41.5.2a Garrantzitsua da mintzagaia zein den identifikatzea. Gehienetan diskurtsoaren barruan, aurretik esandakoa nahikoa izaten da entzuleak jakin dezan perpaus jakin batean zein den mintzagaia.
41.5.2b Hala gertatzen denean, mintzagaiak ez du euskaraz bereziki azpimarratu beharrik eta perpausaren edozein posiziotan ager daiteke. Areago, mintzagaia ez da beti ikusten (edo entzuten), dela isilean atxikia delako, dela aditzak berak, komunztadurari esker, agerian uzten duelako zein den mintzagaia. Ikus ditzagun honako bi adibide hauek: Oinez etorriko naiz; Nik hartuko dut. Bietan utzi dugu elementuren bat ezkutuan: ni lehen adibidean, eta zerbait, hartuko dudan ‘hori’, bigarrenean. Biak dira mintzagai, oinez eta nik baitira, hurrenez hurren, galdegaiak; baina ez ditugu nahitaez adierazi behar, aditzean jasoak daudelako.