Euskararen Gramatika

41.5.3. Mintzagai aurreratua


41.5.3. Mintzagai aurreratua

41.5.3a Hala ere, behin baino gehiagotan enfasi berezia eman nahi izaten diogu mintzagaiari, bereziki azpimarratu zein den gure solasaren markoa ematen duen osagaia. Baliabide bat baino gehiago dute hizkuntzek mintzagaia zein den azpimarratzeko, horien artean sintaxiaz baliatzea eta mintzagai funtzioa du(t)en osagaia(k) aurreratzea, ezkerrera mugitzea, perpausaren periferia gunera452. Hala egiten du euskarak, beste hizkuntza askok bezala. Bi dira, berez, periferia guneak: perpausaren ezkerrekoa bata, eskuinekoa bestea. Diskurtsoaren informazio egitura antolatzeko, osagai bat baino gehiago eman ditzakegu periferia gune horietan —betiere informazio ezaguna adierazten duten osagaiak—. Nolanahi ere, ohikoena, bai euskaraz eta bai beste hizkuntza batzuetan ere (Institut d’Estudis Catalans 2016; Zubizarreta 1999; RAE 2009), ezkerreko periferia gunea da. Gune horretara osagai bat eramaten dugunean mintzagaia aurreratzen dugu (topic fronting)453: osagai hori dagokion kokagunetik atera eta perpausaren hasierara eramaten dugu; zehatzago izango litzateke perpausaren esparrutik kanpora ateratzen dugula esatea, periferiara eramaten dugula454. Modu horretan azpimarratzen ditugun mintzagaiei, mintzagai aurreratu esaten zaie; eta ohikoa izaten da estrategia hori baliatzea esaldi batetik bestera mintzagaia aldatu dela azpimarratzeko (askotan aurreko esaldiko galdegaia baliatzen da hurrengo esaldiko mintzagaitzat). Mintzagai aurreratu edo enfatiko horien ondoren eten txiki bat egiten dugu ahoz ari garenean; eta ohikoa izaten da idatzian koma bidez adieraztea. Perpausaren gunearen barruan doazen mintzagaiak, aldiz, aurreratugabeak dira eta komarik gabe ematen ditugu. Argi ikusten da egitura baten eta bestearen arteko aldea honako adibide hauetan: Emakume asko erre zituzten Europan XVI. mendean / Europan, XVI. mendean, emakume asko erre zituzten. Lehen adibidean galdegaia (emakume asko) eta mintzagai aurreratugabeak ditugu, aditzaren eskuinean eman ditugunak. Bigarrenean, berriz, ezkerreko gunera atera ditugu bi mintzagaiak eta, horrela eginaz, hanpatu, nabarmendu egin dugu noiz gertatu zen eta non gertatu zen emakume asko erretzeko ekintza.

EGLUn (1987a) genioenez, iruzkineko osagai bat nabarmendu bada, hau da, perpaus batean galdegaia badugu, galdegai horren ezkerrean doazen beste osagaiak mintzagai gisa aurreratuak dira (hanpatu deitzen zen EGLUn). Bestela esan: galdegaia agertzen baldin bada esaldian, galdegaiaren ezkerreko mintzagaia beti aurreratua izango da: liburua (mintzagai aurreratua), nik (galdegaia) irakurri dut. Argi ikusten da hori mintzagai aurreratua eta galdegilea duten perpausetan: anaiak / ZER erosi du?; autoa / NORK erosi du? Sintagma bat baino gehiago ere ager daitezke horrela aurreratuak (berez, galdegaiaren ezkerrean eman ditugun guztiak): Goizean, lantokian, nagusiek eta langileen ordezkariek, oso bilera luze eta kalapitatsua izan zuten. Ez da ohikoa, hala ere, horrenbeste osagai enfasidun ematea. Izatekotan, ahoz ari garela, entzuleen arreta erakarri nahi dugunean gertatzen dira natural horrelako egiturak. Inola ere ez informazio testuetan, testu akademikoetan eta abar.

41.5.3b Edozein sintagma aurreratu daiteke periferiara, enfasiaren posiziora: postposizio sintagma (etxe horretan, gu bizi gara; Karmenekin, Pello pozik ezkonduko da); objektu funtzioa betetzen duen sintagma (ardo hau, oso merke erosi dut); adberbioa (atzo, mozkortu egin nintzen). Nolanahi ere, oso aldakorra da adberbioen eta postposizio sintagmen egoera mintzagai egiturari buruz (EGLU-I 1987a), batzuetan aditzari estuki loturik joango dira, argumentuak izango dira, lokatiboak eta mugimendu aditzak, esaterako (§ 23.3), bart, ohera, oso berandu joan zinen (arruntagoa da bart, oso berandu joan zinen ohera); mahai gainean, nik utzi dut (askoz maizago agertuko da nik utzi dut mahai gainean). Aditza ere izan daiteke mintzagai aurreratu, batzuetan ere ondoan duela (hemen ere ohart gaitezen aditz aurreratu hori beti partizipio burutu forman ematen dugula): Ezagutu, Salamancan ezagutu nuen Altuna (Mitxelena); Entzun, ez zuen ezer entzuten (Garate); Eta gosaldu ere, ez zuen sukaldean presaka gosaldu (Atxaga); Ikusi, zerbait ikusten du.

41.5.3c De Rijkek (1978) ohartarazi gintuen aurreratzen dugun sintagmak jatorrian zuen kasu marka edo postposizioa gordeko duela, horrela ikusiko baitugu zein zuen jatorrizko funtzioa perpausaren barruan455. Aditza aurreratzen dugunean, ostera, beste estrategia batez baliatzen gara: aditza bere lekuan utzi, baina “kopia” bat perpausaren hasieran jarri partizipio burutu forman (de Rijk 2008: 460), edo aditza (partizipio burutu forman) aurreratu eta perpausean dagokion lekuan egin ezarri: Debekatu, ez du inork egiten. Baina aditza mintzagai aurreratu bihurtzen dugunean, ezin esan dezakegu informazio zaharra ematen duela. Horrelakoetan zuzenagoa da esatea aditzak adierazten duen ekintza, jarduera edo gertaera hori dela gure diskurtsoaren unibertsoa, horretaz bereziki esan nahi dugula zerbait.

Sarri askotan, diskurtso markatzaileak (§ 42.12) erabiltzen ditugu mintzagai aurreratu bat nabarmentzeko: Ni, behintzat, han nintzen; Zuri, aldiz, ez nizuke halakorik egingo; Hark, aitzitik, autoa hartu zuen; Zurekin, berriz, edozein tokitara joango nintzateke.

Hasierako mintzagaiaren eta ondoren datorren perpausaren arteko lotura izan daiteke semantikoa edo pragmatikoa (ez lotura formala): Japoni dagokionez, esan zidaten Tokion bizimodua oso garestia dela.

41.5.3d Mendeko perpaus bateko mintzagaia ere aurreratu daiteke, eta, perpaus nagusiko aditzaren gainetik gurutzatuz, hasierako posiziora eraman (de Rijk 2008: 459): Paperak, ez dakit nola galdu dituen; Alabak, ez dakit zer egin nahiko duen; Sendagile horrekin, esaten dute ez direla inoiz ere operatuko456.

Areago, mendeko perpausa ere bihur daiteke mintzagai aurreratu, de Rijkek (2008) ematen dituen adibide hauetan ikus daitekeen bezala: Baina Gotzonek ni hil ninduela zeharo sinetsi zuen (Garate); Jainkoak heriotzatik gorde gaitzan, kandela bedeinkatua piztuko dugu (Etxaniz).

41.5.3e Ezezko perpausetan, ez galdegai bada, haren aurrekoa mintzagai aurreratua izango da: Astelehenean EZ naiz joango. Koma bat ezartzeak enfasi txiki bat gehituko dio mintzagaiari: Igandeetan, ez dute ogirik egiten[Bestelako jaiegunetan, agian bai]. Hanpadurarik nahi edo behar ez badugu, nahikoa da adizki nagusiaren ondoren ematea mintzagaia (mintzagai aurreratugabeari dagokion posizioan, alegia): Ez da trenez etorriko (herrira); Ez dute ogirik egiten igandeetan.

452 RAEk (2009: § 40.3i) zalantzan jartzen du mintzagaia perpausaren barrutik atera eta “aurreratu” egiten ote den ala hasieratik kokatzen den periferia gunean. Gaztelaniazko hainbat egitura hobeto esplikatzen omen dira hasierako kokagunetzat hartzen bada. Nolanahi ere, mintzagai aurreratu terminoa erabiltzeak ez du esan nahi ikuspegi baten edo bestearen aldeko jarrera hartzen dugunik. Perpausaren aurreko gunean, periferian, ematen dugula adierazi nahi dugu, besterik gabe.

453 EGLUren aurreko lanetarako, ikus de Rijk (1978) eta Mitxelena (1981).

454 Edo zuzenean perpausetik kanpoko esparruan kokatzen dugula ere esan daiteke, RAEren eztabaida gogoan izanda.

455 Aurreratzen den mintzagaiak bere jatorrizko kasu marka edo postposizio atzizkia gordetzeak erakusten du ez ditugula nahasi behar bi estrategia: mintzagaia aurreratzea (topic fronting) eta ‘ezkerreko dislokazioa’ (Left dislocation). Azken honek beti uzten du atzean, lehenago zegoen lekuan, izenordainen bat ordezkari gisa. Baina euskaraz ezinezkoa zaigu *Sendagile horrekin, behintzat, ez dut uste berarekin inoiz mendira joango naizenik esatea (adibide honetan berarekin izenordaina litzateke aurreratutako sendagile horrekin postposizioaren aztarnari dagokiona). Bestalde, ezkerreko dislokazioan sintagmak beti determinatuak izaten dira, baina euskaraz sintagma zehaztugabeak ere izan daitezke mintzagai aurreratu: Sendagilerik, ez dut uste inoiz beharko dudanik (de Rijk 1978). Mitxelenak (1981) ere bere egin zuen de Rijken oharra. Hitz batean, euskaraz ez dugu ezkerreko dislokazioaren estrategiarik. Gaztelaniak mintzagaia aurreratzea eta ezkerraldera destokitzea nola bereizten dituen jakiteko Zubizarreta (1999), RAE (2009) irakur daitezke, edo ingeleserako Ward, Birner & Huddleston (2002: 1408 e.h.).

456 De Rijkek (1978: 100) dio ondorengo adibideak ontzat ematen zituzten hiztunak aurkitu zituela: Lehengo urteetan ere, sendagile horrek, bere herritarrek uste dute jende asko lurperatu zuela; Bere gazte denboran, Ameriketan, sendagile horrek, ia inork ez daki zer gaiztakeria egin zuen; Orain dela urte asko, sendagile horrek, askori iruditzen zaie bere emaztea hil zuela.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper