41.5.5a Ohikoa ez izan arren —esan baitugu ezkerraldeko periferia dela mintzagai aurreratuaren berezko gunea—, argi baldin badago osagai bat mintzagai dela, esaldiaren atzealdeko gunean ere ezar dezakegu, nabarmentzeko. Baina askoz bakanagoak dira halako mintzagai atzeratuak. Testu idatzietan ageri dira ia beti.
41.5.5b Mintzagai atzeratu izan daitezke mintzagai gisa espezializaturik dauden esapideak, besteak beste, -nez motako mendeko perpausak (§ 38.8, § 40.17): Atzera uretara bota dugu arraina, txikiegia zenez. Mintzagai atzeratu izan daitezke informazio gehitua dakartenak ere: Ederra egin digu, Iker zerri horrek (Garzia 2014a). Mitxelenak (1981) ere aipatzen ditu horrelako egiturak: Nahi duzuna egingo dut, bihar goizean (bihar goizean, zer egingo duzu? galderaren erantzun gisa eman daitekeena).