Euskararen Gramatika

41.5. Periferia guneak. Mintzagaia: mintzagai aurreratua / mintzagai atzeratua


41.5. Periferia guneak. Mintzagaia: mintzagai aurreratua / mintzagai atzeratua

41.5.1. Mintzagai motak

41.5.1a Orain arte esan dugunaren arabera (§ 41.3d), gure diskurtsoaren, elearen markoa finkatzen duen perpaus-atala da ‘mintzagaia’; askotan, informazio zaharra edo jadanik ezaguna zaiguna biltzen duen atala. Ordena neutroa, kanonikoa darabilgunean (§ 41.2), subjektu funtzioa betetzen duen sintagma, perpauseko predikazio oinarria alegia, izan ohi da mintzagaia. Baina informazio zaharra / informazio berria jokoan, sarri gertatzen da perpaus bateko informazio guztia izatea berria. Horixe azpimarratu dute Mitxelenak (1981), de Rijkek (2008: 172) eta baita Garziak ere (2014a): mintzagaia ez da esaldi bateko nahitaezko elementua. Esaterako, Datorren astean erregaia igoko dutela entzun dut perpausean, guztia hartuko genuke informazio berritzat. Mintzagairik gabeak dira, aurkezpen-adierazpenak ere, de Rijkek dioenez (presentational statements deituak ingelesezko gramatiketan): Horra sei bertso kale-garbitzaileari (Bilintx).

Bestalde, mintzagaiak aldez aurretik dakigun informazioa, hiztunak eta entzuleak partekatzen duten informazio nahiz aurresuposizioa biltzeak ez du esan nahi mintzagai diren sintagmek mugatuak izan behar dutenik. Perpausa guztiz berria bada, bere mintzagai propioa ekar dezake, entzuleak aldez aurretik ezagutzen ez duena. Sintagma zehaztugabeen bidez adierazten ditugu horrelako mintzagaiak. Areago, informazioa ezaguna zaigunean ere izen sintagma inespezifikoak, espezifikoa ez denak, eraman dezake mintzagaia, betiere multzo bat izendatzen duenean, eta ez banakoa. Beraz, partitiboa daramaten izen sintagmak ere izan daitezke mintzagai: Sendagilerik, ez dut uste inoiz beharko dudanik (de Rijk 1978, 2008). Aurreraxeago itzuliko gara kontu honetara, mintzagai aurreratuez jardutean.

41.5.1b Berez, bi mintzagai mota bereiz daitezke: diskurtsokoa eta perpausekoa. Perpaus honetan, Gonzalez jauna zientzialari jakintsua da, baina bada zer esanik bere originaltasunaz, bi mintzagai izan ditzakegu. Batetik, Gonzalez jauna, perpauseko mintzagai dena. Bestetik, Gonzalez jaunaren zientzia gaitasuna, diskurtsoko mintzagai baino izan ez daitekeena. Diskurtsoko mintzagaiak perpausa baino unitate zabalagoei dagozkie. Perpausekoak, berriz, nahitaez perpauseko osagai izan behar du; oro har, perpauseko subjektua izan ohi da. Eta horretaz egiten den iruzkina, ostera, predikatua.

41.5.2. Mintzagai isildua

41.5.2a Garrantzitsua da mintzagaia zein den identifikatzea. Gehienetan diskurtsoaren barruan, aurretik esandakoa nahikoa izaten da entzuleak jakin dezan perpaus jakin batean zein den mintzagaia.

41.5.2b Hala gertatzen denean, mintzagaiak ez du euskaraz bereziki azpimarratu beharrik eta perpausaren edozein posiziotan ager daiteke. Areago, mintzagaia ez da beti ikusten (edo entzuten), dela isilean atxikia delako, dela aditzak berak, komunztadurari esker, agerian uzten duelako zein den mintzagaia. Ikus ditzagun honako bi adibide hauek: Oinez etorriko naiz; Nik hartuko dut. Bietan utzi dugu elementuren bat ezkutuan: ni lehen adibidean, eta zerbait, hartuko dudan ‘hori’, bigarrenean. Biak dira mintzagai, oinez eta nik baitira, hurrenez hurren, galdegaiak; baina ez ditugu nahitaez adierazi behar, aditzean jasoak daudelako.

41.5.3. Mintzagai aurreratua

41.5.3a Hala ere, behin baino gehiagotan enfasi berezia eman nahi izaten diogu mintzagaiari, bereziki azpimarratu zein den gure solasaren markoa ematen duen osagaia. Baliabide bat baino gehiago dute hizkuntzek mintzagaia zein den azpimarratzeko, horien artean sintaxiaz baliatzea eta mintzagai funtzioa du(t)en osagaia(k) aurreratzea, ezkerrera mugitzea, perpausaren periferia gunera452. Hala egiten du euskarak, beste hizkuntza askok bezala. Bi dira, berez, periferia guneak: perpausaren ezkerrekoa bata, eskuinekoa bestea. Diskurtsoaren informazio egitura antolatzeko, osagai bat baino gehiago eman ditzakegu periferia gune horietan —betiere informazio ezaguna adierazten duten osagaiak—. Nolanahi ere, ohikoena, bai euskaraz eta bai beste hizkuntza batzuetan ere (Institut d’Estudis Catalans 2016; Zubizarreta 1999; RAE 2009), ezkerreko periferia gunea da. Gune horretara osagai bat eramaten dugunean mintzagaia aurreratzen dugu (topic fronting)453: osagai hori dagokion kokagunetik atera eta perpausaren hasierara eramaten dugu; zehatzago izango litzateke perpausaren esparrutik kanpora ateratzen dugula esatea, periferiara eramaten dugula454. Modu horretan azpimarratzen ditugun mintzagaiei, mintzagai aurreratu esaten zaie; eta ohikoa izaten da estrategia hori baliatzea esaldi batetik bestera mintzagaia aldatu dela azpimarratzeko (askotan aurreko esaldiko galdegaia baliatzen da hurrengo esaldiko mintzagaitzat). Mintzagai aurreratu edo enfatiko horien ondoren eten txiki bat egiten dugu ahoz ari garenean; eta ohikoa izaten da idatzian koma bidez adieraztea. Perpausaren gunearen barruan doazen mintzagaiak, aldiz, aurreratugabeak dira eta komarik gabe ematen ditugu. Argi ikusten da egitura baten eta bestearen arteko aldea honako adibide hauetan: Emakume asko erre zituzten Europan XVI. mendean / Europan, XVI. mendean, emakume asko erre zituzten. Lehen adibidean galdegaia (emakume asko) eta mintzagai aurreratugabeak ditugu, aditzaren eskuinean eman ditugunak. Bigarrenean, berriz, ezkerreko gunera atera ditugu bi mintzagaiak eta, horrela eginaz, hanpatu, nabarmendu egin dugu noiz gertatu zen eta non gertatu zen emakume asko erretzeko ekintza.

EGLUn (1987a) genioenez, iruzkineko osagai bat nabarmendu bada, hau da, perpaus batean galdegaia badugu, galdegai horren ezkerrean doazen beste osagaiak mintzagai gisa aurreratuak dira (hanpatu deitzen zen EGLUn). Bestela esan: galdegaia agertzen baldin bada esaldian, galdegaiaren ezkerreko mintzagaia beti aurreratua izango da: liburua (mintzagai aurreratua), nik (galdegaia) irakurri dut. Argi ikusten da hori mintzagai aurreratua eta galdegilea duten perpausetan: anaiak / ZER erosi du?; autoa / NORK erosi du? Sintagma bat baino gehiago ere ager daitezke horrela aurreratuak (berez, galdegaiaren ezkerrean eman ditugun guztiak): Goizean, lantokian, nagusiek eta langileen ordezkariek, oso bilera luze eta kalapitatsua izan zuten. Ez da ohikoa, hala ere, horrenbeste osagai enfasidun ematea. Izatekotan, ahoz ari garela, entzuleen arreta erakarri nahi dugunean gertatzen dira natural horrelako egiturak. Inola ere ez informazio testuetan, testu akademikoetan eta abar.

41.5.3b Edozein sintagma aurreratu daiteke periferiara, enfasiaren posiziora: postposizio sintagma (etxe horretan, gu bizi gara; Karmenekin, Pello pozik ezkonduko da); objektu funtzioa betetzen duen sintagma (ardo hau, oso merke erosi dut); adberbioa (atzo, mozkortu egin nintzen). Nolanahi ere, oso aldakorra da adberbioen eta postposizio sintagmen egoera mintzagai egiturari buruz (EGLU-I 1987a), batzuetan aditzari estuki loturik joango dira, argumentuak izango dira, lokatiboak eta mugimendu aditzak, esaterako (§ 23.3), bart, ohera, oso berandu joan zinen (arruntagoa da bart, oso berandu joan zinen ohera); mahai gainean, nik utzi dut (askoz maizago agertuko da nik utzi dut mahai gainean). Aditza ere izan daiteke mintzagai aurreratu, batzuetan ere ondoan duela (hemen ere ohart gaitezen aditz aurreratu hori beti partizipio burutu forman ematen dugula): Ezagutu, Salamancan ezagutu nuen Altuna (Mitxelena); Entzun, ez zuen ezer entzuten (Garate); Eta gosaldu ere, ez zuen sukaldean presaka gosaldu (Atxaga); Ikusi, zerbait ikusten du.

41.5.3c De Rijkek (1978) ohartarazi gintuen aurreratzen dugun sintagmak jatorrian zuen kasu marka edo postposizioa gordeko duela, horrela ikusiko baitugu zein zuen jatorrizko funtzioa perpausaren barruan455. Aditza aurreratzen dugunean, ostera, beste estrategia batez baliatzen gara: aditza bere lekuan utzi, baina “kopia” bat perpausaren hasieran jarri partizipio burutu forman (de Rijk 2008: 460), edo aditza (partizipio burutu forman) aurreratu eta perpausean dagokion lekuan egin ezarri: Debekatu, ez du inork egiten. Baina aditza mintzagai aurreratu bihurtzen dugunean, ezin esan dezakegu informazio zaharra ematen duela. Horrelakoetan zuzenagoa da esatea aditzak adierazten duen ekintza, jarduera edo gertaera hori dela gure diskurtsoaren unibertsoa, horretaz bereziki esan nahi dugula zerbait.

Sarri askotan, diskurtso markatzaileak (§ 42.12) erabiltzen ditugu mintzagai aurreratu bat nabarmentzeko: Ni, behintzat, han nintzen; Zuri, aldiz, ez nizuke halakorik egingo; Hark, aitzitik, autoa hartu zuen; Zurekin, berriz, edozein tokitara joango nintzateke.

Hasierako mintzagaiaren eta ondoren datorren perpausaren arteko lotura izan daiteke semantikoa edo pragmatikoa (ez lotura formala): Japoni dagokionez, esan zidaten Tokion bizimodua oso garestia dela.

41.5.3d Mendeko perpaus bateko mintzagaia ere aurreratu daiteke, eta, perpaus nagusiko aditzaren gainetik gurutzatuz, hasierako posiziora eraman (de Rijk 2008: 459): Paperak, ez dakit nola galdu dituen; Alabak, ez dakit zer egin nahiko duen; Sendagile horrekin, esaten dute ez direla inoiz ere operatuko456.

Areago, mendeko perpausa ere bihur daiteke mintzagai aurreratu, de Rijkek (2008) ematen dituen adibide hauetan ikus daitekeen bezala: Baina Gotzonek ni hil ninduela zeharo sinetsi zuen (Garate); Jainkoak heriotzatik gorde gaitzan, kandela bedeinkatua piztuko dugu (Etxaniz).

41.5.3e Ezezko perpausetan, ez galdegai bada, haren aurrekoa mintzagai aurreratua izango da: Astelehenean EZ naiz joango. Koma bat ezartzeak enfasi txiki bat gehituko dio mintzagaiari: Igandeetan, ez dute ogirik egiten[Bestelako jaiegunetan, agian bai]. Hanpadurarik nahi edo behar ez badugu, nahikoa da adizki nagusiaren ondoren ematea mintzagaia (mintzagai aurreratugabeari dagokion posizioan, alegia): Ez da trenez etorriko (herrira); Ez dute ogirik egiten igandeetan.

41.5.4. Bi mintzagai kontraste bidez emanak

41.5.4a Perpaus baten eta hurrengoaren mintzagaiak desberdinak badira, bada aukera bien arteko kontrastea markatzeko: Liburua nik hartu dut; paperak, berriz, ez dakit nola galdu dituen. Bi perpaus ditugu adibide horretan, alborakuntzaz elkartuak. Bietan ageri da mintzagai aurreratua, ezkerreko gunean ezarria, zertaz ari garen adierazten diguna. Hemen, ordea, perpaus bakoitzak du bere mintzagaia —liburua lehen perpausak, paperak bigarrenak (perpaus osagarritik atera eta ezkerrera eramandako sintagma)—. Bien arteko kontrastea markatzen dugu, gainera, berriz diskurtso markatzailearen bidez (§ 42.21.3).

41.5.4b Egitura horretakoa da Bernard Etxepareren adibide hau ere: Lehenago hi baitinzan lengoajetan azkena, / orai, aldiz, izanen iz orotako lehena. Hor, lehenago eta orai dira, hurrenez hurren, kontrastean jartzen direnak. Aldiz diskurtso markatzailearen (§ 42.12) erabilerak azpimarratzen du kontrastea adibide horretan. Ohikoak ditu euskarak horrelako egiturak: bi perpaus (edo gehiago), bakoitzak bere mintzagaia duela, diskurtso markatzaileren baten bidez nabarmenduaz mintzagaien arteko kontrastea.

41.5.5. Mintzagai atzeratua

41.5.5a Ohikoa ez izan arren —esan baitugu ezkerraldeko periferia dela mintzagai aurreratuaren berezko gunea—, argi baldin badago osagai bat mintzagai dela, esaldiaren atzealdeko gunean ere ezar dezakegu, nabarmentzeko. Baina askoz bakanagoak dira halako mintzagai atzeratuak. Testu idatzietan ageri dira ia beti.

41.5.5b Mintzagai atzeratu izan daitezke mintzagai gisa espezializaturik dauden esapideak, besteak beste, -nez motako mendeko perpausak (§ 38.8, § 40.17): Atzera uretara bota dugu arraina, txikiegia zenez. Mintzagai atzeratu izan daitezke informazio gehitua dakartenak ere: Ederra egin digu, Iker zerri horrek (Garzia 2014a). Mitxelenak (1981) ere aipatzen ditu horrelako egiturak: Nahi duzuna egingo dut, bihar goizean (bihar goizean, zer egingo duzu? galderaren erantzun gisa eman daitekeena).

41.5.6. Erdiko mintzagaia

41.5.6a Garziak hirugarren mintzagai mota bat ere bereizten du hartzen duen posizioaren arabera, tarteki aparteak: “Tarteki edo aparteak ez dira gunekoak [perpausaren barrukoak], eta mintzagaia nahiz gehikuntza kokatu ditugun esaldi-periferia horretatik ere kanporago kokatzekoak dira, nahiz eta kasu askotan haiek bezala komaz markatuak izan. Marka espezializatuek —hots, parentesi zein marra pareak— garbiago uzten dute tartekian apartetasuna” (Garzia 2014a: 73). Honako adibide hauetan ikus daitezke tarteki edo aparte horietako batzuk: Agureak, (berari, bost axola zitzaion) ez zien jaramonik egin mehatxuei; Agureak, erlojua eskuan, ez zien jaramonik egin mehatxuei; Agureak, une hartan, ez zien jaramonik egin mehatxuei; Halako kontuek, hemen, txitean-pitean eragiten dute hainbat istilu; Italiara joan da, andregaiarekin, joan den astean. Lausoa da horrelako egituretan mintzagaien eta tartekien arteko muga (ikus Azpeitia 2012).

41.5.6b RAEk ere aipatzen ditu erdiko mintzagaiak, tartekien pareko direnak: “Las mujeres, administrativamente hablando, son mejores que los hombres”; “Una primavera que, en cuanto a desigual y caprichosa, nada tiene que envidiar a la que disfrutan ustedes en la coronada villa” (2009: 2975).

452 RAEk (2009: § 40.3i) zalantzan jartzen du mintzagaia perpausaren barrutik atera eta “aurreratu” egiten ote den ala hasieratik kokatzen den periferia gunean. Gaztelaniazko hainbat egitura hobeto esplikatzen omen dira hasierako kokagunetzat hartzen bada. Nolanahi ere, mintzagai aurreratu terminoa erabiltzeak ez du esan nahi ikuspegi baten edo bestearen aldeko jarrera hartzen dugunik. Perpausaren aurreko gunean, periferian, ematen dugula adierazi nahi dugu, besterik gabe.

453 EGLUren aurreko lanetarako, ikus de Rijk (1978) eta Mitxelena (1981).

454 Edo zuzenean perpausetik kanpoko esparruan kokatzen dugula ere esan daiteke, RAEren eztabaida gogoan izanda.

455 Aurreratzen den mintzagaiak bere jatorrizko kasu marka edo postposizio atzizkia gordetzeak erakusten du ez ditugula nahasi behar bi estrategia: mintzagaia aurreratzea (topic fronting) eta ‘ezkerreko dislokazioa’ (Left dislocation). Azken honek beti uzten du atzean, lehenago zegoen lekuan, izenordainen bat ordezkari gisa. Baina euskaraz ezinezkoa zaigu *Sendagile horrekin, behintzat, ez dut uste berarekin inoiz mendira joango naizenik esatea (adibide honetan berarekin izenordaina litzateke aurreratutako sendagile horrekin postposizioaren aztarnari dagokiona). Bestalde, ezkerreko dislokazioan sintagmak beti determinatuak izaten dira, baina euskaraz sintagma zehaztugabeak ere izan daitezke mintzagai aurreratu: Sendagilerik, ez dut uste inoiz beharko dudanik (de Rijk 1978). Mitxelenak (1981) ere bere egin zuen de Rijken oharra. Hitz batean, euskaraz ez dugu ezkerreko dislokazioaren estrategiarik. Gaztelaniak mintzagaia aurreratzea eta ezkerraldera destokitzea nola bereizten dituen jakiteko Zubizarreta (1999), RAE (2009) irakur daitezke, edo ingeleserako Ward, Birner & Huddleston (2002: 1408 e.h.).

456 De Rijkek (1978: 100) dio ondorengo adibideak ontzat ematen zituzten hiztunak aurkitu zituela: Lehengo urteetan ere, sendagile horrek, bere herritarrek uste dute jende asko lurperatu zuela; Bere gazte denboran, Ameriketan, sendagile horrek, ia inork ez daki zer gaiztakeria egin zuen; Orain dela urte asko, sendagile horrek, askori iruditzen zaie bere emaztea hil zuela.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper