Euskararen Gramatika

41.4. Ordena markatua: Galdegaia


41.4. Ordena markatua: Galdegaia

41.4.1. Perpauseko informazio berria

4 1.4.1a Orain arte esandakoaren arabera, ordena kanonikoa duten perpausetan, perpaus osoak eman dezake informazio berria, eta ‘mintzagaia / iruzkina’ da dagokien informazio egitura. Baina ez da beti horrela izaten. Aditzaren aurreko sintagma ere izan daiteke informazio berria ematen duen bakarra. Har dezagun ondoko perpausa: Gure lagunak zinemara joan dira. Perpaus hori izan daiteke informazio berria, baina izan dezake beste irakurketa bat ere: Gure lagunak ZINEMARA joan dira. Bigarren honetan, ahoz ari bagina, intonazioak nabarmenduko luke zinemara osagaia. Lehen perpausa, gure lagunek zer egin dute? galderaren erantzun egokia da; bigarrena aukeratuko dugu, ostera, gure lagunak norabait joan direla jakin eta nora joan diren baldin bada lortu (edo eman) nahi dugun informazioa (nora joan dira?). Beste hitz batzuetan esanda, Gure lagunak zinemara joan dira perpausa izan daiteke galdera orokor baten erantzuna (zer gertatu da?); izan daiteke gure lagunek zerbait egin dutela jakin eta horri buruzko informazioa ematen duena (gure lagunek zer egin dute? galderaren erantzuna, alegia) eta izan liteke, azkenik, gure lagunak norabait joan direla jakin eta nora joan diren informazioa ematen duena, zati galdera baten erantzuna: Nora joan dira gure lagunak? Lehen bi interpretazioetan mintzagaiak (gure lagunak) eta iruzkinak (zinemara joan dira) osatuko dute adibide hartu dugun perpaus horren informazio egitura. Hirugarren interpretazioan, ordea, nora joan dira? zati galderaren erantzuntzat hartuko genukeenean, osagai bat nabarmentzen dugu informazio egituran. Izan ere, zati galderetan beti izaten da aurresuposizio bat, aldez aurretik dakigun zerbait (gure lagunak norabait joan dira) eta ezagutzen ez dugun elementuren bat (NORA joan diren, zehazki); azken honetaz egiten da galdera, hain zuzen ere. Horixe da informazio egituran nabarmentzen dugun osagaia. Galdegai deitzen zaio euskaraz osagai horri (foku nazioartean). Eta mintzagai, berriz, gainerakoari: galde hitza edo haren erantzun den galdegaia kokatzeko informazio markoa ematen digun zatiari445. Aurreraxeago aztertuko dugu berariaz mintzagaia41.5) eta han emango dugu mintzagai terminoa ikusteko bi moduen berri: batetik, iruzkinari kontrajartzen zaion atala; bestetik, galdegaiari kontrajartzen zai(zki)on atala(k). Nolanahi ere, perpaus askotan, informazioa ematea beste helbururik ez dutenetan, ez dago nabarmendutako atalik, ez dago galdegairik (Auto batek istripua izan du esaldian, esaterako, zer gertatu da? galdera orokorrari erantzuten dion heinean).

41.4.1b Mintzatzen garenean ondo bereizten dugu noiz dugun mintzagai / iruzkin informazio egitura eta noiz dugun galdegaia. Lehenak, bi multzo prosodiko ditu, mintzagaiari dagokiona bata, iruzkinari dagokiona, bestea (§ 41.3d). Bigarrenean, ordea, talde foniko jarraitua osatzen dute galdegaiak eta aditzak. Talde foniko horren azentu gailurra galdegaiak darama eta hortik aurrera esaldia malda behera bezala doa (Mitxelena 1981). Aditzaren ezkerraldeko lehen posizioa hartu ohi du, beraz, galdegaiak; hau da, galde hitzak hartzen duen posizio bera. Bata bestearen ispilu dira galde hitza eta galdegaia hitzen ordenari dagokionez (de Rijk 1978). Eta biek, galdegaiak eta aditzak, ezin bananduzko informazio unitatea osatzen dute; ez dute tartean beste osagairik onartzen446; bide, omen/ei eta ote partikulak dira galdegaiaren eta adizkiaren artean eman daitezkeen bakarrak (§ 23.5.3).

41.4.1c Osagaien ordena kanonikoa aldatzeak ordena markatua dakar berarekin. Hala gertatzen denean, beti fokalizatzen, nabarmentzen dugu osagairen bat, hura izaten baita informazio berria dakarrena. Ordena kanonikoa haustean, aditzaren aurreko osagaia hartuko dugu galdegaitzat. Ondoko bi adibideetan, amak eta atezainari, hurrenez hurren: Liburu hau amak eskaini dit; Giltzak atezainari ahaztu zaizkio. Aurreko puntuan esan bezala, ordena ez-markatuan, neutroan, intonazioak esango digu aditzaren aurreko osagai hori galdegai den ala ez; “ebakidura edo etena da mintzagai / galdegai arteko bereizkuntzaren ezaugarri adizkia analitikoa denean: gaur / izan dute (mintzagaia) eta GAUR izan dute (galdegaia). Adizkia trinkoa izanik, ba partikula ezartzen da aditzaren aurrean: gaur dute / gaur, badute; adiskideak darama / adiskideak badarama” (Mitxelena 1981: 72). Galde hitzak ere informazio berriaren eskea egiten duten neurrian, galdegai direla esaten dugu eta aditzaren ezkerrean ematen ditugu aurreko puntuan esan bezala: Bihar, nora joango gara?; Amaia, norekin etorri da?

41.4.1d Osagai guztiak izan daitezke galdegai, bai eta aditza bera ere. Aurreko puntuan ikusi ditugu sintagma ergatiboa (amak) eta sintagma datiboa (atezainari) galdegai zuten adibideak. Edozein postposizio sintagma ere izan daiteke galdegai: Zure arrebarekin joan nintzen auto berria erostera; Hiru egunean amaituko omen du lana; Leku askotatik iritsi zaigu berri bera; Kontu handiz gidatzen duzu zuk. Adberbioak ere berdin: Zinemara, atzo joan nintzen; Beti iristen da berandu; Horrelaxe egin beharko zenuke beti lan. Aditza ere izan daiteke galdegai, eta galdegaitasun hori nabarmentzeko egin baliatzen da batez ere Hegoaldean adizki analitikoetan: Krisi garaietan, areagotu egiten da langabetuen kopurua; Goibel gaudenean, lagundu egiten du ingurukoek animoak emateak; Lengo igandean, Moxolo eta ni asi gaituk zaragia esku batez jaso baietz eta ezetz, ta galdu egin nian (Agirre). Perpaus nagusietako adizkien ezaugarria da egin hori; ez da erabiltzen mendeko perpaus jokatugabeetan (*Ez dizut eskatu etorri egiteko; *Aspertu naiz irakurri egiten…); eta nekez aurkituko dugu mendeko perpaus jokatuetan ere (*Ikusi egin nauenean; *Irakurri egin dudan liburua).

41.4.1e Kontuz ibili behar da, ordea, noiz den egoki egin hori erabiltzea. Gaur egun askotan ikusten baitugu egin aditzaz bestelako galdegaia duten perpausetan. Adibide hauetan, esaterako, ez da zilegi egin erabiltzea, hurrenez hurren beti, erreklamazio bat eta zer nolako ondorioak eragin ditzaketen drogek direlako galdegaia, nabarmendu nahi dena, eta ez aditza: *Beti esan egiten diot erantzun txarrik ez emateko; *Bere desadostasuna adierazteko, erreklamazio bat aurkeztu egin du; *Hitzaldi horietan erakutsi egiten da zer nolako ondorioak eragin ditzaketen drogek.

Beste batzuetan, galdera orokor bat egiteko baliatzen dugu egin, eta erantzunaren informazio egitura mintzagaia / iruzkina izango da: Zer egin duzu? Kanpora atera naiz. Baina galdera horren erantzun izan daiteke aditza nabarmentzen duen beste hau ere: Aspertuta nengoen eta atera egin naiz bileratik.

41.4.2. Galdegaia nola nabarmendu

41.4.2a Euskalkien arabera molde bat baino gehiago erabiltzen da galdegaia nabarmentzeko. Ekialdeko euskalkietan adizki laguntzailea aurreratzen da maiz (Lafitte 1944; Etxepare & Ortiz de Urbina 2003): Nik dut egin; Zuk duzu hautsi basoa. Gaur egun ere horrelako adibide ugari aurkituko ditugu ekialdeko testuetan eta ahozko mintzoan ere. Adizki laguntzailea aurreratua duten egiturak markatuagoak dira galdegaia + adizki nagusia hurrenkera dutenak baino: Zuk hautsi duzu basoa / Zuk duzu hautsi basoa.

Adizki sintetikoetan, aditza bera errepikatzen da, batez ere Bizkaiko zenbait tokitan, galdegai dela nabarmentzeko: Ekarri dakar; Entzun dantzu; Itsasontzi hori, joan doa ala etorri dator? Erakusleek, berriz, -xe- atzizkia hartzen dute sarritan: Aitak hauxe esan zuen. Horrek esan nahi du -xe- atzizkidun erakusleak ezin direla mintzagai aurreratuaren kokagunean agertu (§ 41.5.3): *Hauxe aitak esan zuen.

41.4.2b Aditzak adierazten duena gertatuko dela, edo ez dela gertatuko ere nabarmendu dezakegu; hau da, gertakari edo ekintza horren baiezkotasuna edo ezezkotasuna. Ezezkotasuna nola adierazten dugun aurreraxeago ikusiko dugunez, azter dezagun zein baliabide ditugun baiezkotasuna fokalizatzeko. Adizki sintetikoa dugunean, ba- aurrizkiaz baliatzen gara aditza nabarmentzeko: Badator laguna; Badakit hori; Zuk, behintzat, badituzu lagunak. Esan beharrik ez da gertakariaren baiezkotasuna nabarmentzen duen ba- dugunean, ezin dela beste galdegairik egon. Ikus bi adibide hauen arteko aldea: Gaur dator, ez bihar; *Badator gaur, ez bihar. Bi adibide horietako lehenean ‘etorri’ ekintza gaur gertatuko dela adierazten dugu (eta ez bihar). Hau da, aldez aurretik dakigu pertsona hori etorriko dela, baina ez dakigu noiz: horixe da galdegaiak ematen duen informazioa. Baina badator esatean, ‘etorri’ ekintza baietz, gertatuko dela nabarmentzen dugu eta, horrenbestez, ez dago lekurik beste osagai bat nabarmentzeko. Ikus beste adibide hauek ere: Laguna doa, ez aita; Laguna badoa, aita ez. Adibide horietako lehenengoan laguna / aita galdegaien arteko kontrastea dugu; nor doan nabarmentzen da, laguna bai / aita ez. Bigarrenean, ostera, joatea / ez joatea da azpimarratzen dena: laguna bai / aita ez; mintzagaiak dira laguna eta aita. Ez adberbioaren kokagunea aldatu egiten da batean eta bestean.

Zenbaitetan baiezko hori enfasi handiz markatzen da, bai adberbioa etenen artean erantsiz: Badakit, bai, non ibili zinen.

Bai/ez motako galderetan, adizkia isilpean uzten bada, bai osorik agertuko da: Beste lanik bai ala badaukazu gurekin etortzerik gaur gauean? (Urrutikoetxea); Lanik bai? (L. Garro).

41.4.2c Adizki analitikoetan, ostera, ez dugu aditzari horrelako markarik gaineratzeko modurik. Bai adberbioa baino ez dugu: Etorri da, bai; Bai, etorri da. Galderetan, intonazioaz gain, bai/ez motako konfirmazioa eskatzeko, al erabiltzen da euskaraz hizkera batzuetan (Etorri al da?; Ez al da oraindik iritsi?) eta -a atzizkia beste hizkera batzuetan (Etorri dea?23.5.2)). Baiezko perpausetan komaz balia gaitezke aditzaren ezkerreko osagaia galdegai den ala ez markatzeko. Gaur izan dute / Gaur, izan dute perpaus bikotean, esaterako, lehenak noiz izan dute? galderari erantzuten dio; gaur eta izan dute osagaiek talde foniko bakarra osatzen dute, tartean ezin dugu beste ezer sartu. Eskuineko adibidean, berriz, gaur adberbioaren ondoko koma horrek adierazten digu ekintzaren baiezkotasuna dela nabarmendu, fokalizatu nahi duguna (Mitxelena 1981).

41.4.2d Etorri da, bai, perpausean etorri gertaeraren baiezkotasuna nabarmentzeko balio du bai adberbioak; adizki jokatuaren ondoren ageri da hor. Baita beste adibide hauetan ere: Badator, bai; Ondotxo asko dakit, bai; Tratua halaxe egin nuen gurasoekin, bai, baina gero ez zen harritzekoa izango, institutuan hasita nengoenez, han segitzea COU egiten ere (X. Mendiguren Elizegi). Adizkiaren ondo-ondoan egon ez arren, bai adberbioak azpimarra dezake gertaera edo ekintza jakin bat: Joan zen lanera, bai -beharko joan-, baina ez dut uste oso lasai joan zenik (Ladron Arana).

Baina edozein sintagmaren ondoren ere ager daiteke447: Lan aferetan bai, nahitaezkoa da tenorez jokatzea; Zerorrek eskatu duzun elkarrizketara berandu agertzea ez da itxura (Epaltza); Lana franko bai, baina irabazi ere majo (Etxabe); Zure etxean bai, baina parlamentuko garitaren kontra ez (Arretxe).

Orduan adberbioaren ondoren ere sarritan erabiltzen dugu noiz bai azpimarratzeko (eta, bide batez, ordura arte ez zela halakorik gertatu adierazteko): Biok geratu gintzaizkion so kariloiaren aztarna galdu zen arte, eta, orduan bai, esan nion ez niola traba gehiagorik egin nahi, eta Reina Sofiara nindoala buelta bat ematera (Saizarbitoria). Determinatzaile sintagma ondoren duela (aditza isilpean utzirik): Akademiako ekitaldi batean biak egokitzen zirenean, orduan bai liskarra (Jon Muñoz).

Eman ditugun adibideak aztertuz gero, guztietan kontraste bat markatzen dela ondoriozta dezakegu, nahiz kontraste hori ez den beti esplizitua (beste batzuetan bai: Zure etxean bai / parlamentuko garitaren kontra ez). Kontua da zeren kontrastea nabarmentzen duen bai horrek: galdegaiena448 ala mintzagaiena. Galdegai / mintzagai jokoari dagokionez, funtsean egitura berekotzat hartzekoak dira adibide horiek eta goraxeago eman dugun Laguna badoa, aita ez41.4.2b). Gertaera bat baieztatzen da eta inplizituki zein esplizituki beste bat ezeztatzen eta, aldi berean, gertaera horretako mintzagaiak dira kontraste bidez nabarmentzen direnak (§ 41.5.4). Argi ikusten da hori adibide honetan: Bulegoko lanetan bai izanen zen kardinale eredugarria, baina gure Errege zuhurtziaz betea fidatzen ahalko ote zitzaion Erromako politikarekin gerta zitezkeen arazoetan? (Xarriton). Perpaus horren testuingurua irudikatzen badugu, erraz pentsa daiteke norbaitek hauxe esan duela: (halako) kardinale eredugarria da bulegoko lanetan. Hortik abiatuta, bulegoko lanetan mintzagaia hanpatzen (nabarmentzen) da eta zalantzan jartzen eredugarri izatea bestelako lanetan. Mota berekoa da beste adibide hau ere: Zu gabe ez daukat bizitzerik; zurekin bai (Barriola). Zu gabe / zurekin mintzagaien kontrastea eta bizitzerik ez / bizitzea bai gertaera beraren baiezkotasuna edo ezezkotasuna.

Aurrerago aipatuko dugun ezeztapenaren fokuaz zer diogun kontuan hartuta (§ 41.4.3d), adibide horietan bai adberbioak baieztapenaren fokua zein den adierazten duela esan genezake. RAEk (2009) ere aipatzen du ‘baieztapenaren foku’ kontzeptua. Eta lehenari ukagai deitu badiogu, bigarren honi baieztagai esan diezaiokegu.

41.4.3. Kokagunea

41.4.3a Galdegaiaren kokaguneaz arituko gara ondoren. Goraxeago esan dugunez, galdegaia da informazio egiturako gune nagusia, informazio berria ematen duena; euskara estandarrean aditzaren ezkerrean, ondo-ondoan ematen dugu, harekin batera ahoskatuz. Garziak dioenez (2014a: 44), hizkuntza batean galdegaiaren kokagune kanonikoak badu zerikusia hizkuntza horren tipologiarekin. Euskara bezalako ‘buru azken’ hizkuntzetan, ohikoa izango da galdegaia aditzaren ezkerrean ematea; hor kokatuko da informazio-gune nagusia (hala ere, ikusi dugu euskaraz ordena kanonikoa zein den aztertzean, testu-generoak, perpausaren luze-laburra eta abar hartu behar direla kontuan; bereziki perpaus osagarriak aditz gobernatzailearen ondoren ematen dira (§ 41.3c, § 41.3f)). Nolanahi ere, aurkituko ditugu mendeko perpausak galdegaiari dagokion gunean, batez ere laburrak direnean (de Rijk 2008). Zehar- galderak: Norantz joko dugun galdetzen dut (Lertxundi); Etxe hau nork gobernatzen duen ez dakit (Mitxelena); Barnean zegoen ala ez jakin behar zen lehenik (Satrustegi). Zergatik galderaren erantzun diren kausazko perpausak: Nahi dudalako bizi naiz hemen (Atxaga); Helburuzko perpausak: Bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet (Elizen arteko Biblia). Denborazko perpausak: Egia garratz horiek gibeleko mina duzunean bakarrik esaten dituzu (Mitxelena).

Ahozkoan, ordea, erraza da galdegaia aditzaren ondoren ematea, intonazioaz balia baikaitezke elementu hori nabarmentzeko449.

Areago, galdegaiaren barruko osagai bat ere nabarmendu dezakegu intonazioaren bidez: ZURE anaiaren kontra jokatuko du (ez nirearen kontra); Mahaiaren GAINEAN ezarri zuen maleta (ez azpian). Perpaus osagarrietako osagaiak ere fokaliza daitezke horrela. Esan didate oraingoan BISIGUA jango dugula eta ez legatza. Zubizarretak (1999) galdegai neutroak eta kontraste- galdegaiak bereizten ditu: lehenek galdera bati erantzuten diote; bigarrenek baieztapen bat dute aurresuposizio, eta egiazkoa ez den informazioa ukatzera datoz. Enfasi berezia ematen zaie kontraste-galdegaiei ahoz ari garenean. Beraz, Zubizarretaren bereizkuntzari jarraiki, ZURE, GAINEAN eta BISIGUA kontraste-galdegaitzat har ditzakegu; azkenak, gainera, ondoan du zein den okerrekoa zen aurresuposizioa: legatza jango dugu.

41.4.3b Galdegaia perpausa gurutzatuz mugitzea (Cross-clause Focus Movement, de Rijk 2008: 459). Mendeko perpausetan galdegairik badago, ohikoena, galdegaia mendeko perpausean uztea da (eta, nahi izanez gero, perpaus osoa jartzea galdegaiari dagokion lekuan, hau da, aditz gobernatzailearen aurrean: Medikua ere laster etorriko dela uste dut). Baina aditz nagusia ‘zubi aditz’ sailekoa bada (uste izan, esan), galdegaia mendeko perpausetik atera eta perpaus nagusiko galdegai posizioan jar daiteke: Honela diozu eginen duzula (Axular); Zer uste zuten emango ziela Jainkoak? (Ubillos); Norekin uste duzu etorri zinela? (Urretabizkaia). Ezin daiteke horrelako mugimendurik gerta aditz faktiboekin (jakin, ulertu, konturatu…), ez eta ukatu aditzarekin ere: *Zer jakin zuten emango ziela Jainkoak?; *Norekin konturatu zara etorri naizela?

41.4.3c Kontuak askoz korapilatsuagoak dira ezezko perpausetan, galdegaiaren kokaguneari dagokionez450. Eta gramatikariek emandako argibideak ere ez datoz beti bat. Saiatuko gara, hala ere, auzia zertan den ahalik eta argien azaltzen.

Korapiloak, neurri handi batean, ezezko perpausetan —perpaus beregainetan eta mendeko perpaus batzuetan, behintzat— ez eta adizki laguntzailea aurreratzetik sortzen dira: etorri da / ez da etorri. Auzia, beraz, hauxe da: (baiezko) adierazpenetan aditzaren ezkerrean doan galdegaia non kokatu. Esaterako, Berandu etorri da ezeztatzen dugunean, ez da etorri baldin bada adizkia, zein kokagune dagokio berandu galdegaiari? Areago, ondoren ikusiko dugun bezala, zalantzan jar daiteke horko berandu adberbioari galdegai dei diezaiokegun ezezko perpausean ematen denean.

41.4.3d Korapilo horiek askatzeko ahaleginean, ezezko perpausak zertarako baliatzen ditugun, zer informazio mota ematen duten hartu behar da kontuan. Ezezko galdera baten erantzun izan daitezke: Ez al du hori esan? Ez, ez du hori esan. Ezezko galdera baten erantzun direnean ez adberbioa eman ohi dugu lehenik eta ondoren (beharrezkoa ez den arren), galderako perpausa errepikatu. Askotan ezeztapen hori osatu egiten dugu: Ez du hori esan, beste hau baizik. Gutxienak dira, baina, mota horretako ezezko perpausak. Gehienek aurretik (inplizituki edo esplizituki) egindako baieztapenak ukatzen dituzte. Ez dizut hori galdetu dioenak, edo aldez aurretik norbaitek esana (zuk hau eta hau galdetu didazu) errefusatu nahi du, edo berak egindako galdera baten erantzuna ez dela egokia izan adierazten du (ez zaiola eman galdetzen zuenaren erantzuna). Beraz, ezezko perpausetan izaten da baztertzen, ukatzen den elementu bat: Ez da berandu etorri. Ezeztapenaren foku esaten zaio elementu horri (RAE 2009); Garziak (2014a) ukagai deitzen dio ezeztapenak bere esparrutzat hartzen duen osagaiari eta de Rijkek (1996, 2008) ia-galdegai451.

41.4.3e Aurreko puntuan esandakoaren arabera, desberdinak dira baieztapenak eta ezeztapenak informazio egiturari dagokionez. Informazio berria, aldez aurretik ezezaguna zena ematen du galdegaiak (falta zen daturen bati buruzko galderari erantzuten diola esan daiteke). Ezeztapenean, ordea, ez da gehienetan informazio berririk ematen; ezaguna zaigun, aldez aurretik eman den informazioko elementuren bat ukatzen da.

41.4.3f Informazio berria ere eska daiteke, ordea, ezezko perpausetan galde hitzen bidez: ZERGATIK ez zara autoz etorri? NOREKIN ez duzu hitz egin nahi? Adibide horietan, aldez aurretik dakigun zerbait oinarri hartu eta ez dakigun zerbaiti buruz galdetzen dugu. Informazio eske gabiltza. Bi adibide horietan aldez aurretik dakigu ez zarela autoz etorri, baina ez dakigu zergatik, eta horixe jakin nahi dugu. Edo badakigu ez duzula norbaitekin hitz egin nahi, baina ez zehazki norekin, eta horixe galdetzen dugu.

Adibide horiek erakusten dute galde hitza adizki osoaren ezkerrean ematen dugula (baiezkoetan egiten dugun bezalaxe). Galde hitza ez adberbioaren eremutik kanpo dago. Galde hitz horien erantzunek ere kokagune bera izango dute: HORREGATIK ez naiz autoz etorri (gero non utzi aurkituko ez dudalako); LAGUNEKIN ez dut hitz egin nahi, purrustada besterik egiten ez didatelako. Adibide horietan, adizkiaren ezkerrean ematen dugun elementua galdegaia da, informazio berria (edo informazio eskea) dakarrena. Aita ez da etorri perpausa, nor ez da etorri? galderaren erantzun moduan har zitekeela zioen Mitxelenak ere (1981: 81). Beste interpretazioa, aita etorri (al) da? galderaren erantzun izatea da, jakina.

[Galde hitza + ez daraman adizkia] ez dira beti informazioa eskatzeko baliatzen. Galdera erretorikoak izaten dira sarritan, baieztapenaren baliokide direnak: Nork ez zuen gauza bera eginen, kemen poxi bat zeukan pundutik? (X. Arbelbide); Nori ez zaio gustatzen Martikorena? (Oxandabaratz). Guztiek egingo zutela gauza bera edo guztiei gustatzen ziela Martikorena ematen dute aditzera galdera horiek. Galde hitza eta ez bera bakarrik ere utz daitezke: Loa zatika egiteko kontu hori jasangaitza egiten zaiela (nori ez?) (Iturbe).

Zehar-galderetan ageri da galde hitza beste adibide hauetan, betiere adizkiaren ezkerreko gunean: Zer ardura dio beste sasikume honi norekin ibiltzen naizen edo norekin ez naizen ibiltzen (Gonzalez); Ederki dakit nor etorri den eta nor ez den etorri (Alonso). Aditza isildurik ere gera daiteke: Garbi zegoen nork jarduten zuen goizero gorputza zailtzen eta nork ez (Lertxundi); Zuk uste duzu sumatu litekeela, ikusi batean, nork dakien irakurtzen eta nork ez? (K. Izagirre).

Galdera-erantzun testuinguruetatik kanpo, prosodiaren laguntza beharko dugu; ahozkoan intonazioak lagunduko digu astelehenean galdegaitzat hartzen ondorengo adibidean: ASTELEHENEAN ez naiz joango (gainerako egunetan bai). Idatzian perifrasiren batera jo beharko dugu (Garzia 2014a): Astelehena izango da joango ez naizen eguna (edo horren antzeko egituraren bat).

41.4.3g [Ez + adizki laguntzaile] multzoaren eskuinean ematen da ezeztatu nahi den osagaia (§ 41.4.3d), ukagaia, adizki nagusiaren aurre-aurrean kokatua: Ez dut nik egingo; Ez zara zu joango; Ez dira oinez etorri; Ez nizun zure aitaren koaderno zahar hura eman behar (Atxaga). Elementu horri dagokio ezeztapena, ez gainerakoei. Ez da trenez etorri esatean, TRENEZ ukatzen da, ez etorri gertaera; izan ere, guztiz normala da beste hau esatea: Ez da trenez etorri (herrira), autobusez baizik. Edo Ez da trenez etorri, agian beste garraiobideren bat erabiliko zuen (Garzia 2014a: 125). Askotan ematen da, ukatu den elementuaren ondoren, egiazko informazioa zein den adierazten duena: ez hau, baizik beste hau. Horixe da aurkaritzako diskurtso markatzaileen funtziorik behinena (§ 42.21): Ez zara zu joango, baizik zure lankideren bat; Lagunak ez ziren oinez etorri, ezpada autobusez; Ez dut lapurtu, erosi (egin) dut. Adizkia sintetikoa denean, horren eskuinean emango dugu ukagaia: Hau ez dator zuengandik, baizik eta Jainkoaren emaitza da (Elizen arteko Biblia); Horrelako hitzak erabiltzeak ez dakar euskara “kolokialagoa” eta “komunikatiboagoa” egitea (Zuazo). Ezezko perpausetik abiatu beharrean, baiezko perpaus batetik abiatuta ere adieraz daiteke goiko adibide horietako kontrastea: Zure lankideren bat joango da, ez zu; “Nirekin dago haserre, ez gurekin”, zuzendu diot (Atxaga).

Hasierako baieztapenak izan ditzakeen gainerako osagaiak mintzagai izango dira, edo ez adberbioaren ezkerrean eman daitezkeenak (enfasi edo hanpadura gunean), edo adizki nagusiaren eskuinean (§ 41.5.1, § 41.5.3): Ruche jaunak ez zion jaramonik egin etenaldiari (Jon Muñoz); Hala ere, herriak ez zion kasurik egin nahi izan Samueli (Elizen arteko Biblia); Ez genuen asko hitz egiten gaiaz (Elizondo).

Ukagai bat baino gehiago dugunean, ez adberbioa errepikatzen da askotan bakoitzaren ezkerrean (ez hutsa edo eta juntagailuaz lagundua): Ezin da esplikatu, ez iraupenaren ez denboraren bitartez (Xarriton); Ez dugu ez egunik ez gaurik (Juaristi); Horregatik, ez genuen kanporatzen utzi behar ez aitarengandik heredatutako aje hura, ezta familiaren estutasunak ere (P. Lizarralde).

41.4.3h Baina sintagma guztiak ezin dira ukagai gisa markatu: sintagma inespezifikoekin —partitibo sintagmekin, esaterako— ezinezkoa da ukagai jokoa egitea. Adibide batekin ikusiko dugu argiago: Ez da trenez etorri, autobusez baizik guztiz normala da; baina *Ez dut sagarrik erosi, platanoak baizik ezinezkoa da (horretarako, sintagma espezifiko edo zehaztua beharko genuke, Ez ditut sagarrak erosi, platanoak baizik). Eta, ukagai jokoa ezinezkoa den heinean, berdin dio sintagma inespezifiko edo zehaztugabe horiek adizki nagusiaren ezkerrean ala eskuinean ematen ditugun: Ez du baloirik jo = Ez du jo baloirik. Beste hitz batzuetan esanda, neutralizatuta geratzen da ukagai / mintzagai kontrastea.

Elementu enfatikoek, karga semantiko handikoek —hala nola beti, sekula, dena, batere, guztiak eta horien gisakoek— joera handia dute ezeztapenaren foku izateko, berdin dio zein kokagunetan dauden: Ez dut sekula ikusi halakorik = Ez dut ikusi sekula halakorik. Hauekin ere lausotu edo neutralizatu egiten dira ukagai / mintzagai bereizketak.

41.4.3i Nolanahi den, askotarikoak dira aurki daitezkeen hurrenkerak. Ukagaia eman daiteke adizki nagusiaren eskuinean ere: Demetriok, ordea, ez zion eutsi hitz emanari (Elizen arteko Biblia); Ez genuen izaten haren berririk (Rey). Ahozkoan, intonazioari esker, errazago eraman dezakegu ukagaia atzerago (ez da etorri TRENEZ, baizik autobusez). Baina estandar idatzian hau da ohiko hurrenkera: EZ + adizki laguntzailea + ukagaia + adizki nagusia. Aurreraxeago osatuko dugu informazio hau, mintzagaia aztertzean (§ 41.5.3e).

Hala ere, mendeko perpausak (bereziki perpaus osagarriak) erraz ematen ditugu adizki nagusiaren eskuinean. Ezezko perpausetan ere askoz ulerterrazago gertatzen dira mendeko perpaus osagarria adizki nagusiaren eskuinean daramatenak, ezen ez adizki laguntzailearen eta nagusiaren artean daramatenak: Ez dut sinetsi nahi ekarri duzun soineko hori jantziko duzula (eta ez, ez dut ekarri duzun soineko hori jantziko duzula sinetsi nahi) (§ 41.3f). Hona zenbait adibide: Josek ez zion onartu berarekin oheratzea (Elizen arteko Biblia); Inork ez dio esan zortzi hilabeteko bizi-itxaropena ematen diotela (Zurutuza); Unamunok ez du ikusi nahi Kristoren mezuaren funtsa Aita Handiaren existentziarik eza dela eta errekonozimendu horretatik datorkigula liberazioa eta salbazioa (Zulaika). Adizki sintetikoekin, jakina, beti eskuinean emango ditugu: Bertzenaz ere, ez daki zein ikasle etorriko zaion eta zein ez (Bidegain); Jende normalak ez daki ezkutatuta dagoen batentzat liburu bat zer den (J. Zabaleta).

Oro har, ukagaiaren kokaguneko sintagma asko hedatzeak kalte egiten dio kohesioari, adizkiaren bi osagaiak elkarrengandik urruntzen direlako: Ez dugu [zure anaia nagusiaren aspaldiko andregai jator hura] ikusi [nire arreba gaztearen oraingo senargai morroskoa baizik] (Garzia 2014a: 126). Horrelakoetan, aurreko paragrafoan ikusi bezala, ukagaia adizki nagusiaren eskuinera eramatea izan daiteke irtenbidea.

41.4.3j Osagai gehiago ere ager daitezke ezezko perpausean adizki laguntzailearen eta adizki nagusiaren artean: Oihanean zihoazela ez dio bizkarreko minak bakerik eman (Aristi); Altzariak bisitari berriak hartzeko ohitura galdu du, eta ez dio neure zamari harrera onik egin (Cillero); Ez zuen Errege Antiokok BARKHAMENDURIK erdietsi (Axular); Ez dut liburutto hau LETRATU HANDIENTZAT egiten (Axular). Ohart gaitezen adizki laguntzailearen eta partizipioaren artean doazen osagaiek baiezko perpausean izango luketen hurrenkera bera gordetzen dutela: Errege Antiokok barkamendua erdietsi zuen; Liburutto hau letratu handientzat egiten dut. Hemen ere gogoan izan behar da aurreko puntuan esana esaldiak ulerterrazago egiteko moduaz (adizki laguntzailea eta adizki nagusia bata bestearengandik urrunegi ez ematea).

41.4.3k Galdegai izan daitezkeen osagaiak aztertzean (§ 41.4.2b), bestalde, esan dugu aditzak adierazten duen ekintza edo gertakariaren baiezkotasuna edo ezezkotasuna ere fokaliza ditzakegula. Adizki sintetikoak ditugunean, badator / ez dator egiturak dira ekintza gertatuko dela edo ez dela gertatuko jakinarazteko moduak. Adizki analitikoetan, ikusi du / ez du ikusi. Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari (Elizen arteko Biblia) adibidean, entzun gertaeraren ezezkotasuna fokalizatzen da; gainerako osagaietan, erregeak hartuko dugu mintzagai aurreratutzat, jendeari mintzagai aurreratugabetzat.

Beste modu batean ere fokaliza daiteke aditza bera, ez adberbioaren ezkerrean partizipio burutu forman eman eta ondoren adizki laguntzailearen eskuinean errepikatuta: Itsasora erori ziren sorginak, baina ito ez zen inor ito (edo ito ez zen egin inor).

41.4.4. Galdegai gehitua

41.4.4a Orain arte galdegaiaz esandakoak osatzeko, beste egitura mota bati erreparatu behar diogu; esaterako, adibide honi: Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen, erreta. Zer balio du hor amaieran, aurretik koma duela, ageri zaigun erreta adberbioak? Parafrasiek erakusten digute galdegai balioa duela (Garzia 2014a: 50): Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen; erreta jan ere; Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen (erreta); Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen. Erreta(jaten zuen [jendeak hemen, garai batean, jaten zuen arrain ugaria]).

Perpaus horrek badu, ordea, lehendik ere galdegaia, dagokion posizio kanonikoan ageri dena (alegia, aditzaren ezkerrean): arrain asko. Horregatik bigarren galdegai gehitua (erreta) beste gune batean eman behar dugu. Eta kontuan harturik perpaus bakoitzean osagai bakarra fokaliza dezakegula, beste gune hori bigarren perpaus bateko gunea baino ezin da izan, nahiz eta gero perpaus gehitu horretako aditza eta gainerako osagaiak isildurik egon (dagoeneko ezagunak ditugulako): (jendeak) erreta (jaten zuen arraina). Horrelako egiturek, beraz, funtzio informatibo bera duten osagaiak erakusten dizkigute: galdegaiak alegia, gehikuntzatzat hartuta bakarrik esplika daitezkeenak. Gehikuntza horietan ageri den puntuazio markari dagokionez, komaz zein komatik gorako markaz bereizirik ager daitezke. Komatik gorako puntuazioak erabiliko ditugu sintagmak konplexuago edo pisutsuago bilakatu ahala: Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen; gehienetan, (labean) erreta; Garai batean, arrain asko jaten zuen jendeak hemen; erreta (beti).

Gehikuntza gunean, bestalde, ez dugu argumenturik aurkituko; lehen perpausean eman beharrekoak dira aditzak eskatzen dituen argumentuak. Beraz, galdegai ‘gehitu’ horiek adjuntuak izan beharko dute, zirkunstantzia bat edo beste adierazten dutenak. Perpaus adjuntuak, berriz, hala nola baldintzazkoak, kontzesiboak edo ondoriozkoak, ezin dira galdegai izan (ez diote inongo galderari erantzuten) eta, beraz, ezingo ditugu aurkitu galdegai gehituak hartzen duen eskuineko periferia horretan ere.

41.4.4b Galdegaiaz puntu honetan esandakoak laburbilduz, esan dezakegu bi ezaugarri hartu ditugula kontuan euskaraz galdegaia definitzeko orduan: intonazioa, batetik, eta zati galderaren erantzuna izatea, bestetik. Ordena kanonikoa, neutroa, hausten dugunean, ez da zalantzarik zein den galdegaia; estandar idatzian, behintzat, aditzaren ezkerrean kokatuko dugu eta talde foniko bakar batean ahoskatuko ditugu biak (ahoz ari garenean). Ordena kanonikoan ere, galdegaiak eta aditzak talde foniko bakarra osatuko dute, nahiz idatziz zailagoa izan hori adieraztea. Bestalde, zati galdera baten erantzuna den neurrian, perpauseko osagai bat izango da beti galdegaia, ez osagai multzoa.

Garziak (2014a) ‘galdegai zabala’ ere hartzen du kontuan. Zer gertatu da? Gure lagunek zer egin dute? Nora joan dira gure lagunak? galdetu (§ 41.4.1a) eta Gure lagunak zinemara joan dira erantzutean, guk emandako ikuspegiaren arabera, erantzun horretako informazio egitura neutroa dela esango genuke, ez dagoela galdegairik. Baina, perpaus osoa ere har daiteke galdegaitzat, guztia informazio berritzat aurkezten den heinean. Horrelakoei deitzen die Garziak (2014a) ‘galdegai zabala’. Mitxelenak ere aipatzen ditu galdegai jakinik ez duten perpausak “edo, berdin dena, perpaus (ia) osoa denean rema, galdegai” (1981: 79).

Aipatu dugun bigarren galdera motan ere (gure lagunek zer egin dute?), aldez aurretik ezaguna zaigun informazioa osatuko luke mintzagaiak (gure lagunak), eta galderaren erantzun litzatekeen atala, berriz, galdegai zabala: (gure lagunak) zinemara joan dira edo (gure lagunak) ikaskide guztiei bere argazki bana eman die.

445 Garziak (2014a) hizpide deitzen dio, eta mintzagai terminoa uzten du guk mintzagai aurreratua deituko duguna adierazteko (§ 41.5.3).

446 Galde hitzaren eta aditzaren artean ez dugu bestelako osagairik sartzen, baina Mitxelenak (1981) Ubillosen zenbait adibide ematen ditu kontrakoa erakusten dutenak; hau da, zenbaitetan onartzen ditugula hainbat tarte-esaldi edo hitz andana aski luzeak galde hitzaren eta aditzaren artean: Nola, aztu gabe, iraun zuen, ta gorde ziran Fedeko egiak? Zergatik Jerusalengo Erriak, Evangelioa munduan barreatu edo publikatu, ta ere noizbait iraun zuan erori gabe?; Zergatik Jainkoak ain gogorkiro kastigatu zuan erri hura? De Rijkek (2008), bestalde, galde perpaus jokatugabeak aipatzen ditu, horietan ere ager baitaitezke beste osagai batzuk galde hitzaren eta aditzaren artean: Nora, ordea, zurekin joan? Zergatik gaur mendira igo?

447 Bai adberbioak baditu bestelako erabilerak ere, egitura bereko sintagmen ondoan errepikaturik ematen denean (bai etxean, bai kalean), edo ere diskurtso markatzailearekin batera ematen denean (bai eta ere, baita ere, ere bai). (§ 42.19.2).

448 RAEk (2009: 2004) aipatzen ditu, baieztapenaren fokuaz ari dela, hemen eman ditugun egituren gaztelaniazko parekoak: ahora sí que lloraba; del llanto sí que me acuerdo. Kontrastea markatzeko balioa duten egituratzat hartzen ditu; adberbioaren ezkerreko osagaia izaten da kontrastatzen dena.

449 Azterkizun ditugu oraindik galdegai kontuak mendebaldeko, erdialdeko edo ekialdeko hizkeretan. Eredu izan daiteke horretan Hualdek, Elordietak eta Elordietak (1994) Lekeitioko hizkeraz eginikoa.

450 “Ezezkoetan, nik ez dut argi ikusten, gramatikak gorabehera, gauzak nola moldatzen diren ezezkotasuna bera ez denean galdegai” (Mitxelena 1981: 81).

451 Hizkuntzalari honen iritziz, zentzu hertsian, adierazpen perpausetan bakarrik aurkituko dugu galdegaia, horrelako perpausak baitira galdera baten erantzuntzat har ditzakegunak. Ezezko perpausa gehienak, aldiz, ez ditugu lotzen ezezko galderekin; baiezko adierazpenen ukazioak baino ez dira. Eta, horrenbestez, ez dute egiazko galdegairik. Hortik dator ‘ia galdegai’ terminoa, hiztunak ukatzen duen baieztapeneko galdegaia izendatzeko.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper