Euskararen Gramatika

43.7.2. Birformulatzaile esplikatiboen balio nagusiak


43.7.2. Birformulatzaile esplikatiboen balio nagusiak

43.7.2.1. Erreferentziazko birformulazioa

Birformulatzaile esplikatiboek, oro har, birformulazio prozesuetan betetzen dituzten funtzio nagusien artean identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa aipatu behar da lehenik: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen dio, eta horregatik deitzen dugu erreferentziazko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide emateko erabiltzen da. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko:

Sortu zenetik —XIX. mende-hasieratik, alegia—, biologiak ez dio utzi egituretan barrentzeari eta funtzioetan sakontzeari (Juan Garzia).

Baina bideratutako dirua Europako batez bestekora hurbiltzen joateko eskatu zuten; hau da, Barne Produktu Gordinaren % 3 ingurura hurbiltzeko (Berria).

Erreferentzia esleitu

Zehaztapena (“especificación”)

zehaztugabea > zehaztua

Determinatzaile zehaztugabea: bat, batzuk, zenbait…; mugatzaile generikoa: ‑a(k) > zehaztua.

Identifikazioa (denbora, lekua…)

Itxuraz zehaztua > zehaztua…

sintagma mugatua: hori

(Azken ikuspuntu hori…)

43.7.2.2. Azalpenezko birformulazioa

Bigarren funtzioa birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea da, eta azalpenezko birformulazioa deitzen dugu horregatik. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da. Alde batetik, hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da (neologismoak, hitz ezezagun edo teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak eta abar): Afghanistaneko 29 urteko emazte bat lapidatu dute, hots, harrika hil, hango araba lege edo ohiduren arabera (Herria).

Bestetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko erabiltzen da. Gorago aipatu adibideak balio digu: «Katilinarenak» nobelak misteriozko istorioa du kontagai, baina, intrigazko nobela honetan askatu behar den misterioa ez da ohikoa. Hau da, nobela honetan misterioa edo intriga ez dago gertakari batzuk argitzearekin loturik (Berria).

43.7.2.3. Definiziozko birformulazioa

Hirugarren funtzioa birformulakizunaren esanahia zabaltzea da. Horregatik deitzen dugu definiziozko birformulazioa. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, nolabaiteko definizio bati bide egiteko erabiltzen da. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da: Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea (Berria); Uranio astunaren atomo baten diametroa elementu arinenaren -hots, hidrogenoaren- atomoaren diametroa baino bizpahiru aldiz handiagoa baino ez da. Atomo arrunt baten diametroa 0,3 nanometro inguru da; nanometroa (1 nm) metro baten milamiliorena da, edo, bestela esanda, milimetro baten milioirena; alegia, irudikatzeko gai garen neurriaren muga-mugan (Juan Garzia).

43.7.2.4. Izendapenezko birformulazioa

Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea da hirugarren funtzioa: izendapenezko birformulazioa deitzen dugu. Honetan datza birformulazio prozesua: birformulatzailea erabiliz termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean birformulakizuneko formulazio luzea. Hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: Gizakiok entzuten ez ditugun maiztasun baxuko soinuak, hots, infrasoinuak nabaritzeko gai dira (EiTB).

43.7.2.5. Inferentziazko birformulazioa

43.7.2.5a Badira, azkenik, beste balio batzuk ere: ondorioa, dedukzioa, konklusioa… Inferentziazko birformulazioa deitu dugu hemen. Zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzakete birformulatzaile esplikatiboek. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulatzaileen nolabaiteko hiperonimoak direnez (Robles 2012), gai dira bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…).

Are gehiago, zenbaitetan, eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatu ditzakete inferentzia-prozesuetan.

43.7.2.5b Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da birformulatzaile esplikatiboa: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa… Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuetan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da atal birformulatzailean.

Hona hemen adibide batzuk: Heien jokoa litake Charia delakoa hedatzea herri osoan, erran nahi baita islamisten lege dorpeenaren pean ezartzea herria eta jendea (Herria); -Kontu handiz, bai horixe! Nonbaitik hasi behar, hala ere - baieztatu zuen Léak -, ezta, Ruche jauna? Izan ere, esaldi hau aurkitu dut, Polibio deritzon batena: “Guztiaren bide erdia da hasiera”. Alegia, gaizki hasiz gero, okerra luzaroko! (Jon Muñoz); Adimena beldurrez makaldua duen gizon iaio batek bizimodu oparoa eta diru pila eskaintzen dit bere ministro izan nadin; bihar, ordea, kalera bidaltzen banau, hortxe suertatuko naiz zahar eta txiro; alegia, munduan den egoerarik arbuiagarrienean; horra, orduan, pertsona atsegina kondesari eskaintzeko! (Jon Muñoz).

Alegia-k, bestalde, badu aipatutakoez bestelako balio bat: azaldu nahi denari sarrera ematea. Gehienetan agerian daude testuetan birformulazioaren bi atalak (birformulakizuna eta atal birformulatzailea). Hala ere, ahozko hizkeran batez ere, alegia sarritan erabiltzen da azaldu nahi denari sarrera emateko, hots, adierazi ez den formulazio inplizitu baten birformulazioari bide egiteko: —Ta, zer esan dizu? —Esan dit, alegia, hauek gaztetxoak, txikitxoak direla oraindik eta urruti haietara iritsi gabeak direla (G. Mujika).

43.7.2.6. Laburpen taula

Ondorengo laburpen taulan ikus daitekeenez, birformulatzaile esplikatiboek funtzio metadiskurtsiboak betetzen dituzte batik bat: hiztunak bere jarduera diskurtsiboaren kontzientzia du eta diskurtsoaren interpretazio zuzena egin dadin kontrolatu eta gidatu nahi du diskurtsoa; aurreko diskurtso atalaren formulazio argiago edo egokiago bat lortzeko erabiltzen dituen “bide-seinale” modukoak dira birformulatzaile esplikatiboak.

Nolanahi ere, zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Hauek dira, orduan, birformulatzaile esplikatiboen funtzio nagusiak:

Birformulatzaile esplikatiboak

Balio nagusiak

Funtzio metadiskurtsiboak

(erabilera ohikoa edo markatu gabea)

a. Erreferentzia esleitzea

b. Esanahia edo zentzua argitzea

c. Definizio bidez azaltzea

d. Izendapen bidez azaltzea

[…]

Funtzio argumentatiboak

(erabilera markatua edo ezohikoa)

Ondorioa/konklusioa (inferentziazko birformulazioa)

[…]

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper