein den benetako esanahia.

42.22.4b Diskurtso markatzaile dena da guri hemen dagokiguna. Hegoaldean bezain zabaldua dago gutxi gorabehera Iparraldean. Han eta hemen, hala ere, literaturan baino eguneroko hizkeran eta hizkera horren ispilu izan nahi duten liburuetan gehiago. Baina han bezala hemen, ez oso aspaldidanik, literaturan bederen. Eguneroko hizkeran noiznahi entzuten dira honako hauek: Orduan, zer?; Zer ari zara, orduan, marmarrean?; Ez esan orduan, zeuk egin duzula; Zuk ere ez dakizu, orduan?; Orduan, hobe duzu ohean jarraitu.

42.22.4c Perpausean hartzen duen lekuari dagokionez, adibide horiek eta liburuetatik harturiko beste hauek garbiro erakusten digute DM mugikorra dela hau ere, leku bat zein bestea hartzen baitu. Hona lehenik zenbait adibide orduan hasieran dutenak: -Mundakatik urreko baso-etxe batekoa. -Orduan jakingo dituzu baserriko arazoak? (Etxeita); -Derrigorrean dator. -Orduan ez dut hitz egin nahi (Barriola).

Baina asko dira orduan perpaus barnean dutenak ere, eta ez nahitaez galdezkoak direlako, bestelakoek ere hantxe baitaramate. Adibidez: -Menditarte baten sartu arren mendian beste aldetik ikusi; baita haitzulo baten sartuta ere, baita, ahal balitz, itsasorik sakonenaren hondarrean jarrita be, tramankuluak argiro ikusiko luke. -Berorrekin orduan, ez da gauza ezkuturik munduan izango (Kirikiño); -Berez motela bada, eskola gora-behera, beti motela. -Zuk dinozunetik eskola jakiteak ez dauka orduan halako alde on handirik (Kirikiño); -Zuk badakizu ontsa bizkitartean. -Nik ba. -Ama da, orduan, ez dakikena (J. Etxepare); -Zer munta du gero, nik badezaket haiek ez dezaketena? -Zatoz orduan, da berehala; banoa erregeren bila (Barbier).

42.22.4d Beste hainbat diskurtso markatzaileren azterketan ikusi dugun bezala, orduan ager daiteke juntagailu batek gauzatzen duen bi perpausen arteko lotura indartuaz, juntadura horri ñabarduraren bat erantsiz. Ondoko perpausetan baina juntagailuaren ondoan doa aztergai dugun DMa: -Eta nola deitzen zinen munduan, ez banaiz ausartegi? -Haurmaite. -Baina orduan, euskalduna zara, eta ezagutzen zaitut segurki (Barbier); Nik soldaduzkari ihes egingo nioke, itsuak lagunduko lidake, baina, orduan, betiko aldendu beharko genuke (Altzaga).

Egia da azken adibidean orduan anbiguoa dela, DMtzat nahiz adberbiotzat har daitekeela berez, ‘une hartan’ edo antzeko adieran alegia. Hala ere, diskurtso markatzaile balioa nagusitzen dela esango genuke.

Bada DMarekin batera ere aurkitu dugu, biek elkar indartzen dutela: -Ez, ez, nire dirurik ez duk ikusiko. -Orduan zelan joango naiz bada? (Kirikiño). Hor galderazko perpausa da; holakoetan orduan hasieran nahiz bukaeran joan daiteke.

42.22.5. Honenbestez, Horrenbestez, Hainbestez

42.22.5a Diskurtso markatzaile hauen oinarrian, izenordain erakusle genitiboaren forma singularrak daude (honen-, horren-, (haren >) hain-). Horiei beste- izenordaina eransten zaie segidan, kasu instrumentalaren markarekin. Ager daiteke, hala ere, kasu soziatiboaren markaz ere, hots, honenbesterekin, hainbestenarekin eta abar: Paganoek etsitu zuten noizbait martir sainduaren erretzen ikustea. Orduan burrego batek, iganik egur metaren gainera, sartu zion ezpata bihotzean. Eta hainbertzenarekin haren arima saindua hegaldakatu zen Jesus jaunaren besoetarat (Joanategi); Aldeko iturrian xurga xurga edanik, badut uste lo kuluxka bat ere egina nuela, noiz eta ere iruditu baitzitzaidan, burrunba mutu ilun bat, urrun-urrundik heldu, entzuten nuela. Xutitu nintzen, eta, hainbertzenarekin, burrunba sumatu nuen nireganik hurbilago (Barbier); Egun berean bost mitin eman zituen eta hainbestenarekin ahotsik gabe geratu zen.

42.22.5b Hori bakarrik ez, -beste- gabe joan daiteke bigarren osagaia. Iparraldean -beste baino gehiago erabiltzen da -bat: honenbat (hunenbat), horrenbat, hanbat. Azken hori da soziatibo kasuan (hanbateki) Iparraldeko autore zaharrek gehiena erabiltzen zutena, zuberotarrek bederen. Halatan ere erabiltzen dute zubereraz (Tartasen hizkeraz, esate baterako): Orok erraiten zioten […] inmortal zela […]; hanbateki, herioa baitzen bertze gizon ororen gehien eta jaun, bere armak haren kontra galtzen zituela, hura zela gizonen erregea eta herioaren nagusia eta jauna (Tartas); Ikuiluko zekorrik ez da zergatik hil; zerri hil berria neskak labean atzo opil: honenbestez badute gosea nola isil (Orixe); Horrenbestez, garrantzitsua da gauzak pixka bat argitzea (Elberdin).

Ia gainerako diskurtso markatzaile guztiak bezala, jatorriz, adberbioak dira; baina, besteak legez, perpausean (mintzagaiaren atalen baten ondoren) hartzen duten lekuagatik, aurretik esanarekiko duten anafora balioagatik… DM bihurtu dira. Areago, hauek, DM bihurtzen diren beste adberbio asko ez bezala, ezin dira inoiz galdegai izan; ezinezkoa da honenbat (gaur gutxi erabilia) edo horrenbestez galdegaiaren lekuan ezartzea.

42.22.6. Halatan, Hala

42.22.6a Jatorriz, halatan diskurtso markatzailea hala moduzko adberbioaren forma luzatua, indartua baizik ez da, nolatan galdezkoari zuzen-zuzen dagokiona. Horren kidea, lehen mailako erakusletik sortua, gorago ikusi dugu beraz honelatan42.22.2h) diskurtso markatzaile konposatu ondoriozkoa osatuz. Ez da harritzekoa, hortaz, orain halatan aurkitzea balio berarekin eta bi modutara, gainera: beraz DMa indartuz ez ezik, bakarrik ere bai. Honetan desberdintzen da honelatan-etik; honek ezin baitu berak bakarrik DMa osatu, beraz-i lagunduaz azaldu behar du.

Halatan bera bakarrik diskurtso markatzaile balioan batez ere zubereraz aurkitzen dugula dirudi, euskalki horretan beraz guti baita ageri, lehengo mendeetan bederen. Horren lekua edo hutsunea betetzen bide du halatan-ek: Ontsa biziren denak eta ontsa hilen, behar du zuhur izan […] eta jagoiti gizona ez emaztia ez dira zuhur […] ez badute herioa gogoan. Halatan ontsa bizi eta ontsa hil nahi denak hauta beza […] herio bere bihotzean… (Tartas); Plumak iskiribatzen dituen gauzak mendez mende diraute, eta beti dira mintzo […]. Baina hitzak fite iragaiten, eta ahanziren dira […]. Halatan predikaria mintzo deino, haren predikua ere bizi da (Etxeberri Sarakoa).

Azken adibide horretan nabarmena da beraz-en pare-pareko balioa duela halatan-ek.

Eman ditugun adibideetan, bestalde, halatan DM balioan erabiltzen den ala jatorrizko adberbio balioa gordetzen duen zalantzak sor dakizkiguke; baina, oro har, guztietan DMtzat har daitekeela iruditu zaigu.

42.22.6b Juntagailua indartuz ere ager daiteke: Gure bekatuak […] garbi eta xuri gertatzen baitira […]. Eta halatan deabruak ordu hartan ez du eskurik ez zuzenik bekaturik ez den lekuan. Hanbateki arima hura Jainkoaren da… (Tartas); Hala bada guk ere geure bekatuak konfesatzen ditugunean, behar dugu geure gogoa, eta bihotza, intentzione gaizto guztietarik alde guztiz hustu, xukatu, garbitu; eta halatan, ura egotu den ontzia bezala, bat ere hondarrik, kutsurik, eta bekatuaren usainik, eta urrinik gabe gelditu (Axular); -Baina, jaun erretorea, erranen didazu, zer duen ene senarrak holako afera polizia horrekin? -Hori berek dakite. -Hala, ene senarrak gorde dit zerbait? (Larzabal).

42.23. Kausazkoak

42.23.1. Sarrera

42.23.1a Kausazko diskurtso markatzaileak aztertuko ditugu atal honetan. Harrigarri gerta lekioke norbaiti nolatan Hegoaldean eta literatura tradizioan bederen, oso erabiliak ziren batzuk —hala nola, alabaina, bada— egungo egunean, zeinen gutxik ezagutzen dituen. Beste bat, berriz, zergatik, —bizkaieraz, zegaitik (ze)— bizi-bizirik dago oraindik Hegoaldeko hiztunen artean, baina idazleek muzin egin diote, zeren-i lehentasuna ez ezik ia bakartasuna emanik.

42.23.1b Kausa izen orokorraren pean filosofiarekin zer ikusi gutxi duten arrazoi, motibo, aitzakia, estakuru, esplikazio eta abar direnak sartu ohi dira. Hitz gutxitan esateko, nola edo hala zergatik, nolatan, zer dela-eta eta antzekoei erantzuten dieten perpausak sarritan DM batez hasten dira. Hauei deituko diegu kausazko diskurtso markatzaile. Zer esanik ez, menderakuntzaren sailean agertuko zaizkigula galdera horri erantzuteko molderik gehienak. Horiek ez dagozkigu hemen eta orain; horietan menderagailuak agertuko dira, eta gu hemen diskurtso markatzaileez ari gara.

Gero esango dugun bezala, bakoitzaz jardutean, zeren (edo zerren) euskalki guztietakoa izan zen, guztietan erabilia; besteak, aldiz, Hegoaldean bakarrik; bada eta alabaina ere bai, kausazko balioz.

42.23.2. Zeren

42.23.2a Jatorriari dagokionez ez da dudarik, zer galde hitzaren genitiboa da, eta hala da oraindik Etxeparegan: Zeren bada ero gara gaixo bekatariak? (Etxepare).

Ade horretatik ez du juntagailu nahiz DM izateko zergatik-ek baino eskubide gutxiago ez gehiago; bata bezain galde hitza da bestea ere jatorriz, alegia hitz azentuduna: zerén. Azentua galdurik, erlatibo bezala jokatzera pasa zen gero. Ikus Etxepareren bertso hauek: Ez dut egin gaizkirik ukaiteko perilik / ez eta ere zeren gatik behar dudan auzirik (Etxepare). DM eta juntagailu izatera ere iritsi da, atono gisa noski.

Iparraldean betidanik bizirik egon da, nolazpait esateko, eta orain ere hala dago literaturan nahiz ahozko hizkeran. Hegoaldeari gagozkiola ezin esan dezakegu gauza bera. Ehun urtez edo literaturan ia batere erabiltzen ez zelarik, euskara batuarekin batera hasi zen berriz indarra hartzen. Berriz diogu, zeren Gipuzkoan eta Bizkaian bederen XVIII. eta XIX. mendeetan bizi-bizirik egon baitzen, ia idazle guztiek zerren forma erabiltzen zutela. Azken urteotan goraldi handia egin du eta Iparraldeko forma zeren noiznahi irakurtzen eta entzuten da, ia guztiz errankide diren zergatik, bada, ezen… bizkaierazko ze eta besteren baten kaltetan.

42.23.2b Gehienetan menderagailu gisa erabiltzen da, eta orduan bait- aurrizkia nahiz -en atzizkia hartzen ditu adizkiak. Hemen diskurtso markatzaile soila deneko erabilera aztertuko dugu.

Batzuetan, nahitaez gertatzen da zeren diskurtso markatzaile; hala nola zeren horrek gobernatzen duen adizkia —perpaus nagusiaren zergatikoa adierazten duena— testuan aipamen gisa sartzen diren norbaiten hitzen artean aurkitzen denean eta, hainbestez, adizkian eraginik gabe gelditzen. Adibidez: Hori horrela da, zeren aitak dioen bezala, “Nik dut beti arrazoia”. Hor zeren-i dagokion aditza dut litzateke teorikoki, baina aipamen ezin aldatuzko batekoa baita, ez du harengan batere eraginik. Hor zeren perpausetik kanpo dagoen zerbait da.

Horren antzekoa da Axularren hau: […] peril du […] arropa forraturik beharko ez duen. Zeren Klimako sainduak dioen bezala, balentia handia da egunean eguneko deskarguaren egitea (Axular). Hori are garbiago ikusten da aipamena beste hizkuntza batean egina denean: Zabiltza erne, zeren “No es oro todo lo que reluce”; Hori ez da harritzekoa, zeren “Quid prodest homini”. Axularrek horrelako adibide asko ditu: Zerbitzariak alfer egoiteaz beraz, gaizkirik ez eginagatik ere, merezi du gaztigu. Zeren San Krisostomok dioen bezala “Nihil boni…” (Axular).

Gauza bertsua gertatzen da aipamena gabe galde perpausa txertatzen denean zeren-en ondoren: Eroa deitzen du aberats hura eta arrazoinekin. Zeren, zer da erokeria handiagorik, geroko denboraz, bertzeren eskuan eta benturaz dagoenaz, bere eskuan eta segurean bailu bezala ordenatzea baino? (Axular); […] nahi lukete bera ikusi eta berarekin ahoz-aho hitz egin, egia berari esateko, zeren zergatik hiltzen ditu haur gaixoak? (Villasante); […] asko adierazi nahi du, gure ustez, egunkariaren hutsuneak, Leturia idazteko tankeran ez zegoela esan nahi badu noski, zeren, nork idazten du? (Txillardegi).

42.23.2c Besteetan, ordea, batere ageriko arrazoirik gabe, ez baitirudite bait- edo -en hartzen duten perpausetatik oso desberdin, zeren-ek gobernatzen duen adizkia biluzi agertzen da inongo aipamenik edo galde perpausik gabe. Ikus, beste askoren artean, Axularren pasarte luze hau, zeinek horrelako bi zeren baititu barnean: Beldur naiz zerbaitetan huts egin dudan eta lehendanik gaiztotu naizen, zeren jende gaizto batzuek, lehen nitzaz gaizki erraiten zutenek, erraiten omen dute orain ongi, zein baita seinale gaiztoa, zeren halakoek ez ohi dute erraiten ongirik, gaiztoez eta gaiztakeriez baizen (Axular).

Honelako adibideak nahi adina aurki daitezke: Hirugarren ondorena izan ohi da heriotza gaiztoa; zeren, edo batetan hilko da honela bizi dena, edo prestaera txarrarekin (Agirre Asteasukoa); Dohatsu dira pertsona emeak eta mantsoak, zeren halakoek lurra gozatuko dute (Materre); Mintza zaitez, Jauna, zeren zure zerbitzaria dago entzun nahiz (Pouvreau).

Inoiz balirudike hori gertatzen dela zeren-en eta hark gobernatzen duen adizkia aurkitzen den perpausaren artean beste mendeko perpausen bat txertatu delako; eta askotan hala da, baina ez beti, ez eta hurrik eman ere. Hona ezer tartekatu ez den zenbait adibide, non, halaz ere, adizkiak ez baitu aurrizkirik ez atzizkirik hartu: Neure obligazino handiek ez didate uzten zutzaz oroitzapen egin gabe, liburutto honen, kanporat ateratzeko ausartziaren hartzera. Zeren iduritzen zait ezen oraino bizi zarela (Axular); Aitzitik badirudi ezen Etxausko etxearen arropa gorriaz beztitzeko bideetan izan zarela. Zeren ez da ez dakienik ezen erregek hartarokotzat hautatu eta izendatu zintuela (Axular); Zeren oraindikan ez dut bukatu kotxe berria ordaintzen (Arretxe); Zeren eta klitoria kanpoan da, bai, kanpoan, goiko aldean (Elberdin).

42.23.2d Diskurtso markatzailea denean, aurrean eta ondoan dituen testu zatiek ez dute perpausa osatzen, hau da, zeren-ek bi perpaus zati baino gehiago, bi solas zati elkartzen ditu. Halakoetan, zeren puntu eta aparte ondoren ere ager liteke: […] Gureak dira faltak. Zeren San Augustinek dioen bezala: “Numquam prius…” (Axular); […] Eta arrazoinekin dirudi hala. Zeren ez baita bertze munduan izanen gaiztoentzat miserikordiarik. Miserikordios da Jainkoa, baina… (Axular); […] Justiziak ere gaiztoei infernua emaiten diela. Zeren Jainkoa den bihotz bera eta miserikordios, ez da ez honetarik hartu behar okasinorik… (Axular).

Lehen adibidean latinezko hitzei zabaltzen die bidea zeren-ek, eta adizkiak ez du menderagailurik erakusten. Hirugarrenean menderagailua ageri da, batetik, adizkiak -en hartu baitu. Bigarrenean ere menderagailua da, adizkiak bait- hartu duenez gero. Beraz, zeren beti bigarren perpausaren hasieran agertuko da, batzuetan diskurtso markatzaile eta besteetan menderagailu delarik.

42.23.2e Beste DMekin batera ere ageri da, normala denez. Gauza jakina da autore batzuek (ez Axularrek) eta-ren bidez indartzen dutela zeren. Bada, gutxitan baina inoiz bai, aurki daiteke zeren eta horren adizkia ere bait- eta -en gabe. Hala nola, honako hauetan: […] ageri da Donibane Garaziko auzokoa dela, zeren eta bere bertsoetan ibiltzen du, ez dizit, hartu nizin, ez dut, hartu nuen, ordez (Manezaundi); Lana goiz-goizik hasirik, bazkal aitzineko… bukatzen dute, otordu berant eginikan ere, zeren eta arratsaldeko ez dute sekula utzi nahi lan hori… (Manezaundi); Ematen zaigun bizia oso goitarra… ez izatea, hori ez litzateke harritzekoa, zeren eta inork ez digu ezer zor (Villasante); Zeren eta hola berriz oroitzean ohartzen naiz ez ginela uros izatetik urrun (M. Legorburu).

42.23.3. Zergatik

42.23.3a Formari dagokionez, zer galdetzaileari -gatik kasu marka itsatsiz sortzen da zergatik galde hitza. Beraz, jatorriz galderetan bakarrik erabiltzen zen, gaur oraindik erabiltzen dugun bezalaxe: Zergatik ez zara etorri?

Gero, ordea, zeren bezala, diskurtso markatzaile izateko gaitu zen, beste hizkuntza batzuetan gertatu zen bezala; galde hitzetatik datoz, izan ere, diskurtso markatzaile asko hizkuntza askotan.

42.23.3b Zergatik batez ere Hegoaldeko literaturan agertzen dela esan daiteke, ez horrenbeste Iparraldean, nahiz badiren adibide batzuk: Eta populu guzia hura ukitu nahiz zebilen, zergatik harenganik ilkitzen baitzen bertute bat guziak sendatzen zituena (Haraneder); Eta hala, zaudete zuek ere prestatuak, zergatik zuek uste ez duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea (Haraneder); Zatozte adoratzera Zeruko erregea. Zergatik haren eskutik baitugu bizitzea (Etxeberri Ziburukoa); Arren haren kunplitzeko egidazu grazia, zergatik gorputza baita janariaz betea (Etxeberri Ziburukoa); […] zuri dagokizu guardia egitea kablei zergatik anitz lekutan baitira arropak (P. Etxeberri).

Adibide horietan ez da diskurtso markatzaile, menderagailu arrunta da, adizkian ageri den bait- aurrizkiari lotua. Horrez gain, Hegoaldean berean ere —eta konkretuki Gipuzkoan— ez dirudi osoro zabaldua zegoenik eta nonahi erabiltzen zenik XVIII. mendearen hasieran; bada Otxoa Arin ordiziarrak (1713) ez darabil eta Juan Irazusta hernialdetarrak (1739) bai. Bizkaian XX. mende hasierako Etxeitaren testuetan aurkitu dugu. Nafarroan Elkanoko Lizarragak eta Frantzisko Elizaldek usu darabilte. Hemen ageri dira adibide batzuk (konturatu adizkiak bait- edo -en erakusten duela, eta holakoetan zergatik ez dela diskurtso markatzailea): Zergatik egiten du negar? Errespondatu duzue: zergatik eraman baitute ene jauna, eta ez dakit non paratu duten (Lizarraga); Zergatik hainbertze aldiz? Zergatik denbora guzietan gure etsaiek pertsegitzen gaituzten (Elizalde); Zergatik erran da: konfesatu, komekatu behin bederen? Zergatik obligazio ez den gehiago (Elizalde); Legoak zergatik komekatzen dira solo hostiarekin? Zergatik hostia hartan, eta haren parte guzietan dagoen Kristo guzia (Elizalde).

42.23.3c Balioari doakionez, zeren-en arras errankide da, eta bata erabil daitekeen oro erabil daiteke bestea. Izan ere, biak dira DM izateaz gainera, menderagailu; badute, haatik, alde txiki bat: zergatik menderagailu denean, adizkiak -en atzizkia hartzen du bait- aurrizkia baino gehiagotan. Horren arrazoia euskalki kontua da: Hegoaldeko idazle askok, horien artean gipuzkoar klasikoek, Larramendi eta Kardaberaz barne (bai eta Mendiburu, nahiz hizkeraz gipuzkoarra ez den), ez dute inoiz erabiltzen bait-, ez bakarrik (… berandu etorri baita) ez beste menderagailu bat indartuz. Hortaz, zergatik-ekin nekez agertuko da bait- aurrizkia idazle horien testuetan. Hona hemen, dena den, bateko eta besteko adibide bana: Ez dut escribitu zergatik dauden ongi ala, baizik zergatik hobe den, nahiz hala, ezi baterez (Lizarraga); Zoaz eneganik, Satan, eskandalu zaitut nik zu, zergatik ez baituzu gusturik Jainkoaren gauzentzat […] (Haraneder).

Nolanahi ere, DM den zergatik da guri hemen axola diguna: Jaungoikoak badu gorputzaren figurarik […]? Ez du Jaungoikoa dan partetik, zergatik da Espiritu purua […] (Irazusta); Zaindu bezate euren etxea eta ez auzokoa, zergatik inoren buruko minak astoak hiltzen ditu (Apaolaza); Ai, noiz aurkituko naiz ni andre Joxepanean txokolatetxoa hartzen; zergatik jakin behar du, ni ez banaiz ezkondu, ez da faltatu zaizkidalako (Soroa); […] baina hartu behar duzu, zergatik laster ezkonduko zaizu etxean daukazun arreba […] (Etxeita).

42.23.3d Adibide guztiotan ikusten denez, zergatik beti perpausaren buruan doa, batere salbuespenik gabe, eta adizkia soilik eta hutsik ageri da, bait- ez -en hartu gabe, alegia. Aurrizki-atzizki horiek hartzen dituenean, menderagailua da; beraz, ez dugu hemen aztertuko (esan bezala, Hegoaldeko autoreek erabiltzen dute molde hori).

42.23.3e Zeren-en kasuan bezala, badira zergatik ezen erakusten duten adibide batzuk ere, non zergatik indarturik agertzen baita eze partikulaz: Arimako arerioak bekaturako zirikatzen zaituenean, eman iezaiozu errosarioaren garauari, edo Mariaren irudi bati: zergatik eze, ez da erraz bekatuan jaustea. Mariaren irudi edo errosarijo santuari gogotik eman eginen zaion une hartan berean (Uriarte); Ez zara, bada, gaurgero Jakob deituko, ezpada Israel, aingeruak esan zion; zergatik, ze, baldin hain sendo eta irmo Jainkoaren kontra eraso baduzu, nola gizonak garaituko ez dituzu? (Lardizabal).

42.23.4. Alabaina

42.23.4a Ikusi dugunez, alabaina-k aurkaritzako balioa har dezake, baina kausazkoa ere bai. Are gehiago, zenbait kasutan kausal-esplikatibo esaten zaio DM honi. Hau da esan nahi dena: alabaina-k (eta kausazko diren DM guztiek) osatzen duen perpausak aurreko perpausean esandakoa zergatik den hala ematen du aditzera, edo aurreko perpausean esan dena esplikatu nahi du. Kausazko alabaina-ren (kausazko esplikatiboa) adibide zaharrenak Hegoaldekoak dira. Hona hemen lehengo bera (§ 42.21.8c): Ereile gaiztoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soila eta hutsa. Alabaina gutxik daki bere jaioterriko Euskararen erdia […] (Larramendi).

“Azaro txarraren eta geroko uzta urriaren kausa” euskara behar bezala ez jakitean datza, Larramendiren ustez. Horregatik diogu hor alabaina kausazko esplikatiboa dela. Lasai ipin zitekeen horren ordez zeren, ezen, zergatik, bada, izan ere eta abar.

42.23.4b Tokiari dagokionez, baditu adibide horrek beste bi alderdi oso gogoan hartzekoak: (i) puntua ezarri zuen Larramendik alabaina-ren aurrean; ez zen beharrik, ez du hor belarriak horrenbesteko geldiunearen beharrik sumatzen, eta, hala, puntu eta koma aurkituko dugu gero adibide askotan, eta are koma soila ere bai; (ii) kausazko perpaus zatiaren hasieran kokatu zuen diskurtso markatzailea. Ez da hori beti eta nahitaez horrela; maiz ikusiko dugu barnean. Ikus ditzagun adibide batzuk: Ez zen nehor atrebitu haren hartzerat: ez zen alabaina oraino etorria berak bere burua etsaien eskutarat largatu nahiko zuen muga (Larregi); Ikasi dutenek, apezpiku Jaunagana joan behar dute, ez du inork alabaina, hark baizik, Konfirmazioa emateko eskurik (Ubillos); Gaizki dirudien gauza da hau, batez ere emakume ezkonduetan; aditzera ematen due alabaina hego haizez beteak dauzkatela goiak (Agirre Asteasukoa); Beti atsegin berri batekin entzuten zaitut gauza horren gainean. Hori da alabaina laborantza guziko erroa (Duvoisin); Demagun oraino, berak ez bezala bertzeak bizi ezin ikusiz, poxoluz nahi lituzketela kendu. Gaizki bizi denak ez dezake alabaina aldean ikus, ez jasan, ongi eta zuzenki bizi dena (Hiriart-Urruti); Erakustuna baduzu, ulia bezala; aldiz, ikasterik nehor kasik ez, edo guti. Gizon gazteak alabaina […] nahiago hiri handia (J. Etxepare); Baina ordu dugu apezaz mintzatzeko. Badut ustea, lenen-lehenik hortarik hastea nahiko ote zukeen berak. Apez zeukan alabaina oroz gainetik bere burua (Larre).

Bigarren perpausaren buruan eta muturrean ere ager daiteke: Eta zer egin du, horrela hiru hilabete preso iragaiteko? Alabaina gaiztaginak ezartzen dira preso (Hiriart-Urruti); Lehen egunetan, haur guziak harrituak zeuden, zer demontre zen mutiko itsusi hura; soinekoen artetik izugarrizko ile luzeak ageri zituen alabaina (Barbier).

Beraz, adibide guztiok erakusten diguten bezala, kausazko balioa duen alabaina Iparraldeko idazleek ere badarabilte (Larregi, Duvoisin, Joanategi, Hiriart-Urruti…), nahiz Hegoaldekoek lehentxeago eta gehiago. Gutxitan ezartzen zaio puntua aurrean, baina beste puntuazio marka batzuk ageri dira, eta gehienetan perpausaren barnean dago kokatua.

Azkenerako utzi dugu nahita Mendiburu. Hau da, beharbada, kausazko alabaina gehien darabilen idazlea. Darabiltenen artean beharbada zaharrena dugu, eta DM horren erabileran idazlerik erregularrena. Izan ere, perpausaren barnean kokatzen du, aurrean puntu eta koma duela, eta kausa balioarekin erabiltzen du beti, ez aurkaritzakoarekin: Hau egiten duena ongi aterako da beste munduko tribunalean; ez du alabaina hara eramanen beldurrik […] (Mendiburu); […] hemengo artzainak bere onagatik egiten ditu bere artzainzako gauzak; egiten ditu alabaina ardiaren esneagatik […] (Mendiburu); […] ikusi zuena zen bere etxea alde batetik eta bestetik su egina ta laster hauts eginik gelditzeko bidetan sartua; zen alabaina areaz, karez ta harriz ez, baizik oholez ta zurez egina (Mendiburu).

42.23.5. Bada

42.23.5a Honezaz aritu gara lehen, ondoriozko diskurtso markatzaileetako bat baita (§ 42.22.2). Bada, haatik, kausazkoa ere, eta horrela deitzean, badakigu zer esan nahi dugun: bada-ren aurrean esandakoa zergatik den hala adierazten duen partikula dela, alegia. Honako esaldi hauetan, esate baterako: Aspertu egin naiz, bada bakarrik utzi naute; Ez dut agurtu, bada ez dut ezagutu; Lehorte handia dago, bada aspaldian ez du euririk egin.

Horietan bada-k garbiro adierazten du zergatik bata aspertu den, zergatik besteak halakoa agurtu ez duen eta zergatik lehorte handia dagoen. Eta bada horien balioa eta honako beste hauena desberdina dela aski bistan dago, hauena ondoriozkoa baita: Aspertu egin naiz, bada; zer nahi duzu!; Ez dut agurtu, bada; izorra dadila!; Lehorte handia dago, bada; zuk nahi duzuna esango duzu!

Badira, hala ere, bi bada horiek bi diren dudan jartzen dutenak. Hala, OEHk aitortzen du, batetik “… actúa como relacionante entre frases (ilativa), como introductoria de explicativas…”, —guk ondoriozko eta kausazko edo esplikaziozko deitzen ditugunak, alegia—, baina bestetik dio: “En realidad, tanto el valor causal como el consecutivo que se le atribuyen carecen de base formal…”.

42.23.5b Mitxelenak berak kausazko bada denik ukatzen duela irudi dakioke norbaiti: “bada ¿puede ser causal? Desde el punto de vista vasco, parece claro que bada, beraz son partículas coordinativas como baina, ordea… Yo no veo que bada hori zure eskuan dago y beraz hori zure eskuan dago sean diferentes” (Villasante 1976: 156 oh.).

Azken hitz horiek argitzen digute Mitxelenaren hitzen zinezko esanahia: Villasantek zioenaren kontra Mitxelenak uste du, eta arrazoiz gainera, Axularren hitz horietan —bada hori zure eskuan dago— (horietan eta ez beti eta nonahi), bada ondoriozkoa dela, ez kausazkoa (Villasantek berak Pues bien ondoriozkoaz itzuli zuen pasarte hori, hain zuzen); horrenbestez, bada beste perpaus batzuetan kausazkoa izan daitekeela iradokitzen du. Baina pasarte horretan bakarrik ez, Axularren pasarte guztietan bada ondoriozkoa da, ez kausazkoa, gure ustez, aurrerago ikusiko dugunez.

Beste arrazoiaz den bezainbatean, hots, formazko oinarria falta omen dela bata ondoriozkoa eta bestea kausazkoa dela esateko, aitortubehar da aldez egia dela, ez baitio batak ez besteak bait- edo -en eransten adizkiari, baizik bietan biluzik agertzen baita; aldez ez, ordea, horien ordez beste zerbait berretzen baitiote batak eta besteak. Ala ez da ezer —eta ezer formala, noski— bi hitz-andana desberdin osatzea eta bi ahoskera desberdin izatea, eta puntuazio markak ere desberdinak, hitz-andana eta ahoskera desberdinen arabera? Har dezagun, esate baterako, honako hitz multzo hau: Eraman ezazu bada on egingo dizu.

Bere hutsean eta soilean, puntu-komarik gabe eta ahoskera zein den jakin gabe, ondoriozko nahiz kausazko izateko gai da horko bada hori. Baina ondoko bi perpaus hauetako hitz-andanak, ahoskera eta puntuazio markak badira zerbait:[Eraman ezazu], [bada on egingo dizu]; [Eraman ezazu, bada], [on egingo dizu].

Horra zergatik Mendiburuk, kausazko bada gehien (beharbada!) darabilen idazleak, idazten duen ia beti horren aurrean puntu eta koma; ondoriozkoarenean, aldiz, ia beti koma soila.

42.23.5c Hegoaldean kausazko bada-ren lekukotasunak bertako literaturaren sorrera bezain zaharrak dira; Otxoa Arinek eta Irazustak maiz darabilte, gero Larramendik eta Kardaberazek ere bai; berebat XlX. mendeko gipuzkoarrek. Mendiburuk erruz, nahiz gipuzkera ez zen haren euskalkia. Bizkaitarrek ere bai, Frai Bartolomek eta bestek.

Iparraldeko autore zaharrek ere bai? Arazo handiagoak ditugu hor. Badira testu batzuk, non guztiz zaila baita erabakitzea ondoriozkoa ala kausazkoa den. Hori lehen garbiro agertu da Axularren pasartean, zeinen bada Villasantek kausazkotzat hartu baitu —nahiz gero ondoriozko bezala itzuli— eta Mitxelenak, berriz, ondoriozkotzat. Horrek erakusten du beti ez dela erraza bada-ren balioa zein den asmatzea. Har dezagun beste pasarte hau: Baldin egiten ez baduzue penitentzia, guztiok fin gaitz elkarrekin eginen duzue. Bada penitenziaren partetarik bat da konfesatzea, beraz ez fin gaitz egitekotz, behar da konfesatu (Axular).

Horko bada hori, begiratu batera besterik dirudien arren, ez da inola ere zeren… bat da konfesatzea-ren parekoa, ez du aurrean esanaren arrazoia adierazten. Ez, silogismo baten premisa txikia da (latinez atqui, gaztelaniaz es así que esaten dena); horregatik dator gero beraz, ondorioa adieraziz ondoriozko diskurtso markatzaileez aritzean esan dugun bezala. Bada, ez da, beraz, kausazkoa, ondoriozkoa baizik.

Ikus beste hau ere: Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen. Bada ezin hil daiteke gaizki, ongi bizi izatu dena (Axular).Hor ere gauza bera, ongi begiratzen bada. Bada hori ez da zeren-en pareko, baizik Axularrek berak batzuetan erabiltzen duen Orai bada-rena. Bestela esan: bada-ri darraiona ez da aurrean esandakoaren arrazoia, esplikazioa edo kausa, beste honen antzeko zerbait baizik: “…ez gaizki bizitzearen. Ba(da) jakizu gauza bat: ezin hil daiteke gaizki…”. Hemen, bada-z hasten den perpausak ondorioa adierazten du nolabait, baina aurkaritza kutsuren bat ere baduke agian.

Etxepareren honetan, esate baterako: Ez dut egin gaizkirik ukheiteko perilik / eztare zerengatik behar dudan auzirik. / Bada, neure maitia, nik diotsut egia.

Gizasemearen egia esatea nola izan daiteke emaztekiak dioenaren arrazoia? Hortaz, bada hori ez da kausazkoa, baizik gaur horrela esango genukeena: Ba(da) zuk nahi duzuna esan, baina… Aitortu dugu, hala ere, zenbait arrazoinamendu luzeren ondoko bada oso iluna gertatzen dela askotan, non ez baitakizu idazleak zer esan nahi duen: esandako hori egia da, bada (= zeren, zergatik, ezen…) ala beste hau: esandako hori guztia egia da. Bada (= hortaz, beraz, orain bada).

42.23.5d Kausazko bada-ren lekua bigarren perpausaren —arrazoia ematen duenaren— hasiera edo lehen-lehena da. Eta horretan bereizten da —batzuetan!— bada ondoriozkotik, hau maiz perpausean barrentzen baita. Beraz, ondoriozkoa nahiz hasieran nahizbarnean ager daitekeenez gero eta kausazkoa beti hasieran, barnekoa beti ondoriozkoa dela badakigu; hasierakoa, aldiz, batzuetan bata izango da eta besteetan bestea, eta testuinguruaren zentzuak bakarrik erakuts liezaguke noiz den bata, noiz bestea.

Gaurko eta lehenagoko bizkaiera mintzatuan, hala ere, eta horren eraginez idatzian ere bai, apur bat, ezin uka ba(da) kausazkoa perpaus barnean ere erabiltzen dela: Ene ustez, hau da arrazoia: Euskera zenbaki horren istilua konpondu arte ez zuen agertu nahi. Berak bere gain hartu zuen, ba, aldizkaria gerra ondoan argitaratzearen erantzunkizuna, baina uste ez bezalako oztopoak aurkitu zituen, eta harik eta auzia konpondu arte, ez zuen agertu nahi (Villasante); Hemen ere agertzen da literaturaren lehentasuna. Zurrusta meheko bildumak ziren ba eskuarteko bildumak, eta biltzeari ekin behar zion berea osatzeko (Arana Martija).

Hori horrela izanik, perpaus barneko bada kausazkoa ere izan liteke; ez dugu uste, hala ere, XX. mendea baino lehenagoko idazle bizkaitarretan horrelakorik aurkituko denik.

42.23.5e Hona aurrean esandakoen sendogarri beste adibide batzuk. Irakurlea ohartuko da bi gauzaz: adibide guztiak Hegoaldeko idazleenak direla eta bada beti perpausaren hasieran doala. Kausazkoa den ala ez, berak igarriko dio ondoen; aski du horretarako bada dioen lekuan zeren edo jartzea, eta ea zentzu bete-betea duen ala ez ikustea: Jaungoikoa Salbadorea da? - Bai jauna; bada ematen digu geure salbaziorako bere grazia (Otxoa Arin); Zoratasun handia izango litzate neuronek berari esatea […], bada horrenbestez eman negike kausa edo motiboa… (Otxoa Arin); Zer gauza dirade oriek? - Ez diazadala hori galdetu niri, bada naiz ignorantea… (Irazusta); […] eta orain ere hauxe bera esan dezakegu Euskal Herrienzat; bada Jainkoaren hitzaren ogia txikitu bageaz… hiltzen daude asko eta asko (Larramendi); […] ezagutu nuen hau ere niri Loiolan eragiteko izandu zela aldi artan Jaungoikoak ni hara bidaltzea; bada hara ni joan ez banintz, ez nuen […] libururik eginen (Mendiburu); Bitzuek uts egiten dute. Bada ez olgeeta guztiak dira onak, ez guztiak dira txarrak edo bekatuzkuak (Frai Bartolome).

42.23.6. Izan ere

42.23.6a Formak ez du azalpen beharrik; esapide hori osatzen duten bi osagaiak egunero erabiltzen ditugu. Osagaiak, zein bere aldetik ez ezik, esapidea bera ere aski ezaguna dute Hegoaldeko euskaldunek, nahiz beti ez erabili. Izan ere sekuentzia guztiak ez dira berdinak, hala ere; guztiak ez dira diskurtso markatzaileak, ez eta, beraz, guk hemen aztertzekoak. Ez da beti hain erraza jakiten zeintzuk diren DM eta zeintzuk ez. Honako hau ez dela, aski garbi dago: Eskuzabala izango zela agindu bakarrik ez; eta izan ere, hala izan da.

Horiek ere emendiozkoa bere barnean dutenak dira eta han aztertu dira (§ 42.19.2). Han esan bezala, edozein aditzekin —eta ez izan-ekin bakarrik— hain maizkoak diren honako perpaus hauetakoaren kasu konkretu bat baizik ez da: Etorri ere, berandu etorri da; Esan ere, bereak eta bi esan zizkion. Horietan ere bakarrik da diskurtso markatzailea, eta etorri, esan, partizipio soilak dira eta partizipio bezala jokatzen dute. Orobat aurreko adibideetan izan partizipioa da eta ere bakarrik da diskurtso markatzailea. Guk hemen aztergai dugun izan ere, aldiz, oso-osorik da DMa.

42.23.6b Ez da erraz izan ere DMa eta DM ez dena zenbait perpausetan bereiztea. Badira adibide batzuk, non esan baitaiteke izan ere partizipio gehi DM izatetik, bere osoan DM izatera iristeko erdibidean dagoela. Adibidez: Astoa deitu zuen Manu; izan ere, halaxe zen. Nekez uka daiteke bi irakurketak onartzen dituela: a) deitu bakarrik ez, izan; b) hala deitu zuen halakoxea zelako. Lehenean izan ere-ren ere emendiozkoa litzateke; bigarrenean DM osoa da kausazkoa. Erdibideko egoera —edota hobe litzateke bitarikoa izendatzea— argiago ikusten bide da izan ere atzean edo bukaeran dagoenean: […] seinale zen txendorren bat zegoala egosten. Eta hala zan izan ere (Apaolaza). Hor ez dirudi izan ere osoa markatzaile izatera iritsi denik; ere bakarrik da markatzaile.

42.23.6c Noiz den bata, noiz bestea igartzeko gauza bat eduki behar da gogoan: lehenak mailaketa bat adierazi behar du. Lehengo adibide hartan, adibidez: Esan bakarrik ez, izan ere bai. Horretan datza mailaketa eta horregatik da emendiozkoa: zerbait emendatzen, berretzen, gehitzen du hor ere-k. Bigarrenak, aldiz, arrazoia, kausa adierazi behar du eta aurrekoaren esplikazioa eman: Saldu du; izan ere, ez zuen ezertako balio. Hor izan ere horren ordez zeren, ezen, bada, zergatik ipintzen bada, oso ongi dator. Hortaz, kausazko balioa du hor.

Kausazko diskurtso markatzaile honen sorrera aski berria da. XlX. mendearen amaieran aurki daitezke duda-mudazko erabilera batzuk, markatzaile berri horren sortzeko bidean daudenak. Hortik aurrera adibide asko daude, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak ia guztiak.

42.23.6d Perpausean hartzen duen lekuari dagokionez, gehienetan hasieran eta barnean agertzen da, eta inoiz amaieran ere bai, perpausa laburra denean: Zorigaitzez gainera […] beren begiz egiaztatu ahal izan zituzten lehenengo egunetik. Izan ere, laster ohartu ziren […] irteten zela… (Etxaide); Ardoak saldukeria beltza egin zion […] Izan ere, ardoa […] neurriz gainera samin […] bihurtu ohi da (Etxaide).

Horietan izan-ez beste aditz bat ageri da bigarren perpausean, baina ondorengo hauetan izan ageri da berriro ere: -Adizu, kontuz gero Donostiaz gaitzesan. -A! Zu donostiarra zara, izan ere. Barka!; Izarpe, zeru txiki bat zela, esan zitekeen. Izan ere, lurrean ez zen erraza halako zorion eta bakea aurkitzerik (Etxaniz); […] amona bera joaten zitzaion aurrari atseginezko aurpegiz losinga; Izan ere, etxeko denak txoratzeko nahikoa zara zu […] (Agirre); Hurrengo domekan izango zuten […] emateko era. Eta izan be gero izaten zuten apaskada […] (F. Bilbao); Bizitzea gertatu zaigun egunon ezaugarri nabarmena da […] Ezaugarri nabarmena eta, erabat, itxaropenez bete gaitzakeen ezaugarri osasungarria. Gehiegitan, izan ere, ibili izan gara elkarren berri ez genekiela […] (Mitxelena); Erantzun honek, egia esan, badu bere pisua eta bertatik bertara begiratzea merezi du. Zer da, izan ere, hitzen bizia? (Mitxelena).

42.23.6e Batzuetan beste zenbait partikularekin ere ager daiteke, bada eta eta-rekin, esaterako: […] Jainkoaganatu zituen, jaun berak lehengoa bere konfesatzaile izan zedin Erroman hautaturik; bada gizon jaieradun, txit zuzen, begiratsua, eta hartarakoa zen izan ere (J. I. Arana); Bai, hau ere harekin zegoen, izan ere galilearra da eta (Iraizoz); […] orduan lotsaturik joango zinateke azken aulkian esertzera. Eta izan ere, zer erantzungo zioten? (Iraizoz); Orain, bai, badakit, esan zuen, eta izan ere, horixe dela arlo bakoitzaren egitekoa deritzat (Zaitegi).

458 Berez, sintagma horien analisia konplexuagoa da: [[[gizon] hori] -en]. Baina hori guztia aurrerago azalduko da. Arazoa azaltzeko egin dugun sinplifikazioa egokia da orain.

459 Beste izen batzuk ere proposatu izan dira: “testu markatzaile” edo “testu antolatzaile”, esaterako. Beharbada, “diskurtso markatzaile” esateak hobeki islatzen du zertan ari garen.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper