Euskararen Gramatika

16.3. Zenbatzaile zehaztugabeak


16.3. Zenbatzaile zehaztugabeak

16.3a Orain arte aztertu ditugun zenbatzaileek zenbaki zehatz bati egiten zioten erreferentzia eta horrexegatik zenbatzaile zehaztuak deitu diogu atal horri guztiari. Baina gauzak ez ditugu, ordea, beti hain modu zehatzean adierazten: bost lagun etorri dira esaten badakigu bost lagunez ari garela, ez direla ez lau ez sei, baina lagun batzuk etorri dira esaten badugu, ez dakigu zenbat diren, testuinguruaren arabera interpretatzen baitugu batzuk hori. Zenbatasun hori, kasu honetan, gutxi gorabeherakoa baizik ez da, esanahiari dagokionez. Berdin gertatzen da beste honekin ere: mutil bat diogunean badakigu zenbat mutili buruz ari garen hitz egiten, baina mutilen bat esaten dugunean ez dugu zenbakirik zehazten. Dena dela, biak sartu ditugu zenbatzaile zehaztuen artean, formalki bederen zehatzak direlako.

16.3b Zenbatzaile zehaztugabeen kontua diferentea dugu: hemen ez da inoiz zenbaki zehatzik adierazten, handia nahiz txikia izan daitekeen multzoa baizik. Bestalde, hauek ere bakar-bakarrik nahiz izen edo izenki baten ezker edo eskuinean ager dakizkiguke.

16.3c Zenbatzaile zehaztugabe hauetako zenbait guztiz adberbializaturik daude. Hori gertatzen da inesiboarekin ematen ditugunean. Inesiboan ageri direnean, gehienetan, adberbioak dira, eta denborarekin dute zerikusia, lekuarekin baino gehiago: Herrien osasuna, askotan, emakumeen eskuetan dago (Agirre); Eta halatan anitzetan ere egiten diogu kalte geure gaizki egileari ere (Axular); Amaren begietan, batzuetan, jaki ongarriok murritzak eta… (Erkiaga). Biziki zaila da holako egiturek tokiari egitea erreferentzia, non ez duten aurretik izenlagun bat isildua: Ikusten mendi haiek? Haietako askotan egona naiz. Hor tokiaren erreferentzia du. Haietako hitza kenduz gero, erreferentzia tokiarena izan daiteke, edo denborarena, baina arruntean bigarrena ulertzen dugu.

Horrek ez du esan nahi, zernahi gisaz, inesiboan dauden guztiak beti adberbioak direla: Zenbat jauregi diren oraino sutik Behenafarroa maitagarri horretan […] Lakarren, Donapaleun eta beste leku anitzetan (Manezaundi). Testuinguruak bereizten ditu.

16.3.1. Batzuk

16.3.1a Izen sintagmaren eskuineko aldean ageriko da eta bat zenbatzailearen pluraltzat hartzen da gramatikagileen artean. Hori dela eta, aditzarekiko komunztadura beti pluralez eginen du: Andre batzuk etorri dira; Ikasle batzuei esango diet; Idazle batzuek horrela nahi dute; Eta haren ingurura bildu ziren oste handi batzuk, halatan non, ontzi batera iganik hartan jarri baitzen, eta hur hegitik zegoen populu guzia (Duvoisin); Etorri ziren aldizka beste mutil batzuk, eta inork ere ez zuen ikusi (Mogel).

16.3.1b Bakarrik ere ager daiteke batzuk, izen sintagma berak bakarrik osatuz: Batzuk sartu ziren; Hor zeuden berrogei bat portuges, batzuk 15-16 urtekoak (Larzabal); Ezen haietarik batzuek sinetsi ez badute ere, halakoen sinets gogortasunak ezezturen ote dute Jainkoaren zintasuna? Urrun dago (Duvoisin); O, nik baneuka arimak Jaungoikoaren artaldera erakartzeko batzuek izan duten jakituria! (Agirre).

16.3.1c Hauek dira batzuk zenbatzailearen kasu markak: batzuk, batzuek, batzuei, batzuen (batzuengan, batzuengana, batzuengandik, batzuen baitan, etab.), batzuekin, batzuez, batzuentzat, batzuetan, batzuetako, batzuetara, batzuetatik (-tarik).

Ikus Euskaltzaindiaren 12. araua: “Bat eta batzuk-en deklinabidea”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

16.3.2. Zenbait

16.3.2a Zenbatzaile zehaztugabe honek (zonbait bezala ere tradizioan) ez du inolako mugatzailerik onartzen eta bat baino gehiago adierazten du, kopurua mugatu gabe uzten badu ere. Erabiliagoa izan da Iparraldean, baina autore gipuzkoarrek eta nafarrek ere erabili izan dute. Gutxiago erabili izan da bizkaieraz. Gaur egun euskalki guztietara hedatua da. Izenaren ezkerrean erabiltzen da gehienetan: Igandetan zenbait aldiz Athletik ikustera joaten naiz; Zenbait gizonek ez du sinesten holakorik… Tradizioan aski arrunta da: Aldi honetan bazituen berarekin Jesusek beste gisako zenbait itsu ere; eta itsu, orduan ez baizik beste aldi batez eta bere neke-izerdi handien buruan argitu zituenak (Mendiburu); Kontatzen du halaber artzaintsa pobre batez okupatzen zenaz goardatzen zenbait ardi, zezakeen guzian erretiratzen zela ermita batera, non baitzen Ama Birjinaren imajina bat behar bezain dezente adornaturik (Lizarraga); Urtean behin ezezik, beste zenbait aldiz ere konfesatzera behartua ote dago Kristaua? Bai, jauna (Agirre Asteasukoa).

16.3.2b Baina beste batzuetan eskuinaldean ere aurkituko da: Andre zenbaitek ez du inoiz ere ulertuko hori; Liburu zenbaitetan ez duzu onik irakurriko. Erabilera horrek ere tradizio handia du. Autore batzuek berdin jartzen dute ezker nahiz eskuin, estilo kontu hutsa da: Bozetako denboran ere, bere burua sobera erakutsirik, zenbait liskar eta arnegu izan zituen (Larzabal); Niri pertsona gaixo horrek eman dit bizi guzirako irakaspena, Ebanjelioan aurkitzen dena: amagaldu zenbait sartuko direla zeruan, beren ustez saindu handi diren batzuk baino lehen (Larzabal); Gizon gazte zenbait, estekaturik batere gabeak, gorputzez ederrak, zuhurtzian argituak […] (Duvoisin); Edo baserritar zenbait, edo artzain, edo lur-lanetako langile bat atzemana bazen […] (Duvoisin). Autore batzuek zenbait hori eskuinaldean paratzen dutelarik, ablatiboan jartzen dute determinatzen duten izena: Handik zenbait egunen buruan Elizabeth haren emaztea izorra gertatu zen eta bortz hilabetez egon zen gordea (Haraneder); Haren baitan dugu ezen bizitzea, higitzea eta izatea, eta zuen poetetarik zenbaitek erran izan dutena: haren beraren arrazakoak ere gara (Haraneder: oso sistematikoa da horretan, adibidez. M. Elizanburu ere bai).

16.3.2c Beste-rekin, ordea, beti eskuinaldean egonen da: Beste zenbaitek ez du hori uste; Beste zenbait gizonek; Beste gizon zenbaitek. Tradizioan badira adibide asko holakoak: Jantoki berean, bada, Olivadiko bidean eta Olivadi bereko mendian hau guzia eta beste zenbait gauza esan eta apostolu berak eta beste anitz han utzi eta igan zen Jesus zerura […] (Mendiburu); Gero nik hola bukatu nuen: Egia esan, haurra, gizon hark holako gauza bikainak esanarazi dizkidanez gero, ez zeukenat batere gogorik beste zenbait gauzatan nere luma kaxkartzeko (Orixe); Hauek baino erru handiago Oxer Batxillerrak Yurreamendiko semeak eta Andia-Torreko beste adiskide zenbaitek dute (Labaien); Komentua erretzen ari dela! Antzez-joku honi egiantz eta indar gehiago ematearren azken aldera Gotzon eta Paxkualekin gudari eta beste zenbait mutil sar daitezke, zuzendariak nahi izanez gero (Labaien); Badira hitzik ateratzen ez duten ta beretteren gaiztagintzak estaltzen dituzten beste lausengari zenbait ere, eta horiek dira agertu behar lituzkeen bide gaiztoak agertzen ez dituztenak (Mendiburu); Beldurtzen dituela zenbait aldiz besteren eskuz eta beste aldi zenbaitetan hemengo bere kastiguz eta geroko harrigarri handien izutasunez (Mendiburu).

16.3.2d Sarritan bakarrik ageri da: Gutarik zenbait hilen gara aurten; Zenbaitetan entzun izan dut. Eta tradizioan: Hartzen dituzte zenbaitek beren aitzineko ongi aurkitzen zirenen etxe bateko gauzak eta bazterrak […] (Mendiburu); Baina populuak ikusi zuenean zertara zoan Lisimako, batzuek hartu zituzten harriak, bertze batzuek makila lodiak; zenbaitek berriz hautsa aurkitzen zuten Lisimakoren kontra (Duvoisin); Nork ez dakus, bekaturako bide, eta peril urkoa izango zela Joserentzat etxe hartan aurrera egotea? Hau bera gerta daiteke zerbitzatzen dabiltzan zenbaitekin (Agirre Asteasukoa) eta abar.

16.3.2e Aditzarekin egiten duen komunztadura dela eta, singularrez nahiz pluralez egiten du: Zenbait toki ikusi dut; Zenbait toki ikusi ditut.

Batetik, tradizioa dugu kontu honetan. OEHk dioenez, izen horren erreferentzia batzuetan plurala da argi eta garbi: Zenbait eri bakoitz… senda baizitzan (“sendatu zituen”, Leizarraga). Beste batzuetan, berriz, singularra: Zenbait zeinu ikusiren zuela (Leizarraga). Autore batzuek, nolakoa den izen sintagmaren zentzua, numeroari dagokionez, aditza singularrean (zuela) edo pluralean jartzen dute (zitzan, zituen), adibideetan ikusten den gisan. Baina tradizioan hainbeste lekukotasun ditugu esanahia plurala izanik aditza singularrean erakusten dutenak. Pouvreauk, adibidez, hola dio: Non ez duen noizbait zenbait tentazione (eta esanahia plurala da hor). Holako eredua Etxeberri Ziburukoak, Mendiburuk, Larregik, Haranederrek, Mihurak… eta beste askok erabiltzen dute. Baina horren parean ikus daiteke Agirre Asteasukoak, Iztuetak, Lardizabalek edo Beobidek komunztadura beti pluralean egiten dutela.

Gaurko idazleen artean ere badirudi askatasuna dagoela, eta batzuk sistematikoak badira ere singularra edo plurala aukeratuz, arruntena da bi ereduak aurkitzea: “Dena zilegi dut” dio zenbaitek (Elizen arteko Biblia); Zuek niregana etorri eta esan zenidaten: Bidal ditzagun zurretik zenbait gizon lurraldea ikertzera, zein bidetatik joan eta zein hiritara sartu jakinaraz diezaguten (Elizen arteko Biblia); Hango zenbait fruitu hartu zuten (Elizen arteko Biblia); Emeki-emeki, azken hamar urte hauetan, Euskal Herrian euskaraz agertu diren obra zenbait ari ditut biltzen (Aintziart); Kantikek hunkitzen naute: zenbaitek diote oihukatzen ditugula, triunfan (Aintziart); Zenbaitek Graal boteretsua xerkatzen zuten (Borda); Eta jakin ere badaki, zeren geroago beste zenbait kapitulu indexologiko aurkituko baititugu (Kintana); Apezak oraindik otoitz zenbait egin zituen (Landart); Izan ere, “jo” esan, eta jotze fisikoa baino ez baitu, antza, zenbaitek entzuten (Joxerra Garzia); Barbarossak ateari zenbait ukabilkada eta ostiko jo zizkion (P. Lizarralde) eta abar.

Jakina, zenbait horren erreferentzia ezinbestean plurala da zenbaitetan, eta hor ez da tokirik singularra ibiltzeko: Sorlekutik atera gabe, auzoko kanoien hotsa genuen bakarrik entzuna zenbaitek, edo ihesi etorri haurrideen etsipena ezagutua (Xarriton); Kontura gaitezen beraz euskal ikastegi, ikastola, aldizkari, argitaldari, eta irrati-telebisten lanaren osatzeko eta jorratzeko Koldo Mitxelena, Pedro Miguel Etxenike, Gregorio Monreal eta beste zenbaitek ireki zuten Euskal Herriko Unibertsitatearen aldean […] (Xarriton) eta abar. Horietan, jakina, ez da singularra jartzerik.

16.3.2f Batzuetan -tzuk atzizkia ere erants dakioke eta orduan zenbaitzuk ematen du. Azkeneko kasu honetan aditzarekin egiten duen komunztadura plurala dugu beti. Tradizioan badira adibide batzuk (Izeta, Anabitarte, Larreko, Iraizoz, Erkiaga…): Lan pizar zenbaitzu bakarrik egin beharrak dira (Izeta); Langabekoen laguntzeko, herri gizonek eta beste zenbaitzuek erabaki dute laguntzeko: bakoitzari emanez hiru pezeta, noiz artio ez dute erran (Larreko); Zenbaitzuek hori argiro aldarrikatzen dute (Kintana); Sumendi zenbaitzuen erupzio eta eztanda gertatu ziren (J. A. Irigarai).

16.3.2g Euskaldun batzuen artean zabaldurik dago zenbat eta zenbait nahasteko ohitura. Ezin daitezke bata bestearen ordez erabili: lehena galdetzailea da eta hau, berriz, zenbatzailea. Bai esanahiaz, baita hartzen duten itxura formalaz ere, desberdinak ditugu.

16.3.3. Asko

16.3.3a Zenbatzaile zehaztugabe hau Euskal Herri osoan erabili izan da, salbu Pirinioetako euskalkietan eta Zuberoan. Izenaren ezkerrean edo eskuinean joan daiteke, nola diren euskalkiak edo hiztunaren ohiturak: gizon asko; asko gizon. Hola, izenaren aitzinean Iparraldeko euskalkietan, eta izenaren ondotik beste tokietan. Bizkaieraz beti ondotik: Ikusiko duzu, asko bekatu egin, eta eragin dituela, eta asko arima galdu dituela, beharbada, betiko (Agirre Asteasukoa); Horiek, egiazko deserregelemendu dira, zeren denbora galtzea berenaz ere gaizki handi bat baita, zeren bere etxekoei asko bekatu egiteko, eta mundutarrei haietaz eta debozioaz gaizki erasteko bide ematen baitiote (Duhalde); Eta gizon zahar, asko egunetakoa, eseri zen (Uriarte); Zerbait ongi egin badugu, edo egin badute anitz ongi sainduek, libratu badira egitetik asko bekatu, ez da zer hortaz presumitu (Lizarraga); Ez ote da Sionez erranen: Asko gizon sortu izan dira han, eta Guziz-Gorak berak asentatu du hura? (Duvoisin); Gero asko gizon hil zizkieten, eta gainerakoak osotoro izututa ipini zituen (Lardizabal); Bada bertze asko herri ere biluzi dutenik; zerbait zuten guziak zituzten guziez (Hiriart-Urruti); Frantzia-eskualde anitzetan herri askok dakartena, eta geroxeago deitura bilakatua (Lafitte); Horrelaxe, batere tirorik egin gabe, hartu ziren Albertia eta bere inguruko beste mendi asko (S. Salaberria); Lotsatzen dira gizon asko, Elizan eta aldare […] (Mogel).

Adberbioekin ere: Maiz asko etortzen duk (Gazteluzar); Asko maiz ere Jainkoagatik egiten dugun obedientzian baltsatzen dira anitz (Mihura); Laster asko entzungo zuen arrain saltzailearen era honetako erantzuera zorrotza (Agirre); Ederki asko dakik, alproja horrek (Etxaniz); Baina Joxek konpondu zituen gauzak, egoki asko (Ugalde); Egunkari bat mahai gainean zabaldu eta irakurtzen dihardu, lasai asko (Erkiaga).

16.3.3b Bakarrik ere erabiltzen da: Zertatik dator bada askok irautea bekatu eta bizitza gaiztoan, beste askok bizitza epel eta aurrerapen gabean (Mogel); Zeren askoren madarikazioak aditu nituen, eta izua jabetu zen nirekin aldamen guzietatik (Uriarte); Munduan asko dira, Jainkoa egiaz bilatu, eta bihotz guzitik zerbitzatzen dutenak (Kardaberaz).

16.3.3c Komunztadura singularrez egiten du XVI. eta XVII. mendeetan. Lazarragak plurala ere erabiltzen du, eta XVIII. mendetik aitzina plurala hasten da nagusitzen: Bekatu asko egingo dela pentsamenduarekin, berbarekin eta […] (Betolaza); Daukanean gizonak kriado asko (Mikoleta); Zeren daukat gaur asko zer egin (Mikoleta); Asko galdera egin zizkion neskari (Goñi); Baina ugazaba askok […] euren ondasunak gehitu eta ugaritzea baino beste asmorik ez dute eduki (Eguzkitza); Horregatik maite ditut gaurko gazte asko (Mitxelena); Orduandik urte asko pasatu dira (San Martin).

Zenbaitetan, hala ere, badirudi komunztadura hori singularrez edo pluralez egitea adierazgarria izan daitekeela. Hola, EGLU-I liburukiak bereizketa egiten du liburu asko erosi dut eta liburu asko erosi ditut perpausen artean. “Ez dirudi gauza bera esaten dugunik”, dio, eta azalpen hau ematen du: “Lehenbiziko adibidean liburu masa hartzen dugu gogoan. Bigarrenean, berriz, liburu bat, eta beste bat, eta beste bat eta abar” (EGLU-I: 143). Beste adibide bat hartuz gero argiago geratzen da: harri asko bota dute / harri asko bota dituzte. Lehenbizikoan, zenbakaitz modura hartua da harri hitza, harri kantitate handi bat esango bagenu bezala. Adibidez, mendian bidea konpondu nahi bada harri asko botatzen da. Gauza bera gertatzen da jende asko etorri dela diogunean. Hor zenbakaitza da jende hitza. Baina harri asko bota dituzte baldin badiogu, harriak bota dituztela ari gara esaten.

16.3.3d Izenik gabe ageri delarik, bi egoera hauek izan ditzakegu: Asko bildu ziren azken orduan; Horrek asko daki. Lehenbiziko kasuan pentsa daiteke izena isildu dela (edo izenordain gisa erabilia dela ere esan daiteke) eta isildutako izena testuingurutik atera daitekeela: (Gazte) asko bildu ziren azken orduan; Horrek (diru) asko irabazten du; (Gauza) asko saltzen da han… Baina horrek asko daki baldin badiogu badirudi adberbio hutsa dugula, gutxi-ren kontrakoa. Holakoetan ere: Hori esatea asko esatea da. Tradizioan ugari dira adibideak: Asko dezake eskuak / baina gehiago buruak (B. Mogel); Laga izan zioten lanbideari, asko nekatu gabe (Iztueta); Asko hazi haiz eta ezingo haut altzoan eduki, baina bai bihotzean (Agirre); Asko gustatzen zait neska gazte hori (J. B. Etxepare); Beren hizkuntzak garai horretan asko aberastu, trebatu eta gaitu zirelakoan daude (Mitxelena).

Batzuetan nahiko-ren ordez, edo nahiko adberbioaren esanahia duela, erabiltzen dugu: Asko da (nahiko da). Beste batzuetan biziki, oso, txit… esan nahi du: Asko goiz itzuli zen. Eta gehiegi adierazteko askotxo erabiltzen da: Latin askotxo zenekien (X. Mendiguren Elizegi); Askotxo irabazten du horrek; Asko klaroki deklaratzen digu (Leizarraga); Ez da ahaztu behar irlandarrak politikaren aldetik beren gain egon baziren ere, asko goizik latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela (Mirande).

16.3.3e Ezezko testuinguruetan askorik erabiltzen da zenbaitetan: Horrek ez du txanpon askorik egingo inoren alde (Agirre); Ez zuela denbora-paxako huskeriekin asti askorik galtzen (Mitxelena). Baiezko testuinguruetan ere ageri da askorik: Baserritar sendo askorik ezagutu ditut nik neure bizitzan (F. Bilbao); Isil askorik jaio zen / Alostorrean semea (Baladak).

16.3.3f Ezezko perpausetan ezer, deus, inor… bezalakoen gibeletik: Niri ezer asko kosta gabe (G. Arrue); Espainian gaudela adierazteko ez dela deus askoren beharrik: aski dira gitarra soinua eta guardia zibil baten (hobe biren) kapelu ederra (Mitxelena); Salan ez daukat ezer askorik (Txirrita); Ez nuen inor askorik agurtu (A. Zinkunegi).

16.3.3g Izan aditzaz baliaturik egiten ditugun esapide batzuetan ez du asko zenbatzaileak lekurik eta bestelakoak erabili behar ditugu: Guztiz beldur dira; Arras beldur dira; Arront beldur dira; Txit beldur dira; Beldur dira; Izigarri beldur dira. Oso maite dut; Arrunt maite du ama; Landibarren biziki maite dute Irene moduko adibideak biltzen ditu Garatek. Hala ere, holako testuinguruan asko eta oso-ren artean aise erabiliagoa da asko (OEH). Azkuek bere hiztegian (1905-1906) dio ezin dela asko hitza erabili pasioei, isurkariei, gasei… ezarririk. Ezin dela, hortaz, beldur asko, egarri asko, ke asko, ur asko dago itsasoan… erabili, eta horien ordez beldur handia, egarri handia, ke handia, ur handia dago itsasoan… erabili behar dela. Eta egia da tradizioko testuetan batez ere holakoak ageri direla: beldur handia, neke handia edo pisu handia… Baina horren ondoan neke asko edo pisu asko ere ageri dira, nahiz askoz autore gutxiagok erabili. Egungo testuetan ere tradizioko ohitura da nagusi. Berdin gertatzen da hotz handia, bero handia eta holakoekin.

Hori guztia dela eta, su asko eta su handia oso ongi bereizten ditugu euskaraz. Su asko diogunean leku desberdinetako suez ari gara: San Juan gauean su asko egiten da herrietan. Esaldi horretan esan nahi da su bat baino gehiago egiten dela San Juan gauean herrietan. Alderantziz, berriz: Su handia zen herri hartan eta suhiltzaileak deitu genituen esanez gero, su bakarra dela eta su hori handia dela esan nahi dugu, indarrean dagoela sua. Eredu horri jarraituz: maitasun handia, lotsa handia eta abar. Nolanahi ere, horien kontrakoa ez da ke txikia edo horrelako zerbait, baizik eta ke gutxi. Bikoteak, bada, eredu hauetakoak ditugu: ke handia / ke gutxi; maitasun handia / maitasun gutxi; beldur handia / beldur gutxi; lotsa handia / lotsa gutxi.

16.3.3h Asko-ren ordez euskalki zenbaitetan beste adjektibo eta adberbio batzuk ere erabiltzen dira (askotan anbiguotasunak sortuz): Jende asko bildu zen; Egin duk festa asko? / Egin duk besta poliki?; Asko badira han / Bakarrak badira han; Jendea barra-barra bildu zen; Jendea erruz bildu zen; Belarralde ederra bildu dugu aurten; Sagar asko bildu du / Hainbeste sagar bildu du.

16.3.3i Adjektiboaren ondoren erabiltzen dute idazle batzuek, artikuluarekin, hura indartzeko: Polit askoa da etxe hori; Polit askoak dira etxe horiek; Telebista merke askoa erosi dut dendan (Elexpuru); Maisu gehienak kastillanoak / kolorez berde askoak (Txirrita); Nahasi askoa duzue film honen odola (Mitxelena); Gauza polit askoak / esan ditut nik (Iztueta); Eta Günter Grassek […] badu horretaz liburu bat, gomendagarri askoa (Joxerra Garzia). Kontura gaitezen askoa honek ez duela zerikusirik aski oker eratu berri den anitza- rekin: Horregatik, “ikuspegi anitza” aldarrikatzen du (Berria); Kolore anitza zuri-beltzez osatzen delako (Berria); Gaitasunean ere, kolektibo oso anitza da (Argia); Ezker abertzalea anitza da (Goienkaria); Izaki anitza izan arren, bakarraren legez mugitzen zena zelai berdean behera (H. Etxeberria); Anitza baita sarea bera (Jakin)161. Adibide asko dira holakoak, baina ez dirudi batere egokiak diren. Euskaltzaindiak ere baztertua du erabilera hau, eta askotarikoa edo antzekoak gomendatzen ditu. (Ikus, zernahi gisaz, “adjektiboen mailakatzea” § 14.10).

16.3.4. Anitz

16.3.4a Aldaera asko ditu tradizioan, anitz forma estandar horrez gain: aunitz, hanitx, hainitz, ainhitz, haunitz, aunditz… Nafarroako eta Iparraldeko idazleek erabili izan dute, nahiz gipuzkerazko testu zahar batzuetan ere ageri den. Larramendi, Arakistain, Iztueta, Arrese Beitia eta beste batzuek ere erabiltzen dute.

Zenbatzaile hau, asko bezala, izenaren ezkerrean (pixka bat maizago) nahiz eskuinean erabiltzen dugu: anitz etxe edo etxe anitz.

16.3.4b Determinatzen duen izenak kontagarria den zerbaiti egiten badio erreferentzia, komunztadura singularrez nahiz pluralez egiten du tradizioko testuetan: Anitz plazer ukan badu, anitz behar dolore (Etxepare); Zeren anitz ur baitzen han (Leizarraga); Egiten duzu anitz balentria (Axular); Guk erabiltzen ez dugun hitz anitz (Xalbador); Anitz inbidioso da ofizio horretan (Lizarraga); Anitz gauza saltzen zuen (Etxebarne); Anitz gauza behar dira iudizio handian (Etxepare); Hiztegia eta beste gauza anitz gai honi dagozkionak (Iztueta); Ihespide anitz zituela (Orixe); Siria, Armenia eta bertze anitz herrialde konbertitu dituzte (Zerbitzari); Kunplimendu honen ikusteko desira ukan dute anitz erregek eta profetak (Leizarraga).

Tradizioan plurala maizago erabiltzen da, zernahi gisaz, izena ageri ez delarik: Anitz etorri dira. Horrela: Zu bezalako anitz behar litezke bazterretan (Barbier); Anitz ezkondu dira adinera geroz (Bordel); Anitz dira deituak, baina gutiak hautatuak (Axular); Ezen anitz etorriko dira ene izenean diotelarik: Kristo naiz […] (Testament Berria); Ezen anitz etorriren dira ene izenean, erraiten dutela, Ni naiz Kristo […] (Leizarraga). Hori da joera nagusia, baina ez bakarra: Anitzek laudatzen du errege haren kolpe hura, baina gutik segitzen (Axular); Eta zeren anitz baita Euskal Herrian irakurtzen dakienik, baina ez euskara baizen bertze hizkuntzarik aditzen (Materre); Ezen anitz datza infernuan nik baino gutiago eta gutitanago merezi duenik (J. Haranburu).

16.3.4c Izenak partitiboa duela: Halakotz da zuen artean anitz infernurik eta eririk (Leizarraga); Nire mendean anitz ikusi dut holakorik (Axular); Lekuko dira […] Santa Paula, San Paulino eta bertzerik anitz (Pouvreau); ‘Euskaldun bat’ horrek, atzera begiratu nahi baduzu, ikusiko al dituzu zu baino beheragokorik anitz (Lizardi). Zenbaitetan, izenaren ordez beste, halako… erabiltzen da, partitiboan (aposizioan batzuetan): Ni bezala anitz duzu halakorik munduan (Etxepare); Zeren anitz baita Euskal Herrian irakurtzen dakienik (Materre); Hala egin izan dute hauetarik anitzek (Etxeberri Sarakoa).

16.3.4d Beste batzuetan anitz zenbatzailea bera doa partitiboan: Eta bertze parte bat eror zedin leku harritsuetara, non ez baitzuen lur anitzik (Leizarraga); Eta ez zuen egin han ikusgarri anitzik (Duvoisin); Ez du horrek oilasko anitzik irentsi! (Oxobi); Ez duzu anitzik maite (Duvoisin).

16.3.4e Izenak mugatzailea duela: Ikusiko dituk, naski, gaztelu zaharrak, herriak anitz, baso gaitzak eta jai eta bestaburu (Orixe).

16.3.4f Adberbio gisan: Ez da anitz luzaturen exekuzionea (Etxepare); Hitz gutiz anitz erran du (Tartas); Hedadura handiko gizonarentzat, aunitz ikasi eta ikusi duenarentzat (Hiriart-Urruti); Anitz maite zuen (Hiriart-Urruti); Anitz duk alegrantzia eta kuraiaren ukaitea bizian (J. B. Etxepare); Mattinek anitz erraiten digu / eginez gero bi trago (Xalbador).

16.3.4g Adjektiboak eta adberbioak graduatzen: Kapitulu lehena, anitz nezesarioa […] (Voltoire); Bertutean anitz aitzina joanen zara denbora laburrik artean (Haraneder); Euskal Herria, euskaldunak anitz aipatuak dira aspaldi honetan (Barbier); Mirakulu bat, anitz abila (J. B. Elizanburu); Egia errateko, anitz arraia da (Hiribarren); Ikusten duk […] urrats orotan anitz gaizki eta eragabeki ibili izan naizela (Duvoisin); Nahiz anitz gaizki den tratatua, ororengatik ere, barkatzen du (Jauretxe).

16.3.4h Tradizioan artikuluarekin ere ageri da, pluralean: Anitzak deituak, guti hautatuak (Duvoisin); Zeren anitzak despazientatzen eta nagitzen dira, gauzak heldu ez direnean haiekin gogara (Pouvreau); Anitzak dira deituak, gutiak ordea hautatuak (Haraneder); Laborari sobera ikusten dut lanari iheska. Anitzak dira ahal bezain arinkiena iragaiten direnak (Duvoisin); Hurbiltzen zitzaizkionetarik anitzak bereganatzen bazituen, bertuteaz zituen bereganatzen (J. Etxepare); Gu ‘Euskaldun fededun’ gintezke anitzak / fedetik ihes egin ez badu hizkuntzak (Xalbador).

Eta artikuluarekin, singularrean: Dugun apurra edo anitza zureganik da (Harizmendi); Ttipitik handira, gutitik anitzera, etxetik galeretara, bizitik hiltzera (Duvoisin); Bada, nor ere fidel izanen baita gauza gutitan, dio salbatzaileak berak, hura ezarriren da anitzaren gainean (Pouvreau).

Zenbait kasutan izena du aurretik: Halakotz erraiten diot barkatu zaizkiola bere bekatu anitzak (Leizarraga); Badakusat klarki, zuk egin liburuan / merezi anitzak, dituzula zeruan (Harizmendi); Gauza gutian izan haiz leial, anitzaren gaineko ezarriren haut (Leizarraga).

16.3.4i Konparazio egituretan ere: Anitz gehiago dirateke oraino erraiteko gelditzen direnak (Etxeberri Sarakoa); Eta irabazi zuen hura guzia eta anitz gehiago (Mendiburu); Neror baitan baino sineste anitz hobea nuke zu baitan (Duvoisin); Den itsuenak ikus dezake, bertzalde, anitz gutiago aski litekeela (J. Etxepare); Honengandik hartzen duena baino anitz gutxiago (Mitxelena); Antolatzaileek anitzez gutxiago espero zuten (Berria); Prefosta, axuria arditegian ez zen baraurik egoten, jaten zuen egunean hiruretan bederen, ematen zuena baino anitzez gehiago (Borda); […] unibertsitatean inbestitzen duena baino anitzez gehiago itzuli diola unibertsitateak gizarteari BPGean eta lanaren emankortasunean (Pérez Iglesias, Salaburu).

16.3.5. Gutxi

16.3.5a Esanahiari dagokionez, gutxi (eta dituen aldaerak: guti, gutti, gitxi, gixi, guttu…) asko edo anitz-en kontrakotzat hartu behar da. Euskalki guztietan erabili izan da eta erabiltzen da. Izenaren eskuinean ageri da: Ulerzaila onari hitz gutxi (RS); Hain denbora gutian (Beriain); Zeinek iragaiten ote ditu gau egunak geldiago eta malenkonia gutirekinago? (Axular); Sineste gutxiko gizona (Lardizabal); Gauza gutxi behar zuen, beraz, atzera egiteko (Etxaniz); Aste gutxi barru (Mitxelena).

16.3.5b Aurreko adibideetan ikusten den gisan, batzuetan mugatzailea hartzen du: Pena gutiaren ordain anitzez latzagoa, Barkatzekotz mundu, edo purgatoriokoa (Etxeberri Ziburukoa); Errezibi ezazu ene obra apurra, zeina baita deus gutia dagokizun eredura (Etxeberri Ziburukoa); Baina bitartean ene dohakabea! Ene ahalak eskasten dira: eta ene egunak, nola gutiak baitira, erdietsi hurran dira: hargatik erranen diot (J. Haranburu); Baina denbora gutia denean trabajatzen dena nezesidade gabe izanagatik, solamente da bekatu beniala (Beriain); Baina gauza gutia eta apurra denean, eta borondatea ere xoil deliberatua, orduan benial da eta ez mortal (Materre).

16.3.5c Komunztadura singularrean nahiz pluralean (gehiago) egiten du, izen zenbakarriekin doanean (§ 12.3.6): Artista gutxi izango da munduan mugimendu horri buruz bere jarrera definitu ez duenik (J. Zabaleta); Egungo egunean munduan nazio gutxi izango da India bezain jainkozale (Garate); Oso doktore gutxi egoten da erdi mailako ikastegietan (Pérez Iglesias, Salaburu); Egun gutxi da herri honetan nagoela (Ezkiaga); Gauez nahiz egunez, gutxi ohartuko da konpas bateko kantuarekin bakarrik orduak bete daitezkeenik (P. Zabala).

Izena zenbakaitza denean (§ 12.3.6, § 12.3.7), ordea, komunztadura singularrean egiten du: Anai-arrebarik ez du […], familiaren berririk iristeak, iristen bada, lasaitasun gutxi ekartzen du (Alonso); Errealitate-efektuak […] axola gutxi du (J. Zabaleta); Baina bizitzak zentzu gutxi du […] (Juan Garzia, Egaña, Sarasua); Bueno, agian ez da horren gaztea ere, bizar gutxi du (Oñederra).

16.3.5d Bakarrik ageri bada, adberbioa izan daiteke, edo izena isildutako izen sintagma, baina askotan zaila da bien artean bereiztea: Nork sobera besarkatzen baitu, gutxi hesten du (Voltoire); Birjinitatea ez dela on, guti dela, ezdeusa dela (Tartas); Munduan gutik du haboro sufritu (Etxahun); Gutxiren gose dena, gutxik asetzen omen du (Mitxelena); Gutti ezagun diren idazle trebeak (Mitxelena); Gutxi egin du katiluko esnea kaka koloreko gauza higuingarri bat bilakatu denerako (Urain); Gutxi iraun du mitoaren denborak (Lertxundi).

16.3.5e Baditu beste erabilera batzuk ere. Esaterako, gutxi uste denean gisako itzuliak ageri dira idazleen artean: Herioa jaugiten da guti uste denean (Etxepare); Guti uste dugun lekuan dago erbia lo (Larreko); Gutxi uste nuen nik (Cano); Umetatik hasita eta gaztaroan sartu arte bederen, betidanik izan dut halako gutxi-uste bat (X. Mendiguren Elizegi); Niri esan behar! —esan zuen Santxok—; bereak eta bi igarri gabe joango zitzaidalakoan niri, ez nuen gutxi uste (Ezkiaga). Partitiboarekin ere erabiltzen da: Haien fruitutik guti umotzen eta ontzen da (Axular); Toki begikoagorik guti Euskal Herrian (J. Etxepare); Horrelakorik guti ageri da gure artean (Mitxelena). Eta ablatiboarekin: Eta gizonetarik ez gutik (Leizarraga); Giputzetatik ere gutxik (Larramendi); Lurreko ontasunetarik zeinen guti daramadan hobira (Duvoisin). Adjektiboarekin: Ez zitzaizkion guti eder lagunetarik ukaiten zituen laudorioak (Laphitz); Badira fruituak, irasagarra bezala, bere gozo minaz on guti direnak konfiturarik baizen (Pouvreau); Bere hitzetan da guti sinesgarria, bere agintzetan guti leiala (M. Elizanburu); Asko dira deituak, gutxi aukeratuak: baina guztiek izango dute ordaina (Elizen arteko Biblia). Txikia den zerbait, asko ez den zerbait: Etzazula otoi siega / ene pazientzia, / zeina baitakizu dela / eskas eta gutia (Etxeberri Ziburukoa); Ez da gutia Jainkoaren erresumaren galtzea (Pouvreau); Izan dezaten laguntza eta erraztasun guti bat (Martin Harriet); Ke guti bat baizen ez du uzten (Gazteluzar); Hazia ongi ereitea ez da gauza gutia (Duvoisin); Hemen, lur guti honetan / dago erregea sarturik (Mitxelena); Ez da gauza guti bat baizik behar (Jauretxe). Izen bezala ere erabiltzen dugu: Anitz direla deituak, baina gutiak hautatuak (Axular); Hortik heldu da hain guti baitira perfekzioneko gradu gorara igaten direnak (Haraneder); Ea, ez, asko eta gehienak bezala, ezbada gutxiak eta kontatuak bezala bizi behar dut (Kardaberaz); Utzi diguten gutxia ere aise zuzen eta hobe dezakeguna (Mitxelena). Azken urteotan anitz hedatu da gutxi balitz esapidea: Eta hori gutxi balitz, etengabe ibili dira argazkiak atera eta atera (Zubizarreta); Eta […] gutxi balitz, hara non, gainera, Mikhail Semionovitx zuen izena (Morales); Eta hori gutxi balitz, zakurraren nagusiek irri egiten zuten nolako beldurra nuen ikusita (Rey); Hori gutxi balitz, hona zertara biltzen den D ereduko eskola batean filosofiaren historia (Joxerra Garzia); Eta hori gutxi balitz, “tocar las tetas” idatzi zuen (Saizarbitoria). Horren aldaera da gutxi bailitzan esapidea: Mundu batekoak ez zuen bestean balio, eta hori, gutxi bailitzan, zeinek bere hizkuntza zuen (Saizarbitoria); Hori gutxi bailitzan, kaltetuta eta usteltzen hasitako arrain guztia birrindu egiten du irina egiteko (H. Etxeberria); Bata gutxi bailitzan, to bestea (P. Zabala).

16.3.5f Batzuetan izenaren testuingurua nolakoa den, zenbakarritzat edo zenbakaiztzat har daiteke. Hola, ikasle gutxi etorri ziren, badakigu etorri zirenak ez zirela asko. Aldiz, ikasle gutxi etorri zen baldin badiogu ikasle hitza zenbakaitz bezala ere har dezakegu, ikasle masa gisa edo.

16.3.5g Konparazio egituretan gutxi zenbatzaileari maila gradua ere erants diezaiokegu: Hori oso guti gustatzen zait; Horri arrunt guti gustatzen zait; Hori arras guti gustatzen zait. Eta gauza bera gutxi izen sintagma oso batean agertzen denean: Arrunt/Oso gauza gutxi gustatzen zaizkit mundu honetan. Baina ez dugu esango ondoko honen antzekorik: *Hori arrunt/oso asko gustatzen zait.

16.3.6. Honenbeste eta kideak

16.3.6a Erakusleetatik (§ 15.4) sortutako zenbatzaile hauek izenaren ezkerrean jartzen ditugu arruntean: Hor haiz gure etxean, honenbertze egun honetan (Larzabal); Horrenbeste arriskuren erdian (Mitxelena); Hantxe bai loriatzen ginela gu hainbertze lagunekin (Larre). Gramatikari batzuek esan ohi dute nolabaiteko gradazioa dagoela eta horrek izenordainen parean joan behar duela (nik honenbeste; zuk horrenbeste; hark hainbeste). Baina hori ez da betetzen tradizioan.

16.3.6b Honenbeste (hunenbertze, hunenbeste, onenbertze, onemeste), Ipar eta Hegoaldean erabilia, nahiz lehenago ageri den Iparraldean XVI. mendean. Zenbatzaileen artean sartu dugu, baina badu batzuetan konparazio kutsua: Ez dut egiazki honenbertze fede aurkitu Israel guzian (Larregi); Zuk honenbeste alegria eman didazu! (Kardaberaz); Mende luzeen lasaikeriak honenbeste eginkizun bizkarreratu digun garaian (Mitxelena); Nork susmatuko zukeen honenbeste garestituko zela bizitzea? (Oskillaso).

Askotan zehaztasun gabeko kantitatea adierazteko erabiltzen dugu: Kontsidera ezazu ez duela honenbertze urte baizen ez zinela munduan (Pouvreau); Espainiako gobernuari urtean honenbeste milioi ematen dizkiogu (Lizardi); Honenbeste hiztunetatik behera erabiltzen den hizkuntza txikia da (Mitxelena); Honenbeste kostako zela, horrenbeste lagun agertuko zirela, honelako edo halako lekutan filmatzekoa zela (Mitxelena).

Esapide batzuekin: Ez dago inor ere gure herrian honenbesteko liburua osatzeko gaia utzi duenik (A. M. Zabala, in MEIG); Emaiozu honenbertzeko bat edo hainbertzeko bat (Duvoisin).

16.3.6c Zenbaitetan izenaren ordez ere erabiltzen da: Aurten inaute festak / eder eta luze. / […] Inoiz ez dut ikusi / inon honenbeste (Etxagarai); Zugatik eta bakarrik zugatik daramat honenbeste (G. Arrue); Nola aldatu ote naiz honenbeste? (J. Zabaleta); Zenbait estatuk badituzte horretarako programa bereziak (honenbeste ordainduz hilabetero […]), aurrezki plan […] (Pérez Iglesias, Salaburu).

16.3.6d Horrenbeste (horrenbertze, horreinbertze, orremeste, urrenbeste) Axularrek erabiltzen du dagoeneko. Izenekin erabiltzen da: Etorkizunak ematen dizu horrenbeste beldur? (Mogel); Ez dezagun eduki horrenbertze dolu (Xalbador); Horrenbeste arriskuren erdian (Mitxelena). Zehaztasunik gabeko kantitatea adieraziz: Tratatu nuen zer kondizio zeuden. Horrenbeste diru traspasoan eta holako errenta hileko (Albeniz). ‘Neurri batean’ adierazi nahi duela: Zergatik horrenbeste harrotu zeure burua? (Mogel); Ez zekiat zer dela eta luzatzen duen horrenbeste Udaberriak (Mitxelena). Izenaren ordez: Horrenbeste zuri zor (Kardaberaz); Ez nekien horrenbeste, eta barkatu egidazu ofenditu bazaitut (Mogel).

Ezezko testuinguruetan horrenbeste ere erabiltzen da: Izango ote dira hirutatik bat? Ez eta horrenbeste ere (Agirre Asteasukoa). Esapideetan: Balantzan bezala egon naiz horrenbesterekin utziko dudan edo ez gai hau (Agirre Asteasukoa); Horrenbesterekin esan dut ez dudala Oihenart poeta bezala gutxietsi nahi (Mitxelena); Zure zerbitzariek egin balute bezala horrenbertzeko itsuskeria (Duvoisin); Giza-eredu jatorra dugu […] horrenbesteko lan ikaragarria egin zuelako (Mitxelena).

16.3.6e Hainbeste (hainbertze, hanbeste, hanbertze, harenbertze, arenbeste, arrenbeste, kainbertze, geinbertze…) zenbatzailea ez dute erabiltzen, ez Etxeparek, ez Leizarragak. Hegoaldean Lazarragak erabiltzen du, eta XIX. mendeaz geroztik aski arrunta da euskalki guztietan.

16.3.6f Izen zenbakarriekin doanean, aditzaren komunztadura singularrez nahiz pluralez egiten da (zenbat eta testu berriagoak, joera hau handiagotzen da): Nola egiten dute hainbertze fraidek? (Pouvreau); Aitzitik negar egiten duk/ hainbertze mila hobenez (Gazteluzar); Hemendik atera zituzten hainbeste argi txuri, gorri, urdin (Larramendi); Ez da ez hainbeste mirari / ikusi inoiz lurrean (Munibe); Galdu dituzu hainbeste arima (Agirre Asteasukoa); Hainbeste lagun galdu zutela (B. Mogel).

16.3.6g Izena zenbakaitza denean, singularrean: Duzun, beraz, laudorio zuk ere gureganik, / hainbertze on dugunean guk ere zureganik (Etxeberri Ziburukoa); Zertako beraz honi hainbertze atsegin eginen diot? (Baratziart); Gaztigatu zion Jesusi ez zezala hainbeste neke hartu (Agirre Asteasukoa); Hainbertze esne edan balu / zurituko zen gargoitik (Mattin); Ispiluak ez zion ematen hainbeste satisfazio (Urruzuno); Ze abantaila aurkitu duzu gizona baitan hainbertze merezi duenik? (Materre).

16.3.6h Esapide batzuetan ere ageri da. Hainbesteraino: Hainbesteraino lasaitua dago mundua, non gauza hauetan behar litzatekeen arreta ipintzen ez den (Agirre Asteasukoa); Tinkatzen hainbertzeraino, non Pachecok uste izan baitzuen […] jaun horrek ito nahi zuela (J. B. Elizanburu); Zenbait euskaldun hainbesteraino asaldatzen dituzten esanak (Mitxelena). Hainbesteraino eta: Ez hari haserretu, ez duk hainbesteraino eta (Elexpuru). Beste hainbeste: Pozik egongo dira Luis Mariano bere guztizkotzat daukatenak; Garat-zaleak, beharbada, ez beste hainbeste (Mitxelena); Hamar bat metro luze, bertze hainbertze zabal (J. Etxepare); Beste izaki bizi eta handi horrezaz zergatik ez duzu beste hainbeste pentsatu behar? (Villasante).

16.3.7. Franko

16.3.7a Zenbatzaile hau (frango, prango, franku gisa ere ageri da) euskalki eta garai guztietan ageri da, nahiz bizkaieraz ez duen lekukotasun sobera. Anitz esan nahi du, nahiko. Eta dagokion sintagman hasieran nahiz amaieran agertzen da: Bazuen oinen azpian ur franko (Axular); Franko denbora ez ontsa egonik (Etxebarne).

16.3.7b Batzuetan aurreko sintagma determinatua dela ageri da: Eta nola zabal baitira eta laguna ere franko baitute, plazer zaie […] bide zabal hartan ibiltzea (Axular); Bazterra franko badiat kurriturik, ikusirik ere bai mahai ederra franko (J. Etxepare); Inguru hauetako artzain gehienak harat biltzen dira. Artzain ez dena franko ere bai (Xalbador). Horietan aurreko sintagma singularrean doa, baina badira adibideak pluralean ere: Munduak hala nahi duelako, itsu-itsuan erokeriak franko egiten dira (Gerriko); Aizkolari bikainak franko ezagutu ditut (Insausti).

16.3.7c Aurretik partitiboa duela: Bazuen mutilik franko laguntzaile (Etxaide); Bada horrelakorik franko literaturan (Mitxelena); Abiatu dugun debozioneaz gainera […] badu, Andres izenaren errima berezia aprobetxatuz, jolas egiteko ofizioaren ondoriotan sortutakorik franko (P. Zabala); Erresumak ehunka gizon galdu zituen egun haietan, hilik franko, preso ez guti (Epaltza).

16.3.7d Izena isildua du maiz: Baina aberatsei, emanak emanik ere, franko gelditu baitzitzaien (Axular); Hizkuntza erdara frankok jakinen mintzatzen, / euskaraz jakin gabe kasik irakurtzen (J. P. Arbelbide); Franko eta frankok ipurtargi bat gauaz nonbait ikustea aski dutela (Zerbitzari); Pentsatzeko da, frankorenak irakurri ondoren, ez dela euskara idatzian […] etendurarik izan egungo eguneraino (Mitxelena).

16.3.7e Adberbio gisa, aditzarekin: Franko ibili da dirua gaurko idi proban (T. Etxebarria); Eta bekatua hain franko dabil giristinoen artean (Duhalde); Ordutik ona franko aldatu dira gauzak (Mitxelena); Usu eta franko egin ohi du izotza terreno eta paraje horretan (P. Zabala); Hainbeste aldiz hartua nuen bidea, ene ustez begiak hetsirik ere ezagutzen nuena, eta nola ez aitor, franko gustatzen zitzaidana (Landart).

16.3.7f Adberbioak eta adjektiboak graduatzeko ere balio du: Gaineratikoak oro urrun arazi ditu jendarme kapitainak, franko idorki (Hiriart-Urruti); Franko ongi dabilela oraino, adinarendako (Barbier); Han hil zen hogeita zenbait urteren buruan, oraino franko gazte haatik (Zerbitzari); Franko abila dela / letxero kontuan (Mattin); Franko gaizki bizi direnak uzten ditu luzaro (Lizarraga); Eta franko gutiago uste ditugunak bide doaz zerura eta franko uste ez ditugunak infernura akaso, nork daki? (Lizarraga).

16.3.8. Zenbat, zenbanahi

16.3.8a Zenbat galdetzailea eta zenbanahi (zenbat-nahi) ere sail honetan sartzekoak dira. Zenbat galdetzaileak (zeinbat, zeinbet, zemet, zonbat eta beste aldaera batzuk erakusten ditu tradizioan) kopuruaz galdetzen du: Zenbat euskaldun bizi da Iruñean?; Zenbat aldiz nahi ukan ditut hire haurrak […] eta ez baitituzue nahi ukan? (Leizarraga); Jaungoikoak daki zenbat dirutan erosi duten hau (Agirre).

Harridura esaldietan (eta kidekoetan) kopuruaren handia adierazten du: Zenbat kalte dakarren arinkeriak!; Zenbat zaren hobea (B. Mogel); Zenbat lan ez dugu egiteko! (Duvoisin); Kargu ederrik munduan bada, zenbat ederra zuena! (Xalbador). Adjektiboekin nahiz adberbioekin: So egizu zure miseria, zure kondizionea, zure izatea zenbat den flako, ez deus, miserable (Tartas); Ikusiko dun zenbat naizen abila (J. B. Elizanburu).

Batzuetan -ago atzizkiarekin erabiltzen da, ezezko perpausetan: Zenbat ez genezake gehiago kontsola […] entzuteak? (Etxeberri Sarakoa); Zenbat gizonago ez gintezke denak, gure ele onez bederen gorets bagenitza aitama familiako gaixoak (J. Etxepare); Zenbat bider izan ez duzu damutu beharra? (G. Arrue); Zenbaten bihotzak ez zituen hitz batez argitu eta sosegatu? (Laphitz).

Tradizioan ikusten da izenaren balioa ere hartu duela kasu batzuetan: Dituen diruen zenbat, ez naiz heldu jakitera (T. Etxebarria); Hona Jainkoa handi dela, gure jakiteari garai; haren urteek zenbatik ez dute (Duvoisin); Gudari zenbat eta beste zehaztasunak jakiteko (J. Zinkunegi).

Esamolde batzuk osatzen ditugu galdetzaile honekin. Erabilienak: zenbat ere (Nik, zenbat ere urratua nintzen, une horretantxe biratu nuen burua, Epaltza), zenbat ere… -ago (Ur hotzez busti ondoren, zenbat ere sendoago eta freskoago […] hainbat biziagoa, Morales), zenbat eta… -ago (Eta hori, zenbat eta maizago ordena horretan berean ikusi baititu hainbat eta tinkoago, Xarriton), zenbat… hainbat (Zenbat eta gehiago ugaldu, hainbat eta gehiago galtzen dute balioa, Iñurrieta), eta zenbateraino (Hemen aitortuko ez banu zenbateraino lagundu ninduten, Mitxelena).

16.3.8b Zenbanahi zenbatzaileak nahi adina, asko, adierazten du: Zenbanahi jatera eman dezaten, ezin ase daiteke behin ere? (Duvoisin); Zenbanahi argi eta lili emanik ere inguruan, aise ohartuko dira (Lafitte).

Adjektibo nahiz adberbioekin erabiltzen da: Zenbanahi urrun marinelak bere begiak heda ditzan, beti urak ditu ikusten (J. P. Arbelbide); Guk ere jasan nola behar dugun, zenbanahi dorpea izanikan ere, Jainkoak igortzen digun gurutzea (Barbier); Zenbanahi maltzur eta faltsu izanik […] (Mirande).

16.3.9. Beste zenbatzaile batzuk

16.3.9a Hemen sartzen ditugu pixka bat, apur(txo) bat, xorta bat, puxka bat, pittin bat, makina bat, poxi bat, pizar (bat), andana bat, dexente, aski, ugari, nahiko…

Egitura konplexua duten zenbatzaileetan, ogi pixka bat eta antzeko sintagmetan, pixka bat oso-osoan da zenbatzailea, eta ez bat zatia bakarrik. Jakina denez gero, ogi pixka bat esaten dugunaren ondoan ez da ogi pixka bi edo holakorik entzungo. Horrexegatik sartu ditugu sail honetan: Erran zioten beraz, lehenbiziko solasak egin ondoan, behar zutela jan ogi pixka bat (Joanategi); Erran dut: apur bat lo eginen duk, apur bat kuluskan egonen haiz, apur bat bilduko dituk eskuak lo egiteko (Duvoisin); Nahi duzu bertze xorta bat? (Larzabal); Orain hasi naiz arrain pittin bat jaten (Soroa); Kontrabando poxi bat ere egiten zuten (J. B. Etxepare); Diru poxi batzuk ere bai bitartekoei atxikitzeko eman […] (J. Etxepare); Ala sobera zaizkizu zure alaba eta emaztearentzat egiten dituzun diru xahutze pizar horiek? (Larzabal); Sos pizar batzuk eskuratzen badituzte, hainbat hobe [] (J. A. Irigarai).

16.3.9b Kontuan hartu behar da zenbatzaile hauetako batzuk testuinguru zehatz batzuetan bakarrik erabil daitezkeela, enfatikoetan edo. Ezin da esan, huts-hutsean adibidez: *Edan dugu makina bat esne.

Ohart gaitezen ere zenbatzaile batzuk izenaren ezkerrean paratzen ditugula (makina bat jende etorri zen), eta beste zenbait eskuineko aldean daudela. Bestalde, hauetako batzuek (makina bat, nahikoa ugari, etab.) aniztasuna adierazten dute, eta horrenbestez, aditzaren komunztadurari dagokionez, pluraltzat har daitezke, eta hala egiten dute komunztadura anitzetan: Makina bat kexu bildu izan ditu (P. Zabala). Baina absolutiboan singularrez egitea ere aski arrunta da: Makina bat euskaldun oroituko da bere gaztetan […] (Mitxelena). Ergatiboan pluralez, jakina: […] non makina bat lagunek gorriak ikusi bailituzkete […] (Morales).

161 Nekez onartuko genituzke horien ordez: Horregatik, “ikuspegi askoa” aldarrikatzen du; Kolore askoa zuri-beltzez osatzen delako; Gaitasunean ere, kolektibo arras askoa da; Ezker abertzalea askoa da; Izaki askoa izan arren, bakarraren legez mugitzen zena zelai berdean behera; Askoa baita sarea bera. Gauza bera da, hala ere.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper