16.4.2a Zenbatzaile orokor gisa erabiltzen dugun guzti (guzi, aldaera nagusia, Nafarroa-Iparraldean) hitzak osotasuna adierazten du. Hain zuzen ere oso adjektiboarekin truka daiteke: egun guztia / egun osoa; Euskal Herri guztia / Euskal Herri osoa; mundu guztia / mundu osoa eta abar. Nolabait ere esateko, unibertsaltasuna adierazten du: Etxe guztiak erre ziren. Mugatzailea behar du, adibideetan ikusten denez.
Neurri batean bederen, adjektibotzat ere har daiteke, baina erabilerak baditu muga semantiko argiak: unibertsaltasuna adierazten duenez, ezin dugu unibertsaltasun hori mugatu, ezin dugu esan zerbait unibertsala edo mugatua dela, aldi berean. Horregatik, etxe zuri guztiak baldin badiogu, zuriak diren etxe guztiak, ezaugarri hori duten etxe guztiak, besarkatzen ari gara, baina ezin esan, hori hala bada, *bost etxe zuri guztiak edo holako zerbait, bost horrek mugatu egiten baitu berez unibertsala den guzti hori, guztik nahitaez multzo osoa hartzen baitu.
Garai eta euskalki guztietan dokumentatzen da: Eliza katoliko guzia (Hiriart-Urruti); Munduko pena guztiak (Lazarraga); Akabatuko zirela geroko gero guztiak (Axular).
16.4.2b Izenordain gisa: Iragaitea eta hiltzea guztia da bat (Axular); Gainerako guztia (Mitxelena); Guzia ahalketua, bazterrerat egin nuen (Andre-dena); Izutu zen zen guzia (Mendiburu). Singularrean izanik, plural zentzua du batzuetan: Madarikatua da zurean urkatua den guzia (Leizarraga); Ediren nazan guztiak hilen nau (Axular). Batzuetan artikulu gabe erabili izan da tradizioan: Jainko erraiten eta adoratzen den guziren kontra (Leizarraga).
Aposizioan, erakuslearen ondotik: Grazia hauek guztiak egiten zaizkigu Baptismoaz (Leizarraga); Zer egin da hartaz guziaz? (Txillardegi); Ilkintza izugarri honek guziak harri eginik utzi zituen (Lardizabal); Ez diot hau guztiau norberaren badaezpadako umiltasuna ager-nahian (Mitxelena).
16.4.2c Erakuslea absolutibo edo ergatiboan dela eta guzti beste kasu marka batekin: Hauek guztiez Herodesek ez du batere antsia (Etxeberri Ziburukoa); Hobe nuke hemengo lanok guziekin etxe hau uzten banu (Izeta); Hiri hura zen inguru haiek guzietako bigarrena (Larregi). Aurretik izen sintagma mugatua duela: Basoak guztiak, zoluak guztiak, etxeak guztiak, palazioak guztiak, herriak guztiak eta erreinuak guztiak bereak ditu Jaungoikoak (Frai Bartolome).
16.4.2d Esapideekin: Ahoa doi irekitzen duzu, eta guztiarekin ere arnegu eta juramentu egiten ari zara (Axular); Guztiarekin ere, eskertxar alaenak gu, amorrazioz, eta morboz, dakuskigu irudiok (J. A. Irigarai); Guztiaz ere, Artza nork hil zuen ezagungarri txiki bat gelditu zen Zaldibian (Iztueta); Guztiaz ere nahiago zuen jabeak kalteak pagatzea, ezen ez gelditu otsoa gabe (Lertxundi); Bere semea guztiz gozoa, eta guztia deseagarria (Uriarte); Baina, erran bezala, ez guztiz (Irigoien); Batzuek nahi dute, bere gazte denboran bizi bere gogara, anitz bekatu eta desordenu, guztiz ere emazteekin egiten dutela (Axular); Hala eta guztiz ere, egun batez ni ere errege izan nintzen (Zubizarreta).