30.6.3.2.4a Jakina da -(re)kin eta -gaz postposizio atzizkiek aski esanahi desberdinak har ditzaketela; beste horrenbeste gertatzen zaie -tzearekin zein -tzeagaz perpaus osagarriei ere. Esan beharrik ez da soziatiboak adierazten duen elkartze hori gauza abstraktuen elkartzea izango dela perpaus osagarrien kasuan: Lide Aitorrekin ezkondu; Merke erostea kalitatea zaintzearekin ezkondu. Adibide horretako zer-zerekin eskema berekoak dira halako osagarria hartzen duten beste zenbait predikatu ere: bateratu, erkatu, kontrajarri, lotu, nahasi, parekatu, uztartu… Hala etsaiari ere egiten derauzkitzun falten barkhatzea, bera bakarrik bere egitez, gaitz da. Ordea iunta ezazu, hargatik zuri Iainkoak egiten derautzatzunak barkhatzearekin, eta errax idurituko zaitzu (Axular); Alexandrok […] Helesponto zeharkatzea Kolonek […] Atlantikoa zeharkatzearekin parekatzen badugu (I. Mendiguren); Zintzotasuna gizartea eta gizabanakoak diren bezalaxe onartzearekin uztartzen du behin eta berriro (Zapiain).
Eta predikatu batzuek, berriz, areago dira ‘nor/zer zerekin’ eskemakoak: ados/akort/konforme izan/egon, alderatu/erkatu, bat etorri, ezkondu/uztartu, zalantzak/arazoak izan, zerikusia izan… Txilintxo ados zegoen kapelan bidaiatzearekin, norbaitek kapela eskuan eramanez gero (Gabiria); Bat nator helburu horrekin, jakin, baina ez euskara jaso hori esparru guzti-guztietara zabaldu nahi izatearekin (Zuazo); Horrek [Jonek horrela jokatzeak] ez du zerikusirik izan guk erabakia hain azkar hartzearekin. Osagarri diren -tzearekin perpausak ez dira kontrolatuak.
30.6.3.2.4b Erabilera batzuetan, -tzearekin osagarria oso hurbil dago moduzkoen sailean sartu ditugun perpaus batzuetatik (§ 40.6b, § 40.11a, b): Egunen batean egoera alderantziz bizitzea gerta zitekeela esan zion Irujok, eta orduan beste hainbeste egitearekin ordainduta sentituko zuela bere burua (I. Mujika). Baina bada konplementazio-erlazioa, mugatua baita halako soziatiboa har dezaketen predikatuen zerrenda: konformatu/kontentatu, aski/nahikoa izan… Adibidez: Pintatzen zituen baserriak zintzo pintatzearekin konformatu egiten zela (J. L. Zabala).
30.6.3.2.4c Instrumentalaren balioa ere har dezake soziatiboak akordatu/gogoratu/oroitu/gomutatu predikatuekin, nahiz behe mailakotzat jotzen diren horrelako egiturak eta ez diren gomendagarri euskara zaindurako. Subjektuaren kontrola ezartzen dute. Ez nintzen akordatu gasa ixtearekin/ixteagaz [= ixteaz / ez zaio akordatu ixtea]. Beste erabilera batean, berriz, -tzeaz baino sinonimo egokiagoa gertatzen da, esate baterako, -tzearen kontuan postposizio askea: Orobatsu gertatzen da «barrukoa» edo «barrualdekoa» izatearekin [= izatearen kontuan]. Alegia, horrekin ari garela, hori harturik hizpide.
-tzearekin forma dute denborazkoen eta moduzkoen artean dabiltzan perpaus batzuek ere, baina ez dira osagarriak, ez dago konplementazio erlaziorik mota horietako perpausetan (ikus 36. eta 40. kapituluak): Eta berri hunekin, hunelako gaztigua, ifernuko sua, gaixtoentzat ordenatua zegoela enzutearekin, hain izitu, eta ikharatu ziren, ezen presenteko guztiak, are ziren gaixtoenak ere, ethorri baitzeitzan galdegitera: Zer eginen dugu bada? (Axular).