36.2.2a Asko dira aurreko kapituluan esandako moduan, edo horren antzera, eratu diren formak. Adizki jokatuko erlatiboaren gainean eraikiak dira batzuk; postposizio itsatsiarekin, -n + -n → -nean (etorri denean), -n + -tik → -netik (etorri denetik), -n + -no → -no (hemen deno); edo askearekin, -n arte, -n orduko bezalakoak (etorri den arte, etorri den orduko…). Konparaziozko mailakatzailearekin eratuak dira beste zenbait (-n bezain laster, -n baino lehen), egituraz konparazioari dagozkion arren, konparatzeko baino areago gertakarien arteko denbora-erlazioa adierazteko erabiltzen baitira (§ 32.2.1.3, § 32.3.1.2); postposizioen parekoak dira erabilera horretan bezain laster eta baino lehen forma adberbialak (sartu naiz[en bezain laster] = (sartu naiz[en orduko])338. Korrelaziozko perpausa ere erlatibo generikoaren parekoa da, noiz adberbioak ‘denbora’ nozioa adierazten baitu: Noiz ere bidea zeharkatzera bainindoan, auto bat pasatu da ziztu bizian.
Adizki jokatuko perpausetan bestelakoa dena -la(rik) formarekin eratua da. Esanahi zabaleko forma da hori, testuinguru batzuetan denbora adieraz dezakeena: Berlinen bizi zelarik, behin bakarrik etorri zen sorterrira.
36.2.2b Partizipioarekin eraikitako sartutakoan / sarturi(ka)koan erlatiboak ere ageriko izen ardatzik gabe egina dagoelarik denbora-balioa hartzen du (sartutako[‘denbora’]n); zuzenean eransten zaio inesiboko postposizioa erlatiboari, -tutakoan / -turi(ka)koan forma eratuz. Postposizio askeak eta forma konplexuak, berriz, zuzenean doaz gobernatzen duten partizipioarekin (-tu {arte ∼ aurretik ∼ ondoan ∼ orduko…}; -tuz gero).
Adizki jokatuko perpausen forma murriztua izan daitezke horietako batzuk, adizki laguntzailea, -n menderagailua eta, hala dagokionean, aspektu morfema ere isilpean dituena (etorri den arte, etorri zen arte, etortzen den arte, etor dadin arte → etorri arte; etorri den orduko, etortzen den orduko → etorri orduko; etorri denez gero → etorriz gero), baina ez denak (etorri eta gero eta etxeratu gabe, esaterako, ez dira ezein perpaus jokaturen forma murriztua).
Konparaziozko mailakatzailea daramaten -tu bezain laster eta -tu baino lehen formetako perpausak ere perpaus jokatuen forma murriztua direla esan daiteke: sartu den bezain laster → sartu bezain laster. Egituraz konparazioari dagozkion arren, gertakarien arteko denbora-erlazioa adierazteko erabiltzen dira horiek ere, jokatuak bezala.
Partizipioari -ta edo -ik atzizkiak erantsita, esanahi zabaleko perpausak eratzen dira, testuinguru batzuetan denbora adieraz dezaketenak (sartuta, sarturik).
Partizipioaren lekuan aditzoina erabiltzen dute hauetako perpaus batzuetan adizkera hori ohikoa duten euskalkietan (ikus artio). Eta adlatiboa ere erabiltzen da, euskalki guztietan, erdiespena adierazten duten perpaus jokatu zein jokatugabeetan (etxera zirenean; etxera bezain laster); konplexua izan daiteke adlatiboa (etxeko eskaileraren bigarren mailara orduko); aditzaren lekua betetzen du adlatiboak, horrelakoetan, mendeko perpausean (Goizaldea etorriko da, gautxori horiek etxera orduko)339.
36.2.2c Aditz izenarekin egindako izenlagunak, azkenik, inesiboko postposizioa har dezake (sartzerakoan; sartzekoan); denbora-balioa hartzen du honek ere ageriko izenik ez duelarik (sartze(ra)ko[‘denbora’]an); -tzerakoan / -tzekoan da forma.
Postposizioa zuzenean hartzen dute, bere aldetik, -tzean eta -tzerako formek (sartzean, sartzerako). Bizkaierazko -tu(k)eran forma ere «aditz izena + inesiboko postposizioa» egiturakoa da (ni hara heldueran = ni hara heltzean).
36.2.2d Horra, bada, laburbilduta, denborazko perpausak eratzeko erabiltzen diren forma nagusiak:
– Adizki jokatua dutenak:
• «-n + atzizkia», -nean, -netik, -no
• «-n + postposizio askea», -n arte, -n bezain laster erakoak
• «noiz ere bait-» korrelaziozko erlatiboa
• «-la(rik)», testuinguru batzuetan denborazkoa
• «-tutakoan», «-turi(ka)koan»
• «-tu + postposizio askea», -tu arte, -tuz gero, -tu bezain laster erakoak
• «-tuta», «-turik», testuinguru batzuetan denborazkoak
– Aditz izenarekin eratuak:
• «-tze(ra)koan»
• «-tze + atzizkia», -tzean, tzerako, [-tukeran]
Ikusten den moduan, denborazko perpausak bideratzen dituzten forma hauek osagai bi dituzte gehienek: perpausa mendeko egiten duena bat, ‘menderagailua’ (-n edo adizki jokatugabea, hain zuzen ere), eta denbora-esanahia bideratzen duen postposizioa bestea (itsatsia, askea edo konplexua). Osagai biak bilduta izendatzen ditugu hemen forma horiek: -nean, -netik, -no, -n arte, -n bitartean, -n orduko, -nez gero; -tu arte, -tu bezain laster, -tuz gero; -turik, -tuta; -tzekoan, -tzean…
Ikusten da, halaber, forma hauetako postposizio asko adberbio eta izen sintagmekin eraturiko postposizio sintagmetan erabiltzen diren berberak direla (-n, -tik, arte, bitartean, baino lehen…). Bat egingo dute, hortaz, zenbaitetan, postposizio hauen erabileraz atal hauetan esango ditugunek eta aurreko kapituluan esandakoek.
338 Partizipioaren ondoko postposizioen multzoan sartzen ditu Lafittek baino lehen eta bezain laster (1962: 228).
339 Hemengo helburutik at geratzen da adlatibo horren izaeraz eztabaidatzea: ea isilpean iritsi gisako aditzen bat duen (etxera [iritsi] orduko), edo -tu morfema (etxera[tu] orduko); ea hiztegiko partizipioa den, edo kokaguneak eragindako partizipio ‘sintaktikoa’. Erdiespena adierazten duten predikatu batzuetan partizipioaren lekuan ageri dela esatera mugatuko gara.