Euskararen Gramatika

41. Hitz ordena: informazio egitura

41. Hitz ordena: informazio egitura

41.1. Sintagma barneko hitz ordena eta perpaus barneko hitz ordena

41.1a Hitz ordena aztertzean, berez, sintagmetako nahiz perpausetako hitzen ordena har daiteke kontuan. Izan ere, izen sintagmak, adjektibo sintagmak, adberbio sintagmak, zenbatzaile sintagmak edo determinatzaile sintagmak ere hitzez osatuak egoten dira, eta hitz horiek hurrenkera jakin batean ematen ditugu euskaraz. Izen sintagmaren barnean izenlagunak, oro har, izenaren ezkerrean ezartzen ditugu; eta adjektiboak, berriz, izenaren eskuinean. Era berean, adjektibo sintagmetan, maila adierazten duten adberbio batzuk —oso, aski, nahiko…— adjektiboaren ezkerrean kokatzen ditugu; beste batzuk, ostera, eskuinean —asko, samar…—. Berdin gertatzen da adberbio sintagmetan ere. Determinatzaile sintagmetan, erakusleak eskuin muturrean ezartzen ditugu; zenbatzaile sintagmetan, zenbatzaile asko ezkerrean ematen ditugu, baina beste batzuk eskuinean edo eskuinean zein ezkerrean (anitz, asko, gutxi, pixka bat, poxi bat, ugari…). Gramatikak ezartzen ditu hurrenkera hauek. Hiztunak ez du, oro har, askatasunik adjektiboak izenaren ezkerrean edo eskuinean emateko, zenbatzaile jakin bat sintagmaren ezkerrean edo eskuinean jartzeko, edo (ezezko perpausetatik kanpo hego-ekialdeko hizkeretan galdegaiak eraginda ez bada) adizki laguntzailea adizki nagusiaren aurretik emateko (*naiz etorri). Mikrosintaxiaren maila esan izan zaio sintagmen barne osaeraren maila honi. Maila horretan, hizkuntza bakoitzeko gramatikak ezartzen dituen erregelen arabera ordenatzen dira osagaiak; zurruna da osagaion hitz hurrenkera.

41.1b Perpausaren mailan kokatzen bagara, hizkuntza tipologiako parametroetako bat da hitzen ordena. Zehazkiago esanda, hizkuntzen kategorizaziorako irizpidetako bat da zein hurrenkeratan ematen diren aditza, subjektua eta objektua. Hau da, aditza baldin bada perpauseko ardatza, ardatz horren osagaiak nola antolatzen diren, zein doan lehen, zein ondoren, zein azken; horri erreparatu diote hizkuntzalariek.

Irizpide hori kontuan harturik, SVO437 (subjektu-aditz-objektu) motako hizkuntzak bereizten dira, bai eta SOV (subjektu-objektu-aditz) edo VSO (aditz- subjektu-objektu) motakoak ere. Munduko hizkuntzen artean, ugari dira SVO hurrenkera dutenak, baina SOV da maizenik ageri den hurrenkera (Comrie 1981). Hala da euskaraz ere: hitz hurrenkera ez-markatua Subjektua-Objektua- Aditza dela esaten dugu438. Zenbait argudiobide erabili izan dituzte gramatikariek euskara SOV hurrenkerako hizkuntza dela erakusteko: “naturaltasuna”, hurrenkera ez askea mendeko perpaus batzuetan, hurrenkeraren estatistikak, ordena bateko edo besteko perpausen prozesamendua burmuinean eta abar. Baina euskararen bereizgarri orokorrei eskainiriko kapituluan mintzatzen baikara horretaz, ez ditugu hemen errepikatuko han esanak (§ 1.2).

41.1c Beste bereizketa bat ere egin ohi da hizkuntza tipologiaren ikuspegitik, hizkuntza konfigurazional / ez-konfigurazional bereizketa439, alegia. Hizkuntza konfigurazional esaten zaie hitz ordena zurruna dutenei, osagaien hurrenkeran ia inolako aldaketarik onartzen ez dutenei (ingelesa, esaterako). Ez-konfigurazionaltzat hartzen dira, aldiz, perpaus bateko osagaiak hurrenkera batean baino gehiagotan antolatzeko aukera dutenak; horrelako hizkuntzen artean sailkatuko genuke euskara ere. Badira, azkenik, hizkuntza erdi-konfigurazionalak, osagaien hurrenkera jakin bat izan arren, osagai horiek lekuz aldatzeko aukera batzuk ere badituztenak; halakoak dira, inguruko hizkuntzen artean, katalana eta gaztelania, esaterako. Honetan ere badu zerikusia hizkuntza jakin baten tipologiak: kasu markak dituzten hizkuntzek, esaterako, askatasun handiagoa dute osagaiak mugitzeko, morfologiak argi erakusten baitu zein den osagai bakoitzaren funtzioa. Subjektua eta objektua perpausean duten lekuaren arabera bereizten dituztenek, ostera, hurrenkera zurruna izan behar dute, ordena aldaketak funtzio sintaktikoaren aldaketa baitakar. Argi ikusiko dugu hori euskarazko adibide pare bat eta frantsesezko ordainak parekatuz: katua saguak jan du nahiz saguak katua jan du, saguak jan du katua, katua jan du saguak esan, ez da aldatzen zein animalia den ekintzaren egilea (jaten duena) eta zein ekintzaren jasailea; beste horrenbeste esan dezakegu Jonek Ane maite du, Jonek maite du Ane, Ane maite du Jonek… aukerez ere. Frantsesez, berriz, le chat a mangé la souris eta la souris a mangé le chat guztiz kontrakoak dira: lehen perpausean katuak jan du sagua, baina bigarrenean saguak jan du katua. Berdin gertatzen da Pierre aime Marie edo Marie aime Pierre bikotean: aldatu egiten da nork nor maite duen perpaus batetik bestera. Hauek guztiak, jakina, gramatikaren eremuko kontuak dira, perpausaren egiturari dagozkionak.

41.1d Nola antolatzen dugu informazio egitura? Esan bezala, subjektua, objektua eta aditza hurrenkera batean zein bestean emateko askatasuna duten hizkuntzetan, osagaien funtzio sintaktikoak ez du aldaketarik hurrenkera batean zein bestean. Hala bada, non dago hurrenkera batzuen eta besteen arteko aldea? Informazio egituran. Izan ere, perpausa, osagai jakin batzuk eta egitura sintaktiko jakin bat duen unitatea izateaz gain, bada informazio unitate ere. Eta hau da aztertzen duguna hizkuntza batean hitz ordenaz ari garenean: diskurtsoaren informazio egitura, alegia. EGLU-I liburukian funtzio egitura eta mintzagai egitura bereizi genituen: kasuen bidez ematen dugu funtzio egituraren berri, perpauseko osagaiek zein funtzio betetzen duten, alegia; mintzagai egitura, aldiz, perpaus batek ematen duen informazioari dagokio, hizketaren unibertsoan oinarritzen da.

Aurreko puntuko perpausak —katua saguak jan du, saguak katua jan du, saguak jan du katua, katua jan du saguak— eta beste hauek ere —jan du katuak sagua, katua saguak jan du— baliokidetzat har ditzakegu osagaiak eta hauen funtzio sintaktikoak kontuan hartzen baditugu: ekintza bera dugu (jan) eta argumentu berak (agentea edo egilea, katua, eta pazientea, gaia, sagua) eta, hein horretan, esanahi bera dutela esan dezakegu. Hala ere, desberdinak dira informazio egituraren mailatik begiratuta. Perpaus horietako bakoitza informazio testuinguru jakin batean erabiliko dugu: aditzak eta osagarriek ematen duten informazioan zer nabarmendu nahi dugun, zer den aldez aurretik dakiguna edo jakin uste duguna… horren arabera antolatuko ditugu osagaiak hurrenkera batean edo bestean.

Berez funtzio sintaktikoak gainditzen dituelako, gramatikak ezin du informazio egiturari buruzko erregelarik eman. Baina, aldi berean, funtzio informatiboek, diskurtso-funtzioek (adibidez, berehala ikusiko ditugun ‘tema’ eta ‘foku’ funtzioek), eragina dute gramatikaren hainbat alderditan, funtzio horiek hitz ordenari eragiten baitiote. Beste hitz batzuetan esanda, informazio egiturari dagozkion funtsezko funtzioak —mintzagaia, galdegaia, kontrastea— sintaxiko baliabideez adierazten ditugu440. Euskarari dagokionez, leku berezia izan du hitz ordenaren gaiak euskararen estandarizazio bidean. Gramatika Batzordearen lanaz gain (EGLU-I 1987a, EGLU-II 1987b), hor ditugu Goenaga (1980) edo de Rijken (2008) gramatiketan hitz ordenari eskainitako kapituluak, eta Ortiz de Urbina (2003d), Etxepare & Ortiz de Urbinaren (2003) lanak441. Mitxelenak (1968) ere aipatu zuen hitz ordena, labur izanik ere, Arantzazuko Biltzarrerako ondu zuen txostenean. Oso bizirik zegoen artean Altuberen (1920, 1930) eragina euskararen estandarizazioari heldu zitzaion garaian, oihartzun handia izan baitzuten eta eragin sakona haren lanek Hegoaldeko joskeran. Polemika iturri ere izan dira lan horiek, ordura arteko literatura tradizioko eredu bateratua hautsi eta ordena zurrunagoa eta garbizaleagoa ekarri zutelako. Testuinguru horretan, Mitxelenak eta Villasantek maiz nabarmendu nahi izan zuten zenbaterainoko garrantzia zuen euskarak behar zuen estandar zaindurako hitz ordenaren gaiak (Corpus Batzordea 2011). Berrikitan Sarasolak (2016) ere idatzi du Altuberen eraginaz. Ikerlan horiek guztiak izanda ere, kapitulu honetan zehar behin baino gehiagotan aipatuko dugun bezala, badira oraindik hainbat puntu ikerketa sakonagoen beharrean daudenak.

41.2. Ordena neutroa (kanonikoa) / ordena markatua

41.2a Informazio testuinguru desberdinak nabarmentzeko osagaien hurrenkera aldaketaz baliatzen diren hizkuntzetan (euskaraz, esaterako), perpausak izan ditzakeen aukeren artean bat hartzen da “neutrotzat”, ordena ez-markatutzat. Ordena kanoniko ere deitzen zaio halakoari (Garzia 2014a; Vallduví 2008). Osagai jakin bat nabarmendu gabe, gertaera baten berri ematen da, besterik gabe; funtzio deskribatzailea da nagusi ordena hau duten perpausetan. Ordena kanonikoa duten perpausak erantzun egokiak izaten dira zer gertatu da? moduko galdera orokorrei erantzuteko. Gainerako aukerak, neutroak ez direnak, hurrenkera “markatuak” direla esango dugu; funtzio informatibo espezifikoa dute, egoera jakinetan erabiliko ditugu.

Euskaraz Gazte horrek auto berria erosi du esaten badugu, perpaus horretan ageri diren hitzek hurrenkera guztiak onartzen dituzte (§ 41.1c): esaterako, Auto berria erosi du gazte horrek (OVS) nahiz Gazte horrek erosi du auto berria (SVO). Hurrenkera horiek guztiak dira egokiak, nolakoa den testuingurua eta zer adierazi nahi den. Gauza bera gertatzen da zeharkako objektua sartu nahi izanez gero: Aitak amari gona gorria ekarri dio. Hori bezain euskara da Amari ekarri dio aitak gona gorria. Eta hori bezala, hemen ezarri nahi ditugun hurrenkera guztiak (Goenaga 1980; Gramatika Batzordea 1987a).

Hala ere, “lehenbiziko hurrenkera (Gazte horrek auto berria erosi du) naturalago bezala sentitzen du hiztunak” esan dugu euskararen bereizgarri orokorrak azaltzean (§ 1.2b). Gainerako hurrenkerak ere arazorik gabe erabil ditzakegu, baina badirudi horietan zerbait markatuagoa adierazi nahi dugula. Ez gara zerbait neutroa kontatzen ari (zer gertatu da gaur?), baizik galdera bereziago bati erantzuten (zer erosi du gazte horrek?, nori ekarri dio aitak gona gorria?). Bigarren hurrenkera horrek badu bere gainean lehenbizikoak ez duen pisua.

41.2b Hiru irizpide balia ditzakegu ordena ez-markatua, kanonikoa edo neutroa zein den jakiteko: (euskaldunaren) hizkuntza sena edo intuizioa, estatistika eta argumentuen islatzea (Gramatika Batzordea 1987a, 1987b; Vallduví 2008)442. Irizpide horien arabera esaten dugu, hain zuzen ere, euskara SOV motako hizkuntza dela (§ 41.1b). Nolanahi ere, euskaraz eztabaidatua izan da estatistiken kontua: alegia, zein den maiztasun handiena duen ordena. Hainbat hizkuntzalari arduratu dira gai honetaz (de Rijk 1969; Hidalgo, B. 1994; Erdocia 2006b; Pastor & Laka 2013), baina EHUko Euskara Institutuak eginiko azterketen arabera, gaurko testuetan, egitura sinpleenetan behintzat, andreak gizona ikusi du (SOV) hurrenkerako esaldiak hamar aldiz gehiago ageri dira gizona andreak ikusi du (OSV) motakoak baino. Hirugarren irizpidea bat dator gorago ikusi dugun hizkuntza tipologiako parametroarekin, aditzen argumentu egitura sintaktikoki nola gauzatzen den hartzen baitu kontuan. Beste hitz batzuetan esanda, subjektuaren, objektuaren, zehar-objektuaren eta gainerako argumentuen (lokatiboa, esaterako) kokagune kanonikoak zein diren hartzen da kontuan. Argumentu bakoitzari dagokion sintagma bere posizio kanonikoan badago, ordena neutroa izango dugu; ohiko posiziotik kanpo ageri bada, ordena markatua443.

Euskaraz, perpaus menderatu batzuetan eta bereziki erlatibozkoetan, ez dugu aukerarik osagaiak lekuz aldatzeko, sintagmek beren posizio kanonikoetan egon behar dute. Agian horregatik hartu izan da kontuan irizpide hau ordena neutroa edo kanonikoa zein den erabakitzeko (besteen artean, de Rijk 1969). Gramatika Batzordeak (1987a) beste egitura batzuek ere hartu zituen kontuan ordena kanonikoa aztertzean: nominalizazioak —aitaren etxe erosketa—, bi galdetzaileko perpausak (azalean, behintzat, horrela ikusten ditugunak) —nork zer egin du?— edo izen sintagma bera bi izenlagunek modifikaturik duten egiturak —Artetaren Ganboaren erretratua; argazkilariaren lehendakariaren erretratua; Narbaitzen San Frantsesen biografia—. Azken hiru adibide hauetan egiletzat hartuko dugu lehen izenlaguna: Arteta eta argazkilaria dira, hurrenez hurren, erretratugileak, eta Narbaitz biografiagilea. Gaia, pazientea, adierazten du, ostera, bigarren izenlagunak. Genitibo subjektibo deitu izan zaio lehen motakoari —adibide horietako Artetaren, argazkilariaren eta Narbaitzen izenlagunak bezalakoei, alegia—, eta genitibo objektibo, berriz, Ganboaren, lehendakariaren edo San Frantsesen izenlagunen pareko direnei (§ 18.6).

Argudiobide horiek garamatzate esatera euskaraz SOV dela ordena ez-markatua, neutroa. Hau da, euskaraz, oinarrizko ordenan subjektua kokatzen da lehenik, osagarriak ondoren eta aditza amaieran; hori da ordena kanonikotzat, ez-markatutzat hartzen duguna (Mitxelena 1979; Gramatika Batzordea 1987a; Garzia 2014a):

subjektua (abs.) / aditza

(zehar-objektua) / subjektua (abs.) / (zehar-objektua) aditza

subjektua (abs.) / predikatu osagarria / aditza

subjektua (erg.) / objektua / aditza

subjektua (erg.) / zehar-objektua / objektua / aditza

Zehar-objektuari dagokionez, ez dago hain argi zein den ordena ez-markatua (Ortiz de Urbina 2003d). Lafittek (1944) subjektua (abs.) / zehar-objektua / aditza ematen du hurrenkera neutrotzat. Eta hala da honako adibide honetan, eta beste askotan: Gizon batek bi seme zituen, eta gazteena aitari senipartearen eske jarri zitzaion (Lardizabal). Baina aditz psikologikoekin zehar-objektua aurrean duen egitura hartzen dugu ez-markatutzat: Atezainari giltzak galdu zaizkio. Horregatik eman dugu goian ‘zehar-objektua’ parentesi artean, subjektu absolutiboaren aurrean eta atzean errepikatua. Baliteke ordena neutroa aldatzea zehar-objektua nolakoa den: datibo hunkitua edo aditz psikologikoak argumentu egituran eskatzen duena, ‘esperimentatzailea’ (§ 18.4.3, § 18.4.4).

Adizkiak aspektu progresiboa adierazten duenean, kasu bereko bi sintagma gerta daitezke perpausean (Jon Mikel jotzen ari da). Bi sintagma horietatik lehena hartzen dugu subjektutzat eta bigarrena objektutzat (Ortiz de Urbina 2003d).

Zailagoa da adjuntuen kokagunea zehaztea. Batetik, adjuntuak subjektuaren segidan emango direla esan daiteke. Baina osagaiak ugaldu ahala, edo osagai bakoitza hedatu ahala, gero eta urrunago geratzen dira subjektua eta aditza. Eta horrek kohesioa ahuldu egiten du; subjektuaren eta aditzaren arteko distantzia neurri batetik gora hedatzen bada, Garziak dioenez (2014a), perpausa ez da erabilgarri (aise ulergarri). Bestetik, adjuntu guztiak ere ez dira modu berekoak. Modu adberbioak, esaterako, adizkiaren ezkerrean ematen dira askotan (Elordieta 2001). Mendeko perpausak erraz eman ditzakegu adizkiaren ondoren. Kontu korapilatsua da, azterketa gehiagoren beharra duena. Dena den, subjektua, objektua, zehar-objektua eta aditza dira hizkuntza batean ordena kanonikoa nolakoa den aztertzeko kontuan hartzen diren osagaiak.

41.3. Ordena kanonikoa eta testu-generoak

41.3a Nolanahi ere, hainbat ñabardura eskatzen ditu euskaraz oinarrizko hurrenkera subjektua — zehar-objektua — objektua — aditza delako baieztapenak. Lehenik, ahozkoaz ala idatziaz ari garen: “kontu kontari denak, esango nuke nik, esku zabala du hitzak gogo duen segidan bata besteari erasteko” (Mitxelena 1977a). Baina testuetan ere, badira ahozkotik gertuago daudenak, Subjektu-Aditz-Objektu hurrenkerakoak: Corpus Batzordeak (2011), esaterako, bertsolari txapelketetan gai jartzaileek gaiak ematean erabili ohi duten hurrenkerari erreparatzen dio. Antzerkiak eta ipuin-eleberriak ere aipatu zituen Mitxelenak (1968), aho mintzaerari lotuago dauden elkarrizketak izaten baitituzte. Kantu eta bertsoetan ere SVO ordena darabilgu sarri samar (nahiz horietan errimak ere behartu dezakeen hurrenkera jakin bat): Gernikako arbola da bedeinkatua; Aita izena kanta beharrak / jarri dit bihotza bero (Corpus Batzordea 2011). “Esateko” idazten diren testuetan ere, entzuleak ahoz hartuko dituenetan, komenigarri ikusten du Corpus Batzordeak (2011) ahozko eredua kontuan hartzea. Baina badira testu-genero gehiago ere (Mitxelenak euskal prosa arrunta deitzen duen horretan), eta horien artean ez dugu beti hurrenkera bat eta bakarra aurkituko. Osagaien ordena aldatu egiten da testu generoen arabera, edo, zehazkiago esanda, testu batean ager daitezkeen sekuentzien arabera. Ez da gauza bera azalpenak ematea, zerbait kontatzea, preskripzioak adieraztea (aginduak, aholkuak, prozedurak) edo sekuentzia gauzatzaile edo performatiboa izatea (Corpus Batzordea 2011: 77-82; Garzia 2014a). Sekuentzia mota horiek guztiek ez dute aditza kokagune berean izaten; hau da, ez dute erakusten goian ordena kanoniko edo neutrotzat hartu duguna.

41.3b Mitxelenak (1978) testu zaharretatik hartutako adibide bat baino gehiago ematen ditu, subjektua aditzaren eskuinean dutenak (VS): Jagi zedin nagia; Jausi da zerurean [zerutik] arria. Edo Subjektu-Aditz-Objektu hurrenkerakoak: Jagi zedin nagia / [Nagiak] erra zezan uria. Jausi da zerurean arria / [Harriak] aurkitu dau Lasturren torre barria / [Harriak] edegi dio almeneari erdia. Testu berriagoak aztertuz, Seme Galduaren Parabola Lardizabalek eta Agirre Asteasukoak nola itzuli zuten alderatzen du. Mitxelenaren iritziz, Lardizabalek, Larramendiren jarraitzaile izanik, askotan zuzentzen zuen bat- batean ateratzen zitzaiona. Agirre Asteasukoa, ordea, biziagoa, pertsonalagoa iruditzen zaio, baina ez horregatik jatortasunik gabea. Lardizabalen ereduaren adibide dira perpaus hauek: Aita batek bi seme zituen. Gazteena aitari senipartearen eske jarri zitzaion. Morrontzan jarri zan. Nagusiak txerri-zai ipini zuen. Zure morroitzat artu nazazu… Agirre Asteasukoaren itzulpenean, ostera, ez da harritzekoa aditz-objektu (edo aditz-predikatu osagarri) hurrenkera aurkitzea: Aita batek zituen bi seme. Gazteenak eskatu zion etxetik zegokana. Jarri zan etxe batean morroi. Non ipini zuan txerri zai. Ar nazazu zure langileen artean bederik. Beraz, pentsa daiteke —dio Mitxelenak— Gipuzkoan, 1750-1850 tartean, bi kontaketa modu zeudela: eredu herrikoitik hurbil zegoena bata, Agirre Asteasukoak ordezkatzen zuena; literaturatik gertuago zegoena bestea, landuagoa, Lardizabalena.

41.3c Goenagak ere “narrazio-kutsua dagoenean, ordena libreago gelditzen da” dio, eta adibide hau ematen du: Andonik bere makila hartu zuen. Agurtu zituen bere lagunak. Joan zen ondoren Peruren etxera. Eskatu zizkion giltzak. Agurtu zuen andrea eta han abiatu zen mendirantz (Goenaga 1980: 205). Ildo beretik, Corpus Batzordeak (2011) beste adibide hau ematen du, Zazpi etxe Frantzian nobelatik hartua: Chrysostomek erriflearen morroiloari tira zion, eta kargadorea atera. Kokatu zuen hamabigarren kartutxoa, sartu zuen berriro kargadorea, eraman zuen arma sorbaldara, apuntatu zion berrehun bat metrora zegoen tximu bati, jaitsi zuen arma, eta galdetu zuen: –Zenbateko bidea egin dezake balak? (Atxaga 2009: 17).

Kontaketetan, beraz, bereziki bata bestearen ondoren gertatuak kontatzen ditugunean, narrazio-kateetan, erraz jotzen dugu Subjektu-Aditz-Objektu hurrenkerara. Kontuan hartu behar dugu, ordea, subjektua behin baino gehiagotan isilpean geratzen dela; are gehiago, atzean ere eman daiteke, objektuaren ondoren.

Preskripzio testuetan ere ohikoa da aditza aurretik ipintzea: aginduak edo aholkuak ematean, eskaerak egitean, prozedurak azaltzean… Gainera, adizki laguntzailerik ez dagoenean edo adizkia sintetikoa denean, aditzaren posizioa bihur daiteke baliabide nagusia agindu bat ematen ari garela azaltzeko. Beste adibide hau ere Corpus Batzordearen lanetik hartua da (2011: 79), HABE aldizkariko testu bat:

Zer egin seme-alabak nabigatzen ari direnean?

Saia zaitez Internet senide arteko aktibitate bihurtzen. Seme-alabekin nabigatu sarean, eta ez ezazu ordenagailua beren logelan utzi. […]. Ikas ezazu teknologiari buruz, galdera asko egin eta ez zaitez lotsa seme-alabek zuk baino gehiago badakite.

Seme-alabei azaldu behar zaie inoiz ez dutela on line ezagutu duten pertsona batekin hitzordurik antolatu behar. Esan iezaiezu, halaber, norbait horrelakorik egiten saiatzen bada, zuri jakinarazteko berehala.

Ipin itzazu etxean Interneten erabilerari buruzko arauak. […]. Informa zaitez seme-alabak babesteko dauden kontrol mekanismoez […].

Testu zein pasarte gauzatzaile edo performatibo esaten zaie aditz performatiboa (gauzatzailea) ardatz dutenei. Formaz, lehen pertsonan joan ohi dira, indikatiboko orainaldian, eta partizipio burutugabea hartzen du aditzak, -t(z)en alegia. Halakoek “esan ez ezik, egin egiten dute, gauzatu: bataiatu, barkatu, ezkondu, agindu, apustu egin, testamentuz utzi…” (Corpus Batzordea 2011: 80). Mota honetako testuak dira bandoak, ziurtagiriak, administrazioko lege, xedapen eta ebazpenak. Horietan aditza hasieran joan ohi da: agintzen dut, xedatzen dut, ebazten dut, ziurtatzen dut, adierazten dut

41.3d Mintzagaiak eta iruzkinak osatzen dute ordena neutroa duen perpaus baten informazio egitura. Mintzagai esaten diogu euskaraz diskurtso edo solasaren ‘unibertsoa’ finkatzen duen atalari (tema edo topic deitzen zaio nazioartean)444; eta iruzkin, berriz, mintzagai edo tema horri buruz esaten denari (ematen den informazioari), nazioartean rema deitu izan zaionari. Baina beste modu batean ere definitu da mintzagaia: informazio zaharra edo jadanik ezaguna biltzen duten elementuek osatzen duten perpausaren zatia. Definizio hori eta bestea, diskurtso edo solasaren ‘unibertsoa’ finkatzen duen atala dela esatea, elkarren osagarri izan daitezke, sarritan informazio zaharra solasaren oinarri gertatzen baita eta elementu berriek zein testuingurutan toki hartzen duten erakusten baitu. Ororen buru, mintzagaia perpausetako predikazio oinarriari dagokiola esan genezake. Elearen azpia edo markoa finkatzen du, ekartzen den informazioari eremu bat ematen dio. Horrexegatik, hain zuzen ere, sintaxi egiturarekin alderatuz, subjektuak adierazten du, kasurik ohikoenean mintzagaia eta predikatuak iruzkina: mintz.[aitak]mintz. / iruzk.[amari gona gorria ekarri dio]iruzk. Predikazioaren edukia biltzen duten sintagmek osatzen dute iruzkina.

41.3e Intonazioari dagokionez, ordena neutroak (kanonikoak) bi multzo prosodiko ditu: lehena subjektuari dagokio eta gorantz amaitzen da; bigarrena predikatuari dagokio eta beherantz doa gradualki (Institut d’Estudis Catalans 2016).

41.3f Ordena neutroaz, ez-markatuaz jarduterakoan, perpaus sinpleak eman ditugu adibide orain arte. Hala ere, ikusi dugu kontuak ez direla hain errazak, eta euskaraz ordena SOV dela esateak hainbat ñabardura eskatzen dituela: ahozko mintzoaz ari garen, idatzizkoaz; eta azken honetan, testu generoen araberako desberdintasunak aipatu ditugu. Eta tradizio desberdinez ere hitz egin dugu. Dena den, baiezta daiteke gaurko euskara estandarrean SOV dela zerbaiten berri emateko ordena ez-markatua.

Kontuak ez dira hain garbi, ordea, perpausak luzatu eta mendeko perpausak ere erabiltzen ditugunean, bereziki mendeko perpaus osagarriak badira. Euskararen bereizgarri orokorrei eskainitako kapituluan eman dugun adibidea (§ 1.2b) berriro hona ekarriz, bat etorriko gara ez dela naturalena honako esaldi hau: Hemen dauden guztiek Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko jakingo dute. Askoz errazago erabiliko dugu beste hau: Hemen dauden guztiek jakingo dute Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko (Mujika 2002: 51), osagarri luzea aditzaren eskuinaldera eramanez. De Rijkek (2008) ere hala dio, aditzaren ondorengoa dela mendeko perpaus osagarrien gune kanonikoa (baina galdegaia aztertzean ikusiko dugu zehar- galderak aditzaren ezkerrean ere erraz aurki daitezkeela). Gaur egun ia aho batez gomendatzen da SVO ordena perpaus osagarria eskatzen duten aditzak ditugunean (Zubimendi eta Esnal 1993; Gramatika Batzordea 1987a; Alberdi eta Sarasola 2001; Ortiz de Urbina 2003d; Arakama et al. 2005; Garzia 1997, 2014a; Corpus Batzordea 2011).

Definizioak ematean erabiltzen diren egiturak ere hartu dituzte aztergai. Petrirenak (2011), Arrietak eta bestek (2003) eta Arakamak eta bestek (2005) definizioetan aditza bigarren posizioan kokatzeko gomendioa ematen dute: Egiaztagiria da agiri bat, ziurtatzen duena bertan adierazten dena egia dela; Ekonomia da zientzia-esparru bat non saiatzen garen aurkitzen erregularitateak; Ziurtagiria da idatzizko aitorpen ofizial bat, eta haren bidez baieztatzen da ekintza, gertaera, erabaki edo horrelakoren bat egia dela.

41.3g Laburbilduz, bada, egia da SOV dela ordena neutro edo kanonikoa gaurko euskara estandar idatzian, batik bat perpaus laburretan. Bestalde, testu-generoak ere zerikusi handia du, ikusi dugun bezala (§ 41.3c).

41.4. Ordena markatua: Galdegaia

41.4.1. Perpauseko informazio berria

4 1.4.1a Orain arte esandakoaren arabera, ordena kanonikoa duten perpausetan, perpaus osoak eman dezake informazio berria, eta ‘mintzagaia / iruzkina’ da dagokien informazio egitura. Baina ez da beti horrela izaten. Aditzaren aurreko sintagma ere izan daiteke informazio berria ematen duen bakarra. Har dezagun ondoko perpausa: Gure lagunak zinemara joan dira. Perpaus hori izan daiteke informazio berria, baina izan dezake beste irakurketa bat ere: Gure lagunak ZINEMARA joan dira. Bigarren honetan, ahoz ari bagina, intonazioak nabarmenduko luke zinemara osagaia. Lehen perpausa, gure lagunek zer egin dute? galderaren erantzun egokia da; bigarrena aukeratuko dugu, ostera, gure lagunak norabait joan direla jakin eta nora joan diren baldin bada lortu (edo eman) nahi dugun informazioa (nora joan dira?). Beste hitz batzuetan esanda, Gure lagunak zinemara joan dira perpausa izan daiteke galdera orokor baten erantzuna (zer gertatu da?); izan daiteke gure lagunek zerbait egin dutela jakin eta horri buruzko informazioa ematen duena (gure lagunek zer egin dute? galderaren erantzuna, alegia) eta izan liteke, azkenik, gure lagunak norabait joan direla jakin eta nora joan diren informazioa ematen duena, zati galdera baten erantzuna: Nora joan dira gure lagunak? Lehen bi interpretazioetan mintzagaiak (gure lagunak) eta iruzkinak (zinemara joan dira) osatuko dute adibide hartu dugun perpaus horren informazio egitura. Hirugarren interpretazioan, ordea, nora joan dira? zati galderaren erantzuntzat hartuko genukeenean, osagai bat nabarmentzen dugu informazio egituran. Izan ere, zati galderetan beti izaten da aurresuposizio bat, aldez aurretik dakigun zerbait (gure lagunak norabait joan dira) eta ezagutzen ez dugun elementuren bat (NORA joan diren, zehazki); azken honetaz egiten da galdera, hain zuzen ere. Horixe da informazio egituran nabarmentzen dugun osagaia. Galdegai deitzen zaio euskaraz osagai horri (foku nazioartean). Eta mintzagai, berriz, gainerakoari: galde hitza edo haren erantzun den galdegaia kokatzeko informazio markoa ematen digun zatiari445. Aurreraxeago aztertuko dugu berariaz mintzagaia41.5) eta han emango dugu mintzagai terminoa ikusteko bi moduen berri: batetik, iruzkinari kontrajartzen zaion atala; bestetik, galdegaiari kontrajartzen zai(zki)on atala(k). Nolanahi ere, perpaus askotan, informazioa ematea beste helbururik ez dutenetan, ez dago nabarmendutako atalik, ez dago galdegairik (Auto batek istripua izan du esaldian, esaterako, zer gertatu da? galdera orokorrari erantzuten dion heinean).

41.4.1b Mintzatzen garenean ondo bereizten dugu noiz dugun mintzagai / iruzkin informazio egitura eta noiz dugun galdegaia. Lehenak, bi multzo prosodiko ditu, mintzagaiari dagokiona bata, iruzkinari dagokiona, bestea (§ 41.3d). Bigarrenean, ordea, talde foniko jarraitua osatzen dute galdegaiak eta aditzak. Talde foniko horren azentu gailurra galdegaiak darama eta hortik aurrera esaldia malda behera bezala doa (Mitxelena 1981). Aditzaren ezkerraldeko lehen posizioa hartu ohi du, beraz, galdegaiak; hau da, galde hitzak hartzen duen posizio bera. Bata bestearen ispilu dira galde hitza eta galdegaia hitzen ordenari dagokionez (de Rijk 1978). Eta biek, galdegaiak eta aditzak, ezin bananduzko informazio unitatea osatzen dute; ez dute tartean beste osagairik onartzen446; bide, omen/ei eta ote partikulak dira galdegaiaren eta adizkiaren artean eman daitezkeen bakarrak (§ 23.5.3).

41.4.1c Osagaien ordena kanonikoa aldatzeak ordena markatua dakar berarekin. Hala gertatzen denean, beti fokalizatzen, nabarmentzen dugu osagairen bat, hura izaten baita informazio berria dakarrena. Ordena kanonikoa haustean, aditzaren aurreko osagaia hartuko dugu galdegaitzat. Ondoko bi adibideetan, amak eta atezainari, hurrenez hurren: Liburu hau amak eskaini dit; Giltzak atezainari ahaztu zaizkio. Aurreko puntuan esan bezala, ordena ez-markatuan, neutroan, intonazioak esango digu aditzaren aurreko osagai hori galdegai den ala ez; “ebakidura edo etena da mintzagai / galdegai arteko bereizkuntzaren ezaugarri adizkia analitikoa denean: gaur / izan dute (mintzagaia) eta GAUR izan dute (galdegaia). Adizkia trinkoa izanik, ba partikula ezartzen da aditzaren aurrean: gaur dute / gaur, badute; adiskideak darama / adiskideak badarama” (Mitxelena 1981: 72). Galde hitzak ere informazio berriaren eskea egiten duten neurrian, galdegai direla esaten dugu eta aditzaren ezkerrean ematen ditugu aurreko puntuan esan bezala: Bihar, nora joango gara?; Amaia, norekin etorri da?

41.4.1d Osagai guztiak izan daitezke galdegai, bai eta aditza bera ere. Aurreko puntuan ikusi ditugu sintagma ergatiboa (amak) eta sintagma datiboa (atezainari) galdegai zuten adibideak. Edozein postposizio sintagma ere izan daiteke galdegai: Zure arrebarekin joan nintzen auto berria erostera; Hiru egunean amaituko omen du lana; Leku askotatik iritsi zaigu berri bera; Kontu handiz gidatzen duzu zuk. Adberbioak ere berdin: Zinemara, atzo joan nintzen; Beti iristen da berandu; Horrelaxe egin beharko zenuke beti lan. Aditza ere izan daiteke galdegai, eta galdegaitasun hori nabarmentzeko egin baliatzen da batez ere Hegoaldean adizki analitikoetan: Krisi garaietan, areagotu egiten da langabetuen kopurua; Goibel gaudenean, lagundu egiten du ingurukoek animoak emateak; Lengo igandean, Moxolo eta ni asi gaituk zaragia esku batez jaso baietz eta ezetz, ta galdu egin nian (Agirre). Perpaus nagusietako adizkien ezaugarria da egin hori; ez da erabiltzen mendeko perpaus jokatugabeetan (*Ez dizut eskatu etorri egiteko; *Aspertu naiz irakurri egiten…); eta nekez aurkituko dugu mendeko perpaus jokatuetan ere (*Ikusi egin nauenean; *Irakurri egin dudan liburua).

41.4.1e Kontuz ibili behar da, ordea, noiz den egoki egin hori erabiltzea. Gaur egun askotan ikusten baitugu egin aditzaz bestelako galdegaia duten perpausetan. Adibide hauetan, esaterako, ez da zilegi egin erabiltzea, hurrenez hurren beti, erreklamazio bat eta zer nolako ondorioak eragin ditzaketen drogek direlako galdegaia, nabarmendu nahi dena, eta ez aditza: *Beti esan egiten diot erantzun txarrik ez emateko; *Bere desadostasuna adierazteko, erreklamazio bat aurkeztu egin du; *Hitzaldi horietan erakutsi egiten da zer nolako ondorioak eragin ditzaketen drogek.

Beste batzuetan, galdera orokor bat egiteko baliatzen dugu egin, eta erantzunaren informazio egitura mintzagaia / iruzkina izango da: Zer egin duzu? Kanpora atera naiz. Baina galdera horren erantzun izan daiteke aditza nabarmentzen duen beste hau ere: Aspertuta nengoen eta atera egin naiz bileratik.

41.4.2. Galdegaia nola nabarmendu

41.4.2a Euskalkien arabera molde bat baino gehiago erabiltzen da galdegaia nabarmentzeko. Ekialdeko euskalkietan adizki laguntzailea aurreratzen da maiz (Lafitte 1944; Etxepare & Ortiz de Urbina 2003): Nik dut egin; Zuk duzu hautsi basoa. Gaur egun ere horrelako adibide ugari aurkituko ditugu ekialdeko testuetan eta ahozko mintzoan ere. Adizki laguntzailea aurreratua duten egiturak markatuagoak dira galdegaia + adizki nagusia hurrenkera dutenak baino: Zuk hautsi duzu basoa / Zuk duzu hautsi basoa.

Adizki sintetikoetan, aditza bera errepikatzen da, batez ere Bizkaiko zenbait tokitan, galdegai dela nabarmentzeko: Ekarri dakar; Entzun dantzu; Itsasontzi hori, joan doa ala etorri dator? Erakusleek, berriz, -xe- atzizkia hartzen dute sarritan: Aitak hauxe esan zuen. Horrek esan nahi du -xe- atzizkidun erakusleak ezin direla mintzagai aurreratuaren kokagunean agertu (§ 41.5.3): *Hauxe aitak esan zuen.

41.4.2b Aditzak adierazten duena gertatuko dela, edo ez dela gertatuko ere nabarmendu dezakegu; hau da, gertakari edo ekintza horren baiezkotasuna edo ezezkotasuna. Ezezkotasuna nola adierazten dugun aurreraxeago ikusiko dugunez, azter dezagun zein baliabide ditugun baiezkotasuna fokalizatzeko. Adizki sintetikoa dugunean, ba- aurrizkiaz baliatzen gara aditza nabarmentzeko: Badator laguna; Badakit hori; Zuk, behintzat, badituzu lagunak. Esan beharrik ez da gertakariaren baiezkotasuna nabarmentzen duen ba- dugunean, ezin dela beste galdegairik egon. Ikus bi adibide hauen arteko aldea: Gaur dator, ez bihar; *Badator gaur, ez bihar. Bi adibide horietako lehenean ‘etorri’ ekintza gaur gertatuko dela adierazten dugu (eta ez bihar). Hau da, aldez aurretik dakigu pertsona hori etorriko dela, baina ez dakigu noiz: horixe da galdegaiak ematen duen informazioa. Baina badator esatean, ‘etorri’ ekintza baietz, gertatuko dela nabarmentzen dugu eta, horrenbestez, ez dago lekurik beste osagai bat nabarmentzeko. Ikus beste adibide hauek ere: Laguna doa, ez aita; Laguna badoa, aita ez. Adibide horietako lehenengoan laguna / aita galdegaien arteko kontrastea dugu; nor doan nabarmentzen da, laguna bai / aita ez. Bigarrenean, ostera, joatea / ez joatea da azpimarratzen dena: laguna bai / aita ez; mintzagaiak dira laguna eta aita. Ez adberbioaren kokagunea aldatu egiten da batean eta bestean.

Zenbaitetan baiezko hori enfasi handiz markatzen da, bai adberbioa etenen artean erantsiz: Badakit, bai, non ibili zinen.

Bai/ez motako galderetan, adizkia isilpean uzten bada, bai osorik agertuko da: Beste lanik bai ala badaukazu gurekin etortzerik gaur gauean? (Urrutikoetxea); Lanik bai? (L. Garro).

41.4.2c Adizki analitikoetan, ostera, ez dugu aditzari horrelako markarik gaineratzeko modurik. Bai adberbioa baino ez dugu: Etorri da, bai; Bai, etorri da. Galderetan, intonazioaz gain, bai/ez motako konfirmazioa eskatzeko, al erabiltzen da euskaraz hizkera batzuetan (Etorri al da?; Ez al da oraindik iritsi?) eta -a atzizkia beste hizkera batzuetan (Etorri dea?23.5.2)). Baiezko perpausetan komaz balia gaitezke aditzaren ezkerreko osagaia galdegai den ala ez markatzeko. Gaur izan dute / Gaur, izan dute perpaus bikotean, esaterako, lehenak noiz izan dute? galderari erantzuten dio; gaur eta izan dute osagaiek talde foniko bakarra osatzen dute, tartean ezin dugu beste ezer sartu. Eskuineko adibidean, berriz, gaur adberbioaren ondoko koma horrek adierazten digu ekintzaren baiezkotasuna dela nabarmendu, fokalizatu nahi duguna (Mitxelena 1981).

41.4.2d Etorri da, bai, perpausean etorri gertaeraren baiezkotasuna nabarmentzeko balio du bai adberbioak; adizki jokatuaren ondoren ageri da hor. Baita beste adibide hauetan ere: Badator, bai; Ondotxo asko dakit, bai; Tratua halaxe egin nuen gurasoekin, bai, baina gero ez zen harritzekoa izango, institutuan hasita nengoenez, han segitzea COU egiten ere (X. Mendiguren Elizegi). Adizkiaren ondo-ondoan egon ez arren, bai adberbioak azpimarra dezake gertaera edo ekintza jakin bat: Joan zen lanera, bai -beharko joan-, baina ez dut uste oso lasai joan zenik (Ladron Arana).

Baina edozein sintagmaren ondoren ere ager daiteke447: Lan aferetan bai, nahitaezkoa da tenorez jokatzea; Zerorrek eskatu duzun elkarrizketara berandu agertzea ez da itxura (Epaltza); Lana franko bai, baina irabazi ere majo (Etxabe); Zure etxean bai, baina parlamentuko garitaren kontra ez (Arretxe).

Orduan adberbioaren ondoren ere sarritan erabiltzen dugu noiz bai azpimarratzeko (eta, bide batez, ordura arte ez zela halakorik gertatu adierazteko): Biok geratu gintzaizkion so kariloiaren aztarna galdu zen arte, eta, orduan bai, esan nion ez niola traba gehiagorik egin nahi, eta Reina Sofiara nindoala buelta bat ematera (Saizarbitoria). Determinatzaile sintagma ondoren duela (aditza isilpean utzirik): Akademiako ekitaldi batean biak egokitzen zirenean, orduan bai liskarra (Jon Muñoz).

Eman ditugun adibideak aztertuz gero, guztietan kontraste bat markatzen dela ondoriozta dezakegu, nahiz kontraste hori ez den beti esplizitua (beste batzuetan bai: Zure etxean bai / parlamentuko garitaren kontra ez). Kontua da zeren kontrastea nabarmentzen duen bai horrek: galdegaiena448 ala mintzagaiena. Galdegai / mintzagai jokoari dagokionez, funtsean egitura berekotzat hartzekoak dira adibide horiek eta goraxeago eman dugun Laguna badoa, aita ez41.4.2b). Gertaera bat baieztatzen da eta inplizituki zein esplizituki beste bat ezeztatzen eta, aldi berean, gertaera horretako mintzagaiak dira kontraste bidez nabarmentzen direnak (§ 41.5.4). Argi ikusten da hori adibide honetan: Bulegoko lanetan bai izanen zen kardinale eredugarria, baina gure Errege zuhurtziaz betea fidatzen ahalko ote zitzaion Erromako politikarekin gerta zitezkeen arazoetan? (Xarriton). Perpaus horren testuingurua irudikatzen badugu, erraz pentsa daiteke norbaitek hauxe esan duela: (halako) kardinale eredugarria da bulegoko lanetan. Hortik abiatuta, bulegoko lanetan mintzagaia hanpatzen (nabarmentzen) da eta zalantzan jartzen eredugarri izatea bestelako lanetan. Mota berekoa da beste adibide hau ere: Zu gabe ez daukat bizitzerik; zurekin bai (Barriola). Zu gabe / zurekin mintzagaien kontrastea eta bizitzerik ez / bizitzea bai gertaera beraren baiezkotasuna edo ezezkotasuna.

Aurrerago aipatuko dugun ezeztapenaren fokuaz zer diogun kontuan hartuta (§ 41.4.3d), adibide horietan bai adberbioak baieztapenaren fokua zein den adierazten duela esan genezake. RAEk (2009) ere aipatzen du ‘baieztapenaren foku’ kontzeptua. Eta lehenari ukagai deitu badiogu, bigarren honi baieztagai esan diezaiokegu.

41.4.3. Kokagunea

41.4.3a Galdegaiaren kokaguneaz arituko gara ondoren. Goraxeago esan dugunez, galdegaia da informazio egiturako gune nagusia, informazio berria ematen duena; euskara estandarrean aditzaren ezkerrean, ondo-ondoan ematen dugu, harekin batera ahoskatuz. Garziak dioenez (2014a: 44), hizkuntza batean galdegaiaren kokagune kanonikoak badu zerikusia hizkuntza horren tipologiarekin. Euskara bezalako ‘buru azken’ hizkuntzetan, ohikoa izango da galdegaia aditzaren ezkerrean ematea; hor kokatuko da informazio-gune nagusia (hala ere, ikusi dugu euskaraz ordena kanonikoa zein den aztertzean, testu-generoak, perpausaren luze-laburra eta abar hartu behar direla kontuan; bereziki perpaus osagarriak aditz gobernatzailearen ondoren ematen dira (§ 41.3c, § 41.3f)). Nolanahi ere, aurkituko ditugu mendeko perpausak galdegaiari dagokion gunean, batez ere laburrak direnean (de Rijk 2008). Zehar- galderak: Norantz joko dugun galdetzen dut (Lertxundi); Etxe hau nork gobernatzen duen ez dakit (Mitxelena); Barnean zegoen ala ez jakin behar zen lehenik (Satrustegi). Zergatik galderaren erantzun diren kausazko perpausak: Nahi dudalako bizi naiz hemen (Atxaga); Helburuzko perpausak: Bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet (Elizen arteko Biblia). Denborazko perpausak: Egia garratz horiek gibeleko mina duzunean bakarrik esaten dituzu (Mitxelena).

Ahozkoan, ordea, erraza da galdegaia aditzaren ondoren ematea, intonazioaz balia baikaitezke elementu hori nabarmentzeko449.

Areago, galdegaiaren barruko osagai bat ere nabarmendu dezakegu intonazioaren bidez: ZURE anaiaren kontra jokatuko du (ez nirearen kontra); Mahaiaren GAINEAN ezarri zuen maleta (ez azpian). Perpaus osagarrietako osagaiak ere fokaliza daitezke horrela. Esan didate oraingoan BISIGUA jango dugula eta ez legatza. Zubizarretak (1999) galdegai neutroak eta kontraste- galdegaiak bereizten ditu: lehenek galdera bati erantzuten diote; bigarrenek baieztapen bat dute aurresuposizio, eta egiazkoa ez den informazioa ukatzera datoz. Enfasi berezia ematen zaie kontraste-galdegaiei ahoz ari garenean. Beraz, Zubizarretaren bereizkuntzari jarraiki, ZURE, GAINEAN eta BISIGUA kontraste-galdegaitzat har ditzakegu; azkenak, gainera, ondoan du zein den okerrekoa zen aurresuposizioa: legatza jango dugu.

41.4.3b Galdegaia perpausa gurutzatuz mugitzea (Cross-clause Focus Movement, de Rijk 2008: 459). Mendeko perpausetan galdegairik badago, ohikoena, galdegaia mendeko perpausean uztea da (eta, nahi izanez gero, perpaus osoa jartzea galdegaiari dagokion lekuan, hau da, aditz gobernatzailearen aurrean: Medikua ere laster etorriko dela uste dut). Baina aditz nagusia ‘zubi aditz’ sailekoa bada (uste izan, esan), galdegaia mendeko perpausetik atera eta perpaus nagusiko galdegai posizioan jar daiteke: Honela diozu eginen duzula (Axular); Zer uste zuten emango ziela Jainkoak? (Ubillos); Norekin uste duzu etorri zinela? (Urretabizkaia). Ezin daiteke horrelako mugimendurik gerta aditz faktiboekin (jakin, ulertu, konturatu…), ez eta ukatu aditzarekin ere: *Zer jakin zuten emango ziela Jainkoak?; *Norekin konturatu zara etorri naizela?

41.4.3c Kontuak askoz korapilatsuagoak dira ezezko perpausetan, galdegaiaren kokaguneari dagokionez450. Eta gramatikariek emandako argibideak ere ez datoz beti bat. Saiatuko gara, hala ere, auzia zertan den ahalik eta argien azaltzen.

Korapiloak, neurri handi batean, ezezko perpausetan —perpaus beregainetan eta mendeko perpaus batzuetan, behintzat— ez eta adizki laguntzailea aurreratzetik sortzen dira: etorri da / ez da etorri. Auzia, beraz, hauxe da: (baiezko) adierazpenetan aditzaren ezkerrean doan galdegaia non kokatu. Esaterako, Berandu etorri da ezeztatzen dugunean, ez da etorri baldin bada adizkia, zein kokagune dagokio berandu galdegaiari? Areago, ondoren ikusiko dugun bezala, zalantzan jar daiteke horko berandu adberbioari galdegai dei diezaiokegun ezezko perpausean ematen denean.

41.4.3d Korapilo horiek askatzeko ahaleginean, ezezko perpausak zertarako baliatzen ditugun, zer informazio mota ematen duten hartu behar da kontuan. Ezezko galdera baten erantzun izan daitezke: Ez al du hori esan? Ez, ez du hori esan. Ezezko galdera baten erantzun direnean ez adberbioa eman ohi dugu lehenik eta ondoren (beharrezkoa ez den arren), galderako perpausa errepikatu. Askotan ezeztapen hori osatu egiten dugu: Ez du hori esan, beste hau baizik. Gutxienak dira, baina, mota horretako ezezko perpausak. Gehienek aurretik (inplizituki edo esplizituki) egindako baieztapenak ukatzen dituzte. Ez dizut hori galdetu dioenak, edo aldez aurretik norbaitek esana (zuk hau eta hau galdetu didazu) errefusatu nahi du, edo berak egindako galdera baten erantzuna ez dela egokia izan adierazten du (ez zaiola eman galdetzen zuenaren erantzuna). Beraz, ezezko perpausetan izaten da baztertzen, ukatzen den elementu bat: Ez da berandu etorri. Ezeztapenaren foku esaten zaio elementu horri (RAE 2009); Garziak (2014a) ukagai deitzen dio ezeztapenak bere esparrutzat hartzen duen osagaiari eta de Rijkek (1996, 2008) ia-galdegai451.

41.4.3e Aurreko puntuan esandakoaren arabera, desberdinak dira baieztapenak eta ezeztapenak informazio egiturari dagokionez. Informazio berria, aldez aurretik ezezaguna zena ematen du galdegaiak (falta zen daturen bati buruzko galderari erantzuten diola esan daiteke). Ezeztapenean, ordea, ez da gehienetan informazio berririk ematen; ezaguna zaigun, aldez aurretik eman den informazioko elementuren bat ukatzen da.

41.4.3f Informazio berria ere eska daiteke, ordea, ezezko perpausetan galde hitzen bidez: ZERGATIK ez zara autoz etorri? NOREKIN ez duzu hitz egin nahi? Adibide horietan, aldez aurretik dakigun zerbait oinarri hartu eta ez dakigun zerbaiti buruz galdetzen dugu. Informazio eske gabiltza. Bi adibide horietan aldez aurretik dakigu ez zarela autoz etorri, baina ez dakigu zergatik, eta horixe jakin nahi dugu. Edo badakigu ez duzula norbaitekin hitz egin nahi, baina ez zehazki norekin, eta horixe galdetzen dugu.

Adibide horiek erakusten dute galde hitza adizki osoaren ezkerrean ematen dugula (baiezkoetan egiten dugun bezalaxe). Galde hitza ez adberbioaren eremutik kanpo dago. Galde hitz horien erantzunek ere kokagune bera izango dute: HORREGATIK ez naiz autoz etorri (gero non utzi aurkituko ez dudalako); LAGUNEKIN ez dut hitz egin nahi, purrustada besterik egiten ez didatelako. Adibide horietan, adizkiaren ezkerrean ematen dugun elementua galdegaia da, informazio berria (edo informazio eskea) dakarrena. Aita ez da etorri perpausa, nor ez da etorri? galderaren erantzun moduan har zitekeela zioen Mitxelenak ere (1981: 81). Beste interpretazioa, aita etorri (al) da? galderaren erantzun izatea da, jakina.

[Galde hitza + ez daraman adizkia] ez dira beti informazioa eskatzeko baliatzen. Galdera erretorikoak izaten dira sarritan, baieztapenaren baliokide direnak: Nork ez zuen gauza bera eginen, kemen poxi bat zeukan pundutik? (X. Arbelbide); Nori ez zaio gustatzen Martikorena? (Oxandabaratz). Guztiek egingo zutela gauza bera edo guztiei gustatzen ziela Martikorena ematen dute aditzera galdera horiek. Galde hitza eta ez bera bakarrik ere utz daitezke: Loa zatika egiteko kontu hori jasangaitza egiten zaiela (nori ez?) (Iturbe).

Zehar-galderetan ageri da galde hitza beste adibide hauetan, betiere adizkiaren ezkerreko gunean: Zer ardura dio beste sasikume honi norekin ibiltzen naizen edo norekin ez naizen ibiltzen (Gonzalez); Ederki dakit nor etorri den eta nor ez den etorri (Alonso). Aditza isildurik ere gera daiteke: Garbi zegoen nork jarduten zuen goizero gorputza zailtzen eta nork ez (Lertxundi); Zuk uste duzu sumatu litekeela, ikusi batean, nork dakien irakurtzen eta nork ez? (K. Izagirre).

Galdera-erantzun testuinguruetatik kanpo, prosodiaren laguntza beharko dugu; ahozkoan intonazioak lagunduko digu astelehenean galdegaitzat hartzen ondorengo adibidean: ASTELEHENEAN ez naiz joango (gainerako egunetan bai). Idatzian perifrasiren batera jo beharko dugu (Garzia 2014a): Astelehena izango da joango ez naizen eguna (edo horren antzeko egituraren bat).

41.4.3g [Ez + adizki laguntzaile] multzoaren eskuinean ematen da ezeztatu nahi den osagaia (§ 41.4.3d), ukagaia, adizki nagusiaren aurre-aurrean kokatua: Ez dut nik egingo; Ez zara zu joango; Ez dira oinez etorri; Ez nizun zure aitaren koaderno zahar hura eman behar (Atxaga). Elementu horri dagokio ezeztapena, ez gainerakoei. Ez da trenez etorri esatean, TRENEZ ukatzen da, ez etorri gertaera; izan ere, guztiz normala da beste hau esatea: Ez da trenez etorri (herrira), autobusez baizik. Edo Ez da trenez etorri, agian beste garraiobideren bat erabiliko zuen (Garzia 2014a: 125). Askotan ematen da, ukatu den elementuaren ondoren, egiazko informazioa zein den adierazten duena: ez hau, baizik beste hau. Horixe da aurkaritzako diskurtso markatzaileen funtziorik behinena (§ 42.21): Ez zara zu joango, baizik zure lankideren bat; Lagunak ez ziren oinez etorri, ezpada autobusez; Ez dut lapurtu, erosi (egin) dut. Adizkia sintetikoa denean, horren eskuinean emango dugu ukagaia: Hau ez dator zuengandik, baizik eta Jainkoaren emaitza da (Elizen arteko Biblia); Horrelako hitzak erabiltzeak ez dakar euskara “kolokialagoa” eta “komunikatiboagoa” egitea (Zuazo). Ezezko perpausetik abiatu beharrean, baiezko perpaus batetik abiatuta ere adieraz daiteke goiko adibide horietako kontrastea: Zure lankideren bat joango da, ez zu; “Nirekin dago haserre, ez gurekin”, zuzendu diot (Atxaga).

Hasierako baieztapenak izan ditzakeen gainerako osagaiak mintzagai izango dira, edo ez adberbioaren ezkerrean eman daitezkeenak (enfasi edo hanpadura gunean), edo adizki nagusiaren eskuinean (§ 41.5.1, § 41.5.3): Ruche jaunak ez zion jaramonik egin etenaldiari (Jon Muñoz); Hala ere, herriak ez zion kasurik egin nahi izan Samueli (Elizen arteko Biblia); Ez genuen asko hitz egiten gaiaz (Elizondo).

Ukagai bat baino gehiago dugunean, ez adberbioa errepikatzen da askotan bakoitzaren ezkerrean (ez hutsa edo eta juntagailuaz lagundua): Ezin da esplikatu, ez iraupenaren ez denboraren bitartez (Xarriton); Ez dugu ez egunik ez gaurik (Juaristi); Horregatik, ez genuen kanporatzen utzi behar ez aitarengandik heredatutako aje hura, ezta familiaren estutasunak ere (P. Lizarralde).

41.4.3h Baina sintagma guztiak ezin dira ukagai gisa markatu: sintagma inespezifikoekin —partitibo sintagmekin, esaterako— ezinezkoa da ukagai jokoa egitea. Adibide batekin ikusiko dugu argiago: Ez da trenez etorri, autobusez baizik guztiz normala da; baina *Ez dut sagarrik erosi, platanoak baizik ezinezkoa da (horretarako, sintagma espezifiko edo zehaztua beharko genuke, Ez ditut sagarrak erosi, platanoak baizik). Eta, ukagai jokoa ezinezkoa den heinean, berdin dio sintagma inespezifiko edo zehaztugabe horiek adizki nagusiaren ezkerrean ala eskuinean ematen ditugun: Ez du baloirik jo = Ez du jo baloirik. Beste hitz batzuetan esanda, neutralizatuta geratzen da ukagai / mintzagai kontrastea.

Elementu enfatikoek, karga semantiko handikoek —hala nola beti, sekula, dena, batere, guztiak eta horien gisakoek— joera handia dute ezeztapenaren foku izateko, berdin dio zein kokagunetan dauden: Ez dut sekula ikusi halakorik = Ez dut ikusi sekula halakorik. Hauekin ere lausotu edo neutralizatu egiten dira ukagai / mintzagai bereizketak.

41.4.3i Nolanahi den, askotarikoak dira aurki daitezkeen hurrenkerak. Ukagaia eman daiteke adizki nagusiaren eskuinean ere: Demetriok, ordea, ez zion eutsi hitz emanari (Elizen arteko Biblia); Ez genuen izaten haren berririk (Rey). Ahozkoan, intonazioari esker, errazago eraman dezakegu ukagaia atzerago (ez da etorri TRENEZ, baizik autobusez). Baina estandar idatzian hau da ohiko hurrenkera: EZ + adizki laguntzailea + ukagaia + adizki nagusia. Aurreraxeago osatuko dugu informazio hau, mintzagaia aztertzean (§ 41.5.3e).

Hala ere, mendeko perpausak (bereziki perpaus osagarriak) erraz ematen ditugu adizki nagusiaren eskuinean. Ezezko perpausetan ere askoz ulerterrazago gertatzen dira mendeko perpaus osagarria adizki nagusiaren eskuinean daramatenak, ezen ez adizki laguntzailearen eta nagusiaren artean daramatenak: Ez dut sinetsi nahi ekarri duzun soineko hori jantziko duzula (eta ez, ez dut ekarri duzun soineko hori jantziko duzula sinetsi nahi) (§ 41.3f). Hona zenbait adibide: Josek ez zion onartu berarekin oheratzea (Elizen arteko Biblia); Inork ez dio esan zortzi hilabeteko bizi-itxaropena ematen diotela (Zurutuza); Unamunok ez du ikusi nahi Kristoren mezuaren funtsa Aita Handiaren existentziarik eza dela eta errekonozimendu horretatik datorkigula liberazioa eta salbazioa (Zulaika). Adizki sintetikoekin, jakina, beti eskuinean emango ditugu: Bertzenaz ere, ez daki zein ikasle etorriko zaion eta zein ez (Bidegain); Jende normalak ez daki ezkutatuta dagoen batentzat liburu bat zer den (J. Zabaleta).

Oro har, ukagaiaren kokaguneko sintagma asko hedatzeak kalte egiten dio kohesioari, adizkiaren bi osagaiak elkarrengandik urruntzen direlako: Ez dugu [zure anaia nagusiaren aspaldiko andregai jator hura] ikusi [nire arreba gaztearen oraingo senargai morroskoa baizik] (Garzia 2014a: 126). Horrelakoetan, aurreko paragrafoan ikusi bezala, ukagaia adizki nagusiaren eskuinera eramatea izan daiteke irtenbidea.

41.4.3j Osagai gehiago ere ager daitezke ezezko perpausean adizki laguntzailearen eta adizki nagusiaren artean: Oihanean zihoazela ez dio bizkarreko minak bakerik eman (Aristi); Altzariak bisitari berriak hartzeko ohitura galdu du, eta ez dio neure zamari harrera onik egin (Cillero); Ez zuen Errege Antiokok BARKHAMENDURIK erdietsi (Axular); Ez dut liburutto hau LETRATU HANDIENTZAT egiten (Axular). Ohart gaitezen adizki laguntzailearen eta partizipioaren artean doazen osagaiek baiezko perpausean izango luketen hurrenkera bera gordetzen dutela: Errege Antiokok barkamendua erdietsi zuen; Liburutto hau letratu handientzat egiten dut. Hemen ere gogoan izan behar da aurreko puntuan esana esaldiak ulerterrazago egiteko moduaz (adizki laguntzailea eta adizki nagusia bata bestearengandik urrunegi ez ematea).

41.4.3k Galdegai izan daitezkeen osagaiak aztertzean (§ 41.4.2b), bestalde, esan dugu aditzak adierazten duen ekintza edo gertakariaren baiezkotasuna edo ezezkotasuna ere fokaliza ditzakegula. Adizki sintetikoak ditugunean, badator / ez dator egiturak dira ekintza gertatuko dela edo ez dela gertatuko jakinarazteko moduak. Adizki analitikoetan, ikusi du / ez du ikusi. Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari (Elizen arteko Biblia) adibidean, entzun gertaeraren ezezkotasuna fokalizatzen da; gainerako osagaietan, erregeak hartuko dugu mintzagai aurreratutzat, jendeari mintzagai aurreratugabetzat.

Beste modu batean ere fokaliza daiteke aditza bera, ez adberbioaren ezkerrean partizipio burutu forman eman eta ondoren adizki laguntzailearen eskuinean errepikatuta: Itsasora erori ziren sorginak, baina ito ez zen inor ito (edo ito ez zen egin inor).

41.4.4. Galdegai gehitua

41.4.4a Orain arte galdegaiaz esandakoak osatzeko, beste egitura mota bati erreparatu behar diogu; esaterako, adibide honi: Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen, erreta. Zer balio du hor amaieran, aurretik koma duela, ageri zaigun erreta adberbioak? Parafrasiek erakusten digute galdegai balioa duela (Garzia 2014a: 50): Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen; erreta jan ere; Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen (erreta); Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen. Erreta(jaten zuen [jendeak hemen, garai batean, jaten zuen arrain ugaria]).

Perpaus horrek badu, ordea, lehendik ere galdegaia, dagokion posizio kanonikoan ageri dena (alegia, aditzaren ezkerrean): arrain asko. Horregatik bigarren galdegai gehitua (erreta) beste gune batean eman behar dugu. Eta kontuan harturik perpaus bakoitzean osagai bakarra fokaliza dezakegula, beste gune hori bigarren perpaus bateko gunea baino ezin da izan, nahiz eta gero perpaus gehitu horretako aditza eta gainerako osagaiak isildurik egon (dagoeneko ezagunak ditugulako): (jendeak) erreta (jaten zuen arraina). Horrelako egiturek, beraz, funtzio informatibo bera duten osagaiak erakusten dizkigute: galdegaiak alegia, gehikuntzatzat hartuta bakarrik esplika daitezkeenak. Gehikuntza horietan ageri den puntuazio markari dagokionez, komaz zein komatik gorako markaz bereizirik ager daitezke. Komatik gorako puntuazioak erabiliko ditugu sintagmak konplexuago edo pisutsuago bilakatu ahala: Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen; gehienetan, (labean) erreta; Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen; erreta (beti).

Gehikuntza gunean, bestalde, ez dugu argumenturik aurkituko; lehen perpausean eman beharrekoak dira aditzak eskatzen dituen argumentuak. Beraz, galdegai ‘gehitu’ horiek adjuntuak izan beharko dute, zirkunstantzia bat edo beste adierazten dutenak. Perpaus adjuntuak, berriz, hala nola baldintzazkoak, kontzesiboak edo ondoriozkoak, ezin dira galdegai izan (ez diote inongo galderari erantzuten) eta, beraz, ezingo ditugu aurkitu galdegai gehituak hartzen duen eskuineko periferia horretan ere.

41.4.4b Galdegaiaz puntu honetan esandakoak laburbilduz, esan dezakegu bi ezaugarri hartu ditugula kontuan euskaraz galdegaia definitzeko orduan: intonazioa, batetik, eta zati galderaren erantzuna izatea, bestetik. Ordena kanonikoa, neutroa, hausten dugunean, ez da zalantzarik zein den galdegaia; estandar idatzian, behintzat, aditzaren ezkerrean kokatuko dugu eta talde foniko bakar batean ahoskatuko ditugu biak (ahoz ari garenean). Ordena kanonikoan ere, galdegaiak eta aditzak talde foniko bakarra osatuko dute, nahiz idatziz zailagoa izan hori adieraztea. Bestalde, zati galdera baten erantzuna den neurrian, perpauseko osagai bat izango da beti galdegaia, ez osagai multzoa.

Garziak (2014a) ‘galdegai zabala’ ere hartzen du kontuan. Zer gertatu da? Gure lagunek zer egin dute? Nora joan dira gure lagunak? galdetu (§ 41.4.1a) eta Gure lagunak zinemara joan dira erantzutean, guk emandako ikuspegiaren arabera, erantzun horretako informazio egitura neutroa dela esango genuke, ez dagoela galdegairik. Baina, perpaus osoa ere har daiteke galdegaitzat, guztia informazio berritzat aurkezten den heinean. Horrelakoei deitzen die Garziak (2014a) ‘galdegai zabala’. Mitxelenak ere aipatzen ditu galdegai jakinik ez duten perpausak “edo, berdin dena, perpaus (ia) osoa denean rema, galdegai” (1981: 79).

Aipatu dugun bigarren galdera motan ere (gure lagunek zer egin dute?), aldez aurretik ezaguna zaigun informazioa osatuko luke mintzagaiak (gure lagunak), eta galderaren erantzun litzatekeen atala, berriz, galdegai zabala: (gure lagunak) zinemara joan dira edo (gure lagunak) ikaskide guztiei bere argazki bana eman die.

41.5. Periferia guneak. Mintzagaia: mintzagai aurreratua / mintzagai atzeratua

41.5.1. Mintzagai motak

41.5.1a Orain arte esan dugunaren arabera (§ 41.3d), gure diskurtsoaren, elearen markoa finkatzen duen perpaus-atala da ‘mintzagaia’; askotan, informazio zaharra edo jadanik ezaguna zaiguna biltzen duen atala. Ordena neutroa, kanonikoa darabilgunean (§ 41.2), subjektu funtzioa betetzen duen sintagma, perpauseko predikazio oinarria alegia, izan ohi da mintzagaia. Baina informazio zaharra / informazio berria jokoan, sarri gertatzen da perpaus bateko informazio guztia izatea berria. Horixe azpimarratu dute Mitxelenak (1981), de Rijkek (2008: 172) eta baita Garziak ere (2014a): mintzagaia ez da esaldi bateko nahitaezko elementua. Esaterako, Datorren astean erregaia igoko dutela entzun dut perpausean, guztia hartuko genuke informazio berritzat. Mintzagairik gabeak dira, aurkezpen-adierazpenak ere, de Rijkek dioenez (presentational statements deituak ingelesezko gramatiketan): Horra sei bertso kale-garbitzaileari (Bilintx).

Bestalde, mintzagaiak aldez aurretik dakigun informazioa, hiztunak eta entzuleak partekatzen duten informazio nahiz aurresuposizioa biltzeak ez du esan nahi mintzagai diren sintagmek mugatuak izan behar dutenik. Perpausa guztiz berria bada, bere mintzagai propioa ekar dezake, entzuleak aldez aurretik ezagutzen ez duena. Sintagma zehaztugabeen bidez adierazten ditugu horrelako mintzagaiak. Areago, informazioa ezaguna zaigunean ere izen sintagma inespezifikoak, espezifikoa ez denak, eraman dezake mintzagaia, betiere multzo bat izendatzen duenean, eta ez banakoa. Beraz, partitiboa daramaten izen sintagmak ere izan daitezke mintzagai: Sendagilerik, ez dut uste inoiz beharko dudanik (de Rijk 1978, 2008). Aurreraxeago itzuliko gara kontu honetara, mintzagai aurreratuez jardutean.

41.5.1b Berez, bi mintzagai mota bereiz daitezke: diskurtsokoa eta perpausekoa. Perpaus honetan, Gonzalez jauna zientzialari jakintsua da, baina bada zer esanik bere originaltasunaz, bi mintzagai izan ditzakegu. Batetik, Gonzalez jauna, perpauseko mintzagai dena. Bestetik, Gonzalez jaunaren zientzia gaitasuna, diskurtsoko mintzagai baino izan ez daitekeena. Diskurtsoko mintzagaiak perpausa baino unitate zabalagoei dagozkie. Perpausekoak, berriz, nahitaez perpauseko osagai izan behar du; oro har, perpauseko subjektua izan ohi da. Eta horretaz egiten den iruzkina, ostera, predikatua.

41.5.2. Mintzagai isildua

41.5.2a Garrantzitsua da mintzagaia zein den identifikatzea. Gehienetan diskurtsoaren barruan, aurretik esandakoa nahikoa izaten da entzuleak jakin dezan perpaus jakin batean zein den mintzagaia.

41.5.2b Hala gertatzen denean, mintzagaiak ez du euskaraz bereziki azpimarratu beharrik eta perpausaren edozein posiziotan ager daiteke. Areago, mintzagaia ez da beti ikusten (edo entzuten), dela isilean atxikia delako, dela aditzak berak, komunztadurari esker, agerian uzten duelako zein den mintzagaia. Ikus ditzagun honako bi adibide hauek: Oinez etorriko naiz; Nik hartuko dut. Bietan utzi dugu elementuren bat ezkutuan: ni lehen adibidean, eta zerbait, hartuko dudan ‘hori’, bigarrenean. Biak dira mintzagai, oinez eta nik baitira, hurrenez hurren, galdegaiak; baina ez ditugu nahitaez adierazi behar, aditzean jasoak daudelako.

41.5.3. Mintzagai aurreratua

41.5.3a Hala ere, behin baino gehiagotan enfasi berezia eman nahi izaten diogu mintzagaiari, bereziki azpimarratu zein den gure solasaren markoa ematen duen osagaia. Baliabide bat baino gehiago dute hizkuntzek mintzagaia zein den azpimarratzeko, horien artean sintaxiaz baliatzea eta mintzagai funtzioa du(t)en osagaia(k) aurreratzea, ezkerrera mugitzea, perpausaren periferia gunera452. Hala egiten du euskarak, beste hizkuntza askok bezala. Bi dira, berez, periferia guneak: perpausaren ezkerrekoa bata, eskuinekoa bestea. Diskurtsoaren informazio egitura antolatzeko, osagai bat baino gehiago eman ditzakegu periferia gune horietan —betiere informazio ezaguna adierazten duten osagaiak—. Nolanahi ere, ohikoena, bai euskaraz eta bai beste hizkuntza batzuetan ere (Institut d’Estudis Catalans 2016; Zubizarreta 1999; RAE 2009), ezkerreko periferia gunea da. Gune horretara osagai bat eramaten dugunean mintzagaia aurreratzen dugu (topic fronting)453: osagai hori dagokion kokagunetik atera eta perpausaren hasierara eramaten dugu; zehatzago izango litzateke perpausaren esparrutik kanpora ateratzen dugula esatea, periferiara eramaten dugula454. Modu horretan azpimarratzen ditugun mintzagaiei, mintzagai aurreratu esaten zaie; eta ohikoa izaten da estrategia hori baliatzea esaldi batetik bestera mintzagaia aldatu dela azpimarratzeko (askotan aurreko esaldiko galdegaia baliatzen da hurrengo esaldiko mintzagaitzat). Mintzagai aurreratu edo enfatiko horien ondoren eten txiki bat egiten dugu ahoz ari garenean; eta ohikoa izaten da idatzian koma bidez adieraztea. Perpausaren gunearen barruan doazen mintzagaiak, aldiz, aurreratugabeak dira eta komarik gabe ematen ditugu. Argi ikusten da egitura baten eta bestearen arteko aldea honako adibide hauetan: Emakume asko erre zituzten Europan XVI. mendean / Europan, XVI. mendean, emakume asko erre zituzten. Lehen adibidean galdegaia (emakume asko) eta mintzagai aurreratugabeak ditugu, aditzaren eskuinean eman ditugunak. Bigarrenean, berriz, ezkerreko gunera atera ditugu bi mintzagaiak eta, horrela eginaz, hanpatu, nabarmendu egin dugu noiz gertatu zen eta non gertatu zen emakume asko erretzeko ekintza.

EGLUn (1987a) genioenez, iruzkineko osagai bat nabarmendu bada, hau da, perpaus batean galdegaia badugu, galdegai horren ezkerrean doazen beste osagaiak mintzagai gisa aurreratuak dira (hanpatu deitzen zen EGLUn). Bestela esan: galdegaia agertzen baldin bada esaldian, galdegaiaren ezkerreko mintzagaia beti aurreratua izango da: liburua (mintzagai aurreratua), nik (galdegaia) irakurri dut. Argi ikusten da hori mintzagai aurreratua eta galdegilea duten perpausetan: anaiak / ZER erosi du?; autoa / NORK erosi du? Sintagma bat baino gehiago ere ager daitezke horrela aurreratuak (berez, galdegaiaren ezkerrean eman ditugun guztiak): Goizean, lantokian, nagusiek eta langileen ordezkariek, oso bilera luze eta kalapitatsua izan zuten. Ez da ohikoa, hala ere, horrenbeste osagai enfasidun ematea. Izatekotan, ahoz ari garela, entzuleen arreta erakarri nahi dugunean gertatzen dira natural horrelako egiturak. Inola ere ez informazio testuetan, testu akademikoetan eta abar.

41.5.3b Edozein sintagma aurreratu daiteke periferiara, enfasiaren posiziora: postposizio sintagma (etxe horretan, gu bizi gara; Karmenekin, Pello pozik ezkonduko da); objektu funtzioa betetzen duen sintagma (ardo hau, oso merke erosi dut); adberbioa (atzo, mozkortu egin nintzen). Nolanahi ere, oso aldakorra da adberbioen eta postposizio sintagmen egoera mintzagai egiturari buruz (EGLU-I 1987a), batzuetan aditzari estuki loturik joango dira, argumentuak izango dira, lokatiboak eta mugimendu aditzak, esaterako (§ 23.3), bart, ohera, oso berandu joan zinen (arruntagoa da bart, oso berandu joan zinen ohera); mahai gainean, nik utzi dut (askoz maizago agertuko da nik utzi dut mahai gainean). Aditza ere izan daiteke mintzagai aurreratu, batzuetan ere ondoan duela (hemen ere ohart gaitezen aditz aurreratu hori beti partizipio burutu forman ematen dugula): Ezagutu, Salamancan ezagutu nuen Altuna (Mitxelena); Entzun, ez zuen ezer entzuten (Garate); Eta gosaldu ere, ez zuen sukaldean presaka gosaldu (Atxaga); Ikusi, zerbait ikusten du.

41.5.3c De Rijkek (1978) ohartarazi gintuen aurreratzen dugun sintagmak jatorrian zuen kasu marka edo postposizioa gordeko duela, horrela ikusiko baitugu zein zuen jatorrizko funtzioa perpausaren barruan455. Aditza aurreratzen dugunean, ostera, beste estrategia batez baliatzen gara: aditza bere lekuan utzi, baina “kopia” bat perpausaren hasieran jarri partizipio burutu forman (de Rijk 2008: 460), edo aditza (partizipio burutu forman) aurreratu eta perpausean dagokion lekuan egin ezarri: Debekatu, ez du inork egiten. Baina aditza mintzagai aurreratu bihurtzen dugunean, ezin esan dezakegu informazio zaharra ematen duela. Horrelakoetan zuzenagoa da esatea aditzak adierazten duen ekintza, jarduera edo gertaera hori dela gure diskurtsoaren unibertsoa, horretaz bereziki esan nahi dugula zerbait.

Sarri askotan, diskurtso markatzaileak (§ 42.12) erabiltzen ditugu mintzagai aurreratu bat nabarmentzeko: Ni, behintzat, han nintzen; Zuri, aldiz, ez nizuke halakorik egingo; Hark, aitzitik, autoa hartu zuen; Zurekin, berriz, edozein tokitara joango nintzateke.

Hasierako mintzagaiaren eta ondoren datorren perpausaren arteko lotura izan daiteke semantikoa edo pragmatikoa (ez lotura formala): Japoni dagokionez, esan zidaten Tokion bizimodua oso garestia dela.

41.5.3d Mendeko perpaus bateko mintzagaia ere aurreratu daiteke, eta, perpaus nagusiko aditzaren gainetik gurutzatuz, hasierako posiziora eraman (de Rijk 2008: 459): Paperak, ez dakit nola galdu dituen; Alabak, ez dakit zer egin nahiko duen; Sendagile horrekin, esaten dute ez direla inoiz ere operatuko456.

Areago, mendeko perpausa ere bihur daiteke mintzagai aurreratu, de Rijkek (2008) ematen dituen adibide hauetan ikus daitekeen bezala: Baina Gotzonek ni hil ninduela zeharo sinetsi zuen (Garate); Jainkoak heriotzatik gorde gaitzan, kandela bedeinkatua piztuko dugu (Etxaniz).

41.5.3e Ezezko perpausetan, ez galdegai bada, haren aurrekoa mintzagai aurreratua izango da: Astelehenean EZ naiz joango. Koma bat ezartzeak enfasi txiki bat gehituko dio mintzagaiari: Igandeetan, ez dute ogirik egiten[Bestelako jaiegunetan, agian bai]. Hanpadurarik nahi edo behar ez badugu, nahikoa da adizki nagusiaren ondoren ematea mintzagaia (mintzagai aurreratugabeari dagokion posizioan, alegia): Ez da trenez etorriko (herrira); Ez dute ogirik egiten igandeetan.

41.5.4. Bi mintzagai kontraste bidez emanak

41.5.4a Perpaus baten eta hurrengoaren mintzagaiak desberdinak badira, bada aukera bien arteko kontrastea markatzeko: Liburua nik hartu dut; paperak, berriz, ez dakit nola galdu dituen. Bi perpaus ditugu adibide horretan, alborakuntzaz elkartuak. Bietan ageri da mintzagai aurreratua, ezkerreko gunean ezarria, zertaz ari garen adierazten diguna. Hemen, ordea, perpaus bakoitzak du bere mintzagaia —liburua lehen perpausak, paperak bigarrenak (perpaus osagarritik atera eta ezkerrera eramandako sintagma)—. Bien arteko kontrastea markatzen dugu, gainera, berriz diskurtso markatzailearen bidez (§ 42.21.3).

41.5.4b Egitura horretakoa da Bernard Etxepareren adibide hau ere: Lehenago hi baitinzan lengoajetan azkena, / orai, aldiz, izanen iz orotako lehena. Hor, lehenago eta orai dira, hurrenez hurren, kontrastean jartzen direnak. Aldiz diskurtso markatzailearen (§ 42.12) erabilerak azpimarratzen du kontrastea adibide horretan. Ohikoak ditu euskarak horrelako egiturak: bi perpaus (edo gehiago), bakoitzak bere mintzagaia duela, diskurtso markatzaileren baten bidez nabarmenduaz mintzagaien arteko kontrastea.

41.5.5. Mintzagai atzeratua

41.5.5a Ohikoa ez izan arren —esan baitugu ezkerraldeko periferia dela mintzagai aurreratuaren berezko gunea—, argi baldin badago osagai bat mintzagai dela, esaldiaren atzealdeko gunean ere ezar dezakegu, nabarmentzeko. Baina askoz bakanagoak dira halako mintzagai atzeratuak. Testu idatzietan ageri dira ia beti.

41.5.5b Mintzagai atzeratu izan daitezke mintzagai gisa espezializaturik dauden esapideak, besteak beste, -nez motako mendeko perpausak (§ 38.8, § 40.17): Atzera uretara bota dugu arraina, txikiegia zenez. Mintzagai atzeratu izan daitezke informazio gehitua dakartenak ere: Ederra egin digu, Iker zerri horrek (Garzia 2014a). Mitxelenak (1981) ere aipatzen ditu horrelako egiturak: Nahi duzuna egingo dut, bihar goizean (bihar goizean, zer egingo duzu? galderaren erantzun gisa eman daitekeena).

41.5.6. Erdiko mintzagaia

41.5.6a Garziak hirugarren mintzagai mota bat ere bereizten du hartzen duen posizioaren arabera, tarteki aparteak: “Tarteki edo aparteak ez dira gunekoak [perpausaren barrukoak], eta mintzagaia nahiz gehikuntza kokatu ditugun esaldi-periferia horretatik ere kanporago kokatzekoak dira, nahiz eta kasu askotan haiek bezala komaz markatuak izan. Marka espezializatuek —hots, parentesi zein marra pareak— garbiago uzten dute tartekian apartetasuna” (Garzia 2014a: 73). Honako adibide hauetan ikus daitezke tarteki edo aparte horietako batzuk: Agureak, (berari, bost axola zitzaion) ez zien jaramonik egin mehatxuei; Agureak, erlojua eskuan, ez zien jaramonik egin mehatxuei; Agureak, une hartan, ez zien jaramonik egin mehatxuei; Halako kontuek, hemen, txitean-pitean eragiten dute hainbat istilu; Italiara joan da, andregaiarekin, joan den astean. Lausoa da horrelako egituretan mintzagaien eta tartekien arteko muga (ikus Azpeitia 2012).

41.5.6b RAEk ere aipatzen ditu erdiko mintzagaiak, tartekien pareko direnak: “Las mujeres, administrativamente hablando, son mejores que los hombres”; “Una primavera que, en cuanto a desigual y caprichosa, nada tiene que envidiar a la que disfrutan ustedes en la coronada villa” (2009: 2975).

41.6. Laburbilduz

41.6a Perpaus baten mintzagai egituraz ari garela, ordena neutroa eta ordena markatua bereizi ditugu lehenik.

Ordena neutro edo kanonikoan, hurrenkera honetan ematen ditugu osagaiak gaurko euskara estandarrean:

(zehar-objektua) / subjektua (abs.) / (zehar-objektua) / aditza

subjektua (abs.) / predikatu osagarria / aditza

subjektua (erg.) / (zehar-objektua) / objektua / aditza

Nolanahi ere, salbuespen ugari egin dizkiogu ordena kanoniko horri, ahoz ari garen ala idatziz, zein testu mota den, mendeko perpausik —bereziki perpaus osagarririk— ba ote den ala ez, eta abar (§ 41.3).

41.6b Ordena neutroan, modu neutroan ematen dugu informazioa, osagai bat edo beste nabarmendu gabe.

Perpauseko osagairen bat nabarmentzen dugunean, ordea, beheko koadroak adierazten duen eremuan sartuko gara:

Illustration

41.6c Mintzagai / galdegai jokoa da testuaren aurrerabidearen oinarrizko mekanismoa, diskurtso batean abiapuntua, kontrastea, aldaketa… markatzeko baliabidea. Diskurtso katea lotzeko baliabide nagusia da galdegai / mintzagai jokoa, informazio ezaguna eta berria lotzekoa: aldez aurretik ezagutzen duguna (edo uste duguna) abiapuntu hartu, mintzagaia alegia, eta informazio berria erantsi, galdegaia. “Hurrengo esaldian, informazio hori mintzagai bilakatzen da, hartan oinarriturik beste informazio berri bat galdegai gisa fokalizatzeko, eta abar” (Garzia 2014a: 103). Horixe da Mitxelenak maisuki egin zuena Arantzazun 1968an aurkezturiko txostenean:

Ze batasunen bila gabiltzan

1. Ezinbestekoa457, hil-edo-bizikoa, dela uste dugu euskara batasun-bidean jartzea. Haur eta gazteei euskaraz irakasten baldin bazaie, eta euskaraz irakatsi behar euskara biziko baldin bada, premiazkoa da guztiei batera edo bateratsu irakastea. Nahi eta behar dugun batasun hori, lehen urratsetan behintzat, euskara idatziarena, izkribuzkoarena, da. Eta, euskara idatziaren barrutian, irakaste-lanean dugu beharrenik batasun hori, irakurlearen atseginerako egiten den literatura «ederrean» baino areago.

2. Berez, noski, hobe litzake besterik: euskaldun bakoitzak, alegia euskalkiak oro ezagutzea, hangoak eta hemengoak, antzinakoak eta oraingoak. Agerian dago, haatik, ezin eska dakiokeela horrelakorik euskalari bati baizik. Honek berak ere aski du gehienetan bereak ez dituen euskalkiak, euskalduna baldin bada, ulertzearekin. Ez da gai izaten beste euskalkiz mintzatzeko, ahoz nahiz izkribuz.

3. Inoiz batera bagaitez, bada, huskeriak baino zerbait gehiago galduko du gure hizkuntzak: begi-beharrientzat hain atsegin den aldakortasun ugaria. Halarik ere, euskarak azal nabar hori kaltegarri duenez gero, nahiago dugu euskara bizia euskararen edozein axaleko edertasun baino.

Mitxelenaren testu horretan, izenburuak ematen du diskurtsoko mintzagaia: euskararen batasuna; ez bakarrik hori, nolako batasuna nahi genukeen. Hori izanik markoa, lehen perpausean esaldiaren gunea baino ez dugu: ‘galdegaia + aditza + mintzagai aurreratugabea’ egitura. Bigarren perpausak, ordea, beste marko bat ematen dio diskurtsoari, ezkerreko periferian ezarri diren baldintza perpausen bidez: euskaraz irakastea eta euskaraz irakastearen ezinbestekotasuna. Ondoren, perpausaren gunea: galdegaia + aditza + mintzagai aurreratugabea. Hirugarren perpausak ere mintzagai aurreratua du ezkerreko periferiaren gunean, diskurtsoaren unibertsoari orain arte aipatu gabeko ñabardura ematen diona: nahi eta behar dugun batasun hori. Ondoren galdegaia eta aditza. Aurrera egiteko, galdegaia —euskara idatziarena— hurrengo perpauseko mintzagai aurreratu bihurtuko du. Galdegaia, berriz, mintzagai aurreratu horretako sintagmak adierazten duen eremuko azpieremu bat izango da: euskara idatziaren barruan, irakaskuntzakoa. Egiturari dagokionez: mintzagai aurreratua / galdegaia + aditza + mintzagai aurreratugabea; eta ondoren, beharrenik konparazio egiturak eskatzen duen bigarren partea, irakaste-lanean galdegaiari lotua; galdegai gehitutzat har daiteke.

Hurrengo bi paragrafoetan argi ikusten da aditza oso atzean ez emateko jokabidea. Hitz iragarleez-eta baliaturik, egitura nagusia hasieran eman eta bi puntuen ondoren gehitzen dira azalpenak bigarren paragrafoko lehen perpausean. Berez, noski, hobe litzateke besterik (mintzagai aurreratua / galdegaia + mintzagai aurreratugabea); besterik horrek biltzen du ondoren zehazten dena: euskaldun bakoitzak euskalkiak oro ezagutzea. Hemen, aldiz, ordena kanonikoa ageri zaigu: subjektua - objektua - aditza. Baina berriro ere eskuinean ematen ditu Mitxelenak azalpen gehigarriak, euskalkiak oro sintagma osatzen dutenak (hangoak eta hemengoak, antzinakoak eta oraingoak). Hurrengo perpausetako egiturak ere bat datoz kapitulu honetan eman ditugun azalpenekin. Galdegai izaten diren aditz predikatuak: agerian dago, aski du, gai izan (ezezkoan emana) eta horien osagarriak beti eskuinean (zer dagoen agerian, zerekin duen aski, zertako ez den gai…). Galdegai izan ohi den konparazio egitura: nahiago izan eta ondoren osagarria.

Hitz batean, adibide bikaina ‘mintzagai / galdegai’ jokoan aurrera nola egin ikusteko, bai eta perpausaren egitura nagusia ahalik eta modu eskematikoenean nola eman ikusteko ere, elementu gehigarriak eskuinera pasatuaz.

437 SVO, SOV erabiliko dugu hori delako nazioartean guztiz hedatu dena. Euskaraz, SAO (subjektu-aditz-objektu) edo SOA (subjektu-objektu-aditz) ere aurkituko ditugu literaturan; baina, esan bezala, nahiago izan dugu nazioartean hedatuen dagoenaren alde egitea. Bestalde, ‘objektu’ terminoa erabili arren, argi dago objektu hori ‘osagarria’ dela, Euskararen bereizgarri orokorrak lehen kapituluan esaten den bezala.

438 De Rijk (1969) izan zen, gure artean, Greenberg-en (1963b) lana oinarri hartu eta euskararen oinarrizko ordena SOV (SOA) zela esaten lehenetakoa.

439 Konfigurazio terminoa beste modu batera ere erabili izan da: aditzaren konfigurazio motak. Aditzak modu batera edo bestera itxuratu daitezkeela adierazteko, aditz jakin bat konfigurazio batean baino gehiagotan sailka daitekeela esaten dugu (Sareko Euskal Gramatika). Atera aditza, esaterako, trantsitibo datiboduna izan daiteke (argazkilariak umeari erretratuak atera dizkio), baina baita intrantsitibo soila (bakarrik atera da kalera), intrantsitibo datiboduna (seme-alabak bihurriak atera zaizkio) edo trantsitibo soila ere (auzoko gizonak txakurra paseatzera atera du).

440 Badira informazio egiturari buruzko kapituluak inguruko gramatiketan: Gramàtica de la llengua catalana (2016), Gramàtica del català contemporani (2008), Gramática descriptiva de la lengua española (1999), Nueva gramática de la lengua española (2009), Collins Cobuild English Grammar (1990), Huddleston & Pullum (2002. The Cambridge Grammar of the English Language).

441 Bai eta, lehenagokoen artean, Astarloa (1803: 171-187), Ithurry (1895: 445) edo Lafitte (1944: 46-50).

442 De Rijkek (1969, 1978) aintzat hartzen ditu Greenbergek (1963b) III motako hizkuntzetan ikusten zituen ezaugarrietako batzuk, hala nola postposiziodun hizkuntza izatea, galde hitzak nahitaez aurreratu beharrik ez izatea (wh-fronting deitzen zaionaren beharrik ez izatea) eta adizki laguntzailea adizki nagusiaren ondoren ezartzea.

443 Hizkuntza bakoitzak izaten ditu bere baliabideak egitura markatuak adierazteko. Ikus, esaterako, Vallduví (2008) katalanerako, Zubizarreta (1999) eta RAE (2009) gaztelaniarako edo Ward, Birner & Huddleston (2002) ingeleserako. Oro har, estrategia nagusietako bat osagaiak ezkerreko posizioan kokatzea dela esan daiteke, nahiz horretarako ere modu bat baino gehiago dagoen. Besteak beste, irizpidetzat hartzen da ezkerrean ageri den osagaia ondoren datorren perpausean izenordain baten bidez errepikatzen den ala ez (her parents, I don’t like them at all / her parents I don’t like _ at all). Left dislocation (‘ezkerreko dislokazioa’) esaten zaio lehen adibideko prozedurari; osagaia aurreratzea, bigarrenari. Erlatibozko egituren bidez oinarrizko perpausa bi zatitan banatzea da beste estrategia bat: eso es lo que pienso yo; It was a red wool sweater that I bought ‘lanazko jertse gorria zen nik erosi nuena’. Badira mintzagaia aurkeztu eta nabarmentzeko balio duten egiturak ere (as for, en cuanto a, pel que fa a…).

444 Mitxelenak eman zion izena: “Topic edo Themaren ordez euskaraz ‘mintzagai’ erabil daitekeela iruditzen zait” (1981: 69).

445 Garziak (2014a) hizpide deitzen dio, eta mintzagai terminoa uzten du guk mintzagai aurreratua deituko duguna adierazteko (§ 41.5.3).

446 Galde hitzaren eta aditzaren artean ez dugu bestelako osagairik sartzen, baina Mitxelenak (1981) Ubillosen zenbait adibide ematen ditu kontrakoa erakusten dutenak; hau da, zenbaitetan onartzen ditugula hainbat tarte-esaldi edo hitz andana aski luzeak galde hitzaren eta aditzaren artean: Nola, aztu gabe, iraun zuen, ta gorde ziran Fedeko egiak? Zergatik Jerusalengo Erriak, Evangelioa munduan barreatu edo publikatu, ta ere noizbait iraun zuan erori gabe?; Zergatik Jainkoak ain gogorkiro kastigatu zuan erri hura? De Rijkek (2008), bestalde, galde perpaus jokatugabeak aipatzen ditu, horietan ere ager baitaitezke beste osagai batzuk galde hitzaren eta aditzaren artean: Nora, ordea, zurekin joan? Zergatik gaur mendira igo?

447 Bai adberbioak baditu bestelako erabilerak ere, egitura bereko sintagmen ondoan errepikaturik ematen denean (bai etxean, bai kalean), edo ere diskurtso markatzailearekin batera ematen denean (bai eta ere, baita ere, ere bai). (§ 42.19.2).

448 RAEk (2009: 2004) aipatzen ditu, baieztapenaren fokuaz ari dela, hemen eman ditugun egituren gaztelaniazko parekoak: ahora sí que lloraba; del llanto sí que me acuerdo. Kontrastea markatzeko balioa duten egituratzat hartzen ditu; adberbioaren ezkerreko osagaia izaten da kontrastatzen dena.

449 Azterkizun ditugu oraindik galdegai kontuak mendebaldeko, erdialdeko edo ekialdeko hizkeretan. Eredu izan daiteke horretan Hualdek, Elordietak eta Elordietak (1994) Lekeitioko hizkeraz eginikoa.

450 “Ezezkoetan, nik ez dut argi ikusten, gramatikak gorabehera, gauzak nola moldatzen diren ezezkotasuna bera ez denean galdegai” (Mitxelena 1981: 81).

451 Hizkuntzalari honen iritziz, zentzu hertsian, adierazpen perpausetan bakarrik aurkituko dugu galdegaia, horrelako perpausak baitira galdera baten erantzuntzat har ditzakegunak. Ezezko perpausa gehienak, aldiz, ez ditugu lotzen ezezko galderekin; baiezko adierazpenen ukazioak baino ez dira. Eta, horrenbestez, ez dute egiazko galdegairik. Hortik dator ‘ia galdegai’ terminoa, hiztunak ukatzen duen baieztapeneko galdegaia izendatzeko.

452 RAEk (2009: § 40.3i) zalantzan jartzen du mintzagaia perpausaren barrutik atera eta “aurreratu” egiten ote den ala hasieratik kokatzen den periferia gunean. Gaztelaniazko hainbat egitura hobeto esplikatzen omen dira hasierako kokagunetzat hartzen bada. Nolanahi ere, mintzagai aurreratu terminoa erabiltzeak ez du esan nahi ikuspegi baten edo bestearen aldeko jarrera hartzen dugunik. Perpausaren aurreko gunean, periferian, ematen dugula adierazi nahi dugu, besterik gabe.

453 EGLUren aurreko lanetarako, ikus de Rijk (1978) eta Mitxelena (1981).

454 Edo zuzenean perpausetik kanpoko esparruan kokatzen dugula ere esan daiteke, RAEren eztabaida gogoan izanda.

455 Aurreratzen den mintzagaiak bere jatorrizko kasu marka edo postposizio atzizkia gordetzeak erakusten du ez ditugula nahasi behar bi estrategia: mintzagaia aurreratzea (topic fronting) eta ‘ezkerreko dislokazioa’ (Left dislocation). Azken honek beti uzten du atzean, lehenago zegoen lekuan, izenordainen bat ordezkari gisa. Baina euskaraz ezinezkoa zaigu *Sendagile horrekin, behintzat, ez dut uste berarekin inoiz mendira joango naizenik esatea (adibide honetan berarekin izenordaina litzateke aurreratutako sendagile horrekin postposizioaren aztarnari dagokiona). Bestalde, ezkerreko dislokazioan sintagmak beti determinatuak izaten dira, baina euskaraz sintagma zehaztugabeak ere izan daitezke mintzagai aurreratu: Sendagilerik, ez dut uste inoiz beharko dudanik (de Rijk 1978). Mitxelenak (1981) ere bere egin zuen de Rijken oharra. Hitz batean, euskaraz ez dugu ezkerreko dislokazioaren estrategiarik. Gaztelaniak mintzagaia aurreratzea eta ezkerraldera destokitzea nola bereizten dituen jakiteko Zubizarreta (1999), RAE (2009) irakur daitezke, edo ingeleserako Ward, Birner & Huddleston (2002: 1408 e.h.).

456 De Rijkek (1978: 100) dio ondorengo adibideak ontzat ematen zituzten hiztunak aurkitu zituela: Lehengo urteetan ere, sendagile horrek, bere herritarrek uste dute jende asko lurperatu zuela; Bere gazte denboran, Ameriketan, sendagile horrek, ia inork ez daki zer gaiztakeria egin zuen; Orain dela urte asko, sendagile horrek, askori iruditzen zaie bere emaztea hil zuela.

457 Mitxelenak ezin-bestekoa edo euskera idatzi zuen; baina gaur estandarrerako araututako formen arabera egokitu dugu testua.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper