Euskararen Gramatika

16.2. Zenbatzaile zehaztuak


16.2. Zenbatzaile zehaztuak

16.2.1. Sarrera

16.2.1a Honako hauek dira zenbatzaile zehaztuak:

0

zero, huts

1

bat

2

bi

3

hiru

4

lau

5

bost (bortz)

6

sei

7

zazpi

8

zortzi

9

bederatzi

10

hamar

11

hamaika

12

hamabi

13

hamahiru

14

hamalau

15

hamabost (hamabortz)

16

hamasei

17

hamazazpi

18

hemezortzi (hamazortzi)

19

hemeretzi

20

hogei

21

hogeita bat

22

hogeita bi

25

hogeita bost (hogeita bortz)

30

hogeita hamar

31

hogeita hamaika

32

hogeita hamabi

33

hogeita hamahiru

40

berrogei

50

berrogeita hamar

60

hirurogei (hiruretan hogei)

61

hirurogeita bat (hiruretan hogeita bat)

62

hirurogeita bi (hiruretan hogeita bi)

70

hirurogeita hamar (hiruretan hogeita hamar)

80

laurogei (lauretan hogei)

81

laurogeita bat (lauretan hogeita bat)

82

laurogeita bi (lauretan hogeita bi)

100

ehun

101

ehun eta bat

102

ehun eta bi

200

berrehun

300

hirurehun

400

laurehun

500

bostehun (bortzehun)

600

seiehun

1000

mila

1200

mila eta berrehun

1984

mila bederatziehun eta laurogeita lau

1.000.000

milioi bat

10.000.000

hamar milioi

1.000.000.000

mila milioi (miliar bat)

Ikus Euskaltzaindiaren 7. araua: “Zenbakien idazkeraz”, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua.

16.2.1b Zenbatzaile horiek ez dira zatigarriak batetik hamarrera: bat, bi, hiru, lau, bost, sei… Gauza bera gertatzen da hogei, mila, ehun eta kopuru handien markak ezartzen dituztenekin: milioi eta abar. Hamarretik aurrerakoak zatigarriak dira: hamabi (hamar+bi), hamasei (hamar+sei), hirurogeita hamar eta abar. Hamaika-rekin zalantzak sortzen dira etimologia aldetik: bistan da hamar duela lehenbiziko zatian, baina amaierako -ka horren jatorriaz zalantzak dituzte espezialistek.

Multzokatu ere hogeika multzokatzen dira zenbatzaileak euskaraz, inguruko hizkuntzetan ez bezala: hogei, berrogei, hirurogei (hiruretan hogei), laurogei (lauretan hogei) eta abar.

16.2.1c Zenbaki izen kolektiboak ere ibiltzen ditugu: hamarreko, dozena/hamabiko, ehuneko (baina ehunka etorri ziren), milako eta abar: Dozena bat bertso nahi nituzke jarri (Larzabal); Dozena bat hasgorapen biziz (Pouvreau); Hamabi dozena arbola (Lafitte); Hor ez daude, bada, dozenaka (Urruzuno); Zure dirua galdua zenuke: dozena bat pinta edan orduko (Zerbitzari); Hamarreko bat erranen dugu bakarrik (Barbier).

16.2.1d Esan behar da 3 eta 4 zenbatzaileak kasu markak hartzen dituztenean, artikulu ondotik -r- bat tartekatu behar dela. Horrela, hiruretan edo lauretatik esango dugu. Kontuan izan, dena dela, zenbait hiztunek hedatu egiten dutela r hau beste zenbakietara ere, baina hori euskara idatzian ez da egokia. Hortaz, bada, *seiretan, *zazpiretan eta antzekoak ez dira ontzat ematen. Horien ordez seietan eta zazpietan dira forma zuzenak.

Ikus Euskaltzaindiaren 8. araua: “Zenbakien deklinabideaz (hiru, lau)”, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua.

Lau zenbatzaileak kasu markak hartzen dituenean bokalez amaitzen den beste edozein hitzek bezala hartzen ditu: lauan, lautik, laura eta abar. Ez du, hortaz, gau (gauean, gaurik, gaueko…) hitzaren eredua segitzen, hitz hori salbuespena baita.

Ikus Euskaltzaindiaren 29. araua: “Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea”, Bilbon, 1995eko otsailaren 24an onartua.

16.2.2. Bat zenbatzailea

16.2.2a Bat euskalki eta garai guztietan erabili izan da. Zenbatzaile zehaztua da (hor badira bi andre eta gizon bat) edo artikulu zehaztugabea (lasterkari bat sartu da plazan). Beti izenaren eskuinaldean ageri da ezinbestean (etxe bat), beste zenbatzaileak ez bezala (bost mendi). Ez da modu argirik -a artikulua eta bat artikulu zehaztugabeen artean bereizteko. Eskura ditugun lehenbiziko testuetatik ageri dira bi joerak: Ardi bat bezala heriotzera eraman izan da (Leizarraga); Zure baitan esperantza handi bat daukat (J. Haranburu); Hainbat ezen baitzirudien bere hitzetan saindu bat zela, eta saindu bat bezala mintzo zela (Axular). Adibide horietan inolako arazorik gabe jar daitezke sintagma horiek artikuluarekin (ardia, handia, saindua), eta perpausak ez du esanahia aldatzen. Leizarragaren “Ardi bat bezala” hori “Arkumea bezala” ageri da (Itun Berria, 1980).

Baina sarritan etxea eta etxe bat berdinak izanik ere, berdintasun hori galtzen da zenbatzailea mugatzen dugunean: etxe bata. Ondoko adibidean ikusten ahal da hori: Euskal Herrian aspalditik gabiltza hizkuntza bataren eta bestearen arteko erabilera orekatu nahian. Beraz, bata hori (artikuluarekin) bostak sintagmaren parekoa litzateke gramatikaren ikuspuntutik. Tradizioan eta gaurko literaturan ere badira adibide franko holakoak: Pasatzen ziren biajez ermita hartarik bi erlijioso: bata gelditu zen atarian deskantsatzen; bertzea haratxoago arbola baten pean errezatzen (Lizarraga); Eta bekatuak ditu bi gauza, bata da hoben, edo kulpa, bestea pena (Agirre Asteasukoa); Bi egiteko ditu eria sendatzen dabilenak: bata da eriaren bizia albaez luzatzea eta bestea eriak hartu behar duen laztantasuna eta mina kentzea (Mendiburu); Gizon batek baldin baditu bi emazte, bata maite eta bertzea higuin dituenak […] (Duvoisin); Emaiezue batari erdi bat, eta bertzeari bertze erdia (Duvoisin). Beraz, etxe bat-en parekoa etxea da, eta ez etxe bata.

Ikusten denez beste/bertze hitzak ematen dio bidea bat mugatuari: bata. Tradizioan, hortaz, bat mugatua (bata) eta bestea parean doaz: bata mingarri, bertzea sorgarri. Beste falta bada artikulu gabe erabiltzen da (batek, bati…). Eta bata izenaren ordezko gisa agertzen ahal da (batak Koldo agurtu zuen, besteak Miren) edo adjektibo moduan ere: hizkuntza batean eta bestean. Bata mugatua eta bestea bikotearen erabilera sistematikoa XVII. mendearen erdialdera hausten da ekialdean. Pouvreauk baditu adibide batzuk non bat mugagabea erabiltzen baitu bestea-ren ondoan, adjektibo moduan: Batzuk amodioaren beroz eramaitenago dira saindu batgana, bertzeagana baino (Pouvreau). Gero arrunta gertatzen da: Soldado joan baino lehen neskatxa batekin eta bertzearekin ibiltzen ginen (Mattin). Adibide horietan ikusten da bestea-ren parean dagoena bat mugagabea dela, adjektibo funtzioan. XIX. mende hasieran gauza bera gertatzen da bat izenorde balikoarekin ere, eta bi aldaerak (bat/bata) txandakatuz erabili izan dira, eta ez dute indarra galdu egun arte.

Bat-en plurala batzuk da (batzuetan tradizioan batak ere ageri da). Eta hau ere determinatzaile ez-zenbatzailea da batzuetan. Etxe batzuk esaten bada, badirudi horren parekoa dela zenbait zenbatzaile zehaztugabea: etxe zenbait. Ohart gaitezen astoa da! nahiz asto bat da! esaten dugula. Bigarrena ez da zenbatzailea, esanahiari dagokionez. Berdin gertatzen da astoak dira! eta asto batzuk dira! diogunean ere. Baina ezin dugu esan, ordea, ingurune horretan, *asto zenbait dira! Horregatik diogu desberdinak direla. Irizpidea, hortaz, hori da: predikatuan ageriz gero, determinatzaile ez-zenbatzailetzat hartzen ahal dugu.

Ikus Euskaltzaindiaren 12. araua: “Bat eta batzuk-en deklinabidea”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

16.2.2b Aldaera zehaztuak (bata) bakarrik, aldamenean bestea ageri ez bada, ez du ia lekukotasunik tradizioan. Leizarragak baditu hiru adibide (testuinguruan bi ageri da, ordea): Zen Andriu Simon Pierrisen anaia, Joanes mintzatzen entzun zuten bietarik eta hari jarraiki zitzaizkionetarik bata. Lazarragak, Axularrek, Agirre Asteasukoak, Mogelek eta Kirikiñok ere badituzte adibide bakan batzuk.

16.2.2c Inesiboan hiru forma erakusten ditu tradizioak: batean, baten eta batetan. Hiru aldaera horietarik batean izan da erabiliena. Bizkaieraz batean eta baten erabiltzen dira tradizioko testuetan. Testurik zaharrenetan baten, eta XIX. mendetik aurrera bi aldaerak, nahiz Azkuek eta Aranaren jarraitzaileek baten erabiltzen duten gehien. Gerra ondoko testuetan baten testu dialektaletan, baina batean Erkiaga, Gandiaga edo Alzola bezalako idazleetan. Gipuzkeraz eta nafarreraz sistematikoa da batean aldaera hasiera-hasieratik. Ekialdean, Etxeparek eta Leizarragak batetan erabiltzen dute, baina XVIII. mendetik aurrera batean nagusitzen da. Axularrek biak erabiltzen ditu, eta pixkanaka batetan desagertuz doa, salbu zubereraz, non batetan nagusitu baita egun artio. Batasunaren oinarriak jarri zirenean, praktikan 70eko hamarkadan, batean, batera(t) eta batetik erabiltzen ziren, ia salbuespenik gabe. Batetaz aldaerak ez du ia ez tokirik, ez lekukotasunik (Mirandek bi aldiz eta Orixek behin).

16.2.2d Etimologiari dagokionez, badirudi *bade etimoan hartzen duela oinarria. Hori ageri da bederatzi hitzean eta batbedera (bakoitza) forman ere.

16.2.2e Izen berezien ondotik (§ 16.2.3), erakuslearen ondotik eta izenordainen ondotik erabiltzen da: Hau esango balu S. Ambrosio batek, sinets liteke (Agirre Asteasukoa); Campion batek […] gorengo izarretaraino goretsi zuen (Mitxelena); Gauza guztiak heldu dira hitz batetarik, eta bat hura aipatzen dute guziek (Pouvreau); Zeren ez da bide bat baizen, eta bat hura ere, guztia da mehar (Axular); Ala hura ere badudalarik norbait-bat penitentearen eta nire artean? (Fedearen Propagacioneco urtecaria).

16.2.2f ‘(Bat) bera’ edo adierazi nahi duela. Arrunta Hegoaldeko testuetan, aise gutxiago ikusten da, ordea, Iparraldekoetan: Zeren gorputz bat, eta gorputz batetako mienbroak eta parteak baikara (Axular); Hau ikusi eta beti era batera biziko naiz? (Kardaberaz); Gutxi gorabehera, biak izango dira adin batekoak (Etxeita); Denak daude iritzi batean: Zabaletako alabak hartu duen asmoa baino gauza hoberik ez dago (Agirre) eta abar.

16.2.2g Genitibo mugagabea aitzinetik duela, ‘bat edo beste’ adierazi nahian. Hegoaldean gehiago erabili da Iparraldean baino: Baruz edo beste bideren batez geren gorputzak nekatuz (Mendiburu); Abaderen bat dirudi (Mogel); Ostaturen batera joan beharko dugu bada (Urruzuno); Hurrengo gizaldietako bertsolariren batek [egina] (Mirande) eta abar. Gaur egun aski arrunta da: Edozein lekutan zabaldu, eta beti aurkitzen zuen gezurren bat (Navarro); Oso deserosoa egiten baitzitzaion ikasleren batekin topo egitea (Lertxundi); Neurriz gaineko astakeriaren bat ez badu egiten, behintzat (Garate).

16.2.2h Numeral baten ondoren gutxi gorabeherako kopurua markatzen du: Hamar bat egun etxean (J. B. Etxepare); Hamasei bat orduko / eguna lanean (Uztapide); Urte anitz igaro baitziren, hamabiren bat (Orixe); Hura poza harako abarka-ren jatorriaz, kezkatan dauden hamar-hogeiren bat linguistena (Mitxelena).

16.2.2i Balio inpertsonalarekin ere erabiltzen da, Hegoaldean bakarrik: Batek daki zer egin holakoetan!; Eta esango didazu ez direla horiek bat txoratzeko gauzak? (A. P. Iturriaga); Nola basoan beti egonda gauden, batek ez daki zer egin (Soroa); Batek mundura etortzean / izaten du haurtzaroa / haur garelarik beharrezko da / bere amaren beroa (Uztapide): Honelako gizonarekin erromeriara joatea baino hobe luke batek ez dakit zer egin! (J. Mokoroa).

16.2.2j Postposizio gisa erabiltzen da (ikus 21. kapitulua), soziatiboa edo instrumentalaren ondotik: Bakoitzak bere enpleguko obligazioarekin kunplitu, ta duen moduaz bat (‘nolakoa den moduaz’), obra onetan enplegatzea (J. C. Etxeberria); Egizu, harekin bat, emendatzeko proposito firmea (J. C. Etxeberria); Eta, Amarekin bat, euskal Fedeak magnificat jarraitzen du (S. Mitxelena); Zalduna ikustearekin bat geratzen da dontzeila ikaraz mututurik (Bilintx); Mandoa, frailea ikusteaz bat hasi zen ostikoka (Urruzuno); Argiz bat dira hasiko txori kantak (Arrese Beitia); Maldaz behera zeramaten arrastaka Ines, eta bat-batean, orazio Klarak egin zuenarekin bat, gelditu zitzaien Ines han pisu ere… (Beobide); Egun biz bat aldatzen da (C. Izagirre). Hemen sartzen dira ikusteaz/ikustearekin batera bezalako esapideak ere, gaur egun ere maiz erabiliak: […] esan zion aittittek Goiori, ikustearekin batera, gabon gaueko arratsaldean (Sarrionandia); Hura ikusteaz batera, Kafkaren izenak eta irudiak gorputz hartuko zuten gure baitan (Alberdi).

16.2.2k Esamolde asko sortzen ditugu bat zenbatzailean oinarriturik (adberbioak, aditzak eta abar): bat-batean, batik bat, batez ere, bat hartu, bat egin, bat(era) etorri, batetara heldu, batetara joan, bateko(a)z beste, batetik eta bestetik, batez beste, hitz batean… eta abar. Idazkeran ez da bat etorri tradizioa, baina Euskaltzaindiak arautua du egungo forma. Bat-batean adberbioak bi esanahi ditu: ‘berehalakoan, ezustean’ da hedatuen eta erabiliena: Bat-batean hil zen; Tximistaren argiak bat-batean bete zuen zerua; Lourdesko ura baso batetik edan eta bat-batean sendatu zen. Bigarren esanahia ‘aldi berean’ da: Goazen guztiok bat-batean soroetara (B. Mogel); Gizonaren arreta edo begirada, mugatua izanik, ezin daiteke bat-batean puntu denetara hedatu (Villasante).

Ikus Euskaltzaindiaren 1. araua: “bat-batean, behinik behin, batik bat”, Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua.

16.2.2l Bat zenbatzailea izen sintagmaren eskuinaldean aurkituko dugu: etxe bat. Beste zenbatzaileekin, ordea, ez da horrelakorik gertatzen: bost etxe. Gorago aipatu dugu hori. Hala ere, jakina denez, bi zenbatzailea ezker nahiz eskuinean jartzen dugu, euskalki edo estilo literarioen arabera: bi etxe nahiz etxe bi. Esan bezala, zenbaitetan bat zenbatzailea artikuluarekin batera truka daiteke, baina ez da horrelakorik gertatzen beste zenbatzaileekin. Beste zenbatzaile hauei, trukaketarik onartzen ez dutenez gero, artikulua eransten bazaie, delako izen sintagma hori mugatua gertatzen da; alegia, etxe bat = etxea, baina etxe bi (mugagabe) ≠ etxe biak (mugatua).

Arau bezala, eman dugun arrazoiagatik (trukaketatik), etxe bat-en ordez eta balio bertsuaz etxea esan daiteke, baina ez etxe bata, hau mugatua baita, etxe biak edo bost etxeak bezalaxe. Beraz, etxe bat eta etxe bata ez da gauza bera: Aita batek ba omen zituen bi seme ta bi alaba. Alaba bata handia omen zen eta bestea, ordea, txiki-txikia; Nagusi batek bi etxe omen zituen. Etxe batean Aste Saindua pasatzen omen zuen, eta bestean, berriz, udako oporrak.

Esan dugu bat zenbatzailea eta -a artikulua elkarrekin truka daitezkeela zenbait kasutan eta arrazoi horregatik etxe bat-en pareko edo kidea, etxe bata ez, baina etxea dela. Hala ere, bat zenbatzailea (bat zenbakia) izendatzen dugunean -a erantsi behar zaio, izena baita, zenbaki baten izena, alegia: Hau bata da eta beste horko hori bia; Hau batekoa (edo bata) da (kartetan ari garenean).

Dena den, balio generikoaz ari garelarik, espezie osoa edo kontuan hartzen dugunean, -a erabiltzen dugu maizago: Nekazaria beti dabil lurrarekin borrokan; Andrearen eskubideak zapaldurik daude; Kartzelan sartu omen dute eta abar. Mugak zedarritzea ez da, hala ere, hain gauza erraza. Zenbait euskalkitan generikotzat jotzen dira beste euskalki bateko hiztunek konkretutzat har ditzaketen elementu berak: Tximista bezala bide laburrez firrindan erreka zolara jausirik (J. B. Elizanburu); Bart arratsean azeria hurbildu da baserrira; Satorra hasi da lanean etxe aitzinean; Kalean utzi dute; Esneak ez du batere dirurik egin aurten eta abar. Erkatu, esaterako, Satorra sartu da landan (aski arrunta) eta Ikusi duk, behinere, Pello, mendian, iratze edo otepean, eper familia bat alhan dabilela? (J. B. Elizanburu). Bietan zehatza da, batean artikuluarekin eta bestean zenbatzailearekin. Ondoko adibide honetan balio generikoa du: Gernikako arbola iharraren sustraiak ere, sator batek jan omen zituen (Mitxelena), Mitxelenak ez zekien eta, sator bakarra edo gehiago izan ziren.

16.2.2m Bat erabiltzen da istorio bat kontari ari garenean, istorio horretako elementuak aurkezten ditugunean (aditza normalean iraganean agertzen zaigula): Errege bat bizi omen zen Patagonian; Aita batek ba omen zuen seme bat. Biak bizi omen ziren mendian zegoen herri koxkor bateko baserri eder batean. Hortik aurrera aita, herria eta baserria aipatuko dira bat gabe, aurkezpena egin dugunean ezezagunak genituelako, baina behin aurkezpena egin ondoren, gure informaziora pasatu direlako eta ezagunak ditugulako orain.

16.2.2n Bat zenbatzailea erabiltzen dugu bat/anitz/asko oposizioa markatu nahi dugunean: Gela honetan mahai bat eta lau aulki sartzen dira; Andonik uste zuen gela hartan aulki anitz sartuko zirela, baina bat bakarrik sartzen zen; Galdera askoren artean batek kezkatu nau (Mitxelena); Bai, zerbait badira, baina galdera horrek beste bat zor du (Mitxelena).

16.2.2o Bat zenbatzailea beste kuantifikatzaile konplexuago baten barnean ere agertzen ahal da: Baso bat ur eskatu zuen. Adibide horretan baso bat osoa da ur izenaren kuantifikatzailea, eta, nolabait esateko, ur neurriaren berri ematen du (§ 12.3). Noski, ez da hori bat zenbatzailearekin bakarrik gertatzen: bi baso ur ere esaten ahal da, baina maizkoenak, beharbada, bat-ekin osatuak dira. (§ 16.2.6).

16.2.2p Bat-en txikigarria da batto. Iparraldean erabilia, izenordain gisa ageri da: Hainbertze semeetarik ez ote dut bada batto neurekin atxikiko (Laphitz); Bazkaltzen hasi eta laster, hiruetarik batto badoa nagusiarenganat (Barbier); Lehengo denboretan errege zen batto (Xarriton).

16.2.3. Izen bereziak eta zenbatzaileak

16.2.3a Izen bereziak zenbatzaile gabe ageri dira gehienetan: Axularrek ez luke horrela esango; Altube biziko balitz! Baina batzuetan bat zenbatzailea hartzen ahal dute: Altube bat biziko balitz!; Axular batek ez luke horrela esango eta abar. Izenaren atalean aipatzen dira zenbait xehetasun (§ 12.3.2), izenak bestelako zenbatzaileek lagundurik ere ageri baitzaizkigu batzuetan: Mahler bat; Zenbat Aramendi; Picasso batzuk… Horrela, Badakit bi Kennedy tiroz hil zituztela, edo Badakit bi Kennedyak tiroz hil zituztela bezalako perpausak guztiz onargarriak lirateke euskaraz. Batzuetan, gainera, behartuak gaude halakoak erabiltzera: Bi Goenaga aurkitu ditut zerrenda honetan, baina ez dakit zein den margolaria eta zein hizkuntzalaria; Bost Maradona baino hobea duzu Goikoetxea.

16.2.3b Tradizio handia du erabilera honek, ez da gaurko kontua: Eta hau da azkenekoz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren hartzea, Jondone Paulo batek bezala egitea (Axular); Eta damu hartu Manases batek bezala (Mogel); Holako eta holako Ormaetxea bat bezala, liburu idazlea (Orixe); Campion batek […] gorengo izarretaraino goretsi zuen (Mitxelena).

16.2.4. Bat eta batzuk: kasu markak

16.2.4a Hauek dira bat-en kasu markak:

Mugagabea: bat, batek, bati, baten, batentzat, batekin, batez, batean/baten, bateko, batera, batetik. Mugatua: bata, batak, batari, bataren, batarentzat, batarekin, bataz, batean, bateko, batera, batetik.

16.2.4b Bat zenbatzaileak -tzu pluralgilea har dezake, batzuk kolektiboa sortuz: Oilo batzuk ikusi ditugu etxe inguruan. Kontura gaitezen, zernahi gisaz, batzuk ez dela zenbatzaile zehaztua, baizik zehaztugabea: ez dakigu zehatz-mehatz zenbateko kopuruari egiten dion erreferentzia batzuk honek. Euskalki guztietan, salbu erronkarieraz, erabili izan da. Idazleen artean historikoki bi sistema agertu badira ere (batzu/batzuk eta batzuk/batzuek, absolutiboa eta ergatiboa bereizteko), egun batzuk/batzuek (abs./erg.) nagusitu da, forma aldetik gainerako sintagmekin parekatuz horrela. Inesiboan batzuetan izan da erabiliena XVIII. mendeaz geroztik, eta genitiboan, kasu bakanen bat kendurik (Leizarraga, esaterako, eta ez da sistematikoa) beti batzuen ageri da, ez batzuren.

16.2.4c Lehenago (§ 16.2.2g) ikusi dugu genitiboaren ondotik bat erantsirik ‘(multzoko) norbait, zenbait’ (gutxi, hala ere) adierazi nahi duela: Adiskideren bat ere etorri zen afaltzera. Bakarra izan daiteke, edo bizpahiru. Batzuk ere erabil dezakegu ingurune horrekin eta orduan ‘zenbait’ adierazi nahi du (Hegoaldean erabilia): Gero deitu zituen besteren batzuk (Ubillos); Gauza handiren batzuk Jesusen kontra esan zituztelako antzean (Lardizabal); Zaparrada gogorren batzuk hartu omen dituzte (Agirre).

16.2.5. Bi eta gainerako zenbatzaileak

16.2.5a Bi zenbatzaileak, bakarrik doanean (zehaztugabeko izenordain gisa erabilia, hortaz), aldaera batzuk ditu: bi, bia, biga, bida, betiere Nafarroako eta ekialdeko euskalkietan ageri direnak: Igorririk bere dizipuluetarik biga (Leizarraga); Meza bat enzun behar bazenuen, eta ez hura entzun, konfesa hartako bekatua, eta gero etorkizunean dobla, enzun bia (Axular); Partzuergo hortan bia baino gehiago ere sar daitezke (Duvoisin); Bat, biga, hiru, lau, bost, sei… Eta zazpigarrena? (Barbier).

Batzuetan zehaztua ere ageri da: Eta Moisek, etxola bezala kutxa, bigak benedikatu zituen Jainkoak berak irakatsi otoitzekin (Zerbitzari). Izenaren ondotik, zehaztua, erabiltzen dute autore batzuek, eta izenordainaren ondotik ere: Ordu batez, ordu bidaz ta duzun odol guzia zere biziarekin nere amorez eman artean! (Mendiburu); Batek, berak joateko / Hartu zuen plana; / Gu bida gibeletik / Beldurrez engaina (Bordel).

16.2.5b Bi zenbatzailea izenaren eskuinean (mendebalean) edo ezkerrean (euskalki guztietan) erabiltzen da gaur egun: bi andre / andre bi. Testu zaharretan ikusten da eskuinaldean jartzearena hedatuago zela, baina erabilera horrek indarra galdu du mendeetan zehar.

16.2.5c Gainerako zenbatzaileak beti ezkerrean: Eta kontseiluko hiru gizonek erran zutela goraki eta paperean ezarri (J. B. Elizanburu); Bihotz honek obeditu nahi ez badu, lau edo bortz gizonek makila mehetto batekin… (J. B. Elizanburu).

16.2.5d Zenbaki txikienetan hiru modutara adieraz daiteke gutxi gorabeheranzko zenbatasuna: bi edo hiru, lau edo bost, hiru edo lau (hots, edo sartuz bi zenbatzaileen artean); hiru lau, lau bost, zazpi zortzi (hots, bi zenbatzaileak segidan emanez, edo gabe), eta modu markatu batean: bizpahiru, lauzpabost, hiruzpalau, bospasei eta abar. Hona hemen adibide batzuk: Duela bizpahiru urte (J. P. Arbelbide); Liburutxo honi bizpahiru sarrera hitz ipintzeko (Orixe); Lauzpabost kilometro banituen (J. B. Etxepare); Lauzpabost ale baino ez dela gelditzen (Mitxelena); Aski da maizenik hiruzpalau aldizkari gainbegiratzea (Mitxelena) eta abar. Ditugun adibide apurrak dvandva egiturakoak (§ 7.1) dira: sei-zazpi, zortzi-hamar, hamar-hamaika, hamar-hamabi, hogei-hogeita bost (urte), hirurehun-laurehun (ardi), gutxi-asko. Ikus dezakegunez, gertuko zenbakiak adierazten dituzte elkartzen ditugun zenbatzaileek; nekez esango genuke bi-hamar (???) edo hogei-laurogei (???). Hortaz, zenbaki handiagoek ez dute holakorik onartzen: hogeita bi edo hogeita hiru; hamar edo hamabi porru eta abar. Baina horietan ere edo ken daiteke: hogeita bi hogeita hiru; hamar hamabi porru.

Ikusten den gisan, bi osagaien arteko harremanari dagokionez, edo juntagailu hautakariaren bidez eman dezakegu bi elementuen arteko berri: “bi edo hiru”, “hamar edo hamabi”, nahiz, aipatu bezala, bizpahiru, hiruzpalau, lauzpabost, bospasei.

Zenbakien gutxi gorabeheranzko zenbatasun hori amaieran bat ezarriz ere eman daiteke, edo genitiboa eta beste esamolde batzuk erabiliz: Hamar hamabi bat porru erre genuen; Zortzi hamar bat ertzain sartu ziren dantzalekuan; Hogeiren bat; Hogei bat; Hogei lagun hurbil; Hamabi hurren bat; Hogei lagun inguru; Lauretan hogei urte eskas; Hogei eta gehiago gizon; Ehun eta zenbait ardi.

16.2.5e Zenbatzaile batek mugatutako izen sintagma inesibo kasuan agertzen baldin bada eta noiz? galderari erantzuten baldin badio, nahiz eta esanahiez plurala izan, erakuslea singularrez ere har dezake: Azkeneko hamar urte honetan; Ai nire alaba! Bi urte honetan zure amak zer kalbario daraman ez dakizu! (Amundarain); Gizon bat hil da; jaun bat, gure departamenduan bizpahiru urte honetan lan onik egin duena, eta zalaparta ederrik erabili, ba eta erabilarazi (Hiriart-Urruti); Haiek egin eta eginarazi dituzte Europan eta Ameriketan, bederen ehun urte huntan, konta ahal erreboluzione, eta haiek hilarazi dituzte milaka eta milaka gizonak, gerla zibil haietan, berak leku segurrean zeudelarik (M. Elizanburu); Orai trenka ditzagun bi eztabaida, Frantzia anitz urte honetan nahasia daukatenak (J. Etxepare); Aldiz Abrahamen alaba hau, hemezortzi urte honetan Satanek estekan zeukana, ez ote zen behar esteka hortarik laxatu larunbat egunarekin? (Duvoisin) eta abar.

Dena dela, galdera hori non baldin bada (eta ez noiz) komunztadura pluralez eginen da: Azkeneko hiru herri hauetan.

16.2.5f Bi zenbatzailetik aurrera plurala ere har dezakete zenbatzaileek: Biak etorri ziren (bi ertzainak etorri ziren); Bostak sartu zitzaizkigun ohartu gabe (bost ertzainak sartu…). Ez da esan beharrik kasuen postposizioak hartzeko gai direla zenbatzaileak: Hirurak bien kontra; Biak hiruren kontra. Edo, Lafittek jartzen duen gisan: Biak ari gara hiruei (biak hiruren kontra. Mugatua); Biga ari gara hiruri (bi hiruren kontra. Mugagabea).

16.2.5g Konparazioetan erabiltzen dira zenbatzaileak: Etxe hau hura baino bi aldiz handiagoa da. Hori da, beharbada, egitura hedatuena. Baina bada horren ondoan beste egitura bat aipatuko duguna hemen: Etxe hura beste hau halako bi da. Bi aldiz handiagoa dela esan nahi du. Beraz, konparazioetan gutxienez bi elementu behar ditugu, “etxe hura” eta “etxe hau” gure perpausean. Lehenbiziko elementua absolutiboan dela (genitiboan ere batzuetan, baina aise gutxiago), mugatua nahiz ez, singularra nahiz plurala, halako + zenbatzailea jartzen dugu, eta aditza gero. Hortaz: halako + zenbatzailea edo baino + zenbatzailea + aldiz/bider … + -ago egiturek esanahi bera dute: Zaldiek lepoa luzatzen dutenean lehengoa halako bi dutela badirudite (Anabitarte); Bi urteren barruan jokatu zen gutxienez hamar aldiz, bera halako bi handi zirenekin eta guztietan irabazi zuen (Iztueta); Edozeinek halako bi balio zituen eta horrexegatik behartu ginen bat gutxiago egitera (Anabitarte); Bere luzera halako bi falta zitzaion gabarrari ibai ertzera iristeko (K. Zabala); Makineriaren hobekuntza dela eta, eskulan-kantitate berdina enplegaturik, galtzerdi-kantitatea lau halako egin ahal bada… (Bakaikoa). Maiz konparazio burua agerian da (oraingo jokalariek aurrekoek halako hogei irabazten dute), baina ez da ezinbestekoa (bost halako handitu da hiria azken mendean; iaz 4.000 euro gastatu genuen, baina aurten hiru halako). Hurrenkeraren eredua hogei halako nahiz halako hogei izan daiteke, adibide guztietan.

Adjektiboekin: Autoa halako bi luze den garajea egin dute etxean. Perpaus erlatiboekin ere gauza bera: Lehen joaten ziren halako lau joaten da orain mendira.

16.2.5h Zenbatzaileak izendatzerakoan joera dago artikulua eransteko beti: Zein zenbaki da hau: bia ala hirua? Kasu horretan artikuluarekin batera izendatuko ditugu zenbakiak: bata, bia (baina ez, izendatzeko orduan, bida edo biga), hirua, laua eta abar.

Batzuetan artikula eskatzen dute ezinbestean: 5a (bosta), 6a (seia). Artikulua jarriko diogu ere zenbatzaileari izendatu nahi dugun aldiro: Hau bia da; Hau 2a da. Hala eta guztiz ere, 0 (zero) zenbakiarekin erabiltzen ditugun bi joerak ontzat eman daitezke: huts eta zero, kontuan hartuz, hori bai, beste zenbakiekiko paralelismoa ongi zaindu beharko dugula: Hauek bia, hirua edo hutsa (edo zeroa) dira; Nire telefonoa lau, bi, sei, zazpi, huts (edo zero) (eta) sei dut. Matematiketan zero erabiliagoa, huts baino. Esan nahi da, huts eta zero-ari artikulua erantsiko diegu, testuinguru horretan beste zenbakiren bat jarriz gero, azken horri ere artikulua eransten badiogu; bestela, ez.

Batzuetan zenbakia + ko + -a sistema erabiltzen dugu: batekoa; bikoa; hirukoa; laukoa eta abar. Kartetan ari garelarik, adibidez, honela izendatzen ditugu: bateko urrea; seiko ezpata eta abar.

16.2.5i Zenbatzaile kardinal hauek ematen diete izena zenbaki naturalei: Telefono zenbakia bederatzian bukatzen da diogunean, bederatzian hori izena da. Argiago ikusten da, beharbada, marrazki hori hirua da diogunean (marrazki hori etxea da esaten dugun gisan, etxea eta hirua, biak, izenak dira). Zenbaki izen hauek zenbatzaileak izendatzen dituztenez gero, arrunta da esatea Atzoko zozketan lau aldiz atera zen seia; Atxikitzen ahal dituzu hor nahi dituzun zortzi guztiak; Horrek badu zazpi baten antz handia eta abar. Testuinguru batzuetan izen bereziekin asimila daitezke: Bi gehi bi lau da (ez da esaten laua da); Lau bider zortzi hogeita hamabi da. Artikulu gabe ematen ditugu. Beste batzuetan, ordea, izen arruntekin asimilatzen dira: Bederatzia ez da nire gustuko zenbakia; Zazpi honi bi gehituz gero bederatzi ateratzen zaigu. Hor, zazpi zenbatzailea ez bezala, bi zenbatzailea izen berezi batekin asimila daiteke, baina izen arruntarekin, ordea, honako honetan: Zazpi honi beste bi gehituz gero bederatzi ateratzen zaigu. Zero ere etxe hau zero euro kostatu zaio adibidean zenbatzailea da, baina zerotik hasi, zeroan bukatu… bezalako esapideetan izen arruntekin asimilatzen da.

16.2.5j Zenbakiekin beste izen batzuk ere sortzen ditugu -kote atzizkia gaineratuz. Morfologiako atalean (§ 6.3.2) ikusi dugu -kote atzizkia handigarria dela eta izen bati erantsirik mutikote, zezenkote edo gizonkote bezalako izenak sortzen direla. Hemen ez gara horretaz ari: atzizki hori zenbatzaile zehaztu bati erantsirik izenak sortzen ditugu: bikote, hirukote, laukote eta abar. Erabiliena, zalantza gabe, bikote da. Gaur egun guztiz hedatua da. Tradizioan, ez horrenbeste, XX. mendeko Hegoaldeko idazleek erabiltzen dute: Orixe, Erkiaga, Labaien, Barrensoro, Etxaniz… Hirukotek lekukotasun gutxiago ditu: Villasante, Etxegarai, Mitxelena… Hortik aurrerako izenak (laukote, boskote…) askoz ere bakanago ageri dira. Hona hemen adibide batzuk: Egiazko biziduna bikoteaz osatzen baita, eta bikote hori ez da oraindik oso, harik eta emankor izan dadin artio (Villasante); Etorri bereko bikoteak (hirukoteak eta abar) maiz ditugulako (Mitxelena); Laukote honek inoren / kexarikan ez du (Basarri).

16.2.5k Aldien zenbatasuna ere zenbakien bidez adierazten dugu: Behin; Bi aldiz, bitan, bi bider, birritan; Hiru aldiz, hirutan…

16.2.6. Zenbatzaileak eta kuantifikazio izenak

Baso bat ur, bost litro ardo eta holako esamoldeak osatzen ditugu zenbatzaileez baliaturik. Holako moldeak kuantifikazio izenak dira, hau da, zerbait mugatzeko, zehazteko… erabiltzen ditugu. Bost litro ardo erosi zuen entzuten badugu, badakigu ardoa erosi zuela norbaitek eta badakigu, gainera, zenbat ardo erosi zuen: bost litro. Izenaren atalean aztertzen dira xeheki holako moldeak. “Neurri izenak” deitzen ditugu han (§ 12.3.5d). Jatorriz izena, litro hitza, zenbatzailearen ondoan (bost litro) jarririk, muga elementu bihurtzen da.

16.2.7. Balio enfatikoa duten zenbatzaileak

16.2.7a Euskaraz ibiltzen ditugun zenbatzaile batzuek balio enfatikoa dute. Batzuetan plurala adierazten dute. Lafittek bi, bortz, zazpi, hamaika, hogeita bortz, ehun eta mila aipatzen ditu. Zuberoan biga bostetan ere erabiltzen da: Gauza horiek guztiak egiten begira zegoen, zorigaitzean, Saulen morroi kutun Doeg zeritzan, eta bost negar gero eragin zituena (Lardizabal); Santakrutz apaiza kupida gabea dela entzun izan dut hamaika aldiz (Txillardegi); Bereak eta bost esan dizkiozu Trapu zahar horri! (Labaien); Konradek bereak eta bi egiten zituen oreka eta segurtasuna aurkitzeko (Olarra); Ez nuen inola ere ulertzen: mila bider saiatuta ere (Igerabide); Gizakiarentzat mila aldiz onuragarriagoa da (J. M. Lekuona); Bi bertso paratuko ditut; Bai eta bost!; Agur eta erdi; Kestione horrek merezi ditu hameka pentsamendu eta hogeita bortz gogoeta (Lafitte).

16.2.7b Mila hitza erabiltzen da eskerrak emateko: mila esker; esker mila; esker mila anitz (Badugu osasuna, Inaxi, esker mila anitz, eta zuek?, Labaien).

16.2.7c Euskaraz asko erabili izan dira hamaiketako eta hamarretako hitzak. Goizerdian egiten zen otorduari esaten zitzaion: “Hamaiketakoa” zela gauza bat egiten zena ez beti xuxen hamaika orenetan, baina ahal zenean (J. B. Elizanburu); Eta otordu tartean ez dudalarik apur bat ere hartzen… Ez hamarretakorik, ez hamaiketakorik ez ezer (Labaien); Oraindik ez duzu, noski, hamaiketakoa egin (Epaltza).

16.2.8. Orduak nola eman euskaraz

16.2.8a Orduak adierazteko sistemek bide bat baino gehiago erakutsi dute euskaraz, eta maiz zalantzak sortu izan dira: zeri erantsi behar zaio artikulua eta plural marka? (zazpiak eta laurdenak / zazpiak eta laurden?); kasu marka nola? (hamarrak eta hogeitan / hamarrak eta hogeian?) edo komunztadura nola egin? (ordu bata eta hamar da / ordu batak eta hamar dira?) eta abar.

16.2.8b Tradizioa eta literaturako erabilera kontuan hartuz gero, esan daiteke orduaren berri emateko orduaren zenbakia ematen dela, plural markarekin: Bederatziak aldean joan zen Bernardatxo berriz ere arkaitzera (Goñi); Lanak egitera etorri nintzen bostak aldean, bazkalduta (Mattin); Goizeko zortziak irian (Barbier). Iparraldean arrunta da “oren” hitza gaineratzea (eta Hegoaldean autore batzuek “ordu” ere ibiltzen dute, baina gutxitan): Eta nola baru eguna baitzuten, eta ez baitziren oraino hamar orenak baizik, joan ziren aintzina, erranez ez zirela oraino baruaren hausteko orenera helduak (Joanategi); Biharamuneko eguna goizeko bederatzi orenak arte (Joanategi); Hamar orenak eta hogeita bi minutu ziren (M. Elizanburu). Ordu bata-ren kasuan, Bizkai aldean ordu batak dira nagusitzen ari dela dirudi; erdialdean eta ekialdean ordu bata / oren bata da. Tradizioan ere Azkuek, Arrese Beitiak, Kirikiñok… ordu batak erabiltzen dute. Aldiz, Anabitartek, Izetak, Orixek, Txirritak… ordu bata erabiltzen dute.

Gaurko idazleen artean denetatik aurkitzen da, baina aise gehiago ordu bata forma: Ordu batak aldera Iturbideren bulegotik gertu zebilen (M. A. Mintegi); Behin goizeko ordu batak eta erditan etxeratzen nintzela, ttuku-ttuku, gertakari harrigarri baten lekuko izan nintzela […] (Borda); Ordua, ordu batak eta bost (Zaldua); Ordu bata hiru minutu guti (Epaltza); Konturatzerako ordu bata eta erdiak ziren (Morillo); Horrela bada, ordu bata arte irakurtzen egon ondoren […] (J. Zabaleta); New Yorken, ordu bata eta erdiak (Zubizarreta); Ordu bata arte baliatuko zaizu zinta (Atxaga) eta abar. Oren batak ere aurkitu dugu: Dena adostua genuen bezala egin genuen; eta bizkondesa oren batak inguruan heldu zen nire gelara (Jon Muñoz).

16.2.8c Erdia adierazteko bi joera nagusi daude: Hegoaldean artikulua eta plural marka erdi osagaiari eransten zaizkio, askotan t’ erabiliz eta-ren ordez (batuan eta osorik aukeratu da holakoetan). Iparraldean arrunta da orenak hitza erabiltzea, eta plural marka orduari ere eransten zaio (ez beti): Oren bat eta erdiak ziren (Barbier); Bederatziak eta erdiak ziren (Barbier); Hamar orenak eta erdiak nonbait han dira (M. Elizanburu); Bederatziak eta erdiak joak ziren (M. Elizanburu); Bederatzi eta erdiak, ustez (Lizardi); Hamar eta erdiak direla esan bahidan, berdin-berdin sinetsiko nian (Lizardi); Denbora laster badoa holakoetan: bederatziak eta erdiak baziren jada (Zerbitzari); Baina zer ordu dut? Bederatziak eta erdiak (Barriola); Iluna: arratseko zortziak eta erdiak (J. B. Etxepare); Ordu bi t’erdiak baino lehentxeago (Anabitarte); Etxeko andratxo zaharragandik zazpi t’erdiak zirela jakin zuenean, pozik zegoen Santi (Azkue).

Euskararen Herri Hizkeren Atlaserako egin diren galdeketetan ere, Iparraldean, erantzun nagusia lauak eta erdiak da, baina horren ondoan lauak eta erdia, eta bakanago lau eta erdiak ere aurkitu dira.

16.2.8d Eta laurden esateko, berriz, zalantza nagusia bada artikulua orduari eta laurdenari, biei, erantsi ala laurdenari bakarrik erantsi, hara nola jokatu duten gure idazleek.

Adibide gutxi dago tradizioan honi buruz. Iparraldean joera da seiak eta laurden bezalako esapideak erabiltzeko, hau da, zenbatzaileak pluralean artikuluarekin eta ondoren laurden hitza, artikulu gabe, dagozkion postposizio markekin: Ohartu zarete, joan den astelehenean, zeru zola urdin eta garbi zelarik, eguzkiak histasun bat izan duela? Bi orenen inguruan iraun du histasun horrek: arratsaldeko hirurak eta laurdenetatik, bortzak eta laurden iri arte (Hiriart-Urruti); Beransko izanagatik —zortziak eta laurden da— itsas bainu baten hartzeko, ene lagunek nahi dute egin legartzarako bederen (J. Etxepare).

Egungo idazleen joera bostak eta laurden-en eredukoa da: Bostak eta laurdenetan Bep etorri den arte ez naiz behera joan (J. Zabaleta); Asteburu libre baten bezpera, zortziak eta laurden jo gabe eta dagoeneko etxeko atariaren pean (Epaltza); Hirurak eta laurden dira (Aristi); Zazpiak, zazpiak eta laurden, zazpiak eta erdiak (Arretxe); Goizeko seiak eta laurden (Landart); Bostak eta laurden ziren (Etxehandi); Seiak eta laurden (Txillardegi); Hirurak eta laurden arte poteoan ibili gara Iñaki eta biok, Donostiako Parte Zaharreko pintxorik onenen ehizan (Zaldua). Baina besterik ere aurkitzen da: Bostak eta laurdenak arte patatak ez dira behar zuten lekura iritsi (J. Zabaleta: ikusi gorago autore berak ordu bata arte erabiltzen duela, § 16.2.8b); Ordu batak eta laurden (J. Zabaleta).

16.2.8e Hurrengo orduko zenbat falta den adierazteko, gehienetan gutxi aurki daiteke (edo dituen aldaerak: guti, gitxi…): Egintxe duelarik badoa orenari behatzera: «Eguerdi laurden guti! Ba, haiek honat orduko» (Barbier); Otoa ebatsi diote bere etxe aitzinetik, hamaikak laurden gutitan (Larzabal); Eguerdiko hamabiak laurden gutxitan ilargitik fraile bat botako balute… (G. Mujika); Batek goizeko bostetan eramango ninduela agindu zidan, eta bostak laurden gutxitako pronto nengoela joan egin da (Anabitarte).

Hala ere, gutxiago ere erabiltzen da, batez ere Hegoaldean: Goizeko bostak laurden gutxiagotan, lo gaizki eginda, ateratzen nuen maleta ilunpetatik (Anabitarte); Hamarrak laurden gutxiago (Labaien); Bost gutxiago dira (Erkiaga) eta abar.

EHHAn egindako galdeketek ere antzeko zerbait erakusten dute: gut(x)i Iparraldean eta gutxiago Hegoaldean.

16.2.8f Komunztadurari dagokionez, ordu bata da esaten da, komunztadura singularrean eginez (hirurak dira esaten dugu, pluraleko komunztadurarekin). Baina horri zerbait gaineratzen diogunean sortzen dira zalantzak: ordu bata eta hogei da / ordu batak eta hogei dira… Tradizioan ez da lekukotasunik ikusten. Eta gaurko idazleen artean ere ez dugu adibiderik aurkitu.

16.2.8g Kontura gaitezen, azkenik, egungo aldaketek eta egunero ikusten ditugun pantaila, tresna elektroniko, abisu eta gainerakoetan, sistema berriak ezarri dituztela: 20:43, 15:30 eta abar. Nola eman hori euskaraz (batzuetan kasu postposizioak hartu behar dituzte), horretan inolako tradiziorik ez bada?

16.2.8h Hori guztia kontuan izanik, Euskaltzaindiak aukera bat egin zuen:

1. Orduak honela ematen dira: ordu bata, ordu biak, hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, etab. Ordu hitzaren ordez oren ere erabil daiteke: oren bata, bi orenak / biak, hirurak, etab. Postposizioekin: ordu batean, bietan / ordu bietan / bi orenetan, hiruretan eta abar.

2. Erdia honela adierazten da: ordu bat eta erdiak, ordu bi eta erdiak, hiru eta erdiak, bost eta erdiak, ordu bat eta erdietan, ordu bi eta erdietan, hiru eta erdietan, bost eta erdietan, etab. Gauza bera oren hitzarekin.

3. Laurdena honela adierazten da: ordu bat eta laurdenak, oren/ordu bata eta laurden, ordu bi eta laurdenak, oren/ordu biak eta laurden, hirurak eta laurden, hiru eta laurdenak, hirurak eta laurdenetan, hiru eta laurdenetan, bostak laurden gutxi(ago) eta abar.

4. Minutuak: hamarrak hamar gutxi, hamarrak hamar gutxiago, hamarrak hamar gutxitan, hamarrak hamar gutxiagotan, seiak eta bostean, laurak eta hogeian, hirurak eta hemezortzian eta abar.

5. Zifretan ematen direnean, bi punturekin bereizten dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili behar dira beti: 00:12, 12:10, 09:25, etab. Postposizioak hartzean, orduei plurala erantsi, eta minutuei singular marka, dagozkien lotura bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, etab. Irakurtzeko orduan hobe da, hala ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta hiruan eta abar. Erabilera formaletan ontzat ematen dira, dena den, hamabostak eta bostean, hamabostak eta hamabostean eta abar.

6. Egitarau, kartel eta horrelakoetan ez da eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte eta abar.

Arlo honi dagokion Euskaltzaindiaren araua 35a da, 1995eko ekainaren 30ekoa.

Konturatzen garenez, lehen adierazi bezala, orduetan hirur eta laur aldaera zaharrak gorde ditugu zerbait atxikiz gero (hirurak, hiruretan, lauretatik…), bestela hiru eta lau.

16.2.9. Urteak eta data

16.2.9a Urteak aipatzen ditugunean ez da beharrezko -a eranstea. Honela, 1813. urtea, adibidez, modu hauetara esan daiteke, nahiz eta erabiliena lehenengoa izan: 1813, mila zortziehun eta hamahiru (bakarrik agertzen denean); 1813a, mila zortziehun eta hamahirua (perpaus baten barnean); 1813.a, mila zortziehun eta hamahirugarrena.

Data oso-osorik jartzen dugunean, urtea adierazten duen zifrari -ko erantsiko zaio, -en hilabeteei eta -a egunari: 1983ko martxoaren 7a. Inesiboa ere erabiltzen da: 1983ko martxoaren 7an. Eta tokia aipatu nahi bada, berdin, tokia aipa daiteke besterik gabe, edo guztia inesiboan: Durango, 1983ko martxoaren 7a nahiz Durangon, 1983ko martxoaren 7an. Baina ez da komeni biak nahastea: Durangon, 1983ko martxoaren 7a; Durango, 1983ko martxoaren 7an. Ez dira gomendagarriak erabilera horiek.

16.2.9b Zenbakiak bakarrik erabili nahi badira, sistema bat baino gehiago ikusten dira: 1983/03/07; 1983.03.07; 1983/III/07; 1983-03-07; 1983-III-07… Jakina, 1983/03/07ko egunkarian ikusi nuen gisako esaldiak ere erabiltzen dira.

Hilabetea eta eguna bakarrik adierazi nahi denean, ostera, bi aukera ditugula esan ohi da: urtarrilaren 20a edo urtarrilak 20. Gehiago zehaztu beharko litzateke, ordea, ez baitira beti biak aukeran izaten. Urtarrilak 20 egitura, kasu postposizio agerikorik eskatzen ez duenean erabil daiteke, beste zerbaiten aposizioan doanean, esaterako: Datorren ostegunean, urtarrilak 20, bilduko da epaimahaia.

“Urtarrilak 20 egun dituela” edo horren antzeko egituraren laburpena da, azken batean. Esapide hori oso praktikoa izan daiteke karteletan eta erabiltzeko: Elizondo, ekainak 4 edo Elizondon, ekainaren 4an. Baina postposizio atxiki bat ezarri behar zaionean ezin dugu egitura hori erabili.

16.2.9c Okerrak dira, beraz, ondokoak: *Hilak 20 eta 27an, bestalde, Txotxongilo taldeak txikienentzako Erreka Mari eta Altxor bat patrikan emango du; *Otsailak 24tik 27 arte izango da ikastaroa; *Datorren otsailak 14 egingo dugu bilera.

Horiek horrela behar lukete: Hilaren 20an eta 27an; Otsailaren 24tik 27(a) arte; Datorren otsailaren 14an. Honek guztiak testuan zehar urtea, hilabetea eta eguna adierazi nahi denerako ere balio du, jakina. Goian aipatu ditugun aukeretatik forma bakarra geratzen zaigu orduan: 1993ko martxoaren 7a egun handia izango da guztiontzat; Jardunaldiak Bilbon, 1994ko urtarrilaren 5etik 7ra izango dira.

Hilaren lehenbiziko eguna bi modutara irakurtzen ahal da: martxoaren 1a nahiz martxoaren lehena (edo martxoaren lehenbizikoan / lehenbiziko egunean etorriko dira). Tradizioan ez da adibide asko: gehienak astearen lehen egunetan; hilabetearen lehen egunetan… eta gisa horretakoak dira.

16.2.9d Azkenik, aposizioetan, hiru modutara eman daiteke asteko zein egun den: martxoaren 7an, osteguna/ostegunean/ostegunarekin. Tradizioan ere: Garagarrilaren 12an, igandearekin, tokatu zen bere gorputza kanposantura eramatea, eta egundoko jende pila zen (S. Salaberria). Horrenbestez, azken bolada honetan asko hedatu den arren, ez da egokia ondorengoa: *martxoaren 7an, ostegunez, ezkonduko dira.

16.2.9e Adina zenbakien bidez ematen dugu: hogei urteko neska; hamar urteko mutila; bost hilabeteko haurra eta abar. Iparraldean batetako ere, idazle batzuek. Urte batekoa delarik, hola eman daiteke: urteko haurra; urte bateko haurra; urtebeteko haurra. Tradizioan ere holakoak erabili izan dira: Eta eskainiko dio Jaunari bere dohaina, urtebeteko bildots mantxa gabeko bat holokaustoan, eta urtebeteko ardi mantxa gabeko bat bekatuagatik (Uriarte); Ordea nola hasten baitzen malizia gabe, urte batetako haurraren pare, eta egoitza hartan iraun baitzuen bi urtez, eta ez gehiago (Axular); Esku ttipiño batzuk zituen, hamabi urteko haur baten eriak, dena hezurra (J. B. Etxepare); Eta ireki zuen bere diruko kutxa eta armadari eman zion urte bateko soldata (Duvoisin).

16.2.9f Laburtuz, hortaz, data hola ematen da (Euskaltzaindiaren araua biltzen dugu): Durango(n), 1995eko martxoaren 7a(n), aukeran utziz inesiboaren marka; 1995/03/07; 1995-03-27; 1995/III/07; 1995-III-27; 1993-11-23ko bilera agiriak dioenez…; urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan: gaur, urtarrilak 20 bezalakoetan (beraz, *otsailak 20 egin zuten bilera ez da zuzena).

Arlo honi dagokion Euskaltzaindiaren araua 37a da, 1995eko uztailaren 28koa.

16.2.10. Frakzioak eta kalkulu eragiketak

16.2.10a Frakzioak zenbakiak direla bide aurkezten ditugu: 1/2 (erdi); 1/3 (heren); 1/4 (laurden). Horrela, ordu erdia, gazta erdia, ordu laurdena, etab. erabiliko dira. Edo hiru milioi laurden galdu zituen pilotalekuan (750.000 euro) esango dugu.

Bost zenbatzailetik gora, bide desberdinak ditugu frakzio hauek adierazteko. Horrela 7/10 frakzioak, adibidez, irakurketa hauek guztiak izan ditzake: zazpi hamarren (erabiliena); hamarretik zazpi; hamarretatik zazpi; hamarretarik zazpi; hamarreko zazpi. Antzera gertatzen zaigu 2/5 frakzioarekin ere, zein horrela irakurriko baitugu: bi bosten (zientzietan erabiliena); bostetik bi; bostetatik bi; bostetarik bi; bosteko bi.

16.2.10b Ehunekoen kasuan hola egiten dugu: % 5 (ehuneko bost irakurriko da). Ehunen eta milaren erabil daitezke centésima/centième eta milésima/millième adierazteko.

16.2.10c Dena dela, ongi bereizi behar ditugu itxuraz oso antzeko direla irudi dezaketen espresio hauek: Liburu erdia irakurri zuen / Liburuaren erdia irakurri zuen. Bietan liburu baten erdia irakurri dela adierazi nahi da. Ez, ordea, hurrengo kasu honetan: Liburuen erdiak irakurri zituen. Adibide horretan, liburu multzo batetik, multzo honen erdia edo irakurri duela adierazi nahi da. Ideia hau beste modu batzuetara ere eman daiteke: Liburuetatik erdiak irakurri zituen; Liburuetarik erdiak irakurri zituen; Libururik erdiak irakurri zituen.

Hala ere, liburu erdiak irakurri zituen baldin badiogu, beste zerbait adierazi nahi dela dirudi: liburuak erdizka irakurri zituela, liburu bakoitzaren erdiraino baizik ez zela iritsi. Beste zenbait adibide jarriz: Ganbaran dauzkagun sagarretatik erdiak usteldu egin zaizkigu; Euskararentzat diren diruetatik erdiak Bilbo aldetik, euskara ez dakitenen eskuetatik, datoz; Ahopean esaten ditu berbarik erdiak; Lotan ematen ditu ordurik erdiak.

16.2.10d Kalkuluan erabiltzen ditugun eragiketak honela irakurtzen dira: Batuketa: 5 gehi 5 berdin 10 (5 + 5 = 10); Kenketa: 3 ken 1 berdin 2 (3 - 1 = 2); Biderketa: 4 bider 3 berdin 12 (4 x 3 = 12); Zatiketa: 4 zati 2 berdin 2 (4 : 2 = 2).

Plus eta minus terminoak zenbakiaren positibotasuna eta negatibotasuna adierazteko erabiltzen ditugu. Horrela, honako ekuazio hau, ondoren jartzen den bezala irakurriko da: 5 + (-3) + (-1) = 1, Bost gehi minus hiru gehi minus bat berdin bat. Beraz, bada, positibotasun-negatibotasun zeinuak ditugu plus eta minus.

16.2.11. Zenbatzaile zehaztuak eta komunztadura

16.2.11a Euskal aditzaren morfologiak perpaus horretan biltzen diren nor, nori eta nork kasuetako sintagmen zenbatasuna (sing./pl.) islatzen du: Filma ikusi dut (nor sing.); Filmak ikusi ditut (nor pl.); Hark ikusi du (nork sing.); Haiek ikusi dute (nork pl.); Hari eman diot (nori sing.); Haiei eman diet (nori pl.)…

16.2.11b Sintagma horiek zenbatzaile batek osaturik (eta ez, nahitaez, artikulu edo erakusleak) ager dakizkiguke: film bat ikusi…; bost film ikusi…; gizon batek ikusi…; bost gizon ikusi…; andre bati eman…; bost andreri eman… Holako kasuetan, nola paratzen dugu aditz laguntzailea?

Zenbatzailea bat baldin bada, aditz morfologian singularra ageriko da beti: Film bat ikusi dut (nor); Gizon batek egin du (nork); Andre bati eman diot (nori). Hau da, bat horren ordez artikulua balerama bezala.

Zenbatzailea ez baldin bada bat, besteren bat baizik, eta sintagma osoa —zenbatzaileaz gain— artikuluak mugatzen baldin badu, aditz morfologian pluralaren aztarna ageriko da: Lau filmak ikusi ditut (nor); Bost gizonek egin dute (nork); Bost andreei eman diet (nori).

16.2.11c Gainerakoetan singularrez edo pluralez ageriko da aditza, gehienetan pluralez. Idazle batzuek singularrez bakarrik erabiltzeko joera izan dute eta zubereraz ere —neurri batean behinik behin— horrela jartzen da, baina hori ez da nahi eta nahiezko araua, ondoan jartzen ditugun adibideek ongi aski erakusten digutenez. Egun pluralez egiten da maizago komunztadura hori: Hiru film ikusi dut (nor); Hiru film ikusi ditut; Hiru ikusi ditut; Zer iduri zaizue? Baldin gizon batek ehun ardi baditu, ez ditu laurogei eta hemeretziak uzten, eta errebelatu zena bilatzen? (Leizarraga); Mila gizon gaixtorik da emazte batendako. Gizon baten mila andre bere fedean dago (Etxepare); Badira beraz hiru Jainko? (Belapeire); Neure Jaun maitea, bi soldado pobre heldu dira Aruetik Barkoitzera, zure jauregi ederrean zure ikustera (Tartas); Gau egunetan hogeita lau ordu ditu (Orixe); Tiro bat, bi tiro, lau merezi ditu hola mintzo den gizonak (Larzabal); Larruneko harri ilunetarik altxatu ziren lau edo bost arrano handi, inguru eta inguru zeru gorenean eman zirenak (Barbier); Urteak hamabi hilabete ditu (J. Haranburu).

16.2.11d Gaur egun gero eta gehiago ikusten da iraun aditzarekin pluraleko komunztadura: Lau urte iraun zituen. Tradizioan ez da adibide gehiegi ageri egitura honekin, baina lekuko ia gehienek singularra aukeratzen dute: Iraun dute hogeita hamahiru urte (Mihura); Berrogei egun eta gau, behin ere atertu gabe, iraun zuen […] euri-jasa ikaragarri batek (Ubillos); Bost urte iraun zuen […] gerra horrek (Astarloa); Bi minutu baino gehiago ez du iraun egun hartako lur-ikarak (Hualde); Berrogei urte iraun zuen Saulen erregegoak (Zerbitzari); Ia zortziehun urte iraun zuten etengabeko harremanek (Mitxelena).

Gaurko literaturan tradizioan baino ugariagoak dira pluraleko komunztadura erakusten duten egiturak (nahiz gehienak, egun ere, singularrekoak diren): Milaka eta milaka urte iraun zituen lehia hartan (J. A. Irigarai); Berari bezala hari ere eraso zion akidura bat-batekoa izan zen, baina urteak iraun zituen (An. Garikano); Hilabeteak iraun zituen erasoak (Aristi); Liskarrak 14 ‘round’ iraun zituen (R. Etxeberri); Hamabost minutu iraun ditu gaurko hasiera ekitaldiak (Berria); Hiru urte iraungo ditu bigarren faseak (Berria); Desfileak bost ordu inguru iraungo ditu orotara (Cano).

16.2.12. Ordinalak

16.2.12a Ordinalek elementu batek serie batean edo hierarkia batean hartzen duten hurrenkera edo tokia seinalatzen dute: bigarren etxea; hamargarren jabea; hiztegiaren hirugarren liburukia; lehenbizikoak txapeldun saria eraman du eta abar. Dagokion zenbatzaileari -garren atzizkia atxikirik sortzen dira ordinalak (tradizioan badira adibideak, hala ere, -garren bereiz idatzia erakusten dutenak): zortzi, eta hortik zortzigarren. Idazteko orduan zortzigarren edo, zifra erabili nahi bada, 8., hau da, zifra ondoan puntua: zortzigarren nahiz 8.; artikulua erantsiz gero zortzigarrena nahiz 8.a.

16.2.12b Arau orokorra aipatu den hori baldin bada ere, 1 zenbatzailearen kasuan aldaera bat baino gehiago dago: lehen, lehenengo, lehenbiziko eta lehendabiziko. Lehenengo horren parean, zenbaitetan lehengo ere erabili izan da: Baina Teresa aiduru zen orain, lehengo aldiz beharbada (Mirande); Aurpegiko trasplantea egin dute Txinan lehengo aldiz, eta ondo joan da (Berria). Baina orduan anbiguotasuna sortzen da, perpaus honetan ikusten den moduan: Hau da lehengo txirrindularia.

Horrek bi esanahi bai baititu: hau da lehendik ezagutzen den txirrindularia (eta, agian, egun ez du korritzen) edo, honek irabazi du itzulia (hots, hauxe izan da lehenbizikoa). Euskalki edo hizkera batzuetan oso ongi bereizten dira bi horiek, lehengo eta lehenengo. Anbiguotasuna desegin nahi baldin badugu, bada, hobe da ordinalen kasuan lehenengo aldaera bakarrik erabiltzea.

Hori dela eta, bi gauza desberdin ditugu ondoko hauek: Lehengoan ikusi nuen eta Lehenengoan bizi da. Edo erkatu bi hauek: Egia da ez naizela lehengo jokalaria, baina oraindik maila eman dezaket; Ez naiz lehengo jokalaria, baditut aurretik hobeak direnak.

Bestetik, bost zenbakiaren kasuan (berdin bortz-ekin ere) bosgarren egiten da.

16.2.12c Azkenik, ordena bat amaitzen duenari honela deituko diogu: azken; azkenengo; azkeneko. Zenbait euskalkitan, hala eta guztiz, -engo atzizkia ez da mugatzen aipatuko kasuetara eta beste guztietan ere ageriko da, aldaera hauekin: bigarren, bigarrengo, bigarreneko; laugarren, laugarrengo, laugarreneko. Tradizioan badira lekukotasun franko (batez ere Hegoaldean): Nola diren Euskal Herrian ugariagoak eta zergatik, lehenengo izendatutakoak, bigarrengoak baino (Iztueta); Nik, hain xuxen, bigarrengoa, eta oraindaino hirugarrenik ez da izan (Lizardi); Hau bera gertatzen da zenbait aldiz seigarrengo hutsegiteetan (Agirre Asteasukoa); Mila zortziehun hirurogeita zazpigarrengo urtean, lehenengo trena ikusi nuen Espainiako partean (Txirrita). Eta gaurko idazleen artean: Lur jotzeko zorian zen MTGD. Argazkilariei egin zizkien eskariak ez ziren alferrikakoak izan: abaildura zegoen MTGD bosgarren eta seigarrengo gelen argazkien aurrean (Jon Muñoz); Hirugarrengo, ordea, galdetu beharrekoa da, zerk eragiten duen egiaz behin eta berriro ihes hori (Azurmendi).

Laugarreneko eredukoak gehiago ikusten dira Iparraldeko tradizioan: Efraimen kanpetako kontatuak izan direnak heltzen dira ehun eta zortzi mila eta ehunetara, zein beren andanetan: hirugarrenekorik ilkiko dira (Duvoisin); Hau dio armadetako jaunak: laugarren hilabeteko barura, bosgarrenekoa, zazpigarrenekoa eta hamargarrenekoa, bozkario eta jauzitara eta besta-buru ederretara bihurturen zaizkio Judako etxeari: bakarrik maita ezazue egia eta bakea (Duvoisin).

16.2.12d Lafittek birden, heren, laurden, etab. ere aipatzen ditu. Hortik sortuko lirateke: lehengusu, herengusu, herenegun eta abar.

Lehentxeago data aipatu denez gero, ez da esan beharrik ordinalak erabiltzen direla mendeak izendatzeko: hirugarren mendea eta abar.

16.2.12e Hauen pareko ditugun adberbioak -ik atzizkia dela bide sortzen dira: lehen, lehenik, aurrenik; lehenengo, lehenengorik; lehenbiziko, lehenbizikorik; bigarren, bigarrenik, bigarrenekorik; azken, azkenik, azkenekorik

Batzuetan, zernahi gisaz, lehenbizi hori izen bihurtuko da: Esango nuke nik lehenbizi hartan iluna eta argia […] zeinek zein garaituko zuen ibili ziradela (Larramendi); Badaiteke ere batzuen gibelatzeko hori bera aski zen lehenbizi hartan (Hiriart-Urruti); Apostoluen denboran, eta oraino Apostoluak hilez gero ere, lehenbizi berri hartan, hain zen debozioa handi, eta bero, ezen egunero gorputz saindua errezibitzen baitzuten (Axular).

16.2.12f Ordinalen puntu honetan ongi bereizi behar dugu jarritako ordinala sintagmaren zati bati bakarrik ala sintagma osoari dagokion: Ipar Euskal Herriko II. astea. Kasu honetan II. hori astearekin doa, eta beraz, astea dugu bigarrena. Hurrengo adibidean, aldiz, II. horrek sintagma osoa mugatzen du: II. Ipar Euskal Herriko astea. Horrenbestez, kontuan hartu behar da ordinalak zer besarkatzen duen: Hauxe dugu etxeko 2. semea; Hauxe dugu 2. etxeko semea. Azken batean, berdin gertatzen da zenbatzaile kardinalekin ere: Hauek dira bi lorategitako loreak; Hauek dira bi lorategietako loreak; Hauek dira lorategiko bi lore; Hauek dira lorategiko bi loreak.

Arlo honi dagokion Euskaltzaindiaren araua 18a da, 1994ko abenduaren 29koa.

16.2.13. Adjektibo biderkatzaileak

16.2.13a Zenbatzaileei -kun eta -koitz atzizkiak erantsiz gero adjektibo biderkatzaileak sortzen ditugu: bakun; bakoitz; bikun; bikoitz; hirukun (edo hirurkun); hirukoitz… Aniztasuna ere horrela adierazten da: r dardarkari soila da eta rr, berriz, dardarkari aniztuna.

16.2.13b Bakun hitzak sinplea edo elementu bakarrekoa den zerbaiti egiten dio erreferentzia: Grafia moldeak, letra bakunak edo letra multzo bakoitzak zer adieraz zezakeen igartzen ez badiogu (Mitxelena). Beste batzuetan tolesturarik gabeko norbait adierazten du: Horregatik, nik esango nuke bakunak eta inozenteak izan ohi garela sarri askotan (Villasante). Edo konplikatua ez den zerbait: Esan nahi nukeenaren erakuskari hitz zerrenda hau dakart hona, hitz bakoitzaren egitura hurrengoarena baino bakunagoa agertzen delarik: gu, gau, gaur, antz, geurtz (Mitxelena). Bakartasuna ere adieraz dezake: Jendea, ‘masak’, dira egiazko protagonista, ez izaki bakun batzuk (Mitxelena). Bereizi den norbait edo zerbait: Elizatik atera diren bilkura bakunak mendeetan ez daitezke jar kate berean (Hiribarren). Edo aski berezi eta bakarra den zerbait ere: Ezkontza, emazte bakunekoz bertzeak, hemen bakanak dira, eta etxeko bi lagunek elkarren engainatzea oraino bakanago den gauza (Fedearen Propagacioneco urtecaria).

Bakoitz hitzak ere bakarra dena izenda dezake. Hori adierazteko bakarrik erabiltzen du Leizarragak, baina adiera hori galduz doa, nahiz Zuberoako tradizioan mantendu den: Adam lehen gizonean egin izan zen perdizionearen erreparatzeko esperantza guzia eta bakarra (Leizarraga); Jainkoaren egiazko seme bakoitza (Belapeire); Eta oraino orduan ez baitzen nahasia hizkuntza bakoitz hura (Etxeberri Sarakoa) eta abar. Konposatuen bigarren kidea: Errena edo beso bakoitza delako (Astarloa). Batzuetan -dun atzizkiarekin ere ageri da: Hobe duk hire, edo eskubakoitzdun bizitzean sar adin, ezen ez bi eskuak edo bi oinak dituala suko… (Leizarraga). Balio instrumentala du zenbaitetan: Gillotina bat kolpe bakoitz eta hamar bururen ebakitzeko (M. Elizanburu). Multzo bateko gauzen izenari ezartzen zaion hitza, haiek guztiak, baina banaka harturik: Erran herri bakoitza nola den agertzen, Zer Jaun edo nagusik duten ohoratzen (Hiribarren); Hipaka hasi zen, hasperen bakoitzak gorputz guzia inarrosten ziola (J. Etxepare); Hizkuntza bakoitzak badu horretan bere joera (Mitxelena). Pluralean ere erabili izan da: Lerro bakoitzak ez ote du ebakitzen barnean zeharka lau azal bakoitzen erdia? (Zaitegi); Bakoitzak beren etxeetara / joango ziren zaharrak (Uztapide). Bakoitz batzuk esapidea ere agertzen da tradizioan: Testamentu Berriko hitz eta mintzatzeko manera difizil bakoitz batzuk bere deklarazionekin (Leizarraga); Urte bakoitz batzuk negarretan […] eta eternidade luze eta ezin akaba daitekeen hura Jainkoaren zorionaz beraz gozatzen (Duhalde).

Honetaz informazio gehiago “Izenordainak” atalean (§ 13.9.1c, § 13.10.7.7a, § 13.10.7.8b, § 13.11).

16.2.13c Bikoitz, hirukoitz bezalakoak bi atal, hiru… dituzten gauzakiak dira: Meritu bi eta sari bikotza irabaziko da (Añibarro); Eta italierak bezala, gurean ez diren kontsonante bikoitzak ezagunak baitira han (Mitxelena). Baditu beste esanahi gehiago ere. ‘Halako bi’ esan nahi du batzuetan: Ez ote da honen bikoitz izango lerro hori, hemendixek beste horrenbesteko lerroa ezar bageneza? (Zaitegi). Edo bikiak: Hartu zituen txakurkume gazte bi ama batenak eta sabelaldi bateko bikoitzak (Añibarro). Izen gisa bikotearen esanahia ere badu: Zarandona Otxoaz / Horra morrosko bi / Amerikara doaz / Utzirik lur honi / Ondo ibili hortik / Bikoitz eder hori (K. Enbeita).

Bikun hitzak ‘bi aldiz zerbait’ adierazi nahi du, bikoitza den zerbait alegia: Bihurtzen diet beren gaiztakeria eta bekatuen sari bikuna (Duvoisin); Ezker aldeko miradore bikunean inor ez begira; ezta Xotera anderea ere, hainbestetan hantxe, kuxkuxero, ikus-min (Txillardegi); Irristatzeko pistaren aldetik kezkarik gabeko barre bat iritsi zen leiho bikunetik zehar (Morales); Baina bide bikun horretan, gora eta behera, purutasuna erdiesten da (Juan Garzia).

Hiru-tik gora zailagoak dira adjektibo hauek: hirukoitz erabilia da, baina laukoitz-ek, ordea, askoz ere lekukotasun gutxiago du. Ber gauza gertatzen da hirukun eta laukun hitzekin.

16.2.14. Distributiboak

16.2.14a Zenbatzaile zehaztuei -na atzizkia erantsiz gero, distributiboak sortzen zaizkigu: bat, bana/bedera. Eta hortik Liburu bana erosi dugu edo Liburu bedera erosi dugu. Tradizioan batez ere Iparraldean erabili izan da: […] erran zuen bertze soldadoak zigarreta bat hartuz. Bertzeek ere bedera hartu zuten (J. B. Etxepare); Nagusiak etortzen dira azote bedera eskuak (Laphitz); […] iragan mendean gure Iparrak eta Hegoak historia bedera harilkatu izanak zenbait ohar egiteko parada eskainiko digu menturaz (Xarriton).

Adibide horietan guztietan bana jarriz gero perpausak gauza bera esan nahi du: bakoitzak liburu bat, zigarreta bat, azote bat… eta abar. Ohart gaitezen bedera-rekin batera batbedera ere badugula euskaraz, baina hori beste zerbait da, bakoitza esan nahi baitu (§ 13.11): Jakobek hiltzean Josefen semeetarik batbedera benedika zezan (Leizarraga).

Gainerako zenbatzaileekin ere gauza bera: 2, bina; 3, hiruna; 10, hamarna; 100, ehuna; 999, bederatziehun eta laurogeita hemeretzina.

16.2.14b Distributibo hauek aurrekaria pluralez eskatzen dute, ezinbestean. Adibidez, perpaus hauek ez dira gramatikalak: *Nik liburu bana erosi dut; *Nik liburu bina erosi ditut; *Kotxe banatan etorri naiz. Horien ordez, beste hauek ditugu zuzenak: Guk liburu bana erosi dugu; Liburu bina erosi dugu; Kotxe banatan etorri gara. Partidetan eta, markagailuak 0-0 adierazten duenean husna edo hutsean esan ohi da. Hona adibide pare bat: Errumanian 1-0 galdu ondoren, husna egin zuten San Mamesen (Berria);Partidu hartan hutsean geratu ziren Athletic eta Cádiz (Goienkaria).

16.2.14c Hala eta guztiz, mila zenbakitik gora gauzak aldatu egiten dira eta beste eredu baten arabera doaz distributiboak: 1.000, mila bana (eta ez, *milana); 5.000, bosna mila (eta ez, *bost milana); 5.030, bost mila eta hogeita hamarna.

Ohart gaitezen, hortaz, mila zenbakiak ezin dezakeela -na atzizki hori hartu. Gauza bera gertatzen zaigu milioi delakoarekin ere: 2.000.000, bina milioi; 1.000.000, milioi bana.

Horrenbestez, bada, honela agertuko ditugu ondoko adibideok: Kafe bana hartu zuten Patxik eta Karmelek (Patxik kafe bat hartu zuen eta Karmelek beste bat); Talde horiek bina ordezkari aukeratu dituzte (talde batek bi ordezkari, besteak beste bi, besteak beste bi…).

16.2.14d Distributiboetatik aditzondoak ere sor daitezke: banaka (banazka, bederazka); binaka (binazka, bidanazka); hirunaka (hirunazka); ehunka edo ehunaka (eta ez *ehundaka, espresuki baztertua Euskaltzaindiaren Hiztegian).

16.2.15. Esamolde batzuk

16.2.15a Zenbatzaileek bide ematen digute esaera edo esamolde bereziak sortzeko. Horrela, adibidez, talde batean baldin bagaude eta talde hori osatzen duten lagunen kopurua aipatzen badugu honelako esaerak erabiltzen dira euskaraz: Maritxu, Jon eta hirurok joango gara; Zuek eta lauron artean egingo dugu; Karmele eta biok ezkonduko gara… Hori esaterakoan badakigu lehenengo kasuan hiru garela (Maritxu, Jon eta ni). Bigarrenean ere, lau izango gara (zuek hirurak eta ni, hain zuzen ere). Aski arrunta da esamolde hau: Berak, Jean Magüek eta hirurok erabaki genuen autoak ahal zuen bezain urruti joatea (Alonso); Ozeano Bareko uharteen historia, niretzat, hiru indonesiar adiskidek eta laurok indonesiar Ginea Berriko Jayapura hiriburuko denda batean sartu ginenean izan genuen gertakari batean dago laburbilduta (Sagarna); Coco eta biak kanpamentura heldu ginenerako, gorila-habitataren kopia txiki-txiki bat zen gela (Navarro).

16.2.15b Datari buruz ari garelarik, gaur astelehena baldin bada eta hurrengoa nahiz lehengo astelehenaz zerbait esan nahi izanez gero, forma hau erabiliko dugu: gaur zortzi, bihar zortzi, heldu den larunbatean zortzi eta abar. Berdin beste egunekin ere: hurrengo larunbatean zortzi (horrek esan nahi du hurrengo larunbatean ez, baizik eta hurrengo asteko larunbatean); Atzo zortzi etorri zen Ameriketatik eta bihar hamabost hartuko omen du berriz ere hegazkina; Atzo zortzi ortzegun goizaldera buruz supitoki ohean hila kausitu dute Albert Goienetxe, Donibane-Lohizuneko jaun medikua: Euskal Herri guziak Donibaneko auzapez bezala ezagutzen zuten gizon kartsua (Hiriart-Urruti); Bai ba, Txorokilletako neska atzo zortzi ezkondu zen, eta bere gizon gazteaz hortik zehar ezti-aldia eginda, atzo etorri ziren etxera (Orixe); Gaur zortzi, pilota partida Eibarko Astelenean (Aranbarri); Joko ona erakutsi digute eta momentu onean, ezen igandean zortzi izanen dute derbia Avironeko Baionesekin (Herria).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper