Adberbializazioa erabat burutu duten hitzak ditugu lehenbiziko sailean. Horrelakoak dira, hasteko, historian kasu marka baten bidez sortu adizlagunak, baina gaur egun hiztunek halakotzat ez dituztenak: aurten, hemen eta abar. Hiztun arrunt gutxik ikusten dute hemen adberbioan, esaterako, inesiboaren seinalerik (hau + n). Historian finkatu da forma hori. Gauza bera gertatzen da han adberbioarekin (a/hura + n). Aldiz, hor forman ez da ageriko aztarnarik ere geratzen.
Erabat adberbializatutzat har daitezke kasu marka agerian izan arren, erabiliaren erabiliaz harturiko esanahi bereziagatik edo, hiztunek hitz berri edo diferentetzat dituztenak: orduan, berriz, gainera… Zaila da, jakina, eta ez noraezean erabaki beharrekoa beharbada —batera zein bestera postposizio baten aurrean baikara— marka zirkunstantziala daraman izenkia erabat adberbializatu denentz zehatz erabakitzea. Zergatik, esate baterako, berriz adberbiotzat hartu eta luzaz, ostera, ez? Zalantza horiek hiztegietan ere ageri dira inoiz: batzuetan horrelako hitz bati, adberbiotzat harturik, sarrera berezia eskaintzen zaio, baina beste batzuetan, nahiz itxuraz antzekoa izan, ez.