Euskararen Gramatika

16.4. Zenbatzaile orokorrak


16.4. Zenbatzaile orokorrak

Zenbatzaile orokorren artean sartzen ditugu dena, guzti eta oro. Aski zenbatzaile bereziak dira formari dagokionez. Oro zenbatzailea kendurik, dena eta guzti zenbatzaile orokorrek adjektibo itxura dute, mugatzailea ere behar baitute. Zenbatzaile hauek orokortasuna, osotasuna, hartzen dute kontuan. Ez da horrelakorik gertatzen gainerako zenbatzaile zehaztuen eta zehaztugabeen kasuan. Horregatik, beharbada, eta nola askotan bakarrik erabiltzen ditugun, izenordaintzat ere hartu izan dira zenbaitetan (ikus, adibidez, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta OEH). Oro Iparraldeko euskalkietan erabili izan da tradizioan, baina gaur egungo literaturan aski hedatua da. Dena, singularrean, bizigabeekin erabiltzen da, eta denak plurala bizidun nahiz bizigabeekin162.

16.4.1. Dena

16.4.1a Dena, berez, erlatibozko esaldi batean oinarritzen da (goizean etorri dena), baina XVIII. mendean Hegoaldean, eta XIX. mendean Iparraldean, autonomia hartzen hasi zen eta gaur egun guztiz iharturik gelditu dela esan daiteke. Ikusten denez, mugatua ibiltzen dugu beti. Plurala ere hartzen du (denak), baina orduan erlatiboaren itxura galtzen du (direnak behar luke). Lehenaldian ere dena erabiltzen dugu, ez zena, berez eskatuko lukeen gisan: dena badaki, baina dena bazekien, eta ez *zena bazekien. Aldaketa hori (erlatibozko perpausetik zenbatzailera pasatzea), zernahi gisaz, badirudi hirugarren pertsonarekin bakarrik gertatu dela, ez baitugu daturik baieztatzeko, batzuek egin duten gisan, beste pertsonekin ere holako zerbait gertatu dela.

Indarra emateko den-dena ageri da anitzetan. Postposizioekin morfologia mugatua erakusten du, singularra eta plurala bereiziz (denarekin / denekin, adibidez). Instrumentalean bat egiten dute: denetaz.

16.4.1b Izenordain erabilera du anitzetan: Ehun milioi urtetik urtera itsasotik ur tanta bat aterako balitz, eta dena, itsaso guzia horrela agortu behar balitz (Kardaberaz); Nola daiteke, buru puska duelarik, gizon batek hutsa baitu dena? (J. Etxepare); Oso zait atsegin hango giroa, hango… dena (Mitxelena); Zaude pixka bat, gizona, den-dena esango dizut eta (Otxolua).

16.4.1c Aposizioan, izen sintagmaren postposizio marka bera duela, eta arruntean izen sintagmaren ondotik: Gure Jainkoak ditu bai segur laguntzen / hartzen dituzten sailen denen bururatzen (Xalbador); Hiri hura dena ibili eta inguratu ondoren (Loramendi); Sail honi denari azken hitz bat eman behar (Xalbador); Anitzek dute beren gorputza / zauri odolez dena estali (M. Etxamendi); Beretu zuen kasik dena Espainia (Hiribarren). Erakusle baten aposizioan: Hori dena badakizu buruz eta zehatz (Kirikiño); Egia da, noski, hori dena (Mitxelena); Hori buhamen lana da dena (Larzabal); Hauek denak behealdean zeuden (Agirre); Errexinolarena baitzen zure boza; / adimendua ere zenuen zorrotza, / horien denen artean urrezko bihotza (Xalbador). Kasuren batean sintagmarekin komunztadura egin gabe: Mutilak ere maitasuna azaldu nahi dio, gauza horiek denekin (M. Atxaga). Izenordainekin: Buruzagia galdu duela Frantziak, / bertze Jabe bat baitu gu denen biziak (Xalbador); Beste-ren ondotik: Beste denak baino bertsolari azkar eta zorrotzagoa dela (Etxegarai); Bere euskalkiaz beste denak izutu egiten du beharbada euskal irakurlea (Mitxelena). Erlatiboaren ondoren: Eman zizkioten behar ziren denak (Izeta); Gizonek egiten duten dena jolasa besterik ez da (J. A. Irazusta).

16.4.1d XX. mendea baino lehenagoko idazleen artean, eta XX. mendean ere badira batzuk, komunztadura egiten duten adibideak aurkitzen dira, ihartu gabeak: Deus ere utzi gabe, direnak erraiten ditu (Duvoisin); Etxe gehienak elkarren ondoan dituzte, direnak eliza ttipi baten inguruan kurubilkatuak (J. Etxepare); Ele guti eta direnak on (Iturbide). Lehenaldian ere bai: Diru txarretan zenbat eman zuen berriz, / Jaungoikoak bakarrik zirenak dakizki (Arrese Beitia); Hain ongi egin dute zirenak egonik / ez zeuzkan merkatuak direnak eginik (Hiribarren).

Komunztadura gabe XIX. mendetik aurrera hasten da dokumentatzen Iparraldean, eta Hegoaldean indarra hartzen du mende horren erdialdetik aitzina: Denek ezagutzen dute ospitale hori (J. B. Etxepare); Orduan denek, goikoek eta behekoek, zeuzkaten sineskeria horiek (Villasante); Hiru edo lau aldiz aritu zen jokoan eta denetan irabazi (Izeta). Hori da egungo joera ia bakarra.

Esanahi generikoa izan dezake, beste toki batzuetan singularrean erabiltzen dena: Nire kasua zer den / nahi duenak jakin, / esplikatuko ditut / denak hastetik fin (Mattin); Eta mozkinak oro bere artaldearen handitzeko, edertzeko xahutzen zituen. Denak ardientzat beti (J. B. Etxepare).

16.4.1e Lehen eta bigarren pertsonen erreferentzia izaten ahal du. Erabilera orokorra da hori Iparraldeko testuetan, nahiko maiz ageri da gipuzkerazkoetan, eta gutxiago bizkaieraz: Uste duk denak garela hire antzekoak? (Apaolaza); Oso triste genden denak (Txirrita); Kasinoan nola ibiltzen naizen / denek duzue aditu (Mattin); Denek dakigun bezala Azkue iritzi horren etsaia izan zen (Mitxelena).

16.4.1f Denok aldaera ere batez ere XX. mendean hedatu zen, 1., 2. eta 3. pertsonekin: Ixo, ixo! Ez asi denok batera hitz egiten! (Etxaniz); Irakur ezazu denok entzuteko moduan (Berrondo); Adierazi duela zein den euskal eredua, euskaldunik gehienok, denok ez baldin bada, maite dugun ametsa (Mitxelena); Bakarrik ezin dezaketena, gizonek uste dute denon artean lortu al izango dutela (Villasante).

16.4.1g Esapide batzuetan ere ageri da: Dena dela, oro ahantziak ditut orain (Zerbitzari); Dena dela, nabarmendu beharra dago bazekiela hori guztia (Morales); Dena den, landatu dute arbola (Hiriart-Urruti); Dena den, nik ulertzen dut idazleek independentzia nahi izatea (Urkiza); Horratx erromes, behartsu, edo dena delako bagamunduen aspaldiko martingala (Perurena); Denetara 545 gene bakarrik aurkitu zituzten (Salaburu); Esan gabe doa, denetariko erantzunak ateratzen zizkidala (P. Zabala).

16.4.2. Guzti

16.4.2a Zenbatzaile orokor gisa erabiltzen dugun guzti (guzi, aldaera nagusia, Nafarroa-Iparraldean) hitzak osotasuna adierazten du. Hain zuzen ere oso adjektiboarekin truka daiteke: egun guztia / egun osoa; Euskal Herri guztia / Euskal Herri osoa; mundu guztia / mundu osoa eta abar. Nolabait ere esateko, unibertsaltasuna adierazten du: Etxe guztiak erre ziren. Mugatzailea behar du, adibideetan ikusten denez.

Neurri batean bederen, adjektibotzat ere har daiteke, baina erabilerak baditu muga semantiko argiak: unibertsaltasuna adierazten duenez, ezin dugu unibertsaltasun hori mugatu, ezin dugu esan zerbait unibertsala edo mugatua dela, aldi berean. Horregatik, etxe zuri guztiak baldin badiogu, zuriak diren etxe guztiak, ezaugarri hori duten etxe guztiak, besarkatzen ari gara, baina ezin esan, hori hala bada, *bost etxe zuri guztiak edo holako zerbait, bost horrek mugatu egiten baitu berez unibertsala den guzti hori, guztik nahitaez multzo osoa hartzen baitu.

Garai eta euskalki guztietan dokumentatzen da: Eliza katoliko guzia (Hiriart-Urruti); Munduko pena guztiak (Lazarraga); Akabatuko zirela geroko gero guztiak (Axular).

16.4.2b Izenordain gisa: Iragaitea eta hiltzea guztia da bat (Axular); Gainerako guztia (Mitxelena); Guzia ahalketua, bazterrerat egin nuen (Andre-dena); Izutu zen zen guzia (Mendiburu). Singularrean izanik, plural zentzua du batzuetan: Madarikatua da zurean urkatua den guzia (Leizarraga); Ediren nazan guztiak hilen nau (Axular). Batzuetan artikulu gabe erabili izan da tradizioan: Jainko erraiten eta adoratzen den guziren kontra (Leizarraga).

Aposizioan, erakuslearen ondotik: Grazia hauek guztiak egiten zaizkigu Baptismoaz (Leizarraga); Zer egin da hartaz guziaz? (Txillardegi); Ilkintza izugarri honek guziak harri eginik utzi zituen (Lardizabal); Ez diot hau guztiau norberaren badaezpadako umiltasuna ager-nahian (Mitxelena).

16.4.2c Erakuslea absolutibo edo ergatiboan dela eta guzti beste kasu marka batekin: Hauek guztiez Herodesek ez du batere antsia (Etxeberri Ziburukoa); Hobe nuke hemengo lanok guziekin etxe hau uzten banu (Izeta); Hiri hura zen inguru haiek guzietako bigarrena (Larregi). Aurretik izen sintagma mugatua duela: Basoak guztiak, zoluak guztiak, etxeak guztiak, palazioak guztiak, herriak guztiak eta erreinuak guztiak bereak ditu Jaungoikoak (Frai Bartolome).

16.4.2d Esapideekin: Ahoa doi irekitzen duzu, eta guztiarekin ere arnegu eta juramentu egiten ari zara (Axular); Guztiarekin ere, eskertxar alaenak gu, amorrazioz, eta morboz, dakuskigu irudiok (J. A. Irigarai); Guztiaz ere, Artza nork hil zuen ezagungarri txiki bat gelditu zen Zaldibian (Iztueta); Guztiaz ere nahiago zuen jabeak kalteak pagatzea, ezen ez gelditu otsoa gabe (Lertxundi); Bere semea guztiz gozoa, eta guztia deseagarria (Uriarte); Baina, erran bezala, ez guztiz (Irigoien); Batzuek nahi dute, bere gazte denboran bizi bere gogara, anitz bekatu eta desordenu, guztiz ere emazteekin egiten dutela (Axular); Hala eta guztiz ere, egun batez ni ere errege izan nintzen (Zubizarreta).

16.4.3. Oro

16.4.3a Dagokion izen sintagmak aipatzen duenaren osotasuna adierazten du. Tradizio handia du testu baxenabartar eta zuberotarretan, eta XIX. mendetik aurrera orokorra da Iparralde osoan. Arruntean zehaztugabe ageri da.

16.4.3b Izenordain gisa (edo dagokion izen sintagma isildurik duela) erabiltzen da sarritan: Jakin dezaten orok ez dela Gobernamendua seroren ez fraideen etsai (Hiriart-Urruti). Hor ikusten denez, orok ergatiboa da, autoreren batek absolutibo plural gisa erabili izan badu ere. Oro da absolutibo forma bakarra. Adibide gehiago: Txerreroa dabil ororen aitzinean (J. Etxepare); Baina aulkia ororena zen, ez da? (Mirande); Baionako ospitalean orok dakiten bihotzarekin eraman dituen adin handiko 25 urteak (Larre).

Erlatibozko perpausa izan dezake aurretik: Sukaldean zeuden orok […] erne eta adimin iraun zuten (Etxaide); Axolazko den oro (Mitxelena); Gertatzen den oro bere koadernoan idazten duen mutil estatubatuarra (Elizondo).

Mugatu plurala: Oroen bularra (Lizardi); Baziren oroendako etxangiak (Garate); Agur Maria erran dezagun / ororek elkarrekilan (Casenave-Harigile).

Izen sintagma baten ondotik: Berrehun gudari oro sumin (Lauaxeta); Gizon oro errege bat da (Payá).

-ko atzizkiaren eskuinean: Besterik da uste izatea jaso itxurako oro poesia dela (Egaña); Ohitu nintzen […] hark egin edo esandako oro beltz ikustera (Lertxundi).

16.4.3c Adjektibo gisa ere erabiltzen da. Izen sintagma duela aurrean, kasu atzizkiak harturik: Ikusiren du hura begi orok (Leizarraga); Bazter ororen behatzaile zara (Duvoisin); Begiak alde orotan ikerka (J. Etxepare); Dauzkagun doai oro dituzu gu denon mende ezarri (Xalbador). Erakusle baten ondotik: Zertako behar dizkiogu […] diru horiek oro eman? (Lafitte); Horietan orotan, bakoitzak egin beharko bere hautua goiz edo berandu (Larre); Zure puska horiekin ororekin (Barbier); Xehetasun horiek oro, orratzetik hari, Matiasek zekizkien (Landart). Aurreko sintagmak plural marka duela: Neure bekatuez oroz dudan barkamendua (Etxepare); Zure haurrak oro (Tartas); Haiek eta bertzeak oro zahartu ondoan (Hiriart-Urruti); Lurreko gauzak oro (Mitxelena); Emakumeak oro Kaiserren bezero (Olarra). Aurreko sintagma singularrean mugatua: Behar du hautatu urtean orotan egun bat (Mercy); Hark agindurik bere gogoa oro ager ziezaion (Mirande); Herriak oro jakin beza (Casenave-Harigile); Pitagoritarrek mundua oro kopuru eta kidetasun dela uste zuten (Gaztelu).

16.4.3d Adberbio gisa: Herria oro nahasi zen (Martin Harriet); Eta lurra izugarri oro ikaraturik (Etxepare); Nagusi gaztea hil zenez gero, oro aldatu ziren Dorronsoroko gorabeherak (Barrensoro).

16.4.3e Esapideetan: Lau zihoazen orotara auto haren barruan (Cano); Denak ezkonduak ziren eta orotara hogeita sei lehengusu baginen (Landart); Oro har ele guti erabili genuen egun hartan (Aintziart); Boterea zer da oro har? (Xarriton); Baina niri, ororen buruan, Amandinen presentzia aski zitzaidan, nahikoa (Landart); Entzuten segitzen da oraindik, ororen buruan, bere tanta aleak kazkabarkatuz… (Juan Garzia); Ororen gainetik, ordea, segurtasuna balioesten nuen nik (Saizarbitoria); Oroz gain, Espainia arima bat da (Azurmendi); Gizon liberala, oroz gain euskara maite zuena (Salaburu); Hirutasun goren, oroz gaineko eta gurgarriaren festaburu beneragarrian (J. M. Lekuona); Oroz gainetik, ez nituen aitamak negarrez ikusi nahi (Aintziart).

16.4.3f Laburtuz, hortaz, hauek dira oro-ren erabilera nagusiak: 1. Izen baten ondotik zuzenean, kasu markak eta postposizioak mugagabean hartzen dituela eta komunztadura ere gehienetan singularrean egiten duela: Gazte oro larunbatero ateratzen da; Gazte orok uste du…; Gazte ororekin joaten da. 2. Artikulu plurala hartzen duen izen sintagma baten eskuinean: Gazteak oro larunbatero ateratzen dira; Gazteek oro uste dute… 3. Erakuslearen eskuinean: (Gazte) horiek oro etorri dira; (Gazte) horiek oro uste dute… 4. Izenordain gisan: Dantzara joan ziren orok ikusi zuten; Hemen orok dakite hori ez dela hola gertatu. 5. Adberbio gisan: Gazteak, hori gertatu denetik oro aldatu dira.

162 De Rijkek dio (2008: 223) dena eta denak bat datozela, banaketari dagokionez, ingelesezko everything (= dena) eta everybody (= denak) hitzekin.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper