Euskararen Gramatika

40. Moduzko perpausak

40. Moduzko perpausak

40.1. Sarrera

40.1a 22. kapituluan adberbioak aztertu ditugu, eta esan dugu aditzaren argumentu egituratik kanpo geratzen direla gehienetan, adjuntuak izan ohi direla, aditzak eskatzen ez dituen elementuak. Adberbioak aurkezteko eta sailkatzeko unean gramatika tradizionaletan ohikoa izan da irizpide semantikoetara jotzea, eta era horretan, denbora, maila, modua, lekua edo iritzia adierazten duten adberbioez hitz egin ohi da. Guk ere horrela jokatu dugu. Modua adierazten duten adberbioen artean eman ditugu ondorengo hauek bezalakoak: Gaizki egin ditugu lanak; Oihuka irten da bileratik; Horrela jokatu beharko lukete guztiek; Isilik oheratu da; Ondo egiten ez baduzu, ez duzu saririk jasoko. Azpimarratutako elementu guztiek ere nola? galderari erantzuten diote, moduzko adberbioak dira eta aditz sintagman adierazten dena gauzatzeko era agertzen dute: adberbio sintagmak osatzen dituzte; modua adierazten duten adberbio sintagmak.

Beste osaera batzuk dituzten hitzak ere erabil ditzakegu modua adierazteko. Adibidez, batzuetan adjektiboak adberbializatzen ditugu, inolako atzizkirik —ez mugatzaile, ez postposizio— ezarri gabe, eta adberbio lanetan jarri: Gogor ari da lanean; Zorrotz jokatu beharra zeukaten; Ez du argi hitz egin. Perpaus horietan gogor, zorrotz eta argi hitzek, adjektibo izan arren, nola galdetzaileari erantzuten diote, eta gaizki, horrela, ondo edo beste moduzko adberbioek bete dezaketen lekua betetzen dute. Eta antzera gertatzen da beste kategoria batzuetako hitzekin edo esapide batzuekin (badaezpada; atzekoz aurrera eta abar). Adberbioen atalean (§ 22.6) eman dugu hauen eta beste batzuen berri zehatzagoa.

40.1b Hitz soilez edo esapideez gain, modua adierazteko beste osaera bat duten elementuen berri ere ematen genuen: adizlagunak edo postposizio sintagmak. Adibide batzuk: Gogo txarrez ari da lanean; Egoera onean aurkitu dugu; Bere kabuz egin beharko ditu hemendik aurrerakoak; Eskuz egin beharko dugu lana; Pilotari hori airez asko sartzen da. Hauetan postposizioak (instrumentalak nahiz inesiboak) izen sintagma hartzen du osagarri gisa. Batzuetan lexikalizazio prozesuak ere izaten dira tartean: Gustura egingo dugu lana; Ekaitzak ustekabean harrapatu gaitu; Benetan ari natzaizu. Nolanahi ere, osaera sintaktikoari dagokionez, postposizio sintagmen aurrean gaude, eta modua adierazten dute, aurreko guztiek bezala.

40.1c Mendeko perpausen bidez ere adieraz daiteke perpaus nagusi bateko gertaera nola betetzen den: Hitz egiten duen bezala idazten du; Etorri den antzera joan da; Sudurretik odola zeriola inguratu zitzaigun; Guztiz harriturik gelditu da erizaina; Oinetakoak erantzita sartu behar da areto horretara; Gogor lan eginez lortzen dira emaitza onak. Azpimarratu ditugun guztiak perpausak dira, mendeko perpausak, eta guztiek ere perpaus nagusian adierazten dena nola gertatzen den azaltzen digute: nola idazten duen, nola joan zen, nola inguratu zitzaigun eta abar. Eta guztietan ere, modu adberbio bat edo gertakaria nola gauzatu den agertzen digun postposizio sintagma bat ezar zitekeen mendeko perpausaren lekuan: ederki/presaka/narras idazten du; oinez/triste/bakarrik joan zen eta abar. Gramatiketan moduzko perpausak aipatzen direnean, era honetako adibideak jarri ohi dira eredu modura, eta hauek ematen diote izena sailari.

40.2. Modua eta beste nozio batzuk

40.2a Osagarri adberbialak sailkatzeko unean irizpide semantikoetatik (denbora, modua, lekua eta abar) abiatu ohi dira gramatika gehienak, eta esan dugu horrela jokatuko dugula gurean ere. Baina aski ezaguna da oinarrizko nozio orokor horietako bakoitzaren inguruan xehetasun eta ñabardura ugari hartu behar izaten direla kontuan; eta hizkuntzako adibideetara jotzean askotan ez dela erraza nozio horiek garbi zedarritzea edo mugatzea; eta dagokigunera etorriz, “modu” kontzeptua ez dagoela guztiz bereizita beste kontzeptu batzuetatik (baldintza, kausa, denbora eta abar).

40.2b Eman ditzagun azken ideia hau azaltzeko adibide batzuk. Pentsa dezagun bi gertakari ditugula: ‘diruak gastatzea’, eta ‘etxera itzultzea’. Eta ‘diruak gastatzearen’ ondoren gertatzen dela ‘etxera itzultzea’. Gertakariak horrela direlarik, egoera batzuetan hiztunak ondokotasunezko adiera nabarmendu nahiko du (Diruak gastatu zituenean, etxera itzuli zen); beste batzuetan bi gertakarien arteko kausa-ondorio erlazioa edo azalpena azpimarratu nahiko du (Diruak gastatu zituenez gero, etxera itzuli zen); edo perpaus nagusiko gertakaria nola gertatu zen, modua, azaldu nahiko du bereziki (Diruak gastatuta itzuli zen etxera). Erabiltzen diren menderagailuek edo haiei erantsitako postposizioek adiera garbi bideratzen dutenean ez da zalantzarik izaten.

Baina zenbait menderagailu (-ela; -elarik; -tuta; -turik; -tuz) interpretazio semantikoaren aldetik nahiko irekiak dira, eta esan daiteke ‘mendeko zirkunstantzia bat’ baino askoz gehiagorik ez dutela adierazten. Horrelakoetan mendeko adberbialaren adiera irekia gertatzen da, eta askotan testuinguruak edo bestelako faktoreek argitu beharko digute zer interpretazio gailentzen den (Noiz? Nola? Zergatik?). Gainera, zirkunstantzia bera (‘diruak gastatu’ — ‘etxera itzuli’) uler daiteke aldi berean denbora-ondokotasun gisa edo ‘etxera-itzultze’ gertakaria nola bete den adieraziko balu bezala. Ekintzen arteko ondokotasuna dagoenean, oinarrizko interpretazioa denborazkoa izan arren, testuinguruak bestelako nozioak bidera ditzake, denborazkoarekin batera edo hari nagusituz423. Beste adibide bat emateko: Guztiei agur esanez etxerako bidea hartu zuen; adieraz dezake bi ekintzaren arteko ondokotasuna, edo adieraz dezake pertsona horrek etxerako bideari nola ekin zion —adibidez, aurretik gainerakoekin tirabirak izan dituenean, baina azkenerako giroa lasaitu denean guztiak adeitsu agurtuz—424; edo bi adierek elkar osa dezakete.

Gertakariak aldi berean gauzatzen direnean ere suertatzen dira horrelakoak. Adibidez, pentsa dezagun ‘txirrinduan ibili’ eta ‘hanka hautsi’ gertakariak ditugula. Txirrinduan nenbilela hautsi nuen hanka esaten badugu, adieraz dezakegu denbora-aldiberekotasuna (noiz hautsi nuen hanka), edo adieraz dezakegu modua (nola edo zer egoeratan hautsi nuen) edo gertakariaren azalpena (zerk eraginda hautsi nuen edo zer testuingurutan gertatu zen); edo, neurri batean, adiera guztiak gurutzatu daitezke, eta zirkunstantzia bat azaldu.

Mota honetako adibideak ditugunean, testuinguruak eta beste zenbait faktorek adiera batera edo bestera eraman gaitzakete. Adibidez, narrazioa dagoenean denbora-ondokotasunezko interpretazioa nagusituko da: Mutikoak, zuhaitzera igota, gereziz bete zuen saskia. Bestelakoetan ondoriotasunezko interpretazioa nagusituko da, ‘modu’tik hurbilago eta kausa-kutsuz: Hori jakinik, lasaiago gaude; [hori dakigularik / dakigunez…].

Bestalde, perpaus nagusiko eta menderatutako subjektuen artean erreferentziakidetasunik ez dagoenean, zailagoa da modu-adiera garbia esleitzea mendeko perpausari: Erromatarrek Kartago erreta/errerik, beste bide bat hartu zuen historiak.

40.2c Baldintza eta modua gurutzatzen diren adibideak ere ugari izaten dira: Hain lan gutxi eginda, ez duzu emaitza onik lortuko; Gehiago saiatuz emaitza onak lortuko zenituzke. Lehenengo adibidean azpimarratutako perpausak adieraz dezake emaitzak nola ez dituen lortuko, edo, baldintza hori betetzen jarraitzen badu (hain lan gutxi egiten baduzu…), zer gertatuko zaion iragarri. Bigarrenean perpaus nagusiko aditzaren moduak mendeko perpausa baldintzazko gisa ulertzera eraman gaitzake (gehiago saiatuko bazina…), baina emaitza onak nola lortuko lituzkeen ere adieraz dezake azpimarratutako zatiak. Tradizioko adibide bat emateko: Kalte handirik egingo ote zenuen, meza entzuten herrian geratuta? (Agirre Asteasukoa); azpimarratutako zatiak adieraz dezake modua, edo adieraz dezake baldintza (‘meza entzuten herrian geratu bazina’).

Neurri batean, gauza bera gertatzen da konparazioarekin eta moduarekin ere. Begira diezaiogun ondorengo adibideari: Etxetik irten zen bezala azaldu zen afarira Josu. Berez konparazioa dago: ‘etxetik irten zen modua’ eta ‘afarira azaldu zen modua’ erkatzen dira; eta bezala adberbioaren bidez modu-konparazio hori parekotasunezkoa dela adierazten da. Modu-parekotasuna adierazteko erabiltzen da konparazio perpausa; eta egitura osoak, semantikoki, moduzko balioa du. Eta moduzko perpausen arteko beste molde batzuek ere (Etorri den eran joan da; Esan dioten moduan kontatu du eta abar) badute zeharkako konparazio bat.

40.2d Ikusten dugu, bada, “modu” kontzeptua ez dagoela guztiz mugatua, ez dagoela guztiz bereizia beste kontzeptu batzuetatik (denbora-ondokotasuna edo aldiberekotasuna, kausa, baldintza eta abar).

40.2e Beste batzuetan zirkunstantzia irekiagoak aurkitzen ditugu, inoiz moduzko gisa ere uler daitezkeenak. “Moduaren” kontzeptu garbitik urrunago doazen perpausak dira. Batzuetan nahikoa urrundu daitezke: Hori ikusirik, etxean geratu da [hori zela eta / hori ikusi, eta]; kausa azalpenetik ia zentzu ilatibo hutsera lerratzen da; ondokotasunezko esan diezaiekegu halakoei. Baina esanahiaren lerratze nabarmen hori gorabehera, moduzkoen sailekotzat jo daitezke halakoak ere: Zuek gustura zaudetela jakinik, gustura gaude gu ere. Askotan era honetako perpausak komaz bereizten dira predikazioaren gunetik, tarteki modura txertatzen baitira esaldian. Horregatik, doazen esaldian ez dira nola galdearen erantzun izango inolaz ere, ez eta galdegai ere.

40.2f Gainera, gramatiketan moduzko perpausen deiturapean bildu ohi diren perpausen balio semantikoa askotarikoa izaten da, eta sarri dezente urruntzen da honela, horrela, hala adberbioen baliokide izatetik. Adibidez, moduzkoen multzoan sartu ohi dira gramatiketan ondorengoak bezalakoak ere: Esan duzun bezala, gobernuak dimisioa eman du; Iragarri dutenez, datorren ikasturtean matrikula merkeago izango da; Zintzoa izanik, ezin dut ziurtatu hori horrela izan denik; Argi geratu den bezala, hemen idazkariak agintzen du, ez zuzendariak; Gogoratuko duzuenez, herritarren botoek eraman zuten agintera Hitler. Azken hauetan nekez ikusi ahal izango dugu ‘gertakaria betetzeko era edo modua’: perpaus osoari bidea ematen diote hemen azpimarratutako mendeko perpausek. Hala ere, moduzkoen atalean aztertu ohi dira gramatiketan: erabiltzen diren menderagailuak moduzkoetako berberak dira; eta adierazten diren balioak gertuago daude moduzkotasun zabal batetik mendeko perpausen beste edozein sailetatik baino.

40.2g Ikusten dugu, bada, semantikoki askotariko multzoa osatzen dutela moduzko perpausek; ‘nolakotasuna’ edo ‘modua’ era oso zabalean ulertu behar dela. Batzuk, esan bezala, moduzko adberbialen adierazpen garbiak dira, nola galderaren berri ematen dutenak. Baina moduzkotasun estu horretatik urruntzen diren adibideak ere ematen dira gramatiketan moduzko perpausen sailean.

40.3. Barneko eta kanpoko moduzkoak

40.3a Aipatu dugu goraxeago sailkapen semantikoari jarraituz moduzko perpausen multzoan sartu ohi diren adibideen artean ‘xehetasun eta ñabardura ugari’ aurkituko ditugula. Mendeko perpausen sail guztietan gertatzen da hori, eta moduzkoetan ez besteetan baino gutxiago. Xehetasun eta ñabardura horiek ezaugarri sintaktiko desberdinei loturik joan ohi dira sarritan.

40.3b Adberbioen atalean (§ 22.1.3), esan dugu jokabide sintaktikoari dagokionez bi adberbio mota bereiz daitezkeela: batzuek aditz sintagma modifikatzen dute (zeharo, ondo, honela eta abar), eta horrelakoez ‘barneko adberbioak’ direla esaten da, perpausaren barneko adberbioak; beste batzuk, ordea, perpaus osoari dagozkio (zorionez, tamalez eta abar), perpaus osoa modifikatzen dute, perpausetik kanpora daude, eta ‘kanpoko adberbioak’ direla esan ohi da gramatiketan. Egoera hori aurkitzen dugu moduzko adberbioetan, bai eta moduzko perpausetan ere425. Azter dezagun astiroxeago.

40.4. Barneko moduzko perpausak

40.4.1. Adjuntu funtzioa dutenak

40.4.1a Barneko moduzko perpausen artean bi sail desberdinduko ditugu: aditzaren adjuntu zeregina duten osagarri adberbialak, eta erabilera predikatiboan azaltzen direnak (lehen mailako nahiz bigarren mailako predikatu gisa).

40.4.1b Barneko moduzko perpausek askotan adjuntu funtzioa izaten dute eta aditz sintagma modifikatzen dute: Giltza sarrailan sartuz eta hari buelta emanez irekitzen da atea; Zuk irakatsi zenidan bezala egin ditut gauzak; Poliziei barkamena eskatuz saihestu zuen trafiko-isuna; Tranpa eginez hautsi zuen aurreko marka. Azpimarratutako zatiek nola? galderari erantzuten diote; honela, horrela, hala adberbioez ordezka daitezke; eta aditz sintagman adierazitako gertakaria nola betetzen den adierazten dute. Aditzetik hurbil izaten dira, eta galdegai izateko arazorik ez dute izaten. Nekez bereiziko dira pausa edo koma bidez predikazio nagusitik. Aurretxoan eman ditugun guztiak zuzenki aditzari begirako moduzkoak dira (ireki-nola; egin-nola; saihestu-nola; hautsi-nola), osagarri adberbialak; ekintza edo gertakaria zer eratara gauzatzen den adierazten digute, ez besterik. Hizkuntzan oso ohikoa izaten da era honetako egiturez baliatzea: Hitz egiten duen bezala idazten du; Zigorrak etengabe jarriz lortu zuen semearen jokabidea aldatzea; Trikimailuez baliaturik aldarazi zion iritzia; Esan duen moldean egin du; Sufritu barik eta azkar iritsi nahi dute gailurrera; Dieta egin gabe ez zara argalduko.

40.4.2. Erabilera predikatiboa dutenak

40.4.2a Beste batzuetan, ordea, moduzko adberbioek eta perpausek erabilera predikatiboa izaten dute, ezaugarri jakin batzuk dituzten egituretan edo aditz konkretu batzuekin azaltzen direnean (ikus 24. kapitulua). Hala, zenbaitetan lehen mailako predikazioan azaltzen zaizkigu, predikatu nagusi gisa (Amona espero genuen bezala zegoen), eta beste zenbaitetan bigarren mailako predikatu modura (Barrua sutan zuela hurbildu zitzaien nagusia grebalariei).

40.4.2b Lehen mailako predikazioan, perpausaren predikatu nagusi modura azaltzen dira moduzko perpausak aditz eta egitura kopulatibo batzuekin (ikus § 24.3). Nolabait esateko, Peru triste dago eta Olatz gaizki zegoen perpausetan triste eta gaizki predikatu nagusiak badira, Peru negarrari eutsi ezinik dago adibidea dugunean ere azpimarratutako mendeko perpausa predikatu nagusia izango da. Adibide horietako egon aditza kopulatiboa da, eta eduki semantiko bat adieraztea baino areago predikatu nagusiaren (triste; gaizki; negarrari eutsi ezinik) eta subjektuaren arteko lotura bideratzea du helburu. Antzera gertatzen da erabilera semikopulatiboa duten beste aditz eta egitura batzuekin ere: Aztoratuta dabil jendea; Langileek kezkatuta jarraitzen dute. Beraz, predikatu nagusi gisa azaltzen da moduzko perpausa honako hauetan guztietan: Arkaitzek osasunarekin kezkatuta jarraitzen du; Gauzak zuk esan bezala daude; Burua altxa ezinik dabil Miren; Zer egin ez dakiela daukagu Naiara; Errepideak moztuta jarraitzen du; Zer esan ez dakiela gelditu da Jon. Azken batean, moduzko adberbioak zenbait egituratan predikatu nagusi gisa azal badaitezke, ez da harritzeko modua adierazten duten mendeko perpausek ere aukera bera izatea (ikus 24. kapitulua: “Atribuzioa eta Predikazioa”).

40.4.2c Era berean, bigarren mailako predikazioan ere aurkitzen ditugu mendeko perpausak (ikus § 24.4). Har dezagun, esaterako, ondorengo adibidea: Jon negarrari eutsi ezinik irten zen gelatik. Mendeko perpausa moduzko garbia da, eta nola? galderari erantzuten dio; eta perpaus nagusiaren barneko kontuei dagokie. Baina adjuntu funtzioa betetzen zuten moduzko perpausetan ez bezala (§ 40.4.1), nola orain ez dagokio aditzari bakarrik (irten-nola): subjektuari ere badagokio (Jon-nola); gehiago subjektuari aditzari baino, negarrari eutsi ezinekoa ‘irteteko era bat’ baino gehiago baita ‘Jonen egoera bat’. Perpauseko bigarren osagai bati buruzko (Jon) predikazioa dago hor, eta bigarren mailako predikazioa dagoela esan ohi da; ‘negarrari eutsi ezinik’ bigarren mailako predikatua edo osagarri predikatiboa izango litzateke.

Eman dezagun beste adibide bat: Uxuek pozez beterik barre egin du426. Pozez beterik-en bidez Uxueren une bateko egoeraren ezaugarri bat predikatzen da, eta aldi berean, egoera hori barre egin ekintzari loturik aurkezten da. Perpauseko subjektuarentzat bigarren predikatu bat izango balitz bezala jokatzen du pozez beterik moduzko perpausak: egoera bat edo uneko ezaugarri edo propietate bat ezartzen du.

40.4.2d Aditzari buruzko atalean esan dugun bezala, bigarren mailako predikazioa subjektuari begirakoa edo objektuari begirakoa izan daiteke (§ 24.4). Aurreko ataltxoan eman ditugun adibideetakoak (Jon negarrari eutsi ezinik irten zen aretotik; Uxuek pozez beterik barre egin du) subjektuari begirakoak ziren. Lehenean, nola sartu den adierazten dugu, eta aldi berean, une horretan Joni dagokion propietate bat ematen dugu; ‘negarrari eutsi ezinik’ dagoena Jon da. Bigarrenean, barre egiteko era bat (‘pozez beterik’, ez ‘itxurakeriaz’), baina aldi berean Uxueren egoera nolakoa den azalduz. Berdin gertatzen da ondorengo adibideetan ere: Guztiz aztoratuta irten zen Josu bileratik; Irribarrea ahoan zuela inguratu zitzaidan semea; Kezkek barrua itotzen ziotela hartu zuen etxerako bidea Arantxak; Bihotza hautsita eta barne garrasiz sinatu zuen heriotza zigorra epaileak; Gogogabetuta joan nintzen oporretara; Kafesnea ondo berotuta gustatzen zaio Beñati. Hauetan guztietan subjektuari begirako bigarren mailako predikazioa dago, eta aldi berean predikaziogai den pertsonaren —inoiz gauzaren— eta ekintzaren uneko egoera edo propietate bat ematen dute aditzera: nola irten zen, eta bereziki Josuren une horretako egoera nolakoa zen; inguratzeko era, eta une horretan semeak erakusten zuen egoera edo ezaugarria; Arantxaren barrua nola zegoen etxerako bidea hartzeko momentuan; zigor sinaketa zer barne egoeratan egin zuen epaileak; eta abar. Moduzko adberbio soilekin edo modua adierazten duten postposizio sintagmekin ere berdin gertatzen da: Adeitsu agurtu nuen Ane; Ondoezik irten zen Josu bileratik; Mar-mar batean inguratu zait lankidea.

Era honetako predikazioa izateko baldintza batzuk bete behar dira, bai bigarren predikatu modura jokatzen duen osagaiari dagokionez, bai aditz nagusiari dagokionez. Subjektuari dagokion propietateak edo egoerak predikazioa gertatzen den unekoa, denbora tarte horretakoa izan behar du, ez propietate iraunkor bat (garaia/bizkorra izatea, eta abar). Adibidez, esan dezakegu Buruan txapela zuela sartu zen Jon; txapela jantzita eramatea ez baita izaten gizakien berezko ezaugarri bat, edo ezaugarri iraunkor bat. Aldiz, ezin dugu esan *Begi urdinak zituela sartu zen Jon. Begi urdinak izatea gizakion berezko ezaugarri bat da, iraunkorra, eta ezin da ‘denbora tarte baterakoa’ izan. Bigarren mailako predikatuak ‘une/tarte jakin batekotzat’ hartzeko moduko propietateak izan behar ditu. Eta perpaus nagusiko aditzak ere ezaugarri lexiko/aspektual batzuk bete behar ditu: ekintza bat, prozesu bat edo lorpen bat adierazten duten aditzek bigarren mailako predikazioari bidea eman diezaiokete, baina egoera bat adierazten duten aditzek (jakin, izan… ), aditz estatiboek, ez dute horretarako aukerarik ematen: ezin da esan *badakit guztiz atsekabetuta guztion azken muga heriotza dela. Aldiz, guztiz atsekabetuta irten nintzen bileratik esateko ez dago eragozpenik.

40.4.2e Beste batzuetan objektuari begirako bigarren mailako predikazioa izaten da. Adibidez, lehenago subjektuari begirako bigarren mailako predikazioa aurkezteko erabili dugun moduzko perpaus bera erabiliz: Gelara sartzean negarrari eutsi ezinik aurkitu nuen Ane. Kasu honetan ere nola ez dagokio aditzari bakarrik (aurkitu-nola); objektuari ere badagokio (Ane-nola); negarrari eutsi ezineko egoeran Ane dago. Batez ere objektuari dagokio, gainera: (Ane) negarrari eutsi ezinik zegoela aurkitu nuen da horren perifrasi posible bat, edo Negarrari eutsi ezinik zegoen aurkitu nuenean. Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa dago hor.

Berdin gertatzen da ondorengo adibideko interpretazioetako batean ere: Andoni ikusi dut burua altxatuta. Bi interpretazio izan ditzake. Batean, aditzari begirakoa izango genuke: “Nola ikusi dut Andoni? Nola lortu dut Andoni ikustea?” galderari erantzuten badio. Nola ikusi dut? Burua altxatuta. Alegia, nik altxatu dut burua, eta halaxe lortu dut Andoni ikustea; gertakaria betetzeko modua agertzen digu azpimarratutako mendeko perpausak; lehenengo multzoko —aditzari begirako moduzko perpaus adjuntuak— adibidea izango genuke. Bigarren interpretazioan, ordea, Andoni nola zegoen uler daiteke; alegia, burua altxatzen duena ez da perpaus nagusiko subjektua (ni); Andoni da egoera horretan dagoena. Perpauseko osagai bati buruzko bigarren mailako predikazioa dugu hor: [Andoni — burua altxatuta]; ez dugu esaten nola jazo den aditz nagusiak adierazitako gertaera (ikustea), baizik nola zegoen perpausaren osagaietako bat; Andoniri buruz egiten du predikazioa. Objektuari begirako predikazioa dagoenean, objektu hori une horretan zer egoeratan dagoen azaldu ohi da. Hona adibide gehiago: Guztiz hondatuta itzuli zenidan liburua; Begiak malkotan zituela eraman nuen Eneritz ospitalera; Iragazita edaten dut esnea; Pantaila pitzatuta igorri didate Internet bidez erositako telefonoa; Mozorrotuta ikusi zintudan herriko jaietan. Eta moduzko perpausekin bezala, adberbio soilen bidez (Burumakur/gaizki ikusi nuen Ane) edo postposizio sintagmekin (Egoera negargarrian itzuli zenidan liburua) ere gauzatu daiteke objektuari begirako bigarren mailako predikazioa427.

Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa subjektuari begirakoa baino nekezago gertatzen da. Subjektuari buruzkoetan bezala, bigarren mailako predikatuak tarte bateko gisa interpretatzeko aukera eman behar du: Iñaki mozorrotuta eraman dut tren geltokira; *Iñaki begi urdinak dituela eraman dut tren geltokira. ‘Mozorrotuta egotea’ denbora tarte jakin bateko ezaugarria da; begien kolorea, berriz, bakoitzari berez dagokigun ezaugarri iraunkorra, eta ezin da bigarren mailako predikatu modura azaldu. Baina badago beste baldintza bat ere: osagarri predikatiboak azken egoerako unea bakarrik seinalatzen badu, ezinezkoa da objektuari begirako bigarren mailako predikazioa. Azaldu dezagun ondorengo adibideekin: Gaztainak aurretik zurituta erre zituen zuzena da, baina *Oilaskoa guztiz txigortuta erre zuen ez da esaten. Lehenean, gaztainak erretzeko prozesuaren hasieratik daude zurituta, eta horrela irauten dute erretzeko prozesu guztian zehar; bigarrenean, guztiz txigortutako egoera ekintzaren azkeneko uneari bakarrik dagokio, emaitzari, eta ez aditz nagusiko ekintza gertatzen den denbora tarte osoari. Horrek eragiten du bi adibideen arteko desberdintasuna.

Bestalde, perpaus nagusiko aditzei dagokienez ere baldintzak apur bat zorrotzagoak dira objektuari begirako bigarren mailako predikazioan: subjektuari begirakoan bezala, egoera aditzekin ez da era horretakorik egiten, baina ezta lorpena adierazten duten aditzekin ere. Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa egon dadin egoera aldaketa edo toki aldaketa dakarten aditzak behar dira (Sagarrak garbitu gabe jan zituen; Oilaskoa limoi urez igurtzita sartu nuen labean), edo iritzi eta hautemate aditzak (Nahiago dut kafesnea ondo berotuta; Sehaskatik irtenda aurkitu dut haurra; Poltsan auzokoaren tomateak zeramatzala harrapatu genuen Iker; Fraideen modura hitz eginez irudikatzen ditut Euskaltzaindikoak; Ahoan irribarrea zuela gogoratuko dut beti Mireia).

40.4.2f Bigarren mailako predikazioa gauzatzen duten moduzko perpausek badute beste ezaugarri bat ere: predikazio horren ‘subjektua edo gaia’ —alegia, perpaus nagusiko subjektua edo objektu zuzena, dagokionean dagokiona— mendeko perpausaren barneko argumentu modura ulertzen dela —isilpean geratu ohi den arren—; elementu hori bi perpausetan agertzen dela. Azaldu dezagun astiroxeago.

Jon negarrari eutsi ezinik irten zen gelatik adibidean, azpimarratutako moduzko perpausa subjektuari (Jon) begirako osagarri predikatiboa da; subjektu horri buruz egiten da bigarren mailako predikazioa; eta elementu hori mendeko perpausaren barnean ere ulertu behar da, isilpean, kasu honetan subjektu funtzioan: [Jon gelatik irten zen] / [(Jonek) negarrari eutsi ezin]; Jonek ezin dio negarrari eutsi; moduzko perpausaren subjektua Jonek da. Antzera Uxuek pozez beterik barre egin du adibidean ere: [(Uxue) pozez beterik]; Uxue da pozez beterik dagoena, mendeko perpausaren subjektua. Gauza bera gertatzen da bigarren mailako predikazioa perpaus nagusiko objektuari begirakoa denean ere. Begiak malkotan zituela eraman nuen Eneritz ospitalera adibidean, azpimarratutako moduzkoa perpaus nagusiko objektuari (Eneritz) begirakoa da, eta elementu hori mendeko perpauseko subjektu modura interpretatzen dugu, nahiz eta isilean egon: [(Eneritzek) begiak malkotan zituela]. Berdin gertatzen da Andoni ikusi dut burua altxatuta adibidean, objektuari begirako bigarren mailako predikazioaren adieran: Andoni perpaus nagusiko objektua da, baina mendeko perpauseko isilpeko subjektua ere bera dugu; [(Andonik) burua altxatuta]. Bigarren mailako predikazioaren gaia ematen duen elementua perpaus nagusian eta mendeko perpausean, bietan dago.

Orain arte azaldu ditugun adibideetan, bigarren mailako predikazioaren gaia, bi perpausek komunean duten elementua, subjektuaren funtzioan azaldu zaigu mendeko perpausean; hori da arruntena, gehienetan aurkituko duguna. Baina mendeko perpauseko objektu zuzen funtzioa ere izan dezake bi perpausek komunean duten elementu horrek. Esaterako, Suak erreta aurkitu nuen nire baserri zaharra adibidean, nire baserri zaharra da predikaziogaia, eta mendeko perpausean objektu zuzen modura ulertu behar da: [suak (nire baserri zaharra) erreta]. Gauza bera gertatzen da ondorengo adibideetan ere: Euriak zeharo bustita itzuli zen atzo Ikertxo; Semearen jokabideak kezkatuta hurbildu nintzen eskolara; Inguruko guztiek baztertuta joan zen mundutik Irene. Mendeko perpausei begiratuz honakoak ulertuko genituzke: [euriak (Ikertxo) zeharo bustita]; [semearen jokabideak (ni) kezkatuta]; [inguruko guztiek (Irene) baztertuta]. Beraz, bigarren predikazioaren gai den elementua mendeko perpauseko subjektu izatea da ohikoena, baina objektu zuzen modura ere ager daiteke. Eta baita zehar-objektu modura ere: Kezkek barrua itotzen ziotela hartu zuen etxerako bidea Arantxak adibidean, bigarren mailako predikazioa perpaus nagusiko subjektuari (Arantxa) begirakoa da, eta elementu hori mendeko perpausean zehar-osagarria da; [Kezkek (Arantxari) barrua erretzen ziotela].

40.4.2g Erabilera predikatiboan azaltzen diren moduzko perpausak batzuetan aukerakoak izaten dira, eta beste batzuetan nahitaezkoak24.4.4) Bigarren mailako predikazioa dagoenean, gehienetan, aukerakoa izaten da predikaziozko elementua. Adibidez, Arantxak etxerako bidea kezkatuta hartu zuen perpausean, azpimarratutako zatia kentzen badugu, predikazio nagusiak zentzu berari eusten dio: Arantxak etxerako bidea hartu zuela, alegia. Berdin orain arteko adibide gehienetan ere: Jon negarrari eutsi ezinik irten zen gelatik; Begiak malkotan zituela eraman nuen Arantxa ospitalera; eta abar. Batzuk subjektuari buruzkoak izango dira, besteak objektuari buruzkoak, baina moduzko osagaia gabe ere perpausak zuzenak dira; moduzko perpausak aukerako bigarren mailako predikatuak dira horrelako egituretan.

Aditz gutxi batzuek, ordea, nahitaez eskatzen dute era honetako bigarren mailako predikazioa. Adibidez: Aspertuta sumatu nituen ikusleak. Kasu honetan sumatu aditzak objektua nola dagoen adieraziko duen osagai bat eskatzen du. Ikasleak sumatu nituen, egia da, esan daiteke, baina orduan sumatu aditzak beste adiera bat du: ‘bazirela sumatu nuen’, ‘beren hotsa entzun nuen’… Osagarri predikatibo hauek aditzak eskatzen ditu, eta predikatuaren zentzua osatzen dute; aditzarekin batera zehazten dute harekin erlazionatutako argumentu(ar)en paper semantikoa, eta batzuetan esan daiteke predikatu konplexu bat osatzen dutela. Era honetako egiturei bide ematen dietenen artean izaten dira hautemate aditzak (Haserretuta ikusi nuen udaltzaina; Nekatuta sumatu nuen zuzendaria) edo nahia/desioa/beharra adierazten duten aditzak (Ontziak ondo garbituta nahi ditut; Lan hau amaituta behar dut biharko)428. Horrelako adibideetako moduzko perpausak nahitaezko bigarren mailako predikatuak dira.

Moduzko perpausak lehen mailako predikatu gisa azaltzen direnean, jakina, nahitaezkoak izaten dira, haiek baitira perpausaren predikatu nagusiak. Hona jarraian horrelako batzuk: Telebista hondatuta dago; Tristurak jota dabil Begoña; Jonek guztiokin haserretuta jarraitzen du; Gure erabakiarekin zeharo harrituta gelditu zen Mikel; Osasunarekin kezkatuta dabil Aitor; Txominek begiak hazita dauzka; Semeak guztiz kezkatuta gauzka; Gauzak ez doaz guk espero bezala. Aditz eta egitura kopulatiboak eta semikopulatiboak dira, eta predikatu nagusi izateak egiten ditu beharrezko azpimarratutako moduzko perpausak.

40.5. Kanpoko moduzko perpausak

40.5a Kanpoko moduzkoek perpaus osoa modifikatzen dute, perpaus nagusi osoari dagozkio: Lehen esan dugun bezala, baleak ugaztunak dira; Egunkarian jartzen duenez, atzoko lurrikaran ehun lagun hil ziren. Azpimarratu ditugun mendeko perpausek ez dute modua zentzu estuan adierazten; beren eginkizuna perpaus nagusian adieraziko denari ‘bidea ematea’ da, ondoren esango denaren iturria edo jatorria ematen digute; perpaus nagusiko predikaziotik kanpora daude, perpaus nagusi osoari dagozkio —ez aditzari edo aditz sintagmari bakarrik— eta perpaus nagusiko adierazpena kokatzen laguntzen digute. Adberbio soilak aztertu ditugunean ere aipatu dugu adberbio batzuek perpaus osoa modifikatzen dutela: tamalez, zorionez, egia esan eta abar. Gauza bera gertatzen da mendeko perpaus adberbialekin ere. Perpaus nagusitik pausaz bereizita egoten dira, gehienean aurretik, baina ondoren (Baleak ugaztunak dira, lehen esan dugun bezala) edo tarteki modura ere (Baleak, lehen esan dugun bezala, ugaztunak dira) ager daitezke429. Ez dira galdegai izaten, eta ezeztapenaren eraginpetik kanpora agertzen dira. Alegia, Leire ez da dieta eginda argalduko diogunean —barneko moduzkoa—, ezeztapena azpimarratutako zatiari ere badagokio; aldiz, Esan didatenez, Leire ez zegoen kaltetuen artean esatean, azpimarratutako mendeko perpausa ezeztapenaren eraginpetik kanpo dago. Gauzak horrela, gerta daiteke perpaus berean era honetako kanpoko moduzko bat eta barneko moduzko garbi bat edo bigarren mailako predikazioa duena batera azaltzea: Egunkarian jartzen duenez, konpainia horrek iruzur ugari eginez lortu zuen arrakasta (lehena kanpoko moduzkoa, bigarrena aditzari begirako barneko moduzko adjuntua); Garbi ikusi duzuen bezala, txirrindulariak guztiz nekatuta iritsi dira (lehena perpausaz kanpoko moduzkoa, ondoren bigarren mailako predikazioa gauzatzen duen barneko moduzkoa). Gerta daiteke, halaber, forma bera eginkizun desberdinetarako erabiltzea: Garbi ikusi duzuen bezala, atzoko etapa gogorrean iritsi ziren bezala helmugaratu dira txirrindulariak gaurkoan ere, mendate gutxiagokoa izan arren. Izaera eta funtzio sintaktiko desberdinak baitituzte kanpoko eta barneko moduzkoek.

40.5b Kanpoko moduzko perpausak ere ez dira guztiak berdinak, eta modifikatzen duten perpausarekiko harremanean ñabardura desberdinak agertzen dituzte.

40.5c Batzuetan, enuntziatzeari berari buruzkoak dira mendeko perpausak: Benetan hitz eginez, ez nuen uste lortuko zenuenik; Labur esanda, ekintza primeran irten da. Lehenengo adibideko azpimarratutako zatian ez gara ari ‘uste izatearen’ moduaz, edo ‘lortzeko’ moduaz: hizketan hastearen edo esaten denaren arrazoia edo modua aipatzen ditu; komunikazio ekintzari dagokio, ez predikazioari berari. Hitza ateratzeko edo mintzatzeko modua edo arrazoia deskribatzen dute, modu edo arrazoi hori era zabalean hartuta: handik aurrera esango dena zer eratan edo zer testuingurutan esango den. Esaten denaren luze/laburra, benetakotasuna, sakontasuna, zehaztasuna, asmoa, arrazoia edo testuingurua bezalakoak aipatzen dira: Gauzak ondo aztertuz, azken urte hauek ez dira hain txarrak izan; Zintzoak izanez, Mareni aitortu beharko genioke proiektuari egin dion ekarpena; Zehatzak izanez, aitortu behar da bertakoen arteko liskarra dela bereziki, ez kanpokoekikoa; Laburtuz, gauzak ez dira guk nahi bezala atera; Gaia aldatuz, uste dut bihar eguraldi ona izango dugula; Harira itzuliz, farmaziako erosketak gaur egitea dugu egokiena. Askotan esate aditzak (esan, galdetu, hitz egin, adierazi…) edo gogo aditzak (pentsatu…) azaltzen dira mendeko perpausean, eta aditz horiek adierazten duten ekintza/gertakaria nola gauzatuko den zehazten duen elementu bat —sarri adberbioa bera— agertzen da (benetan hitz eginez, labur adieraziz, egia esanda, ondo pentsatuta eta abar); gainera, mendeko perpausaren ondoren isilpean dagoen esate aditz bat uler daiteke: harira itzuliz/laburtuz, (esan dezagun)…

Esaten denari buruz hiztunak duen jarrera azaltzen dutelarik, era honetako kanpoko moduzkoak hiztunari begirakoak izaten dira adierazpen perpausetan: lehenengo eman dugun adibidean igorleak egingo duen komunikazio- ekintzaren benetakotasuna iragartzen da, bigarrenean laburtasuna edo sintesia. Baina jarraian galdera bat dagoenean (Benetan hitz eginez, zuk egin al duzu?; Labur esanda, ondo irten al da ekintza?), entzuleari begirako bihurtzen da mendeko perpaus bera: entzuleari egiten zaio orain benetakotasun edo laburtasun eskaera. Horrelakoetan -t(z)eko menderagailua —bereziki helburuzkoetan erabili ohi dena— hauek adina edo gehiago erabiltzen da (Labur esateko, ekintza oso gaizki irten da), baina eginkizuna berbera da: enuntziazioa nola edo zergatik egingo den adieraztea, esate ekintzari bide ematea. Enuntziazioari buruzko moduzko hauek bestelako balioak ere hurbil izaten dituzte: Ondo pentsatuz, bizitza gogorra da; uler daiteke moduzko erara, edo baldintza gisa (‘ondo pentsatzen bada’).

40.5d Beste batzuetan moduzko adberbio sintagmak enuntziatuari buruzkoak izaten dira, perpausean esaten denari buruzko ‘modua’ azaltzen da, eta perpausaren modalitatearekin (hiztunaren ziurtasun maila esango duenaz, eta abar) loturik egoten dira (Dirudienez, Josu datorren urtean Bilbora joango da), edo baieztatzen dena zerbaiten edo norbaiten baitan jartzen dute: Aneren arabera, Manexek ez du ezer larririk. Berdin gerta daiteke mendeko moduzko perpausekin: Anek dioenaren arabera, Manexek ez du ezer larririk; Itxura/aztarna guztiek azaltzen dutenez, Josu datorren urtean Bilbora joango da; Medikuak esan duenez, Manexek ez du ezer larririk; Egunkarian jartzen duen bezala, auto elektrikoak oso bizkor ugarituko dira; Alabantza, esate baterako, alaba antza da bistan dagoen arabera (Mitxelena); Hau da atzenean jaiera bat ondasun handiak berekin dakartzana, orain ikusiko dugun bezala (Agirre Asteasukoa). Adibide guztietan ere ikusten dugu mendeko perpausa pausa batez bereizirik dagoela; nolabaiteko ‘perpaus orde’ moduko bat da, eta perpaus nagusian esaten duena berresteko balio du, edo bere egiatasuna zeren araberakoa den azaltzeko. Jakina, nekez izango dira horrelakoak galdegai.

40.5e Perpaus nagusiaren aurretik, neurri batean aurreko bi multzoetakoen antzera joan ohi dira ondorengoak bezalakoak ere: Aurrekontuei dagokienez, iazkoak luzatuko direla uste dut; Etiopiaz ari garela, nahitaezkoa da etnien eta hizkuntzen ugaritasuna aipatzea; Lekukotasun idatziei erreparaturik, eta esparru geografikoari gagozkiola, esan daiteke -tuta moldea Hegoaldeko tradiziokoa dela (EGLU-VII: 310). Adibide hauetan, azpimarratutako zatiaren bidez mezua zeri buruzkoa izango den aurreratzen da, mintzagaia nabarmenduz; hiztunak zer ikuspegitatik hitz egin nahi duen, hizketagaia zein izango duen aurreratzen dute. Baina aurreko bi multzoetan (enuntziazioari buruzkoetan eta enuntziatuari buruzkoetan) ez bezala, aurreratutako elementuak predikazioaren barnekoak dira hemen, eta alde horretatik, perpausari buruzko kanpoko moduzkoen artean sartzea zaila gertatzen da.

Antzera gertatzen da ondorengoak bezalakoekin ere: Ahal zuten hots gutxiena eginez, gazteak barnetegitik kanpoko askatasunera irten ziren; Xehetasun guztiak aztertuz, bere plangintza pixkanaka borobilduz joan zen. Hauetan ere perpausaren aurretik eta komaz bereizita azaltzen zaizkigu mendeko perpausak, ondoren etorriko den perpaus nagusiari nolabaiteko marko orokor bat emanez; baina azken batean, aurreratutako elementuak dira, eta perpaus nagusiko predikazioari dagozkio. Ezin sartu kanpoko moduzkoen artean.

40.6. Menderagailuak eta osaera

40.6a Gramatika honetan mendeko perpausak balio semantikoaren arabera sailkatu eta aztertu ditugu (ikus 29. kapitulua). Horrela egin ohi da gramatika gehienetan. Baina sailkapen hori ez da beti bat etortzen mendeko perpausen osaera sintaktikoarekin; alegia, ez da beti gertatzen mendeko perpaus mota bat osatzeko molde edo menderagailu jakina(k) eta berezitua(k) izatea, edo alderantziz, menderagailu jakin batek edo batzuek beti balio semantiko bat eta bakarra bideratzea. Oso garbi ikusten da hori moduzko perpausekin: gehienetan oinarrian adiera zabaleko menderagailuak daude, mota askotakoak; eta gero, menderagailu horiei modua adierazteko egokiak izan daitezkeen postposizioak, izenak edo adberbioak eransten zaizkie.

40.6b Aditz jokatugabeetatik abiatutako formak dira moduzko perpausak osatzeko gehiena erabiltzen direnak. Gogora dezagun, jokatugabetasunak berak menderakuntza markatzen duela euskaraz. Aditz partizipioa oinarritzat hartzen dutenak dira maiztasunik handienekoak; bereziki, partizipioari artikulua erantsiz (Laguna sendatua ikusi dut) eta -ta, -rik edo -z postposizio itsatsiak erantsiz sortzen direnak: -tuta (saiatuta), -turik (saiaturik), -tuz (saiatuz). Guztiak ere adiera irekiko formak dira, eta beste balio batzuk adieraziz ere aurkituko ditugu. Horien alboan, -tu partizipioari postposizio askeak erantsiz osatzen direnak ere baditugu; gehiena erabiltzen direnak: -tu ahala (hartu ahala), -tu arau (hartu arau), -tu gabe (hartu gabe), -tu barik (hartu barik), -tu beharrean (hartu beharrean), -tu nahirik (hartu nahirik), -tu gurarik (hartu gurarik), -tu bezala (agindu bezala) eta abar. Hauetako bakoitzak forma desberdinak izan ditzake, amaieran erants daitezkeen postposizio askeen eta hizkeraren arabera.

Aditz izenaren gainean ere eraikitzen dira moduzko balioa duten moldeak: -tzeke (saiatzeke) da erabiliena. Gero, -tze daraman aditz izenari -ko erantsi, eta ondoren modu-izen jatorriko zenbait postposizioz hornitutakoak daude: -tzeko moduan (ikusteko moduan), -tzeko eran (ikusteko eran), -tzeko gisan (ikusteko gisan), -tzeko maneran (ikusteko maneran), -tzeko zorian (hiltzeko zorian) eta abar; hauetako bakoitza, berriro ere, forma desberdinetara irekia. Horiez gain, -tzekotan (saiatzekotan), -tzearekin (saiatzearekin) eta -tzeagaz (saiatzeagaz) formekin ere lortzen dira moduzko balioak.

Aditzoina oinarri duten moldeak gutxiago erabiltzen dira, eta hein batean markatuak dira, esapide gisakoak, esango genuke: aditzoin juntatuak (xuti eta eror), [aditzoina + ahala + aditzoin bera] moldekoak (higi ahala higi), [aditzoina + -ka] (gaizki esaka), [aditzoina + -ki] (ibilki). Bereziki ekialdeko euskalkietako literatura tradizioan erabiltzen dira.

40.6c Perpaus jokatuen artean ere ikuspegi orokorra bera da: menderagailu irekiak erabiltzen dira, edo/eta modutik hurbil dauden izenak, adberbioak edo postposizioak eransten zaizkio menderagailuari. Adibidez, -ela eta -elarik atzizkiez hornituriko perpaus mendekoekin modua adieraz daiteke (Sudurretik odola dariola hurbildu zait Peru; Begietan negarra zuelarik irten zen medikuarenetik), beste balio batzuk ere izan ditzaketen arren. Horrez gain, erlatibozko egitura ere modua adierazteko baliabide askoren oinarrian dago: batetik, ardatz gisa modu izenak (antz, arau, era, modu, molde…) dituzten postposizio sintagmei bidea emanez (erakutsi digun moduan; esan duen arabera eta abar)430; bestetik, ardatzik gabeko perpaus erlatiboak ditugu (EGLU-V: 206-212), baina aditzondo bat daukatenak (bezala, legez…), parekotasunezko konparazio perpausen barnean sartu ohi direnak, baina moduaren parekotasuna adierazten dutelarik, semantikoki modua adierazteko ere balia ditzakegunak (Esan digun bezala/legez jarri dizkiogu altzariak).

Horiez gain, zehar-galdera egituren bidez ere eman daiteke moduaren adiera: Nork esaten duen, jendeak ez du berdin jokatzen; Zenbat saiatzen zaren, emaitza hobea edo txarragoa lortuko duzu. Aurreko adibide horietan galdetzaile bat eta -en menderagailua ditugu, eta zehar-galderatzat har daitezke —‘aditz nagusirik gabeko zehar-galdera zatizkoak’ (ikus EGLU-V: 117-120)—, gauzak zeren arabera diren edo zein modutan egin diren esaten digutenak. Eta amaitzeko, -enez forma ere baliatu dezakegu: aditz jokatuari -en menderagailua erantsi, eta ondoren instrumentalaren marka gehituz lortua; balioaren aldetik nahiko irekia, kanpoko moduzko perpausak eratuz ere azal daiteke: Zuk esan duzunez, bihar eguraldi txarra izango dugu.

40.6d Jarraian modua adierazteko molde hauek guztiak aztertuko ditugu. Lehenengo aditz jokatugabeen gainean eraikitakoak emango ditugu, hauek baitira gehiena erabiltzen direnak; ondoren aditz jokatua dutenak; nahiz eta ohartzen garen jokatugabe guztiak ez direla jokatu guztiak baino erabiliagoak.

40.7. -turik eta -tuta

Euskaraz moduzko perpausik arruntenak perpaus jokatugabeak dira; oso arruntak dira bereziki -turik eta -tuta atzizkien bidez osatutako perpaus mendekoak; moduzko gertaera burutuak adierazteko forma ohikoenak dira bi hauek. Baliokide dira esanahiz -turik eta -tuta, eta, forma-desberdintasunaz gain, bien arteko alde bakarra distribuzio dialektalarena da: ez dute bestelako desberdintasun nabarmenik.

40.7.1. -turik

40.7.1a Aditz partizipioari -(r)ik atzizkia gehituz osatzen da molde hau. Modu balioa duten gertaera burutuak adierazteko erabiltzen da; modu garbia edo, sarrerako atalean azaldu dugun bezala, moduzkotasun maila horretatik pixka bat aldentzen direnak adieraz daitezke molde honen bidez: barneko moduzkoak nahiz kanpoko moduzkoak era ditzake. Marka horrek berak sortzen ditu moduzko (nolakotasunezko) adberbioak ere: zenbait izeni edo izenondori -(r)ik atzizkia erantsiz lortzen ditugu moduzko adberbio batzuk (zabalik, hutsik, isilik, bizirik, gaixorik, pozik, zutik…). Funtzio sintaktiko bera dute adberbio hauek eta moduzko perpaus mendekoek: Botila hutsik ikusten dugu (adberbioa); Gure laguna zeharo nekaturik ikusten dugu (moduzko perpausa).

40.7.1b Gatozen, molde honen erabileraren berri emateko, adibide batzuetara: Leher eginik ailegatu ginen Baigurako tontorrera; Nazkaturik nago beti gauza bera aditzeaz; Lagunen portaera ikusirik, bakarrik ibiltzea erabaki zuen; Lekukoak esandakoa entzun ondoren, guztiz harriturik geratu da epailea; Ikusitakoa burutik ezin kendurik etorri zen aireportutik. Adibide guztiz arruntak dira.

Euskal literaturako testu klasikoetan ere ugari ageri dira, ekialdean zein mendebaldean, euskararen eremu osokoa baita -turik moldea: Gizon galilearrak, zer ari zarete hor begiak zerurat altxaturik? (Larregi); Izpiritu mehe, beste mundukoak, gaiaren eta itxuraren bitartekoak han zebiltzan harat-honat, argilarrainez inguraturik (Orixe); Isil, begi-kuku, burua makurrik, arkume salgai antz hor-hemenka daude zenbait jaun andere, goi-minak harturik (Orixe); Lili-gainean erle bat orain hego txabalez jarririk eztigai ona miazten dago haren barne samurretik; inork al daki maita badira berengaiz ezaguturik (E. Arrese). Egia da garai berriagoetan -tuta moldea erabiltzen dela gehienbat Hegoaldean, baina argi utzi behar da Hegoaldeko testu klasikoetan ere aurkituko dugula -turik.

40.7.1c Partizipio mota hau aditz modalen gainean ere eratzen ahal da. Adibidez: nahi, gura eta ezin: Mikel oposizioetara aurkeztu da lanpostua lortu nahirik (nahian); Bide onera itzuli ezinik dabil azken aldi honetan; Txakur bat zegoen kalean, etxera sartu gurarik.

40.7.1d Orain arte eman ditugun adibide gehienak baiezko perpausak ziren. Ezezko perpausetan, ordea, badira debeku batzuk. -turik-en bidez eratzen diren perpausen ezezko formetan, ez da ohikoa ‘ez …-turik’ erako egitura: ?ez eginik, ?ez etorririk… Adibide batzuk hartzen baditugu, argiago ikusiko dugu kontua: Mozorroturik irten zen kalera; Ahizparen jertsea jantzirik azaldu zen bilerara; Arerioekin kezkaturik bizi zen. Perpaus hauek bitxi samarrak gertatzen dira ezezka honela emanda: ??Ez mozorroturik irten zen kalera; ??Ahizparen jertsea ez jantzirik azaldu zen bilerara; ??Arerioekin ez kezkaturik bizi zen. -turik-en bidez eratzen direnen ezezko forma emateko bide arruntena gabe edo barik postposizioetara jotzea da (-tu gabe / -tu barik): Mozorrotu gabe/barik irten zen kalera; Ahizparen jertsea jantzi gabe/barik azaldu zen bilerara; Arerioekin kezkatu gabe/barik bizi zen; Bere lanak amaitu gabe/barik irten zen lantokitik. Nahi aditzarekin, batzuetan ezeztapenari eransten zaio -ik marka: Haurra etxera joan nahi ezik dago. Horien alboan, esanahiz apur bat desberdinak, ezin daramaten formak ere erabil daitezke moduzkoetan ezeztapena adierazteko (-tu ezinik; ezin …-turik): Ikusmena galtzen ari da, eta laster irakurri ezinik geldituko da; Ezin sosegaturik dabil alaba aspaldi honetan. 40.10 atalean (-tu + postposizioa) ikusiko ditugu aukerok xehetasun handiagoz.

40.7.2. -tuta

40.7.2a Aditz partizipioari jatorrian emendiozko juntagailua zen -ta gehituz osatzen da molde hau. Modu-balioa duten gertaera burutuak adierazteko erabiltzen, eta, aurreko atalean esan dugun bezala, -turiken baliokidea da esanahiz: distribuzio dialektalak baino ez ditu bereizten. Lekukotasun idatziei erreparaturik, eta esparru geografikoari gagozkiola, esan daiteke -tuta moldea Hegoaldeko tradiziokoa dela, ez dela Iparraldeko testuetan ageri. Ez du esan nahi, ordea, Hegoaldean -tuta bakarrik erabiltzen denik. Esan berri dugun bezala, -turik moldea duten perpausak historikoki orokorrak dira, euskararen esparru guztietakoak, nahiz gerora, garai berriagoetan, -tuta nagusitu zaion mendebaldean.

40.7.2b Hona -tuta moldearen adibide batzuk, asmatuak eta literatura tradiziokoak: Lan asko eginda iritsi da lanpostu horretara; Leher eginda gaude ibilaldi luzea egin ondoren; Buruan ongi jarrita darama txapela aitonak; Lagunaren portaerarekin etsita, kasurik ez egitea erabaki genuen; Lokatzean finkatzen dugu oinarria, eta bere gainean eraikitzen dugun guztia berehala erortzen zaigu hauts bihurtuta (Mitxelena); Baina jaramonik egin barik, pozik eta barreka joan ziren euren kobetara, zorroa lepoan hartuta (Bitaño); Oin bateko oinetakoak kendu, galtza izterreraino ekarri eta zango zuria zintzilik utzi zuen uretan sartuta (Anabitarte); Eta hura ere joan zen sermoira, talo bat golkoan hartuta (Anduaga). Hegoaldeko tradizioan oso ohikoak dira molde honi jarraitzen dioten adibideak, eta barneko nahiz kanpoko moduzkoak adierazteko erabil daitezke.

40.7.2c Nola ematen dira -tuta moldea duten perpausak forma ezezkoan? -turik moldea ezezkoan emateko modu berean adierazten da ezezkotasuna -tuta moldearen kasuan ere. Modurik arruntena, -tu gabe moldea erabiltzea da (bizkaieraz, -tu barik): Telebista ikusi gabe/barik ere ondo bizi daiteke; Gehiegi nekatu gabe egin daiteke ibilaldi hori; Ez daki ingurukoak gogaitarazi gabe ibiltzen. [-tu + postposizio] egiturei buruzko atalean, ezezkoei eskainitako azpiatalean aztertzen dira ezezko forma hauek (§ 40.10g).

Bestalde, ez da beharbada molderik erabiliena, baina ez partikula ezezkoa txerta daiteke moldearen bi zatien bitartean ere: -tu + ez + -ta → -tu ezta. Hegoaldeko zenbait lekutan arruntak dira era honetako egiturak, nahi eta gura aditz modalen ondoren: Hori etxetik atera nahi ezta dago.

40.7.2d Badira, -ko atzizkia erantsirik, -tuta oinarritzat hartzen duten molde batzuk ere; modu-adiera duten izen edo postposizio batzuekin agertu ohi da oinarri hau (-tutako eran, -tutako moduan, -tutako legez), eta adieraren aldetik moduzkotzat jo behar dira, nahiz osaerari dagokionez beste jatorri bat duten. Hona zenbait adibide: Esandako moduan dena egiten baduzu, arratsaldeko zazpietan aurkituko duzu semea zuhaitz handiaren ondoan (Oskillaso); Ofizialenak izena ere ematen diote eta Eskualtzale-Biltzarrak argitaratutako eran ipintzen dugu (Orixe); Aldaparen goenera heldu ziren eta han zegoen lautada ezagunean gero ta agudoago zihoazen, lehenago esandako eran (Erkiaga).

Formaz desberdina izan arren, balio bera du partizipio-oinarria duten postposiziozko moldeetan bilduko dugun beste honek ere: -tu bezala: Agindu bezala egin genuen lana; Lehenago aitortu bezala, gero eta agudoago zihoazen.

Hauek guztiak (-tu bezala, -tu moduan, -tu legez, -tu eran…) aditz laguntzailearen elipsiaren ondorioz laburtutako perpaus jokatuak ditugu, azken finean, eta 40.14 eta 40.15 ataletan ematen da molde hauen guztien berri zehatzagoa.

40.7.2e Nahi izan aditzaren gainean emanda, nahita forma lexikalizatua osatzen du -ta atzizkiak: Nahita egin zuela konturatu ginen geroago. Esan bezala, lexikalizatutako adberbioa da nahita, eta ezin du aurretik beste aditz bat hartu. Okerrak dira, adibidez, honako hauek: *Gure elkartean sartu nahita dabil aspaldion; *Lana laster bukatu nahita ibili da igeltseroa, eta gero komeriak! Forma horren ordez, nahirik edo nahian erabiltzen da: Gure elkartean sartu nahirik/nahian dabil aspaldion; Lana laster bukatu nahirik/nahian ibili da igeltseroa, eta gero komeriak!

40.8. -tua(k)

40.8a Partizipioari artikulua —eta, dagokionean, pluraleko marka— erantsiz osatzen da molde hau, eta batzuetan moduzko balioa adieraz dezake. Erabilera eta ingurune sintaktikoari dagokionez badu parekotasuna aurretik eman ditugun -tuta eta -turik moldeekin, baina badira desberdintasunak ere. Partizipioa artikuluarekin ematean adjektibo funtzioan jartzen da, eta horren ondorioz, predikazioari loturik agertzen dira horrelako egiturak, bai predikatu nagusi modura (Nekatua nago), bai bigarren mailako predikatu gisa (Aldatua itzuli da Ameriketatik); aurrekari bat izaten dute, eta aurrekari horrekin nahitaezkoa du numero komunztadura: Laguna sendatua ikusi dut; Lagunak sendatuak ikusi ditut. Bestalde, euskararen eremu guztietan ez dira gauzak berdin gertatzen.

40.8b Ekialdean -tua(k) moldea izan/ukan aditzekin ager daiteke: apaindua da; apainduak dira; behartuak dira/dituzte; ahantziak dira/ditugu431. Mendebaldean ez da ohikoa, gaur egun behinik behin, ekialdeko azken joskera hori [partizipioa + -a(k) + izan/ukan]; horien ordez egon/eduki aditzetara jotzen da (apaindua dago; apainduak daude; behartuak daude/dauzkate; ahantziak daude/dauzkagu), baina hauek ere prosa landuan azaltzen dira bereziki; mendebaldean -tuta eta -turik erabiltzen dira nagusiki horrelako egituretan (apainduta/apaindurik daude; ahaztuta/ahazturik dauzkagu). Beraz, aditz horiekin, eta oro har predikazio atributiboa onartzen duten aditzekin (ibili, iruditu, aurkitu, ikusi…) euskarak ondorengo aukerak ditu: ekialdean, ahantziak/ahantzirik zeuden/zebiltzan; mendebaldean, ahaztuta/ahazturik zeuden/zebiltzan. Orokorra, hortaz, -turik moldea dugu; mendebaldean -tuta nagusitu zaio ia erabat; -tuta arrotza da ekialdean; eta gauza bera gertatzen da mendebaldean, prosa landutik kanpo, -tua(k) moldearekin. Horiek horrela, esan beharra dago -tua(k) formaz baliatzen diren halako joskerak ekialdekoak direla soilik, izatez.

40.8c Moduzkotasunaren esparru zabalean, zer motatako balioekin erabiltzen da -tua(k) moldea? Esan bezala, predikazioari lotua azaltzen da: Laguntzarik ez badugu, galduak gara/gaude; Nekatuak aurkitu nituen ikasleak; Atzerriko egonaldiaren ondoren zeharo antzaldatua itzuli zen Mirentxu; Ahantziak ditugu zuk eman zenizkigun aholkuak; Mindua du oraindik belauna izandako erorikoagatik; Askatuak ikusi dizkiot oinetakoaren lokarriak haur horri; Sukaldeko lanak bukatuak utzi eta lotara joan zen Mikel; Bustia iritsi nintzen etxera erauntsiaren ondoren. Era honetako moduzkoak predikatu nagusi nahiz bigarren mailako predikatu izan daitezke, eta elementu predikatiboen ezaugarri eta baldintza guztiak betetzen dituzte; euskalki eta erabilera kontuak alde batera utziz, -tuta eta -turik moldeekin bezalako balioa izaten dute.

Batzuetan tarteki modura edo pausaz bereizita ere azaltzen dira molde honen gainean eraikitakoak, eta orduan ere balio predikatiboa izaten dute. Adibidez, ondorengo adibidean bigarren mailako predikazioa dago: Mutikoak, arbolara igoa, sagarrari heldu zion; hots, kasu horretan, ‘sagarrari horrela (arbolara igorik (zegoela)) heldu’ adierazi nahi izan lezake; subjektuari begirako egoera bat azaltzen da, eta aldi berean, nola heltzen zaion sagarrari. Adibide gehiago: Eta haien otoitzez eta nigarrez hunkitua, eriak ukitzen ditu, benedikatzen ditu, eta gaitz guzietarik sendatzen (Laphitz); Josuk, behingoz ikasgelan adi jarria, irakaslearen argibideak entzun zituen; Herriko txirrindulari taldeak, azken garaipenekin indartua, ibilbide gogorrari aurre egin zion; Zuzendari zaharrak, guztiz nekatua, arazoari heldu behar izan zion. -tua(k) moldea duten era honetako adibideek, beste batzuetan, nolakotasuna edo ezaugarria adierazten dute modua baino gehiago, nolabaiteko atribuzioa: Bere baitharik atheraia, Jainkoa baithan sartua, hainbertze nigar egiten zuen, non begiak eritu baitzitzaizkion (Laphitz); Gazte gaixoak, horrela ikasia, ezin zuen bestela jokatu; Neskatoak, kanpoan jaio eta hazia, ez zuen ohitura haren berri; Gazteek, lan horietan ohitu gabeak, asko sufritu zuten; Untzia ordukotz urpe egina, goiti heldu da, bera eta bere gizon guztiak oso (Laphitz). Nolanahi ere, -tua(k) moldeko perpausa beti absolutiboan joaten da, erreferentzia egiten dion subjektua edo aurrekaria ergatiboa izanda ere. Eta ohartzen bagara, eman ditugun adibide guztietan subjektuari buruzkoak dira mendeko perpausak; baina ez da nahitaezko baldintza sintaktikoa, subjektuetara asimilatzen diren datiboekin ere azal daitezke: Mutikoari, bestela ohitua, ez zitzaion bururatu horrelakorik. Ez dirudi, bada, berezko muga formalik dagoenik, baina bai subjektuena izaten den rol semantiko hori betetzen dutenak direla aurrekari, nahiz morfosintaxiari dagokionez ez izan subjektu.

-tua(k) moldearekin osatutako tarteki hauetaz ari garela, bada nabarmendu beharreko beste ezaugarri bat ere: ezin dute denbora ondokotasunezko baliorik adierazi. -tuta eta -turik moldeen gainean eraikitakoek bai, haiek ematen zuten horretarako aukera. Horrela, Mutikoak, arbolara igorik/igota, sagarrari heldu zion adibidean, -tuta edo -turik moldeekin, bi balio izan ditzake azpimarratutako zatiak: batetik, bigarren mailako predikazioaren balioa; bestetik, denbora- ondokotasunezkoa, aditz laguntzailea isilean uzten denean edo -eta enklitikoa dagoenean bezalatsu: Mutikoak, arbolara igo, eta sagarrari heldu zion / Mutikoak, arbolara igo eta, sagarrari heldu zion. Aldiz, -tua erabiliz, Mutikoak, arbolara igoa, sagarrari heldu zion moldearen adjektibo izaeraren ondorioz, lehenengo balioa bakarrik aurkituko dugu, eta bi gertakariren (‘arbolara igo’ – ‘sagarrari heldu’) denbora ondokotasunaren zentzu narratiboa ezinezkoa gertatzen da. Halakoetan, bada, ez dira sinonimo artikuluduna (-tua) eta bestelako moduzko moldeak (-tuta, -turik): lehena adjektibo sintagma da, eta -tuta/-turik dutenak, berriz, adberbialak. Esanahi alde hori dela eta, artikuluduna da aukera bakarra narratiboki interpreta ez daitezkeen testuinguruetan: Neskatoak, kanpoan jaio eta hazia, ez zuen ohitura haren berri; hor ezinezkoak dira -tuta eta -turik (*Neskatoak, kanpoan jaio eta hazirik/hazita, ez zuen ohitura haren berri). Izan/egon aditzen baten isiltzearekin lot daiteke joskera hori, [‘kanpoan jaio eta hazia (zelarik / baitzen / zen eta)’], eta hura agerian ematea litzateke halako joskerarik ez darabilten hizkeren aukera: kanpoan jaio eta hazi(a) zen eta / zenez.

40.9. -tuz (-tuaz)

40.9a Partizipioari instrumentalaren marka (-z) gehituz lortzen da moduzko perpaus jokatugabe hau. Balio beza orain idatzi berri dugun esaldi honek adibidetzat: Partizipioari instrumentalaren marka (-z) gehituz lortzen da moduzko perpaus jokatugabe hau. Nola lortzen da moduzko perpaus hau? ‘Partizipioari instrumentalaren marka (-z) gehituz’. Nola? galderari erantzuten dio forma horrek: … gehituz. Gauza bera gertatzen da instrumental marka duten hainbat adberbio moduzkorekin ere: nekez, berriz, zinez, oinez, gogoz, berariaz-z instrumentalaren bidez lortzen dute modu adiera: adberbio hauek -z marka izenki bati erantsiz, eta moduzko perpausek perpaus bati (edo perpausaren aditz jokatugabeari) erantsiz: -tuz. Adibidez: Asko irakurriz lortuko duzu jakintza; Lantokian ordu asko sartuz aberastu zen; Ezagunei laguntza eskatuz osatu zuen taldea; Lan eginez dirua egiten dela esan dit amonak; Marmarka ari izanez deus guti erdietsiko dugu; Batzuk irakurriz ilustratzen dira; beste batzuk, aldiz, entzunez; Euskara bera indartzen da euskalkien ekarria aprobetxatuz; Aldeko haizea baliatuz igo dute aldapa txirrindulariek; Ezina ekinez egina.

40.9b Atalburuan -tuz eta -tuaz formak eman ditugu: bien arteko banaketa zeren arabera gertatzen den ez dakigularik, esan behar da forma mugatuan eta mugagabean erabili izan dela molde hau: alde batetik, -tuaz [-tu + -a + -z] eta beste alde batetik, -tuz [-tu + -z]. Beraz, -tuz eta -tuaz formak aurkituko ditugu gure literatura tradizioan; erabilera baliokidean aurkitu ere. Iparraldean ez da -tuaz erabiltzen, eta Hegoaldean biak erabiltzen dira, -tuz eta -tuaz. Literatura tradizioan, -tuaz dago zabalduagoa Hegoaldean, baina gaur egungo erabileran -tuz ari zaio nagusitzen. Ikus ditzagun tradizioko adibide batzuk. -tuz: Hekien artean zegoen, beharriak landaturik, papera eskuan, entzun guztiak izkribatuz (J. P. Arbelbide); Ile-izarra ezagutuko duzu azienden ixter-arteari gibeletik ongi begiratuz (Duvoisin); Eskerrak bihurtu ondoan, barnez egin zuten elizaren ingurua, aldare guzietan otoitz egiten baratuz (Laphitz); Hazitik dator ordea landarea, eta ahizpek bere amaren jokaeraren ikasbide hartuz, lotsagarriro zapuztu zuten (Etxaide); Jaunaren hitzak jauzi egin zuen, haragia hartuz, mundura (Orixe). -tuaz: Eta zein zara zu, galdetu zion Jenobebak zutik jarri, eta zulo hartarantz begiratuaz (G. Arrue); Hala ere, tostak kendu eta lasaiki aztertuaz, zuloa non egin erabaki zuen (Anabitarte); Egunero ordu laurden bat erlojuak atzeratuaz iritsi ziren Cuba izena duen erkalaren parera (J. A. Irazusta); Oina doi doi aldatuaz, eta eskuan zeraman argia ozta eramanaz, bere nagusiaren aurretik nolabait eskailerak igo zituen (G. Arrue).

40.9c -tuz eta -tuaz moldeen alboan, -tzez forma ere badugu, aditz izenaren gainean eraikia, eta beste balio batzuen artean modua ere adieraz dezakeena. Esan daiteke -tzez forma duten adibide klasikoak gehienbat ekialdeko egileen izkribuetan ageri direla (bereziki zubererazkoetan), eta ez direla oso arruntak: Luzatzez geroti gerora egitekoak, ardiesten du nehor herioak (Oihenart).

40.9d -tuz/-tuaz moldea erabiliz eraikitako moduzko perpausak ez dira beti -turik eta -tuta moldekoen baliokide izaten. Begira ditzagun adibide hauek: Babarrunak janda etorri naiz lanera; Babarrunak janez etorri naiz lanera. Lehenengoan modu-balioa duen gertaera burutu bat ematen zaigu: nola etorri den adierazten du, baina ‘nola’ hori, kasu honetan, dagoeneko burututa dagoen ekintza baten bidez adierazten da; bigarrenean, -tuz moldea erabiliz, ez da gertaera burutua adierazten: une horretan gertatzen ari den ekintza bat ematen zaigu, eta ekintza horren bidez deskribatzen dugu modua. Desberdintasun hori erakusten duten bikoteak sortzea ez da zaila, bereziki perpaus nagusiko aditzak mugimendua edo aldaketa adierazten duenean: Eusko Gudariak abestuta/abestuz etxeratu ziren; Negar eginda/eginez sartu zen; Elkarren artean gogor eztabaidatuta/eztabaidatuz inguratu zitzaizkigun. Are gehiago, -tuz moldearen bidez batzuetan ezinezko gertatzen da ‘moduzko egoerak’ adieraztea: Harriturik/*harrituz nago; Lo gutxi eginda/*eginez etorri naiz; Ikusleak asperturik/*aspertuz daude; Buruan ongi jarrita/*jarriz darama txapela aitonak. Iduri du -tuz moldea erabiliz bereziki aditzari begirako moduzko perpaus adjuntuak osatzen direla; perpaus nagusiko aditzak adierazten duen ekintza zer prozesuren bidez edo zer eratara gauzatzen den adierazten dutenak.

Begira diezaiogun ondorengo adibideari ere: Orain langintza biak utzirik bere jaiotetxean, Jauregin, kondaira zaharra eta euskara aztertuaz bizi dana (Labaien). Lehenengo mendeko perpausak, -turik moldea daramanak, adiera burutua du, eta egoera bat azalduz neurri batean modua ere adieraz dezake (‘langintza biak utzirik bizi da’); bigarrenak ere, -tuaz moldekoak, modua adierazten du, baina ia ez da modu-balioko gertaera burutu bat, edo egoera bat, baizik bizitze-ekintza une horretan nola ari den gauzatzen edo gertatzen (‘kondaira zaharra eta euskara aztertuaz bizi’)432.

Beste testuinguru eta adibide batzuetan, ordea, bi moldeak nahiko pareko gerta daitezke: Saiatuta/saiatuz lortzen dira emaitza onak. Beharbada -tuta erabiliz ‘saiatu ondoren’ adiera gehiago bideratuko da, eta -tuz erabiliz ‘saiatze ekintzaren jarduera’ azpimarratu nahiko da, baina testuinguru gehienetan biak antzeko gertatuko zaizkigu. Berdin ondorengo bikoteekin ere: Iruzur eginda/eginez lortu dute arrakasta; Etxean gelditurik/geldituta/geldituz ez duzu lanik aurkituko. Ez dugu ahaztu behar -turik eta -tuta moldeak gai direla aditzari begirako moduzko perpausak osatzeko ere: Hitz eginda/hitz eginez konpontzen dira arazoak; Lagun guztiak behartuta/beharturik/behartuz osatu genuen zerrenda; Bi aldeak mahai batean eserarazita/eserarazirik/eserarazirik lortu genuen greba deialdia bertan behera uztea. Antzera gertatzen da aditzarekin lotura txikiagoa duten hauetan ere: Hitz horiek esanik/esanda/esanez, bileratik irten zen; Esku artean zituen lanak alde batera utzirik/utzita/utziz, anaiari laguntzera joan zen; adibide hauetan kanpoko moduzkoak ditugu.

40.9e -tuz eta -tuaz moldeen balioaz ari garelarik, ezin da aipatu gabe utzi gaur egungo zenbait testutan azaltzen den erabilera bat: ??Leihotik erori zen, hanka hautsiz. Zertan urruntzen da hau orain arte eman ditugun adibideetatik? Mendeko perpausean adierazten dena (‘hanka haustea’), perpaus nagusiko ekintzaren (‘leihotik erori’) ondorioa da; leihotik erori ondoren gertatu zena. Ez die orain arte eman ditugun moduzkoen moldeei jarraitzen (aditzak adierazten duena nola betetzen den adieraztea; eta abar), eta tradizioan ongi finkatu gabea da. Sasi-menderatu ere deitu izan zaie, eta juntaduraren bidez ematekoak diren bi proposizio menderatu-forman ematen dira. Hona badaezpadako erabilera honen adibide gehiago: ??Gauari amaiera emateko gitarraren laguntzaz abesti batzuk kantatu ditugu, era honetan amaiera emanez egunari; ??Galdera errazetan huts egin du, harridura sortuz lehiakideengan. Esan bezala, era honetako egituretan tradizioan juntadura egituretara jo izan da nagusiki. Lehenengo adibidea hartuz: Leihotik erori zen, eta hanka hautsi zuen. Edo aditz laguntzailearen elipsiarekin: Leihotik erori zen, eta hanka hautsi; Leihotik erori eta hanka hautsi zuen. Beste bi adibideetan ere egokiago jotzen dira juntaduradun egiturak. Adibidez: […] eta era honetan gauari amaiera eman diogu; Galdera errazetan huts egin du, eta harridura sortu lehiakideengan.

40.9f Oker bat zuzentzen: -tuz ≠ -tzen. Gaur egun maiz aski ez dira behar bezala bereizten -tuz formadun moldeen eta -tzen formadunen eremuak; nahastu egiten dira, eta batzuetan bigarrena lehenaren ordez erabili. Aditz nagusiari egiten zaion galderaren erantzunak bereizten ditu bata eta bestea. Nola? galderari erantzunez gero, -tuz formadunak izango genituzke; eta zertan? galderari erantzunez gero, berriz, -tzen formadunak.

Eman dezagun adibide bat: Irakurriz ikasi dute haurrek; Irakurtzen ikasi dute haurrek. Bi perpausak dira zuzenak, eta ematen du bi adibide hauetan bataren zein bestearen eremuak ongi mugatuta daudela. Lehenbiziko adibidean, ‘nola ikasi duten’ da kontua, hau da, ikasteko moduaz ari gara, eta beste zerbait ikasi dute, ez irakurtzen. Bigarren adibidean, berriz, haurrek ikasi dutenaz ari gara, ‘zer egiten ikasi duten’ edo ‘zertan ikasi duten’ da kontua; eta kasu honetan, irakurtzen ikasi dute. Hau litzateke lehenbiziko perpausa osatzeko modu bat: Irakurriz ikasi dute haurrek ingelesezko testuak interpretatzen. Bigarrena osatzeko aukera posible bat: Asko ahaleginduz eta gurasoen laguntzari esker azkenean irakurtzen ikasi dute haurrek.

Kontua da batzuetan nolakotasuna adierazteko -tzen formadun moldeak erabiltzen direla, oker erabili ere, -tuz/-tuaz formadunak erabili beharrean. Moduzkoak dira -tuz atzizkia dutenak, eta osagarri argumentalak, berriz, -tzen dutenak. Ondorengo adibideetan, bikoteko bigarren formak okerrak dira, modua baita perpausek eskatzen dutena, ez osagarria: Ongi elikatuz/*elikatzen segurtatzen da osasuna; Hitz eginez/*hitz egiten konpontzen dira arazoak; Arituz/*aritzen ikasi dut pianoa jotzen.

40.9g Oinarrian -tuz/-tuaz formak hartuta, badira zenbait esapide eta molde era batera edo bestera modua adieraz dezaketenak, bakoitzak bere ñabardura eta ezaugarriekin. Haien arteko batzuk azalduko ditugu.

40.9h Errepikapenak (esanaren esanaz, ikasiaren ikasiaz…). Aipatutako esapideak bezalakoak ugariak dira euskaraz (entzunaren entzunaz, eginaren eginaz…). Ohart gaitezen bigarren osagaian -a artikulua azaltzen dela. Nolakotasunaz gainera, gertaera behin eta berriz errepikatzen dela adierazten dute: Esanaren esanaz, azkenean, berritu du nortasun-agiria; Ikasiaren ikasiaz atera du medikuntza karrera Asierrek. Aurreko adibide hauetan argi eta garbi geratzen da behin eta berriz esanez gero edo etengabe ikasten egon ondoren nahi dena lortzen dela: dela nortasun-agiria berritzea, dela medikuntza karrera ateratzea. ‘Zerbaiten bidez’ edo ‘zerbaiten poderioz’ (ikustearen poderioz) lortzen da perpaus nagusiko aditzak dioena gauzatzea. Adibide horien parekoak ere badira testu klasikoetan. Hona hemen batzuk: Maiz gertatu ohi da, izan ere, honelako liburuetan, […], idazlea esanaren esanaz asperturik bezala mintzatzen zaigula, besteren ahotik entzuna hotz-hotzean birresaten, […] (Mitxelena); […] aren egon-ezina geldi-erazi ikasiaren ikasiaz ta irakatsiaren irakatsiaz (Zaitegi).

40.9i -tuaz batera. Berez -tuaz moldean oinarritzen da, baina moduzkoak baino gehiago denborazkoak direla esan behar da, denbora-kutsua nagusitzen zaiola moduzkoari: horregatik aztertu ditugu denborazkoen atalean. Adibide gutxi batzuk baizik ez ditugu jasoko hemen: […] nasa gainean zutik, ondo jantziriko bost gizon egozan, alkarregaz autuan, eguzki epela hartuaz batera (Agirre); Honeek iruteko behar dira goruburuan apaindu, eta ardatzean batu haria eginaz batera (Mogel).

40.9j -tuz joan / -tzen joan perifrasiak. Moduzko perpausak baino gehiago aditz perifrasiak dira: molde honetan joan aditzak ez du adierazten puntu batetik besterako mugimendu fisikoa; hemen aspektu balioa adierazten da, eta partizipioko aditzak adierazten duen ekintzaren jarraikia eta ekintzaren mailako gehitzea azpimarratzen du egitura honek. Ikus ditzagun tradizioko adibide batzuk: Megalitos edo urraida-aldian hasi eta keltatarren azken- bultzaraino langai eta beste tresnak geldiro-geldiro aldatuaz zihoazen (J. M. Barandiaran); Orain beinolako giro hura aldatuaz doa (Villasante); […] landatu duzun amodioa, ta jaiera, gehituaz, handituaz, ta sutuaz joango da (Larramendi); Honela zuzenduaz joango da bekataria bere bizieran, ta aurreratuaz onak birtutearen bide ederrean (Agirre Asteasukoa). -tuz joan moldeak askoz tradizio sendoagoa du; -tzen joan aukera azken urteetan ari da zabaltzen Hegoaldean.

40.9k -tuz … -tuz errepikak. Halako errepikek, oro har, gertaera behin eta berriz errepikatzen dela adierazten dute: Ekinez-ekinez lortu du lasterkariak txapelketa irabaztea; Saiatuz-saiatuz lortzen dira garaipenak. Partizipioak soilik azaltzen dira errepikaturik, beste inolako perpaus-elementurik gabe, eta marka bera hartzen dute egiturako bi zatiek.

40.10. -tu + postposizioa

40.10a Partizipio burutuaren ondoren postposizio askeak joan daitezke (gabe, orde, arau, bezala, ahala eta abar), eta sarritan postposizio horiek beste postposizio itsatsi bati (-n, -rik…) loturik joaten dira. Era horretara molde eta forma asko lor daitezke, eta balioak ere askotarikoak izan daitezke; aukera handia eskaintzen digu hizkuntzak. Horien arteko batzuk, postposizioaren beraren esanahiagatik, zeharka edo zuzenago, modua adierazteko ere erabil daitezke. Adibidez, -tu arau denborazkoen atalean aztertu dugu (§ 36.6), eta -tu bezala konparaziozkoenean (§ 32.4); baina modua adierazteko ere balia ditzakegu: Zuk esan bezala egin ditut lanak; Sartu arau agurtzen zituen. Ataltxo honetan, partizipioa oinarri hartuz era batera edo bestera moduari eta nolakotasunari erreferentzia egiten dioten postposizio eta molde nagusiak aurkeztuko ditugu. Hona ikuspegi orokorra:

Luzatzen eta errepikatzen diren egoerak: -tu ahala, -tu arau40.10b).

Postposizio modalak: -tu beharrean40.10d); -tu nahirik, -tu gurarik40.10e); -tu ezinda, -tu ezinik, -tu ezinean40.10f).

Ezezkoak: -tu gabe, -tu barik; -tu ezta40.10g).

Konparaziozkoak: -tu bezala, -tu legez40.10h).

-tu aginean40.10i).

-tu orde, -tu ordean, -tu ordez40.10j).

40.10b Luzatzen eta errepikatzen diren egoerak: -tu ahala, -tu arau. [-tu + ahala, ahalean] moldea -en neurrian moldearen parekoa da askotan, baina bigarren balio bat ere badu. Lehen balioan, luzatzen edo errepikatzen den egoera azaltzen du, eta gertaera bat garatuz doan neurrian beste bat garatzen ari dela adierazten du: Bete ahala husten zuen basozainak edalontzia; Ezkondu ahala, baserria utzi behar izaten genuen anai-arreba gehienok. Bigarren adiera kantitateari lotua du, ezin gehiagoko neurria adierazten du, muga baterainoko neurria, eta galdegai izateko joera erakusten dute halakoek: Bota ahala ari du euria; Edan ahalean ari zen gure laguna tabernan.

-tu arau moldea ere pareko gertatzen da, baina lehenengo adiera bakarrik du, luzatze edo errepikapenezko esan diogunarena: Sartu arau hiltzen zituen; Maitasunezko lokarri berak Jainkoari lotzen dizkion jende gehiago irudikatu arau, maitatzenago dugu Jainkoa.

40.10c Aditz partizipioa + postposizio modalak. Forma ugari aurki daitezke sail honetakoen artean.

40.10d -tu beharrean moldeak hiru erabilera izan ditzake. Lehenik, aditzak dioena gertatzeko zorian dagoela adieraz dezake: Ito beharrean iritsi ziren txirrindulariak helmugara. Instrumentalaren marka duela ere ager dakiguke erabilera honetan, Hegoaldeko nahiz Iparraldeko testuetan (-tu beharrez). -tu aginean eta -tzeko zorian dira molde honen baliokide bi, eta guztiak ere patu txarra adierazten duten aditzekin erabiltzen dira. Bigarren, beharrezkotasuna ere adieraz dezake [-tu beharrean + egon]: Zurekin hitz egin beharrean gaude ahalik eta lasterren. Azkenik, -tu ordez moldearen baliokide ere izan daiteke: Barkamena eskatu beharrean, hartzekoekin etorri zitzaidan (‘barkamena eskatu ordez…’).

40.10e -tu nahirik (nahian, nahizik), -tu gurarik (guran): Molde honen bidez, mendeko aditzak adierazten duen gertaera egiteko asmoa edo nahia agertzen da. Adibideak ugari aurki ditzakegu tradizioan, dela partitiboan, dela inesiboan; baliokideak direla esan daiteke, atzizkiak desberdinak izanik ere: Etxea erosi nahirik/nahian/nahizik etorri zaizkigu maizterrak. Maiztasunari begiraturik, -tu nahirik eta -tu nahian dira nagusi OEHko testuetan. Hona adibide batzuk, oinarri modura nahi izan aditza hartuz: Borreroa han dabil, burnia nere lepoan sartu nahirik (Etxaniz); […] laster erantzun zion bere okerra zuzendu nahian (San Martin); Nola ez nekiela, hega egin nuen bere oinetara, muin egin nahian (Urruzuno); Pontu haur konsideraturik, eta huni erremedio eman nahirik, erraiten zuen San Gregoriok (Axular); Hemen eta gero zori gaiztoko kaltearrak dira mundu eroaren esanak egin nahizik Jangoikoaren esana uzten dutenak (Mendiburu); Gero, bere lanerat itzultzen da xixtuetan, bazkaria tenoreko nahizik moldatu (Barbier).

Mendebaldeko erabileran, -tu gurarik, -tu guran (gurian) moldeak agertzen dira: […] adardun demoniño gorri bat ikusi eban konbentuko ate ondoan, barrura sartu gurarik (F. Bilbao); Jo ta su dabiltz katolikuen ixena kendu gurian (K. Enbeita). Adieraren aldetik, inoiz -tu beharrez ere aurkitzen dugu asmoa edo nahia adierazteko: Etzabilzala fama handi bat ardietsi beharrez hanitz adiskide egin nahiz, edo handien estimua merezitu beharrez (Xurio).

40.10f -tu ezinda, -tu ezinik, -tu ezinean. Oinarri modura ezin dutelarik, egoera baten aurrean zerbait egiteko ezintasuna adierazten dute. Literatura tradizioan, -tu ezinda eta -tu ezinik maizago ageri dira -tu ezinean baino. Hona zenbait adibide:

[-tu ezinda]: Egoera zaila dugu: aspaldion gabiltza burua goratu ezinda; […] bere lekuan kabitu ezinda zebilen amorratua (Uztapide).

[-tu ezinik]: Aurten eguneroko otorduekin asmatu ezinik gabiltza. Ezin …-turik moldean ere ager daiteke: Gogortu eta ezin ibilirik aurkituko gara (Larramendi). Baita, Iparraldean, ezin …-tuz moldean ere: Haren minez orai nago ezin hilez bizirik (Etxepare).

[-tu ezinean]: Neure laburpena eskainiko dizuet, bada, besterenik eman ezinean (Mitxelena).

40.10g Ezezkoak: -tu gabe, -tu barik, -tu gabetan; -tu ezta; -tu ezik. [-tu gabe, barik] moldea —bere aldaera ugariekin—oso emankorra da euskaraz. Moduzko perpaus jokatugabeetan mendeko aditzaren ezezko forma markatzeko molde nagusia da, nahiz bakarra ez izan: geroago aztertuko dugun -tu ezta dugu horren lekuko; bai eta -tzeke esparru mugatuagokoa, edo, neurri batean, modalitatea eta ezetza adierazten dituen ezin-en gainean eraikiak ere. Beraz, lehen esan dugun bezala, -turik eta -tuta moldeen ezezko formak -tu gabe eta -tu barik-en bidez ematen ditugu nagusiki: Zuk esanik/esanda joan nintzen kontzertura; Zuk esan gabe/barik joan nintzen kontzertura.

Forma nagusiak -tu gabe eta -tu barik dira, baina badira aldaera ugari, jatorrizko formaren eta hark hartzen duen atzizkiaren arabera: -tu baga, -tu ba; -tu bage, -tu be; -tu gaberik, -tu bagarik; -tu gabetan, -tu gabetanik, -tu bagetan, -tu bagetanik… Edonola ere, aldaerak aldaera, euskara baturako onartuak dauden bakarrak gabe, gabetanik, gaberik eta barik formak dira. Azken forma hau, barik, mendebaldeko tradiziokoa da, eta bi adiera desberdin izan ditzake: batetik, ezezko moduzkoena, gabe-ren parekoa (Orraztu barik joan zen Andoni lanera); beste erabilera -tu ordez moldearen baliokidea da, -tu beharrean moldearen hirugarren balioaren parekoa: gauza bat gertatu ordez, beste gauza bat edo, batzuetan, haren kontrakoa gertatzen edo egiten dela adierazteko erabiltzen da (Mendira joan barik, etxean geratu ziren; Barkamena eskatu barik, hartzekoekin etorri zen); nolanahi ere, gehienetan elementu bakarren ondoren agertzen da (Jon barik, Nerea hautatu zuten lehendakari). -tu gabetan (bagetan, gabetanik, bagetanik, gabean) moldea, berriz, orokorra da, Hegoaldeko zein Iparraldeko testuetan ageri baita. Eman ditzagun zenbait adibide, orain arteko forma hauen erakusgarri modura:

[-tu gabe (baga, bage…)]: Bukatu gabe utzi zuen bazkaria; Jaungoikoari guretzat gehien opa duguna eskaini behar zaio, eta gerorako utzi gabe, bihar edo etzirako luzatu gabe (Agirre); Gure gogoa ezin egon daiteke zertan edo hartan pentsatu baga (Añibarro); Bakean, soseguan eta haserretu bage egoteko ez da bide gaiztoa […] (Añibarro).

[-tu barik (gaberik, bagarik…)]: Itandu eban besteak, ondo iratzartu barik (Agirre); […] ez da deus lortzen saiatu gaberik (Mitxelena); Mariak dauka ardura handia, bere zerbitzariak hil ez daitezen Elizako Sakramentu santuak hartu bagarik (Uriarte).

[-tu gabetan (gabetanik…)]: Ez nadin izan uste gabetan harrapatua (Jauretxe); Goizetik arratsera ari dira lanean gelditu gabetanik (A. P. Iturriaga).

-tu ezta moldea ere erabil daiteke moduzko perpaus jokatugabeak egiteko. -tu gabe eta -tu barik dira euskaraz gehien erabiltzen diren formak, esan bezala, baina Hegoaldeko zenbait lekutan -tu ezta ere erabiltzen da, bereziki aditz modalekin: gura izan eta nahi izan-i erantsita azaltzen da askotan. Hona adibide batzuk: Hori etxetik atera nahi ezta dago (ez du etxetik atera nahi); Ezer jakin nahi ezta, alde egin nuen etxetik. Lekukotasun idatziei dagokienez, ez dugu adibide asko aurkitu OEHn433; aurkitu ditugunak, aditz modaletan oinarrituak dira: Eta erle pitin langileak, lantegi bila edo lore gozoen kolkoan sartuta, bakardadean, isilik eta arlotsu, beren arazoari ezergatik utzi nahi ezta (Agirre); Etsaitasunean edo gorrotoan egon zirenak hainbeste ur eta ogiko barau, zenbat egun egon ziren tratatu nahi ezta? (Mogel).

Antzerako egoera du -tu ezik moldeak ere: Etxera joan nahi ezik dago haurra; Hegoaldeko zenbait lekutan erabiltzen da, eta aditz gutxi batzuekin bakarrik da emankorra (bereziki nahi izan aditz modalarekin).

40.10h Konparaziozkoak: -tu bezala eta -tu legez. Konparaziozko mendeko perpausen atalean, parekotasunezko konparazio perpausak aipatu ditugu (§ 32.4), eta hauen artean bezala eta legez morfemekin egindakoak (§ 32.4.1): Utzi genuen bezala dago etxea; Aurreikusi genuen bezala joan da eguna; Lagun hurkoa geure burua lez maitatu behar dugu; Ikasi zenuen legez irakatsiko diezu besteei. Horrelakoetan, gogora dezagun, perpaus txertatuak eta bezala edo legez-ek adberbio sintagma osatzen dute. Moduzko adberbioak dira bezala eta legez, eta molde honetako konparazio perpausek, parekotasuna adieraztearekin batera, era batean edo bestean modua ere agertzen dute. Atal horretan esaten da, bestalde, bezala/legez morfemen ezkerrean erreferentziazko terminoa biltzen duen mendeko perpausa joan ohi dela, ‘aditz eta guztizkoa batzuetan, eta aditza isilpean duen perpaus laburra beste batzuetan’; errepikatuak diren elementuak isilpean uzteko aukera baitago konparazio perpausetan. Horrela, goiko adibideak eman daitezke aditz laguntzailerik gabe ere: Utzi (genuen) bezala dago etxea; Aurreikusi (genuen) bezala joan da eguna; Nik irakatsi (nizun) legez egingo duzu. Eta horren ondorioz, [aditz partizipioa + bezala] motako adibideak sortzen dira; baina berez konparazio perpaus jokatuak ditugu (-en bezala), eta aditz laguntzailearen elipsiaren ondoren hartu dute itxura hori (-tu bezala)434. Hemen adibide batzuk emango ditugu, baina egitura mota honen xehetasun gehiago konparazio perpausen atalean eskaintzen da: Sartu bezala irten zen, isilik eta burumakur; Ez gara nahi bezala bizi; Ez zitzaizkion gauzak uste bezala egokitu (Berrondo); Ordenatu bezala konplitu zuen (Axular); Nik erran bezala egiten baduzu, berant-orduak etzaitu atzemanen (Duvoisin).

Mendebaldeko testuetako legez-ekin gauzak apur bat korapilatsuagoak dira. Perpaus murritzak egin daitezke: Bustia da abereentzat, guretzat legez, areriorik handiena (Uriarte); Uste dut […] hari legez lagunduko deustazula heriotzako ordu larrian (Barrensoro). Baina -tu legez moldeko perpausak —aditz laguntzailea isilpean dutenak— aurkitzea zail egiten da; gehienera ere aditz modalekin agertzen dira horrelakoak tradizioan, eta autore jakin batzuenak dira: Urdailetik bete ezik behar lez hestea […] (K. Enbeita); Eta zer esan, gura legez urtean bizi, eta pazkoaz baino konfesatzen ez direnen gainean? (Mogel). Eta horietan ere, badirudi hiztunek nahiago dituztela aditz laguntzailedun adibideak (behar den legez; gura duten legez).

40.10i -tu aginean (aginik). Molde honen bidez mendeko perpausak adierazitakoa gertatzeko unean dagoela adierazten da, eta, batez ere, arrisku edo egoera larria iradokitzen du egitura osoak; patu txarra adierazten duten aditzekin erabili ohi da: hil, hondatu, ito, jausi, galdu… gisako aditzekin, alegia. Adierari dagokionez, -tzeko zorian eta -tu beharrean moldeen baliokidea dela esan daiteke. Izan ere, agin eta zori adieran baliokideak direla esan genezake.

Mendebaldeko erabilerakoa bakarrik da, testu klasikoetan eta berriagoetan ere aurkitu dezakeguna. Bi forma ditugu: bata, inesiboko marka hartzen duena (-tu aginean) eta bestea partitibokoa hartzen duena (-tu aginik). Testu klasikoei erreparaturik, esan daiteke lehenak bigarrenak baino ugariagoak direla. Hona hemen zenbait adibide: Putzura jausi eta ito aginean egon zen gure semea; Erregutu egiozu biotz biotzerik Yaungoikoari, iya betiko galdu aginean, edo orretarako bidean dagozanak gaiti (Añibarro); Laguna jausi aginik ikusi zenuenean, zuhaitzean gora egin zenuen hura salbatu nahian.

40.10j -tu orde (ordean, ordez). Molde honen bidez, bi gertaera parez pare izanik bata egin beharrean bestea egiten dela adierazten da. -tu beharrean moldearen hirugarren balioaren kidea dugu hau (Barkamena eskatu beharrean, hartzekoekin etorri zen); bai eta mendebaldeko -tu barik moldearen bigarren erabilerarena ere (Barkamena eskatu barik, hartzekoekin etorri zen). Orde azal daiteke bere horretan, inolako postposizio itsatsirik gabe, edo inesiboa nahiz instrumentala erantsita: Barkamena eskatu orde/ordean/ordez, hartzekoekin etorri zen.

Hegoaldeko erabileran balio honetan tradizio sendoena duen moldea -tu beharrean da, eta Iparraldean orde postposizioa duten moldeak ditugu nagusi: -tu orde eta -tzeko orde. Postposizioa ordean forman ere erabil daiteke, -tu partizipioaren ostean Hegoaldean eta -tzeko formaren ondoren Iparraldean. Bil ditzagun adibide batzuk: Plazara joan orde, doa dantzara eta ostatura (J. P. Arbelbide); Bide hau hartu ordean batzuk ibili ohi dira herriz herri (Agirre Asteasukoa); Laidostatua izateko orde izanen dela goraltxatua (Laphitz); Berak ere, airean ibiltzeko ordean, umeak bezala herrestan zabiltzak (J. B. Elizanburu).

Forma nagusi horiez gain, -tu ordez aldaera ere zabaldu da gerora Hegoaldean, -tzeko ordez Iparraldean bezala. Adibide batzuk: Hark niri eman ordez, nik hari jaten eman behar (Orixe); Gazteari, maitatzen erakusteko ordez, gorrotatzen erakutsi ohi zaio (M. Atxaga); Damu zuen sekula eskolan ezarri izan zuelakotz, berarekin gordetzeko ordez, bera egoteko ordez haren irakasle bakarra (Mirande).

40.11. Aditz izena oinarri dutenak

40.11a Orain arte aztertu ditugun molde guztiek partizipioa zuten oinarrian, batzuetan postposizio itsatsi bat gehituz (-ta, -rik, -z), beste batzuetan postposizio aske bat gehituz (-tu ahala, -tu arau, -tu ezinda, -tu gabe…). Halakoak dira moduzko perpaus jokatugabeetan ohikoenak, zalantzarik gabe. Badira, ordea, aditz izena oinarritzat hartzen duten moldeak ere: -tzeke/-tzaka; -tzeko moduan/eran/gisan/maneran; -tzeko zorian; -tzearekin/-tzeagaz; -tzekotan.

40.11b -tzeke (-tzaka, -tzeka). Ezezko forma nagusitzat -tu gabe eta -tu barik postposiziodun formak jaso ditugu partizipioan oinarritutako egituren barnean. Hegoaldeko zenbait esparru geografikotan, badugu -tzeke molde ezezkoa ere, haren baliokide dena: Hau amaitzeke dago; Lanak egiteke zenituen gaur goizean ikusi zaitudanean. Hegoaldean, mendebaldeko euskaran eta mendebaldera jotzen duen erdialdeko euskaran erabiltzen da, ahozko nahiz idatzizko tradizioan. Forma nagusia -tzeke da, eta hori da hizkuntza estandarrean gehien erabiltzen dena, baina baditu bestelako aldaerak ere: ugariak dira tradizioan molde hau -tzaka edo -tzeka formetan agertzen den adibideak. Gatozen literatur tradizioko adibide batzuk jasotzera:

[-tzeke]: Sakela ez hustutzeagatik-edo, hor zaudek lehortea baino elkorrago porru-landare bat bera ere beren bizitzan emateke (Etxaniz); Eta, dena dela, ekarri lehenbailehen, armek duten pisua eta nekea ezin eraman baitaitezke sabela gobernatzeke (Berrondo); Lortu al daiteke edozein gogo-gauza bakartasunaz maiz elikatzeke (Txillardegi).

[-tzaka]: Honetan nagitxo zebiltzala ikusirik, aingeruek Lot, honen emazte, eta bi alabak eskutik oartzaka hartu, eta hiriaz kanpora atera zituzten (Lardizabal); Wolfio gau guzti hartan geratzaka jardun, eta egunsentirako prest zegoen (G. Arrue).

[-tzeka]: Guztiak ziran edataile amorratuak eta egunik galtzeka, gaberako erdi txilibrizkauta argi-argi joaten ziren etxerantz (San Martin).

40.11c -tzeko + postposizioa (-tzeko moduan/eran/gisan/maneran). Postposizio batzuek, aditz jokatuari erantsirik (-en eran; -en gisan; -en bezala; -en moduan eta abar) konparazioa bideratu dezakete. Postposizio horiek lot dakizkioke forma jokatugabeari ere, gehienetan [aditz izena + ko] moldeari. Hala sortzen zaizkigu -tzeko eran, -tzeko moduan, -tzeko gisan eta -tzeko maneran. Zer eratako perpausak dira horiek? Lan honetan perpaus osagarrien atalean sartu ditugu (§ 30.7); han esan dugu postposizio horiek gobernatzen dutela aditz izenarekiko adizkia, eta irizpide formal hori erabiliz aztertu ditugu han. Hala ere, izan lezakete moduzkoen interpretazioa ere, adieraz hala baitira: nolakotasuna adierazten dute nolabait, eta horren arabera sail honetan ere balukete lekua. Hemen bakoitzaren adibide bakan batzuk bilduko ditugu eta irakurlea perpaus osagarri izenlagunetara bidaliko dugu (§ 30.6.4). -tzeko moduan/eran moldeak nagusiki mendebaldean erabiltzen dira, eta -tzeko gisan eta -tzeko maneran bereziki ekialdean:

[-tzeko moduan]: Irakurri zuen letraduak erregela, eta harriturik lehenaz gainera, esan zuen ingurukoek aditzeko moduan (Beobide).

[-tzeko eran]: Edanaren kontua: seiehun urtean hain beneragarria izan zen gizona jartzen da guztia erauntzirik, agerturik, eta lotsatzeko eran, eta bere umeetatik batzuek iseka egiten diotela (Agirre Asteasukoa).

[-tzeko gisan]: Ihardetsi zuen beraz han ziren guziek entzuteko gisan: “Lurraren gainean hedatua den Eliza guziaz behar naiz orhoitu…” (Joanategi).

[-tzeko maneran]: Eta geroztik hemen naiz, erraiteko maneran, euskaldun bakarra (Xalbador).

40.11d -tzeko zorian. Aditz mendekoaren gertaera bukatzeko unean edo bukatzetik hurbil dagoela adierazteko erabiltzen da molde hau. Semantikoki, beraz, -tu hurran moldearen baliokidetzat jo daiteke435. Patu txarra adierazten duten aditzekin erabiltzen da batez ere: hil, ito, hondatu, galdu, amildu, erotu, lehertu, erori, hondoratu… Batez ere Hegoaldeko tradizioan erabili izan da molde hau: Kristautasuna hondatzeko, itotzeko, galtzeko zorian zebiltzan (Larramendi); Hiltzeko zorian edo perilean jartzen bada (Ubillos); Ez du ikusten nola aurkitzen den betiko su eta garren artean amiltzeko zorian (Agirre Asteasukoa). Iparraldeko tradizioan Duvoisinek, Haranederrek, Mirandek eta Xalbadorrek baizik ez darabilte -tzeko zorian forma: Urkhatzeko zorian balinbanintz (Duvoisin); Haren bizia zena galtzeko zorian ez ifintzeko (Mirande). Aditzoinean nahiz partizipioan oinarritutako moldea ere erabili ohi da, nahiz gutxiago: Goethek, nonbait Ortegak dioenez, aurkitu omen zuen, maiteminak leher zorian zeukanean, ordezkoa bere buruari eman behar zion tiroa hartzeko: Werther gizagaixoa (Mitxelena); Amorratu zorian / igeska hasi da (Etxagarai). Molde hau erabiliz esapide eginak, lexikalizatuak ere osatzen dira zenbait aditzekin: Etxekoren bat hil zorian denean… (Etxaniz).

40.11e -tzearekin/-tzeagaz. [-tze + a + rekin] moldeko mendeko perpausen balioa nagusiki denborazkoa da. Hala ere, moduzko kutsua ere izan dezakete inoiz. Hona hemen zenbait adibide: Gezurra esatearekin ez da ezer konpontzen; Presaka ibiltzearekin ez duzu ezer aurreratuko; Lasterka egitearekin ez duzu atzerapena kenduko; Zerua ez da hitz hutsekin irabazten, ezpada Jaunaren aginduak gordetzearekin (Lardizabal). Nolanahi ere, esan behar da balio honetan ohikoagoa dela -tu(a)z atzizkiaren bidez osatutako egitura (gezurra esanez; presaka ibiliz; lasterka eginez).

Mendebaldean -tzeagaz forma erabiltzen da: Negar egiteagaz, pentsatu eban kolkorako, ez dot irabazten ezer (F. Bilbao); Beste batzuk, au larregi iruditu-ta, oar bat bidaltzeagaz naikoa zala uste eben (F. Bilbao).

40.11f -tzekotan. [-tze + ko + tan] moldeak, besteak beste, baldintzazko, denborazko eta helburuzko balioa har dezake. Nolanahi ere, badirudi zenbait kasutan modu-kutsua ere izan dezakeela, eta horregatik jaso dugu hemen. Ezin uka honako bi adibide hauek badutela moduzko kutsua, helburuzkoaz gain: Artzainak artoski jarraiki behar du erditzekotan diren ardiei, eta antxuei bereziki (Duvoisin); […] eta apur batez, gelditzekotan ere izan nintzela gizona urrunduxe artean (J. B. Elizanburu).

40.12. Aditzoina oinarri dutenak

40.12a Aditzoina oinarri duten moduzko perpaus jokatugabeak markatuak dira, esapide gisakoak, esango genuke. Bereziki ekialdeko euskalkietako literatura tradizioan erabiltzen dira.

40.12b Aditzoin juntatuak edo enumeraziozkoak (xuti eta eror). Lafittek “L’infinitif radical en énumération” esaten die bere gramatikan (1944: 460): Xuti eta eror bagabiltza. Zenbaitetan, aditzoina eta partizipioa nahasten dira, eta eta nahiz edo juntagailua har dezakete aditz juntatuek: Sal edo erosi dabiltza aspaldion tratularia eta nekazaria; Josi edo urra utzi nituen etxe-saltzailea eta erosleak; Hasi eta buka irakurri zuen liburu osoa. Nolanahi ere, ez du ematen alderik dagoenik aurreko adibideen eta honako hauen artean, esanahiari gagozkiola bederen: Zutitu eta erori gabiltza, zola irristakorra dagoelako; Saldu edo erosi dabiltza aspaldion tratularia eta nekazaria; Josi edo urratu utzi nituen etxe-saltzailea eta erosleak. Euskalki kontua da halakoetan partizipioa edo aditzoina erabiltzea.

40.12c Aditzoina + ahala + aditzoin bera (higi ahala higi). Zenbait kasutan [aditzoina + ahala + aditzoin bera] moduko moldea erabiltzen da. Esapide adberbial hauek ez dira, edozein kasutan ere, oso emankorrak. Hona adibide batzuk: Jo ahala jo ari ziren sagar zanpatzen dolarean; Higi ahala higi ihes abiatzen dire, eta armada guzia heien ondotik (Laphitz); Eta orai, alimale gaixoak, koka ahala koka, karro handi batzuetara borthitz bothitza besotaraka arthikiak, bi burdina lodiren artean iraganak… (Barbier); Atertu gabe, saka ahala saka, tripa zolari euria igorriko diot (Larzabal); Eta, lotzen ziozkatelarik lau soka lau zango-besoetarik, haritu zatzaizkon tiraka tira ahala tira, jauzarazi arteraino zango-besoak beren krosketarik (Joanategi).

40.12d Aditzoina + -ki atzizkia (jakinki). Aditz sintetiko puntukari baten lekuan, atzizki hau hartzen duen adizkia erabili ohi da ekialdean; adizki sintetiko puntukari horren baliokide jokatugabea dela esan dezakegu. Hona zein den baliokidetza hori: dakielarikjakinki; doalarikjoaki; delarikizaki. Ezin erabil daiteke, nolanahi ere, edozein aditzekin. Hauek dira ohikoenak: izan (izaki), jakin (jakinki), egon (egonki), joan (joaki), ibili (ibilki). Adibide batzuk: Lotsati samarra izaki, ez dio neskari baiezkoa eman; Jakinki ez zuela harria altxatzea lortuko, bertan behera utzi zuen saiakera. Literatura tradizioan erraz aurkitzen dira horrelako adibideak: Nik maiteño bat izaki eta bertze batek eramaki (Herrikoia); Gobernadoreak, jakinki ez zela deusik hari giristino zenbat hilarazirik ere, hekien aitzindariak bizirik uzten bazituen […] (Joanategi); Iduri zaut oraino ere ikusten dudala, hantxet, gazteluko karrikari goiti joaki (Barbier); Halere, itzuli bat eginik gure bazterren ikusten, bihozmin: ikusirik eskuara eskuetarik joaki eta tokitan kasik joana (Hiriart-Urruti); Eta horra Joanes oihan-pean sartua, berroz berro, otarrez otar, ohoinaren ondotik joaki, makila airean, errabia bihotzean, sudurra xistuz, emaztearen kontra zer nahi erranka, zaldia, hantxet, aitzineko on baten gomendio utzirik (Lafitte). Aurreko adibideotan badira aipamena merezi duten bi puntu. Hiriart-Urrutiren adibidean mendeko bi moduzko dauzkagu juntaturik (eskuetarik joaki eta tokitan kasik joana), eta moduzkoak osatzeko bi moldeen aspektu-balio desberdinak —puntukaria eta burutua— ikusteko baliatu dezakegu. Lafitteren adibideak, berriz, ezin hobeto agertzen du modua adierazteko zenbat baliabide desberdin izan ditzakeen aukeran hiztunak.

40.12e Aditzoina + -ka atzizkia (gaizki esaka). Gerundioaren antzeko perpausak egiteko erabiltzen da. Izen bati edo aditz bati lotua ageri da; arruntagoa da izen bati lotua aurkitzea. Gertaera errepikakorrak adierazten ditu: Loteria tokatu zaigula esaka etorri da kaletik etxera; Gaizki esaka jarduten dute beti neska-mutil horiek; Zer nahi erranka ari zitzaion (Lafitte). Nolanahi ere, molde hau ez da aditz guztietara hedatzen: adibide garbi gehienak esan aditzarekin azaltzen dira.

40.13. -ela eta -elarik

40.13a Euskal testuetan garai eta euskalki guztietan oso erabiliak izan dira -ela/-elarik atzizkidun perpaus adberbialak. Morfema hauek, betiere aditzari erantsita, adiera askotako perpausetan ageri dira. Esaterako, denborazkoetan (Sei urte nituela hasi nintzen eskolara), moduzkoetan (Adurra dariola begira gelditu zen agure gaixoa), kausazkoetan (Hain ona delarik, nola ez maita), kontzesiozkoetan (Oraindik haurra delarik, zaharrek bezala hitz egiten du). Sailkatzen errazak ez diren perpausak eratzen ere agertzen zaizkigu -ela / -elarik morfema hauek. Adibidez, lerro batzuk gorago kausazkotzat jo dugun horri ezarri diogun adiera baldintzazkoa ere izan daiteke (‘Hain ona bada, nola ez maita?’). Moduzkoen atalaren hasieran ere eman dugu egoera horren berri: menderagailu batzuk adieraren aldetik nahiko irekiak direla esan dugu, eta balio batean baino gehiagotan azaldu daitezkeela.

Ba al dago desberdintasunik bi menderagailu hauekin osatutako mendeko perpausen artean? Gramatikari gehienen ustez, bi morfema hauek balio berdintsuz erabiltzen dira, bata nahiz bestea gehiago edo gutxiago erabiltzea, gehienbat, euskalkien tradizioari egotzita. Gramatikari batzuk bien arteko diferentzia azpimarratzen saiatu dira, -ela, gehienetan, aditz sintetikoekin erabiltzen dela esanez eta -elarik, ostera, sintetiko eta analitikoekin.

Baina testuak aztertu ondoren, ez da erraza bien arteko bereizketarik egiten, moduzko perpausei dagokienez behintzat. Garai eta euskalki guztietan ageri dira -ela atzizkidun perpausak, eta tradizioan denborazko eta moduzko balioaz erabili izan dira gehienbat. Euskalkien arabera, -elarik gehiago edo gutxiago agertzen da. Bizkaierazko testuetan oraintsu sartu da -elarik forma. Gipuzkerazko testuetan ugariago dira. Ekialdeko testuetan maiztasun handia du, baina moduzko perpaus garbietan baino areago bestelakoetan: denborazkoetan (Eguzkia irten zelarik, bideari ekin genion), kontzesiozkoetan (Badelarik bertze janari asko, bat ez da laborearen orde jar daitekeenik. Duvoisin) edo kausazkoetan (Radarrak jarri direlarik, autoen abiadura motelduko da).

Ondoriorik atera ahal baledi, beraz, hauxe esango genuke: -ela/-elarik morfemak balio berdintsuko perpausak eratuz agertzen direla, eta euskalkien barneko koherentzia eta usadioek ezartzen dutela diferentzia. Hala ere, -ela tradizioan bereziki denborazkoetan eta moduzkoetan agertu ohi da; -elarik, berriz, beste mota askotara ere zabaldu izan da, eta horregatik, perpaus mota batzuetako -elarik formak ezin ditugu -ela soilaz trukatu.

Hona, batarekin nahiz bestearekin, tradiziotik bildutako adibide batzuk: Ahoan pipa motsa zuela eta hamabost egunean kendu bageko okotz-bizarretatik behera adurra zeriola zegoen aguretxo batek […] (Agirre); Agertu zitzaion behin ate ondoan eskeko bat, […] buruko txapela ere koipez beterik, erdi-erdian leiho biribil bat zuela, bertatik ile pila bat ageri zitzaiola (Kirikiño); Bakarrik ezin eraman nezakeen gurutze bat soinean nuela atera ninduten Jerusalendik eta jaiki-erori eta erdi arrastan nenbilela eraman ninduten Kalbarioko mendira (Mendiburu); Maiz meza entzun dut debozione gabe gogoa berzetan nuela, horra huna begiak nerabiltzala eta solasen nengoela (Etxeberri Ziburukoa); Huna beraz non naizen ifernuan, dio errabian dagoelarik (Duhalde); Xoriek ez dagite hazirik, uztarik. Eta badute zer jan, alfer daudelarik (Oxobi); Iruten ari nauzu, kiloa gerrian, ardura dudalarik nigarra begian (J. D. Salaberri). Ikusten dugu -ela eta -elarik moldeko perpausak modua adierazteko beste egitura batzuen parean edo juntaturik ager daitezkeela.

40.13b Moduzko balioa dutenean, erabilera predikatiboan agertu ohi dira molde honetako perpausak, bai predikatu nagusi modura (Zer egin ez dakiela dago Miren) bai bigarren mailako predikatu modura (Buruan txapela zuela sartu zen elizara Jon). Har ditzagun, Lafitteren gramatikatik jasotako adibide bi hauek, argigarri izan daitezkeelakoan: Baratzeari datxikiola badugu erletegi bat; Mutiko gaixoa ikusi dut, herrestan zabilala. Lehen kasuan perpaus nagusia “badugu erletegi bat” da; datxikiola “erletegi bat” sintagmaren egoera deskribatzera dator, eta ez perpaus nagusi osoa deskribatzera. Gauza bera esan behar dugu bigarren adibideaz ere: herrestan zabilala “mutiko gaixoa” sintagmari dagokio, eta ez perpaus nagusi osoari edo haren aditzari. Ondoko adibidea ere molde honetakoa da: Buruan txapela duela etorri da Andoni. ‘Andoniren etorrera’ nola gertatu den baino gehiago, Andoni nola zegoen esaten da -ela duen mendeko perpausaren bidez. Ez dira azaltzen aditzari begirako moduzko adjuntu bezala: *Iruzur egiten zuela lortu zuen Iñakik emaitza (iruzur eginik; iruzur eginez); *Arrebaren giltza zerabilelarik ireki zuen atea (erabilita; erabiliz). Molde honetako egiturek ez dute benetan aditzeko gertakaria nola betetzen den adierazten.

Erabilera predikatiboa izan ohi dute, bada, -ela edo -elarik daramaten moduzko perpausek, eta lehen eta bigarren mailako predikazioan azaldu ohi diren ezaugarri guztiak agertzen dituzte (ikus § 40.4). Horrelakoak dira tradiziotik ekarri ditugun adibideak ere. Aspektuari dagokionez, burutugabetzat interpretatzen dira, egoera nahiz jarduera deskribatzen eta zehazten dute: osagarri predikatiboek ‘une bateko’ egoera edo jarduera bat adierazten baitute; eta ez dituzte berezko ezaugarri iraunkorrak adierazten (*Begi urdinak dituela etorri da Andoni). Hortik, ziurrenera, morfemok sarritan adizki sintetikoei itsastea.

40.13c Azken urte hauetan -elarik duten perpausekin tradizioan lekukotasunik ez duen erabilera bat hasi da agertzen. Begira ondorengo adibideari: ??Ane leihotik erori zen, hanka hautsi zuelarik. Adibide honetan ‘hanka haustea’ ondorio bat da, ‘Ane leihotik erortzearen’ ondorioa; eta denboran ere perpaus nagusian adierazten dena baino beranduago gertatzen da. Tradiziotik kanpoko erabilera horretakoak izango genituzke ondorengoak ere: ??Apustuen munduan buru-belarri sartu zen, azkenean diru guztia galdu zuelarik; ??Kixote liburuen munduan murgildu zen guztiz, burua galdu zuelarik; ??Ostiralean irten zen jaietara, handik bi egunera itzuli zelarik etxera. Baina -ela eta -elarik daramaten perpausek, denborazko direnean, aldiberekotasuna adierazi izan dute (ikus 36 Denborazko perpausak § 36.4); edo, moduzko erabileran, bigarren mailako predikazioa bideratzen dute. Aurrekoak bezalako adibideak sasi-menderatuak dira, eta era egokian emateko bide bat juntadura da (Ane leihotik erori zen, eta hanka hautsi zuen); aditz laguntzailearen elipsiaz ere baliatu gaitezke (Ane leihotik erori zen, eta hanka hautsi).

40.13d Perpaus nagusiaren eskuinaldean agertzen dira gehienetan, haren osagaietako baten moduzko zertzeladaren bat gehituz. Jakina, beste edozein osagai bezala, perpaus nagusiaren galdegai gisa agertzen direnean, haren aditzaren ezkerraldean joango dira. Galdegai izan gabe ezkerraldean agertzen direnean, ostera, moduzkoak barik, denborazkoak, kausazkoak edo beste izan ohi dira maiz (Irakaslea sartzen zelarik, umeak isildu egiten ziren).

Moduzko perpausa ezezkoa denean eta aditz nagusiaren galdegai gisa erabiltzen bada, ezezko morfema eta aditz laguntzailea ez dira ohi denez aurreratzen: Ezer ulertzen ez duela dago. Perpaus osagarrietan, adibidez, ez da horrelakorik izaten: Esan didate ez duela ezer ulertzen.

40.14. -en moduan, -en eran, -en arau, -en gisa, -en antz, -en molde

40.14a Modua, era, moldea… guztiak ere izenak dira, eta oso loturik daude hemen aztertzen ari garen nozio semantikoarekin. Horietako batetik hartzen dute izena, hain zuzen, moduzko perpausek. Izen gehienek bezala, beren agintepean beste zenbait elementu (izenlagunak, erlatibozko perpausak…) har ditzakete; eta jarraian zenbait postposizio (inesiboa, adlatiboa…) ere izan ditzakete. Horrelaxe sortzen dira hemen aipagai ditugun molde honetako egiturak: [[[perpaus erlatiboa] modu / era / …] postposizioa (-n, -ra…)]. Alegia, Zuk esan didazun moduan egin dut adibidean, azpimarratu dugun zati osoa postposizio sintagma bat da, adberbio sintagma, eta modu izenaren esanahiagatik aditz nagusiko gertaera (‘egin dut’) nola betetzen den adierazteko baliagarri gerta daiteke; modu nozioa adierazten du. Modu izenaren mendean erlatibozko perpaus bat dago, eta perpaus horren barnean, isilean, aurrekaria, ondorengo modu izenaren balio bera duena: ‘[[zuk (Ø)1 esan didazun] moduan1] egin dut’; zenbaki bera jarriz markatu dugu bien arteko (aurrekaria - ardatza) lotura. Antzera gertatzen da sail honetako gainerako izenekin ere (ohikoenak: molde, era, arau, gisa, antz). Baliabide emankorra da oso. Eman ditzagun adibide batzuk: Berak bakarrik dakien moduan egin zuen patata-tortilla; Ahal genuen eran atera ginen egoera zail hartatik; Bibliak esaten duen arabera jokatzen du egunerokoan; Inor ohartzen ez den gisan egiten ditu bere egitekoak; Goizean esan dugun moldean antolatuko dugu eguna.

Adibide hauetan guztietan aurkituko dugu lehen deskribatu dugun egitura: [erlatibozko perpausa + modu izena + postposizioa]. Amaieran joan ohi den postposizio itsatsia gehienetan adlatiboa izaten da, baina inesiboa ere oso arrunta da. Arau eta gisa dira inongo postposiziorik gabe ager daitezkeen bakarrak.

40.14b Edozelan ere, moduzko perpausak egiteko molde hau ez da izenok duten beste erabilera arruntarekin nahastu behar; izen horiek genitibo markaren bidez perpaus erlatibo batekin lot baitaitezke. Azaldu dezagun desberdintasuna. Ondorengo perpausa moduzkoa da: Erabaki dugun arabera egin behar dugu. Honela deskriba dezakegu: [[perpaus erlatiboa] arabera]. Horren alboan, bada beste ondorengo molde hau ere, erlatiboaren erabilera arruntekoa: Erabaki dugunaren arabera egin du Peruk bere proiektua. Oraingoan honela deskribatuko genuke: [[[perpaus erlatiboa] Ø-aren] arabera]. Lehenengoan, adierazmolde finko bat izateaz gain, esan dezakegu arau izena dela perpaus erlatiboaren ardatza. Bigarrenean, ostera, arau ez da perpaus erlatiboaren ardatza, bien artean hutsik dagoen izen bat baitago genitibo kasuarekin markatua. Aipaturiko adibideok, horrexegatik, beste era hauetara eman ahal izango genituzke: lehenengoa, ‘erabaki dugun bezala egin behar dugu’; bigarrena, ‘hartu dugun erabakiaren arabera egin du Peruk bere proiektua’.

Antzeko adibideak erraz aurkitzen dira aipatu ditugun izenekin. Ondoko adibideetan lehenengo biak perpaus erlatibo arruntak dira (moduzkoen artean sartzen ez ditugunak), eta hurrengo biak moduzkoak (kasu honetan, modu- izena hartzen dutenak ardatz gisa). Erlatibo arruntak: Aurretik etorri zirenen modura heldu ziren langile berriak ere, izerditan eta nekaturik; Gaur erabaki dugunaren moldera, bihar ezinezkoa izanen da ezer egitea. Moduzkoak: Aurreko astean etorri ziren moduan etorri ziren oraingoan, izerditan eta nekaturik; Gaur erabaki dugun moldera, bihar ere erabaki dezakegu.

40.14c Jarraian tradizioko adibideak emango ditugu. Modu izen erabilienak, eta bakoitzak har ditzakeen postposizioen araberako lekukotasunak ekartzen saiatu gara.

40.14d Antz (antzera): Lagundu zion mutilari etxeraino aspaldian ikusi gabeko nagusiari zakur leialek egin ohi dioten antzera (Agirre); Eta eskua iragan zion laztanduz biloetan, aita besoetakoak berari egin ohi zion antzera (Mirande).

40.14e Arau (arau, arabera, araberan): Halatan hor-izan den oro, behin hor-date berriro, lehen zen arau (Mirande); Hainitz gauzaren gainean jujamendu emaiten duzu munduko afekzioneak gogora ekartzen derautzun arauera (Pouvreau); […] dan-dana erromantzeak abesten duan araberan (Berrondo).

40.14f Era (eran, erara): Eta egizu Jangoiko berak nahi duen eran (Mendiburu); ta eskribidu egizuz paper baten nik esaten deutsudazan erara (Añibarro).

40.14g Gisa (gisa, gisan, gisara): Baina mundua, berak nahi duen gisa dabil, eta ez nik edo zuk nahi genukeen bezala (Villasante); Pilatok esan zien, baldin gaizkilea dela badakizue, hartu eta zuek zeuok juzgatu ezazue, zeuon legeak dioen gisan (Lardizabal); Antiguara igoniko gizadiak menditik behera jaitsi zirenerako, bazetozen txalupak, parra parra, patxada onean, ekaitzik ez dagoen egunetan etorten diran gisara (Agirre).

40.14h Modu (moduan, modura): Dakidan moduan egin dut: ez eskatu niri besterik; Geuk egin bihar ditugu geure legeak, gura dogun modura (Agirre).

40.14i Molde (moldean, moldera): Eta hori nahi duen aldi guztian, eta nahi duen bezain denbora luzean, bai eta oraino on iruditzen zaion xedeagatik, eta plazer duen moldean (Haraneder); […] gure obra on guziak hark egiten baititu gutan, fruituak arboretik heldu diraden moldera (Leizarraga).

Perpaus adjuntuak izanik, kokapenari dagokionez ez dute betebehar sintaktiko berezirik, eta perpausaren hasieran, tartean edo amaieran ager daitezke. Nolanahi ere, adibideei begira, ohartzen gara gehienak perpaus nagusiaren eskuinean agertzen direla.

40.15. Konparaziozkoak (-en bezala / -en legez)

40.15a Konparazio perpausen bidez ere adieraz daiteke modua. Bezala eta legez modua adierazten duten adberbioak dira; adberbio horiekin ere osatzen dira parekotasunezko konparazio perpausak (ikus 32 Konparazio perpausak): Zuk irakatsi zenidan bezala/legez egin ditut lan guztiak; Jainkoak agintzen duen bezala/legez bizi bagina, ongi ginateke.

Horrelakoetan, ‘moduaren parekotasuna’ adierazten da, elementu biren modu-izaerak parez pare jarriz. Lehenengo adibidea hartuz: [zuk hala1 erakutsi zenidan] — [lan guztiak hala1 egin ditut]; alegia, zehazki nola ‘erakutsi zenidan’ eta nola ‘egin ditudan’ adierazten ez bada ere, molde honen bidez adierazten da bi gertaerak gauzatu ziren modua bera izan zela; horregatik jarri diogu hala adberbioari zenbakitxo bera bi perpausetan. Beraz, nahitaez, parekotasuna eta modua adierazten dira aldi berean. Egitura emankorra da guztiz, eta jatorri sintaktikoari dagokionez, izen ardatzik —eta determinatzailerik— gabeko perpaus erlatiboen modukoak izango genituzke (mendeko perpausa dago, -en morfemaz amaitzen dena, eta bere barnean bada isilik dagoen adberbio moduko aurrekari huts bat, ondoren datorren bezala edo legez adberbioarekin loturik doana) eta guztiak adberbio sintagma bat sortzen du, adberbio sintagma parekatzailea436 (analisi xeheagorako, ikus 32 Konparazio perpausak, § 32.4). Perpaus hauen beste ezaugarri bat hau da: perpaus bietan aditz bera denean, konparaziozkoa murriztua izan daitekeela: Zuk (prestatzen duzun) bezala prestatzen dut nik bakailaoa. Ohart gaitezen horrelakoak ezinezkoak direla -en moduan, -en gisan, -en eran… motakoekin: *Zuk moduan/eran/gisan prestatzen dut nik bakailaoa.

40.15b Bezala adberbioa erabilera orokorrekoa da, eta legez mendebaldeko hizkeretakoa. Hona literatur tradizioko adibide batzuk: […] haren aurpegi nahasian gogoeta goxo bat agertu zen, goizeko euritan loretxoak ur arre tartetik ageri diren bezala (Orixe); Orain egizu, ejenplo jakin honek erakusten duen bezala (Kardaberaz); Eta utzi zuten bizi zadiela berari zohakon bezala (Joanategi); Ez diezadazula egin nik merezi dudan bezala, baina bai zure ontasun mugagabearen arabera (Duvoisin); Urrea gehitzen danean gehitu ohi da gizonen harrokeria, itxasoa gora datorrenean ibaiko hura gehitzen den legez (Agirre); Guztia jazotzen zait neuk gura dudan legez (Iturzaeta).

40.16. Galdetzaile batekin hornituriko mendeko perpausak

40.16a Bereziki ahozko jardunean erabiltzen diren ondorengo hauek ere modutik hain urruneko ez den balioa adierazten dute: Nondik zatozen zu, kontrako bidetik joango naiz ni; Prezioak nolakoak diren, asko edo gutxi erosiko dugu; Peruk zer nahi duen, Josuk beti jarraituko dio. Beste era batera adierazi behar bagenu, ‘zu egiten ari zaren bidearen arabera’, ‘prezioaren arabera’, ‘Peruk nahi duen arabera’ edo antzerako itzuliak baliatuko genituzke.

40.16b Egitura sintaktikoari dagokionez, mendeko perpausak dira, aditz laguntzaileari erantsirik -en menderagailua daramatenak, eta barnean galdetzaile bat dutenak; aurreko adibideetan, nondik, nolakoak, zer dira galdetzaileak. Baina, zeren mendeko dira? Ageriko aditz nagusirik gabeko zehar-galderak dira (EGLU-V: 117-120). Eta, agerian edo ezkutuan, aurretiko perpaus baten menpean daude. Begira diezaiogun elkarrizketa honi: —Ez al luke hobea auzia ipintzea?Ikusi egin beharZer ikusi?Zenbat zor dion. ‘Zenbat zor dion ikusi behar’, hori da perpaus osoa, eta ‘zenbat zor dion’ azaleratzen dena. Elkarrizketaz kanpora gertatzen denean ere moldea bera da: Eskabidea zelan idazten den, hortxe dago gakoa; Ez omen zioate jaramonik egiten… Berak zenbat egiten dien; Ez omen diote asko ordaindu… Zenbat ordu lan egin duen. Egitura hauen ondoren edo aurretik hiztunak eten bat egin ohi du; badirudi hor isilpean zerbait ulertu behar dela, eta horren araberakoa dela zehar-galdera. Bereziki ahozko erregistrokoak izanik, lekukotasun idatziak aurkitzea ez da erraza: Gauzak nondik eta nolatan begiratzen zaien, iruditzen zaizkigu handi edo txiki (Agirre); Eta eguna luzeago edo laburrago, nola den, hiru ordutara alda litekeela [erlojua] (Munita). Nolanahi ere, gaztelaniaz según edo depende erabiliz adierazten direnak euskaraz emateko baliabide egokiak dira.

40.17. -enez

Aditz jokatuari -en menderagailua erantsi, eta ondoren instrumentalaren marka gehituz lortzen da forma hau. Balioaren aldetik nahiko irekia da molde hau, eta gehienetan kausa adierazteko erabiltzen bada ere (Lana amaitu ez duzunez, ez duzu dirurik jasoko), zenbaitetan moduzko perpausak osatzeko baliatzen da. Moduzkoen artean, ‘kanpoko moduzkoak’ deitu ditugunen motakoak izaten dira, enuntziatuari buruzko kanpoko perpausak: Goizean irakurri dudanez, pobrezia ez da gutxitu munduan; Halakoak ei dira ingelesak, topikoak dioenez; Esan dutenez, Josu etxetik joan da; Orduan izan ohi da bekatu beniala, gizon jakintsu askok, edo gehienek erakusten digutenez (Agirre Asteasukoa); Euriaren zantzua omen dakar hegazti oihulari honen kantuak, agureek diotenez (Barrensoro). Edukiaren ikuspegitik perpaus nagusiaren gauzatzeko moldearekin zerikusirik gutxi dute azpimarratutako perpausek: perpaus nagusiak dioena norbaiten edo zerbaiten arabera jartzen dugu adibide horietan. Perpaus hauen bidez, perpaus nagusian adierazitakoa berresten dugu, halako moduan non esan baitaiteke perpaus nagusiaren ordezko bat dela, halako ‘perpaus orde’ bat, berarengandik koma batez banaturik eta galdegai gisa ezelan ere ager ezin daitekeena.

423 Askotan badirudi hitz ordenak eta adiera desberdinek badutela lotura. Har ditzagun ondorengo bi gertakariak: ‘lanak amaitu’ — ‘etxera joan’. Antola ditzagun ondorengo bi ordenekin: Lanak amaituta etxera joan zen; Lanak amaituta joan zen etxera. Lehenengo adibidean aukera handiagoa dago mendeko perpausa denborazkotzat hartzeko, eta bigarrenean moduzkotzat hartzeko: moduzko osagarri adberbialak aditzetik hurbilagoko elementutzat hartzen ditugu, eta denborazkoek joera handiagoa dute kanporagoko zirkunstantzia modura funtzionatzeko.

424 Ziurrenera bi adierei intonazio desberdina emango genieke: ondokotasuna dagoenean, mendekoaren ondoren pausa egingo genuke, eta idatzian koma jarri; moduzko interpretazioa galdegai izaerarekin lotuko genuke, eta horrela, aditzaren ezkerretara eman mendeko perpausa, inolako etenik gabe.

425 Atalaren hasieran esan dugu moduzko perpausak, eta oro har adberbio sintagma guztiak, gehienetan ez direla aditzak eskatutako osagaiak izaten. Baina begira diezaiogun ondorengo adibideari: Joseba ondo/guztiek espero zuten bezala portatu zen. Adibide horretan esan daiteke portatu aditzak nahitaez eskatzen dituela azpimarratutako osagaiak: zentzu handirik ez luke izango Joseba portatu zen bezalako batek; perpaus osatu gabea izango litzateke; edo besterik ezean nolabaiteko ‘ondo portatze’ bat ulertuko genuke azpian —zentzu adierazgarrian—, portatu aditzak ‘nola’ adierazten duen osagai bat behar baitu osagarri modura. Berdin gertatzen da Eskatu zenidan bezala/ondo tratatu nituen gonbidatuak bezalako batean ere: tratatu aditzak eskatutako nahitaezko osagai bat dago hor, eta osagai hori eman daiteke mendeko moduzko perpaus baten bidez edo beste sintagma batzuen bidez. Alde horretatik, aditzaren argumentu izango genituzke.

426 Aditzari begirako moduzko adjuntuen eta bigarren mailako predikazioa duten adibideen arteko mugak ez dira beti zehatzak eta garbiak izaten; erabateko jauzia baino gehiago mailakatzea edo gradazioa agertzen da. Gakoa, moduzkoan adierazten dena zenbateraino lot daitekeen dagokion osagaiaren une bateko egoeraren ezaugarriekin, edo zenbateraino adieraz dezakeen aditzeko ekintza betetzeko modua. Aditzari begirako moduzko adjuntuak ditugunean, osagai horiek egitura sintaktikoan aditzetik hurbilago azaldu ohi dira; bigarren mailako predikazioarekin, errazagoa da perpausean tokiz mugitzea, edo inoiz intonazio/koma bidez bereiztea. Egitura sintaktikoko kokapenari dagokionez, gramatikariek proposatu ohi dute bigarren mailako predikazioa dagoenean ere predikatua eta bere argumentua adabegi beretik zintzilik egon behar direla, elkar c-komandatuz.

427 Perpauseko gainerako osagaiei buruzko (datiboa, inesiboan doazenak eta abar) bigarren mailako predikaziorik ez da izaten. Begira ondorengo adibideari: Nik Mireni pozez beterik eman diot oparia. Perpaus honen interpretazio bakarra da ‘ni’ nagoela pozez beterik, inola ere ez Miren; alegia, datiboa daraman osagaiari buruzko bigarren mailako predikaziorik ezin da egin. Partitiboan doazen elementuak ere ez dira bigarren predikazioaren ‘subjektu’ izaten, ziurrenera espezifikoak ez direlako (Demonte y Masullo 1999: 2461-2523).

428 Horrelakoetan perpaus guztia gertakari bakar modura ulertu ohi da; horren ondorioz, aurreko adibideetako batzuk beste era batera ere eman daitezke: Ontziak ondo garbitzea nahi dut; Lan hau biharko amaitzea nahi dut.

429 Era honetako osagaiak, predikazio nagusitik kanpokoak izanik, askotan diskurtsoko zenbait ñabardurari edo harremani egiten diete erreferentzia, eta diskurtso markatzaile eginkizunetan sarri erabiltzen dira.

430 Esan behar da, halaz ere, ez dagoela beti argi perpaus hauek beste perpaus baten mendekoak izan beharrean, ardatza den izen horren mendekoak ez direnik. Arazoa postposiziodun izen horiekin egindako azterketan datza. Postposizio batekin hornituriko izen hutsak direla baldin badiogu, hots, [modu + postposizioa], [molde + postposizioa], etab., haien ezkerrean dauden perpausak perpaus erlatibo arruntak lirateke, baina ardatz diren izen postposiziodun horiek benetako forma fosildutzat jotzen baditugu, aldiz, modua adierazten duten mendeko perpaustzat jotzeak ez dirudi desegokia.

431 -tuta eta -turik atzizkiak ez dira bateragarri (oro har, zubereraz eta beste hizkera bakanen batean izan ezik) izan/ukan lotura aditzekin: *ahantzirik/*ahaztuta dira/ditugu.

432 Beharbada partizipioari eransten zaion morfemaren izaerak izan lezake eragina balio desberdin horretan, -tuta eta -tuz moldeen kasuan behintzat. -ta-k eta juntagailuan du jatorria, eta errazagoa zaio ondokotasuna edo horretatik erator daitezkeen erlazioak adieraztea; eta horrek eragiten du modu-balioa duten gertaera burutuak bideratzea. -z postposizioa, berriz, nagusiki instrumentala da, eta lotuago legoke aditzari, eta aditzak adierazten duen ekintza hori nola jazotzen den deskribatuko duen moduari edo erari (oinez ibili; eskuz margotu; zinez esan; nekez iritsi eta abar).

433 -tu ezta moldeak moduzko adieran ez du aditz guztietara hedatzen den tradiziorik. Aldiz, -tu ezta ere moldea, kontzesiozko balioarekin, arrunta da hizkera horietan (ikus 39 Kontzesio perpausen kapituluan § 39.3.5c atala): Film hori ikusi ezta ere axola gutxi du; Josu lanera joan ezta ere berdintsu izango da; Telebista ikusi ezta ere bizi gaitezke.

434 Gehienetan perpaus murriztuan formaz partizipio burutua dena azaltzen zaigu (-tu bezala), baina forma horrekin bestelako aspektu balioak ere ‘estal’ daitezke. Adibidez, Etorri bezala joango dira perpausaren azpian egon daitezke ‘etorri diren bezala’, ‘etorri ziren bezala’ edo ‘etorriko diren bezala’; edo Etorri bezala joaten dira esatean, ‘etorri ziren bezala’ edo ‘etortzen diren bezala’ adieraz dezakegu.

435 Kontua da -tu hurran (hurren) moldeak ez dituela mendeko perpausak osatzen: berez, egitura hau hartzen duen aditzak ez du argumenturik hartzen, egitura eginak dira, [aditz partizipioa + hurran] egitura soila dutenak. Horregatik ez ditugu moduzko mendeko perpausetan sailkatu. Hona adibide batzuk: Zeren akabatu hurran da eguna, behititu da eguzkia […] (Axular); Jadanik hil hurren zen komentu azpian (Hiribarren).

436 Batzuetan bezala adberbioa baldintzazko perpaus baten (alegiazkoa) ondoren azal daiteke: Aberatsak balira bezala bizi dira. Baina hauetan ere konparazio perpausetako egitura bera dago: ‘aberatsak balira (biziko liratekeen) bezala bizi dira’; konparazio egituretako ohiko isiltzea dago azpian, eta horren ondorio da bezala itxuraz baldintzazko perpausaren ondoren agertzea.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper