Beste batzuk adberbializatze bidean daudela esan daiteke, eta hiztegiek ere seinalatzen dute hori: adibidez, neurriz hitza, adberbio gisa ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian, edo Egungo Euskararen Hiztegian (EEHn), baina betiere neurri sarreraren azpiatal gisa, ez beregain. Horrelakoak ditugu, neurri batean, ondoan, ostean, gustura, gora, aurrera, oinez (OEHn sarrera gisa, baina Euskaltzaindiaren Hiztegian edo EEHn azpisarrera gisa), agerian, berritan, birritan, onez, onean, txarrez, txarrean, zuzenean, adibidez, alderantziz, artez, benaz, benetan, zinez, egiaz… Adibideetan ikusten denez, inesiboa eta instrumentala dira honetara gehien egokitzen direnak.
Hirugarren mailan genituzke, azkenik, kasu marka eta guzti izenki garbi izaten segitzen dutenak, hau da, adizlagun bai, baina adberbio ez direnak: mendiz, lagunarekin, leku ederrera… (ikus 19-21. kapituluak).