41.5.4a Perpaus baten eta hurrengoaren mintzagaiak desberdinak badira, bada aukera bien arteko kontrastea markatzeko: Liburua nik hartu dut; paperak, berriz, ez dakit nola galdu dituen. Bi perpaus ditugu adibide horretan, alborakuntzaz elkartuak. Bietan ageri da mintzagai aurreratua, ezkerreko gunean ezarria, zertaz ari garen adierazten diguna. Hemen, ordea, perpaus bakoitzak du bere mintzagaia —liburua lehen perpausak, paperak bigarrenak (perpaus osagarritik atera eta ezkerrera eramandako sintagma)—. Bien arteko kontrastea markatzen dugu, gainera, berriz diskurtso markatzailearen bidez (§ 42.21.3).
41.5.4b Egitura horretakoa da Bernard Etxepareren adibide hau ere: Lehenago hi baitinzan lengoajetan azkena, / orai, aldiz, izanen iz orotako lehena. Hor, lehenago eta orai dira, hurrenez hurren, kontrastean jartzen direnak. Aldiz diskurtso markatzailearen (§ 42.12) erabilerak azpimarratzen du kontrastea adibide horretan. Ohikoak ditu euskarak horrelako egiturak: bi perpaus (edo gehiago), bakoitzak bere mintzagaia duela, diskurtso markatzaileren baten bidez nabarmenduaz mintzagaien arteko kontrastea.