21.8.9a Har ditzakeen osagarri mota guztiak kontuan hartuta, -ko postposizioa ‘erlaziozkoa’ dela esan genezake (Altube 1929: 274; Azkue 1923-1925: 314-317; de Rijk 2008: 89-110). Hemen jaso ditugun sintagmak aurrean ditugula, hobeki ikusten da -koren izaera: erlazio bat ezartzen du predikatu baten eta honen argumentu (subjektu) baten artean, perpaus erlatibo baten bidez egingo litzatekeen antzera (Azkue 1923-1925; Goenaga 2003). Horregatik, -ko postposizio hau izendatzeko, ‘erlaziozko’ edo ‘erlatibo’ deitura egoki litzateke agian, edo, beharbada, aski litzateke adjektibo kategoriakotzat hartzea, adjektibozkoa baita nolabait, lehen ere esan dugun bezala (§ 21.8.6a). AdbSak AdjS bihurtzeko gaitasuna du nonbait, eta subjektu bati buruzko predikazioa bidera dezake.
Esaterako, arestiko adibideetan: [Duela berrogei urte (izan ziren) [kontuak]]; [Ordutik hona (izan diren) [aldaketak]]; [Hitzez hitz (egindako) [transkripzioa]], edo nahiago bada, argiago, Kontuak [orain berrogei urte-ko-ak] dira; Aldaketak [ordutik hona-ko-ak] dira; Transkripzioa [hitzez hitz-e-ko-a] da. Kontuak [larri-ak] dira; Aldaketak [berri-ak] dira; Transkripzioa [zuzen-a] da esaten dugunean bezalaxe, alegia. Larri, berri, zuzen… dagoeneko adjektibo kategoriakoak direnez, inolako ‘gehigarririk’ gabe lan egin dezakete adjektibo gisa.
Orain berrogei urte, aldiz, ez da adjektiboa, ezta DS arrunt bat ere, PS konplexu bat baizik. Baina, behin -ko ‘adjektibozko’ postposizioa gehituz gero, adjektibo bihurtua geldituko litzateke, nolabait: [PS [PS orain berrogei urte] -KO], [PS [PS aspaldi] -KO] bezalaxe. Alegia, [IS [AdjS orain berrogei urte-ko] kontuak], [IS [AdjS aspaldi-ko] kontuak]. Honek eskatzen duen bakarra da -ko postposizioa adjektibozkoa dela onartzea, perpaus erlatiboa den bezalaxe: [[P erl balio handia duen] gizona] / [[PS balio handiko] gizona] / [gizon [AdjS baliotsu]a]. Ikuspegi honetatik, betiko lagun zaharrak nahiz gailurrerainoko bide neketsua sintagmak, adjektibo kategoriako bina sintagmaz eta izen batez osatuak leudeke. Kategoria gramatikalari dagokionez ez da alde handirik sumatzen aspaldiko eta zahar-en nahiz gailurrerainoko eta neketsu osagaien artean. -koren adjektibotasunaren alde letorke halaber (eta -en genitiboaren kasuan ere berdin), sintagma hauek predikatu osagarri gisa lan egiteko duten aukera. Lagun hauek Zarauzkoak dira (ez, *Zarauzko dira); Ogi hau herenegungoa da (ez, *herenegungo da); Liburu hori neska horrena da (ez, *neska horren da).
21.8.9b -koren osagarria inesiboa denean sintagmak hartzen duen forma gorago eskaini dugu (§ 21.8.2d). Orain hemen hizpide izan ditugun erabileren berri emateko arazorik ez dugu izango, gehienetan -ko postposizioa eransteak ez baitu inolako eraginik morfema segidan. Hortaz, hona hemen, laburbiltze aldera, [PS [ PS … ] -KO] sintagmak erakutsi ditzakeen zenbait forma: